Euskadi.eus
  • 72/2014 DEKRETUA, apirilaren 29koa, Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezkoaren arlo artistiko profesionalaren barruan, Animazioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

72/2014 DEKRETUA, apirilaren 29koa, Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezkoaren arlo artistiko profesionalaren barruan, Animazioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 194
  • Hurrenkera-zk.: 4238
  • Xedapen-zk.: 72
  • Xedapen-data: 2014/04/29
  • Argitaratze-data: 2014/10/13

Testu legala

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, I. tituluaren VI. kapituluan, irakaskuntza artistiko profesionalen barruan sailkatzen ditu arte plastikoetako eta diseinuko irakaskuntzak, eta berariazko heziketa-zikloetan antolatzen ditu. Ziklo horien xedea ikasleei kalitateko arte-prestakuntza ematea da eta arte plastiko eta diseinuko etorkizuneko profesionalei kualifikazio egokia bermatzea.

Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuak, arte plastikoetako eta diseinuko irakaskuntza profesionalen antolamendu orokorra ezartzen duenak, 5. artikuluan zehazten du arte plastiko eta diseinuko ikasketa profesionaletako tituluen egitura.

5b artikuluak zehazten du titulu horien lanbide profila, eta horren barnean hartuko dira gaitasun orokorra, gaitasun profesionalak eta, hala badagokio, tituluetan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioak.

Arau-esparru horretan, urriaren 11ko 1427/2012 Errege Dekretuak, Komunikazio Grafikoa eta Ikus-entzunezko Komunikazioa lanbide-arlo artistikoa eratzen duenak, Animazioaren alorreko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikari-titulua (lanbide-arlo artistiko horretakoa) ezartzen duenak eta gutxieneko irakaskuntzak onartzen dituenak ordeztu egiten du irailaren 1eko 1456/1995 Errege Dekretuan eratutako Diseinu Grafikoko lanbide-arloa (Diseinu grafikoa lanbide-arloan sartzen diren Arte plastikoetako eta diseinuko goi-mailako teknikaria Publizitate-grafikoan, Ilustrazioan eta Argazkigintza artistikoan tituluak eta haiei dagozkien gutxieneko irakaskuntzak ezartzen ditu horrek).

Bestetik, arte plastikoetako eta diseinuko irakaskuntza profesionalen antolamendu orokorra ezartzen duen eta aurrez aipatu den maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluak xedatzen du hezkuntza-administrazioek ezarriko dituztela titulu bakoitzari dagozkion curriculumak, Errege Dekretuan xedatua eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauak errespetatuz.

Martxoaren 20ko 46/2007 Dekretuak arautzen du, Arte Plastiko eta Diseinuko heziketa-zikloen barruan, enpresa, estudio edo tailerretan gauzatzeko prestakuntza praktikoaren fasea (PPF), esandako Legeak xedatuari jarraiki.

Azaldutako aurrekarien arabera, Dekretu honen helburua Animazioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Arte-irakaskuntza Profesionaletarako curriculuma ezartzea da Euskal Autonomia Erkidegorako, betiere urriaren 11ko 1427/2012 Errege Dekretuaren babesean, zeinak Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezkoaren arlo artistiko profesionalaren barruan, Animazioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzeaz gainera, berorri dagozkion gutxieneko irakaskuntzak onartzen baititu.

Arte Plastikoen eta Animazioko Diseinuaren administrazioko goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak zerrendatuta eta, hala badagokio, konpetentzia profesionalak deskribatuta); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta prestakuntza-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion helburu orokorrak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren gaitasun profesionaletatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten prestakuntza-modulu bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legean xedatuari jarraiki, curriculumaren diseinuan genero-ikuspegia txertatzea aurreikusi da, aipatutako Legearen 29. artikuluan xedatutakoa betetzeko. Horrela bada, baterako hezkuntzaren helburuak sartu dira curriculumaren diseinuan, bai lanbide profilean, bai zikloaren helburuetan eta bai moduluetan, emakume eta gizonen berdintasun arloko eduki zehatzak txertatu baitira horietako batzuetan.

Gainera, Dekretu hau izapidetzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Eskola Kontseiluaren txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritziarekin, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko apirilaren 29an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honek Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezkoaren arlo artistiko profesionalaren barruan, Animazioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Arte-irakaskuntza Profesionaletarako behar den curriculuma ezartzen du.

  2. Ikastetxearen pedagogia- eta antolamendu-autonomiaren esparruan, hari dagokio ikastetxeko Ikasketa Proiektua ezartzea eta proiektu horretan landuko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko eta prestakuntza-moduluen programaziorako irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxeko Ikasketa Proiektuaren esparruan, zikloaren ardura duen irakasle taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, prestakuntza-modulu bakoitzeko helburuak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide profila hartu beharko du euskarri.

Animazioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Animazioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikaria.

Maila: Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen goiko maila.

Iraupena: bi mila ordu.

Arlo Profesional artistikoa: Komunikazio Grafikoa eta Ikus-entzunezkoa.

Kodea: INSN-5b (Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

  1. Tituluan aipatzen den lanbide profila gaitasun orokorraren, gaitasun profesionalen eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko Kualifikazio Profesionalaren bitartez adierazten da, eta Animazioko Arte Plastiko eta diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluan ezarritakoa da.

  2. Hauek dira titulu honi dagozkion gaitasun profesionalak:

    1. Plastika- eta ikus-hizkuntzaren bidez mezuak modu eraginkorrean komunikatzea.

    2. Irudi animatu bidezko ikus-komunikazioko proiektuak egitea, hala dagokionean, pertsuasio-, informazio- eta identifikazio-elementuak barnean hartuta.

    3. Animazio-proiektuak planifikatzea eta prestatzea aurrez erabakitako zehaztapen narratibo eta teknikoei kasu eginez.

    4. Animazio-proiektua egiteko iturri eta baliabide hoberenak hautatzea eta kudeatzea.

    5. Irudi animaturen bidezko mezuak komunikatzea hedabideentzat.

    6. Proiektuaren prozesuaren fase bakoitzari dagozkion kalitate-kontrolak ezartzea.

    7. Animazio-proiektuan postprodukzioko prozesu egokienak kontuan hartzea.

    8. Ikus-entzunezko komunikazioaren egikaritzak arautzen dituen berariazko araudia ezagutzea eta betetzea.

    9. Modu eraginkorrean koordinatzea animazio-proiektua garatzeko.

    10. Genero-desberdintasunak aztertu eta balioespen kritiko bat egitea eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra sustatzea lanaren eta lanbidearen arloan, beren ibilbide akademiko-profesionalak gara ditzaten genero-baldintzatzailerik gabe, ikasketen esparruan burujabetasun pertsonala eta erantzunkidetasuna izanez.

  3. Testuinguru profesionala.

  1. Lanbide esparrua.

    1. Jarduera profesional autonomo gisa eta besteren konturako langile gisa garatzen du. Gaitasunak erakundeen beraien enkarguz egiten ditu, bazkide gisa edo ikus-entzunezko ekoizpeneko eta errealizazioko taldeetako kide gisa. Gaitasunak sortzaile independente gisa edo beste profesional batzuen ideien edo gidoien errealizadore gisa egin ditzake.

  2. Produkzio-sektoreak.

    1. Lanbidea sektore publikoan edo pribatuan egiten du, komunikazioarekin lotutako enpresetan: zinema arloko produkzio-etxeak, telebista arloko produkzio-etxeak, publizitate-agentziak, argitaletxeak eta diseinuko estudioak.

    2. Bere proiektu propioak gauzatzen ditu arte-jarduera burujabe gisa.

  3. Lanbide eta lanpostu adierazgarrienak.

    Profesional kualifikatua ondorengo lanpostu eta lanbideetan jarduteko:

    1. Animaziozko film independenteak edo ikus-entzunezko edo multimediako produkzioetan txertatuta egitea kulturaren eta entretenimenduaren industrian.

    2. Norberaren gidoiak egitea edo beste batzuen testuetarako egokitzapenak egitea animaziozko piezentzat.

    3. Eszenarioak, hondoak eta/edo pertsonaiak sortzea.

    4. Emanaldia definitzeko fotograma nagusiak sortzea.

    5. Tartekatzeko marrazkiak egitea.

    6. 2D edo 3D animazioa osatzen duten elementuen modelatua eta adierazpena.

    7. Animazioa, argiztapena, sortutako iturriak koloreztatzea eta kamera birtualak kokatzea.

    8. Errendatzea.

Heziketa-zikloaren helburuetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Animazio-proposamen batean planteatutako behar teknikoak, komunikatiboak eta artistikoak identifikatzea.

  2. Ikus-entzunezko animaziorako irudiak sortzeko prozesua ezagutzea, eta ikus-entzunezko animazioko pieza prestatzeko adierazpen-baliabide eta -teknika egokienak baloratzeko gai izatea.

  3. Ikus-entzunezko irudi animatuaren adierazpen-, narrazio-, funtzio- eta teknika-alderdiak definitzea mezua modu hoberenean helarazteko.

  4. Animazio-proiektu baten errealizazioa planifikatzea prozesu-faseetan beharrezko kalitate-kontrolak eginez.

  1. Ikus-entzunezko animazio-proiektuak egiteko iturri dokumentalak eta erreferentziakoak lortzea eta interpretatzea.

  1. Ikus-entzunezko adierazpen-joeren bilakaera interpretatzea eta mezuaren forma hoberena eratzen laguntzen duten baldintza sinbolikoak, kulturalak eta estetikoak baloratzea.

  2. Produkzio-prozesuetan zehaztapen teknikoak aztertzea merkatuan komunikazio-produktuaren kalitatea eta lehiakortasuna bermatzeko.

  3. Estudio baten eta haren instalazioen azpiegitura optimizatzea proiektuaren errekerimenduen arabera.

  1. Sektoreko teknologia- eta antolamendu-aldaketetara egokitzea, lehiakortasun-baldintzetan.

  1. Jardun profesionalarekin lotura duten informazio- eta etengabeko prestakuntza-iturriak bilatzea, hautatzea eta erabiltzea.

  2. Jarduera profesionala arautzen eta baldintzatzen duen lege- eta arau-esparrua ulertzea eta aplikatzea.

  3. Etika profesionalaren hastapenak balioestea eta aplikatzea jardueraren kudeaketa- eta administrazio-garapenean.

  1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna islatzen eta sustatzen duten komunikazio-proiektu plastiko inklusiboak garatzea; bi sexuen presentzia orekatua, irudi plurala, aktiboa eta erantzunkidea barne dela, bizitzako eremu guztietan, genero-eredu, -rol eta -estereotipo guztiak gaindituta.

  1. Honako hau da heziketa-zikloa osatzen duten prestakuntza-moduluen zerrenda:

    1. Ikusizko irudikapenaren eta adierazpenaren funtsak.

    2. Irudiaren teoria.

    3. Bitarteko informatikoak.

    4. Argazkigintza.

    5. Animazioaren historia.

    6. Marrazkia animazioari aplikatuta.

    7. Animazio-teknikak.

    8. Ikus-entzunezko hizkuntza eta teknologia.

    9. Gidoia eta narrazio-egitura.

    10. Animazio-proiektuak.

    11. Proiektu integratua.

    12. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    1. Enpresa eta ekimen sortzailea.

  2. Heziketa-ziklo honi dagozkion irakaskuntzen iraupen osoa, enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasea (PPF) barne, 2.000 ordukoa da.

  3. Heziketa-ziklo honetako prestakuntza-moduluak, aurrez aurrekoak izateaz gainera, bi ikasturtetan antolatuko dira. I. eranskinean zehazten dira adierazitako prestakuntza-moduluei dagokien ordu-esleipena, zer ikasturtetan emango diren eta enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasea (PPF).

  4. Prestakuntza-modulu bakoitzerako, prestakuntza aldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen duten helburuak, ebaluazio-irizpideak eta irakatsi beharreko edukiak zehaztuko dira. II. eranskinean finkatzen dira horiek guztiak.

  5. Enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren faserako (PPF), praktikak egiten dituzten ikasleetatik espero dena deskribatzen duten helburuak eta ebaluazio-irizpideak ezartzen dira, II. eranskineko bi paragrafoan zehazten denaren arabera.

  6. Enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasea (PPF) heziketa-zikloko bigarren ikasturteko azken 8 asteetan emango da. Enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasera (PPF) heldu ahal izateko, heziketa-zikloa osatzen duten prestakuntza-modulu guztiak eta bakoitza gaindituta eduki beharko dira, Proiektu Integratuaren modulua izan ezik.

    Salbuespenezko izaeraz eta hezkuntza arloan eskumena duen Sailaren aldez aurreko baimenarekin, beste data batzuetan egin ahal izango da enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasea (PPF). Edozeinetara ere, heziketa-zikloaren azken ebaluazioa enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasea (PPF) amaitu ostean egingo da.

  7. Proiektu Integratuaren modulua bigarren ikasturtean garatuko da eta zikloa osatzen duten gainerako prestakuntza-moduluak gainditu ostean ebaluatuko da.

    Modulu honen xedea ikasten ari den espezialitatearen lanbide eremuko berariazko ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak integratzea denez, ezingo da, ezein kasutan, modulua baliokidetu edo salbuetsi.

Dekretu honek arautzen dituen irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek, espazio eta ekipamenduei dagokienez, ondorengo hauek bete beharko dituzte: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako irakaskuntza artistikoak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko betekizunak ezartzen dituen martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuaren 12. artikuluan aurreikusitakoa; urriaren 11ko 1427/2012 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako betekizunak eta hezkuntza arloan eskumena duen Sailak agintzen duena.

1. III. eranskinean zehaztu da zeintzuk diren irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena heziketa-zikloko prestakuntza-modulu bakoitzerako.

  1. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Martxoaren 5eko 363/2004 Errege Dekretuak ezartzen ditu, irakasleen espezialitateen arabera eta irakaskuntza-ondorioetarako, aurrez indarrean zeuden titulazioen baliokideak. Aipatutako Dekretuak adierazten du, izan ere, irakaskuntza-ondorioetarako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasle eta Tailerreko Maisu-Maistra Taldeetan sartzeko eta espezialitatea lortzeko izaera orokorrez eskatzen diren hainbat titulazioren arteko baliokidetasuna.

  2. Jabetasun pribatuko zentro baimenduetan edo hezkuntzaz kanpoko beste administrazio batzuetako jabetasun publikoko zentroetan, moduluak ematen dituzten irakasleek martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuko 15 eta 16 artikuluetan xedatutako titulazioak, prestakuntza eta berariazko kualifikazioak egiaztatu beharko dituzte. Errege Dekretu horrek ezartzen ditu Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako irakaskuntza artistikoak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko betekizunak eta hezkuntza arloan eskumenak dituen Sailak, bere eskumenen esparruan, egiten duen aipatutako Lege Organikoaren garapena.

Goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Legearen 52. artikuluan aurreikusitako sarrera-baldintzak betetzeaz gainera, ikasleek, aplikatzekoak diren salbuespenak alde batera utzita, berariazko proba batzuk egin beharko dituzte. Hezkuntza arloan eskumena duen sailak arautuko ditu proba horien egitura, edukia eta Ebaluazio-irizpideak:

Animazioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren titulua edukitzeak honakoak ahalbidetzen ditu:

  1. Erdi- edo goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzea, betiere, ezartzen diren onarpen-baldintzen barruan.

  2. Diseinuko, Arte Plastikoetako eta Kultura Ondasunak Zaintzeko eta Zaharberritzeko goi-mailako irakaskuntza artistikoetara zuzenean sartzea, betiere, ezartzen diren onarpen-baldintzen barruan.

  3. Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara sartzea, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  4. Animazioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta beroriekin erlazionatutako graduko unibertsitate-tituluak dituztenen arteko baliokidetze-araubidea erraztearren, 120 ECTS titulu izendatu dira heziketa-zikloko prestakuntza-moduluen artean Dekretu honek ezartzen dituen irakaskuntzetan.

  1. Arte plastiko eta diseinuko hainbat heziketa-ziklotako prestakuntza-modulu erkideak baliokidetu ahal izango dira, izendapen, iraupen, helburu, eduki eta ebaluazio-irizpide berdinak baldin badituzte, titulu bakoitza erregulatzen duen arauak xedatuaren arabera. Nolanahi ere, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean, arte plastiko eta diseinuko zeinahi heziketa-ziklotan Laneko Prestakuntza eta Orientabide modulua gaindituta dutenek modulu hori baliokidetuta izango dute lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Komunikazio Grafiko eta Ikus-entzunezkoaren lanbide arloko goi-mailako heziketa-zikloetako moduluen eta Dekretu honek araututako Animazioko goi-mailako heziketa-zikloko moduluen arteko baliokidetzeak IV. eranskinean adierazten dira zehatz-mehatz.

  3. Irailaren 1eko 1456/1995 Errege Dekretuak araututako Diseinu Grafikoaren lanbide arloko heziketa-zikloetako prestakuntza-moduluen eta Dekretu honetan araututako Animazioko heziketa-zikloko prestakuntza-moduluen arteko baliokidetzeak egongo dira; V. eranskinean adierazten dira zehatz-mehatz.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan arte plastiko eta diseinuko irakaskuntza profesionalen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera, erabaki ahalko da enpresa, estudio edo tailerretako praktiken fasea (PPF) salbuestea, baldin eta, horren ordez, aipatutako Errege Dekretuaren 15.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, heziketa-ziklo honekin lotura zuzena duen lanbide eremu batean, gutxienez, urtebeteko lan-esperientzia egiaztatzen badu.

  5. Era berean, zenbait prestakuntza-modulu Laneko prestakuntza eta orientabidea, Argazkigintza, Bitarteko informatikoak eta ikus-entzunezko hizkuntza eta teknologia salbuetsi ahalko dira berorien ordez laneko praktika egiaztatzen bada eta, betiere, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuko aurrez aipatutako artikuluetako baldintzak betetzen badira.

  6. Ezingo da ezein kasutan salbuetsi edo baliokidetu Proiektu Integratuaren modulua, bere helburua, hain zuzen, ikasten ari den espezialitatearen lanbide eremuko berariazko ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak integratzea baita.

  7. Goi-mailako hezkuntzaren esparruan ikasketak onartzeari buruzko azaroaren 14ko 1618/2011 Errege Dekretuko 6.3 artikuluaren arabera, onartu, baliokidetu edo salbuesten diren irakaskuntza guztiek ezingo dute Dekretu honek Animazioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculumerako ezarritako kredituen ehuneko hirurogei gainditu.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezkoaren lanbide arlo artistikoari aplika daitezkeen Diseinu Grafikoko lanbide-arloaren erreferentziak.

  1. Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezkoaren lanbide-arlo artistiko berriaren tituluei ere aplikatuko zaizkie Diseinu Grafikoaren lanbide-arloko Arte Plastikoen eta Diseinuaren Goi-mailako Teknikariaren tituluei buruzko lehentasunezko izen-emateak; 1892/2008 Errege Dekretuaren, azaroaren 14koaren, graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetan sartzeko baldintzak eta Espainiako unibertsitate publikoetan onartzeko prozedurak arautzen dituenaren, II. eranskinaren B paragrafoan jasota daude horiek maiatzaren 29ko EDU/1434/2009 Aginduaren eguneratzearen arabera.

  2. Halaber, Diseinu Grafikoaren lanbide-arloari egindako aipamenak, oro har, Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezkoaren lanbide-arlo artistikoari aplikagarri zaizkiola ulertuko da.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Lanbide-jardunaren erregulazioa.

    1. eranskinean jasorik dauden Lanbide Profilen deskribapenek ez dute arautzen ezein lanbide titulaturen jardunik eta, edonola ere, Dekretu honen testuinguruan ulertuko dira, indarrean dagoen legeriak titulatutako lanbideei loturik dagoen lanbide-jardunaren esparrua betez.

      HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Irisgarritasun unibertsala Animazioko arte plastiko eta diseinuko heziketa-zikloko irakaskuntzetan.

      Hezkuntza arloan eskumena duen Sailak beharrezkoak irizten dituen neurriak hartuko ditu desgaitasunen bat duten ikasleak aipatutako arte-irakaskuntza profesionaletara hel daitezen eta berorietan ikas dezaten desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategineko hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan.

      LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Genero-berdintasuna.

      Ikastegiek beharrezko neurriak hartuko dituzte Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen III. tituluko III. kapituluan aurreikusitako unibertsitatez kanpoko irakaskuntzari buruzko artikuluak betetzen direla berma dadin, bereziki sarbideari dagokionez. Halaber, beren kalitate-printzipioen barruan izan beharko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eragozten duten oztopoak ezabatzea, bai sarbidean, eta bai ikasleen irakaskuntza-prozesu osoan, eta, bereziki, ikasle emakumezkoak eta gizonezkoak enpresa, estudio edo tailerretako prestakuntza praktikoaren fasera (PPF) heltzean, bermatu beharko dutelarik, gainera, praktika fase horretan ez dela genero-baldintzatzerik, ez balio, jarrera eta portaera sexistarik izango.

Animazioko Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren titulua lortzeko irakaskuntzen lehen maila ezarriko da, oro har, 2013-2014 ikasturtean.

Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko apirilaren 29an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.