Euskadi.eus
  • 10/2023 LEGEA, azaroaren 9koa, 2023-2026 Euskal Estatistika Planarena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzekoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

10/2023 LEGEA, azaroaren 9koa, 2023-2026 Euskal Estatistika Planarena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 224
  • Hurrenkera-zk.: 5254
  • Xedapen-zk.: 10
  • Xedapen-data: 2023/11/09
  • Argitaratze-data: 2023/11/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonoma
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela 2023-2026 Euskal Estatistika Planaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzeko azaroaren 9ko 10/2023 Legea.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak 10.37 artikuluan xedatzen duenez, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du honako gai hauetan: (...) 37. Euskal Herriko estatistika, bere helburu eta eskumenetarako.

Artikulu hori aplikatuz, Eusko Legebiltzarrak apirilaren 23ko 4/1986 Legea onartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzkoa. Lege horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera arautzen da, eta jarduera hori egiteko erakundea sortzen da. Lege hori, beraz, ezinbesteko abiapuntua da.

Hala ere, estatistika-jardueraren erregulazioa ez da arau horretan agortzen, jarduera hori antolatzeko tresna Euskal Estatistika Plana izango dela aurreikusten baita. Plan horrek bere indarraldian egin behar diren eta lege bidez onartu beharko diren estatistikak eta izaera horretako beste jarduera batzuk bilduko ditu. Plan hori jarduera-esparruaren goiko erpina da, eta, aldi berean, urteko estatistika-programek garatuko dute.

Aurreko zortzi planek (1989-1992, 1993-1996, 1997-2000, 2001-2004, 2005-2008, 2010-2012, 2014-2017 eta 2019-2022), zeinak, aldi berean, urteko estatistika-programen bidez garatu baitira, aldi bakoitzean egin beharreko estatistikak zehaztu dituzte, bai eta estatistika horiek nork eta zer baldintza teknikotan egin behar zituen ere. Plan horietako azkenak bere indarraldia agortu du, eta, beraz, Eusko Legebiltzarrak beste bat onartu behar du.

Premisa horien arabera, lege honen bidez 2023-2026 Euskal Estatistika Plana onartzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundeak laurtekoan egin behar dituen estatistikak eta izaera horretako beste jarduera batzuk jasotzen dituena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea estatistika-jardueraren behar berrietara egokitzen da.

Ondorioz, legearen artikuluetan dago hura kokatu eta enkoadratzen duten koordenatu materialen eta denborazkoen definizioa.

Legearen eremu materiala, 1. artikuluan zedarritua, eranskinetan zehaztutako estatistikak eta izaera horretako beste jarduera batzuk egitean datza, eta horiek legean txertatzen dira, balio arauemaile berarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 6.2 artikuluak xedatzen du planak indarrean dagoen bitartean jasoko dituela estatistikak eta antzeko jarduerak. 2023-2026 Euskal Estatistika Plan hau aipamen labur horretatik harago doa, eta eragiketa bakoitzaren ezaugarri nagusiak adierazten ditu, horiek sartzea komeni dela uste delako, eragiketa horien definizio osoagoa egiteko, baina horrek ez du urteko estatistika-programen eraginkortasuna deuseztatzen, programa horietan eragiketa bakoitzerako behar diren zehaztapenak egingo baitira. Gainera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 17. artikuluak xedatutakoarekin bat, estatistiken eta azterlanen egokitzapenari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundeak sistematikoki sartuko du sexu-aldagaia Euskal Estatistika Planaren barruan egiten diren estatistika-eragiketetan, eta genero-ikuspegia txertatuko du estatistika-eragiketaren fase guztietan.

Horregatik, IV. eranskinak, eragiketak zerrendatzeaz gain, horietako bakoitzerako honako ezaugarri hauek azaltzen ditu:

  1. Helburu orokorrak, urteko estatistika-programetan garatzen direnak.

  2. Erakunde arduraduna, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen II. tituluko III. kapituluan aipatzen den eskumenean eragina duena. Eskumen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundearen organo eta erakundeen esparruan baino ez da esleitzen, zeinak legearen 26. artikuluan aurreikusita baitaude.

