Euskadi.eus
  • 13/2008 LEGEA, abenduaren 12koa, Familiei Laguntzekoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

13/2008 LEGEA, abenduaren 12koa, Familiei Laguntzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 246
  • Hurrenkera-zk.: 7144
  • Xedapen-zk.: 13
  • Xedapen-data: 2008/12/12
  • Argitaratze-data: 2008/12/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 12ko 13/2008 Legea, Familiei Laguntzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

13/2008 Legea, abenduaren 12koa, Familiei Laguntzekoa

Familia erakunde naturala da, gizakiaren duintasunaren eta gizarte-bokazioaren ondorioz sortua; baina, halaber, kultura-errealitate bat ere bada, eta gizarte-antolaketako forma ugari har dezake. Ez dago, beraz, familiaren kontzeptu intenporal bat ezartzerik. Familia singularrean aipatu beharrean, erakunde bakarra eta uniformea balitz bezala, zehatzagoa litzateke errealitate hori askotarikoa dela kontuan hartuta jokatzea eta zenbait familia-mota aipatzea, historikoki giza taldeek beren burua antolatzeko baliatu dituzten eredu desberdinak izendatze aldera.

Familiak pertsonaren funtsezko harremanak ezartzen ditu; horra bere misio ordezkaezina, beste inoren esku uzterik ez dagoena. Ildo horretan, bada, gizakia sozializatzeaz gain, nork bere burua gauzatzeko ere balio du.

Gizarteak funtsezko du familia, familiak betetzen baitu hainbat gizarte-eginkizun, eta ez nolanahiko eginkizunak; horietariko bat, esaterako, gizabanakoa sozializatzea da, eta, sozializazio horren bidez, jokabide-ereduak, tradizioak, ohiturak, usadioak eta sineskerak transmititzea.

Familiari garrantzizko betekizuna esleitzen zaio gizabanakoa gizartean eta komunitatean txerta dadin prestatzeko eta hark bere nortasuna garatzeko. Familian, zenbait pertsona elkarrekin bizitzeko proiektua gauzatzen da, bere kideetako bakoitzaren autonomia eta berdintasuna errespetatuz; aurrekoak, ondorengoak eta beren kasa moldatzen ez diren beste pertsona batzuk zaintzeko eta horiei arreta emateko erantzukizunak partekatzen dira. Familia, gainera, oinarrizko erakundea da osatzen duten kideentzat, bai afektibitate- eta emozio-euskarri gisa eta bai elkarri babesa eta laguntza emateko.

Familiak eraldaketa handiak izan ditu azken mendean, erakunde aldakorra baita, izan ere, eta gizartearen aldaketen eraginpean baitago. Esate baterako, geroz eta espezializatuagoa da bere eginkizunei dagokienez; oinarrizko familiaren eredua da ia eredu bakarra; bikotekideen arteko harremana da garrantzitsuena; eta familiako kideen kopurua lehen baino txikiagoa da.

Familia funtsezko pieza izan da hezkuntza informalaren, ekonomiaren eta osasunaren arloan, eta oraindik ere hala da; horregatik, babes eta laguntza berezia behar du.

Hezkuntza-sistema dela, osasun-sistema dela, gizarte-zerbitzuak direla, kultura-arloko, kiroletarako eta aisia eta astialdirako baliabideen eskaintza zabal eta askotarikoa dela, familiek hainbat eta hainbat zerbitzu eta prestazio daukate eskura, eta, horiei esker, gaur egun ez dauzkate gizarteak duela gutxi arte egozten zizkien zeregin eta betebeharretako asko. Azken batean, orain, familiak bere-bereak dituen eginkizunetara bidera ditzake bere ahalegin eta indarrak, hau da, eginkizunen aldetik geroz eta espezializatuago dago. Nolabait ere, familiaren eginkizun pribatuen gainbeheraren aurrean gaude, familiek gero eta eginkizun gehiago sektore publikoaren esku uzten dute-eta.

Garai batean, familia handia zen denetan arruntena; aspaldi samarretik, ordea, oinarrizko familia da zabalduena, aitak, amak eta seme-alabek osatua, alegia, eta berdin dio gurasoak ezkondurik dauden edo ezkontzaren antzeko beste harremanen bat duten.

Gizarte modernoan, ezkontide-harremana bihurtu da senitarteko-harreman nagusia. Ez zaio halabeharrez aitortzen nagusitasun hori ezkontide- edo bikotekide-harremanari, betetzen duen eginkizunagatik baizik; izan ere, kideen emozio- eta afektibitate-euskarri izateko eginkizuna jarria dio gizarteak, eta batez ere horrexek legitimatzen du harreman hori gizartearen begietan. Eta emozio- eta afektibitate-euskarri izateko eginkizun horretan oinarrituta legitimatzen ditu gizarteak ondorengorik izatea nahita baztertzen duten familia-proiektuak, eta berdin beste edozein motatako bikoteak, edozein delarik ere haien harremana ofizialdu edo formalizatzeko modua edo bikotekideen sexu-joera. Horregatik, lege honen helburua da gizarteak harreman- eta familia-mota guztiak legitimotzat har ditzan edo onar ditzan laguntzea, eta, horretarako, tratamendu bera bermatzen zaie denei.

Gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak direla-eta, berriz, lege honek helburu bikoitza du. Lehenik eta behin, lortu nahi da umeek ez dezatela inolako bereizkeriarik jasan gurasoek duten edo zuten harreman-motaren arabera; horregatik, seme-alaba biologikoak nahiz adoptatuak izan, batzuei zein besteei babes- eta laguntza-neurri berberak bermatzen dizkie, eta umeak aldi baterako hartu dituzten edo tutoretzapean dituzten familiei ere neurri horietako batzuetarako bidea zabaltzen die. Bigarrenik, bikoteek nahi bezainbeste ume eduki ahal izateko behar diren baldintzak sortu nahi dira, edo hartarako oztopoak kendu; horretarako, beren ardurapean seme-alabak dituzten familientzat hainbat laguntza ekonomiko dakar lege honek, batzuk zuzenekoak eta beste batzuk zerga bidezkoak, 2020. urtean Europar Batasunaren mailan izateko.

Kultur aldaketa sakonak izan direnez, eginkizunak sexuaren arabera banaturik zituen oinarrizko familia krisian da. Izan ere, halako familien oinarria, gehienetan, senar-emazteen arteko berdintasunik eza izaten zen; agintea, autoritatea eta familia ordezkatzeko eginkizuna ez zeuden bien artean berdin banaturik; eta, azkenean, askotan, emaztea gizonaren mende egoten zen, hau da, gizarte-eskubideez baliatzeko aukera gutxiago zituen eta bereizkeria jasaten zuen gizartean eta lan-munduan.

Horregatik, lege honen helburu nagusietako bat da ondoko baldintzak betetzen dituen familia-eredu bat sendo dadin bultzatzea: autonomia, kide guztien arteko errespetua eta bi bikote-kideen arteko berdintasuna, biek ala biek ere lanbidean aurrera egiteko aukera berberak dauzkatela eta partekatzen dituztela.

Familiak eraldaketa-bide beharrezko horretan aurrera egingo badu, ezinbestekoa da samurrago uztartu ahal izatea norberaren bizitza, familia eta lana. Eta hiru bizi-esparru horiek uztartzen laguntzeko, lege honen bidez laguntzarako baliabide eta zerbitzu gehiago eskain daitezen sustatzen da, lehenagotik badaudenak sendotzeaz batera, eta, era berean, zuzeneko diru-laguntzak jartzen dira uztartze-neurriren batzuez baliatzeagatik diru-sarrerak murriztu zaizkienentzat, hala nola Langileen Estatutuan edo beste lege batzuetan, hitzarmen kolektiboetan edo banakako akordioetan ezarritako uztartze-neurriez baliatzeagatik.

Gizarte zibilari dagokionez, berriz, ekoizpen-sistemara emakumeak ere biltzen badira, baliteke langileek, gizon zein emakume, seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaindu beharra izatea, eta horrek, jakina, baldintza jakin batzuk bete beharra ekarriko du. Hori hala da, eta naturaltasunez onartu behar dute enpresek.

Herri-administrazioek aitortu behar dute pertsona orok duela zaindua izateko eskubidea, eta beren kasa moldatzen ez diren pertsonei arreta emateko erantzukizuna hartuko dute beren gain, batez ere gizarte-zerbitzuen sarea indartuz eta familiei lagunduz, baita diruz ere, familiek halakoetan egiten duten lana benetan baita handia. Herri-administrazioak, gainera, haur-eskolen nahikoa sare zabala ari dira atontzen, eta, zeregin horretan, euskal udalak dira gailen beren lan handiagatik.

Familiaren oinarrizko beste eginkizunetako bat umeen lehen mailako sozializazioa da, gizartean bizitzeko behar dituzten ezaguerak eta jokabide-ereduak bereganatzeko prozesua. Arlo horretan, lege honen helburua da gurasoek ikastetxeen eta aisia eta astialdirako antolakundeen laguntza eskura izatea, gizartean elkarrekin bizitzeko behar diren balioetan hezteko beren umeak.

Gizarte honetan, oinarrizko familia da denetan ohikoena, hau da, gurasoek eta seme-alabek osatua, baina bestelakorik ere badago, eta, horregatik, lege hau familia-mota guztiei dago zuzenduta. Dakartzan laguntza-neurri batzuk orokorrak dira, baina era berezian aintzat hartzen ditu egoera bereziki ahulean dauden familien arazoak, esate baterako guraso bakarreko familienak edo genero-indarkeria edo terrorismo-ekintzak jasan dituzten familienak; horrenbestez, lehentasuna dute legen honentzat familia horiek.

Lege honen bidez, familia-mota horiek zein baldintzatan bizi diren eta zein gabezia, zailtasun, arrisku eta mehatxu dituzten zehaztu nahi da, beharrezko baliabide eta bitartekoekin babes-sistema bat jartzeko eta behar duten familientzat baliabide eta bitarteko horiek sendotzeko.

Familia ugarien egoerari ere arreta berezia eskaini nahi dio lege honek, gure gizartearen giza kapitalari zer-nolako ekarpena egiten dioten kontuan izanik, eta baliabideak eta bitartekoak, edonolakoak direlarik ere, beti besteek baino gehiago beharko dituztela oinarritzat hartuz.

Gure ustez, eta hauxe da lege honen printzipio inspiratzaileetako bat, adingabeak zaintzeko eta horiei arreta emateko erantzukizuna gurasoena da, lehenik eta behin, eta, hortaz, seme-alabak dituen edonork haiek zaintzeko nahikoa baliabide ekonomiko eta zerbitzu izan behar du eskura, beste inori laguntza eskatzen ibili beharrik gabe. Hortaz, seme-alabak dituen edonork, aita edo ama izan, haiek zaintzeko eta mantentzeko nahikoa baliabide propio izan behar du, hau da, ekonomia-unitate independentetzat hartu beharra dago, eta, horrelakoa izateko premia badu eta hori nahi badu, hala bilakatzen lagundu behar zaio.

Lege honek funtsezko balio batzuk garatzen ditu, eta, balio horietan oinarriturik, familia-mota eta familia-egoera bakoitzari dagozkion laguntza-neurriak arautzeaz gainera, pedagogia-lana egiteko eta gizartea sentsibilizatzeko eginkizuna ere bete nahi du, bere printzipio inspiratzaileen eta proposatzen dituen neurrien berri emanez.

Arau honen lege-oinarria Konstituzioaren 39. artikuluan dago. Han jartzen duenez, herri-botereek Ťfamiliaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoať ziurtatu behar dute, eta, zehazkiago, seme-alabena, Ťseme-alabok legearen arabera berdinak izanik eta seme-alabatasuna kontuan hartu gabe, eta ama horien babes osoa ere bai, euren egoera zibila edonolakoa izanikť.

Beste oinarri bat Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 9. artikuluan du. Han jartzen duenez, euskal herri-botereek herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilpen egokia zaindu eta bermatu behar dute; gizabanakoaren eta berori sartuko den taldeen askatasuna eta berdintasuna zinezkoa eta egiazkoa izan daitezen, diratekeen oztopoak erauzteko eta aldeko kondizioei eragiteko neurriak hartu behar dituzte; politika-, ekonomia-, kultura- eta gizarte-alorretako bizitzan herritar guztien parte-hartzea erraztu behar dute; eta bizitzeko eta lan egiteko kondizioen hobekuntza ekar dezakeen politika bultzatu behar dute bereziki.

Beste oinarri bat Autonomia Estatutuaren 10.12 artikuluan du, gizarte-laguntzako eskumen guztiak Autonomia Erkidegoaren esku uzten baititu artikulu horrek.

Azkenik, Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluan dago oinarriturik. Han jartzen duenez, komunitatearen aurrerabidea, emakume-kondizioaren arazoa eta haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa dira.

Betebehar hori betetze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideek, azken urteotan, familiaren errealitate aldakor eta askotariko horri erantzun nahian jardun dute, hainbat ekimenen bidez.

Hala, bide horretan egindako urrats garrantzitsuetako bat, hain zuzen ere, Izatezko Bikoteei buruzko maiatzaren 7ko 2/2003 Legea onartzea izan zen. Lege horren zioen azalpenean honela adierazten da helburu nagusia: ŤLege honek egungo legedian bizirik dirauten bereizkeria guztiak gainditzeko bidean aurrera egin eta horretan lagundu nahi du, familiako kideen izaera edo gorabehera pertsonal edo soziala bada bereizkeriaren oinarri, gure gizarte-inguruaren kulturan onartutako afektibitate- eta sexualitate-adierazpide ugarien arabera ulertuta familia; eta horrekin batera Konstituzioan bereizkeriaren aurka, nortasuna askatasunez garatzearen alde eta familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoaren alde aipatzen diren printzipioen arau bidezko garapena hobetu nahi da, araudia gizarteak historiako une bakoitzean bizi duen egoerara egokitutať.

Baina lege hori baino lehenago ere, eta familiaren babesari dagokionez, Gobernu Kontseiluak, 2001eko uztailaren 3ko erabaki baten bidez, Seme-Alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko Plana onartu zuen, eta gero, urte bereko uztailaren 30eko erabaki baten bidez, berretsi. Plan harekin, hitzaurrean jartzen zuenez, premia bati erantzun nahi zitzaion, Ťjaiotze-tasa handitzeko eta laneko eta familiako bizitzak uztartzeko politikak gauzatzeko gero eta nabarmenagoa den premiariť, eta beraren helburu nagusia zen Ťekonomia eta gizarte eta lan alorreko oztopoak kentzea, familiek erabakitzen duten seme-alaben kopurua izan dezatenť. Horretarako, plan hartan zerga- eta ekonomia-arloko neurriak jarri ziren, lana eta familia uztartzeko neurriak, familiei laguntzeko zerbitzuak eta hainbat sentsibilizazio-neurri.

2006an, Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko II. Plana onartu zen, 2006-2010 aldirako. Bigarren plan horren bidez, lehenengoarekin abiarazitako familia-politika sendotu da, lehendik zeuden neurriak zabaldu dira eta neurri berriak garatu. Eta hori dena osatzeko, eta jarduera-politika orokorren esparruan, euskal herri-administrazioek, sail batzuen eta besteen bidez, familiari laguntza eta babesa emateko beste hainbat neurri ere ezarri dute, familia-unitatearen behar bereziak kontuan hartuz.

Familiei Laguntzeko Lege honen bidez, Autonomia Erkidegoaren eskumenen esparruan, antolatu egin nahi dira familiaren alde dauden era bateko eta besteko tresnak, alde batetik horien guztien artean koherentzia handiago bat bermatzeko, eta, bestetik, ekimen erabat berriak gehitzeko, dagoen jarduera-aniztasuna osatzearren.

Egituraren aldetik, legearen testuak lau titulu ditu:

a) I. tituluan xedapen orokorrak datoz jasota. Horietan legearen xedea eta zertarakoa arautzen dira, baita aplikazio-eremua ere; familia-politikaren funtsezko balioak eta printzipio inspiratzaileak azaltzen dira; zein helburu lortu nahi diren zehazten da; erakundeen arteko koordinazio eta lankidetzarako jarraibideak ezartzen dira, eta familia-errenta estandarizatua finkatzen da.

b) II. tituluan, familiei laguntzeko dauden neurriak eta zerbitzuak jaso dira, jarduera-eremuen arabera bost kapitulutan sailkatuta. I. kapituluan, beren ardurapean seme-alabak dituzten familientzako laguntzak eskubide subjektiboa direla ezartzen da, eta laguntzok zein diren zehazten. II. kapituluan, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko laguntza ekonomikoak azaltzen dira. III. kapituluan, administrazio-esparru batean nahiz bestean familiari laguntzen diharduten zerbitzu guztiak biltzen dira. IV. kapituluan, gai honetako eskumenak dituzten organoek familiari laguntzeko zehazturik dauzkaten zerga-neurriak homogeneiza ditzaten sustatzen da. Azkenik, V. kapituluan, familiari buruz gizartea sentsibilizatzeko politika sustatzen da, eta gizarte-eragileak laguntza-ekimenak abian jartzen inplika daitezen.

c) III. tituluan, familia-arloko eskumenak hiru administrazio-mailen artean nola banatu arautzen da.

d) IV. tituluan erakunde-antolaketa lantzen da, bi zutabetan oinarrituta: Familiaren Euskal Kontseilua, berari atxikitako hiru batzordeekin, eta Familiaren Behatokia. Familiaren Euskal Kontseilua aholkuak emateko eta herri-administrazioen, beste entitate batzuen eta gizarte-eragileen artean lankidetza indartzeko foro moduan eratzen da. Kontseilu horretan daude Familiaren Erakunde arteko Batzordea, Sail arteko Batzordea eta Batzorde Iraunkorra. Familiaren Behatokiaren egitekoa familia-mota batzuen eta besteen errealitatea aztertzea da, eta lege hau bete beharrez garatzen diren politikek haietan duten eragina aztertzea. Orobat, titulu hori gizarte-ekimena sustatzeaz ari da, eta familiaren esparruan lan egiten duten entitateentzako laguntza ezartzeaz.

  1. Familia-politika egiteko esparrua eta horren oinarriak zehaztea da lege honen xedea. Politika horrek integrala izan behar du, eta familiaren eta familiako kideen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzera egon behar du zuzendurik.

  2. Familiei babesa, arreta eta laguntza ematea da lege honen zertarakoa. Horretarako, Autonomia Erkidegoan familien alde indarrean dauden neurriak osotasun koherente batean antolatzen dira, eta beste hainbat laguntza-neurri berri ere arautzen da.

  1. Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko familientzat izango da. Ondorio horietarako, familia da bi pertsonak edo gehiagok osaturiko bizikidetza-taldea, pertsona horiek ezkontzaz edo horren antzeko harreman batez loturik daudenean, edo elkarren artean guraso eta seme-alaba direnean edo beste edozein ahaidetasun dutenean. Tutoretzaren eta harreraren kasuan, guraso eta seme-alaben arteko harremanaren parekotzat hartu ahalko dira horiek, dena delako laguntzaren izaeraren arabera eta dagokion araudiaren arabera.

  2. Lege honetan arauturik dauden laguntza-neurrien hartzaileak, batez ere, adingabeko seme-alabak dituzten familiak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak dituzten familiak izango dira, betiere jarduera-mota bakoitzerako erabakita dauden baldintzak betetzen badituzte familia horiek.

  3. Lege honetatik sorturiko prestazio eta laguntza-neurriak, halaber, bakarrik bizi diren pertsonei edo familiaz bestelako bizikidetza-taldeei ere aplikatu ahalko zaizkie, hala aurreikusten denean eta xedatzen den moduan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoaren familia-politika funtsezko balio hauetan oinarrituko da:

    1. Familia-proiektuari buruz erabakitzeko eta hautatzeko eskubidea errespetatzea.

    2. Familiako kide guztien eskubideak errespetatzea, kide horien adina eta autonomia-maila edozein delarik ere.

    3. Familia-aniztasuna errespetatzea eta familia-mota guztiak berdintasunez tratatzea.

    4. Emakumeek eta gizonek aukera berak izatea, eta erantzukizunak bikotekide biek partekatzea.

    5. Familiak betetzen duen eginkizuna aitortzea, familia belaunaldi arteko eta belaunaldi barruko elkartasun-eragile nagusia den aldetik.

    6. Familiak betetzen duen eginkizuna aitortzea eta errespetatzea, familiak hainbat balio transmititzen dituen aldetik, hala nola askatasuna, elkartasuna, errespetua, tolerantzia, berdintasuna, pluraltasuna, parte-hartzea eta elkarbizitza, baita, oro har, gizarte-elkarbizitzarako printzipio demokratikoak transmititzen dituen aldetik ere.

    7. Elkartasuna izatea egoera bereziki ahulean dauden edo gizartetik bazterturik geratzeko arriskua duten familiekin.

    8. Familia osatzen dutenek autonomia izatea, esparru horretan erabateko garapen pertsonala lor dezaten.

  2. Aurreko paragrafoko funtsezko balio horietan oinarriturik, euskal herri-administrazio bakoitzak ondoko printzipio inspiratzaileak izango ditu, bakoitzak bere eskumenen esparruan, familia-politikaren nondik norakoak zedarritzeko:

    1. Herri-erantzukizuna. Gutxienez, lege honetan aurreikusita dauden neurri guztiak taxutu, arautu eta aplikatu behar dira, eta euskal herri-administrazioen erantzukizuna da, bakoitzak bere eskumenen esparruan, hori bermatzea.

    2. Unibertsaltasuna. Euskal herri-administrazioek familia guztiei bermatu behar diete lege honetan edo ordenamendu juridikoaren gainerako arauetan unibertsal gisara definituriko prestazio eta zerbitzuetara iristeko bidea. Ezarritako baldintzek ez dute auzitan jarri behar printzipio inspiratzaile hori.

    3. Berdintasuna eta ekitatea. Euskal herri-administrazioek familia-mota guztiak errespeta daitezen sustatu behar dute, direnak direla familien osaera eta tamaina edo familia-unitate bakoitzaren oinarrian dauden bikote-harremanen eta seme-alabatasunaren izaera; eta, ekitate-printzipioa dela bide, babes handiagoa eman behar diete egoera bereziki ahulean dauden familiei.

    4. Sustapena. Euskal herri-administrazioek familiak betetzen duen eginkizuna aitortu, sustatu eta babestuko dute, familia belaunaldi arteko eta belaunaldi barruko elkartasunerako eta balio-transmisiorako eragile nagusia den aldetik.

    5. Aurrea hartzea. Euskal herri-administrazioek behar diren neurriak taxutuko dituzte egoera bereziki ahulean dauden familietan laguntzarik ezari, babesik ezari, egokitzeko ezintasunari, bazterketari, abandonuari edo babesgabetasunari aurrea hartzeko.

    6. Gizarte-ekimenaren parte-hartze aktiboaren sustapena. Euskal herri-administrazioek familiei babesa, arreta eta laguntza emateko planak eta programak egiten eta aplikatzen gizarte-ekimenak parte har dezan sustatuko dute.

    7. Bitartekotza. Euskal herri-administrazioek behar diren baliabideak taxutu eta aplika daitezen sustatuko dute familia barruko gatazkei aurrea hartzeko eta gatazka horiek murrizteko edo bideratzeko.

    8. Aukerak. Euskal herri-administrazioek behar diren baliabideak sustatuko dituzte, adingabeko seme-alabak eta beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaindu eta horiei arreta emateari dagokionez familiek aukera bat baino gehiago izan dezaten eskura.

Euskal Autonomia Erkidegoaren familia-politikak berak eta politika horren esparruan taxuturiko neurri guztiek helburu hauek izango dituzte:

  1. Familia-mota guztien eskubideak sustatzea eta babestea, eta haien ongizate-maila hobetzen laguntzea.

  2. Familietan umeak eta nerabeak ondo babesturik egongo direla bermatzea.

  3. Edozein familia-proiekturi ekiteko eta nahi den haur-kopurua izateko dauden oztopoak progresiboki ezabatzen edo murrizten laguntzea.

  4. Etxeko eta laneko erantzukizunak uztartu ahal izateko erraztasunak ematea, baita emakumea lan-munduan sartzeko eta haren karrera profesionala garatzeko ere.

  5. Familian gizonen eta emakumeen erantzukizun-partekatzea finkatzen laguntzea, batez ere adingabeko seme-alabak zaindu eta hezteari dagokionez eta beren kasa moldatzen ez diren pertsonei arreta emateari dagokionez.

  6. Belaunaldi arteko eta belaunaldi barruko elkartasuna sustatzea.

  7. Familiaren babes ekonomikoa bermatzea.

  8. Egoera bereziki ahulean dauden familietan gizarte-bazterketari aurrea hartzea.

  9. Gizartea bera orokorrean eta gizarte-eragileak ere familiak betetzen duen eginkizunaz sentsibilizatzea, baita familia babestu, sustatu eta laguntzea bermatu beharraz ere.

  10. Familiako gatazkei eta indarkeriari aurrea hartzea eta halakoak murriztea.

  1. Familiak hainbat alderdi duenez, lege honetan hari babesa, arreta eta laguntza ematearren arautu diren neurriak erakundeen jarduera-eremu material guztietatik hartu behar dira, eta, horretarako, ezinbestekoa da gai honetako eskumenak dituzten erakunde publiko guztien artean lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko bide eraginkorrak zabaltzea, familiei laguntzeko erakunde arteko planen esparruan eta lege honetan aurreikusitako erakunde-antolaketaren bidez.

  2. Euskal herri-administrazioak gai hauen inguruan diharduten entitate pribatuen lankidetza lortzen saiatuko dira, lege honetan familiak babestu, sustatu eta laguntzeko arautu diren neurriak diseinatzen eta aplikatzen esku har dezaten.

  1. Laguntza edo zerbitzu jakin bat jasotzea, prestazioaren zenbatekoa edo zerbitzuaren ordainketa errenta-mailak baldintzaturik badaude, familia-errenta hartuko da kontuan. Hainbat familia-mota dagoenez, eta egoerak era askotarikoak direnez, eta guztiak ekitatez hartu behar direnez, errenta hori familiaren tamainaren eta osaeraren arabera estandarizatuko da.

    Estandarizazio-sistema zehatza, erregelamendu bidez, dena delako laguntza edo zerbitzua kudeatzen duen administrazioak edo sailak zehaztuko du, laguntza edo zerbitzuaren arabera.

  2. Familia-politiken arloan, homologoak diren laguntzentzat, familia-errentaren estandarizazio-sistema bera eta laguntza jasotzeko muga berak ezarriko dira.

Beren ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko ezarritako diru-laguntzen bidez, seme-alabak mantentzeko eta zaintzeko eginkizunean sortzen diren premia ekonomikoei erantzuten laguntzen da.

Beren ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko diru-laguntzak, aurreko artikuluan definitu diren horiek, eskubide subjektiboa dira, bete beharreko baldintzak betetzen badira.

Beren ardurapean seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak jasotzeko eskubide subjektiboaren titularra aita edo ama izango da, edo aita eta ama.

Beren ardurapean adingabeak dituzten beste pertsona batzuk ere har daitezke aitaren edo amaren parekotzat, erregelamendu bidez.

  1. Diru-laguntza hau ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko emango da, eta hura mantentzeko eta zaintzeko gastuak ordaintzen laguntzeko da. Besteak beste, eskubidea sortzen duen semearen edo alabaren adinaren arabera zehaztu daiteke laguntzaren zenbatekoa.

  2. Seme-alabetakoren batek ezintasun edo mendetasunen bat baldin badu, handitu egingo da seme edo alaba horri dagokion diru-laguntza erregelamendu bidez.

  3. Haur bat baino gehiagoz erdituz gero, edo ume bat baino gehiago adoptatuz gero, edo umea atzerrian adoptatuz gero, aparteko diru-laguntzak egongo dira. Halakoetan, laguntzaren zenbatekoa zehazteko, zenbat ume izan edo adoptatu diren, edo atzerrian adoptatuak zenbat diren, eta familiako aitaren eta amaren errenta-maila hartuko da kontuan.

