Euskadi.eus
  • 2/2021 LEGEA, ekainaren 24koa, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

2/2021 LEGEA, ekainaren 24koa, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 128
  • Hurrenkera-zk.: 3721
  • Xedapen-zk.: 2
  • Xedapen-data: 2021/06/24
  • Argitaratze-data: 2021/06/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak, 2/2021 Legea, ekainaren 24koa, COVID-19aren Pandemia Kudeatzeko Neurriei buruzkoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

COVID-19ak osasun publikoko larrialdi estua eragin du gure herritarrentzat, gizartearentzat eta ekonomiarentzat, planeta osoan. Larrialdi horrek, bere izaeragatik, erronka handiak dakarzkie administrazio publikoei maila guztietan.

Hertsiki pandemiatzat hartzen den egoera horrek eskatzen du eraginkortasun eta koordinaziorik handieneko erantzunak ematea Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten erakunde-maila guztien ekintza publikoaren ikuspegitik, oso testuinguru konplexuari aurre eginez.

Maila guztietako administrazio publikoen arteko koordinazio estua, Labik ahalbidetzen duen esparruan; Osakidetzak eta Osasun Sailak egiten duten lana detekzioan, diagnostikoan, osasun-laguntzan eta egoera epidemiologikoaren zaintzan; gainerako sailen etengabeko zeregina prebentzioan eta osasun-jarraibideen betetze-mailaren kontrolean, hargatik eragotzi gabe beren sektore-erantzukizunak; edo gainerako administrazio publikoek egiten duten laguntza- eta akonpainamendu-lana ezinbesteko elementuak dira, eta abian daude, gure erakundeek daukaten botere betearazlearen adar anitzetatik.

Argi dago ezen, arlo juridiko hertsian, legea dela tresnarik eraginkorrena erakundeen, eragile publiko eta pribatuen eta herritarren jokabidea antolatzeko, gure autogobernuaren adierazpen gorena baita. Ikuspegi horretatik, osasun publikoaren krisi honi aurre egiteko neurrien lege bat edukitzea tresna praktikoa izango da, eragin eta erabilgarritasun handiak izango dituena hainbat alderditan.

Eusko Jaurlaritzak jardun du, bere estatutu-eskumenetan eta euskal erakundeek osasun arloan dituzten eskumenetan oinarrituta, babes zibilean, gizarte-laguntzan eta pandemiaren aurkako borrokan inplikatutako beste hainbat arlotan. Gainera, honako lege hauetan jasotzen den legezko gaikuntzaren babesean jardun du: 3/1986 Lege Organikoa, apirilaren 14koa, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzkoa; 14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, Osasunari buruzkoa, eta bereziki 26. artikulua; 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena; 33/2011 Lege Orokorra, urriaren 4koa, Osasun Publikoari buruzkoa, bereziki 33. artikulua; 1/2017 Legegintzako Dekretua, apirilaren 27koa, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duena, bereziki 8. artikulua; eta, baita ere, 926/2020 Errege Dekretua, urriaren 25ekoa, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duena.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorra da Eusko Legebiltzarra halako gaietan legeak egiteko gaitzen duen lehen arau integral arrunta. Berekin ekarri zuen konstituzionaltasun-blokearen funtsa jaistea bloke hori, Konstituzio Auzitegiak zioen bezala, Konstituzioak, autonomia-estatutuek eta lege organikoek osatzen zuten, eta, ordenamendu konstituzionalera ekarrita, botere politikoaren lurralde-banaketaren arabera artikulatzea. Estatuaren mailan utzi zen izendatzaile komuna deritzonaren koordinazioa eta oinarrizko dimentsioa, eta bide eman zen legegile autonomikoak gauzatu zezan, legegintza-garapena eta betearazpena egikarituz, zegokion osasun-politika publikoa. Hori guztia, besteak beste, pertsonen osasunerako arrisku larria edo berehalakoa sor lezaketen egoerei erantzun ahal izateko.

Egungo egoeran egiten diren esku-hartze publikoen kalitatea eta irismena, zalantzarik gabe, Alarma, Salbuespen eta Setio Egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoak ezarri zuen ezohiko esparru juridikoaren barruan ere diseinatu behar dira, eta lege horrek egun indarrean duen gauzatzearen baitan. Lege horrek jada aurreikusi zuen alarma-egoera deklaratzeko dekretuak mugak ezartzea pertsonak edo ibilgailuak ordu eta toki jakin batzuetan zirkulatzeko edo bertan egoteko, bai eta baldintza jakin batzuen pean jartzea ere, bai eta nahitaezko prestazio pertsonalak ezartzeko aukera ere. Alderdi horiek, gaur egun, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak gaitutako esparruan daude zehaztuta. Kontuan izan behar da alarma-egoeraren erregulazio hori, zehaztapenak har baititzake, horrek berekin dakarren izozte-efektuarekin, eta autonomia-erkidegoetako presidenteen alde egiten den agintaritza eskuordetuak bat etorri beharko baitu testuinguru horrekin, zalantzarik gabe.

Baina orobat kontuan hartu behar da alarma-egoeraren erregulazioak, eta, hala balitz, hura deklaratzeak eskain diezazkigukeen erregulazioa eta babesa zati bat baino ez direla, nahiz garrantzitsua, pandemiari aurre egiteak eskatzen dituen irtenbide juridikoen eta orotarikoen, partikularren edo kolektiboen artean. Izan ere, bai pandemiak planteatzen dituen arazoak, bai botere publiko autonomikoek esku hartzeko duten premia, haratago doaz, eta gainditu egiten dute alarma-egoeraren esparrua, bai denboraren ikuspegitik, bai ikuspegi materialetik ere, eta premia horien araberako lege-erregulazioa eskatzen du.

Azkenik, argi dago Eusko Legebiltzarraren esku-hartze berri betek koordinatua behar duela euskal ordenamendu autonomikoaren goiburuko erregulazioarekin, hau da, ekainaren 26ko Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legearekin. Gaurkotasun osoa duen panel programatikoa, zeinari buruz esan baikenezake osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak eskainitako espazioaren egiturazko adierazpen onenetako bat dela. Lege horrek administrazio publiko guztiak gaitu zituen beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko gaur egun, tamalez, bizi ditugun kutsakortasun-arriskuen aurka borrokatze aldera.

Lege honen asmoa da COVID-19ak eragindako pandemiaren egungo inguruabar zehatzetara egokitutako erantzuna ematea, gure eskumenen esparruan, eta urgentziazko, berehalako beharrizanei erantzuten die; hori dela eta, ez du asmorik pandemiaren esperientzia biziak eta hartatik atera behar ditugun ikasgai ugariek bultzatuta egin behar liratekeen lege-aldaketak agortzeko.

Aurrekoak ez du eragozten indarraldia baldintzatuta geratzea aldi batera, edo adierazle epidemiologiko objektibagarri eta jada zehaztu batzuetara, halako moldez non ezartzen dituen arauak soilik aktibatuko baitira aldez aurretik ezarritako atalase jakin batzuk gainditu ondoren.

Lege hau egituratzen da sei titulutan, eta jasotzen dituzte, hurrenez hurren, xedapen orokorrak, osasun-larrialdiko egoeraren erregulazioa, babes-erakunde eta -sistema publikoen antolamendua, osasun-larrialdia kudeatzeko osasun-informazioko sistema integrala, bost alerta-mailetako bakoitzerako neurri orokorrak eta espezifikoak, eta zehapen-araubidea. Era berean, hiru xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat jasotzen ditu.

Lehenengo tituluan xedapen orokorrak eta erkideak ezartzen dira. Esparru horretan arautzen dira legearen xedea, indarraldia eta lurralde-eremua.

Bigarren tituluak arautzen du osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioa, zuhurtasun-printzipioa eta laguntzeko betebeharra, eta alerta-mailen eta -agertokien ezarpena.

Hirugarren tituluak arautzen du babes-erakunde eta -sistema publikoen antolamendua, eta zehazten ditu lurralde-alerta maila bakoitzari eta aplikatu beharreko neurri espezifikoak eta administrazio eskudunak, interesdunei zuzenean entzuteko esparru bat eta herritarren parte-hartzerako eta Eusko Legebiltzarrari informazioa emateko foroak ezarriz, bai eta osasun-larrialdiarekin lotutako baliabideen eta alarma-egoeraren deklarazioarekin lotutako prestazio pertsonalen zehaztea, mobilizatzea eta kudeatzea ere.

Laugarren tituluak arautzen du osasun-larrialdia kudeatzeko osasun-informazioko sistema integrala, osasun-informaziorako ahalmena zehaztuta eta proba diagnostikoak eta txertaketak, ausazko testak, baheketak eta kutsatzeen eta kontaktuen arakatzeak egiteko zehaztapenak ezarrita, bai eta berariazko bermeak ere aplikazio informatikoei eta datu pertsonalen tratamendu instrumentalari dagokienez. Azkenik, ikuskapen- eta kontrol-araubideei buruzko berezitasun zehatzak ezartzen dira.

Bosgarren tituluak ezartzen ditu alerta-maila bakoitzerako neurri orokorrak eta espezifikoak, eta sei kapitulu ditu. Lehenengoan neurri orokorrak eta prebentzio-neurri orokorrak arautzen dira, eta hurrengoetan, berriz, lege honetan jasotako bost alerta-mailak. Jakina, alerta-maila bakoitza osatzen duten neurriak gero eta zorrotzagoak dira, 1. mailatik 5.era.

Seigarren tituluak arautzen du lege honen ekarpen garrantzitsu bat, soilik maila honetako arauen irismenekoa; hain zuzen ere, koherentziaz ordenatzea aldi berean pilatzen diren zehapen-araubide posible guztiak, bermatzeko betetzen direla hartutako neurriak, bai alarma-egoeraren salbuespenezko araubidearen barrukoak, bai legeria arruntekoak. Izan ere, ez dira arau-hausteen kategoria bakoitzari aplika dakiokeen zehapen-eskema homogeneo batekoak, ez eta pandemiak ezarritako behar eta betebehar pertsonal edo kolektiboetara espezifikoki egokitutako zehapen edo tipo sorta batekoak ere, eta, ezinbestekoak izan arren neurrien eraginkortasuna bermatzeko, desiragarria ez den ziurgabetasun juridiko kaltegarria sor diezaiekete herritarrei.

Lege honen xedea da euskal administrazio publikoen eskumeneko tresna juridikoak eta jarduketak arautzea, osasun publikoa prebenitzeko eta zaintzeko, pertsonen segurtasuna bermatzeko eta euskal osasun-sistemaren ahalmenei eusteko, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-larrialdiko egoeran. Horretarako, lege-mailako arauak behar dituzten erantzun-neurriak hartzea gaituko da, honako gai hauei dagokienez:

  1. Osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioa eta alerta-mailak ezartzea, bai eta, egoki bada, alarma-egoerari dagozkionak ere, COVID-19aren pandemiarekin lotuta.

  2. COVID-19aren pandemia kontrolatzeko araubide juridikoaren erregulazio zehatza, eta maila horien arabera har daitezkeen hainbat neurri, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak ezarritako esparruan.

  3. Indarrean dauden legeetatik eratorritako egoerak egokitzea, erakunde eta zerbitzu publikoen erresilientzia hobetzeko COVID-19aren pandemian zehar eta haren kudeaketan ikasitakoaren ondorioz.

  1. Lege honetan COVID-19aren pandemiari eusteko neurriak jasotzen dituzten artikuluak indarrean egongo dira legearen 4. artikuluan jasotako osasun-larrialdiaren deklarazioa indarrean dagoen bitartean.

  2. Oinarrizko eskubideak modu orokorrean murrizten dituzten lege honetako artikuluak indarrean izango dira alarma-egoeraren deklarazioa indarrean dagoen bitartean.

  1. Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan aplikatuko da.

  2. Lege honen ondorioetarako, osasun-larrialdiko araubidea eta COVID-19aren pandemiari eusteko neurri zehatzak aplikatzeko, lurralde-eremu edo mugape desberdinak hartu ahal izango dira kontuan, eta lurralde-eremu edo mugape horiek, era berean, honako maila hauetako edozeinetan zehaztu ahal izango dira:

    1. Landa-barruti edo -auzoak,

    2. Udalerriak,

    3. Oinarrizko osasun-eremuak,

    4. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoaren erakunde sanitario integratuen osasun-eremuak edo lurralde-eremua edo eremu geografikoa,

    5. Kuadrillak, eskualdeak edo lurralde historikoak.

  3. Beheragoko lurralde-mailek alerta-maila handiagoa izan dezakete kokatuta dauden lurraldean indarrean dagoena baino, inguruabar epidemiologikoek hala eskatzen dutenean. Aitzitik, goragoko lurralde-maila batean alerta-maila jakin bat aktibatzeak berekin ekarriko du aktibatutakoa baino alerta-maila txikiagoa duten beheragoko lurralde-maila guztien alerta-maila automatikoki igotzea eta parekatzea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoa edo haren zati bat, COVID-19aren pandemiari lotutako arrazoiengatik, alarma-egoeran dagoen bitartean, legeria organikoak aurreikusitako erregimenaren arabera, edo Euskal Autonomia Erkidegoan titulu honetan zerrendatutako alerta-mailetan baxuena (1. maila) ezartzeko adierazle epidemiologikoak mantentzen diren bitartean, indarrean egon ahal izango da larrialdi-egoera.

  2. Osasun-larrialdiko egoerak irauten duen bitartean, lehendakariak, hargatik eragotzi gabe, kasua bada, alarma-egoera deklaratzearen ondorioz agintari eskuordetu gisa dagozkion ahalmenak, bere gain hartuko ditu, halaber, lege honetan jasotzen diren larrialdiko jardueren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa, bai eta COVID-19a hedatzearen ondoriozko osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean Labi-Euskadiko Babes Zibileko Planean aurreikusitako jarduerak ere.

COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-larrialdiko egoerak irauten duen bitartean, herritar guztiek zuhurtasun-printzipioari jarraituz egin beharko dituzte beren jarduerak, edozein motatakoak direlarik ere, ez daitezen sortu, norberarentzat edo besteentzat, beharrezkoak ez diren arriskuak, eta ez dadin zabaldu pandemia eragiten duen birusa.

Osasun publikoko araudi orokorraren arabera, herritar guztiek dute osasun publikoko jarduketen garapena errazteko betebeharra, bai eta jarduketa horiek gauzatzea zailtzen, eragozten edo faltsutzen duten jokabideak ez egitekoa ere.

  1. Lege honetan aurreikusitako baldintzetan, COVID-19aren pandemiari eusteko hainbat neurri hartzeko, honako agertoki eta alerta-maila hauek ezartzen dira:

    1. agertokia. Beheranzko egonkortze-joera 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasetan, 100.000 biztanleko kasu 1 baino gehiago eta 300 baino gutxiago.

  1. agertokian egoera hauek bereiz daitezke:

  1. maila. Transmisio baxua: 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa gehienez 60 kasukoa 100.000 biztanleko.

  2. maila. Transmisio ertaina: 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasak 60 kasutik gora eta 150 kasu bitartekoak 100.000 biztanleko.

  3. maila. Transmisio tentsionatu egonkortua: 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasak 100.000 biztanleko 150 kasutik gora eta 300 kasu bitartekoak, beherantz egonkortuak.

    2. agertokia. Transmisio tentsionatuko egoera, goranzko joera duena edo beheranzko joera egonkortua duena, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak 300 kasutik gora eta 400 kasu bitartekoak 100.000 biztanleko.

  1. agertokian, egoera hauek bereiz daitezke:

  2. maila. Goranzko transmisio tentsionatua: 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak 100.000 biztanleko 150 kasutik gora eta 300 kasu bitartekoak, goranzko joera dutela.

  3. maila. Transmisio altua: 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak 300 kasutik gora eta 500 kasu bitartekoak 100.000 biztanleko.

    3. agertokia. Oso transmisio altuko egoera, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak 500 kasutik gora 100.000 biztanleko.

  1. agertokian, egoera hau bakarrik gerta daiteke:

  1. maila. Transmisio oso altua: 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak 500 kasutik gora 100.000 biztanleko.

  1. Egoera epidemiologikoaren arabera zehaztuko dira 3.2 artikuluan aipatzen den lurralde-mugape bakoitzaren agertokia eta alerta-maila; egoera hori astero objektibatuko da Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko titularraren aginduz, aipatu adierazle epidemiologikoen arabera.

  2. Artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, intzidentzia-tasa metatutzat hartuko da maila zehaztu aurreko 14 egunetan baieztatutako kasuen kopurua.

  3. Gorago adierazitako agertoki edo mailei kalterik egin gabe, maila bakoitzaren barruan neurri osagarriak edo espezifikoak hartu ahal izango dira, honako adierazle epidemiologiko osagarri hauen arabera:

    Goranzko, beheranzko edo egonkortzeko joera: joera egonkortzekoa, jaistekoa edo goranzkoa dela joko da asteko kurbaren balorazioa kontuan hartuta, dagokion zentzuan.

    Oinarrizko erreprodukzio-indizea (R0) denbora-tarte jakin batean gaixotasunak duen kutsakortasuna adierazten du.

    Tasen arrazoiak aurrekoa osatzen du joeraren neurri gisa, denbora-tarte bat aurrekoarekin alderatuta.

    Asistentzia-presioa eta zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) dauden oheen okupazio-ehunekoa: deskribatzen dute egoerak zer-nolako larritasunez eragiten dion asistentziari. Zainketa intentsiboetako unitateen Kontingentzia Planaren arabera aztertzen dira, eta 100.000 biztanleko ospitaleratzeen kopuruarekin osatuko dira.

    Adin-tartekako eragina adinaren araberako eraginaren azterketa da, arreta berezia jarrita 65 urtetik gorakoengan.

    Kasuen trazabilitateak, azkenik, diagnostikatutako kasuen kontaktu estuak identifikatuz detektatutako positiboen ehunekoa adierazten du.

  1. Lege honen aginduz eta oro har maila bakoitzean aplika daitezkeen neurrien kalterik gabe, alerta-mailaren arabera lurralde-maila bakoitzean aplika daitezkeen berariazko neurriak lehendakariaren dekretu bidez zehaztuko dira zuzenean, 4. artikuluan aurreikusi bezala larrialdiko jardueren zuzendaritza bakarraren eta koordinazioaren arduraduna den aldetik.

  2. Lege honetan aurreikusitakoaren arabera, lurralde-maila jakin batean aplika daitezkeen berariazko neurrien proposamenak lehendakariari helaraziko dizkiote Eusko Jaurlaritzaren sailetako titularrek edo Aholku Batzordean edo Labi-Euskadiko Babes Zibileko Planean eta COVID-19aren pandemia kudeatzeko lege honetan aurreikusitako laguntza teknikoko taldean ordezkatutako adituek eta agintariek.

  3. Alerta-maila zein lurralde-mailatan edo mugapetan deklaratu behar den eta kasuan kasuko neurrien araubidea honako faktore hauen arabera zehaztuko da:

    1. Ebaluatu beharreko lurralde-eremuaren tamaina eta ezaugarri geografikoak.

    2. Detektatutako edo susmatutako COVID-19 kasuen kontzentrazioa.

    3. Osasun-baliabide eta -zerbitzuen irisgarritasuna.

    4. Dagokion lurralde-mailan kokatutako pertsonak eta enpresa eta produkzio-zentroetako hornidura-kateak hornitzeko beharrezkoak diren produktu eta zerbitzuen irisgarritasuna.

    5. Esposiziopean egon daitekeen biztanleriaren ezaugarriak eta kalteberatasuna.

    6. Prebentzio- eta kontrol-neurriak hartzeko aukera.

  4. Administrazio publiko eskudunak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiru erakunde-mailei dagozkienak, zeinek lege hau errespetatzera lotzen baitituzte bai beren zuzeneko administrazio publikoak bai haiei dagozkien sektore publikoak ere, hargatik eragotzi gabe zuzenean eskudun diren sektore espezifikoetan dituzten garatze- eta aplikazio-eskumenak.

Erregelamendu bidez, herritarrek parte hartzeko foroak sortu ahal izango dira, edo premiazko informazio-mekanismoak antolatu, lege honek arautzen dituen jarduketen barruan neurri espezifiko jakin batzuk hartu aurretik entzunaldiak egin ahal izateko.

Nolanahi ere, lege honek jasotzen dituen neurri orokorren eta espezifikoen urgentziaren eta berehalakotasunaren esparruan, eta neurriok hartzeko betekizuntzat jo gabe, neurriak hartzeko unean eta arrazoiz posible den heinean emango zaie bidea pertsona edo kolektibo interesdunen zuzeneko entzunaldiari, bai eta kolektibo formalek eta informalek eskatutako informazio-harremanei ere, kontuan hartuta krisi-egoeretan taldeak eratzen direla, egoeraren ondorioz sortutako arazo eta premien inguruan.

Erregelamendu bidez zehaztuko dira, halaber, honako hauek:

  1. Baliabide publikoek eta identifikatzen diren baliabide pribatuek osasun publikoaren krisiari aurre egiteko izango duten lotura-araubidea, kudeaketa-arau apartekoak eta bereiziak garatzea ahalbidetuko duena.

  2. Pandemiari eusteko eta hura tratatzeko beharrezkoak diren hornidurak eta inbertsioak bermatzea, hala nola babes-betaurrekoak, maskarak, eskularruak, monoak eta mantal kirurgikoak eta sendagaiak.

  3. Titulartasun pribatuko ospitaleak eta osasun-sistema publikotik kanpoko beste osasun-baliabide batzuk, pandemiaren aurkako borrokari lotzen zaizkionak, sistema publikoak erantzun nahikorik eman ezin duen salbuespenezko kasuetarako, bermatuta, betiere, ez dela lehenetsiko onura ekonomiko pribatua eta ez duela berekin ekarriko sistema publikorako baliabideak mugatzea.

  4. Hotelak jartzea etxebizitza alternatiboa behar duten pertsonentzat, edo bizigarritasun-baldintzarik gabeko etxebizitzak dituztenentzat, edo baldintza prekarioetan edo pilatuta bizi diren pertsonentzat, berrogeialdia egin ahal izan dezaten.

  1. Bat etorriz Alarma, Salbuespen eta Setio Egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoaren 11. artikuluko b) apartatuan xedatutakoarekin, bai eta indarreko alarma-egoeraren deklarazioak xedatzen duenarekin ere, eskuordetutako agintari eskudunek beren osasun-sisteman eta sistema soziosanitarioan ezinbestekoak diren nahitaezko prestazio pertsonalak egitea ezarri ahal izango dute beren lurralde-eremuan, lege hau onestea eragin duen osasun-larrialdiko egoerari erantzuteko.

  2. Alarma-egoeratik kanpo, salbuespenezko nahitaezko prestazio pertsonalen eskakizuna lotuko zaie osasunaren eta babes zibilaren arloko legeria arruntaren aurreikuspenei.

Hamabost egunean behin, Eusko Jaurlaritzak agerraldia egingo du dagokion batzorde parlamentarioaren aurrean, pandemiaren aurkako borrokaren egoeraren berri emateko, bai eta lege honetan aurreikusitako edo lege honen gaikuntzari esker onartutako neurrien aplikazioaren berri ere. Orobat informatuko du neurri horiek gizarte-harremanetan duten eraginaz, eta eragin hori konpentsatzeko estrategiaz.

Agerraldi hori Osasun Saileko titularraren ohiko agerraldiarekin txandakatuko da, informazioa asteroko kadentziarekin helaraz dadin Legebiltzarrera, baina maiztasuna areagotu daiteke egoeraren larritasunaren arabera.

Esparru horretan, talde parlamentarioei informazioa emango zaie pandemiaren egoerari buruz, hartutako edo hartu beharreko neurriei buruz, ikuskapen eta kontrolei buruz eta horien udal-exekuzio mailari buruz.

  1. Baieztatutako edo susmatutako COVID-19 kasuei buruzko dokumentazio klinikoa eta gaixotasun horrekin lotutako txertaketa-prozesuei buruzkoa berariaz gordeko dira, Informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legearen 17. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, eta bertan aipatzen diren arrazoi epidemiologikoak badaudela ulertzen den bitartean.

  2. Osasun Sailak bermatuko du osasun-langile profesionalek pandemiari dagokionez eta lege horren arabera duten betebeharraren jarraipen zehatza egiten dela, esku hartzen duten prozesu klinikoekin zerikusia duten protokoloak, erregistroak, txostenak, estatistikak eta gainerako dokumentazio asistentziala edo administratiboa betetzeari dagokionez, informazio epidemiologiko osatua ontzeko beharrezkoa bada.

  3. Osasun Sailak aldian-aldian ontzen duen informazio estatistiko eta agregatua, barne hartuta lege honen 7. eta 8. artikuluetan aipatzen diren adierazle guztiak, publizitate aktiboaren xede izango da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 5. eta 8.1.i artikuluetan eta hura ordezten edo garatzen duen legedian ezartzen diren baldintzetan, bai eta Informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Legearen 6. artikuluan ezartzen direnetan ere, eta legeria horretan aurreikusitako mekanismoen bidez kontrolatuko da.

  4. Erregelamendu bidez zehaztuko dira administrazio publikoen, osasun-zentro pribatuen eta inplikatuta egon daitezkeen gainerako eragileen arteko koordinazio-mekanismoak, informazio horren egiazkotasuna, egiaztagarritasuna, zehaztasuna, osotasuna eta etengabeko eguneratzea bermatzeko.

  1. Euskal osasun-sistematik kanpo proba diagnostikoak egitea edo erostea planteatzen duen erakunde, antolakunde edo enpresa publiko edo pribatu orok irizpide hauen arabera jardungo du:

    1. Jardunean dauden fakultatiboek egingo dute beti probaren indikazioa, eta une bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden jardute-prozeduretan edo Osasun Ministerioak argitaratutakoetan ezarrita dauden indikazio-irizpideen arabera egingo da.

    2. Diagnostiko-probak egiteko laborategiek, bai eta erabilitako teknika eta materialek ere, autonomia-erkidegoko edo Estatuko erakunde eskudunak baliozkotuta egon beharko dute.

    3. Entitateak, erakundeak edo enpresak behar diren bitartekoak izan behar ditu COVID-19 bidezko infekzio aktiboaren diagnostiko-prozesua osatzeko, indarrean dauden protokoloen arabera, eta konpromisoa hartu behar du beharrezkoak diren proba osagarriak egiteko.

    4. Entitateak, erakundeak edo enpresak diagnostikatutako pertsonen eta, hala badagokio, haien kontaktuen jarraipena egiteko behar diren baliabideak izan behar ditu.

    5. Entitateak, erakundeak edo enpresak diagnostikatutako kasuak Osasun Publikoko Zuzendaritzari jakinaraziko dizkio, ezartzen diren prozeduren bidez, nahitaez deklaratu beharreko gaixotasunei buruzko araudiaren arabera.

  2. Debekatuta dago biztanle-taldeei SARS-CoV-2aren proba diagnostikoak egitea, bizilekuaren edo beste irizpide mugatzaile batzuen arabera, osasun-agintarien aldez aurreko indikaziorik gabe.

  3. Lege honetan aurreikusitakoaren arabera proba diagnostikoak egin behar badira, Informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legearen 8. eta 9.2.a artikuluetan aurreikusitakoari jarraituko zaio. Eraginpeko pertsonak probak egiteko baimenik ematen ez badu, idatziz jasoko da, eta, horren ondorioz, ezin izango du proba egiteari lotuta dagoen lana edo jarduera egin, eta, hala badagokio, murrizketa edo betebehar pertsonalizatuak ezarri ahal izango dira, lege honetan aurreikusitako baldintzetan. Arau hori bera aplikatuko da txertaketa-eskakizunaren ondorioetarako.

  1. Agerraldi epidemikoa gertatzen bada, edo egoera epidemiologikoak hala gomendatzen badu, baheketak egingo dira infekzio aktiboa detektatzeko probekin (IADP), une bakoitzean indarrean dauden zaintza epidemiologikorako protokoloetan jasota daudenekin, Osasun Sailak eta Osakidetzak ezarritako zirkuituen arabera, eta lehentasuna emango zaie arrisku-populazioei eta esposiziopean egon daitezkeenei.

  2. Baheketa horiekin lotuta programatutako proba diagnostikoak egiteko adostasuna ukatzea aurreko artikuluan aurreikusitako moduan izapidetuko da eta artikulu horretan aurreikusitako ondorioak ekarriko ditu berekin.

  1. Bai osasun-agintarien aldetik kutsatzeak eta kontaktuak arakatzeko ardura jaso duten langileak (arakatzaileak), bai horiekin lan egin behar duten osasun-zentroetako administrazio- eta kudeaketa-langileak ere, gaituta daude funtzio horiekin lotutako historia klinikoko datuetara sartzeko, Informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legearen 16. artikuluan aipatzen diren helburu epidemiologikoak betetze aldera. Batzuk zein besteak manu horretan bertan aipatzen den sekretu-betebeharraren mende daude, bai eta lege honen 18.2 artikuluan berariaz aipatzen diren betebeharren mende ere.

  2. Arau orokorraren arabera, datuetara sartzeari dagokionez pazientearen identifikazio pertsonaleko datuak eta izaera kliniko-asistentzialekoak bereizita eduki behar dira; haatik, salbuespen gisa, COVID-19aren pazienteei edo haiekin harremana izan duten paziente eta langileei buruzko informazio kliniko asistentzialetik abiatuta arakatzaileek identifikazio-datuak eskuratu ahal izatea arrazoitutzat joko da, lege horren beraren terminoetan.

  3. Orobat izango dute zuzeneko sarbidea, arakatzen ari diren kasuetatik abiatuta, erabiltzaileen zerrendetara eta lege honetan aipatzen diren betebeharren inguruan bildutako harremanetarako datuetara, bai eta hurrengo artikuluan aipatzen diren aplikazio informatikoek bildutako informaziora ere.

  4. COVID-19ak kutsatutako pertsonak eta haiekin kontaktua izandakoak behartuta daude kutsatzeen arakatze eta trazabilitatean laguntzera, eta informazio garrantzitsu guztia eman behar dute kutsatzeak gertatu ahal izan ziren aldiari buruz. Alde horretatik, ematen duten informazioa lehenengo apartatuan aipatutako sekretu-betebehar beraren pean egongo da, birusaren hedapenari eusteko ezinbestekoa ez den guztian.

Euskal Autonomia Erkidegoko edozein administrazio publikotatik susta daitezkeen aplikazio informatikoak, pertsona fisikoen egoera epidemiologikoa edo haien kontaktuen historia arakatu, jarraitu edo egiaztatzekoak, honako hauek bermatzeko modukoak izan beharko dira:

  1. Aplikazioa, baldin eta euskal administrazioek sustatu badute hura egitea eta diseinatzea, kode irekiko software librearen eta lankidetza-plataformen bidez egina izatea, plataforma osoaren erabateko gardentasuna, auditagarritasuna eta elkarreragingarritasuna ahalbidetzeko, barne hartuta moduluak, liburutegiak edo funtzionamendurako garatzen den beste edozein kode. Aplikazioak edozein motatako erabiltzaileekin interakzioan aritzeko erabiltzen dituen datu-egiturek, APIek edo interfazeek estandar ireki eta elkarreragingarriak bete behar dituzte, eta une bakoitzean hedatuen dauden estandar irekiekiko integrazio-maila handienera jo behar dute beti. Aitzitik, beste norbaiten aplikazioak erabiltzen badira, beste administrazio publiko batzuek eginak, edo Administrazioak erabiltzen baditu administratuek edo paziente potentzialek beren borondatez erabili dituzten beste aplikazio batzuetako datuak, bermatu egin behar da euskal administrazioetatik egiten den erabilerak erabiltzaileen eskubideak eta intimitatea errespetatzen dituela, eta ez dituela gainditzen ondoren xedatzen diren mugak.

  2. Aplikazioak ezin izango ditu eskuratu bete beharreko eginkizunetarako beharrezkoak diren gutxieneko eta ezinbesteko datuak baino, eta ez du baimenik izango gailuak eman ditzakeen beste datu batzuk ere eskuratzeko, hala nola kokapenak edo antzeko beste batzuk.

  3. Aplikazioa elikatzeko erabiltzen diren COVID-19ari buruzko datu kliniko-asistentzialetatik edozeinen eta identifikazio-datuen arteko lotura soilik egongo da aplikazioaren bidez zuzenean eskuragarri erabiltzailearentzat berarentzat edo hertsiki aurreko artikuluaren arabera gaitutako langileentzat, edo, bestela, Informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legearen 16.3 artikuluaren azken paragrafoan ezarritakoaren arabera, bai eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 9.3 artikuluaren arabera, sekretu profesionalaren mende dauden osasun-profesionalentzat edo sekretu-betebehar baliokidea duen beste pertsona batentzat; azken kasu horretan, aldez aurretik arrazoitu beharko da Administrazioak informazioa eskuratzeko premia larria duela. Identifikazio-datuen edo datu kliniko-asistentzialen konfidentzialtasuna bermatu egin beharko da, zifratze, anonimizazio, seudonimizazio edo aplikaziotik bertatik ezar daitezkeen bestelako tekniken bidez.

  4. Pertsona berberek eta baldintza berberetan baino ezin izango dute eskuratu identifikazio-datuak eta berriki izandako kontaktuen datuak bateratzeko aukera.

  5. Aurreko datuen komunikazio automatikoa soilik egingo du aplikazioak berak, eta soilik aplikazio hori edo antzeko beste bat duten eta berme-maila baliokidea duten beste gailu batzuei, edo Osasun Saileko datuak kudeatzeko zentroari, titulu honetan jasotako artikuluen arabera informazio epidemiologikoaren koordinazioa kudeatzen duenari, betiere modu seguruan.

  6. Aplikazioak beste bilaketa-metodo batzuk indartzeko balio duen mekanismoren bat aurreikusten badu, edo alderantziz, aplikazioak emandako informazioa automatikoki gurutzatu ahal izango da historia klinikoetatik, erabiltzaileen zerrendetatik eta, arakatzaileek lege honetan aurreikusitako baldintzetan bilduta, duela gutxiko kontaktuen datuetatik datorrenarekin, bakar-bakarrik gizakiak zuzenean esku hartu gabe jarduten duten algoritmoen bidez, edo artikulu honetan aurreikusitako gainerako baldintzak errespetatzen direla bermatzen duen beste moduren batean.

  7. Aplikazioak arrisku-maila, egoera epidemiologikoa edo erabiltzailearen hartutako immunitatea egiaztatzeko erabilera aurreikusiko balu, argi utzi beharko du lege honek ondorio horietarako eskatzen duen segurtasun-maila bera duen ziurtagiri edo proba mediko batean oinarritzen den horretarako.

  1. Titulu honen xede diren jarduketen ondoriozko datu pertsonalak Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) 9.2 artikuluaren g), h) eta i) letretan aipatutakoen artean daude, eta 46. kontuan hartuzkoaren arabera interpretatzen dira, egungo osasun-larrialdiaren egoera kontuan hartuta; beraz, osasun-agintaritzak edo osasun publikokoak babes zibileko sistemari jakinarazi ahal izango dizkio, eta, bereziki, Estatuko segurtasun-indar eta kidegoei eta udaltzaingoei, behar izanez gero bitarteko telematikoak erabiliz, etengabeko eguneratzea eta sarbidea bermatzeko moduan, konfinamendu-betebeharra kontrolatu ahal izan dezaten polizia-agintaritzak eta zerbitzu eskudunek, baita Hezkuntza Ikuskaritzak eta larrialdietako zerbitzu publikoek ere, zeregin hori agintzen zaienean.

  2. Artikulu honetan xedatutakoaren aplikazio orok Datuak Babesteko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritako berme juridikoak errespetatu beharko ditu, eta, bereziki, neurri horien aplikazioan esku hartzen duten agintariak eta enplegatu publikoak lotuta geratuko dira datu pertsonalak tratatzera, dagozkien erantzukizunen pean, datuak babesteko araudiaren arabera, eta, bereziki, DBEOren 5. artikuluan ezarritakoari hertsiki lotuta, eta, horien artean, datu pertsonalak zilegitasunez, leialtasunez, helburua mugatuz, zehaztasunez eta minimizatuz tratatzeari eta sekretua gordetzeari dagozkienei.

  1. Kasu bakoitzean eskumena duten Estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko ikuskapen-zerbitzuek, udaltzaingoek eta Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoek, zeinek bere eskumenen esparruan eta beren araudi erregulatzailearen arabera, lege honetan jasotako neurriak betetzen direla zainduko dute.

    Lege honek aipatzen duen COVID-19aren pandemiaren testuinguruan, bermatu egingo da, bakoitzari dagokion jarduera-eremuan, hezkuntzako, lan-arloko, arlo soziosanitarioko eta espetxeetako ikuskaritzako zerbitzu publiko sektorialen harremana pandemiaren kudeaketa-organoekiko, horien prebentzio-lana eraginkorragoa izateko berme gisa.

  2. Bereziki, ikuskapen-zerbitzuek, bai eta udaltzaingoek eta Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoek ere, beren eskumenak baliatuz, edozein datu bildu ahal izango dute salbuespenezko desplazamendu onargarriak justifikatzen dituzten arrazoiak egiaztatzeko, lege honen arabera konfinamendua, isolamendua edo berrogeialdia egiteko betebehar pertsonala, kolektiboa edo perimetrala dagoenean.

  3. Lege honetan aurreikusitako neurri orokor eta espezifikoei kalterik egin gabe, osasunaren arloan eskumena duen saileko titularraren agindu bidez, eten ahal izango da, artikulu honetan aurreikusitako baldintzetan, edozein establezimenduren irekiera edo dena delako jarduera egitea, garatzen ari den baldintzengatik kutsatzeko arriskua ekar badezake.

  4. Ez da zehapentzat hartuko aldez aurreko nahitaezko baimen edo osasun-erregistrorik ez duten establezimendu, instalazio edo zerbitzuak ixtea, ez eta haien funtzionamendua etetea ere, akatsak konpondu arte edo osasun-, higiene- edo segurtasun-arrazoiengatik eskatutako baldintzak bete arte. Itxiera edo etete hori, ez badago akats edo betekizun horiek zuzentzearen baldintzapean bakarrik, kautelazko neurri edo zehapen osagarri gisa tratatu beharko da, lege honetan aurreikusitako baldintzetan.

  5. Ikuskapen-zerbitzuek, bai eta udaltzaingoek eta Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoek ere, beren eskumenak baliatuz, eta egoki iritzitako aktak edo salaketak egiteari kalterik egin gabe, beharrezko neurri bereziak eta kautelazkoak hartuko dituzte zuzentzeko, osasun publikorako arriskua dakartenean, lege honetan ezarritako arauak edo osasunari, babes publikoari eta larrialdiei buruzko araudi orokorrean edo alarma-egoeraren erregulazioan ezarritakoa nabarmen ez betetzea dakarten egoerak. Horrela hartutako kautelazko neurriak Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 32. artikuluan edo hori ordezten duen arauan ezarritakoarekin identifikatuko dira, berezitasun batekin: kautelazko neurria iraungitzat joko da baldin eta zehapen-prozedura ez bada 10 egun balioduneko epea igaro baino lehenago hasi, eta ez 4 egun igaro baino lehenago, artikulu horretako 4. apartatuan adierazten den bezala.

  1. Herritar guztiek behar diren neurriak hartu beharko dituzte COVID-19 gaixotasuna hedatzeko arriskuak sortzea saihesteko, bai eta norbera arrisku horien eraginpean egotea saihesteko ere. Zuhurtzia- eta babes-eginbehar hori edozein jardueraren titularrei ere eskatu ahal izango zaie. Era berean, osasun-agintariek COVID-19a prebenitzeko ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira.

  2. Osasun-larrialdiak irauten duen bitartean, oro har, pertsonen arteko gutxieneko distantzia 1,5 metrokoa izango da leku publikoetan, eta arreta berezia jarriko da esparru itxietan. Era berean, areagotu egingo da eskuen garbiketa soluzio hidroalkoholikoarekin edo ur eta xaboiarekin. Azkenik, zehazten da aireztapena, ahal dela naturala eta mantendua, konpromiso indibidualeko neurria izatea herritar guztientzat bizikidetzarako eta gizarte-harremanetarako toki guztietan, hargatik eragotzi gabe erabilera publikoko establezimendu eta lokal guztietan aplikatzea.

  3. Sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili beharko dute maskara, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere, bai bide publikoan eta aire zabaleko guneetan daudenean, bai erabilera publikoko gune itxietan edo jendearentzat irekita dauden eta espazio berean beste pertsona batzuekin batera egon ahal direnetan. Maskara behar bezala erabiltzeko, sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino, kokotsa barne, estali beharko da. Erabili behar diren maskara motak ez dira izango balbuladunak, maskara mota hori gomendatuta egon daitekeen erabilera profesionaletan izan ezik.

    Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, bakar-bakarrik janaria edo edaria hartzeko unean ez da maskara erabili beharko. Gainerakoan, maskara erabili beharko da.

    Era berean, lantokietan derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea, salbu eta, lan-tipologiaren edo lan-baldintza berezien arabera, lan-osasuneko zerbitzuek maskara ez erabiltzea gomendatzen badute.

    Edozein kirol-jardueratan derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea. Erabilera salbuetsita dago, soil-soilik, espazio naturaletan, oinezkorik gabeko hiri-ingurune periferikoetan, igerilekuetan, lehiaketa profesional edo erdi profesionalean murgildutako taldeen entrenamenduan, lehiaketetan eta kanpoko jarduera fisiko biziko ezohiko uneetan.

    Ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea hondartzetan eta igerilekuetan bainatzen den bitartean eta espazio jakin batean egon bitartean, baldin eta erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia errespetatu badaiteke. Hondartza eta igerilekuetako joan-etorri eta ibilaldietarako derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea.

    Sei urtetik gorakoek nahitaez erabili behar dituzte maskarak, bidaia hasten denetik amaitzen den arte, bidaiariak garraiatzeko adierazitako moduren bat erabiltzen dutenean, lege honetan aurreikusitako salbuespen-kasu legaletan izan ezik. Ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea garraio pribatuan, bidaiariak etxebizitza berean bizi badira. Garraio-profesionalak ere, baldin eta bere lan-eremua ez badago publikotik bereizita gelaxka batean edo babes-manpara batez mugatutako gela batean, maskara eraman beharko du zerbitzuan dagoen bitartean.

  4. Aurreko apartatuan jasotako maskara erabiltzeko betebeharra ez zaie eskatuko maskara erabiltzeagatik larriagotu daitekeen gaixotasunen bat edo arnasketa-zailtasunen bat duten pertsonei, ez eta desgaitasun- edo mendekotasun-egoeraren ondorioz maskara kentzeko autonomiarik ez dutenei edo maskara erabiltzea bideraezina egiten duten jokabide-alterazioak dituztenei ere. Kasu horietan, maskara erabiltzetik salbuetsita daudela egiaztatzeko eskatzen zaienean, egoera hori dokumentatu ahal izango dute, dagokionaren arabera, desgaitasun- edo mendekotasun-maila egiaztatzen duen agiriaren bidez, edo, bestela, horretarako mediku-ziurtagiriaren bidez.

  5. Aurreko bi apartatuetan aurreikusitako salbuespenekin batera, Osasun Sailaren baimenarekin, maskara erabiltzea salbuetsi ahal izango da sektore-jarduera espezifikoetarako, hala nola kultura-, eszena- edo kirol-jardueretarako. Kasu horietan, alternatiba gisa, aldez aurreko diagnosi-probak egin ahal izango dira, edo parte-hartzaileek eskuratutako immunitatea egiaztatu, aldez aurreko alta edo txertaketari buruzko mediku-ziurtagiri arrazoitu baten bidez, elkarren artean kutsatu ezin direla ziurtatzen duena.

  1. Oro har, ezartzen diren berariazko arau edo protokoloei kalterik egin gabe, higiene- eta prebentzio-neurri hauek aplikatuko zaizkie establezimendu, negozio-lokal, erabilera publikoko instalazio eta espazio eta jarduera publiko guztiei:

    1. Jarduera ekonomiko baten titular orok, edo, hala badagokio, zuzendariak edo zentroetako, instalazioetako, erabilera publikoko guneetako eta erakundeetako arduradunak ziurtatu beharko du establezimendu, lokal, instalazio edo espazioen ezaugarriei eta erabilera-intentsitateari egokitutako garbiketa- eta desinfekzio-neurriak hartzen direla. Hala badagokio, txartelaz edo gailuen arteko kontaktu fisikorik ez dakarten bestelako bitartekoen bidez ordaintzea sustatuko da, bai eta horretarako behar diren ekipoak garbitzea eta desinfektatzea ere.

    2. Ezingo da erre bide publikoan edo aire zabaleko guneetan, pertsonen artean ezin denean errespetatu gutxienez bi metroko distantzia. Muga hori tabakoa arnasteko beste edozein gailuren erabilerari ere aplikatuko zaio, hala nola zigarreta elektronikoak, vaper-ak, ur-pipak, katxinbak edo antzekoak.

    3. Erabilera publikoko establezimenduek eta lekuek etengabeko aireztapena bermatu beharko dute egunean zehar, bai eta lokalak irekitzeko eta ixteko uneetan ere. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airea birzirkulatzea saihestu. Aireztapen- eta girotze-sistemek indarrean dagoen araudiaren arabera eraikinetan eta lokaletan jarduteko eta mantentze-lanak egiteko gomendioak bete beharko dituzte.

  2. Eremu pertsonalean eta familia-eremuan aplikatzeko eman daitezkeen gomendioak alde batera utzi gabe, nahitaezko neurri higieniko-sanitarioak ezarri ahal izango dira familia-unitatea edo bizikidetza-unitate egonkorra gainditzen duten bilera sozialetarako. Lege honen ondorioetarako, bilera sozialtzat hartzen dira eremu pribatuan edo familia-eremuan egindako topaketak edo ospakizunak, hala nola lagunen topaketak, familia-ospakizunak, urtebetetzeak, bataioak, jaunartzeak, ezkontzak, hiletak eta antzeko beste batzuk.

  1. Biltzeko oinarrizko eskubidea egikaritzeari kalterik egin gabe, lege honen ondorioetarako ekitaldi jendetsutzat hartuko dira bertaratuen gehieneko parte-hartzea lege honetan jarduera bakoitzerako aurreikusitako gehieneko edukieraren parekoa edo handiagoa dutenak, eta, bereziki, besteak beste, ikuskizun, kirol-ekitaldi, erlijio- edo kultu-ekitaldi, hitzaldi, zezen-jaialdi edo feria eta azoka txikietarako aurreikusitakoarekiko.

  2. Aplikatu beharreko edukiera-araubideari kalterik egin gabe, ekitaldi jendetsuetan osasun-agintaritzak arrisku-ebaluazioa egin beharko du, eta osasun-arloan ardura duen saileko lurralde-zerbitzu eskudunak, egindako ebaluazioa ikusita, dagokion baimena eman beharko du hura egiteko. Baimen hori izan daiteke ekitaldi bakar batentzat edo behin baino gehiagotan errepikatutakoentzat, ezaugarri eta arrisku berekoak badira.

  3. Aurreko apartatuan aurreikusitako arrisku-ebaluaziorako, ekitaldiaren antolatzaileek egin eta aurkeztu beharko dute jarduketa-plan bat hura garatzeko aurreikusitako prebentzio- eta kontrol-neurriak jasoko dituena, eta zerbitzu eskudunak baloratuko du neurri horiek nahikoak diren edo jarduera horiek behar bezala garatzeko neurri gehigarriak hartu behar diren.

  4. Berariazko baimena behar izateko eskatzen den kopurua gainditu ez arren, lege honetan baimendutako gehieneko edukieraren erdia gainditzen badute ekitaldiek, Osasun Sailari aldez aurretik jakinarazi beharko zaio ekitaldia egitekoa dela, eta zer prebentzio- eta kontrol-neurri hartu diren adierazi beharko da. Zerbitzu horrek 48 orduko epea izango du neurri gehigarriak eskatzeko edo, arrazoituta, jarduera etetea erabakitzeko. Aurretiazko jakinarazpen hori beharrezkoa izango da, halaber, jende asko biltzen duten eta gehieneko edukiera zehaztuta ez duten jardueretarako.

  5. Ez dira ekitaldi jendetsutzat hartuko kultura- eta arte-lokalen eta -establezimenduen ohiko programazioan sartzen diren kultura-ekintzak, hala nola antzokiak, zinemak, musika-auditorioak, kultura-zentroak, kontzertu-aretoak, erakusketa-aretoak, hitzaldi-aretoak eta antzeko beste espazio batzuk, ohiko jarduera kulturala badute eta protokolo nahikoak badituzte kutsatzeko arriskua prebenituz beren jarduera garatzeko.

  1. Osasun-agintaritzak har ditzakeen ebazpenen arabera edo osasun-zerbitzuek COVID-19aren pandemiaren agerraldi epidemikoei eusteko garatutako jarduera materialen arabera, eraginpeko pertsonek konfinatzeko betebehar pertsonal hau izango dute:

    1. Isolatzeko betebeharra. Betebehar horren arabera, SARS-CoV-2 bidez kutsatutako edozein pertsona adierazten zaion lekuan egongo da, kasu bakoitzean ezarritako epean, eta ezin izango da lekualdatu edo beste pertsona batzuekin harremanetan jarri presentzialki.

    2. Berrogeialdiko betebeharra. Betebehar horren arabera, kutsatua izan dela susmatzen duen edozein pertsona edo pertsona-talde adierazten zaion lekuan egongo da, kasu bakoitzean ezarritako epean, eta ezin izango da lekualdatu edo beste pertsona batzuekin harremanetan jarri presentzialki.

  2. Konfinamenduaren iraupena kasu bakoitzeko egoera zehatzaren araberakoa izango da, agintaritzaren edo osasun-zerbitzuen jarraibideen arabera, Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluak adostutako protokoloen arabera.

  3. Konfinatzeko betebeharra, dagokion modalitatean, dagokion agintariak edo zerbitzuek materialki komunikatuko diete eraginpeko pertsonari edo pertsonei, ahoz edo bitarteko telematiko edo telefonikoen bidez, eta berehala izango ditu ondorioak. Pazientearen historia klinikoan jasoko dira betebeharra eta komunikazioa.

  4. Konfinatzeko betebeharra betearaziko da, lehentasunez, betebeharra duten pertsonen borondatezko lankidetza eskatuta. Konfinamendua betetzeari uko egiten diotenean, ebazpen espezifikoen bidez ezarri ahal izango da; ebazpen horiek banaka edo taldeka eman ahal izango dira, nolanahi ere hargatik eragotzi gabe baimen edo berrespen judizialaren araubideari lotzea, hala dagokionean.

  5. Konfinatzeko betebehar pertsonalak, edozein modalitatetan, ez du zerikusirik lurralde-konfinamendu perimetralen ondoriozko betebeharrekin.

  1. Bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 eta 10.8 artikuluetan ezarritakoarekin, eta manu horietan ezarritako kasuekin, osasun-agintariek, edo lege honetan aurreikusitakoaren arabera haiek eskuordetzen dituzten agintariek, beharrezko neurriak hartzen dituztenean lege honetan edo bertan aipatzen diren osasunaren, babes zibilaren eta larrialdien arloko edo alarma-egoeraren arloko beste lege batzuetan aurreikusitakoaren arabera, kasuan kasuko Administrazio eskudunaren zerbitzu juridikoaren bidez, neurrien berrespen judiziala eskatuko dute, neurri horiek oinarrizko eskubideei eragin diezaieketenean.

  2. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, osasun-agintaritzaren iritziz, COVID-19aren pandemiaren aurkako esku-hartzearen interes orokorrak behar bezala zaintzeak eta osasun-sistemaren asistentzia-ahalmena zaintzeak justifikatzen dutenean, erabaki ahal izango du hartutako neurriak berehala bete beharrekoak izatea, eta, administrazio-egintzen bidez zehazten badira, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ezarritako araubidearen mende jarriko ditu. Osasun-agintaritzak hartutako neurriak erregelamenduzkoak direnean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren jarriko dira indarrean, haietan ezarritakoaren arabera.

  3. Nolanahi ere, kontuan hartuta COVID-19aren pandemiaren egungo bilakaera eta pandemiari aurre egiteko neurriak pertsonen bizitza zaintzeko berehalakoan eraginkorrak izateko premia larria, COVID-19aren pandemiaren aurkako esku-hartzeak eskatzen dituen interes orokorren babes eraginkorra eta osasun-sistemaren asistentzia-ahalmenaren babesa bermatuta, ulertuko da, kontrako frogarik ezean eta betiere agintaritza judizialak erabaki ditzakeen kautelazko neurriei kalterik egin gabe, badaudela urgentziazko inguruabarrak osasun-agintaritzak erabakitzen dituen konfinamendu-neurrien berehalako eraginkortasuna justifikatzen dutenak, eta, ondorioz, baita neurri horien berrespen judizialaren araubidea aplikatzea ere.

  4. Organo eskudunek erabaki eta lege honen edo beste batzuen bidez, edo lege-mailako arau-xedapen baten aginduz aplikatu beharrekoak diren osasun-neurriek berariazko araubidea izango dute. Ez da beharrezkoa izango lege honen aginduz aurreikusitako alerta-maila bakoitzari aplikatu beharreko neurri orokorren berrespen judiziala.

  1. Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 54.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, COVID-19aren pandemiari eusteko neurriak hartzearen ondoriozko gastuak pertsona edo enpresa arduradunaren kontura izango dira.

  2. Lege honen ondorioetarako, lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak edo haren osasun-agintariek beren eskumenen esparruan edo eskuordetzan emandako aginduak eta debekuak betetzea betebehar juridikoa da, eta ez die, berez, ondare-erantzukizunik eragiten administrazio publikoei, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 32.1 artikuluaren arabera.

1. ALERTA MAILARI APLIKATU BEHARREKO NEURRIAK

Oro har, eta lege honen aginduz, honako neurri hauek aplikatuko dira automatikoki alerta-maila honetan:

  1. Gaueko mugikortasuna eta zirkulazioa:

    Pertsonen gaueko mugikortasuna edo zirkulazio-askatasuna murrizteko aldi baterako neurriak adostuko dira; neurri horiek, gutxienez, alarma-egoeraren deklarazioaren araubide juridikoan aurreikusitakoa errespetatu beharko dute. Beheranzko joerako edo egonkortasuneko egoeretan desaktibatzea baloratuko da.

    Era berean, maila honetan eta, hala badagokio, alarma-egoeraren deklarazioaren araubide juridikoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko mugikortasun-murrizketak aktibatzea edo indargabetzea baloratuko da.

  2. Edukiera-araubidea:

    Aurreikusitako neurriak kasu guztietan aplikatzeari kalterik egin gabe, mota guztietako establezimenduen eta jardueren edukiera araudi erregulatzailearen arabera aplikagarria denaren ehuneko 75ekoa izango da, salbu eta lege honetan edo lege honen arabera beste berariazko bat ezartzen bada. Edukiera ikusteko moduan jarriko da.

  3. Bilera sozialen araubidea:

    Bilera sozialetan ezin izango dira 35 pertsona baino gehiago egon espazio itxian egiten direnean, eta 75 baino gehiago aire zabalean egiten direnean. Bilera sozial horietan ezingo da doako barrarik egin, ez dantza-jarduerarik, ez eta urruntze soziala murriztearen eta gizarte-interakzioa areagotzearen ondorioz arriskua handitzen laguntzen duen beste ezer ere. Gune publiko edo pribatuetan taldean egon daitezkeen pertsonen kopurua mugatu ahal izango da, gehienez ere 10 pertsona arteko muga ezarrita, errespetatuz, hala badagokio, alarma-egoeraren deklarazioaren araubide juridikoan aurreikusitako gehieneko kopurua.

  4. Lantokiak:

    Laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia eta aplikatu beharreko gainerako lan-araudia betetzeaz gain, jarduera ekonomikoaren titularrak edo, hala badagokio, zentro eta erakundeetako zuzendaritzak honako hauek egin beharko ditu:

    Lantokien ezaugarriei eta erabilera-intentsitateari egokitutako aireztapen-, garbiketa- eta desinfekzio-neurriak hartzea, kasu bakoitzean ezartzen diren protokoloen arabera.

    Langileen eskura jartzea ura eta xaboia edo eragin biruzida duten gel hidroalkoholikoak edo desinfektatzaileak, Osasun Ministerioak eskuak garbitzeko baimendu eta erregistratutakoak, bai eta babes-baliabide egokiak ere.

    Lan-baldintzak egokitzea, lanpostuen eta txanden antolamendua barne, baita leku komunen erabilera ere, langileen artean gutxienez 1,5 metroko pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko moduan. Hori ezinezkoa denean, arrisku-mailara egokitutako babes-neurriak eman beharko zaizkie langileei.

    Lantokietan jende asko ez biltzeko neurriak hartzea, bai langileak, bai bezeroak, bai erabiltzaileak, jende gehien bertaratuko dela aurreikusten den ordu-tarteetan.

    Telelana sustatzeko neurriak hartzea, lan-jardueraren izaera dela-eta posible denean.

    COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonek, edo COVID-19 diagnostiko baten ondorioz etxean isolatuta daudenek, edo COVID-19a duen pertsona batekin kontaktu estua izateagatik etxean berrogeialdian daudenek ez dute lantokira joan beharko. Kasu bakoitzaren aukera espezifikoen arabera, eta Estatuko araudiarekin bat etorriz, etxetik telelana egin ahal izateko bitartekoak eta tresnak emango dira, betiere egoerak horretarako aukera ematen badu.

    Langile bat gaixotasunarekin bateragarriak diren sintomak izaten hasten bada, berehala jarriko da harremanetan bere osasun-zerbitzuarekin eta, hala badagokio, lan-arriskuen prebentzio-zerbitzuekin. Berehalakoan, ematen zaizkion gomendioak beteko ditu langileak, osasun-langile profesionalek bere egoera medikoa baloratu arte, horrek bere lan-eskubideei inolako kalterik ekarri gabe.

  5. Erabiltzaileen zerrendak, kutsatzeen trazabilitaterako:

    Osasun-agintariek jarduera edo negozio jakin batzuei harremanetan jartzeko informazioa biltzeko betebeharra ezarri ahal izango diete, eta enplegatuen, erabiltzaileen edo parte-hartzaileen aldizkako zerrendak gordetzekoa, jarduera edo negozio horiek egiteko baldintza gisa. Zerrenda horiek erregelamendu bidez zehazten den denboran gorde beharko dira, baina gutxienez lau astez, eta osasun-agintariei eman beharko zaizkie, kutsatzeen eta kontaktuen trazabilitatea egiteko eskatzen dutenean.

  6. Pertsonak arriskuguneetatik ebakuatzea edo urruntzea:

    Agerraldi zehatzak eta hertsiki lokalizatuak egonez gero, osasun-agintariek eremu, establezimendu edo instalazio jakin batzuk ebakuatzeko eta haien perimetroa ixteko agindu dezakete, bereziki kutsatuta egon badaitezke, harik eta behar bezala garbitu eta desinfektatu arte.

Aurreko artikuluan aurreikusitakoez gain, alerta-maila honetan honako neurri espezifiko hauek hartu ahal izango dira:

  1. Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduak:

    Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduen titularrek antolaketa-, prebentzio- eta higiene-neurriak hartuko dituzte, langileen eta pazienteen ongizatea ziurtatzeko. Era berean, bermatuko dute beharrezko babes-materialak eskuragarri daudela dagozkien kokalekuetan, erabilitako eremuak aireztatu, garbitu eta desinfektatzen direla, hondakinak ezabatzen direla eta ekipoak eta instalazioak behar bezala mantentzen direla.

  2. Gizarte-zerbitzuetako eta zerbitzu soziosanitarioetako zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak:

    Oinarri hartuta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzko uztailaren 30eko 126/2019 Dekretua, foru-aldundiak dira administrazio eskudunak zentroen funtzionamendu egokirako eta jarraibide zehatzak emateko erabiltzaile zein profesionalen osasuna bermatzeko, Osasun Sailarekin koordinatuta, eta haren eskumen-eremuari dagozkion neurrien kalterik gabe. Koordinazio hori hiru foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren artean adostutako oinarrien arabera egingo da, honako baldintza hauetan:

    1. Eutsi egingo zaie baterako ikuskapen jarraituko neurriei, gizarte-zerbitzu eta zerbitzu soziosanitario guztien titularrek instalazioak desinfektatzeko, prebenitzeko eta egokitzeko ezarritako arauak betetzen dituztela bermatzeko, halako moldez non zerbitzu horien ohiko jarduera eskatutako baldintzetan garatuko den, kutsatzeko arriskuak prebenitzeko helburuz.

    2. Bermatu egingo da osasun-sistemako eta gizarte-zerbitzuen euskal sistemako agintaritza eskudunen arteko koordinazioa:

      Egoitza-eremuan, desgaitasunen bat duten pertsonentzako, adinekoentzako, adingabeentzako, eta gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako egoitza-zentroetan, bai eta genero-indarkeriaren eta emakumeen aurkako beste indarkeria mota batzuen biktimentzako larrialdiko edo harrerako zentroetan eta tutoretzapeko etxebizitzetan.

      Egoitza-eremutik kanpo, familia-arloko esku-hartze eta bitartekotzako zerbitzuetan, gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan edo babesgabetasun-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonei zuzendutako eguneko zentroetan edo zerbitzuetan, bai eta desgaitasunen bat duten pertsonentzako eta adineko pertsonentzako eguneko zentroetan ere.

      Sistemen arteko koordinazioaren eremuan sartutako zerbitzu eta zentroek beren jarduerari eutsiko diote.

    3. Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentro sozialen eta soziosanitarioen titularrek COVID-19agatiko kontingentzia-plan eguneratuak izan behar dituzte, egoiliarren eta langileen eta haien kontaktuen artean kasuak garaiz identifikatzeko, dagokion osasun-zerbitzuaren egiturarekin koordinatzeko prozedurak aktibatuta, hala badagokio:

      Zentroetako titularrek behar diren antolaketa-, prebentzio- eta higiene-neurriak hartuko dituzte langile, erabiltzaile eta bisitariei dagokienez, kutsadura-arriskuak prebenitzeko.

      Apartatu honetan aipatzen den informazioa eskuragarri egongo da agintari eskudunek eskatzen dutenean.

    4. Indarrean dauden zaintza epidemiologikoko protokoloetan jasotako infekzio aktiboa detektatzeko probak (IADP) egingo zaizkie egoitza-zentro soziosanitarioetan (adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzetan) egoiliar sartu berri guztiei, gehienez ere 72 ordu lehenago.

  3. Irakaskuntza-guneak:

    Irakaskuntza arautuak ematen dituzten ikastetxe publiko zein pribatuen titularrek eta unibertsitateetakoek beharrezko neurriak hartuko dituzte beren instalazioak lege honetan ezarritakoaren arabera aireztatu, garbitu, desinfektatu, prebenitu eta egokitzeko. Nolanahi ere, pilaketak saihesteko beharrezkoak diren antolamendu-neurriak hartzen direla ziurtatu beharko da.

