Euskadi.eus
  • 70/2014 DEKRETUA, apirilaren 29koa, Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezkoaren arlo artistiko profesionalaren barruan, Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

70/2014 DEKRETUA, apirilaren 29koa, Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezkoaren arlo artistiko profesionalaren barruan, Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 192
  • Hurrenkera-zk.: 4181
  • Xedapen-zk.: 70
  • Xedapen-data: 2014/04/29
  • Argitaratze-data: 2014/10/09

Testu legala

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak irakaskuntza artistiko profesionalen barruan sailkatzen ditu arte plastikoetako eta diseinuko irakaskuntzak, eta berariazko prestakuntzako zikloetan antolatzen ditu. Ziklo horien xedea ikasleei kalitateko arte-prestakuntza ematea da eta arte plastiko eta diseinuko etorkizuneko profesionalei kualifikazio egokia bermatzea.

Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuak, arte plastikoetako eta diseinuko irakaskuntza profesionalen antolamendu orokorra ezartzen duenak, 5. artikuluan zehazten du arte plastiko eta diseinuko ikasketa profesionaletako tituluen egitura.

5b artikuluak zehazten du titulu horien lanbide-profila, eta horren barnean hartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak eta, hala badagokio, tituluetan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioak.

1431/2012 Errege Dekretuak, urriaren 11koak, Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezkoaren arlo artistiko profesionaleko Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko Goi-mailako Teknikariaren titulua eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituenak, ordeztu egin du 1456/1995 Errege Dekretuak, irailaren 1ekoak, ezarritako Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko Goi-mailako Teknikariaren tituluaren erregulazioa.

Bestetik, arte plastikoetako eta diseinuko irakaskuntza profesionalen antolamendu orokorra ezartzen duen eta aurrez aipatu den maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluak xedatzen du hezkuntza-administrazioek ezarriko dituztela titulu bakoitzari dagozkion curriculumak, Errege Dekretuan xedatua eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauak errespetatuz.

Martxoaren 20ko 46/2007 Dekretuak arautzen du, Arte Plastiko eta Diseinuko heziketa-zikloen barruan, enpresa, estudio edo tailerretan gauzatzeko prestakuntza praktikoaren fasea (PPF), esandako Legeak xedatuari jarraiki.

Azaldutako aurrekarien arabera, Dekretu honen helburua da Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Arte-irakaskuntza Profesionaletarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, betiere urriaren 11ko 1431/2012 Errege Dekretuaren babesean, zeinak Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezkoaren arlo artistiko profesionalaren barruan, Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzeaz gainera, berorri dagozkion gutxieneko irakaskuntzak finkatzen baititu.

Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren titulu honi dagokion curriculumean, kualifikazioen zerrenda baten bidez deskribatzen da tituluan aipatzen den lanbide-profila, eta hala dagokionean, konpetentzia profesionalak deskribatzearen bidez. Hor sartzen dira heziketa-zikloko irakaskuntzak ere, zeinetan zehazten diren, beste elementu batzuen artean, helburu orokorrak eta prestakuntza-moduluak, zein bere helburu, ebaluazio-irizpide eta edukiekin, bai-eta horiek antolatzeko eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak ere.

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesionaletatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen konpetentziak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten prestakuntza-modulu bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatuari jarraiki, curriculumaren diseinuan genero-ikuspegia txertatzea aurreikusi da, aipatutako Legearen 29. artikuluan xedatutakoa betetzeko. Horrela bada, baterako hezkuntzaren helburuak sartu dira curriculumaren diseinuan, bai lanbide-profilean, bai zikloaren helburuetan eta bai moduluetan, emakume eta gizonen berdintasun arloko eduki zehatzak txertatu baitira horietako batzuetan.

Gainera, Dekretu hau izapidetzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Eskola Kontseiluaren txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritziarekin, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko apirilaren 29an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honek Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezkoaren arlo artistiko profesionalaren barruan, Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Arte-irakaskuntza Profesionaletarako behar den curriculuma ezartzen du.

  2. Ikastetxearen pedagogia- eta antolamendu-autonomiaren esparruan, hari dagokio ikastetxeko Ikasketa Proiektua ezartzea eta proiektu horretan landuko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko eta prestakuntza-moduluen programaziorako irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  1. Ikastetxeko Ikasketa Proiektuaren esparruan, zikloaren ardura duen irakasle taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, prestakuntza-modulu bakoitzeko helburuak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikaria.

Maila: Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen goiko maila.

Iraupena: bi mila ordu.

Arlo Profesional artistikoa: Komunikazio Grafikoa eta Ikus-entzunezkoa.

Kodea: INSN-5b (Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

  1. Lanbide-profila konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazio profesionalen bidez islatzen da.

    1. Titulu honen konpetentzia orokorra honetan datza:

    1. Mezu publizitarioak helarazteko bide grafikoak proposatzea eta osatzea, enpresen, erakundeen edo bestelako profesionalen enkarguz.

    2. Irudi publizitarioko proiektuaren garapenaren plangintza egitea, komunikazio-enkargua, formazko alderdiak eta alderdi estetikoak, funtzionalak eta teknikoak eta amaitutako produktu grafikoa gauzatzea barne hartuta.

    3. Proiektuaren faseak eta horiei dagozkien kalitate-kontrolak, mezuaren adierazpen grafiko egokia bermatuko dutenak, antolatzea eta gauzatzea.

      2. Hauek dira titulu honi dagozkion konpetentzia profesionalak:

    1. Profesionalki galdatutako kalitate-mailako proiektu grafiko publizitarioak modu autonomoan gauzatzea.

    2. Baliabide grafikoak nahiz ideia eta mezu publizitarioak eraginkortasunez komunikatzea.

    3. Produktu grafiko publizitarioak enkarguaren helburuetara egokitutako pertsuasio- nahiz informazio-elementuez eta bereizgarriez hornitzea.

    4. Mezu publizitarioen formazko eta komunikaziozko alderdiak baliabide grafiko eta tipografikoen bidez ebaztea.

    5. Proiektu grafiko publizitarioen fase guztiak eta horiei dagozkien kalitate-kontrolak planifikatzea eta gauzatzea, teknikoki, artistikoki eta komunikatiboki kalitatezkoa den produktu grafikoa lortzea xede dutenak.

    6. Euskarri grafiko bateko mezu publizitarioaren formazko eta funtziozko alderdiak zehaztea.

    7. Erreprodukzio-prozesuetara egokitutako informazioa zehaztasunez helaraztea eta dagozkien segimendua eta kalitate-kontrolak gauzatzea, harik eta emaitza inprimatua behar bezalakoa izan arte.

    8. Jarduera profesionala arautzen duen araudia ezagutzea eta betetzea.

    1. Genero-desberdintasunak aztertu eta balioespen kritiko bat egitea eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra sustatzea lanaren eta lanbidearen arloan, beren ibilbide akademiko-profesionalak gara ditzaten genero-baldintzatzailerik gabe, burujabetasun pertsonala eta erantzunkidetasuna izanez.

  2. Lanbide-ingurunea.

    1. Lanbide-esparrua.

    1. Jarduera profesionala autonomo edo kidetu gisa eta besteren konturako langile gisa garatzen du.

    2. Profesional espezialista denez, mezu publizitarioen proiektu grafikoa gauzatzen du, osorik edo zati batean, pertsuasioa aplikatzeko modu desberdinak baliatuta.

    3. Proiektu eta proposamen grafiko publizitarioak egiten ditu, enpresen, diseinu-estudioen edo erakundeen enkarguz.

    4. Bere konpetentziak profesional independente edo mendeko gisa garatu ditzake, beste profesional batzuen ideiak grafikoki gauzatuz.

      2. Produkzio-sektoreak.

      Bere lanbidea garatu dezake arlo publikoan edo pribatuan, komunikazio publizitarioan diharduten enpresetan, agentzietan, diseinu-estudioetan, enpresetan eta beste sektore batzuetako erakundeetan, halakorik behar badute.

      3. Lanbide eta lanpostu adierazgarrienak.

      Profesional kualifikatua ondorengo lanpostu eta lanbideetan jarduteko:

    1. Enpresen eta erakundeen proiektu grafiko publizitarioak gauzatzea eta industria grafikoan segimendua eta kalitate-kontrolak egin ahal izatea.

    2. Mezuaren komunikazio grafikora loturiko aplikazioak gauzatzea: hesiak, erakuslekuak, kartelak, eskuorriak, iragarkiak, etab.

    3. Merchandisinga eta loturiko elementuak.

    4. Amaierako arteak prestatzea behar bezala inprimatzeko, euskarriak eta akaberak hautatzea, aurre-inprimaketako probak aztertzea, kalitatea kontrolatzea, post-produkzioaz arduratzea, etab.

    5. Arte-zuzendaria.

    6. Sortzailea.

    7. Errealizazio-koordinatzailea.

    8. Hainbat aplikazioetarako baliabide tipografikoak, kaligrafikoak eta eskuzko idazketak hautatzen eta erabiltzen grafista aditua.

    9. Diziplina anitzeko talde publizitarioen kolaboratzaile grafikoa.

Heziketa-zikloaren helburuetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Ikus-entzunezko proposamen baten komunikazio-premiak identifikatzea eta baliabide grafiko egokienak erabiltzea.

  2. Produktu grafiko publizitarioak ideiatzea, planifikatzea eta gauzatzea, proiektuaren helburu komunikatiboen arabera, eta dagozkion kalitate-kontrolak gauzatuta, baliabideak optimizatzeko.

  3. Proposamen grafikoa diseinatzeko eta gauzatzeko prozesuan ager daitezkeen adierazpen- eta forma-alderdietako eta alderdi funtzionaleko eta teknikoko arazoak egoki konpontzea.

  4. Produkzio grafikoaren prozesuan gerta daitezkeen antolaketa-, kudeaketa- eta kontrol-arazoak egoki ebaztea.

  5. Metodoa, zorroztasuna eta komunikazio-ahalmena garatzea ideia bat edo proiektu grafiko bat aurkezteko eta aldezteko.

  6. Publizitate-irudiaren joera estetikoen bilakaera interpretatzea eta mezuaren forma hoberena eratzen laguntzen duten baldintza sinbolikoak, kulturalak eta adierazpenekoak baloratzea.

  7. Proposamen grafikoan informazio- eta pertsuasio-elementuak nahiz bereizgarriak nola sartu aztertzea eta integratzea, proiektuaren komunikazio-helburuen arabera.

  8. Erreprodukzio-prozesuetako zehaztapen teknikoak ezagutzea eta kudeatzen jakitea merkatuan produktu grafikoaren kalitatea eta lehiakortasuna bermatzeko.

  9. Proiektu grafiko publizitarioa gauzatzea kudeatzeko beharrezkoak diren iturriak eta dokumentazioa hautatzea eta ekoiztea.

  10. Maila profesionalean galdatutako kalitate komunikazional, tekniko eta artistikoa duten produktu grafiko publizitarioak gauzatzea.

  11. Sektoreko teknologia- eta antolamendu-aldaketetara egokitzea, lehiakortasun-baldintzetan.

  12. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna islatzen eta sustatzen duten komunikazio-proiektu plastiko inklusiboak garatzea; bi sexuen presentzia orekatua, irudi plurala, aktiboa eta erantzunkidea barne dela, bizitzako eremu guztietan, genero-eredu, -rol eta -estereotipo guztiak gaindituta.

  1. Honako hau da heziketa-zikloa osatzen duten prestakuntza-moduluen zerrenda:

    1. Ikusizko irudikapenaren eta adierazpenaren funtsak.

    2. Irudiaren teoria.

    3. Bitarteko informatikoak.

    4. Argazkigintza.

    5. Irudi grafikoaren historia.

    6. Tipografia.

    7. Diseinu grafikoaren oinarriak.

    8. Publizitatearen teoria eta marketina.

    9. Ikus-entzunezko hizkuntza eta teknologia.

    10. Proiektu grafiko publizitarioak.

    11. Proiektu integratua.

    12. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    1. Enpresa eta ekimen sortzailea.

  2. Heziketa-ziklo honi dagozkion irakaskuntzen iraupen osoa, enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasea (PPF) barne, 2.000 ordukoa da.

  3. Heziketa-ziklo honetako prestakuntza-moduluak, aurrez aurrekoak izateaz gainera, bi kurtsotan antolatuko dira. I. eranskinean zehazten dira adierazitako prestakuntza-moduluei dagokien ordu-esleipena, zer kurtsotan emango diren eta enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasea (PPF).

  4. Prestakuntza-modulu bakoitzerako, prestakuntza aldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen duten helburuak, ebaluazio-irizpideak eta irakatsi beharreko edukiak zehaztuko dira. II. eranskinean finkatzen dira horiek guztiak.

  5. Enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren faserako (PPF), praktikak egiten dituzten ikasleetatik espero dena deskribatzen duten helburuak eta ebaluazio-irizpideak ezartzen dira, II. eranskineko bigarren paragrafoan zehazten denaren arabera.

  6. Enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasea (PPF) heziketa-zikloko bigarren kurtsoko azken 8 asteetan emango da. Enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasera (PPF) heldu ahal izateko, heziketa-zikloa osatzen duten prestakuntza-modulu guzti-guztiak gaindituta eduki beharko dira, Proiektu Integratuaren modulua izan ezik.

    Salbuespenezko izaeraz eta hezkuntza arloan eskumena duen sailaren aldez aurreko baimenarekin, beste data batzuetan egin ahal izango da enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasea (PPF). Edozeinetara ere, heziketa-zikloaren azken ebaluazioa enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasea (PPF) amaitu ostean egingo da.

  7. Proiektu Integratuaren modulua bigarren kurtsoan garatuko da eta zikloa osatzen duten gainerako prestakuntza-moduluak gainditu ostean ebaluatuko da.

    Modulu honen xedea ikasten ari den espezialitatearen lanbide eremuko berariazko ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak integratzea denez, ezingo da, ezein kasutan, modulua baliokidetu edo salbuetsi.

Dekretu honek arautzen dituen irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek, espazio eta ekipamenduei dagokienez, ondorengo hauek bete beharko dituzte: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako irakaskuntza artistikoak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko betekizunak ezartzen dituen martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuaren 12. artikuluan aurreikusitakoa; urriaren 11ko 1431/2012 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako betekizunak eta hezkuntza arloan eskumena duen sailak agintzen dituen arauak.

1. III. eranskinean zehaztu da zeintzuk diren irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumenak heziketa-zikloko prestakuntza-modulu bakoitzerako.

  1. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Martxoaren 5eko 363/2004 Errege Dekretuak ezartzen ditu, irakasleen espezialitateen arabera eta irakaskuntza-ondorioetarako, aurrez indarrean zeuden titulazioen baliokideak. Aipatutako Dekretuak adierazten du, izan ere, irakaskuntza-ondorioetarako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasle eta Tailerreko Maisu-Maistra Taldeetan sartzeko eta espezialitatea lortzeko izaera orokorrez eskatzen diren hainbat titulazioren arteko baliokidetasuna.

  2. Jabetasun pribatuko zentro baimenduetan edo hezkuntzaz kanpoko beste administrazio batzuetako jabetasun publikoko zentroetan, moduluak ematen dituzten irakasleek martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuko 15 eta 16 artikuluetan xedatutako titulazioak, prestakuntza eta berariazko kualifikazioak egiaztatu beharko dituzte. Errege Dekretu horrek ezartzen ditu Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako irakaskuntza artistikoak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko betekizunak eta hezkuntza arloan eskumenak dituen sailak, bere eskumenen esparruan, egiten duen aipatutako Lege Organikoaren garapena.

Goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 52. artikuluan aurreikusitako sarrera-baldintzak betetzeaz gainera, ikasleek, aplikatzekoak diren salbuespenak alde batera utzita, berariazko proba batzuk egin beharko dituzte. Hezkuntza arloan eskumena duen sailak arautuko ditu proba horien egitura, edukia eta ebaluazio-irizpideak.

Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren titulua edukitzeak honakoak ahalbidetzen ditu:

  1. Erdi- edo goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzea, betiere, ezartzen diren onarpen-baldintzen barruan.

  2. Diseinuko, Arte Plastikoetako eta Kultura Ondasunak Zaintzeko eta Zaharberritzeko goi-mailako irakaskuntza artistikoetara zuzenean sartzea, betiere, ezartzen diren onarpen-baldintzen barruan.

  3. Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  4. Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta beroriekin erlazionatutako graduko unibertsitate-tituluak dituztenen arteko baliokidetze-araubidea erraztearren, 120 ECTS titulu izendatu dira heziketa-zikloko prestakuntza-moduluen artean Dekretu honek ezartzen dituen irakaskuntzetan.

  1. Arte plastiko eta diseinuko hainbat heziketa-ziklotako prestakuntza-modulu erkideak baliokidetu ahal izango dira, izendapen, iraupen, helburu, eduki eta ebaluazio-irizpide berdinak baldin badituzte, titulu bakoitza erregulatzen duen arauak xedatuaren arabera. Nolanahi ere, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean, arte plastiko eta diseinuko zeinahi heziketa-ziklotan Laneko Prestakuntza eta Orientabide modulua gaindituta dutenek modulu hori baliokidetuta izango dute lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Komunikazio Grafiko eta Ikus-entzunezkoaren lanbide arloko goi-mailako heziketa-zikloetako moduluen eta Dekretu honek araututako Komunikazio Grafiko Publizitarioko goi-mailako heziketa-zikloaren arteko baliokidetzeak IV. eranskinean adierazten dira zehatz-mehatz.

  3. Irailaren 1eko 1456/1995 Errege Dekretuak araututako Diseinu Grafikoaren lanbide arloko heziketa-zikloetako moduluen eta Dekretu honetan araututako Komunikazio Grafiko Publizitarioko heziketa-zikloko prestakuntza-moduluen arteko baliokidetzeak V. eranskinean adierazten dira zehatz-mehatz.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan arte plastiko eta diseinuko irakaskuntza profesionalen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera, hezkuntza arloan eskumena duen sailak erabaki ahalko du enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasea (PPF) salbuestea, baldin eta, horren ordez, aipatutako Errege Dekretuaren 15.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, heziketa-ziklo honekin lotura zuzena duen lanbide eremu batean, gutxienez, urtebeteko lan-esperientzia egiaztatzen badu.

  5. Era berean, zenbait prestakuntza-modulu Laneko prestakuntza eta orientabidea, Argazkigintza, Bitarteko informatikoak eta ikus-entzunezko hizkuntza eta teknologia salbuetsi ahalko dira berorien ordez laneko praktika egiaztatzen bada eta, betiere, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuko aurrez aipatutako artikuluetako baldintzak betetzen badira.

  6. Ezingo da ezein kasutan salbuetsi edo baliokidetu Proiektu Integratuaren modulua, bere helburua, hain zuzen, ikasten ari den espezialitatearen lanbide eremuko berariazko ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak integratzea baita.

  7. Goi-mailako hezkuntzaren esparruan ikasketak onartzeari buruzko azaroaren 14ko 1618/2011 Errege Dekretuko 6.3 artikuluaren arabera, onartu, baliokidetu edo salbuesten diren irakaskuntza guztiek ezingo dute Dekretu honek Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculumerako ezarritako kredituen ehuneko hirurogei gainditu.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotura.

    1456/1995 Errege Dekretuan, abenduaren 1ekoan, ezarritako Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluak urriaren 11ko 1431/2012 Errege Dekretuak ezarritako Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikari tituluaren eragin profesional eta akademiko berberak izango ditu.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Lanbide-jardunaren erregulazioa.

    Dekretu honen 2. eta 3. artikuluetan jasorik dauden Lanbide Profilen deskribapenek ez dute arautzen ezein lanbide titulaturen jardunik eta, edonola ere, urriaren 11ko 1431/2012 Errege Dekretuaren testuinguruan ulertuko dira, indarrean dagoen legeriak titulatutako lanbideei loturik dagoen lanbide-jardunaren esparruari dagokionez.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Irisgarritasun unibertsala Komunikazio Grafiko Publizitarioko arte plastiko eta diseinuko heziketa-zikloko irakaskuntzetan.

    Hezkuntza arloan eskumena duen sailak beharrezkoak irizten dituen neurriak hartuko ditu desgaitasunen bat duten ikasleak aipatutako arte-irakaskuntza profesionaletara hel daitezen eta berorietan ikas dezaten desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruz azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Lege Orokorraren Testu Bategineko hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Genero-berdintasuna.

    Ikastegiek beharrezko neurriak hartuko dituzte Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen III. tituluko III. kapituluan aurreikusitako unibertsitatez kanpoko irakaskuntzari buruzko artikuluak betetzen direla berma dadin. Halaber, beren kalitate-printzipioen barruan izan beharko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eragozten duten oztopoak ezabatzea, bai sarbidean, eta bai ikasleen irakaskuntza-prozesu osoan, eta, bereziki, ikasle emakumezkoak eta gizonezkoak enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasera (PPF) heltzean, bermatu beharko dutelarik, gainera, praktika fase horretan ez dela genero-baldintzatzerik, ez balio, jarrera eta portaera sexistarik izango.

    LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

    Beste arau batzuen aplikagarritasuna eta aurreko ikasketa-planak iraungitzea.

  1. 2013-2014 ikasturtean ezarriko da, izaera orokorrez, Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikari tituluetara bideratutako irakaskuntzetako lehen kurtsoa, eta 236/2004 Dekretuak araututako kurtso horri dagozkion irakaskuntzak emateari utziko zaio. Azken Dekretu hori Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren titulua lortzera bideratuta zegoen.

  2. 2014-2015 ikasturtean ezarriko da, izaera orokorrez, Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikari tituluetara bideratutako irakaskuntzetako bigarren kurtsoa, eta 236/2004 Dekretuak araututako kurtso horri dagozkion irakaskuntzak emateari utziko zaio. Azken Dekretu hori Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren titulua lortzera bideratuta zegoen.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

    Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak araututako Diseinu Grafikoaren lanbide arloari dagokion Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko heziketa-ziklotik datozen ikasleak gehitzea.

  1. Iraungitzen ari den sistemako Diseinu Grafikoaren lanbide arloari dagokion Komunikazio Grafiko Publizitarioko arte plastiko eta diseinuko goi-mailako heziketa-zikloko ikasleak urriaren 11ko 1431/2012 Errege Dekretuak araututako Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko heziketa-zikloko kurtsoetara gehitzea, ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuko 21.4 artikuluan xedatuaren arabera, Dekretu honen VI. eranskinean aurreikusitakoan oinarrituta egingo da.

  2. Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikari titulura bideratutako irakaskuntzetako lehen kurtsoan matrikulatutako ikasleak, 2012-2013 ikasturtearen amaieran ezin badira bigarren kurtsora igaro, dagokion goi-mailako teknikariaren titulu berrirako lehen kurtsoan matrikulatuta geratuko dira. Eragin horietarako, onartuko dira Dekretu honen VI. eranskinean zerrendatutako moduluak.

  3. Titulu berria indarrean sartuko denez, 236/2004 Dekretuak araututako eta emateari utziko zaion Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren lehen kurtsoan matrikulatutako ikasleek, 2012-2013 ikasturtearen amaieran bigarren kurtsora igoko liratekeenek, 2014-2015 ikasturtean aipatutako Dekretuak araututako tituluaren ikaskuntzari ekingo diote. Titulua emateari uzten zaionean amaitu gabe gera litezkeen prestakuntza-moduluak ohiz kanpoko deialdien bidez gainditu ahal izango dira, curriculuma desagertu ondorengo hurrengo bi ikasturteetan; horretarako, indarrean dagoen araudiaren arabera egin beharreko deialdi kopurua prestatu beharko da.

  4. 236/2004 Dekretuak araututako eta titulu berria indarrean jartzearekin batera emateari utziko zaion Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikari titulurako lehen kurtsoan matrikulatutako ikasleak 2012-2013 ikasturtea amaitzean bigarren kurtsora igarotzen badira lehen kurtsoko prestakuntza-modulu guztiak gainditu gabe, 2013-2014 ikasturtean bi deialdi izango dituzte moduluko, haiek gainditu ahal izateko. Esandako aldi hori lehen kurtsoko prestakuntza-moduluak gainditu gabe igaro bada, Dekretu honetan aurreikusitako irakaskuntzen arabera jarraituko ditu ikasketak

Indargabetuta geratzen da 236/2004 Dekretua, azaroaren 30ekoa, Diseinu Grafikoaren lanbide arloan sailkatzen den Komunikazio Grafiko Publizitarioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion Goi-mailako Heziketa-Zikloaren curriculuma ezartzen duena.

Indargabeturik geratzen dira, orobat, Dekretu honen maila berekoak edo beheragokoak izanik beronek xedatutakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 29a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

APIRILAREN 29KOA 70/2014 DEKRETUAREN I. ERANSKINA

PRESTAKUNTZA-MODULUEN ZERRENDA ETA ENPRESA, ESTUDIO EDO TAILERRETAKO PRESTAKUNTZA PRAKTIKOAREN FASEA (PPF), ORDU-ESLEIPENA ETA KURTSOA

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.