  4. Orobat, adingabeen harrera egiten duten familientzako laguntzak arautuko dira.

  5. Eusko Jaurlaritzak bata bestearen atzetik onartutako familiei laguntzeko erakunde arteko planen esparruan, euskal herri-administrazioak progresiboki zabalduz joango dira ardurapeko seme-alaba adingabeengatik ematen diren zuzeneko diru-laguntzak, 2020. urtean Europar Batasunaren mailan izateko.

Eusko Jaurlaritzak norberaren bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzeko ezarritako familientzako diru-laguntzak ondoko xedeak dituzten laguntzak dira: adingabeko seme-alabak zaintzeko edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko eszedentzia hartzean edo lanaldia laburtzean izandako diru-sarreren galera konpentsatzea, zati batean behintzat; adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak etxean bertan zaintzeko norbait kontratatzeak sortutako gastuak ordaintzen laguntzea; eta familiek adingabeko seme-alabak haur-eskoletan matrikulatzean izaten dituzten kostu ekonomikoak diruz laguntzea.

Eta eszedentzia hartzerakoan edo lanaldia laburtzerakoan lanean oztoporik izan ez dadin, enplegatzaileentzat ere hainbat neurri ekonomiko ezartzen dira, Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaintzeko, aipaturiko neurriak baliatu dituzten langileen ordez beste langile batzuk kontratatzen dituztenerako.

Eusko Jaurlaritzak norberaren bizitza, familia eta lana uztartzea errazteko ematen dituen diru-laguntzak tipologia honetakoak izango dira:

  1. Adingabeko seme-alabak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia laburtu duten langileentzako diru-laguntzak.

  2. Beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia laburtu duten langileentzako diru-laguntzak.

  3. Familiek haur-eskoletako gastuak ordaintzeko egiten dituzten ekarpenetarako diru-laguntzak.

  4. Seme-alabak etxean bertan zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak.

  5. Enplegatzaileentzako diru-laguntzak, adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia laburtu duten langileen ordez beste langile batzuk kontrata ditzaten.

  1. Artikulu honetan arauturiko langileentzako diru-laguntzak emango badira, ondoko bi egoeretako batean egon behar dute langileek, lege-xedapen edo banakako nahiz taldekako itun batetik sorturiko egoera hauetako batean:

    1. Adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren adinekoak zaintzeko eszedentzia.

    2. Adingabeko seme-alabak zaintzeko edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko lanaldi-laburtzea.

      Eszedentziak eta lanaldi-laburtzeak diruz laguntzeko, nahitaezkoa da neurri horietaz baliatu diren langileek beren lansariaren zati bat galtzea eszedentzia edo lanaldi-laburtze horren eraginez.

  2. Bai besteren konturako langileak eta bai kooperatibetako bazkide langileak eta lan-bazkideak izan daitezke laguntza hauen titularrak, eszedentzia hartu edo lanaldia laburtzen dutenean.

    Eta beren konturako langileak ere izan daitezke laguntza honen titularrak, baldin eta, adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko, beren lanbidea edo lana aldi baterako uztea edo gutxiago lan egitea erabakitzen badute, egoera hori lan-araudian arauturik dagoen moduan betiere.

  1. Laguntzaren xedea da beren ardurapean seme-alabak dituzten familiek haur-eskolen ohiko funtzionamendurako egindako ekarpenetan laguntzea.

  2. Familia batek bere ardurapean dituen umeak haur-hezkuntzako lehenengo zikloko haur-eskoletan matrikulaturik baldin badaude -eskolak titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak izan-, familia horrek jaso dezake diru-laguntza hau, dagokion erregelamendu bidezko garapenean ezartzen denaren arabera.

  3. Erregelamendu bidez, familia-errenta estandarizatu bat zehaztuko da, eta diru-laguntza hau jasotzeko baldintza ekonomikoak errenta horren arabera ezarriko dira, familia-unitatearen tamaina eta osaera kontuan harturik.

  1. Adingabeko seme-alabak etxean bertan zaintzeko langile bat kontratatzea diruz lagunduko da.

  2. Erregelamendu bidez, familia-errenta estandarizatu bat zehaztuko da, eta diru-laguntza hau jasotzeko baldintza ekonomikoak errenta horren arabera ezarriko dira, familia-unitatearen tamaina eta osaera kontuan harturik.

Adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko, langileren batek eszedentzia hartzen badu edo lanaldia laburtzen badu, eta haren ordez beste langileren bat kontratatzen bada, Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du ordezko kontratazio hori.

17 artikulua. Enpresentzako laguntzak, familia eta lana uztartzen lagun dezaten.

Eusko Jaurlaritzak sustatze-lana egingo du enpresek langileen familia eta lana uztartzen lagunduko duten neurriak har ditzaten.

  1. Oro har, bere etxebizitza-politikaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak tratamendu berezia emango die adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak beren ardurapean dituzten familiei, baita familia ugariei eta egoera bereziki ahulean dauden familiei ere, hala nola guraso bakarrekoei, genero-indarkeria edo terrorismo-ekintzak jasan dituztenei edo antzeko egoeraren batean dauden beste familia-motei, familia horiek etxebizitza errazago eskuratzeko kupo batzuk ezartzearren.

  2. Bereziki, etxebizitza berritzeko laguntza modura zenbat diru eman erabakitzerakoan, familia-unitatearen tamaina eta osaera hartuko ditu kontuan Eusko Jaurlaritzak. Eta, era berean, etxebizitza hobetzeko diru-laguntzak emateko orduan, haren irisgarritasuna bermatzeko obrei emango zaie lehentasuna.

  3. Bere lurzoru-politikaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak kontuan izango du industrialdeetan edo enpresa-parkeetan zenbait ekipamendutarako gutxieneko eremu bat gordetzea, hala nola haurtzaindegietarako eta enpresa-jantokietarako, hartara langileek errazago uztartu ahal izan ditzaten lana eta familia.

  1. Oro har, Eusko Jaurlaritzak, bere hezkuntza-politikaren esparruan, umeak eta gazteak 3.1 artikuluan jasota datozen balioetan heziko direla bermatu beharko du.

  2. Bereziki, Eusko Jaurlaritzak familiei laguntzeko neurri hauek garatu beharko ditu:

    1. 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolak sendotzea.

    2. Familia Ugariak Babesteari buruzko azaroaren 18ko 40/2003 Legean aurreikusitakoaren arabera, ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan onartuak izateko sistemako puntuaketan, familia ugariek lehentasuna izango dute. Nolanahi ere, kontuan hartuko dira Hezkuntzaren Lege Organikoan onarpenerako ezarririk dauden bestelako lehentasun-irizpideak ere.

    3. Orobat, ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, terrorismo-ekintzak jasan dituzten familiek eta genero-indarkeria jasan duten familiek lehentasuna izango dute onarpen-sistemako puntuaketan.

    4. Bestelako laguntza-neurri osagarriak ere hartuko dira, curriculumetik aparte, aurrez ezarritako ordutegi eta egutegiko arretaren osagarri, norberaren bizitza, familia eta lana uztartu ahal izateko gizonek zein emakumeek. Halaber, hezkuntza-etapa guztietan eskola-jantokien zerbitzu osoa egotea bermatuko da, eskariaren arabera.

    5. Eskola-bitartekotza sustatuko da, eta horixe izango da eskola-gatazkak ebazteko lehentasunezko era.

    6. Eskolen eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen arteko jarduera koordinatuak bultzatuko dira, eskoletan atzemandako gizarte-arazo gero eta handiagoentzat erantzun integral bat sortzeko, familia-unitatea izaten baita jarduera horien hartzailea.

    7. Orientazio- eta aholkularitza-zerbitzu bat sustatuko da familientzat, hezkuntzaren eta garapen afektiboaren arloko arazoetarako eta beste gai batzuetan sor daitezkeen gatazketarako.

Euskal herri-administrazioek kultura-, kirol-, aisia- eta astialdi-arloetako ondasun eta zerbitzuetara iristeko bidea erraz dezaketen neurriak hartuko dituzte. Horretarako, helburu hauek lortzen saiatuko dira:

  1. Bermatzea familiek irispidea izango dutela Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-arloko ondasun eta bitartekoetara eta horietan parte hartuko dutela, berdintasunean.

  2. Familia guztiei kultura-arloan aukera berberak eskaintzea. Horretarako, baliabide gutxien duten familiak positiboki bereizi beharko dira, gizartera biltzeko moduan, eta berdin dio baliabide falta ekonomia-, gizarte- edo kultura-arlokoa edo norberaren baitakoa den.

  3. Komunikabideek familien intereseko informazioa zabaldu, familientzako argitalpenak egin eta telebista-programak diseina ditzaten sustatzea, horrela adingabeek pixkanaka kontzientzia har dezaten familia-mota guztiei zor zaien errespetuaz eta lege honen 3. artikuluan adierazi diren familia-politikaren balio inspiratzaileak errespetatzeaz.

  4. Familiei zuzenduriko ekitaldi kulturalak eta artistikoak antola daitezen sustatzea.

  5. Ikastetxeak oporretan direnerako, astialdi- eta aisia-jarduerak antola daitezen bultzatzea, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzeko zerbitzu gisa, familien beharren arabera.

  1. Oro har, euskal herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, behar diren neurriak hartuko dituzte gizarte-zerbitzuen arloko beren esku-hartzeetan familia-alderdia ere bermatzeko, hala egitea egoki denean.

  2. Bereziki, eta gizarte-zerbitzuei buruzko araudian une bakoitzean xedaturik dagoena ere betez, euskal herri-administrazioek familiei arreta eta laguntza emateko zerbitzuak garatuko dituzte, honako arlo hauetan:

    1. Familientzako orientazioa eta arreta psikosoziala.

    2. Familia-bitartekotza eta elkarguneak.

    3. Etxez etxeko laguntza.

    4. Beren kasa moldatzen ez direnak zaintzen dihardutenentzako laguntza (atseden emateko zerbitzuak).

    5. Larrialdietako aterpea eta babesa.

    6. Haurren babesa eta umeak familian hartzeko eta adoptatzeko laguntza.

    7. Arriskuan dauden familietan esku hartzeko programak.

    8. Gizarte-arriskuko egoerei aurrea hartzea, batez ere familietako indarkeria-egoerei.

Eusko Jaurlaritzak, gizarteratzearen arloko eskumenak dituen sailaren bitartez, gizartetik bazterturik dauden edo hala geratzeko arriskua duten familia guztiei behar bezala gizarteratzen laguntzeko hartu beharreko neurriak hartuko ditu, bai neurri ekonomikoak eta bai familia horiek gizartera eta lan-mundura biltzeko zerbitzuak antolatuz. Horretarako, esku hartzeko politika orokorrak erabiliko baditu ere, egoera edo esparru hauetan berariaz jardungo du:

  1. Familia-unitatearen premiak ezagutzeko diagnosiak egitea, familiaren esparruan esku hartzeko egitasmoak lantzeko.

  2. Enplegu-programetan eta gizartera eta lan-mundura biltzeko programetan, hauek lehenestea:

    1. Zuzeneko familia-zamarik baldin badute, oinarrizko errentaren titularrak.

    2. Guraso bakarreko familietako kideak.

    3. Egoera bereziki ahulean dauden familia ugarietako kideak.

  3. Gizartera eta lan-mundura biltzeko prozesuak eta seme-alaben zainketa uztartzeko zerbitzuak martxan jartzea, uztartzeko zailtasun bereziak daudenean.

  4. Neurri juridikoak eta ekonomikoak bultzatzea, gertakari batzuen ondorioz baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonen baldintzak hobetzeko. Gertakari horiek bi izango dira: batetik, alargun gelditzea, eta bestetik, hitzarmen judizialki onartuan edo ebazpen judizialean ezarritako pentsio osagarriak eta mantenu-pentsioak ez jasotzea. Bigarren hori gertatzeko egoerak hauek izan ohi dira: ezkontza-deuseztasuna, legezko ezkontza-banaketa, dibortzioa, izatezko bikotea hausturaz iraungitzea edo filiazio- edo mantenu-prozesua.

  5. Premia-egoeran dauden emakume haurdunei laguntzeko programak bultzatzea.

Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren trenbide-zerbitzuetan, baita foru- eta udal-administrazioen eskumenekoak diren garraio-linea erregularretan ere, tarifa arautuen eta prezio baimenduen erregimen berezi bat ezartzeko ahalegina egingo da, familia ugariei eta egoera bereziki ahulean dauden familiei laguntzeko.

  1. Eusko Jaurlaritzak sustatze-lana egingo du lurralde historikoetako organo eskudunek lege honetan aipatzen diren familia-moten aldeko zerga-neurriak har ditzaten zergei buruzko beren foru-araudian, batez ere adingabeko seme-alabak eta beren kasa moldatzen ez diren kideak dituzten familien alde.

    Ahalegina egingo da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan zehazturik datozen zerga-neurrietan familia ugarien egoera berariaz jasotzeko, beste familiek baino gastu handiagoa dutenez gero, eta egoera bereziki ahulean dauden familia-moten egoera ere berariaz jasotzeko, hala nola guraso bakarrekoena, etxean indarkeria jasan dutenena edo terrorismo-ekintzak jasan dituztenena.

    Era berean, ahalegina egingo da sozietate-zergan zehazturik datozen zerga-neurrietan onurak edo hobariak jaso daitezen, familien arretarako eta lana eta familia uztartzen laguntzeko zerbitzuetan enpresek benetan egindako gastuak direla-eta, hala nola enpresako jantoki eta haurtzaindegietan edo beren enplegatuen familientzako oporraldietarako eta astialdirako zerbitzuetan egindakoak.

    Eusko Jaurlaritzak, Zergak Koordinatzeko Organoaren bitartez, lurralde historikoek familiei laguntzeko zerga-neurri homogeneoak har ditzaten sustatuko du, Autonomia Erkidegoko herritarren arteko berdintasuna bermatzea helburu dutela.

    Zergetan baliabide ekonomiko gutxieneko familien alde egitearren, batez ere kuota-kenkariak aplika daitezke, zerga-oinarria murriztu beharrean.

  2. Eusko Jaurlaritzak, udal-eskumen diren zerga, tasa eta prezio publikoei dagokienez, horietan batez ere familia ugarien eta egoera bereziki ahulean dauden familien alde egin dadin sustatuko du Autonomia Erkidegoko udaletan.

Hona hemen sentsibilizazio-neurrien oinarrizko helburuak:

  1. Familia-politikaren esparruan taxutu diren laguntza eta zerbitzuen berri ematea, zuzen eta zabal, onuradun izan daitezkeenak haietara iritsi gabe gera ez daitezen jakinaren gainean ez zeudelako.

  2. Oro har gizarteari, eta bereziki gizarteko antolakunde eta eragileei, kontzientzia harraraztea familiak duen garrantziaz eta euskal herri-administrazioek garaturiko familia-politikaren oinarri diren balioez.

  3. Ekintza positiboak sustatzea, gizonek emakumeekin erantzukizunak parteka ditzaten, bai etxeko lanetan, baita seme-alabak zaintzeko eta hezteko lanetan ere.

  4. Norberaren bizitza, familia eta lana uztartu ahal izateko neurriak aplikatzeko lanean enpresak, eta bereziki enpresa-elkarteak eta sindikatuak, inplikatzea, kontzientzia harraraziz neurri horiek enpresara bertara eta oro har gizartera dakartzaten abantailez.

  5. Familiako errespetua, bizikidetza eta indarkeriarik eza gizartean zabaltzen saiatzea.

Aurreko artikuluan definituriko helburuak lortzeko, euskal herri-administrazioek sentsibilizazio-neurri hauek hartuko dituzte:

  1. Informazio-kanpainak, hain zuzen ere laguntza-neurrien onurak jaso ditzaketen familiek onura horiek benetan lortzeko nahikoa informazio badutela bermatzeko, batik bat.

  2. Sentsibilizazio-kanpainak, etxeko lanetan eta seme-alabak zaintzeko lanetan gizonek erantzukizunak emakumeekin partekatu beharraz.

  3. Publizitate-kanpainak, euskal familia-politikaren oinarri diren printzipio eta balioez informatu eta sentsibilizatzeko.

  4. Familiari eta familia-politikari buruzko gaietan espezializaturiko dokumentu-funtsak balia daitezen laguntzea, hala nola hemeroteka, arauak, monografiak eta aldizkako argitalpenak.

  5. Argitalpenak, Europar Batasuneko herrialderik aurreratuenetan familia-politika dela-eta indarrean dauden neurri garrantzitsuenen berri emateko.

  1. Eusko Jaurlaritzak honako eskumen hauen erantzukizuna dauka:

    1. Foru-aldundiekin eta udalekin koordinaturik, Euskal Autonomia Erkidegoko familia-politikaren eta familiarentzako gizarte-zerbitzuen plangintza orokorra egitea lehentasunak ezartzeko, lurraldeen arteko desorekak saihesteko eta gutxieneko babes-mailak bermatzeko.

    2. Familia-gaietan eskudun diren herri-administrazioen organoen eta itunpeko ekimen pribatuen jarduerak koordinatzea, arlo honetan politika homogeneoa egingo dela bermatzeko.

    3. Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzarako eskumenean sartzen diren programak, zentroak edo zerbitzuak sortzea, mantentzea eta kudeatzea.

    4. Familiaren arazoen kausak aztertu eta ikertzea, baita arazo horiek konpontzeko baliabideak ere, familia-arloan diharduten erakundeei eta entitateei aholkularitza eta informazioa emateko.

    5. Dagokion familiei laguntzeko erakundeen arteko plana onartzea, garatzea eta ebaluatzea.

  2. Familiari laguntzeko gaietan, Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenen esparruan, legegintza-ekimena baliatzeko eta erregelamenduak egiteko ahala du, baina, horretaz gainera, eginkizun hauek ere izango ditu:

    1. Beren ardurapean seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak, II. tituluko I. kapituluan zehaztuak, arautu eta kudeatzea.

    2. Norberaren bizitza, familia eta lana uztartu ahal izateko neurriak, II. tituluko II. kapituluan zehaztuak, arautu eta kudeatzea.

      II. tituluko V. kapituluko sentsibilizazio- eta sustapen-neurriak sustatzea.

      IV. tituluan arautzen den erakunde-antolaketa erregelamendu bidez garatzea.

    1. Lege honetan edo ordenamendu juridikoaren gainerako arauetan agintzen zaion beste edozein.

  1. Familiei laguntzeko ondoko neurriak aplikatzeko eskumena foru-aldundiek izango dute, bakoitzak bere lurralde historikoan:

    21. artikuluan gizarte-zerbitzuen arlorako jasota datozen neurriak, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan zehazturiko eginkizun-banaketaren arabera.

    22. artikuluan gizarteratze-arlorako jasota datozen neurriak, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan zehazturiko eginkizun-banaketaren arabera.

    1. Zerga-neurrien aplikazioa.

    2. Lege honetan edo ordenamendu juridikoaren gainerako arauetan agintzen zaion beste edozein.

  2. Era berean, foru-aIdundiek izango dute II. tituluko V. kapituluko sentsibilizazio- eta sustapen-neurriak sustatzeko eskumena.

Udalek neurri hauek aplikatzeko eskumena izango dute:

a) 21. artikuluan gizarte-zerbitzuen arlorako arauturik datozen neurriak, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan zehazturiko eginkizun-banaketaren arabera.

b) 22. artikuluan gizarteratze-arlorako arauturik datozen neurriak, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan zehazturiko eginkizun-banaketaren arabera.

  1. Lege honetan edo ordenamendu juridikoaren gainerako arauetan agintzen zaion beste edozein.

  1. Familiaren Euskal Kontseilua aholkuak emateko organo gisa eratzen da, Eusko Jaurlaritzan familia-gaietako eskumena duen sailari atxikia. Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak egongo dira bertan ordezkaturik, eta baita irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuak ere. Aipatutako hiru erakunde-mailen koordinazioa eta lankidetza antolatzeko organo moduan ezartzen da, eta herri-administrazioen eremutik kanpoko erakundeen eta pertsonen benetako parte-hartzea gauzatzeko organo moduan.

  2. Agindurik dituen eginkizunak hobeto betetzeko, Familiaren Euskal Kontseiluak nahi duen edozein pertsona eta entitate publiko nahiz pribaturi eska diezaioke parte hartzeko.

  3. Haren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea erregelamendu bidez zehaztuko dira.

  4. Familiaren Euskal Kontseiluaren barruan daude Familiaren Sail arteko Batzordea, Familiaren Erakunde arteko Batzordea eta Familiaren Batzorde Iraunkorra.

  1. Familiaren Sail arteko Batzordea eratzen da, Eusko Jaurlaritzako sailek familia-gaietan egindako jarduerak koordinatzeko organo gisa.

  2. Haren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea erregelamendu bidez zehaztuko dira.

  1. Familiaren Erakunde arteko Batzordea herri-administrazioek familia-gaietan lankidetzan aritzeko, koordinatzeko eta parte hartzeko organo nagusia da, eta helburu hau du: lege hau aplikatzetik eta Seme-Alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakundeen Plana aplikatzetik sorturiko jardueretan erakundeak koordinaturik egongo direla bermatzea.

  2. Haren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea erregelamendu bidez zehaztuko dira.

  1. Familiaren Batzorde Iraunkorra familiei babesa, arreta eta laguntza ematen diharduten gizarte-eragileek parte hartzeko berariazko foroa da.

  2. Haren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea erregelamendu bidez zehaztuko dira.

Familiaren Behatokia sortuko da, Eusko Jaurlaritzan familia-gaietan eskumena duen sailari atxikia. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden familien errealitatea, egoera eta arazoak etengabe aztertzea izango da haren egitekoa, eta, orobat, lege hau bete beharrez garatzen diren politikek zer-nolako eragina duten aztertzea.

Familiaren Behatokiak eginkizun hauek izango ditu:

  1. Azterketarako eta ikerketarako lan-ildo bat bultzatzea eta sustatzea. Lan-ildo horrek familiaren errealitate aldakorra eta familiek beren gain hartzen dituzten askotariko eginkizunak ondo, kuantitatiboki zein kualitatiboki, ezagutzeko modua bermatu behar du, bereziki seme-alaba adingabeak mantentzeko eta zaintzeko lanak eta beren kasa moldatzen ez diren pertsonei arreta emateko lanak ezagutzeko modua, betiere ardura berezia jarriz egoera bereziki ahulean dauden familietan.

  2. Etxeko indarkerian benetan zer-nolako egoerak dauden eta nola bilakatzen diren ezagutzea, hartara zerbitzu eta prestazioen eskaintza hobetzeko gomendio eta proposamenak egin ahal izateko. Hori guztia Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin lankidetzan egingo da, emakumeen kontrako indarkeria ikertzeko ahalmenak ditu eta.

  3. Gai honen inguruan Autonomia Erkidegoan, Estatuan, Europan eta nazioartean dagoen literatura zientifikoa biltzen duen dokumentu-funts espezializatu bat etengabe eguneratuta egongo dela bermatzea, baita arau-funts bat ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, beste autonomia-erkidego batzuetan, Estatuan eta Europar Batasunean indarrean dauden arauak eskura izateko.

  4. Dituen eginkizunak hobeto eta lasterrago betetzeko bereziki landu behar diren gaien inguruan dokumentu-azterlanak egitea, aurreko paragrafoan aipaturiko bibliografia- eta arau-funtsak erabiliz.

  5. Lege honetan eta dagokion familiei laguntzeko erakunde arteko planean jasotako neurrien benetako aplikazioaren eta gizartean izan duten eraginaren segimendua egitea.

  6. Familiari babesa, arreta eta laguntza emateko jarduerak direla-eta aholku eske datozkion herri-administrazioei aholkuak ematea.

  7. Txosten bidez, administrazio eskudunei ordenamendu juridikoa familien beharren araberakoa den adieraztea eta beste arau batzuk onartzeko edo lehengoak aldatzeko proposamena egitea.

  8. Legebiltzarrean informazioa ematea, gutxienez Jaurlaritzak erakunde arteko familia-planak aurkeztu baino lehen.

Gizarte-ekimena sustatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, diru-laguntzak emango dituzte, araututako baldintzak betetzen badituzte betiere, edo lankidetza-hitzarmenak izenpetuko dituzte irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuekin, honako arlo hauetan programak eta jarduerak aurrera eramateko:

  1. Familien bizi-kalitatea hobetzera zuzendurikoak, batez ere egoera bereziki ahulean daudenena.

  2. Norberaren bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzera zuzendurikoak.

  3. Seme-alabak hezteko eta zaintzeko lanetan bikotekide bien erantzukizun partekatua sustatzera zuzendurikoak.

  4. Beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko lanetan bikotekide bien erantzukizun partekatua sustatzera zuzendurikoak.

  5. Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunak norberarentzat eta gizarterako dakartzan abantailen berri ematera zuzendurikoak.

  6. Lan-munduko gizarte-eragileei norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko neurriak martxan jarri beharraz kontzientzia harraraztera zuzendurikoak.

  7. Familia-mota guztiak errespeta eta ezagut daitezen sustatzera zuzendurikoak.

  8. Familiek, gizartea egituratzeko eta belaunaldien artean elkartasuna sortzeko funtsezko erakunde gisa, gizarteari egiten dioten ekarpena azpimarratzera zuzendurikoak.

  9. Familiako era bateko eta besteko erantzukizunak kide guztiek beren gain har ditzaten sustatzera zuzendurikoak. Kide bakoitzak bere garapen-mailaren arabera hartuko ditu erantzukizun horiek.

  10. Indarkeria eta familia-gatazkak murriztera zuzendurikoak.

  11. Familia-mota berriei laguntzera zuzendurikoak.

Lehenengoa. Zuzeneko ekintza.

Lege honen 11, 12, 13, 15, 16 eta 17. artikuluetan arauturik dauden diru-laguntzak zuzeneko ekintzak izango dira Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.c.1 artikuluan jasotakoaren ondorioetarako.

Bigarrena. Familiaren Euskal Kontseilua arautzea.

Lege hau indarrean sartzen denetik, Eusko Jaurlaritzak urtebeteko epea izango du Familiaren Euskal Kontseiluren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea arautzeko.

Hirugarrena. Familiaren Behatokia.

Lege hau indarrean sartzen denetik, Eusko Jaurlaritzak sei hilabeteko epea izango du Familiaren Behatokia jarduten has dadin egin beharrekoak egiteko.

Familiaren Erakunde arteko Batzordea eta Familiaren Batzorde Iraunkor Sektoriala non atxikita egongo diren.

Lege hau indarrean sartzen denean, Familiaren Euskal Kontseiluan sartuko dira Familiaren Erakunde arteko Batzordea eta Familiaren Batzorde Iraunkor Sektoriala (aurrerantzean Familiaren Batzorde Iraunkorra), biak ere Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluari atxikiak gaur egun.

Lehenengoa. Ordezko araubidea.

Administrazio-prozeduraren inguruko gaietan, lege honetan aurreikusi gabe dagoen edozertan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluari ahalmena ematen zaio lege hau garatzeko erregelamendu-xedapenak emateko.

  2. Onartu eta hurrengo hamabi hilabeteen barruan garatuko da lege hau erregelamendu bidez. Epe horretan, gainera, legen honen 6. artikuluan aipatutako estandarizazio-sistema zehatza ezarriko da.

    Hirugarrena. Indarrean sartzea.

  1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogeita hamar egunera sartuko da indarrean lege hau.

  2. Era berean, Eusko Jaurlaritzak bata bestearen atzetik onartutako familiei laguntzeko erakunde arteko planen testuinguruan, aztertu ahal izango da ea komeni den adingabeko seme-alabengatik ematen diren zuzeneko diru-laguntzak periodifikatzea, 2020. urtean Europar Batasunaren mailan izateko, are kudeaketa-sistemari dagokionez ere.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 16a.

    Lehendakaria,

    JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (11)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.