Euskadi.eus
  • 36/2021 DEKRETUA, abuztuaren 30ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez hirugarren aldiz aldatzen baita honako dekretu hau: 33/2021 Dekretua, uztailaren 7koa, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriak eguneratu eta zehaztekoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

36/2021 DEKRETUA, abuztuaren 30ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez hirugarren aldiz aldatzen baita honako dekretu hau: 33/2021 Dekretua, uztailaren 7koa, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriak eguneratu eta zehaztekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 173
  • Hurrenkera-zk.: 4607
  • Xedapen-zk.: 36
  • Xedapen-data: 2021/08/30
  • Argitaratze-data: 2021/08/31

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehendakariaren uztailaren 7ko 33/2021 Dekretuaren bidez, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legeak aurrez zehaztutako alerta-mailaren arabera aplikatu beharreko prebentzio-neurri espezifikoak eguneratu eta zehaztu ziren.

Helburua da giza portaera indibidual eta kolektiboko tresnei eta irtenbideei eustea, eta horrek agintarien kontrola eta esku-hartzea eskatzen du. Izan ere, tradizionalki, tresna eta konponbide horiek antolamendu juridikotik esplizituki gaitu izan dira mota guztietako alderdietan, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan egindako hasierako aurreikuspenetik hasita; beraz, berriro ere zenbait neurritan jartzen da indarra hedapen birikoari aurre egiteko, eta erabilgarria izatea aurreikusten da, hala egiaztatzen baitu gure inguruko herrialdeek sistematikoki neurri horietara edo antzekoetara jo izanak. Hori guztia bat dator Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin.

Estatuko zein autonomia-erkidegoko legeria arruntak eskaintzen duen arau-euskarriaz gain, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluan kudeatu diren osasun publikoaren arloko erabakiak eta jarduera koordinatuak integratzen dira.

Hartzen diren neurriak bat datoz egiten den ebaluazio epidemiologiko iraunkorrarekin, eta, beraz, justifikatuta daude eta proportzionalak eta egokiak dira lortu nahi den helburu nagusirako prebentziorako, alegia, betiere Legean aurreikusitako eta aurrez zehaztutako esparruan. Neurriak aplikatzeko, egungo egoera 2. alerta-mailan sailkatzen da.

Horrenbestez, asmoa da indarrean dauden zenbait neurri indartzea eta neurri horiek garatzen diren esparru eta instalazioetan baimendutako gehieneko edukiera berrikustea.

Legearen 20.1 artikuluarekin bat etorriz, herritar orori eskatzen zaio bere burua muga dezala eta neurriak betetzeko garaian autoerantzukizunez joka dezala, gaixotasuna zabaltzeko arriskurik sor ez dadin.

Euskadiko lehendakariari dagokio dekretu hau onartzea, hala xedatzen baitu COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legeak 8.1 artikuluan. Beraz, lege horretan eta oro har aplikatu beharreko gainerakoetan ezarritakoaren arabera, honako hau

Lehenengoa. Uztailaren 7ko 33/2021 Dekretuaren 1. artikuluari beste idazkuntza bat ematea; honela idatzita geratzen da:

COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako osasun-larrialdia deklaratuta eta indarrean dago; beraz, dekretu honetan zehazten diren neurriak aplikatu behar dira, egindako ebaluazio epidemiologikoaren arabera, eta 2. alerta-mailarako aurreikusitako neurrien lege-esparrua kontuan hartuta, eragin zuzeneko eta osagarriko adierazleen multzoari jarraikiz, lege horren 7. artikuluarekin bat etorriz.

Bigarrena. Uztailaren 7ko 33/2021 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako neurri orokorren eta prebentzio-neurrien irismena aldatzea; beraz, artikulu horren 2. apartatua honela idatzita geratzen da:

  1. COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legeak 20.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, maskara aire zabaleko espazioetan erabiltzea nahitaezkoa izango da, pertsonen arteko gutxieneko 1,5 metroko distantzia etengabe mantentzea ezinezkoa bada. Ondorioz, maskara erabiltzeko beharra hedatzen da jendea dabilen edozein motatako hiriguneetara, hala nola udalerrietako alde zaharretara, merkataritza-guneetara eta dendetara, merkatuetara, azoka txikietara edo ostalaritza-establezimenduak dauden guneetara, bai eta itsasgune eta itsas pasealeku guztietara, haur-parkeetara, espaloietara, oinezkoentzako pasabideetara, plazetara edo jendea biltzen den kaleetara ere.

    Ez dago zertan maskara erabili ingurune naturalean, baldin eta ez bada jende-pilaketarik edo bizikide ez diren pertsonekiko konkurrentziarik.

    Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, maskara erabiltzeko betebeharra jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, nahitaez erabili behar da une oro, bai barrualdean, bai terrazetan.

    Kirol-jardueraren bat egiten denean, maskara ez da nahitaezkoa izango espazio naturaletan, oinezkorik gabeko hiri-ingurune periferikoetan, igerilekuetan, lehiaketa profesional edo erdi-profesionalean diharduten taldeen entrenamenduetan eta lehiaketetan, eta kanpoaldean egiten den jarduera fisiko gogorreko ezohiko uneetan.

    Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzen ari garen bitartean eta eremu zehatz batean geldirik bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu ahal bada. Hondartzetan eta igerilekuetan, joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da pertsonen artean 1,5 metroko gutxieneko distantzia etengabe mantendu ezin denean.

    Sei urtetik gorakoek nahitaez erabili behar dute maskara, adierazitako bidaiarien edozein garraiobide erabiltzen dutenean, bidaia hasten denetik amaitzen den arte, legezko salbuespen-kasuetan izan ezik. Ez da exijituko maskara erabiltzea garraiobide pribatuetan, bidaiariak etxebizitza berean bizi badira. Garraio-profesionalak maskara eraman beharko du zerbitzuan dagoen bitartean, bere lan-eremua ez badago publikotik bereizita gelaxka baten bidez edo mugatuta babes-itxitura baten bidez.

Hirugarrena. Uztailaren 7ko 33/2021 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako neurri espezifikoen irismena aldatzea. Beraz, aipatzen ez direnek indarrean segitzen dute eta paragrafo hauek honela geratzen dira idatzita:

  1. Jardueretan baimendutako gehieneko edukiera ehuneko 60koa izango da lokal eta instalazio guztietarako, muga espezifikoren bat aplikatu behar duten lokal eta instalazioetarako izan ezik. Lokal eta instalazio guztiak etengabe aireztatu beharko dira. Garraiobideek berariazko araudian baimendutako edukiera osatu ahal izango dute.

3. Oro har, edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako esparruetan gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barrualdeetan, eta 800 pertsona kanpoan. Zehatzago esanda:

600 eta 5.000 lagun arteko edukiera duten esparruetan, gehienez 800 pertsona egon daitezke barruan, eta 1.200 kanpoan.

000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan, ez da gehieneko edukieraren ehuneko 30 gaindituko. Ahal den guztietan, 1.000 pertsona baino gutxiagoko eremu independenteak ezarriko dira, sarbide eta pasabide independenteko guneekin.

Aire zabalean egiten diren ekitaldietan, hiri-inguruneetan nahiz ingurune naturalean izan, jendea jarduera horietara joan ahal izateko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak errespetatu beharko dituzte antolatzaileek.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio protokoloak ezar ditzan, beste edukiera batzuk dituzten instalazioak erabili ahal izateko, osasun publikoko helburuetarako eta helburu sanitarioetarako proba pilotuak egiteko.

COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 30. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, antolatzaile jakin batek publiko zein pribatu kontrolatzen ez dituen pertsonen noizbehinkako edo ustekabeko pilaketak gertatzen diren ekitaldi sozialetan, zorrotz eta nahitaez eutsi beharko zaio pertsonen arteko 1,5 metroko distantziari, bizikideen kasuan izan ezik, eta gehieneko edukiera zenbatetsi hau errespetatuko da: pertsona bat, aglomerazioa gertatzen ari den lekuko azalera-espazio konputagarriaren 4 metro koadro bakoitzeko. Nolanahi ere, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibide eta gidalerro guztiak errespetatu beharko dira, jendearen egonaldia eta bertaratzea antolatzeko, halako eran non transmisio birikoaren arriskua saihestuko baita.

4. Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduen barrualdeetan, edukieraren ehuneko 50eko muga ezartzen da, baita barran edo zutik kontsumitzeko debekua ere. Zerbitzua antolatzeko, barrualdeetan eta terrazetan, gehienez zortzi pertsona izan daitezke mahai edo mahai-talde bakoitzeko, bizikideen kasuan izan ezik. Ezin izango dira bezero gehiago elkartu zortzi lagunentzako mahaietan.

6. Txokoek eta elkarte gastronomikoek honako arau hauek beteko dituzte:

Edukieraren ehuneko 50eko muga ezartzen da, bai eta barran edo zutik kontsumitzeko debekua eta maskara nahitaez erabiltzea ere, irensteko unean izan ezik.

Zerbitzua antolatzeko, gehienez zortzi pertsona izan daitezke mahai edo mahai-talde bakoitzeko, bizikideen kasuan izan ezik. Ezin izango dira bezero gehiago elkartu zortzi lagunentzako mahaietan. Nolanahi ere, mahai desberdinetan eserita dauden pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia mantentzen dela ziurtatu beharko da.

Laugarrena. Laugarren artikulua mantendu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

  1. COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 16.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, kutsatutako pertsonak eta haiekin kontaktua izan dutenak behartuta daude kutsadurak arakatzen eta horien trazabilitatea egiten laguntzera, eta, beraz, herritarrei eskatzen zaie jarraipen-lanen arduradunen deiak jasotzen dituztenean arretarik handiena jartzeko, eta zorroztasunez aritzeko, eta eskatutako informazio guztia ahalik eta azkarren eta egiazkotasunik handienarekin emateko.

  2. COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera, agerraldi epidemikoek eragindako pertsonek konfinatzeko betebehar pertsonala dute, eta, horren ondorioz, isolamendu-betebeharrak zorrotz bete beharko dituzte, beste pertsona batzuekin lekualdatzeko edo aurrez aurre erlazionatzeko aukerarik gabe; halaber, berrogeialdiak ere bete beharko dituzte, kutsatu izanaren susmoa duten beste pertsona edo pertsona-talde guztiei dagokienez. Horiek guztiek osasun-agintarien edo -zerbitzuen jarraibideak bete beharko dituzte, indarrean dauden protokoloen eta kasu bakoitzaren egoera zehatzaren arabera.

Bosgarrena. Bosgarren artikuluari beste idazkuntza bat ematea, eta honela geratzen da idatzita:

COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 20.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, herritar orori eskatzen zaio, autoerantzukizunean oinarrituta, bere burua borondatez muga dezala, honako neurri hauek aplikatzeko:

Gaueko mugikortasuna mugatzea, bereziki, COVID-19 kasuengatik 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 150etik gora duten udalerrietan, 01:00etik 06:00etara bitartean.

Pertsonen taldeak mugatzea, bereziki, COVID-19 kasuengatik 14 eguneko intzidentzia- tasa metatua 100.000 biztanleko 150etik gora duten udalerrietan; mugatu ere, gehienez, zortzi pertsonara, bizikideak salbu.

Autokonfinamendua eta autoisolamendu pertsonala ezartzea, COVID-19 kutsaduraren lehen sintomak izan bezain laster, eta, hala badagokio, osasun-zerbitzuekin harremanetan jartzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek 2021eko irailaren 1eko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu honetan xedatutakoaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko abuztuaren 30ean.

Lehendakaria,

IIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.