- 247/2014 DEKRETUA, abenduaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartu zituen dekretua aldatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu247/2014 DEKRETUA, abenduaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartu zituen dekretua aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 14
- Hurrenkera-zk.: 314
- Xedapen-zk.: 247
- Xedapen-data: 2014/12/30
- Argitaratze-data: 2015/01/22
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Testu legala
Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioei eta lan-kontratuko langileei gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbatetan aldatu izan da, eta aldaketa horietako bat ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren eskutik heldu zen; izan ere, 105/2007 Dekretuak funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatu zituen, analisi funtzionalen prozesuaren ondorioz sortuak.
Lanpostuen zerrendak administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluan agindutakoa betetzeko.
Bestalde, azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartu zuen. Akordio horren arabera, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak. Horrela, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan, karrerako funtzionarioak eta lan-kontratuko langileak transferitu ziren, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoari atxiki zitzaizkion (aurrerantzean, Lanbide).
Halaber, abenduaren 28ko 354/2010 Dekretuak Lanbideren jardueren hasiera eta bitarteko pertsonal eta materialen atxikimendurako baldintzak arautzen ditu. Bitarteko horiek honako hauetatik etor daitezke: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik, Egailan, S.A. Prestakuntza eta Enplegua Sustatzeko Sozietatea izeneko sozietate publikotik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorretik, zehazki, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik.
2011ko urtarrilaren 21ean, Mahai Orokorrean akordioa lortu zuten 2011ko urtarrilaren 1ean Lanbiden lanean hasi ziren langileen ordainsariei buruz. Gobernu Kontseiluak akordio hori onetsi egin zuen 2011ko urtarrilaren 25ean. Akordio hori dela bide, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik transferitutako eta Lanbideri atxikitako funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen ordainsarien berrikuspena onetsi da, azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuaren bitartez (akordio horren eranskinean jaso da). Horrela, osagarri pertsonal iragankorra sortu da. Osagarri hori honako hauen arteko aldea izango da: transferitu zituztenean zeuzkaten urteko ordainsari osoak eta, akordioaren arabera, titulazio-talde bakoitzerako erreferentziatzat hartzen diren ordainsariak.
Horrez gain, akordioan adierazitakoaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lanpostuen zerrenda eta hor jasotako ordainsari-kontzeptuak onesteak atzeranzko eragina izango du 2011ko urtarrilaren 1era arte. Hori guztia Lanbideren jardueraren hasiera arautzen duen 351/2010 Dekretuan ezarritako arau-esparruaren barruan.
Aurrekoarekin bat etorrita, 2011ko urtarrilaren 1ean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera hasi zenetik, transferitutako langileei (funtzionarioei eta lan-kontratuko langileei) eta Egailan, S.A. sozietatetik etorritako lan-kontratuko langileei behin-behineko ordainsari-araubidea aplikatu zaie, Gobernu Kontseiluaren 2011ko urtarrilaren 25eko akordioa aplikatuta, jaso beharreko behin betiko ordainsariak zehaztuko dituen lanpostuen zerrenda onetsi bitartean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueraren hasiera arautzen duen 354/2010 Dekretuaren 6. artikuluan aurrez ikusitakoaren arabera. Aipatutako akordiotik ondorioztatzen denez, lanpostuen zerrenda hori eta hor jasotako ordainsari-kontzeptuak onesteak atzeranzko eragina izango du 2011ko urtarrilaren 1era arte. Hori guztia 354/2010 Dekretuan ezarritako arau-esparruaren barruan.
2011ko azaroaren 2an argitaratu zen urriaren 13ko 3/2011 Legearen bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua sortu zen, administrazio-izaerako erakunde autonomo modura eta nortasun juridiko propioarekin eta jarduteko gaitasun osoarekin. Hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, «Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua» zuzenbide pribatuko erakunde publikoa azkendu egingo da eta «Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua» administrazio-erakunde autonomoa subrogatuta geratuko da azkendutako erakunde publikoaren eskubide eta betebehar guztietan. Horrenbestez, aipatutako erakunde publikoaren bitarteko material eta pertsonalak erakunde autonomo berriari atxikita geratuko dira, dagozkien erakunde-araudiek ezarritakoaren arabera.
Horri dagokionez, adierazi behar da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lanpostuen zerrenda argitaratu baino lehen berariazko enplegu-plana onetsi behar dela. Berariazko enplegu-plan horren bidez, soberako dotazioak dituzten unitateetan zerbitzuak ematen dituzten langileen zati bat berriz atxiki ahal izango du erakunde autonomoak.
Berriz atxikitzeko prozesu hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-planean aurrez ikusita dago, eta 2015eko lehenengo hiruhilekoan gauzatu beharko da. Berriz atxikitzeko prozesua amaitu eta gero, Lanbideko lanpostuen zerrenda osoa argitaratuko da.
Horren ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenaz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko abenduaren 30ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onartzea; zerrenda horiek dekretu honen eranskinean agertzen dira, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretua aldatzen duen ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez onartu ziren.
Gobernu Kontseiluaren 2011ko urtarrilaren 25eko akordioan jasotakoarekin bat etorrita, dekretu honek atzeranzko eragina izango du 2011ko urtarrilaren 1era arte, abenduaren 28ko 354/2010 Dekretuaren I. eranskinean ageri diren Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileei dagokienez. Dekretu horren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueren hasiera eta bitarteko pertsonal eta materialak atxikitzeko baldintzak arautzen dira.
Neurri horren eraginkortasuna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko lanpostu guztiak argitaratu arte atzeratuko da, dagokion lanpostuen zerrendaren bidez.
Aipatutako lanpostuen zerrenda osoa indarrean jartzearen ondorioz, ordainsariak eguneratu egingo dira, eta, horrenbestez, kendu egingo dira 2011ko urtarrilaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakia indarrean jarri zenetik indarrean zeuden osagarri pertsonal iragankorrak. Urteko guztizko ordainsari osoak handiagoak badira erabaki hori aplikatuta izaera iragankorrarekin ordaindu direnak baino, banaka aintzatetsiko dira atzerapenak; bestalde, ez da likido negatiborik sortuko urteko ordainsari oso horiek txikiagoak badira izaera iragankorrarekin jasotakoak baino.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2014ko abenduaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: EBAZPENA, 2015eko maiatzaren 12koa, Funtzio Publikoaren zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari administrazioarekiko 137/2015 auzi-errekurtsoari dagokion administrazio-espedientea igor dakiola eb
- Ikus: EBAZPENA, 2015eko maiatzaren 26koa, Funtzio Publikoko zuzendariarena, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiari administrazioarekiko 84/2015 auzi-errekurtsoari dagokion administrazio-espedientea (prozedura arrunta) igor daki
- Ikus: EBAZPENA, 2015eko maiatzaren 19koa, Funtzio Publikoko zuzendariarena, administrazioarekiko auzietako errekurtsoari buruzko (85/2015-B zenbakiko prozedura arrunta) administrazio-espedientea Administrazioarekiko Auzietako Vitoria-Gasteizko 1 zenbakiko Epait


