Euskadi.eus
  • 373/2013 DEKRETUA, uztailaren 2koa, Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikari-tituluaren curriculuma ezartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

373/2013 DEKRETUA, uztailaren 2koa, Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikari-tituluaren curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 222
  • Hurrenkera-zk.: 5060
  • Xedapen-zk.: 373
  • Xedapen-data: 2013/07/02
  • Argitaratze-data: 2013/11/21

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.

  1. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere Lanbide Heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

    Azaroaren 18ko 1684/2011 Errege Dekretuak Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak zehazten ditu. Dekretu horrek ordeztu egiten ditu abenduaren 22ko 2058/1995 Errege Dekretua, Animazio soziokulturaleko goi-mailako teknikariaren titulua arautzen zuena, eta otsailaren 25eko 274/2000 Errege Dekretua, Animazio turistikoko goi-mailako teknikariaren titulua arautzen zuena.

    Bestetik, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen aurrez aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuaren 8.2 artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

    Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egin gabe».

    Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan.

    Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan, betiere Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen azaroaren 18ko 1684/2011 Errege Dekretuaren babesean.

    Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

    Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

    Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

    Honako dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

    Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko uztailaren 2an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Animazio soziokulturala eta turistikoa.

Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Gizarte- eta kultura-zerbitzuak.

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-5b.

Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da animazio soziokulturaleko eta turistikoko jardunak programatzea, antolatzea, osatzea eta ebaluatzea, pertsona eta talde hartzaileen parte-hartze aktiboa sustatuta eta bere kargura dauden profesionalen eta boluntarioen jardunak koordinatuta.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Informazioa eskuratzea, errealitatea aztertzeko baliabideak, estrategiak eta tresnak erabilita, hartzaileen beharrei eta testuinguruaren beharrei egokitzeko esku-hartze soziokulturala.

    2. Esku-hartze soziokulturaleko proiektuak egitea testuingurutik eta hartzaileetatik eskuratutako informazioa oinarri hartuta, genero-ikuspegia txertatuz.

    3. Esku-hartze soziokulturaleko proiektuak ezartzeko modua zuzentzea, bere kargura dauden profesionalen eta boluntarioen jardunak koordinatuz, jarduerak kalitate-irizpideekin egiten diren gainbegiratuz eta talde-lana erraztuz.

    4. Esku-hartze soziokulturaleko proiektuak sustatu eta hedatzeko espazioak, estrategiak eta materialak diseinatzea, komunikazioaren arloko aurrerapen teknologikoak aplikatuz.

    5. Animazio soziokulturaleko eta turistikoko sail, programa eta jarduerak antolatzea, dokumentazioa eta baliabideak kudeatuz, baita esleitutako aurrekontuaren kontrol eta finantzaketa ere.

    6. Begirale-taldeak sortu, dinamizatu eta gainbegiratzea esku-hartze soziokulturaleko proiektuetan, jardueren arabera antolatuz.

    7. Jarduera ludikoak, kulturalak, fisikoak eta olgetakoak diseinatu, ezarri eta ebaluatzea, metodologia-estrategiak hautatuz, baliabideak antolatuz eta jarduera garatzeko behar diren ekipo eta bitarteko teknikoak erabiliz.

    8. Talde eta elkarteak eratu eta abiarazteko laguntza teknikoa, dokumentuzkoa eta logistikoa ematea, partaideak autokudeaketa-arloan trebatuz eta gizarte-eragileen arteko harremanak erraztuz.

    9. Gazteentzako informazio-zerbitzuak antolatu eta kudeatzea, sektore horretako pertsonen beharrizan eta eskariei erantzungo dieten orientazio-, informazio- eta dinamizazio-jarduerak eginez.

    10. Gazteentzako gizarte- eta hezkuntza-jarduerak diseinatu, ezarri eta ebaluatzea, aukera-berdintasuna erraztuz eta hezkuntza ez-formalaren printzipioak aplikatuz.

    11. Taldeak dinamizatzea, parte hartzeko eta dinamizatzeko teknikak aplikatuz, gatazkak kudeatuz eta errespetua eta elkartasuna sustatuz.

    12. Istripuetan edo larrialdietan, lehen laguntzen arlorako ezarrita dauden protokoloak aplikatzea.

    1. Jarrera autokritikoarekin egitea esku-hartzearen kontrol eta jarraipena, antzemandako desbideratzeak zuzentzeko atzeraelikadura-prozedurak eta kalitate-irizpideak aplikatuz.

    2. Egin litezkeen eskaera, iradokizun eta erreklamazioei erantzutea, asmoak bete eta gogobetetzea lortzeko, atzerriko hizkuntza erabil daitekeela.

    3. Laneko egoera berrietara egokitzea, egunean izanda lanbide-ingurunearen gaineko ezagutza zientifikoak, teknikoak eta teknologikoak, prestakuntza eta dauden baliabideak bizitza osoko ikaskuntzan kudeatuta, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita.

    4. Egoerak, arazoak eta gorabeherak konpontzea, ekimenez eta autonomiaz dagokion eskumen-eremuan, eta sormenez, berrikuntzaz eta hobetzeko gogoz norberaren eta lantaldearen zereginetan.

    5. Lantaldeak arduraz antolatu eta koordinatzea, haien garapena gainbegiratuz, harreman onak izanez, lidergoa hartuz, eta lantaldean sortzen diren gatazkak konpontzeko aterabideak proposatuz.

    6. Parekoekin, nagusiekin, bezeroekin eta bere ardurapeko pertsonekin komunikatzea, komunikazio-bide eraginkorrak erabiliz, informazioa edo ezagupen egokiak emanez, eta dagokion lan-eremuan parte hartzen duten lagunen autonomia eta eskumenak errespetatuz.

    7. Norberaren eta lantaldearen lan-garapenean ingurune seguruak sortzea, laneko eta ingurumeneko arriskuen prebentziorako prozedurak gainbegiratuz eta aplikatuz, betiere enpresaren arautegian eta helburuetan ezarritakoarekin bat etorriz.

    8. Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinukoak» gainbegiratzea eta aplikatzea.

    9. Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea erantzukizun sozialez jokatuta.

    10. Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. Gizarte-dinamizazioa. SSC321_3 (1368/2007 Errege Dekretua, urriaren 19koa). Konpetentzia-atal hauek biltzen ditu:

      UC1020_3: gizarte-eragile nagusiekin (herritarrekin, teknikariekin eta administrazioekin) harremanak ezartzea eta mantentzea, horien arteko harremanak dinamizatuta.

      UC1021_3: gizarte-proiektuetan eta -baliabideetan hiritarren parte-hartzea sustatzea.

      UC1022_3: Gizarte edo lurralde-esparru jakin bat osatzen duten eragileen artean garatzen diren gizarte-jardunen eta -proiektuen eta hiritarrek parte hartzekoen plangintza, garapena eta ebaluazioa dinamizatzea.

      UC1023_3: elkarte-ehunaren sorreran eta garapenean parte hartzea, bultzatzea eta laguntzea.

      UC1024_3: gizarte-proiektuen eta -jardunen komunikaziorako eta hedapenerako estrategiak ezartzea.

      UC1025_3: gizarte-eragileen arteko gatazkak kudeatzean, bitartekaritza-prozesuak eta -teknikak aplikatzea.

      UC1026_3: generoaren ikuspegia txertatzea gizartean parte hartzeko proiektuetan.

    2. Haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak zuzentzea eta koordinatzea. SSC565_3 (567/2011 Errege Dekretua, apirilaren 20koa). Konpetentzia-atal hauek biltzen ditu:

      UC1867_2: talde-prozesuetan jardutea, haurtzaroaren eta gaztaroaren portaera eta eboluzio-ezaugarriak aintzat hartuta.

      UC1868_2: aisialdiko animazioko hezkuntza-teknikak eta -baliabideak erabiltzea.

      UC1869_3: hezkuntza-aisialdiko proiektuak planifikatzea, antolatzea, kudeatzea eta ebaluatzea.

      UC1870_3: begirale-taldeak sortzea, eta haurrentzako eta gazteentzako aisialdiko hezkuntza proiektuetan talde horiek dinamizatzea eta gainbegiratzea.

    3. Kultura-ekintzak dinamizatzea, programatzea eta garatzea. SSC445_3 (1096/2011 Errege Dekretua, uztailaren 22koa). Konpetentzia-atal hauek biltzen ditu:

      UC1431_3: kultura-arloko arduradunek egindako kultura-programazioak programatzea, garatzea eta ebaluatzea.

      UC1432_3: kultura-elkarteen sareekin programatzea eta dinamizatzea kultura-animazioko proiektuak.

      UC1433_3: kultura-komunikazioko eta marketineko ekintzak garatzea.

    4. Gazte-informazioa. SSC567_3 (567/2011 Errege Dekretua, apirilaren 20koa). Konpetentzia-atal hauek biltzen ditu:

      UC1874_3: gazteentzako informazio interesgarriko zerbitzuak antolatzea eta kudeatzea.

      UC1875_3: gazteentzako informazioa dinamizatzeko ekintzak antolatzea eta kudeatzea.

      UC1023_3: elkarte-ehunaren sorreran eta garapenean parte hartzea, bultzatzea eta laguntzea.

      UC1876_3: hezkuntza ez-formalaren esparruan, gazteei zuzendutako gizarte- eta hezkuntza-ekintzak antolatzea.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:

    1. Animazio turistikoa. HOT329_3 (1700/2007 Errege Dekretua, abenduaren 14koa). Konpetentzia-atal hauek biltzen ditu:

      UC1091_3: animazio turistikoko sailak kudeatzea.

      UC1092_3: animazio turistikoko proiektuak diseinatzea, sustatzea eta ebaluatzea.

      UC1093_3: aisialdiko egoeretan, taldeak sortzea eta dinamizatzea.

  1. Lanbide-figura hori duten pertsonek sektore hauetan egiten dute lan: gizartearentzako zerbitzuen sektorean (gizarte-garapena eta gazte-informazioa), kultura-zerbitzuen sektorean (irakurketa eta informazioa, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, eta askotariko kultura-baliabideak eta -produktuak), zerbitzu turistikoen sektorean, eta aisialdiko eta denbora libreko sektorean (olgeta- eta kirol-jarduerak, ingurumen-jarduerak eta aisialdiko jarduerak).

  2. Zeregin eta lanpostu aipagarrienak hauek dira:

    Haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko koordinatzailea.

    Haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko zuzendaria.

    Haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko proiektuen arduraduna.

    Kanpalekuen, gazte-aterpeen, kolonia-etxeen, abeletxe-eskolen, gaztelekuetako gelen eta natura-eskolen koordinatzailea.

    Kanpalekuen, gazte-aterpeen, kolonia-etxeen, abeletxe-eskolen, gaztelekuetako gelen eta natura-eskolen zuzendaria.

    Aisialdiko begiralea.

    Animatzaile soziokulturala.

    Gizarte-dinamizatzailea.

    Elkarte-sektorerako aholkularia.

    Gizarte-teknikaria.

    Elkarteen kudeatzailea.

    Kultura-zerbitzuetako teknikaria.

    Kultura-animatzailea.

    Gazte-informatzailea.

    Hoteleko animatzailea.

    Ikuskizunetako eta gau-jaietako animatzailea.

    Turismo konplexuetako aire zabaleko olgeta-jardueren animatzailea.

    Turismo-animazioko saileko burua.

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Errealitatea aztertzeko baliabideak, estrategiak eta tresnak hautatzea, eta horien ezaugarriak, aukerak eta mugak aztertzea, betiere pertsona hartzaileen beharrei eta jardungo den testuinguruaren beharrei buruzko informazioa lortzeko.

    2. Plangintzako prozedurak aplikatzea, eta haren elementuak errealitatearen analisitik lortutako informazioarekin lotzea, jardun soziokulturaleko proiektuak lantzeko.

    3. Aukera-berdintasunaren lege- eta gizarte-esparrua interpretatzea eta horretarako irizpideak, estrategiak eta tresnak identifikatzea, jardun soziokulturaleko proiektuetan generoaren ikuspegia txertatzeko.

    4. Lan-taldeko kideei eskatzen zaizkien konpetentziak aztertzea eta jardunaren testuingurua eta ezarritako kalitate-irizpideak aztertzea, jardun-proiektuen ezarpena zuzentzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko.

    5. Espazioak, estrategiak eta materialak hautatzea, komunikazioaren arloko aurrerapen teknologikoen aukerak aztertuta, esku hartzeko proiektuen sustapena eta hedapena diseinatzeko.

    6. Kudeaketa-teknikak aplikatzea, eta, horretarako, beharrezko baliabideak, finantziazio-iturriak eta aurrekontu-kontrolarekin lotzen den dokumentazioa aztertzea, animazio soziokulturaleko eta turistikoko sailak, programak eta jarduerak antolatzeko.

    7. Talde-teknikak hautatzea, aplikatzeko aukerak aztertuta, begirale-taldeak sortzeko, dinamizatzeko eta gainbegiratzeko.

    8. Lan-taldearen ezaugarriak eta osaera aztertzea, eta antolamendu-egitura eta egitura funtzionala ezartzeko egin beharreko jarduerekin lotzea.

    9. Esku-hartzearen helburuak eta pertsona hartzaileen eta testuinguruaren ezaugarriak aztertu ostean, baliabide eta estrategia metodologikoak hautatzea betiere jarduera ludikoak, kulturalak, fisikoak eta olgetakoak diseinatzeko, osatzeko eta ebaluatzeko.

    10. Argiztapeneko eta soinuko oinarrizko tresneria maneiatzea, baita jarduera soziokulturalak eta turistikoak garatzeko beharrezko bitarteko eta baliabide informatikoak, ikus-entzunezkoak eta teknikoak ere.

    11. Gizarte-garapeneko prozesuak eta estrategiak interpretatzea, legezko esparrua eta eskura dauden baliabideak aztertuta, betiere gizarte-eragileei laguntza teknikoa, dokumentuzkoa eta logistikoa emateko eta haien arteko harremanak eta autokudeaketa errazteko.

    12. Gazteentzako informazio-zerbitzuen xedea eta eginkizunak aztertzea zerbitzua antolatzeko eta kudeatzeko, eta orientazio, informazio eta dinamizazioko jarduerak egitea.

    1. Estrategiak, teknikak, tresnak eta baliabideak hautatzea, hezkuntza ez-formalaren printzipioak aztertuta, betiere gazteei zuzendutako gizarte- eta hezkuntza-jarduerak diseinatzeko, osatzeko eta ebaluatzeko.

    2. Parte hartzeko eta dinamizatzeko teknikak hautatzea eta gatazka-sorburuak aztertzea taldeak dinamizatzeko, errespetua eta elkartasuna sustatuta.

    3. Istripuetan edo larrialdietan jarduteko protokoloak deskribatzea, lehen laguntzak aplikatzeko teknika egokiak hautatuta.

    4. Ebaluazio-teknikak eta -tresnak hautatzea eta, horretarako, plangintzan ezarritako kalitate-adierazleak eta irizpideak aztertzea, baita prozesuarekin lotzen den dokumentazioa ere, esku-hartzea kontrolatzeko, jarraipena egiteko eta atzeraelikatzeko.

    5. Bezeroen balizko demanden aurrean jarduteko protokoloak aztertzea eta kasuak kasuko ezaugarriak identifikatzea, balizko eskaerei, iradokizunei eta erreklamazioei erantzun ahal izateko, hala badagokio gutxienez atzerriko hizkuntza bat erabiliz.

    6. Sektoreko bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotzen diren ikaskuntza-baliabideak eta -aukerak aztertzea eta erabiltzea, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere, eguneratze-izpirituari eusteko eta laneko egoera berrietara eta egoera pertsonal berrietara egokitzeko.

    7. Sormena eta berrikuntzako izpiritua garatzea lanaren eta norberaren bizitzaren prozesuetan eta antolamenduan agertzen diren erronkei erantzuteko.

    8. Erabakiak arrazoituta hartzea eta, horretarako, inplikatutako aldagaiak aztertzea, hainbat esparrutako jakintzak integratzea eta arriskuak eta erabaki okerrak hartzeko aukera onartzea, askotariko egoerei, arazoei edo gorabeherei aurre egiteko eta horiek ebazteko.

    9. Gidaritza, motibazio, gainbegiratze eta komunikazioko teknikak garatzea talde-laneko testuinguruetan, betiere lan-taldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.

    10. Komunikazio-teknikak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, horien helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta; prozesuaren eraginkortasuna ziurtatzeko.

    11. Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, norberaren eta taldearen prebentziorako neurriak proposatuz eta aplikatuz, lan-prozesuetan aplikatzekoa den araudiaren arabera, betiere ingurune seguruak bermatzeko.