  4. Garraiobideak:

    Euskal Autonomia Erkidegoan erantzukizunak dituzten erakunde publikoen arteko beharrezko koordinazioaren esparruan, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:

    1. Lurreko garraioa:

      Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan osorik garatzen diren bidaiarien lurreko garraioetan (trenbidea eta errepidea), izan garraio horiek publiko erregularrak, eskatu ahalakoak zein garraio osagarri pribatuak, eta izan hiri-eremukoak, hiriartekoak eta autonomia-erkidegoen, foru-aldundien zein toki-erakundeen eskumeneko hiri-ingurukoak, ibilgailuak baimendutako gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eseritako plazei, bai zutikakoei dagokienez. Gidariak barne bederatzi eserleku bitarte dituzten ibilgailuekin egiten diren pertsonen garraio publiko, pribatu partikular eta pribatu osagarrietan, ibilgailuak dituen plazak adina pertsona joan ahal izango dira, gidariaren plazaren ondokoa barne. Unitaterako sarbidea tarteko edo atzeko ateetatik finkatuta duten bidaiarien errepideko garraioetan erabiltzaileei aurreko atetik sartzen uzteko modua berreskuratu ahal izango da. Manparak jartzea gomendagarritzat joko da, baldin eta ezinezkoa bada gidari-postua publiko orokorretik isolatzea. EAEko garraio publiko guztietan, bidaiek bi ordu baino gutxiago irauten badute, debekatuta dago jatea; ez, ordea, edatea.

    2. Kable bidezko garraioa:

      Kable bidezko garraioetan, funikularretan eta zerbitzu publikoko igogailuetan, bagoiak zein bidaiari-kabinak osorik okupatu ahal izango dira baimendutako edukiera guztia osatu arte, betiere nahitaez maskara erabiliz.

    3. Itsas garraioa:

      Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten diren bidaiarien itsas garraioko zerbitzuetan, beste autonomia-erkidego batzuetako puntu edo portuekin loturarik izan gabe, ontziak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eserita dauden plazei, bai zutikako plazei dagokienez.

    4. Garraioetan txartelak aldez aurretik saltzea:

      Bidaiarien lurreko garraioetan, kable bidezkoetan eta itsas garraioetan, erreserba edo eserlekua esleituta dutenean, txartelak aldez aurretik saltzeko kanalen bidez erostea sustatuko da. Ezinezkoa denean, beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartuko dira bidaiariek elkarren artean ezarritako tartea mantentzen dutela eta espaloiaren ohiko zirkulazioa oztopatu gabe modu ordenatuan jartzen direla ziurtatzeko. Horretarako, seinaleak eta eremu mugatuak jarriko dira, erabiltzaileak bertatik ordenan ibil daitezen garraiobidera sartu arte. Aurrez esleitutako eserleku-zenbakia duten probintziarteko lurreko garraioaren konpainia operadoreek informazioa bildu beharko dute bidaiari guztiekin harremanetan jartzeko, eta bidaiaren ondoren gutxienez lau astez gorde beharko dituzte bidaiari-zerrendak. Halaber, zerrenda horiek osasun-agintariei eman beharko dizkiete, kontaktuen trazabilitatea egiteko eskatzen zaizkienean.

    5. Erabiltzaileak eta edukieraren kontrola garraioetan:

      Lurreko, kable bidezko eta itsasoko garraiobide guztietarako, mugikortasun urriko pertsonentzako edo lehentasunez erabiltzeko legez esleituta dauden plazak bermatuko dira beti. Erabiltzaileek erraztuko dute pilaketarik ez egotea, garraio-unitateen sarrera- eta irteera-distantziak errespetatuz. Operadoreek izendatutako profesionalek ahalmena izango dute edukiera kontrolatzeko eta unitate bat noiz dagoen osaturik zehazteko, osasun- eta segurtasun-irizpideei jarraituz.

2. ALERTA MAILARI APLIKATU BEHARREKO NEURRIAK

  1. Oro har, eta lege honen aginduz, honako neurri hauek aplikatuko dira automatikoki alerta-maila honetan:

    1. Pertsona-taldeak:

      Gune publiko edo pribatuetan taldean egon daitezkeen pertsonen kopurua mugatu ahal izango da, gehienez ere sei pertsona arteko muga ezarrita, edo, hala badagokio, alarma-egoeraren deklarazioaren araubide juridikoan aurreikusitako gehieneko kopurura.

    2. Publikoari irekitako establezimendu eta instalazioetako edukieren araubide orokorra:

      Publikoari irekitako esparru eta establezimendu mota guztietan ehuneko 60ra murriztuko da baimendutako gehieneko edukiera.

    3. Gizarte-ekitaldi jendetsuen araubidea:

      Gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barruko eremuetan, eta 800 kanpokoetan.

    4. Erlijio- edo kultu-jarduera:

      Kultu-lekuetan pertsona kopuruak ezin izango du gainditu edukieraren ehuneko 50, eta, nolanahi ere, erabiltzaileen artean 1,5 metroko distantzia egon beharko da. Kulturako espazioan, ikusteko moduan argitaratu beharko da gehieneko edukiera.

      Hil-beilak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publiko zein pribatuetan, behar bezala gaituta badaude, eta, gehienez ere, 30 pertsona egon ahal izango dira aire zabaleko espazioetan, eta sei pertsona espazio itxietan, bizikideak izan edo ez. Bertaratuen kopurua txikiagoa bada, ezingo da gainditu baimendutako edukieraren ehuneko 50.

      Hildakoa ehorzteko edo erraustuta agurtzeko ahukuan parte hartzea, baldin eta espazio irekian egiten bada, gehienez 30 pertsonara mugatzen da, gehi, halakorik bada, dagokion konfesioko gurtzako ministroa edo haren pareko pertsona, hildakoa agurtzeko hileta-errituak egiteko. Leku itxian egiten bada, 10 pertsona izango dira gehienez, eta pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko zaio beti.

    5. Gizarte-zerbitzuetako eta zerbitzu soziosanitarioetako zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak:

      Infekzio aktiboa detektatzeko probak (IADP) egingo zaizkie desgaitasuna duten pertsonentzako eta adinekoentzako egoitza-zentro soziosanitarioetako langileei, egoiliarrekin harreman zuzena dutenei. Proba horiek egitetik salbuetsi ahal izango da soilik, Osasun Sailarekin bat etorriz, aldez aurreko altari edo txertaketari buruzko mediku-ziurtagiri arrazoitu baten bidez egiaztatzen bada langileak baduela immunitate hartua.

      Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentro sozialetan eta soziosanitarioetan, erabiltzaileen irteerak, lehentasunez, ibilbide terapeutikoak izango dira, egoitzaren inguruko gune irekietan eta senideek edo hurbilekoek lagunduta. Zentroak bisiten maiztasun eta aniztasun handiagoak baimendu ahal izango ditu, egoiliarraren egoera pertsonalaren, loturaren eta osasun-larrialdiko egoera deklaratu aurreko dinamikaren arabera. Zentroaren unean uneko egoera epidemiologikoa aintzat hartuta, bai eta zentroen edo zerbitzuen eragineko lurralde-eremuarena ere, erakunde eskudunek bisita horiek eten ahal izango dituzte, baita erabat ere, goranzko joerako egoeratan.

      Astean bi irteera egin ahal izango dira, gehienez ere, egoiliar bakoitzeko, egoera epidemiologikoak horretarako aukera ematen duen zentro guztietan. Irteera horietan, leku itxiak eta jendetsuak saihestuko dira beti. Irteerek gehienez ordubeteko iraupena izango dute, eta egoiliar bakoitzeko gehienez ere bi pertsonaren laguntzarekin (senideak edo hurbilekoak) egingo dira. Erakunde eskudunek irteera horiek eten ahal izango dituzte, zentroaren unean uneko egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, bai eta zentroen edo zerbitzuen eragineko lurralde-eremuarena ere.

      Eguneko zentroak kudeatzeko eskumena duten erakundeek zentro horiek dauden udalerriaren egoera epidemiologikora egokitutako neurri murriztaileak hartu ahal izango dituzte, edukierei, ordutegiei edo establezimendu horiek ixteari dagokienez.

  2. Halaber, alerta-maila honetan, 1. alerta-mailako neurri orokor eta espezifikoak ere aplikatuko dira, baldin eta artikulu honetan eta hurrengoan aurreikusitakoek ez badituzte ordezkatzen.

Aurreko artikuluan aurreikusitakoez gain, alerta-maila honetan honako neurri espezifiko hauek hartu ahal izango dira:

  1. Hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera:

    1. Hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera presentzial oro, araubide orokorreko nahiz bereziko irakaskuntzei dagokienez, etapa eta maila guztiak eta goi-mailako hezkuntza barne, bai eta bizitza osoan zehar kualifikazioak eskuratzea edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerei dagokienez ere, artikulu honetan jasotako arauak betez garatuko da, eta betiere 2020-2021 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan koronabirusaren (SARS-CoV-2) aurka jarduteko Hezkuntza Sailak egindako protokolo orokorrari edo hori ordezten duen araudiari jarraituz.

    2. Euskal unibertsitate-sistemak eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako unibertsitate-zentroek, duten autonomia aintzat hartuta, beren jarduera osoa arautzen duen protokoloa beteko dute.

    3. Era berean, ikerketaren eremuan jarduten duten zentro, laborategi eta ikerketari eta administrazioari laguntzeko zerbitzuek beren jarduera osoa arautzen duen protokoloa beteko dute.

    4. Euskaltegietan, akademietan, autoeskoletan eta prestakuntza ez-arautuko eskola eta zentro publiko zein pribatuetan egiten diren jarduerak aurrez aurre egin ahal izango dira, eta gehienez ere 25 pertsona bertaratu ahal izango dira.

  2. Merkataritza-jarduera:

    1. Jendearentzako merkataritza-ordutegiak:

      Merkataritza-establezimendu guztiek, erregaiak txikizka banatzeko zerbitzuguneek izan ezik, dagokien araudiaren arabera itxi beharko dute, eta, nolanahi ere, gaueko ordutegian pertsonen zirkulazioa mugatzen hasi baino ordubete lehenago gehienez. Farmaziek beren ordutegi-araubideari eutsiko diote.

    2. Azoka-esparruak:

      Euskal Autonomia Erkidegoko azoka-esparruek beren jarduera nagusiarekin lotutako azokak egin ahal izango dituzte, eta areto edo espazio bakoitzeko edukiera baimenduaren ehuneko 50eko edukiera izango dute gehienez ere. Bisitari, erakusle, antolatzaile, hornitzaile eta langileentzat higiene- eta osasun-berme handienak dituen ingurune segurua dutela ziurtatzeko ezinbesteko mekanismo guztiak izan beharko dituzte. Era berean, protokolo zorrotz bat eduki beharko dute honako hauei buruz: sarbideen kontrola, edukieren prebentziozko kudeaketa, pertsonen trafikoaren eta urruntze sozialaren kontrola eta monitorizazioa; instalazioen higienizazioa, kalitatea eta ingurumen-segurtasuna; agintari eta zerbitzu sanitarioekiko koordinazioa eta komunikazioa; eta kasu susmagarriekiko jarduerak eta horiei dagozkien laguntza-planak.

    3. Merkatuak eta azoka txikiak:

      Bide publikoan aire librean edo salmenta ez-sedentarioan jarduten duten azoka txikien kasuan, ohiko edo baimendutako postuen ehuneko 50era mugatu ahal izango da haien kopurua; ondoz ondoko postuen artean gutxienez 1,5 metroko tartea egon beharko da, eta bezeroen etorrera mugatuko da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko zaiola bermatzeko moduan.

    4. Beste merkataritza-lokal eta -instalazio batzuk:

      Gainerako merkataritza-lokal eta -instalazioetan, pertsonen zirkulazioa antolatzeak eta espazioak banatzeak ziurtatuko dute pertsonen arteko segurtasun-distantzia. Lehentasuna emango zaio 65 urtetik gorako bezeroei arreta emateari. Ahal den neurrian, ibilbideak ezarriko dira bezeroen eta erabiltzaileen zirkulazioa zuzentzeko eta eremu jakin batzuetan jende-pilaketak saihesteko, bai barrualdean, bai kanpoaldean, eta haien arteko kontaktua prebenitzeko. Bi ate edo gehiago daudenean, sarrerarako eta irteerarako erabilera bereizia ezartzen saiatuko da, pilaketak sortzeko arriskua murrizteko. Establezimenduen sarreran eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa egongo da, eta bete beharreko prebentzio-neurrien berri emango da.

      Merkataritza-gune eta -parkeetan ez dauden txikizkako establezimendu, instalazio eta merkataritza-lokalek, 150 metro karraturainoko azalera badute, ezin izango dute beren guztizko edukieraren ehuneko 60 gainditu, lokalean egindako jarduera edozein dela ere.

      Aldagelen erabilera mugatzeko kontrol bat ezarri beharko da. Kutxetan, txartel bidez ordaintzeko erraztasunak eta ahaleginak egingo dira, eta eskuragarri dauden ordainketa-postu automatiko eta saltzailerik gabeko guztiak gaituko dira. Establezimenduetan, instalazioetan eta merkataritza-lokaletan, ezin izango da eremu komunik okupatu pertsonen joan-etorria ez den beste erabilera baterako.

    5. Alkoholaren salmenta eta kontsumoa:

      Debekatuta dago mota guztietako establezimenduetan alkohola saltzea 21:00etatik 08:00etara bitarteko ordutegian. Debekatuta dago kalean alkohola kontsumitzea.

  3. Ostalaritza- eta jatetxe-jarduera:

    Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek beren terrazetan eskaini ahal izango dute zerbitzua, aire zabalean, eta barrualdean gehieneko edukieraren ehuneko 50eko erabilgarritasuna izango dute mugatuta. Nolanahi ere, bai kanpoan bai barruan, ziurtatu beharko da gutxienez 1,5 metroko distantziari eutsiko zaiola mahai desberdinetan eserita dauden pertsonen artean. Mahai bakoitzeko bezero-taldeek ezin izango dute gainditu gehieneko kopuru jakin bat, establezimenduak ikusteko moduan jakinarazi beharko duena, eta ezin izango dira bi mahai edo gehiago batu pertsona kopuru handiagoko talde bat elkartzeko.

    Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, eta, barruan nahiz kanpoan, erabiltzaileek mahaian eserita kontsumitu beharko dute. Establezimenduak jarraibideak erakutsi beharko ditu, non berariaz adieraziko den ez dela gomendatzen erretzea mota horretako establezimenduetako terrazetan, ezta inguruetan ere, lege honetan jasotako arau-hausteei buruz ohartaraziz. Era berean, jarraibide horietan osasun-agintarien ohartarazpena jasoko da, non berariaz gomendatzen den establezimenduen barruan telebistaz eskaintzen diren kirol-ekitaldiak taldean ez ikustea.

    Lokalek aireztapen iraunkorra bermatu beharko dute egunean zehar, eta lokalak ireki eta ixten direnean ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da eta airearen birzirkulazioa saihestu. Aireztapen- eta girotze-sistemek indarrean dagoen araudiaren arabera eraikinetan eta lokaletan jarduteko eta mantentze-lanak egiteko gomendioak bete beharko dituzte.

  4. Diskotekak eta gaueko gainerako aisia-establezimenduak:

    Xedatzen da Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren III. eta IV. taldeetan sailkatutako establezimenduak ixtea, salbu eta I. eta II. taldeetarako araudiaren arabera jarduten badute eta dagokien udal-baimena badute.

3. ALERTA MAILARI APLIKATU BEHARREKO NEURRIAK

  1. Oro har, eta lege honen aginduz, honako neurri hauek aplikatuko dira automatikoki alerta-maila honetan:

    1. Gaueko mugikortasuna eta zirkulazioa:

      Gaueko mugikortasuna murrizteko edo pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzeko neurriak ezarriko dira gaueko ordutegian, errespetatuz, hala badagokio, alarma-egoeraren deklarazioaren araubide juridikoak ezarritako mugak.

    2. Lurralde-mugikortasuna:

      Mugikortasun-murrizketak ezarriko dira Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean, errespetatuz, hala badagokio, alarma-egoeraren deklarazioaren araubide juridikoak ezarritako mugak.

    3. Pertsona-taldeak:

      Gune publiko edo pribatuetan taldean egon daitezkeen pertsonen kopurua mugatu ahal izango da, gehienez ere sei pertsona arteko muga ezarrita, errespetatuz, hala badagokio, alarma-egoeraren deklarazioaren araubide juridikoan aurreikusitako mugak.

  2. Halaber, alerta-maila honetan, 2. alerta-mailako neurri orokor eta espezifikoak ere aplikatuko dira, baldin eta artikulu honetan eta hurrengoan aurreikusitakoek ez badituzte ordezkatzen.

Aurreko artikuluan aurreikusitakoez gain, alerta-maila honetan honako neurri espezifiko hauek hartu ahal izango dira:

  1. Merkataritza-establezimenduak:

    150 metro koadrotik gorako azalera duten merkataritza-establezimenduak edukieraren ehuneko 40ko gehieneko edukiera izatera igaroko dira, eta, hala badagokio, gehieneko edukiera hori bera aplikatuko da merkataritza-guneetan, solairu eta saltoki bakoitzean, bai eta eremu komunetan ere, azalera edozein dela ere. Merkataritza-gune edo -parkeetako arduradunek muga hori betearazteko behar diren neurriak ezarriko dituzte. Debekatuta dago aisiarako eremuak haurrentzako gune edo atsedenleku gisa erabiltzea, eta itxita egon beharko dute. Merkataritza-instalazioetan kokatutako ostalaritza- edo jatetxe-establezimenduek mota horretako establezimenduetarako xedatutakoa bete beharko dute.

  2. Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak eta antzekoak:

    Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak, egoera epidemiologikoaren arabera, irekita egon ahal izango dira, betiere gehienez 20:00etan ixteko betebeharrari kalterik egin gabe, bezeroak ateratzea barne, eta ezin izango dute jendearentzat ireki 06:00ak baino lehen.

    Aurretiazko hitzordua duten eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dira establezimenduan bertan, eta, nolanahi ere, itxita egon beharko dute jendearentzako beste edozein zerbitzutarako. Etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango da.

    Zerbitzuguneetan kokatutako ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak 20:00etatik 06:00etara irekita egon ahal izango dira, baina soilik iragaitzazko erabiltzaileei zerbitzua emateko.

    Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira.

  3. Hotelak, kanpinak eta turismo-ostatuak:

    Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako eremu komunak pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea bermatzeko moduan okupatuko dira. Eremu komun bakoitzeko gehieneko edukiera ehuneko 50ekoa izango da, eta ezin izango dira inoiz egon aldi berean 30 pertsona baino gehiago.

  4. Kultura- edo gizarte-ekitaldiak:

    Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezin izango da 21:00ak baino beranduago amaitu.

    Hezkuntza arautukoak ez ezik, musika- eta ahots-izaerako entsegu eta jarduera kolektibo ez-profesionalak ere egin daitezke, baldin eta oso baldintza murriztaileak betetzen badira higieneari, pertsonen arteko distantzia mantentzeari eta maskara erabiltzeari dagokienez.

    Profesionalak ez diren dantza-taldeen entseguak egin daitezke; nolanahi ere, zorrotz errespetatu beharko dira prebentzio-baldintzak, pertsonen arteko segurtasun-distantziari, maskara erabiltzeari eta kontaktu fisikorik gabeko sei pertsonako taldeei eusteari dagokienez.

    Egin daitezke ikus-entzuleak dituzten kultura-ikuskizunak instalazio propioetan, kirol-espazio itxietan edo bestelako eraikinetan, gehienez ere ehuneko 50eko edukiera eta 400 pertsonarekin.

    Aire zabaleko kultura-jarduerak eta -ikuskizunak egin ahal izango dira, betiere baimendutako edukieraren ehuneko 50eko edukiera badute gehienez, eta gehienez 600 pertsona bitarte. Pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko beharrezko neurriak ezarri beharko dira (bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahal izango baitira), edo, bestela, babes fisikoko neurri alternatiboak erabili beharko dira. Nahitaez erabili beharko da maskara, nahiz eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantziari eutsi; publikoa eserita egon beharko da, eta aurrez esleitutako eserlekua beharko da. Artista-taldeei dagokienez, interpreteen arteko interakzioa baimenduta egongo da ikuskizunak irauten duen bitartean.

  5. Museoak, erakusketa-aretoak, monumentuak eta beste kultura-ekipamendu batzuk:

    Museoei, erakusketa-aretoei, monumentuei eta bestelako kultura-ekipamenduei dagokienez, bisitarako taldeak gehienez ere sei pertsonakoak izango dira, begiralea edo gidaria kontatu gabe, eta beharrezko neurriak ezarri beharko dira haien instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko edo, bestela, babes fisikoko neurri alternatiboak erabiltzeko. Nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, nahiz eta 1,5 metroko pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsi. Eskola-talde egonkorrak gidari bakar batekin joan ahal izango dira museoetara.

    Areto edo espazio bakoitzean baimendutako edukieraren ehuneko 50eko gehieneko edukierarekin garatu ahal izango dute beren jarduera, eta 400 pertsonarekin gehienez.

  6. Kirola egitea:

    Arau hauen arabera egin ahal izango da kirola:

    Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa, aire zabalean, bakarka edo taldeka egin ahal izango da, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean sei pertsonako taldeetan gehienez ere.

    Lehiaketa profesional eta federatuan murgildutako taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak egin ahal izango dira. Federazio bakoitzari dagokio, bere eremuan, eta, hala badagokio, lehiaketa bakoitzaren erakunde arduradunei, berariaz aurreikusi beharko dituzten prebentzio-neurriak eta protokoloak zorrotz betetzen direla zaintzea.

    Eskola-kiroleko entrenamenduak egin ahal izango dira, gehienez sei laguneko taldeetan antolatuta, taldeon osaera aldatu gabe eta aldagelak erabili gabe. Hori guztia, beharrezko instalazioak eduki daitezkeen epearen barruan. Halaber, baimenduta dago eskola-kirolean lehiatzeko aukera, udalerri bereko ikastetxeetako taldeetara mugatzen denean.

    Entrenamenduetan, joan-etorrietan eta talde-kirolak egin aurreko eta ondorengo uneetan, pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia, sei pertsonako taldeak eta maskara erabiltzeko oinarrizko prebentzio-neurriak beteko dira.

    Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, baimendutako edukieraren ehuneko 50eko edukiera baimenduko da gehienez. Kirola banaka edo taldeka egin ahal izango da, gehienez sei laguneko taldeetan. Taldean ematen diren eskoletan, gehienez ere sei lagunek hartuko dute parte talde bakoitzean, eta ematen den espazioan ezarritako gehieneko edukiera errespetatuko da.

    Aldagelak erabili ahal izango dira, gehieneko edukieraren ehuneko 30eko okupazioaz. Dutxak ere erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, dutxatzeko unean izan ezik, eta uneoro errespetatuko da erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia. Aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen diren bitartean eta, gainera, ireki aurretik eta itxi ondoren. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airea birzirkulatzea saihestu.

    Debekatuta dago ikusleak kirol-ekitaldietara joatea.

  7. Turismo aktiboa eta naturakoa, interpretazio-zentroak eta antzekoak:

    Gidari bidezko jarduerak gehienez sei laguneko taldeetan egingo dira. Pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, bestela, babes fisikoko neurri alternatiboak erabili beharko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-distantziari eutsi. Eskola-talde egonkorrak gidari bakarrarekin joan ahal izango dira.

  8. Aisialdi-zentro turistikoak eta akuarioa:

    Taldeen bisitak gehienez ere sei pertsonakoak izango dira, eta, jarduera egiten den bitartean, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, eta maskarak une oro erabili beharko dira. Eskola-talde egonkorrak gidari bakarrarekin joan ahal izango dira.

  9. Zezen-plaza, -esparru eta -instalazioetako jarduera:

    Aire zabaleko zezen-plaza, -esparru eta -instalazio guztietan egiten diren ohiko ikuskizunen, ikuskizun orokorren edo bestelakoen zezen-jarduerak arriskuak ebaluatzeko eta murrizteko plan bat izan beharko du, Osasun Publikoaren Zuzendaritzak gainbegiratuko duena. Betiere aurrez esleitutako besaulkiak izan beharko dituzte, baimendutako edukieraren ehuneko 50 gainditu gabe, gehienez ere 600 pertsonarekin, eta pertsonen banaketa homogeneoa izango da esparruan. Inola ere ezin izango da prestatze-jarduerarik edo jarduera osagarririk egin jarduera horiekin lotura zuzenik ez duten pertsonekin.

  10. Joko eta apustuetarako establezimenduak eta lokalak:

    Joko eta apustuetarako lokalak jendearentzat ireki ahal izateko, gehienez ere ehuneko 50eko edukiera beharko da. Joko- eta apustu-jarduerak banaka egin beharko dira, eta pertsonak eserita egon beharko dira. Taldeak ezingo dira sei pertsona baino gehiagokoak izan. Jokalarien artean 1,5 metroko distantzia gorde beharko da. Jolasean parte hartzen duen pertsona aldatzen den bakoitzean, bermatu beharko da erabilitako espazioa garbitu dela eta ez dela egiten inolako objektu-trukerik. Establezimendu horiek, gehienez ere, 20:00etan itxi beharko dute, bezeroak ateratzea barne, eta ezin izango dute jendearentzat ireki 06:00ak baino lehen.

  11. Ehiza- eta arrantza-jarduera:

    Baimenduta dago ehiza-jarduera, modalitate guztietan, baldin eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen bada. Nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, nahiz eta pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantendu. Baimenduta daude ibai- eta itsas arrantza, kirol-arrantza eta aisialdiko arrantza, modalitate guztietan, baldin eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen bada. Nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, nahiz eta pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantendu.

  12. Erabilera publikoko aire zabaleko parkeak eta kirol-eremuak:

    Haur-parkeak, kirol-eremuak, patinaje-pistak (skating) edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak jendearentzat irekita egon ahal izango dira, baldin eta errespetatzen bada esparruaren azalera konputagarriaren lau metro koadroko pertsona bateko edukiera estimatua.

    Udalei eta, hala badagokio, administrazio eskudunei dagokie espazioa antolatzea, bai eta garbitasun- eta higiene-baldintzak bermatzea ere.

    Era berean, udalei dagokie aire zabaleko espazio publikoa gehiago erabil dadin laguntzea, espazio erabilgarri gehiago egon daitezen herritarrentzat, betiere ezarritakoa errespetatuz, bereziki ekitaldi jendetsuak eta jende asko erakartzeko arriskua dutenak egiteari dagokienez.

4. ALERTA MAILARI APLIKATU BEHARREKO NEURRIAK

  1. Oro har, eta lege honen aginduz, honako neurri hauek aplikatuko dira automatikoki alerta-maila honetan:

    1. Lurralde barruko barne-mugikortasuna:

      Barne-mugikortasuneko murrizketak ezarriko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan, eta udalerrien eta lurralde historikoen lurralde-konfinamendu perimetralari eragin ahal izango diote, alarma-egoeraren deklarazioaren araubide juridikoak ezarritako mugak errespetatuz, hala badagokio.

    2. Pertsona-taldeak:

      Gune publiko edo pribatuetan taldean egon daitezkeen pertsonen kopurua mugatu ahal izango da, gehienez ere lau pertsona arteko muga ezarrita, errespetatuz, hala badagokio, alarma-egoeraren deklarazioaren araubide juridikoan aurreikusitako mugak.

  2. Halaber, alerta-maila honetan, 3. alerta-mailako neurri orokor eta espezifikoak ere aplikatuko dira, baldin eta artikulu honetan eta hurrengoan aurreikusitakoek ez badituzte ordezkatzen.

  3. Zentro soziosanitarioak:

    Irteera bereziak eten egingo dira egoera epidemiologikoak goranzko joera badu. Etete hori aplikatzeko, egoera epidemiologikoari erreparatu beharko zaio, bai zentroa dagoen udal-eremukoari, bai irteeraren xede den udalerrikoari.

Aurreko artikuluan aurreikusitakoez gain, alerta-maila honetan honako neurri espezifiko hauek hartu ahal izango dira:

  1. Funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak:

    Funtsezkoak ez diren era guztietako jarduera ekonomikoak ixtea, eta baloratzea, jendearentzat irekita jarraitzen badute, edukieraren ehuneko 35 erabili ahal izatea gehienez.

  2. Formatu presentzialeko era guztietako gizarte- eta kultura-jarduerak bertan behera uztea.

  3. Hezkuntza-jarduera:

    Aurrez aurreko hezkuntza-jardueratik online formatura igarotzea baloratuko da.

  4. Kirol-jarduera:

    Profesionala edo erdi profesionala ez den kirol-jarduera oro etetea baloratuko da, eta baimenduta geratuko da soilik, dagozkion murrizketekin, aire zabaleko jarduera fisikoa, bakarkakoa edo bizikide diren bi pertsonen artekoa.

5. ALERTA MAILARI APLIKATZEKO NEURRIAK

  1. Oro har, eta lege honen aginduz, honako neurri hauek aplikatuko dira automatikoki alerta-maila honetan:

    1. Gaueko mugikortasuna eta zirkulazioa:

      Areagotu egingo dira gaueko mugikortasuna murrizteko edo gaueko ordutegian pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzeko neurriak, errespetatuz, hala badagokio, alarma-egoeraren deklarazioaren araubide juridikoak ezarritako mugak.

    2. Konfinamendu indibidualak eta kolektiboak:

      Banakako edo talde jakin batzuentzako konfinamendu-neurri berriak eta eraginkorragoak baloratuko dira, justifikatu eta baimen edo berrespen judiziala eman ondoren.

    3. Itxiera-ordutegiak:

      Aurreratu egingo dira era guztietako jarduera ekonomiko eta sozialak ixteko ordutegiak, eta harreman sozialetan eragin handiena dutenak eten ahal izango dira.

  2. Halaber, alerta-maila honetan, 4. alerta-mailako neurri orokor eta espezifikoak ere aplikatuko dira, baldin eta artikulu honetan aurreikusitakoek ez badituzte ordezkatzen.

  1. Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duenak, bere 15. artikuluan, bai eta, bertan egindako erreferentziaz, ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoaren 10. artikuluan ere, babesten dituzten neurriak ez betetzeari dagokionez aplikagarria den zehapen-araubideari buruzko legeetara egiten duten igortzea lege honi egindakotzat joko da, lege orokorren gainetik modu lehenetsian aplikatu beharreko lege berezi gisa.

  2. Lege honen arabera aplikagarri den manu berezirik ez dagoenean soilik zehatu ahal izango dira, arau orokorrak aplikatuz, hurrengo artikuluetan deskribatutakoetan sartu ezin diren jokabideak, arau-hauste administratibotzat kalifika daitezkeenak honako hauetan aurreikusitako zehapen-araubide orokorren arabera:

    Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 35. artikulua eta hurrengoak;

    Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 32. artikulua eta hurrengoak;

    Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 55. artikulua eta hurrengoak;

    Herritarren Segurtasuna Babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren 30. artikulua eta hurrengoak;

    Apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren 68. artikulua eta hurrengoak.

  3. Aurreko bi apartatuetan xedatutakoaren ondorioetarako, eta lege honetan aurreikusitako manuen arteko pilaketa ebazteko, honako arau hauek aplikatuko dira:

    1. Lege honen edo beste baten bi manuren edo gehiagoren arabera kalifikatu daitezkeen egitateak honako erregela hauen arabera zehatuko dira:

      1. Manu bereziak izango du aplikatzeko lehentasuna, orokorraren aurrean.

      1. Manurik zabalenak edo konplexuenak bereganatuko du hartan kontsumitutako arau-hausteak zehatzen dituena.

      1. Aurreko irizpiderik ezean, manu larrienak baztertu egingo ditu egitatea zehapen txikiago batekin zehatzen dutenak.

    2. Baldin eta egitate bakar bat arau-hauste bi edo gehiago bada, edo horietako bat bestea egiteko beharrezko bidea bada, zehapen handiena aplikatzen duen arau-hausteagatik zehatuko da jokabidea.

    3. Egite edo ez-egite bat zehapena mailakatzeko irizpide gisa kontuan hartu behar denean, edo arau-haustearen kalifikazioa zehazten duen inguruabar gisa, ezin izango da arau-hauste independente gisa zehatu.

      Apartatu honetan aurreikusten ez den guztian, arau-pilaketak edo zehapen-pilaketak ebazteko, aplikatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 16., 17. eta 18. artikuluetan jasotako arauak, edo hura ordezten duen araua.

  4. Garapeneko erregelamendu-xedapenek espezifikazioak edo mailaketak sartu ahal izango dituzte lege honetan tipifikatutako arau-hausteen eta zehapenen koadroan, baldin eta, arau-hauste edo zehapen berriak izan gabe eta haien izaera eta mugak aldatu gabe, jokabideak hobeto identifikatzen edo dagozkien zehapenak argiago zehazten laguntzen badute.

  5. Zehapen-prozeduraren ondorioetarako, lege honetan arau berezi gisa xedatu ez den guztirako, Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legea edo hori ordezten duen araua aplikatuko da.

  1. Lege honen 19. artikuluan aipatzen diren ikuskapen-agintariek zuzenean hartutako kautelazko neurriak Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 32. artikuluan edo hura ordezten duen arauan aurreikusitakoaren arabera arautuko dira, epeei dagokienez lege honetan aurreikusitako berezitasunarekin.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 31. artikuluan edo hori ordezten duen arauan aurreikusitako kautelazko neurriak arau horretan aurreikusitakoaren arabera arautuko dira, honako berezitasun hauekin:

    1. Aipatutako 31. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, kontrako frogarik ezean, pentsatuko da osasun-agintariek pandemiari eusteko hartutako neurriek ez dakartela legeetan babestutako eskubideak urratzea, eskubide horiek pertsonen osasunari edo osotasun fisikoari buruzkoak ez direnean, edo, azken kasu horretan, neurria ez denean proportzionatua artikulu honen baldintzetan.

    2. Aipatutako 31. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, kontrako frogarik ezean, pentsatuko da soilik ondare-ondorioak edo pertsonen mugikortasunari edo zirkulazioari buruzkoak dituzten neurriek ez dutela kalte konpongaitzik edo konponezinik sortzen, neurri horiek kutsatzeak saihesteko edo osasun- edo larrialdi-zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatzeko direnean.

    3. Aipatutako 31. artikuluko 4. apartatuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, kontrako frogarik ezean, pentsatuko da osasun-agintariek pandemiari eusteko hartutako neurriek beharrezko proportzionaltasuna dutela, betiere arrazoiz edo itxuraz eraginkorrak badira kutsatzeak saihesteko edo osasun- edo larrialdi-zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatzeko.

    4. Aurreko manuek aipatzen duten kontrako froga zehapen-prozeduraren barruan gauzatuko da, aipatu 31. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan adierazitako moduan. Intzidente hori gauzatzeak ez du eragotziko kautela-neurria hartzea, baldin eta horrek ez badio eragiten interesdunen osotasun fisikoari edo paziente gisa duten autonomiari, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 29. artikuluan edo hori ordezten duen arauan ezarritakoaren arabera, lurraldearen eta gaiaren arabera eskumena duen Administrazioari dagokio lege honetan jasotako arau-hausteengatiko zehapen-espedienteak hastea, izapidetzea eta ebaztea. Izapidetzean prozeduraren instrukzioa sartuko da, baina funtzionario instrukzio-egilearen eta ebazteko eskumena duen organoaren arteko banaketaren eta mendetasun ezaren printzipioari kalterik egin gabe.

  2. Lege hau betetzen dela ikuskatzeko eta kontrolatzeko arloan xedatutakoari kalterik egin gabe, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, osasun publikoaren arloan eskumena duen saileko organoari dagokio espedientea hastea eta ebaztea, arau-hausteen larritasunaren arabera haren egitura- eta funtzionamendu-arauei jarraituz. Arau-hauste horien kalifikazioari edo graduazioari buruz osasun-agintariek balioz ematen dituzten interpretazio-irizpideak segurtasun publikoaren arloko arduradunek beren mendekoei zuzentzen dizkieten interpretazio-irizpideetan sartuko dira, lege honen betetze-maila ikuskatu, salatu eta kontrolatzeari begira.

  3. Alkateek lege honetan aurreikusitako zehapenak ezarri eta neurriak hartu ahal izango dituzte arau-hauste arin edo larriei dagokienez, arau-hausteak udal-espazio publikoetan egiten direnean edo tokiko titulartasuneko ondasunei eragiten dietenean, baldin eta gai horretan eskumena badute legeria espezifikoaren arabera, eta osasun-agintarien aurrean egitate berberengatik jarraitutako beste zehapen-prozedurarik ez badago. Ildo horretan, udal-agintariak lotuta egongo dira agintari eskudunek aurreko apartatuaren arabera emandako interpretazio-irizpideetara.

  4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, instrukzio-egileak jakiten badu egitate berberengatik beste zehapen-prozedura bat jarraitzen ari dela aldi berean, zehapen-organoari jakinaraziko dio, eta organo hori, prozedura geldiarazi gabe, erreferentziako prozedura ebazteko eskumena duen organoarekin harremanetan jarriko da, elkarren artean koordinatu eta eraginkortasunez aplika daitezen Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 16., 17. eta 18. artikuluak edo ordezko araua.

  1. Baldin eta berez ez badira lege honetan aurreikusitako arau-haustea edo mota definitzen duten elementuak, kontuan hartuko dira, graduazioaren ondorioetarako, inguruabar hauetako bat edo gehiago:

    1. Egitateak indarkeria, mehatxua edo larderia erabiliz egitea.

    2. Berrerortzea, urtebeteko epean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egiteagatik, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez hala deklaratu denean.

    3. Osasun-zerbitzuen funtzionamendua edo herritarrei egiten zaien ondasun- eta zerbitzu-hornidura aldatzea.

    4. Arau-haustea egitea indarrean izanik, egitateak gertatu diren lurralde-eremuan, lege honetan aurreikusitako bi alerta-maila handienetako edozein.

    5. COVID-19aren aurrean bereziki kalteberak diren pertsonei edo pertsonen kategoriei eragitea, edo pertsona kopuru bereziki handi bati, birusaren infekzio-gaitasunarekin lotuta.

    6. Egitateak gauzatzea aurpegia estaltzen duen edozein motatako jantzi edo objektu erabiliz, identifikazioa eragotziz edo zailduz, edo, hala badagokio, egitateak ezkutatzeko edo estaltzeko iruzurrezko beste metodoren bat erabiliz.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 7. artikuluan edo hura ordezten duen arauan aurreikusitako erantzukizuna aldatzeko inguruabarrekin batera, eta kasuan kasuko zehapenak indibidualizatzeko, aintzat hartuko dira, garrantziaren arabera:

    1. Eragindako kaltearen garrantzia eta, hala badagokio, eragindako pertsonen kopurua eta eraginaren larritasuna.

    2. Kaltearen garrantzia osasun publikoa prebenitu, mantendu edo berrezartzeari begira eta arau-haustea orokortzeko aukera.

    3. Herritarren segurtasunerako edo osasun publikorako sortutako arriskuaren garrantzia eta haren iraunkortasuna edo iragankortasuna.

    4. Erruduntasun- edo intentzionalitate-maila, bai eta aurretiazko ohartarazpenak ez betetzea ere.

    5. Arau-haustea egitearen ondorioz lortutako onura ekonomikoa.

    6. Beste edozein inguruabar objektibo edo subjektibo, jokabidearen gaitzesgarritasun-mailan edo inputatuaren erruduntasun-mailan eragin dezakeena, modu aringarrian edo astungarrian.

    7. Arau-hauslearen gaitasun ekonomikoa.

  1. Arau-hauste arinak urtebetera preskribatuko dira, larriak hiru urtera, eta oso larriak bost urtera.

  2. Arau-hauste arinak egiteagatik ezarritako zehapenak urtebetera preskribatuko dira, falta astunengatik ezarritakoak hiru urtera, eta falta oso astunengatik ezarritakoak bost urtera.

  1. Gutxieneko mailako arau-hauste arinak dira, 100 eurotik 150 eurora bitarteko isunarekin zehatu daitezkeenak, honako hauek:

    1. Arau-hauste arinak, baldin eta, erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak izateagatik edo lege honetan aurreikusitako indibidualizazioaren ondorioetarako eragina izateagatik, zehapen handiagorik merezi ez badute.

    2. Ez agertzea, agertzeko betebeharra izanik, eskumena duten osasun-agintariek edo babes zibilekoek egindako mobilizazio-deietara, ariketa edo simulakro kasuan, justifikatutako arrazoirik izan ezean.

    3. Ez betetzea edo ez errespetatzea osasun-arloan edo babes zibilean eskumena duen agintaritzak edo haren agenteek ezarritako neurriak eta jarraibideak, ariketak edo simulakroak egitean.

    4. Ez betetzea lekualdaketa edo desplazamendua justifikatzen duen dokumentazio pertsonala aurkezteko betebeharra, dokumentazio hori pertsona fisiko indibidualei legez eska dakiekeenean konfinamendu perimetralari, igarotzeko ordutegi-mugei edo antzekoei buruzko arauen arabera, lege honetan aurreikusitako neurriei dagokienez. Baldintza beretan parekatuko da lekualdaketa edo desplazamendua justifikatzeko dokumentazio pertsonala aski ez izatea edo irregulartasun soilen bat izatea, hargatik eragotzi gabe zehapena indibidualizatzeko ondorioetarako dagokion moderazioa.

    5. Errespetu- eta begirune-falta larriak, baldin eta hartzaile badute segurtasun-indar eta -kidegoetako kideren bat, osasun-langileren bat edo babes zibileko boluntarioren bat, lege honetan aurreikusitako eginkizunak betetzen ari direla, jokabide horiek arau-hauste penala ez direnean.

    6. Ez betetzea, modu indibidualean, lege honetan aurreikusitako neurriak honako alderdi hauei buruz: pertsonen arteko segurtasun-distantzia, maskarak nahitaez erabiltzea eta tabakoa edo antzekoak kontsumitzea, gaueko mugikortasuna mugatzea eta pertsonen gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea.

    7. Uko egitea arakatzaileekin kolaboratzeari edo kutsatzeen eta kontaktuen trazabilitate egokia egiteko behar den informazioa emateari, lege honetan aurreikusitako baldintzetan, edo informazio faltsua edo osatugabea ematea, hori arau-hauste astunagoa ez denean.

  2. Maila ertaineko arau-hauste arinak dira, 151 eurotik 600 eurora bitarteko isunarekin zehatu daitezkeenak:

    1. Iraganbide publikoetan bilerak egitea dagokion lurralde-eremuan indarrean dagoen alerta-mailaren arabera baimendutako pertsona kopurua gaindituz, lege honetan aurreikusitakoaren arabera ekitaldi jendetsutzat hartzen ez denean.

    2. Segurtasun-perimetroak mugatzeko segurtasun-indar eta -kidegoek edo osasun-agintariek edo babes zibilekoek jarritako hesiak, zintak edo bestelako elementu finko edo mugikorrak kentzea, prebentzioz jarriak badira ere, lege honetan xedatutako mailakatze-irizpideak aplikatuz arau-hauste astunagoa ez denean.

    3. Boluntario-izaera erakusten duten intsignia eta bereizgarriak eramatea edo erakustea babes zibileko boluntarioek, beren eginkizunak betetzen ari ez direnean.

    4. Irregulartasunak egotea lege honetan jasotako betebehar dokumentalak betetzean eta gertaerak jakinaraztean, osasun publikorako garrantzia badute, barne hartuta datu edo inguruabar faltsuak alegatzea edo nahitaezko komunikazioak ez egitea ezarritako epeen barruan, arau-hauste penala ez badakarte.

    5. Ez betetzea isolamendu- eta berrogeialdi-betebehar pertsonalak, arau-hauste astunagoa ez denean.

    6. Epailearen baimenik gabe jakinaraztea bakartzeko edo berrogeialdiko banakako errekerimenduak, baimen hori nahitaezkoa denean.

  3. Gehieneko mailako arau-hauste arinak dira, 601 eurotik 1.500 eurora bitarteko isunarekin zehatu daitezkeenak:

    1. Osasun-araudiaren arabera arrisku- ebaluazioa edo arriskua murrizteko planak edo antzekoak egitea behar duten jarduerak egitea edo garatzea, edo aurretiazko komunikazio edo baimen administratibo-sanitarioa behar dutenak, osasun-baimenik gabe edo arrisku-ebaluazioa edo nahitaezko jakinarazpena egin gabe, edo haren indarraldia igarota, edo agintaritza eskudunak baimendu gabeko aldaketa bat egitea baimena emateko berariazko baldintza teknikoetan edo egitura-baldintzetan, edo arrisku-ebaluazioan, protokoloan edo aurretiazko jakinarazpenean aurreikusitako baldintzetan, baldin eta kutsatzeko arriskua handitzeko modukoa bada jarduera hori. Era berean, mota honetan sartuko da lege honetan aurreikusitako betebeharra ez betetzea, lege honen xedapen espezifikoen mende dagoen jarduera baten enpresaburuak edo arduradunak txandak eta lanpostuak antolatzeari edo babes-baliabide eta -ekipamendu alternatiboak emateari dagokionez.

    2. Osasun-agintariei laguntzeko betebeharraren ez-betetze soila, lege hau aplikatu eta garatzeko emandako araudiak ezartzen dituen erregistroak, erabiltzaileen edo parte-hartzaileen zerrendak eta osasun-informazioko dokumentuak egiterakoan, erakunde edo pertsona arduradunek datuak eta dokumentuak emateko ezartzen diren prozedurei jarraitu gabe edo modu nabarmen akastunean eginez.

    3. Osasun-zerbitzuetara jotzen duten pertsonei informazioa ez ematea ezagutzen den arrisku-mailari buruz edo ezagutzen den egoera epidemiologikoari buruz, edo osasun-agintarien eskura dagoen informazio publikoari buruz, pandemiari eusteari edo haren aurka borrokatzeari dagokionez, lege honetan aurreikusitako baldintzetan.

    4. Pandemiari eusteko ahaleginetan eragin zuzena duten edo ondasun edo zerbitzu sanitarioen edo higieniko-sanitarioen kontratazioa sustatzeko helburua duten publizitate-iragarkiak edo merkataritza-propaganda egitea edo jendaurrean zabaltzea, dagokion baimen edo homologazio administratibo-sanitarioa lortu gabe, baimen edo homologazio hori beharrezkoa denean.

    5. Ikuskatze-lana oztopatzea, hura nahasten edo atzeratzen duen edozein egite edo ez-egiteren bidez.

    6. Ez jakinaraztea larrialdi-egoerak eragin ditzakeen edozein gorabehera edo gertakari osasun-arloko edo babes zibileko agintari eskudunei, arau-hauste astunagoa ez denean.

    7. Ez jakinaraztea, lege honetan aipatzen diren kontingentzia-planen, arriskuak murrizteko planen, arrisku-ebaluazioen edo protokolo baliokideen arduradunek, planak aintzat hartutako arrisku-egoerari eragiten dion edo arrisku-egoera horri aurre egiteko ezarritako baliabideen eta zerbitzuen eraginkortasunari eragiten dion edozein gorabehera edo intzidentzia.

    8. Gutxieneko mailako edo maila ertaineko jokabideen baliokide direnak, baina egitateak gertatu diren lurralde-eremuan indarrean izanik lege honetan aurreikusitako bi alerta-maila handienetako edozein, pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jarri badute edo arrisku-egoera areagotu badute.

    9. Lege honek esleitutako eginkizunak betetzen ari direla agintariei edo agintaritzaren agenteei desobeditzea edo jarkitzea, horiek delitu edo arau-hauste astunagoa ez direnean, baita identifikatzeari uko egitea ere, identifikazio-prozesuetan edo lekualdaketa edo desplazamendua justifikatzen duen dokumentazio pertsonalari dagokionez datu faltsuak edo okerrak alegatzea, dokumentazio hori pertsona fisiko indibidualei legez eska dakiekeenean, konfinamendu perimetralari, igarotzeko ordutegi-mugei edo antzekoei dagokien arauei erreparatuz.

    10. Establezimendu, negozio, lokal edo instalazio publiko edo pribatuek edukiera-betebeharrak ez betetzea, edo izaera pribatuko gizarte-ekitaldi eta -bileretara bertaratzen direnen kopuruaren mugak ez betetzea, horiek arau-hauste astunagoa ez direnean lege honetan aurreikusitako mailakatze-irizpideen arabera.

    11. Establezimendu, negozio, lokal edo instalazio publiko edo pribatuek ez betetzea bezeroek, erabiltzaileek, bisitariek edo langileek erraz eskuratzeko moduan ura eta xaboia, gel hidroalkoholikoak edo eragin biruzida duten desinfektatzaile baimenduak izateko betebeharra, edo ez betetzea higiene-, osasun- eta aireztapen-neurri orokorrak edo une bakoitzean indarrean dagoen alerta-mailari egokitutakoak.

  1. Gutxieneko mailako arau-hauste larriak dira, 1.501 eurotik 3.000 eurora bitarteko isunarekin zehatu daitezkeenak, honako hauek:

    1. Ez betetzea lege honetan aurreikusitako neurriei dagokienez osasun-agintariek formulatzen dituzten berariazko errekerimenduak eta kautelazko edo behin betiko neurriak, lehen aldiz gertatzen bada eta pertsonen osasunari kalte larririk eragiten ez badio. Nolanahi ere kalte larritzat joko da, ondorio horietarako, COVID-19aren aurrean bereziki kalteberak diren pertsonei edo pertsonen kategoriei eragitea, edo pertsona kopuru bereziki handi bati, birusaren infekzio-gaitasunarekin lotuta.

    2. Uko egitea osasun-agintariei, babes zibileko agintariei edo haien agenteei datuak edo informazioa emateari edo laguntzeari, osasun-ikuskaritzako edo -kontroleko lanak egiten ari direnean.

    3. Ez betetzea konfidentzialtasuna eta pertsonen intimitatea bermatzeko betebeharra, beren eginkizunen ondorioz norbanakoaren osasun-egoerarekin lotutako informazioa eskuratu behar duten langileek, pandemiari eusteko ahaleginetan lortutako datuei dagokienez edo datu horien bidez, lege honetan aurreikusitako baldintzetan.

    4. Ez betetzea, zabarkeria larriaren ondorioz, osasun-araudian pandemiari eusteko ezarritako betekizun, betebehar edo debekuak, bai eta gai horri berari dagokionez zuhurtziagabekeria larria dakarren beste edozein portaera ere, osasun-arloan asaldura edo arriskua eragiten badu, garrantzi txikikoa izan arren, barne hartuta lokalak, establezimenduak edo instalazioak irekitzea edo gizarte-, kultura- edo bestelako jarduerak antolatzea, unean-unean indarrean dagoen alerta-mailaren arabera lege honetan berariaz aurreikusitako debekuen aurka. Eta ez-betetze edo portaera bera, zabarkeria soilaren ondorioz osasun-arrisku edo -nahasmendu larria sortzen dutenean. Letra honen ondorioetarako, zabarkeriatzat hartuko da kontrolatzeko betebeharra ez betetzea, edo dena delako jarduera, zerbitzu edo instalazioan bete beharreko higiene- eta osasun-kontrolak eta -neurriak ez betetzea.

    5. Pandemiari eusteko, kutsatzeak saihesteko edo gaixotasuna tratatzeko material sanitarioak edo higieniko-sanitarioak sustatzea edo saltzea, baldin eta erabilera hori ez badago baimenduta produktu horri dagokion indarreko araudian, kontsumitzaileen osasunerako arrisku larri eta zuzenik ez dakartenean.

    6. Segurtasun-kidego eta -indarrei edo osasun-agintaritzako edo babes zibileko agenteei babesa, laguntza edo lankidetza ukatzea lege honek esleitutako eginkizunak betetzen edo osasun publikoa arriskuan jar dezaketen ekintzak prebenitzen ari direlarik, delitu edo arau-hauste astunagoa ez badira, edo lege honetan aurreikusitakoaren arabera beharrezkoak diren jarduketei aurka egitea edo oztopoak jartzea, barne hartuta lege honen arabera ezarritako arauzko ikuskapenak edo kontrolak egiteko sarbidea ukatzea edo nahita oztopatzea.

    7. Oztopatzea, erabat eragotzi gabe, larrialdi bati aurre egiteko beharrezkoak diren ondasunak eta bitartekoak aldi baterako eta modu iragankorrez errekisatzea, horietan esku hartzea edo okupatzea, neurri horiek babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak agindu baditu.

    8. Izaera bereko arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea, azken hiru hilabeteetan.

  2. Maila ertaineko arau-hauste larriak dira, 3.001 eurotik 15.000 eurora bitarteko isunarekin zehatu daitezkeenak, honako hauek:

    1. Ez betetzea, behin eta berriz, osasun-agintariek egindako berariazko errekerimenduak.

    2. Uko egitea, erabat eta behin eta berriz, kontrol- eta ikuskapen-zerbitzuei informazioa edo laguntza emateari.

    3. Ez betetzea agintari eskudunarengandik jasotako jarraibideak, horrek osasunari egiazko kalteak eragiten badizkio, eta hori arau-hauste astunagoa ez bada.

    4. Ez betetzea babes zibileko eta osasun publikoko agintari eskudunek edo haien agenteek emandako zuzeneko aginduak eta jarraibideak, egitateak gertatu diren lurralde-eremuan indarrean izanik lege honetan aurreikusitako bi alerta-maila handienetako edozein, baldin eta arau-hauste astunagoa ez bada.

    5. Edozein agintariri, enplegatu publikori edo korporazio ofizialei erabaki edo ebazpen administratibo edo judizialak betearaztea eragozten dieten oztopatze-egintzak, legez ezarritako prozeduretatik kanpo gertatzen badira eta delitu ez badira.

    6. Uko egitea agintaritza eskudunak aginduta iraganbide publikoetan egiten diren bilerak eta manifestazioak desegiteari, ordena publikoa nahasten denean eta pertsonak edo ondasunak arriskuan jartzen direnean.

  3. Gehieneko mailako arau-hauste larriak dira, 15.001 eurotik 30.000 eurora bitarteko isunarekin zehatu daitezkeenak, honako hauek:

    1. Larrialdi-zerbitzuen funtzionamendua eragozten edo oztopatzen duten egiteak eta ez-egiteak, pertsonen bizitzarako edo osotasunerako arriskua eraginda edo areagotuta, edo haien jarduera eragin duen gertakariaren ondorioak larriagotuta.

    2. Herritarrak ondasunez eta zerbitzuez hornitzeko osasun-zerbitzuak edo oinarrizko zerbitzuak ematen diren azpiegituretan edo instalazioetan sartzea, haien funtzionamenduan eragin larria izan denean.

    3. Maila ertaineko edozein, nahita eta kontzienteki egiten bada, eta kalte larria eragiten bada.

    4. Larriki kaltetzea edo asaldatzea babes zibileko planen, larrialdiko osasun-zerbitzuen edo zainketa intentsiboen zerbitzura jarritako ekipamendu edo instalazioen funtzionamendu egokia.

  1. Gutxieneko mailako arau-hauste oso larriak dira, 30.001 eurotik 60.000 eurora bitarteko isunarekin zehatu daitezkeenak, honako hauek:

    1. Behin eta berriz uko egitea lege honek ondasun publikoen gaineko eskubideen titularrei, zerbitzu publikoak, interes orokorrekoak edo osasun-zerbitzuak kudeatzen dituztenei edo oinarrizko zerbitzu eta hornidurak kudeatzen dituztenei ezartzen dizkien laguntzeko betebehar bereziak betetzeari.

    2. Galaraztea osasun-larrialdiari aurre egiteko beharrezkoak diren ondasunak aldi baterako errekisatzea edo aldi baterako eta modu iragankorrez horietan esku hartzea edo okupatzea, lege honen arabera eskumena duten agintariek erabaki badute hori egitea.

    3. Uko egitea, arrazoi justifikaturik gabe, babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak edo haren agenteek lege honen arabera agindutako prestazio pertsonalak egiteari, egitateak gertatu diren lurralde-eremuan indarrean izanik lege honetan aurreikusitako bi alerta-maila handienetako edozein.

    4. Ez betetzea, katalogatutako arrisku-jarduerak kudeatzen dituzten erakundeek, babes zibileko plan bat aktibatzea eskatzen duen larrialdi bat eragin dezakeen edozein egoeraren berri berehala emateko betebeharra, egoera horren berri izanik, baita autobabeserako planen aktibazioa ez jakinaraztea ere, horrek lege honetan aurreikusitako betebeharrekin zerikusia duenean.

    5. Galaraztea, babes zibilaren arloko agintari eskudunei, babes zibileko planei atxikitako baliabide eta zerbitzuak ikuskatzea, bai eta indarreko araudian aurreikusitako autobabes-eskakizunak betetzen direla ikuskatzea ere, hori lege honetan aurreikusitako betebeharrekin lotuta dagoenean.

  2. Gehieneko mailako arau-hauste oso larriak dira, 60.001 eurotik 600.000 eurora bitarteko isunarekin zehatu daitezkeenak, honako hauek:

    1. Aurreko apartatuetan aurreikusitako egiteak edo ez-egiteak, herritarren osasunari kalte oso larria eragiten badiote.

    2. Jende askorekin egindako bilerak edo ekitaldiak edo komunikatu gabeko edo debekatutako manifestazioak, herritarrak ondasunez eta zerbitzuez hornitzeko osasun-zerbitzuak edo oinarrizko zerbitzuak ematen diren azpiegitura edo instalazioetan, edo horien inguruetan, bai eta horien esparruetan sartzea ere, baldin eta, kasu horietako edozeinetan, pertsonen bizitzarako edo osotasun fisikorako arriskua sortu bada. Bileren eta manifestazioen kasuan, antolatzaileak edo sustatzaileak izango dira erantzule.

    3. Jendaurreko ikuskizunak edo aisialdiko jarduera jendetsuak egitea, dagokion agintaritzak osasun publikoko arrazoiengatik debekatu edo eteteko agindu badu.

    4. Uko egitea, gizarte-komunikabideek, agintari eskudunek emandako eta herritarrei zuzendutako informazioa, abisuak, aginduak eta jarraibideak berehala, lehentasunez eta modu nabarmenean argitaratzeari, transmititzeari edo zabaltzeari.

    5. Uko egitea, telekomunikazio-sare eta -zerbitzuen titular diren enpresek, sare eta zerbitzu horiek babes zibileko agintaritzen esku jartzeari, agintaritza horiek hala eskatzen dutenean herritarrei abisuak edo alertak emateko.

    6. Ez betetzea osasun-agintaritza eskudunek hartutako kautelazko edo behin betiko neurriak edo zuzeneko errekerimendu edo jarraibideak, hori behin eta berriz gertatzen denean eta pertsonen osasunari kalte larria eragiten dionean.

    7. Osasun-agintariak edo haien agenteak hertsatzea, mehatxatzea, haien aurka errepresaliak hartzea edo indarkeriazko beste edozein presio egitea, lege honetan aurreikusitako eginkizunen esparruan.

    8. Osasun-arloko beste arau-hauste oso larri batzuekin batera gertatzen direnak, edo arau-hauste horiek errazteko edo estaltzeko balio izan dutenak.

    9. Azken bost urteetan hutsegite oso larriak behin baino gehiagotan egitea.

  1. Arau-hausteek zerikusia dutenean ikuskizunak eta aisialdiko jarduerak egiten diren eraikin eta instalazioei aplikatu beharreko higiene- edo osasun-arauekin, edo industria-, merkataritza- edo zerbitzu-establezimendu eta -instalazioei, azpiegitura kritikoei edo bereziki zaurgarriak diren pertsonek erabiltzen dituzten instalazioei aplikatu beharrekoekin, arau-hauste larriengatik aplikatu beharreko zehapenekin batera, zehapen osagarri gisa, lokala, zentroa edo instalazioa aldi baterako ixtea edo arrisku-jarduerak aldi baterako etetea ere ezarri ahal izango da, edo lizentzia edo baimenak aldi baterako etetea, gehienez sei hilabetez; behin baino gehiagotan eginez gero, urtebetera artekoa izan daiteke etena.

  2. Aurreko apartatuko kasu berean, arau-hauste oso larriengatik aplika daitezkeen zehapenekin batera, zehapen osagarri gisa, establezimenduak edo zerbitzuak aldi baterako itxi ahal izango dira, edo lizentziak edo baimenak aldi baterako eten ahal izango dira, sei hilabete eta egun batetik bi urtera arte; behin baino gehiagotan eginez gero, bi urte eta egun batetik bost urtera artekoa izan daiteke etena.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Labi-Euskadiko Babes Zibileko Planean aurreikusitako antolamendu-esparru orokorraren aurreikuspenak egokitzea COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-larrialdiko egoerara.

    Hargatik eragotzi gabe apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginean eta Labi-Euskadiko Babes Zibileko Planean aurreikusitakoa, lege honek deklaratzen duen osasun-larrialdia kudeatzeko, Autonomia Erkidegoko babes zibilaren antolamendu-esparru orokorrean aurreikusitako Aholku Batzordeak Labiren batzorde tekniko bat edo laguntza-talde tekniko bat izango du COVID-19aren pandemia kudeatzeko, lehendakariak izendatua Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren zuzendaritzaren arduradun gisa, zientziaren eta kudeaketaren hainbat arlotan ospe eta ibilbide profesional aitortua duten pertsonez osatua. Lehendakariak berak zuzenduko du, edo berak izendatutako pertsonak, eta aipatu Labi-Euskadiko Babes Zibileko Planean aurreikusitako ekintza-taldeen eginkizun guztiak hartuko ditu bere gain, baldin eta lehendakariak berak ekintza-talde horiei edo sor litezkeen beste batzuei berariaz esleitzen ez badizkie. Beharrezkoa izanez gero, antolaketa-araudi bat ezarri ahal izango da.

    Labiren Aholku Batzordeak ematen dituen irizpenek, bai eta hari laguntzeko batzorde teknikoak ematen dituenek ere, bermatuta izango dituzte gardentasuna eta publizitatea, eta nahitaezkoa izango da aldian-aldian bidaltzea Eusko Legebiltzarrera, lurralde historikoetako batzar nagusietara eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartera.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Neurrien justifikazioa.

    Lege hau aplikatuz hartzen diren neurri prebentibo eta murriztaileekin batera, proportzionaltasun-judizio bat aurkeztu beharko da, ebidentzia zientifikoan eta neurri horiek hartzea justifikatzen duten irizpideetan oinarritua, betiere kontrol politiko eta judizial beharrezkoa eta egokia ahalbidetuz eta erraztuz.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Komunikazioa.

    Pertsona guztiak ahalik eta eraginkortasun handienaz artatu ahal izateko, euskal administrazio publikoek, beren ekintza guztietan, lege honen ondorioz hartutako neurriak modu argian jakinarazteko betebeharra areagotuko dute, eta bertsio egokituak edo irakurketa errazeko formatu irisgarriagoak izango dituzte, herritar guztien irisgarritasun kognitiboa bermatuz erakunde-informaziora, eta neurri guztien hedapen, ezagutza eta hurbiltasun ahalik eta handiena ahalbidetuz beti. Lehentasuna emango zaie presentzialtasunari, telefono-zerbitzuaren hedapenari, arrakala digitala arintzeko neurriei eta aniztasun funtzionalera egokitutako komunikazio-moduei.

  1. Lege honetan zehapen-araubideari buruz aurreikusitako arauak lege hau indarrean jarri aurretik egindako arau-hausteei aplikatuko zaizkie bakar-bakarrik baldin eta lege honetan aurreikusitako gehieneko zehapena prozedura izapidetzeko oinarritzat hartu den lege substantiboan aurreikusitako gutxienekoa baino txikiagoa bada edo, bestela, ustezko arau-hauslearentzat onuragarriagoa bada.

  2. Lege honen indarraldian egindako arau-hausteak, lege honen indarraldia amaitu ondoren izapidetu beharreko prozeduretan ebazten badira, lege honetan ezarritakoaren arabera zehatuko dira, dagokion ebazpen irmoa eman arte.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 24a.

Lehendakaria,

IIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (6)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.