- 203/2015 DEKRETUA, urriaren 27koa, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua onartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu203/2015 DEKRETUA, urriaren 27koa, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua onartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 234
- Hurrenkera-zk.: 5200
- Xedapen-zk.: 203
- Xedapen-data: 2015/10/27
- Argitaratze-data: 2015/12/09
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.23 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dio Gizarte Segurantzaz kanpoko mutualitateen arloko eskumen esklusiboa, merkataritza-arloko legeria orokorraren arabera. Alde horretatik, jurisprudentzia konstituzionalak ezarri zuen merkataritza-arloko legeriari egiten zaion erreferentzia hori ulertu behar dela gizarte-aurreikuspeneko mutualismoari aplikatzekoa zaion neurrian.
Eskumen hori oinarri hartuta, Eusko Legebiltzarrak, Gizarte Emendiotarako Borondatezko Erakundeei buruzko Legea onetsi zuen 1983an eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez garatu zuen. 2012ko otsailaren 23an, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen 5/2012 Lege berria onetsi zen, aurreko araua zabalduz eta funtsezko aldaketak erantsiz.
Beraz, Lege hori garatu behar da orain, eta lehengo erregelamendua eguneratu.
Euskal Autonomia Erkidegoak du horretarako ahalmena, Autonomia Estatutuaren 10.23 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen diolako Gizarte Segurantzaz kanpoko mutualitateen arloko eskumen esklusiboa, eta, gainera, 11.2 artikuluaren arabera, Erkidego honek du eskumena bere lurraldearen barruan kredituaren, bankaren eta aseguruen antolamenduaren arloko oinarriak legegintzaz garatzeko eta betearazteko, bertan zehaztutako jarraibideak errespetatuz.
Dekretu honek onartzen duen Erregelamenduan arautuko da, beraz, EAEko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde guztien funtzionamendua. Gainera, Erregelamendu honek arautuko du BGAEen aseguru-jarduera, aseguru pribatuen oinarrizko araudian ezarritakoaren arabera egiten dutenean, eta gizarte-aurreikuspeneko aseguruz besteko jarduera.
Era berean, Dekretu honek gizarte-aurreikuspen osagarriaren eredu bat sustatu nahi du, orekatua eta Euskal Herriko emakume eta gizon guztien premiei ekitatez erantzungo diena.
Dekretu honek onartzen duen Erregelamenduak 121 artikulu ditu bost Titulutan banatuta.
Horrenbestez, 5/2012 Legearen azken xedapenetako lehenengoa betez, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko urriaren 27an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
Onartu egiten da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua, eta Dekretu honi erantsita ematen da Erregelamenduaren testu osoa.
Erregelamendu honetako testuan zehar Legeari egiten zaion aipamen oro Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legeari buruzkoa izango da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak erakunde batzuk salbuetsi ahal izango ditu Dekretu honi erantsitako Erregelamenduaren II. Tituluko X. Kapituluan aurreikusitako gobernu onaren politikaren eta funtsezko funtzioen arloko xedapen guztiak edo batzuk aplikatzetik, tipologia eta dimentsioa kontuan hartuta, erakunde horien bazkide-kopurua edo ondare-bolumena sailak erabakitako muga batetik beherakoa denean.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu hau indarrean jartzen denean formalizatuta dauden gizarte-aurreikuspeneko planek indarrean jarraituko duten arren, bizi-zikloaren inbertsio-estrategia arautzen duten BGAEek, estrategia hori onartutakoan, bazkideei xehetasunez azaldu beharko diete plan lehenetsiak ere badaudela, eta aukera hori ere hauta dezaketela.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu hau indarrean sartzen denetik lau hilabeteko epean, Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren Osoko bilkura eratzeko bilkura egingo da, Kontseilu hori osatuko duten kideak izendatu ondoren.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek beren estatutuak, erregelamenduak, eta gainerako legezko dokumentazioa eta bestelako eskakizun operatiboak moldatu beharko dituzte, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legeari eta Erregelamendu honi egokitzeko, egokitu beharra dutenean, Dekretu hau indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean. Egokitzapen horri dagozkion erabakiak, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean ezarritako moduan hartuko dira. Epe berean, bere sailkapenekoak ez diren gizarte-aurreikuspeneko planak dauzkaten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek plan horiek bereizi eta ezaugarri berak betetzen dituen beste erakunde batean sartzeko erabakiak hartu beharko dituzte.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuak, borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeen jarduera jakin batzuk arautzekoak, 10. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako segurtasun-marjina, dekretu honen azken xedapenetako zortzigarrenean emandako idazkeraren arabera, hamar ekitaldiko epean eratu beharko da, gehienez, 2016ko ekitalditik aurrera, eta urte bakoitzean zenbateko osoaren hamarren bat eratu beharko da gutxienez.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Erantsitako Erregelamenduaren 43. artikuluko 5. paragrafoan aipatzen diren gizarte-aurreikuspeneko planak, Dekretu hau indarrean sartzen denean onartuta baldin badaude, indarrean mantenduko dira, onartu ziren terminoetan, harik eta amaiera iristen zaien arte, ezarrita duten epea bete delako.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
BGAEan banakako modalitatean edo elkarte-modalitatean sartu ziren bazkide erretiratuek, erretiroa hartu ondoren eta 5/2012 Legea indarrean jarri aurretik sartu baziren, 5/2012 Legea indarrean jarri zen egunean beren izenean zituzten eskubide ekonomikoak kobratu ahal izango dituzte. Era berean, aukeratu ahal izango dute: erretiro-prestazioa kobratzea; edo ez kobratzea eta erretirorako ekarpenak egiten segitzea, harik eta kontingentzia horrengatik kobratzea erabakitzen duten arte; edo, azkenik, erretiroarengatik kobratzea eta gainerako kontingentzietarako ekarpenak egiten segitzea.
Erantsitako Erregelamendua indarrean sartu arte indarrean dauden erregelamendu-xedapenak eta gainerako araudia indarrean mantenduko dira, xedapen indargabetzaile honetan espresuki indargabetzen diren ondoko xedapenak eta gainerako araudia izan ezik:
Gizarte Emendiotarako Borondatezko Erakundeei buruzko Legearen Araupidetza onartzen duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren xedapen hauek: 1etik 11ra, 13tik 15era, 17tik 30era eta 32tik 69ra bitartekoak.
Borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeen jarduera jakin batzuk arautzen dituen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren artikulu hauek: 2, 4 (3, 4 eta 5. paragrafoak), 5 (4. paragrafoa), 6, 7, 12, 13 (8. paragrafoa) eta azken xedapenetako lehenengoa.
Ogasun eta Finantza Politikako sailburuordearen Erabakia, 2014ko uztailaren 4koa, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko 5/2012 Legeko, otsailaren 23ko, 23. artikuluko 1. paragrafoko a) idatz-zatian erreskate-eskubidearen inguruan jasotzen den baliogabetzea interpretatzeko irizpideak aplikatzeko jarraibideak ematen dira.
Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendariaren Ebazpena, 2013ko azaroaren 4koa, interpretazio-irizpideak aplikatzeko jarraibideak onartzekoa BGAEen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 17. artikuluan xedatutakoari dagokionez erretirodunek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batean egin ditzaketen ekarpenez den bezainbatean eta Lege horren beraren 22.3 artikuluak xedatutakoari dagokionez, zeinak ezartzen baititu enplegu-modalitateko BGAE bateko bazkide batek bere eskubide ekonomikoak banakako modalitateko BGAE batera mugitzeko baldintzak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Legearen erregelamendua onesten duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 12. artikuluko lehenengo paragrafoa honela geratzen da idatzita:
Erretiro, ezintasun iraunkor, lanerako baliaezintasun, heriotza, mendekotasun, iraupen luzeko langabezia eta gaixotasun larrien kontingentzietarako prestazioak ematen dituzten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, arrisku biometrikoen estaldura edo inbertsioaren emaitza edo prestazio-maila jakin bat beren gain hartzen badute, inskribatzeko, eskatzen diren gainerako dokumentu guztiekin batera, azterketa aktuarial bat aurkeztu beharko dute, gutxienez, puntu hauekin:
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Legearen Erregelamendua onesten duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 16. artikuluko 1.1. idatz-zatiko a) letra honela geratzen da idatzita:
Planari atxikitako ondarearen arabera bakarrik kalkulatzen badira, ondarearen % 1,6.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Legearen arautegia onesten duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 31. artikuluko c) letra osatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:
Ondorio horietarako, BGAEko banakako modalitateko edo elkarte-modalitateko bazkideek aurretiaz eskuratu ahal izango dute banakako modalitateko edo elkarte-modalitateko aurreikuspen-planetarako egindako ekarpenei dagozkien eskubide ekonomikoen zenbateko osoa edo zati bat, hamar urtetik gorako antzinatasuna baldin badute.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen jarduera jakin batzuk arautzen dituen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 4. artikuluko 1. paragrafoan h) eta i) letrak eransten dira, honela idatzita:
Etorkizuneko pentsio-eskubideen estimazioari buruzko informazioa, gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak ezarritakoaren arabera.
BGAEak inbertsioak egiten dituenean, kontsiderazio sozialak, etikoak edo gobernu korporatibokoak kontuan hartzen dituen ala ez. Ez baditu kontuan hartzen, zergatik ez dituen hartzen azaldu beharko du. Eremu horretako politikaren bat baldin badu, deskribatu egin beharko du, labur bada ere, eta esklusioko, integrazioko eta inplikazioko estrategiak zehaztu. Gainera, aipatu beharko du zein aktibotan aplikatzen den eta nola egiazta daitekeen gizartearekiko arduratsuak diren politikak aplikatu direla, hala dagokionean.
AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen jarduera jakin batzuk arautzen dituen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 4. artikuluko 2. paragrafoaren amaieran azken testu-zati bat eransten da, honela idatzita:
Kudeaketa-txosten laburtuak Dekretu honen 3. artikuluko a) eta g) bitarteko letretan ezarritako informazioa emango du, labur-labur.
AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA.
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen jarduera jakin batzuk arautzen dituen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 8. artikuluko 5. paragrafoa honela geratzen da idatzita:
Prestazioak aseguratuta daudenean, ez da txosten aktuarialik egin beharko. Kasu horretan, BGAEak aseguru-etxearen ziurtagiri bat izan beharko du, aseguru-etxean BGAEaren alde eratutako hornidurak adieraziko dituena eta, hala dagokionean, gizarte-aurreikuspeneko plan bakoitzari dagokionak zehaztuko dituena.
AZKEN XEDAPENETAKO ZAZPIGARRENA:
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen jarduera jakin batzuk arautzen dituen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 9. artikuluan azken paragrafo bat eransten da, honela idatzita:
Onartutako Berrorekatzeko palan berrikusi ahal izango da, amaitu aurretik, artikulu honetan ezarritakoaren arabera eta Eusko Jaurlaritzan gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloan eskumena duen sailak onartu ondoren.
AZKEN XEDAPENETAKO ZORTZIGARRENA
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen jarduera jakin batzuk arautzen dituen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 10. artikulua, honela geratzen da idatzita:
BGAEek funts osagarriak izan behar dituzte beti, hornidura teknikoak gauzatzeko baliatutako aktiboen gehigarri izango diren aktiboetan gauzatuta. Aktibo horiek aurreikus daitekeen edozein konpromisotatik kanpo egongo dira, eta aurreikusitako gastu eta prestazioen eta benetakoen arteko desbideratzeak xurgatzeko segurtasun-marjina bat izango dira.
Arrisku biometrikoen estaldura edo inbertsioaren emaitza edo prestazio-maila jakin bat beren gain hartzen duten aurreikuspen-planak dituzten BGAEetan, segurtasun-marjinaren zenbatekoa plan horiei dagozkien hornidura teknikoen % 4koa izango da gutxienez.
Ekarpen finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten BGAEetan, segurtasun-marjinaren zenbatekoa izango da gutxienez bazkideak inbertsioaren arriskua bere gain hartzen duen ekarpen finkatuko aurreikuspen-planei atxikitako horniduren % 0,125. Segurtasun-marjina erabat eratuta egongo da, gutxienez, ekitaldi bakoitzaren amaieran.
Aurreko 2 eta 3. paragrafoetan ezarritako segurtasun-marjina Dekretu honen 11. artikuluko 3. paragrafoko a), c) eta d) letretan zehaztutako aktibotan gauzatuko da.
BGAEetako segurtasun-marjinari dagozkion ekarpenak bazkide babesleek egin beharko dituzte, horrelako bazkiderik ez dagoenean izan ezik, orduan bazkide sustatzaileek egin beharko baitituzte. Erabilera libreko erreserben kargura ere egin ahal izango dira, erakundearen estatutuetan hala ezartzen bada.
BGAEko bazkide babesle edo sustatzaileek, aurreko 3. paragrafoan aipatutako gizarte-aurreikuspeneko planetan, erreklamatu ahal izango dute segurtasun-marjinarako egindako ekarpena errenboltsatzea, erakundearen estatutuek hala ezartzen badute eta betiere plan horietarako gutxieneko segurtasun-marjina betetzen bada.
Prestazioen ordainketa aseguru-etxe batek aseguratzen duen planetan, BGAEek ez dute segurtasun-marjinarik eratu beharko.
AZKEN XEDAPENETAKO BEDERATZIGARRENA. Araudia garatzea
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak emango ditu araudia garatzeko eta erantsitako Erregelamendua aplikatzeko behar diren xedapenak.
Dekretu hau indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean onartuko da Erregelamenduaren 91. artikuluko 6. paragrafoan aipatzen den Agindua.
AZKEN XEDAPENETAKO HAMARGARRENA. Indarrean jartzea
Dekretu hau 2016ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, salbuespen hauekin:
Dekretu honen azken xedapenetako bigarrena, Dekretu hau indarrean sartu eta handik hiru hilabetera jarriko da indarrean.
Erantsitako Erregelamenduaren 43 eta 44. artikuluetan ezarritakoa, hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoa salbu, Dekretu hau indarrean sartu eta handik hogeita lau hilabetera izango da bete beharrekoa.
Dekretu honi erantsitako Erregelamenduaren II. Tituluko X. Kapituluan Gobernu onaren politikari eta funtsezko funtzioei buruz ezarritakoa, Dekretu hau indarrean sartu eta handik hogeita lau hilabetera izango da bete beharrekoa.
Erantsitako Erregelamenduaren 51. artikuluan ezarritakoa, Dekretu hau indarrean sartu eta handik hamabi hilabetera izango da bete beharrekoa.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko urriaren 27an.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
URRIAREN 27KO 203/2015 DEKRETUAREN ERANSKINA
BORONDATEZKO GIZARTE AURREIKUSPENEKO ERAKUNDEEN OTSAILAREN 23KO 5/2012 LEGEAREN ERREGELAMENDUA
Erregelamendu honen xedea da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legea garatzea.
Erregelamendu honen mende geratzen dira, Legean aurreikusitako terminoetan:
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legeak araututako erakundeak.
Bazkide edo onuradun izaera hartzen duten era eta mota guztietako pertsonak.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan, edozein titulurekin, administrazio edo zuzendaritzako karguak betetzen dituzten pertsona fisiko zein juridikoak; Legean eta Erregelamendu honetan aurreikusitako dokumentuak sinatzen dituzten profesionalak eta erakundeak; eta Erregelamendu honen eremu objektiboari buruz legezko debeku edo mandaturen bat ezartzen zaien pertsona fisiko zein juridikoak.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen federazioak.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen izenean jarri beharko da «Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea» adierazpen osoa edo «BGAE» sigla.
Ezingo da erabili beste erakunde bat erabiltzen ari den izenik edo nahastera eraman lezakeenik. Horrela bada, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan ez da inskribatuko lehendik erregistratuta dagoen besteren baten izen berdina edo nahastera eraman dezakeena duen erakunderik.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, hala dagokionean, modalitateari dagokion adierazpena sartu beharko dute izenean, izaeraren eta bazkideen loturaren arabera, 5/2012 Legaren 7. artikuluko b) letrako 1. puntutik 3.era bitartean ezarritakoaren arabera.
Legearen 25. artikuluan ezarritako kontingentzietarako prestazioak ematen dituzten erakundeek, izen historiko tradizionalak hartu edo gehitu ahal izango dituzte.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen egoitza Euskal Herrian egongo da, benetako administrazio- eta zuzendaritza-zentroa duen lekuan edo jarduera nagusia egiten duenean.
Sozietatearen egoitzan edukiko dute dokumentazioa erakundeek.
Sozietatearen egoitza dagoen eraikinean argi eta nabarmen jarri behar da erakundearen sozietate-izena.
Egiten duten jardueraren arabera, honela sailkatzen dira BGAEak:
5/2012 Legearen 24. artikuluan jasotako kontingentziak estaltzen dituzten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak. Legearen 24.1 artikuluko kontingentzien estaldura gizarte-aurreikuspeneko planen bitartez antolatuko da. Halaber, prestazio sozialen bidez, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen babesa jasotzeko modukoak izango dira 5/2012 Legearen 24. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako kontingentziak, betiere hartzen diren betebeharrei erantzun badakieke kontingentzia horietarako eratutako funtsekin eta bazkideek horiek finantzatzeko egindako ekarpenekin.
5/2012 Legearen 25. artikuluan jasotako kontingentziak estaltzen dituzten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak. Erakunde horiek aseguru-jarduera egiten dutenean, zuzenean eta oso-osorik hartuko dituzte beren gain bazkideei aseguratutako arriskuak, horregatik eragotzi gabe legez eratutako berraseguru-konpainiei berraseguruan lagatzea, aseguru pribatuak antolatzeko indarrean dagoen araudiaren arabera.
5/2012 Legean, Erregelamendu honetan eta horiek garatzeko ematen diren xedapenetan ezarritakoaren arabera egingo dute jarduera BGAEek.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskripzio-eskaera aurkezten denean Legearen 35.1 artikuluan zehaztutako dokumentazio guztiarekin batera, hutsik edo akatsik antzematen bada, Erregistroaren arduradunak agindu ahal izango du hilabeteko epean zuzendu daitezela, akats edo huts horiek jakinarazten direnetik. Epe horretan zuzentzen ez badira, ez aurkeztutzat joko da Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eskaera.
BGAEen jarduerari ekiteko baimena ebazpen bidez emango da. Ebazpena Eusko Jaurlaritzan gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen sailak emango du, erakundea Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatu beharko da eta gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Dokumentazioa aurkeztu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, administrazioaren isiltasuna positiboa izango da.
Aseguru-jarduera egiten duten BGAEei aseguru pribatuen oinarrizko araudia aplikatuko zaie nortasun juridikoa eskuratzeari dagokionez.
BGAEen Legearen 58. artikuluko 1. paragrafoko a) letran ezarritakoaren arabera, BGAEek Mutua Funts bat mantendu beharko dute etengabe, gutxienez berrogeita hamar mila eurokoa. Mutua Funtsa aktibo egokitan gauzatu beharko da eta oso-osorik despoltsatuta egongo da.
Batzar-deian zehaztuko dira, gutxienez, bileraren eguna, ordua eta lekua, lehenengo eta bigarren deialdian, bien artean gutxienez ordu erdiko tartea utzita, eta argi, zehatz eta xehetasunez azalduko dira gai-zerrenda osatzen duten gai guztiak.
Batzarrerako deia egin ondoren eta Batzarraren aurretik, erakundeak bazkideen esku jarriko du, sozietatearen egoitzan, Batzarrean eztabaidatu eta, egoki bada, onartuko den dokumentazioa.
Gobernu-batzarreko kideek batzar orokorretara joan beharko dute, baina ordezkaritza eman ahal izango diote gobernu-batzarreko beste kide bati.
Estatutuetan arautuko da zuzendariek, teknikariek eta sozietatearen martxa onari buruzko ardura duten gainerakoek batzar orokorrera joan behar duten.
Gobernu-batzarreko buruak baimendu ahal izango du batzar orokorrean beste edozein pertsona egon ahal izatea, batzar orokorrak berak baimen hori errebokatu ezean.
Batzar orokorraren erabakiak aktan jasoko dira; akta idazkariak egingo du eta akta-liburuan transkribatuko du, eta adieraziko ditu:
Bileraren eguna eta lekua.
Batzar-deia egin den eguna eta modua, batzar unibertsala izan ezean.
Batzar-deiaren testu osoa.
Zenbat bazkide izan diren bileran, pertsonalki joan direnak eta ordezkari bidez joan direnak bereizita, eta batzarra lehenengo ala bigarren deialdian egin den.
Tratatutako gaien laburpena, eta jasoaraztea eskatu duten interbentzioena.
Hartutako erabakien edukia.
Botazioen emaitza, erabaki bakoitza zenbateko gehiengoz hartu den zehaztuz. Kontrako botoa eman duenak hala eskatzen badu, erabakiaren aurka dagoela ere jasoko da.
Aktaren onarpena, bileraren amaieran onartu bada.
Bileran izan direnen zerrenda aktaren hasieran emango da, edo aktaren eranskin gisa, idazkariak sinatuta eta lehendakariak ontzat emanda. Bileran izandakoen zerrenda fitxategi bidez ere egin ahal izango da, eta euskarri informatikoan gehitu.
Akta batzarrak berak onartu ahal izango du, batzarra egin ondoren, edo, bestela, lehendakariak eta batzarrak berak izendatutako bi kidek onartuko dute, idazkariarekin batera sinatuta, hogeita hamar eguneko epean nahitaez.
Bileran izan den edozein kidek, aktaren edo hartutako erabakien testu osoaren ziurtapena eskatu ahal izango du, eta ziurtapen hori une horretan idazkari denak egingo du, lehendakariak ontzat emanda.
Erabakiak hartzen diren momentutik, dagozkien ondorioak sortzen hasiko dira, Erregelamendu honen 99. artikuluan ezarritakoa salbu.
Inskribatzekoak diren erabakiak Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan aurkeztu beharko dira akta onartu eta hurrengo hogeita hamar egunen barruan.
Deusezak izango dira eguneko gai-zerrendan ez dauden gaiei buruz hartutako erabakiak, batzar unibertsala denean izan ezik.
Batzar orokorrean hartzen diren erabakiak telematikoki komunikatuko zaizkie bide hori aukeratzen duten bazkide arruntei eta onuradunei. Bestela, dokumentazio idatzia bidaliko zaio bakoitzari, banaka.
BGAEen estatutuetan jaso beharko da bazkideek batzar orokorrean hartutako erabakiak aurkaratzeko eskubidea dutela, erabaki horiek legearen kontrakoak edo estatutuen aurkakoak direnean edo, bazkide edo hirugarren baten ego gehiagoren onurarako, BGAEaren edo beronen bazkide edo onuradunen interesei kalte egiten dietenean.
Erabaki bat ezingo da aurkaratu, aldez aurretik beste erabaki batek indarrik gabe utzi badu edo behar bezala ordeztu badu.
Gobernu-batzarrean ordezkatuta egongo dira bai bazkide sustatzaile eta babesleak bai bazkide oso edo arruntak, eta baita onuradunak ere erakundearen estatutuek hala agintzen badute. Bere funtzioak betetzean, erakundeko bazkide osoen eta onuradunen interesak bakarrik zainduko ditu gobernu-batzarrak.
BGAEak saiatuko dira emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izaten gobernu-batzarrean, gizonek eta emakumeek erakundean duten proportzioan.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak batu ahal izango dira erakunde berri bat sortuz, edo lehendik dagoen BGAE batek beste erakunde bat edo gehiago xurgatuz.
Berri bat sortzeko bat egiten duten BGAEak, edo beste batek xurgatzen dituenak, deseginda geratuko dira, baina ez dira likidazioan sartuko; dituzten ondareak eta bazkideak erakunde berrira edo xurgatzailera pasatuko dira, eta hark hartuko ditu bere gain desegindako BGAEen eskubideak eta betebeharrak.
5/2012 Legearen 36. artikuluak ezarritakoaren arabera, bat egiteko asmoa duten BGAEetako Gobernu Batzarrek bat-egiteko proiektua idatzi beharko dute.
Bat-egiteko proiektuan gutxienez jaso beharko dira:
Bat-egitean parte hartuko duten erakundeen izena, egoitza eta dagokien erregistroko inskripzio-datuak, eta bat-egitearen emaitza izango den BGAEaren izena eta egoitza.
Erakunde berriaren eskritura-proiektua, estatutuen proiektua barne, edo, xurgapena bada, erakunde xurgatzailearen estatutuetan egingo diren aldaketen testu osoa.
Bat-egitean parte hartuko duen erakunde bakoitzeko gobernu-batzarraren txostena, gai hauek jorratuko dituena: bat-egitearen justifikazio ekonomikoa eta erakundearen partaidetza, proiektuaren bideragarritasuna, egitura tekniko, finantzario eta administratibo berria, bat-egitearen ondoriozko erakundearen programa estrategiko berria eta langile-plantillen integrazioa.
Bat-egite prozesua koordinatzeko izendatzen diren pertsona edo organoen osaera, funtzionatzeko araubidea eta egotzitako ahalmenak.
BGAE bakoitzaren bat-egiteko balantzeak eta bat-egitetik aterako den balantze bateratua, azkeneko onartu eta auditatutako balantzeari buruz sor litezken balio-diferentziak adieraziz eta justifikatuz. Azkeneko onartutako ekitaldiko balantzea hartu ahal izango da bat-egiteko balantze gisa, baldin eta bat-egiteko proiektuaren datan sei hilabete igaro ez badira ekitaldia itxi zenetik. Urteko balantzeak baldintza hori betetzen ez badu, beste balantze bat egin beharko da, bat-egiteko proiektuaren dataren aurreko hirugarren hilaren lehenengo egunetik aurrera itxia, urteko azkeneko balantzea aurkezteko erabilitako metodo eta irizpide berberekin.
Zein egunetatik aurrera kontsideratuko den azkentzera doazen erakundeen eragiketak, kontabilitatearen ondorioetarako, haien ondarea bereganatuko duen BGAEak eginak direla.
Azkendutako erakundeetako bazkideei BGAE berrian edo xurgatzailean aitortzen zaizkien eskubideak eta betebeharrak.
Bat-egiteko proiektua onartutakoan, bat egitera doazen BGAEetako administratzaileek ez dute bat-egitearen onarpena oztopa lezakeen inolako egintzarik burutuko edo kontraturik sinatuko.
Bat-egiteko proiektua ondoriorik gabe geratuko da, baldin eta bat-egitean parte hartzen duten BGAE guztiek bat-egitea onartzen ez badute, proiektua onartzen denetik hiru hilabeteko epean.
Bat-egitea onartu behar duen batzar orokorrerako deia argitaratzean, bazkideen esku jarri beharko dira, sozietatearen egoitzan, honako dokumentu hauek:
Bat-egiteko proiektua.
BGAE bakoitzeko administratzaileek idatzitako txostenak egin asmo den bat-egitearen komenigarritasunari eta ondorioei buruz.
Bat-egitean parte hartzen duten BGAEen azkeneko hiru ekitaldietako urteko kontuak eta kudeaketa-txostenak eta kontu-auditoreenak.
Bat-egitean parte hartzen duten BGAE guztietan indarrean dauden estatutuak.
Bat-egitean parte hartzen duten erakundeetako administratzaileen izen-abizenak eta helbidea, zein egunetan hasi ziren kargua betetzen eta, hala badagokio, bat-egitearen ondorioz administratzaile gisa proposatutako direnen datu berak.
Aditu independente batek edo gehiagok bat-egiteko proiektuari buruz eta bat egitera doazen erakundeek ekarriko duten ondareari buruz egindako txostena.
Bat-egitean parte hartzen duen BGAE bakoitzeko batzar orokorrak hartu beharko du bat-egiteko erabakia, bat-egiteko proiektuaren arabera.
Batzar orokorrerako deian zehaztuko da bazkide guztiek eskubidea dutela 16. artikuluan adierazitako dokumentuak aztertzeko sozietatearen egoitzan.
Bat-egiteko erabakia Legearen 51. artikuluko 2. zenbakian aurreikusitako gehiengoz onartu beharko da, eta ezingo da aldatu itundutako bat-egiteko proiektua.
Bat-egiteko erabakian zehaztu beharko dira BGAE berri bat eratzeko legeak agindutako aipamenak edo, lehendik dagoen BGAE xurgatzaile bat bada, estatutuetan egindako aldaketak onartu beharko dira.
Bat-egitean parte hartzen duten BGAEen batzar orokorrek proiektua onartzen duten unetik aurrera, BGAE horiek bat-egiteko prozesua jarraitu beharko dute.
Bat-egiteko erabakia hartzen denean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta bat-egitean parte hartzen duten BGAEetako bakoitzak sozietate-egoitza duen lurralde historikoan zabalkunde handia duen egunkari batean argitaratuko da.
Bat-egitea Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroa inskribatu beharko da, eta BGAE berri bat sortzen bada, hori ere bai.
Horretarako, inskripzio-eskaera aurkeztu beharko dute erakundeek, dokumentazio honekin batera:
Bat-egiteko proiektua.
Bat-egitean parte hartzen duten BGAE guztien batzar orokorretan hartutako bat-egiteko erabakia.
Aditu independente batek edo gehiagok bat-egiteko proiektuari buruz eta bat egitera doazen erakundeek ekarriko duten ondareari buruz egindako txostena.
Bat-egitea Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatutakoan, ezereztu egingo dira azkendutako BGAEen erregistro-idazpenak.
BGAEa erabat edo partzialki zatitu ahal izango da BGAEen 5/2012 Legeak, otsailaren 23koak, 37. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Zatitzea izango da, halaber, BGAE bateko enpleguko gizarte-aurreikuspeneko plan batean integratutako kolektibo bat edo gehiago erakundez aldatzea, Legearen 45. eta 46. artikuluetan araututakoaren arabera, erakundea desegin gabe, zatitutakoa blokean aldatzen bada erakunde sortu berri edo lehendik dagoen batera edo gehiagotara.
BGAEen zatiketa, aurreko zenbakietan jasotako salbuespenekin, bat-egiteko ezarritako arauen arabera erregulatuko da, aplikatzekoak diren neurrian, eta parte hartzen duten BGAEetako bazkideek eta hartzekodunek ere eskubide berak izango dituzte.
5/2012 Legearen 38. artikuluan erakundea desegiteko ezarritako arrazoien eraginkortasuna honela arautuko da:
Legearen 38. artikuluko 1. paragrafoko e) letran esaten den epea betetzea erabateko arrazoia izango da, nola eta ez den epe hori espresuki luzatzen, batzar orokorrean erabakita, emandako botoen bi herenen gehiengoz, eta Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatuta.
Legearen 38. artikuluko 1. paragrafoko f) letran aurreikusitakoari dagokionez, desegiteko arrazoia betetzen dela ulertuko da, baldin eta berrorekatzeko plana betetzeko ekarpenak egiteko jarritako egunetik hiru hilabete igarotakoan planaren bazkide babesleak ekarpen horiek egin ez baditu eta 92/2007 Dekretuak maiatzaren 29koak, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen jarduera jakin batzuk arautzen dituenak 9. artikuluko azken paragrafoan ezarritako berrorekatze-planaren berrikuspena egin ez bada. Hala ere, BGAEak gizarte-aurreikuspeneko bi plan edo gehiago baldin baditu eta ez-betetzea ez bada guztiei buruzkoa, zirkunstantzia hori ez da erakundea desegiteko arrazoi izango, baina BGAEak ukitutako plana edo planak likidatzeko prozesuari ekin beharko dio.
Gainerako arrazoiak direnean, batzar orokorrak hartu beharko du erabakia, emandako botoen bi herenen gehiengoz. Horietako arrazoiren bat gertatzen denean, administratzaileek batzar orokorrerako deia egin beharko dute bi hilabeteko epean.
Batzar-deirik egiten ez bada, edo batzarra egiten ez bada estatutuan ezarritako epean, edo, batzarra egin arren, erabaki hori hartzen ez bada edo desegitearen kontrako erabakia hartzen bada, gobernu-batzarrak zirkunstantzia hori komunikatu beharko dio gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari, eta hark desegingo du erakundea, legeak era horretako erakundeak desegiteko ezarritako arrazoiren bat betetzen dela egiaztatu ondoren.
Desegiteko erabakia, edo desegitea deklaratzen duen ebazpen administratiboa, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatu beharko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta erakundeak sozietate-egoitza duen lurralde historikoan zabalkunde handia duen egunkari batean argitaratuko da.
Desegindako BGAEa berriro inskribatu ahal izango da, baldin eta desegitera eraman zuen arrazoia ezabatzen bada eta bazkideei oraindik ez bazaizkie ordaindu titular diren eskubideak. Horretarako, batzar orokorrak hartu beharko du erabakia, emandako botoen bi herenen gehiengoz. Erabaki horrek ez du ondoriorik izango harik eta Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatu arte.
BGAEa desegindakoan, likidazio-aldi bat irekiko da, bat-egitea edo erabateko zatiketa denean izan ezik. Aldi horretan, BGAEak bere nortasun juridikoari eutsiko dio, eta izenari «(likidazio-prozesuan)» esapidea gehituko zaio.
Likidazio-aldian zehar, batzar orokorrei buruz aplikatzekoak diren legezko eta estatutuzko arau guztiak beteko dira; likidatzaileek egingo dituzte batzar-deiak eta likidazioaren martxaren berri emango dute batzarretan, guztien interesari komeni zaiona erabaki dezaten.
Batzar orokorrak aukeratuko ditu likidatzaile bat edo gehiago, beti kopuru bakoitian. Likidatzaileei ordaindu ahal izango zaie.
Izendapenak ez du ondoriorik izango hirugarrenen aurrean, harik eta Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatu arte.
Erakundea desegin eta bi hilabete igarotzen badira likidatzaileak izendatu gabe eta izendatuek kargua onartu gabe, gobernu-batzarreko kideek gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari eskatuko diote izenda ditzala likidatzaileak.
BGAEa desegindakoan, gobernu-batzarreko kideek ordezkaritza eta kudeaketako funtzioak betetzen jarraituko dute, kalteren bat gertatzea eragozteko soil-soilik; likidatzaileak izendatzen direnean, haiei dagozkien funtzioak betetzeari utziko diote eta haiekin batera sinatuko dituzte BGAEaren inbentarioa eta balantzea, likidazioa hasten den eguneko erreferentziarekin, likidatzaileek beren lanari ekin aurretik.
