- 248/2012 DEKRETUA, azaroaren 27koa, bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu248/2012 DEKRETUA, azaroaren 27koa, bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 238
- Hurrenkera-zk.: 5500
- Xedapen-zk.: 248
- Xedapen-data: 2012/11/27
- Argitaratze-data: 2012/12/11
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa; Gobernua eta herri administrazioa; Lana eta enplegua
Testu legala
Maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 7. artikuluak ezartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokiola, besteak beste, goi-mailako hezkuntza, baita bizitzan zehar koalifikazioak eskuratu edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduketak ere.
Era berean, Lehendakariaren uztailaren 20ko 20/2009 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu, aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen zituen Dekretua aldatu zuen. 20/2009 Dekretuko bederatzigarren artikuluak, maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuko 12.1.b) artikulua aldatu eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari esleitu zion Enplegu politika, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistema guztia barne eta, beti ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak pertsonen bizitza osoan zeharreko ikaskuntza etengabearen arloan duen eskumenari kalte egin gabe.
Ondorioz, irailaren 14ko 233/2010 Dekretuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzari esleitu zion, besteak beste, ezagutzaren gizarte berrira sarrarazi eta hark eskaintzen dizkigun aukerak baliaraziko dizkigun prestakuntza-sistema garatzeko beharrezkoa den bizitzan zeharreko ikaskuntza-jarduketak diseinatu, zehaztu eta aplikatzeko eginbeharra.
Dekretu honek arautzen dituen laguntzen xedea da hezkuntza eta formakuntzan Europamailan dauden lankidetzako helburu estrategikoak («ET 2020») lortzen laguntzea eta, horrekin batera, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza-kultura bat sortzea, hezkuntza eta formakuntza sistemen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea eta gizarte zuzen, ekitatibo eta partehartzailea sustatzea.
Beste alde batetik, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 5.1 artikuluan, dio herritar guztiek izan behar dutela hezkuntza-sistemaren barruan eta kanpoan bizitza osoan zehar prestatzeko aukera, garapen pertsonalerako eta profesionalerako haien ahalmenak, ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak eskuratu, osatu eta zabaldu ditzaten. Lege horrek berak, 5.6 artikuluan, ezartzen du herri-administrazioei dagokiela etengabeko ikaskuntzarako eskaintzei eta horiek lortzeko aukerei buruzko informazioa eta orientabidea eskuratzeko aukera ematea.
Dekretu honek araututako laguntzen xede diren bizitzan zeharreko ikaskuntza-jarduketen helburua zera da: jasotzaileen ahalmen pertsonalak eta profesionalak, oinarrizkoak, batez ere, eguneratzea eta hobetzea, pertsona horiei etengabe ikaskuntza prozesuetan jarraitzea ahalbidetuz eta haiengan horretarako grina sorraraziz, gizartean modu aktiboan parte hartu dezaten.
Dekretu honek diru-laguntzak jasotzen ditu bizitza osoan zeharreko ikaskuntza-jarduketa batzuetarako, ezagutzaren arloa edozein izanda ere. Halako jarduerak diruz laguntzea beharrezkotzat jo da, are gehiago aldaketa estrukturalen testuinguru batean eta ezagutzan oinarritutako ekonomia bat lortu nahi badugu; horretarako, gero eta garrantzitsuagoa da gizarteren ezagutzen, ahalmenen eta gaitasunen maila egokia eta askotarikoa izatea. Izan ere, pertsonek haien gaitasunak eta ahalmenak hobetzea, onuragarria da eskualdearen ekonomiarentzat, baita gizartearen kohesioarentzat ere, eta herritarrei lana bilatzen lagundu eta gizartean modu aktiboan parte hartzen laguntzen die ere bai.
Abenduaren 17ko 298/2002 Dekretuak, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza-jarduketak diruz laguntzeko araudia ezarri zuen. Diru-laguntza horiek eman ziren Etengabeko Ikaskuntzari buruzko Europar Batzordearen Memorandumaren eta Batzordearen «Etengabeko ikaskuntzaren esparru europar bat gauzatzea» izeneko jakinarazpenaren testuinguruan, eta bertan jasotako helburu estrategikoei erantzun nahi zieten. Aipatutako Dekretua hamar urtez garatzen eta aplikatzen egon eta gero, beharrezkoa da diruz laguntzeko diren jarduerak berriro ere definitzea, EAEko helduen hezkuntza formalaren eta ez formalaren gaur egungo beharrizanei erantzuteko eta bizi dugun testuinguru ekonomiko-sozial eta arautzaileari egokitzeko.
Horrez gain, ikaskuntza-jarduketaren batean parte hartu duten 25 eta 64 urte arteko biztanleen ehunekoari buruzko adierazle europarrak Euskadin, azken hamarkadan, oso bilakaera positiboa izan du: gainditu egin da, 2005etik hona, Europar Batasunak Lisboako Estrategian 2010erako aurreikusitako % 12,5.
Hala eta guztiz ere, Europar Batasunaren estrategiaren (ET 2010en) helburua zen helduen arteko % 15ak parte hartzea bizitza osoan zeharreko ikaskuntzan. EAEn, 2008an, % 13,5eko parte-hartzea egon zen eta, ondorioz, beharrezkoa da euskal gizarteak bizitza osoan zeharreko ikaskuntzan parte hartzera bideratutako neurriak sustatzen jarraitzea.
Helburuak horiek izanda, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren proposamenez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari kontsultatuta eta dagozkien kontsulta-organoen iritzia entzunda, 2012ko azaroaren 27ko bilkuran Jaurlaritzako Kontseiluak aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honen helburua da bizitza osoan zeharreko ikaskuntza-jarduketak aurrera eramateko jardueretarako diru-laguntzak arautzea.
Dekretu honetan jasotako laguntzak aplikatuko zaizkie arau hau indarrean jarri eta gero Euskal Autonomia Erkidegoko esparru geografikoan gauzatzen diren jarduketei.
Honako hauek izan daitezke Dekretu honetan ezarritako laguntzen erakunde onuradunak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratu badira:
Udalerriak eta Udalerrien Mankomunitateak.
Toki eta Eskualdeko Garapen agentziak, beti ere nortasun juridiko independentea badute.
Udal Sozietateak, beraien gizarte-helburuen artean formakuntza dutenak.
Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitateak, 4.2.c) artikuluan jasotako esperimentatze proiektuetarako bakarrik.
Eusko Jaurlaritzaren Elkarte eta Fundazioen Erregistroan erroldaturiko irabazi-asmorik gabeko elkarteak, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza-jarduketak garatzen dituztenak (hiritarren parte-hartzea bultzatzen dituzten jarduketak, bereziki), eta haien helburuen artean formakuntza dutenak.
Lanbide Heziketa edota Helduentzako Heziketa emateko baimena duten Ikastetxe pribatuak.
Merkataritzako edo gizarte-ekonomiako sozietateak, beraien helburuen artean formakuntza dutenak.
Dekretu honetan jasotako diru-laguntzak erabiliko dira ezagutzaren edozein esparrutako ikaskuntza-jarduketak garatzen dituzten jardueretarako; jarduera horiek bizitzan zeharreko ikaskuntzaren testuinguruan kokatu behar dira, eta parte-hartzaileen ezagupenak, ahalmenak eta gaitasunak areagotzeko helburua izan behar dute, bai eta herritarren parte-hartzea sustatzeko helburua ere.
Diru-laguntzak izan ditzaketen bizitza osoan zeharreko ikaskuntza-jarduketak hiru motatakoak izan daitezke, baina, beti ere, aurreko atalean azaldutako helburua izan behar dute:
Formakuntzako jarduera espezifikoak, aurretiaz identifikatutako eta kuantifikatutako per-tsonen multzo baten formakuntza-arloko beharrizanei erantzuteko diseinatutakoak eta planifikatutakoak. Atal honetatik kanpo geratuko dira enplegurako formakuntzari lotuta egon eta, ondorioz, Lanbideren deialdien bidez diru-laguntzak lortu ditzaketen jarduerak.
5. artikuluak ezarritako funtzioak garatzen dituzten ikaskuntzako bitartekaritza zerbitzuak.
Formakuntza-hezkuntzako metodologia berrien esperimentazioari buruzko proiektuak, ezagutzaren belaunaldi arteko transferentziari buruzkoak, formakuntza hurbiltzeko eta ikastea sustatzeko trabak baztertzeari buruzkoak edota bizitza osoan zeharreko ikaskuntzarekin lotutako beste edozein.
Dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten bizitza osoan zeharreko ikaskuntza-jarduketak doakoak izango dira bertan parte hartzen dutenentzat.
Ikaskuntzako bitartekaritza zerbitzuaren helburua da prestakuntza eta bizialdi osoko ikaskuntza hiritar guztiei hurbiltzea, bereziki talde zigortuenei eta prestakuntza-ibilbidetik aldenduen dauden pertsonei. Horretarako, entitate eskatzaileek ondoko ataletan aurreikusten diren baldintzak bete beharko dituzte:
Zerbitzua 3. artikuluan adierazitakoen arteko erakunde batek eskatzea, kudeatzea eta gauzatzea; erakunde horrek, zerbitzua eman nahi duen zonaldean errotuta dagoela egiaztatu behar du eta zonalde hori udalerrira edota eskualdera mugatuko da.
Zerbitzua ematea eskatzen duen erakundeak, bizialdi osoko ikaskuntzari buruz informatzearen alorrean eta bitartekaritza zerbitzua kudeatu eta gauzatzearen alorrean, esperientzia behar bezala egiaztatzen duten langileak izatea, dagokion diru-laguntzen deialdiaren baldintzen arabera.
Zerbitzua ematea eskatzen duen erakundeak jarduera-plangintza bat aurkeztu eta aurrera eraman beharko du. Plangintza horrek honako funtzio hauek garatzea aurreikusi beharko du, gutxienez:
Bere eremuan, ezagutzaren edozein esparrurekin lotutako ikaskuntzari buruzkoak diren formakuntzako jarduera eta ekimenei buruzko informazio zehatza eta eguneratua izatea, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren testuinguruan; urrutiko formakuntzako eskaintzak ere aintzat hartuko dira. Erakunde eskatzaileak informazio hori ikusgai jarriko du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bizitza osoan zeharreko ikaskuntzarako duen atarian: www.hiru.com
Bere eremurako bizitza osoan zeharreko Ikaskuntza Plan bat egitea sustatzea eta, hala badagokio, haren jarraipena egitea, eremu horretan Bizitzan zeharreko Ikaskuntzari lotutako jarduerak egiten dituzten erakunde eta eragile guztiekin elkarlanean.
Formakuntza herritarrei hurbiltzea, bereziki talde zigortuenei eta formakuntzatik aldenduen dauden taldeei, eta generoaren baldintzapenik gabeko aholkularitza eta orientabidea eskaintzea bere eremuko pertsona eta erakundeei.
Erakundeekin, hezitzaileekin eta eremuko beste eragileekin lan proaktiboa egitea bizitza osoan zeharreko ikaskuntza-jarduketak sustatzeko, bereziki eremuan bete gabe geratu den eskaera dagoela antzematen bada.
Etengabeko ikaskuntzako jarduera zehatzak sustatzea, diseinatzea eta garatzea, tokiko edo eskualdeko esparruan alor horretan antzemandako beharrizanen arabera, eta jarduera bakoitzaren onuradun izango diren pertsonen taldea zehaztuz.
Dekretu honetan jasotako jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak ez itzultzekoak izango dira; diru-laguntza horiek erakundeek emandako gainerako ekarpenei gehitu eta zenbatekoak, guztira, ez du onartutako aurrekontuaren % 100 gaindituko.
Aurrekontu horrek dagokion dirulaguntzen deialdian zehaztuko diren langileen gastuak eta funtzionamenduaren gastu arruntak baino ez ditu jasoko.
Halaber, esandako deialdian ezarriko da jarduera-mota bakoitzari, gehienez ere, zein kopuru egokitu ahal izango zaion.
Dekretu honetan ezarritako diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, erakunde onuradunek zergen arloko betebeharrak edota, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela egiaztatu beharko dute, Ekonomia eta Ogasun eta Sailak horri buruz xedatzen duenarekin bat etorriz. Horrez gain, lanaren arloan indarrean dagoen legeria betetzen dutela egiaztatu beharko dute.
Halaber, diru-laguntza hauek emateko eta ordaintzeko, beharrezkoa izango da erakunde onuradunek Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Nagusiak eta haren erakunde autonomiadunek ematen dituzten eite bereko laguntza edo diru-laguntzen inguruan izapidetze aldian dituzten itzulketa edo zehapen prozedurak amaituta egotea.
Instituzio eta erakunde onuradunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluak adierazitako betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:
Diruz lagundutako jarduera guztietan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate etaIkerketa Sailaren eta proiektua diruz lagundu duten gainerako erakunde publikoen babesa espresuki adierazi beharko dute.
Diru-laguntzak behar diren xedeetarako erabiliko direla bermatzea. Erakunde onuradunek, horretarako, harreman-bermeak jarri beharko dituzte, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraituta. Dekretu horrek, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen du, eta bertan, diru-laguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.
Diru-laguntza jasotzen duten erakundeek diruz lagundutako jardueren helburua edo edukia aldatzen duen zernahi gorabeheraren berri eman beharko dute, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari lagundu egin beharko diote jarduera horien egiaztatze-, segimendu- eta kontrol-prozeduretan.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Dekretu honen bidez lortu nahi diren helburuak beteko direla bermatzeko beharrezko diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egingo ditu.
Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzen xedea fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazioa eman beharko dute.
Beste edozein administraziok, erakunde publikok edota pribatuk diru-laguntzak edota laguntzak emango balizkiete eskaera hau aurkeztu eta gero, hala jakinarazi beharko dute, idatziz.
Sexuaren araberako datuak eduki beharko dituzte, hizkera ez dute modu sexistan erabiliko, zuzendaritza organoetan gizonen eta emakumeen kopurua orekatua egotea sustatuko dute eta, oro har, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko 3. artikuluak ezarritako printzipio orokorrak errespetatuko dituzte.
Dekretu honetan jasotako diru-laguntzak eta, horien helburu berberak izanik, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira. Hala ere, diru-laguntza horien zenbatekoak ezin izango du onartutako aurrekontuaren zenbateko osoa gainditu.
Dekretu honetako laguntzak eta beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek helburu berberarekin eta zio berberagatik emandako laguntzak batera jasoz gero, eta horien guztien batura laguntzen helburu den jardueraren kostu totala baino handiagoa bada, soberakinaren bateraezintasuna ezarriko da eta Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bidez emango duen laguntza txikitu egingo da.
Eskaerak egiteko, https://www.euskadi.net eta http://www.euskadi.net/zuzenean webgunetan dauden eskaera-orri normalizatuak modu egokian bete eta horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzara zuzenduko dira, honako modu hauetan aurkeztuta:
Modu presentzialean, ekintza gauzatuko den lurralde historikoko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lurralde ordezkaritzetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan edota Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak aurreikusten dituen tokietan.
Bide elektronikoak erabilita. Erakunde interesdunek prozedura honi dagozkion izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte baliabide elektronikoak erabilita. Hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako -Platea- Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.
Eskabideak, erantzukizun-aitorpenak eta bestelako ereduak izapidetzeko jarraibideak, bai bide presentziala bai elektronikoa erabilita, https://www.euskadi.net eta http://www.euskadi.net/zuzenean webgunetan egongo dira eskuragarri.
Herritarrek, eskabidea egiteko eta dokumentuak aurkezteko, bide presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar dituztenik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.
Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.net/misgestiones.
Eskabideak aurkeztu beharko dira dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hilabeteko epean. Jarduerei ekin beharko zaie eskabidea aurkeztu den urtean bertan, eta jarduera horiek garatu beharko dira eskabidea aurkeztu den ekitaldiko urtarrila eta hurrengo ekitaldiko uztaila bitartean.
Publizitatearen printzipioa betetze aldera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak tokatzen den deialdia egingo du Dekretu honetan xedatutako diru-laguntzen berri emateko. Deialdian ondoko hauek jasoko dira: aurrekontuan diru-laguntzetara bideratutako kopurua eta jarduera-mota bakoitzari dagokiona; jarduera-mota bati esleitu ahal zaion gehieneko zenbatekoa zein den; eta 14. artikuluan finkatutako ebaluazio-irizpide xehatuak. Era berean, esandako deialdiak emandako diru-laguntzaren ehunekoak jasoko ditu, Dekretu honetako 17. artikuluan ezarritako ordainketetako bakoitzean gauzatuko direnak.
Diru-laguntza jasotzeko eskabideak oso-osorik bete behar dira eta, haiekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu behar dira nahitaez:
Proiektuan aurreikusitako jarduera-multzoa deskribatzen duen txostena, ondokoak adieraziz: gauzatu beharreko jarduketen edukiak; helburuak; kokapena; denbora-eremua; jarduera zein pertsona-multzori zuzentzen zaion, kualitatiboki nahiz kuantitatiboki modu argian identifikatuz; jardueran parte hartzen duten eragile eta interesdunen elkarteak; proposatutako metodologia; jardueraren kostua atalez atal (langileak eta funtzionamendua); jarduera egiteko erabiliko diren baliabide materialak eta giza-baliabideak; aurreikusitako ekintzak; eta proiektua definitzeko balio duten gainerako inguruabarrak.
Ikaskuntzako bitartekaritza zerbitzuen eskabideetan, zerbitzua emango duen erakundearen langileek, bizitzan zeharreko ikaskuntzari buruz informatzeari dagokionez eta bitartekaritza zerbitzuak kudeatu eta gauzatzeari dagokionez duten esperientziari buruzko egiaztagiriak aurkeztuko dira. Egiaztagiri horiek langileek beraiek aurkeztu ditzaketenak dira, lanean egon izandako erakundeetako titularrak emandakoak.
Interesdunaren Datuen Altako Fitxa, laguntza jaso duen erakunde edo instituzio onuradunaren izenpe eta zigiluarekin.
Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.
Erakunde eskaltzailearen legezko ordezkariaren gaitasuna egiaztatzen duen agiriaren kopia konpultsatua, erakundearen ordez eta hura ordezkatuz jardun dezan. Sozietatearen estatutuena ere bai.
Sozietatearen Estatutuen kopia konpultsatua.
Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiri gaurkotuaren bi ale; agiri horren bidez, erakunde eskatzaileak Gizarte Segurantzarekin edota dagokion Aurreikuspen Erakundearekin dituen betebeharrak egunean dituela ziurtatuko da.
Ordainketak behar bezala egin direla ulertuko da baldin eta zorra atzeratzea eskatu eta hori agiri bidez egiaztatzen bada.
Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren zinpeko aitormena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eta bere organismo autonomiadunek emandako eite bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan hasi eta izapidetze aldian dauden prozedureidirua itzultzeko prozedurei eta prozedura zigortzaileei buruzkoa.
Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren zinpeko aitormena, diru-laguntzak edota laguntza publikoak jasotzeko debekua dakarren zigor penal edota administratiborik edota legezko debekurik ez duela egiaztatzen duena. Horren barruan egongo da sexuagatiko diskriminazioa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.
Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren zinpeko aitormena, administrazio publiko honi edo beste batzuei zein bestelako erakunde publikoei edo pribatuei helburu bera lortze aldera eskatutako beste edozein laguntza zer egoeratan dagoen (emanda, eskatua edo izapidetzen) adierazten duena.
Eskabidea aurkezteko unean egiaztatu beharko dute erakunde onuradunek betebeharrak betetzen dituztela.
Diru-laguntza jasotzeko eskabidea behar bezala betetzen ez bada edo aurreko artikuluan adierazitako agirietako bat falta bada, hura eskatu duen onuradunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo falta den derrigorrezko agiria ekartzeko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman beharko du eta hura jakinarazi egin beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Diru-laguntzak lehiaketaren bidez emango dira. Horretarako, jarduera-mota berari dagozkion aurkeztutako eskabideen ebaluazioa egingo da 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituta. Baloraziorik onena lortu duten eskabideei esleituko zaie laguntza, dagokion deialdian jarduera bakoitzerako kontsignatutako kreditua agortu arte; indarrean dagoen legeriarekin bat datozen aldaketak egiten badira aurrekontuetan, ordea, horiek aintzat hartuak izango dira.
Dagokion deialdian jarduera-mota baterako ezarritako aurrekontu-kredituan soberakinak egotekotan, horiek 4.2 artikuluko a) edo b) ataletan ezarritako jarduera-motetarako dagoen aurrekontura pasatuko lirateke, baldin eta esandako bi motatako jarduerei dagokien kreditua defizitario suertatzen bada.
Dekretu honek aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak ebaluatzeko irizpideak, garatu nahi den jardueraren arabera ezarriko dira.
Formakuntzako jarduera espezifikoak ebaluatzeko irizpideak:
Ondoko hauek zein mailatan zehaztuta dauden: formakuntza-jarduera zuzentzen zaien pertsonen multzoaren ezaugarriak; talde horren kuantifikazioa; ase nahi diren formakuntza-beharrizanak zeintzuk diren; eta bete nahi diren helburuak, onuradunek gaitasunak eskuratzeari eta haien kualifikazioa hobetzeari dagokionean.
Proposatutako jarduera dagokion eremuko bizitza osoan zeharreko Ikaskuntza Plan baten barruan egotea.
Erakunde eskatzaileak izandako bilakaera eta helduen formakuntzaren alorrean, kualifikazio txikiko helduei dagokienez, bereziki, duen fidagarritasun teknikoa. Fidagarritasun tekniko hori oinarrituko da garatu nahi den jarduera aurrera eramateko erabilitako baliabide materialen kalitatean eta esperientzian zein formakuntzan, bai eta jarduera garatzeko erabiliko diren giza-baliabideetan ere.
Garatuko den formakuntza-jarduketaren zehaztapena: edukiak, metodologia, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio irizpideak, irauten duen ordu kopurua eta aurreikusitako programazioa.
Lau irizpide horietako bakoitzari, gehienez ere, 25 puntu eman ahal izango zaio.
Ikaskuntzako bitartekaritza zerbitzuak ebaluatzeko irizpideak:
Erakunde eskatzaileak ikaskuntzako bitartekaritza zerbitzuak edota formakuntzarako orientabide zerbitzuak ematen izandako bilakaera eta fidagarritasun teknikoa. Gehienez ere, 20 puntu. Fidagarritasun teknikoa oinarrituko da ikaskuntzako bitartekari zerbitzua aurrera eramateko erabiliko diren giza-baliabideek bizitza osoan zeharreko orientabidean duten egiaztatutako esperientzian.
Bitartekaritza zerbitzua garatu nahi den eremu geografikoan erakundea zein puntutaraino errotuta dagoen: lankidetza-hitzarmenak udalekin, udalaz gaineko erakundeekin, formakuntza zentroekin, elkarteekin eta formakuntzako beste eragileekin. Gehienez ere, 20 puntu.
Bere eremuko bizitza osoan zeharreko Ikaskuntza Plana egiteko eta, hala badagokio, plan horren jarraipena egiteko proiektua, denboran zehar neurketak eta ebaluazioak egitea ahalbidetzen duten adierazleekin. Gehienez ere, 25 puntu.
Aurrera eraman nahi den bitartekaritza zerbitzuaren edukiaren zehaztapen maila: zenbat pertsonari eman nahi dioten arreta; pertsona horien tipologia; arreta eman zaien pertsonen formakuntzaren bilakaeraren jarraipena eta sustapena; dagokion eremuan bizitza osoan zeharreko ikaskuntza sustatzeko jarduerak, zerbitzuan arreta eman zaien pertsonekin, bereziki. Gehienez ere, 35 puntu.
Esperimentatze proiektuak ebaluatzeko irizpideak:
Proiektuaren zehaztasun maila, ondoko hauek modu zehatzean adieraziz: aurrera eraman nahi den esperimentatze plana; lortu nahi diren helburuak; ebaluatzeko adierazleak; egutegia; metodologia; zein kolektiborengan izango duen eragina, kolektibo horrek edo horiek zenbat eta zelakoak diren; eragingo zaien pertsonek, ustez, zein onura jasoko dituzten; proposatutako helburuak lortu diren ala ez ebaluatzea; eta erakunde eskatzaileak proiektua ulertzeko garrantzitsutzat jotzen duen beste edozein informazio. Gehienez ere, 40 puntu.
Erakunde eskatzaileak proiektua aurrera eramateko dituen baliabide teknikoak eta giza-baliabideak, proiektuaren egileek eta hura aurrera eramango dutenek zein kualifikazio eta esperientzia duten adieraziz. Gehienez ere, 30 puntu.
Erakunde eskatzaileak bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren eremuko ikerkuntzan eta esperimentazioan izandako bilakaera. Gehienez ere, 20 puntu.
Proiektua bere eremuko bizitza osoan zeharreko Ikaskuntza Planean edota goragoko eremuko batean sartzea. Gehienez ere, 10 puntu.
Artikulu honen aurreko ataletan adierazitako baremazio xehatua dagokion deialdian ezarriko da.
Ez dira diruz lagunduko 40 puntu baino gutxiago lortu dituzten eskabideak.
Aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatzeko ebaluazio-batzordea osatuko da, honako kide hauek izango dituena:
Etengabeko Ikaskuntzako zuzendaria.
Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak horretarako izendatutako Etengabeko Ikaskuntza Zuzendaritzako teknikari bi.
Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak Hezkuntzako lurralde ordezkaritza bakoitzean horretarako izendatutako Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako Unitateko pertsona bat.
14. artikuluak zehazten dituen ebaluazio irizpideak eta dagokion deialdiak ezarritako irizpide xehatu horien balorazioa oinarri hartuta, Ebaluazio batzordeak eskaeren zerrenda egingo du, puntu gehien lortu duenetik hasi eta puntu gutxien lortu dituenarekin amaituta.
Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza izango da Dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
Dekretu honetan araututako laguntzak Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordearen Ebazpen bidez eman eta ukatuko dira, Ebaluazio batzordeak proposamena egin ondoren.
Ebazpen hau entitate edo erakundeei espresuki eta banaka jakinaraziko zaie. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda eta bakoitzari eman zaion diru-laguntza zenbatekoa den.
Eskabideak ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilekoa izango da, aurkezteko epea amaitu zen egunaren biharamunetik zenbatuta; epe horretan berariazko ebazpenik eman ez bada, diru-laguntza jasotzeko eskabideari gaitziritzi zaiola ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondoreetarako; nolanahi ere, hori gorabehera, Administrazioak berariazko ebazpena eman beharko du.
Dekretu honen 4. artikuluan jasotako jarduerak egiteko emandako diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira:
Lehenengo ordainketa, diru-laguntza ematen den unean, emandako kopuru osoaren % 70a gehienez.
Bigarren ordainketa, gainontzeko kopuruarengatik emandako diru-kopurua gehienez bete arte. Bigarren zati hau jaso ahal izateko, ordea, ebazpenean jasotako jarduera guztiak amaitu eta, hiru hileko epean, azken txostena aurkeztu beharko da, ondokoak jasoko dituena: proiektuaren betearazpenaren deskribapena, arreta eman zaien pertsonen kopuruari eta tipologiari buruzko datu estatistikoak jasoz; eskaeran proposatutako helburuen lorpenari buruzko ebaluazioa; eta txosten ekonomiko bat, onartutako jarduerek ekarritako diru-sarrerak eta gastuak, batetik, eta diru-laguntzaren xede zen jardueraren aurrekontu globalari dagozkion diru-sarreren eta gastuen egiaztagiriak, bestetik, islatuko dituena. Hala, bada, bidezkotze ekonomiko horrek aurreikusitako gastuak osatzen dituzten nominen edota fakturen zerrenda bat erantsiko da eta, agiri horietan, data, kontzeptua, zenbateko osoa, zenbateko egozgarria (hala badagokio) eta ordainketa-data adieraziko dira; agiri horien originalak bost urtez gorde beharko dira gutxienez, etorkizunean horiek egiaztatzea beharrezkoa den kasuetarako.
Halaber, Foru Aldundiko Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako ziurtagiri eguneratuen ale bi erantsi beharko dira, organismo horiekiko betebeharrak bete direla egiaztatzen dutenak.
Dagokion deialdian ezarriko da ordainketa bakoitzean ordaindu beharreko diru-laguntzaren ehunekoa zein izango den.