  3. Parte hartzen duten beste erakunde batzuk, kontuan hartuta eragiketa oso batean parte hartzeko aukera dagoela, edo eragiketa osatzen duten faseetako batzuetan bakarrik.

  4. Gai-eremua. Ikerketari dagokion jarduera-eremu generikoa mugatu nahi da. Hauek dira gai-arloak:

    1. Demografia eta gizarte-azturak

    2. Hizkuntzak

    3. Osasungintza eta osasuna

    4. Hezkuntza

    5. Lan-merkatua eta lan-kostuak

    6. Gizarte-babesa eta gizarte-zerbitzuak

    7. Kultura, aisia eta kirolak

    8. Justizia eta segurtasuna

    9. Ingurumena

    10. Lehen sektorea

    11. Industria eta energia

    12. Eraikuntza eta etxebizitza

    13. Zerbitzu-sektorea

    14. Merkataritza eta automobil-zerbitzuak

    15. Administrazio publikoa

    16. Finantzak eta aseguruak

    17. Kontu ekonomikoak

    18. Prezioak

    19. Gizarte-ekonomia

    20. Azpiegitura estatistikoa

    21. Garapen estatistikoa

    22. Informazioaren gizartea eta I+G+b

    1. Beste batzuk.

  5. Egoera. Jakin nahi da estatistika-eragiketa dagoeneko hasia den, behin eta berriz egiten delako, edo lehenengo aldia den.

  6. Hedatzeko aldizkakotasuna. Emaitzak zenbatean behin eskuratuko diren jakinarazi nahi zaie herritarrei, lan egiteko maiztasuna edozein dela ere.

  7. Eragiketa-mota. Estatistiken izaerari buruzko informazioa ematen da; bereziki, informazioa berariaz biltzen den (direktorioa, zentsua, laginketa bidezko inkesta), abiapuntutzat hartzen diren beste informazio batzuei (bilketa, sintesia) balioa gehitzen zaien edo normalizazioa, metodologia hobetzea edo estatistika garatzea dakarren tresna osagarria den.

    1. artikuluak urteko estatistika-programak garatu eta gauzatzea ezartzen du, behar bezala arrazoitutako etorkizuneko beharrizanetara egokitzeko aurreikuspenarekin.

    2. artikuluak estatistika-jardunaren araubide juridikoa arautzen du, Europako Estatistiken Jardunbide Egokien Kodearen printzipioetan oinarritutako estatistika-eragiketen kalitatea bermatuz.

    3. artikuluak ezartzen du erakundeek, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek, publiko zein pribatuek, plan honetan araututako estatistikak egiteko behar den informazioa eman behar dutela. Informazio horren barruan sartzen dira datu pertsonalen kategoria bereziak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan aipatzen direnak (erregelamendu hori pertsona fisikoen babesari buruzkoa da, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du).

      Bestalde, ezin da ahaztu Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak estatistikak administrazio-datuen bidez ekoiztearen alde egiten duela, administrazio publikoek beren prozedurak berritzeko egiten dituzten ahaleginak ahalik eta errentagarrienak izan daitezen, aldi berean kudeaketa-helburuak eta estatistika-helburuak bete ditzaten, eta, horrela, ahal den neurrian, herritarrei, enpresei eta beste erakunde batzuei informazioa bi aldiz eskatzea saihesteko.

      Azken xedapenetako lehenengoan, zenbait aldaketa egiten zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen artikuluei. Horien helburua da estatistika-erregulazioa egokitzea eremu materialean, estatistika-jardueran, normalizazioan, estatistika-informazioaren iturri berrietan (hala nola datu masiboetan eta iturri digitaletan) eta fitxategi-direktorioen informazio-beharren egokitzapenean, bai eta Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen eskumenak zabaltzea ere, testuinguruan kokatutako estatistika-informazioa eskaintzeko eta datuak informazio eta ezagutza bihurtzeko. Horrek guztiak ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzen lagunduko du, tresna eta metodologia aurreratuak erabilita eta datuen konfidentzialtasuna eta segurtasuna oso kontuan hartuta.

