Euskadi.eus
  • 361/2013 DEKRETUA, ekainaren 11koa, baimena ematen duena Euskadiko Zor Publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egiteko, edo edozein modutan zorpetzeko, gehienez ere 231.275.000 euroko kopuruan. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

361/2013 DEKRETUA, ekainaren 11koa, baimena ematen duena Euskadiko Zor Publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egiteko, edo edozein modutan zorpetzeko, gehienez ere 231.275.000 euroko kopuruan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 118
  • Hurrenkera-zk.: 2834
  • Xedapen-zk.: 361
  • Xedapen-data: 2013/06/11
  • Argitaratze-data: 2013/06/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ekonomia; Ogasun

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legeak dio zor publikoa jaulkitzea Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu bidez erabakiko duela, eta dekretu horretan zenbatekoaren mugak eta jaulkipena egiteko epea adierazi beharra dagoela, beste ezaugarri batzuk ere jaso daitezkeen arren. Halaber dio, dekretuan jaso ezean, ezaugarri horiek Ogasun eta Finantzetako sailburuaren agindu baten bidez finkatuko direla, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dela.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen Araubideari buruz indarrean diren legezko xedapenen testu bategina onartu zuen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza-Dekretuan, luzapen-erregimena arautzen da. Zehazki, 128. artikuluko e) idatzi-zatian esaten da luzatuko diren aurrekontu orokorretan finkatutako zorpetzeen eta kreditu-eragiketen mugak luzapena indarrean den artean aplikatuko direla. Abenduaren 23ko 6/2011 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartu zituen. Bada, bere 10.1 artikuluko bigarren idatzi-zatian, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko. Horrela, zorpetze hori handitu ahal izango da, eta muga hau izango du: saldoa ekitaldiaren amaieran ez da izango ekitaldiaren hasieran baino 1.038.312.696 euro handiagoa.

Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko krisialdi ekonomikoaren eta finantzazkoaren bilakaerak eragindakoa izanik, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.

Dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartu nahirik, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehaztu ahal izango dira zor-jaulkipenak bideratzeko tresna eta modalitatea, bai eta finantza-baldintzak ere.

Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Erabaki da Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo gehiago egitea, eta edozein modutan zorpetzeko eragiketak adostea, bi kasuetan ere barneko eragiketen zein kanpokoen bidez egiteko. Gehienezko kopurua berrehun eta hogeita hamaika milioi, berrehun eta hirurogeita hamabost mila (231.275.000), eurokoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen Araubideari buruz indarrean diren legezko xedapenen testu bategina onartu zuen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza-Dekretuaren 128. artikuluaren e) idatzi-zatiaren bidez emandako baimenaren kontura.

Dekretu honen bidez baimendutako zorpetze-eragiketek honako ezaugarri hauek izango dituzte:

  1. Gehienezko kopurua, guztira: 231.275.000 euro.

  2. Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.

  3. Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.

  4. Epea: 30 urtekoa gehienez ere.

  5. Jaulkipen-modalitateak: eragiketak honela egin ahal izango dira:

    Zor publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen balioak zirkulazioan jarriz, euroa edo beste edozein dibisa erabiliz, formatua edo egitura zernahi direlarik ere.

    Beste edozein mailegu- edo kreditu-eragiketa mota erabiliz.

Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko izango dira.

Gaur egungo arauekin bat etorriz, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren Zor Publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.

Dekretu honen arabera jaulkitako balioak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren entitateen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira entitateak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko entitateak, borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateak eta Estatuaren Zor Publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten entitateak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 30. artikuluko 3. paragrafoan agindutakoren arabera, Ogasun eta Finantzetako sailburuari dagokio, agindu baten bidez, dekretu honetan onartu diren zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu honetan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, zor publikoa balio gisa jaulkitzen bada, bere aurreikuspenen barruan betiere.

  2. Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendariari baimena ematen zaio dekretu honen bidez baimentzen diren zorpetze-eragiketak egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sina ditzan.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GAZAGAECHEVARRIA BASTIDA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik