Euskadi.eus
  • 6/2023 LEGEA, ekainaren 8koa, erreferentziako merkaturatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-bonu termikoa kudeatzeko eta ordaintzeko informazioa jakinaraztea arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

6/2023 LEGEA, ekainaren 8koa, erreferentziako merkaturatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-bonu termikoa kudeatzeko eta ordaintzeko informazioa jakinaraztea arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 115
  • Hurrenkera-zk.: 2881
  • Xedapen-zk.: 6
  • Xedapen-data: 2023/06/08
  • Argitaratze-data: 2023/06/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ogasun eta Ekonoma
  • Azpigaia: Industria; Ogasun; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 6/2023 Legea, ekainaren 8koa, erreferentziako merkaturatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-bonu termikoa kudeatzeko eta ordaintzeko informazioa jakinaraztea arautzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Gizarte-bonu termikoa kontsumitzaile kalteberen pobrezia energetikoa arintzeko laguntzak zuzenean emateko programa bat da, berokuntzarako, ur bero sanitariorako edo sukalderako energiari dagokionez, Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurrien urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuak sortua.

Estatuko aurrekontu orokorren kontura finantzatzen da, baina laguntzak kudeatzea eta ordaintzea autonomia-erkidegoei dagokie. Ondorio horietarako, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak aurrekontu erabilgarriaren lurralde-banaketa kalkulatzen du eta laguntzen zenbatekoak administrazio eskudunei transferitzen dizkie, ordain ditzaten.

Onuradun izango dira aurreko urteko abenduaren 31n Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2003 Legearen 45. artikuluan aurreikusitako elektrizitatearen gizarte-bonuaren onuradun diren kontsumitzaileak, aipatutako dekretuan jasotzen den bezala.

Konstituzio Auzitegiak, irailaren 23ko 134/2020 Epaian, konstituzio-kontrakotzat jo eta bertan behera utzi zituen honako tarteki hauek: urtean ordainketa bakarra eginez, 9. artikuluaren lehen apartatuan; onuradunen eta dagozkien zenbatekoen gaineko informazioarekin batera, aurreko apartatuetan ezarritakoarekin bat etorriz eta 11. artikuluan aipatzen den informaziotik abiatuta, 10. artikuluaren bigarren apartatuan; urteko lehen hiruhilekoan, 10. artikuluaren hirugarren apartatua, eta 11. artikulua.

Zehazki, urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren 11. artikuluak xedatzen zuen ezen erreferentziako merkaturatzaileek aurreko urteko abenduaren 31n gizarte-bonuaren onuradun ziren pertsonen datu pertsonalak eman behar zizkiotela Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunari. Baina Konstituzio Auzitegiak konstituzio-kontrakotzat jo zuen, uste baitzuen eskatutako informazioaren helburua gizarte-bonu termikoaren laguntzaren zenbatekoa zehaztea eta hura ordaintzea zela, eta horrek gainditu egiten zituela Estatuak laguntzari buruz zituen ahalmenak, zuzenean lotuta baitzeuden autonomia-erkidegoen eskumenekoak diren kudeaketa-zereginekin.

Ikusita Konstituzio Auzitegiaren irailaren 23ko 134/2020 Epaiak 15/2018 Errege Lege Dekretuaren artikulu batzuk baliogabetzen dituela besteak beste, tarteki hauek: onuradunen eta dagozkien zenbatekoen gaineko informazioarekin batera, aurreko apartatuetan ezarritakoarekin bat etorriz eta 11. artikuluan aipatzen den informaziotik abiatuta, 10. artikuluaren bigarren apartatuan, bai eta 11. artikulua, beharrezkoa da lege-mailako arau bat ematea, non ezarriko baita erreferentziazko merkaturatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan elektrizitatearen gizarte-bonuaren onuradunen datu pertsonalak eman behar dituztela, betez bai Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.c artikulua erregelamendu hori datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruz eta datu horien zirkulazio libreari buruzkoa da eta 95/46/EB Zuzentaraua (Datuen babeserako erregelamendu orokorra) indargabetzen du, bai Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 8. artikulua.

Gainera, orain onartzen den lege horrek tratamenduaren arduraduna salbuetsiko luke 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan aurreikusitako informazioa interesdunei jakinarazteko betebeharretik, artikulu horren bosgarren apartatuaren c) letran xedatutakoaren arabera.

Legearen egitura: artikulu bakarra-erreferentziako merkaturatzaileek gizarte-bonu termikoa kudeatzeko eta ordaintzeko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari ematea arautzen duena, xedapen iragankor bat eta azken xedapena, indarrean jartzeari buruzkoa.

  1. Gizarte-bonu termikoaren zenbatekoa zehaztu ahal izateko eta hura ordaindu ahal izateko soilik, urte bakoitzeko urtarrilaren 30a baino lehen, erreferentziako merkaturatzaileek aurreko urteko abenduaren 31n gizarte-bonu elektrikoaren onuradun izan diren beren Euskal Autonomia Elkarteko bezeroen zerrenda igorri beharko diote gizarte-zerbitzuetan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailari, edo laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko eskumena duen beste organo bati.

  2. Lehenengo apartatuan aipatzen den zerrendak formatu digitalean, informatikoki erabil daitekeena informazio hau izan behar du:

    1. Onuradunaren izena, bi abizenak eta nortasun agiri nazionala.

    2. Helbide osoa, honako hauek adierazita: kalea, zenbakia, posta-kodea eta udalerria.

    3. Kalteberatasun-maila zehaztea: kalteberatasun larriko kontsumitzailea edo gizarte-bazterketaren arriskupeko kontsumitzailea.

    4. Banku-kontuaren datu eguneratuak.

    5. Telefonoa eta helbide elektronikoa.

Salbuespen gisa, 2021eko abenduaren 31n gizarte-bonu elektrikoaren onuradun ziren Euskal Autonomia Erkidegoko pertsonei buruzko informazioa, lege hau indarrean jarri eta 15 eguneko epean bidali beharko diote erreferentziako merkaturatzaileek gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak dituen sailari.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 13a.

Lehendakaria,

IIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik