Euskadi.eus
  • 38/2021 DEKRETUA, irailaren 17koa, lehendakariarena, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriak testu bakar batean bildu eta eguneratu eta zehaztekoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

38/2021 DEKRETUA, irailaren 17koa, lehendakariarena, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriak testu bakar batean bildu eta eguneratu eta zehaztekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 187
  • Hurrenkera-zk.: 4795
  • Xedapen-zk.: 38
  • Xedapen-data: 2021/09/17
  • Argitaratze-data: 2021/09/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Herrizaingoa

Testu legala

Lehendakariaren uztailaren 7ko 33/2021 Dekretuaren bidez, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legeak aurrez zehaztutako alerta-mailaren arabera aplikatu beharreko prebentzio-neurri espezifikoak eguneratu eta zehaztu ziren.

34/2021, 35/2021 eta 36/2021 Dekretuen bidez, neurriak berregokitzeko erabakiak hartu dira dekretu hartan agindutako etengabeko ebaluazioan eta jarraipenean.

Horrela, bada, dekretu berri honen bidez, Labiren foroan hainbat zehaztapen eta neurri sakon aztertu ondoren, aurreko zehaztapenak bateratu egin dira, haien egoeraren araberako eguneratzearekin.

Helburua da giza portaera indibidual eta kolektiboko tresnei eta irtenbideei eustea, eta horrek agintarien kontrola eta esku-hartzea eskatzen du. Izan ere, tradizionalki, tresna eta konponbide horiek antolamendu juridikotik esplizituki gaitu izan dira mota guztietako alderdietan, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan egindako hasierako aurreikuspenetik hasita; beraz, berriro ere zenbait neurritan jartzen da indarra hedapen birikoari aurre egiteko, eta erabilgarria izatea aurreikusten da, hala egiaztatzen baitu gure inguruko herrialdeek sistematikoki neurri horietara edo antzekoetara jo izanak. Hori guztia bat dator Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin.

Estatuko zein autonomia-erkidegoko legeria arruntak eskaintzen duen arau-euskarriaz gain, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluan kudeatu diren osasun publikoaren arloko erabakiak eta jarduera koordinatuak integratzen dira.

Hartzen diren neurriak bat datoz egiten den ebaluazio epidemiologiko iraunkorrarekin, eta, beraz, justifikatuta daude eta proportzionalak eta egokiak dira lortu nahi den helburu nagusirako prebentziorako, alegia, betiere Legean aurreikusitako eta aurrez zehaztutako esparruan. Neurriak aplikatzeko, egungo egoera 1. alerta-mailan sailkatzen da.

Adierazleen bilakaera onak aukera ematen du, une honetan, indarrean dauden neurrien zorroztasuna pixkanaka arintzea eta berrikustea aurreikusteko eta proiektatzeko, gizarte-jardueraren aniztasuna hain mugatua izan ez dadin. Hori guztia, zuhurtzia eta prebentzioa alde batera utzi gabe; izan ere, SARS-CoV-2ren eta haren aldaeren infekzio-gaitasunak bere horretan dirau.

Euskadiko lehendakariari dagokio dekretu hau onartzea, hala xedatzen baitu COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legeak 8.1 artikuluan. Beraz, lege horretan eta oro har aplikatu beharreko gainerakoetan ezarritakoaren arabera, honako hau

COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako osasun-larrialdia deklaratuta eta indarrean dago; beraz, dekretu honetan zehazten diren neurriak aplikatu behar dira, egindako ebaluazio epidemiologikoaren arabera, eta 1. alerta-mailarako aurreikusitako neurrien lege-esparrua kontuan hartuta, eragin zuzeneko eta osagarriko adierazleen multzoari jarraikiz, lege horren 7. artikuluarekin bat etorriz.

  1. Ekainaren 24ko 2/2021 Legearen V. tituluko I. kapituluan, 20. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako neurri orokorren eta prebentzio-neurrien multzoa aplikatzea zehazten da, hargatik eragotzi gabe dekretu honetan ezartzen diren berariazko egokitzapenak.

