- 112/2019 DEKRETUA, uztailaren 16koa, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroari buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu112/2019 DEKRETUA, uztailaren 16koa, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 144
- Hurrenkera-zk.: 3659
- Xedapen-zk.: 112
- Xedapen-data: 2019/07/16
- Argitaratze-data: 2019/07/31
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Merkataritza eta turismoa
Testu legala
Gaur egun, indarrean dago Euskadiko Turismo Enpresen eta Establezimenduen Erregistroa arautzen duen irailaren 2ko 199/2003 Dekretua, zeinak Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legea garatzen baitu. Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 24. artikuluak Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroaren ezaugarriak zehazten ditu, eta erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua erregelamendu bidez taxutu behar dela agintzen du. Beraz, erregistroaren inguruko beste erregulazio bat eman behar da indarreko lege-xedapenetara egokitzeko.
Zehazki, erregistroaren konfigurazioa aldatu eta legez aurreikusitako turismo-establezimendu eta -enpresen tipologiara egokitu behar da (establezimendu eta enpresa horien artean nabarmentzen dira erabilera turistikorako etxebizitzak eta etxebizitzetako logelak, inpaktu handiagoa dutelako).
Era berean, turismo-giden inskripzioa ere aurreikusi behar da. Izan ere, lanbidean aritzea jarduera librea bada ere, beharrezkoa da gaituta egotea jarduera ondare kultural gisa sailkatutako elementuen barruan egiten bada, Turismoaren Legeak (uztailaren 28ko 13/2016) 64. artikuluan xedatzen duenez. Aipatu behar da, alabaina, xedapen horien eraginkortasuna atzeratu egingo dela gaikuntzarako baldintzak eta prozedura arautzeko araua indarrean jarri arte, hirugarren xedapen gehigarriak ezarritakoaren arabera.
Azkenik, erregistroa bestelako lege-aurreikuspen batzuen arabera ere egokitu behar da; esate baterako, zehapen jakin batzuen inskripzioari dagokion lege-testuaren arabera.
Esandakoaren harira, Euskadiko Turismo Enpresa eta Jardueren Erregistroa erabat arautzea da dekretu honen helburua, hau da, Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen edukiaren arabera arautzea.
Ildo horretan, azken xedapenetako lehenengoak kanpaketa-eremu naturalen eta autokarabanen harrera-eremu berezien inskripzioa xedatzen du. Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 68. eta 71. artikuluetan daude jasota, hain zuzen, eremu horiek. Figura horiek, «Kanpinak eta kanpaketako beste modalitate batzuk» epigrafean inskribatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan kanpinak eta beste kanpaketa-turismoko modalitate batzuk arautzeari buruzko uztailaren 30eko 396/2013 Dekretuak indarrean dirauen bitartean, III. eta IV. tituluetan xedatutakoarekin bat etorrita, legeak ezarritakoaren kontra ez badago. Era berean, Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 67., 69. eta 70. artikuluetan aurreikusitako gainerako figuren inskripzioari dagokionez, legea garatzeko egingo diren erregelamenduetara jotzen du xedapenak.
Ildo berean, adierazi behar da dekretuak Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen VI. tituluak aurreikusten dituen interes turistikoko jarduerak egiten dituzten enpresa edo establezimenduen inskripzioak aipatzen dituela. Kontzeptu horretan biltzen dira Euskadin turismoa dinamizatzeko eta turisten mugimendua eta egonaldia hobetzeko lagungarri diren jarduerak, eta legeak kontzeptu horren barruan sartzen ditu honako hauek: sukaldaritza-establezimenduak; zerbitzu kulturaletarako enpresak (hala nola turismo linguistikoaren enpresak) eta naturako kirol-jardueren enpresak (hala nola turismo aktiboaren eta abenturazkoaren enpresak); kongresuekin, biltzarrekin eta pizgarriekin lotutako zerbitzuen enpresak eta zerbitzu horietarako instalazioak (hala nola erakustazokak); ibilbide turistikoak egiten dituzten garraio-enpresak; kultur ondarea zabaltzeko enpresak; eta aisialdi-zentroak, besteak beste. Enpresa eta jarduera horiek erregistroan inskribatu ahal izateko, beharrezkoa da haien irismena eta edukia mugatuko dituen araudi bat izatea, zeinetan turismo arloan eskumena duen sailak parte hartu behar baitu Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin batera. Horrenbestez, azken xedapenetatik bigarrenak, adierazten du interes turistikoko jardueren inguruan ematen diren arauek ezartzen dutenaren arabera egingo direla inskripzioak.
Dekretuak 4 kapitulu ditu (14 artikulutan banatuta), hiru xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.
kapituluan (xedapen orokorrak) hauek jorratzen dira: dekretuaren xedea, erregistroaren helburua, araubide juridikoa eta egitura, eta erregistroaren arduraduna.
kapitulua ostatu eta bitartekaritza turistikorako enpresa eta jardueren inskripzioari buruzkoa da, eta bertan arautzen dira inskripzioen helburua eta edukia, inskripzioa egiteko bitartekoak eta ezerezteko prozedura.
kapituluak gaitutako turismo-gidarien inskripzioa zehazten du eta inskripzioaren helburua eta edukia arautzen ditu. Inskripzioak ezerezteko prozesua ere zehazten du.
Azkenik, IV. kapituluak erregistroaren ondorioak eta publikotasuna arautzen ditu, eta erregistroko informazioa eskuratzeaz ere hitz egiten du.
Lehenengo xedapen gehigarrian, adierazten da sexu-aldagaia sartuko dela dekretu hau aplikatzearen ondorioz sortzen diren dokumentu guztietan, bat etorri beharrez emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko legeriarekin; bigarren xedapen gehigarrian, berriz, arau berria indarrean sartu ostean gaur egun indarrean dagoen erregistroa zertan den azaltzen da; eta hirugarren xedapen gehigarria gaitutako turismo-giden inskripzioari buruzko III. kapituluko xedapenen eraginkortasuna atzeratzen du gaikuntza horiek garatzen dituen araua garatu arte.
Xedapen indargabetzaileak bestalde, ezartzen du erregistroa erregulatzen zuen aurreko dekretua indarrik gabe geldituko dela; azken xedapenetan lehenengoak kanpaketa-eremu naturalen eta autokarabanen harrera-eremu berezien inskripzioa aurreikusten du; azken xedapenetan bigarrenak, berriz, ondorengo erregulazio baten esku uzten du interes turistikoko jarduerak egiten dituzten enpresa eta establezimenduen erregistrora sartzeko prozesua; azken xedapenetan hirugarrenak turismo arloan eskumena duen sailaren titularrari baimena ematen dio erregistroaren egitura eta osaera aldatzeko; eta azken xedapenetan laugarrenak, azkenik, dekretua indarrean noiz sartuko den adierazten du.
Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 16an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren,
Dekretu honen xedea da Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzea.
Erregistroaren helburua da turismo-enpresa eta -jarduerei buruzko informazioa ematea eskatzen duten pertsona guztiei.
Era berean, erregistroa informazio-tresna izan daiteke turismo-administrazioak turismoaren antolamenduari eta arlo horretako indarreko araudia betetzen dela aztertu, kontrolatu eta egiaztatzeari dagokionez dituen eskumenak gauzatzeko.
Era berean, erregistroko informazioa turismoa sustatzeko neurriak abiarazteko erabili ahal izango da.
Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroa administrazio-izaerakoa eta publikoa da.
Erregistroa turismoaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari adskribatuta egongo da.
Erregistroa bitarteko telematiko eta elektronikoetatik kudeatuko da turismo arloan eskumena duen sailaren organo periferikoen bidez.
Kudeaketa modu deszentralizatuan egingo da, establezimendua edo higiezina kokatuta dagoen tokiaren arabera edota erantzukizunpeko adierazpena edo komunikazioa zuzenduta dagoen lurralde-bulegoa kontuan hartuta, baldin eta inskribatu nahi den jarduera ez badago higiezin bati lotua.
Erregistroko inskripzioak eta kontsultak doakoak izango dira.
Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroko inskripzioak liburu hauetako batean egingo dira, eta, kasuan-kasuan, dagokion atal eta epigrafeetan:
a) I. liburua. Ostatu- eta bitartekaritza-enpresak eta -jarduerak.
atala. Ostatu-establezimenduak.
epigrafea. Hotelak.
epigrafea. Ostatuak.
epigrafea. Apartamentu turistikoak.
epigrafea. Kanpinak eta kanpatzeko beste modalitate batzuk.
epigrafea. Agroturismoak.
epigrafea. Landetxeak.
epigrafea. Aterpetxeak.
epigrafea. Beste ostatu-establezimendu batzuk.
atala. Erabilera turistikorako etxebizitzak.
epigrafea. Erabilera turistikorako etxebizitzak, osorik lagatakoak.
epigrafea. Erabilera turistikorako etxebizitza partikularrak, logelaka lagatakoak.
atala. Bitartekaritzako turismo-enpresak.
epigrafea. Bidaia-agentziak.
epigrafea. Beste bitartekaritza-enpresa batzuk.
II. liburua. Turismo-gidari gaituak.
Turismo arloan eskumena duen sailaren organo periferikoaren arduradunak eramango du bere lurralde-eremuko erregistroa.
Erregistroaren arduradunak dagozkion inskripzioak egingo ditu, eskatzen diren ziurtagiriak emango ditu, eta erregistroko edukia jasota uzteko eta zabaltzeko gainerako izapideak egingo ditu, bat etorriz hala dekretu honetan nola aplikatzekoa den gainerako legerian jasotakoarekin.
Erregistroan inskribatuko da ostatu eta bitartekaritza turistikorako jardueraren hasiera, baita haren aldaketak ere, erregistroan inskribatutako datuei eragiten badiete. Halaber, erregistroan jasota utziko da jardueraren etetea.
Honako hauek inskribatuko dira:
Turismo-ostatuko establezimenduak.
Osorik lagatzen diren erabilera turistikorako etxebizitzak, eta logelaka lagatzen diren erabilera turistikorako etxebizitza partikularrak.
Bidaia-agentziak eta bitartekaritzako beste turismo-enpresak eta, hala badagokio, haien establezimenduak eta salmenta-puntuak.
Erregistroko inskripzioan sartuko dira dagokion araudiaren arabera erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan jaso behar diren datuak.
Edonola ere, gutxienez honako datu hauek jasoko dira inskripzioan:
Turismo-jardueraren titular den pertsona fisiko edo juridikoaren identifikazio-datuak, identifikazio fiskaleko zenbakia adierazita (eta, edukiz gero, baita izen komertziala ere).
Jarduera gauzatzen den establezimenduaren edo eraikinaren posta-helbidea, hala badagokio, eta webgunea, halakorik balu.
Jardueraren titularrarekin zuzenean komunikatzeko modua emango duten telefono-zenbakia, helbide elektronikoa eta posta-helbidea.
Hala badagokio, establezimenduaren edo enpresaren mota, modalitatea, espezialitatea eta kategoria edo sailkapena, bai eta dispentsatu daitezkeen betekizun eta baldintzen oinarrizko edukia ere.
Ostatu emateko edukiera, ostatu-enpresen kasuan.
Era berean, erregistroan inskribatuko dira zehapen nagusi eta osagarriak ezartzen dituzten ebazpen irmoak, turismoaren alorreko arau-hauste astun eta oso astunen ondoriozkoak.
Inskripzioetan data adieraziko da, bai eta jarduketa-hasieraren ondoren-data, aldaketen data eta jarduna uztearen data.
Erregistroko inskripzioak ofizioz egingo dira, honako agiri hauek aurkeztu edo administrazio-egintza hauek diktatu ondoren, kasuaren arabera:
Jardueraren hasierari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
Jardueraren funtsezko aldaketei edo behin-behineko eteteari buruzko erantzukizunpeko adierazpena edo funtsezkoak ez diren aldaketen aurretiazko komunikazioa, aldaketek erregistroan sartu diren datuei eragiten badiete.
Beste autonomia-erkidego batean legez ezarrita dauden bitartekaritza-enpresen establezimenduak eta salmenta-puntuak Euskadin jarduera hastearen buruzko komunikazioa.
Europar Batasuneko estatu kide batean edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioarekin bat egin duen estatu batean legez ezarrita dauden bitartekaritza-enpresen establezimenduak eta salmenta-puntuak Euskadin irekitzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
Inskribatu den jardueraren sailkapena, edukiera edo beste elementuren bat aldarazten duen administrazio-ebazpen irmoa.
Turismo arloan arau-hauste larriak eta oso larriak egiteagatik zehapen nagusiak eta osagarriak ezartzeko administrazio-ebazpen irmoa.
Aplikatzekoa den legeriaren arabera erregistroan jaso beharreko datuak dituen beste edozein dokumentu.
Turismo-enpresa eta -jardueren inskripzioak ofizioz ezereztuko dira, honako agiri hauek aurkeztu edo administrazio-egintza hauek diktatu ondoren, kasuaren arabera:
Jarduera eteteari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
Beste autonomia-erkidego batean legez ezarrita dauden bitartekaritza-enpresen establezimenduak eta salmenta-puntuak Euskadin ixteari buruzko komunikazioa.
Lege-araubidea urratzeagatik edo inaktibitateagatik jarduera behin betiko etetea edo jarduera gauzatzen den establezimendu eta lokalak ixtea xedatzen duen administrazio-ebazpen irmoa.
Jarduera behin betiko uztea edo establezimendua behin betiko ixtea dakarten zehapenak ezartzea xedatzen duen administrazio-ebazpen irmoa.
Zehapenak ezarri izanaren inskripzioa ofizioz ezereztu egingo da edo interesdunak hala eskatzen badu, oharra hartu eta bi urte igarotzen direnean.
Ofizioz emango zaie izena Euskadiko turismo-enpresa eta -jardueren erregistroan turismo-gidei, kasu hauetan:
Euskadiko ondare kultural gisa katalogatutako elementuen barruan beren jarduera gauzatzea ahalbidetzen dien gaikuntza ematen dienean Euskadiko turismoaren arloko administrazioak.
Espainiako estatuko beste autonomia-erkidego batzuetan edo Europar Batasuneko beste estatu batzuen aitorpena edo gaikuntza dutela dioen aurretiazko komunikazioa aurkezten dutenean.
Gaikuntzarako baldintzak eta prozedura bat etorriko dira horren inguruan ematen diren arau espezifikoekin.
Erregistroan, turismo-gidarien jarduna erregulatzen duen arauari jarraikiz jaso behar diren datuak ez ezik, gutxienez honako datu hauek jasoko dira:
Turismo-gidariaren identifikazio-datuak, identifikazio fiskaleko zenbakia adierazita, eta webgunea, halakorik balu.
Turismo-gidariarekin zuzenean komunikatzeko modua emango duten telefono-zenbakia, helbide elektronikoa eta posta-helbidea.
Era berean, erregistroan inskribatuko dira turismoaren arloan arau-hauste astunak eta oso astunak egiteagatik zehapen nagusiak eta osagarriak ezartzen dituzten administrazio-ebazpen irmoak.
Inskripzioa ezereztu egingo da turismo-gidariak hala eskatzen duenean (horretarako, komunikazioa aurkeztu beharko du).
Halaber, inskripzioa ezereztuko da administrazio-ebazpen bidez egiaztatzen denean gaikuntzaren ondoreak galdu direla, jarduera falta, atzera egitea, heriotza edo legezko beste kausaren bat dela eta.
Zehapenak ezarri izanaren inskripzioa ezereztu egingo da ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, oharra hartu eta bi urte igaro direnean.
Erregistroan inskribatzea ez da eratzearen pareko; hortaz, adierazitako datuak publiko bihurtzea beste ondoriorik ez du izango.
Erregistroko inskripzioak ondorioak izango ditu erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa osorik aurkeztu den egunetik aurrera.
Jarduera eteten edo aldatzen bada, ondorioak atzeratu egin ahal izango dira erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan adierazten den egunera arte.
Inskripzioa egitean identifikazio-zenbaki bat esleituko da, eta zenbaki hori inskribatu den jardueraren titularrari edo turismo-gidariari jakinaraziko zaio.
Edonork eskuratu ahal izango du Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan unean-unean jasota dagoen informazioa.
Erregistroaren arduradunak erregistroko datuak ziurtatuko ditu interesdunak hala eskatzen duenean.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Emakumeen eta gizonen berdintasuna.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 28ko 4/2005 Legearen 16. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, dekretu honetan ezarritakoa aplikatuz sortzen diren erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren ereduetan, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan egindako inskripzioetan eta datuak biltzeko beste dokumentu guztietan, sexu-aldagaia sartu beharko da, halako moldez non datuak bereizita jasotzeko eta ustiatzeko bidea izango baita.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Indarrean dagoen turismo-enpresa eta -establezimenduen erregistroa.
Euskadiko Turismo Enpresen eta Establezimenduen Erregistroa arautzen duen irailaren 2ko 199/2003 Dekretuak aurreikusitako erregistroan egindako inskripzioak erabat eraginkorrak izango dira eta indarrean egongo dira; hala ere, dekretu honetan zehaztutako egitura eta osaerari egokitu beharko zaizkio.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Gaitutako turismo-giden inskripzioaren eraginkortasunaren atzerapena.
Dekretu honen III. kapituluan xedatutakoaren eraginkortasuna atzeratu egiten da turismo-giden gaikuntzarako baldintzak eta prozedura garatzen dituen araua indarrean jarri arte.
Indargabetuta gelditzen dira Euskadiko Turismo Enpresen eta Establezimenduen Erregistroa arautzen duen irailaren 2ko 199/2003 Dekretua eta arau honetan ezarritakoaren kontrakoak diren xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Kanpaketa-modalitateak.
Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 68. eta 71. artikuluetan aurreikusitako kanpaketa-eremu naturalak eta autokarabanen harrera-eremu bereziak «Kanpinak eta kanpaketako beste modalitate batzuk» epigrafean inskribatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan kanpinak eta beste kanpaketa-turismoko modalitate batzuk arautzeari buruzko uztailaren 30eko 396/2013 Dekretuaren III. eta IV. tituluetan, hurrenez hurren, xedatutakoarekin bat etorrita, legeak ezarritakoaren kontra ez badago.
Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 67., 69. eta 70. artikuluetan aurreikusitako gainerako figurak turismo-enpresa eta -jardueren erregistroan inskribatu ahal izango dira, legea garatzeko egingo diren erregelamenduek hala ezartzen badute.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Interes turistikoko jarduerak.
Interes turistikoko jarduerak egiten dituzten enpresa eta establezimenduak, Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen VI. tituluan zehaztutakoak, turismo-enpresa eta -jardueren erregistroan inskribatu ahal izango dira, haien araudiek xedatutakoari jarraituz.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Erregistroa eguneratzeko baimena.
Turismo-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren titularrari baimena ematen zaio dekretu honetan arautzen den erregistroaren egitura eta osaera aldatzeko, erregistroa osatzen duten liburuak, atalak eta azpiatalak ezabatuz, azpizatituz edo izenez aldatuz, erregistroa turismo-enpresa eta -jarduerei hobeto egokitzeko xedearekin.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 16an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
SONIA PÉREZ EZQUERRA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (3)
- Ikus: AGINDUA, 2024ko martxoaren 14koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez garatzen baita Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroari buruzko uztailaren 16ko 112/2019 Dekretua, turismo aktiboko eta abentura-turismoko enpresei dagokienez.
- Aldatutakoa: 26/2024 DEKRETUA, martxoaren 5ekoa, Turismo-gidarien Euskadiko Jarduerarena.
- Indargabetzen du: 199/2003 DEKRETUA, irailaren 2koa; honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresa eta -establezimenduen erregistroa sortzen da.