- 376/2013 DEKRETUA, uztailaren 2koa, Inprimaketa grafikoko teknikari-tituluaren curriculuma ezartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu376/2013 DEKRETUA, uztailaren 2koa, Inprimaketa grafikoko teknikari-tituluaren curriculuma ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 216
- Hurrenkera-zk.: 4905
- Xedapen-zk.: 376
- Xedapen-data: 2013/07/02
- Argitaratze-data: 2013/11/13
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.
Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.
artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere Lanbide Heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.
Azaroaren 4ko 1590/2011 Errege Dekretuak Inprimaketa trafikoko teknikari-titulua ezarri eta gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Dekretu horrek ordeztu egiten du abenduaren 16ko 2425/1994 Errege Dekretua, Arte Grafikoen Inprimaketako Teknikari titulua arautzen zuena.
Bestetik, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen aurrez aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuaren 8.2 artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egin gabe».
Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan.
Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Inprimaketa grafikoko teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan, betiere Inprimaketa grafikoko teknikari-titulua ezarri eta gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen azaroaren 4ko 1590/2011 Errege Dekretuaren babesean.
Inprimaketa grafikoko teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).
Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.
Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.
Honako dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.
Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko uztailaren 2an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honek Inprimaketa grafikoko teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan.
Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.
Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.
Inprimaketa grafikoko teknikariaren titulua honako elementu hauek identifikatzen dute:
Izena: Inprimaketa grafikoa.
Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa.
Iraupena: 2.000 ordu.
Lanbide-arloa: Arte grafikoak.
Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-3b.
Titulu honen konpetentzia orokorra da sistema konbentzionalen (offset, flexografia eta serigrafia) edo baliabide digitalen bitartez inprimakiak produzitzeko irudia erregistratzea, tonuak doitzea eta doikuntza mekanikotako jarduerak burutzea. Horretarako, makina eta ekipo osagarriak kontrolatu eta mantenduko dituzte kalitatezko produkzioa finkatutako epean eskuratzeko. Hori guztia, laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumena babesteko arauak betez gauzatuko dute.
Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.
Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:
Inprimaketa-gorputza prestatzea, sakongrabatuko makina erregistratzea eta egokiaraztea.
Tanpografia bidezko inprimaketa egitea, makinaren elementuak egokituz.
Makinan euskarriaren pasabidea egitea, segurtasun-baldintzetan.
Inprimaketa-gorputza, tintaztatze-bateria eta bustitze-sistema prestatzea, segurtasun-baldintzetan.
Tirada egitea, zehaztapen teknikoak betez eta OK paper-orriaren baldintzak eta segurtasun neurriak aplikatuz.
Inprimaketa-makina garbitu eta mantentzea, fabrikatzaileak agindutakoarekin bat etorrita.
Informatikako fitxategiak sortzea eta Raster irudi-prozesadorea konfiguratzea lanaren zehaztapenen arabera.
Serigrafiako inprimatzeko modu digitala egitea behar diren elementu eta parametro guztiekin.
Produkziorako euskarria, tintak eta bestelako materialak prestatzea, eta dituzten propietateak ezagutzea.
Produkzio-prozesuetako aldaketa teknologikoen eta antolamendukoen ondoriozko lan-egoera berrietara egokitzea, «bizialdi osoko ikaskuntzarako» dauden baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita, jakintzak eguneratzeko.
Dagokion konpetentziaren esparruan erantzukizunez eta autonomiaz jardutea, eta esleitutako lana antolatzea eta garatzea, lan-ingurunean beste profesional batzuekin talde-lanean edo lankidetzan jardunez.
Bere jarduerari dagozkion gorabeherak arduraz konpontzea, horien sorburuak identifikatuz, bere gaitasunaren eta autonomiaren esparruan.
Eraginkortasunez komunikatzea, bere lanaren esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta konpetentzia errespetatuz.
Produkzio-prozesuan laneko arriskuen prebentziorako eta ingurumen-babeserako neurriak eta protokoloak aplikatzea, pertsonen, lan-ingurunearen eta ingurumenaren gaineko kalteak saihestearren.
Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinukoak» aplikatzea.
Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide jardueran ekimena izatea.
Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.
Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:
Osatutako lanbide-kualifikazioak:
Offset bidezko inprimaketa. ARG072_2 (295/2004 Errege Dekretua, otsailaren 20koa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:
UC0200_2: prozesu grafikoan segurtasun, kalitate eta produktibitateko baldintzetan jardutea.
UC0201_2: inprimaketarako lehengaiak eta tarteko produktuak prestatzea.
UC0202_2: inprimaketa-prozesuaren elementuak zehaztea eta doitzea.
UC0203_2: offset inprimaketa gauzatzea.
Flexografiako inprimaketa ARG417_2 (1955/2009 Errege Dekretua, abenduaren 18koa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:
UC0200_2: prozesu grafikoan segurtasun, kalitate eta produktibitateko baldintzetan jardutea.
UC0201_2: inprimaketarako lehengaiak eta tarteko produktuak prestatzea.
UC1344_2: klixeak muntatzea eta flexografiako inprimaketa-prozesuko elementuak doitzea.
UC1345_2: flexografiako inprimaketa egitea.
Inprimaketa digitala ARG151_2 (1087/2005 Errege Dekretua, irailaren 16koa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:
UC0200_2: prozesu grafikoan segurtasun, kalitate eta produktibitateko baldintzetan jardutea.
UC0482_2: produktu digitala inprimatzeko beharrezkoa den informazio digitala interpretatu eta kudeatzea.
UC0483_2: ekipoak prestatu, parametroak doitu eta inprimaketa digitala egitea.
Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:
Sakongrabatu bidezko inprimaketa. ARG418_2 (1955/2009 Errege Dekretua, abenduaren 18koa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:
UC1346_2: sakongrabatu bidezko inprimaketa-prozesuaren elementuak doitzea.
UC1347_2: sakongrabatu bidezko inprimaketa egitea.
Serigrafia eta Tanpografia bidezko inprimaketa. ARG419_2 (1955/2009 Errege Dekretua, abenduaren 18koa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:
UC1348_2: serigrafiako inprimaketa egitea.
Inprimatzeko modua ezartzea eta lortzea. ARG288_2 (1135/2007 Errege Dekretua, abuztuaren 31koa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:
UC0921_2: sistema digital zuzenen bidez inprimatze-formak eskuratzea.
Lanbide-figura hori duten pertsonek offseteko, flexografiako edo serigrafiako inprimaketako edo inprimaketa digitaleko saila duten arte grafiko orokorreko enpresetan egiten dute lan. Ondoko lan hauekin lotutako enpresak izango dira: liburuak inprimatzen eta aldizkako argitalpenak egiten dituzten enpresak, ontziak eta paperezko paketatzeak egiten dituzten enpresak, plastikoak, konplexuak eta kartoi uhinduak egiten dituztenak, papera eta kartoia eraldatzen dituztenak, publizitatea argitaratzen dituztenak, eta ehunean, zeramikan eta beste hainbat produktutan inprimatzen dituztenak.
Zeregin eta lanpostu aipagarrienak hauek dira:
Orokorrean offseteko makinen operadorea.
Offset bidezko inprimaketako makinista.
Offset bidezko inprimaketako teknikaria.
Flexografiako plantxen muntatzailea.
Makina flexografikoko operadorea.
Flexografiako inprimaketa-makinaren gidaria.
Sakongrabatu-makinaren operadorea.
Inprimatzaile digitala.
Inprimaketa digitaleko teknikaria.
Inprimaketa serigrafikoko teknikaria.
Serigrafiako inprimatzailea.
Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:
Zilindro grabatua eta presio-zilindroa ezartzea, eta inprimaketa-gorputza prestatzeko beharrezko doikuntzak egitea.
Inprimatzeko moduak, tintontziak eta indargetzaileak ezartzea, doitzea eta erlazionatzea, eta tirada egitea.
Euskarriaren pausuak gauzatzeko paper-orria elikatzeko, garraiatzeko eta ateratzeko sistemaren elementuak arautzea.
Plantxak eramateko, kautxuak eramateko eta kontrapresioko zilindroen garapenak arautzea, inprimaketa-gorputza prestatzeko.
Arrabolen eta gainerako elementuen presioak ezartzea eta orekatzea, bustitze-sistema eta tintaztatze-bateria prestatzeko beharrezko doikuntzak eginez.
Inprimakiaren erregistroa eta egokiaraztea egitea, espezifikazio teknikoak aplikatuz.
Makinaren kontrolak arautzea, tirada egiteko OK paper-orriaren baldintza egokiak ebaluatuz.
Laginketen bitartez tonu-balioak, puntu-handitzea eta beste akats posibleak kontrolatzea.
Inprimaketa-makina garbitzeko eta mantentze-lanak egiteko produktu eta prozedura egokiak aplikatzea.
Aukeratutako inprimakiaren eta makinaren ezaugarriak parametro eta menu egokiekin erlazionatzea informatikako fitxategiak sortzeko.
Fotolitorik gabe serigrafiako pantailak eskuratzeko prozesatze-sistema digitala erabiltzea, inprimatzeko modu digitala egiteko.
Gauzatuko duten lana aztertzea, euskarriak eta tintak prestatuz, eta euskarria prestatzeko zehaztutakoa jarraituz.
Produkzio-prozesuetan esku hartzen duten materialen propietate fisikoak eta kimikoak egiaztatzea.
Bizialdi osoko ikaskuntzarako dauden baliabideak, eta komunikazio- eta informazio-teknologiak aztertu eta erabiltzea; ikasteko eta ezagupenak eguneratzeko, hobekuntza profesional eta pertsonalerako aukerak antzemanda, eta hainbat egoera profesionaletara eta lanekoetara egokitzeko.
Talde-lanak garatzea eta haien antolamendua baloratzea, tolerantziaz eta errespetuz parte hartuz, eta erabaki kolektiboak edo bakarkakoak hartzea, erantzukizunez eta autonomiaz jarduteko.
Sormenezko irtenbideak hartu eta balioestea lan-prozesuak garatzean sortzen diren arazo eta gorabeheren aurrean, dagokion jardueran izaten diren gertakariak erantzukizunez ebazteko.
Komunikazio-teknikak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, horien helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta; prozesuaren eraginkortasuna ziurtatzeko.
Lanbide-jarduerarekin lotutako ingurumen- eta lan-arriskuak aztertzea, eta horien sorburuekin lotzea, hartu beharreko prebentzio-neurriak oinarritzeko eta dagozkion protokoloak aplikatzeko, nork bere buruari, inguruneari eta ingurumenari kalterik ez egitearren.
Irisgarritasun unibertsalari eta «denontzako diseinuari» erantzuteko beharrezkoak diren teknikak aplikatzea eta aztertzea.
Ikasteko prozesuan lanaren kalitate-prozedurak eta erreferentziako produkzio-sektorearenak hobetzeko beharrezkoak diren teknikak aplikatzea eta aztertzea.
Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta ekimen profesionalekoarekin erlazionatutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.
Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.
Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:
Offset makinen prestaketa eta erregulazioa.
Offset tiradaren garapena.
Flexografiako inprimaketa.
Serigrafiako inprimaketa.
Inprimaketa digitala.
Inprimaketarako materialen prestaketa.
Behe-erliebeko inprimaketa.
Ingeles teknikoa.
Laneko prestakuntza eta orientabidea.
Enpresa eta ekimen sortzailea.
Lantokiko prestakuntza.
eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.
Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezarri da hori guztia.
Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken hamahiru asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.
Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehaztu dira.
Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezarri dira.
Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. paragrafoan adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jaso dira.
Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barnean hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean eman dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.
Inprimaketa grafikoko teknikariaren tituluak aukera ematen du erdi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere horretarako ezartzen diren onarpen-baldintzetan.
Inprimaketa grafikoko teknikariaren tituluak aukera ematen du, halaber, lanbide-arlo bereko goi-mailako heziketa-ziklo guztietan sartzeko, betiere Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera, eta proba bidez edo berariazko ikastaro bat gaindituta; baita beste heziketa-ziklo batzuetan sartzeko ere, eskatutako zikloetarako lotura ematen duen batxilergoaren modalitate berekoak direnean.
Azkenik, Inprimaketa grafikoko teknikariaren tituluak aukera ematen du batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.
Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.
Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:
Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.
Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.
Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5 artikuluan xedatutakoaren indarrez.
Inprimaketa grafikoko teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen dira.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu egingo ditu ziklo honetako irakaskuntzak eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola moduluen iraupena eta sekuentziazioa), araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari laguntzailearen tituluak azaroaren 4ko 1590/2011 Errege Dekretuan ezarritako Inprimaketa grafikoko teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango ditu. Hona aipatutako tituluak:
Inprimaketako teknikari laguntzailea, Arte Grafikoak adarra.
Abenduaren 16ko 2425/1994 Errege Dekretuak ezarritako Arte Grafikoetako teknikariaren tituluak eta azaroaren 4ko 1590/2011 Errege Dekretuak ezartzen duen Inprimaketa grafikoko teknikariaren tituluak ondorio profesional eta akademiko berberak izango dituzte.
Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako dekretu honetan ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 2an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
UZTAILAREN 2KO 376/2013 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
LANBIDE MODULUEN ZERRENDA, ORDU ESLEIPENA ETA KURTSOA
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


