Euskadi.eus
  • 403/2013 DEKRETUA, abuztuaren 30ekoa, Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

403/2013 DEKRETUA, abuztuaren 30ekoa, Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 10
  • Hurrenkera-zk.: 161
  • Xedapen-zk.: 403
  • Xedapen-data: 2013/08/30
  • Argitaratze-data: 2014/01/16

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1. artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6. artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.

  1. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere Lanbide Heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

    Azaroaren 18ko 1686/2011 Errege Dekretuak Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak zehazten ditu. Dekretu horrek ordeztu egiten du abenduaren 22ko 2033/1995 Errege Dekretua, Irudiaren arloko goi-mailako teknikariaren titulua arautzen zuena.

    Bestetik, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8.2. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege-dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

    Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egin gabe».

    Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan.

    Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, betiere Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen azaroaren 18ko 1686/2011 Errege Dekretuaren babesean.

    Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

    Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

    Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

    Honako dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

    Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko abuztuaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe,

  1. Dekretu honek Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Irudia argiztatzea, hartzea eta tratatzea.

Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Irudia eta Soinua.

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-5b.

Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da proiektu fotografiko osoak egitea, ikus-entzunezko produkzioetan irudiak hartu, erregistratu eta tratatzea, eta ikus-entzunezkoetako, ikuskizunetako eta ekitaldietako espazio eszenikoak argiztatzea, kalitate teknikoa, formala eta espresiozkoa zehaztuta eta kontrolatuta.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Kamera, argiztapen edo fotografiako proiektu baten bideragarritasuna zehaztea, eta, proiektuaren eskakizunen eta dokumentazioaren azterketatik abiatuta, irudiaren espresiozko ezaugarriak baloratu eta proiektu artistikoarekin identifikatzea.

    2. Ikus-entzunezkoen hartze-prozesuan, ikus-entzunezkoen edo ikuskizunen argiztapen-prozesuan eta prozesu fotografikoan parte hartzen duten giza baliabideak eta baliabide teknikoak zehaztea eta kudeatzea, eta, proiektuak gauzatzeko fasean, horietatik egokienak erabiltzea, aurretiaz bakoitzaren ezaugarriak baloratuta.

    3. Irudiak hartzeari eta erregistratzeari, argiztapenari eta prozesu fotografikoei dagokien plangintza egitea, eta, aurrekonturik egokiena egiteko, denbora eta baliabideak erlazionatzea, eraginkortasuna irizpide dela.

    4. Eszenaratzea eta girotzea nola egingo den definitzea eta gauzatzea, hartu behar den irudi fotografikoaren espresiozko ezaugarriak aztertuta, eta, hala, proiektuaren edo bezeroaren eskakizunak betetzea.

    5. Ikus-entzunezko lanak edo ikuskizunak egiteko, argiztapen-tresneria muntatzea eta instalatzea, eta egiaztatzea tresneria hori ondo dabilela eta aurretiaz zehaztutako behar artistiko eta adierazpenezkoei ondo egokitzen zaiela.

    6. Entseguetan, ikus-entzunezko lan baten edo eta proiektu fotografiko baten hartze- eta erregistratze-baliabideak, alderdi mekaniko, elektroniko eta optikoari dagokionez, zuzen dabiltzala egiaztatzea, eta, hala, horien operatibotasuna bermatzea hartzea egitean.

    7. Ikus-entzunezko proiektua edo proiektu fotografikoa behin betiko erregistratu aurreko entseguetan nahiz ikuskizuna antzeztu aurreko entseguetan, argiztapena gainbegiratzea eta doitzea, eta zer aldaketa egiten den apuntatzea eta dokumentatzea, aldaketa horiek, gero, barrutian bertan edo biran errepikatu ahal izateko.

    8. Irudia hartzea eta irudi-hartzea gainbegiratzea, ikus-entzunezko baliabidearen eta baliabide fotografikoaren berezko lan-modalitate guztietan, edozein euskarri eta formatutan; irudi-hartzearen kalitatea baloratzea eta soinua erregistratzea kazetaritza elektronikoak edo gizarte-erreportajeak berezko dituen lanetan.

    9. Argiztapena egitea eta gainbegiratzea ikus-entzunezko produkzioetan irudiak erregistratzean, eta ikuskizun-emanaldi eta ekitaldietan.

    10. Kazetaritza elektronikoak edo gizarte-erreportajeak berezko dituen produkzioetan irudien eta soinuen edizioa egitea, ezarri diren komunikazio-helburuak lortzeko.

    11. Ikus-entzunezko produkzioak hartzerakoan eta argiztatzerakoan, soluzio teknikoak aplikatzea, postprodukzioko eta etalonajeko prozesuak optimizatu eta azken irudiaren kalitatea hobetu ahal izateko.

    12. Prozesuak osorik egitea eta gainbegiratzea, aginduaren eskakizunen arabera, eragiketa hauek egin behar direnean: irudien digitalizazio fotografikoa, digitalizazio-gailuetan eta monitoreetan kolorea kudeatzea, irudien tratamendu digitala egitea, fotomuntaiak egitea eta irudiak sortzea.

    1. Jatorrizko fotografikoen inprimaketa kudeatzea, eta, horretarako, kopien kalitatea, akabera, aurkezpena, artxibatzea eta kontserbazioa zaintzea.

    2. Kamera-tresneria eta argiztapen-tresneria desmuntatzeko, garraiatzeko eta biltegian kudeatzeko eragiketak gainbegiratzea; tresneria mantentzeko lanak egitea, prebentziozkoak nahiz zuzenketazkoak, eta, hala, materiala egoera onean dagoela eta kokaleku jakina duela bermatzea.

    3. Laneko egoera berrietara egokitzea, egunean izanda lanbide-ingurunearen gaineko ezagutza zientifikoak, teknikoak eta teknologikoak, prestakuntza eta dauden baliabideak bizitza osoko ikaskuntzan kudeatuta, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita.

    4. Egoerak, arazoak eta gorabeherak konpontzea, ekimenez eta autonomiaz dagokion eskumen-eremuan, eta sormenez, berrikuntzaz eta hobetzeko gogoz norberaren eta lantaldearen zereginetan.

    5. Lantaldeak arduraz antolatu eta koordinatzea, haien garapena gainbegiratuz, harreman onak izanez, lidergoa hartuz, eta lantaldean sortzen diren gatazkak konpontzeko aterabideak proposatuz.

    6. Parekoekin, nagusiekin, bezeroekin eta bere ardurapeko pertsonekin komunikatzea, komunikazio-bide eraginkorrak erabiliz, informazioa edo ezagupen egokiak emanez, eta dagokion lan-eremuan parte hartzen duten lagunen autonomia eta eskumenak errespetatuz.

    7. Norberaren eta lantaldearen lan-garapenean ingurune seguruak sortzea, laneko eta ingurumeneko arriskuen prebentziorako prozedurak gainbegiratuz eta aplikatuz, betiere enpresaren arautegian eta helburuetan ezarritakoarekin bat etorriz.

    8. Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinukoak» gainbegiratzea eta aplikatzea.

    9. Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea erantzukizun sozialez jokatuta.

    10. Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. Zinema, bideo eta telebistako kameralaria. IMS294_3. (1200/2007 Errege Dekretua, irailaren 14koa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:

      UC0939_3: Ikus-entzunezko proiektuak hartzeko eta erregistratzeko plana garatzen laguntzea.

      UC0940_3: Irudia hartzeko eta erregistratzeko baliabideen egokitzapen teknikoa eta operatibotasuna egiaztatzea.

      UC0941_3: Ikus-entzunezko produkzioen argiztapena diseinatzen eta gauzatzen laguntzea.

      UC0942_3: Ikus-entzunezko proiektuaren irizpide teknikoen, artistikoen eta komunikaziozkoen arabera hartzea irudiak.

    2. Zuzeneko ikuskizunetarako luminoteknia IMS075_3. (295/2004 Errege Dekretua, otsailaren 20koa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:

      UC0210_3: Zuzeneko ikuskizun baterako argiztapenean parte hartzea, hainbat ustiapen-egoeratan erreproduzituta eta mantenduta.

      UC0211_3: Zuzeneko ikuskizun baterako argiztapen-tresneria muntatzeko, desmuntatzeko eta mantentzeko lanak kudeatzea, koordinatzea, gainbegiratzea eta egitea.

      UC0212_3: Entseguak eta emanaldiak zerbitzatzea.

    3. Produkzio fotografikoa. IMS441_3. (1957/2009 Errege Dekretua, abenduaren 18koa). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC1417_3: Proiektu fotografikoak diseinatzea, antolatzea eta kudeatzea.

      UC1418_3: Irudi fotografikoen eszenografia, argiztapena, hartzea, erregistroa eta kalitate-balorazioa gainbegiratzea eta egitea.

      UC0928_2: Irudiak informatika-aplikazio bidez digitalizatzea eta tratatzea.

      UC1419_3: Irudi eta material fotografikoak emateko, artxibatzeko eta kontserbatzeko prozesuak bermatzea.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioa:

    1. Irudi-laborategiko produkzioa. IMS440_3. (1957/2009 Errege Dekretua, abenduaren 18koa). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC1415_3: Irudi sintetikoak sortzeko, digitalizatzeko, tratamendu digitalak egiteko eta filmak errebelatzeko prozesuak kudeatzea eta gainbegiratzea.

      UC1416_3: Positibatze, inprimatze eta akabera fotografikoko prozesuak kudeatzea eta gainbegiratzea.

  1. Titulu hori lortzen duten pertsonek zinemako eta bideoko produkzio-etxeetako eta telebista-etxeetako irudiak hartzearen eta erregistratzearen arloan eta argiztapenaren arloan egiten dute lan, baita orotariko ikuskizunetako eta ekitaldietako argiztapenean diharduten enpresetan eta irudi fotografikoak lantzeko, sortzeko eta tratamendu digitala emateko enpresetan ere.

  2. Zeregin eta lanpostu aipagarrienak hauek dira:

    Zinema, bideo eta telebistako kameralaria.

    Kameralariaren laguntzailea.

    ENGko (Electronics News Gathering) kameralaria.

    Telebistako argiztatzailea.

    Argiztapeneko laguntzailea.

    Zuzeneko ikuskizunetako argiztapen-arduraduna.

    Zuzeneko ikuskizunetako luminoteknikoa.

    Ikuskizunetako argiztapen-kontroleko mahaiaren teknikaria.

    Argazkilaria.

    Argazki finkoko teknikaria.

    Erreportari grafikoa.

    Fotografia digitaletako ukitu-emailea.

    Irudiaren sistema digitalen eta bektorialen gainbegiralea.

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Kamera, argiztapen edo fotografiako proiektu bat abian jartzean, esku hartzen duten materialak, teknikak eta espresiozko ezaugarriak baloratzea eta horien dokumentazioa aztertzea, bideragarritasuna zehazteko.

    2. Ikus-entzunezkoetako hartze-prozesuan, ikus-entzunezkoetako edo ikuskizunetako argiztapen-prozesuan eta prozesu fotografikoan parte hartzen duten giza baliabideen eta baliabide teknikoen eta materialen beharrak ezaugarritzea eta horien egokitasuna baloratzea, proiektua gauzatzeko fasean prest izatearren eta kudeatzearren.

    3. Eskura dauden baliabideen zerrendak eta proiektuaren dokumentazioa abiapuntu izanik, ikus-entzunezko hartze, argiztatze eta fotografiako proiektu bat gauzatzeko bat egiten duten baliabide materialen eta giza baliabideen aldi baterako erabileran lehentasunak eta mendetasun-erlazioak finkatzea, laneko plan teknikoa optimizatzeko irizpideak diseinatzearren.

    4. Proiektu fotografiko baten eskakizunak ebaluatzea eta komunikazio-helburua definitzea, hartzea egingo den lekuan bertan elementu eszenografikoak zehazteko eta prestatzeko, hala nola estilismoa, makillajea, dekorazioa eta dagokion eszenaratzea eta girotzea osatzen duten beste elementu batzuk.

    5. Ikus-entzunezko obretan, ikuskizunetan eta produkzio fotografikoetan erabiltzen den argiztapen-tresneria muntatzeko, instalatzeko eta konektatzeko teknikak eta prozedurak aztertzea, eta, horretarako, proiektuaren dokumentazio teknikoa eta helburuak baloratzea, argiztapen-tresneria muntatzeko eta instalatzeko.

    6. Kamera- eta erregistro-probak egitea eta, eginkizun horretan, elementu mekanikoen, optikoen eta elektronikoen ezaugarriak eta doikuntza-parametroak aztertzea, ikus-entzunezko obra baten edo proiektu fotografiko baten hartze- eta erregistro-baliabideen funtzionamendu zuzena ziurtatzeko.

    7. Eszenaren argiztapenaren funtzionamendu- eta egokitzapen-probak egitea, ikus-entzunezko proiektuko edo proiektu fotografikoko behin betiko erregistroaren aurreko edo ikuskizunaren errepresentazioaren aurreko entseguetan argiztapena gainbegiratzeko eta doitzeko.

    8. Ikus-entzunezko baliabidearen eta baliabide fotografikoaren berezko lan-modalitateetan enkoadraketa, konposizio eta kamera-mugimenduko teknikak aplikatzea, eta, horretarako, euskarrien eta formatuen zehaztasunak aztertzea eta irudien eta soinuen hartzeen kalitatea ebaluatzea azken horiek kazetaritza elektronikoko produkzioetan edo gizarte-erreportajeetan, betiere hainbat ikus-entzunezkoetan irudiak hartzea gainbegiratzeko eta egiteko.

    9. Ikus-entzunezko eta ikuskizunetako produkzioetan argiztapenaren zuzeneko kontrol- eta jarraipen-teknikak aplikatzea eta lortutako emaitzak interpretatzea eta baloratzea, argiztapena behar bezalakoa dela gainbegiratzeko.

    10. Planoak konbinatzeko aukerak, irudi-bandan edizio-efektuak sartzeko aukerak eta soinu-banda eraikitzeko aukerak baloratzea eta kazetaritza elektronikoko edo gizarte-erreportajeko produkzioetan irudiak eta soinuak integratzeko eta editatzeko elementuak eta erlazioak identifikatzea.

    11. Argiztapena planifikatzea eta irudia mugimenduan hartzea, eta, horretarako, postprodukzioko eta etalonajeko prozesuetan eragina duten erabakien ondorioak aintzat hartzea, eta ikus-entzunezko produkzioak argiztatzeko eta hartzeko soluzio teknikoak gaineratzea.

    12. Irudi fotografikoen tratamendu digitala, fotomuntaia eta irudien sorrera sintetikoa egitea eta gailu guztien tratamendu-teknikak eta kolore-kudeaketa baloratzea, betiere irudi fotografikoen kolorearen kudeaketan eta digitalizazioan beharrezko emaitzak lortzeko.

    1. Kopia eta jatorrizko fotografikoen kalitate-kontroleko, akaberako, aurkezpeneko, artxiboko eta kontserbazioko teknikak hautatzea eta aplikatzea, kalitate, iraupen eta kokapeneko prozedurak aztertuta, jatorrizko fotografikoen inprimaketa kudeatzeko.

    2. Kamera eta argiztapeneko tresneria antzezpen eta errodajeko espazioetan mantentzeko eta muntatzeko planak zehaztea, betiere kamera eta argiztapeneko tresneria muntatzeko, garraiatzeko eta biltegiratzeko eragiketetarako tresneriaren kontserbazioa bermatuko duten beharrezko prozedurak eta prozesuak aztertuta eta dokumentatuta.

    3. Sektoreko bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotzen diren ikaskuntza-baliabideak eta -aukerak aztertzea eta erabiltzea, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere, eguneratze-izpirituari eusteko eta laneko egoera berrietara eta egoera pertsonal berrietara egokitzeko.

    4. Sormena eta berrikuntzako izpiritua garatzea lanaren eta norberaren bizitzaren prozesuetan eta antolamenduan agertzen diren erronkei erantzuteko.

    5. Erabakiak arrazoituta hartzea eta, horretarako, inplikatutako aldagaiak aztertzea, hainbat esparrutako jakintzak integratzea eta arriskuak eta erabaki okerrak hartzeko aukera onartzea, askotariko egoerei, arazoei edo gorabeherei aurre egiteko eta horiek ebazteko.

    6. Lidergo, motibazio, gainbegiratze eta komunikazioko teknikak garatzea talde-laneko testuinguruetan, betiere lan-taldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.

    7. Komunikatzeko estrategiak eta teknikak aplikatzea, transmitituko diren edukietara, xedera eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta, komunikazio-prozesuetan eraginkortasuna ziurtatzeko.

    8. Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, norberaren eta taldearen prebentziorako neurriak proposatuz eta aplikatuz, lan-prozesuetan aplikatzekoa den araudiaren arabera, betiere ingurune seguruak bermatzeko.

    9. Irisgarritasun unibertsalari eta «denontzako diseinuari» erantzuteko beharrezkoak diren teknikak aplikatzea eta aztertzea.

    10. Kalitate-parametroak identifikatzea eta aplikatzea ikaskuntza-prozesuan egindako lanetan eta jardueretan, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura baloratzeko eta kalitate-kudeaketako prozedurak hobetzeko.

    11. Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta ekimen profesionalekoarekin erlazionatutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.

    12. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan harturik, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Ikus-entzunezkoetako kamera-plangintza.

    2. Ikus-entzunezko irudia hartzea.

    3. Argiztapen-proiektuak.

    4. Luminoteknia.

    5. Argiztapen-kontrola.

    6. Proiektu fotografikoak.

    7. Hartze fotografikoa.

    8. Tratamendu fotografiko digitala.

    9. Amaierako prozesu fotografikoak.

    10. Ikus-entzunezko erreportajeen grabazioa eta edizioa.

    11. Ingeles teknikoa.

    12. Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko proiektua.

    1. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    2. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    3. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezarri da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken hamahiru asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehaztu dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezarri dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. paragrafoan adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jaso dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barnean hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean eman dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.

Prestakuntza-ziklo honetara sartzeko lehentasuna izango dute batxilergoan Zientziak eta Teknologiak modalitatea ikasi dutenek.

  1. Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren tituluak aukera ematen du goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere horretarako ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  2. Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren tituluak aukera ematen du graduko unibertsitate-tituluak eskuratzeko ikasketetara zuzenean sartzeko, betiere horretarako ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  3. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak baliozkotze-araubidea ezarriko du Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta horrekin lotutako graduko unibertsitate-titulua dutenen artean. Baliozkotze-araubidea errazteko asmoz, dekretu honetan ezarritako irakasgaietan 120 ECTS kreditu esleitu dira prestakuntza-ziklo honetako lanbide-moduluen artean.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

    Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

    Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.

  5. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  6. Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen dira.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu egingo ditu ziklo honetako irakaskuntzak eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola moduluen iraupena eta sekuentziazioa), araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek azaroaren 18ko 1686/2011 Errege Dekretuan ezarritako Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Irudi fotografikoko teknikari espezialista, Irudia eta Soinua adarra.

    Irudi filmikoko teknikari espezialista, Irudia eta Soinua adarra.

    Ikus-entzunezkoen teknikari espezialista, Irudia eta Soinua adarra.

    Irrati eta telebistako eragiketen teknikari espezialista, Irudia eta Soinua adarra.

    Irudiari eta soinuari dagozkien eragiketen teknikari espezialista, Irudia eta Soinua adarra.

    Ikus-entzunezkoen teknikari espezialista, Irudia eta Soinua adarra.

  2. Abenduaren 22ko 2033/1995 Errege Dekretuak ezarritako Irudiko goi-mailako teknikariaren tituluak eta azaroaren 18ko 1686/2011 Errege Dekretuak ezartzen duen Irudia argiztatzeko, hartzeko eta tratatzeko goi-mailako teknikariaren tituluak ondorio profesional eta akademiko berberak izango dituzte.

  3. Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako dekretu honetan ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia-San Sebastiánen, 2013ko abuztuaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERÍA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik