Euskadi.eus
  • 8/2021 LEGEA, azaroaren 11koa, Euneiz Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate pribatu gisa onartzekoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

8/2021 LEGEA, azaroaren 11koa, Euneiz Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate pribatu gisa onartzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 232
  • Hurrenkera-zk.: 5910
  • Xedapen-zk.: 8
  • Xedapen-data: 2021/11/11
  • Argitaratze-data: 2021/11/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 8/2021 Legea, azaroaren 11koa, Euneiz Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate pribatu gisa onartzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 16. artikuluak hau ezartzen du: Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe.

Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak emandako definizioaren arabera, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitate guztiek titulartasun publikokoak nahiz ez publikokoak euskal gizarteari laguntzen diote ekonomiaren, zientziaren eta kulturaren garapenean, bai eta haren kohesioa eta herritarren ongizatea lortzen ere; betiere, gizarte bidezkoago eta solidarioago baten bidean. Era berean, lege horren arabera, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateek giza eskubideen errespetuaren gaineko hezkuntza eta demokraziaren eta justizia sozialaren balioen gainekoa sustatu behar dute. Ohiko irakaskuntzaren osagarri diren ekimenak indartu beharko dituzte, eta horiei laguntza eman, giza duintasunari eta herri eta kultura guztien arteko elkartasunari dagozkien balioak transmititzen dituzten heinean. Horrez gain, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek euskal kultura-ondarearen defentsa, azterlana eta sustapena bultzatuko dituzte, oro har, eta euskararena bereziki. Legeak, halaber, publikoak ez diren unibertsitateentzako eskubide eta betekizunak ezartzen ditu, Euskal Unibertsitate Sistema osoaren kalitatea hobetzen lagunduko dutenak.

Bestalde, lege horren IV. tituluko 61. artikuluaren arabera, Eusko Legebiltzarrari ez beste inori dagokio unibertsitate pribatuak onartzea eta, hala badagokio, onarpen hori kentzea.

Era berean, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, VIII. tituluan, 108. artikuluan, ezartzen du edozein pertsona fisikok edo juridikok sustatu ahal izango duela publikoak ez diren unibertsitateen onarpena, eta unibertsitateen gaineko oinarrizko legerian ezarritako muga edo debekuak baino ez dituela izango. Gainera, lege horren 109. artikuluan xedatzen denez, unibertsitate pribatuak lege bidez onartuko dira.

Lege hori onartu zenetik, Eusko Jaurlaritzak, bere unibertsitate-politikaren bitartez, Euskal Unibertsitate Sistemaren artikulazioa eta kohesioa bultzatu du, sistema osatzen duten unibertsitate guztiei zuzendutako garapen-helburuak definituz.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu baitzuen) zehatz-mehatz arautzen ditu, ikastetxeak sortzeko askatasunaren konstituzio-printzipioa errespetatuz, unibertsitate publiko zein pribatuen onarpenerako, funtzionamendurako eta araubide juridikorako baldintzei eta betekizunei buruzko alderdi nagusiak.

Bestalde, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak unibertsitate publikoei dagoeneko eskatzen zaizkien betekizunak hartzen ditu kontuan unibertsitate pribatuentzat. Lege horrek I. tituluko 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, legebiltzarraren lege bitartez onartuko dira unibertsitate pribatuak.

Manu horien arabera, Eusteiz 2018 SA merkataritzako konpainia anonimoak, titulartasun pribatuko unibertsitateak sortzeko askatasunaren konstituzio-eskubidea baliatu nahirik, indarreko araudiak eskatzen duen espedientea aurkeztu du Hezkuntza Sailean eta Euneiz unibertsitate pribatu gisa onartzea eskatu du. Unibertsitatea Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatuko litzateke eta irakaskuntza presentziala emango luke.

Goi-mailako unibertsitate-hezkuntza eskainiko du Euneiz Unibertsitateak, teknologia berrien eta kirol- eta osasun-zientzien arloak integratuta. Teknologia berrien eta ekonomia digitalaren esparrua entretenimenduaren, bideo-jokoen eta joko aplikatuen industriara bideratua egongo da. Osasun-zientzien esparrua, berriz, kirol-zuzendaritzaren eta berregokitzearen eremuetara egongo da bideratuta, batez ere.

Euneiz Unibertsitatearen konpromisoa da honelako goi-mailako unibertsitate-hezkuntza eskaintzea:

Hazkunde eta garapen ekonomiko eta soziala sustatuko duena, ekonomia global berrirako prestatutako gradudunen bidez, munduko herritarrak izango baitira, beren testuinguruan modu positiboan eragiteko gai. Horretarako, abangoardiako prestakuntza erabiliko da, euskarritzat hartuta informazio- eta komunikazio-teknologiak, prestakuntza-bitarteko bereizgarri gisa, eta, praktika profesional intentsiboa, tresna gisa.

Tokiko aberastasuna modu jasangarrian sortzen lagundu, eta kanpoko kapitala erakarriko duena. Horretarako, ikerketa aplikatu eraldatzailearen estrategia eta lankidetzako eta garapeneko proiektu berritzaileak erabiliko dira eta erakundearen eta gure herrialdearen giza kapitala nazioartean sustatuko da, teknologia berriek dakarten espazioa aprobetxatuz.

Unibertsitateko ikasle, irakasle eta ikertzaileen nazioartekotzea sustatuko duena.

Euskadiko hezkuntza-eskaintza guztia nazioartekotzen lagunduko duena.

Kapital intelektuala garatu eta atxikiko duena, nazioarteko migrazio eta mugikortasun profesionala dela eta, berrikuntza- eta ekintzailetza-ekimenak erakarriz Gasteizera eta Euskadira, ikasleen lanaren bidez.

Euneiz Unibertsitatea unibertsitate pribatua eratu ahal izateko, entitate sustatzaileak araudiak eskatutako betekizunak betetzen dituela egiaztatu du, nahiz eta jarduerak hasteko baimena eman baino lehen gauzatu beharko diren. Zehazki, espedientean egiaztatu da Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak 5. artikuluan jasotako debekuek ez dietela eragiten. Euneiz Unibertsitateak konpromisoa hartu du unibertsitate pribatuei aplikatu beharreko ordenamendu juridikoan eskatutako beste edozein betebehar beteko duela.

Euneiz Unibertsitatea onartzeko espedientean, Estatuko Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiaren nahitaezko txostena eskatu da, bai eta Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziarena, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluarena eta Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluarena ere.

Edukiari dagokionez, lege honek Euneiz Unibertsitatea unibertsitate pribatua onartzen du, eta, oro har, honako alderdi hauek arautzen ditu: unibertsitatearen egitura, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren berariazko baimena jaso beharra jarduerak hasteko, ikasleak sartzeko betekizunak, jardunean egon beharreko gutxieneko epea, edo Administrazio autonomikoak bermeak ezartzeko edo ikuskapenak egiteko aukera izatea, hain zuzen ere ziurtatzeko Euneiz Unibertsitateak bete egiten dituela indarrean dagoen legeriak ezarritako betekizunak edo onarpenarekin hartutako konpromisoak.

Aplikazio-eremuari dagokionez, lege hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 129. artikuluan bildutako printzipio gidariekin, eta haien arabera ezartzen ditu xedea eta helburuak.

Bestalde, arau honen mailari dagokionez, bat dator Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak 4. artikuluan jasotakoarekin. artikulu horren arabera, unibertsitate pribatua kokatuko den lurralde-eremuko erkidegoko legebiltzarrak emango du onarpena, lege bidez. Horrenbestez, ez da legediak ezarritako muga gainditzen, eta bai, beraz, proportzionaltasunaren printzipioa betetzen.

Era berean, segurtasun juridikoa bermatzen da, bete-betean, lege hau zehaztasunez eta gardentasunez izapidetu baita.

Horiek horrela, batetik, aztertu da Euneiz Unibertsitatearen entitate sustatzaileak aurkeztutako memoria, non biltzen baitira Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan eta indarrean dauden gainerako arauetan ezarritako betekizunak betetzeko konpromisoak; eta, bestetik, kontuan hartu da, Euneiz Unibertsitatearen jarduerak hasi aurretik, Eusko Jaurlaritzako sail eskudunak egiaztatuko duela erakunde sustatzaileak badituela jarduera horien garapen egokia bermatuko duten irakaskuntza-baliabideak eta baliabide materialak, bai eta dagozkion titulu ofizialak egiaztatu eta akreditatu dituela ere, aplikatu beharreko araudiaren arabera. Horrenbestez, bidezkoa da lege hau onestea, goi-mailako unibertsitate-irakaskuntzako zerbitzua emateko ezinbestekoa den araudia jasotzen baitu, hezkuntzaren eta ikerkuntzaren kalitatea bermatuz.

  1. Onartu egiten da Euneiz Unibertsitatea, Eusteiz 2018 SAk sustatua, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate pribatutzat. Unibertsitate horrek nortasun juridiko propioa dauka, unibertsitateko irakaskuntza presentziala emango du eta goi-mailako unibertsitate-hezkuntzako erakunde gisa dagozkion gainerako eginkizunak beteko ditu, ikasketa eta ikerketaren bitartez.

  2. Euneiz Unibertsitatea Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuko da, Salburua eraikinean, Gasteizko Biosferaren ibilbidearen 6. zenbakian, eta honako hauek arautuko dute bere jarduna: unibertsitatea onartzeko legeak, unibertsitatearen antolamendu- eta funtzionamendu-arauek eta unibertsitateei buruzko Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko arauek.

  3. Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak onartu beharko ditu unibertsitatearen antolamendu- eta funtzionamendu-arauak, haien legezkotasuna aztertu ondoren.

  1. Euneiz Unibertsitatea zenbait egitura-unitatetan antolatua dago eta, antolaketa horren barruan, ikastegi hauek izango ditu hasiera batean: Osasun Zientzien Fakultatea eta Teknologia Interaktibo Berrien Fakultatea.

  2. Ikastegi horiek arduratuko dira graduko eta graduondoko titulu ofizialak lortzeko ikasketak antolatzeaz eta kudeaketa administratiboaz, aplikatu beharreko araudiaren arabera eska daitezkeen betekizunen ildotik.

  3. Ikasketa ofizialen izena beroriek jardunean jartzeko aginduan jasoko da, ikasketa-planak egiaztatzeko ebazpenean jasotakoaren arabera.

  4. Euneiz Unibertsitateko ikastegi berriak onartzeko, titulu ofizialak lortzeko ikasketak ezartzeko eta titulu horiek homologatzeko, unibertsitateei buruzko Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko araudietan ezarritako baldintzak betetzea eskatuko da, betiere beharrezko bitartekoak eta baliabideak dituztela egiaztatu ondoren.

  1. Euneiz Unibertsitatearen jardueren hasiera unibertsitateen alorrean eskumena duen sailburuaren aginduz erabakiko da, sei hilabeteko epean gehienez ere, baimena eskatzen denetik hasita, behin unibertsitatea onartzeko lege hau indarrean dagoela; betiere, epe horren barruan titulu ofizialen homologazioa lortu bada eta gainerako lege-betekizunak betetzen direla egiaztatzen bada.

    Euneiz Unibertsitateak bere eginkizunak behar bezala beteko dituela bermatuko duten baliabide propioak izan beharko ditu, bai eta unibertsitatea Euskal Unibertsitate Sistemaren helburuen testuinguruan ezarri eta garatuko dela bermatzeko behar direnak ere.

    Euneiz Unibertsitatearen jarduerak hasteko baimena ematen duen aginduan jasoko denez, Eusko Jaurlaritzak jarduerak hasteko baldintzatzat jarriko du berme batzuk eratzea; hain zuzen ere, unibertsitatearen jarduna eta garapena 6. artikuluan aipatzen den denboraz gutxienez ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen direnak, eta unibertsitateak eta haren sustatzaileek bere unibertsitate-komunitatea osatzen duten kideekiko dituzten konpromisoei aurre egitekoak.

  2. Eusko Jaurlaritzak egiaztatu egingo du legez ezarritako gutxieneko baldintzak bete direla, besteak beste, irakasleei eta ikertzaileei dagozkienak, eta gradu, master eta doktoregoko eskaintza akademiko ofizialari dagozkionak.

    Unibertsitatearen jarduerak hasteko aginduan, behin nahitaezko izapideak beteta, honetarako baimena ere emango da: unibertsitateak egindako eskaintza ikusita, dagozkion gradu, master eta doktoregoko ikasketa ofizialak ezartzeko.

    Legeriak irakaskuntzako eta ikerkuntzako kalitatea bermatzeko ezartzen dituen oinarrizko betekizunak bete beharko dira, bai eta Eusko Jaurlaritzak ikasleen onarpenerako ezar ditzakeen mugak ere.

    Era berean, jardueren hasiera baimentzeko informazioan, Euneiz Unibertsitateak emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunerako plan bat aurkeztu beharko du, unibertsitateko kolektibo eta arlo guztiei buruzkoa. Euskal kultura-ondarea eta euskara bultzatzeko plan bat ere aurkeztu beharko du, gutxienez Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean jasotako funtsezko helburuekin bat datorrena.

  3. Euneiz Unibertsitatearen jarduerak hasteko baimenean, unibertsitateak hala proposatuta, ikasketak mailaka ezartzen joatea baimendu ahal izango da, ikasturtez ikasturte, edo aldi berean ezartzea, dagozkien ikasketa-planen arabera ikasturte guztietarako edo batzuetarako, baldin eta aukera hori aurreikusita badago ikasketa-planetan.

  1. Euneiz Unibertsitatearen onarpena iraungi egingo da baldin eta, lege hau indarrean jarri eta bi urtera, lege honen 3. artikuluan adierazitako jarduera akademikoak hasteko baimena eskatu ez bada.

  2. Euneiz Unibertsitatearen onarpena iraungi egingo da, halaber, baimena ukatzen bada ordenamendu juridikoan aurreikusitako betekizunak bete ez direlako. Ukatzea irmoa denean iraungiko da onarpena.

  1. Unibertsitate-irakaskuntzara sartzeko indarrean dauden betekizunak betetzen dituzten ikasleak sartu ahal izango dira Euneiz Unibertsitatera.

  2. Euneiz Unibertsitateak askatasunez arautuko du ikasleak haren ikastegietan sartzeko eta bertan jarraitzeko araubidea. Dena den, eskatzaileek aurkez ditzaketen meritu guztien artean, meritu akademikoei eman beharko zaie lehentasunezko balorazioa.

  3. Euneiz Unibertsitateak hau bermatuko du: unibertsitatean sartzeko eta bertan jarraitzeko eskubidea aitortzen dela, hala arauetan nola egitatezko egoeretan, inolako diskriminaziorik egin gabe jaiotze, arraza, sexu, sexu-joera, erlijio, iritzi edo bestelako ezaugarri edo baldintza pertsonala edo soziala dela-eta.

  1. Euneiz Unibertsitateak eta bere ikastegi guztiek jardunean iraun beharko dute gutxienez ikasketak hasi dituzten ikasleek ikasketok amaitu ahal izan arte, aprobetxamendu akademiko normalarekin.

  2. Euneiz Unibertsitatearen antolamendu- eta funtzionamendu-arauetan edo aplikatu beharreko beste arau batzuetan ez bada berariaz konpromiso zehatzik aurreikusi, ikasketa-planen azkentze-arauak aplikatzetik datorrena joko da lege honen 6. artikuluko 1. apartatuan aipatutako gutxieneko iraupen-denboratzat.

  1. Espainiako Konstituzioak 149.1.30 artikuluan aurreikusitakoaren arabera Estatuaren eskumena diren goi-ikuskaritza eta gainerako ahalmenak eragotzi gabe, Eusko Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailak ikuskatuko du Euneiz Unibertsitateak aplikatu behar zaizkion arauak eta bere gain hartuta dituen betebeharrak betetzen dituela.

  2. Euneiz Unibertsitateak sail horretako organo eskudunekin lankidetzan jardungo du ikuskapen-lanetan, eta eskatutako dokumentazioa eta instalazioetarako sarbidea emango die, eskatzen diotenean, xede horretarako baino ez.

  3. Euneiz Unibertsitateak aldaketa hauek komunikatu beharko dizkio Eusko Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailari: unibertsitatearen antolamendu- eta funtzionamendu-arauetan izandakoak, ondare-egoerari dagozkionak eta ikerketarako eta ikasketarako beka eta laguntzak emateko arautze espezifikoan izandakoak. Aldaketak gertatu eta bi hilabeteko epean egingo da komunikazio hori.

  4. Era berean, Eusko Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailak Euneiz Unibertsitateari eskatu ahal izango dio auditoretzak egin ditzala, egoki iritzitako aldizkakotasunarekin, ez urtean behin baino gehiagotan. Helburua da unibertsitatea onartzerakoan kontuan hartu diren bideragarritasun ekonomikoko baldintzei eusten zaiela egiaztatzea.

  5. Euneiz Unibertsitatearen jarduerak hasi ondoren, Eusko Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailak ikusten badu unibertsitateak ez dituela betetzen ordenamendu juridikoak eskatzen dituen betebeharrak edo onarpena eskatu zuenean entitate titularrak bere gain hartu zituen konpromisoak, Eusko Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailak unibertsitateari eskatuko dio egoera erregularizatu dezala horretarako emango zaion epean. Epe hori atzemandako akatsaren neurriaren araberakoa izango da, eta unibertsitateari eskatu zaiona bete gabe amaitzen bada, Eusko Jaurlaritzak, unibertsitateari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari entzun ondoren, egoeraren berri emango dio Eusko Legebiltzarrari, unibertsitateari emandako onarpena ezeztatzea ala ez erabakitzeko.

Euneiz unibertsitateak Eusko Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailari honako egintza eta negozio juridikoen berri eman beharko dio, horiek burutu baino lehen:

unibertsitate pribatuaren nortasun juridikoa edo egitura aldatzen duten egintza edo negozio juridikoak.

unibertsitatearen gainean pertsona fisikoek edo juridikoek zuzenean edo zeharka duten titulartasuna inter vivos, osorik edo partzialki, dohainik edo kostu bidez eskualdatzea edo lagatzea dakartenak.

  1. Euneiz Unibertsitateak urtero prestatuko du bertan egindako ikasketen eta ikerketen memoria.

  2. Euneiz Unibertsitateak Eusko Legebiltzarraren, Eusko Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailaren eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren eskura jarriko du memoria hori.

Euneiz Unibertsitatearen jarduerak Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren ebaluazioaren mende geratuko dira, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 109. artikuluko 2. apartatuan jasotzen den bezala. artikulu horren arabera, Onarpena emateko legeak ezarriko du unibertsitate berriak nahitaez utzi beharko duela bere jarduerak Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak ebaluatzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Garapena.

Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailburuari, lege honetan xedatutakoa aplikatzeko behar diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 12a.

Lehendakaria,

IIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.