      Lehen esan bezala, administrazio-erregistroetatik datozen datu-iturriak funtsezkoak dira estatistika-eragiketen kostuak eta informatzaileen karga murrizteko. Datu estatistikoen estrategiaren helburua izango da datu egituratuak lortzea, datuen estandarizazioa eta normalizazioa kontuan hartuta, bai eta datu bakarra lortzea ere. Horregatik, beharrezkoa da helburu estatistikoetarako datu-iturri gisa erabil daitezkeen administrazio-erregistroak beren diseinutik bertatik normalizatuta egotea, eta ezinbestekoa da Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak nahitaezko txostena egitea administrazio-erregistroak sortzeko, aldatzeko eta ezabatzeko.

      Apirilaren 23ko 4/1986 Legean sartutako beste berrikuntza bat Euskal Autonomia Erkidegoko Biztanleriaren Erregistroa sortzea da. Erregistroa Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak kudeatuko du, eta bere helburua da Administrazio orokorreko eta foru-administrazioetako organoek, bai eta horien erakunde instituzionalek ere, informazioa eskatzea, beren eskumenak gauzatzeko beharrezkoa denean, eta, soil-soilik, bizilekua edo helbidea garrantzitsuak diren gaietarako.

      Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundeak maila operatiboan datu egituratu ugari kudeatzen dituzte. Datu horiek ezinbestekoak dira plan, programa eta proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, eta azterlan estatistikoak egiteko balio dezakete. Estatistika-datu masibo kopuru handi hori plan, programa eta proiektu horien diseinatzaile eta kudeatzaileen eskura jarri nahi da, tratamendu-ingurune seguru batean eta konfidentzialtasun- eta segurtasun-berme guztiekin.

      Apirilaren 23ko 4/1986 Legearen azken zatian datu konfidentzialetarako irispidearen erregulazioa sartzen da, helburu zientifikoekin, Europako estatistiken erregulazioan egiten den antzera, bistan denez zentro seguru baten bidez eta konfidentzialtasun- eta segurtasun-baldintza guztiak betez.

      Azkenik, erakundearen izena erregularizatu nahi da, euskarazko eta gaztelaniazko izenak eta erakundearen izen komuna (Eustat) kontuan hartuta.

      Legearen azken xedapenetako bigarrena, hirugarrena eta laugarrena planaren funtsezko koordenatuetako bigarrenari buruzkoak dira, hau da, denbora-koordenatuari buruzkoak, eta, horrela, aurrekontu-ekitaldien amaierarekin bat etorriz, indarraldia 2026ko abenduaren 31n amaituko dela ezartzen da, bai eta planaren balizko luzapenari buruzkoak ere, baldin eta plan hau amaitzean beste bat onartzen ez bada.

  1. 2023-2026 Euskal Estatistika Plana onartzen da.

  2. Plan hori Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera 2023-2026 aldian antolatzeko tresna da, hargatik eragotzi gabe balizko luzapena.

  3. Planaren edukia da lege honen eranskinetan jasotako estatistikak eta izaera horretako beste jarduera batzuk egitea.

  1. 2023-2026 Euskal Estatistika Plana urteko estatistika-programen bidez garatu eta gauzatuko da.

  2. Urteko estatistika-programek 1.3 artikuluan aipatzen diren estatistika-eragiketen ezaugarriak zehaztu eta definituko dituzte, aurrekontu-zuzkiduren esparruan.

  1. Planaren ondoriozko estatistika-jarduna Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 2. artikuluan aurreikusitako araudiaren eta lege honen araberakoa izango da.

