Euskadi.eus
  • 4/2014 DEKRETUA, urtarrilaren 28koa. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionario, estatutupeko eta lan-kontratuko langileek 2014. urtean izango duten urteko lanaldia ezartzen da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

4/2014 DEKRETUA, urtarrilaren 28koa. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionario, estatutupeko eta lan-kontratuko langileek 2014. urtean izango duten urteko lanaldia ezartzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 24
  • Hurrenkera-zk.: 526
  • Xedapen-zk.: 4
  • Xedapen-data: 2014/01/28
  • Argitaratze-data: 2014/02/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa; Sailak; Funtzio publikoa

Testu legala

2000ko ekainaren 28an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrak 35 orduko lanaldiari eta Enplegu Neurriei buruzko Akordioa onartu zuen. Akordio horretako laugarren atalean, lanaldi horren arabera urtean zenbat ordu lan egin beharko den ezartzen da: «35 orduko lan-asteari dagokion urteko gehieneko lanaldia, guztira, 1.592 ordukoa izango da».

Bestalde, kontuan hartu beharra dago, batetik, 2010eko urtarrilaren 19an, Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuan lan egiten duten langileen ordainsarien 2010eko igoerak onartzen dituena, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Negoziazio Mahai Orokorraren Akordioa, 2010eko eta 2011ko ordainsarien igoerari eta enplegu publikorako neurriei buruzkoa. Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2010eko urtarrilaren 19ko Erabakiaren eranskinean, zortzigarren atalean, norberaren eginbeharretarako baimen bat ezartzen da, Administrazio Orokorrean nahiz Ertzaintzan. Baimen hori jasota geratuko da bi esparru horietako lan-baldintzak eta hitzarmen kolektiboak arautzen dituzten akordioetan. Urteko lanalditik kenduko da baimen hori, eta egun libreen bidez nahiz urteko lanaldia murriztuz eta urtean zehar banatuz hartu ahal izango da. Erabaki horretan ezartzen da, halaber, baimen horrek osorik xurgatu eta konpentsatzen duela Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48.1.k) artikuluan ezarritako norberaren eginbeharretarako baimena.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48.1.k) artikuluak, zehazki, sektore publikoko merkataritza-zorraren kontrolari buruzko abenduaren 20ko 9/2013 Legeko laugarren xedapen gehigarriak emandako idazketa duenak ezartzen du ezen funtzionario publikoek eskubide dutela norberaren eginbeharretarako baimena izateko, iraupena zehaztu egiten duelarik.

2014. urterako lanaldi urtekoa egoki dadin, bai aipatutako erabaki eta akordioei, eta bai sektore publikoko merkataritza-zorraren kontrolari buruzko abenduaren 19ko 9/2013 Lege Organikoaz zehaztutako araudiari zeina enplegatu publikoentzako oinarrizko araudia baita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Negoziazio Mahai Orokorraren barruan negoziazioak egin dira, eta akordiorik gabe bukatu dira. Hortaz, beharrezkoa da: 2014. urterako negoziazio-mahai horretan ordezkatutik diren kolektiboentzako urteko lanaldia zehaztea. Zehaztapen horrek, era berean, bideragarri egingo du negoziazioa Negoziaziorako Mahai Sektorialen barruan, hain justu ere 2014. urterako indarrean egon beharko duten lanaldi, lan-ordutegi eta lan-egutegiei dagokienez.

Horregatik guztiagatik, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko urtarrilaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, erabaki hau hartu dut:

  1. Dekretu honek eragina izango du, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Negoziazio Mahai Orokorrean ordezkaritzarik duten langileengan. Langile horiek dira jarraian adierazten diren negoziazio alorreko eremuetakoak:

    Administrazio Orokorreko funtzionarioak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak.

    Ertzaintzako langileak.

    Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko langileak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioak, betiere, aplikagarri zaien araudiaren esparruan.

    Administrazio Orokorreko lan-kontratudun langileak.

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lan-kontratuko irakasle eta hezitzaileak.

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lan-kontratuko langileak.

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko erlijioko lan-kontratuko langileak.

    Herrizaingo Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoko lan-kontratudunak.

  2. Dekretu hau aplikatu egingo zaie, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrera transferitutako edo han integratutako langile funtzionario eta lan-kontratuko langileei, baldin eta, dekretu hau indarrean sartzen denean, 1. paragrafoan adierazitako langileen lan-baldintzak ez badituzte.

  1. Dekretu honen aplikazio-eremuan sartuta dauden langileek 2014. urtean izango duten urteko lanaldia 1.614 ordu eta 30 minutukoa izango da.

  2. Lanean benetan jardun beharreko urteko lanaldi maximoa 1592 ordukoa izango da.

  3. Langileek, halaber, norberaren eginbeharretarako baimena izateko eskubidea izango dute, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48.1.k) artikuluan ezarritako egunak izango dituena, eguneko 7 ordu eta 30 minutuko lanaldiaren arabera. Lanean emandako denbora gisa zenbatuko da baimen hori, eta lehenengo puntuan ezarritako urteko lanalditik kenduko da.

  4. Urteko lanaldi efektiboak finkatuko du zenbat diren soberan dauden orduak edo ordu berreskuratuak, eta, era horretan, zehaztu egingo da zenbat egun eta/edo ordu libre har daitekeen. Horretarako, gainera, aintzat hartuko dira dekretu honen aplikazio-eremuan sartuta dauden langileentzat onartzen diren urteko lan-egutegiak eta eguneko eta/edo asteko lanaldiak, 2014. urtean indarrean jarriko diren akordio, hitzarmen edo itunen arabera onartuko direnak.

  5. Lanaldia nola banatuko den eta langileek zer ordutegi izango duten arloan arloko mahai sektorialetan zehaztuko da, negoziatu ondoren.

  6. Artikulu hau ez zaio aplikatuko irakasle funtzionarioen, erlijioko lan-kontratuko langileen eta lan-kontratuko irakasle eta hezitzaileen dedikazio-erregimenari, haien araudi espezifikoan ezarrita dagoen erregimena aplikatuko baitzaie.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko langile funtzionarioen urteko lanaldia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lan-egutegira egokitzeko, dekretu honetan ezarritakoa aplikatuko da.

Dekretu hau, argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean, eta 2014ko urtarrilaren 1etik harako ondorioak sortuko ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urtarrilaren 28a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik