- 54/2014 DEKRETUA, apirilaren 8koa, Bideo disc-jockey eta Soinuko teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu54/2014 DEKRETUA, apirilaren 8koa, Bideo disc-jockey eta Soinuko teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 99
- Hurrenkera-zk.: 2335
- Xedapen-zk.: 54
- Xedapen-data: 2014/04/08
- Argitaratze-data: 2014/05/28
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.
Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.
artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere Lanbide Heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.
Martxoaren 23ko 556/2012 Errege Dekretuak Bideo disc-jockey eta Soinuko teknikariaren titulua ezartzen du, eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu.
Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren 2. atalak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten lege organikoei, eta 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egin gabe».
Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.
Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Bideo disc-jockey eta Soinuko teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Bideo disc-jockey eta Soinuko teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen martxoaren 23ko 556/2012 Errege Dekretuaren babesean.
Bideo disc-jockey eta Soinuko teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).
Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.
Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.
Honako dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.
Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko apirilaren 8an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honek Bideo disc-jockey eta Soinuko teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.
Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.
Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.
Bideo disc-jockey eta Soinuko teknikariaren titulua honako elementu hauek identifikatzen dute:
Izena: Bideo Disc-jockey eta Soinua.
Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa.
Iraupena: 2.000 ordu.
Lanbide-arloa: Irudia eta Soinua.
Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-3b.
Titulu honen konpetentzia orokorra da: zuzeneko musika- eta ikus-animazio saioak egitea, baita edozein soinu-proiektutan soinua hartu, zuzenean nahastu, grabatu eta erreproduzitzea ere.
Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.
Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:
Definitzea zer itxura eta eduki izan behar duten zuzenean edo irrati-kate bidez eskaintzen diren musika- eta ikus-animazioko saioak, ikusleen eta enpresako zuzendaritzaren gustura egokituak, eta haiek sustatzea.
Zehaztea zer baliabide tekniko eta material behar diren musika- eta ikus-animazioko saioak egiteko, irizpideak erabiliz baliabideak optimizatzeko eta aldez aurretik definitutako objektiboak betetzeko.
Jabetza intelektualaren araudia aplikatuta, musika- eta ikus-animazioko saioetan erabiltzen den musika- eta ikus-baliabideen katalogoa eguneratuta mantentzea, eta haiek lortzeko bide egokiak erabiltzea.
Musika- eta ikus-fitxategiak lortu, editatu eta prestatzeko teknikak aplikatzea, ikusleen gustuei eta aretoan edo irrati-katean edo animazioko saioetan aurreikusitako egiturari egokituz.
Planifikatzea zer argiztapen-teknika erabili behar diren zuzeneko musika- eta ikus-animazioko saioetan, eta teknika horiek erabili, aretoko ikusle motekin eta euren itxaropenekin bat etorriz, aretoan ahalik eta ikusgarritasunik handiena lortzeko eta ikuskizuna eta musika ahalik eta osagarrienak izateko.
Soinu-proiektuetan eta musika- eta ikus-animazioko proiektuetan, soinu-, irudi- eta argiztapen-ekipoak muntatzea, konektatzea eta desmuntatzea, haiek frogatuz eta doituz, erabil daitezkeela bermatzeko.
Kalitatezko soinurik onena eta interferentziarik gabekoa lortzea jasotze-prozesuetan, mikrofoniarik egokiena aukeratuz, hura kokatuz eta osagarriak eta pertikak erabiliz.
Edozein soinu-proiektutan soinua hartu, zuzenean nahastu, grabatu eta erreproduzitzea, goragoko mailako teknikarien jarraibideak betez.
Aurreikusitako plangintzaren arabera, zuzenean nahastea animazio-saioko musika-osagaiak eta irudi finko eta mugikorreko osagaiak, aretoko ikusleen erantzunaren arabera aldatuz eta egokituz.
Musika- eta ikusi-animazioko saioan zehar sor daitezkeen gatazkak ebaztea, protokolo estandarizatuak aplikatuz.
Produkzio-prozesuetako aldaketa teknologikoen eta antolamendukoen ondorioz sortzen diren lan-egoera berrietara egokitzea, bizialdi osoko ikaskuntzako baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz.
Dagokion konpetentziaren esparruan erantzukizunez eta autonomiaz jardutea, eta esleitutako lana antolatzea eta egitea, lan-ingurunean beste profesional batzuekin talde-lanean edo lankidetzan jardunez.
Bere jarduerari dagozkion gorabeherak arduraz konpontzea eta horien sorburuak identifikatzea, bere konpetentziaren eta autonomiaren esparruan.
