- 57/2014 DEKRETUA, apirilaren 8koa, Errepide Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu57/2014 DEKRETUA, apirilaren 8koa, Errepide Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 96
- Hurrenkera-zk.: 2243
- Xedapen-zk.: 57
- Xedapen-data: 2014/04/08
- Argitaratze-data: 2014/05/23
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak xedatuko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.
Ekonomia Jasangarriaren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia Jasangarriaren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena, sustatzeko eta bizkortzeko.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.
artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere Lanbide Heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta herritartasun demokratikoa gauzatzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.
Martxoaren 23ko 555/2012 Errege Dekretuak Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren titulua ezartzen du, eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu.
Bestetik, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen aurrez aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluak 2. atalean xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek erabakiko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege-dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian xedatutakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan xedatutakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egin gabe».
Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan.
Azaldutako aurrekariei jarraikiz, dekretu honen helburua da Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma xedatzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen martxoaren 23ko 555/2012 Errege Dekretuaren babesean.
Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluaren izenak berak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-unitateak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, xedatutako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).
Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-modulu bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.
Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.
Honako dekretu hau izapidetzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.
Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko apirilaren 8an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honek Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.
Ikastetxearen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan xedatuko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.
Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.
Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:
Izena: Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzea.
Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa.
Iraupena: 2.000 ordu.
Lanbide-arloa: Garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak.
Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: CINE-3b.
Titulu honi dagokion konpetentzia orokorra errepideko garraiorako ibilgailuak gidatzea da, zirkulazioko, bide-segurtasuneko eta garraioko arauak beteta, Europa mailakoak barne. Halaber, bidaiarien arretari, zamalanak gainbegiratzeari eta gauzatzeari eta biltegiko eta paketeria-banaketako eragiketei loturiko eginkizunak gauzatzeko konpetentzia eskuratzea dakar, xedatutako prozeduren arabera, eta xedatutako kalitate-, segurtasun- eta ingurumena babesteko eskakizunei jarraikiz.
Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.
Hauek dira titulu honi dagozkion konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:
Ibilgailuaren oinarrizko mantentze-lanak eta berrazterketak egitea, eta, horretarako, jarraibideetan eta mantentze-planean aurreikusten diren eragiketak gauzatzea.
Gidariari, bidaiariei, zamari eta ibilgailuari dagokien dokumentazioa prestatzea, egin beharreko eragiketaren eskakizunen arabera.
Bidaiariak ibilgailura igotzeko, salgaiak jasotzeko eta entregatzeko eta ibilgailuaren zamalanak egiteko eragiketak egitea, horiei dagozkien arauak eta xedatutako protokoloak aplikatuta.
Ibilgailuak hiri-bideetatik eta hiriarteko bideetatik gidatzea, xedatutako zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko arauak eta errepideko garraioari buruzkoak beteta.
Ibilgailua hiri-bideetan eta hiriarteko bideetan zentzuz eta segurtasunez gidatzea, gidatzeko teknika prebentiboak eta horretarako behar diren jardunak aplikatuta.
Salgai arriskutsuak garraiatzeko ibilgailuak, tanga-ibilgailuak eta salgai motetara berariaz egokitutako beste ibilgailu batzuk gidatzea, segurtasun-protokoloei eta prebentzio-irizpideei jarraituta.
Ibilgailuak egoera berezietan gidatzea, segurtasun-protokoloei eta prebentzio-irizpideei jarraituta.
Bidean matxura txikiak identifikatu eta konpontzea eta zerbitzuari loturiko gorabeherei irtenbidea ematea, segurtasun- eta kalitate-irizpideei jarraikiz.
Erabiltzaileen erreklamazioei arreta ematea, hala badagokio, bidezko txostenak bideratuta.
Biltegiratze-eragiketak gauzatzea, bere eskumenen esparruan, eta xedatutako prozedurak beteta.
Larrialdi-egoeretan jardutea, xedatutako protokoloak eta prozedurak aplikatuta.
Bidaiariei arreta eta informazioa ematea, kasuan kasuan egokiak diren komunikazio-teknikak aplikatuta.
Produkzio-prozesuetako aldaketa teknologikoen eta antolamendukoen ondoriozko lan-egoera berrietara egokitzea, «bizialdi osoko ikaskuntzarako» dauden baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita, jakintzak eguneratzeko.
Dagokion konpetentziaren esparruan erantzukizunez eta autonomiaz jardutea, eta esleitutako lana antolatzea eta garatzea, lan-ingurunean beste profesional batzuekin talde-lanean edo lankidetzan jardunez.
Bere jarduerari dagozkion gorabeherak arduraz konpontzea, horien sorburuak identifikatuz, bere gaitasunaren eta autonomiaren esparruan.
Eraginkortasunez komunikatzea, bere lanaren esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta konpetentzia errespetatuz.
Produkzio-prozesuan laneko arriskuen prebentziorako eta ingurumen-babeserako neurriak eta protokoloak aplikatzea, pertsonen, lan-ingurunearen eta ingurumenaren gaineko kalteak saihestearren.
Produkzioko edo zerbitzuak emateko prozesuetan bildutako jarduera profesionaletan, kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinukoak» aplikatzea.
Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea.
Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dauden legeetan xedatutakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.
Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-unitateen zerrenda:
Osatutako lanbide-kualifikazioak:
Autobusak gidatzea. TMV454_2. (1225/2010 Errege Dekretua, urriaren 1ekoa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:
UC1461_2: Hiri-barruko eta hiriarteko errepideko garraiorako ibilgailuen lehen mailako mantentze-lanak prestatzea eta gauzatzea.
UC1462_2: Ibilgailua gidatzea eta garraio-zerbitzuei loturiko beste eragiketa batzuk gauzatzea.
UC1463_2: Garraio-zerbitzuen plangintza egitea eta bezeroekin harremanetan jartzea.
UC1464_2: Autobus- edo autokar-bidaiariei arreta eta informazioa emateko jarduerak gauzatzea.
Errepideko salgaien garraiorako ibilgailu astunak gidatzea.TMV455_2. (1225/2010 Errege Dekretua, urriaren 1ekoa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:
UC1461_2: Hiri-barruko eta hiriarteko errepideko garraiorako ibilgailuen lehen mailako mantentze-lanak prestatzea eta gauzatzea.
UC1462_2: Ibilgailua gidatzea eta garraio-zerbitzuei loturiko beste eragiketa batzuk gauzatzea.
UC1463_2: Garraio-zerbitzuen plangintza egitea eta bezeroekin harremanetan jartzea.
UC1465_2: Salgaien zamalanen prozesuak gainbegiratzea eta gauzatzea.
Auto eta furgoneten gidari profesionala izatea. TMV456_2. (1225/2010 Errege Dekretua, urriaren 1ekoa). Konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:
UC1461_2: Hiri-barruko eta hiriarteko errepideko garraiorako ibilgailuen lehen mailako mantentze-lanak prestatzea eta gauzatzea.
UC1466_2: Taxiak, autoak edo furgonetak gidatzea eta zerbitzua emateari loturiko eragiketak gauzatzea.
UC1467_2: Erabiltzaileei arreta emateko eta bezeroekin harremanetan jartzeko jarduerak gauzatzea.
Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:
Biltegiko jarduera lagungarriak. COM411_1. (1179/2008 Errege Dekretua, uztailaren 11koa). Konpetentzia-unitate hauek barnean hartzen ditu:
UC1325_1: Salgaiak biltegian jasotzeko, ipintzeko, mantentzeko eta bidaltzeko jarduera lagungarriak gauzatzea, taldean lan eginez.
UC0432_1: Zamak orga jasotzaileekin erabiltzea.
Profesional honek nazio-mailan zein nazioartean bidaiariak edo salgaiak errepidez garraiatzeko zerbitzuak egiten dituzten enpresa txikietan, ertainetan eta handietan egiten du lan, bere kontura zein besteren kontura. Biltegiko operatibarekin eta paketeen banaketarekin lotzen diren beste lan batzuk ere egin ditzake. Gidatzeko jarduera profesionala administrazio eskudunak xedatutako arauen pean dago. Jarduera profesionalean irisgarritasun unibertsaleko printzipioak aplikatuko dira, indarrean dauden legeen arabera.
Enpresa hauetan egin dezake lan:
Salgaiak, oro har, garraiatzeko enpresak.
Banaketa- eta paketeria-enpresak.
Salgaiak tanga-ibilgailuetan garraiatzeko enpresak.
Salgaiak plataforman garraiatzeko enpresak.
Salgaiak hozkailu-ibilgailuetan garraiatzeko enpresak.
Animalia biziak garraiatzeko enpresak.
Ibilgailuak eramateko ibilgailuen bidezko garraio-enpresak.
Bidaiarien errepideko garraio erregularreko enpresak.
Bidaiarien errepideko garraio diskrezionaleko enpresak.
Osasun-garraioko enpresak.
Errepidean laguntzeko enpresak.
Bidaiarien garraio turistikoko enpresak.
Gorpu-garraioko enpresak.
Hondakin-garraioko enpresak.
Ibilgailuak alokatzeko enpresak.
Logistikako eta banaketako enpresak.
Hauek dira zeregin eta lanpostu aipagarrienak:
TIR kamioien gidaria (nazioarteko garraioa).
Salgai arriskutsuen kamioien gidaria.
Atoia duten kamioien eta traktokamioien gidaria.
Tanga-ibilgailuen gidaria.
Hozkailu-ibilgailuen gidaria.
Ibilgailuak eramateko ibilgailuen gidaria.
Hormigoi-kamioien gidaria.
Iraulki-ibilgailuen gidaria.
Autoiraulki-ibilgailuen (Dumper) gidaria.
Errepidean laguntzeko garabi-ibilgailuen gidaria.
Ibilgailu berezien gidaria.
Animalia bizien garraiorako ibilgailuen gidaria.
Bidaiarien errepideko garraiorako ibilgailuen gidaria.
Hiri barruko autobusen gidaria.
Hiriarteko autobusen gidaria.
Nazioarteko autobusen gidaria.
Eskolako autobusen gidaria.
Taxi-gidaria.
Automobilen gidari profesionala.
Bederatzi eserleku arteko bidaiariak garraiatzeko ibilgailuen gidari profesionala.
500 kilo arteko furgoneten gidaria.
Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:
Jarraibideetan eta mantentze-planean aintzat hartzen diren eragiketak gauzatzea, ibilgailuaren oinarrizko mantentze-lanak eta berrazterketak egiteko.
Gidariari, bidaiariei, zamari eta ibilgailuari dagokien dokumentazioa hautatzea, egin beharreko eragiketaren eskakizunen arabera.
Dagozkion arauak eta xedatutako protokoloak aplikatuta egin beharreko jarduerak hautatzea, bidaiariak ibilgailura igotzeko, salgaiak biltzeko eta entregatzeko eta ibilgailuaren zamalanak egiteko.
Ibilgailua kontrolatzeko eta gidatzeko eragiketak hautatu eta gauzatzea, ibilgailua gidatzeko xedatutako zirkulazioko eta bide-segurtasuneko arauak aplikatuta.
Ibilgailua zentzuz eta segurtasunez gidatzeko arauek eta protokoloek gomendatutako eragiketak hautatu eta aplikatzea.
Salgai arriskutsuak garraiatzeko ibilgailuak, tanga-ibilgailuak eta bestelako salgaietara berariaz egokitutako ibilgailuak gidatzeko arauek eta protokoloek gomendatutako jarduerak hautatu eta aplikatzea.
