Euskadi.eus
  • 269/2012 DEKRETUA, abenduaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoan hidrokarburoak ikertzeko baimen bat, «SAIA» izenekoa, emateko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

269/2012 DEKRETUA, abenduaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoan hidrokarburoak ikertzeko baimen bat, «SAIA» izenekoa, emateko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 246
  • Hurrenkera-zk.: 5737
  • Xedapen-zk.: 269
  • Xedapen-data: 2012/12/04
  • Argitaratze-data: 2012/12/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Industria

Testu legala

Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 15. artikuluan ezartzen denez, Gobernuak edo autonomia erkidegoetako gobernu-organoek emango dituzte ikerketa-baimenak, baldin eta euren lurralde-eremuari eragiten diotenak badira; eta baimen horiek eskumen esklusiboa emango dute zehazten diren eremuak ikertzeko, sei urteko epe batez. Era berean, 18. artikuluan ezartzen denez, kasu honetan, ikerketa-baimenak ematearena dekretu bidez ebatziko da.

Horretaz gain, aipatu legeko xedapen iragankorretarik bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriaz, garapen-xedapenik ematen ez den bitartean haren aurka ez dagoenaren gainean, indarrean jarraituko dute lege horren arloan aplikatzeko diren arauzko xedapenak; bereziki, Hidrokarburoen ikerketa eta ustiapenari buruzko uztailaren 30eko 2636/1976 Errege Dekretua.

Euskadiko Hidrokarburoen Sozietatea konpainiak eskabide bat aurkeztu zuen, hain justu ere EAEn hidrokarburoak ikertzeko baimen bat, «SAIA» izenekoa, esleitzeko eskaria egiten zuena.

Energia eta Meategien Zuzendaritzak aztertu egin zuen aipatu eskabidea, eta Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko ekainaren 6ko Ebazpenean eman zen argitara (2011-07-27ko BOE, 179. zk.; 2011-07-15eko EHAA, 135. zk.), zeinaren bitartez argitara ematen baita hura, urriaren 7ko 34/1998 Legeko 17. artikuluan xedatutakoa betetzearren; betiere, bi hilabeteko epearen barruan, eskabide harekin lehian diren eskaintzak aurkezteko, eta, halaber, honako honetarako eskabideak aurkezteko: indarrean edo izapidetzen izanik, hidrokarburoak ustiatzeko emakidaren baten edo beste ikerketa-baimen batzuetan (eskatutako baimena) sartzearen aurka egiteko direnak, alegia.

Legezko epea igaro da, ez da eskabide haren aurkako objekziorik aurkeztu, eta arlo berean harekin lehian- ikerketa-lanak egiteko eskaintzarik ere ez da aurkeztu.

Kontsideratzen da ezen konpainia eskatzaileak egiaztatu dituela Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 16.2 paragrafoan jasotako zehaztapenak, hain justu ere urriaren 7ko 34/1998 Legeko 21. artikuluan aipatu fidantza sartu izana egiaztatzeko agiriari, ikerketa-proiektuari, ikerketa-baimenerako azalerari, legezko gaitasunari eta gaitasun ekonomiko eta finantzarioari buruzkoak; eta egokitzat jotzen da hidrokarburoak ikertzeko baimena ematea.

Defentsa Ministerioaren berariazko baimena behar duten intereseko instalazio eta zonen gaineko informazioa eman du Defentsa Ministerioak, 2011ko irailaren 11ko txostenaz eman ere, eta hori egin da bat etorriaz, hain justu ere Defentsa Nazionalerako intereseko zona eta instalazioei buruzko martxoaren 12ko 8/1975 Legean xedatutakoarekin.

Eskatzaileak txosten osagarria aurkeztu du, zehazki, hidrokarburoak ikertzeko proiektuari dagozkion ingurumena babesteko neurriei buruzkoa. Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 16.2 artikuluan ezarritakoa kontuan izanik, eskatutako dokumentazioa aurkeztu da Energia eta Meategien Zuzendaritzan.

