- 176/2026 DEKRETUA, azaroaren 3koa, Euskararen Aholku Batzordeari buruzko Dekretua aldatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu176/2026 DEKRETUA, azaroaren 3koa, Euskararen Aholku Batzordeari buruzko Dekretua aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 219
- Hurrenkera-zk.: 4859
- Xedapen-zk.: 176
- Xedapen-data: 2026/11/03
- Argitaratze-data: 2026/11/16
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak
Testu legala
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari dagokio, besteak beste, azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz esleituta dituzten egitekoak.
Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko 10/1982 Legeak, azaroaren 24koak, euskararen erabileraren normalizazio-lanean laguntzeko harreman-organoa eratzea aurreikusten du 29. artikuluan, esandako legea ezarri eta gauzatzeari begira erakundeen ahaleginak aztertu, bideratu eta koordinatzeko, hain zuzen. Lehenago, urtarrilaren 11ko 5/1982 Dekretuak jada Euskararen Aholku Batzordea sortu zuen.
Euskararen Aholku Batzordea Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, Euskararen Aholku Batzordeari buruzko uztailaren 28ko 99/2020 Dekretuaren 1.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Dekretuaren arabera, Euskararen Aholku Batzordea azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 29. artikuluan aurreikusitako harreman-organoa izango da, hizkuntza-normalizazioan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinatzeko. Euskararen Aholku Batzordea Kultura Sailari atxikita egongo da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez, baina haren egitura organikoan txertatu gabe.
Bere sorreratik, Euskararen Aholku Batzordeari buruzko araudiak hainbat eguneratze izan ditu, indarrean dagoen uztailaren 28ko 99/2020 azken Dekretua onartu arte.
Aipatu dekretuan egindako aldaketa nagusiak Batzordearen funtzionamendua hobetzeko izan ziren; besteak beste, Batzordearen organoak murriztu, batzordekide kopurua murriztu eta funtzionamendu-arau batzuk aldatu ziren. Horrela, batzordekide kopuruari dagokionez, adituen atalean egin zen murrizketa handiena; hau da dekretuan ezarritakoa:
Hamabost kide, hizkuntza-normalizazioaren prozesuan eragina duten arloetako pertsona ezagunen artean hautatuak:
Legebiltzarrak izendatutako bost kide.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak izendatutako hamar kide. Euskararen hizkuntza-komunitatearen lurraldeetako ordezkariak izateari begiratuko zaio.
Egia bada ere azken urte hauetan Batzordearen funtzionamendua hobetu egin dela, kideen kopuruari dagokionez, berriro aldaketa egiteko beharra ikusten da.
Izan ere, 99/2020 Dekretuan Batzordearen organoak murriztu baziren ere, erakunde publikoen pisuak gehiegizkoa izaten jarraitzen du, hizkuntza-normalizazioaren prozesuan eragina duten arloetako adituen kaltetan, eta hau ez da egokia euskararen indarberritzea helburu duten erakunde nahiz eragile sozialen arteko lankidetzarako, nahiz gizarteak dituen behar berriei erantzuteko.
Bestetik, euskararen indarberritze-prozesua hazkunde bidean da, zalantzarik gabe. Etxean edo eskolan dituen espazioez gain, eskolaz kanpoko jardueretan, kirolean edo lanean euskarak duen lekua handitzen ari da. Baina aldakortasun betean dagoen gizartean bizi gara (lurralde barneko zein lurralde arteko migrazio-mugimendu ugarien ondorioz, kultura aniztunagoak nahiz eleaniztunagoak izango ditugu; hirietan bizi da pertsona gehien, baita euskaldun gehienak ere; gizakion arteko harreman modu berriak sortzen ari dira, aurrez aurrekoak zein digitalak, hizkuntza-aniztasuna inoiz baino ageriago dago) eta beharrezkoa da euskara erabiltzeko gune berriak sortzea.
Azken urteetan, beraz, euskararen normalizazioan eragin beharreko esparruak aldatuz eta zabalduz joan dira.
Horregatik guztiagatik, egoki ikusi da Euskararen Aholku Batzordeko adituen kopurua ere gehitzea, arlo horietan guztietan eragin nahi bada. Horrela, hamar kide izatetik hamabost kide izatera pasako litzateke.
Hori dela eta, uztailaren 28ko 99/2020 Dekretua aldatu egin behar da. Dekretu-proiektu berria egiteko eta izapidetzeko prozedurak arau hauetan jasotako aginduak bete beharko ditu:
6/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena.
Gobernu Kontseiluaren 2025eko maiatzaren 13ko Erabakia, arau-xedapen orokorrak lantzeko prozeduraren Oinarrizko Izapidetze Eredua onartzen duena (54/2025 Ebazpena, maiatzaren 20koa, maiatzaren 29ko EHAA, 100. zk.).
Lege-proiektuak, dekretuak, aginduak eta ebazpenak egiteko jarraibideak, Gobernu Kontseiluaren 2023ko uztailaren 11ko Erabakiaren bidez onartuak (78/2023 Ebazpena, uztailaren 28koa, abuztuaren 7ko EHAA, 149. zk.).
Horren ondorioz, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko azaroaren 3ko bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, hauxe
Idazketa berria ematen zaio 3. artikuluaren 1. apartatuaren j) azpiapartatuari, eta honela geratzen da idatzita:
Hogei kide, hizkuntza-normalizazioaren prozesuan eragina duten arloetako pertsona ezagunen artean aukeratuak:
Legebiltzarrak izendatutako bost kide.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak izendatutako hamabost kide. Euskararen hizkuntza-komunitatearen lurralde-ordezkaritza zainduko da.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA. Indarraldia.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko azaroaren 3an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


