Euskadi.eus
  • 398/2013 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariari dagokion curriculuma ezartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

398/2013 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 228
  • Hurrenkera-zk.: 5195
  • Xedapen-zk.: 398
  • Xedapen-data: 2013/07/30
  • Argitaratze-data: 2013/11/29

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.

  1. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere Lanbide Heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

    Azaroaren 18ko 1685/2011 Errege Dekretuak Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du, eta haren gutxieneko irakaskuntzak zehazten ditu. Dekretu horrek ordeztu egiten du apirilaren 21eko 627/1995 Errege Dekretua, Irudi Pertsonalaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariaren titulua arautzen zuena.

    Bestetik, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8.2. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege-dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

    Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egin gabe».

    Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan.

    Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, betiere Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen azaroaren 18ko 1685/2011 Errege Dekretuaren babesean.

    Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

    Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

    Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

    Honako dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

    Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko uztailaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitza.

Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Irudi pertsonala.

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-5b.

Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da irudi pertsonaleko, enpresarialeko eta instituzionaleko aholkularitza-proiektuak diseinatzea eta antolatzea, ekitaldiak antolatzea eta komunikazio, protokolo eta gizarte-usadioetako trebetasunetara zuzendutako entrenamendu pertsonaleko prozesuak planifikatzea, betiere kalitate, segurtasun, ingurumenarekiko errespetu eta diseinuko irizpideak errespetatuta.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Jarduerak zuzendu eta kudeatzea, eta baliabide materialak, teknikoak eta giza materialak antolatzea.

    2. Modan izandako aldaketak aztertzea, eta merkatuaren joerak bezeroen espektatiba eta beharretara egokitzea.

    3. Dokumentazioa kudeatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz.

    4. Bezeroen beharrak identifikatzea, eta haien ezaugarriak eta eskakizunak aztertzea.

    5. Bezeroak komunikazio-trebetasunetan entrenatzea, eta komunikazio-teknika berriak eskuratzeko plan bat prestatzea.

    6. Protokolo-ekitaldien eta ospakizunen antolamendurako aholkularitza ematea, proiektu bat prestatzea, eta jarduerak koordinatzea.

    7. Enpresei irudi korporatiboa sortzen laguntzeko aholkularitza ematea, haien eskakizunak interpretatuz.

    8. Irudia aldatzeko proiektuak prestatzea, eta kalitatea eta erlazionatutako dokumentazioa kontrolatzea.

    9. Bezeroei aholkularitza eta trebakuntza ematea makillajean, ile-apainketan eta estetikan, haien eskakizunak aintzat hartuta.

    10. Irudi pertsonaleko produktu eta zerbitzuak merkaturatzea, marketin-teknikak erabiliz.

    11. Jantzien bidez, estilo-aldaketak egitea, eta janzkerari eta osagarriei buruzko aholkularitza ematea.

    12. Jantziak, osagarriak eta kosmetikoak erosten laguntzea, eta bezeroen beharrak antzematea haien eskakizunak betetzeko.

    1. Laneko egoera berrietara egokitzea, egunean izanda lanbide-ingurunearen gaineko ezagutza zientifikoak, teknikoak eta teknologikoak, prestakuntza eta dauden baliabideak bizitza osoko ikaskuntzan kudeatuta, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita.

    2. Egoerak, arazoak eta gorabeherak konpontzea, ekimenez eta autonomiaz dagokion eskumen-eremuan, eta sormenez, berrikuntzaz eta hobetzeko gogoz norberaren eta lantaldearen zereginetan.

    3. Lantaldeak arduraz antolatu eta koordinatzea, haien garapena gainbegiratuz, harreman onak izanez, lidergoa hartuz, eta lantaldean sortzen diren gatazkak konpontzeko aterabideak proposatuz.

    4. Parekoekin, nagusiekin, bezeroekin eta bere ardurapeko pertsonekin komunikatzea, komunikazio-bide eraginkorrak erabiliz, informazioa edo ezagupen egokiak emanez, eta dagokion lan-eremuan parte hartzen duten lagunen autonomia eta eskumenak errespetatuz.