Horren ondorioz, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko abenduaren 4an eginiko bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Operadore eta titular bakarra denez, Euskadiko Hidrokarburoen SA Sozietateari sei urteko eperako honako baimen hau ematea: hidrokarburoak ikertzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturikoa, zeinaren eremua Greenwich-eko meridianoarekiko longitudeekin koordenada geografikoen erpinka definitzen baita; segidan deskribatzen da:

1 espedientea: «SAIA» baimena, 49.752 hektareakoa, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatua eta honako muga hauek dituena:

(Ikus .PDF)

Baimen hau ematearen ondoriozko arriskuak bere gain hartu beharko ditu interesdunak, eta honako hauei loturik egongo da: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean xedatutakoari, ekainaren 30eko 2632/1976 Dekretuaz onartutako Hidrokarburoen ikerketa eta ustiapenari buruzko Arautegiri; eta baimenaren titularrak, bere proposamenarekin bat etorriaz, honako inbertsio- eta lan-programa hau egin beharko du:

Baimenaren indarraldiko lehen urtea.

EAE-Kantaurialdea Isurialdeko sektore zentralaren gainean dagoen informazio geologikoa biltzea.

Arroketako laginak hartzea eta gero analisi geokimikoak egitea, honako hauek zehaztuaz: (Ro) Vitrinitaren Erreflektantzia balioak, Leco edo Rock Eval aparailuaren bidez (TOC) Karbono Organikoaren Guztizko edukia, (Tmax) tenperatura maximoa, S1, S2 eta S3 pikoen balioa, (HI) Hidrogenoaren Indizea eta (OI) Oxigeno Indizea; azken parametro horiek, Rock Eval-en bidez.

60 km egiten duten lau profilen gainean, 2D bibrosismika-metodoa erabiliaz datu sismikoak biltzeko kanpaina.

Lortutako datu sismiko berriak prozesatzea.

Baimenaren indarraldiko bigarren urtea.

Eskura den informazio sismikoaren analisia eta intereseko lineak birprozesatzea, landa-zintak eskura izanez gero.

Eskura den interpretazio sismikoa gaurkotzea, birprozesatze berrien interpretazioa, eta lan biok lehendiko beste batzuetan integratzea, objektibo-formazioen sabaiko isobaten planoak prestatuaz.

Baimenaren indarraldiko hirugarren eta laugarren urteak:

Backstripping teknikak erabiliaz, zonako sedimentazioaren eta iraupen eta bilakaera termikoaren historia-modeloa prestatzea eta analizatzea.

Abiadura-anomaliak zehaztera bideratutako birprozesatzeak gauzatzeko lineak hautatzea. Beharrezko diren birprozesatze bereziak gauzatzea, eta ateratzen diren anomaliak analizatzea.

Lehendik diren eta aurretiaz sortutako datuen bidez, abiadura-anomalien gaineko saiakuntzako emaitzen integrazioa. Izan litekeen/litezkeen intereseko zonako/etako mugaren kokapena/definizioa. Erreserba-lekuko formazio potentzialen sabaiko isobaten planoak prestatzea, edo formazio horien barruko maila espezifikoak zehaztea, baldin eta uste bada objektibo potentzialak izan litezkeela.

Biltegi potentzial gisa definitutako arroken mailei eraginda, zonak zehaztera bideratutako analisi sismikoak.

Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 18.3 artikuluan xedatutakoarekin eta aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriaz, baimenaren indarraldian zehar burutzen dituen ikerketa- eta esplorazio-lanetan, titularrak bete egin beharko ditu honako dokumentu honetan deskribatutako baldintzak: «SAIA, Hidrokarburoak ikertzeko baimeneko Ingurumena Babesteko Neurriak eta Leheneratze Plana».

Halaber, baimenaren indarraldian zehar, lan espezifiko bakoitzaren baimen-eskabideri honako azterlan eta plan hauek gehitu beharko zaizkio:

Ingurumen-inpaktuaren gaineko azterlana edo analisia, era egokian egina, zertarako-eta egin asmo diren operazioek eragin litzaketen inpaktuak identifikatu eta kualifikatzeko.

Identifikatutako inpaktuei dagokienez, aurreikusi prebentzio- eta zuzentze-neurriak jasotzen dituen Ingurumena Kudeatzeko Plana.

Hidrokarburo-isurien ondoriozko kutsadurari aurre egitea barne delarik, muntako ingurumen-kontingentzien kasuan, hartu behar diren zuzentze-neurriak jasotzen dituen Ingurumen Kontingentzietarako Plana.

Baimenaren indarraldiko bosgarren eta seigarren urteak:

Urte horietan, honako lan hauek egin beharko dira:

Indarraldiko bosgarren urtean zehar, honako hauek egin beharko dira: esplorazio-putzu baten diseinua, bideragarritasun teknikoari eta ekonomikoari buruzko azterlan bat eta proiektatutako obrari buruzko ingurumen-memoria bat.

Indarraldiko seigarren urtean esplorazio-putzu bat zulatzea, eta hori burutzea honako hauen araberakoa izango da; baimenean gauzatuko diren lan aurreikusietan lortutako emaitzen eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoari buruzko azterlanen araberakoa, hain justu ere.

Halaber, indarraldiko seigarren urtean, zundaketa bururatzea, ekoizpen-saiakuntzak. Betiere, zulatutako putzuaren emaitzen arabera.

Beharrezko duten lanetan ingurumen-inpaktuaren deklarazioa egiteari dagokionez, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko arautegi aplikagarrian xedatutakoa hartuko da kontuan.

Baimenari uko guztizkoa edo partziala egiten da, honako hauen arabera jardun beharko da: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 24/1998 Legeko 34. artikuluan xedatutakoa, eta Hidrokarburoen ikerketa eta ustiapenari buruzko uztailaren 30eko 2636/1976 Errege Dekretuaz Onartutako Erregelamenduaren 73. artikuluan xedatutakoa.

Baimenari uko guztizkoa egiten bazaio, 2. artikuluan zehaztu inbertsioak eta lanak egin izana justifikatu beharko du operadoreak, Administrazioak onartzeko moduan justifikatu ere.

Indarrean den legerian ezarritako kausengatik edo dekretu honetako 2. artikulua ez betetzegatik bakarrik deklaratuko da ikerketa-baimena iraungi eta amaitu dela, betiere uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaz onartutako Erregelamenduko 26. artikuluarekin bat etorriaz; eta, bestalde, aipatu erregelamenduko 72. eta 73. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriaz jardun beharko da.

Instalazio eta eremu militarretan eta horien segurtasun-zonetan, Defentsa Nazionalak dituen interesei kalte egin gabe ematen da baimen hau, betiere Defentsa Nazionalerako intereseko zona eta instalazioei buruzko martxoaren 12ko 8/1975 Legean xedatutakoarekin bat etorriaz. Jarduera bat burutzeko, aldez aurretik beharrezkoa bada ikerketa-zonan egotea edo plataforman finkoak edo antzekoak instalatzea, Defentsa Ministerioari baimena eskatu beharko zaio, zeina eman egingo baita aipatu jarduerek ez badiete kalterik egiten zona hartarako programatutako jarduketa militarrei.

Halaber, baimen honek ez du eragozten legez exijitu daitezkeen beste baimen-emakida batzuk; batez ere, ingurumen-inpaktua ebaluatzeari buruz indarrean den legerian ezarritakoak.

Lehenengoa. Habilitazioa.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari baimena ematen zaio, dekretu honetan xedatutakoa betetzeko beharrezko diren xedapenak ema ditzan.

Bigarrena. Indarrean sartzea.

Dekretu hau EHAAn eta BOEn argitaratuko da, eta Estatutako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko abenduaren 4an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.