Euskadi.eus
  • 5/2022 DEKRETUA, otsailaren 11koa, lehendakariarena, zeinaren bidez deklaratzen baita EAEn amaitu dela COVID-19aren pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera, abenduaren 2ko 44/2021 Dekretuaren bidez deklaratu zena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

5/2022 DEKRETUA, otsailaren 11koa, lehendakariarena, zeinaren bidez deklaratzen baita EAEn amaitu dela COVID-19aren pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera, abenduaren 2ko 44/2021 Dekretuaren bidez deklaratu zena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 31
  • Hurrenkera-zk.: 730
  • Xedapen-zk.: 5
  • Xedapen-data: 2022/02/11
  • Argitaratze-data: 2022/02/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluak arautzen du osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioa, aipatutako pandemiari aurre egiteari buruzko adierazle epidemiologikoen arabera. Adierazle epidemiologiko horiek, aldi berean, alerta-mailak zehaztu izan dituzte, eta, azkenean, horiexek osatu dute lehendakariak hartutako geldiarazte-neurrien eta Legetik eratorritako berariazko babes-sistemaren indarraldiaren denbora-eremurako oinarri faktikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan pandemiaren bilakaerari dauden adierazleek eta ingurunearen egoerak osasun-larrialdiaren fasea bertan behera uzteko aukera aintzat hartzera garamatzate, eta, ondorioz, pandemiaren aurkako borrokan irmoen ari den erakunde publikoa egokitzera, hots, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (Labi) Babes Zibileko Euskadiko Plana desaktibatzera, eta, hori guztia, gure osasun-arloko sentsibilitateak eta baliabideak etengabeko zaintza-fasera egokitzeko ezinbesteko egokitzapenari kalterik egin gabe, osasun-zaintzako fase horrek modu iraunkor eta arruntean eragiten baitio gure Osasun Sailari.

Bestalde, nahitaez berrikusi behar dira gure eremuan hartu diren larrialdi-egoeratik eratorritako neurriak. Ezohiko antolaketa-neurriez ari gara, babes zibileko gure egitura publiko zabalean finkatuta daudenak, abenduaren 2ko 44/2021 Dekretuaz geroztik sortuak, zeinak aurreikusten baitu ezohiko moduan eratzea Labiren Aholku Batzorde berri bat, eta batez ere ari gara osasun publikoaren arloko eskumenean finkatuz joan garen berariazko eta prebentzioko neurriez, duela aste gutxi amaitu zirenak lehendakariaren urtarrilaren 28ko 2/2020 Dekretuan, zeinaren bidez luzatzen baita abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuaren indarraldia, prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dituena, osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

Etorkizunari begira, baita epe labur eta ertainean ere, aurreikuspen bat egiteak duen garrantzia adieraztea geratzen zaigu; izan ere, gure kalteberatasunaz jabearazi gaituen egoera berri bat bizi izan dugu, eta gure bizitzako eremu guztietan utzi dizkigu kezkak eta ondorioak. Gure osasun-agintariei dagokie, ezbairik gabe, Osasuneko sailburua buru dutela, erantzukizun publikoei eustea, erantzun egoki iraunkorra emateko Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legeak babesten dituen osasun publikoaren prebentzioari, zaintzari eta kontrolari dagokienez, eta, egoera bakoitzaren arabera egoki iritziz gero, Osasun Sailak beharrezkotzat jotzen dituen neurriak eta arauak hartu ahal izatea, osasun publikoa babesteko fase berri bati tinko eusten jarraitzeko.

EAEko lehendakariari dagokio dekretu hau onartzea, hala xedatzen baitu COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluak. Beraz, lege horretan eta oro har aplikatu beharreko gainerakoetan ezarritakoaren arabera, honako hau

Deklaratzen da amaitu dela COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera gaurdaino indarrean egon den osasun-larrialdiko egoera. Amaiera horrek dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera izango ditu ondorioak.

Osasun-larrialdia amaitzeak berarekin dakar, dekretu honetan xedatutakoaren arabera, dekretu hauetan aurreikusitako neurriak ondoriorik gabe geratzea: lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretua, prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dituena, osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko; eta lehendakariaren urtarrilaren 28ko 2/2022 Dekretua, 51/2021 Dekretua 2022ko otsailaren 13 arte luzarazten duena, haien aldaketa bat eginda.

Labiren Aholku Batzordea desegiten da, zeina ezohiko eran eratu baitzen COVID-19aren pandemiaren kudeaketan laguntzeko. Dena den Planaren zuzendaritza berriak legez ezarritako helburuetarako beste bat izendatzea erabaki lezake.

Hargatik eragotzi gabe EAEn osasun-krisia eta osasun-larrialdiko egoera gainditzea, Osasun Sailak une oro zehaztu ahal izango ditu osasun-dispositiboa aktibatzeko erritmoa eta beharrizanak, bai eta osasun publikoaren zaintzari eta kontrolari dagozkion prebentzio- eta geldiarazte-neurriak berraktibatu, berreskuratu edo abian jartzea ere, COVID-19aren pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta, eta jarraipen sistematikoari eta kasuen eta kontaktuen kudeaketa eraginkorrari eutsita.

Horretarako, eta hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko legeria arrunta aplikatzea, aplikagarria dena eta krisiaren aurrekoa edo krisi-garaian sortutakoa, eta, bereziki, Prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzko martxoaren 29ko 2/2021 Estatuko Legea aplikatzea, eta Estatuko agintariek eskatutako koordinazioa eta kohesioa eragotzi gabe, EAEko osasun-agintaritza gaituta geratzen da, Osasuneko sailburua buru dela, EAEn normaltasun berrian aplikagarriak izango diren prebentzio-, zaintza- edo kontrol-neurriak hartzeko.

Dekretu hau indarrean jartzen denean, arau hauek indargabetu egingo dira:

Osasuneko sailburuaren 2021eko urriaren 6ko Agindua, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa.

Osasuneko sailburuaren 2021eko azaroaren 16ko Agindua, zeinaren bidez 2021eko urriaren 6ko Aginduan jasotako neurriak ezartzen eta modulatzen baitira COVID-19 kutsatzeetan 14 eguneko tasa metatua 100.000 biztanleko 150etik gorakoa den udalerrietan 2021eko urriaren 6ko Agindua, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu hau 2022ko otsailaren 14ko 00:00etan jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honetan xedatutakoaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko otsailaren 11n.

Lehendakaria,

IIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (6)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.