Eraginkortasunez komunikatzea, lanaren esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta konpetentzia errespetatuz.
Produkzio-prozesuan, laneko arriskuen prebentziorako eta ingurumen-babeserako neurriak eta protokoloak aplikatzea, pertsonen, lan-ingurunearen eta ingurumenaren gaineko kalteak saihestearren.
Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinukoak» aplikatzea.
Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa-lanak egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea.
Dagokion lanbide-jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.
Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:
Osatutako lanbide-kualifikazioak:
Soinu-eragiketak. INSN_2 (1957/2009 Errege Dekretua, abenduaren 18koa). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC1402_2: soinu-produkzioetan ekipamendua instalatu, muntatu, desmuntatu eta mantentzea.
UC1403_2: soinu-produkzioetan zuzeneko nahasketa-, edizio- eta grabazio-eragiketetan laguntzea.
UC1404_2: soinu-produkzioetan mikrofonoak kokatu eta norabidetzea.
Zuzeneko musika- eta ikus-animazioa. IMS434_2 (1957/2009 Errege Dekretua, abenduaren 18koa). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC1396_2: zuzeneko musika eta irudien bidezko animazio-saioetarako azpiegitura prestatu eta programazio- eta sustapen-lanetan laguntzea.
UC1397_2: zuzeneko musika bidezko animazio-saioak egin, luminoteknia, antzezpena eta irudiak integratuz.
UC1398_2: zuzeneko irudi bidezko animazio-saioak egin, luminoteknia, antzezpena eta musika integratuz.
Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:
Irudi-laborategiko ekoizpen-eragiketak. IMS435_2 (1957/2009 Errege Dekretua, abenduaren 18koa). Konpetentzia-atal hau hartzen du barnean:
UC0928_2: irudiak informatika-aplikazio bidez digitalizatzea eta tratatzea.
Lanbide-figura honek lan egiten du zinema, bideo, telebista, multimedia, irrati, industria diskografiko, ikuskizun eta soinuztatze-instalazio finkoetako produkzioetarako soinuaren esparruan, enpresa handi, ertain eta txikietan, publikoetan eta pribatuetan, telebista-kateetan, zinema edo bideoko produkzio-etxeetan, irrati-kateetan, disko-etxeetan, bikoizketa-enpresetan, soinuztatze-enpresetan, ikuskizun-produktoreetan eta musika-ekitaldi publikoen produkzioan diharduten enpresetan, hala nola, musika-taberna eta diskoteka, dantzaleku, kontzertu-areto edo jaialdi, baita hertsiki musika-ekitaldiak ez direnetan ere, hala nola, moda-desfile, publizitate-aurkezpen edo erakustazoketan, eta irudiaren tratamendu digitala lantzen duten enpresa handi, ertain edo txikietan, nork bere kontura edo inoren kontura.
Zeregin eta lanpostu aipagarrienak ondoko hauek dira:
Telebistako soinu-laguntzailea.
Zinema eta bideoko mikrofono-arduraduna.
Musika-kontzertuetako mikrofono-arduraduna.
Ikuskizun eszenikoetako mikrofono-arduraduna.
Zinemako soinu-muntaiako laguntzailea.
Disc-jockeya.
Bideo-jockeya.
Bideo disc-jockeya.
Light-jockeya.
Fotografia digitaletako ukitu-emailea.
Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:
Zuzenean edo irrati-kate bidez eskaintzen diren musika- eta ikus-animazioko saioetako ikusleen beharrizanak baloratzea, enpresa mota ezberdinetan aplika daitezkeen merkataritza- eta sustapen-irizpideak eta abiarazi daitezkeen sustapen-ekintzak kontuan hartuta, musika- eta ikus-animazioko saioen itxura eta edukia definitzeko.
Profesional tekniko eta artistikoen funtzio eta profilak aztertzea, saioaren musika-estiloa eta joerak kontuan hartuta, musika- eta ikus-animazioko saioak egiteko beharrezko giza baliabideak zehazteko.
Musika- eta ikus-animazioko saioetan erabiltzen diren ekipamendu eta materialak balioestea, eta horien funtzionamendua eta ezaugarriak aztertzea, musika- eta ikus-animazioko saioak egiteko beharrezko baliabide tekniko eta materialak zehazteko.
Baliabideak optimizatu eta jarduerak programatzeko irizpideak aplikatzea, estilo-, antolakuntza-, sustapen- eta aurrekontu-helburuak aztertuta, musika- eta ikus-animazioko saioetarako giza baliabideak eta baliabide materialak zehazteko.
Musika- eta ikus-animazioko saioetan edo irrati-kateetan erabiltzen diren musika- eta ikus-baliabideen lortzeko beharrak eta modalitateak ebaluatzea, joerak eta baliabide-banatzaileak aztertuta eta jabetza intelektualaren araudia aplikatuta, areto edo irrati-kateen musika- eta ikus-baliabideen katalogoa eguneratuta mantentzeko.
Musika-fitxategiak lortu, manipulatu eta editatzeko teknikak aplikatzea, ikusle mota ezberdinen ezaugarriak eta aretoan edo irrati-katean animazioko saioen egiturak baloratuta, horren behin betiko prestaketa eta edizioarako.
Irudi finko eta mugikorra eta ikus-fitxategiak lortu, manipulatu eta editatzeko teknikak aplikatzea, ikusle mota ezberdinen ezaugarriak eta aretoan edo irrati-katean animazioko saioen egiturak baloratuta, horren behin betiko prestaketa eta ediziorako.
Musika- eta ikus-animazioko saioetan erabili beharreko argiztapenaren teknikak eta ezaugarriak ebaluatzea, aretoan ahalik eta ikusgarritasun handiena musika eta bideoarekin batera lotuta, saioetan argiztapena planifikatu eta gauzatzeko.
Soinu-proiektu guztietan esku hartzen duten soinu-tresnerien ezaugarri tekniko eta operatiboak ebaluatzea, horien beharrezko espezifikotasunak, interrerlazioak, doikuntzak eta egiaztapenak aztertuta, horiek espazioetan muntatu eta konektatzeko.
Musika- eta ikus-proiektuetan esku hartzen duten irudi- eta argiztapen-tresnerien ezaugarri tekniko eta operatiboak ebaluatzea, horien beharrezko espezifikotasunak, interrerlazioak, doikuntzak eta egiaztapenak aztertuta, horiek espazioetan muntatu eta desmuntatzeko.
Soinu-proiektuetan, eta musika- eta ikus-animazioko saioetan, garraio- eta biltegiratze-logistikan erabiltzen diren ekipamendu eta materialen manipulazio eta mantentze prebentiborako prozedurak aztertzea, eta norberaren segurtasunari eta materiala kontserbatzeari buruzko protokoloen aplikazioa balioestea, horiek helburu den espazioan muntatu eta desmuntatzeko.
Soinu-proiektu eta musika- eta ikus-animazioko saioetako dokumentazio-prozesuak egitea, lanean egon bitartean sortutako dokumentuak, hala nola, grafikoak, riderra, soinu-, musika- eta irudi-fitxategiak, kontserbatzeko beharraz jabetuta, kalitatezko soinu onena eta interferentziarik gabekoa lortzeko.
Mikrofonoen eta horien osagarrien ezaugarri tekniko eta operatiboak aztertzea, horien berezitasun, aukera eta mugak soinua jasotzearen helburuarekin lotuta, kalitatezko soinu onena eta interferentziarik gabekoa lortzeko.
Soinu-proiektu mota guztietako nahasketa, edizio, grabazio eta erreprodukzio egoeretarako ekipo tekniko eta teknika egokiak hautatzen direla balioestea, horien ezaugarri tekniko eta operatiboetatik abiatuta, soinu-proiektuetan zuzeneko nahasketa, edizioa, grabazio eta erreprodukzioa egiteko.
Aretoko ikusleen erantzunaren bilakaerari egokitutako teknikak aplikatzea, musikaren eta irudiaren tempo eta erritmoak balioetsita, zuzenean grabatzeko musika- eta ikus-animazioko saioaren musika- eta irudi-osagaiak.
Saioan zehar protokolo estandarizatuak erabiltzeko aukera ebaluatzea, horiek aplikatzeko modua eta ondorioak aztertuta, musika- eta ikus-animazioko saioetan zehar gertatzen diren gatazkak ebazteko.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera baloratzea, soinuaren eta musika- eta ikus-animazioaren alorrean dituzten ezaugarri eta aukerak aztertuta, lanbide-praktikan etengabe eguneratu eta aplika daitezen.
Talde-lanak garatzea eta haien antolamendua baloratzea, tolerantziaz eta errespetuz parte hartuz, eta erabaki kolektiboak edo bakarkakoak hartzea, erantzukizunez eta autonomiaz jarduteko.
Sormenezko irtenbideak hartu eta balioestea lan-prozesuak garatzean sortzen diren arazo eta gorabeheren aurrean, dagokion jardueran izaten diren gertakariak erantzukizunez ebazteko.
Komunikazio-teknikak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, horien helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta; prozesuaren eraginkortasuna ziurtatzeko.
Lanbide-jarduerarekin lotutako ingurumen- eta lan-arriskuak aztertzea, eta horien sorburuekin lotzea, hartu beharreko prebentzio-neurriak oinarritzeko eta dagozkion protokoloak aplikatzeko, nork bere buruari, inguruneari eta ingurumenari kalterik ez egitearren.
Irisgarritasun unibertsalari eta «denontzako diseinuari» erantzuteko beharrezkoak diren teknikak aplikatzea eta aztertzea.
Ikasteko prozesuan lanaren kalitate-prozedurak eta erreferentziako produkzio-sektorearenak hobetzeko beharrezkoak diren teknikak aplikatzea eta aztertzea.
Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta ekimen profesionalekoarekin erlazionatutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.
Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.
Bizialdi osoko ikaskuntzarako dauden baliabideak, eta komunikazio- eta informazio-teknologiak aztertu eta erabiltzea; ikasteko eta ezagupenak eguneratzeko, hobekuntza profesional eta pertsonalerako aukerak antzemanda, eta hainbat egoera profesionaletara eta lanekoetara egokitzeko.
Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:
Soinu-tresneriaren instalazioa eta muntaia.
Soinua jasotzea eta grabatzea.
Soinuaren kontrola, edizioa eta nahasketa.
Bideo Disc-jockey saioak prestatzea.
Zuzeneko musika-animazioa.
Zuzeneko ikus-animazioa.
Irudiaren hartze eta edizio digitala.
Ingeles teknikoa.
Laneko prestakuntza eta orientabidea.
Enpresa eta ekimen sortzailea.
Lantokiko prestakuntza.
eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.
Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezarri da hori guztia.
Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken hamahiru asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.
Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehaztu dira.
1. IV. eranskinaren 1. atalean ezarri da zeintzuk diren irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako.
Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. paragrafoan adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jaso dira.
Irakasle espezialistek eskumena izango dute dekretu honen IV. eranskineko 1. atalean zehaztutako lanbide-moduluak irakasteko.
Irakasle espezialistek otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren xedapen iragankorretatik hamazazpigarrenean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena.
Gainera, lanbide-moduluaren barnean sartutako prozesuen beharrei erantzuten zaiela bermatzeko, irakasle espezialistek, izendapen bakoitzaren hasieran, dagokien lan-esparruan ezagututako lanbide-esperientzia egiaztatu beharko dute, behar bezala eguneratua. Izan ere, izendapenaren aurre-aurreko lau urteetan gutxienez bi urteko lanbide-jarduna frogatu beharko dute.
Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barnean hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean eman dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.
Bideo disc-jockey eta soinuko teknikariaren tituluak aukera ematen du erdi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere horretarako ezartzen diren onarpen-baldintzetan.
Bideo disc-jockey eta soinuko teknikariaren tituluak aukera ematen du, halaber, lanbide-arlo bereko goi-mailako heziketa-ziklo guztietan sartzeko, betiere Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera, eta proba bidez edo berariazko ikastaro bat gaindituta; baita beste heziketa-ziklo batzuetan sartzeko ere, eskatutako zikloetarako lotura ematen duen batxilergoaren modalitate berekoak direnean.
Azkenik, titulu horrek aukera ematen du Batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.
Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.
Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:
Gutxienez urtebeteko lan-esperientzia egiaztatzen badute.
Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.
Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5 artikuluan xedatutakoaren indarrez.
VI. eranskinean jasotzen da zer egokitasun dagoen Bideo disc-jockey eta Soinuko teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen artean horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu horretako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen artean, horiek egiaztatzeko.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren xedapen gehigarrietatik hogeita hamaikagarrenean ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek martxoaren 23ko 556/2012 Errege Dekretuan ezarritako Bideo disc-jockey eta Soinuko teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:
Irudi- eta soinu-teknikari laguntzailea, Irudia eta Soinua adarra.
Ondorio profesional eta akademiko berberak izango dituzte maiatzaren 28ko 2037/1995 Errege Dekretuak ezarritako Laborategiko teknikariaren tituluak eta martxoaren 23ko 556/2012 Errege Dekretuak ezartzen duen Bideo disc-jockey eta Soinuko teknikariaren tituluak.
Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako dekretu honetan ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsoen arberako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2014ko apirilaren 8an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
(Ikus .PDF)