  2. Aurreko artikuluan xedatutakoaren araberako estatistika ofizialei eta Jaurlaritzaren sailetako estatistika-organo espezifikoek egindako estatistikei dagozkien emaitzak publikoak izango dira beti, eta formatu berrerabilgarrian argitaratu beharko dira.

  3. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 17. artikuluak xedatutakoa betetze aldera, plan honetan jasotako estatistikek genero-ikuspegia txertatuko dute, diseinutik hasi eta hedapenera arte.

  1. 2023-2026 Euskal Estatistika Planean jasotako estatistikak nahitaez bete behar dira. Betebehar horrek datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen eta aplika daitekeen araudia errespetatu beharko du.

  2. Nolanahi ere, estatistika-antolakundeari emandako datuak sekretu estatistikoaren pean egongo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 19. artikulutik 23.era bitartean ezarritakoari jarraituz.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen aldaketak.

    Bat. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 1. artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikaren eremu materiala honako hau izango da: lurraldearen, ekonomiaren, gizartearen, lanaren, demografiaren eta ingurumenaren errealitateari buruzko informazioa lantzea, eta, oro har, autonomia erkidego horri esleitutako helburu eta eskumenekin lotutako edozein gai interesgarri, kuantitatibo zein kualitatibo, eta errealitate horien adierazleen konfigurazioa. Estatistika-jarduera honetan datza: datuak lortu, bildu, landu eta sistematikoki eta analitikoki antolatzea, horien analisi masiboa barne, bai eta kontserbatzea, biltegiratzea, argitaratzea eta zabaltzea ere.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikari dagokion jarduera, betiere, ohorerako eta norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideari buruz une bakoitzean indarrean dagoen araudia betez gauzatuko da.

    3. Estatistika-jarduerak datuetan oinarritutako kudeaketan eta ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzen lagunduko du, eta politika publikoak eta horien kudeaketa planifikatzeko eta ebaluatzeko balioko du; horretarako, politika publikoen ebaluazioan eskatzen diren estatistika-beharrak hartuko ditu kontuan.

    Bi. Ezabatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 2. artikuluko 5. paragrafoa.

    Hiru. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 3.1 artikuluaren d) letra, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Homogeneotasuna kontzeptuetan, definizioetan, sailkapenetan, nomenklaturetan eta kodeetan, berezko estatistikak eta beste estatistika-sistema batzuetakoak, bereziki Europar Batasunekoak, konparatzeko aukera emango duena.

    Lau. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 3. artikuluari 3. eta 4. paragrafoak gehitzen zaizkio, honela idatzita:

    1. Ekintza batek helburu estatistikoa duela ulertuko da Euskal Autonomia Erkidegorako beharrezkoak diren estatistikak lortzera bideratuta dagoenean.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera Europako Estatistiken Jardunbide Egokien Kodean oinarritutako kalitate-irizpideetan oinarrituko da.

    Bost. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 4. artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    Estatistika-jarduera homogeneizatzeko balio duten kontzeptuak, definizioak, sailkapenak, nomenklaturak eta sektore-kodeak, estatistika- eta lurralde-unitateenak, organismoenak eta 1. artikuluan aipatzen den eremu materialarekin lotutako beste edozein elementurenak nahitaez erabili beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikarako. Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak emango ditu homogeneizazio-arau teknikoak.

    Sei. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 5. artikuluaren 2. paragrafoa, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Estatistikak estatistika-datuetatik, sektore pribatutik datozen datu masiboetatik, iturri digitaletatik lortutako datuetatik eta administrazio-datuetatik abiatuta egin daitezke.

      Datu estatistikoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundeak bere maila operatiboan lortutakoak, soil-soilik helburu estatistikoetarako.

      Sektore pribatutik datozen datu masiboek aukera ematen dute sektore pribatuak bolumen masiboetan eta kalitatezkoetan datuak sortzeko duen ahalmen handia estatistika-helburu publikoetarako baliatzeko.