  2. Nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea erabilera publikoko edo jendearentzat zabalik dagoen edozein gune itxitan sei urtetik gorako pertsonentzat.

    COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legeak 20.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, maskara aire zabaleko espazioetan erabiltzea nahitaezkoa izango da, pertsonen arteko gutxieneko 1,5 metroko distantzia etengabe mantentzea ezinezkoa bada. Ondorioz, maskara erabiltzeko beharra hedatzen da jendea dabilen edozein motatako hiriguneetara, hala nola udalerrietako alde zaharretara, merkataritza-guneetara eta dendetara, merkatuetara, azoka txikietara edo ostalaritza-establezimenduak dauden guneetara, bai eta itsasgune eta itsas pasealeku guztietara, haur-parkeetara, espaloietara, oinezkoentzako pasabideetara, plazetara edo jendea biltzen den kaleetara ere.

    Ez dago zertan maskara erabili ingurune naturalean, baldin eta ez bada jende-pilaketarik edo bizikide ez diren pertsonekiko konkurrentziarik.

    Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, maskara erabiltzeko betebeharra jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, nahitaez erabili behar da une oro, bai barrualdean, bai terrazetan.

    Kirol-jardueraren bat egiten denean, maskara ez da nahitaezkoa izango espazio naturaletan, oinezkorik gabeko hiri-ingurune periferikoetan, igerilekuetan, lehiaketa profesional edo erdi-profesionalean diharduten taldeen entrenamenduetan eta lehiaketetan, eta kanpoaldean egiten den jarduera fisiko gogorreko ezohiko uneetan.

    Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzen ari garen bitartean eta eremu zehatz batean geldirik bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu ahal bada. Hondartzetan eta igerilekuetan, joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da pertsonen artean 1,5 metroko gutxieneko distantzia etengabe mantendu ezin denean.

    Sei urtetik gorakoek nahitaez erabili behar dute maskara, adierazitako bidaiarien edozein garraiobide erabiltzen dutenean, bidaia hasten denetik amaitzen den arte, legezko salbuespen-kasuetan izan ezik. Ez da exijituko maskara erabiltzea garraiobide pribatuetan, bidaiariak etxebizitza berean bizi badira. Garraio-profesionalak maskara eraman beharko du zerbitzuan dagoen bitartean, bere lan-eremua ez badago publikotik bereizita gelaxka baten bidez edo mugatuta babes-itxitura baten bidez.

  3. Era berean, legez aurreikusitako maskara ez erabiltzeko arrazoiak eta kasuak aplikatuko dira, salbuespena egiaztatzeko ezarrita dauden moduekin.

Jarduera-eremu orokorren arabera, neurri hauek aplikatuko dira:

  1. Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako ezarrita dagoen ixteko muga-ordutegia 03:00ak arte ezartzen da, hargatik eragotzi gabe bakoitzari dagokion ordutegira doitzea, goizago bada, hala agintzen duen ordutegi-arau arrunten bat badago. Irekitzeko ordutegia ohiko arauen araberakoa izango da.

  2. Jardueretan baimendutako gehieneko edukiera ehuneko 75ekoa izango da lokal eta instalazio guztietarako, muga espezifikoren bat aplikatu behar duten lokal eta instalazioetarako izan ezik. Maskara etengabe erabili behar da. Lokal eta instalazio guztiak etengabe aireztatu beharko dira. Garraiobideek berariazko araudian baimendutako edukiera osatu ahal izango dute.

  3. Oro har, edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako esparruetan gehienez ere 1.500 pertsona bildu ahal izango dira barnealdeetan eta 1.800 pertsona kanpoan. Berariaz:

    000 lagunetik gorako edukiera duten esparru itxietan, ez da gehieneko edukieraren ehuneko 40a gaindituko, eta esparru irekietan, ehuneko 60a. Maskara etengabe erabiltzea nahitaezkoa da esparru horietako edozein ekitaldietan. Ahal den guztietan, 1.000 pertsona baino gutxiagoko eremu independenteak ezarriko dira, sarbide eta pasabide independenteko guneekin.

    Aire zabalean egiten diren ekitaldietan, hiri-inguruneetan nahiz ingurune naturalean izan, jendea jarduera horietara joan ahal izateko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak errespetatu beharko dituzte antolatzaileek.

    Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio protokoloak ezar ditzan, beste edukiera batzuk dituzten instalazioak erabili ahal izateko, osasun publikoko helburuetarako proba pilotuak egiteko.

    COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 30. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, antolatzaile jakin batek publiko zein pribatu kontrolatzen ez dituen pertsonen noizbehinkako edo ustekabeko pilaketak gertatzen diren ekitaldi sozialetan, zorrotz eta nahitaez eutsi beharko zaio pertsonen arteko 1,5 metroko distantziari, bizikideen kasuan izan ezik, eta gehieneko edukiera zenbatetsi hau errespetatuko da: pertsona bat, aglomerazioa gertatzen ari den lekuko azalera-espazio konputagarriaren 4 metro koadro bakoitzeko. Nolanahi ere, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibide eta gidalerro guztiak errespetatu beharko dira, jendearen egonaldia eta bertaratzea antolatzeko, halako eran non transmisio birikoaren arriskua saihestuko baita.

  4. Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduen barrualdeetan, edukieraren ehuneko 75eko muga ezartzen da, baita barran edo zutik kontsumitzeko debekua ere. Barnealdeetan, zerbitzua gehienez zortzi lagunekoa izan daiteke mahai edo mahai-talde bakoitzeko, eta gehienez hamabikoa terrazetan. Maskara nahitaez erabili behar da, irensten denean izan ezik.

  5. Joko- eta apustu-establezimenduen barruko edukiera ehuneko 75ean ezartzen da. Ostalaritza- edo jatetxe-zerbitzua badute, sektore horretarako aurreikusitako baldintzak beteko dituzte.

  6. Txokoek eta elkarte gastronomikoek honako arauak beteko dituzte:

    Edukieraren ehuneko 75eko muga eta barran edo zutik kontsumitzeko debekua dago xedatuta, bai eta maskara nahitaez erabiltzea ere, irensteko unean izan ezik.

    Erabiltzaileak mahai bakoitzeko zortzi pertsona baino gehiago ez esertzeko moduan antolatu beharko dira.

  7. Lonjak, gazte-lokalak eta antzekoak berriro ireki ahal izango dira 16 eta 29 urte bitarteko adin-tartean txertaketak jarraibide osoarekin % 85 gainditzen duen unetik aurrera. Osasun Sailaren webguneak (https://www.euskadi.eus) informazio hori zabalduko du, eta erreferentzia eraginkorra izango da esparru horiek irekitzeko. Berriz irekitzen direnetik, erregela hauek bete beharko dira:

    Edukieraren ehuneko 75eko edukiera-muga zehazten da, barran edo zutik kontsumitzeko debekua, bai eta maskara nahitaez erabiltzea ere, irensteko unean izan ezik.

    Mahai edo aulki-multzo bakoitzeko zortzi pertsona baino gehiago ez antolatzeko moduan antolatu beharko dira erabiltzaileak. Nolanahi ere, mahai edo talde desberdinen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia mantentzen dela ziurtatu beharko da.

  8. Diskotekek eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduek jarduerari berrekin ahal izango diote, honako arau hauen arabera:

    Aireztapen egokia eta konstantea mantentzea eta barrualdean edukiera-muga ehuneko 50ean jartzea erabaki da, eta barran edo zutik kontsumitzea debekatuta dago. Maskara nahitaez erabili beharko da, irensten den unean izan ezik.

    Mahai batetik bestera 1,5 metroko tartea utzi beharko da. Barrualdean, gehienez zortzi laguneko zerbitzua antolatu ahal izango da mahai edo mahai-talde bakoitzeko, eta hamabi lagunekoa terrazetan. Dantza-pistak maskararekin erabili ahal izango dira soilik.

  9. Museoetan, erakusketa-aretoetan, natura-turismoan eta aisialdi- eta turismo-zentroetan, barrualdean egiten diren bisitetan, taldeak gehienez ere 20 pertsonakoak izango dira. Eskola-talde egonkorrak gida bakarrarekin joan ahal izango dira museoetara.

  10. Euskaltegi, akademia, autoeskola, eskola eta arautu gabeko prestakuntza-zentroetan, publikoetan zein pribatuetan, egiten den jarduera gehienez ere 25 laguneko taldeetan eman ahal izango da.

  11. Hezkuntza-aisialdiko jarduerak antolatzen dituzten erakundeek COVID-19aren aurkako protokolo bat izan beharko dute prebentzio-neurri guztiak benetan betetzen direla ziurtatzeko, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak betez.

  12. Barruko instalazioetako kirol-jarduera gehienez ere 16 pertsonako taldeetan antolatu ahal izango da. Gehieneko edukieraren ehuneko 50ean erabili ahal izango dira aldagelak, eta dutxak banaka edo pertsonen arteko bi metroko distantzia mantenduz. Horrez gain, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak oro har edo haren eremu espezifikoetan kirol-jarduera garatzeko ezartzen dituen gidalerroak eta gidak errespetatu beharko dira.

  13. Indarrean dauden prebentzio-protokoloak eta -neurriak aplikatzen ez diren pertsonen pilaketa dakartzaten bilkuretan, festetan edo ekitaldietan ez kanpoan, ez barruan parte ez hartzeko betebeharra ezartzen da.

  14. Administrazio publikoek eta enpresek aurrez aurreko jardunera itzultzea erabaki ahal izango dute urrutiko lanari edo telelanari buruzko araudiak arautzen ez dituen lanpostu guztietan. Zehaztapen horrek kontuan hartu beharko ditu lan-esparru bakoitzaren tipologia eta baldintza bereziak, eta oinarrizko prebentzio-neurriak mantendu beharko ditu, hala nola maskara erabiltzea eta aireztatzea, laneko osasun-zerbitzuek adierazitakoaren arabera.

  1. COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 16.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, kutsatutako pertsonak eta haiekin kontaktua izan dutenak behartuta daude kutsadurak arakatzen eta horien trazabilitatea egiten laguntzera, eta, beraz, herritarrei eskatzen zaie jarraipen-lanen arduradunen deiak jasotzen dituztenean arretarik handiena jartzeko, eta zorroztasunez aritzeko, eta eskatutako informazio guztia ahalik eta azkarren eta egiazkotasunik handienarekin emateko.

  2. COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera, agerraldi epidemikoek eragindako pertsonek konfinatzeko betebehar pertsonala dute, eta, horren ondorioz, isolamendu-betebeharrak zorrotz bete beharko dituzte, beste pertsona batzuekin lekualdatzeko edo aurrez aurre erlazionatzeko aukerarik gabe; halaber, berrogeialdiak ere bete beharko dituzte, kutsatu izanaren susmoa duten beste pertsona edo pertsona-talde guztiei dagokienez. Horiek guztiek osasun-agintarien edo -zerbitzuen jarraibideak bete beharko dituzte, indarrean dauden protokoloen eta kasu bakoitzaren egoera zehatzaren arabera.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Dekretu honetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 15 eguneko epean, neurrien indarraldia luzatu, neurriak aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe data hori baino lehen egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unetik aurrera izango ditu ondorioak.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

    Dekretu honetan xedatutakoaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin.

    Vitoria-Gasteizen, 2021eko irailaren 17an.

    Lehendakaria,

    IIGO URKULLU RENTERIA.