- 362/2013 DEKRETUA, ekainaren 11koa, Gizaburuagako (Bizkaia) Errotabarri errotako presa kultura ondasun, monumentu kategoriarekin, kalifikatzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu362/2013 DEKRETUA, ekainaren 11koa, Gizaburuagako (Bizkaia) Errotabarri errotako presa kultura ondasun, monumentu kategoriarekin, kalifikatzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 117
- Hurrenkera-zk.: 2817
- Xedapen-zk.: 362
- Xedapen-data: 2013/06/11
- Argitaratze-data: 2013/06/19
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena onartu zen.
2012ko irailaren 3ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez (urriaren 23ko EHAA, 206. zk.) hasiera eman zitzaion Gizaburuagako (Bizkaia) Errotabarri errotako presa, Monumento izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari.
Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapideak egin ondoren, ez da alegaziorik egon.
Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenaz eta Gobernu Kontseiluak 2013ko ekainaren 11ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du Gizaburuagako Errotabarri errotako presa.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak dekretu honen berri emango du Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta, horrekin batera, interesdunei eta honako erakunde hauei jakinarazi: Gizaburuagako udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza eta Kultura Sailei, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskaera egingo dio Gizaburuagako udalari udal hirigintza-araudia egokitu dezan monumentu horren babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluak hala xedatzen duelako.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Argitara dadila dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, jende guztiak horren berri izan dezan.
Udal planeamendua dekretu honetan ezarritako babes-araubideari egokitzen zaion arte eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren oniritzia izan arte, monumentuaren mugaketak hartzen duen eremuan egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak.
AZKEN XEDAPENetatik lehenengoa
Dekretu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, aurretik beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek jJaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo bestela zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENetatik bigarrena
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 11.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
EKAINAREN 11KO 362/2013 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
MUGAKETA
Presaren babes-inguruaren mugaketak ondasuna bera eta hura osatzen duten elementu guztiak eta kanalaren hasiera hartzen ditu, alde batetik, eta haren ingurumaria, bestetik, eta gutxieneko distantzia batzuk markatzen ditu, elementuaren kontserbazioa, haren ezaugarriak eta paisaia aldetiko balioak bermatze aldera.
Horrenbestez, mugaketa honek barne hartzen duen eremuaren mugak hauek dira: 5 metro presaren alde bietara, estribuen kanpoko ertzetik neurtuta; 20 metro urari goiti urbilduaren eremua barne dela, eta 20 metro urari beheiti toki honetan ikusgai den kanal-zatia barne dela.
(Ikus .PDF)
EKAINAREN 11KO 362/2013 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Deskribatu beharreko presa Gizaburuagako udalerrian dago (Bizkaia), Lea ibaiaren ibilguan (UTM koordenatuak X:537395; Y:4797850), herrigunetik Aulestirantz dauden lehenengo etxeetatik SWrantz 57 bat metrora. Presa Errotabarri errotaren azpiegitura hidraulikoaren zati bat zen. Errota horri Asenzibia edo Arancibia ere esaten zitzaion, eta presatik 320 metrora dago, NE norabidean.
Errotabarriz gainera, aipatu ibaiak baditu beste zenbait presa, garai bateko burdinola-errota ugarik ustiatzen zituztenak. Eraikin hidrauliko hauen funtzioa zen ibaiaren ur-maila igoaraztea, errotak eta burdinolak mugiarazteko ura desbideratzeko. Errotabarriren kasuan, ezkerraldean sortzen den eta 300 metrotik gora dituen kanal batek, ibaiarekiko paraleloak, ura antepararaino garraiatzen zuen. Kanala, gaur egun, lohiz ia betea dago, landaretzak janda, eta apenas ikusten den hasieraren zatia. Errotaren eraikina, aldiz, egoitzarako egokitua dago.
Presak angulo txiki du ibaiaren ibilguarekiko, eta tamaina ezberdineko hiru arku eskartzanoz osatuta dago. Alboko bi estribo sendo prismatikotan bermatzen da, eta, erdiko estriborik ezean, ibaiko harkaitzetan ahokaturiko harlandu puntadunetan, zeinetan presako arkuak egituratzen baitira. Lehen begi-kolpean, nola ezkerreko eta erdiko arkuak gezi laburrekoak diren eta harkaitz gaineko harlandu giltzarriak erpina higatu samartuta duen, ematen du bi arkuko presa bat dela. Alabaina, arreta zorroztuz gero, egituraren hiru arkuak ikus daitezke.