    12. Irisgarritasun unibertsalari eta «denontzako diseinuari» erantzuteko beharrezkoak diren lanbide-ekintzak identifikatzea eta proposatzea.

    13. Kalitate-parametroak identifikatzea eta aplikatzea ikaskuntza-prozesuan egindako lanetan eta jardueretan, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura baloratzeko eta kalitate-kudeaketako prozedurak gainbegiratzeko eta hobetzeko.

    14. Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta ekimen profesionalekoarekin erlazionatutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.

    15. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Lehen laguntzak.

    2. Ingelesa.

    3. Aisialdiko eta denbora libreko jarduerak.

    4. Talde-dinamizazioa.

    5. Kultura-animazioa eta -kudeaketa.

    6. Animazio turistikoa.

    7. Gizartean parte hartzeko metodologia.

    8. Gizarte-garapena.

    9. Gazteentzako informazioa.

    10. Gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea gazteekin.

    11. Animazio soziokulturalaren testuingurua.

    12. Animazio soziokulturaleko eta turistikoko proiektua.

    1. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    2. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    1. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezarri da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken hamahiru asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehaztu dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezarri dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. paragrafoan adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jaso dira.

  3. Irakasle espezialistek eskumena izango dute dekretu honen IV. eranskineko 1. atalean zehaztutako lanbide-moduluak irakasteko.

  4. Irakasle espezialistek otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena.

  5. Gainera, lanbide-moduluaren barnean sartutako prozesuen beharrei erantzuten zaiela bermatzeko, irakasle espezialistek, izendapen bakoitzaren hasieran, dagokien lan-esparruan ezagututako lanbide-esperientzia egiaztatu beharko dute, behar bezala eguneratua. Izan ere, izendapenaren aurre-aurreko lau urteetan gutxienez bi urteko lanbide-jarduna frogatu beharko dute.

  6. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barnean hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean eman dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.

Prestakuntza-ziklo honetara sartzeko lehentasuna izango dute batxilergoan Giza eta Gizarte Zientziak modalitatea ikasi dutenek.

  1. Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikariaren tituluak aukera ematen du goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere horretarako ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  2. Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikariaren tituluak aukera ematen du graduko unibertsitate-tituluak eskuratzeko ikasketetara zuzenean sartzeko, betiere horretarako ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  3. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak baliozkotze-araubidea ezarriko du Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikari-titulua dutenen eta horrekin lotutako graduko unibertsitate-titulua dutenen artean. Baliozkotze-araubidea errazteko asmoz, dekretu honetan ezarritako irakasgaietan 120 ECTS kreditu esleitu dira prestakuntza-ziklo honetako lanbide-moduluen artean.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

    Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

    Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.

  5. Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen dira.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu egingo ditu ziklo honetako irakaskuntzak eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola moduluen iraupena eta sekuentziazioa), araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek azaroaren 18ko 1684/2011 Errege Dekretuan ezarritako Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Gizarte- eta kultura-jardueretako teknikari espezialista, Administrazioa eta Merkataritza adarra.

    Bidaia-agentzietako teknikari espezialista, Ostalaritza eta Turismoa adarra.

  2. Abenduaren 22ko 2058/1995 Errege Dekretuak ezarritako Animazio soziokulturaleko goi-mailako teknikariaren tituluak, otsailaren 25eko 274/2000 Errege Dekretuak ezartzen duen Animazio turistikoko goi-mailako teknikariaren tituluak eta azaroaren 18ko 1684/2011 Errege Dekretuan ezarrita dagoen Animazio soziokulturaleko eta turistikoko goi-mailako teknikariaren tituluak ondorio profesional eta akademiko berberak izango dituzte.

  3. Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako dekretu honetan ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

  4. Dekretu honen lanbide-moduluetan ezarritako prestakuntzak bermatu egiten du haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko zuzendariaren/koordinatzailearen diplometan eskatutako jakintza-maila, autonomia-erkidego ezberdinetan aisialdiko jarduerak egiteko eskatzen diren titulazio-betekizunak betetzearren.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

UZTAILAREN 2KO 373/2013 DEKRETUAREN I. ERANSKINA

LANBIDE MODULUEN ZERRENDA, ORDU ESLEIPENA ETA KURTSOA

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik