Euskadi.eus
  • 8/2022 LEGEA, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

8/2022 LEGEA, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 139
  • Hurrenkera-zk.: 3265
  • Xedapen-zk.: 8
  • Xedapen-data: 2022/06/30
  • Argitaratze-data: 2022/07/19

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 8/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Autonomia Estatutuko 10.36 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak kirolaren arloko eskumen esklusiboa du. Era berean, 10.22 artikuluaren arabera, eskumen esklusiboa du profesionalen elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueraren arloan, hargatik eragotzi gabe Konstituzioko 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Eusko Legebiltzarrak, kirol-arloko eskumena betez, ekainaren 11ko 14/1998 Legea onartu zuen, Euskadiko Kirolarena. Lege horrek 62. artikuluan ezartzen zuen ezen agintari publikoek, beren eskumen esparruaren barruan, titulu ofizialak eskatuko dituztela kirolarekin zuzenean lotutako zerbitzuak eskaintzeko, hots, irakaskuntza-, zuzendaritza-, kudeaketa-, entrenamendu- zein animazio-zerbitzuak eta bestelakoak eskaintzeko. Hau da, Kirolaren Legeak ez zuen zehaztu zer titulazio eskatu behar zen lanbide-jarduera horietarako; ondorioz, eskakizun hori arautu beharra zegoen.

Beste alde batetik, Eusko Legebiltzarrak tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea ere onartu zuen. Lege hori bitan banatuta dago: alde batetik, tituludun lanbideetako jardunari buruzko zenbait alderdi orokor arautzen ditu, eta, bestetik, elkargoetan bildutako tituludun lanbideei dagokiena. Lehenengo zatiari dagokionez, arau-esparru komuna ezartzen du lanbide-jarduera guztietarako, zeina osatu behar baita, zioen azalpenean argi eta garbi adierazten denez, lanbide bakoitzaren jardunari dagokion araudi bereiziarekin. Hau da, aldi berean dira aplikagarri lanbide-jardunari buruzko araudi komuna eta araudi sektoriala.

Lege honen xedea da jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbide jakin batzuen sarbiderako funtsezko alderdiak arautzea eta, horretarako, gorago aipatutako ekainaren 11ko 14/1998 Legea indargabetzen du bere xedapen indargabetzailearen bidez. Lege berria honela egituratuta dago: zioen azalpena, atariko titulu bat, hiru titulu, hamabi xedapen gehigarri, zortzi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.

Atariko tituluan (1. artikulutik 6.era) xedapen orokorrak ezartzen dira. Lehenengo tituluan (7. artikulutik 11.era) kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko lanbideak arautzen dira, horien izendapenekin eta eginkizunekin, eta horietako bakoitzari eska dakizkiokeen kualifikazioak zehazten dira. Bigarren tituluan (12. artikulutik 18.era) lanbide horietan sartzeko eta jarduteko baldintzak zehazten dira, eta hirugarren tituluan (19. artikulutik 23.era) zehapen-araubidea ezartzen da.

Kirol-jarduna alderdi biologiko eta kulturalen konbinaketa bat izan da betidanik eta, garai jakin batetik aurrera bereziki, garrantzia hartzen joan da gizarte postindustrialetan, agerikoa baita mesedegarria dela pertsonen osasunerako. Era berean, garrantzia hartzen joan den heinean, aldatu egin da kirol-jarduera ulertzeko modua eta protagonismo handiagoa lortu du jarduera fisikoak, pertsonaren ongizatea maila integralean hobetzea baitu helburu. Euskal gizartea ere ez dago errealitate horretatik kanpo. Eta, ikuspegi horretatik, herrialde garatuen eta gorabidean diren herrialdeen politika publikoen agendan sartu dira jarduera fisikoa eta kirola, osasun-iturri gisa. Jarduera fisikorik ezak eta sedentarismoak eragiten dituzten osasun-arazo garrantzitsuak kontuan izanda, Euskadin administrazio publikoek hainbat programa ezarri dute fisikoki aktiboak ez diren pertsonek ez-aktibo izateari utz diezaioten helburua duten jarduera fisikoak antolatzeko, eta helburu horrekin hainbat orientazio- eta laguntza-zerbitzu eskaini dituzte. Beharrezkoa da jarduera fisikoa sustatzeko programa guztiek behar bezala kualifikatutako profesionalak izatea.

Horrela, legeak kalitatezko jarduera fisikoaren eta kirolaren praktika inklusiboa sustatu eta garatu nahi du, kirolaren dimentsio soziala kontuan hartuta, garapen pertsonalean eta kohesio sozialean duen eraginagatik.

2003-2007 aldirako Kirolaren Euskal Planean bertan ere salatu zenez, pertzepzio orokorra da ez dagoela lanbide-araudirik, eta horrek berekin ekarri duela, batetik, prestakuntzarik gabeko pertsonak sartzea merkatuan eta, bestetik, behar baino kualifikazio gutxiagoko jendea aritzea lanbide horietan. Hori dela-eta, plan horren lehentasunezko helburuetako bat zen lanbide horietan jarduteko behar diren gutxieneko titulazioak arautzea, kontuan izanik, planean bertan onartzen denez, kirola egitearen eragina pertsonen osasunean eta segurtasunean.

Ezin uka daiteke oro har, kirol-jardunak onura garrantzitsuak dakartzala baldintza onargarrietan egiten bada; baina, halaber, mehatxu garrantzitsua izan daitekeela, baldin eta izan beharreko prestakuntza ez duten pertsonek zuzenduta edo gainbegiratuta egiten bada.

Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetako jarduna arautzeko premiari dagokionez, zioen azalpen honetan nabarmendu behar da Konstituzio Auzitegiak ondokoa adierazi zuela urriaren 1eko 194/1998 Epaian: Konstituzioak berak agindua ematen die botere publikoei "gorputz-hezkuntza eta kirola" susta dezaten (Espainiako Konstituzioaren 43.3 artikulua). Jarduera horiek oso lotuta azaltzen dira Espainiako Konstituzioaren 43.1 artikuluan aipatzen den osasunarekin; hain lotuta daude ezen, osasuna mantentzen lagundu ez ezik, jarduera horiei esker saihestu ere egin baitaiteke jarduera fisikoetako eta kirol-jardueretako hainbat ariketa desegokik osasunean izan dezakeen eragin negatiboa; batez ere, sarritan txikia ez den arriskua dakarten kirolak egitean. Jakina da, bestalde, jarduera horiek gero eta garrantzitsuagoak eta baloratuagoak direla; beraz, egoera horri erantzuteko, botere publikoek kualifikazio-eskakizun berriak jarri dizkiete jarduera horietan diharduten profesionalei (...).

Testu artikulatuan, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko berezko lanbide batzuetan jarduteko oinarrizkoak diren zenbait alderdi arautzen dira: berariaz ezarri da zein diren lanbide horiek, lanbide horietan jarduteko behar den kualifikazioa zehaztu da eta lanbide bakoitzari dagokion eremu funtzional orokorra esleitu zaio.

Lege honek kirola eta jarduera fisikoa oso zentzu irekian ulertzen ditu, eta euskal kirolaren arloko adierazpen guztiak jasotzen ditu, baina haien kontzeptua mugatu gabe, ez ofizialki onartutako kirol-modalitate eta -diziplinetara, ez eta lehiaketa hutsaren mundura ere. Kirolaren euskal sistemak, Kirolaren Euskal Planean adierazi zenez, ezaugarri oso heterogeneoak dituzten azpisistemak ditu. Horregatik, legea ez da soilik mugatzen lehiaketaren eremura edo federatuen eremura; aitzitik, kirolaren eta jarduera fisikoaren polikromia osoa jaso nahi du, 1992ko Kirolaren Europako Gutunarekin bat etorriz, zeinak honela ulertzen baitu kirola: edozein motatako jarduera fisikoa, helburu duena forma fisiko edo psikikoa azalaraztea edo hobetzea, gizarte-harremanak garatzea edo maila guztietako lehiaketetan emaitza onak lortzea, parte-hartze antolatu baten bidez edo beste mota bateko parte-hartzearen bidez.

Gizarte garatuetan, eta halakoa da euskal gizartea, ausarki zeharkako jardute-eremu bat bilakatu behar dute jada jarduera fisikoak eta kirolak; hau da, kirola ez dute sail espezifiko batzuek bakarrik landu behar, gobernuaren ekintza osoak baizik. Izan ere, kirolak eragina du osasunean, hezkuntzan, lan-merkatuan, kontsumitzaile eta erabiltzaileengan, euskararen erabileran, ingurune naturalean eta abarretan.

Lege honek arautzen dituen lanbideek barne hartzen dituzte hezkuntzaren, aisiaren, lehiaren eta zuzendaritzaren eremuak. Eremu horietako bakoitzean onartu da lanbideren bat.

Lege honek jasotzen dituen lanbideak lanbide araututzat baino ezin dira jo Europako Parlamentuko eta Kontseiluko 2005eko irailaren 7ko 2005/36/EE Zuzentarauaren arabera, zeina lanbide-kualifikazioak onartzeari buruzkoa baita. Gorputz Hezkuntzako irakaslearen lanbidea, aldiz, bestelakoa da; izan ere, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren arabera arautu eta ezarri ziren lanbide eta titulu hori. Konstituzio-jurisprudentziaren arabera, tituludun lanbidea da lanbide bat zeinean jarduteko goi-mailako titulu ofiziala eskatzen baita, baldin eta, interes orokorreko arrazoiak direla tarteko, hala ezartzen badu lege-mailako Estatuko arau batek. Aldiz, lanbide arautua da lanbide-jarduera bat edo lanbide-jardueren multzo bat, zeinean sartzeko edo jarduteko, edo haren modalitateetako batean sartzeko edo jarduteko, beharrezkoa baita zuzenean edo zeharka lege-, arau- edo administrazio-xedapenen ondorioz arautzen diren lanbide-kualifikazioak edukitzea.

Hori da lege honen giltzarrietako bat. Izan ere, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeko edo jarduteko ez da beharrezkoa goi-mailako hezkuntzako titulua izatea eta bai, ordea, dagozkion lanbide-kualifikazioak egiaztatzea. Kualifikazio horiek hainbat mailatako titulu akademikoen bidez egiaztatu ahal izango dira, baita beste titulu ofizial batzuen bidez ere, esaterako, profesionaltasun-ziurtagiriak, une bakoitzean indarrean den ordenamenduaren arabera.

Legeak, hasteko, Gorputz Hezkuntzako irakaslearen lanbideari buruzko hezkuntza-legeria osatzen du. Lanbide horrek, egun tradizio handiko tituludun lanbidea izan arren, ez du aintzatespen egokirik izan gaurko egunera arte eta, horrez gain, lege honek konpondu nahi dituen zenbait gabezia ditu, ikasleen osasuna eta segurtasuna bermatzeari dagokionez. Gorputz Hezkuntzako irakaslearen egitekoak duen garrantzia bermatu nahi da legean eta, horregatik, hezkuntza-legeriaren kualifikazio-eskakizunak errespetatuz, lehen sorospeneko gutxieneko prestakuntza izatea eskatzen zaie irakasle hauei.

Euskal Autonomia Erkidegoan, garrantzi handia hartu du azken hamarkadetan osasunerako, aisia eta jolaserako, gizarteratzeko, hezkuntzarako eta antzeko xedeetarako egiten den jarduera fisikoak eta kirolak; hori dela eta, ezinbestekoa da eremu horietan profesionalek jardutea. Era berean, gero eta interes handiagoa dago abentura-kirolak, arrisku-kirolak egiteko edo natura-ingurunean kirola egiteko, eta ugaritu egin dira kirol-zentro publiko zein pribatuak. Horrek guztiak profesionalen eskaintza eta eskari handia sortu du eta ezinbestekoa da hori lehenbailehen arautzea. Horrenbestez, legeak kirol-monitorearen lanbidea onartu eta arautzen du, zeinak, halaber, aparteko tradizioa baitu jarduera fisikoaren eta kirolaren munduan.

Lehiaketazko kiroletan oso errealitate desberdinak daude, eta legea aniztasun hori kontuan hartzen saiatu da. Lehiaketazko kirolaren eremu horretan, dagokion modalitate edo azpimodalitateko entrenatzailearen lanbidea onartzen da. Lanbide horrek bide ematen du, funtsean, lehiaketara begira kirolariak eta kirolari-taldeak zuzentzeko eta haien entrenamenduen plangintza egiteko eta zuzentzeko.

Kirol-zuzendaritzaren arloa ere arautu egin da; horrela, legean kirol-zuzendariaren lanbidea onartu da, zeinak bide ematen baitu, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien berezko jakintzak eta teknikak aplikatuz, kirol-zentroak eta -jarduerak zuzendu, programatu, planifikatu, koordinatu eta gainbegiratzearekin lotutako hainbat lanbide-jarduera egiteko. Baina araudi horretatik kanpo utzi da kirol-instalazioen edo -erakundeen kudeatzailea, baldin eta kirol-zuzendariaren berariazko eginkizunak betetzen ez baditu jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak aplikatuz.

Araugintza-ekimena gauzatzean, botere publikoek printzipio hauen arabera jardun behar dute: premia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, irisgarritasuna, aukera-berdintasuna, inklusioa, hizkuntza-eskubideen bermea, sinpletasuna eta eraginkortasuna. Hori dela eta, premia- eta proportzionaltasun-printzipioak errespetatuz, legeak jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbide jakin batzuk baino ez ditu arautzen, eta ez guztiak. Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko beste lanbide batzuk arautu gabe uztea erabaki da, esaterako, kirol-epaileen edo kirolarien agenteen lanbideak. Izan ere, zerbitzu horiek ematen dituzten lanbideek ez dute zuzenean eragiten ondasun juridikorik nabarmenenetan, hau da, ez dute eragiten zerbitzu profesional horien hartzaile diren hirugarren pertsonen osasun eta segurtasunean.

Era berean, lanbidean jarduteko modua arautzen den heinean, araudi honen aplikazio-eremutik kanpo geratu dira kirol-boluntarioek egiten dituzten kirol-jarduera teknikoak; hau da, profesionalak ez diren kirol-jarduerak. Hala eta guztiz ere, legegileak, boluntarioek kirol-entrenamenduaren eremuan duten zeregin garrantzitsuaz jabeturik, neurri batzuk jasotzen ditu kirolarien osasuna eta segurtasuna bermatzeko, kolektibo horren kualifikazio-programak sustatuz eta eginez, aurrekontu egokiekin eta profesionalizazio-planekin.

Horregatik, behar bezala justifikatuta dago lege hau ematea, printzipio horietara egokitzen delako, funtsean, premia-printzipioari; izan ere, interes orokorreko arrazoi batek justifikatzen du legea, hain zuzen ere, herritarren osasuna eta segurtasuna babestea. Era berean, proportzionaltasun-printzipioa betez, testu artikulatuak horren murriztaileak eta distortsionatzaileak ez diren neurriak jartzera jo du, emaitza bera lortzeko.

Lege-testuak, bestalde, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan jarduteko jokabide-printzipio eta -betebeharren katalogo bat jaso du. Printzipio eta betebehar horiek, oro har, berezkoak eta berariazkoak dira lanbide horietan; gainerako guztirako, lanbide-jardunerako esparru komunera jo beharko da.

Arreta berezia jarri zaio emakumeen eta gizonen lanbide-eremuko berdintasunaren gaiari, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako printzipioak betez. Hori dela eta, besteak beste, legeak sustatzen du tratu- eta aukera-berdintasunerako politikak bideratzea lege honetan araututako lanbideetarako sarbidean, lanbide-jardunean, lanbide-sustapenean eta dagozkion elkargo-erakundeetan.

Bestalde, herritarrek aukeratzen duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidearen bermea bultzatuko da Autonomia Estatutuaren 6. artikuluan ezartzen den euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasunarekin bat eginez eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legean xedatutakoari jarraituz.

Gizarte bat ezin izango da inklusibotzat jo talde sozial ezberdinak ez badira bertan islatzen. Helburu horrekin, lege honetan gure gizartea osatzen duen aniztasuna islatu nahi izan da, kirol-modalitate tradizionalak ez ezik, arreta berezia behar duten pertsonei zuzendutako kirolak ere aintzat hartuz. Ondorioz, haien errealitateetarako betekizun espezifikoak ezarri dira, besteak beste, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2006ko abenduaren 13an onetsitako Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioan aitortutako eskubideak bermatzeko.

Zioen azalpen honetan, jasota geratu behar da lege hau egokitu dela Barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006ko abenduaren 12ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/123/EE Zuzentaraura. Helburu horrekin, Batasuneko estatu kideetako profesionalen kokatze-askatasunaren eta zerbitzuen zirkulazio askearen aurka dauden oztopoak ezabatu dira, zerbitzu profesionalen hartzaileei zein emaileei beharrezkoa den segurtasun juridikoa bermatze aldera Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan jasotako oinarrizko askatasunak egikaritzeko orduan. Era berean, kontuan izan da Estatuko legeria zerbitzuen eta lanbide-elkargoen arloan, bai eta merkatu-batasuna bermatzeari dagokionez ere.

Lege honek arreta berezia jartzen du zuzenbide iragankorrean. Lege-aldaketa guztiek trantsizio-arazo handiak eragiten dituzte, eta are gehiago lanbide baten lehenengoz sartzea eta jardutea arautzen duten legeek. Zuzenbide iragankorraren bidez konpondu nahi izan da arazo hori. Horrela, legeak errespetu handiz jokatzen du bera indarrean sartzen denean bertan arautzen diren lanbideetan legeak eskatutako kualifikaziorik gabe jarduten ari direnen eskubideekin. Era berean, legea apurka-apurka eta modu ez traumatikoan ezartzeko mekanismoak jaso dira, bai eta aurreikusi ere kirol-zerbitzuak ematen dituzten erakundeen eskaerari aurre egin diezaieketen profesional tituludunik gabeko egoerak.

  1. Lege honen xedea da jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbide jakin batzuetan sartzeko funtsezko alderdiak arautzea, lanbide horiek zein diren berariaz aitortzea, lanbide horietan jarduteko behar diren titulazio edo kualifikazio profesionalak zehaztea, lanbide bakoitzari dagokion eremu funtzional espezifikoa esleitzea eta horietan jarduteko betekizunak ezartzea.

  2. Lege honen helburua da kirol-zerbitzuen eskatzaile edo erabiltzaileei zerbitzu horiek ezagutza tekniko espezifikoak aplikatuz eskain dakizkien eskubidea zaintzea, kirol-praktika segurua sustatzeko eta kirolarien edo zerbitzu horiek hartuko dituzten erabiltzaileen osasunean edo osotasun fisikoan edozein kalte saihesteko.

  1. Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko ohiko lanbide-sarbide eta -jarduerari aplikatuko zaio, betiere hargatik eragotzi gabe, hala badagokio, zerbitzu eta profesionalen elkargoen arloan onartzen den legerian xedatutakoa.

    Pertsona fisiko edo juridikoek lege honetan araututako lanbideetako edozeinetan ohikotasunez lan egiten dutela edo zerbitzuak ematen dituztela ulertuko da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan benetan ematen badituzte jarduera fisikoaren eta kirolaren edozein lanbidetako zerbitzuak.

  2. Lege honetan ezartzen diren kualifikazioak ezingo zaizkie eskatu beste autonomia-erkidego edo herrialde batzuetako profesionalei baldin eta zerbitzu profesional horiek Euskal Autonomia Erkidegoan noizbehinka edo unean-unean ematen badituzte eta zerbitzu horiek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren kontsumitzaile edo erabiltzaileentzat badira.

  3. Plataforma birtualen bidez edo informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez egiten den lanbide-jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremukotzat joko da, baldin eta zerbitzu horiek ematen dituzten pertsona fisiko edo juridikoen egoitza edo helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan badago eta, horretaz gain, zerbitzu profesional horiek bertako kontsumitzaile edo erabiltzaileek eskuragarri badituzte.

  4. Lege honen ondorioetarako, jarduera fisikotzat edo kiroltzat joko da jarduera fisiko oro, baldin eta helburu badu, parte-hartze antolatuaren edo bestelakoaren bidez, osasuna sustatzea, forma fisikoa eta psikikoa adieraztea edo hobetzea, gizarte-harremanak garatzea edo maila guztietako lehiaketetan emaitzak lortzea.

  5. Lege honen eremutik kanpo geratzen dira lanbide-jarduera hauek:

    1. Urpekaritza profesionalarekin lotutako jarduerak.

    2. Kirol-arlokoak ez diren salbamendu eta sorospeneko lanbide-jarduerak.

    3. Kirol-arlokoak ez diren parakaidismoko lanbide-jarduerak.

    4. Ibilgailu edo gailu motordunak gidatzean oinarritzen diren eta kirol-arlokoak ez diren lanbide-jarduerak.

    5. Aisiako ontziak maneiatzeko edo gobernatzeko lanbide-jarduerak, kirol-arlokoak ez direnak.

    6. Kirol-instalazio edo -erakundeetako kudeatzaileen lanbide-jarduerak, betiere kirol-zuzendariaren berariazko eginkizunak betetzen ez badira jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak aplikatuz.

    7. Indar Armatuek Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten zentroetan egiten diren prestakuntza fisikoko lanbide-jarduerak.

    8. Mendiko bideen teknikariei dagozkien lanbide-jarduerak.

    9. Kirol-arlokoak ez diren dantza-jarduerak.

    10. Kirol-teknikariak ez diren laguntzaileek jarduera fisiko eta kirol egokituan egiten dituzten jarduerak.

    11. Haurren eta gazteen aisialdiko jarduera profesionalak, betiere kirol-jarduera fisikoak ez badu gainditzen jardueraren programazio orokorraren % 25, eta haren helburu nagusia bada hezkuntza- eta jolas-aisia sustatzea, bai eta denbora librea okupatzea ere, baina ez kirol-helburu hutsa.

  6. Lege honen ondorioetarako, lanbide-jardueratzat jotzen da bertan araututako jarduera fisikoaren eta kirolaren lanbideen berezko zerbitzuak ematea ordainsarien truke, eta kanpoan geratzen dira boluntariotza-, adiskidetasun- zein familia-harremanen eta antzeko harremanen esparruan egindako jarduerak.

  7. Lege honen ondorioetarako, boluntariotza da pertsona fisikoek borondatez eta askatasunez egiten duten kirol-jarduera edo -jardueren multzoa, lan-, funtzionario- edo merkataritza-harreman batean kausarik izan gabe, Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legean zehaztutako baldintzetan, inolako ordainsari ekonomikorik jaso gabe, aipatutako legeak ezartzen dituen gastuengatiko ordainak izan ezik.

    Lege honetan araututako lanbideetako eginkizunak edozein elkarte edo erakundetan betetzen dituzten pertsonak, edo lan- zein merkataritza-harremana edo ordainpeko beste edozein harreman dutenak, ez dira inola ere boluntariotzat hartuko.

  8. Lege honek lanbide horietarako sarbidea eta norberaren zein besteren kontura egindako jarduera profesionalak arautzen ditu; eta aplikagarria izango da lanbidea sektore publikoan zein pribatuan betetzen denean, zerbitzu profesional horiek ematen diren entitateak publikoak zein pribatuak izan, eta irabazizkoa zein irabazi-asmorik gabekoak direla ere. Sektore publikoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruz egiten den aipamena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta foru- eta toki-administrazioetako sektore publikoaren eremura mugatuta dagoela ulertu behar da, bai lanpostuetara sartzeari dagokionez, bai zerbitzu profesionalak kontratatzeari dagokionez.

  9. Lege honetan ezarritako kualifikazioa ez duten goi-errendimenduko kirolariek kirol-monitorearen edo -entrenatzailearen jarduerak egin ahal izango dituzte, noizbehinka, unean-unean eta beren kirol-modalitate edo -azpimodalitatean, baldin eta une oro bere ondoan badute dagokion jarduerarako eskatzen den kualifikazioa duen norbait.

  10. Lanbideetan sartzeko eta jarduteko eskatzen diren lanbide-kualifikazioei buruz lege honek ezartzen duenak, berriz, ez dio kalterik eragingo Merkatu-batasuna bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legeak ezarritakoari.

  1. Lege honen ondorioetarako jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko berezko lanbidea da lege honen 2.8 artikuluan jasotakoaren esparruan sartzen dena eta jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien arloko jakintza eta teknikak aplikatzea eskatzen duena.

  2. Lege honen ondorioetarako, lanbide hauek jotzen dira jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko berezko lanbidetzat:

    1. Gorputz Hezkuntzako irakaslea.

    2. Kirol-monitorea.

    3. Dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko entrenatzailea.

    4. Kirol-zuzendaria.

  3. Lege honetan jasotzen diren lanbideen eginkizunen zerrendek lanbide bakoitzaren eremu funtzional orokorra ezartzen dute eta zerrenda horiek adierazpen-mailakoak dira, ez mugatzaileak. Lege honetan bildutako lanbideen eginkizunen barruan sartzen da irizpenak, ikerlanak, txostenak, aditu-txostenak eta antzekoak egitea, betiere profesionalak lanbide horietan sartzeko kualifikazioen barruan gaitasun horiek baldin badaude edo egiaztatzen badute gaitasun horiek beste bide batzuetatik eskuratu dituztela.

  4. Lege honen ondorioetarako, lanbide-kualifikazioa da lanbide jakin batean sartzeko edo jarduteko gaitasuna, ofizialki egiaztatzen dena prestakuntza-titulu baten bidez, kualifikazio-ziurtagiri baten bidez edo formalki onartutako lan-esperientziaren bidez. Lege honetan arautzen diren lanbideetan sartzeko beharrezkoak diren kualifikazioak egiaztatu beharko dira hurrengo artikuluetan adierazten diren titulu akademikoen bidez, horien baliokideak diren lanbide-mailako agirien bidez edo, orobat, une bakoitzean indarrean den ordenamenduaren arabera ofizialtzat jotzen diren beste titulu edo ziurtagiri ofizialen bidez.

  5. Lege honen ondorioetarako, titulu edo ziurtagiri ofizialak izango dira Hezkuntza Administrazioak hezkuntza-arloko legeen bidez araututako ikasketen esparruan ematen dituenak, Lan Administrazioak lanbide-kualifikazioei buruzko legeen esparruan ematen dituenak eta Kirol Administrazioak kirol-legeen esparruan ematen dituenak.

  1. Lege honen ondorioetarako, kirol-hastapeneko edo oinarrizko mailako jardueratzat joko dira kirola egiten dutenek edo kirolariek, edozein adin izanda ere, dagokion jarduera ikasteko aurreneko faseetan egiten dituztenak eta, orobat, nagusiki jolas-izaerakoak, lehiazkoak izan edo ez, konplexutasun-maila handia ez dutenak.

  2. Lege honen arabera, teknika-hobekuntzako edo erdi-mailako jarduerak dira kirolariek, edozein adin dutela ere, dagokion jarduera menderatzen dutenean egiten dituztenak.

  3. Lege honen arabera, goi-errendimenduko kirol-lehiaketak izango dira nazioarteko kirol-federazio eskumendunek edo dagokion nazioarteko liga profesionalak baimentzen, ikuskatzen eta arbitratzen dituzten nazioarteko lehiaketa absolutuak, kirol-egutegi ofizialetan sartuta daudenak; estatu-mailako kategoria absolutu goreneko lehiaketa profesional eta ez-profesionalak eta Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak zehazten dituenak.

  4. Goi-errendimenduko kirol-lehiaketa ireki edo mistoetan, lanbide-kualifikazioa bakar-bakarrik eskatuko zaie lehiaketa horien mailakoak diren kirolarien entrenatzaileei.

  1. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu hartuta eta zerbitzua euskaraz emango dela ziurtatzeko, lege hau indarrean sartu eta jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan lehen aldiz sartzeko herri-administrazioek ematen dituzten zerbitzu publikoen esparruan, gutxienez B2 hizkuntza-gaitasun maila ere egiaztatu beharko da, funtzio publikoaren araudian beste gaitasun-mailarik ezartzen ez denean eta dagozkion indize soziolinguistikoek hala eskatzen dutenean, nahitaez bete beharreko indarrean dagoen araudiari jarraiki.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean hizkuntza-politikaren eskumena duen organoak, kirol-arloko eskumena duen zuzendaritzarekin lankidetzan, lau urteko plan bat prestatu eta abiarazi beharko du kirol-prestakuntza eta jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideak euskalduntzeko, bai sektore publikoan bai sektore pribatuan, eta bere aurrekontuetan jasoko du.

  3. Era berean, lege honen arau-garapenean lege honetan adierazten diren hizkuntza-eskubideak bermatzeko beste neurri batzuk jasoko dira.

Lege honen arau-garapenean, emakumeen eta gizonen arteko parekotasuna ezartzeko neurriak jasoko dira jarduera fisikoen eta kirol-jardueren lanbideetan berdintasuna lortze aldera; neurri horien artean jasoko dira, besteak beste, soldata-parekatzeko eta emakumeen ordezkaritza txikia den jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan haien presentzia handitzeko neurriak.

  1. Gorputz Hezkuntzako irakaslearen lanbideak bide ematen du Gorputz Hezkuntzako eskolak emateko dagozkion irakaskuntza-mailetan eta, orobat, hezkuntza-legerian aurreikusitako funtzio instrumental edo eratorri guztiak betetzeko.

  2. Ikasleei Gorputz Hezkuntzako eskolak ematen zaizkienean, irakasleak bertan egon beharko du.

  3. Lanbide honen eremutik kanpo geratzen dira kirol-gaiak ematen dituzten irakasleen lanbide-jarduerak unibertsitate-irakaskuntzan, Lanbide Heziketako irakaskuntzan, araubide bereziko kirol-irakaskuntzan, karrera militarreko irakaskuntzan, prestakuntza-jarduera ez-formaletan eta berez gorputz-hezkuntzako irakaskuntzari berezkoak ez zaizkion gaietan.

  4. Gorputz Hezkuntzako irakasleek ahalmena izango dute eskola-kiroleko eta eskola-adinean ematen diren jarduera fisikoko edo kiroleko hezitzaile-lanetan aritzeko, bai eta, aipaturiko eremuetan, koordinazio-, planifikazio-, ebaluazio-, zuzendaritza- zein jarraipen-zereginak egiteko ere.

  1. Kirol-monitorearen lanbideak bide ematen du edozein kirolari edo kirolari-talderentzat honako funtzio hauek betetzeko: plangintza, instrukzioa, ikaskuntza, animazioa, egokitze fisikoa, forma fisikoa berreskuratzea edo hobetzea, entrenamendu edo prestakuntza pertsonala, monitorizazioa, kontrola, gidaritza, laguntza, ebaluazioa eta antzekoak, betiere, jarduera horiek ez badaude kirol-lehiaketara bideratuta.

  2. Egokitzapen fisikoarekin, forma fisikoa berreskuratzearekin edo hobetzearekin, eta entrenamendu edo prestakuntza pertsonalarekin lotutako jardueretan, edo posturen kontrolerako, ongizaterako eta mantentze funtzionalerako jarduera fisikoen eta kirol-jardueren edo antzekoen lanbidean jardun ahal izateko, titulu akademiko hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazio bat eskatuko da:

    1. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua.

    2. Lanbide Heziketako tituluen katalogoko jarduera fisikoen eta kirol-jardueren lanbide-familiako goi-mailako teknikariaren beste edozein titulu, betiere lanbide-jarduera horiek tituluaren lanbide-profilera egokitzen badira.

      Era berean, egokitzapen, entrenamendu edo prestakuntza pertsonaleko zerbitzuak soilik ematen dituen kirol-monitoreari entrenatzaile pertsonal ere deitu ahal izango zaio.

  3. Lanbide horretan jarduteko gizarte- eta kirol-animazioko jardueretan edo ikaskuntza- edo irakaskuntza-jardueretan, izan kirol anitzekoak edo kirol-azpimodalitate anitzekoak, hots, kirol-modalitate edo -azpimodalitate bakar batera espezifikoki bideratuta egon gabe, honako titulu akademiko hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazio bat eskatuko da:

    1. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua.

    2. Lanbide Heziketako tituluen katalogoko jarduera fisikoen eta kirol-jardueren lanbide-familiako teknikariaren beste edozein titulu, betiere lanbide-jarduera horiek tituluaren lanbide-profilera egokitzen badira.

  4. Irakaskuntza- edo ikaskuntza-jarduera horiek kirol-modalitate edo -azpimodalitate bakar batera bideratuta badaude, eta kirol-hastapenetan edo oinarrizko mailan egiten badira, honako titulu edo ziurtagiri hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazio bat eskatuko da:

    1. Dagokion kirol-modalitate, -espezialitate edo -azpimodalitateko erdi-mailako kirol-teknikariaren tituluaren hasiera-zikloko ziurtagiria.

    2. Dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko kirol-teknikariaren titulua.

    3. Dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko goi-mailako kirol-teknikariaren titulua.

      Jarduerak espezifikoki edo nagusiki zuzenduak badaude desgaitasuna duten pertsonei, kirol-monitorearen lanbidean jardun ahal izango dute dagokion modalitatean edo azpimodalitatean kirol-teknikariaren edo kiroleko goi-mailako teknikariaren kualifikazioa edo parekoa dutenek, alde batera utzita kirol egokituko modalitate edo azpimodalitateen berezko jarduerak zein jarduera espezifikoak, adibidez, boccia, goalball edo slaloma, zeintzuetan jardun ahal izango baita dagokion egokitutako modalitate edo azpimodalitateko erdi-mailako kirol-teknikariaren hasiera-zikloaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu daitekeen kualifikazio batekin.

      Bigarren eta hirugarren zenbakian aipatzen diren titulazioen bidez egiaztatu daitekeen kualifikazioren bat dutenek, era berean, azpimodalitate bakarreko eta oinarrizko mailako era horretako irakaskuntza- eta ikaskuntza-jardueretan lanbidean jardun ahal izango dute, zerbitzu profesionalen hartzaileek desgaitasunen bat izan zein ez, betiere prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia badute dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitatean.

  5. Irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduera horiek kirol-modalitate edo -azpimodalitate bakar batera espezifikoki bideratuta daudenean eta teknika-hobekuntzaren eremuan edo erdi-mailan egiten direnean, honako titulu hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazio bat eskatuko da:

    1. Dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko kirol-teknikariaren titulua.

    2. Dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko goi-mailako kirol-teknikariaren titulua.

      Azpimodalitate bakarreko erdi-mailako irakaskuntza- eta ikaskuntza-jardueretan jardun ahal izango dute, halaber, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduaren bidez egiazta daitekeen kualifikazioren bat dutenek, baldin eta prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia badute dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitatean.

  6. Lanbide horretan jarduteko nolabaiteko arriskua duten jardueretan, uretan, mendian, elurretan, airean, natura-inguruneko beste gune batzuetan, bai eta animaliekin ere, honako titulu akademiko hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazioa eskatuko da:

    1. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua.

    2. Lanbide Heziketako tituluen katalogoko jarduera fisikoen eta kirol-jardueren lanbide-familiako teknikariaren beste edozein titulu, betiere lanbide-jarduera horiek tituluaren lanbide-profilera egokitzen badira.

      Eremu horretan lanbidean jarduteko, ezinbestekoa da kualifikazio hori duten pertsonek, gainera, egin beharreko jardueren inguruko prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia edukitzea.

      Eremu honetan lanbidean jardun ahal izango dute, halaber, natura-ingurunean edo animaliekin egiten den jarduerari dagokion modalitate edo azpimodalitateko goi-mailako kirol-teknikariaren titulua, kirol-teknikariaren titulua edo kirol-teknikariaren tituluaren erdi-mailako hasiera-zikloko ziurtagiria dutenek. Kasu horretan, kontuan izan beharko dira artikulu honen laugarren eta bosgarren zenbakietan ezarritako mailak edo eremuak.

  7. Bereziki edo gehienbat desgaitasuna, osasun-arazoak edo egoera antzekoak dituzten pertsonei zuzendutako kirol-jarduera fisikoetan profesionalki aritzeko eta pertsona horien osasuna arriskuan ez jartzeko, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduaren bidez egiaztagarria den kualifikazioa beharko da.

    Hori guztia, osasun-lanbideak antolatzeko legediaren arabera beste profesional batzuek ere baliatu ahal izango dituzten eginkizunei kalterik egin gabe.

  8. Halaber, Gorputz Hezkuntzako irakaslearen lanbidean jarduteko beharrezkoa den kualifikazioa dutenek ahalmena izango dute kirol-monitorearen lanbidean jarduteko, bai ikastetxeetan irakastorduez kanpo programatzen diren kirol-jardueretan, bai beste erakunde batzuetan programatzen direnetan, betiere, ikasleen adina bat badator beren irakaskuntza-kualifikazioarekin. Kirol-modalitate edo -azpimodalitate bakarrera espezifikoki bideratutako jardueretan edo artikulu honen seigarren zenbakian jasotako arriskudun jardueretan arituz gero, aurrekoez gain, dagokion kirol-modalitateko prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko da.

  9. Era berean, unibertsitate-master ofizial espezifiko baten bidez, profesionaltasun-ziurtagiri baten bidez, Lanbide Heziketa antolatzeari eta integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan ezarritako espezializazio-ikastaro baten bidez edo Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legean ezarritako espezializazio-programa baten bidez egiazta daitekeen kualifikazioa duten pertsonek kirol-monitorearen lanbidean jardun ahal izango dute dagozkion gaitasunak eskuratu dituzten jardueretan.

  10. Adingabeei edo beste arrisku-talde batzuetako kideei kirol-monitorearen zerbitzuak emateko, bai eta natura-inguruneko jardueretan edo animaliekin egiten direnetan ere, ezinbestekoa izango da monitorea bertan egotea kirol-jarduera gauzatzen ari den bitartean, non eta ez den plangintza- edo programazio-zeregin bat.

  11. Prestakuntza fisikoko zerbitzuak soilik ematen dituen kirolarien edo kirolari-taldeen monitoreari prestatzaile fisiko ere deitu ahal izango zaio. Kasu horretan, lanbidean jarduteko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien gradu-titulua eduki behar da.

  1. Entrenatzailearen lanbideak bide ematen du, lehiara begira kirolarien eta kirolari-taldeen entrenamendu, hautaketa, aholkularitza, plangintza, zuzendaritza, gidaritza, kontrol, ebaluazio, jarraipen eta antzeko funtzioak betetzeko.

  2. Lanbide horretan jarduteko kirolari eta kirolari-taldeekin kirol edo azpimodalitate anitzeko lehiaketetan parte hartzen dutenean, kirol-modalitate edo -azpimodalitate bakarrera espezifikoki zuzendu gabe, jarraian azaltzen diren tituluen bidez egiazta daitekeen kualifikazioa eskatuko da:

    1. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua.

    2. Lanbide Heziketako tituluen katalogoko jarduera fisikoen eta kirol-jardueren lanbide-familiako teknikariaren beste edozein titulu, betiere lanbide-jarduera horiek tituluaren lanbide-profilera egokitzen badira.

      Natura-ingurunean antolatzen diren eta nolabaiteko arriskua duten azpimodalitate anitzeko lehiaketetan edota animaliekin lanbidean jarduteko, ezinbestekoa izango da aurreko kualifikazio horietako bat egiaztatzea eta, horrez gain, garatu beharreko jardueretan aritzeko prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia izatea.

  3. Kirol-modalitate edo -azpimodalitate bateko oinarrizko mailako lehiaketetan ari diren kirolari edo kirolari-taldeekin entrenatzaile-lanbidean jarduteko, honako ziurtagiri edo tituluen bidez egiazta daitekeen kualifikazioa izan beharko da:

    1. Dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko profesionaltasun-ziurtagiria.

    2. Dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko erdi-mailako kirol-teknikariaren tituluaren hasiera-zikloko ziurtagiria.

    3. Dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko kirol-teknikariaren titulua.

    4. Dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko goi-mailako kirol-teknikariaren titulua.

      Era berean, kirol-modalitate edo -azpimodalitate bakarreko oinarrizko mailako lehiaketetan jardun ahal izango dute artikulu honen bigarren zenbakian aipatzen diren titulazioen bidez egiazta daitekeen kualifikazioren bat dutenek, baldin eta, kualifikazio horrez gain, prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia ere egiaztatzen badute dagokion kirol-modalitatean edo -azpimodalitatean.

  4. Kirolari eta kirolari-taldeekin entrenatzaile-lanbidean jarduteko erdi-mailako lehiaketetan, honako titulu hauen baliokide den kualifikazioa eskatuko da:

    1. Dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko kirol-teknikariaren titulua.

    2. Dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko goi-mailako kirol-teknikariaren titulua.

      Era berean, erdi-mailako lehiaketetan jardun ahal izango dute Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduarekin egiaztagarria den kualifikazioa eta prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia dutenek.

  5. Entrenatzaile-lanbidean jarduteko goi-mailako edo goi-errendimenduko kirolariekin edo kategoria horretan lehiatzen diren taldeekin, dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko goi-mailako kirol-teknikariaren tituluarekin egiaztagarria den kualifikazioa eskatuko da.

    Halaber, entrenatzaile gisa aritu ahal izango dira goi-mailako edo goi-errendimenduko kirolariekin edo kategoria horretako lehiaketetan, prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia duten Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako unibertsitate-tituludunak.

  6. Halaber, Gorputz Hezkuntzako irakasle izateko beharrezkoa den kualifikazioa dutenek entrenatzaile-lanbidean jarduteko ahalmena izango dute, bigarren eta hirugarren apartatuetan aipatutako eta ikastetxeetan, edo bestelako erakundeetan, ikastorduetatik kanpo programatzen diren kirol-lehiaketetan, betiere, ikasleen adinak eta haren irakaskuntza-kualifikazioak bat egiten badute. Kirol-modalitate edo -azpimodalitate bakarreko lehiaketetan edo natura-ingurunean zein animaliekin egiten diren jardueretan arituz gero, aurrekoez gain dagokion kirol-jarduerako prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko da.

  7. Lege honen ondorioetarako, entrenatzaile-lanbidean jarduten dute, orobat, entrenatzaileari laguntzen diotenek entrenamenduak eta lehiaketak gidatzen, zuzentzen edo kontrolatzen, kirolariei jarraibideak ematen edo antzeko jarduerak egiten. Beraz, horiek ere izan beharko dute artikulu honetan ezartzen den kualifikazioa.

  8. Entrenatzaileak bere eskudantziak baliatzen dituenean kirolarien forma fisikoa berreskuratzeko eta hobetzeko, lesioak prebenitzeko, lesio ostekoak berregokitzeko eta berrezteko, balorazio-testak egiteko jarduera fisikoaren eta kirolaren bidezko antzeko jarduketak egiteko, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduaren kualifikazio baliokidea eskatuko da, betiere kalterik egin gabe beste profesional batzuek osasun-lanbideak antolatzeko legediaren arabera gara ditzaketen eskumenei.

    Era berean, berregokitzeko edo berrezteko zerbitzuak soilik ematen dituen entrenatzaileari berregokitzaile fisiko ere deitu ahal izango zaio.

  9. Artikulu honetan adierazitako kualifikazioak bakar-bakarrik eskatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten denean lanbidean edo egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten kirol-erakunde eta kirolarientzat jarduten denean. Kualifikazio horiek, bestalde, ez zaizkie eskatuko egoitza beste herrialde edo autonomia-erkidego batean duten kirol-erakundetako edo kirolarien entrenatzaileei, baldin eta noizean behin lehiatzen edo entrenatzen badira Euskal Autonomia Erkidegoan estatu-mailako edo nazioarteko kirol-lehiaketak prestatzeko edo horietan parte hartzeko.

  10. Adingabeei edo beste arrisku-talde batzuetako kideei entrenatzailearen zerbitzuak emateko, bai eta natura-inguruneko jardueretan edo animaliekin egiten diren jardueretan ere, ezinbestekoa izango da entrenatzailea bertan egotea kirol-jarduera gauzatzen ari den bitartean, non eta ez den plangintza- edo programazio-eginkizun bat.

  11. Prestakuntza fisikoko zerbitzuak soilik ematen dituzten kirolarien edo kirolari-taldeen entrenatzaileari prestatzaile fisiko ere deitu ahal izango zaio. Kasu horretan, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu-titulua eduki beharko da.

  12. Desgaitasuna duten kirolariekin entrenatzaile-lanbidean jarduteko, orobat, entrenatu beharreko kolektiboarekiko prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko da.

  1. Kirol-zuzendariaren lanbideak bide ematen du kirol-zentro, -zerbitzu, -jarduera eta -erakunde edo antzekoei dagokienez, publikoak nahiz pribatuak izan, zuzendaritza teknikoarekin, programazioarekin, plangintzarekin, koordinazioarekin, orientazioarekin, kontrolarekin, gainbegiratzearekin, ebaluazioarekin, balorazioarekin eta antzeko funtzioekin lotutako jarduerak edo zerbitzu profesionalak eskaintzeko, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako ezagupenak eta teknikak aplikatuz. Kirol-zuzendariaren lanbide-jarduerak, zeinak berekin ekar baititzake zenbait kasutan kudeaketa-eginkizun instrumentalak ere, ez du eskatzen kirol-zuzendaria bertan egotea kirol-jarduera gauzatzen den bitartean.

  2. Kirol-zuzendariaren lanbidean jarduteko zerbitzu edo jarduera integral, orokor, azpimodalitate edo kirol anitzekoetan, baina kirol-modalitate edo -azpimodalitate espezifiko bakarrera zuzendu gabe, beharrezkoa izango da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien gradua edo haren baliokidea edukitzea.

  3. Kirol-zuzendariaren lanbidean jarduteko kirol-modalitate edo -azpimodalitate bakarreko kirol-hastapeneko edo oinarrizko mailan, aurrekoez gain kirol-modalitate edo -azpimodalitate horretako prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia egiaztatu beharko da.

  4. Kirol-zuzendariaren lana teknika-hobekuntzako edo erdi-mailako jardueretara zuzenduta badago, prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia ere egiaztatu beharko da, edo, halakorik izan ezean, dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko kirol-teknikariaren tituluaren bidez egiaztagarria den kualifikazioa eduki beharko da.

  5. Kirol-zuzendariaren lanbidean jarduteko goi-errendimendura zuzendutako jarduera edo zerbitzuetan, dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitateko goi-mailako kirol-teknikariaren tituluaren bidez egiaztagarria den kualifikazioa eduki beharko da. Kualifikazio hori egiaztatzen dutenek lanbidean jardun ahal izango dute, halaber, oinarrizko mailako eta erdi-mailako kirol-jardueretan.

  6. Kirol-zuzendariaren lana aisialdiko gorputz- eta kirol-animazioko jarduera eta zerbitzuetara eta egokitzapen fisikoko edo antzeko jarduera eta zerbitzuetara bideratuta badago, lanbide horretan jardun ahal izango dute Lanbide Heziketako tituluen katalogoko jarduera fisikoen eta kirol-jardueren lanbide-arloko goi-mailako teknikariaren titulua dutenek ere, betiere lanbide-jarduera horiek tituluaren lanbide-profilera egokitzen badira.

  7. Gorputz Hezkuntzako irakaslearen lanbidean jarduteko beharrezkoa den kualifikazioa dutenek ahalmena izango dute, halaber, eskolako kirol-jarduerak sustatu, planifikatu, programatu, koordinatu, ebaluatu eta zuzentzeko, ikastetxeen baitan ikastorduetatik kanpo edo beste erakundeen baitan programatzen diren jardueretan, betiere, irakaslearen kualifikazioa bateragarria bada ikasleen adinarekin. Kirol-modalitate edo -azpimodalitate bakarreko lehiaketetan, natura ingurunean edo animaliekin egiten diren jardueretan arituz gero, gainera, dagokion kirol-jarduerarako prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia ere eskatuko da.

  8. Kirol-zuzendaritzako lanbidean jarduteko eskola-adineko jarduera fisikoan eta kirolean, beharrezkoa izango da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako unibertsitate-tituluaren bidez egiazta daitekeen kualifikazioa izatea.

  1. Lege honetan aipatzen diren lanbideen izenak soilik erabili ahal izango dira lanbide-jarduerak bat egiten duenean lege honetan xedatutakoarekin eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoarekin.

  2. Beste profesionalek ezin izango dituzte erabili esanahiagatik edo antzagatik lege honetan arautzen diren izenekin nahasgarriak izan daitezkeen izenak.

  3. Era berean, kirol-monitore, -entrenatzaile eta -zuzendari izenak erabili ahal izango dira dagozkien kiroletan, jarduera hori boluntario gisa gauzatzen denean.

  4. Entrenatzaile-lanbidearen izenaren erreserbak ez dio kalterik egingo kirol-erakundeek beren baitan dituzten kualifikazio-mailak sailkatzeko erabil dezaketen nomenklaturari.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroa sortzen da, zeina publikoa izango baita, kirolaren arloko eskumena duen sailari atxikita geldituko baita eta, horren bidez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak ahalik eta ondoen defendatze aldera, ondorengo apartatuetan adierazitako informazioa emango baitu, euskaraz eta gaztelaniaz, modu argi, doako eta elektronikoki eskuragarrian.

    Erregelamendu bidez ezarri beharko dira erregistroaren egitura, zereginak eta publizitate- eta funtzionamendu-araubidea.

  2. Estatuko oinarrizko legeriak hala eskatzen duenean, lege honetan araututako lanbideetan jarduteko ezinbestekoa izango da dagokion profesionalen elkargoan sartzea. Profesionalen elkargoek beren elkargokideen identitate eta titulazio edo lanbide-kualifikazioaren berri eman beharko diote Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroari.

  3. Beren jarduera profesionala garatu nahi duten eta lege honetan araututako edozein lanbidetan jarduteko eskatzen den kualifikazioa duten gainerako profesionalek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroan. Adierazpen horretan, gutxienez, datu hauek jasoko dira: izen-abizenak, bere titulazioari edo lanbide-kualifikazioari buruzko datuak eta gauzatu beharreko lanbideari buruzkoak.

  4. Erantzukizunpeko adierazpena aurkezten den egunetik bertatik jardun ahal izango da, oro har, lanbidean, betiere hargatik eragotzi gabe egiaztapenerako, kontrolerako eta ikuskapenerako ahalmenak.

  5. Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago edo datu, adierazpen eta dokumentu horiek aurkezten ez badira, ezin izango da lanbidean jarduten jarraitu egitate horien berri izaten denetik aurrera, dagokion prozedura administratiboa aldez aurretik izapidetuz, hargatik eragotzi gabe sor litezkeen erantzukizunak.

  6. Erantzukizunpeko adierazpenetan dauden datu pertsonalak eskuratu, trukatu eta interkomunikatzeko, datu pertsonalen babesari buruzko araudi espezifikoan ezarritakoari jarraituko zaio beti.

  7. Ez zaie erantzukizunpeko adierazpenik eskatuko Gorputz Hezkuntzako irakaslearen lanbidean jarduten duten profesionalei, baldin eta Administrazio Publikoari lotuta badaude soilik administrazio- edo lan-zuzenbidearen araberako zerbitzu-harreman baten bidez, hargatik eragotzi gabe artikulu honetan Administrazio publikoari ezarritako betebeharra informazioa erregistrora bidaltzeko, erregelamenduz zehazten den moduan.

Lege honetan araututako jarduera fisikoen eta kirol-jardueren lanbideak jardute-printzipio hauen arabera gauzatuko dira:

  1. Jarduera fisikoa eta kirola gizakiaren garapen oso zein harmonikoan eta prestakuntza integralean laguntzeko bitartekotzat hartzea, bizi-kalitate hobea eta gizarte-ongizate handiagoa lortzen lagunduz.

  2. Kirolean emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzen laguntzen duten eta emakumeak kirol-maila guztietan aritzea ahalbidetzen duten baldintzak bultzatzea, edozein motatako diskriminazio-egintzak saihestuz, hezkidetzari eta genero-ikuspegiari buruzko prestakuntzaren bidez.

  3. Kirol-jarduera aisialdiko aukera gisa eta ohitura osasungarri gisa aurkeztea.

  4. Inolako indarkeria, arrazakeria, intolerantzia, homofobia, xenofobia edo matxismorik gabeko kirola egitea sustatzea beren lanbide-jardunean.

  5. Praxi profesionala garatzea kirolariak babestuz, batez ere adingabeak, abusuzko esplotazio guztietatik, arreta berezia jarriz jazarpenean, abusuan edo esplotazio fisiko zein sexualean.

  6. Natura-ingurunea errespetatzea, naturari eta faunari kalterik ez eragiteko moduan, eta ingurumena eta animaliak errespetatzen dituzten kirol-materialak erabiltzea.

  7. Ahal den guztietan, zerbitzu profesionalak gizarte-kohesioan eta aukera-berdintasunean oinarritzen direla bermatzea.

Profesionalek, lege honek xede dituen jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan jardutean, betebehar hauek izango dituzte:

  1. Hartzaile bakoitzak dituen baldintza eta beharrizanetara egokitutako zerbitzuak ematea, unean uneko zientzia-ezagupenen egoerarekin bat etorriz, indarrean dauden arauek ezartzen dituzten kalitate- eta segurtasun-mailak betez, eta generoa dela-eta dauden desberdinkeriak kontuan hartuta.

  2. Beren zerbitzuak hartzen dituzten pertsonen osasuna eta segurtasuna zaintzea eta lankidetza aktiboan jardutea kirolarien osasunari kalte egiten dioten praktikak desagerrarazteko.

  3. Beren lanbide-jarduna gauzatzea kirol-jarduera egiten den lekuan bertan egonda, kirol-zuzendariaren lanbideari dagokionez bertan egoteaz 10.1 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

  4. Lankidetza aktiboa eskaintzea dopin-kontrolak egitean eta dopinaren aurkako legeetan aurreikusten diren betebeharrak betetzean.

  5. Beren zerbitzuak hartzen dituzten pertsonen nortasuna, duintasuna eta intimitatea errespetatzea.

  6. Jokabide egokiei buruzko kodea sinatzea jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan jarduteko.

  7. Beren zuzendaritzapean egingo diren kirol-jarduera fisikoei buruzko informazio nahikoa eta ulergarria ematea zerbitzuak hartzen dituzten pertsonei.

  8. Zerbitzuen hartzaileen aurrean identifikatzea eta beren lanbide eta lanbide-kualifikazioen berri ematea.

  9. Ezagupenak etengabe eguneratzen eta hobetzen ahalegintzea.

  10. Lankidetza aktiboan jardutea kirolariek osasun-kontrol egokia izan dezaten, dagozkion osasun-langileen bidez.

  11. Lankidetza aktiboan jardutea kirolariei errendimendu edo osasun hobea izan dezaten lagun diezaieketen beste profesional batzuekin, betiere disfuntzio edo desgaitasun somatikoak dituzten pertsonei errekuperazio- eta errehabilitazio-zerbitzuak eman gabe fisioterapeutei dagozkien eginkizun profesionalei berezkoak zaizkien baliabide edo agente fisikoak darabiltzaten tratamenduen bidez.

  12. Legez aitortutako hizkuntza-eskubideak benetan egikaritzeko baldintzak bermatzea.

  1. Lege honetan arautzen diren lanbideetan jarduteko, erantzukizun zibil profesionaleko aseguru bat edo finantza-berme baliokide bat izan beharko da, kirol-zerbitzuak ematean hirugarrenei eragin dakizkiekeen kalteengatik eman beharreko kalte-ordainak estaliko dituena. Erregelamendu bidez garatuko dira aseguru horrek izan beharko dituen gutxieneko estaldurak eta ezaugarri espezifikoak.

  2. Betebehar hori ez zaie aplikatuko beren lanbide-jarduera ikastetxe publikoetan garatzen duten Gorputz Hezkuntzako irakasleei, ikastetxe horiek araudi espezifikoaren arabera arautzen baitira, ez eta beren lanbide-jarduera besteren kontura esklusibotasun-erregimenean garatzen duten jarduera fisikoen eta kirol-jardueren profesionalei ere, kontratatuta dituen erakundeak gertakari horiek estaltzen dituen erantzukizun zibil profesionaleko aseguru bat edo finantza-berme baliokide bat sinatuta duenean.

  3. Sozietate Profesionalei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legean ezarritakoaren arabera, sozietate profesionalek aseguru bat sinatu beharko dute jarduera fisikoan edo kirol-jardueran izan dezaketen erantzukizuna estaltzeko.

  1. Ez da federazioaren lizentziarik eskatuko jarduera fisikoen eta kirol-jardueren arloko lanbidean jarduteko, lanbide-jarduera lehiaketa federatuetatik kanpo gauzatzen bada.

  2. Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak, euskal federazioen kasuan kasuko araudia onartuz, baimena emango die kirol-federazioei prestakuntza espezifikoa eskatzeko, lege honetan aurreikusitako kualifikazioez gain eta soil-soilik beren eremu pribatuan, betiere, horrek berekin ez badakar zentro ez-federatiboetan lortutako prestakuntzekiko tratu baztertzailerik.

  3. Ezin izango da federazio-lizentziarik eskatu prestakuntza akademiko ofizialetan sartzeko, ez eta kirol-arloko lanbideetan federazioen esparrutik kanpo jarduteko ere.

  1. Lege honetan araututako lanbideren batean jarduten duten pertsonek, kirol-jarduera gauzatzen den tokian bertan egoteko betebeharra badute, lehen laguntzetako prestakuntza dutela egiaztatu beharko dute.

  2. Kirol-arloko eskumena duen sailak erregelamendu bidez ezarriko ditu aipatutako prestakuntza egiaztatzeko baldintzak eta prozedura, dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

  1. Lege honetan monitoreei eta entrenatzaileei esleitu zaizkien eginkizunak plataforma birtualen bidez edo informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez gauzatu ahal izango dira, legean aurreikusitako salbuespenekin. Nolanahi ere, ezinbestekoa izango da monitore eta entrenatzaile horiek lege honetan aurreikusitako kualifikazioa izatea, ohiko lanbide-jarduna Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen badute.

  2. Egoitza edo helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten kirol-zentro, -establezimendu edo -erakundeek plataforma edo teknologia horiek erabiltzen dituztenean entrenamendu-planak egiteko edo beren erabiltzaileekin taldekako eskolak edo saioak emateko, legearen araberako lanbide-kualifikazioa duen jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesional bat izan beharko dute plataforma edo teknologia horien bidez egindako jarduera gainbegiratzeko.

  3. Web-orriek, aplikazioek eta informazioaren eta komunikazioaren gainerako teknologiek, baldin eta online entrenamendu-planak eta antzeko kirol-arloko eduki teknikoa barne hartzen badituzte, behar bezala identifikatu beharko dituzte plangintza horiek egiten dituzten profesionalak eta horien kualifikazioari buruzko informazioa eman beharko dute.

  4. Administrazioak, ikuskaritza-zerbitzuen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako kirol-zentroek dituzten plataforma eta teknologien erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna zainduko ditu.

  5. Euskararen erabilera bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden kirol-zentro edo -erakundeek erabiltzen dituzten web-orrietan, aplikazioetan eta gainerako informazioaren eta komunikazioaren teknologietan.

  1. Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbide arautuetan jardutean egindako arau-hausteak izango dira lege honetan eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritako preskripzioak urratzen dituzten ekintzak edo ez-egiteak.

  2. Lege honetan araututako lanbideen arloko arau-hausteei lege honetan aurreikusitako administrazio-zehapenak ezarriko zaizkie, dagokion zehapen-espedientearen instrukzioa egin ondoren. Espediente hori administrazio publikoen zehatzeko ahalaren arloan indarrean dagoen legerian aurreikusitakoaren arabera garatuko da.

  1. Lege honetan arautzen diren lanbideen arloko arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.

  2. Arau-hauste oso astunak dira:

    1. Lege honen 14. artikuluko a, b, c eta e letretan jasotako betebehar profesionalak ez betetzea, horrek pertsonen osasunari edo osotasun fisiko edo psikikoari kalte larria eragiten dionean.

    2. Lege honetan eskatzen den lanbide-kualifikaziorik gabe zerbitzu profesionalak ematea, betiere doloa badago.

    3. Profesionalen kontratazioan nahitaezko lanbide-kualifikaziorik ez eskatzea, betiere doloa badago.

    4. Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideen ikuskatze-eginkizuna oztopatzea edo hari aurre egitea ikuskatzea galaraziz.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirol-arloko eskumena duen zuzendaritzak egindako errekerimenduak desobeditzea, baldin eta errekerimendu horiek lege honetan araututako lanbideei erreserbatutako jarduerak edo funtzioak eteteko badira, kasu bakoitzean eskatutako baldintzak bete ez direlako.

  3. Arau-hauste astunak dira:

    1. Hala badagokio, elkargoko kide egiteko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroan izena emateko betebeharra ez betetzea eta, orobat, lege honetan ezarritako erantzukizun zibileko asegurua edo finantza-berme baliokide bat izateko betebeharra ez betetzea.

    2. Lege honetan eskatzen den lanbide-kualifikaziorik gabe zerbitzu profesionalak ematea.

    3. Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesionalak kontratatzean nahitaezko lanbide-kualifikaziorik ez eskatzea.

    4. Kiroleko lanbideen izenak erreserbatzeko betebeharra ez betetzea.

    5. Lege honetako 14. artikuluko a, b, c eta e letretan jasotako betebehar profesionalak ez betetzea, horrek pertsonen osasunari eta segurtasunari arriskua ekar diezaiokenean.

    6. Lege honetan informazioaren eta publizitatearen arloan jasotako betebeharrak ez betetzea.

    7. Lege honen 18. artikuluaren 1, 2 eta 3. zenbakietan jasotako betebeharrak ez betetzea, plataforma birtualen edo informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidezko jarduera profesionalaren arloan.

    8. Lege honetan eskatzen den lanbide-kualifikaziorik gabe boluntario gisa zerbitzuak ematea.

    9. Boluntarioak jarduera fisikoen eta kirol-jardueren programetan sartzea nahitaezko kualifikaziorik eskatu gabe.

    10. Ikuskapen-lanetan behin eta berriz ez laguntzea.

  4. Arau-hauste arinak dira:

    1. Ikuskatze-lanetan laguntzeko betebeharra ez betetzea.

    2. Lege honetako 14. artikuluaren a, b, c eta e letretan aurreikusitako lanbide-betebeharrak ez betetzea, horrek pertsonen osasunari edo osotasun fisikoari kalterik edo arriskurik eragiten ez dionean jarduera fisikoen eta kirol-jardueren esparruan.

  1. Arau-hauste oso astunek zehapen hauek izan ditzakete:

    1. Lanbiderako desgaikuntza, gutxienez urtebete eta egun batez eta gehienez bi urtez.

      3.001 eurotik 30.000 eurora bitarteko isuna.

  2. Arau-hauste astunek zehapen hauek izan ditzakete:

    1. Lanbiderako desgaikuntza, gehienez ere urtebetez.

      1.001 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

  3. Arau-hauste arinek zehapen hauek izan ditzakete:

    1. Gehienez ere 1.000 euroko isuna.

    2. Kargu-hartzea.

Lege honetan xedatzen ez den guztian, Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen XI. tituluan edo hura ordezten duen lege-xedapenean xedatutakoa aplikatuko da, honako gai hauei dagokienez: erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak eta erantzukizuna azkentzeko arrazoiak, arau-hausteen eta zehapenen preskripzioak, zehapenen bateragarritasuna, behin-behineko neurriak eta kirol-ikuskapena.

Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailari dagokio lege honetan tipifikatutako arau-hausteak zehatzeko ahala.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Euskararen erabileraren normalizazioa.

Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak bermatuko du prestakuntza-ekintzak euskaraz eta gaztelaniaz egin ahal izatea, bai eta euskararen erabileraren normalizazioa ere, arau honen xede den jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideen jardunaren eremuan, batez ere haurrei eta gazteei dagokienez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Boluntariotza-erregimenean edo antzekoetan egindako jarduerak.

  1. Boluntarioek kirol-jardueretan parte hartzeko bete beharreko kualifikazio-baldintzak, oro har, lege honetan profesionalentzat ezarritako berberak izango dira, jarduera horietan parte hartzen dutenen osasuna eta segurtasuna bermatze aldera.

  2. Aurrekoa gorabehera, Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak aurreikusitako kualifikazioa izatetik salbuetsi eta kualifikazio ezberdin bat eskatu ahal izango die boluntario-talde espezifikoei, aldez aurretik eskaera arrazoitua aurkeztuz gero.

  3. Lege honetan araututako lanbideen esparruan lan egiten jarraitu nahi duten boluntarioek, gaikuntza lortu nahi badute, dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, erregelamenduz aurreikusitako baldintzetan, baina ez dute Jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroan inskribatzeko betebeharrik izango.

  4. Boluntarioak ez daude behartuta lege honetan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan jarduteko eskatzen den erantzukizun zibileko asegurua edo finantza-berme baliokide bat kontratatzera.

  5. Lege honetan araututako jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideren batean jarduten duten boluntario guztiek, kirol-jarduera gauzatzean bertan egoteko betebeharra badute, lehen laguntzetako gutxieneko prestakuntza egiaztatu beharko dute.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia.

  1. Titulu, ziurtagiri edo prestakuntza ofizialen bidez, unibertsitateko masterrak eta profesionaltasun-ziurtagiriak barne, egiaztatu beharko da testu artikulatuan zehar eskatzen den prestakuntza espezifikoa, dagokion lanbidea egoera edo helburu zein kolektibo bereziekin garatzeko orotariko prestakuntza akademikoaren ezinbesteko osagarri gisa.

  2. Honako hauek ere prestakuntza espezifiko gisa aitortu ahal izango dira:

    1. Titulu edo ziurtagiri ofizial baten zati bati dagozkion prestakuntza ofizial osatugabeak.

    2. Titulu edo ziurtagiri ofizial baten zati bati dagozkion prestakuntza-unitateak.

    3. Federazio-prestakuntzak.

    4. Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean ezarritako kualifikazio- eta birkualifikazio-programetan parte hartzearen ondorioz lortutako prestakuntza-ekintzak.

  3. Lan-esperientzia eta ikaskuntza ez-formalen bidez eskuratutako konpetentzia-atalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren eta hura garatzen duten errege-dekretuen arabera egingo da. Prestakuntza-eskaintza ofizialik ez dagoenean, eskaintza hori nahikoa ez denean edo pertsona ez-federatuekiko diskriminazioa egon denean bakarrik sustatu edo onartu beharko ditu kirol-arloko eskumena duen sailak gutxieneko kalitate-baldintzak betetzen dituzten esperientzia, prestakuntza, titulu edo ziurtagiri ez-ofizialak.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak zehaztuko ditu lege honetan eskatzen diren prestakuntza espezifikoaren edo esperientzia egokiaren gutxieneko baldintzak eta horiek onartzeko prozedura.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Estatuak onartu gabeko kirol-modalitateetako prestakuntza eta Estatuak onartutako prestakuntza-planik ez duten modalitateetako prestakuntza.

  1. Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak prestakuntza-ekintza espezifikoak sustatuko ditu, bai eta dagozkion ziurtagiri ofizialak eman ere, Estatuak onartu gabeko kirol-modalitate eta -azpimodalitateetan ari diren profesionalentzat.

  2. Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak prestakuntza-ekintza espezifikoak sustatuko ditu, bai eta dagozkion ziurtagiri ofizialak eman ere, Estatuak onartutako prestakuntza-planik ez duten kirol-modalitate eta -espezialitateetan zein prestakuntza-mailetan ari diren profesionalentzat.

    BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Eskola-adineko kirolariekin kirol anitzeko jardueretako prestakuntza.

  1. Eskola-adineko kirolariekin kirol anitzeko jardueretan eginkizun osagarriak dituzten monitoreentzat eta entrenatzaileentzat titulu ofizialik edo profesionaltasun-ziurtagiri espezifikorik ez badago edo nahikorik ez badago, Kirolaren Euskal Eskolak, lurralde historikoetako foru-organoekin adostuta eta kalterik egin gabe lurralde historikoek eskola-kirolaren arloko arauak garatzeko eta betearazteko dituzten eskumenei, prestakuntza-ekintza espezifikoak sustatuko ditu eskola-adineko jarduera fisikoen eta kirol-jardueren programak osatzen dituzten entrenamenduak, lehiaketak eta gainerako jarduerak garatzen laguntzen dutenentzat.

  2. Eskainitako prestakuntza-jarduerek modulukako eskaintza ahalbidetu beharko dute, eta behin horiek gaindituta, dagozkion egiaztagiriak lortuko dira.

  3. Prestakuntza horiek gainditu izana egiaztatzen dutenek eskola-kiroleko kirol anitzeko jardueretan monitore eta entrenatzailearen laguntzaile eginkizunak betetzeko gaikuntza izango dute. Halaber, modalitate bakar batera bideratuta dauden eta kirol-hastapenekoak edo oinarrizko mailakoak diren eskola-kiroleko jardueretan laguntzaile eginkizunak bete ahal izango dituzte, baldin eta prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia badute dagokion azpimodalitatean.

    Gaikuntza horrek ez die kalterik egingo lurralde historikoek eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan dituzten arauak garatzeko eta betearazteko eskumenei.

    SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratatua.

  1. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua duten langileei ez zaizkie eskatuko lege honetan lanbidean sartzeko eta jarduteko aurreikusten diren lanbide-kualifikazioak, betiere prestakuntza hori jarduera fisikoaren eta kirolaren eremukoa bada.

  2. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua duten langileek izena eman beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroan.

    ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kirol-teknikariaren eta goi-mailako kirol-teknikariaren titulazioen kualifikazio baliokideak.

  1. Lege honetan ezarritako kirol-teknikariaren eta goi-mailako kirol-teknikariaren titulazio akademikoei egiten zaizkien aipamenak honako prestakuntza hauetatik eratorritako titulazioetara heda daitezke:

    1. Aldi iragankorreko kirol-prestakuntzak.

    2. Kirol-teknikariaren eta goi-mailako kirol-teknikariaren titulua duten modalitate edo espezialitateetan, lehenagoko prestakuntza federatiboak, indarreko legeriaren arabera onar daitezkeenak.

    3. Kirol-teknikariaren eta goi-mailako kirol-teknikariaren titulurik ez duten modalitate edo espezialitateetan, lehenagoko prestakuntza federatiboak, aldi iragankorreko kirol-prestakuntzetan sartzeko edo gerora onartzeko aukera dutenak.

  2. Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak epe bat gaituko du lehen aipatutako prestakuntza horietako bat duten pertsonek dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiazta dezaten goi-mailako kirol-teknikariaren tituluarekiko lanbide-baliokidetasuna.

    ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Uretako jardueretan parte hartzen duten pertsonen segurtasuna babestea.

  1. Soroslea igerileku zein ur-instalazioen eta uretako naturaguneetan bainatzeko guneen erabiltzaileen segurtasuna zaintzeaz arduratzen da, eta arriskutsuak izan daitezkeen egoerak prebenitzen ditu, etengabeko zaintza eta esku-hartze eraginkorra eginez istripu edo larrialdi-egoera baten aurrean.

  2. Lehen aipatutako sorospen-jardueretan aritzeko, honako ziurtagiri, titulu edo baliokidetzat aitortutako titulu hauen bidez egiazta daitekeen kualifikazio bat eskatuko da:

    1. Uretako instalazioetako sorospeneko profesionaltasun-ziurtagiria.

    2. Uretako naturaguneetako sorospeneko profesionaltasun-ziurtagiria.

    3. Salbamendu eta sorospeneko kirol-teknikariaren tituluaren hasierako zikloaren ziurtagiria.

    4. Salbamendu eta sorospeneko kirol-teknikariaren titulua.

    5. Lanbide Heziketako tituluen katalogoko jarduera fisikoen eta kirol-jardueren lanbide-familiako teknikariaren beste edozein titulu, betiere lanbide-jarduera horiek tituluaren lanbide-profilera egokitzen badira.

  3. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatu edo graduatuek eta kirol-jarduera fisikoen lanbide-familiako Lanbide Heziketako goi-mailako teknikariek xedapen gehigarri honetan aurreikusitako sorospen-jarduerak egin ahal izango dituzte, erregelamendu bidez arautuko den egokitzapen-ikastaro bat egiten badute.

  4. Legea indarrean sartu aurretik uretako soroslearen lanbide-jardueran aritu direla eta bigarren paragrafoan ezarritako titulu edo ziurtagirietara bideratzen ez diren prestakuntza-ekintzak ere egin dituztela egiaztatzen duten pertsonei lege honen lehenengo xedapen iragankorrean ezarritako araubide iragankorra aplikatuko zaie eta, beraz, behin-behinean gaituta geratuko dira sorosle-jardueran jarraitzeko, harik eta dagozkion gaitasun profesionalak badituztela egiaztatzeko dagozkion administrazio-prozedurak behar bezala ezartzen diren arte.

  5. Uretako instalazio eta espazioetan sorosleari dagozkion zerbitzuak emateko, sorosleak bertan egon beharko du.

    BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Legea garatzeko prestakuntza-plana.

  1. Lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, Eusko Jaurlaritzak hura garatzeko homologazio- eta prestakuntza-plan bat zehaztuko du, kalitatezko kirol-jarduera bermatzeko. Urtero zuzkidura-lerro bat ezarriko da aipatutako plana betetzeko.

    Era berean, Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak plan hori egingo du Kirolene eta Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen berariazko parte-hartzearekin.

  2. Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesionalen homologazioa bermatzeko, Kirolaren Euskal Eskolak aholkularitza emango die kirol-enpresa eta -erakundeei beren prestakuntza-planetan, beren planak Eusko Jaurlaritzaren prestakuntza orokorrera egokitzeko, eta bertan langileen kontziliazio-ordutegiak errespetatu beharko dira.

  3. Eusko Jaurlaritzak kirol-irakaskuntzen arloko prestakuntza-zentroen sare publikoa eta jarduera fisikoen eta kirol-jardueren lanbide-familiako ikastetxe integratuen sarea sustatuko ditu, bai eta horiei baliabideak eman ere, jarduera fisikoko eta kiroleko lanbideetan boluntariotza-erregimenean diharduten pertsonentzako hasierako eta etengabeko prestakuntza eskaintzeko, kolektibo zibikoekin eta sozialekin lankidetzan. Era berean, prestakuntza-eskaintza osoa, publikoa eta unibertsala bermatuko du, bai eta eskaintza pribatuan lehia askea ere, federatua izan zein ez.

    HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Beste estatu batzuetan lortutako lanbide-kualifikazioak onartzea.

  1. Europar Batasuneko estatu kideetan edo langileen zirkulazio askea, kokatzeko askatasuna eta profesionalek zerbitzuak emateko askatasuna aplikagarri diren estatuetan eskuratutako lanbide-kualifikazioak onartzeko, nazioarteko hitzarmenetan eta onarpen hori arautzen duten Europar Batasuneko arauetan ezarritakoa bete beharko da eta, orobat, ordenamendu horren transposizioa egiteko estatu-mailako xedapenetan ezarritakoa.

  2. Aurreko paragrafoan aipatzen ez diren gainerako estatuetan eskuratutako lanbide-kualifikazioak lanbide-jarduerarako onartzeko, kasu bakoitzean aplikagarri diren hitzarmen eta arau-xedapenak beteko dira.

    HAMAIKAGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kirol-zuzendaritza.

  1. Lanaldi osoko eta enplegu mugagabeko hiru monitore edo entrenatzaile baino gehiago dituzten kirol-zentro publiko zein pribatu guztiek lege honen 10. artikuluan eskatzen den kualifikazioa duen kirol-zuzendari bat izan beharko dute. Era berean, kirol-zuzendari bat izan beharko dute lanean bost monitore edo entrenatzaile baino gehiago dituzten kirol-zentro publiko zein pribatu guztiek, edozein dela ere lan- edo administrazio-kontratazioaren modalitatea, barne hartuta aldizkako kontratu finkoak edo iraupen mugatuko kontratuak dituzten pertsonak.

  2. Kirol-zuzendari bat izateko betebeharra dakarten enplegatutako profesionalen kopurua kalkulatzeko, enpresaren plantilla osoa hartuko da kontuan, enpresaren lantoki-kopurua edozein dela ere.

    Derrigortasun-atalasera iristen dela egiaztatze aldera, zenbaketa hori urte bakoitzeko ekaineko eta abenduko azken egunean egin beharko da beti, aurreko sei hilabeteei dagokienez.

  3. Xedapen gehigarri honetako betebeharra 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera eskatu ahal izango da.

    HAMABIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duten lanbideetan jarduteko bermeak, sexu-indarkeriaren prebentziorako, eta genero-ikuspegia txertatzea.

  1. Lege honetan araututako lanbideetan sartzeko eta jarduteko baldintza izango da, bai dedikazio profesionalean bai boluntariotza-araubidean, lanbideok adingabeekiko ohiko harremana izatea dakartenean, Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik epai irmoz kondenatua ez izana, bai eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren edozein deliturengatik ere. Horretarako, lanbide horietan sartu nahi duenak egoera hori egiaztatu beharko du Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztuta, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan aurreikusitako baldintzetan.

  2. Debekatuta dago enpresek eta erakundeek lana ematea, lege honetan araututako eta adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten jardueretan, Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Nagusian aurrekariak dituztenei. Debeku hori boluntarioei ere aplikatzen zaie.

  3. Lege honetan araututako lanbideren batean ari diren pertsona guztiek, nagusiki adingabeekin praktikatzen diren kirol-jardueretan bertan egoteko betebeharra dutenean, sexu-indarkeriaren prebentziorako eta genero-ikuspegia txertatzeko prestakuntza dutela egiaztatu beharko dute. Lanbide-jarduna irakaskuntzan gauzatzen dutenen kasuan, beharrezkoa izango da, halaber, hezkidetzako prestakuntza egiaztatzea. Prestakuntza horiek azken xedapenetako lehenengoan aurreikusitako egunetik aurrera eskatu ahal izango dira.

  4. Kirol-arloko eskumena duen sailak, berdintasun-arloko eskumena duen sailarekin eta Emakunderekin lankidetzan, erregelamenduz ezarriko ditu aipatutako prestakuntza egiaztatzeko baldintzak eta prozedura, dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

    LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Lanbidean jardutea legean eskatutako kualifikaziorik gabe.

  1. Kasuan kasuko lanbidean jarduteko gaikuntza izango dute erregelamenduz ezartzen den moduan egiaztatzen dutenek lege hau indarrean sartu zenean, modu jarraituan, edo ez noizean behin, aritzen zirela araututako lanbide-jardueretan. Gaikuntza dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez gauzatuko da.

  2. Eskolako jarduera fisikoko eta kiroleko kirol anitzeko jardueretan monitore eta entrenatzaile laguntzaile gisa jarduteko gaituta egongo dira, halaber, foru-aldundiek eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan lege hau indarrean jarri aurretik eskainitako prestakuntza-ekintzak gainditu dituzten pertsonak. Gaikuntza hori 2026ko urtarrilaren 1era arte luzatuko da.

  3. Xedapen iragankor honetako lehen eta bigarren idatz-zatietan aipatutako egoeran dauden pertsonek lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide-gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran parte hartu beharko dute, erregelamendu bidez finkatzen den epean.

  4. Xedapen iragankor honetako lehenengo apartatuan gaikuntzari buruz ezarritakoari kalterik egin gabe, Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak baliorik gabe utzi ahal izango du lanbidean jarduteko gaikuntza baldin eta, jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, ikusten bada lanbidean kualifikaziorik gabe jarduteak arrisku zuzen eta larrian jartzen dituela pertsonen osasuna eta segurtasuna. Helburu horrekin, egoera horretan dauden lanbide-jardueren zerrenda bat egingo du aipatutako sailak.

  5. Dagokion nazioarteko edo Espainiako federazioak baimena ematen badu bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako goi-errendimenduko kirol-lehiaketetan entrenatzaile- edo zuzendari-lanak lege honetan eskatutako kualifikaziorik gabe egiteko, automatikoki gaituta egongo dira lehiaketa-maila horretarako dagokion Espainiako edo nazioarteko federazioak eskatutako titulazioa dutenak. Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak beste kirol-lehiaketa batzuk gehitu ahal izango ditu baldin eta euskal federazioetakoak ez diren taldeek parte hartzen badute.

  6. Entrenatzaile gisa jarduteko gaituta egongo dira, halaber, lege hau indarrean jarri aurretik urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak edo dagozkion erregelamenduzko xedapenek araututako kirol-irakaskuntzetatik kanpo federazio-diploma bat lortu duten pertsonak. Federazio-diploma hori gaikuntzaren ondorioetarako baino ez da aitortzen, eta ez dakar berekin ondorio akademikoetarako edo profesionaletarako prestakuntza-prozesua baliozkotzea edo egiaztatzea. Federazio-diploma horrek lehiaketa federatuaren esparruan soilik esku hartzeko ahalmena ematen du, eta prestatzaile fisikoaren lanbide-eremua gaikuntzatik kanpo geratzen da.

    Egoera horretan dauden pertsonak gaituta egongo dira dagokion titulazioko kirol-modalitate edo -azpimodalitatean eta kirol-mailan aritzeko, baina goragoko kirol-mailetarako ere gaituta geratzeko aukera izango dute baldin eta dagokion federazio-diploma eskuratzen badute lege hau indarrean sartu eta bi urteko epean.

    Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, Euskadiko kirol-federazioek beharrezko prestakuntza-eskaintza ofizialak sustatu beharko dituzte etorkizuneko entrenatzaileek lege honetan eskatzen diren kualifikazioak lor ditzaten. Aurreko horrek ez dio kalterik egingo etengabeko prestakuntzaren, hobekuntzaren, espezializazioaren eta antzeko esparruetan federazio-prestakuntzak eskaintzen jarraitzeko eskumenari.

    Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak indarrik gabe utzi ahal izango ditu xedapen iragankor honetan ezarritako gaikuntzak, prestakuntza bide ofizialetik modu nabarmenean edo esklusiboan garatu den zenbait kirol-modalitate edo -azpimodalitatetan.

    Gaikuntza lortu duten profesional horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroan eman beharko dute izena, gaikuntza dutenentzako atal espezifiko batean.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Legea progresiboki aplikatzea kirol-monitore, entrenatzaile eta kirol-zuzendariaren lanbideetan.

  1. Kirol-monitore, entrenatzaile edo kirol-zuzendariaren lanbideei dagozkien berezko eremu material guztietan, Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak bere eskumenen esparru esklusiboan egiaztatzen badu ez dagoela lege honetan aurreikusitako kualifikazioak dituen profesionalik une bakoitzean dagoen eskaintzari behar bezala erantzuteko, edo ez dagoela prestakuntza ofizialik edo kirol-esparru berriak sortu direla, behin-behinean gaituko ditu kualifikazio baxuagoa edo prestakuntza analogoa dutela egiaztatzen duten pertsonak.

  2. Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak ezarriko ditu legea progresiboki aplikatzeko baldintzak eta modua, bai eta aurreko apartatuan jasotako lanbide-gaikuntzak aplikatzeko baldintzak eta modua ere.

  3. Kirol-modalitate batean hastapeneko edo oinarrizko kirolaren esparruan boluntariotza-erregimenean diharduten monitore eta entrenatzaileak gaituta egongo dira, nahiz eta lege honetan eskatutako lanbide-prestakuntzarik ez izan, baldin eta, gutxienez, kirol-federazioek kategoria horretarako onartzen dituzten titulazioak badituzte. Gaikuntza hori, aldi baterakoa izango dena eta 2026ko urtarrilaren 1ean amaituko dena, deskribatutako federazio-eremuan esku hartzeko ahalmena baino ez du ematen.

    Apartatu honen ondorioetarako baino ez, hastapeneko edo oinarrizko kirolaren eremukoak izango dira gazte-kategoriara arteko kategoria baxuagoak, kategoria hori alde batera utzita.

    Apartatu honetan aurreikusitako ondorioetarako, lege hau indarrean jarri aurretik hasitako prestakuntza-eskaintzen ondorioz emandako federazio-diplomak soilik izango dira baliozkoak. Denborazko baldintza horretatik salbuetsita daude gerora hasitako prestakuntza-eskaintzen ondorioz emandako federazio-diplomak, baldin eta ez badago eskaintza publiko nahikorik dagokion kirol-modalitateko kirol-teknikariaren eta goi-mailako kirol-teknikariaren titulu akademikoetarako.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailari ahalmena ematen zaio, agindu bidez eta zenbait kirol-modalitateren egoera kontuan hartuta, xedapen iragankor honetan aurreikusitakoez bestelako federazio-diplomak gaitzeko.

    HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Lehen laguntzak emateko kualifikazioa eskuratzeko betebeharra ez betetzea.

  1. Lege hau indarrean sartzean lege honetan ezarritako lehen laguntzetako kualifikazioaren eskakizuna betetzen ez duten jarduera fisikoko eta kiroleko profesionalek, bai eta boluntarioek ere, 2026ko urtarrilaren 1era arte jarraitu ahal izango dute beren lanbide-jardueran.

  2. Aipatutako epean prestakuntza hori izateko betebeharra ez betetzea lanpostutik aldatzeko arrazoitzat hartu ahal izango da Euskal Herriko Autonomia Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen babesean, eta, horrez gain, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 52. artikuluko a) letran aipatzen den ondoren agertutako gaitasunik ezaren kasutzat hartzeko.

    LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Boluntariotza.

    Lehen eta bigarren xedapen iragankorretan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesionalentzat aurreikusi diren gaikuntzei eta gaitasunen aintzatespenei buruz lege honetan jasotako aurreikuspenak lege honetan jasotako lanbide-jarduerak boluntariotza-erregimenean egiten dituzten pertsonei ere aplikatuko zaizkie.

    BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Federazioen araudiak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-federazioek lege honetara egokitu beharko dute araudi federatiboa, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistrora bidali ere, bertan onartua izan eta erregistroan inskriba dadin 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen.

    SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Hizkuntza-normalizazioa.

    Lege hau indarrean sartzen denean herri-administrazioek emandako zerbitzu publikoen esparruan jarduera fisikoko eta kiroleko lanbideetan dihardutenek, gutxienez B2 hizkuntza-gaitasunaren maila egiaztatu beharko dute 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, beste hizkuntza-gaitasunik xedatu ez den eremuetan.

    Xedapen honetan ezarritako epea bete eta bi urtera arte, Eusko Jaurlaritzak laguntza-programak ezarriko ditu lege honek eragindako pertsonei euskararen doako irakaskuntza bermatzeko, eta euskara-ikastaroetan izena emanda dutenei ikastaro horiek amaitu arte luzatuko zaie epea.

    ZAZPIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Izenen erabilera-erreserba aplikatzen hasteko epea.

  1. artikuluan ezarritako izenen erabilera-erreserba 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

    ZORTZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Legea aplikatzearen inpaktu ekonomikoari buruzko azterlanak.

    Eusko Jaurlaritzak lege honen aplikazioak izango duen eraginari buruzko azterlanak egingo ditu urtero, lege hau indarrean sartzen denetik 2026ko urtarrilaren 1era arte edo haren erregelamendu bidezko garapena amaitu arte. Azterlan horiek barne hartuko dute, besteak beste, genero-dimentsioa eta, maila ekonomikoan, mota guztietako kirol-erakundeetan eta kirolariengan zein erabiltzaileengan duen inpaktua.

Indargabetuta geratzen dira Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 98. artikulua, Eskola Kirolari buruzko uztailaren 1eko 125/2008 Dekretuaren 25. artikulua, bai eta lege honetan xedatutakoaren kontra doazen maila bereko edo maila baxuagoko arau guztiak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Indarrean jartzea.

  1. Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

  2. Aurrekoa gorabehera, lege honetan aurreikusitako lanbide-kualifikazioak ez dira 2026ko urtarrilaren 1era arte eskatuko. Era berean, lege honetan ezarritako betebehar formalak betetzeko epeak kasuan kasuko erregelamendu-arauetan zehaztuko dira.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Arau-esparru erkidea.

    Lege honetan arautzen diren lanbideak, bertan ezartzen ez den guztian, lanbideetan jarduteari buruzko arau-esparru erkidearen mende egongo dira.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Lanbideetan beste bide batzuetatik sartzeko eta jarduteko kualifikazioak egiaztatzea.

    Lanbideetan sartzeko eta jarduteko, lege honetan zehaztutako titulu akademiko eta ziurtagirien bidez egiaztatutako kualifikazioak erabil daitezke. Legea indarrean sartu eta urtebeteko epean, Eusko Jaurlaritzako kirol-arloko sail eskudunak zehaztuko ditu aipatutako titulu eta ziurtagiriak ez diren beste bide batzuetatik eskuratutako kualifikazioak egiaztatzeko kasuak, baldintzak eta prozedurak.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 8a.

    Lehendakaria,

    IIGO URKULLU RENTERIA.