Euskadi.eus
  • 156/2021 DEKRETUA, ekainaren 29koa, zeinaren bidez aldatzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartzen dituen Dekretua. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

156/2021 DEKRETUA, ekainaren 29koa, zeinaren bidez aldatzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartzen dituen Dekretua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 132
  • Hurrenkera-zk.: 3834
  • Xedapen-zk.: 156
  • Xedapen-data: 2021/06/29
  • Argitaratze-data: 2021/07/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituen maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartu ziren, bai eta organismo autonomo horri dagozkion egitura eta egitekoak ere, barneko organo bakoitzaren egitekoekin batera.

Onartu zirenetik igaro den denboran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren antolaketa aldatu da lurralde-zerbitzuen mailan; beraz, aldaketa horiek estatutuetan jaso eta arautu behar dira. Halaber, organismo horrek beste egiteko batzuk ere hartu ditu bere gain, eta, ondorioz, estatutuetan aurreikusitako hasierako egitura aldatu behar da, haren gomendio utzi diren zerbitzuak egokiro eta eraginkortasunez emateko.

Enplegu-bulego ugari zeudenez, bitarteko unitate bat sortu behar izan zen lurralde historiko bakoitzean, hau da, enplegu-bulegoen eta zerbitzu zentralen arteko bitarteko unitate bat. Estatutuetan araututako egitura organikoan aurreikusita ez zegoen unitate horietako bakoitzak bere lurralde-eremuko bulegoei laguntzen die, zaintzen du bulego horiek behar bezala funtziona dezaten, eta bulegoen eta gainerako antolakundearen arteko jarduketak koordinatzen ditu. Lurralde-egitura hori badago jasota Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lanpostu-zerrendan; beraz, estatutuetan sartzea baino ez da falta.

Bestalde, indarrean dauden estatutuen arabera, organo berari esleitu zaio enplegurako lanbide-heziketa eta diru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzea, hain zuzen ere, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzari. Hala ere, bi jardun-eremu horiek oso desberdinak dira, eskakizun handiak dituzte zuzendaritza- eta antolaketa-mailan, eta kudeaketa-unitate eta erabaki-organo bereiziak eta espezializatuak behar dituzte.

Bereizketa hori egin beharra eta prestazioak baino kudeatzen ez dituen unitate bat sortu beharra are nabarmenagoa da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bizitzeko gutxieneko diru-sarrera kudeatzea ere bere gain hartu duenetik, Euskal Autonomia Erkidegoan maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege Dekretuan dago araututa bizitzeko gutxieneko diru-sarrera. Horretarako, 2020ko irailaren 1ean izenpetutako hitzarmenean zehaztu dira betekizunak, eta, horren bidez, Gizarte Segurantzak Lanbideren gomendio utzi du prestazio horren kudeaketa, harik eta egiteko guztiak eskualdatu arte, aipatutako arauaren bosgarren xedapen gehigarrian xedatu bezala.

Beste alde batetik, dekretu honek estatutuak aldatu eta zenbait alderdi zehaztuko ditu Administrazio Kontseiluko kideak berritzeari eta funtzionamendu-araubideari buruz; halaber, segurtasun juridikorako erregulazioa hobetuko du, xedapen horiek behar bezala aplikatu ahal izateko.

Bestalde, estatutuen arabera, zuzendari nagusia da prozedura guztiak ebazteko ardatza, dirulaguntzetarako deialdiak barnean hartuta. Kontuan hartuta zeinen zabalak diren Lanbideren jardun-eremuak eta egitekoak eta zenbat ebazpen eman behar den, beharrezkoa da erabakiak hartzeko egitekoa zuzendari nagusiaren mendeko gainerako zuzendariei zabaltzea, hau da, deskontzentratzea, arinago eta eraginkorrago kudeatzeko.

Estatutuetan egiteko horiek deskontzentratu ondoren, komeni da, halaber, planteamendu hori xedapen orokorretan jasotzea, bai dirulaguntzak arautzeko, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen dituen bestelako prozeduretarako, baldin eta halakoak ebazteko eskumena zuzendari nagusiari esleitu bazaio. Hori da azken xedapenetako lehenengoaren, bigarrenaren eta hirugarrenaren helburua.

Hori dela eta, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2021eko ekainaren 29an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

Lehenengoa. Berriro idatzi dira 6. artikuluaren 2. apartatuko e) eta f) letrak, eta honela geratuko dira idatzita:

  1. Bost bokal, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritzarik handiena duten sindikatu-antolakundeen ordezkari gisa.

    Aipatutako sindikatu-antolakundeek proposatuko dituzte bokal horiek, eta Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez izendatuko dira.

    Bokal-kopuruaren esleipena proportzionala izango da sindikatu bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoan egiaztatzen duen ordezkaritzaren arabera, horrela bermatuko baita, une oro, ordezkaritzarik handiena duten antolakundeak egon badaudela Administrazio Kontseiluan.

    Hori eragotzi barik, sindikatu-antolakunderen batek bokalak izendatzeko eskubidea badauka eta ez badu hala egiten horretarako adierazitako epean, lanpostu horiek talde bereko gainerako entitateei gehituko zaizkie, ordezkaritzarekiko proportzionaltasunaren arabera.

    Halaber, agintaldian zehar, sindikatu-antolakunderen batek edo batzuek erabakitzen badute behin eta berriro Administrazio Kontseilura ez joatea, kontseiluburuak berak kontseilukideak partzialki berritzeko prozedura bat hasiko du eta sindikatu-erakunde horiei 10 eguneko epea emango die entzunaldirako, egoeraren gaineko adierazpena egin dezaten. Alegazioak jaso ondoren edo, alegaziorik gabe, epea amaitu ondoren, kontseiluburuak ez-joate horren berariazko deklarazioa egingo du edo, hala badagokio, espedientea artxibatuko du. Ez-joatea deklaratuta, gainerako sindikatu-erakundeetako kideek beteko dituzte hutsik geratu diren postu horiek, bakoitzaren ordezkaritzaren arabera, aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera.

    Hutsegite errepikakortzat hartuko da baldin eta sindikatu-antolakunderen bateko bokal bat edo batzuk ez badira joaten inolako justifikaziorik gabe ondoz ondoko hiru bilkuratan, edo lautan urtebeteko epean.

  2. Bost bokal, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritzarik handiena duten sektorearteko enpresa-antolakundeen ordezkari gisa.

    Aipatutako enpresa-antolakundeek proposatuko dituzte bokal horiek, eta Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez izendatuko dira. Hala badagokio, e) apartatuko 4., 5. eta 6. paragrafoetan postu hutsak betetzeari buruz ezarritakoa aplikatuko zaie, eta enpresa-antolakunde horietako kideek beteko dituzte.

Bigarrena. Aldatu egiten da 6. artikuluko 3. apartatua, eta honela idatzita geratuko da:

  1. Bokalen agintaldia 3 urtekoa izango da. Agintaldia amaitu eta hurrengo hilabetean, kontseiluburuak ofizioz hasiko du Administrazio Kontseilua erabat berritzeko prozesua. Prozesua hasita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta sindikatu- eta enpresa-antolakundeek hilabete izango dute titular eta ordezko berriak izendatzeko.

    Ulertuko da Kontseiluko ordezkaritzari uko egin diotela, baldin eta bokalak izendatzeko eskubidea duten sindikatu- eta enpresa-antolakundeek epez egiten ez badute; horren ondorioz, bokal-postu horiek talde bereko gainerako entitateei gehituko zaizkie, ordezkaritzarekiko proportzionaltasunaren arabera.

    Aurreko paragrafoan adierazitako modu berean egingo da baldin eta berariaz egiten bazaio uko Kontseiluko ordezkaritzari agintaldiaren indarraldiko edozein unetan.

Hirugarrena. Aldatu egiten da 8. artikuluaren 4. apartatua, eta honela geratuko da idatzita:

  1. Administrazio Kontseilua baliozkoa izateko, bera osatzeko, lehenengo deialdian, kideen erdiek baino gehiagok egon behar dute aurrez aurre edo urrutitik horien artean kontseiluburua eta idazkaria edo ordezkoak; eta, bigarren deialdian, berriz, kideen herenek horien artean kontseiluburua eta idazkaria edo ordezkoak. Nolanahi ere, nahiz eta deialdiaren eskakizunak ez bete, kontseiluaren eraketa baliozkoa izango da bileran kide guztiak badaude, aurrez aurre edo urrutitik, eta hala erabakitzen badute aho batez.

Laugarrena. Aldatu egiten da 10. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratuko da idatzita:

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusia goi-karguduna da, sailburuordearen maila du, eta egiteko hauek beteko ditu:

    1. Organismoaren aurrekontu-aurreproiektua egitea eta Administrazio Kontseiluari proposatzea.

    2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzentzea eta Administrazio Kontseiluaren akordioak gauzatu eta betearaztea.

    3. Kontseiluari proposatzea organismoaren egitekoak betetzeko behar diren hitzarmenak, eta entitate publiko edo pribatuekin integratutako edo partekatutako kudeaketa-formulak ezartzea.

    4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari berez dagozkion gaietako kontratuak formalizatzea eta administrazio publikoen kontratuei buruzko legeek kontratazio-organoei ematen dizkieten ahalmenak eta eskumenak baliatzea.

    5. Organismo autonomoaren zerbitzuak zuzendu eta gainbegiratzea xedeak betetzeko, eta langileak zuzentzea.

    6. Organismoaren gastuak onartzea eta ordainketak agintzea, Zerbitzu Orokorren zuzendaritzei esleitutakoak izan ezik. Halaber, Administrazio Kontseiluari jakinaraztea zer gastu baimentzen dituzten Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua atxikita daukan sailburuak edo Gobernu Kontseiluak. Administrazio Kontseiluari dagokio 1.000.000 eurotik gorako kontratuak baimentzea.

    7. Organismoaren urteko jarduera-memoria egitea, bai eta Administrazio Kontseiluak gomendatzen dion beste edozein txosten ere.

    8. Inklusio aktiboko hitzarmenak formalizatzea.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako dirulaguntza izendunak ematea, eta lehiaketetako dirulaguntza-deialdiak ebaztea, non aurreikusten baita eskabideak aldez aurretik ezarritako irizpide batzuen arabera baloratzea eta alderatzea.

    10. Lan-arloko auzibidearen aurreko erreklamazioak ebaztea.

    11. Zehatzeko ahala baliatzea enpleguari eta langabeziari, diru-sarrerak bermatzeari eta gizarte-inklusioari buruzko gaietan, bakoitzari dagozkion legeetan xedatutakoaren arabera.

    12. Enpleguaren arloko sail eskudunari eta Administrazio Kontseiluari beren egitekoetarako behar duten behar duten informazio guztia ematea.

    1. Administrazio Kontseiluaren erabakiak betearaztea eta hark eskuordetzen dizkion ahalmenak baliatzea.

    2. Administrazio Kontseiluari kudeaketa-plana eta jardueren urteko memoria aurkeztea. Halaber, Administrazio Kontseiluari aurrekontu-garapenaren egoeraren berri emango dio, eta onartutako aurrekontuko kontzeptuak edo partidak aldatzeko baimena eskatuko dio.

    1. Administrazio Kontseiluari proiektua proposatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumenekoak diren laguntza eta dirulaguntzetarako deialdiak arautzeko, eta onartutakoak argitaratzea.

    2. Zuzendaritza Nagusiaren mendeko organoek emandako ebazpen eta administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

Bosgarrena. Aldatu egiten da 11. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratuko da idatzita:

  1. Zerbitzu Zentralen zuzendaritza hauek daude, eta organikoki eta funtzionalki Zuzendaritza Nagusiaren mendekoak dira:

    1. Zerbitzu Orokorren Zuzendaritza.

    2. Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza.

    3. Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritza.

    4. Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritza.

Seigarrena. Aldatu egiten da 11. artikuluaren 2. apartatuko b) letra, eta honela geratuko da idatzita:

  1. Koordinazio- eta komunikazio-unitate bat, organismo autonomoaren lurralde-zerbitzuak osatzen dituzten bulegoen sarea zuzentzen eta koordinatzen laguntzeko zerbitzu gisa. Unitate horren ardura izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen zerbitzuen prozedurak eta prozesuak bateratzea eta homogeneizatzea, bai eta barneko zein kanpoko komunikazio-prozedurak betetzea ere.

Zazpigarrena. Aldatu egiten da 12. artikuluaren 1. apartatuko b) letra, eta c) letra gehitzen da. Honela geratuko dira idatzita:

  1. Dagokion zuzendaritzak izapidetu behar dituen espedienteak eta eskumeneko gaiak ebaztea.

  2. Dagokion jardun-eremuko ordainketak agintzea.

Zortzigarrena. Aldatu egiten da 14. artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa, eta honela geratuko da idatzita:

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari dagokio organismo autonomoak zerrenda honetako gaietan kudeatu behar dituen programen espedienteak kudeatu, planifikatu, dinamizatu, euskarria eman, prozesuak diseinatu, eta ebaztea, barnean hartuta dirulaguntzetarako deialdiak ere ebaztea, zuzendari nagusiaren eskumenekoak izan ezik, hala badagokio 10.2 artikuluaren i) letran xedatutakoaren arabera:

Bederatzigarrena. Aldatu egiten da 14. artikuluaren 2. apartatuko b) letra, eta honela geratuko da idatzita:

  1. Laneratze Enpresen Erregistroa eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

Hamargarrena. Aldatu egiten da 15. artikulua, eta honela geratuko da idatzita:

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritzari dagokio organismo autonomoak zerrenda honetako gaietan kudeatu behar dituen programen espedienteak kudeatu, planifikatu, dinamizatu, euskarria eman, prozesuak diseinatu, eta ebaztea, barnean hartuta dirulaguntzetarako deialdiak ere ebaztea, zuzendari nagusiaren eskumenekoak izan ezik, hala badagokio 10,2 artikuluaren i) letran xedatutakoaren arabera:

    1. Langile langabeei eta landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintza.

    2. Enpresek programatutako prestakuntza.

    3. Prestakuntzarako laguntza, akonpainamendua eta ekintza osagarriak.

    4. Enplegu- eta prestakuntza-jarduketa mistoak.

  2. Halaber, Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko enplegurako lanbide-heziketako entitateen erregistroa kudeatzea.

    2. Profesionaltasun-ziurtagiriak emateko eta erregistratzeko behar diren jarduerak egitea; eta, horretarako, hezkuntza-administrazioaren ekimenak koordinatuta daudela bermatzea, bai errekerimendu profesionalen gaian, bai konpetentzia profesionalak ziurtatzeko orduan.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoan, lanbide-heziketaren arloko jarduna duten gainerako organismoekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea.

    4. Zuzendaritza Nagusiak haren gomendio uzten duen antzeko beste edozein egiteko betetzea.

Hamaikagarrena. 15 bis) artikulu berri bat erantsi eta honela geratuko da idatzita:

15 bis artikulua. Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritza.

Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzari honako egiteko hauek dagozkio:

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein modalitatetan, eta etxebizitza-gastuetarako prestazio osagarria aitortu, ukatu, berrikusi, aldatu, eten eta azkentzeko espedienteetarako instrukzioa egitea eta ebaztea.

  2. Diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein modalitatetan, edo etxebizitza-gastuetarako prestazio osagarria jasotzen duten titularren eta onuradunen jarraipen etengabea eta kontrola egitea.

  3. Diru-sarreren bermearen eta gizarte-inklusioaren gaietako zehapen-espedienteak hastea eta instrukzioa egitea.

  4. Bizitzako gutxieneko diru-sarrera eta, hala badagokio, soldataren ordezko beste edozein prestazio edo subsidio kudeatzea; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren gomendio utzitako edo eskualdatutako egitekoak betetzea.

  5. Jardun-eremuko helburuak betetzeko behar den bezainbeste erabaki hartzea eta egintza ematea.

Hamabigarrena. Aldatu egiten da 16. artikulua, eta honela geratuko da idatzita:

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde-zerbitzuak antolatzeko, enpleguko toki- eta lurralde-bulegoen sare bat eratu da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoa hartuta, eta zerbitzu publikoa emateko efikazia- eta efizientzia-irizpideak bete dira.

Hamahirugarrena. 16 bis) artikulu berri bat erantsi eta honela geratuko da idatzita:

16 bis artikulua. Enpleguko lurralde-bulegoak.

  1. Lurralde-bulegoen bidez antolatzen ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lurralde mailako planak eta programak. Bakoitzaren lurraldeko enplegu-bulegoen sarearen plan eta programetatik eratorritako ekintzak planifikatu eta koordinatzen dituzte. Lanbideko Zuzendaritza Nagusiak esleitzen dizkien eskumen guztiak kudeatzen dituzte Koordinazio eta Komunikazio Unitatearen mende, bai eta Lanbideren Zerbitzu Zentralen zuzendaritzek haien gomendio uzten dituztenak ere.

  2. Lurralde-bulegoei egiteko hauek dagozkie:

    1. Lurralde bakoitzeko zerbitzuak eta instalazioak hobetzeko txostenak eta proposamenak egitea Koordinazio eta Komunikazio Unitateari.

    2. Lurralde bakoitzeko tokiko enplegu-bulegoen zerbitzuek ondo funtziona dezaten bultzatu, gainbegiratu eta zaintzea.

    3. Tokiko enplegu-bulegoei laguntzea zalantzak eta arazoak konpontzen, eta antolaketa-konponbideetan batera lan egitea.

    4. Tokiko enplegu-bulegoen aurrez aurreko kanala kudeatzea.

    5. Tokiko enplegu-bulegoen zerbitzu-mailak gainbegiratzea; horretarako, jarraipen- eta koordinazio-bilerak egitea.

    6. Bulegoetan prozedurak eta jarraibideak betetzen direla zaintzea.

    7. Jardunbide egokiak ezartzea.

    8. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen zerbitzuak errazteko diren eta zuzendaritzak haien gomendio uzten dituen gainerako egiteko guztiak.

Hamalaugarrena. 17. eta 18. artikuluetan, «Enpleguko lurralde-bulegoak» erreferentziaren ordez, «Tokiko enplegu-bulegoak» jarriko da.

  1. Dekretu hau indarrean jartzen den egunean ebatzi gabe dauden prozedurak ebaztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan gai horretako eskumena duen zuzendariari dagokio, kontuan hartuta zer egiteko esleitu zaion dekretu honetan; nahiz eta prozedura horiek ebazteko eskumen horren hasieran zuzendari nagusiaren eskumena izan.

  2. Hala ere, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpenen bidez emandako dirulaguntzak eta prestazioak itzultzeko prozedurak organo berak hasi eta ebatziko ditu.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan egindako aipamenak, Eusko Jaurlaritzan gizarteratze-arloko eskumena duen sailari eta Gizarteratze Zuzendaritzari egindakoak, hain zuzen ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira 182/2008 Dekretua, azaroaren 11koa, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duena eta horietan sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dituena. Halaber, dekretu horretan, Gizarteratzearen zuzendariari egindako aipamenak organismo autonomoko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariari egindakotzat hartuko dira.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretua honela aldatuko da:

    Lehenengoa. 59. artikuluaren 3. apartatuan eta 62. artikuluaren 2. apartatuan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari egiten zaizkion aipamenetan, haren ordez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria jarriko da.

    Bigarrena. Aldatu egiten da 59. artikuluaren 5. apartatuko bigarren paragrafoa, eta honela idatzita geratuko da:

    1. kapituluan aurreikusitako laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

    Aldatu egiten da urriaren 29ko 168/2019 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa. Hauek dira aldaketak:

    Bat. Aldatu egiten da 70. artikuluko 1. apartatua, eta honela idatzita geratuko da:

    1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza izango da organo eskuduna dekretu honen IV. kapituluan araututako laguntzak kudeatzeko.

    Bi. 70. artikuluaren 2. eta 5. apartatuetan, 74. artikuluaren lehen paragrafoan, 75. artikuluaren a) eta b) apartatuetan, 87. artikuluaren 2. apartatuan eta 90. artikuluaren 2. apartatuan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari egiten zaizkion aipamenetan, haren ordez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria jarriko da.

    Hiru. Aldatu egiten dira 70.3, 87.4 eta 90.4 artikuluak, eta haietariko bakoitza honela geratuko da idatzita:

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke organismo autonomo horren zuzendari nagusiari hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

    Lau. Ezabatu egingo da 90. artikuluaren 2. apartatuko hirugarren paragrafoa.

    AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2021eko ekainaren 29an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

    IDOIA MENDIA CUEVA.