Dekretu honen helburua betetzeko jartzen diren baliabide ekonomikoak Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrean berariaz ezarritako kredituetatik etorriko dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren diru-laguntzen kopurua, guztira, ez da izango bertan horretarako kontsignatutakoa baino handiagoa, ez eta indarreko legeriarekin bat etorriz aurrekontu-aldaketak onesten direnean egiten den eguneraketen ondoriozkoa baino handiagoa ere. Azken inguruabar horren berri emateko, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak administrazio Ebazpena emango du; bertan, aldarazpenaren data eta zenbateko berria agertuko dira. Ebazpen hori jakinaraziko da dagozkion diru-laguntzak emateko urteko deialdiaren erabakia hartu baino lehenago. Laguntzak berariazko ordainketako eta konpromisoko kredituei egotziko zaizkie, zatikako ordainketei aurre egiteko; nolanahi ere, ekitaldi bakoitzean aurrekontuaren itxierari buruz aplikatu daitekeen arautegia aplikatuko da.
Dagokion deialdian ezarriko da dagoen aurrekontua, guztira, zenbatekoa den eta jarduera bakoitzari gehienez ere eman ahal zaion kopurua zein den.
Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak emandako diru-laguntza aldatu egingo du baldin eta diru-laguntza hori emateko kontuan hartutako inguruabarrak aldatzen badira, edota helburu bera lortze aldera beste edozein diru-laguntza edo laguntza eman dela jakiten bada eta diru-laguntza hori, Sailak emandakori gehituz gero, onartutako kostu guztia baino handiagoa bada. Nolanahi ere, diru-laguntzaren onuraduna izateko arauak ezarritako gutxieneko betekizunak bete beharko dira eta diru-laguntza hori emateko irizpideak eta mugak aplikatuko dira.
Diru-laguntza jasotzen duen pertsona edo erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan ezarritako balizkoetako batean erortzen bada, edo dekretu honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan edo emate-ebazpenean ezarritako baldintzetako bat betetzen ez badu, Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak, dagokion Ebazpenaren bidez, onuradunak falta diren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du eta, hala badagokio, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta diru-laguntza ordaindu denez geroztiko legezko korrituak itzuli behar dizkiola adieraziko du ere bai. Nolanahi ere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, bidezko diren ekintza guztiak burutu ahal izango dira. Aipatutako kopuruok diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondoreetarako; erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreko xedapenen Testu Bategineko 64. artikuluan ezarritakoa izango da.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak interesdunari jakinaraziko dio kopurua itzultzeko prozedura hasiko dela eta horretarako zioak azalduko dizkio, eta 15 eguneko epea emango dio egoki deritzen alegazioak aurkeztu ditzan.
Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako emandako epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro ondoren, Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak ebazpen bidez burutuko du prozedura.
Prozedura ebazteko epea, gehienez ere, hamabi hilekoa izango da.
Ebazpenean ezartzen bada zerbait ez dela bete, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko da eta, hala badagokio, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari behar diren kopuruak itzuli behar dizkiola ere bai; onuradunak, horretarako, bi hileko epea izango du, Ebazpena jakinarazten zaionetik. Epe hori borondatezko epealdikotzat hartuko da.
Borondatezko epealdian kopuruak ordaindu ezean, gertatutakoaren berri emango zaie betearazpenari dagokionez eskudunak diren organoei, hala badagokio, premiamendu bidetik jardun dezaten, aplikagarri den legezko arautegiari jarraituta.
Indargabetu egiten da abenduaren 17ko 298/2002 Dekretua, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzari buruzko jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak arautzen dituena, bukatu gabeko espedienteak aipatutako 298/2002 Dekretu horren arabera izapidetzeko salbuespenarekin.
Lehenengoa. Errekurtsoak.
Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du; beraren aurka interesatuek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, eta horretarako bi hileko epea izango dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatuta, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.b) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Bigarrena. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko azaroaren 27an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (5)
- Ikus: AGINDUA, 2017ko martxoaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2017rako
- Ikus: AGINDUA, 2015eko irailaren 29koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan aurreikusitako lag
- Ikus: AGINDUA, 2018ko irailaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena. Haren bidez egiten da Bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2018rako deialdia
- Ikus: AGINDUA, 2016ko maiatzaren 17koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan
- Aldatutakoa: 84/2015 DEKRETUA, ekainaren 9koa, Interneteko goi-mailako «euskadi.eus» domeinu berria ezartzen duena.