      Iturri digitaletatik lortutako datuak dira Interneten, sare sozialetan edo gailu digitaletan islatzen diren jarduera, ekintza eta komunikazio digital arakagarrien multzoa.

      Administrazio-datuak dira administrazio-kudeaketaren ondorioz edo administrazio-erabilerarako informazioa biltzeko eragiketa espezifikoen ondorioz lortutakoak, administrazio elektronikokoak barne.

      Datu estatistikoen, sektore pribatutik datozen datu masiboen edo iturri digitaletatik lortutako datuen multzo antolatuek datu estatistikoen fitxategiak sortuko dituzte.

      Administrazio-datuen multzo antolatuak administrazio-datuen fitxategiak sortuko ditu. Fitxategi horietatik datu-fitxategiak sortu ahal izango dira helburu estatistikoetarako.

    Zazpi. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 6.5 artikuluaren a) letra, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari dagokio planaren aurreproiektua egitea, Euskal Estatistika Batzordeko kideek egindako planak aztertu ondoren.

    Zortzi. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluaren 3. paragrafoa, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Plana garatzeko eta gauzatzeko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartzen diren urteko estatistika-programak, aurreko 6. artikuluko 5. paragrafoan ezarritako arauak betez, lege honetako 2. artikuluko 1. paragrafoan aipatzen diren erregelamenduzko xedapenen parte izango dira.

    Bederatzi. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluaren 5. paragrafoa, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Urteko estatistika-programek planaren eranskinetan aurreikusitako ezaugarriren bat aldatu ahal izango dute, Euskal Estatistika Batzordeak aldeko txostena eman ondoren. Aldaketa horrek arrazoitua izan beharko du, eta ezin izango du eraginik izan eragiketaren izaeran eta helburuetan.

    Hamar. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 8. artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Lege honetako 26. artikuluan aipatutako estatistika-organo espezifikoa duten Jaurlaritzako sailek planean eta urteko estatistika programetan sartuta ez dauden estatistikak egin ahal izango dituzte, horiei aitortutako helburu eta eskumenei dagokienez. Estatistika horiek Gobernuak onartu beharko ditu dekretu bidez, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak nahitaezko txostena egin ondoren. Txosten hori hogeita hamar eguneko epean emango da, dagokion proiektu teknikoa jasotzen denetik zenbatzen hasita, eta, hala badagokio, sailek egiaztatuko dute estatistikok egiteak ez dakarrela bikoiztasunik lehendik dauden beste estatistika batzuekin.

    2. Efizientzia eta baliabide publikoen kontrola direla eta, estatistika horiek ez daude estatistika-araudiaren mende eta Jaurlaritzako sailek noizean behin bakarrik egin ahal izango dituzte. Estatistika horiek ez dute inola ere ekarriko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren zerbitzura diharduten langileen gastu garbia handitzea.

    3. Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak Gobernuak berariaz aginduta bakarrik egin ahal izango ditu horrelako estatistikak.

    4. Urteko Estatistika Programan jasotako estatistikak lehentasunez egingo dira artikulu honetan aurreikusitakoen aldean.

    Hamaika. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 9. artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    Atal honetan aipatzen den estatistika-informazioa honako hauek osatuko dute: estatistika-datuek, sektore pribatutik datozen datu masiboek, administrazio-datuek edo lege honen 5. artikuluan aipatutako iturri digitaletako datuek, bai eta estatistikek berek ere.

    Informazio hori estatistika bakoitzaren araudian zehaztuko da.

    Hamabi. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 16. artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundeak, bere maila operatiboan, gorde beharrekotzat jotzen den lortutako informazioa gorde eta zainduko du estatistika-eragiketak gauzatzeko beharrezkoa ez den arte, eta informazio hori sekretu estatistikoaren mende egongo da lege honetan adierazitako baldintzetan, nahiz eta, kasuan kasu, dagozkion emaitzak onartu izan.