Presak ikusgai duen zatia (alboko estriboak eta aurreko paramentua) kalitate oneko eta tamaina ezberdinetako kareharrizko harlanduz moldatua dago, eta azalera bertikal lau eta tankera dotorea erakusten du. Atzealdea harlangaitzezkoa da, eta zehar-sekzio bertikala trapezoidala du, zabalagoa oinarrialdean ez dakigu sekzioaren zabalera zenbat den, morteroz betea.
Pantaila baxua da 1,50 m inguru, ikusgai dagoen zatian; gainaldeko kotako zabalera 1 m inguru da; beraren luzera, guztira, 16 m inguru. Arkuen zabalera eta gezi neurriak honako hauek dira, hurrenez hurren: eskuin ertzean bermatzen den arkua 7,80 m eta 1,05 m; erdiko arkua 3,90 m eta 0,50 m, eta ezker arkua 5 m eta 0,60 m.
Ezkerrreko estriboko hormaren bitartez kanalaren abiaburua irekitzen da, lurrean zulatua, 1,5 m inguruko zabalerarekin eta eskuin ertzean harlangaitzezko indargarria duela.
Errotabarriko presaren tipologia arkuz eta kontrahormaz eraturikoen taldekoa da, alegia, uraren presio horizontala arrokan zimendatutako kontrahormetara bideratzen da arku eskartzanoen bitartez. Presa mota hauen diseinua, garapena eta hedapena Berrizko Pedro Villarreal izeneko XVII. mende bukaerako eta XVIII hasierako pertsona ospetsuari zor zaio (1669-1740). Gizon hau Euskal Herriko «novatore» nagusietako bat izan zen; esperientzia eta aurrerabide ugari egin zituen presa hidrauliko, burdinola eta erroten alorrean, eta Máquinas Hidráulicas de molinos y herrerías y gobierno de los árboles, y Montes de Bizkaia izeneko liburua idatzi zuen (1736). Liburuan, ohiko grabitate-presak irizpide zientifikoez deskribatzeaz gainera, eta horiek eraikitzeko aholkuak emateaz gainera, presa-mota berriaren diseinua aurkeztu zuen.
Sistema honek, erromatarren garaian erabilitako aurrekoen aldean hau da, kontrahormadun paramentu laukokoak eta arku bakarrekoak hainbat abantaila ditu: kontrahormen eta arkuen arteko konbinazioa erabiltzen du, estriboen edo kontrahormen arteko banaketa handiagoa izateko aukera du, presaren gorputza arinagoa, kostea ere txikiagoa, eta erraz eta segurtasunez proiektatzeko moduko presak egitea ahalbidetzen du, eta halaxe asko zabaldu ziren. Hori dena Berrizko Villarrealek egindako diseinu-irizpideei esker (zimenduari buruzko gomendio enpirikoak, gainaldeko lauzak burdinazko grapen bidez lotzea, arkuen sokak presaren garaierarekin dituen neurrien erlazioa, estriboen neurria, dobelen tamaina..., junturen betuneztatzea, lehenengo urtegietako presak babesteko zurezko estalkiak...). Eredu berriek, berrikuntza teknikoa ez ezik, estetika aldetik tankera nabarmena ere ekarri zuten, alegia: proportzio zainduak, harlanduzko paramentuak (horrek egituraren iragazgaiztasun hobea bermatzen du) eta, oro har, eraikuntza-kalitate hobea.
Presa mota hau, beraz, prototipo bat, mugarri teknologiko bat da eraikuntza hidraulikoaren historian; eta haren egilea, halaber, esperimentu praktikoetan oinarrituriko irizpide zientifiko eta berritzaileen bitartez presa eraikitzeko harreman enpirikoak eta diseinu-irizpideak eskaini zituen lehenengo ingeniari hidraulikoa.
Errotabarriko presaren kasuan, azpimarratzekoa da haren bereizgarritasuna, hots, ur-mailatik goiti dauden bi harkaitzen gaineko harkantoiak, zeinetan arkuak bermatzen diren, ohiko kontrahorma prismatikoen ordez. Sistema eta presa mota hau bat dator aipaturiko egilearen liburuan deskribatutako eredu batekin, hain zuzen ere berak gehien balioztatzen duen ereduetako batekin. Nabarmentzekoa da, baita ere, eraikuntzaren gauzatze bikaina eta haren proportzio orekatuak, presa arintasunez eta adierazkortasunez hornitzen dutenak.
Beste alde batetik, presak ibaiaren ikuspegia integratu, taxutu eta aberastu egiten du, halako moduz non ur-bildua, arroka gaineko jauzia eta, oro har, egituraren eta ibaiaren paisaia naturala, bihurtzen baitira osagai naturalak eta artifizialak era bikainean uztartzen dituen espazio bikain bat. Alde horretatik, gainera, presa ez da elementu isolatu bat, ezpada ere Lea ibaiaren ibilgua eta ertzak betetzen dituzten instalazio eta eraikin hidraulikoetako bat, ibaiaren paisaia historiakoaren atal bat.
EKAINAREN 11KO 362/2013 DEKRETUAREN III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
Babes-araubide honek Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikulua du oinarri, eta helburua du Gizaburuagako Errotabarriko presa (Bizkaia) monumentu kategoriako kultura-ondasun kalifikatua deklaratzeko prozedura abian jartzea.
Ondoren zehazten den babes-araubidea hurrenez hurren I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera aplikatuko da.
Babes-araubide honetako arauak lotesleak dira elementuaren gaineko edozein jarduketari begira, eta araubidea errespetatuz zaindu beharko da ondasuna, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28. artikuluan ezartzen duenari jarraiki. Era berean, hirigintza-plangintzako tresnei ere eragiten diete araubideko manuek, eta, beraz, tresna horiek ere bete egin beharko dute babes-araubidea, artikulu honetan ezartzen duen bezala Aipatu arau hori betetzeko, babes-araubide hau duen elementuari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak nahitaezkoa izango du onartu aurretik Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak emandako aldeko txostena.
Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.
Ondasunean eta haren ingurumarian egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29 artikuluak.
Ondasuna osorik edo horren zati bat botatzea Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera baino ezin izango da baimendu.
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak bere 23. artikuluan xedatutakoa betez, ondasunaren kontserbazio egokia bermatzen duten erabilerak baino ez dira baimenduko.
Kultura-ondasunean zuzenean edo zeharka egiten diren esku-hartze guztien helburua ondasun hori «in situ» babestea eta gerora begira osorik transmititzea da. Alde horretatik, esku-hartzeen helburuak izan behar du presaren ezaugarri tipologiko eta eraikuntzakoei eustea, hura osatzen duten eta ondasunaren mugaketan sarturik dauden zati guztiak oso-osorik zainduta: alboko estriboak, presaren gorputza, kanalaren abiaburua eta ibilguaren ertzetan daudekeen horma indargarriak.
Hori dela eta, babestu beharreko elementuan egitekoak diren esku-hartzeak zaharberritze kontserbatzailearen irizpide orokorren arabera egingo dira, eta presaren kontserbazioa eta hondatuta dituen elementuen lehengoratzea izango dute helburu. Halaber, mugaturiko eremuan egiten diren esku-hartzeek ingurunearen paisaia eta ingurumen-ezaugarriak atxikiko direla bermatu beharko dute, babestutako ondasunaren irudia eta adierazkortasuna ahuldu edo lorrindu gabe.
Presa eraberritzeko egin beharreko lanak, teknikoki ahalik eta bermerik gehienarekin egiteko gai direla egiaztatzen duten profesional eta enpresa espezializatuei emango zaizkie.
Edozein esku-hartze gauzatu baino lehen, esku-hartzearen baliagarritasuna frogatzen duen eta teknikari gaituek eginiko bidezko proiektua egin beharko da. Proiektuan honako hauek jasoko dira, gutxienez:
Presaren egungo egoerari buruzko azterketa analitikoa: dokumentazio grafiko xehea, dokumentazio planimetrikoa eta dokumentazio topografikoa, azterketa historiko-arkeologiko osoa eta kontserbazio-egoeraren azterketa eta diagnostikoa; gainera, obra egiten den bitartean elementuak babesteko aurreikusitako neurriak jaso beharko ditu, besteak beste.
Esku-hartzeko lanen deskribapen zehatza, erabili beharreko materialena, lanak gauzatzeko faseak eta proiektaturiko azken buruko egoera.
Kontserbatu beharreko elementuaren prebentziozko kontserbazioaren teknikak zehaztea, bai eta bizitza ziurtatzeko eta behar bezala mantentzeko beharrezko baliabideak ere.
Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babes-araubide honek ezarritako aginduen arabera burutzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak barne hartzen dituena.
Presa eta haren zatiak. Honako esku-hartze hauek baimenduko dira:
Mantentze-lanak, garbiketa lanak eta iragazgaiztekoak. Esku-hartze hauetan saihestu egingo dira presako paramentuen tankera, kolorea edo patina aldaraz dezaketen estaldura edo tratamenduak. Alde horretatik, esku-hartzeak bateragarriak izango dira, eta aldez aurretik ezagunak eta erabiliak izan diren tekniketan oinarritutako dira.
Presaren ontzia eta kanalaren ubidea garbitzea, eta, beharrezkoa bada, kanalaren ertzak sendotzea, era tradizionaleko harlangaitzezko lanen bitartez.
Hondatutako eta galdutako piezak ordezteko lanak. Hori dela eta, presako elementuen artean zerbait falta dela edo galdu dela antzematen bada, edo lorrindutako zatirik ikusten bada (estribo, aurrealde edo gorputzaren narriadura), horiek ordezteko, jatorrizko eraikuntzako material eta akaberen antzekoak erabiliko dira eta, ahal dela, presaren beraren ingurumarian erorita aurki daitekeen materiala.
Egitura sendotzea: presaren estriboak edo gorputza sendotzeko lanik egin behar bada, lan horiek presaren eraikuntza sistemara, teknikara eta materialera egokituko dira, salbu eta ongi egiaztaturiko ezintasun nabaria bada. Desmuntatzeko lanak ezinbestekoak badira baino ez dira egingo eta, horretarako, aurrez bidezko azterketa eskatuko da, bai eta teknikari gaitu batek sinaturiko proiektua ere. Dokumentu horietan bermatu beharko da ondasunari kalterik egingo ez dioten lanak egingo direla. Horrelako lanak egitea nahitaezkoa bada, lanen kontrol arkeologikoa aurreikusi beharko da.
Ingurune mugatua. Honako esku-hartze hauek baimenduko dira presaren inguruan mugaturiko eremuan:
Zuhaixkak eta sastrakak garbitzeko eta kentzeko lanak eta eremura sarbidea izateko lanak, edo altzari-elementuak jartzekoak, betiere presaren ikusmira eta ibaiertzen paisaia eta giroa errespetatzen badira eta lan horiek ingurunearekin bat badatoz.
Espresuki debekatzen da presan oro har azpilak eta eskalak eraikitzea, presaren berrikuntza arbitrario oro, eta ondasuna babesteko eremuko eraikin, instalazio edo hesi berri guztiak.
Mugatutako eremuan debekatu egiten dira ingurunearekin eta babestutako ondasunaren ezaugarriekin bat ez datozen ibaia bideratzeko lan guztiak.
Iragazkortasun biotikoa errazteko desbideratze-sistemarik nahitaezkoa bada, lan horiek baimena beharko dute, eta presaren ezaugarriak eta haren ingurumariarena errespetatu beharko dituzte. Desbideratze-sistema berri bat egitea behar-beharrezkoa bada, ibaiaren eskuinaldeko ertzetik egingo da (kanalaren ertzarekin aurrez aurre); abiaburua urari goiti egongo da eta elkargunea urari beheiti, gutxienez 5 m-ra eta 10 m-ra hurrenez hurren alboko estribotik; sistemaren eraketa-moldea eta ezaugarriak bat etorriko dira babestutako ondasunaren ezaugarriekin eta haren ingurunearekin.