    5. Norberaren eta lantaldearen lan-garapenean ingurune seguruak sortzea, laneko eta ingurumeneko arriskuen prebentziorako prozedurak gainbegiratuz eta aplikatuz, betiere enpresaren arautegian eta helburuetan ezarritakoarekin bat etorriz.

    6. Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinukoak» gainbegiratzea eta aplikatzea.

    7. Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea erantzukizun sozialez jokatuta.

    8. Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda.

    Osatutako lanbide-kualifikazioa:

    1. Irudi pertsonaleko aholkularitza integrala. IMP395_3 (327/2008 Errege Dekretua, otsailaren 29koa). Konpetentzia-atal hauek biltzen ditu:

      UC1248_3: irudi pertsonala aztertzea, aldaketa-proiektu pertsonalizatuak proposatzeko.

      UC1249_3: bezeroei aholkuak ematea, buruko eta aurpegiko ilearen zaintza eta transformazio estetikoaren bidez irudi pertsonala aldatzeko aukerei buruz.

      UC1250_3: bezeroei aholkuak ematea irudi pertsonala zaintza estetikoen bidez aldatzeko aukerei buruz.

      UC1237_2: bezeroei aholkuak ematea irudi pertsonala janzkeraren eta osagarrien bidez aldatzeko aukerei buruz.

      UC1252_3: bezeroei aholkuak ematea irudi pertsonalarekin lotzen diren protokolo-jardunei eta gizarte-usadioei buruz.

      UC1253_3: bezeroei aholkuak ematea irudi pertsonalarekin lotzen diren komunikazio-teknikei buruz.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:

    1. Ile-apainketa tekniko-artistikoa. IMP249_3 (790/2007 Errege Dekretua, ekainaren 15ekoa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:

      UC0793_3: bezeroei aholkuak ematea, buruko eta aurpegiko ilearen zaintza eta transformazio estetikoaren bidez irudi pertsonala aldatzek aukerei buruz.

      UC0795_3: irudi pertsonaleko enpresetan garatzen diren jarduerak zuzentzea eta kudeatzea.

    2. Ile-tratamendu estetikoak. IMP397_3 (327/2008 Errege Dekretua, otsailaren 29koa). Konpetentzia-atal hau biltzen du:

      UC0352_2: irudi pertsonalerako produktuak eta zerbitzuak aholkatzea eta saltzea.

  1. Lanbide-figura hau duten pertsonek irudi pertsonalaren, korporatiboaren eta publikoaren aholkularitzara zuzentzen diren zerbitzu-sektoreko enpresetan egiten dute lan edo edozein enpresatako komunikazio- eta marketin-sailetako diziplina anitzeko taldeetan hartzen dute parte. Era berean, jantziak, osagarriak eta kosmetikoak saltzera zuzentzen diren establezimenduetan egin dezakete lan, irudi pertsonalaren, publikoaren eta korporatiboaren diseinuko arloko zereginak garatzen eta zerbitzuak antolatzen eta egiten. Norberaren kontura jarduten dute autonomia-maila handiarekin eta kudeaketa eta zuzendaritzako zereginak bere gain hartuta edo besteren kontura, kualifikazio-maila txikiagoko, berdineko edo handiagoko pertsonekin talde-lanean.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Ikus-entzunezko, eszenako eta modako produkzioetako zuzendari tekniko-artistikoa.

    Erakunde publikoetan eta pribatuetan, protokoloetako eta zeremonietako teknikaria.

    Etiketako eta gizarte-usadioetako aditua.

    Janzkerako estilismoari buruzko aholkularia.

    Estilo eta joeretako aholkularia.

    Irudi politikoaren, kulturalaren eta artistikoaren arloko laguntzaile teknikoa.

    Jantzi- eta osagarri-dendetako aholkularia.

    Ikus-entzunezko eta modako irudi-aholkularia.

    Merkataritzako teknikaria.

    Irudi korporatiboari buruzko aholkularia.

    Komunikazio-trebetasunetako aditua.

    Harreman publikoetako kabineteetako teknikari espezialista.

    Marketin-saileko irudi-teknikari espezialista.

    Irudi-aholkularitzako kabineteko zuzendaria.

    Ekitaldietako protokoloari eta antolamenduari buruzko aholkularia.

    Jantzien, osagarrien, oparien eta kosmetikoen erosketari buruzko aholkularia.

    Irudi-zaintzako laguntzaile pertsonala.

    Ezkontzen antolatzailea edo wedding planner.

    Irudi pertsonaleko prentsa espezializatuetako aholkularia.

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Baliabide materialak, pertsonalak eta teknikoak identifikatzea eta aholkularitza-jarduerak antolatzea, prozesuak zuzentzeko eta kudeatzeko.

    2. Gizarte-taldeen janzkera, orrazkera, makillajea eta komunikazioa, besteak beste, ezaugarritzea eta irudia definitzen duten elementuak identifikatzea, joeren bilakaera aztertzeko.

    3. Erabilitako eta sortutako dokumentazioa artxibatzeko teknikak aplikatzea eta eskuko aplikazioak, informatikoak eta dokumentukoak hautatzea, informazio-oinarria kudeatzeko.

    4. Analisi-teknikak aplikatzea eta erabiltzaileen ezaugarriak eta estiloak aztertzea, horien beharrak identifikatzeko.

    5. Komunikazio-teknikak aztertzea, eta komunikazio-trebetasunen entrenamendu-plana diseinatzeko jarduerak hautatzea.

    6. Protokolo-arauak interpretatzea eta gizarte- eta lan-ekitaldiak edo ekitaldi ofizialak aztertzea, protokolozko egintzen eta ekitaldien antolamenduari buruzko aholkuak emateko.

    7. Portaera-ereduak eta gizarte-usadioak zehaztea eta gizarte-protokoloaren arauak ezaugarritzea, protokolo-egintzen eta ekitaldien antolamenduari buruzko aholkuak emateko.

    8. Ekitaldiak antolatzeko proiektuak diseinatzea eta gizarte- eta enpresa-egintzen eta egintza ofizialen egitura aztertzea, protokolo-egintzen eta ekitaldien antolamenduari buruzko aholkuak emateko.

    9. Nortasun korporatiboko eskuliburua egitea eta enpresa-irudiaren ezaugarriak aztertzea, irudi korporatiboko proiektua egiteko.

    10. Proposamenen ereduak eta aurrekontuak diseinatzea eta horien faseak deskribatzea, proiektua egiteko.

    11. Zaintza estetikoak, ile-apainketakoak eta janzkerakoak zehaztea eta ezaugarri fisikoekin eta estilo pertsonalarekin lotzea, irudi pertsonala aldatzeko proiektuak garatzearren.

    12. Edertze-prozesuak egitea eta horretarako eskakizun teknikoak identifikatzea, makillajeko tekniketan eta zaintza estetikoetan entrenatzeko.

    1. Ile-apainketari eta aurpegiko ilearen zaintzari buruzko aholku-jarraibideak ezartzea eta horretarako eskakizun teknikoak identifikatzea, estilo berria mantentzeko entrenamendu-plana lantzearren.

    2. Publizitate-teknikak, salmenta-eragiketak eta merchandising-eragiketak identifikatzea, eta, horretarako, merkatuaren ezaugarriak eta eskariak ebaluatzea, irudi pertsonaleko produktuak eta zerbitzuak merkaturatzeko.

    3. Janzkerari buruzko aholku-jarraibideak ezartzea eta, horretarako, jantziak, ehunak, osagarriak eta eranskinak hautatzea, janzkeraren bidez estiloa aldatzeko.

    4. Personal shopperaren lan-prozedura ezartzea, eta jantzien, osagarrien eta kosmetikoen erosketan gidatzeko faseak identifikatzea.

    5. Linea kosmetikoak aztertzea eta kosmetikoen propietateak larruazalaren ezaugarriekin lotzea, kosmetikoen eta lurrinen erosketari eta aplikazioari buruzkoa aholkuak emateko.

    6. Sektoreko bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotzen diren ikaskuntza-baliabideak eta -aukerak aztertzea eta erabiltzea, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere, eguneratze-izpirituari eusteko eta laneko egoera berrietara eta egoera pertsonal berrietara egokitzeko.

    7. Sormena eta berrikuntzako izpiritua garatzea, lanaren eta norberaren bizitzaren prozesuetan eta antolamenduan agertzen diren erronkei erantzuteko.

    8. Erabakiak arrazoituta hartzea eta, horretarako, inplikatutako aldagaiak aztertzea, hainbat esparrutako jakintzak integratzea eta arriskuak eta erabaki okerrak hartzeko aukera onartzea, askotariko egoerei, arazoei edo gorabeherei aurre egiteko eta horiek ebazteko.

    9. Gidaritza, motibazio, gainbegiratze eta komunikazioko teknikak garatzea talde-laneko testuinguruetan, betiere lan-taldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.

    10. Komunikazio-estrategiak eta teknikak aplikatzea eta transmitituko diren edukietara, xedera eta hartzaileen ezaugarrietara egokitzea, komunikazio-prozesuen eraginkortasuna ziurtatzeko.

    11. Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, norberaren eta taldearen prebentziorako neurriak proposatuz eta aplikatuz, lan-prozesuetan aplikatzekoa den araudiaren arabera, betiere ingurune seguruak bermatzeko.

    12. Irisgarritasun unibertsalari eta guztiontzako diseinuari erantzuteko beharrezko lanbide-ekintzak identifikatzea eta proposatzea.

    13. Kalitate-parametroak identifikatzea eta aplikatzea ikaskuntza-prozesuan egindako lanetan eta jardueretan, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura baloratzeko eta kalitate-kudeaketako prozedurak hobetzeko.

    14. Ekintzailetzako, enpresako eta ekimen pertsonaleko kulturarekin lotzen diren prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bat egiteko.

    15. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan harturik, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Kosmetikako aholkularitza.

    2. Irudi-diseinu integrala.

    3. Jantzietako eta osagarrietako estilismoa.

    4. Ile-apainketako aholkularitza.

    5. Ekitaldien protokoloa eta antolamendua.

    6. Gizarte-usadioak.

    7. Estetikako aholkularitza.

    8. Komunikazio-trebetasunak.

    9. Irudi korporatiboa.

    10. Zuzendaritza eta merkaturatzea.

    11. Irudi pertsonaleko eta korporatiboko aholkularitza-proiektua.

    12. Ingeles teknikoa.

    1. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    2. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    3. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezarri da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken hamahiru asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehaztu dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezarri dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. paragrafoan adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jaso dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barnean hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean eman dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.

Heziketa-ziklo honetara sartzeko lehentasuna izango dute batxilergoan Zientzia eta Teknologiaren modalitatea edo Giza eta Gizarte Zientzien modalitatea ikasi dutenek.

  1. Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariaren tituluak aukera ematen du goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere horretarako ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  2. Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariaren tituluak aukera ematen du graduko unibertsitate-tituluak eskuratzeko ikasketetara zuzenean sartzeko, betiere horretarako ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  3. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak baliozkotze-araubidea ezarriko du Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta horrekin lotutako graduko unibertsitate-titulua dutenen artean. Baliozkotze-araubidea errazteko asmoz, dekretu honetan ezarritako irakasgaietan 120 ECTS kreditu esleitu dira prestakuntza-ziklo honetako lanbide-moduluen artean.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

    Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

    Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.

  5. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  6. Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen dira.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu egingo ditu ziklo honetako irakaskuntzak eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola moduluen iraupena eta sekuentziazioa), araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

  1. Apirilaren 21eko 627/1995 Errege Dekretuak ezarritako Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako teknikariaren tituluak eta azaroaren 18ko 1685/2011 Errege Dekretuak ezartzen duen Irudi pertsonalaren eta korporatiboaren aholkularitzako goi-mailako teknikariaren tituluak ondorio profesional eta akademiko berberak izango dituzte.

  2. Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako dekretu honetan ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

UZTAILAREN 30EKO 398/2013 DEKRETUAREN I. ERANSKINA

LANBIDE MODULUEN ZERRENDA, ORDU-ESLEIPENA ETA KURTSOA

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik