- 9/2024 DEKRETUA, urtarrilaren 30ekoa, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa eta aurretiazko borondateen agiriak arautzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu9/2024 DEKRETUA, urtarrilaren 30ekoa, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa eta aurretiazko borondateen agiriak arautzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 34
- Hurrenkera-zk.: 803
- Xedapen-zk.: 9
- Xedapen-data: 2024/01/30
- Argitaratze-data: 2024/02/15
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Osasun Arloko Aurretiazko Borondateen abenduaren 12ko 7/2002 Legeak 3.2 artikuluan ezartzen duenez, aurretiazko borondateen agiria idatziz formalizatuko da, eta agiria ematen duen pertsonaren esku dago ondoko erabakitzea noren aurrean formalizatu: notarioaren aurrean, Aurretiazko Borondateen Erregistroaren ardura duen funtzionario edo enplegatu publikoaren aurrean, edo hiru lekukoren aurrean.
Azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren bidez, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu zen, Euskal Jaurlaritzaren Osasun Sailari atxikia, osasun-arloko aurretiazko borondateen agiria ematen duten pertsonek, nahi badute, agiria edo haren aldaketa, ordezpena edo errebokatzea inskribatu ahal izan dezaten.
Dekretu hori aldatu egin zen maiatzaren 2ko 66/2018 Dekretuaren bidez. Izan ere, gero eta jende gehiagok eskatzen zuen aurretiazko borondateen agiria erregistroaren arduradunaren aurrean formalizatzea, eta horiei erantzuna emateko epea egokitu beharra ikusi zen. Horrela bada, ikusi zen komeni zela agiri horiek formalizatzeko, ordura arte funtzionalki organo zentralaren mende ziharduen fede-emaile publiko bakar bat izan ordez, ahalmen hori deszentralizatzea eta Osasun Sailak zehaztutako zenbait administrazio-unitatetako arduradunen esku uztea.
Denborak aurrera egin ahala, ordea, aurretiazko borondateen agiria formalizatzeko eskubidea baliatu nahi dunenen kopuruak ere gora egin du etengabe, eta, hortaz, behar-beharrezkoa da eskari horri aurre egiteko jarritako administrazio-baliabideak berriro egokitzea.
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren egungo antolamendua (funtsean, agiriak formalizatzen dituzten erregistro-arduradunen inguruan oinarritua baitago) ez da nahikoa herritarren aldetik jasotako eskaera kopuru handiari erantzuteko. Eta ondorioz, erregistroaren helburua izan arren aurretiazko borondateen agiria formalizatu nahi duten guztiek eskubide hori baliatzeko modua izatea, erregistroaren antolamenduak asko moteltzen du beharrezkotzat jotzen den orokortze hori.
Egoerari irtenbide bat bilatzeko dauden aukerak aztertu ondoren, pentsatu da egokia dela osasun-sare asistentzial publikoko profesional sanitarioak mediku nahiz erizainak Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradun gisa gaitzea, aurretiazko borondateen agiria formalizatzeko. Bi kolektibook agiriak formalizatzeko arduradun gisa parte hartzeko behar adinako gaitasuna dute, beren praktika klinikoan oinarrituta, eta, pazientearen autonomiarekin bat, gai izango dira osasun-zainketari buruzko aurretiazko plangintzaren gaineko aholkuak emateko.
Mediku eta erizainek osatzen duten binomio profesional horren arteko talde-lana baliabide paregabea da aurretiazko borondateetan gertatzen ari den pixkanakako unibertsalizazioaren erronkari heltzeko.
Bestetik, Dekretuaren aplikazio-eremua euskal osasun-sistemaren erabiltzaile guztiei zabaldu zaie, aurreko dekretuak egiten zuen bezala Euskal Autonomia Erkidegoko egoiliarrei mugatu ordez. Aldaketa hori egingo da, beraz, euskal osasun-sistemaren erabiltzaile guztiek, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi zein ez esate baterako, Euskal Autonomia Erkidegoaren mugan bizi direnek eta euskal osasun-sistemaren erabiltzaile direnek eskubidea izan dezaten aurretiazko borondateen agiria Euskadiko osasun-profesionalen aurrean formalizatzeko.
Gainera, agirian izendatu daitekeen ordezkariaren edo ordezkarien figurari dagokionez, esperientziak erakutsi du komeni dela figura hori indartzea, izan ere, hari dagokio pazienteak agirian jasota utzi duen borondatea behar bezala interpretatu eta betearaztea. Horregatik, beharrezkotzat jo da ordezkari horrek berariaz eta idatziz onartzea izendapena, horrek bermatuko baitu ordezkari gisa hautatutako pertsona jakinaren gainean dagoela eta badakiela izendapenak zer eginkizun dakartzan berekin. Bestetik, berariazko onarpen horretaz aparte, ordezkari izateari uko egiteko aukera ere jaso da.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 18. artikuluan dator xedatuta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola osasunaren inguruko Estatuaren oinarrizko legeria garatzea eta betearaztea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 12. artikuluak Osasun Sailari ematen dizkio osasun-arloko eskumenak.
Ondorioz, elkargo ofizialei entzun ondoren, Osasuneko sailburuak proposatuta, Euskadiko Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2024ko urtarrilaren 30ean egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau
Dekretu honen xedea da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa eta Osasun Arloko Aurretiazko Borondateen abenduaren 12ko 7/2002 Legean aurreikusitako aurretiazko borondateen agiriak arautzea.
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren funtzioak:
Osasunaren arloko aurretiazko borondateen agiriak eman, aldatu, ordeztu eta errebokatu izana inskribatzea.
Inskribatutako agiriak zaintzea.
Pazienteak artatzeko ardura duten osasun-zentroetako langileei, behar izanez gero, pazienteek aurretiazko borondateen agiririk formalizatu duten jakiteko modua eskaintzea.
Aurretiazko borondateen agiri-emailea artatzen duten mediku eta erizainei agiri horren edukia zertan den jakinaraztea.
Herritarrei osasun-arloko aurretiazko borondateen gaineko informazioa ematea.
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak administrazio-izaera eta funtzionamendu deszentralizatua dauzka, eta Eusko Jaurlaritzaren barruan osasun-arloko eskumenak dituen sailari atxikita dago.
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa zenbait administrazio-unitateren bidez kudeatzen da, eta unitate horiek funtzionalki osasun-aseguramenduaren eta -kontratazioaren gaineko eskumena duen zuzendaritzaren menpe daude. Osasun-arloko eskumenak dituen sailaren titularrari dagokio horien jarduera-eremua eta atxikipen organikoa zehaztea.
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa kudeatzen duten administrazio-unitateetako bakoitzean arduradun bat egongo da, eta hark formalizatuko du aurretiazko borondateen agiri-ematea, agiri hori aldatzea, ordeztea eta errebokatzea, Osasun Arloko Aurretiazko Borondateen abenduaren 12ko 7/2002 Legeak dioenaren arabera.
Gainera, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradun gisa jardun ahal izango dute, soil-soilik aurretiazko borondateen agiri-ematea formalizatzeko, osasun-arloko eskumena duen sailari edo Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari atxikitako funtzionario edo enplegatu publiko diren mediku eta erizainek, osasun-aseguramenduaren eta -kontratazioaren eskumena duen zuzendaritzaren titularrak horretarako gaikuntza eman ondoren.
Eusko Jaurlaritzan osasun-arloko eskumenak dituen sailak behar diren bitarteko elektronikoak jarriko ditu nahi duten mediku eta erizain guztiek aurreko apartatuan adierazitako baldintzak betetzen badituzte Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradun gisa gaitutako pertsonen zerrendan sartzeko eskaera egin dezaten.
Osasun-aseguramenduaren eta -kontratazioaren eskumena duen zuzendaritzaren titularrak ebazpen bat egingo du Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunak izendatzeko eta beste ebazpen bat aurretiazko borondateen agiria formalizatzeko soilik erregistroaren arduradun gisa jarduteko gaitutako pertsonen zerrenda onartzeko.
Erregistroak edozein euskarritan onartzen ditu aurretiazko borondateen agiriak, baldin eta autentikotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzen baditu.
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko inskripzioak eta erregistroak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren babesean dauden bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, eta zorrotz beteko dute datu pertsonalak babesteko araudia.
Adinez nagusi den edonork eskubidea izango du osasun-arloko aurretiazko borondateen agiria eman, aldatu, ordeztu edo errebokatu duela inskriba dezan eskatzeko Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroari, baldin eta Euskadiko osasun-sistemaren erabiltzaile bada; askatasunez, bere borondatez eta kontzienteki jokatzen badu, eta erabakiak hartzeko gaitasun aski badu.
Halaber, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunen aurrean formaliza dezake osasun-arloko aurretiazko borondateen agiri-ematea, haren aldatzea, ordeztea eta errebokatzea.
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan aurretiazko borondateen zer agiri dagoen inskribatuta eta agiri horien edukia zertan den jakiteko eskubidea Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zentroetako mediku eta erizainei soilik bermatuko zaie, dekretu honetan aurreikusitako baldintzetan. Hori guztia ezertan eragotzi gabe aurretiazko borondateen edo aurretik emandako jarraibideen beste erregistro batzuekiko interkonexioa.
Eusko Jaurlaritzan osasun-arloko eskumenak dituen sailak eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak aurretiazko borondateen agiria modu egituratu eta homogeneoan egin ahal izateko gida bat jarriko dute herritarren esku.
Agiria tramitatzeko jarraibideak eta prozedurari hasiera emateko formularioen ereduak helbide honetan daude: https://euskadi.eus/zerbitzuak/0148101
Edozeinetara ere, aurretiazko borondateen agirian, datu hauek jasoko dira, gutxienez: izena; bi abizen; helbidea; nortasun agiri nazionalaren, pasaportearen edo nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein dokumenturen zenbakia eta agiri-emailearen sinadura; tratamendurako jarraibideak, eta non, noiz eta zer modutan formalizatu den.
Agirian, agiri-emailearen bizi-helburuak eta balioak ere jaso ahal izango dira.
Agirian ordezkari bat edo gehiago izendatu ahal izango dira. Osasun Arloko Aurretiazko Borondateen abenduaren 12ko 7/2002 Legearen 2.3.a artikuluan ezarritakoarekin bat, adinez nagusi den pertsona oro izan daiteke ordezkari erabakiak hartzeko gaitasuna badu honako pertsona hauek izan ezik: notarioa, Erregistroaren arduraduna, lekukoak, aurretiazko borondateak aplikatu behar dituzten osasun-arloko langileak eta agiri-emailearen arreta sanitarioa finantzatzen duten erakundeetako pertsonala.
Ordezkaririk izendatzen bada, datu hauek jaso beharko dira: izena; bi abizen; nortasun agiri nazionalaren, pasaportearen edo nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein dokumenturen zenbakia; helbidea eta telefono-zenbakia. Agiri-emaileak berariaz adierazi beharko du ordezkari horiek Osasun Arloko Aurretiazko Borondateen abenduaren 12ko 7/2002 Legearen 2.3.a artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.
Ordezkari izendatutakoak edo izendatutakoek izendapena onartzen badute, idatzizko onarpen espresua aurkeztu beharko dute, eta onartzen ez badute edo onartu ondoren uko egiten badiote ere berdin; eta Aurretiazko Borondateen Erregistroak, ofizioz, aurretiazko borondateen agiriari erantsiko dio agiri hori, erregistratzeko unean bertan edo geroago.
Agiria 3 lekukoren aurrean formalizatzen bada, gainera, lekuko horien adierazpen bat jaso beharko da, honako hauek azalduko dituena:
adinez nagusiak direla, jarduteko gaitasun osoa dutela eta ez dutela aurretiazko borondateen agiria eman duenarekin ezkontza edo elkartze libre zein izatezko bikotekidearen bidezko loturarik, ezta bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik ere, eta ondare-harremanik ere ez.
agiri-emailea adinez nagusia dela, eta, beren ustez, ez dagoela kuradoretzapean edo laguntza-neurrien pean; askatasunez, bere borondatez eta kontzienteki diharduela, erabakiak hartzeko gaitasun aski duela eta agiria beren aurrean sinatu duela.
Agiri horrekin batera, lekukoen izena; bi abizen; nortasun agiri nazionalaren, pasaportearen edo nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein dokumenturen zenbakia, eta hiru lekukoen sinadura jaso beharko da, horrek ezertan eragotzi gabe 9.3 artikuluan eskatutako dokumentazioa.
Herritarraren esku dago ondoko prozeduretako zein erabili aurretiazko borondateen agiria formalizatzeko:
Erregistroaren arduradunaren aurrean, horrek ezertan eragotzi gabe dekretu honen 4.2 artikuluan xedatutakoa.
Notarioaren aurrean.
Hiru lekukoren aurrean.
Aurretiazko borondateen agiria Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunen aurrean formalizatzea:
agiri-emaileak bere burua identifikatu beharko du indarrean dagoen nortasun agiriaren edo pasaportearen bidez, eta adinez nagusia dela egiaztatuko da. Erregistroaren arduradunari dagokio aurretiazko borondateen agiria formalizatzeko bete behar diren legezko formaltasunak bete direla egiaztatzea.
Agiria ez da formalizatuko, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunen ustez agiri-emaileak ez badihardu askatasunez, bere borondatez eta kontzienteki edo ez badu erabakiak hartzeko gaitasun aski.
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunek agiri-emailearen gaitasunaren inguruan zalantza izanez gero, harremanetan jarriko dira haren erreferentziako medikuarekin, egoera balioesteko. Ezgaitasunik ondorioztatzen bada, ez dute agiririk formalizatuko. Erregistro Zibilean ere begiratuko dute, agiri-emailea kuradoretzapean edo laguntza-neurrien pean dagoen jakiteko.
Erregistroaren arduradunak aurrez aurreko laguntza pertsonala eskainiko dio agiri-emaileari aurretiazko borondateen agiria egiteko, eta bukatutakoan ere Erregistroan inskribatu dezaten aurkeztu beharreko formularioa betetzen lagunduko dio. Formularioa helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/informazioa/voluntades-anticipadas/aurretiazko-borondateak-ab/web01-a2inform/eu/ Erregistroan inskribatzeko eskatzea aukerakoa izango da, horrek ezertan eragotzi gabe Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzko uztailaren 8ko 11/2016 Legearen 8.2 artikuluan ezarritakoa.
Aurretiazko borondateen agiria notario aurrean formalizatzea:
Herritarrak notario aurrean formalizatu ahal izango du aurretiazko borondateen agiria. Horretarako, dagokion eskritura sinatzeko behar den dokumentazioa eramango du notarioaren bulegora. Eskriturak legez ezarritako gutxieneko edukia eta agiri-emailearen aurreikuspen eta beharrak jasoko ditu.
Notarioaren aktak agiri-emailearen borondatea jasoko du, bai eta agiri-emailearen izenean jardungo duen ordezkariaren izendapena, halakorik izanez gero. Agiria Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskribatzea erabakiz gero, nahikoa izango da akta horretan jasotzea notarioari baimena ematen zaiola inskripzio-eskaera egiteko agiri-emailearen izenean.
Aurretiazko borondateen agiria hiru lekukoren aurrean formalizatzea: herritarrak aurretiazko borondateen agiria hiru lekukoren aurrean formalizatu ahal izango du. Lekukoek adinez nagusi izan behar dute, jarduteko gaitasun osoa dutenak, eta ezin dute izan aurretiazko borondateen agiria egiten duenarekin ezkontza edo elkartze libre zein izatezko bikotekidearen bidezko loturarik, ezta bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik ere, eta ondare-harremanik ere ez.
Inskripziorako prozeduraren hasiera agiri-emailearen edo haren ordezkariaren eskabidearekin hasiko da. Eskabidearen eredua helbide elektroniko honetan dago: https://www.euskadi.eus/informazioa/voluntades-anticipadas/aurretiazko-borondateak-ab/web01-a2inform/eu/ Eskabidearekin batera, eskabidean jasotako datuak zehaztu edo osatzeko behar diren gainerako elementuekin batera aurkeztu ahal izango da. Aurretiazko borondateen agiria ez inskribatzeak ez dio eragingo agiriaren baliozkotasunari.
Aurretiazko borondateen agiria (Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskriba dezaten) bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango da edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro eta lekuetan eta Osasun Sailaren egoitzetan. Aurrez aurre aurkeztea erabakiz gero, agiria eta agiriarekin batera doan dokumentazioa gutun-azal itxi batean aurkeztu beharko dira, konfidentzialtasuna zaintzeko.
Agiria hiru lekukoren aurrean formalizatu bada, eskabidearekin batera, aurretiazko borondateen agiria (jatorrizkoa) eta agiri-emailearen, lekuko gisa jarduten dutenen eta, halakorik badago, ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren, pasaportearen edo nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste edozein agiriren fotokopia aurkeztu beharko da.
Aurretiazko borondateen agiria inskribatzeari buruzko ebazpena emateko eskumena duen organoak egiaztatuko du aurretiazko borondateen agiria formalizatzeko legez ezarritako formaltasunak bete direla. Zehazki, egiaztatuko du agiri-emailea adinez nagusia dela, eta sinadurak ere egiazkoak direla, bai agiri-emailearena, bai lekukoena. Azken egiaztapen hori egiteko, nortasun-agirien, pasaporteen edo nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste agiriren fotokopiak aztertuko ditu.
Agiria notario aurrean formalizatu bada, interesdunak agiria erregistroan inskribatzeko eskatu ahal izango du agiriarekin batera notario-aktaren kopia baimendua aurkeztuta, edo, bestela, notario-bulegoari eskatu ahal izango dio formalizatutako agiria bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu dezala, erregistroan inskribatu dezaten.
Eskabidea ezarritako ereduari jarraikiz egin ez bada, edo agiriarekin batera ez badira adierazitako gainerako dokumentuak aurkeztu, errekerimendua egingo zaio interesdunari akatsa zuzen dezan edo eskatzen zitzaizkion agiriak aurkez ditzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Osasun-aseguramenduaren eta-kontratazioaren eskumena daukan zuzendariak ebatziko ditu Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko inskripzio-eskaerak. Inskripzioren bat ukatzeko, ebazpen arrazoitu bat eman beharko da, baina Osasun Arloko Aurretiazko Borondateen abenduaren 12ko 7/2002 Legean eta dekretu honetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik baino ezin izango da ukatu. Ebazpen hori eman beharko da, eta eskatzaileari horren jakinarazpena egin, hiru hileko epean.
Ezarritako epearen barruan jakinarazpenik ez badago, baietsi egin dela ulertuko da.
Inskripzioari buruzko ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.
Aurretiazko borondateen agiria baiespen-ebazpenaren egunetik aurrera hiru egun balioduneko epean inskribatuko da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan.
Inskribatu ondoren, agiri-emaileari bidaliko zaizkio aurretiazko borondateen jatorrizko agiria, inskripzio-eskaera eta inskripzioari buruzko ebazpena.
Aurretiazko borondateen agiria formalizatzen bukatu ondoren, agiri-emaileari eskatu beste kopia autentiko emango zaio.
Aurretiazko borondateen agiri bat aldatzea da agiriaren edukiaren zati bat aldatzea, baina hasierako agiria baliogabetu gabe.
Aurretiazko borondateen agiri bat ordeztea da hasierako agiria baliogabetzea eta haren ordez beste bat formalizatzea.
Aurretiazko borondateen agiri bat errebokatzea da hasierako agiria baliogabetzea eta haren ordez besterik ez formalizatzea.
Aurretiazko borondateen agiri bat aldatzeko, ordezteko edo errebokatzeko agirian gutxienez honakook jaso behar dira:
agiri-emailearen izena; bi abizen, eta nortasun agiri nazionalaren, pasaportearen edo nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste edozein dokumenturen zenbakia.
Aldatu, ordeztu edo errebokatu nahi den agiria non, noiz eta zer modutan formalizatu zen.
Agiri-emaileak aurretiazko borondateen agiria aldatu, ordeztu edo errebokatu nahi duela.
Aldatu, ordeztu edo errebokatzeko agiria non, noiz eta nola formalizatu den.
Agiri-emailearen sinadura.
Kontua bada lehendik formalizatutako aurretiazko borondateen agiria beste batekin ordeztea, aurreko apartatuan aurreikusitakoez gainera, adierazi beharko da aurreko agiria indargabetuta geratzen dela, eta agiri-emailearen tratamenduari buruzko jarraibideak erantsi beharko dira. Ordezkari bat edo gehiago izendatu daitezke, 7.5 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.
Kontua bada lehendik formalizatutako aurretiazko borondateen agiria aldatzea, artikulu honen 1. apartatutan aurreikusitakoez gainera, argi eta garbi adierazi beharko da aurreko agiriaren zer zatik jarraituko duen indarrean, zer zati indargabetuko den eta, ezer eransten bada, hitzez hitz zer esango duen.
Agiria hiru lekukoren aurrean formalizatzen bada, dekretu honen 7.7 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
Aurretiazko borondateen agiri bat aldatzeko, ordezteko edo errebokatzeko agiria inskribatzeko prozedura 8., 9. eta 10. artikuluetan ezarritakora egokituko da.
Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da erabilgarri: https://www.euskadi.eus/informazioa/voluntades-anticipadas/aurretiazko-borondateak-ab/web01-a2inform/eu/
Aurretiazko borondateen agiri inskribatuaren agiri-emaileak, eta haren legezko ordezkariak nahiz agiri horren bidez horretarako modu sinesgarrian izendatutako ordezkariak, kontsulta egin dezake Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan, nahi duenean.
Aurretiazko borondateen agiriaren inskripzioa egiaztatzen duen ziurtagiria ere eskura dezake.
Eskubide horiek gauzatu nahi dituzten pertsonek horretarako eskabidea egin dezakete bitarteko telematiko egokien bitartez, edo identitatea egiaztatzeko aukera ematen duen beste bitarteko baten bidez.
Aurretiazko borondateen agiri inskribatuaren agiri-emaileak eta haren ordezkariek, bai eta lekuko gisa jarduten dutenek eskubidea dute haien datu pertsonalak babestu, datuen segurtasuna bermatu eta konfidentzialtasuna zaindu daitezen, eta, bereziki, datu pertsonalak kasuan kasuko prozeduran edo jarduketan ezarritako helburuetarako soilik eskatu eta tratatu daitezen, indarrean dauden legeak erabat errespetatuta. Edozeinetara ere, edozein unetan baliatu ahal izango dituzte datuen babesaren gaineko eskubideak (datuak irispidean izatea, zuzentzea, ezabatzea, tratamendua mugatzea eta aurka egitea) zuzenean tratamenduaren arduradunari eskatuta.
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zentroetako mediku eta erizainei inskribatuta dauden agirien berri izateko eta agiri horien edukia eskuratzeko modua eskainiko die.
Pertsona bat tratatzen ari diren medikuak edo erizainak garrantzi handiko erabaki klinikoak hartu behar baditu, eta gaixoak ezin badu adierazi bere nahia zein den, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan sartu beharko du telematikoki, pertsona horrek agiria inskribatua duen egiaztatu, eta, hala bada, edukia irakurtzeko.
Aurretiazko borondateen agiria eskuratu ondoren, medikuak edo erizainak zer jartzen duen adieraziko dio agirian izendatutako ordezkariari, edo, halakorik ez badago, agiri-emailerekin lotura familiarra edo izatezkoa duten pertsonei.
Profesional batek Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan sartu eta erabiltzaile baten informazioa eskuratu ahal izateko, zalantzarik sorrarazten ez duen modu pertsonalizatu batean identifikatu beharko du bere burua, eta haren baimena egiaztatu egingo da. Inor sartzen den bakoitzean, jasota geratu beharko da, halako moldez non jakin ahal izango den nor, noiz eta zertarako sartu den, eta sartzeko saiakera bakoitzean ere, gutxienez, datu hauek gorde beharko dira: profesionalaren identifikazioa, eguna, ordua eta sarbide-mota. Sarrera ukatu egiten bada sarbide-irizpideak betetzen ez direlako, ukapena ere erregistratuta geratu beharko da.
Osasun-langileak, bai eta, beren kargu edo lanagatik, aurretiazko borondateen agiriaren berri dutenak edo agiria eskuratzen dutenak behartuta daude informazioa isilpean gordetzera, horrek ezertan eragotzi gabe 15.3 artikuluan ezarritakoa. Gainera, beti bermatu beharko da datuen konfidentzialtasuna eta behar bezala betetzen dela Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduak ezarritakoa (Erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa da eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du).
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak agiri-emailea hil ondoren beste bost urte pasatu arte zainduko ditu inskribatutako agiriak, eta hortik aurrera suntsitu egingo ditu.
Errebokatutako eta ordeztutako agiriak errebokatzea edo ordeztea inskribatu ondoren suntsituko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoaren (5.2 artikuluan aipatutakoaren) plataforman erregistratutako datuak azkena inskribatutako agiriari buruzkoak izango dira beti, eta artikulu honen 1. apartatutan aurreikusitako epean gordeko dira.
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa Espainiako Aurretiazko Jarraibideen Erregistro Nazionalarekin interkonektatuko da, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 oinarrizko Legean eta Aurretiazko Jarraibideen Erregistro Nazionala eta berorri dagokion datu pertsonalen fitxategi automatizatua arautzen dituen otsailaren 2ko 124/2007 Errege Dekretuan ezarritako eran.
Aurretiazko borondateen edo aurretiazko jarraibideen beste erregistro batzuekin interkonektatzekotan, horretarako izenpetuko diren lankidetza-hitzarmenetan ezarritakoari jarraituko zaio, betiere datu pertsonalak babesteko legedia errespetatuz.
Indarrik gabe geratzen da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko azaroaren 4ko 270/2003 Dekretua.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko urtarrilaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