Ibilgailuak egoera berezitan gidatzearen simulazioa egiteko segurtasun-protokoloak eta prebentzio-irizpideak hautatzea eta simulagailuen funtzionamendua interpretatzea.
Bidean matxura txikiak hauteman eta konpontzeko behar diren eragiketak eta gorabeherei irtenbidea emateko eragiketak gauzatzea.
Proposatutako gorabeherak zentzuz eta arduraz interpretatzea, txostenak egin eta izapidetuta, hala badagokie, erabiltzaileen erreklamazioei arreta egiteko.
Biltegiko jarduerak egiteko bitarteko tekniko erabilgarriak erabiltzea, biltegiko funtzionamendu-eragiketen jarraibideak interpretatuta.
Larrialdi-egoeretan jarduteko tekniken ondoriozko protokoloen araberako neurriak aplikatzea.
Kasuan kasuko komunikazio-teknikak aplikatzea, bezeroen segurtasuna, erosotasuna eta gogobetetzea lortzeko.
Bizialdi osoko ikaskuntzarako dauden baliabideak, eta komunikazio- eta informazio-teknologiak aztertu eta erabiltzea; ikasteko eta jakintza eguneratzeko, hobekuntza profesional eta pertsonalerako aukerak hautemanda, eta hainbat egoera profesionaletara eta lanekotara egokitzeko.
Talde-lanak garatzea eta haien antolamendua baloratzea, tolerantziaz eta errespetuz parte hartuz, eta erabaki kolektiboak edo bakarkakoak hartzea, erantzukizunez eta autonomiaz jarduteko.
Sormenezko irtenbideak hartu eta balioestea lan-prozesuak garatzean sortzen diren arazo eta gorabeheren aurrean, dagokion jardueran izaten diren gertakariak erantzukizunez ebazteko.
Komunikazio-teknikak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, horien helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta; prozesuaren eraginkortasuna ziurtatzeko.
Jarduera profesionalarekin lotutako ingurumen- eta lan-arriskuak aztertzea, eta horien kausekin lotzea, hartu beharreko prebentzio-neurriak oinarritzeko eta aplikatu beharreko protokoloak aplikatzeko, nork bere buruari, hirugarren batzuei, inguruari eta ingurumenari kalterik ez egitearren.
Irisgarritasun unibertsalari eta «denontzako diseinuari» erantzuteko beharrezkoak diren teknikak aztertzea eta aplikatzea.
Ikasteko prozesuan lanaren kalitate-prozedurak eta erreferentziako produkzio-sektorearenak hobetzeko beharrezkoak diren teknikak aplikatzea eta aztertzea.
Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta ekimen profesionalekoarekin erlazionatutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.
Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.
Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:
Hasierako gidatzea.
Gidatze segurua eta zentzuzkoa.
Garraioaren inguru soziala, ekonomikoa eta arauzkoa.
Salgai-garraioko zerbitzuak.
Bidaiari- garraioko zerbitzuak.
Biltegiko lanak.
Ibilgailuen oinarrizko mantentze-lanak.
Lehen laguntza.
Ingelesa.
Laneko prestakuntza eta orientabidea.
Enpresa eta ekimen sortzailea.
Lantokiko prestakuntza.
eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.
Lanbide-heziketaren eskumena duen Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.
Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean xedatu da hori guztia.
Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren ikastaroko azken 12 asteetan gauzatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien aldeko ebaluazioa lortuta egingo da.
Prestakuntza-saioak gauzatzeko eta emaitzak eta gaitasunak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean xehe bildu dira.
Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzean irakasleek zer espezialitate behar duten eta zer irakats dezaketen IV. eranskinaren 1. atalean xedatu da.
Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoak dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateen titulazio baliokideak (irakasteari dagokionez, 1. paragrafoan aipatuak) IV. eranskinaren 2. atalean jaso dira.
Irakasle espezialistek eskumena izango dute dekretu honen IV. eranskineko 1. atalean xedatutako lanbide-moduluak irakasteko.
Irakasle espezialistek otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 12. artikuluan xedatutako betekizun orokorrak bete beharko dituzte irakaskuntzako funtzio publikora sartzeko. Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetara sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena.
Gainera, lanbide-moduluaren barnean sartutako prozesuen beharrei erantzuten zaiela bermatzeko, irakasle espezialistek, izendapen bakoitzaren hasieran, dagokien lan-esparruan ezagututako lanbide-esperientzia egiaztatu beharko dute, behar bezala eguneratua. Izan ere, izendapenaren aurre-aurreko lau urteetan gutxienez bi urteko lanbide-jarduna frogatu beharko dute.
Titulartasun pribatuko nahiz hezkuntzakoaz bestelako administrazioen titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleen kasuan, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko behar diren titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean eman dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.
Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren tituluak aukera ematen du erdi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere horretan onartzeko ezartzen diren baldintzetan.
Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren tituluak aukera ematen du, halaber, lanbide-arlo bereko goi-mailako heziketa-ziklo guztietara sartzeko, betiere Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuan xedatutako baldintzen arabera, proba bat eginda nahiz berariazko ikastaro bat gaindituta; halaber ematen du aukera beste heziketa-ziklo batzuetara sartzeko, eskatutako zikloetarako lotura ematen duen batxilergoko modalitate berekoak direnean.
Azkenik, Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren titulu horrek aukera ematen du batxilergoko edozein modalitatetara sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabideko modulua edo Enpresa eta Ekimeneko modulua gaindituak dituenak modulu horiek baliozkotuak izango ditu lege horren babespeko beste ziklo guztietan.
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan xedatutakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.
Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan xedatutako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:
Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.
Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko xedatutako prestakuntzaren egiaztagiria badute Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.
Bai Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-unitateen arteko korrespondentzia horiek baliozkotzeko edo salbuesteko, bai titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-unitateen arteko korrespondentzia horiek egiaztatzeko, V. eranskinean jaso da.
Lanbide-heziketaren eskumena duen Sailak arautu egingo ditu ziklo honetako irakaskuntzak eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola moduluen iraupena eta sekuentziazioa), araubide orokorrean xedatutakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.
Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako dekretu honetan xedatutako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.
Dekretu honetan xedatutako prestakuntzak, barne hartzen dituen lanbide-moduluei dagokienez, bermatzen duen jakintza-maila hauen baliokidea da:
B kategoriatik gorako gida-baimen guztiak lortzea, B kategoriakoa barne, dagozkien frogak gaindituta, xede horretarako xedatutako Gidarien Erregelamendu Orokorra onartzeko maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuari jarraikiz.
Bidaiariak eta salgaiak garraiatzeko Gaitasun Profesionalaren Egiaztagiria eskuratzea, errepideko garraiorako zenbait ibilgailuren gidarien hasierako prestakuntza eta etengabeko trebakuntza arautzen dituen uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuari jarraikiz, ekainaren 20ko PRE/1773/2008 Aginduaren eta ekainaren 13ko PRE/1664/2008 Aginduaren arabera.
Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gidatzeko gaitasuna aitortzen duen baimen bereziaren eskakizuna, maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuak onartutako Gidarien Erregelamendu Orokorraren 25. artikuluak aipatzen duena.
Etxeko zaldiak, behiak, ardiak, ahuntzak, zerriak edo hegaztiak errepidez garraiatzeko ibilgailuen gidarien edo zaintzaileen gaitasun-egiaztagiria eskuratzea, animaliak garraiatu bitartean eta garraioari loturiko eragiketetan babesteko 2004ko abenduaren 22ko CE 1/2005 Erregelamenduak aipatzen duena.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean xedatutakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2014ko apirilaren 8an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
(Ikus .PDF)