Gainera, horretarako errekerimendua egiten bazaie, likidatzaileek likidazio-eragiketak egiteko eskatzen dizkieten informazioa eta aurrekariak eman beharko dituzte.
Bat baino gehiago direnean, kide anitzeko organo gisa jardungo dute.
Likidatzaileek ahalmena izango dute likidaziorako behar diren eragiketa guztiak egiteko. Ematen zaizkien funtzioak betetzeko, BGAEaren ordezkari izango dira judizioan eta judizioz kanpo, eta erakundea obligaraziko dute hirugarrenen aurrean, BGAEaren gobernu-batzarrerako ezarritako modu berean.
Bereziki, likidatzaileen eginkizunak izango dira:
Aurreko artikuluan adierazitako inbentarioa eta hasierako balantzea sinatzea.
BGAEaren liburuak eta korrespondentzia eramatea eta zaintzea eta ondarearen osotasuna zaintzea.
Lehendik egiteko dauden eragiketak burutzea, eta BGAEa likidatzeko behar diren edo komeni diren eragiketa berriak egitea.
Sozietatearen ondasunak besterentzea.
Hirugarrenengandik nahiz bazkideengandik kobratzeko dauden hartzekoak erreklamatzea eta kobratzea.
Transakzioak eta arbitrajeak ituntzea sozietatearen interesei komeni zaienean.
Hartzekodunei eta bazkideei ordaintzea eta BGAEaren gerakina transferitzea hurrengo 25. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Likidatzaileek funtzioak amaituko dituzte: likidazioa burutu delako; batzar orokorrak errebokatzea erabaki duelako; edo gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak erabaki duelako, behar bezala arrazoituta. Gobernu-batzarreko kideentzat ezarritako era berean erantzungo dute likidatzaileek.
Sortutako prestazioak erabat ordaindu edo aseguratu arte, ezingo da erakundearen ondarea adjudikatu edo banatu.
Zor horiek ordaindutakoan, ordena honetan adjudikatuko da geratzen den ondarea:
Bazkideei itzuliko zaie oraindik beren izenean dituzten eskubideen zenbatekoa. Prestazio finkatukoak direnean, prestazio hori eskubide ekonomiko zehatz bihurtuko da, eta likidazio-erabakiaren datako hornidura matematikoaren balio berekoa izango da.
Bazkideei itzuliko zaizkie borondatezko erreserba-funtsak, banagarriak badira estatutuetan xedatutakoaren arabera edo batzar orokorrak erabakita, eta estatutuetan ezarritako erregelen arabera banatuko dira.
Soberakinik geratzen bada, BGAEaren estatutuetan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.
Sozietatearen zor guztiak ordaindutakoan, BGAEaren ondarearen egoeraren azken balantzea egingo dute likidatzaileek eta ondarea banatzeko proiektu bat prestatuko dute, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.
Azken balantzea eta ondarea banatzeko proiektua, kontu-hartzaileen aldeko txostenarekin, halakorik dagoenean, batzar orokorrera eramango dira, onartzeko. Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta erakundeak sozietate-egoitza duen lurralde historikoan zabalkunde handia duen egunkari batean argitaratuko da, eta iragarkian zehaztu beharko da erabaki horiei buruzko dokumentazioa sozietatearen egoitzan dagoela interesdunen esku.
Likidazioa burututakoan eta ondarea banatutakoan aurreko artikuluetan ezarritako eran, likidatzaileek, azken balantzearen onarpena eta egindako eragiketak jasotzen duen eskritura batean, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroari eskatu beharko diote ezereztu ditzala BGAEari buruzko idazpenak, eta erakundearen liburuak eta dokumentuak gordailutuko dituzte, bost urtean kontserbatzeko.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek babestuko dituzte soil-soilik Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Legearen 24. eta 25. artikuluetan aurreikusitako kontingentziak, Legean eta Erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan.
Erretiro-kontingentzia gertatu dela ulertuko da 5/2012 Legaren 24.1.a) artikuluan ezarritakoa gertatzen denean.
Legearen 17. artikuluan ezarritako mugak irizpide hauen arabera aplikatuko dira:
Bazkide erretiratu bat ezingo da sartu bazkide gisa beste BGAE batean, ez baldin bada orain bazkide den BGAEko eskubideak bestera mobilizatuz.
Erretiroa hartu aurretik BGAE batean sartu zen erretiratu batek, erretiro-kontingentziarengatik kobratzen hasi ez bada, erretiroa eta beste kontingentzia batzuk estaltzeko ekarpenak egin ahal izango ditu BGAEan.
Erretiroa hartu aurretik BGAE batean sartu zen erretiratu batek, erretiro-kontingentziarengatik kobratzen hasita baldin badago, beste kontingentzia batzuetarako ekarpenak bakarrik egin ahal izango ditu, ezingo du erretirorako ekarpenik egin.
Erretiro-prestaziorik kobratzen ez duen erretiratu batek beste BGAE batzuetara mobilizatu ahal izango du, baldin eta jatorrizko modalitatea banakakoa edo elkartekoa bada. Banakako edo elkarte-modalitateko BGAE bateko erretiratu batek erretiro-prestazioa kobratzen badu, mobilizatu ahal izango du, baldin eta kobratzeko prestazioaren muntari buruzko garantia edo konpromisorik ez baldin badago.
Erretiratu batek ezin du bere borondatez baja emateko eskubidea baliatu.
Erretiratu bat berriro lanean hasten bada eta erretiro-prestazio publikoa eta osagarria eteten baditu, bere BGAEan ekarpenak egiten jarraitu ahal izango du prestazio horretarako.
Estaldura emango zaion ezintasun iraunkorraren edo lanerako baliaezintasunaren kontingentzia izango da: ohiko lanbidean jarduteko ezintasun iraunkor partziala; ohiko lanbidean jarduteko ezintasun osoa; edozein lanetarako ezintasun iraunkor absolutua; eta baliaezintasun handia. Egoera horiek zehaztuko dira Gizarte Segurantzan dagokion araubidearen arabera.
Bazkideak ezin badu baliaezintasun-prestaziorik eskuratu Gizarte Segurantzaren sistema publikoan, baliaezintasunaren kontingentzia gertatuko da, ordaindutakoaren araberakoak ez diren prestazioei aplikatu beharreko araudiaren arabera, organo ofizial eskudunak edo gizarte-aurreikuspeneko erakundeak balorazioa egiteko funtzioa berariaz eman dion organoak erabakitzen duenean ehuneko 33tik gorako desgaitasuna edo gaixotasun kronikoa duela, aipatutako araudian ezarritako baremoen arabera.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak babesten duenean bazkide arruntaren heriotzaren kontingentzia, alargun- edo umezurtz-prestazioak, edo beste onuradun batzuen aldekoak, kobratzeko eskubidea sortu ahal izango da.
BGAE baten onuradunak izendatuko dira BGAEen 5/2012 Legearen 18. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
Banakako modalitateko BGAEetan, bazkide bat hiltzen denean, onuradunak onuradun izaera hori modu fede-emailean egiaztatuta hauetako aukera bat hautatu ahal izango du:
Bazkide bezala sartzea hildako bazkidearen BGAE berean, dagozkion eskubideekin.
Eskubide horiek onuradunak adierazten duen BGAEra mobilizatzea eskatzea.
Eskubide guztiak edo zati bat kobratzea, bazkidearen heriotzarengatik dagokion prestazio gisa.
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Legearen 24.1 d) artikuluan zehazten den mendekotasunaren kontingentzia izango da mendekotasunari buruz indarrean dagoen legerian araututako mendekotasun larria edo mendekotasun handia.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak luzaroko langabeziaren kontingentzia babesten duenean, luzaroko langabeziatzat ulertuko da lanpostua galtzea, edo jarduerari uztea langile autonomoak direnean, baldintza hauek betetzen direnean:
Legezko langabezia-egoeran egotea. Egoera horretan sartuko dira laneko harremana edo administratiboa azkentzea eta lan-kontratua etetea, Gizarte Segurantzaren legerian ezarritakoaren arabera.
Ordaindutakoaren araberako langabezia-prestazioak kobratzeko eskubiderik ez izatea, edo urtebetean kobratu izana, edo prestazio horiek agortu izana. Urtebete kontatu ahal izango da, langabeziako hamabi hilabeteak elkarren segidakoak ez izan arren.
Eskaera egiten den unean dagokion enplegu-zerbitzu publikoan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
Norberaren konturako langileak direnean, Gizarte Segurantzan autonomoen araubidean integratuta egon badira eta jarduerari utzi badiote, prestazioa eman ahal izango da aurreko b) eta c) letretan ezarritako baldintzak betetzen badira.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak gaixotasun larriaren kontingentzia babesten duenean, gaixotasun larria izango da: bazkide arrunta ohiko lana edo jarduera egiteko aldi baterako ezgaitzen duen edozein gaitz fisiko nahiz mental, hiru hilabetetik gora irauten badu jarraian, edo kirurgia handia eskatzen badu edo ospitalean tratamendua ematera behartzen badu. Kontingentzia honen estaldura hedatu ahal izango da bazkidearen ezkontideak edo izatezko bikotekideak, edo lehen graduko aurreko edo ondorengo ahaide batek edo, halaber, bazkide arruntarekin tutoretza edo harrerako araubidean bizi den edo haren mende dagoen pertsona batek gaixotasun larria duenerako ere.
Aipatutako kasu horiek gaixotasun larritzat joko dira bazkideari ezintasun iraunkorragatik prestazioa jasotzeko eskubidea ematen ez dioten bitartean, Gizarte Segurantzaren araubidean ezarritako edozein gradutako ezintasun iraunkorraren arabera, eta betiere bazkideari errenta erabilgarria murrizten bazaio gastuak gehitzeagatik edo sarrerak gutxitzeagatik eta murrizte hori behar bezala egiazta badaiteke. Alde horretatik, gastuen aurrekontua aurkeztea onartu ahal izango da.
Legean eta Erregelamendu honetan aurreikusitakoaren arabera borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen estatutuetan edo erregelamenduetan zehaztutako kontingentziak gertatzen direnean eman beharreko prestazioak, diruzkoak izaten dira oro har eta ordaindu daitezke: kapital moduan; aldi baterako nahiz bizi guztirako errenta aktuarial moduan; eta errenta finantzario eta misto moduan, estatutu edo erregelamenduek zehaztutakoaren arabera.
Legearen 14. artikuluko lehenengo paragrafoko f) letran errenta moduan ordaindu behar dela esaten den prestazioaren munta, Gizarte Segurantzan dagokion urteko gutxieneko pentsioaren ehuneko hamarrean ezartzen da.
Bazkideak, indarrean dagoen legeriaren arabera enplegua bultzatzeko xede zehatzarekin, prestazio osoa ordainketa bakarrean jasotzea eskatu ezean, hileko errenta moduan ordainduko da prestazioa.
Legearen 24. artikuluko 1. paragrafoko e) letran azkeneko paragrafoan aurreikusten den hileko errenta baliokidea kalkulatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:
Ordaindutakoaren araberako prestazio publikoa kobratzen bada, gehienezko errenta baliokidea izango da ordaindutakoaren araberako prestazio horren berdina eta hasierako zenbateko gordin berekoa.
Ordaindutakoaren araberako prestazioaren zenbatekoa murrizten bada, murrizketa hori konpentsatu ahal izango da prestazio osagarria gehituz, gehienez, murrizketa berdindu arte.
Ordaindutakoaren araberako prestazioa kobratzeko eskubiderik ez badago, gehienezko prestazio baliokidea kalkulatzeko kontuan hartuko dira sistema publikoari egindako kotizazioak, ordaindutakoaren araberako prestazioa kobratzeko eskubidea izateko baldintzak bete balira bezala, edo, bestela, autonomoak edo kooperatibetako lan-bazkideak edo bazkide langileak edo lan-sozietateetakoak elkartzen dituzten BGAEek araututako langabezia-prestazioa.
Kontingentzia gertatutakoan eta kobratzeko eskaera aurkeztutakoan, 5 egun balioduneko epea izango du borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak prestazioa ordaintzeko, eskaera erakundean aurkezten denetik kontatuta.
Enplegu-modalitateko erakundeen prestazioak ordaintzeko, aurreko 1. paragrafoan esandako epea estatutuetan ezarritakoa izango da, baina ezingo du gainditu eskaera aurkezten den hilaren hurrengo hileko azkeneko eguna.
Aurreko paragrafoetan ezarritako eskaerarekin batera, kontingentzia gertatu izana egiaztatzeko behar den dokumentazio guztia eta osoa eta behar bestekoa aurkeztu beharko da, eta, hala dagokionean, onuradun izaera egiaztatzekoa ere bai, Erakundeak eskatutakoaren arabera.
Legearen 27. artikuluak ezarritakoaren arabera, prestazioa kobratzeko eskubidea ematen duen kontingentzia gertatzen ez den bitartean, eskubide ekonomikoak ezin dira enbargatu eta eskubide horien gainean ezingo da kenkaririk, atxikipenik edo lagapenik egin, eta kontratu baten garantia gisa ere ezingo dira eratu.
Kontingentzia gertatu ondoren, enbargorik edo traba judizial edo administratiborik egiten bada, epaitegiak edo administrazio eskudunak agindutakoa beteko da.
Heriotza denean, enbargorik, traba judizial edo administratiborik egiten bada, epaitegiak edo administrazio eskudunak agindutakoa beteko da, onuradunei komunikatu aurretik gera lekizkiekeen eskubide ekonomikoak.
BGAEek aurreikusi ahal izango dut aseguruak, abalak eta garantiak kontratatzea kreditu-erakundeekin edo aseguru-etxeekin, kasu bakoitzean dagokion araudiaren arabera, errenta moduan ordaintzen diren prestazioak aseguratzeko edo bermatzeko.
Kontratazio hori egiteko, BGAEak kontratazio-prozedura bat ezarriko du idatziz, finantza-erakundeen edo aseguru-etxeen arteko lehia librekoa. Prozeduran zehaztuko da gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko direla, eta garantia- edo aseguru-kontratua adjudikatzeko irizpideak finkatuko dira. Garantia- edo aseguru-kontratua globalki egin ahal izango da, denboraldi baterako, gehienez bost urterako, eta kontratu horrek irauten duen denboran garantia edo aseguramendu hori eskatzen duten bazkide guztientzat. Garantiak edo aseguruak estali beharko ditu erregelamenduetan errenta moduko prestazioak kobratzeko ezarritako epeak. Kreditu-erakundearekin edo aseguru-etxearekin sinatuta daukan garantia- edo aseguru-kontratua amaitzen denean, beste kontratu bat egingo du BGAEak. Errentak bermatzeko edo aseguratzeko kontratua, garantia edo aseguruaren objektu den errenta moduko prestazioa kobratzeko eskubidea duen bazkidearen aukeran formalizatuko da. Errenta aseguratzeko edo bermatzeko baldintzak idatziz eta xehetasunez azaldu beharko zaizkio bazkideari.
Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako araubide bereziaren arabera eta Erregelamendu honetan ezarritako baldintzak betez, BGAEek beren prestazioen erregelamenduetan ezarri ahal izango dute desgaitasuna dutenen aldeko ekarpenak egiteko aukera, baldin eta ehuneko 65eko desgaitasun fisiko edo sentsoriala edo handiagoa badute, edo ehuneko 33ko desgaitasun psikikoa edo handiagoa, edo judizialki deklaratutako ezgaitasuna, edozein gradutakoa. Desgaitasun-gradua egiaztatu beharko da aplikatzekoa den araudiaren arabera egindako ziurtagiriaren bidez edo ebazpen judizial irmo baten bidez.
Kasu horietan, honako espezialitate hauek aplikatu ahal izango dira.
Araubide berezi honen babesean, ekarpenak desgaituak berak egin ahal izango ditu zuzenean, edo beste batek egin ahal izango ditu haren alde, zehazki, hirugarren gradura arteko ahaidetasun zuzena edo zeharkakoa duen batek, edo ezkontideak edo izatezko bikotekideak edo desgaitua tutoretzan edo harreran bere kargura duen batek.
Aurreko paragrafoan zehaztutako hirugarrenek egiten dituztenean ekarpenak, bazkide desgaituak bakarrik kobratu ahal izango ditu edozein kontingentziari dagozkion prestazioak, hiltzen denean izan ezik, kasu horretan heriotza-kontingentziarako ezarritakoa aplikatuko baita, alargun- edo umezurtz-prestazioa edo beste onuradun batzuen aldekoa sortzeko.
Hala ere, aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera, desgaituaren aldeko ekarpenak egin ditzaketen hirugarrenek egiten dituztenean ekarpenak, desgaitua hiltzen bada, alargun- edo umezurtz-prestazioak edo ekarpenak egin dituztenen aldeko edo haien legezko jaraunsleen aldeko prestazioak bakarrik sortuko dira, bakoitzak egindako ekarpenen proportzioan.
Desgaitasuna dutenen aldeko ekarpenak banakako modalitateko BGAEetan egin ahal izango dira, edo elkarte-modalitateko BGAEetan, desgaitasuna duena edo haren aldeko ekarpena egiten duena elkarte-modalitateko BGAEko edo haren erakunde sustatzaileko bazkidea bada.
Edonola ere, Erregelamendu honen arabera desgaitasuna duen baten alde egindako ekarpenek sortutako eskubide ekonomikoak desgaituarenak izango dira, eta berak baliatuko ditu bazkideei dagozkien eskubideak, bere kabuz edo legezko ordezkariaren bidez, adingabea bada edo legez ezgaituta baldin badago.
Aurreko horrek ez du eragotziko desgaituak berak ekarpenak egin ahal izatea BGAE berean edo beste batzuetan.
Aurreko a) eta b) paragrafoetan aurreikusitako ekarpenak egitea ez da eragozpen izango enplegu-modalitateko BGAE bateko bazkide babesleak bertako desgaituen aldeko kontribuzioak egiteko.
Aurreko 40. artikuluan aurreikusitako desgaitasun-gradua duten bazkideek egindako ekarpenak, eta artikulu beraren arabera haien alde egiten direnak, kontingentzia hauek estaltzera bideratu ahal izango dira:
Desgaitasuna duenaren erretiroa, Erregelamendu honen 29. artikuluaren arabera.
Era berean, adinari dagokion prestazioa jaso ahal izango du, prestazioen erregelamenduan zehaztez denaren arabera, 45 urte betetzen dituenetik aurrera, baldin eta enplegurik edo lanbide-okupaziorik ez badu.
Ezintasun iraunkorra edo lanerako baliaezintasuna eta mendekotasuna, Erregelamendu honen 30. eta 32. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, dela desgaituarena edo dela haren ezkontidearena edo izatezko bikotekidearena, edo hirugarren gradura arteko aurreko edo ondorengo ahaide batena, baldin eta desgaitua horien mende badago edo tutoretzan edo harreran hartuta badaukate.
Era berean, estaldura eman ahal izango zaio bazkidearen desgaitasuna larriagotzeari, horrek betiko ezgaituta uzten badu zeukan enpleguan edo okupazioan jarraitzeko, edo beste edozein lan egiteko, ondoren etorritako baliaezintasun handia barne, eta ez baldin badauka prestazioa jasotzeko aukerarik Gizarte Segurantzako Araubide baten arabera.
Desgaitasuna duenaren heriotza. Kontingentzia horrek prestazioak sortu ahal izango ditu Erregelamendu honen 31. eta 40. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Erretiroa hartzea, Erregelamendu honen 29. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dela desgaituaren ezkontideak edo izatezko bikotekideak, edo hirugarren gradura arteko aurreko edo ondorengo ahaide zuzeneko nahiz zeharkako batek, baldin eta desgaitua horien mende badago edo tutoretzan edo harreran hartuta badaukate.
Desgaituaren ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen heriotza, edo hirugarren gradura arteko aurreko edo ondorengo ahaide zuzeneko nahiz zeharkako batena, baldin eta desgaitua horien mende badago edo tutoretzan edo harreran hartuta badaukate.
Luzaroko langabezia, Erregelamendu honen 33. artikuluan aurreikusia, aplikatzekoa izango da desgaitua bera egoera horretan dagoenean, edo haren ezkontidea edo izatezko bikotekidea, edo hirugarren gradura arteko aurreko edo ondorengo ahaide zuzeneko nahiz zeharkako bat, baldin eta desgaitua horien mende badago edo tutoretzan edo harreran hartuta badaukate.
Erregelamendu honen 34. artikuluan aurreikusitako kasuez gain, bazkide desgaituak direnean, gaixotasun larritzat joko dira, halaber, hiru hilabetez jarraian gutxienez desgaitua egoitza batean edo zentro espezializatu batean egotera edo etxeko laguntza eta tratamendua jasotzera behartzen duten egoerak.
Prestazioak kobratzen dituena desgaitua bera denean, Legean eta Erregelamendu honen VI. Kapituluan ezarritakoaren arabera arautuko dira desgaitasuna duenak edozein BGAEri egindako ekarpenen eta enplegu-modalitateko BGAE bateko bazkide babesle batek egindakoen, eta, halaber, desgaituaren ezkontideak edo izatezko bikoteak edo 40. artikuluan zehaztutakoek egindako ekarpenen ondorioz sortzen diren prestazioak.
5/2012 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, ekarpen finkatuko aurreikuspen-planak artikulatzen dituzten BGAEek aurreikuspen-planen multzo orekatu eta mugatu bat ezarri ahal izango dute, arrisku- eta errentagarritasun-konbinazio desberdinekin, bazkideen adina, inbertsio-estrategia eta egoera edo kolektiboaren ezaugarriak kontuan izanda.
Gobernu-batzarrak zainduko du aurreikuspen-planetan eskaintzen diren inbertsio-aukeren kopurua eta errentagarritasun-profila eta arriskua egokiak direla bazkideen eta onuradunen premiei erantzuteko.
Gobernu-batzarrak estrategia garatuko du, gizarte-aurreikuspeneko plan bakoitzaren inbertsio-helburuekin, bakoitza ongi identifikatuta, espresuki zehaztuta eta dokumentatuta, gero erregularki kontrolatu eta berrikusi ahal izateko.
Aurreikuspen-planen erregelamenduetan eta inbertitzeko printzipio-deklarazioetan argi eta garbi nabarmenduko dira aukera bakoitzaren alderdi nagusiak, errentagarritasunari eta arriskuari dagokienez. Arriskuaren eremuan epea zehaztuko da. Ondorioz, plan batzuk «errentagarritasun txikiagokoak» izango dira eta beste batzuk «arrisku handiagokoak» epe labur, ertain edo luzera.
Legearen 9. artikuluko b) letraren 1. zenbakiaren amaieran aipatzen diren gizarte-aurreikuspeneko plan bermatuak direnean, edo BGAEak inbertsioaren emaitza bermatzen duen planak direnean, inbertsioaren epea 10 urtekoa izan ahal izango da gehienez.
Ekarpen finkatuko aurreikuspen-planak artikulatzen dituzten BGAEek, aurreko 43. artikuluan adierazitakoari kalterik egin gabe, bizi-zikloaren inbertsio-estrategia bat eskaini beharko diete erakundeko bazkide osoei, gutxienez hiru aurreikuspen-planekoa eta gehienez bostekoa, arrisku- eta etekin-konbinazio desberdinekin.
Enplegu- edo elkarte-modalitateko BGAEek bizi-zikloaren inbertsio-estrategia arautuko dute, Batzar Orokorrak horrela erabakitzen badu. Horretarako, BGAEko Gobernu Batzarrak aztertu beharko du komeni ote den bizi-zikloaren inbertsio-estrategia bat ezartzea Erregelamendu honetan adierazitakoaren arabera, abantailak eta desabantailak baloratuz; idatziz dokumentatuko du txosten batean, eta txosten hori Batzar Orokorrari helaraziko dio, onartu edo baztertu dezan. Baztertu egiten bada, hiru urtez behin berriro ebaluatuko da estrategia hori komeni den, lehen azaldu den prozeduraren arabera.
Bizi-zikloaren inbertsio-estrategia osatzen duten aurreikuspen-planak plan lehenetsiak izango dira. Plan lehenetsia da BGAE batean sartzen den edozein bazkideri automatikoki esleitzen zaiona, aukera horri buruzko informazioa eman ondoren, ez badu gizarte-aurreikuspeneko beste plan bat aukeratzen espresuki.
BGAEek xehetasunez azalduko dituzte plan lehenetsien errentagarritasun garbiko helburuak, balio nominaletan eta errealetan, eta helburu hori lortzeko erabiliko den estrategia. Inbertsio-estrategiak koherentea izan beharko du errentagarritasun garbiko helburuarekin eta oreka mantendu beharko du arriskuaren eta lortu nahi den errentagarritasun finantzario potentzialaren artean. Gainera, ulertzeko moduan deskribatuko da inbertsio-estrategiak nola kontsideratu eta kudeatuko duen arriskua.
Plan lehenetsi bakoitza definituko da bazkideen erretiro-espektatiben arabera, eta batez ere ohiko erretiro-adinerako falta diren urteei dagokien epealdiaren arabera. Epealdi eta espektatiba horiek ezartzeko, ez da kontuan hartuko borondatezko baja emateko aukera. BGAEak zehaztu beharko du bazkideak, une oro, zein plan lehenetsitan sartuko diren, epealdi eta espektatiba horien arabera. BGAEak trantsizio-aldi bat ezarri ahal izango du plan lehenetsi batetik bestera pasatzeko, gehienez bost urtekoa. Kasu horretan, eta trantsizio-aldi horrek irauten duen bitartean, bazkidea bi plan lehenetsitan sartuta egon ahal izango da.
Bazkidea berari dagokion plan lehenetsian sartuko da, nola eta ez duen espresuki jasoarazten beste aukera bat hautatu nahi duela, dela beste plan lehenetsi bat dela gizarte-aurreikuspeneko beste plan bat. Horretarako, bazkideari adierazi beharko zaio zein plan lehenetsi dagokion eta nolako ezaugarriak eta helburuak dituen, eta, gainera, adieraziko zaio ez daukala nahitaez plan horretan sartu beharrik, uko egin diezaiokeela aukera lehenetsi horri, eta erakundeak eskaintzen dituen aukeretako beste bat hautatu. Informazio hori egiaztatu ondoren, hilabeteko epean bazkideak ez badu espresuki komunikatzen, idatziz eta sinatuta, zein aukera hautatu nahi duen, dagokion plan lehenetsian integratuko da.
Bizi-zikloaren inbertsio-estrategia osatzen duten plan lehenetsiak aldizka berrikusi beharko dira, hiru urtez behin gutxienez, beren xedeari egokitutako baldintzak betetzen segitzen dutela egiaztatzeko.
Berrikuspen horren ondorioz erabaki garrantzitsuren bat hartzen bada, berehala eta argi eta garbi jakinarazi beharko zaie bazkideei. Era berean, gobernu-batzarrak erabakitzen badu berrikuspenaren ondorioz proposatutako aldaketak ez egitea, aldaketa horiek ez egiteko arrazoiak oso-osorik dokumentatu beharko dira eta informazioa bazkideen esku jarri.
Legearen 45.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde batean integratuta dauden enpleguko edo elkarteko gizarte-aurreikuspeneko planetako bazkide sustatzaileek erabaki ahal izango dute planari atxikitako bazkideen kolektiboa eta aktiboak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko beste erakunde batera aldatzea, baldintza hauek beteta:
Planaren sustatzaileek legitimoki hartutako erabakia beharko da.
Erakundez aldatu aurretik, helburuko erakundearen onarpen-erabakia eskatu beharko da.
Administrazioaren baimena eskatu beharko da; eskaerarekin batera aurkeztuko dira sustatzaileen erabakia eta helburuko erakundearena.
Baimena ematen dutenean, ematen badute, helburuko erakundeak aldaketari buruzko dokumentazioa bidaliko dio jatorrizko erakundeari, eta horrek estatutuetan ezarritako epean burutu beharko du aldaketa, hilabeteko epean gehienez ere dokumentazioa hartzen duenetik.
5/2012 Legearen 45.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde baten gizarte-aurreikuspeneko plan batean sartzea erabaki duen kolektibo bateko bazkideek, erabaki ahal izango dute erakunde batetik hartzeko dituzten funtsak, erakunde beraren edo beste erakunde baten enpleguko gizarte-aurreikuspeneko beste plan batera aldatzea, ezarrita daukan garantia-araubideak horretarako aukerarik ematen badu, ondorengoaren arabera:
Kolektiboa osatzen duten bazkideek legitimoki hartutako erabakia beharko da. Kolektiboa osatzen dutenen artean plana sustatu duen bazkiderik badago, horien adostasuna ere beharko da.
Aldaketa egin aurretik, erakundearen edo helburuko erakundearen onarpen-erabakia eskatu beharko da.
Helburuko erakundeak aldaketari buruzko dokumentazioa bidaliko dio jatorrizko erakundeari, eta horrek estatutuetan ezarritako epean burutu beharko du aldaketa, hilabeteko epean gehienez ere dokumentazioa hartzen duenetik.
Estatutuek ezarri beharko dute artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetako a) letran ezarritako erabakiak hartzeko beharko diren gehiengoak.
Bazkide arruntei eta onuradunei emango zaien informazioak baldintza hauek denak bete beharko ditu:
Aldizka eguneratuko da, Erregelamendu honetan ezarritako maiztasunarekin gutxienez.
Argi idatziko da, hizkera laburra eta ulerterraza erabiliz, jargoirik eta termino teknikorik sartu gabe horren ordez eguneroko hizkerako hitzak erabil daitezkeenean;
Ez da engainagarria izango eta koherentzia bermatu beharko da hiztegiaren eta edukiaren aldetik;
Aurkezpenari dagokionez, erraz irakurtzeko modukoa izango da eta karaktereak tamaina irakurgarrikoak izango dira.
Aurreikuspen-planen ezaugarri guztiei buruzko informazioa eman beharko diete BGAEek beren bazkide potentzialei, espezifikoki plan lehenetsiei buruzkoa, hala dagokionean, zehazki, 92/2007 Dekretuak maiatzaren 29koak, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen jarduera jakin batzuk arautzen dituenak 4. artikuluko 1. zenbakiko a), c), d), e), f), g), h) eta i) letretan jasotzen den informazioa.
Etorkizuneko pentsio-eskubideen estimazioari buruzko informazioaz gain, erakundeek bazkide bakoitzari eman beharko diote, legez erretiroa hartzeko adinera iritsi baino bi urte lehenago gutxienez, erretiro-prestazioa kobratzeko dituen aukerei buruzko informazioa.
Zor dizkieten prestazioei eta prestazio horiek ordaintzeko aukerei buruzko informazioa emango diete erakundeek bazkide pasiboei eta onuradunei.
Bazkide pasiboek eta onuradunek inbertsioaren arriskuaren maila esanguratsua beren gain hartzen dutenean, BGAEak argi eta garbi informatuko du zirkunstantzia horri buruz.
Erregelamendu honen 11. artikuluan ezarritakoa salbu, indarrean dagoen araudiak agindutako informazioa baliabide telematikoen bidez jarriko da bazkide arrunten eta onuradunen esku. Bazkideari edo onuradunari aukera eman beharko zaio informazioa dokumentazio idatziaren bidez banaka bidal dakiola hautatzeko.
Edonola ere, bazkide osoak edo onuradunak Gobernu Batzarrari berariaz eskatzen badio, arrazoituta, informazio hori indibidualki emango zaio.
Legearen 56. artikuluan ezarritakoaren arabera, BGAEak bere bazkide eta onuradun guztien erregistro historikoak mantendu beharko ditu etengabe: ekarpenak, prestazioak, borondatezko bajak, mobilizazioak eta guztien datak eta muntak.
BGAEen bat-egitea edo zatiketa denean, xurgatutako edo zatitutako BGAEak, xurgapenak edo zatiketak ukitzen dituen bazkideen eta onuradunen datuak, aurreko 1. paragrafoan zehaztutako guztiak, bidali beharko dizkio BGAE xurgatzaileari edo zatiketa jasotzen duenari.
BGAEen 5/2012 Legearen 45. artikuluan jasotakoaren arabera aurreikuspen-planak eta kolektiboak beste erakunde batera aldatzen direnean, jatorrizko erakundeak aldaketak ukitutako bazkideen datu guztiak eman beharko dizkio helburuko BGAEari.
BGAE bateko bazkide batek eskubide ekonomiko guztiak mobilizatzen dituenean beste BGAE batera, jatorrizko erakundeak 1. paragrafoan zehaztutako datu guztiak bidali beharko dizkio hartzaileari.
Aurreko 1. paragrafotik 4.era bitartekoetan ezarritakoa ez betetzea, bazkideei eta onuradunei informazioa emateko eginbeharra ez betetzea dakarrenean, arau-hauste larria edo oso larria izan ahal izango da, BGAEen 5/2012 Legearen 68.3. j) eta m) y 68.4. j) eta l) artikuluetan tipifikatutakoaren arabera,
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak egingo ditu Legean eta Erregelamendu honetan araututako kontrolak, informazio-eskubidea betetzen dela egiaztatzeko eta bazkide arruntak eta onuradunak defendatzeko.
Erakundeen estatutuek ezarri beharko dute bazkide arrunten eta onuradunen eta erakundearen artean sortzen diren gatazkak konpontzeko eta erreklamazioak ebazteko prozeduren araubidea.
Edonola ere, eskubideak defendatzeko, estatutuek arautu beharko dute erreklamazioak nola aurkeztu behar diren BGAEko gobernu-batzarrean edo bazkidearen defendatzailearen aurrean, hala badagokio, Administraziora edo dagokion jurisdikziora jo aurretik. Gai honi dagokionez, prozedura horri buruzko informazioa eman beharko da Prestazioen erregelamenduan eta atxikitzeko buletinean eta, bereziki, espresuki bazkideari erakundean sartzen denean.
Aurreko paragrafoetan adierazitakoak ez du ukatzen indarrean dagoen legerian aurreikusitako beste babes-sistema batzuk baliatzeko aukera, bereziki, kontsumo arloko araudian erregulatutako bitartekaritza eta arbitrajea eta Legearen 75. artikuluan aurreikusitako adiskidetzea.
Banakako modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, batzar orokorraren bidez, bazkidearen defendatzailea izendatu beharko dute, bazkide sustatzailearengandik bereiz, bazkide arrunten eta onuradunen eskubideak zaintzeko, eta bazkideek beren gogoz aurkezten dizkioten erreklamazioak ebazteko. Izendapen hori, eta funtzionatzeko arauak, gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari eta bazkide arrunt eta onuradunei komunikatu beharko zaizkie.
Izen handiko erakunde edo aditu independenteak, arlo honetako ezagutza ekonomiko-finantzarioa edo juridikoa dutenak, izendatu beharko ditu erakundeak bazkidearen defendatzaile izateko.
Bazkidearen defendatzailearen izendapenaren eta funtzionamenduaren gastuak eta ordainsariak inola ere ez dituzte ordainduko erreklamatzaileek eta ez dute eraginik izango gizarte-aurreikuspeneko planei atxikitako ondarean.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak artatuko ditu bazkideek eta onuradunek aurkezten dituzten kexak eta erreklamazioak erakunde erreklamatuek ustez bete ez dutelako indarrean dagoen araudia.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak txosten arrazoituen bidez artatuko ditu kexak eta erreklamazioak, ukitutakoei entzun ondoren, eta txosten horiek inola ere ez dira egintza administratibo errekurrigarriak izango.
Aurreko 2. paragrafoan aipatutako txosten horien ondorioz gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak egindako errekerimenduei ez erantzuteak, Legearen XIII. Kapituluan tipifikatutako arau-hausteei dagozkien zehapen administratiboak ezartzea ekarriko du, kasu bakoitzari dagokionaren arabera.
Erakunde batek gardentasun-arauak eta bazkideak babestekoak edo praktika onak behin eta berriz edo larriki urratzen dituela erakusten duten zantzuak daudenean, gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak behar diren neurriak hartuko ditu, gainbegiratze-prozeduraren esparruan dagokionaren arabera.
Erakundeetako gobernu-batzarrek arriskuak kudeatzeko eta barne-auditoriako funtzioei eta, hala dagokienean, funtzio aktuarialari eta kanpora ateratakoei buruzko politikak izango dituzte, eta politika horiek idatzita egongo dira.
Gobernu-batzarraren ardura izango da politika horiek ezartzea; urtero berrikusiko dira, eta egokitu egingo dira erakundearen sisteman edo arlo bakoitzean aldaketa garrantzitsuren bat gertatzen denean.
Erakundeek barne-kontrol eraginkorra izan behar dute, prozedura administratibo eta kontable egokiekin, barne-kontroleko esparru batekin eta informazio-sistema egoki batekin erakundeko maila guztietan.
Erakundeek prozedura, baliabide eta sistema egokiak ezarri behar dituzte jardueren jarraipena eta erregulartasuna segurtatzeko, kontingentzia-planen ezarpena barne.
Erabaki garrantzitsuren bat ezarri behar denean, erabaki hori hartzeko erakundearen zuzendaritzan benetan diharduten duten bi pertsonak parte hartuko beharko dute gutxienez.
Erakundearen zuzendaritza benetan daramatenek edo funtsezko funtzioak egiten dituztenek, kualifikazio profesional, ezagutza eta esperientzia egokiak izango dituzte, erakundearen kudeaketa sanoa eta zuhurra dela eta funtsezko funtzioak egoki egiten direla segurtatzeko.
Era berean, erakundearen zuzendaritza benetan daramatenek edo funtsezko funtzioak egiten dituztenek zintzoak izan beharko dute, eta horrekin esan nahi da jokaera pertsonal eta profesional zuzena izan behar dutela.
Gai horri dagokionez, erakundeak politika idatzi bat ezarri beharko du, gaitasun eta zintzotasunari buruzko eskakizunak arautzeko, gutxienez barne hartuz:
Bai izendatzeko unean eta bai funtzioak betetzean, gaitasuna eta zintzotasuna baloratzeko prozeduraren deskripzioa.
Gaitasun- eta zintzotasun-eskakizunak berriro ebaluatzea eskatuko duten egoeren deskripzioa.
Erakundeek gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren esku mantendu beharko dute artikulu honetan aipatzen diren pertsonen zerrenda eguneratua, horien egokitasunari buruz erakundeak egindako balorazioa, eta hori egiaztatzen duen dokumentazioa.
Gobernu-batzarrak zehaztuko ditu ordainsari-politikaren printzipio orokorrak, erakundearen arrisku-profilean eragina duten jarduerak egiten dituzten langile-kategoriei dagokienez, eta zuzen aplikatzen direla kontrolatuko du.
Ordainsari-politikak arriskuen kudeaketa egokia eta eraginkorra sustatuko du, eta ez du animatuko erakundearen arrisku-tolerantziaren mugak gainditzen dituen arriskurik hartzera.
Ordainsari-politika eta gainbegiratzea argia, gardena eta eraginkorra izango da. Erakundeek ordainsari-politikari buruzko informazio egokia emango dute urteko kudeaketa-txostenean.
Ordainsari-politikan interes-gatazkak eragozteko neurri proportzionatuak erantsiko dira.
Erakundearen ordainsari-politikak xedapen espezifikoak izango ditu erakundearen zuzendaritza benetan daramatenen eta funtsezko funtzioen titularren eta arrisku-profilean eragina duten jarduerak kanpora ateratako funtsezko funtzioak barne egiten dituzten langile-kategorien eginkizunetarako.
Erakundeek arriskua kudeatzeko funtzio bat, barne-auditoriako funtzio bat eta, hala dagokionean, funtzio aktuarial bat izan beharko dute. Funtsezko funtzio bakoitzaren arduradunak segurtatuko du funtzio hori eraginkorki, objektibotasunez, zuzentasunez eta independentziaz betetzen dela.
Erakundeek baimendu ahal izango dute pertsona edo unitate organiko bakar batek funtsezko funtzio bat baino gehiago betetzea. Hala ere, arriskuak kudeatzeko funtzioa eta barne-auditoria pertsona edo unitate organiko desberdinei esleituko zaizkie.
Solaskide sozialek erakundeen kudeaketa globalean jokatzen duten paperari kalterik egin gabe, funtsezko funtzio bat betetzen duen pertsona edo unitate organikoa ezingo da izan enpresa sustatzailean antzeko funtsezko funtzio bat betetzen duen pertsona edo unitate bera. Erakundeak eskaera arrazoitua eginda, Eusko Jaurlaritzako gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen sailak murrizketa hori salbuetsi ahal izango du jardueren izaera, irismena eta konplexutasuna kontuan izanda.
Funtsezko funtzio baten arduradunak berehala komunikatu beharko dio gobernu-batzarrari bere eremuan arazo garrantzitsuren bat gertatzen bada.
Arrisku-kudeaketa eta barne-auditoriako funtzioen eta, hala dagokionean, funtzio aktuarialaren konklusioak eta gomendioak gobernu-batzarrari jakinaraziko zaizkio, hartu beharko diren neurriak zehaztu ditzan.
Arrisku-kudeaketa eta barne-auditoriako funtzioek eta, hala dagokionean, funtzio aktuarialak, Eusko Jaurlaritzako gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen sailari jakitera emango diote gobernu-batzarrak neurri zuzentzaile egoki eta bidezkoak hartzen ez baditu:
Funtsezko funtzioa betetzen duen pertsonak edo unitate organikoak antzeman duenean erakundeak seguru asko ezingo duela legezko betekizun garrantzitsu bat bete eta arrisku horren berri gobernu-batzarrari eman dionean.
Funtsezko funtzioa betetzen duen pertsona edo unitate organikoa ohartu denean erakundeari eta egiten dituen jarduerei aplikatu beharreko legeriari edo araudiari buruzko ez-betetze larri bat gertatzen dela bere funtsezko funtzioaren testuinguruan eta horren berri gobernu-batzarrari eman dionean.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saila 6. paragrafoaren arabera informatzen duen pertsona ezingo da kaleratu ezta zigortu ere, lan-kontratuaren ez-betetze larri eta erruduna izan ezean. Era berean, ezingo da diskriminatu ekonomikoki edo profesionalki mailaz igotzeko.
Erakundeek sistema eraginkor bat izan beharko dute arriskuak kudeatzeko, erakundeak dituen edo izan ditzakeen arriskuak etengabe detektatzeko, neurtzeko, zaintzeko, kudeatzeko eta jakinarazteko behar diren estrategia, prozesu eta informazio-prozedurekin.
Arriskuak kudeatzeko sistema hori behar bezala integratuta egongo da erakundearen antolamendu-egituran eta erabakiak hartzeko prozesuan.
Arriskuak kudeatzeko sistemak estaliko ditu jarduerak edo eginkizunak kanporatu zaizkien erakunde edo enpresetan sor litezkeen arriskuak, eremu hauetan gutxienez:
Harpidetzea eta erreserbak eratzea.
Aktiboak eta pasiboak kudeatzea.
Inbertitzea, bereziki, tresna deribatuetan eta antzeko konpromisoetan.
Likidezia- eta kontzentrazio-arriskua kudeatzea.
Arrisku operatiboa kudeatzea.
Asegurua, eta arriskua murrizteko beste teknika batzuk.
BGAEan ezarritako baldintzen arabera, bazkideek eta onuradunek arriskuak hartzen dituztenean, arriskuak kudeatzeko sistemak arrisku horiek ere kontuan hartuko ditu bazkideen eta onuradunen ikuspegitik.
Erakundeek arriskuak kudeatzeko funtzio egituratu bat aurreikusi beharko dute, arriskuak kudeatzeko sistemaren aplikazioa errazteko.
Erakundeek barne-auditoriako funtzio eraginkor bat izan behar dute. Barne-auditoriako funtzioak ebaluatu beharko du barne-kontroleko sistemaren eta Kapitulu honetan ezartzen diren gobernantza-sistemako beste elementu batzuen kanpora ateratako jarduerak barne egokitasuna eta eraginkortasuna.
Erakundeek pertsona independente bat behintzat izendatu behar dute, barruan edo kanpoan, barne-auditoriako funtzioaren arduradun gisa. Pertsona horrek artikulu honetan ezarritako funtsezko funtzioaren ardura bakarrik hartu ahal izango du, ezingo da bestelako funtsezko funtzioren baten arduradun izan.
Barne-auditoriako funtzioaren konklusioak eta gomendioak gobernu-batzarrari jakinaraziko zaizkio. Organo horrek zehaztuko ditu barne-auditoriaren konklusio eta gomendio bakoitzari buruz hartu behar diren neurriak, eta aplikatzen direla zainduko du.
Arrisku biometrikoen estaldura, inbertsioaren emaitza edo prestazio-maila jakin bat zuzenean garantizatzen duten BGAEek, funtzio aktuarial eraginkor bat izango dute, xede hauekin:
Hornidura teknikoen kalkulua koordinatzea eta gainbegiratzea.
Hornidura teknikoak kalkulatzeko erabiltzen diren metodoen eta azpiko ereduen eta horretarako baliatzen diren hipotesien egokitasuna ebaluatzea.
Hornidura teknikoak kalkulatzen erabilitako datuen nahikotasuna eta kalitatea ebaluatzea.
Estimazio onenak esperientziarekin erkatzea.
Erakundeko gobernu-batzarra informatzea hornidura teknikoen kalkuluaren fidagarritasunaz eta egokitasunaz.
Aseguramendu-araubidearen egokitasunaz iritzia ematea, erakundeak horrelako araubiderik duenean.
Arriskuak kudeatzeko sistema eraginkortasunez aplikatzen laguntzea.
Erakundeek pertsona independente bat behintzat izendatu behar dute, barruan edo kanpoan, funtzio aktuarialaren arduradun gisa.
Erakundeek arriskuen balorazio propioa egin behar dute eta pentsioetarako arriskuak ebaluatu, balorazio hori dokumentatzeko.
Pentsioetarako arriskuen ebaluazioa urtean behin egingo da gutxienez, eta, edonola ere, erakundearen arrisku-profila nabarmen aldatzen den bakoitzean, berehala.
Aurreko 1.paragrafoan adierazitako pentsioetarako arriskuen ebaluazioak barne hartuko du:
Arriskuak kudeatzeko sistemaren eraginkortasuna.
Erakundearen finantzaketa-premia globalak.
Indarrean dagoen araudian hornidura teknikoen arloan ezarritako eskakizunak betetzeko gaitasuna.
Kontrako desbideratze-marjinaren ebaluazio kualitatiboa, hornidura teknikoen kalkuluen esparruan.
Errenta edo kapital moduko prestazioen deskripzioa.
Bazkide sustatzaileak eta babesleak erakundeari emandako sostenguaren ebaluazio kualitatiboa, halakorik dagoenean.
Entitatearen plan guztietarako arrisku operatiboen ebaluazio kualitatiboa.
Klima-aldaketarekin, baliabide naturalen erabilerarekin eta ingurumenarekin erlazionatutako arrisku berri edo emergenteen ebaluazio kualitatiboa.
Aurreko 2. paragrafoan zehaztutakoari dagokionez, erakundeek metodo egokiak izango dituzte epe laburrera eta luzera izan litzaketen arriskuak detektatzeko eta ebaluatzeko. Metodo horiek ebaluazioan deskribatu beharko dira.
Pentsioetarako arriskuen ebaluazioa estrategia operatiboaren parte izango da, eta kontuan hartuko da erakundearen erabaki estrategikoetan.
Erakundeek beren kudeaketa, osoa edo zati bat, bere izenean jardungo duten beste erakunde batzuen esku utzi ahal izango dute.
Funtsezko funtzioak edo bestelako edozein jarduera kanpora ateratzen dituztenean, erakundeek jarraituko dute aplikatzekoa zaien arauditik eratorritako betebeharren erantzule izaten.
Funtsezko funtzioak edo beste edozein jarduera ezingo dira kanpora atera baldin eta horrek:
Erakundearen gobernantza-sistemaren kalitateari kalte egiten badio.
Arrisku operatiboa gehiegi areagotzen bada.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak erakundeak bere betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko duen gaitasuna urritzen bada.
Bazkideei eta onuradunei etengabe zerbitzu gogobetegarria emateko gaitasuna ahultzen bada.
Erakundeak garantizatu beharko du kanpora ateratako zerbitzuek ongi funtzionatzen dutela, zerbitzuak emango dituena hautatzeko prozesuaren eta jardueren segimenduaren bidez.
Funtsezko funtzioak edo beste edozein jarduera kanpora ateratzen dituzten erakundeek kontratu bat sinatu beharko dute zerbitzu bakoitza emango duenarekin, eta kontratu horretan argi definituko dira erakundearen eta zerbitzu-emailearen eskubideak eta betebeharrak. Kontratuak idatziz egin beharko dira, gobernu-batzarrak espresuki erabaki ondoren, eta, edonola ere, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoan ezarritakoa bete beharko dute.
Erakundeek bere garaian eta aurretiaz jakinarazi beharko diote Eusko Jaurlaritzako gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko sail eskudunari funtsezko funtzioak edo beste edozein jarduera kanpora ateratzen dutenean eta, halaber, gero edozein aldaketa garrantzitsu egiten denean funtsezko funtzio edo jarduera horietan.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak edozein unetan eskatu ahal izango du kanpora ateratako funtsezko funtzioei edo bestelako jarduerei buruzko informazioa.
BGAEek tresna finantzarioetan egiten diren inbertsioak erregulatzeko araubide bat ezarri beharko dute, erakundearekin erlazionatutako transakzio bakoitza berreraiki ahal izan dadin, transakzioan parte hartzen duten alderdien, izaeraren, dataren eta lekuaren arabera, eta, halaber, erakundearen aktiboak estatutuen eta erregelamenduen eta indarrean dauden legezko xedapenen arabera inberti daitezen.
BGAEek finantza-aktiboen kudeaketa kontratatu ahal izango dute kreditu-erakundeekin, inbertsio kolektiboko erakundeen sozietate kudeatzaileekin, inbertsio-enpresekin edo bizi-aseguruen adarrean diharduten aseguru-etxeekin edo jarduera hori egiteko behar den baimena duen beste edozein erakunderekin.
Aurreko artikuluak aipatzen duen kontratazioa ondorengo baldintza hauen mende egongo da:
BGAE baten finantza-aktiboen kudeaketa erakunde baten edo gehiagoren esku utzi ahal izango da, zorro ezberdinen gaineko kontratu independenteen bitartez.
Kontratu bakoitzetik eratorritako mugimendu ekonomikoak eskudiruzko kontu eta balore-kontu espezifikoetan antolatuko dira, eta horien helburu bakarra kontratu horiek sortutako eragiketak bideratzea izango da.
Kontratuek zehaztu beharko dituzte erakunde kontratatuak bete behar dituen aldizkako informazioaren betebeharrak eta kontrol-tresnak, BGAEak kontrolatu ahal izan dezan kontratuaren xede diren finantza-aktiboen kudeaketa eta egoera, eta horien informazio egokia eduki dezan. Horretarako, kontratuan ezarriko da erakunde kontratatuak jakinarazi beharko dituela egiten dituen eragiketak eta kontratuaren xede diren aktiboen eguneroko balorazioa, hilean behin gutxienez, egindako eragiketei buruzko txosten osoa emanez.
Inbertsioak dibertsifikatzeko eta sakabanatzeko mugak eta inbertsioen baldintza kuantitatibo eta kualitatiboak ezarriko dituzte kontratuek, kudeatutako ondarea zuhurtziaz kudeatzen dela eta ongi kontrolatzen dela bermatzeko.
BGAE bakoitzak gordailu-erakunde bakar batekin kontratatuko du aktiboen gordailutzea eta zaintza. BGAEen gordailuzain izan ahal izango dira kreditu-erakundeak eta balore-sozietate eta -agentziak, betiere eragiketak egin behar dituzten merkatuetako konpentsazio-. likidazio- eta erregistro-sistemetako erakunde partaide badira. Gordailuzainak sozietate-egoitza edo, bestela, sukurtsal bat, Espainian izan beharko du.
Gordailuzaina izendatzeko kontratu idatzi bat beharko da gutxienez. Kontratuan ezarriko da gordailuzainak gordailuzain izendatu duen BGAEak emandako funtzioak bete ahal izateko beharko den informazio-transmisioa.
Horretarako, gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak ezarri ahal izango ditu kontratuan jaso beharreko bitartekoak, prozedurak eta informazio zehatza.
Gordailuzainak BGAEari dagokionez ez du egingo erakundearen, bazkideen eta onuradunen eta gordailuzainaren beraren artean interes-gatazkarik sor lezakeen jarduerarik, salbu eta gordailuzainak funtzionalki eta hierarkikoki bereizi baditu gordailuzain-funtzioak. Potentzialki gatazkatsuak diren gainerako funtzioetatik, eta interes-gatazka posibleak behar bezala identifikatuta, kudeatuta eta kontrolatuta badaude eta BGAEko bazkide eta onuradunei komunikatu bazaizkie.
Erakunde gordailuzaina ordeztea eta beste bat izendatzea erabaki ahal izango da. Izendapen berria egin arte, lehengoak jarraituko du bere funtzioetan, kontuen auditoria egin eta argitaratu ondoren.
Erakunde gordailuzaina ordeztuko da sozietatea desegiteagatik edo konkurtso-prozeduragatik, BGAEak erabaki duelako edo erakunde gordailuzainak uko egin duelako.
Gordailuzainak zaintzan edukiko ditu BGAEaren finantza-tresnak, bai gordailuzainaren liburuetan irekitako finantza-tresnen kontu batean kontsignatzen direnak eta bai fisikoki entregatzen zaizkionak.
Horretarako, gordailuzainaren liburuetan irekitako finantza-tresnen kontu batean kontsignatzen direnean finantza-tresnak, gordailuzainak zainduko du tresna horiek BGAEaren izenean irekitako kontu bereizietan kontsignatzen direla, une oro argi eta garbi identifikatu ahal izateko erakundearenak direla. Hala ere, gordailuzainak kontu globalak erabili ahal izango ditu BGAEak atzerriko merkatuetan eragiketak egiten dituenean eta kontu globalak erabiltzea nahitaezkoa denean, edo zaintza-kostuak murrizten dituenean.
Inbertsioak gauzatzeko erabiltzen diren aktiboak 1. paragrafoan adierazitakoez bestelakoak direnean, gordailuzainak egiaztatuko du BGAEa dela aktiboen jabea eta aktibo horien erregistroa mantenduko du. Egiaztapena egingo da BGAEak emandako informazioaren edo dokumentuen bidez, edo, bestela, kanpoko froga-elementuen bidez. Erregistroa eguneratuta mantenduko du gordailuzainak.
Gordailuzainak erantzungo du BGAEaren aurrean berari dagozkion betebeharrak justifikaziorik gabe ez betetzeagatik edo oker betetzeagatik BGAEari eragindako galerengatik.
Gordailuzainak hirugarren baten esku delegatu ahal izango ditu bere funtzioak, BGAEak baimena emanda, Erregelamendu honen 66. artikuluan jasotako zaintza-funtzioak izan ezik, baldin eta hirugarrenak betetzen baditu 66. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako eskakizunak, eta BGAEak beti mantenduko du aktiboen titulartasuna eta xedagarritasun osoa eta baita aktiboen eskubide politikoak ere, horrelakorik dutenean. Delegatzeak ez du libratzen gordailuzaina inola ere bere erantzukizunetik.
Gordailuzainak egingo ditu aurreko artikuluan 1. eta 2. paragrafoetan jasotako zereginak, eta, gainera, honako hauek:
BGAEak emandako instrukzioak betetzea, indarrean dagoen legeriaren edo BGAEaren estatutuen edo erregelamenduen kontrakoak izan ezean.
BGAE baten aktiboei buruzko eragiketak egiten direnean, kontrabalioa ohiko epeetan entregatuko zaiola zaintzea.
Aktiboek sortzen dituzten sarrerak BGAEaren estatutuen eta erregelamenduen arabera esleitzen direla zaintzea.
Funtsak xedatzen direnean, BGAEaren prestazioak eta bestelako eragiketak eta gastuak ordaintzeko erabiltzen direla zaintzea.
Inbertsioak BGAEaren inbertitzeko printzipioen deklarazioan ezarritakoaren arabera egiten direla zaintzea.
BGAEaren aktiboak baloratzeko metodoak eta irizpideak egiaztatzea.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zaintzari buruzko beste betebehar batzuk ezarri ahal izango ditu gordailuzainentzat.
BGAEak eta gordailuzainak zintzotasunez, ekitatez, profesionaltasunez eta independentziaz jokatuko dute, eta erakundearen bazkide eta onuradunen interesen alde soil-soilik.
Erregistro-liburu batean eta etengabe eguneratuta jasoko dira kudeaketa, gordailutza eta zaintzari buruzko kontratu guztiak, eta baita kanpora ateratako funtsezko funtzioak arautzen dituztenak ere; liburu hori gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren esku egongo da etengabe.
Legaren 7. artikuluko 4. paragrafoko b) letran araututako BGAEek Legearen 25. artikuluan ezarritako kontingentziak estaltzen dituztenean, aseguru pribatuen oinarrizko araudian eta Kapitulu honetan ezarritakoaren arabera egingo dute jarduera.
Aseguru pribatuen oinarrizko araudia aplikatzearen ondorioz erakunde horietako batek aseguru-erakundearen izaera galtzen badu, erakunde horiek Eusko Jaurlaritzako gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen sailak ezarritako araudiaren arabera arautuko dira eta, edonola ere, Erregelamendu honen 7, 72 eta 73. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek zuzenean eta oso-osorik hartuko dituzte beren gain bazkideei aseguratutako arriskuak, berraseguruko eragiketak egin ahal izango badituzte ere.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen 5/2012 Legean ezarritakoaren arabera, arrisku horiek estaltzen dituzten erakundeek ezingo dituzte estali Legearen 24. artikuluan aurreikusitako gainerako kontingentziak.
Kontrol finantzariko batzordea nahitaez eduki beharko dute araudiak urteko kontuen auditoria egitera behartzen ez dituen erakundeek. Kontu-auditoria legeak behartuta nahiz beren borondatez egiten duten erakundeentzat, aukerako organo soziala izango da kontrol finantzarioko batzordea.
Kontrol finantzarioko batzordea hiru bazkidek osatuko dute; batzar orokorrak izendatuko ditu eta ez dira gobernu-batzarreko kide izango.
Honela funtzionatuko du kontrol finantzarioko batzordeak:
Gutxienez urtean behin bilduko dira, erakundearen finantzen eta ondarearen egoera egiaztatzeko, eta txosten bat idatziko dute batzar orokorrean aurkezteko.
Funtzionamenduari buruzko gainerako alderdiak, kideak hautatzeko sistema, karguaren iraupena eta, hala badagokio, berriro aukeratzea, sozietatearen estatutuetan zehaztuko da.
Kapitulu honetako BGAEek ez dute kontu-auditoriarik egin beharko, baldintza hauek betetzen badituzte:
Prima aldakorrean jardutea.
Hornidura teknikoen balioa 300.000 eurotik gorakoa ez izatea.
Bazkide-kopurua 200etik gorakoa ez izatea.
BGAEen 5/2012 Legearen 25. artikuluan jasotako prestazioak ematen dituzten BGAEek honako informazioa bidali beharko diete bazkideei, edo haien esku jarri telematika bidez:
Erakundearen estatutuak.
Estatutuen aldaketak, onartu aurretik eta, onartzen badira, onartu ondoren ere bai.
Erakundearen administrazio-gastuak.
Erakundearen Gobernu Organoen osaera.
Erakundearen Urteko Kontuak.
Edonola ere, bazkide batek berariaz, eta arrazoituta, espresuki eskatzen duenean artikulu honetan jasotako apartaturen bat, eman egin beharko dio gobernu-batzarrak.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak egingo ditu borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak gainbegiratzeko funtzioak.
Gainbegiratze-lana izango da erakundeek beren jarduera zuzen egiten dutela eta aplikatzekoa zaien araudia betetzen dutela etengabe egiaztatzea eta, halaber, egoera finantzarioa, merkatuko jokabideak eta bazkideen eta BGAEaren arteko harremanak behatzea.
Era berean, gainbegiratzeak zainduko ditu merkatuko jokabideak, BGAEen gardentasuna eta garapen ordenatua eta, oro har, bazkideak eta onuradunak babestuko ditu, eta xede horiek lortzen direla segurtatzeko behar den informazio guztia zabaltzea sustatuko du, Erregelamendu honetan eta berau garatzen duen arauetan xedatutakoaren arabera.
Gainbegiratze-funtzioa betetzean informazio konfidentziala babestuko da.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak ahalmen hauek izango ditu gainbegiratze-funtzioak betetzeko:
Entitateek beren jarduera erregulatzen duten arauak betetzen dituztela bermatzeko behar biren prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaileak hartu ahal izango ditu.
Gainbegiratze-lana egiteko behar duen informazio guztia eskatu ahal izango du, Erregelamendu honen 77. artikuluaren arabera.
Erakundeei, administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideei edo organo horiek kontrolatzen dituzten pertsonei buruz indarrean dagoen legerian aurreikusitako neurri guztiak hartu ahal izango ditu, bidezko denean. Horretarako, pertsona eta erakunde horiei agindu ahal izango die aurkez ditzatela aditu independenteen txostenak, barne-kontroleko organoen auditoreenak edo araudia betetzeari buruzkoak.
Ahalmen horiek egikaritu ahal izango dira, halaber, kanpora ateratako jarduerei buruz.
Gainbegiratze-jarduketak gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko funtzionarioek egingo dituzte.
Gainbegiratze-jarduketak erakundearen egoitza sozialean egin ahal izango dira, edo jarduera osoa edo zati bat egiten duen edozein sukurtsaletan, zerbitzuak, funtzioak edo jarduerak egiten diren lokaletan, kanpora aterata daudenean, eta gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko bulegoetan, gainbegiratu beharreko elementuak bertan azter daitezkeenean.
Gainera, Titulu honetako II. Kapituluan ezarritako ikuskapen-prozeduren bidez ere egin ahal izango da gainbegiratzea.
Hau da erakundeek gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari gutxienez eman beharko dituen informazioa, Erregelamendu honen II. Tituluko XI. Kapituluan araututakoa salbu:
Inbertitzeko printzipioen deklarazioa.
Urteko kontu auditatuak eta kudeaketa-txostena.
Txosten aktuariala, hala badagokio.
Hirugarrenekin egindako kontratuak aktiboak kudeatzeko, baloreak gordailutzeko eta zaintzeko eta aseguratzeko, eta funtsezko funtzioak edo beste edozein jarduera kanpora ateratzeko.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari eman beharko diote gainbegiratze-funtzioak betetzeko behar duen dokumentazio eta informazio guztia, dela aldizka aurkeztuz, dela sail horrek errekerimendua egindakoan, ikuskapeneko jarduketetan egiten diren errekerimenduak barne.
Informazio horretan sartuko da, gutxienez, gainbegiratze-jarduketa hauetarako behar dena:
Erakundeen gobernu-sistema, egiten duten jarduera, kaudimena zehazteko aplikatzen diren balorazio-printzipioak, hartutako arriskuak eta arriskuak kudeatzeko sistemak eta horien finantza-bermeak eta kudeaketa ebaluatzeko.
Gainbegiratzeko ahalmenak egikaritzeko erabaki egokiak hartzeko.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak errekeritu ahal izango du bitartekarien esku dauden kontratuei edo hirugarrenekin egindako kontratuei buruzko edozein informazio. Era berean, kontu-auditoreei, aktuarioei eta erakundeez kanpoko beste aditu batzuei ere eskatu ahal izango die informazioa.
Aurreko 1. eta 2. paragrafoetan esandako informazioan datu kualitatibo eta kuantitatiboak sartuko dira, datu historikoak, benetakoak eta aurreikusitakoak, barneko edo kanpoko iturrietakoak, edo horien edozein konbinazio, eta printzipio hauei lotuta:
Erakundearen jardueraren izaera, garrantzia eta konplexutasuna adierazi beharko du eta, bereziki, jarduera horren arriskuak.
Eskuragarria izan beharko du, konparagarria eta koherentea denboran zehar, eta, gainera, osoa.
Aproposa, fidagarria eta ulergarria izan beharko du.
Erakundeek sistema eta egitura egokiak izan beharko dituzte 1. paragrafotik 3. era bitartean ezarritako eskakizunak betetzeko, eta, halaber, politika idatzi bat, erakundeko gobernu-batzarrak onartua, aurkezten den informazioa etengabe egokitzen dela bermatzeko.
Erakundeek funtzio bat edo jarduera bat kanpora ateratzen dutenean, zerbitzu hori ematen duenak gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekin elkarlanean jardun beharko du kanpora ateratako funtzio edo jarduera hori gainbegiratzeko, eta funtzio edo jarduera horiei buruzko informazioa emango die borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei, haien kontu-auditoreei eta gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari.
Funtzioak edo jarduerak kanpora ateratzen dituzten erakundeek behar diren neurriak hartuko dituzte, kanporatutako zerbitzua ematen duenak informazioa emateko eta eskuragarri jartzeko betebehar hori betetzen duela bermatzeko.
Egoera finantzarioa gainbegiratzeko, planteamendu prospektibo bat egingo da, arriskuari orientatua, eta gainbegiratutako erakundearen jarduera-multzo osoari buruz egiaztatuko dira, bereziki, gobernu-sistema, kaudimena, hornidura teknikoen, aktiboen eta funts propioen eraketa, aplikatzekoak diren arauen arabera eta indarrean dagoen legeriak ezarritako betebeharrak kontuan izanda.
Gainera, zerbitzu baten prestazioa garantizatzen duten erakundeak direnean, konprometitutako eragiketak egin behar dituzten erakundeek dauzkaten baliabide teknikoak ere gainbegiratuko dira.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak berrikusi eta ebaluatuko ditu erakundeek indarrean dagoen araudia betetzeko ezarritako estrategiak, prozesuak eta informazio-prozedurak.
Berrikuspen eta ebaluazio horretan analizatuko dira erakundearen gobernu-sistemari buruzko eskakizun kualitatiboak, eta erakundeek dituzten edo izan litzaketen arriskuei buruzkoak eta erakundeek arrisku horiek ebaluatzeko duten gaitasunari buruzkoak, jarduera egiten duten ingurunea kontuan izanda.
Bereziki, gainbegiratzean zehar alderdi hauek berrikusi eta ebaluatuko dira:
Erakundearen gobernu-sistema, arriskuen eta kaudimenaren barne-ebaluazioa barne.
Hornidura teknikoak.
Berme finantzarioak.
Inbertitzeko arauak.
Funts propioen ezaugarri kuantitatibo eta kualitatiboak.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak ebaluatuko du egokiak ote diren erakundeek erabiltzen dituzten metodoak eta praktikak, erakundearen egoera finantzario globalarentzat kaltegarriak izan litezkeen gertaera posibleak edo baldintza ekonomien etorkizuneko alterazioak zehazteko. Era berean, erakundeek gertaera posible edo baldintza ekonomikoen etorkizuneko alterazio horiei aurre egiteko duten gaitasuna ebaluatuko du.
Gainbegiratzean zehar detektatutako gabezia edo hutsuneak konpondu egin beharko dituzte erakundeek.
Gainbegiratze-funtziorako erakundeek aurkeztu behar duten dokumentazioaren egitura, edukia, ereduak eta epeak, informazio estatistiko kontablea barne, gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren ebazpen baten bidez onartuko dira.
Gainbegiratzea ikuskapen-prozeduraren bidez egin ahal izango da.
Ikuskapen bidez gainbegiratzeko prozedura administratiboa gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren erabakiz hasiko da, eta erabaki hori erakunde edo pertsona ikuskatuari jakinaraziko zaio. Erabakian identifikatuko da nork egingo dituen ikuskapeneko jarduketak; gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko funtzionarioak izango dira eta egingo diren egiaztapenen xedea zehaztuko da.
Beren funtzioak zuzen betetzeko, funtzionarioek aztertu ahal izango dituzte erakundearen eragiketak jasotzen dituzten liburuak, erregistroak eta dokumentuak, edozein euskarritan daudela ere, programa informatikoak eta fitxategi magnetikoak, optikoak edo beste edozein eratakoak barne. Era berean, ikuskatuari eskatu ahal izango diote kopia bat eman diezaiela, ikuskapeneko txostenean eransteko, eta hark eman egin beharko die eta, gainera, beren lana egiteko erraztasun guztiak eman beharko dizkie. Pertsona edo erakunde ikuskatuak funtsezko arrazoiak baditu, uko egin ahal izango dio dokumentazioaren kopia emateari, baina idatziz adierazi beharko ditu arrazoiak, ikuskapenaren aktari eransteko.
Funtzionarioek erakunde edo pertsona ikuskatuaren egoitza sozialerako eta jarduerak egiten dituen sukurtsal, lokal eta bulegoetarako sarbidea izango dute. Ikuskatzaileek eskatu ahal izango diote erakunde edo pertsona ikuskatuari hirugarren batzuei komunikazioak bidal diezazkiela argitasunak edo informazioak eskatzeko, saldoak egiaztatzeko edo ikuskatuak adierazitako egitateak benetakoak direla eta ikuskatzaileei erakutsitako dokumentua autentikoak direla ziurtatzeko, edo eragiketa batzuen garrantzia eta ondorioak neurtzeko.
Ikuskapeneko jarduketak ikuskapen-aktan dokumentatuko dira. Edonola ere, ikuskapen-aktaren zati izango dira, ondorio guztietarako, akta-eranskinak eta ikuskatzaileak bere egiaztapen-jardueran idatzitako eginbideak. Ikuskapen-aktak dokumentu publikoak dira eta bertan jasotako eta ikuskatzaileak egiaztatutako egitateen froga izango dira, kontrakorik frogatu ezean.
Ikuskapen-akta interesdunari jakinaraziko zaio, eta hark hamabost egun izango ditu bere eskubidea defendatzeko alegazioak aurkezteko eta egoki deritzen frogak proposatzeko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari. Frogak egitea proposatzen badu eta onartzen badira, gehienez hamar eguneko epean egin beharko dira.
Erakunde interesdunak alegazioak aurkeztu ondoren eta, hala dagokionean, frogak egin ondoren, ikuskapen bidezko prozedura administratiboa instruitzeko jarduketa berriak egingo dira, eta akta osagarri batean jasoko dira eta interesdunari entzunaldia emango zaio zortzi egunez.
Egindako jarduketak ikusita, organo eskudunak ebazpena emango du eta ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari. Ikuskapen-aktan neurri zuzentzaileak hartzea, baimena errebokatzea edo erakundearen desegite administratiboa proposatzen bada, ebazpenak, egoki bada, behar diren neurri zuzentzaileak emango ditu, eta erakundearen desegite administratiboaren prozedurari edo baimen administratiboa errebokatzeko prozedurari hasiera emango dio.
Akta idatzi aurreko ikuskapeneko jarduketen iraupena, gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak ikuskapena agintzeko erabakia hartzen duenetik, ikuskapen-aginduan emandako mandatua behar bezala betetzeko behar dena izango da. Ikuskapen-akta jakinarazi ondoren, sei hilabeteko epea egongo da ebazpena jakinarazteko. Aurreko 7. paragrafoan aurreikusitako kasua denean, akta osagarria jakinarazten denetik kontatuko da epe hori.
Ikuskapen-lanari oztopoak jartzea edo uko egitea izango da erakunde edo pertsona ikuskatuak ikuskapen-lana bidegabe luzatzeko, moteltzeko edo eragozteko egiten duen ekintza edo omisio oro.
Bereziki, ikuskapen-lanaren oztopatze edo uko egite gisa hartuko da:
Ikuskatutako erakundearen ordezkariari edo pertsonari edo haien agente edo enplegatuei berehala entregatzea eragoztea: ikuskapen bidezko gainbegiratze-prozedura hasteko erabakia, ikuskapen-jardueran egindako eginbideak, aurretiazko edo behin betiko aktak edo gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak edo egiaztapen-jarduketak egiteko izendatutako funtzionarioek egindako edozein komunikazio idatzi.
Ikuskatzaileak, indarrean dagoen legeriak agindutakoaren arabera, garaiz eta forma egokian errekeritutako pertsona ez agertzea adierazi zaion lekuan, egunean eta orduan jarduketak hasteko, aurrera eramateko edo amaitzeko, behar bezala justifikatutako kausa askietsirik izan ezean.
Nahitaez eraman eta kontserbatu beharreko liburuak, erregistroak eta dokumentuak erakusteari uko egitea.
Ikuskatzaileak errekeritutako datuak, txostenak, frogagirik eta aurrekariak ez ematea edo emateari uko egitea, edo alteratzea edo manipulatzea.
Ikuskatzaileari sartzen edo egoten ez uztea egoitza sozialean, edo erakunde edo pertsona ikuskatuak jarduerak egiten dituen agentzia, sukurtsal eta bulegoetan edo eskatutako dokumentazioa dagoen lekuetan, edo sartzeko edo egoteko trabak jartzea edo leku horiek lokalizatzeko oztopoak jartzea.
Ikuskatzailea mehatxatzeko edo hertsatzeko jarrerak, edo ikuskapeneko egiaztapenak bidegabeki luzaraztea.
Erregelamendu honek arautzen dituen BGAEek bermatuko dute administrazioa eta kontabilitatea ongi antolatuta dituztela.
Halaber, antolamendua eta jarduna kontrolatzeko barne-kontroleko prozedurak izango dituzte. Prozedura horiek zainduko dute Erakundearentzat lan egiten duten langileek ongi funtzionatzen dutela eta BGAEek beren bazkide oso eta onuradunekiko zintzo jokatzen dutela hala erakundeei dagozkien gaietan nola informazioari eta partaidetzari buruzkoetan.
Era berean, inbertsioen arriskuak kudeatzeko prozedura idatziak ere izango dituzte.
Urteko kontuen eta kudeaketa-txostenaren kanpo-auditoria egin beharko dute borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, betiere Kontuen Auditoriari buruzko Legean nahiz hura garatzen duten arauetan eta Erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan.
5/2012 Legearen 65. artikuluan xedatutakoaren arabera, gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak erabaki ahal izango du erakundeari kontu hartzea, bazkideen, onuradunen eta ukitutako hirugarrenen interesak babesteko.
Kontu hartzeko lanak gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko funtzionarioek egingo dituzte; funtzionario horiek saileko organo eskudunak izendatuko ditu eta inola ere ez dira izango erakundearen ordezkari.
Administrazioaren kontu-hartzeko erabakia ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera, erakundeko organoen egitateak eta erabakiak ez dira baliozkoak izango eta ezingo dira gauzatu kontu-hartzaileak espresuki onartu ezean. Onarpen horren beharrik ez da izango erakunde kontu-hartuak administrazioaren antolatzeko eta gainbegiratzeko egintzen aurka edo kontu hartzeko jarduketari buruz akzioak egikaritzeko edo errekurtsoak aurkezteko.
Bazkideen ehuneko hogeik eskatu ahal izango diote gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari kontu-hartzaile bat edo gehiago izenda ditzala likidazio-eragiketak fiskalizatzeko.
Likidatu behar den ondarea handia denean, bazkide asko direnean edo beste arrazoiren batengatik likidazioa garrantzitsua dela justifikatzen denean, organo eskudunak, ofizioz nahiz alderdi interesdun batek eskatuta, pertsona bat edo gehiago izendatu ahal izango ditu likidazioan kontu hartzeko eta legeak eta sozietatearen estatutuak betetzen direla zaintzeko.
Kontu-hartzailerik izendatzen bada, likidatzaileen egintzek ez dute baliorik izango kontu-hartzaileek parte hartzen ez badute.
Arau hauek beteko dira kontu-hartzaileen jarduketan:
Eginbidea idatziko du erakundearen egoitza sozialean, eta eginbide horretan jasoko du karguaz jabetu dela, bertan diren pertsonak zein diren, gorabehera aipagarriak eta likidaziorako eta kontu-hartzaile lanak egiteko egon litezkeen zailtasunak.
Egiten dituen jarduketen eta egiaztapenen agiria jaso ahal izango du txosten, eginbide, baimen-emate edo -ukatzeen bidez, eta horien kopia emango dio erakundearen legezko ordezkariari.
Eginbideak idatzi ahal izango ditu erakundeari egiten dizkion errekerimenduak eta ohartarazpenak dokumentatzeko, horrelakorik egiten duenean. Erakundeak egin nahi dituen adierazpenak beste dokumentu batean jasoko dira.
Administratzaileei errekerimendua egingo die, lehenbailehen eman diezaioten aktiboaren eta pasiboaren benetako balioa ezagutzeko behar den dokumentazio guztia, erakundea benetan nola dagoen zehaztu ahal izateko, eta dituen betebeharrei erantzuteko moduan dagoen egiaztatzeko.
Erakundearen ondarean gertatzen diren aldaketak eraginkortasun osoz kontrolatzeko behar diren neurriak hartuko ditu; idatzoharrak egingo ditu erregistroetan, eta jakinarazpenak bidaliko dizkie erakundearen ondasun eta baloreen gordailuzainei eta erakunde kontu-hartuak kontuak dauzkan kreditu-erakundeei, bere baimenik gabe ezingo dituztela ondasun eta diru horiek xedatu jakitera emateko.
Likidatzaileei eta erakundeari aginduko die ez dezatela ordainketarik egin berak kontu hartu gabe, ez baldin badira berak horretarako berariaz emandako instrukzioen arabera egiten, eta diru-sarrerak kontu-hartzaileak adierazitako erakunde eta kontuetan bakarrik egin beharko direla.
Likidatzaileei eskatuko die likidazioa lehenbailehen burutu dezatela, batez ere prestazioak, zergak, langileen lansariak ordaintzeari eta epai judizialak betetzeari dagokionez.
Kontu-hartzea amaituko da kontu hartzen hasteko egon ziren arrazoiak desagertzen direnean edo likidazioa burutzen denean.
Kontu-hartzea hasteko eta amaitzeko erabakiak Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatuko dira eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Administrazioko eta BGAEko langileek, beren lanean ezagutzen dituzten datuen konfidentzialtasunari buruzko arauak bete beharko dituzte, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Legearen 79. artikuluan eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, horregatik eragotzi gabe Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren publikotasun material eta formalaren printzipioa eta artxiboak eta erregistroak atzitzeko eskubideari buruzko gainerako araudia betetzea.
Titulu honetan arautzen da Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua eta, halaber, Bazkideen Fitxategi Orokorrarena.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroa gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikitzen zaio.
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen eta hura garatzen duen araudiaren aplikazio-eremuan sartzen diren borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde eta aurreikuspen-plan guztiak, Erregelamendu honetan araututakoaren arabera, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatuta egongo dira.
Enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek lehentasunezko kalifikazioa izatea eskatu ahal izango dute, legeak ezarritako eskakizunak betetzen badituzte, eta Erregelamendu honetan araututakoaren arabera.
Funtzio hauek ditu Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroak:
Bere iritzira jartzen diren egintzak kalifikatzea.
Erregistroan sartu beharrekoak diren egintzak inskribatzea eta ziurtatzea.
Erregistroa eguneratuta mantentzea.
Inskribatutako BGAE eta Federazioei buruzko ziurtapenak egitea.
Bere eskumeneko gaiei buruzko kontsultak argitzea edo erantzutea.
Auditatutako urteko kontuak, kudeaketa-txostena eta txosten aktuariala, hala dagokionean, gordailutan hartzea.
BGAEen inbertitzeko printzipioen deklarazioak eta egiten dituzten kontratuak gordailutan hartzea.
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko Legeak, Erregelamendu honek edo horiek garatzeko arauek egozten dioten beste edozein funtzio.
Bazkideen Fitxategi Orokorra Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren mende egongo da eta xede hauek izango ditu Legearen 24.1 artikuluan jasotzen diren kontingentziak babesten dituzten BGAEentzat:
Bazkide guztien berri izatea, onuradun posibleei informatu ahal izateko hildako pertsona bat BGAE bateko bazkide zela.
Hala eskatzen dutenean, BGAEei bazkideen heriotzaren berri ematea, ez dagokien prestaziorik ordaintzen jarrai ez dezaten.
BGAEek datu hauek emango dituzte Bazkideen Fitxategi Orokorrerako:
Erakundeak Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan duen inskripzio-zenbakia.
Erakundearen izena.
Aurreikuspen-planen izena.
Aurreikuspen-plan bakoitzeko bazkide guztien Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia edo identitatea egiaztatzeko egokia den beste dokumentu batena.
Informazio hori BGAEak hilero bidaliko du Bazkideen Fitxategi Orokorrera, hilaren azkeneko egunari buruzko datuekin, eta hurrengo hamar egunen barruan.
Bazkideen Fitxategi Orokorra publikoa da, eta kontsulatu ahal izango du:
Hildako bat BGAE bateko bazkide ote zen jakin nahi duen edonork.
Bere bazkide pasibo bat hil ote den jakin nahi duen edozein BGAEk.
Hildako bat BGAE bateko edo gehiagotako bazkide ote zen jakin nahi duten pertsonei, eta, hala bada, zein aurreikuspen-planetan zegoen adieraziko die.
Beren bazkide pasibo bat hil ote den jakin nahi duten BGAEei.
Aurreko 1. paragrafotik 4.era bitartean bazkideei buruz ezarritakoa, BGAEtik kobratzeko eskubide ekonomikoak dituzten onuradunei buruz ere aplikatuko da.
Fitxategiaren antolamendua gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak emandako Agindu batek arautuko du.
Interesdunak bitarteko elektronikoen bidez sartu ahal izango dira Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan informazioa eskatzera, kontsultatzera eta izapideak egitera, aplikatzekoa den araudiaren arabera.
Eskaerak, erantzukizunpeko deklarazioak eta bestelako ereduak, erregistrora bertara joanda edo telematikoki, izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, eta telematikoki izapidetzeari buruz indarrean dagoen araudia beteko dute.
Hirugarrenekin, pertsona fisiko zein juridikoekin, egiten diren gainerako prozedurak, Erregelamendu honetan arautuak, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatu beharreko egitateak ez izan arren, izapidetze elektronikoaren araudiari eta Dekretu hau garatzeko arautzen denari lotuta egongo dira.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren funtzionamendua eta ondorioak legezkotasunaren, lehentasunaren, publikotasun formal eta materialaren, zehaztasun- eta balio-presuntzioaren, eta segidako traktuaren printzipioetan oinarritzen dira.
Idatzita dauden hizkuntza ofizialean inskribatuko dira dokumentuak Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan. Dokumentuak erakusteko nahiz ziurtagiriak luzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik edozeinetarako itzulpena garantizatuko da.
Egin beharreko idazpenak egin aurretik dokumentuak kalifikatu egin behar dira. Kalifikazioak dokumentuen kanpoko formen legezkotasuna, izenpetzen edo egiten dituztenen legitimazioa eta edukiaren balioa barne hartuko ditu, dokumentuetatik, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren edukitik eta Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren arduradunak duen informaziotik ondorioztatzen denaren arabera.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroak ematen duen kalifikazioa, inskripzioaren ondorioetarako mugatuta emango da. Kalifikazioa globala eta unitarioa izango da. Kalifikazio-ebazpena arrazoitua izango da.
Dokumentuak aurkeztu diren ordenan egingo dira idazpenak Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan, lehenengo sartzen direnei lehentasuna emanez geroago aurkezten direnen aurrean.
Publikotasuna Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren arduradunak idazpenen edukiari buruz emandako ziurtapenaren bitartez edo informazio-ohar soil baten bidez gauzatuko da.
Ziurtapena da Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroko idazpenen edo bertan artxibatutako edo gordailututako dokumentuen edukia egiaztatzeko modu fede-emaile bakarra.
Ziurtapenak idatziz edo elektronikoki eskatu beharko zaizkio Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren arduradunari, zeri buruzko ziurtapena eskatzen den zehaztuz. Inskribatuta dauden egintzei buruzko ziurtapenak bakarrik eman ahal izango dira, ez izapidetzen ari direnei buruzkoak, nahiz eta izapidetze-prozesuari buruzko informazioa ere eman ahal izango den.
Ziurtapenetan jasoko dira Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan dauden datuak, eta frogagiri gisa balioko dute. Erregistroaren arduradunaren iritziz ziurtapena luzera handikoa denean, kopiak erabili ahal izango dira, ziurtapena ematen den egunean eginak eta behar bezala zigilatuak, edo Erregistroaren arduradunak egoki deritzon beste edozein bitarteko erabili ahal izango da.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroko liburuen edukia jakintzat ematen da, eta, beraz, ezingo da argudiatu ez dela ezagutzen.
Inskribatu beharrekoak izanik inskribatu ez diren egintzek ez dute ondoriorik izango fede oneko hirugarrenentzat. Inskribatuta ez egotea ezingo da baliatu inskribatzeko betebeharra bete ez duenaren alde.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroko idazpenak presuntzioz zehatzak eta baliozkoak dira eta ondorio guztiak sortuko dituzte, okerrak edo deusezak direla dioen deklarazio judizial edo administratiboa inskribatzen ez den bitartean.
Inskribatu daitekeen subjektu baten egintzei buruzko idazpenak egiteko, beharrezkoa izango da lehenik subjektua inskribatzea.
Aurretik emandako egintzak aldatu edo deuseztatzen dituzten egintzen idazpenak egiteko, beharrezkoa izango da aurretik haiek inskribatzea.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzea nahitaezkoa izango da, horrela agintzen dutenean BGAEen otsailaren 23ko 5/2012 Legeak edo Erregelamendu honek.
Jarduera egikaritu ahal izateko, beharrezkoa izango da erakundeak eratzeko, bat-egiteko, xurgatzeko, zatitzeko eta desegiteko egintzak inskribatzea eta, halaber, estatutuak edo erregelamenduak aldatzeko edo aurreikuspen-planak eransteko edo baja emateko egintzak inskribatzea, BGAEen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 73.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
100. artikulua. Inskribatzeko prozeduraren hasiera.
Idazpenak egiteko prozedurak, interesa duen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eskatuta edo ofizioz has daitezke.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eskaerak telematikoki egin ahal izango dira, edo behar den dokumentazioa gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailera bidalita, dela zuzenean dela 30/1992 Legean azaroaren 26koan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean edo Lege hori ordezten duen arauan aurreikusitako edozein prozeduraren bidez.
Eskaera egiteko eredua eta gainerako eskakizunak betetzeko instrukzioak erabilgarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.
Eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak eta horiekin batera doazen agiriak. Orobat, eskaera aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek ezartzen dutenari jarraituz.
101. artikulua. Datu pertsonalak.
Erregelamendu honetan xedatutakoa betetzeko jasotako edo landutako datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera babestuko dira.
102. artikulua. Prozedura ofizioz hastea.
Ofizioz egingo dira gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak onartutako eta baimendutako egintzei buruzko idazpenak, Legearen eta Erregelamendu honen arabera Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatu beharrekoak direnean.
103. artikulua. Liburuak.
Liburu hauek eramango ditu Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroak:
Liburu Egunkaria.
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Inskripzio Liburua.
BGAEen federazioen Inskripzio Liburua.
Gobernu-organoetako kideen, zuzendarien eta funtsezko funtzioen arduradunen Liburua.
Bazkideen Fitxategi Orokorra.
104. artikulua. Egitate inskribagarriak.
Datu hauek jasoaraziko dira Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan:
Erakundearen eraketa eta izena.
BGAE modalitatea.
Sozietatearen egoitza.
Gobernu-organoetako kideen, zuzendarien eta funtsezko funtzioen arduradunen identifikazioa eta, hala dagokionean, curriculum vitaea.
Estatutuak eta erregelamenduak.
Integratzen dituen Aurreikuspen Planak, horrelakorik dagoenean.
Estatutuen edo erregelamenduen aldaketak.
Bat-egitea, zatitzea, desegitea, likidazioa eta kontu-hartzea.
Lehentasunezko enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen kalifikazioa, hala dagokionean.
Indarrean dagoen araudiak ezarritako beste edozein.
Era berean, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan gordailutuko dira:
BGAEen Inbertitzeko Printzipioen Deklarazioa, horrelakorik dagoenean.
BGAEek egiten dituzten kontratuak, arreta berezia emanez Erregelamendu honen 63. artikuluan jasotako funtsezko funtzioak kanpora ateratzeko kontratuei.
Urteko kontuak, kudeaketa-txostena eta txosten aktuariala, hala dagokionean.
Likidatutako BGAEen liburuak eta dokumentazioa.
105. artikulua. Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eskaera.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan, interesdunak eskatuta, inskripzioa egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eskaera, behar bezala beteta eta erakundearen legezko ordezkariak sinatuta.
Eskatzen den idazpen-mota egiteko euskarri izango den dokumentazioa.
Eskaerak datu hauek izan beharko ditu, gutxienez:
Erakundearen izena eta egoitza.
Eskatzailea identifikatzeko datuak. Erakundearen legezko ordezkaria izan beharko du, edo haren ordezkaria.
Zer eskatzen den.
106. artikulua. Gobernu-organoetako kideak.
Gobernu-organoetako kideak, zuzendaritzakoak eta funtsezko funtzioen arduradunak, horrelakorik dagoenean, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatu beharko dira, bakoitzaren kargua egiaztatuz izendatu dituen edo kargutik kendu dituen batzar orokorraren edo gobernu-batzarraren aktaren bidez, edo Erakundeko idazkariak idatzi eta lehendakariak ontzat emandako ziurtapenaren bidez.
Erabakia hartzen denetik, gehienez 15 eguneko epean komunikatu beharko dizkiote BGAEek Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroari aurreko 1. paragrafoan aipatutako kargu-kentzeak eta izendatzeak.
107. artikulua. Urteko kontuak gordailutzea eta publiko egitea.
Legearen 74.b) artikuluaren arabera, BGAEen administratzaileek Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan aurkeztu behar dituzte urteko kontu auditatuak, kudeaketa-txostena eta txosten aktuariala, hala dagokionean, onartu eta hurrengo hilaren barruan. Ekitaldia itxi eta zortzi hilabete igarotzen badira adierazitako dokumentazio hori gordailutu gabe, hortik aurrera ekarritako dokumenturik ez da inskribatuko, harik eta egin beharreko gordailutzea egin arte, salbu eta urteko kontuak eta txostenak gordailutu ez badira, onartzeko aurkeztu arren, onartu ez direlako. Kasu horretan, batzar orokorraren aktaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, bertan azalduz zergatik ez diren onartu.
Gordailututako urteko kontuen publikotasuna gauzatuko da Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren arduradunak emandako ziurtapenaren bidez edo eskatutako dokumentuen fotokopia konpultsatuaren bidez, eskaera idatziz eta arrazoituta egin ondoren.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan gordailututako urteko kontuak eta auditoria-txostenak gordailua formalizatu eta hurrengo hiru urteetan kontserbatu beharko dira. Dokumentuak materialki kontserbatu beharrean, behar adina berme eskaintzen duten prozesu informatikoen bidez biltegiratu ahal izango dira.
108. artikulua. Datuen zuzentasunik eza, faltsutasuna edo omisioa.
Erantzukizunpeko deklarazio batean jasotako edo erantsitako datu, adierazpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo sartu ez bada, horren berri jakiten denetik aurrera, ezingo da prozedurarekin jarraitu, izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboei kalterik egin gabe.
109. artikulua. Kalifikazioaren eremua, edukia eta epea.
Erregistroan dagokion idazpena egiteko bakarrik egingo da kalifikazioa, eta ez du bestelako ondoriorik izango. Kalifikazioaren ondorioz, behar den idazpena egingo da.
Kalifikazioa idazpenak egiteko ezarritako hiru hilabeteko epean eta ebazpen bidez egingo da, eta ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio.
110. artikulua. Eskaera zuzendu eta hobetzea.
Eskaerak eta erantsitako dokumentazioak zuzentzeko moduko akatsak baldin badituzte, interesdunari errekerimendua egingo zaio hutsa zuzendu dezan edo behar diren dokumentuak erants ditzan, adieraziz, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren.
Aurkeztu beharreko dokumentuak dagoeneko Administrazioaren esku baldin badaude, gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak egiaztatuko ditu, eskatzaileak eskatuta.
111. artikulua. Ebazpena.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroko inskripzioa formalizatzeko ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaio interesdunari, eskaera jaso eta biharamunetik hasita.
112. artikulua. Inskribatutako datuak aldatzea eta eguneratzea.
Erregelamendu honetan espezifikoki ezarritakoaz gain, Erregistroaren Arduradunari ezagutarazi beharko zaio Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan jasotako datuetan aldaketaren bat gertatzen denean, aldaketa gertatzen denetik bi hilabeteko epean, eta kasu bakoitzean behar diren dokumentuak erantsita.
113. artikulua. Aurkezpeneko idazpena eta hasierako idazpena ezereztea.
Interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, idazpena egiteko eskaera ezesten bada, edo idazpena egiteko epea igarotzen bada akatsak zuzendu gabe edo kalifikazioaren aurka errekurtsorik jarri gabe, aurkezpeneko idazpena ofizioz ezereztuko da, orri-bazterreko ohar baten bidez.
Ofizioz hasitako prozeduretan, epea amaitzen bada idazpenik egin gabe, hasierako idazpena ofizioz ezereztuko da, orri-bazterreko ohar baten bidez.
114. artikulua. Izena.
BGAEen izenak erakundea identifikatzeko zati bat izango du eta ondoren adierazpen hau: Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea edo BGAE. Ezingo da lehendik dagoen BGAE baten izen berdina jarri. Legearen aurkako adierazpenik edo nahastera eraman dezakeenik ere ezingo da erabili. Lehentasunezko BGAEak direnean, izaera hori izenean jaso beharko dute.
Aurreikuspen-planen izenean, zati batek plana identifikatuko du eta ondoren zehazki jarriko du Gizarte Aurreikuspeneko Plana dela, modalitatea zehaztuta: Banakako, Enpleguko edo Elkarteko Gizarte Aurreikuspeneko Plana. Gizarte-aurreikuspeneko plan bermatua baldin bada, hori ere adieraziko da izenean, «bermatua» hitzaren bidez. Ezingo da lehendik dagoen Plan baten izen berdina jarri. Legearen aurkako adierazpenik edo nahastera eraman dezakeenik ere ezingo da erabili. Lehentasunezko gizarte-aurreikuspeneko planak direnean, izaera hori izenean jaso beharko dute.
Interesdunek, idatziz edo bitarteko elektronikoz, izen berdinik ezaren ziurtapena eskatu ahal izango diote Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroari, berek proposatutako izena beste baten berdina ez dela ziurtatzeko. Ziurtapen negatiboak sei hilabeteko indarra izango du, Erregistroak ematen duen egunetik kontatuta, eta izen hori erreserbatuta geratuko da epe berean. Epea igarotakoan, erregistratutako izenaren erreserba iraungi egingo da.
115. artikulua. Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan sartzea eta kontsultatzea.
Bazkideek eta onuradunek beren BGAEari buruzko interes legitimoa dutela suposatzen da.
BGAE batek ezingo du beste bati buruzko erregistro-daturik eskatu, interes legitimorik ez badu.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan dauden datuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erabili ahal izango ditu estatistika eta argitalpenetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean ezarritako baldintzak eta parametroak betez.
116. artikulua. Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren Arduraduna.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak erabakiko du nor izango den Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren arduraduna.
117. artikulua. Izaera, atxikipena eta egoitza.
Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseilua kide anitzeko organoa da. Bere egitekoa gizarte-aurreikuspena aztertu, sustatu, hedatu eta babestea da eta Euskadiko gizarte-aurreikuspeneko sistemari eragiten dioten gai guztietako aholkulari izatea.
Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseilua gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikitzen zaio, egitura organikoan integratu gabe, eta sail horren bulego edo lokaletan du egoitza.
118. artikulua. Egitura eta Osaera.
Organo hauek osatuko dute Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseilua:
Osoko Bilkura.
Euskadiko Enpleguko Gizarte Aurreikuspenaren Sektoreko Batzordea.
Honela osatuko da Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkura:
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburua; bera izango da lehendakaria.
Eusko Jaurlaritzaren lau ordezkari:
Hiru, gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren ordezkaritzan; horietako bat izango da lehendakariordea.
Bat, enpleguaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren ordezkaritzan.
Foru-aldundien hiru ordezkari, lurralde historiko bakoitzetik bat.
Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren ordezkari bat.
Kontsumitzaile eta erabiltzaileen ordezkari bat, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeak izendatua.
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburuen ordezkaritza instituzionala duten enpresaburu-elkarteen bi ordezkari.
Sindikatu eta sindikatu-konfederazioen lau ordezkari, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ordezkaritza handiena dutenen, eta administrazio publikoetako organoetan edo enpresa-batzordeetan langileen delegatuen edo enpresa-batzordeko kideen % 10 edo gehiago lortu dutenen ordezkaritzan.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen lau ordezkari.
Gizarte-aurreikuspenaren arloan esperientzia eta konpetentzia frogatua duten bi pertsona.
Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kide hauek osatuko dute Euskadiko Enpleguko Gizarte Aurreikuspenaren Sektoreko Batzordea:
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren bi ordezkari; horietako bat izango da batzordeburua.
Enpleguaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren ordezkari bat.
Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren ordezkari bat.
Enpresa-elkarteen ordezkari bat.
Sindikatu eta sindikatu-konfederazioen bi ordezkari.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen bi ordezkari.
Kontseiluaren Osoko Bilkurako eta Sektoreko Batzordeko idazkaria gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren ordezkarietako bat izango da, sail horretako sailburuak izendatua.
Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bilatuko da.
119. artikulua. Izendapena.
Honela izendatuko dira Osoko Bilkurako kideak:
Eusko Jaurlaritzako sailen ordezkariak, dagokion sailburuak izendatuko ditu.
Foru-aldundien ordezkariak, aldundi bakoitzaren funtzionamendu-arauei jarraiki izendatuko dira.
Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeak, enpresaburu-elkarteek, sindikatuek eta sindikatu-konfederazioek, eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek zuzenean helaraziko diote gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuari Osoko Bilkurarako egindako izendapena.
Gizarte-aurreikuspenaren arloan esperientzia eta konpetentzia frogatua duten pertsonak gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak izendatuko ditu.
Erakunde baten ordezkaritzan Kontseiluaren Osoko Bilkurako kide izateko izendatzen den pertsona bakoitzeko, ordezko bat izendatu ahal izango da.
Aurreko paragrafoetan esandako izendapenak egindakoan, gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak emandako Agindu baten bidez izendatuta geratuko dira Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkura osatuko duten kideak, eta Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kideen agintaldia lau urtekoa izango da izendatzen dituztenetik, eta berriro ere izendatu ahal izango dira, horretarako hautatzen badituzte.
120. artikulua. Funtzioak.
Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurari honako zereginak dagozkio:
Aldez aurretik informatzea:
Eusko Jaurlaritzak gizarte-aurreikuspenaren arloan egiten dituen lege-aurreproiektuak eta dekretu-proiektuak.
Gizarte-aurreikuspenaren arloko urte anitzeko planen proposamenak.
Borondatezko gizarte-aurreikuspena sustatzeko eta bultzatzeko programen proiektuak.
Gizarte-aurreikuspena sustatzeko, zabaltzeko eta defendatzeko neurriei buruzko proposamenak analizatzea eta gidatzea.
Botere publikoei aholkularitza ematea gizarte-aurreikuspenaren arloko politikak lantzeko eta segimendua egiteko.
Proposamenak, ekimenak eta gomendioak aurkeztea.
Euskadiko Enpleguko Gizarte Aurreikuspenaren Sektoreko Batzordeari honako zereginak dagozkio:
Enpleguko gizarte-aurreikuspen osagarria sustatzeko eta bultzatzeko neurriei buruzko proposamenak analizatzea eta gidatzea.
Aholkularitza ematea enpleguko gizarte-aurreikuspen osagarriaren arloko politikak lantzeko eta segimendua egiteko.
121. artikulua. Funtzionamendua.
Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurak egiten dituen txostenak ez dira lotesleak izango, eta aztertutako gaiari buruz Osoko Bilkurako kideek egindako oharrak jasoko dituzte.
Osagarri gisa, 30/1992 Legean azaroaren 26koan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean edo Lege hori ordezten duen arauan kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruz aurreikusitako arauak aplikatuko dira.
Kontseiluaren Osoko Bilkuretara eta Sektoreko Batzordearen bileretara joateagatik ez da ordainduko, baina kideek kobratu ahal izango dute organo horien bileretarako joan-etorrien kalte-ordaina. Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoan, edo hori ordezten duen arauan oro har aurreikusitako baldintzetan eta mugarekin kobratuko dira kalte-ordain horiek.
Gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak bere baliabide materialak eta pertsonalak jarriko ditu eta laguntza, idazkaritza teknikoa eta zerbitzua eskainiko ditu Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eta Euskadiko Enpleguko Gizarte Aurreikuspenaren Sektoreko Batzordearen bileretarako.
Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluko kideak euskaraz nahiz gaztelaniaz mintzatu ahal izango dira bileretan, eta bi hizkuntzak erabiliko dira deialdietan, gai-zerrendetan eta aktetan.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (8)
- Ikus: AGINDUA, 2024ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako Bazkideen Fitxategi Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua.
- Aldatutakoa: 13/2024 DEKRETUA, otsailaren 13koa, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko hainbat dekretu aldatzekoa.
- Ikus: AGINDUA, 2016ko maiatzaren 4koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkura osatuko duten kideak izendatzeko dena.
- Zuzendutakoa: HUTSEN ZUZENKETA, honako dekretu honena: «203/2015 Dekretua, urriaren 27koa, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua onartzen duena».
- Ikus: Agindua, 2016ko uztailaren 19koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetako Bazkideen Fitxategi Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena
- Ikus: 38/2019 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Finantza Politikako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita zein izango den Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren pertsona arduraduna.
- Garatzen du: 5/2012 LEGEA, otsailaren 23koa, Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeena.
- Aldatzen du: 92/2007 DEKRETUA, maiatzaren 29koa, borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeen jarduera jakin batzuk arautzeko dena.