    2. Informazioa gordetzeak ez du esan nahi, nahitaez, informazioaren jatorrizko euskarriak gorde behar direnik, baldin eta oinarrizko edukia euskarri informatikoan edo bestelakoren batean jasota badago.

    3. Erregelamendu bidez ezarriko dira informazioa suntsitzeko zein kontserbatzeko irizpideak, informazio hori jada beharrezkoa ez denean estatistika-eragiketak gauzatzeko.

    Hamahiru. Aldatu egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 19. artikuluko 3. paragrafoa, eta honela idatzita geratuko da:

    1. Informatzaileen informazio estatistikoa emateak ez du inolako eraginik izango estatistikaz besteko eremuetan.

    Hamalau. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 20. artikuluaren 3. paragrafoa, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Nolanahi ere, fitxategi-direktorioak ez dira sekretu estatistikoaren betebeharraren babespean egongo, hau da, establezimendu, enpresa, ustiategi edo bestelako erakundeen zerrendak eta dagozkien kokalekuak, izenak, jarduerak esportazio eta inportaziokoak barne, helbide elektroniko korporatiboak, telefono korporatiboak eta tamainaren adierazleak, sailkapenaren ondorioetarako.

    Hamabost. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29.1 artikuluaren h) letra, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-erregistroak sortzeko, aldatzeko edo ezabatzeko nahitaezko txostena egitea, erregistro horien izaera dela-eta estatistika-helburuetarako datu-iturri gisa erabil daitezkeenean.

    Hamasei. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29.1 artikuluari o) eta p) letrak gehitzen zaizkio, eta honela idatzita geratzen dira:

    1. Big data tekniken bidez datuak bildu, aztertu, tratatu eta masiboki bistaratzeko teknologien erabilera sustatzea, bai eta datuak hobeto aprobetxatzea ahalbidetzen duten sistemen eta formatuen bateragarritasuna ere.

    2. Helburu estatistikoetarako datu-sistema integratu bat ezartzea, iturri anitzeko estatistikak egin ahal izateko. Estatistika-jardueraren eraginkortasuna hobetzeko, datuen eta metadatuen azpiegitura ezarriko da, hala nola datuak, metadatuak, tratamenduak eta zerbitzu komunak eta elkarreragingarriak integratzen dituen azpiegitura zentrala, horiek interpretatzen eta erabiltzen lagun dezaten.

    Hamazazpi. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29. artikuluaren 2. paragrafoa, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak kudeatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Biztanleriaren Erregistroa, lege honen bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako moduan.

    Hamazortzi. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29. artikuluari 3. eta 4. paragrafoak gehitzen zaizkio, eta honela idatzita geldituko dira:

    1. Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak, kasuan kasuko sailekin ados jarrita, estatistika-azterlanak egin ahal izango ditu sail horien edo horiei lotutako edo horien mendeko erakunde publikoen plan, programa, proiektu edo beste antolaketa- edo funtzio-alderdi batzuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Azterlan horiek lege honetan eta lege hau garatuko duten arauetan ezarritako printzipioak eta arauak bete beharko dituzte. Azterlan horien emaitzak ez dira inola ere ofizialak izango. Hala badagokio, estatistika-organo espezifikoak lankidetzan arituko dira Eustat-Euskal Estatistika Erakundearekin azterlan horiek egiteko, aipatutako akordioan zehazten den moduan. Eustat-Euskal Estatistika Erakundea tratamendu-ingurune seguru batean eratuko da.

    2. Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak, estatistika-organo espezifikoekin lankidetzan, hala badagokio, ikerketa-komunitateari datu konfidentzialetarako sarbidea eman ahal izango dio, baldin eta estatistika-unitateak zeharka identifikatzeko aukera baino ez badute ematen, estatistika-analisiak egin ditzaten ikerketa zientifikorako. Eustat-Euskal Estatistika Erakundea tratamendu-ingurune seguru batean eratuko da, ikerketa-komunitateari estatistika-sekretuak babestutako informazioa gurutzatu eta ikerketa zientifikorako estatistika-azterketak egin ahal izateko.

    Hemeretzi. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen xedapen gehigarri bakarra lehenengo xedapen gehigarri gisa berritzen da.

    Hogei. Bigarren xedapen gehigarria eransten zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeari, eta honela idatzita geratzen da:

    Bigarren xedapen gehigarria. Euskal Autonomia Erkidegoko Biztanleriaren Erregistroa.

    1. Lege honen 29.2 artikuluan aipatzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Biztanleriaren Erregistroa sortzen da. Erregistro horretan, datu hauek jasoko dira: izena, abizenak, helbidea, sexua, jaioteguna, nazionalitatea eta NANaren edo, atzerritarren kasuan, horren ordezko dokumentuaren zenbakia.

    2. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek biztanleen udal-erroldako informazioa bidali beharko diote Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari aldizka, euskarri informatikoan, formatu estandarizatuetan eta aldi estandarizatuetan.

    3. Biztanleriaren erregistroaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta foru-administrazioetako organoek eta haien erakunde instituzionalek, interesdunaren baimenik gabe, interesdunen datu pertsonalak eskatzea, beren eskumenak gauzatzeko beharrezkoak dituztenean eta soil-soilik bizilekua edo helbidea garrantzitsuak diren gaietarako.

    4. Eustat-Euskal Estatistika Erakundea Estatistikako Institutu Nazionalarekin koordinatuko da, erakunde horrek datuak eman diezazkion, Euskal Autonomia Erkidegoko Biztanleriaren Erregistroa eguneratzen dela ziurtatzeko, betiere udalen eskumenak errespetatuz.

    Hogeita bat. Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean edo beste xedapen batzuetan Instituto Vasco de Estadstica/Euskal Estatistika Erakundeari egindako aipamen guztiak Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari egindakotzat hartuko dira euskarazko bertsioan, eta Eustat-Instituto Vasco de Estadstica erakundeari egindakotzat gaztelaniazko bertsioan.

    Hogeita bi. Hirugarren xedapen gehigarria eransten zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeari, eta honela idatzita geratzen da:

    Hirugarren xedapen gehigarria. Balio handiko estatistika-datuak.

    1. Balio handiko estatistika-datuak berrerabiltzearekin batera gizartearentzat, ingurumenarentzat eta ekonomiarentzat onura handiak dakartzaten datuak dira; bereziki, balio erantsiko zerbitzuak, aplikazioak, eta lanpostu berriak, duinak eta kalitatezkoak sortzeko egokiak direlako, eta balio erantsiko zerbitzuen onuradun potentzialen kopuruagatik eta datu multzo horietan oinarritutako aplikazioengatik.

    2. Balio handiko estatistika-datuak dira Europako Batzordeak bere betearazpen-erregelamenduetan ezartzen dituenak, eta urteko estatistika programen dekretuetan zehaztuko dira.

    3. Balio handiko estatistika-datuak Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak zabalduko ditu bere estatistika-datuen bankuan, API aplikazioen programazio-interfaze egokien bidez eta, hala dagokionean, deskarga masiboaren bidez. Nolanahi ere, Sektore Publikoko Datu Irekiei eta Informazioa Berrerabiltzeari buruzko Zuzentarauan horretarako ezarritako argitalpen-irizpideak hartuko dira kontuan.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Planaren indarraldia.

    2023-2026 Euskal Estatistika Planaren indarraldia hura indarrean sartu eta 2026ko abenduaren 31ra artekoa izango da.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Luzapena.

    Plan honen epemugan euskal estatistika plan berri bat onartu ez bada, plan hori automatikoki luzatuko da plan berri bat indarrean sartu arte, ezarritako epe edo aldien arabera baztertu behar diren estatistika-jarduerei dagokienez izan ezik.

    AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroren 14a.

    Lehendakaria,

    IIGO URKULLU RENTERIA.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik