- 17/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu17/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 3
- Hurrenkera-zk.: 37
- Xedapen-zk.: 17
- Xedapen-data: 2023/12/21
- Argitaratze-data: 2024/01/04
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legea.
I. ANBIZIO KOLEKTIBOA
Gizarte aurreratu baten balio demokratikoen esparruan, hezkuntza da apustu estrategikorik garrantzitsuena, gizarte-kohesioa, berdintasuna eta garapen ekonomiko harmonikoa helburu dituen herrialde batentzat. Lanik zirraragarriena eta daukagun erantzukizunik handiena da munduko erronka garaikideak gainditzeko eta egungo gizarteek behar dituzten eraldaketa handiak gauzatzeko ahaleginaren protagonista izango direnak heztea.
Badakigu munduak ziurgabetasun handiko aro bat bizi duela, ez soilik pandemiaren berehalako ondorioengatik eta haren ondorio ekonomiko eta sozialengatik, bai eta klima-larrialdia, migrazio-mugimenduak eta iraultza teknologikoa sorburu duten erronka itzelengatik ere, eragin saihetsezinak izango baitituzte enpleguaren eta lan-merkatuaren berrantolaketan. Horrek guztiak ondorio nabarmenak izango ditu hezkuntzan. Aurreko guztiari biztanleriaren zahartzea gehitu behar zaio, Euskal Autonomia Erkidegoan bereziki kezkatzekoa dena, aldaketa demografiko oso garrantzitsuak ekarriko baititu, eta horrek eragina izango du irakaskuntza-taldeetan eta inplikatutako profesional guztiengan. Halaber, bizi-itxaropena luzatzearen ondorioz, baliabide publikoak berrantolatzea ere eskatuko du, eta zaintza soziosanitarioetan inbertsio handiagoa ez ezik, bizialdi osoko ikaskuntzan ere jarriko du arreta, lege honen xedeari dagokionez. Hezkuntza eta hezkuntza-sistema ezin izango dira joera horietatik kanpo geratu.
Garapen Jasangarrirako Helburuetatik laugarrena «kalitatezko irakaskuntza inklusiboa eta ekitatiboa bermatzea» da, eta «guztiontzat etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatzea». Lege hau sortu da hezkuntza-komunitateak eta euskal gizarteak partekatzen duten sinesmen batetik: aldaketen inpaktua jasotze hutsaz etsi beharrean, hezkuntzak aukera handia du tresna erabakigarri bat izateko, aldaketa horiek hobekuntza itzela ekar baitezakete gure gizarteen eraketan.
Hezkuntzak ezin du galdu etorkizuneko testuinguruak eskatzen duen eraldaketa- eta egokitze-prozesu atzeraezinaren arrastoa. Garai berriak dira, pentsatzeko, ekiteko eta harremanetan sartzeko modu berri batzuk dakartzaten garaiak. Ikuskera humanistak gidatu behar du, halaber, gizarte analogiko batetik beste gizarte berri batera igarotzeko prozesu hori, harmonikoki bizi daitezen mundu analogikoaren kontaktu fisikoa eta errealitate presentziala teknologia digitalak eskainiko dituen komunikazio-aukerekin eta espazio berri horrek ahalbidetuko dituen harreman-moduekin. Oreka hori funtsezkoa da hezkuntza-esparruan, erabakigarriak baitira kontaktu zuzena eta harreman afektiboa, baina alde batera utzi gabe elkarreragin telematikorako aukera gero eta handiagoak.
Espazio publiko digital berri horiek informazioa eta kultura eskuratzeko modu berri batzuk ekarri dituzte, aurreko belaunaldiek eduki ez zituztenak, baina nahaste- eta banalizazio-arazoak ere sortu dituzte. Hori dela eta, hezkuntza-prozesuak oso zeregin garrantzitsua hartu behar du bere gain: irizpide propioa, gaitasun kritikoa eta aurreko gizarte-ereduak baino pluralagoak diren gizarteetan bizitzeko baliabideak dituzten eta digitalki ahaldunduak diren pertsonak prestatu behar ditu; izan ere, jadanik ez dago garapen pertsonalerako esparru indartsurik, rol eta funtzio eztabaidaezinak esleitzen dituenik. Gertatzen ari diren kultura-aldaketa emankorretako bat bizitzako erabakiak hartzeko askatasun eta sormen handiago baten nahikaria da, eta horrek, zalantzarik gabe, balio pertsonal sendoagoak eta ez hain konbentzionalak izatea eskatuko du. Azken urteotan nabarmen aldatu da gure testuingurua, bai balioei dagokienez, bai informazio-inguruneari, aukera teknologikoei eta gizarte-harremanei dagokienez ere, eta funtsezkoa da, testuinguru horretan, eskolak garapen- eta heltze-prozesu pertsonala bideratzeko duen funtzioa. Era berean, hezkuntza da gutxiengoen hizkuntza oro indarberritzeko eremu zentraletako bat: izan ere, berma dezake belaunaldi berriek behar bezalako konpetentzia eskuratuko dutela, eta, gainera, funtsezkoa da gizarte-kohesiorako.
Hezkuntza eraldatzailea da ikasleak protagonistatzat hartzen dituena eta haien ikasmina indartzen duena; ikasleak beren betebeharren aurrean jartzen ditu, gizartearekiko, naturarekiko eta besteekiko. Eta arreta berezia jarri behar du hezitzaileengan. Nahi dugun gizarte-aldaketa hori egin ahal izateko, guztiz ezinbestekoak ditugu kualifikazio handiko irakaskuntza-talde batzuk, beren burua konprometituko eta garatzen duten funtzio izugarri garrantzitsua kontuan izango dutenak.
Eraldaketa-prozesu horrek tentsioa eta zailtasunak ekarriko ditu, eta, beraz, gizarte demokratikoaren, hezkuntza-sistemaren eta erakunde politikoen betebeharra da errealitate berrien aurrean kokatzea ahalbidetzea eta inor atzean ez dela geratzen bermatzea; hori da lege honek bultzatu nahi duen funtsezko helburua eta ez da inola ere huskeria, hau da, eredu berri horretarantz joatea pluraltasun-, justizia- eta oreka-irizpideak erabiliz, eraldaketa horren erdigunean hezkuntza-sistema jarriz. Anbizio kolektibo horrek agerian uzten du eskolak eta hezkuntza-sistemak ezin dietela bakardadean aurre egin dagoeneko ditugun eta datozen erronkei; horregatik, beharrezkoa da eskola irekitzea eta aliantzak eta partaidetza-sistemak ezartzea, III. kapituluan zehazten den bezala.
II. ZERGATIK ETA ZERTARAKO LEGE BERRI BAT
Euskal hezkuntzak, batez ere euskalduntzeari eta inklusio-politikei dagokienez, errealitate berri baten funtzio eraldatzailea eta egituratzailea bete izan du azken hamarkadetan, gure habitus edo kultura-jokabidean txertatzen den Euskal Hezkuntza Sistema osoaren ondasun komuna eta partekatua bilakatu arte. Erakundeen eta gizarte-eragileen ekintza konbinatua gakoa izan da, eta hala izaten jarraitu behar du. Azpimarratzekoa da Gernikako Estatutuak bere 6. artikuluan euskara Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza dela xedatzen duela, eta gaztelania eta euskara, biak ala biak, hizkuntza ofizialak direla. Horren garapena Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legeak egiten du, eta haren garrantzia ere azpimarragarria da, lege hori oinarrizko lege-tresna bihurtu baitzen euskararen normalizazio-prozesua bultzatzeko, euskarak hizkuntza gisa dituen funtzio sozial guztiak bete zitzan. Lege horren 2. artikuluan adierazten da euskara dela Euskal Herriko hizkuntza propioa. Nolanahi ere, Euskal Herriko mapa soziolinguistikoek eta inkesta soziolinguistikoek erakutsi dute euskara, gaur egun, gutxiengoaren hizkuntza eta hizkuntza gutxitua dela erabilera-eremu formal eta informal gehienetan. Bada, ahalegin horretan euskararen erabilera normalizatzeko legea onartu zenetik euskarak izan duen biziberritze-prozesuan, funtsezkoak izan dira euskal hezkuntzak ekarri dituen hiztun berriak.
Aipatzekoa da, halaber, hezkuntzaren alorrean, 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena, eta haren 11. artikulua; izan ere, hizkuntza-erabilera arautzen duenean, hau dio: «1. Euskara, Euskal Herriko berezko hizkuntza, eta gaztelania hizkuntza ofizialak dira euskal unibertsitate-sisteman». Ikusten denez, hezkuntza alorrean euskararen berezko izaera edo izaera propioa jadanik arautua dago, hizkuntza ofizialen araubidearekin batera.
1992ko Ituna ere gogoratu behar dugu, oinarrizkoa izan baitzen euskal hezkuntzarako. Gaur arte gurekin izan ditugun lehen oinarriak finkatu zituen akordio horrek: Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateez kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legea adostasun politiko eta sozial zabal batekin onartu ziren, eta behar genuen esparrua eman digute 28 urte hauetan. Otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoari buruzkoak, Euskal Autonomia Erkidegoak hezkuntzaren arloan dituen eskumenen berezitasuna azpimarratzen du zioen azalpenean; eta horri gehitu behar zaio, gainera, Autonomia Erkidego honek kultura-ezaugarri propioak dituela, hezkuntza-sistemak aintzat hartu beharrekoak, eta bi hizkuntza ofizial ere badituela, hezkuntza-sistemak bultzatu beharrekoak.
1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legea 30 urtez egon da indarrean. Aldi horretan, aldaketa garrantzitsuak gertatu dira gure gizartean eta, bereziki, hezkuntzaren ingurune hurbilenean. Arau-esparru horrek, mugak muga eta Estatuaren oinarrizko legediak ezarri izan dituen murrizketak murrizketa, aukera eman du hezkuntza-sistema parte-hartzaileagoa, pluralagoa eta aniztasuna integratzen duena garatzeko, bai eta euskara hizkuntza propio gisa indartzeko ere; izan ere, aurreko belaunaldiek ilusio handiz baina bitarteko gutxirekin ekin zioten langintza horri. Badakigu, hala ere, asko aldatu direla mundua eta gure gizartea bera, eta aldaketa horren neurriak berariaz eskatzen dituela diagnostiko partekatu berri batzuk eta, batez ere, tresna berri batzuk, bereziki hezkuntzaren esparruan, beste erronka batzuei aurre egiteko eta prestakuntza hobea eta elkarbizitzarako gaitasun handiagoak emateko. Behar objektibo bat dago, hezkuntzaren une honetako egoera eta etorkizunekoa aztertuko dituen arau-esparru berri hori lantzeko. Lege honen helburua da, hain zuzen ere, bidezko hezkuntza-trantsizioa ahalbidetzea; euskal hezkuntza-sistema bat eraikitzea, zeina gai izango baita une bakoitzeko beharretara egokitzeko eta malgutasunez doitzeko, eta, batez ere, sistema hori prozesu inklusibo baten bidez gauzatzeko, ekitatean, gizarte-kohesioan eta bikaintasunean oinarritua.
Lege hau onartzen da oinarri hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 16. artikuluak, Konstituzioaren lehenengo xedapenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari aitortzen dion hezkuntzaren arloko eskumena. Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren Legeak, aurreko 1/1993 Legeak ez bezala, hezkuntza publikoa eta, zehazki, titulartasun publikoko ikastetxeak arautzeaz gain, ikuspegi holistikoagoa hartzen du, Euskal Hezkuntza Sistemaren erregulazio integral bat eginez; horrek esan nahi du diru-funts publikoen bitartez finantzatzen diren ikastetxe guztietara heda daitezkeela legearen printzipio gehientsuenak eta agindu batzuk, eta erreferentzia puntual batzuk ere egiten dizkiela ikastetxe pribatuei.
Lege honek, hala ere, ez du ahazten Euskal Hezkuntza Sisteman euskal eskola publikoari dagokion protagonismoa, ikasleen sarbide unibertsala bermatzen duen oinarrizko erreferentea baita. Hezkuntza publikoak finantzaketa nahikoa jasoko du, eta itunpeko irakaskuntzarekin batera biziko da, lege honetan ezarritakoaren arabera; izan ere, itunpeko irakaskuntzak, funts publikoez elikatzen denez nahiz eta beraren ikastetxeek titulartasun publikorik ez izan, legeak ezarritako printzipioak eta helburuak bete beharko ditu, eta bere gain hartuko ditu legeak ezartzen dizkion konpromisoak eta betebeharrak.
III. HEZKUNTZA-SISTEMAREN BALIOAK
Lege honek proposatzen duen Euskal Hezkuntza Sistema oinarritzen da bizikidetzaren, irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren ardatz diren balioetan, betiere eskola inklusiboaren esparruan, non ikasle guztiek izango baitute aukera kalitatezko hezkuntza izateko eta bizitzarako konpetentziak ahalik eta gehien garatzeko. Balioak haurtzarotik lantzen ez dituen gizarte bat porrot egitera kondenatuta dago. Balioak, alde batetik, hezkuntza-sistemaren zutabeak dira, eta, bestetik, itsasargia ere badira, hau da, pertsona ikastetxeko bizitzan eta gizartean behar bezala txertatzeko, bai eta gainerako herritarrekiko elkarreraginean jarduteko gidariak ere.
Lege honek hainbesterainoko garrantzia ematen die balioei, ezen hezkuntza-proiektu orok balio jakin batzuen arabera hartzen baitu zentzua, eta, balio horiek gabe, trebetasunen transmisio hutsa bihurtuko bailitzateke, gaikuntza teknologiko edo doktrinamendu hutsa. Hezkuntzaren handitasuna pertsonak eta ez automatak prestatzean datza, eta prestakuntza hori balio jakin batzuetan oinarritzen da, zeinak lege honetan hiru ardatzotan laburbiltzen baitira: izan, jakin eta elkarrekin bizi. Pertsona hezia zera da, pentsatzen duen pertsona, bere jakintza-gaitasunak egoera konplexuetan aplikatzen dakiena, inguratzen duen errealitatea ikuspegi kritikoz aztertzen duena, nortasun propioa garatzen duena eta gizartean beste batzuekin bizitzen dakiena.
Hezkuntza-sistemaren lehen ardatza izateari dagokio. Hezkuntza-sistemak beren kabuz pentsatzen duten pertsonak prestatu behar ditu, eta hori erabakigarria da historiako une honetan, zeren ziurgabetasunak gaur egun beste garai batzuetan baino ugariagoak baitira; baina, aldi berean, norberaren sormenerako aukera gehiago sortzen dira. Oraingo eta etorkizuneko arazoak konpontzeko ez baita nahikoa iraganeko formulak besterik gabe transmititzea; etenak, hausturak eta krisiak tai gabe ugaritzen baitira; horregatik, beharrezkoa da irizpide propioak dituzten pertsonak prestatzea, arazoei konponbidea emateko eta, neurri handi batean, ezezagunak diren esparruak aztertzeko gai direnak. Pertsona izateak esan nahi du norberaren ezaugarriak lantzea, hala nola autonomia eta erantzukizuna, baina baita ere besteenganako jarrera positiboak garatzea, adibidez enpatia eta errespetua, zeren eta ezaugarri horiek guztiak norberaren ezagutza sakon baten bidez soilik eskura baitaitezke. Krisi-garai hauek agerian utzi dute norberaren eta besteen zaurgarritasunaren arteko lotura, eta ez dagoela balio partikularrak eta erantzukizuna onartzerik eta zaintzerik bakoitzaren funtsezko izatea partekatu gabe.
Jakitea da Euskal Hezkuntza Sistemak sustatzen duen bigarren ardatza. Gaur egun, gizateriaren historiako une honetan, ezagutzaren mobilizazio masiboa behar da aurrean ditugun arazo nagusiak konpontzeko. Eskola funtsezkoa da ezagutzarekiko estimua sustatzeko, ezagutza gizakiek munduan bizitzeko duten berealdiko tresna baita, bereziki XXI. mende honetan, pentsamenduak desafio itzelak baititu aurrean. Ez dago gizarte heldurik jakintzaren balioa eta jakintza hori handitzeaz eta hedatzeaz arduratzen direnen balioa aitortzen ez duenik. Jakintza eta haren ondorioak era arrazoituan argudiatzeko gaitasuna, gertakariak eta ebidentziak errespetatzea, ziurtasun ororen mugez jabetzea, norberaren ikaskuntza-prozesuaz jabetzea gizakiari bere garapenean lagundu dioten balioak dira, gure askatasunaren adierazgarri behinena. Jakitearen abenturari esker, belaunaldi berriek aurkikuntza zoragarriak egin ahal izango dituzte, eta gura genuke aurkikuntza horien protagonistak gure eskoletan sortzea, bai eta halaber, inolako asmo elitistarik gabe, euskal gizartean kultura zientifiko zabala, ahalduntze teknologikoa eta haien inplikazio etiko, politiko, sozial eta ingurumenekoez hausnartzeko gaitasun kolektiboa zabaltzea ere.
Hezkuntzak elkarbizitzarako prestatu behar ditu ikasleak, bizi diren gizartearen parte izateko eta hura hobetzen laguntzeko. Elkarrekin bizitzea da hezkuntza-sistemaren hirugarren ardatza. Ikastetxeetan areagotu egiten da pertsona desberdinekin bizitzeko esperientzia; izan ere, ikastetxean eraikitzen dira errespetuzko eta berdintasunezko loturak, elkarrizketak izaten ikasten da, gatazkak arrazoibidez konpontzen, eta demokraziarako hezkuntza jasotzen da, bizitza osorako baliagarria izango duguna. Lege honek gizartean bizitzeko balioak eta esperientziak transmitituko dituen eskola baten aldeko apustua egiten du; hor dira balio zibikoak, elkartasuna, publikoa eta komuna den ororekiko kezka, bai eta naturaren zaintza ere.
Euskal Hezkuntza Sistemak konpromiso berezia hartzen du euskararekin Euskal Herriko hizkuntza propioa baita eta kulturarekin eta haren transmisioarekin, euskara eta euskal kultura identitate-, adierazpen- eta elkarbizitza-tresnatzat hartzen dituen heinean, bai eta beste hizkuntzekin ere. Eskola identitate irekiak eraikitzeko espazioa da, norberaren dimentsioa eta dimentsio unibertsala uztartzen ikasteko espazioa.
Eskolan, ikasleek beren etorkizun pertsonal eta kolektiboa eraikitzen ikasi behar dute, eta, aldi berean, ikusiko dute eraikuntza horrek batzuetan zenbateraino inplikatzen dituen guztiz bestelako beste nortasun-esperientzia batzuk. Eskolan, azken batean, gizakiek pluraltasunaren eta berdintasunaren balioa deskubritzen dute.
IV. HEZKUNTZA ELEANIZTUNA ETA KULTURARTEKOA
Komunikazio- eta hizkuntza-konpetentzia garatzeko, irakaskuntzaren kalitateak garrantzi berezia du ikasleen garapen pertsonalean eta akademikoan, tresna horrek lagunduko baitie errealitatea ulertzen, pentsamenduak eta emozioak adierazten, ezagutzak transmititzen, espiritu kritikoa aktibatzen, mundua arrazoitzen, sortzen, ikusten eta ulertzen eta besteekin harremanetan jartzen. Egungo testuinguruan, hizkuntzen arteko harremanean eta elkarrekintzan oinarritu behar da konpetentzia hori, ezagutza eskuratzeko eta sortzeko, nazioarteko esparruetan eta ingurune digitaletan jarduteko, gizartean parte hartzeko eta lan-integraziorako tresna izateko.
Euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztun gisa egituratzen da, eta bi hizkuntza ofizialen bidez eta atzerriko hizkuntza baten bidez, gutxienez, antolatzen da, ikaskuntzak bideratuko dituztenak, gizarte-kohesioa eta herritarrek bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko duten gaitasuna bermatzeko. Lege honek posible egin nahi du ikasle guztiek, familia-jatorria edozein dutela ere, ikasketak amaitzean bi hizkuntza ofizialak maila berean ezagutzea eta, horretaz gain, gutxienez atzerriko hizkuntza baten ezagutza izatea.
Hezkuntza-komunitate osoaren ardura da ikasleei profil eleaniztuna eta kulturartekoa, multimodala, garatzen laguntzea, mundu global eta kulturaniztun batean integratu eta euskararen erabilera aktiboarekin konprometitu daitezen, eta euskal kultura ezagutu eta hura garatzen eta eguneratzen lagun dezaten, aldi berean beste hizkuntza eta kultura batzuk ezagutzeko jakin-mina eta motibazioa landuz. Lege honek, bereziki, hezkuntzako profesionalen komunikazio- eta metodologia-gaitasuna hobetzea bilatuko du, eta hizkuntzen ikaskuntza eta haien erabilera bideratzeko modu berri batzuk ikertzea eta garatzea sustatuko du.
Era berean, lege honen bitartez, euskarak hezkuntza-komunitate osoan duen presentziak jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa egingo du, hezkuntza-sistemaren erreferentzia-hizkuntza gisa duen zeregina indartu nahi baita, eta ikasleek hezkuntza-testuinguru formalean eta ez-formalean modu aktiboan erabil dezatela sustatu. Halaber, atzerritar jatorriko ikasleen hizkuntzak eta kulturak agerrarazi nahi ditu ikastetxeetan, elkarrekiko aitortza bultzatu, aniztasunaren balio kulturala eta ekonomikoa nabarmendu eta hezkuntza-integrazioa sustatu, ikasleengan beste hizkuntza eta kultura batzuekiko jakin-mina pizteko eta hizkuntza eta kultura horien ezaugarriei eta funtzionamenduari buruzko ezagutza emateko.
Azken batean, gazteak mundu plural eta global baterako prestatu nahi ditu lege honek. Gai lokalak, globalak eta kulturartekoak interpretatzen ikasi behar dute, eta beste pertsona, kultura eta mundua ulertzeko ikuskera batzuen ikuspuntuak balioetsi. Horretarako, globalizazioaren aurrean, ikastetxeen nazioartekotzea bultzatu eta nazioarteko lankidetza-proiektuen garapena sustatu behar da, bai ikasleen aldetik, bai irakasleen eta hezkuntza-sisteman eta ikastetxeetan inplikatutako talde profesional guztien aldetik.
V. LEGEAREN EDUKIA
Lege honek sei titulu ditu. Hau da, laburbilduta, haien edukia:
tituluak xedapen orokor batzuk ezartzen ditu, eta haien artean I. kapitulua nabarmentzen da, non legearen xedea arautzen baita, hau da, hezkuntza-eraldaketako prozesu mailakatu eta ordenatu baten oinarriak ezartzea, Euskal Hezkuntza Sistema oraingo hamarkada honetan eta hurrengoetan gure gizarteak gainditu beharko dituen erronketara egokitzeko II. kapituluak hezkuntza-sistemaren printzipioak eta helburuak garatzen ditu. Printzipio eta helburu horiek zeharkako elementuak dira lege osoan aplikatzeko, eta haren erregelamendu bidezko garapena ere bideratuko dute, Euskal Autonomia Erkidegoaren arau-sistemari hezkuntza-esparruan behar duen koherentzia emateko. Hala, printzipioen artean, eta aipatutakoez gain, arreta berezia jarri behar du ikasle guztientzako kalitatezko eta bikaintasunezko hezkuntzan, elkarbizitza positiboaren aldeko apustuan, aukera-berdintasunean eta pluraltasunarekiko eta sinesmen-askatasunarekiko errespetuan, edozein indarkeria eta diskriminazio prebenituz eta hezkuntza-erakundeen autonomia sustatuz.
Helburuei dagokienez, hezkuntzarako eskubidearen berme eraginkorra izan behar da sistemaren zutabe nagusia, askotariko ikasleen garapen integrala eta ikaskuntza malgua bultza dadin. Hezkuntzak, bereziki, irizpide propioa izateko behar dituzten ezagutzak eman behar dizkie ikasleei, ondo oinarritutako erabaki libreak hartu ahal izateko, eta ikuspegi kritikoa garatuz jasotzen duten informazioa errealitatearekin alderatzeko gai izateko. Ildo horretan, garrantzi berezia du III. kapituluak, zeren hezkuntza-sistemaren balioak hiru ardatz edo zutabe funtsezkoren inguruan antolatzeaz arduratzen baita: izan, jakin eta elkarrekin bizi. Esan gabe doa: balioetan gero eta ahulago ageri den gizarte garaikide honetan, eta orain hastera doan eraldaketa-prozesu mailakatuan, funtsezko helburua da Euskal Hezkuntza Sistema gidatu behar duten ardatzak edo erreferentziak bilatzea. Bestalde, IV. kapitulua ikasketen antolamenduari buruzkoa da, baina ez ditu lanbide-heziketako ikasketak jorratzen (ez baitira lege honen xede), ez eta bizialdi osoko ikaskuntza ere. V. kapituluan, berriz, ikastetxeen tipologiari heltzen zaio. Kapitulu horretan, ikastetxeen tipologia ezartzen da, eta oinarrizko bereizketa bat egiten da diru-funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeen eta soilik finantzaketa pribatua duten ikastetxeen artean, baina aldi berean ikastetxe publikoei eta itunpeko ikastetxe pribatuei bakoitzari bere berezitasunak aitortzen zaizkie, zeren eta, biak ala biak baliabide publikoz finantzatzen diren arren, zenbait elementu bereizgarri baitituzte. Legearen xedea da eskubide eta betebeharrei dagokienez bi ikastetxe mota horien esparru arautzailea hurbiltzea, bai batak bai besteak Autonomia Erkidegoaren aurrekontuetan baitute baliabide-iturria. Era berean, itundu gabeko ikastetxe pribatuen berezitasunak ezartzen dira.
tituluaren xedea hezkuntzarako eskubidea eta elkarbizitza positiboa arautzea da. Hezkuntzarako eskubidea lege honen I. kapituluan arautzen da. Hezkuntza prestazio-izaerako eskubide bat finkatzen duen zerbitzu publiko gisa eratzen da, bereziki doako ikasketei dagokienez, nahiz eta irakaskuntza-askatasuna aitortzeak unean-unean modulatzen duen eskubide hori. Hala ere, legearen egituraren aldetik eta ekonomiaren aldetik, bai eta haren hedapen praktikoaren aldetik ere, eskubide hori baldintzatuta dago; alegia, derrigorrezko eta doako irakaskuntza oinarrizko bat bermatzeko botere publikoen betebeharrak modu aktiboan gauzatzearen baitan dago, eta halaber erregelamendu bidez zehaztu litezkeen betebeharrak hertsiki betetzearen baitan ere. II. kapituluaren xedea garrantzi handikoa bera hezkuntza-sistemaren plangintza eta sarbidea da, zeinak bateragarri egin nahi baititu eskaintza-eskariak eta eskolatze inklusiboaren bermeak, diru-funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetako plazak eskuratzeko prozesua eta irizpideak ezarriz. Gerora zehaztuko dira, erregelamendu bidez, prozesu eta irizpide horiek, bai eta udalek joka dezaketen eginkizun garrantzitsua ere. Irakaskuntzaren doakotasuna ere aurreikusten da, doakotasun horrekin loturiko bermeen inguruko neurri garrantzitsu batzuekin batera, eraginkortasuna lortzeko eta desberdinkeriak saihesteko xedez. Elkarbizitza positiboa, lehen adierazi denez, III. kapituluaren ardatz nagusia da, eta gizarte kohesionatu batean askotariko eskola baten ardatz egituratzailea da, inklusioaren eta berdintasunaren alde egiten baitu, bai eta hezkidetzaren eta kulturartekotasunaren alde ere. Zeregin garrantzitsua esleitzen dio legeak familien eta gainerako hezkuntza-eragileen erantzunkidetasunari, elkarbizitza sustatzearen eta babestearen aldetik. Era berean, aniztasunari buruzko neurri batzuk arautzen dira, eta arreta berezia jartzen zaie berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleei.
Lege honen III. tituluak garrantzi eta hedapen bereziko esparru material bat du xede: Euskal Hezkuntza Sistemaren gobernantza instituzionala. Bertan, hainbat alderdi garrantzitsu lantzen dira, hala nola plangintza estrategikoa, programa-kontratuak, ikastetxeen gobernua eta zuzendaritza, gobernu- organoak ikastetxeen tipologiaren arabera zehaztuta, eskola-kontseiluen arkitektura gobernantza-eredu batean parte hartzeko bide instituzional gisa, eta, azken batean, hezkuntza-komunitatearen beraren eginkizuna, bereziki ereduaren eragile nagusi diren ikasle, irakasle, talde profesional eta familiena.
Ikasleek ikaskuntzaren subjektu aktibo gisa betetzen duten posizio zentralak berekin dakar lidergoen eta gobernantza-ereduen ikuspegi eraldatzailea, bai eskola-antolamenduan, bai Euskal Hezkuntza Sistema osoan ere. Hala, eskola-antolamenduan premisa hau hartzen da abiapuntutzat: zuzendaritza eta zuzendaritzaren eginkizun espezifikoak betetzen dituen pertsona-taldea arrakasta-faktore erabakigarria da ikastetxearen kudeaketa eta hezkuntza-proiektua bera bultzatzeko, bai eta gelan, ikastetxe osoan eta haren mugetatik kanpo lankidetza-praktikak sustatzeko eta sinergiak sortzeko ere. Esparru instituzional horretan, hezkuntza-komunitatea da, ikastetxearen beraren bitartez, hezkuntza-proiektuetatik eratorritako aberastasuna islatzen duena, ikasleen errealitatera gardentasunez egokituz, kontuak emanez eta proiektu berritzaile baten bidez, ikasleek beren gaitasunak garatzen jarraitzea ahalbidetuko dien konpetentzia-mailarik handiena lor dezaten. Laburbilduz, hezkuntza-komunitateak ingurune gero eta konplexuago batean jardun behar du, eta esparru horretan etengabe sortuko dira aldaketak eta ziurgabetasunak; globalizazioak eduki eta konpetentzia asko markatuko ditu; digitalizazioa gero eta zabalagoa izango da, eta klima-aldaketa, gainera, gizadiak aurrez aurre izan duen desafiorik handienetako bat izango da, hezkuntza-sisteman ere inplikazio zeharo garrantzitsuak izango dituena.
kapituluak plangintza estrategikoko tresnen alde egiten du, Euskal Hezkuntza Sistema modu ordenatu eta arrazionalean eraldatzeko eta egokitzeko bide gisa. Horretarako, planak txertatzen ditu, eta, haietatik abiatuta, ikastetxeekin egiten diren programa-kontratuak adostu ahal izango dira. Programa horiek taldekatu egin ahal izango dira eta, hala badagokio, berezitasunak txertatuko dira, ikastetxe bakoitzaren ezaugarrien arabera. Lankidetza-gobernantza, hain zuzen ere, lau urteko tresna estrategiko horretan oinarritzen da, ekitatea eta hezkuntza-bikaintasuna areagotzeko lan-ildo nagusiak zehazten baititu. Plan horiek Legebiltzarrari aurkeztuko zaizkio, ezagut ditzan, eta, horrela, ekarpenak bilduko dira, eta eztabaida sustatu. Plangintza-oinarri horren gainean funtsatzen da programa-kontratua, halakorik bada, plangintza estrategikorako tresna juridiko, ekonomiko eta finantzario gisa, planaren gidalerroak gauzatzen laguntzeko. Urrats erabakigarria da hori, irakaskuntzak datozen urte eta hamarkadetan dituen erronka eta desafio itzelei erantzun egokia ematerakoan, ziurgabetasunez eta tirabira endogeno eta exogeno sakonez jositako egoera batean.
kapituluak nabarmentzen du nolako eginkizun baliotsua betetzen duten zuzendaritza-organoek lidergo pedagogikoan eta ikastetxeei etengabeko eraldaketa- eta egokitzapen-prozesu hori bideratzeko tresna egokiak emateko moduan. Prozesu horretan, zuzendaritzaren zeregina erabakigarria izango da, eta hala azpimarratzen da legean. Azken helburua, erregelamendu bidez bideratuko dena, ikastetxeen zuzendaritza-egiturak ardatz hauetan oinarritzea da: autonomia, eskumen propioen erabilera, kudeaketaren erantzukizuna eta ebaluatzeko gaitasuna. Horretarako, zuzendaritza eta haren barneko maila guztiak osatzen dituzten pertsonak errendimendu handikoak izango dira, baliabide nahikoak eta aintzatespen profesionala edukiko dituzte, eta pizgarri ekonomikoez gozatuko dute. Gainera, ikastetxeen kudeaketa hobetzeko aukera eraginkor batzuk sartzen dira, zuzendaritzaren zeregin burokratikoak murrizteko laguntza administratiboaren bidez; horretarako, back office jarduerak ematen dituzten zerbitzu-egitura komunak erabiliko dira, efikazia, efizientzia eta kudeaketa-emaitzen hobekuntza aplikatuz, eta horrek hezkuntza-sistemaren beraren prestazio sendoagoak ekarri behar ditu. Jorratzen ditu, era berean, hezkuntza-komunitateak ikastetxeen jardueran parte hartzeko kide anitzeko organoak, eta desberdintasun batzuk ezartzen ditu ikastetxeen tipologiaren arabera.
kapituluak eskola-kontseiluen erregulazioa jasotzen du, garrantzitsua baita, eta haien egitura instituzionalean aldaketa nabarmen batzuk txertatzen ditu. Batetik, Euskadiko Eskola Kontseiluak bere horretan jarraitzen badu ere, legearen lehenengo xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat, helburua da berregituratze instituzional bati ekitea, zeina, aipatutako jarraibideen arabera, legearen ondorengo erregelamendu bidezko garapenean gauzatuko baita. Bestetik, hezkuntzako gobernantza-sistemaren osagai berezi bat Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua da, zeina parte hartzeko erakunde gisa eratzen den, ikastetxe publikoen lana eta hezkuntza-lorpenak ikusaraztea helburu izanik, eta, horrez gain, haren eginkizun nagusia izango da eskola publikoaren solaskide aritzea, botere publikoei helarazteko ikastetxe publikoak beren ingurunean txertatzeko gomendioak. Azkenik, udaleko hezkuntza-kontseiluak sortzen dira, ikastetxeen hurbileko jarduerari lotutako zenbait eginkizun garrantzitsuz hornituta. Horrela, familien, ikastetxearen eta udalaren arteko lankidetza-girotik abiatuta, hezkuntza erantzukizun partekatu bat izatea lortu nahi da, ikastetxea eta gizarte-ingurunea elkarreraginean jarriz, baliabide komunitarioak antolatuz ikasleen ongizatearen eta hezkuntzaren mesedetan besteak beste, gizarte-ekimeneko entitateak eta hirugarren sektorekoak, eta hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko uztarketa sustatuz. IV. kapituluak jorratzen du zer-nolako zeregina betetzen duten hezkuntza-komunitateko eragileek (ikasleek, irakasleek, familiek) ezarri nahi den gobernantza-ereduan, zeren aipatutako eragileek hezkuntza-sistema osoaren funtzionamenduan parte hartzea funtsezko osagaia baita gobernantza-eredu horretan.
tituluak, berriz, hizkuntzek Euskal Hezkuntza Sisteman duten tokia arautzen du, gai garrantzitsua inondik ere. Gai hori zioen azalpen honetan jada jorratuta dago, batez ere lege honek finkatzen duen sistema eleaniztun eta kulturartekoaren ardatz gisa euskarak duen zereginari dagokionez. Horri buruz ari da I. kapitulua, eta bertan jasotzen dira orobat komunitate eleaniztunaren eta kulturaniztunaren inguruko xedapen jakin batzuk, bai eta euskal hezkuntzan hizkuntza ofizialek eta atzerriko hizkuntzek elkarren artean duten harremanari buruzkoak ere.
kapituluak Euskal Hezkuntza Sistemako hizkuntza-proiektuen gaiari eta hizkuntzen tratamendu integratuari eta haien alderdi metodologikoei heltzen die, eta, amaieran, Autonomia Erkidegotik kanpoko ikasleei aplika dakizkiekeen arau espezifiko batzuk jorratzen ditu, bai eta ikasleen hizkuntzak eta kulturak sustatzeko neurri espezifiko batzuk ere testuinguru kulturaniztun nabarmena duen hezkuntza batean. Hori guztia ikastetxe bakoitzaren hizkuntza-proiektuan egituratu behar da, Gernikako Estatutuan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen II. tituluko II. kapituluan ezarritako eskubide aitortuak eta printzipioak barne hartzen dituen esparru komun baten barruan, unean-unean indarrean dauden hizkuntza-ereduen sisteman oinarrituta, eta eredu horien edozein garapen edo eguneratze erregelamendu bidezko garapenaren bidez egingo dela ziurtatuz, eskubide eta printzipio berberak bermatuz.
Erregelamendu bidezko garapen horren arabera, ikastetxe bakoitzeko hizkuntza-proiektuetan, hizkuntzen ikaskuntza, erabilera eta ikasleek hizkuntzekiko izango duten jarrera positiboa planifikatu behar dira, kontuan hartuta inguru bakoitzaren abiapuntua eta ezaugarri soziolinguistiko eta sozioekonomikoak, ikasleen eta haien familien ezaugarri espezifikoak barne direla, ikasleek hezkuntza-etapa bakoitzaren amaieran eskatzen diren hizkuntza-maila eta gaitasunak eskura ditzaten bilatuz. Ikastetxeko hizkuntza-proiektuak ikaskuntza-prozesuan hizkuntzak irakasteko eta erabiltzeko irizpide pedagogikoak garatu behar ditu.
kapituluak irakasleen eta irakasle ez diren langileen hizkuntza-gaikuntza indartzeko modua aztertzen du. Irakasleei dagokienez, haien hizkuntza-gaikuntza hobetzeko neurri batzuk proposatzen dira, bai eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntzarako duten gaikuntza hobetzekoak ere. Eta, azkenik, IV. kapituluaren xedea da ikastetxeetan eta pertsonen arteko harremanetan euskararen erabilera soziala eta ingurunekoa bultzatzeko zenbait printzipio eta neurri ezartzea.
Ekitatea eta bikaintasuna hezkuntza-eraldaketako prozesuaren funtsezko bi alderdi dira. Gizarte-kohesioa abagune eta premia bat da, lege honek euskal eskola inklusiboaren alde egiten duen apustuaren ildotik. Bikaintasuna, halaber, Euskal Hezkuntza Sistemaren zutabeetako bat da. Euskal Hezkuntza Sistemaren mailakako eraldaketaren oinarriak ezartzea helburu duen lege baten esparruan, arau-xedapen honen V. titulua giltzarria da, zeren xedea baitu tresna eta lanabes instituzionalen multzo bat antolatzea, hezkuntza-eredua hobetzeko eta testuinguru bakoitzari etengabe egokitzeko prozesuari begira. Beraz, I. kapituluak ibilbide eraldatzaile horri ekiteko behar den premisetako bati heltzen dio: hezkuntza-berrikuntza eta, horrekin batera, sailaren plangintza estrategikoa behar bezala prestatzeko bide gisa prospektibak duen garrantzia.
kapituluak bultzatu nahi den hezkuntza-ereduaren funtsezko elementuetako bat jorratzen du, hau da, hezkuntza-sistemaren ebaluazioa. Gaur egun jadanik aplikatzen bada ere, indartu, zabaldu eta hezkuntzako esparru eta jarduketa guztietara orokortu nahi da, sistemaren ebaluazio integral baten esparruan, hezkuntza-politiken efikazia- eta efizientzia-maila etengabe aztertzeko bitarteko den aldetik, zentzurik zabalenean hartuta. Kapitulu horrek ebaluazioaren proiekzioak jorratzen ditu (alegia, zein esparrutan balia daitekeen), printzipioak, xedeak eta ebaluazio-prozeduraren arauak, arreta berezia jarrita ikastetxeen ebaluazioan; bereziki zentratuko da programa-kontratuetan, halakorik badago, eta sailaren plangintza estrategikoan.
Ebaluazio-prozesuan garrantzi handiko osagai instituzionala da, zalantzarik gabe, Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutua, titulu horren III. kapituluan arautzen dena. Kapitulu horretan jasotzen dira institutu horren egituraren, eginkizunen eta ebaluazio- eta prospekzio-jarduerako lankidetza-eremuaren ildo nagusiak, eta amaieran bertako jarduera profesionala arautuko duen jokabide-kodea aipatzen da. Gai horiek guztiak erregelamendu bidez garatuko dira, dagokien unean.
Ereduaren funtzionamenduan erakunde tradizionalik bada, hori Hezkuntza Sistemaren Ikuskaritza da. Legearen IV. kapituluan arautzen dira ikuskaritzaren oinarrizko elementuak, erregelamendu bidez erabakiko baitira alderdi zehatzagoak, hala badagokio.
kapitulua hezkuntzarako laguntza-zerbitzuei buruzkoa da, zerbitzu horiek oinarrizko zeregina betetzen baitute hezkuntza-sistema eraldatzeko palanka gisa, nahiz eta legeak laguntzako zerbitzu horien ezaugarri orokorrak, oinarrizko funtzioak eta aplikazio-eremua baino ez dituen arautzen, gai horien gaineko zehaztapenak hezkuntzaren arloko eskumena duen saileko buruak dekretu bidez erabakitzen duenaren baitan uzten baititu.
kapituluan, halaber, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua arautzen da berariaz, hizkuntza-metodologiak lantzeko eta irakasleak prestatzeko behar den tresna gisa. Azkenik, Euskal Hezkuntza Sistemaren palanka eraldatzaile moduan jarduten duten bitartekoen zerrenda trinko honetan, ezin da ahaztu, inola ere, irakasleek duten ezinbesteko rola, eragile oso garrantzitsuak baitira garrantzitsuena ez bada egokitzapen- eta aldaketa-prozesuen arrakastarako eta irakaskuntzaren eta beraren emaitzen bilakaerarako, inplikatutako pertsona eta profesional guztien buru izatea lortzen dutenean. Testuinguru horretan, premia existentziala da prestakuntzaren eta ikaskuntzaren bidez konpetentzia profesionalak garatzea, eta hezkuntza-sistemak berak ezin dio inola ere horri ezikusia egin. Horrela, esparru horretan, VII. kapituluak «Lankidetza-prestakuntza berri baterantz» du izenburu, eta irakasleen hasierako prestakuntzari eta etengabeko prestakuntzari dagozkien alderdi batzuk lantzen ditu. Alderdi horien helburua da arreta jartzea, ez soilik hasierako gaikuntzaren premian zinez garrantzitsua berau, bai, halaber, etengabeko ikaskuntzaren premian ere, ingurune oso disruptibo eta aldakor batean duen premian, halako ingurunea izango baita nagusi datozen urte eta hamarkadetako hezkuntzaren garapenean.
Ikastetxeen autonomiari buruzko VI. tituluak ixten du legea. Egia esan, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak jada lehentasunezko arreta zabala eskaini zion gai horri, zalantzarik gabe erabakigarria baita Euskal Hezkuntza Sistema mailaka finkatzeko eta eraldatzeko prozesuan. Hala ere, bere garaian araugintzan egindako ahalegin hori gorabehera, ikastetxeen autonomiaren zehaztapenak oraindik ere mugatuak izan dira, eta, beraz, lege honek berriro ere azpimarratzen du hezkuntza-sistemaren eraldaketa-prozesuari dagokionez ardatz den gai hau. I. kapituluan, xedapen orokorren esparruan, ikastetxeen autonomiaren printzipioa eta ikastetxeetako kudeaketa-tresnak onartzen dira. Segidan, II. kapituluak gai garrantzitsu bati heltzen dio: hezkuntza-proiektuaren erregulazioari, zeina sailaren hezkuntza-plangintzaren estrategiaren barruan sartzen den.
Estrategia hori asmo handiko erronka batean zehazten da; alegia, ikastetxeekin programa-kontratuak egitea, lege honen III. tituluan arautzen denaren arabera. Baina, jakina, ikastetxeen benetako autonomia eta sistemaren kalitatea bera, neurri handi batean, sailaren plangintza estrategikoaren eta ikastetxeek izan behar duten autoantolaketarako eta autonomia pedagogikorako eta kudeaketa-autonomiarako espazio existentziala behar bezala antolatua izatearen baitan egongo da. Izan ere, bi esparru horiek behar bezala antolatuta eta koordinatuta badaude, aurrera egingo da Euskal Hezkuntza Sistema bere osotasunean eraldatzeko mailakako prozesuan.
Plan estrategikoaren eta ikastetxeen programa-kontratuaren arteko lerrokatze egokiak bete-beteko zentzua hartzen du ikastetxe bakoitzak bermatua duen autonomiaren printzipioan. Eta autonomia hori kontzepzio trifasiko baten inguruan egituratu da tradizionalki, III. kapituluan jasotzen denez: autonomia pedagogikoa, antolamendu-autonomia eta kudeaketa-autonomia. Eta horixe da lege honetan jarraitzen den eredua, aipatutako hiru dimentsioetako bakoitzaren bidez lortu nahi diren helburuak zehatz-mehatz zabalduz. Azken helburua da ikastetxeak ahalduntzea, Euskal Hezkuntza Sistemaren kalitatea hobetzeko testuinguruak eskatzen dizkien egokitzapen- eta eraldaketa-prozesuak gauzatu ditzaten, Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak une bakoitzean diseinatutako hezkuntza-politikaren ardatzekin bat eginez.
Legeak, gainera, zazpi xedapen gehigarri jasotzen ditu, eta xedapen indargabetzaile bakarra eta bi azken xedapen. Azken horiek garrantzi berezia dute araugintzarako gaikuntzari dagokionez, Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legearen xedapen indargabetzailearekin duten loturagatik, bai eta erregelamendu-arau batzuen aldi baterako aplikagarritasun geroratuari dagokionez ere.
Honela ulertu behar dira:
Euskal Hezkuntza Sistema: ikastetxe publiko zein pribatuen sarea, itunpekoak izan edo ez, lege honetako 8. artikuluan aurreikusitako araubide orokorreko eta bereziko ikasketak ematen dituztenak.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen saila: besteak beste, araubide orokorreko eta bereziko ikasketei buruzko ahalmenak egikaritzeaz arduratzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko saila da.
Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Institutua: Euskal Hezkuntza Sistemaren zerbitzura dagoen organo tekniko bat da, sistema etengabe hobetzea helburu duena Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeekin lotutako ebaluazio, ikerketa eta hezkuntza-prospekzioaren bidez.
Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua: Euskal Hezkuntza Sistemaren mendeko organo bat, hizkuntza-metodologiak lantzeaz eta irakasleak prestatzeaz arduratuko dena, haien jarrera, aurrerapena eta hizkuntza-inplikazioa indartzeko, hezkuntza-sistemak testuinguru bakoitzean dituen eskakizunen arabera. Euskararen erabilera aktiboa sustatzeaz arduratuko da bereziki.
Udaleko hezkuntza-kontseilua: ikastetxe bat edo gehiago dituzten udaletan eratu daitekeen erakunde-espazio bat da, hezkuntza-proiektu komunitarioak antolatzea eta bultzatzea helburu duena, baliabide publikoen erabileran sinergiak sortuz eta ikasleen ongizatera eta garapenera bideratutako ekintzak gauzatuz.
Ikastetxeen tipologia:
Titulartasun publikoko ikastetxeak: Hezkuntza Administrazioa titular duten ikastetxeen sarearen mendean zuzenean dauden eta oso-osorik funts publikoen bitartez finantzatzen diren ikastetxeak.
Titulartasun pribatuko ikastetxeak: titulartzat pertsona fisiko edo juridiko pribatu bat duten ikastetxeak.
Itunpeko ikastetxeak: legez ezarritako itun-araubideari atxikitako titulartasun pribatuko ikastetxeak.
Itundu gabeko ikastetxeak: ikastetxeak sortzeko eskubidea edo askatasuna egikarituz eratzen diren ikastetxe batzuk, titulartzat pertsona fisiko edo juridiko batzuk dituztenak eta beren irakaskuntzak ordaintzeko funts eta baliabide propioak, dohaintzak, diru-ekarpenak (matrikulak eta gastu osagarriak edo mantentze-gastuak) eta ikastetxe horietan ikasten dutenek beren familien bitartez eginiko beste edozein transferentzia ekonomiko erabiltzen dituztenak.
Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeak: titulartasun publikoko ikastetxeak, bai eta doako ikasketak ematen dituzten eta funts publikoen bitartez finantzatuta dauden itunpeko ikastetxeak ere.
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa: hezkuntzarako funtsezko eskubidea bermatzen duen zerbitzua da, ikastetxe publikoen eta pribatu itunpekoen bidez gauzatzen dena, lege honetan eta beronen erregelamendu bidezko garapenean ezarritako betekizunen bitartez.
Hezkuntza-konplexutasunaren indizea (HKI): zenbait elementu osagarritatik abiatuta sortutako indize bat da, aukera ematen duena egoera zailenean lan egiten duten ikastetxeak zein diren jakiteko, haien premiak zehatzago definitzeko eta eskaintzen zaizkien baliabideak egokitzeko, Euskal Hezkuntza Sistemaren ekitatea hobetuz.
Hezkuntza-komunitatea honako kideek osatzen dute: ikasleak, gurasoak edo tutoreak eta irakasleak, bai eta ikastetxeko irakaskuntza-prozesuan parte hartzen duten hezkuntza-arretako beste profesional batzuk, administrazioko eta zerbitzuetako langileak, udal-ordezkariak eta itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe pribatuetan haien titulartasunaren ordezkariak ere.
Euskal eskola publikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko mailetako ikastetxe publikoek osatzen dute, eta hezkuntzarako eskubide unibertsala bermatzen du, jatorria, generoa, gaitasuna, egoera sozioekonomikoa eta kulturala, erlijio-sinesmenak edo beste edozein zirkunstantzia bereizi gabe.
Ikastetxearen hezkuntza-proiektua: ikastetxearen autonomia babesteko eta egikaritzeko tresna; ikastetxearen identitatea jasotzen du, faktore bereizgarri eta haren idiosinkrasia propioaren adierazpide den aldetik; ikastetxearen helburuak adierazten ditu, eta ikasleek kasu bakoitzean eskatzen diren oinarrizko konpetentziak lortzea du helburu, hezkuntza eta ikaskuntza ahalik eta gehien aprobetxatuz.
Ikastetxearen kudeaketa-proiektua: ikastetxeen jarduera epe ertainera antolatzeko tresna, ikastetxeek berek onartua eta gauzatua, beren autonomia baliatuz. Ikastetxeek hezkuntza-proiektua gauzatzeko dituzten baliabideen antolaketa eta erabilpena adierazten du.
Ikastetxearen urteko plana: ikastetxe bakoitzak bere autonomia erabiliz onartutako hezkuntza-proiektuak, antolakuntza- eta funtzionamendu-araudiak eta kudeaketa-proiektuak jasotzen dituzten zehaztapenen urteko gauzatzea da. Plana hiru programa hauek osatzen dute: irakaskuntza-jardueren programak, prestakuntza-jardueren, eskolaz kanpoko ekintzen eta jarduera osagarrien programak eta urteko kudeaketa-programak.
Ikastetxearen antolakuntza- eta funtzionamendu-araudia: ikastetxe bakoitzaren berezko arau-tresna bat, helburu duena bertako kudeaketaren autonomia babestea eta haren funtzionamendu egokia bermatuko duen erreferentzia-esparru bat eskaintzea. Araudi horretan jasotzen dira: hezkuntza-komunitateak parte hartzeko arauak eta haren organoen osaera, eskumenak eta hautatzeko modua, bai eta jarduera akademikoak eta haien administrazio- eta ekonomia-araubidea behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen diren xedapen guztiak ere.
Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema mailaka eraldatzeko oinarriak arautzea, euskal gizartearen eskakizunetara egokitzeko. Euskal Hezkuntza Sistemak, indarrean dagoen legediaren arabera, araubide orokorreko ikasketak eta araubide bereziko ikasketak biltzen ditu.
Euskal Hezkuntza Sistemaren mailakako eraldaketaren oinarriak ekitatea eta bikaintasuna dira, eta balio hauek bultzatzen ditu: inklusioa eta gizarte-kohesioa, ebaluazioaren kultura, bere irismenik zabalenean, eta euskara eta euskal kultura ardatz hartzen dituen esparru eleaniztun eta kulturarteko bat, bai eta bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania euskara hizkuntza propio gisa, menderatzea ere eta atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ondo ezagutzea ere.
Lege honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira unibertsitate-sistema eta lanbide-heziketa, berariazko araudiak baitituzte.
Hona hemen Euskal Hezkuntza Sistemaren printzipioak, oinarrizko araudi aplikagarrian jasota daudenez gain:
Ikasleen garapen pertsonala eta soziala, hezkuntza-sistemaren ardatz gisa.
Inklusioa eta ekitatea, aukera-berdintasunaren berme gisa.
Gizarte-kohesioa, pluraltasunarekiko errespetua, eta pentsamendu- eta sinesmen-askatasuna, bai eta giza eskubideen eta aniztasunaren defentsaren bermea ere, laikotasun-printzipioaren esparruan.
Euskal kultura eta haren bi hizkuntza ofizialak ezagutzen dituzten eta haien ondare immaterialaren erabilera eta ezagutza baloratzen duten pertsonak prestatzea.
Banakako ahalegina eta talde-lana, bai eta elkarlaneko ikaskuntza ere, hezkuntza-bikaintasunaren esparruan.
Elkarbizitza positiboa eta kulturartekotasuna, askotariko eskola libre, seguru eta indarkeriarik gabeko baten zutabe gisa.
Euskal eskola publikoaren protagonismoa, ikasle guztien hezkuntza-sistemarako sarbide unibertsala bermatzen duen oinarrizko erreferente gisa.
Irakaskuntza-askatasuna eta ikastetxea aukeratzeko askatasuna, ordenamendu juridikoan eta, zehazki, lege honetan ezarritakoaren esparruan, eta ikasleen kontzientzia-askatasunaren babesa, pluraltasunean oinarritutako hezkuntzaren barruan.
Emakumeen eta gizonen berdintasuna errealitate bilakatzeko eta aniztasunaren errealitatean errotuta, bazterkeria- eta marjinazio-modu guztiei eta desberdinkeriei aurre egiteko konpromisoa, eta pertsona guztienganako errespetua.
Ikasleen prestakuntza aktiboa eta kritikoa, jakintzaren sustapenean oinarritua, haien garapenarekiko eta ingurunearekiko konpromisoa bultzatuz, bereziki planetaren etorkizunari dagokionez, jasangarritasunaren ikuspegitik.
Digitalizazio etikoa eta arduratsua. Pertsonen aukera-berdintasuna, pribatutasunerako duten eskubidea eta ahalduntze digitala bermatuz, zeina, ezinbestean, bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz soilik lortu baitaiteke, eta tresna digitalen integrazio pedagogikorako esparru batean oinarrituta egin beharko baita.
Hezkuntza berritzailea, malgua eta planteatutako erronka berriei erantzuteko gai izango dena, unean uneko beharretara egokitua eta hezkuntza-sistemari erresilientzia emango diona, behar bezala konbinatuz, alde batetik, oraingo ereduaren indarguneak metatutako ezagutzaren ondare diren aldetik, eta, bestetik, eraldaketa metodologikoan eta teknologikoan beharrezkoak diren aldakuntza harmonikoak, hezkuntza-paradigma berriei erantzun egokia emateko ezagutzan oinarritutako gizarte interkonektatu batean.
Euskal ikastetxeen autonomia, lege honetan jasotako baldintzetan.
Zuzendaritza-organoen eginkizun funtsezkoa ikastetxeetako hezkuntza-lidergoan, eta irakaskuntza-eginkizunarena, hezkuntzaren kalitatearen faktore erabakigarri gisa; halaber, irakasleen aitortza soziala, haien zereginari eta rolari laguntza eraginkorra emanda eta lan hori betetzeko baldintza egokiak bermatuta.
Ebaluazioaren kultura sendotzea eta prestigiatzea, hezkuntza-sistemaren maila eta eremu guztietan hobetzeko, kalitatezko eta bikaintasunezko hezkuntzaren oinarri gisa.
Bizialdi osoko ikaskuntza sustatzea.
Familien eta hezkuntza-eragileen erantzunkidetasuna sustatzea irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuan, udalekin eta beste erakunde eta entitate batzuekin lankidetzan eta elkarlanean.
Inklusioaren, ekitatearen, gizarte-kohesioaren eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioak babestea, eta ikastetxe guztien aniztasuna bermatzea hezkuntza-sisteman. Irakaskuntzaren benetako doakotasunaren printzipioa, lege honetan adierazitako baldintzetan, funts publikoen bidez finantzatutako ikastetxeei bakarrik aplikatuko zaie.
Ingurumena errespetatzea eta zaintzea, eta baliabide naturalez eta paisaiaz errespetuz eta erantzukizunez gozatzea.
Hona hemen Euskal Hezkuntza Sistemaren helburuak, oinarrizko araudi aplikagarrian jasota daudenez gain:
Hezkuntzarako eskubidea benetan gauzatzen dela eta ikasleen nortasuna eta konpetentziak erabat garatzen direla bermatzea, inklusio-printzipioari jarraituz, garapen integrala bultzatuz eta ikasle guztientzako ikaskuntza arrakastatsuak sustatuz.
Oinarrizko eskubide eta askatasunen adierazpide ororekiko errespetuan heztea, batez ere edozein arrazoi edo inguruabarrengatik diskriminaziorik ez izateari dagokionez.
Tolerantziaren eta askatasunaren erabilera sustatzea printzipio demokratikoen barruan, ikastetxeetan onartzen diren elkarbizitza-planen bidez indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.
Balioak oinarri dituen prestakuntza integral eta malgu bat bultzatzea, askotariko ikasleei kalitatezko hezkuntza-aukerak bermatuko dizkiena eta berezitasun propioak dituzten ikastetxeak egotea segurtatuko duena; horretarako, sinesmen-, gaitasun- eta konpetentzia-aniztasunaren aurrean errespetuzko eta tolerantziazko jarrera positiboa garatuko da, eta bizitza pertsonal eta sozial betea eta gizarte kohesionatu eta solidarioa bultzatuko dira.
Ikasleei beren irizpide propioa eskuratzen laguntzeko beharrezkoak diren ezagutzak ematea, irakasleen zereginarekin eta lidergoarekin batera eta familien rol aktiboarekin batera ikasleek ikuspegi kritikoa garatu dezaten. Hartara, hezkuntza-eredu horren bidez, familien eta irakasleen laguntzarekin, ikasleak ikaskuntzaren subjektu aktibo bihurtuko dira, eta beren konpetentziak eta trebetasunak eta ahalduntzea garatuko dituzte haien komunitatean, erantzuna emanez, bide batez, gizadiak mende honetan dituen desafio sozial, ekonomiko, teknologiko, kultural eta ingurumenekoei.
Ikasleak digitalki ahalduntzea bizi behar duten gizarte teknologikoki aurreratuan trebatuta egon daitezen, batetik, digitalizazioari lotutako erabakiak hartzeko gai izan daitezen, erabiltzen dituzten tresnen gaineko kontrola eta ahalmena izanez eta tresna horiekiko mendekotasun oro saihestuz, eta, bestetik, parte-hartze sozial aktiborako eta burujaberako gaituak izan daitezen, baliabide teknologiko horiek modu etiko, inklusibo eta arduratsuan erabiliz, genero-ikuspegia txertatuz eta beren pribatutasuna eta datu pertsonalen babesa bermatuz.
Ikasleen inplikazioa bultzatzea garapen jasangarriari dagokionez, bai eta klima-aldaketaren ondorioak eta horrek ingurumenean, ekonomian eta gizartean eragiten dituen efektuak ulertzeari eta sentsibilizatzeari dagokienez ere, eta ikasleengan kontsumo-kultura arduratsu eta jasangarri bat garatzea.
Ikasleen ongizate sozioemozionala eta osasun fisikoa sustatzea, konpetentzia sozioemozionalak garatuz, ohitura osasungarriak sortuz, elikadura orekatua eta arduratsua bultzatuz eta jarduera fisikoa eta kirola sustatuz kirol egokitua barne dela.
Ikasleak prestatzea herritartasun bete-betea egikaritzeko eta gizartean aktiboki txertatzeko.
Hezkidetzaren alde egiten duen eta pertsonen garapen integrala sustatzen duen eskola-eredu bat lortzea, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera utzita eta diskriminazio eta indarkeria mota guztiak arbuiatuta, arrazoia zeinahi dela ere: generoa, jatorri etnikoa, gaitasuna, erlijioa edo beste edozein.
Kalitatean eta bikaintasunean, ekitatean, inklusioan eta berrikuntzan oinarritutako hezkuntza-sistema eleaniztuna bermatzea, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, eta ikasle eleaniztunak modu eraginkorrean garatzeko esparru propioa antolatuta.
Konpetentzien araberako hezkuntza bat sustatzea, ikaslea prozesuaren helburu eta protagonistatzat hartuko duena eta beraren ikaskuntza propioa sustatuko duena ikaskuntza aurretiazko prestakuntza esplizituaren bitartez bideratuta egongo baita, oinarrizko kontzeptu-esparruak jaso eta hasierako ezagutza horiek modu autonomoan garatu eta indartu ditzan eta bere trebetasunak erabil ditzan, eta, horrekin batera, harridurarako eta prestakuntza-autogestiorako gaitasuna ere estimulatzea.
Ikasleak ikastetxeetan sartzeko eta onartuak izateko berme-mekanismo batzuk garatzea, eskolatzea inklusiboa eta orekatua izan dadin eta elkarbizitza eta gizarte-kohesioa ere hobeak izan daitezen.
Irakasleen eta gainerako hezkuntza-langileen aitortza soziala prestigiatzea, eta halaber prestigiatzea metodologia didaktiko askotarikoak erabiliz irakasleek egiten duten irakaskuntza-lana. Metodologia horien helburua izango da behar bezala konbinatzea jakintzaren edo ezagutzaren ekarpena, batetik, eta trebetasunen garapena, bestetik, dela ikaskuntza autonomoaren bidez eta proiektuen bidez, dela lankidetza-jardunaren edo hezkuntza-berrikuntzako beste modalitate batzuen bidez, behar bezala eta intentsitate desberdinez erabiliz bitarteko digitalak, hezkuntza-etaparen edo -zikloaren arabera eta, betiere, oinarri pedagogikoetan funtsatuta.
Ikasleen oinarrizko konpetentziak garatzera bideratutako hezkuntza-kalitatea bultzatzea eta talentua garatuz bikaintasuna lortzea.
Familiak inplikatzea, balioak partekatuko dituen eta parte hartzea sustatuko duen hezkuntza-komunitatea lortzeko.
Ebaluazio-esparru propioa garatzea, hezkuntza-sistemaren bikaintasunerako eta etengabeko hobekuntzarako tresna gisa, ebaluazioa maila hauetan jarriko duena: ikasleen konpetentzien araberako ebaluazio-eredu integral bat, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan hobekuntzak sustatzera bideratua; ikastetxeen ebaluazioa, sistema autonomoago, efizienteago eta efikazago batean aurrera egiteko; zuzendaritza-eginkizunaren eta irakaskuntza- eginkizunaren ebaluazioa, bai, halaber, laguntzako, administrazioko eta zerbitzuetako langileen ebaluazioa ere, haien lanbide-jarduna eta ikasleen gaitasunen garapena hobetzeko.
Kultura zientifikoa eta humanitateak, arteekin eta teknologiarekin batera, behar bezala uztartuko dituen hezkuntza-eredu bat ezartzea, jakintzaren bidez garatu ditzan sormena, talentua, ekimen pertsonala eta etengabeko hobekuntzaren, berrikuntzaren eta ebaluazioaren alde egingo duen espiritu ekintzailea.
Unean-unean egiten ari diren hezkuntza-zereginetan ikasleen arreta eta kontzentrazioa garatuko eta sustatuko duen prestakuntza eta laguntza-sistema bat bultzatzea, bereizita adin-tarteen arabera eta hezkuntza-sistema egituratzen den etapa eta ikasketen arabera.
Irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesu eta laguntza-sistema batzuk sustatzea, irakasleek eta ikasleek partekatutako dituztenak, laneko ohitura intelektualak eta ahaleginaren kultura bereganatzea barne direla, erdietsitako lorpen eta aurrerapenen eskutik norberaren jakintza eta autoestimua eta ikaskuntza-komunitatearen aberastea dakarrena.
Ikasleen artean ekintzailetza, ekimena, lankidetza eta halako balioak sustatzea, ikasleon gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko.
Ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna lortu dezaten sustatzea, benetako egoerara egokituta. Hainbat neurri hartuko dira euskararen erabilera bultzatzeko, eskola-komunitatearen motibazioa sustatzeko eta ikasleen arteko harremanetan euskararen erabilera indartzeko.
Euskal Hezkuntza Sistema gizarte demokratiko aurreratu baten berezko balioetan oinarritzen da, eta, zehazki, nortasunaren garapenean eta horrek irakaskuntzan eta ikaskuntzan duen formulazioan eta aplikazioan, bai eta harremanezko ereduan ere. Balio horiek oinarrizko hiru ardatz edo zutabetan bermatzen dira:
Izan.
Jakin.
Elkarrekin bizi.
Lege honetan jasotako balioek eta, bereziki, hurrengo artikuluetan bildutako ardatzek ikastetxeen hezkuntza-proiektua, irakaskuntza-metodologiak, irakasleen eta hezkuntza-sistemako profesional guztien jarduera eta ikastetxeko araudia eta planak hartuko dituzte eraginpean, eta isla izango dute halaber euskal hezkuntza-komunitateko eragileen jardueran eta lanean.
Hezkuntza-sistemak, oro har hartuta, helburua du pertsonek beren kabuz pentsatzea, norberaren ezaugarri indibidualak lantzea bereziki, autonomia eta erantzukizuna, autoestimua indartzea, ahalegin pertsonalaren kultura bultzatzea eta besteenganako jarrera positiboak garatzea, zehazki errespetua eta enpatia.
Era berean, izakiaren garapenaren bidez, balioetan eta bizikidetzan trebatu nahi da; besteekin eta ingurunearekin partekatzea eta elkartasuna izatea sustatu nahi da, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen jasangarritasunari begira, bereziki azpimarratuz zaurgarritasun bereziko egoeran dauden pertsonak identifikatzeko eta aitortzeko gaitasuna eta zaintzaren etika eraginkortasunez hedatzea.
Ardatz honen bidez, ikastetxeek eta, bereziki, irakasleek ezagutzarekiko estimua eta gogobetetasuna bultzatu behar dute, bai eta ezagutzaren aldeko estimulua ere, ikaskuntzaren eta irakaskuntzaren oinarrizko konpetentzia eta funtsa den aldetik.
Ezagutzaren eta teknologia aurreratuen gizarte batean, hezkuntza-sistemak argi eta garbi azaldu behar die ikasleei zer alde dagoen datuen, informazioaren, ezagutzaren eta jakintzaren artean, eta jakintza sustatu behar du ikasleen garapenerako funtsezko eremu bereizi gisa. Halaber, bultzatu eta hedatu egin behar ditu kultura zientifikoa eta ahalduntze teknologikoa, eta haren inplikazio etiko, sozial eta ingurumenekoez hausnartzeko gaitasun kolektiboa.
Ezagutzak aurkikuntza ere badakar berekin, eta horrek harrimena piztu behar du, dela irakasleek bultzatuta, dela autoikaskuntzaren bidez bereganatuta, baina betiere ikasleak irakaskuntzaren protagonista gisa kokatuz.
Tresna eta baliabide digitalen erabilerak izaera osagarria izango du, tresna horiekiko mendekotasunik sortu gabe eta garapen kognitiboa zainduz eta bermatuz, betiere adin-tarte eta nortasunaren garapen-maila bakoitzaren eskakizunak jasotzen dituen esparru pedagogiko batean kokatuta, eta baliatuz, harrimenaren pizgarriarekin batera, hezkuntza-sistemako etapa bakoitzean ikasleek beren buruei egiten dizkieten galderei erantzuteko pedagogia-dinamikez.
Teknologia aurreratuetan eta disruptiboetan ahalduntzea, bai eta pentsamendu konputazionala garatuz ere, Europar Batasunak digitalizazioari eta adimen artifizialari buruz dituen estrategia eta politiken ildotik, teknologien aplikazio etikoa eta arduratsua bermatuz.
Ardatz honen helburua da ikastetxeetan desberdinen arteko harremanek eskaintzen dituzten esperientzia eta aukeretan sakontzea eta gatazkak zentzuz konpontzeko elkarrizketarako gaitasuna eta jarrerak garatzea, printzipio demokratikoak eta giza eskubideen errespetua eta bermea oinarri hartzen dituen hezkuntza aplikatuz eta balio eta esperientzia zibikoak landuz.
Elkarbizitzak, funtsezko balio gisa, berekin dakar arlo komunarekiko eta publikoarekiko kezka kontuan hartzea, elkargune eta bizi-garapenerako gune komuna den aldetik, bai eta, bereziki, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren politikaren oinarri diren ondasun publikoak zaintzea ere; baina elkarbizitzak, era berean, berekin dakar natura zaintzeko erantzukizunean heztea, jasangarritasunaren eta elkartasunaren ikuspegitik.
Euskal Hezkuntza Sistemak bi hizkuntza ofizial ditu: euskara eta gaztelania, euskara hizkuntza propio gisa, gure nortasunaren zati eta adierazpenerako eta elkarbizitzarako bitarteko diren aldetik. Arreta berezia eskainiko zaio euskarari, gure hizkuntza propioa baita, zeinak jarduketa eraginkorrak behar baititu ezagutzan eta erabileran aurrera egiteko, nortasun-, adierazpen- eta elkarbizitza-bitarteko gisa, eta, era berean, atzerriko hizkuntzen erabilera sustatuko da, bereziki ingelesarena, ikasleak ingurune gero eta globalizatuago batean garatu ahal izan daitezen gizon-emakume gisa eta alderdi sozial, ekonomiko eta profesionalean.
1. ATALA
IKASKETEN ANTOLAMENDUA ETA CURRICULUM AKADEMIKOA
Euskal Hezkuntza Sistemak, indarrean dagoen legediaren arabera, honako ikasketa hauek biltzen ditu:
Araubide orokorreko ikasketak:
Haur-hezkuntza.
Lehen hezkuntza.
Derrigorrezko bigarren hezkuntza.
Batxilergoa.
Oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketa.
Helduen hezkuntza.
Araubide bereziko ikasketak:
Hizkuntzen irakaskuntza.
Arte-ikasketak: musika, dantza, arte dramatikoa, arte plastikoak eta diseinua, bai eta gerora zehaztuko diren bestelako arte-adierazpenak ere.
Kirol-ikasketak.
Lege honetan aurreikusitakoari dagokionez, lehen hezkuntzako eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasketak Oinarrizko Hezkuntzan biltzen dira.
Curriculuma da lege honetan araututako irakaskuntza bakoitzaren helburuen, konpetentzien, edukien, metodo pedagogikoen eta ebaluazio-irizpideen multzoa.
Irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesu hori ikasleen oinarrizko konpetentzien garapenaren ikuspegitik diseinatu behar da, konpetentzia horiek irakaskuntza eta hezkuntza-etapa bakoitzaren berezko edukiak modu integratuan aplikatzeko gaitasuna direla ulertuta, helburua izanik jarduerak behar bezala egitea eta egoera edo erronka konplexuak eraginkortasunez ebaztea.
Curriculum-edukiak bideratuta egongo dira hezkuntzaren helburuak lortzera, eta ikasleek bizitzako eremu eta egoera pertsonal zein sozialetan, akademiko nahiz lanekoetan, moldatzen jakiteko behar dituzten oinarrizko konpetentziak eskuratzera ere.
Ikasketa bakoitzaren curriculuma Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez zehaztuko da indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak inklusioaren eta ekitatearen printzipioak aplikatzea sustatzen duten metodologiak bultzatuko ditu, bai eta ikasleen konpetentzia guztiak garatzeko eta eskola-arrakasta lortzeko beharrezkoak diren irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak bultzatzen dituzten metodologiak ere.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hezkidetzan oinarritutako proiektuak egingo ditu, eta proiektu horiek hezkuntza-etapa bakoitzeko ezagutza-eremuetako eta diziplinetako curriculumaren diseinuan eta garapenean integra daitezen sustatuko du.
2. ATALA
ARAUBIDE OROKORREKO IKASKETAK
Haur-hezkuntzaren helburu nagusia da haurren garapen integralean eta orekatuan laguntzea, dimentsio guztietan eta familiekin lankidetza estuan, ikasleek oinarrizko konpetentziak garatzen dituztelarik.
Haur-hezkuntzak baldintza egokiak bultzatu eta eskaini behar ditu Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetan elebitasun orekatua bermatzeko, eta, gainera, hezkuntza-ekintza batzuk egingo ditu atzerriko hizkuntza batean.
Haur-hezkuntza jaiotzatik sei urtera bitarteko hezkuntza-etapa da, eta bi ziklo ditu: lehenengoa, hiru urtera bitartekoa, eta bigarrena, hiru urtetik sei urtera bitartekoa. Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez, bi urtetik aurrera doakotasuna luzatu ahal izango du. Era berean, Haurreskolak Partzuergoa bultzatuko du, eskaintza unibertsaleko, kalitatezko eta doako zerbitzu publiko gisa.
Haur-hezkuntza borondatezkoa da, eta ikasleen garapen kognitibo, afektibo, sozial, artistiko eta fisikoan laguntzea du helburu, bereziki elkarbizitzarako balio zibikoetan eta berdintasunean oinarritutako hezkuntza sustatuz.
Oinarrizko Hezkuntza nahitaezkoa eta doakoa da. Hamar maila hartzen ditu, 6 urtetik 16 urtera bitartean egin ohi direnak, bi hezkuntza-etapatan banatuta: lehen sei mailek lehen hezkuntza osatzen dute, eta etapa hori 6 eta 12 urte bitartean egiten da normalean; hurrengo lau mailek osatzen dute derrigorrezko bigarren hezkuntza, normalean 12 eta 16 urte bitartean egiten dena.
Oinarrizko Hezkuntza, haur-hezkuntzarekin batera, pertsonen bizialdi osoko ikaskuntzarako abiapuntua da, eta ikasleen gaitasunak dimentsio guztietan ahalik eta gehien garatzea du helburu, subjektu indibidual eta pertsona aktibo gisa duten izaera integratuz; pertsona bat konpromisoa duena garapen sozialarekin, indarkeria-ezarekin eta giza eskubideekin, eta halaber ingurumenaren garapen jasangarriarekin eta planetaren babesarekin.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak titulaziorik eskuratu gabe hezkuntza-sistema utzi duten gazte eta helduen Oinarrizko Hezkuntzarako sarbidea sustatuko du.
Pedagogia- eta antolamendu-autonomiaren printzipioaren arabera, ikastetxeek, beren hezkuntza-proiektuan, arloak, irakaskuntzak eta espazioak eta denborak adostu, eta alternatiba metodologikoak sustatu ahal izango dituzte, aplikagarria den araudiak ezartzen duenaren aldean.
Lehen hezkuntzaren helburua da, aplikagarria den legedian ezartzen dena urratu gabe, egokiro garatzea ikasleen entzumena eta mintzamena, irakurmena, idazmenaren berezko trebetasunak, kalkulua, kulturaren garrantzia eta oinarrizko nozioak, eta, haiekin batera, zentzu artistikoa, elkarbizitzaren oinarrizko jarraibideak, sormena eta afektibitatea ere sustatzea, haurraren oreka emozionala bermatzeko eta haren nortasuna osorik garatzen laguntzeko.
Derrigorrezko bigarren hezkuntza lau mailatan antolatzen da, zenbait ikasgaitan banatuta eta beharrezko den diziplinartekotasunarekin eta koordinazioarekin egituratuta; arreta berezia jarriko zaio ikasleen hezkuntza- eta lanbide-orientazioari. Laugarren maila propedeutikoa eta orientatzailea izango da, bai batxilergoko derrigorrezko hezkuntzaren ondoko ikasketei edo lanbide-heziketako ikasketei begira, bai, hala badagokio, lan-bizitzan sartzeari begira.
Derrigorrezko bigarren hezkuntzaren helburua da, aplikatzekoa den legedian ezartzen dena urratu gabe, ikasleek kulturaren oinarrizko ezagutzak eskura ditzaten lortzea (alderdi humanistikoari, artistikoari, zientifiko-teknologikoari eta motorrari dagokienez bereziki); horretarako, kontzentrazioa, ikasteko eta lan egiteko ohitura eta bizitza osasungarria sustatuko dira, arreta berezia jarriz herritar izatearen ondorioz dituzten eskubide eta betebeharrei buruzko prestakuntzan.
Behar bezala baimendutako salbuespenetan izan ezik, derrigorrezko bigarren hezkuntzako eskola-lanaldia zatitua izango da. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartzen dituen baldintzen arabera, lanaldi oso eta malguaren formula ere baimendu ahal izango da.
Batxilergoak bi maila ditu, eta modalitate diferente batzuetan garatzen da. Modu malguan antolatu behar da, eta, beharrezkoa bada, modalitate bakoitzaren barruan bide bat baino gehiago egongo da, ikasleei prestakuntza espezializatua eskaini ahal izateko, beren interesekin eta etorkizunean goi-mailako ikasketetan sartzearekin bat datorrena.
Batxilergoaren helburua da, aplikatzekoa den legedian ezartzen dena urratu gabe, ikasleei pentsamendu kritikoa garatzeko eta finkatzeko beharrezkoak diren prestakuntza, heldutasun intelektuala eta giza heldutasuna, ezagutzak eta trebetasunak ematea, eta, era berean, goi-mailako hezkuntzari edo lanbide-heziketari edo, hala badagokio, lan-merkatuan sartzeari aurre egiteko beharrezkoak diren trebetasunez hornitzea, eta gizarte-eginkizunak betetzeko eta bizitza aktiboa bere osotasunean gauzatzeko behar dituzten gaitasunak garatzea eta jarrerak eta zeharkako konpetentziak edo pertsonen arteko harremanetarako trebetasunak bultzatzea.
Helduen hezkuntzaren helburua da helduei oinarrizko konpetentziak lortzeko aukera ematea, ikasleak prestatuz araubide orokorreko hezkuntza-sistemaren etapetan sartzeko eta, hala badagokio, araubide berezikoan sartzeko, horrela beste prestakuntza-ibilbide batzuetan eta lan-munduan errazago sar daitezen errazteko, hartara herritartasun aktiboa eta gizarteratzea sustatuta.
Helduen hezkuntza-programetan gizarte-kohesioa eta -partaidetza sustatuko dituzten prestakuntza-ekintzak sartu ahal izango dira, besteak beste: migratzaile helduentzako prestakuntza-harrera; hizkuntza ofizialen eta atzerriko hizkuntza baten hastapenak; prestakuntza-zikloetara sartzeko prestakuntza-ikastaroak, bai eta Unibertsitatera sartzekoak ere, euskal kulturaren ezagutza, tresna digitaletara sarbidea, eta oinarrizko konpetentziak eskuratzeko eta pertsonen arteko harremanetarako trebetasunak garatzeko estrategien erabileran gaitzea. Prestakuntza-ekintza horiek erregelamendu bidez arautuko dira.
Hezkuntza Administrazioak helduei batxilergoan edo lanbide-heziketan sartzeko aukera emateko neurriak sustatuko ditu.
3. ATALA
ARAUBIDE BEREZIKO IKASKETAK
1. AZPIATALA
HIZKUNTZEN IKASKETAK
Araubide bereziko hizkuntzen ikasketen helburua da ikasleak gaitzea hizkuntzak komunikatzeko erabil ditzaten, hezkuntza-sistemaren ohiko etapetatik bereiz.
Bizitzan zehar hizkuntzak ikasi nahi edo ikasi behar dituzten pertsona helduei zuzenduta daude, interes pertsonalagatik, profesionalagatik edo akademikoagatik hizkuntza horiek modu espezializatuan erabiltzeko. Ezinbesteko baldintza izango da 16 urte beteta izatea ikasketak hasten diren urtean. 14 urtetik gorakoak ere sartu ahal izango dira derrigorrezko bigarren hezkuntzan ikasitakoa ez den beste hizkuntza batean ikasten jarraitzeko.
Eusko Jaurlaritzak erregelamenduzko arau-xedapen baten bidez ere zehaztuko ditu hizkuntza-ikasketa arautuetako maila guztietako curriculumak eta hizkuntza-eskola ofizialek, ikastetxe publiko delegatuek eta ikastetxe pribatu baimenduek bete behar dituzten baldintzak.
Erregelamenduzko arau-xedapen baten bidez, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hizkuntzen ezagutza-ziurtagiriak lortzeko ebaluazio- eta homologazio-proben ezaugarriak arautuko ditu.
2. AZPIATALA
ARTE-IKASKETAK
Arte-ikasketen helburua da ikasleei kalitatezko arte-prestakuntza ematea eta etorkizuneko musika, dantza, arte dramatiko, arte plastiko eta diseinuko profesionalen kualifikazioa bermatzea.
Arte-ikasketak honako hauek dira:
Musikako eta dantzako oinarrizko ikasketak.
Arte-ikasketa profesionalak. Honako hauek dira: musikako eta dantzako ikasketa profesionalak, bai eta arte plastikoetako eta diseinuko erdi- eta goi-mailako graduak ere.
Goi-mailako arte-ikasketak. Honako hauek dira: musikako eta dantzako goi-mailako ikasketak, arte dramatikoko ikasketak, kultura-ondasunak kontserbatzeko eta zaharberritzeko ikasketak, diseinuko goi-mailako ikasketak eta arte plastikoetako goi-mailako ikasketak, zeramikako goi-mailako ikasketak eta beiraren goi-mailako ikasketak barne direla.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak, ikasketa artistiko arautuei dagokienez, koordinazio-prozedura batzuk ezarri behar ditu musika- eta dantza-eskolen, ikastetxe integratuen, kontserbatorioen eta goi-mailako ikastetxeen artean, gaitasun handiagoa duten ikasleentzako ibilbide profesionalak bermatzeko, eta ibilbide horien aplikazioa gainbegiratu behar du.
3. AZPIATALA
KIROL-IKASKETAK
Kirol-ikasketen xedea da ikasleak kirol-modalitate edo -espezialitate bati lotutako lanbide-jarduerarako prestatzea, bai eta ikasleak lan-munduaren eta kirol-munduaren bilakaerara eta herritartasun aktibora egokitzen laguntzea ere.
Kirol-ikasketak antolatzeko, kirol-modalitateak eta, hala badagokio, espezialitateak hartuko dira oinarri, Kirolaren abenduaren 30eko 39/2022 Legearen 14.v) artikuluaren arabera Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak emandako onarpenarekin bat etorriz.
Kirol-ikasketa arautuak erdi-mailako eta goi-mailako ikasketetan egituratzen dira. Erdi-mailako kirol-ikasketak gainditzen dituzten ikasleek kirol-teknikariaren titulua jasoko dute, eta goi-mailako kirol-ikasketak gainditzen dituztenek, berriz, goi-mailako kirol-teknikariaren titulua.
Eusko Jaurlaritzak ezarriko ditu kirol-ikasketen modalitate eta espezialitateetako curriculumak, prestakuntza-eskaintza eta sarbide-probak, bai eta eraginpeko hezkuntza- eta kirol-sektoreekin lankidetzan aritzeko mekanismoak ere.
4. ATALA
HEZKUNTZA EZ-PRESENTZIALA
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak, hezkuntzarako eskubide unibertsala bermatzeko, hezkuntza ez-presentzialaren eskaintza egokia garatu behar du, indarrean dagoen antolamenduari jarraituz.
Euskal Hezkuntza Sistemako ikastetxeak publiko eta pribatu gisa sailkatzen dira.
Ikastetxe publikoak dira titulartzat administrazio publiko bat dutenak.
Ikastetxe pribatuak dira titulartzat pertsona fisiko edo juridiko pribatu bat dutenak, eta itunpeko ikastetxe pribatuak dira legez ezarritako itun-araubideari atxikita dauden ikastetxe pribatuak..
Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeen kategorian sartzen dira ikastetxe publikoak edo titulartasun publikokoak, bai eta funts publikoen bitartez finantzatutako doako ikasketak ematen dituzten itunpeko ikastetxeak ere.
Ikastetxe publikoak zuzenean Hezkuntza Administrazioaren titulartasuneko sarearen mende daude, eta oso-osorik funts publikoen bitartez finantzatzen dira.
Euskal Hezkuntza Sistema, funtsean, oinarrituko da gaur egun dagoen ikastetxe publikoen sarean eta, beharren arabera, etorkizunean sor daitekeenean.
Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen multzoak eratzen du Euskal Eskola Publikoa. Ikastetxe horiek hezkuntzarako eskubide unibertsala bermatzen dute, jatorria, generoa, egoera sozioekonomikoa eta kulturala, erlijio-sinesmenak edo beste edozein inguruabar bereizi gabe.
Ikastetxe publikoak lege honetan eta beronen erregelamendu bidezko garapenean ezartzen denaren arabera arautuko dira, bai eta, antolamendu- eta kudeaketa-autonomiaren esparruan, ikastetxe horiei aitortzen zaizkien autoerregulazio-ahalmenen arabera ere.
Ikastetxeen ekonomiaren kudeaketa geroagoko ikuskaritza-kontrol ekonomiko-finantzario baten mende egongo da; beraz, ikastetxeek aurrekontu-kudeaketan izandako edozein gorabehera ekonomikori buruzko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko dute. Dokumentazio hori kasuan kasuko ikastetxean geratuko da dagokien kontu-ikuskaritzako organoen esku, eta, behar izanez gero, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku ere, egoki iritzitako egiaztapenak egin ahal izan ditzaten.
Itunpeko ikastetxe pribatuak dira titulartasun pribatua izan arren indarrean dagoen legedian ezarritako itun-araubidearen bidez finantzatzen diren ikastetxeak.
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barruan nahitaezko ikasketak ematen dituzten itunpeko ikastetxeak oso-osorik finantzatuko dira, ikasketa horiei dagokienez.
Itunpeko ikastetxeek lege honetan eta beronen erregelamendu bidezko garapenean zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte. Agintzen diren auditoretzen mende egongo dira, bai eta baliabide publikoen erabilera haien xedeari lotua dagoela ziurtatzen duten kontabilitate-gardentasuneko arauen mende ere.
Ikastetxe pribatuen ituntze-araubidea ikastetxeen sarea planifikatzeko eta antolatzeko esparruan indarrean dagoen legediaren barruan egingo da.
Itunpeko ikastetxeak, funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeak diren aldetik, indarrean dagoen araudi orokorrean, lege honetan eta beronen erregelamendu bidezko garapenean ezarritakoaren arabera erregulatzen dira, bai eta irakaskuntza-askatasunaren eta ikastetxeen autonomiaren esparruan beren burua antolatzeko emandako arauetan ezarritakoaren arabera ere, betiere aplikagarri zaizkien printzipio eta arau orokorrak urratzen ez badituzte edo haien aurka ez badoaz.
Itunpeko ikastetxe pribatuen finantzaketa publikoa legean eta haren erregelamendu bidezko garapenean agertzen diren eskakizunak, printzipioak eta irizpideak betetzearen baldintzapean egongo da; horrela, haiek betetzen dituzten ikastetxeek finantzaketa publikoa jasoko dute eta, ondorioz, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren prestazioa eskaintzen duten ikastetxe-multzoko parte izango dira.
Nolanahi ere, itunen araubideari begira lehentasuna izango dute baldintza ekonomiko txarrak dituzten ikasleak hartzen dituzten ikastetxeek, hezkuntza-sistemarako interes pedagogikoa duten esperientziak egiten dituztenek, hurbileko eskolatzea sustatzen dutenek eta kooperatiba-araubidean eratu eta funtzionatzen dutenek. Haien guztien espezifikotasuna kasuan kasuko araudian aitortuko da.
Ikastetxe pribatutzat jotzen dira ikastetxeak sortzeko eskubidea edo askatasuna baliatuz sortutako ikastetxeak, pertsona fisiko edo juridikoen titulartasunekoak badira.
Ikastetxe pribatuak indarrean dagoen araudi orokorrean, lege honetan eta beronen erregelamendu bidezko garapenean ezarritakoaren arabera erregulatzen dira. Lege honen 2. artikuluan Euskal Hezkuntza Sistemari buruz jasotzen diren printzipioak bete beharko dituzte.
Euskal ikasleek hezkuntza integrala eta inklusiboa jasotzeko eskubidea dute. Hezkuntza hori lege honetako I. tituluko II. kapituluan araututako printzipio eta helburuetan oinarritzen da erabat, eta nortasuna osoki garatzera bideratuta dago, pluraltasunaren, emakumeen eta gizonen berdintasunaren, aniztasunaren eta tolerantziaren printzipio demokratikoak errespetatuz.
Hezkuntzak norbanakoaren askatasuna sustatuko du, ikasleen nortasunaren eta autonomia eta erantzukizunaren garapen osoaren bidez, elkarbizitzan eta oinarrizko eskubideen errespetuan funtsatzen den gizarte demokratiko baten esparruan, eta bultzatuko ditu, bereziki, jakintzaren garapena, gaitasun kritikoaren gauzatze eraginkorra eta sormena.
Hezkuntzarako oinarrizko eskubideak, halaber, prestazio-izaera du. Horretarako, euskal botere publikoen erantzukizuna da sustatzea eta bermatzea hezkuntzarako eskubidea erabat baliatzen dela, pertsonen eskura jarrita hezkuntza-sistemarako sarbidea ikasketa eta etapa guztietan, baina batez ere doako derrigorrezko hezkuntzan.
Hezkuntza Administrazioak doako eta kalitatezko irakaskuntza bermatzen du kasuan kasuko mailetan, funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeen bidez, lege honetan ezarritako baldintzetan.
Euskal hezkuntza-zerbitzu publikoaren prestazioa ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen bidez gauzatuko da. Ikastetxe horiek guztiak, lege honetan eta lege hau garatzen duten arau-xedapenetan ezarritakoaren arabera, printzipio hauei jarraikiz arautuko dira: diskriminaziorik eza; gardentasuna; irabazi-asmorik eza; ikasle zaurgarriei eta ikasleen aniztasunari arreta ematea; hezkuntza formalean inplikatutako sektoreen parte-hartze demokratikoa; segregazioaren aurkako konpromisoa eta bai eta inklusioaren, ekitatearen eta aukera-berdintasunaren aldeko konpromisoa ere; Eusko Jaurlaritzak ezarritako curriculumarekiko eta ebaluazio-mekanismoekiko begirunea; euskara hezkuntza-sistemaren barruan lehenestea, hezkuntza-jardueran zein harreman profesionaletan, bai eta ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan ere, eta ezarritako hizkuntza-helburuak betetzea.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak baliabide espezifiko batzuk emango dizkie euskararen presentzia urria duten ingurune soziolinguistikoetan lan egiten duten ikastetxeei, beren hezkuntza-proiektua garatzeko.
Euskal hezkuntza-zerbitzu publikoa ematen duten ikastetxeek sexu- eta genero-askatasuna eta laikotasuna bermatu beharko dituzte.
Erlijioa irakasgaian, oinarrizko legediak ezarritako gutxienekoa izango da ikastetxeek eskain dezaketen gehienekoa, eta doktrinamendurik ez dagoela bermatuko dute.
Hezkuntza-proiektuaren lidergo demokratikoa bermatuko duen ikastetxeen gobernantza sustatuko da, hezkuntza-komunitateari parte hartzeko bidea emanez. Orobat, tokiko hezkuntza-proiektuetan parte hartzea bultzatuko da, bai eta langileak kontratatzeko prozesu gardenak ere.
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren ikastetxe guztiek doako eta kalitatezko irakaskuntza bermatuko dute hala dagokien mailetan.
Pertsona orok eskubidea du euskal hezkuntza-zerbitzu publikoa ematen duten ikastetxeetara berdintasun-baldintzetan sartzeko. Halaber, ikastetxea aukeratzeko eskubidea du, programatutako hezkuntza-eskaintzaren esparruan. Eskola-plazen eskaintza hori eskolaratze-premia errealetara egokituko da, eta gaineskaintza zein azpieskaintza saihestuko dira. Beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik segregatzearen aurka.
Hezkuntza Administrazioak hezkuntzarako eskubidea baliatzen dela bermatuko du irakaskuntzaren programazio orokorraren bidez, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak egiten duen programazio estrategikoaren esparruan. Nolanahi ere, hezkuntza-komunitateak irakaskuntzaren programazioari buruzko partaidetza-prozesuetan ere parte hartuko du, lege honetan eta berau garatzen duten erregelamenduzko arau-xedapenetan jasotako organo eta eztabaida-prozeduren bidez.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak zehaztuko du funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetako plazen eskaintza, sarbide-eskubidea arautzen duen erregelamenduzko arau-xedapenarekin bat etorriz, lurralde bakoitzeko beharrak eta aurrekontu-baliabideak kontuan hartuz.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren programazioaren helburua da eskaintza eskolatze-premietara egokitzea, betiere lege honetan jasotako printzipioekin bat etorriz. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren joera demografikoak berariaz aurreikusiko dira, prospektiba-azterlanen eta -analisien bidez, eta, aldez aurretik, joera horiek ikastetxeetan dauden ikasle/plaza ratioaren gainean dituzten inpaktuak identifikatuko dira lurraldez lurralde eta urtez urte.
Ikastetxeen eskola-programazioan, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak programatuko du hezkuntza-eskaintza hori, halako eran non bermatuko den behar adina plaza publiko daudela, batez ere biztanleria berriko eremuetan, plaza publikoen eskaerari erantzuteko eskaintza nahikoa ziurtatuz.
Udalek hezkuntzaren arloko eskumena duen sailarekin lankidetzan jardun ahal izango dute matrikulazio-prozesuen esparruan, familientzako informazio-, orientazio- eta matrikulazio-bulego espezifiko batzuk sortzeko espazio batzuk emanez, eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.1 artikuluan aitortutako eskumenak baliatuko dituzte, lege honetan ezarritako baldintzetan.
Sarbide- eta onarpen-prozesua printzipio hauek arautuko dute: ekitateak, hezkuntza-inklusioak, gizarte-kohesioaren sustapenak eta hezkuntza-eskaintzaren barruan ikastetxea aukeratzeko eskubidea errespetatzeak.
Eskolatze inklusiboagoa eta orekatuagoa lortzeko berme-mekanismo batzuk sustatuko dira, bizikidetza eta gizarte-kohesio handiagoa sustatuko duten kulturarteko hezkuntza-guneak bultzatuko dituztenak.
Eskola-plazen eskaintza benetako eskolatze-premietara egokituko da, ez dadin egon ez azpieskaintzarik, ez gaineskaintzarik. Eskaintzaren planifikazioak eta ikasleak onartzeko prozesua arautzen duten mekanismoek aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatu behar dituzte funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxe publiko guztietan, ez dadin ikasleen segregaziorik gertatu arrazoi sozioekonomikoak edo bestelakoak direla-eta.
Aurreko apartatuetan ezarritakoari dagokionez, egungo eskolatze-eredua mailaka eraldatzeko eta ikastetxe jakin batzuetan ikasle zaurgarrien kontzentrazioa saihesteko xedez, hezkuntza-proiektu integral batzuk garatuko dira barruti edo eremu bakoitzean, udalekin lankidetzan eta erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek kontuan hartuta:
Eskola-mapa aztertzea eta egokitzea, ekitateari eta errendimenduari dagokienez.
Familien kontsulta- eta partaidetza-ereduen efizientzia, bai eta udaleko hezkuntza-kontseiluena ere.
Ikasleen artean eta ikastetxeen artean egon daitezkeen desberdinkeriak gainditzea, hezkuntza-kalitatea babestea helburu.
Eusko Jaurlaritzak ezarriko du funts publikoen bitartez finantzatzen diren ikastetxeetan ikasleak sartzeko eta onartuak izateko prozedura, honako lege honetan ezarritako irizpideen eta printzipioen arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalek ikasleen ongizatea eta hezkuntza sustatzea helburu duten hezkuntza-proiektu komunitarioak bultza ditzakete, udaleko hezkuntza-kontseiluetan parte hartuz, hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko harmonizazioa eta osagarritasuna garatuko direlarik.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak, lege honetan arlo horren gainean garatzen den erregelamendu-araudiaren arabera, ikasleak ikastetxeetan sartzeko eta onartuak izateko sistema batzuk ezarriko ditu funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetan, betiere eskolatze hori kalitate handiagokoa eta, bereziki, inklusiboagoa eta orekatuagoa izan dadin, hartara gizarte-kohesioa eta elkarbizitza positiboa bultzatzeko.
Eusko Jaurlaritzak, pertsona guztiek hezkuntza berdintasun-baldintzetan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko eta ikastetxea aukeratzeko eskubidea gauzatzeko, erregelamenduz arautuko du ikasleak hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxeetan onartuak izateko prozedura bakarra. Prozedura hori honako ikasketak hauek ematen dituzten ikastetxeei aplikatuko zaie:
Haur-hezkuntza, bigarren ziklotik aurrera (edo lehen zikloko hirugarren urtetik aurrera).
Lehen hezkuntza.
Derrigorrezko bigarren hezkuntza.
Batxilergoa.
Araubide bereziko ikasketak (arte-ikasketak, hizkuntzak, kirol-ikasketak).
Hezkuntza-premia bereziak dituzten edo baliabide espezifikoak behar dituzten ikasleek lehentasuna izango dute eskakizun horiei erantzuteko baliabideak dauzkaten ikastetxeetan sartzeko. Lehentasun-sistema hori erregelamenduzko arau-xedapen baten bidez arautuko da.
Euskal hezkuntza-zerbitzu publikoa ematen duten ikastetxe guztiek hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak erabakitzen duen plaza kopuru jakin bat erreserbatu beharko dute berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleak eskolatzeko. Premia horien artean daude, besteak beste, arrazoi hauek eragindakoak: heldutasun-atzerapena, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmendua, arreta- edo ikaskuntza-nahasmenduak, ikaskuntza-hizkuntzaren ezjakintasun larria, gizarte- eta hezkuntza- edo gizarte- eta ekonomia-zaurgarritasuneko egoeran egotea, gaitasun intelektual handia izatea, hezkuntza-sisteman berandu sartzea edo egoera pertsonalak edo eskola-historiako egoerak.
Berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleak modu orekatuan eskolatzeko eta eragin-eremu bakoitzean zaurgarritasuna modu orekatuan banatzeko, eragin-eremu bakoitzeko ikastetxe guztiei zaurgarritasun-indize bera esleituko zaie, eremu horri dagokiona hain zuzen ere, eta ikastetxe bakoitzak egin beharreko plaza-erreserba kalkulatzeko erabiliko da hori. Eskolatze orekatu hori mailaka-mailaka lortu beharko da.
Zaurgarritasun-indize hori kalkulatzeko, eremuan eremuko baldintza sozioekonomikoak eta demografikoak hartuko dira kontuan, bai eta ikasleak sartzeko eta onartuak izateko prozesuan parte hartzen duten ikasleen baldintza pertsonalak edo familiarrak ere. Baldintza horiek zehazteko, bai eta plazak erreserbatzeko eta ikasleak banatu eta matrikulatzeko ere, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikasleei buruzko datuak eskatu ahal izango ditu, baldin eta datuok beharrezkoak baditu.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak eragin-eremuak mugatuko ditu, bai eta haiekin mugakide diren eremuak ere, halako eran non bizileku oro eragin-eremu batean edo bestean egongo den, eta eragin-eremu bakoitzean titulartasun publikoko ikastetxe bat dagoela bermatuko den.
Ikastetxe guztiek bai titulartasun publikokoek, bai itunpeko pribatuek beren gain hartuko dute hezkuntzarekiko konpromiso soziala, eta bazterkeriarik gabeko eskolatzea egingo dute; horrek bi eskola-sareen izaera osagarria indartuko du, haien berezitasuna galdu gabe.
Hezkuntzaren zerbitzu publikoa egoki emango bada, gizarteak behar bezala hornitu behar ditu ikastetxeak. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak artikulu honetan ezarritako beharrezko diren neurriak hartu behar ditu, eta, bereziki, behar beste baliabide eskuratu behar dizkie funts publikoen bitartez finantzatzen diren ikastetxeei, gaitz funtzional oso larrien edo jokabide-nahaste larrien ondorioz aparteko hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko, lege honetan eta beronen erregelamendu bidezko garapenean aurreikusten diren baldintzetan.
Hezkuntza Administrazioak behar diren baliabide publikoak jarri behar ditu, derrigorrezko ikasketak eta doakotzat jotako ikasketak benetan dohainik izan daitezen. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak zehaztuko ditu finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxeek bete beharreko irizpideak, eta haien segimendua ere egingo du. Orobat arautuko ditu hezkuntza-zerbitzuen emaileen aldetik ikasleak onartzeko betebeharrak eta prozedurak, lege honetan eta aplikagarria den araudi orokorrean ezarritakoaren arabera.
Doako ikasketetan, arrazoi sozioekonomikoengatik diskriminaziorik gerta ez dadin, funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeek ezin izango dute jaso familietatik datorren inolako funts edo diru-kopururik doan emandako ikasketen truke.
Era berean, ikastetxe horiek ezin izango dute kuotak ordaintzeko edo fundazio edo elkarteei ekarpenak egiteko betebeharrik ezarri, ezta ikasketei lotutako nahitaezko zerbitzurik ezarri ere, baldin eta finantzaketa publikoaren xede diren zerbitzu, prestazio edo esparru materialei eragiten badiete. Hori dela eta, Hezkuntza Administrazioak behar diren kontrol-mekanismoak ezarriko ditu, berariazko administrazio-unitate baten bidez, hezkuntza-zerbitzua benetan doakoa izango dela bermatzeko.
Hezkuntza Administrazioak, funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeen bidez eta ikasleen matrikulazioa eta eskolatzea planifikatzeko tresnen bitartez, doako eskolatzea bermatuko du, haur-hezkuntzako bigarren ziklotik aurrera gutxienez, hezkuntza-sistemako etapa eta ikasketa guztietan, legez eta erregelamenduz aurreikusten denaren arabera baina ezertan eragotzi gabe lege honen 11.3 artikuluan xedatutakoa.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetako jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta ematen diren zerbitzuak arautuko ditu, eta bermatu beharko du jarduera eta zerbitzu horietan ez dagoela irabazi-asmorik ikasleen parte hartzearen oinarrizko araudiaren arabera, eta halaber ikasleen parte-hartzea borondatezkoa dela. Era berean, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak neurri batzuk hartzea aurreikusiko du, bermatzeko ikasleak bete-betean txertatzen direla jarduera osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren esparruan, kontuan hartuta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren plangintza estrategikoa eta ikastetxeekin sinatuko den programa-kontratua halakorik badago, lege honetan ezarritako baldintzetan.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak eskola-zerbitzuak eta zerbitzu horiei dagozkien kuotak onartzeko prozedura ezarriko du, eskola-jarduera osagarriak kobratzeko baimena emango du, eta bere webgunean argitaratuko ditu onartutako zenbatekoak eta kontzeptuak, behar bezalako gardentasuna bermatzeko.
Elkarbizitza positiboa ikasleen garapen sozial, emozional eta pertsonalaren abiapuntua da, eta ezinbesteko oinarria, errespetuzko eta enpatiazko esparru batean, ikasleen heziketa-arrakasta eta ikaskuntza esanguratsua lortzeko. Ikastetxeek ongizate-, segurtasun- eta konfiantza-giro egokia eskaini behar dute, ikasleen nortasunaren garapena bideratzeko eta gainerako ikasleekin berdintasunezko harremanetan jartzeko; helburu eta proiektu komun batzuk formulatu behar dituzte, hezkuntza-kooperazio edo -lankidetzako hezkuntza-praktikak sorraraziko dituztenak, elkarreragin positiboak bultzatuz.
Elkarbizitzak eskola askotarikoa eta plurala egituratzeko oinarria den aldetik inklusioa bermatzea dakar berekin. Aukera-berdintasuna bermatuko duten praktikak eta hezkuntza-espazioak bultzatuko dira, aniztasunaren baliotik abiatuta, lotura hori sendotzea helburu dutela. Plan batzuk egingo dira, eta hezkuntza-baliabide, -praktika eta -espazio batzuk sustatuko dira, aukera-berdintasuna bermatzeko eta lotura konpontzaileak eta positiboak indartzeko eta garatzeko.
Ikastetxeak inklusio- eta ongizate-guneak izango dira, non ikasleen hezkuntza- eta emozio-garapena erabatekoa izango baita, autoestimua eta nortasunaren garapena indartuko baitira eta arreta eta kontzentrazioa sustatuko baitira ikasleen hezkuntza-zereginetan eta lan pertsonalean. Metodologia berritzaile aktiboak eta kolaboratiboak sustatuko dira, metodologia horien bidez, kalitatezko hezkuntza-aukerak bermatzeaz gain, ikasleei aukera eman dakien beren ikaskuntza-prozesuan partaide eta kudeatzaile izateko.
Inklusioa eta ekitatea sustatzeko, botere publikoek, ikastetxeek eta hezkuntza-komunitateak berak, bakoitzak bere erantzukizunetik, aukera-berdintasuna bermatuko duten ikaskuntza inklusiboko espazioak eta praktikak bultzatuko dituzte, aniztasuna errespetatuz. Printzipio horiek eta kulturartekotasun-printzipioak berak izan behar dute Euskal Hezkuntza Sistema eraldatzeko prozesuaren gidariak.
Halaber, Euskal Hezkuntza Sistemako eragileek ikasleen nortasunaren garapen askea eta prestakuntza integrala bultzatuko dituzte, ikaskuntza oinarrituz elkarbizitza demokratikoa posible egiten duten balio eta printzipioetan, eta aldi berean sustatuz, besteak beste, gaitasun eta jarrera kritikoa, berdintasuna, justizia, parte-hartzea, pluraltasunarekiko eta kontzientzia-askatasunarekiko errespetua, elkartasuna, gizarte eta parte-hartze kezka, tolerantzia eta elkarrenganako errespetua, garapen jasangarria eta klima-aldaketaren eta biodibertsitate-galeraren kontzientzia, bai eta giza eskubideen babesa ere, betiere sustatuz eta bermatuz irakasleek, familiek eta ikasleek hezkuntza-proiektuan eta ikastetxeen kudeaketan demokratikoki parte hartzeko duten eskubidea.
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikastetxeetan ez da sexukako segregaziorik onartuko, eta ikastetxeek sexu- eta genero-askatasuna bermatuko dute, aplikagarria zaien araudian ezarritako baldintzetan.
Elkarbizitzaren balioak demokraziarako heztea dakar, arlo publikoarekiko errespetuan, sentsibilizazioaren eta ezagutzaren bidez planeta kontserbatzeari buruzko sentiberatasun berezi batekin.
Elkarbizitza, hezkidetza eta kulturartekotasuna dira, beraz, euskal irakaskuntza-ereduaren funtsezko oinarriak. Horretarako, Euskal Hezkuntza Sistemak helburu hauek ditu:
Elkarbizitza positiboa bultzatzeko, ikasleen autonomia sustatzen duten zeharkako konpetentziak garatzea, honako hauen bitartez: jakintzaren eta haren aplikazioen garapena, autokudeaketa eraginkorra, autoestimua eta hezkuntza emozionalaren sustapena, sormena, talde-lana, erabakiak hartzeko laguntza, bai halaber, komunikazio eta entzute eraginkorrak, enpatia, eta gatazkak sistema alternatibo batzuen bidez kudeatzeko prozedurak, hala nola bitartekaritzaren bidez eta erantzukizunean oinarritutako prozeduren bidez, eta, ahal denean, elkarrizketa errestauratiboaren bideak erabiliz, neurri zuzentzaileak aplikatzea eragotzi gabe, hala dagokionean.
Batez ere, kulturarteko hezkuntzaren alde eta askotariko erlijio-sinesmenak dituztenenganako errespetuaren alde egitea, beste batzuen edo norberaren estereotipoetatik urrunduz eta inklusio-gaitasun eraginkorra sustatuz, elkarbizitza positiboaren paradigma gisa. Euskal Hezkuntza Sistema aniztasunera bideratzeak esan nahi du berariazko arreta jarriko zaiola pertsonari eta ikasleek une bakoitzean behar duten guztiari.
Emakumeen eta gizonen berdintasunera eta ekitatera bideratutako hezkuntza bermatzea, bai eta sexu-orientazioari dagokionez ere, jokabide edo jarrera diskriminatzaileak eragotziz eta pertsona bakoitzak, garapen pertsonalean eta hezkuntza-sistemaren etapetan aurrera egin ahala bere identitatea eraiki dezan lagunduz, bereziki dimentsio afektibo-sexualari dagokionez, horretarako berdintasunean oinarritutako hezkuntza afektibo eta sexual baten alde eginez, hazkunde pertsonala eta sexualitatearekiko jarrera positibo eta arduratsu bat garatzea helburutzat hartuta.
Elkarbizitza sustatzea hezkuntza-komunitate osoaren erantzukizuna da, eta zuzenean lotuta dago ikasleek garatu behar dituzten oinarrizko konpetentziekin, batez ere konpetentzia pertsonalak garatzearekin hala nola autonomia, autokudeaketa eraginkorra, autokontrol emozionala eta erabakiak hartzea, bai eta haien gaitasun sozialarekin, komunikazioarekin, enpatiarekin eta gatazken kudeaketa positiboarekin ere.
Hezkidetza hezkuntza-sistemaren funtsezko ardatza da ikasleen garapen integralerako. Hezkuntza-proiektu bakoitzean garatuko da hezkidetza, bere berezitasunei, hedapenari eta egokitzapenari dagokienez.
Gaur egun euskal gizartearen sinesmenak askotarikoak direla kontuan hartuta, funts publikoen bitartez finantzatzen diren euskal ikastetxeek elkarbizitza bermatuko dute, beren izaera propioari uko egin gabe baina, nolanahi ere, erlijio-sinesmen oro errespetatuz, erlijio-adierazpen guztiei buruzko oinarrizko ezagutza zabalduz, baina doktrinamendu mota oro debekatuta.
Udaleko hezkuntza-kontseiluen bitartez, eskola gizarte-ehunean txertatuko duten elkarbizitza-eredu batzuk sustatu behar dira ikastetxeetan, eta, aldi berean, hezkuntza-espazio horiek gizartearekin etengabeko elkarreraginean jarri.
Inklusioan oinarritutako hezkuntzak ziurtatu behar du Autonomia Erkidegotik kanpoko ikasleak hezkuntza-sisteman erabat txertatzen direla, haien sarbidea erraztuz eta bertan irauten dutela eta ikaskuntzan aurrera egiten dutela bermatuz.
Familien eta gainerako hezkuntza-eragileen erantzunkidetasuna funtsezkoa da elkarbizitza eta Euskal Hezkuntza Sistemaren garapen osoa segurtatzeko.
Horretarako, hezkuntza-eragile guztiak (familia, eskola, administrazio publikoa, tokiko gobernuak, hedabideak, elkarte eta erakunde soziokulturalak, besteak beste) erantzunkide dira bakoitza bere erantzukizunetik eta lankidetzaren bidez ikasleei oinarrizko hezkuntza-, gizarte- eta hizkuntza-konpetentziak eskuratzen eta menderatzen laguntzeko orduan, ikaskuntza-prozesuaren berezko helburuak eta heldutasun pertsonala eta intelektuala lortu ditzaten.
Bai Hezkuntza Administrazioak, erregelamenduzko esparrua ezartzean edo erabaki exekutiboak hartzean, bai bereziki udaleko hezkuntza-kontseiluek eta ikastetxeek berek, lankidetza-ekimen berritzaile batzuk sustatu behar dituzte hezkuntza-proiektu komunitarioak bultzatzeko, beren jardueren hartzaile ikasleak dituzten eragileekin gizartearen, ekonomiaren, kirolaren, kulturaren eta osasunaren arlokoak zein hirugarren sektorekoak, helburua izanik hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko harmonia benetan gauzatzea.
Aniztasuna da euskal eskola inklusiboaren jardunaren oinarria. Horrenbestez, kalitatezko hezkuntza eta aukera-berdintasuna bermatuko ditu; bidezkoa eta ekitatiboa izango da, eta ikasle guztien eskola-arrakasta lortzeko xedea duen politika-, kultura- eta praktika-multzo batean gauzatuko da.
Eusko Jaurlaritzak, bere araugintza- eta kudeaketa-politikaren bidez, bermatu egingo du hezkuntza-sistemak beharrezko diren baliabideak izango dituela eskura ikasle guztiek lortu dezaten ahalik eta aurrerapen akademiko eta pertsonal handiena, bizitzarako konpetentzien garapen ahalik eta handiena eta lege honetan ezarritako helburuak.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak beharrezkoak diren politikak, estrategiak eta gidalerroak zehaztuko ditu ikasleen aniztasunera egokitutako erantzun inklusibo bat emango zaiola segurtatzeko, eta bermatuko du ikastetxeek inklusioari laguntzeko behar diren baliabide tekniko eta pertsonalak dituztela.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak sarbide, partaidetza eta ikaskuntzarako oztopoen detekzio eta identifikazio sistematiko goiztiarra bultzatuko du, horretarako estrategiak, programak edo protokoloak garatuz, bai haur-hezkuntzan, bai Oinarrizko Hezkuntzan. Identifikazio-prozesu horiek, hezkuntza-erantzuna eta prozesuon ebaluazioa osasun- eta gizarte-zerbitzuekin koordinatuta egin daitezen sustatuko da, helburua izanik esku-hartzeen koherentzia eta eraginkortasuna segurtatuko duten jarduera integratu batzuk lortzea.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hezkuntza berriztatzeko eta ikertzeko proiektu batzuk garatuko eta sustatuko ditu, euskal eskolan aniztasunari ematen zaion erantzunaren kalitateari buruz eta izaera inklusiboari buruz.
Ikasle guztiek izan ditzakete zailtasun batzuk, ingurunearekiko elkarrekintzan sarbidea, parte-hartzea eta ikaskuntza oztopatzen dizkietenak; hori dela eta, laguntza eta neurri berezi batzuk beharko dituzte hezkuntza-konpetentzien garapen ahalik eta handiena eskuratzeko. Lege honi dagokionez, ikasteko eta parte hartzeko oztopotzat hartuko dira oinarria desgaitasunean edo beste edozein zaurgarritasun pertsonal, sozioekonomiko, osasuneko, generoko edo funtzionaletan duten guztiak, bai eta ikasleen garapenari begira ikaskuntza-helburu egokiak lortzeko neurri eta laguntza espezifiko batzuk hartzea eskatzen duen testuinguru batek eragindakoak ere.
Ikastetxeek berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak dituzten ikasleen aurrerapena sustatzeko neurriak eta laguntzak behar bezala antolatuko dituzte.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak irakasleen eta hezkuntza-langileen prestakuntza sustatuko du, berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleei hezkuntza-erantzun inklusiboa eta kalitatezkoa emateko.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak erregelamendu bidez zehaztuko ditu ikasleen askotariko beharrei erantzuteko politikak eta estrategiak, inklusioaren, integraltasunaren eta ekitatearen printzipioetan oinarritutako hezkuntza-sistemaren esparruan.
HKIa (hezkuntza-konplexutasunaren indizea) modu publikoan arautuko da, haren osagaiak eta aplikazioak barne direla, ekitatearen arloko hezkuntza-politikako erabakiak hartzeko. Arauketa horren barruan sartuko dira ikastetxeen arteko desoreka-egoerak zuzentzeko neurri batzuk; neurri horiek ikastetxeekiko kontratu-programetan jasoko dira, eta baliabide pertsonalak eta materialak esleitzea ere ekar dezakete. Halaber, konplexutasun oso handiko eta konplexutasun oso txikiko ikastetxeen egoera zuzentzeko behar diren trantsizio-aldiak ezarriko dira, HKIaren arabera neurtuta.
Euskal Hezkuntza Sistema egituratzen duen gobernantza-esparruan erakunde hauek sartzen dira: Eusko Jaurlaritza, Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren arloko eskumena duen saila, Euskadiko Eskola Kontseilua, Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua, Euskal Autonomia Erkidegoko udalak ikastetxeetatik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, udaleko hezkuntza-kontseiluak eta eskola-kontseiluak.
Lege honen eta lege hau garatzeko Eusko Jaurlaritzak ematen dituen erregelamendu-arauen esparruan, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren eginkizunak dira Euskal Hezkuntza Sistemaren definizio estrategikoa, sustapen-eginkizuna eta, hala badagokio, arau-onarpena eta plangintza eta kudeaketa.
Legeek eta erregelamenduek Hezkuntza Administrazioari aitortzen dizkioten eskumenak baliatzen ditu hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak, eta, Euskal Hezkuntza Sistemaren kudeaketari dagokionez, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren jardun-ildoak finkatuko dituen plangintza estrategikoa onartuko du eta ikastetxeek garatu beharreko jarraibideak ezarriko ditu.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak programa-kontratuak izenpetu ahal izango ditu ikastetxeekin, sailak ezarritako plangintza estrategikoa garatzeko eta zehazteko.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hezkuntza-konplexutasun indize handiena duten ikastetxeetan proiektu integral batzuk sustatuko ditu, eta zehaztuko diren berariazko langileak hornitzeko mekanismoak arautuko ere, hala nola irakasle kualifikatuak, motibatuak eta ikastetxe horietan jarduteko pizgarriak dituztenak, bai eta haiek gidatuko dituzten zuzendaritza-taldeak ere.
Udalek, esparru honetan, legeek aitortzen dizkieten eskumenak baliatuko dituzte.
Ikastetxeko hezkuntza-proiektuan sartuta dauden eskola-jantokiek bere zeregin pedagogikoa indartuko dute, eta eskola publikoaren plan estrategikoaren parte izango dira, haien azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko.
Euskal Hezkuntza Sistemarako plan estrategikoak aldi horretarako misioa, ikuspegia, balioak, helburuak, xedeak, adierazleak eta jarduera-ildo nagusiak jasoko ditu, hezkuntza-eraldaketako politikari eta hura aplikatzean aurre egin beharreko erronkei dagokienez. Gainera, ekitatea eta hezkuntza-bikaintasuna areagotzera eta hezkuntza-berrikuntzara bideratutako lan-ildo nagusiak definituko ditu plan horrek.
Plan estrategikotik abiatuta, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak programa-kontratuak onartu ahal izango ditu, plan estrategikoan jasotako jarraibideen arabera ikastetxeekin hitzartuta.
Programa-kontratuak, halakorik badago, plan estrategikoaren ildo estrategikoak ikastetxeetan nola aplikatzen diren zehaztuko du, eta haren lehentasunezko helburuak izango dira ekitatea sustatzeko eta hezkuntza-berrikuntza bultzatzeko proiektuak garatzea.
Programa-kontratua tresna juridiko bat da, ekonomiko-finantzarioa eta plangintza estrategiko eta operatibokoa, gehienez ere lau urteko iraupena izango duena, zeinaren arabera, plan estrategikoan ezarritako ildoekin bat etorriz, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak definitu ahal izango baititu, ikastetxe batekin edo ikastetxe-talde batekin itunduta, programan sartzeko baldintzak, jomugak eta helburuak, bai eta, hala badagokio, ezarritako aldirako esleitutako aurrekontua eta ezartzen den epe horretarako Euskal Hezkuntza Sistemak txertatutako baliabide teknologikoak eta giza baliabideak ere. Era berean finkatuko dira, hala dagokionean, ezarritako epean ikastetxearen edo ikastetxeen emaitzen ebaluazioa bideragarri egin dezaketen kudeaketa-adierazleak.
Ikastetxe-multzo batentzat ere programa-kontratuaren eredu mota batzuk egon ahal izango dira, eta kasu horretan banakako eranskin batzuk ere jaso ahal izango dira, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.
Programa-kontratuak eta, halakorik badago, haren eranskinek informazio hau jaso behar dute:
Kontratua sinatzen duten alderdiak.
Bultzatu beharreko misioa eta ikuspegia.
Plan estrategikoan eta programa-kontratuan eragina duten balioak.
Ezartzen den aldian lortu beharreko jomugak eta helburuak, eta betetze-kronograma aurrez zehaztutako denbora-eremuen arabera. Xede eta helburu horiek banakatu ahal izango dira, aurreko apartatuan zehaztutakoaren arabera.
Aldi osorako esleitutako aurrekontua eta aurrekontu-ekitaldien araberako mailakatzea, haren betetzea proiektatuz lurralde historikoka eta udalerrika, emandako ikasketen arabera eta, era berean, ikastetxeen arabera.
Eranskinetan jasoko diren eragile instituzionalei zein kudeaketa-eragileei, eta, hala badagokie, ikastetxeei, esleitutako ondarezko baliabideak, baliabide teknologikoak eta giza baliabideak.
Kudeaketa-adierazleak zehaztea; adierazle horiek kuantitatiboak eta, hala badagokie, kualitatiboak izan behar dute.
Ebaluazio-sistema eta -metodologia, eta hura gauzatuko duten organo eskudunak.
Kontuak emateko eredua.
Eragile instituzional zein kudeaketa-eragileentzako eta ikastetxeentzako estimulu/zigorren pizgarri-sistema, urtez urteko ekitaldietan eta lau urteko aldian lortutako emaitzen arabera, urteko ekitaldietan eta gehienez ere lau urteko aldian, hasieran ezarritako helburuetara egokitzen ez den ebaluazio batek izan ditzakeen ondorioak kontuan hartuta, eta artikulu honen 8. apartatuan jasotako aparteko doikuntzak alde batera utzi gabe.
Eragile instituzional zein kudeaketa-eragileen eta ikastetxeen gardentasun- eta partaidetza-eredua, plan estrategikoan jasotako printzipioen arabera.
Hezkuntza-sistemaren azpiegitura teknologikoak eta digitalizazio- eta automatizazio-azpiegiturak ezartzeko eta egokitzeko programa estrategikoa, lurralde-eremuen eta ikastetxeen arabera banakatua, aurreikusiz programa horrek irakaskuntzan ari diren pertsonen profil profesionaletan eta laguntzako eta administrazio eta zerbitzuetako langileengan izan ditzakeen eraginen azterketa, betiere lege honetan zehazten diren helburu eta printzipioetan oinarrituta
Erregelamendu bidez zehazten diren gainerakoak.
Programa-kontratua egiten hasiko da aurrekoaren indarraldia amaitu baino sei hilabete lehenago, edo, lehenengoa bada, hurrengo aurrekontu-ekitaldian kontratu hori aplikatu aurreko maiatzetik aurrera.
Itunpeko ikastetxeen kasuan, ikastetxe guztien berdintasuna bermatuko da, eta, hala badagokio, izenpetu aurretik deialdi publiko bat egingo da. Deialdi horretan, onuradun izango diren eta programa-kontratua sinatuko duten ikastetxeek bete beharko dituzten baldintzak, kontratuaren indarraldia eta kontuak emateko araubidea adieraziko dira.
Programa-kontratuaren indarraldia denbora-tarte jakin baterako zehazten bada ere, jomugak eta helburuak aldatu ahal izango dira baldin eta ezohiko edo kanpoko egoerak sortzen badira eta, horren ondorioz, gastuari eusteko politika jakin batzuk aplikatu eta aurrekontu-doikuntzak egin behar badira, bai eta ezinbestez eta berehala bete beharreko premia bereziak edo aparteko edo ohiz kanpoko egoerak agertzen badira ere.
Hezkuntza Administrazioak berariazko laguntza eta babesa sustatuko ditu, lehentasunez, beren autonomia garatzeko zailtasun handiagoak dituzten hezkuntza-konplexutasun handiko ikastetxeek programa-kontratuak egin eta garatu ditzaten, halako eran non haien hezkuntza-proiektuak eta curriculum-zehaztapenak indartuko diren eta ikasleei eta hezkuntza-komunitateari erantzun egokiagoak emango zaizkien.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak erregelamendu bidez zehaztuko ditu programa-kontratuek eta kontratu horien eranskinek bete beharreko edukiak eta baldintzak, lege honetan adierazitako baldintzen arabera.
1. ATALA
IKASTETXE PUBLIKOETAKO GOBERNU-ORGANOAK
Hona hemen ikastetxe publikoetan beharrezkoak diren gobernu-organoak:
Zuzendaria.
Irakasleen klaustroa.
Zuzendaritza-taldea.
Eskola-kontseilua.
Irakasleen klaustroa eta eskola-kontseilua ikastetxearen gobernuan parte hartzen duten kide anitzeko organotzat hartuko dira.
Ikastetxe publiko jakin batzuek, haien nolakotasun eta ezaugarri bereziak direla-eta, erregelamendu bidez arautu ahal izango dituzte beren gobernu-egiturak.
Zuzendaria da ikastetxearen ordezkaritza instituzionala, lidergoa eta erantzukizun exekutibo gorena gauzatzen dituen pertsona bakarreko organoa. Haren funtzioak dira:
Ikastetxeko hezkuntza-jarduera guztiak zuzentzea eta koordinatzea hezkuntza-proiektuarekin bat etorriz, ikastetxeko eskola-kontseiluaren eginkizunak eragotzi gabe.
Pedagogia-zuzendaritzaz arduratzea, hezkuntza-berrikuntza sustatzea eta ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren helburuak lortzeko plan batzuk bultzatzea.
Ekitaldi akademikoen eta kide anitzeko organoen bileren buru izatea.
Ikastetxearen eta bertako langileen irakaslana zuzentzea.
Ziurtapen eta dokumentu akademikoak ematea.
Ikastetxeko bizikidetza erraztea, gatazkak konpontzeko bitartekotza bermatzea eta ikasleei dagozkien neurri zuzentzaileak ezartzea, indarrean dagoen araudia betez, ikastetxeko eskola-kontseiluari esleitutako eskumenak alde batera utzi gabe. Horretarako, ikastetxeetan gatazkak konpontzeko prozedurak bizkortzea sustatuko da.
Hezkuntza-proiektuaren eta, hala badagokio, kudeaketa-akordioen (edo erantzunkidetasun-akordioen) aplikazioa bultzatzea, lege honetan ezarritako baldintzetan.
Ikastetxeak ingurunearekin duen harremana errazten duten familiekiko, erakundeekiko eta organismoekiko lankidetza bultzatzea, eta ikasleen ezagutzei eta balioei buruzko prestakuntza integrala ahalbidetzen duten jarduerak garatzen eta ikasten lagunduko duen eskola-giroa sustatzea.
Ikastetxearen barne-ebaluazioak bultzatzea eta kanpo-ebaluazioetan eta irakasleen ebaluazioan laguntzea.
Haurraren interes gorena defendatzeko organo eskuduna izatea.
Ikastetxearen antolamendu- eta funtzionamendu-arauek hezkuntza arloan esleitzen dizkiotenak.
Zuzendariak ikastetxeko eta eskola-komunitateko gobernuaren erantzukizun exekutibo gorena ordezkatzen du, gidatzen eta gauzatzen du, eta, lege honetan ezarritako baldintzetan, ikastetxearen antolaketaren, funtzionamenduaren eta, hala badagokio, kudeaketaren arduradun nagusia da, eta ikastetxearen zuzendaritza pedagogikoa gauzatzen du eta egitura horri esleitutako langile arloko zuzendaritza- eta koordinazio-funtzioak betetzen ditu. Zuzendariak kontuak emateko ardura du.
Ikastetxeko zuzendariak ikastetxearen funtzionamenduaren eta, halakorik badago, programa-kontratuaren helburuen lorpen-mailaren gaineko erantzukizuna izango du, zuzendaritza-proiektuaren arabera, eta kontuak emango ditu eskola-kontseiluaren eta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren aurrean.
Ikastetxe publiko bakoitzean zuzendaritza-talde bat eratuko da.
Zuzendaritza-taldea da zuzendariaren koordinaziopean eta gidaritzapean funtzio hauek betetzen dituen organoa: zuzendaritzak eskuordetzan ematen dizkion edo ikastetxearen antolakuntza- eta funtzionamendu-araudian berariaz aitortzen zaizkion ikastetxeko gobernu-eginkizun exekutiboak betetzen ditu. Halaber, hezkuntza- eta pedagogia-eredua definitzen eta aplikatzen laguntzen du; ikastetxearen plangintza estrategikoa eta operatiboa bultzatzen du, eta, beharrezkoa bada, parte hartzeko gainerako kide anitzeko organoen aurrean erantzuten du eta kontuak ematen ditu.
Zuzendaritza-taldea honako hauek osatuko dute, gutxienez: zuzendariak, ikasketaburuak, ikasketen eta plangintzaren arduradun gisa, eta idazkariak.
Zuzendaritza-taldea ikastetxe publikoetako gobernu-organo exekutiboa da, eta ikastetxe bakoitzak erabakiko du haren osaera, bere burua antolatzeko ahalmenak erabiliz eta lege honetan ezarritako muga eta eskakizunen arabera.
Zuzendaritza-taldeko kideak pertsona bakarreko organo ere izango dira baldin eta eskumen propioak edo eskuordetuak badituzte, lege honetan, berau garatzeko arauetan eta ikastetxearen antolakuntza- eta funtzionamendu-araudian ezarritakoaren arabera.
Zuzendaritza-taldeko kideak zuzendaritza-proiektua kudeatzeko arduradun kolegiatuak dira.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren eskumena da zuzendaritza-taldeko kideak izendatzea eta kargutik kentzea, ikastetxeko zuzendaritzak proposatuta, irakasleen klaustroari eta eskola-kontseiluari entzun ondoren. Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio irakasleen klaustroko beste kide batzuei eginkizunak esleitzea edo eskuordetzea, eta esleitutako edo eskuordetutako eginkizun horiek baliogabetzea.
Nolanahi ere, ikastetxeko zuzendaritza-taldeko kideek beren eginkizunak utziko dituzte agintaldia amaitzen dutenean edo zuzendariak kargua uzten duenean. Hala ere, beren eginkizunak betetzen jarraituko dute behin-behinean, zuzendari berria eta haren zuzendaritza-taldea izendatu arte.
Zuzendaritza-taldeko kideek, halaber, ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean erantzungo dute esleituta edo eskuordetuta dituzten eskumenen kudeaketa-emaitzei dagokienez. Ikastetxeko zuzendaritzak, agintaldiaren hasieran, kudeaketa-akordio bat sinatu ahal izango du zuzendaritza-taldeko kideekin, bete beharreko helburuak eta betetze-maila ebaluatzeko kudeaketa-adierazleak ezartzeko. Helburu horiek ez betetzeak zuzendaritza-taldeko kidea kargutik kentzea ekarriko du, salbu eta ezinbesteko kasurik edo helburuok betetzea eragozten duen kanpoko arrazoirik baldin badago.
Zuzendaritza-taldeak beti errespetatu beharko du ikastetxeak onartzen duen antolakuntza- eta funtzionamendu-araudia, bai eta, halakorik badago, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak oro har onartzen duen etika- edo jokabide-kodea ere, titulartasun publikoko ikastetxeetako zuzendaritza-organoetako kideei aplikatzekoa.
Ikastetxeko zuzendaritza hautatzeko prozedura berariazko merezimendu-lehiaketa baten bidez egingo da, ikastetxeari esleitutako ikasketaren bat ematen duten karrerako irakasle funtzionarioen artean.
Hezkuntza-komunitateak eta Hezkuntza Administrazioak parte hartuko dute hautaketa-prozesuan.
Ikastetxeko zuzendaritza hautatzeko prozedura berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen araberakoa izango da, eta publizitate- eta gardentasun-printzipioetan oinarrituko da.
Ikastetxeetako zuzendaritza publikoko lanpostuetan emandako denbora modu bereizian ordainduko da, berariazko osagarri baten bidez, exijitutako erantzukizunari eta dedikazioari erreparatuz eta erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.
Era berean, zuzendaritza-eginkizunak betetzea bereziki baloratuko da irakaskuntza-eginkizuneko lanpostuak hornitzeko prozeduretan, batez ere zuzendaritza-erantzukizuneko lanpostuetara aurkezten direnean. Hezkuntza Administrazioko lanpostuak betetzeko kasuetan ere balioetsiko da, erregelamendu bidez aurreikusitakoaren arabera, baldin eta bete beharreko lanpostuaren profilak aurretik betetako zuzendaritza-zeregin edo zeregin exekutiboekin lotutako kudeaketa-osagairen bat badu.
Ikastetxeetako zuzendaritza-taldea urtero ebaluatuko da bere eginkizunak betetzeari dagokionez; horretaz gainera, agintaldiaren amaieran ere ebaluazioa egin ahal izango da. Erregelamendu bidez ezarriko dira ebaluazio-irizpideak eta -prozedura.
Irakasleen klaustroa irakasleek parte hartzeko organoa da, bai hezkuntza-jardueren antolamenduaren kontrolean eta kudeaketan parte hartzekoa, bai ikastetxearekin loturiko hezkuntza-alderdi guztietan parte hartzekoa.
Klaustroa irakasle guztiek osatzen dute, eta dagokion ikastetxeko zuzendaria izango da klaustroko burua.
Irakasleen klaustroak eginkizun hauek ditu:
Parte hartzea hezkuntza-proiektua egiten eta aldatzen.
Irakasleak koordinatzeko eta tutoretzak antolatzeko jarraibideak ezartzea.
Ikasleak ebaluatzeko irizpideak erabakitzea.
Ikastetxearen hezkuntza-jarduerak programatzea eta haien garapena eta emaitzak ebaluatzea.
Eskola-kontseiluan irakasleak ordezkatuko dituztenak aukeratzea.
Zuzendaritza-taldeari laguntza ematea ikastetxearen urteko plana betetzen.
Ikastetxearen antolakuntza- eta funtzionamendu-arauek esleitzen dizkiotenak, indarrean dagoen ordenamenduaren esparruan.
Proposamenak egitea, irakaskuntza-metodologien, irakasleen prestakuntzaren eta antolamenduaren digitalizazioa egokitu dadin aurrez ezarritako tresna digitalen integrazio pedagogikorako esparrura.
Irizpideak lantzea eta ezartzea irakaskuntza partekatuko ekimenak ordutegi eta ikasgela beretan koordinatzeko, irakaskuntza presentzialaren edo espazio birtualen bidez, bai eta izaera hori duten proiektuak edo beste edozein irakaskuntza-ekimen gauzatzean ere.
Prestakuntza jarraituko programak eta irakasleak irakaskuntza-metodologia berrietara edo hezkuntzaren arloko edozein berrikuntzatara egokitzeko programak proposatzea.
Lege- edo erregelamendu-arauek esleitzen dioten beste edozein eginkizun.
Ikastetxeko zuzendariak ikastetxeari atxikitako hezkuntza-arretako profesionalei dei egin ahal izango die irakasleen klaustroaren bileretan parte hartzera, aurreko apartatuko a), e), f), h), i) eta j) letretan ezarritako eginkizunak gauzatzeari buruzko informazioa eman dezaten.
Koordinazio didaktikoko eta tutoretzako eginkizunak dituzten organoak eratu behar dira ikastetxe publiko guztietan. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak arautuko ditu organo horiek garatu beharreko gutxieneko eginkizunak, sailburuak emandako araudiaren bidez.
Eskola-kontseilua eskola-komunitateak ikastetxearen gobernuan parte hartzeko organoa da. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailari dagokio, araudi bidez, parte hartze hori eraginkorra izan dadin neurriak ezartzea, baita kontseiluko kideak hautatzeko prozedura eta kopurua zehaztea ere.
Ikastetxeko eskola-kontseiluek eskumen hauek izango dituzte:
Hezkuntza-proiektua eta haren aldaketak onartzea, kideen hiru bosteneko gehiengoz.
Ikastetxearen urteko plana eta memoria onartzea, eta haren garapena eta emaitzak ebaluatzea.
Halakorik badago, programa-kontratu, hitzarmen eta ikastetxeak entitate edo instituzioekin adostutako bestelako lankidetza-akordioen proposamenak onartzea.
Hezkuntza-komunitateak parte hartzeko arauak eta arau horien aldaketak ezartzen dituen antolakuntza- eta funtzionamendu-araudia onartzea, zuzendaritzaren proposamenez eta ekimenez.
Ikastetxeko zuzendaritzak proposatuta, ikastetxeari aplikatu beharreko programa-kontratua onartzea, halakorik badago.
Ikastetxearen aurrekontua onartzea eta hura betetzeari buruzko kontuak ematea.
Gatazkak konpontzen esku hartzea eta, beharrezkoa bada, hartutako hezkuntza-, bitartekotza- eta zuzenketa-neurriak berrikustea, indarrean dagoen araudiarekin bat datozela zainduz.
Eskola-jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak programatzeko jarraibideak onartzea, eta haien garapena ebaluatzea.
Ikastetxearen funtzionamendu orokorraren azterketetan eta ebaluazioetan parte hartzea, eta eskola-errendimenduaren bilakaera ezagutzea.
Beste ikastetxe batzuekin eta inguruko entitate publiko zein pribatuekin lankidetzan aritzeko irizpideak onartzea.
Eskola-kontseiluak, halaber, bere antolakuntza- eta funtzionamendu-arau propioak onartuko ditu. Arau horiek ezartzen ez duten guztiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari aplika dakizkiokeen kide anitzeko organoen arauak aplikatuko zaizkie titulartasun publikoko ikastetxeei.
Eskola-kontseiluaren barruan, azterketa- eta informazio-batzorde espezifiko batzuk eratu ahal izango dira, erregelamenduzko araudian aurreikusitakoaren arabera. Batzorde horietan nahitaez sartu behar dira irakasle bat, ikasle bat eta gurasoen edo tutoreen ordezkari bat. Titulartasun publikoko ikastetxeek ekonomia-batzorde bat ere izan behar dute, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezartzen dituen salbuespenak salbuespen.
2. ATALA
ITUNPEKO IKASTETXEEN GOBERNU-ORGANOAK
Itunpeko ikastetxe pribatuek gobernu-organo hauek izan behar dituzte, gutxienez:
Zuzendaria.
Irakasleen klaustroa.
Eskola-kontseilua.
Ikastetxearen antolakuntza- eta funtzionamendu-arauek zehaztu behar dituzte irakasleen eta tutoreen koordinazio-organoak.
Itunpeko ikastetxe pribatuen gobernu-organoen izena zentro ikastetxe bakoitzari dagokion tipologia edo sozietate-forma bakoitzaren araudiari egokituko zaio, organoen osaera errespetatuz, eta, bereziki, kooperatiben kasuan, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legean jasotako organoei.
Itunpeko ikastetxe pribatuko zuzendariak ikastetxeko zuzendaritza pedagogikoa eta kudeaketaren alorreko zuzendaritza daramatza artikulu honetan adierazitakoaren arabera.
Hauek dira zuzendariaren eginkizunak:
Ikastetxeko hezkuntza-jarduera guztiak zuzentzea eta koordinatzea hezkuntza-proiektuarekin bat etorriz, ikastetxeko eskola-kontseiluaren eginkizunak eragotzi gabe.
Ekitaldi akademikoetan eta kide anitzeko organoen bileretan buru izatea.
Ikastetxearen eta bertako langileen irakaskuntza-jarduera zuzentzea.
Ziurtapen eta dokumentu akademikoak ematea.
Ikasleenganako neurri zuzentzaile egokiak hartzea, ikastetxeko elkarbizitza-arazo larrien aurrean, hargatik eragotzi gabe eskola-kontseiluak esleiturik dituen eginkizunak.
Hezkuntza-proiektuaren eta, halakorik badago, kudeaketa-akordioen edo erantzunkidetasun-akordioen aplikazioa bultzatzea, lege honetan ezarritako baldintzetan.
Haurraren interes gorena defendatzeko organo eskudun gisa lan egitea.
Ikastetxearen antolakuntza- eta funtzionamendu-arauek hezkuntza-esparruan esleitzen dizkioten eginkizunak.
Itunpeko ikastetxeen zuzendaria entitate titularrak izendatuko du, kasuan kasuko ikastetxean gutxienez urtebete edo entitate titularraren beste ikastetxe batean gutxienez hiru urte daramatzaten irakasleen artetik, ikastetxeko eskola-kontseiluak txostena egin ondoren, zeina kideen gehiengoz onartuko baita. Ikastetxeko hezkuntza-komunitateak ere parte hartuko du zuzendaritzako kideen izendapenean, eskola-kontseiluaren bitartez.
Hezkuntza-komunitateak eta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak parte hartuko dute hautaketa-prozesuan.
Itunpeko ikastetxeko zuzendariak zuzendaritza-konpetentziei buruzko aurretiazko gutxieneko prestakuntza bat egiaztatu beharko du. Gutxieneko prestakuntza hori hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak zehaztuko du.
Itunpeko ikastetxeetan zuzendaritza-talde bat sortu ahal izango da, ikastetxe horiek beren burua antolatzeko dituzten ahalmenak baliatuz.
Itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen klaustroak, ikastetxearen antolakuntza- eta funtzionamendu-arauek esleitzen dizkioten eginkizunez gain, honako hauek ere baditu: irakasleen eta tutoreen koordinazio-lana, eta eskola-kontseiluan ordezkari izango diren irakasleak izendatzea, bai eta antolaketa-egiturari eta antolamendu- eta funtzionamendu-arauei buruzko erabakiak onartzean esku hartzea ere.
Zuzendaria izango da ikastetxeko irakasleen klaustroko burua. Gainera, beharrezkoa denean, bileretara dei egingo die ikastetxean lan egiten duten hezkuntza-arretako profesionalei, lege honetan aipatzen diren eginkizunak gauzatzeari buruzko informazioa eman dezaten.
Eskola-kontseilua eskola-komunitateak itunpeko ikastetxearen gobernuan parte hartzeko organoa da.
Hona hemen itunpeko ikastetxeetako eskola-kontseiluaren eginkizunak:
Ikastetxeko zuzendaria izendatzen eta kargutik kentzen eta irakasleak hautatzen eta kaleratzen parte hartzea, ikastetxearen titularrak proposatuta eta arlo horretan aplikagarria den legediak ezarritako baldintzetan.
Ikastetxearen urteko plana eta memoria onartzea eta haren garapena eta emaitzak ebaluatzea.
Hezkuntzarako eskubidea egikaritzeko eremuan, eskubide horri dagozkion arauak erabat betetzen direla bermatzea.
Irakasleen kontratazioan jarduera gardena eta demokratikoa bermatzea.
Ikastetxearen titularrak proposatuta, ordainsariak baimentzeko eskaera onartzea, edo, dagokionean, legez ezarritako jarduera osagarriengatik, eskolaz kanpoko jarduerengatik eta finantzaketa publikoak estaltzen ez dituen eskola-zerbitzuengatik ordainsariak ezarri izana jakinaraztea, lege honetan eta, hala badagokio, ematen den erregelamendu-araudian ezarritakoari jarraituz. Prestazio horiek borondatezkoak izango dira, eta ezin izango dute irabazi-asmorik inola ere izan.
Ikastetxearen titularrak proposatuta, ikastetxearen aurrekontua eta kontu-ematea onartzea, bai baliabide publikoen esleipenei buruz, bai jasotako diru-zenbatekoei dagokienez.
Hezkuntza- eta zuzenketa-neurriak ezagutzea eta indarrean dagoen araudiarekin bat datozela zaintzea eta, ahal denean, bitartekaritza edo elkarrizketa errestauratiboa sustatzea. Gurasoek edo tutoreek eskatuta, eskola-kontseiluak ikastetxeko elkarbizitzari kalte larria egiten dioten ikasleen jokabideei buruzko erabakiak berrikus ditzake, eta, beharrezkoa bada, neurri egokiak proposatu.
Ikastetxearen titularrak proposatuta, ikastetxearen antolamendu-egiturari eta antolakuntza- eta funtzionamendu-arauei buruzko erabaki egokiak onartzea.
Ikastetxearen ildo pedagogiko orokorra aplikatzen parte hartzea, ikastetxearen titularrak proposatuta; eta jarraibide batzuk prestatzea, jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola-zerbitzuak programatzeko eta garatzeko.
Ikastetxearen funtzionamendu orokorraren azterketetan eta ebaluazioetan parte hartzea, eta eskola-errendimenduaren bilakaera ezagutzea.
Beste ikastetxe batzuekin eta inguruko entitate publiko zein pribatuekin lankidetzan aritzeko irizpideak onartzea.
Ikastetxeari aplika dakiokeen programa-kontratua onartzea, ikastetxearen titularrak proposatuta.
3. ATALA
ITUNDU GABEKO IKASTETXE PRIBATUETAKO GOBERNU-ORGANOAK
Itundu gabeko ikastetxe pribatuek organo hauek izango dituzte, gutxienez:
Zuzendaritzako kideak.
Irakasleen klaustroa.
Ikastetxearen antolakuntza- eta funtzionamendu-arauek beste gobernu-organo batzuk ere ezar ditzakete, zuzendariari laguntzekoak eta irakasleen eta tutoreen koordinaziokoak.
Antolakuntza- eta funtzionamendu-arauek hezkuntza-komunitateak ikastetxearen funtzionamenduan parte hartzeko organoak eta prozedurak zehaztu ditzakete.
Ikastetxe pribatuen zuzendariak ikastetxearen ordezkaritza eta zuzendaritza pedagogikoa egikaritzen ditu.
Ikastetxearen antolakuntza- eta funtzionamendu-arauek esleitzen dizkion eginkizunak izango ditu zuzendariak, eta bereziki hauek:
Ikastetxearen hezkuntza-jarduerak zuzentzea eta koordinatzea hezkuntza-proiektuaren arabera.
Ekitaldi akademikoetan buru izatea.
Ikastetxearen eta bertako langileen irakaskuntza-jarduera zuzentzea.
Ziurtapen eta dokumentu akademikoak ematea.
Itundu gabeko ikastetxe pribatuetako irakasleen klaustroak, ikastetxearen antolakuntza- eta funtzionamendu-arauek esleitzen dizkion funtzioez gain, berariaz esleituta dauzka irakasleen eta tutoreen koordinaziorako eginkizunak ere.
1. ATALA
IRAKASKUNTZAREN PROGRAMAZIOAN PARTE HARTZEA
Hezkuntzarako oinarrizko eskubidea hezurmamitzen da, halaber, ukitutako sektoreek irakaskuntzaren programazioan eta kudeaketan parte hartuz. Parte-hartze hori kide anitzeko organo batzuen bitartez bideratzen da. Organo horiek eskola-kontseilu edo udaleko hezkuntza-kontseilu izena dute, eta hezkuntza-esparruarekin zuzeneko lotura duten gizarte-, ekonomia- eta lanbide-sektoreetako askotariko sentsibilitateak biltzen dituzte.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak, lege honetan eta berau garatzen duten erregelamendu-arauetan ezarritakoaren bidez, hezkuntza-komunitatearen parte-hartze aktiboa bermatuko du, ikastetxeen antolaketari, gobernuari, funtzionamenduari eta ebaluazioari buruzko erabaki garrantzitsuetan parte hartzea sustatuz, bereziki ikasleen parte-hartzea, pertsona autonomo, aske, arduratsu eta gizarte demokratikoaren balioekin eta indarreko antolamendu juridikoaren balioekin konprometituak diren aldetik jaso beharreko prestakuntzaren barruan.
Horretarako, irakaskuntzaren programazio orokorrean parte hartzeko eskubidea bermatzen zaie hezkuntza-komunitateko eta ukitutako gizarte-sektoreetako eragile guztiei, lege honetan ezarritakoaren arabera.
Irakaskuntzaren programazio orokorraren bidez, halaber, hezkuntzarako eta irakaskuntza-askatasunerako eskubidea modu eraginkorrean gauzatzea bermatuko da botere publikoen jarduketa planifikatuen bidez. Jarduketa horiek, betiere, herritarren hezkuntza-premiak asetzera bideratuta egongo dira.
Irakaskuntzaren programazio orokorrak eremu hauek bilduko ditu, gutxienez:
Hezkuntzaren arloko lehentasunezko premiak definitzea.
Beharrezko diren baliabideak zehaztea, plangintza ekonomikoaren arabera.
Hezkuntzaren arloko lehentasunezko premiak zehazteko oinarrizko irizpideak definitzea, bai eta kasuan-kasuan hartzen den aldiari dagokionez jarduteko oinarrizko helburuak definitzea ere.
Eskolako lanpostuen plangintza eta sortu behar diren eskola lanpostu berrien programazioa arautuko duten oinarrizko irizpideak finkatzea, lanpostu horiek zer eremutan eta udalerritan sortu behar diren zehaztuta.
Ikastetxeko instalazioak eta ekipamendua kontserbatzeko, hobetzeko eta modernizatzeko jarduketak zehaztea, digitalizazioaren eta automatizazioaren erronkei eta teknologia disruptiboen hedatzearen erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren baliabide teknologikoez hornituta.
Irakaskuntzan aukera-berdintasuna eta inklusioa lortzeko jarduketak definitzea.
Itunpeko ikastetxeak funts publikoen bitartez finantzatzeari buruzko jarduketak zehaztea.
Giza baliabideen arloan dauden beharrak eta giza baliabide horiek prestatzeko eta haiek hobetzeko jarduketak zehaztea, eskola-unitate bakoitzari dagozkion baliabideak zehaztuta.
Digitalizazioaren ondorioz eta hezkuntza-sistema mundu globalizatu batera irekitzearen ondorioz datozen urteetako hezkuntza-sistemak eskatuko dituen irakaskuntzako lanbide-profilak ezartzea.
Hezkuntza-sistema egokitzea eta moldatzea ezagutzaren gizarteak eta azaleratzen ari diren lanbide berriek eragindako berehalako eta hurbileko erronketara.
Hezkuntza-berrikuntzan oinarritutako irakaskuntza-metodologia berriak bereganatzea (irakaskuntza partekatua, tutoretzapeko autoikaskuntza, talde-lana eta proiektukako lana), aldi berean ikasleen konpetentziak bultzatuko dituztenak pentsamendu kritikoaren bidez eta konpetentzia bigunak edo pertsonen arteko harremanetarako trebetasunak hobetzearen bidez, betiere jakintzaren eta ezagutzaren garapena funtsezko oinarri duen irakaskuntza baten esparruan.
2. ATALA
EUSKADIKO ESKOLA KONTSEILUA
Euskadiko Eskola Kontseilua da hezkuntza-komunitateak unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren programazio orokorrean parte hartzeko duen organo gorena, bai eta Eusko Jaurlaritzaren eta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren kontsulta- eta aholkularitza-organoa ere.
Euskadiko Eskola Kontseilua hezkuntza-komunitateak eta inplikatutako gizarte-sektoreek parte hartzeko organo bat da, efikazia-, funtzionaltasun-, operatibitate-, proportzionaltasun- eta malgutasun-printzipioetan oinarritua jardungo duena, bai eta Euskal Hezkuntza Sistemari dagozkion erronka berriei aurre egiteko egitura egokiez hornitua egon beharko duena ere.
Euskadiko Eskola Kontseiluaren antolakuntzaren eta funtzionamenduaren printzipioak lege bidez zehaztuko dira, hargatik eragotzi gabe bere burua antolatzeko duen ahalmenari eta bere erregelamendua onartzeko duen ahalari zor zaien errespetua.
Euskadiko Eskola Kontseilua kontseiluburuak, kontseiluburuordeak eta bokalek eta idazkari-lanak egiten dituenak osatuko dute. Nolanahi ere, ikastetxeen, udaleko hezkuntza-kontseiluen, eta Euskadiko Eskola Kontseilua arautzen duen legeak ezartzen dituen gainerako gizarte-eragileen ordezkaritza ere izango du kontseilu horrek.
Euskadiko Eskola Kontseiluari nahitaez egin beharko zaio kontsulta gai hauei buruz:
Irakaskuntzaren programazio orokorra.
Lege-aurreproiektuak eta erregelamendu-mailako xedapen orokorren proiektuak baldin eta zuzenean eragiten badiote hezkuntzarako eskubidea gauzatzeari, irakaskuntza-askatasunari eta Konstituzioaren 27. artikuluak botere publikoei ezartzen dizkien eginbeharrak betetzeari.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak bultzatutako plan estrategiko eta operatiboak edo irakaskuntzaren programazio orokorrerako garrantzi berezia duten bestelako dokumentuak. Kontsulta egingo zaio, bereziki, plan estrategikoei buruz eta aldi bererako esparruko programa-kontratuaren oinarrizko ildoei buruz.
Eskola-plazak sortzeari, ezabatzeari eta aldatzeari buruzko oinarrizko irizpideak.
Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko edo esparruko curriculum-diseinuak erregulatzen dituzten arau orokorrak.
Programak eta orientazio pedagogikoak eguneratzeko, berritzeko eta esperimentatzeko plan orokorrak.
Helduen hezkuntzaren eta bizialdi osoko ikaskuntzaren politiken oinarrizko helburuak.
Langileei buruzko politikaren oinarrizko irizpideak, giza baliabideen, prestakuntzaren, etengabeko ikaskuntzaren eta programa horien ebaluazioaren arloetako premiei dagokienez.
Aukera-berdintasunaren arloko jarduketak eta konpentsazio-ekintzak eta hezkuntza-integrazioko ekintzak inspiratzen dituzten oinarrizko irizpideak.
Irakasleen eta irakasle ez diren laguntzako edo administrazio-zerbitzuetako langileen eskakizun profesional berriak definitzea, autoikaskuntzaren, digitalizazioaren eta eraldaketa teknologikoaren ondoriozko erronka metodologikoei aurre egiteko, bai eta zenbait ikasgai beste hizkuntza batzuetan irakasteko ere.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak proposatuta, ikastetxeetako zuzendaritza-eginkizunaren eredua eta zuzendaritzako kideen eta haien lantaldeen konpetentzia-eskakizunak zehaztea.
Sinergiak sustatzea, kontseilu-modalitate bakoitzean eraturiko eragile instituzionalen artean.
Ikastetxeko ikasleen parte-hartzea sustatzea, garapen pertsonala eta soziala bultzatuz, bai eta haiengan kidetasun-sentipena errotuz ere.
Elkarrizketa eta informazio-kanalak garatzea ikastetxeetako zuzendaritzekin, hezkuntza-zerbitzuekin eta unibertsitateekin.
Arlo honi buruzko erregulazio espezifikoan aurreikusten den beste edozein gai, zeinak aurreko eskumenak zehaztu ahal izango baititu.
Euskadiko Eskola Kontseiluak bere jarduerei buruzko memoria bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntzaren egoerari buruzko txosten bat egingo ditu bi urtean behin, eta Gardentasunaren Atarian argitaratuko da. Era berean, Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren arloko eskumena duen saileko buruaren aurrean aurkeztuko da, eta, hala badagokio, haren Erregelamenduak xedatutakoaren arabera, Eusko Legebiltzarrean.
3. ATALA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN KONTSEILUA
Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua sortzen da, autonomia funtzionala izango duen partaidetza-organo gisa. Haren helburua da euskal eskola publikoaren beharrak eta interesak identifikatzea edo defendatzea, eta ikastetxe publikoen lanari eta hezkuntza-lorpenei ikusgarritasuna ematea, bai eta haiek ingurunean integratzea eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatzea ere, berariaz bultzatuz beren nortasun propioaz jabetzea eta kalitateari dagokionez lehiakorra izango den euskal eskola publikoa garatzea.
Euskal Eskola Publikoaren Kontseiluak honako esparruotan beteko ditu bere eginkizunak, besteak beste:
Eskola publikoaren solaskidea izatea.
Botere publikoei gomendioak egitea, aginteon eskumen propioei dagokienez, ikastetxe publikoei zuzenean edo zeharka eragin diezaiekeen guztian.
Ikastetxe publikoak ingurunean integratzen laguntzea, ikastetxe publikoen arteko lankidetza sustatuz eta jarduera egokiak transmititzeko sareak sortuz.
Gizarte-sektoreekin lankidetzan aritzea, eta harremanak ezartzea eskola, enpresa eta Unibertsitatea.
Hezkuntza Administrazioak gerora udalekin sinatuko dituen hitzarmenak bultzatzea, elkarren arteko prestazioak partekatzeko, hala nola liburutegiak, parkeak eta kirol-instalazioak.
Eta erregelamendu bidez zehazten diren gainerakoak.
Eusko Jaurlaritzaren erregelamendu bidez arautuko dira Euskal Eskola Publikoaren Kontseiluaren osaera, egitura eta eskumenak, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren proposamenez eta Euskadiko Eskola Kontseiluari entzun ondoren.
Lege honetan arautzen ez denari dagokionez, Euskadiko Eskola Kontseilua eta lege honetan ezarritako gainerako kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrerako indarrean dauden kide anitzeko organoen arauen bitartez erregulatuko dira, bai eta haien antolakuntzari eta funtzionamenduari buruzko barne-arauetan xedatutakoaren bitartez ere.
4. ATALA
UDALEKO HEZKUNTZA-KONTSEILUAK
Ikastetxe bat edo gehiago dituzten udalerrietan, udaleko hezkuntza-kontseiluak eratu ahal izango dituzte kasuan kasuko toki-administrazioek.
Kontuan hartuta udaleko hezkuntza-kontseiluen premisa nagusia alegia, herritarrak heztea erantzukizun partekatua dela, gune instituzional horien helburua izango da hezkuntza-proiektu komunitarioak taxutzea eta bultzatzea, baliabide publikoen erabileran sinergiak sortuz eta ikasleen ongizatera eta garapenera bideratutako ekintzak gauzatuz, erregelamendu bidez ezartzen diren eskudantzien arabera.
Udaleko hezkuntza-kontseiluek bultzatutako programek, proiektuek eta ekintzek hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea sustatuko dute, eta antolaketa formala eta ez-formala uztartzea bultzatuko dute. Horretarako, beren osaeran, hirugarren sektoreko erakundeak, gazte-antolakundeak, erakunde kulturalak edota kirol-erakundeak barnebildu ahalko dituzte, besteak beste.
Udaleko hezkuntza-kontseiluei kontsulta egingo zaie jarduera eta eduki hauei buruz:
Hezkuntza-premiak identifikatzea, eskaintza banatzea eta ikasleak eskolatzeko irizpideak zehaztea, hiri-plangintzatik eratorritakoak barne direla.
Berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleen eskolatze egokia eta orekatua bermatzeko beharrezko diren jarduketak eta neurriak, arrazoi sozioekonomikoek edo bestelakoek sorturiko ikasle-segregazioa saihesteko.
Ikastetxeen funtzionamenduari eragiten dioten udal jarduketak.
Udalerria esparru duten hezkuntza-patronatu, -partzuergo eta -erakundeak eratzea.
Erregelamendu bidez aurreikusten diren gainerakoak.
1. ATALA
HEZKUNTZA-KOMUNITATEA. ARAU OROKORRAK
Hezkuntza-komunitatea ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektua prestatzeko eta eztabaidatzeko prozesuan esku hartzen duten pertsona eta erakunde guztiek osatzen dute, eta, hala badagokio, haren funtzionamenduan modu aktiboan parte hartzen dutenek lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ezarritako organoen bitartez. Ikastetxeak bereziki hartuko du kontuan jarduteko duen ingurune sozial, ekonomiko eta instituzionala, hezkuntza-komunitatearen osagaia den aldetik.
Hauek dira ikastetxeko hezkuntza-komunitatea edo eskola-komunitatea osatzen dutenak: ikasleak, gurasoak edo tutoreak eta irakasleak, bai eta ikastetxeko irakaskuntza-prozesuan parte hartzen duten hezkuntza-arretako beste profesionalak ere, administrazioko eta zerbitzuetako langileak, udal ordezkari politikoak eta, itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe pribatuetan, haien titulartasunaren ordezkariak.
2. ATALA
HEZKUNTZA-KOMUNITATEKO ERAGILEAK
Ikasleak dira Euskal Hezkuntza Sistemaren zerbitzu eta prestazioen protagonistak eta hartzaile nagusiak.
Ikasleek honako eskubide eta betebehar hauek dituzte: indarrean dagoen legedian zein erregelamendu-garapenean eta ikastetxeen barne-erregelamenduetan edo antolakuntza- eta funtzionamendu-erregelamenduetan jasotakoak.
Ikasleek, halaber, indarrean dagoen legedian eta ikastetxearen barne-arauetan aitortzen diren partaidetza- eta ordezkaritza-tresnak dituzte eskura.
Era berean, ikasle-elkarteak eratzeko eskubidea izango dute indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzetan.
Ikasleen parte-hartzea eta elkartzeko eskubidea bigarren hezkuntzatik edo haren parekotzat jotzen den etapatik edo ziklotik aurrera sustatuko da bereziki.
Irakasleen erantzukizun nagusia da ikasleen irakaskuntza-prozesua gidatzea eta haien ikaskuntza kudeatzea, haien konpetentziak behar bezala garatuz eta jakintzaren, egiten jakitearen eta lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ezarritako balioen transmisioaren bidez, helburua izanik ikasleen izatea bera eta garapen pertsonala mailaz maila eraikitzea eta haiengan elkarrekin bizitzeko zentzua indartzea.
Irakasleek, beren eginkizunak betetzean, irakaskuntza-autonomia eta -askatasuna dute, indarrean dagoen legediak eta ikastetxearen hezkuntza-proiektuak ezarritako esparruan eta mugen barruan.
Euskal Hezkuntza Sistemak ikasleak ahaldundu egin nahi ditu, beren ikaskuntzaren subjektu aktibo izan daitezen, familiei eta irakasleei gidaritza eta laguntza emanez, bai eta haien ahalduntze digitala bermatuz ere, eta komunitatean ikasiz. Horrek lidergoen eta gobernantza-ereduen ikuspegi eraldatzaile bat dakar berekin, bai hezkuntza-prozesuaren barruan, bai eskola-antolamenduaren barruan, bai eta Euskal Hezkuntza Sistema osoan ere.
Ikastetxe batean matrikulatutako ikasleen gurasoek edo legezko tutoreek, oinarrizko araudi aplikagarrian jasota daudenez gain, eskubidea dute beren seme-alaben hezkuntza-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko. Helburu horri begira, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak beharrezko diren bitartekoak aurreikusi behar ditu ikastetxeek, irakasleek eta gainerako profesionalek familiei aholkularitza eta arreta egokia eman ahal diezaieten, bereziki bilera edo tutoretzen bidez, edo, baita ere, borondatez, bitarteko telematikoen bidez sare sozialak barne direla, baina betiere datu pertsonalen babesa zaintzen bada eta datu horien erabateko segurtasuna bermatzen duten sistemak badira. Horri buruzko edozein zalantza argitzeko edo horri buruz kontsultatzeko, datuak babesteko ordezkariarengana jo beharko da.
Gurasoek edo legezko tutoreek, oinarrizko araudi aplikagarrian jasota daudenez gain, honako eskubide eta betebehar hauek dituzte: seme-alaben heziketan aktiboki parte hartzeko eskubidea eta betebeharra; eskola-komunitateko kide guztien arteko elkarbizitzan laguntzeko betebeharra, betiere irakaskuntza-eginkizuna eta eginkizun hori gauzatzen duten profesionalak errespetatuz, eta ikastetxearen bizitzan parte hartzeko eskubidea, ikastetxeko eskola-kontseiluaren bitartez eta beren autonomia baliatuz ikastetxeek eratzen dituzten gainerako tresnen bitartez.
Administrazioko eta zerbitzuetako langileek eta ikastetxeen zerbitzura dauden hezkuntza-arretako profesionalek aplikagarri den araudian ezarritakora egokituko dute beren jarduera.
Hezkuntza-arretako profesionalek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek ikastetxearen bizitzan parte hartzeko eskubidea eta betebeharra dute, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzetan, eta hezkuntza-proiektua errespetatu behar dute, eta, hala dagokionean, bai eta ikastetxearen izaera propioa ere.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxeetako administrazioko eta zerbitzuetako langileen aurrerabide profesionala sustatuko du.
Euskal Hezkuntza Sistema eleaniztuna da, euskararen inguruan artikulatua, eta hezurduratzat ditu bi hizkuntza ofizial, euskara eta gaztelania euskara hizkuntza propioa izanik, eta gutxienez atzerriko hizkuntza bat.
Lege honek hezkuntza eleaniztun eta kulturarteko baten alde egiten du, helburua izanik hizkuntza- eta kultura-kontzientzia zabala eta komunikazio-konpetentzia etengabe hobetzeko motibazioa sustatzea. Era berean, derrigorrezko hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek, familia-jatorria edozein dela ere, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ezagutzea ahalbidetzearen alde egiten du.
Euskal Hezkuntza Sistema eleaniztuna izateak berekin dakar irakasleen eta ikasleen inplikazioa, hiru hizkuntzatan gutxienez komunikazio eraginkorrera bideratutako gaitasunak garatzeko, multimodalitatetik abiatuta.
Ikastetxeek lekua egingo diete atzerritar jatorria duten ikasleen hizkuntza eta kulturei; elkarrekiko aitortza bultzatuko dute; aniztasunaren balio kulturala eta ekonomikoa nabarmenduko dute, eta hezkuntza-inklusioa sustatuko dute.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak euskararen erabilera indartuko du berariazko plan batzuen bidez, eskola-ekintzan hizkuntza horren ohiko erabilera normalizatzeko xedez. Helburu berarekin, arreta berezia eskainiko zaio euskal kultura ezagutzeari.
Curriculum-dekretuek hizkuntza horien ezagutza praktiko eta nahikoa definitu beharko dute, bai eta hizkuntza horien irakaskuntza eraginkorra ere. Gutxieneko helburu gisa, konpetentzia-maila hauek finkatuko dituzte:
Lehen hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 maila lortu beharko da bi hizkuntza ofizialetan.
Derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila lortu beharko da bi hizkuntza ofizialetan.
Ikasle bakoitzaren ardura beren gain duten irakasle-taldeek ebaluatuko dute gutxieneko helburu horiek betetzen diren.
Gutxienez atzerriko hizkuntza baten irakaskuntza ere jaso behar da curriculumetan, helburua izanik ikasleek derrigorrezko bigarren hezkuntzaren amaieran behar besteko ezagutza lor dezatela eta egoera, testuinguru eta eremu pertsonal, sozial eta akademikoetan komunikazio egokia lortzen dela ziurta dadin. Horretarako, emaitzetan oinarritutako plan bat diseinatu ahal izateko gaikuntza-maila horiek finkatuko dira, ondoren zehazten diren helburu hauek lortu ahal izateko, betiere indarrean dagoen oinarrizko legedia eragotzi gabe:
Lehen hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A2 azpimaila lortu beharko da.
Derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 azpimaila lortu beharko da.
Ikasle bakoitzaren ardura beren gain duten irakasle-taldeek ebaluatuko dute gutxieneko helburu horiek betetzen diren.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak eta ikastetxeek beharrezko diren neurriak ezarriko dituzte finkatutako mailak lortzen direla bermatzeko, kontuan hartuta ingurune bakoitzaren abiapuntua eta ezaugarri soziolinguistiko eta sozioekonomikoak, gehien behar duenari gehiago emateko. Hizkuntza ofizialei eta atzerriko hizkuntzei buruzko gutxieneko helburu horiek Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten ikastetxe guztietan aplikatuko dira.
Araubide bereziko ikasketen curriculumek bermatu behar dute ikasleek kasuan kasuko irakaskuntzaren berezko hizkuntza-konpetentzia teknikoa eskuratzen dutela.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak beharrezkoak diren ebaluazio-tresna batzuk arautuko ditu, irakasle-taldeek berek baloratu ditzaten lortu diren emaitzak, halako eran non ikasle guztiek lege honetan xedatutako hizkuntzen ezagutza-maila eskuratzen dutela bermatuko baita. Horrekin batera, jarraipen-sistema eraginkor bat abian jarriko du ebaluazioaren emaitzak hobetzeko.
Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten ikastetxeek, hezkuntza-proiektuaren osagai gisa, hizkuntza-proiektu propio bat egin behar dute hizkuntzak ikastetxean nola tratatu behar diren zehazteko, helburua izanik euskara ardatz nagusi izango duen sistema eleaniztuna bultzatzea, zeinean bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ikaskuntza-hizkuntzatzat hartuko baitira.
Ikastetxeko hizkuntza-proiektuak ikasleen hizkuntzen ikaskuntza, erabilera eta hizkuntzekiko jarrera positiboa planifikatu behar ditu, kontuan hartuta ingurune bakoitzaren abiapuntua eta ezaugarri soziolinguistiko eta sozioekonomikoak, horrela ikasleek hezkuntza-etapa bakoitzaren amaieran eskatutako hizkuntza-maila eta beharrezkoak diren konpetentziak eskura ditzaten, lege honen 67. artikuluan ezarritako baldintzetan.
Ikastetxearen hizkuntza-proiektuak ikaskuntza-prozesuan hizkuntzak irakasteko eta erabiltzeko irizpideak garatu behar ditu.
Hezkuntza Administrazioak, tokian tokiko ikastetxearekin lankidetzan, ikastetxearen hizkuntza-proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu, hobekuntza-prozesuak gauzatzeko.
Euskararen irakaskuntzari dagokionez, hizkuntza-proiektuak curriculumaren eta ikastetxearen helburuak zehaztuko ditu. Gainera, euskararen ingurune-erabilera ziurtatzera bideratutako eskolaz kanpoko jardueren proposamenak ere jaso behar ditu.
Curriculumak hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala jasoko du, eta ikastetxearen hezkuntza-proiektuan txertatuta egon behar du, helburua izanik bi hizkuntza ofizialetan eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean konpetentzia eleaniztuna lortzea, lege honen 67. artikuluan azaldutako baldintzetan.
Komunikazio- eta hizkuntza-konpetentzia zeharkakotasunez landuko da curriculum-arloen testuinguruan.
Hizkuntzaren alorrekoak ez diren irakasgaietako irakasleek ere erantzukizuna dute komunikazio- eta hizkuntza-konpetentzia garatzen laguntzeko.
Hizkuntza-proiektuaren esparruan, ikastetxeek komunikazio-gaitasuna batez ere euskararena lantzeko helburuak planifikatuko eta finkatuko dituzte ikasgai guztietan.
Euskal Hezkuntza Sistemak tratamendu inklusiboa eta egokia emango dio Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko familien kultura- eta hizkuntza-aniztasunari.
Hezkuntza Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikasleentzako prestakuntza espezifikoari ekin beharko dio, bai eta hizkuntzen eta kulturen aniztasuna ikasgelan integratzeko neurriak hartzeari ere, atzerritar jatorriko ikasleentzat errespetuzkoa eta aberasgarria izan dadin.
Hezkuntza Administrazioak irakasleak prestatzeko eta trebatzeko plan bat egingo du, curriculumeko hizkuntzetan duten hizkuntza-konpetentzia hobetzeko.
Irakasleek euskarako C2 maila eta ingeles-irakasleek ingeleseko C1 maila lortzeko prestakuntza sustatuko da.
Prestakuntza-planak curriculum-hizkuntzen ezagutza ziurtatuko du, eta euskararekiko eta haren erabilerarekiko konpromisoa sustatuko du.
Irakasleak euskara-konpetentzietan eta atzerriko hizkuntza batean ahal dela, ingelesa prestatzeak kalitatezko irakaskuntzaren beharrei erantzungo die.
Hezkuntza Administrazioak berariazko prestakuntza eskainiko du metodologiari, aplikazioari, curriculum-diseinuari eta diziplinarteko lanari dagokienez, hizkuntza-proiektuak sistema eleaniztun batean gauzatzeko, euskara ardatz nagusitzat hartuta.
Atzerritar jatorriko ikasleei ikastetxeetan eta ikasgeletan abegi egiteko prestakuntza-programak garatuko ditu Hezkuntza Administrazioak, eta, aldi berean, ikasgeletan integratuko ditu haien hizkuntzak eta kulturak, errespetutik abiatuta.
Irakasle ez diren langileei prestakuntza emango zaie beren zereginak euskaraz egin ahal izan ditzaten, kontuan hartuta ikastetxeko langile guztiak direla bertako hizkuntza-ekosistemaren parte.
Euskararen erabilera orokortzeak berekin dakar hezkuntza-komunitate osoaren erantzunkidetasuna, honako hauek helburu:
Euskararen erabilera sustatzea. Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetan, euskara izan behar da, jeneralean, ikastetxean bertan garatzen diren jardueretarako eta kanpo-proiekzioko jardueretako adierazpidea.
Euskararen irakaskuntzari eta erabilerari dagokienez, gizarte-kohesioa eta hezkuntza-jarraitutasuna lortzea. Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeek inguruneko erakunde eta entitateekin koordinatu behar dituzte beren jarduketak.
Familiak seme-alaben garapen eleaniztunaren eginkizun guztietan inplikatuko dira, eta eginkizun horiek ikastetxearen hizkuntza-proiektuan jasoko dira.
Hezkuntza-komunitateko eragileen, eskolaz kanpoko jardueren eta aisialdiaren arteko lankidetza bultzatuko da.
Euskararekiko, eleaniztasunarekiko eta hizkuntzen arteko elkarbizitzarekiko jarrera positiboak sustatuko dira.
Eusko Jaurlaritzak, halaber, elkarlanean jardungo du ikastetxeekin, kulturaren eta hizkuntzaren proiekzioaren esparru zabalagoan, eta, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura historiko, linguistiko eta kulturalak dituzten lurraldeetan.
Kapitulu honen bidez, lege honen xedea da berrikuntza- eta ebaluazio-politika indartzea eta berritzea, irakaskuntza eta ikasleen ikaskuntza eraldatzeko prozesurako tresna gisa, bai eta Euskal Hezkuntza Sistema etengabe hobetzea ere.
Berrikuntzaren helburua da Euskal Hezkuntza Sistemari ematea datozen hamarkadetako desafio kulturalei, teknologikoei, ingurumenekoei, sozialei eta ekonomikoei aurre egiteko behar dituen erresilientzia eta egokitzeko gaitasuna, batez ere irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren agerpen guztietan duen aplikazioari dagokionez.
Berrikuntza bereziki sustatuko da irakaskuntza-metodologien alorrean eta baliabide teknologikoen erabilera etikoan eta arduratsuan, bai bakarkako irakaskuntzan eta ikaskuntzan, bai elkarlanekoan edo beste edozein modalitatetan. Halaber, ikastetxearen kudeaketan eta antolaketan ere, proba pilotuetatik abiatu eta, haien eraginkortasuna ebaluatu eta egiaztatu ondoren, orokorki aplikatu ahal izango dira.
Hezkuntza-berrikuntza bideratuta dago hezkuntza-politika publikoen eremuan balio publikoa sortzera, eta, horretarako, beharrezkoak ditu sormena, malgutasuna eta erakundeen bultzada, bai eta proba egoki batzuk eta emaitzen egiaztapen enpirikoa ere.
Eusko Jaurlaritzak, halaber, elkarlanean jardungo du ikastetxeekin, kulturaren eta hizkuntzaren proiekzioaren esparru zabalagoan, eta, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura historiko, linguistiko eta kulturalak dituzten lurraldeetan.
Ikastetxeetan berrikuntza eta etengabeko hobekuntza bultzatzeko, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxe publikoen antolaketaren eta kudeaketaren autonomia indartuko duten mekanismoak garatuko ditu, halako eran non ikastetxeok eratu daitezen autokudeatzeko benetako gaitasuna duten erakunde gisa eta ingurune eta testuinguruarekiko lotura izanik, gai izan daitezen jarduerak eta proiektuak malgutasunez, arintasunez, fidagarritasunez eta efizientziaz garatzeko.
Hezkuntza-komunitatearen garrantzia ere kontuan hartuko da. Berrikuntza ikastetxetik harago ere garatu behar da, baliozkotutako esperientzia eta berrikuntzen trukeak adimen kolektiboa piztuko duten hezkuntza-sare batzuetan parte hartuz, non parte-hartzaile guztien prestakuntza, etengabeko hobekuntza eta konpromisoa bultzatuko baitira.
Irakasleak berrikuntzaren eragile izango dira ikastetxeetan. Horretarako, irakasleak gogoetatsuak izatea sustatuko da, hau da, beren jardunaren eta ingurunearen inpaktuaren jakitunak, ikertzaileak, berrikuntzaren eta gizarte-aldaketaren sustatzaileak, bideratzaileak, ezagutza tekniko sendokoak eta adituak arlo pedagogiko, kultural, didaktiko zein epistemologiko eta diziplinartekoan.
Hezkuntza-esparruko prospekzio-jardueraren helburua da etorkizuneko azterketa egokiak izatea Euskal Hezkuntza Sistemaren bilakaera-joerei buruz, eta, informazio eta datu horietatik abiatuta, bide-orri fidagarri bat ateratzea, hezkuntza-sektorea eraldatzeko politikak desafio berrietara egokitzeko.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak prospektiba-azterlan eta -analisi batzuk bultzatuko ditu plangintza estrategikoa eta operatiboa prestatzearen eta diseinatzearen esparruan, arduradun publikoei eta funtzionarioei joera-ildo batzuk eskaintzeko, eta horrela, Euskal Hezkuntza Sistema eraldatzen eta sistema hori haren ingurunean sor daitezkeen testuinguru eta erronka berrietara egokitzen laguntzeko.
Prospektiba-azterketak eta -ikerketak gai hauetara bideratuko dira, besteak beste: teknologiek hezkuntza-sisteman duten inpaktua neurtzea; irakasle profesional, laguntzako langile eta administrazio eta zerbitzuetako langileen profil berriak zehaztea; hezkuntza-konpetentziak eta zerbitzu-zorroa definitzea, herritarren eskariaren bilakaeraren arabera; irakasleen belaunaldi-erreleboa bideratzea; euskal gizartearen bilakaera demografikoa eta unean uneko eskariaren araberako hezkuntza-eskaintza neurtzea, eta hezkuntza-sistemak eta irakaskuntza-metodologiek digitalizazioak, garapen jasangarriak eta klima-aldaketak sortzen dituzten erronkei zein neurritan erantzuten dieten neurtzea.
Prospektibaren arloko jardueren xedea da, halaber, ekintza zehatz batzuk bultzatzea aldaketaren kudeaketari eta ikastetxeen lidergo exekutiboari begira, batez ere zuzendaritza-egitura horietan erantzukizun handiena dutenei dagokienez.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak gauzatuko ditu prospektiba-jarduerak, eta, bereziki, Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutuak, bai eta ikastetxeek eta, hala badagokio, Euskadiko Eskola Kontseiluak eta Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura historiko, linguistiko eta kulturalak dituzten unibertsitateak ere. Eragile instituzional horiek guztiek, batera edo banaka, prospektiba-azterlanak eta -analisiak sustatu ahal izango dituzte, eta lan horiek modu koordinatuan garatuko dira betiere, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren gidaritzapean, eta beharrezkoak diren kolaborazioekin batera.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak eta ikastetxeek hezkuntza-politika publikoak eta horien kudeaketa-emaitzak ebaluatzeko sistemen arabera gauzatuko dituzte beren eskumenak lege honetan eta indarrean dagoen legedian ezarritakoaren esparruan.
Euskal Hezkuntza Sistemak ebaluazio integrala indartuko du, eta tresna hori eragileen eta ikastetxeen prozedura eta jarduera guztiei aplikatuko die, adostutako adierazle neurgarri batzuen eta gure inguruko herrialdeetakoekin homologagarriak direnen esparruan.
Ebaluazio-prozesuen funtsezko helburua da hezkuntza-sistemaren efizientzian eta etengabeko hobekuntzan laguntzea, bai eta ekitate eta bikaintasunean ere, kasu bakoitzean identifikatzen diren ahulguneak eta aurrerapen-bideak identifikatuz, eta hobekuntza-proposamen eta -gomendioen formulazioa zehaztuz. Proposamen eta gomendio horiek datu objektiboetan oinarrituta egongo dira, eta ereduaren efikazia eta efizientzia garatzearen eta areagotzearen alde egingo dute, hezkuntza-komunitatearen eta, bereziki, ikasleen mesedetan, haiek baitira Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren hartzaile nagusiak.
Ebaluazio-prozesuek, halaber, informazio eguneratua eta etengabea eman behar dute Euskal Hezkuntza Sistemak helburu orokorrak zein neurritan lortu dituen jakiteko eta, zehazki, ikastetxe bakoitzaren betetze-mailari buruz, ikastetxeak hezkuntzaren arloko eskumena duen sailarekin izenpetutako plan estrategikotik eta, halakorik badago, programa-kontratutik abiatuta.
Era berean, kudeaketaren gardentasuna areagotzera eta ikastetxearen emaitzak zehaztera bideratuko dira ebaluazio-prozesuak, bereziki kontuak emateari begira, bai zuzendaritzako langileen eta zuzendaritza-taldeko kideen aldetik, bai eta beren eginkizunak betetzen ari diren langile guztien aldetik ere.
Ebaluazioaren helburua izango da, halaber, hezkuntza-sistemaren egungo arazoak identifikatzea, eta azterketa eta analisi prospektiboak sustatuko dira Hezkuntza Administrazioaren etorkizuneko beharrei antzemateko eta hezkuntza-sistemaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren aldaketei edo eraldaketei ekiteko neurri egokiak abian jartzeko, bereziki disruptibotasun handiko erronkei eta ziurgabetasun edo aldakortasun handiko egoeretatik eratorritakoei aurre egiteko.
Titulu honetan araututako ebaluazioak printzipio hauek beteko ditu:
Objektibotasuna, emaitzen azterketari eta garrantziari dagokienez.
Prozesuen eta emaitzen zorroztasuna, sinesgarritasuna eta baliagarritasuna.
Diskriminaziorik ez egitea generoa, jatorri etnikoa, gizarte-jatorria, ingurune sozioekonomikoa edo beste edozein kontsiderazio indibidual edo pertsonal dela-eta.
Informazio eguneratuaren erabilera erreserbatua, datu pertsonalen babesaren arloan aplikagarria den araudia erabat errespetatuz, bereziki kontuan hartuta 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 16koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, Datuak Babesteko Erregelamendu orokorra, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa.
Gardentasunez jokatzea jardueren eta emaitzen ekintzan eta informazio publikoan, kontuan hartuta aplikatu beharrekoa den legedian ezarritako araubide juridikoa eta mugak.
Ebaluazioaren eraginpeko sektore guztiek parte hartzea.
Ebaluazioa konfiguratzea erakundea eta norbera hobetzeko eta kontuak emateko beharrezkoa den tresna gisa.
Euskal Hezkuntza Sistemako eremu guztietara hedatuko da ebaluazioa, eta, bereziki, ikastetxe guztietara, edozein dela ere haien izaera edo titulartasuna.
Nolanahi ere den, funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxe, jarduera eta zerbitzuek lege honetan ezartzen diren ebaluazio-modalitate guztiak garatu beharko dituzte, edo lege honen erregelamendu bidezko garapenean zehazten edo aurreikusten direnak.
Erregelamendu bidez ezartzen denaren arabera, ebaluazio integraleko ebaluazio-sistema bat arautuko da, prestakuntzara eta berrikuntzara bideratua, ebaluazioaren ikuspegi integrala garatuko duena, kontuan hartuta ebaluazio integral hori prozesu konplexu eta faktore anitzeko bat dela, barne hartzen dituena ikasleak, irakasleak, curriculuma, zuzendaritzak, ikastetxea, familiak, hezkuntza-komunitatea eta -sistema eta ebaluazio-sistema horrek autoebaluazioaren eta kanpo-ebaluazioen arteko osagarritasuna bilatu behar duela.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hezkuntza-sistema osoaren ebaluazio orokor batzuk bultzatuko ditu aldian-aldian; ez dira eremu horretan sartuko ez unibertsitate-sistema, ez eta araubide bereziko ikasketak ere, kasu horietan guztietan ebaluazio bereiziak egingo baitira.
Ikasleen emaitzei buruzko ebaluazioetan kontuan hartu beharko dira kasuan kasuko testuinguruak, bereziki gizarte- eta hezkuntza-zaurgarritasuneko eremuei eta familien eta ikasleen egoera sozioekonomiko eta kulturalei dagozkienak, bai eta kasu bakoitzean zehazten diren erreferentziazko beste aldagai batzuk ere. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak kontuan hartuko ditu inguruabar horiek ebaluazio-planak betearazterakoan.
Ebaluazioa batez ere eremu hauetan gauzatuko da, besteak beste:
Ikasleek curriculumaren arlo guztietan izandako aurrerapenak kontuan hartzen dituen hezkuntza-errendimenduaren ebaluazioa, oinarrizko konpetentzien eskuratze-maila barne dela, hezkuntza-sistemako etapa eta maila guztietan egiaztatua. Gainera, lege honetan aurreikusitako helburuen eta formen arabera eskuratutako komunikazio- eta hizkuntza-konpetentziak ere ebaluatuko dira.
Irakaskuntza-eginkizunaren ebaluazioa, aukera emateko eginkizun hori hobetzeko arloak identifikatzeari eta hezkuntza-etapa bakoitzaren eskakizunetara egokitzeko prozesurako behar diren neurriak programatzeari, batez ere prestakuntzari eta lanbide-garapenari dagokienez.
Zuzendaritza-eginkizunaren eta ikuskaritza-eginkizunaren ebaluazioa; haien zereginen betetze-mailari eta kudeaketa-prozesuen emaitzei buruzko ebaluazioa ere egingo da.
Ikastetxeen ebaluazioa, haien izaera juridikoaren arabera, hezkuntza-ikuspegi pedagogikotik eta ikastetxearen funtzionamendu-, antolamendu- eta kudeaketa-alderdiei erreparatuz egina, batez ere giza baliabideen eta administrazio-prozesuen kudeaketaren eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren eta teknologikoaren alorrean.
Plan estrategikoak eta, halakorik badago, ikastetxeekin egindako programa-kontratuak.
Hezkuntza zentzurik zabalenean hartuta aplikatzeari dagokion beste edozein eremu.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak berariazko plan batzuk ezarriko ditu irakaskuntza-eginkizuna eta zuzendaritza-eginkizuna ebaluatzeko. Erregelamendu bidez arautuko dira aurreko apartatuko b) letratik f) letrara bitartean adierazitako ebaluazioei aplikatu beharreko sistemak, ebaluazio-prozesu horien modalitateak eta aldiak zehaztuta, bai eta haien ondorioak edo emaitzak ere.
Hauek dira Euskal Hezkuntza Sistema etengabe hobetzeko ebaluazioaren helburuak, berezko esparru integrala den aldetik:
Ebaluazioa planteatzea, alde batetik, prestakuntza-tresna gisa, eta, bestetik, ikastetxeen berrikuntzarako eta hobekuntzarako tresna gisa, bai zuzendaritza-kudeaketan, irakaskuntza-eginkizunean eta ikaskuntzaren kudeaketan, bai, hala badagokio, ikasleen garapen eta hazkunde pertsonalean, eta betiere hezkuntzaren kalitatea, bikaintasuna, kohesioa eta ekitatea indartuz.
Hezkuntza-baliabideen kudeaketa efizientea lortzea.
Autoebaluazio-sistemen eta kanpo-ebaluazioen arteko osagarritasuna bilatzea, azken horiei lehentasuna emanez beti ikastetxearen eremua gainditzen duten ebaluazio orokorreko prozesuetan.
Hezkuntza-politikak diseinatzeko eta gauzatzeko norabidea finkatzea, ebaluazioa, ikerketa eta hobekuntza-proposamenak lehenetsiz eremu guztietan.
Ebaluazio-prozedura eta -tresna propio batzuk abian jartzen laguntzea, koherentziaz jokatuta Euskal Hezkuntza Sistemaren berezitasunekin eta ikastetxe jakin batzuetan aldi berean egon daitezkeen testuinguru edo egoera ezohikoekin.
Ebaluazio-prozesuan gardentasuna eta parte-hartzea bermatzea, bai eta kontuak ematea ere.
Hezkuntza-sistemaren moldagarritasuna eta etengabeko eraldaketa bideragarri egitea, edozein ebaluazio-prozesuren ondorioz gomendioak eta proposamenak eginez.
Euskal Hezkuntza Sistema homologatzea Europako inguruneko eta demokrazia garatuetako esperientzia aurreratuenekin eta, bereziki, hezkuntza-sistemetan emaitza onenak dituzten herrialdeekin.
Hezkuntza Administrazioak ikastetxeetan ezarritako helburuen betetze-mailari buruzko informazioa eskaintzea, eta emaitza eta hobekuntza horiek Europar Batasunak finkatutako helburuekin lerrokatzea.
Ikastetxeen ebaluazioa jarduera publiko bat da, kontuak emateko prozeduratik bereizia eta haren aurretik egiten dena; organo eskudunek gauzatzen dute ebaluazio hori, batez ere zuzendaritza-organoek edo, bestela, ebaluazio hori esleituta daukaten organoek, betiere erregelamendu bidez zehazten diren prozeduren arabera.
Kontu-ematea, oro har, ebaluatutako subjektua ez den organo edo erakundeen bidez egingo da. Fiskalizazioaren xede den organoak edo entitateak berak kontuak emateko sistemak salbuespenezkoak dira, eta soilik onartzen dira baldin eta sustatzen duenaren gardentasun aktiboa hobetzea badute helburu, eta sistema horiek datu fidagarriak eta enpirikoki egiaztatuak eskaini behar dituzte beti modu objektiboan.
Ikastetxeetako kontuak emateko prozesuetan, bereziki kontuan hartuko da ikastetxeko zuzendaritzak eta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak sinatutako programa-kontratua, halakorik badago, behin eskola-kontseiluak onartuta sinatutako kontratua alegia. Kontratu horretan, sailaren plan estrategikoarekin bat etorriz, epe jakin batean lortu beharreko helburuak eta xedeak zehazten dira; kudeaketa-adierazleak ere finkatzen dira, eta, horrez gain, denbora-esparrua ezartzen da, alde batetik, eta hasieran finkaturiko helburuekin bat etorri ezean ebaluazioak zer ondorio ekar ditzakeen azaltzen da, bestetik.
Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutuaren helburua da Euskal Hezkuntza Sistemaren kalitatea etengabe hobetzen laguntzea. Horretarako, hezkuntza-ebaluazioko, -ikerketako eta -prospekzioko prozesuak bultzatuko eta landuko ditu, bai eta hezkuntza-adierazleen euskal sistema etengabe eguneratu ere, halako eran non Hezkuntza Administrazioak, ikastetxeek eta, oro har, hezkuntza-komunitateak eskura izan ditzaten informazioa, datuak, analisiak eta jarduteko proposamen egiaztatuak eta fidagarriak.
Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutua organo tekniko bat da, zeina arduratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeekin lotutako kanpo-ebaluazio propioaz, Estatukoaz eta nazioartekoaz, bai eta hezkuntza-ikerketaz eta -prospekzioaz ere.
Institutuaren eginkizuna hezkuntza-ebaluazio, -ikerketa eta -prospekziorako berariazko zerbitzua eskaintzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistema osoaren jarduera-eremuan, eta organikoki hezkuntzaren arloko eskumena duen sailari atxikita dago, eta organikoki eta funtzionalki haren mende betetzen ditu bere eginkizunak.
Lege honetan ezarritako xede, eremu eta printzipioen arabera, hauek dira Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutuaren eginkizunak:
Euskal Hezkuntza Sistema ebaluatzeko agintzen zaizkion proiektu guztiak diseinatzea eta lantzea, bereziki ebaluazio diagnostikoak, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak egokitzat jotzen dituen programak eta Estatuko eta nazioarteko ebaluazioak, haiek erregulatzen dituzten araudiei jarraituz.
Hezkuntza-adierazleen Euskal Autonomia Erkidegoko euskal sistema diseinatzea eta etengabe eguneratuta edukitzea, bai eta adierazleak lantzeko eginkizuna duten erakunde eta entitateekin lankidetzan aritzea ere.
Ekitatearen eta inklusioaren eremuan, ISEI-IVEIren Urteko Planean lurralde bakoitzaren egoerari buruzko datuak biltzea, emaitzei, ekitateari, segregazioari, kontzentrazioari eta eremu-mailako baliabideei dagokienez, segregazioa eta desberdinkeriak gainditzeko politikak garatzeko.
Euskal Hezkuntza Sistema hobetzen lagundu dezaketen hezkuntza-ikerketa eta -esperientzia guztiak ezagutzea, aztertzea eta zabaltzea, Euskal Hezkuntza Sistemarako beharrezkotzat jotzen diren ikerketa-proiektuak diseinatuz, sustatuz eta hala balegokio garatuz, bereziki Euskal Hezkuntza Sistemaren alderdi estrategikoei dagokienez.
Hezkuntza-prospektibak prestatzea hezkuntzaren arloko eskumenak dituen sailari erabakiak hartzen laguntzeko, etorkizuneko beharrizanen araberako erantzuna emate aldera, bai eta hezkuntza-sistemaren beraren helburuetara hobekien egokitzen diren hezkuntza-joerak eta estrategiak aurkitzeko ere.
Kanpo-ebaluazioen emaitzak ezingo dira erabili ikasleen banakako balorazioak egiteko, ez eta ikastetxeen balorazioa egiteko ere, haien ezaugarriak eta testuingurua kontuan hartu gabe, batez ere hatzen dituzten familien eta ikasleen egoera sozioekonomikoan eta kulturalean. Era berean, ebaluazioaren emaitzak eta datuak ezin izango dira erabili ikastetxeen sailkapenak edo rankingak ezartzeko.
Ebaluazio-eginkizunak betetzean, Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutuak lankidetza sustatuko du hezkuntzaren arloko eskumena duen sailarekin, toki-administrazioekin, hala badagokio, ikastetxeetako eta hezkuntza-zerbitzuetako gobernu-organoekin eta irakasleekin eta, era berean, ikasleen familiekin.
Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutuak lankidetza-hitzarmenak sustatu ditzake unibertsitateekin eta zenbait enpresa, erakunde eta entitate espezializaturekin.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak jokabide-kode bat onartuko du, Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutuaren zuzendaritzak proposatuta. Kode horretan zehaztuko dira Institutuaren printzipio eta jarduteko arauak, eta ebaluazio- eta prospekzio-jardueran esku hartzen duten pertsona, organo eta erakunde guztienak. Jokabide-kodea aplikatuko zaie, halaber, jarduera horretan kontratazio publikoaren edo azpikontratazioaren modalitateen bidez edo administrazio-hitzarmenen bidez parte hartzen duten adituei eta profesionalei.
Euskal Hezkuntza Sistemaren ikuskaritza hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren bitartez egingo dute Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko funtzionario direnek, lege honek eta beronen erregelamendu bidezko garapenak ezartzen dituzten baldintzetan.
Hezkuntza-sistemaren ikuskaritzak ikuskaritzako, ebaluazioko eta aholkularitzako oinarrizko eginkizunak beteko ditu. Halaber, bizikidetza errazteko, gatazkak modu eraikitzailean konpontzeko prozesuan, bitartekaritzako oinarrizko eginkizuna ere eskainiko du. Eginkizunen artean ditu, era berean, hezkuntza-proiektuak garatzean ikastetxeen lankide izatea eta haiei laguntzea, autoebaluazio-prozesuak bultzatzea, kanpo-ebaluazioko prozesuetan parte hartzea eta hezkuntza-erantzuna hobetzera bideratutako hobekuntza proposamenak egitea, lege honetan eta beroni buruzko erregelamendu-garapenean zehaztutakoak ahaztu gabe.
Hezkuntza-ikuskaritzaren jarduera unibertsitateaz kanpoko Euskal Hezkuntza Sistema osoan proiektatzen da, eta helburu nagusi du Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren prestazioen kalitatea hobetzea, bai eta araudia eta hezkuntza-komunitate osoaren eskubideak eta eginbeharrak betetzen direla bermatzea ere.
Hezkuntzarako laguntza-zerbitzuak hezkuntza-sistemaren berezko tresnak dira, eta haien helburu nagusia da prestakuntza, aholkularitza eta laguntza ematea ikastetxeen irakaskuntzan eta lidergoan, bai eta hezkuntza-ikerketa eta -berrikuntza ere, hezkuntzaren kalitatea eraldatzen eta hobetzen laguntzeko.
Horretarako, hezkuntzarako laguntza-zerbitzu horien eginkizun nagusia da hezkuntzaren etapa guztietako antolamenduan, metodologietan, tresnetan, bitarteko teknologikoetan, pertsonengan eta hezkuntza-taldeetan proiektatzen diren kudeaketa-eredu aurreratuei buruzko ezagutza transferitzea, eta ikastetxe guztien beharretara eta errealitateetara egokituko dira, bai funts publikoen bitartez finantzatuetara, bai finantzaketa pribatu hutsezkoetara. Haien eginkizun nagusia da, halaber, hezkuntza- inklusioa sustatzea eta laguntza ematea, horrela bermatu dadin ezen ikastetxeetako aniztasunari ematen zaion erantzunak ikasle guztientzako kalitateko hezkuntza segurtatuko duela, ikasleen bizitzarako konpetentziak garapen-maila gorenera iristeko, edozein direla ere haien inguruabar pertsonalak.
Laguntza-zerbitzuen jarduera-esparrua ikastetxe guztietara hedatzen da, baina lehentasuna ematen diete, eskura dituzten baliabideen arabera, funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeei.
Hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen oinarrizko egiturak eta funtzionamendua Eusko Jaurlaritzaren erregelamendu bidezko garapenaren bidez arautuko dira.
Laguntza-zerbitzuek eginkizun hauek betetzen dituzte:
Ikastetxeen beharrak asetzeko ekintza batzuk gauzatzea, eta laguntza, orientazioa eta aholkularitza ematea proiektu eta programa didaktikoak betetzean eta, hala badagokio, hezkuntza-erreforma eta -programa propioak edo Administrazioak proposatutakoak ezartzean.
Prestakuntzako eta berrikuntzako planak eta proiektuak egiten laguntzea, ebaluazio-eremu guztietako ikastetxeen eskakizunei erantzunez eta emaitzak kontuan hartuta.
Prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea eta ematea ikuspegi pedagogiko berritzaile baten bidez, ikastetxe bakoitzaren prestakuntza-beharrak hautemanda, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.
Irakaskuntza-esperientzien trukeak sustatzea eta jardunbide egokiak identifikatzea eta zabaltzea, sinergiak sortzen dituzten sareko proiektuak antolatuz.
Ikastetxeen eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuen digitalizazio etikoa eta arduratsua garatzea, hezkuntza-komunitate osoa digitalki ahaldunduz eta irakaskuntza-metodologien euskarri izango diren material digitalen prestakuntza barnebilduz.
Hizkuntzen irakaskuntzan prestakuntza- eta trebakuntza-planak bultzatzea.
Eskola inklusiboaren garapena sustatzea, ikasle guztien partaidetza- eta ikaskuntza-prozesu gisa, eta, horretarako, aldaketak bultzatzea zenbait eremutan: kulturetan, aniztasunaren gainean hitz egiteko eta pentsatzeko moduetan, eta eskolako hezkuntza-politiketan eta -praktiketan.
Ikastetxeei aholkularitza ematea ikasteko eta parte hartzeko oztopoak identifikatzeko eta kentzeko prozesuetan, ikasle guztien garapen integrala berma dezaten, haien garapen konpetentzial, emozional eta sozial osoa kontuan hartuta.
Ikastetxeei aholkularitza eta lankidetza ematea unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren maila guztietako irakasleen prestakuntzan, proiektu inklusiboak garatzeko, ikastetxe bakoitzak bere bidea egin behar baitu inklusioa erdiesteko.
Irakasleei eta inklusioan laguntzen duten profesional ez-irakasleei prestakuntza eta aholkularitza ematea haien zereginetan, lanean diharduten ikastetxeetako irakasle-taldearekin lankidetzan.
Erregelamendu bidez zehazten diren gainerako eginkizunak.
Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortzen da, autonomia funtzionala duen organo gisa, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailari atxikita.
Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren egiteko nagusia da hizkuntza-metodologiak lantzea eta irakasleak prestatzea, haien jarrera, aurrerapena eta hizkuntza-inplikazioa indartzeko asmoz, hezkuntza-sistemak testuinguru bakoitzean dituen eskakizunen arabera. Horretarako, Institutuak bere gain hartuko ditu hezkuntzaren arloko eskumena duen saileko Euskara Zerbitzuak sortu zenetik bete izan dituen eginkizunak.
Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez zehaztuko ditu Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren osaera eta eginkizunak, lege honetan ezarritakoaren arabera, eta haren antolakuntza- eta funtzionamendu-araudia onartzeko ahalmena aurreikusiko du, erregelamendu bidez xedatuko denaren esparruan.
Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua euskararen erabilera aktiboa sustatzeko sortzen da, honako eremu hauetan gutxienez:
Irakasleak hizkuntzaren eta metodologiaren alorretan gaitzea, euskal kultura transmititzeko gaikuntza ere barne dela.
Euskal Hezkuntza Sistemaren hizkuntza-ziurtapenaren alorreko beharrak aztertzea eta haiei buruzko proposamenak egitea eta ezartzea.
Euskal curriculuma lantzea eta eskola-materialaren ekoizpena antolatzea.
Eskola-eremuan hizkuntza-erabilera dinamizatzea (normalizazio-planak, jarduerak sustatzea, berrikuntza, ikerketa, dibulgazioa eta diseinu bereziko programak).
Lege honen erregelamendu bidezko garapenean jasoko diren gainerakoak.
Irakasleen hasierako prestakuntza hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrak eskatzen dituen titulazio- eta kualifikazio-beharretara egokituko da.
Hasierako prestakuntzak barne hartu behar ditu hala ezagutzak bereganatzea nola irakasleen artean gaitasun eta jarrera profesional egoki batzuk garatzea ere, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan eta ikasleen garapenean irakasleei laguntzeko. Horiekin batera, ebidentzian oinarritutako hezkuntzak hasierako prestakuntzan presentzia izango du.
Hasierako prestakuntzako ikasketa-planek, prestakuntza zientifikoaz gain, honako hauek ere bermatuko dituzte: alderdi psikopedagogiko eta didaktikoetan beharrezkoak diren konpetentziak eskuratzea, bi hizkuntza ofizialak menderatzea, atzerriko hizkuntza bat jakitea, digitalki ahalduntzea, irakaskuntzako talde-lana, eta irakaskuntza-eginkizuna betetzeko trebetasun sozial eta tutorial egokiak izatea.
Irakasleen hasierako prestakuntzako praktika-fasea, betiere, Hezkuntza Administrazioak aldez aurretik egiaztatutako ikastetxeetan egingo da.
Irakasleek etengabe egokitu beharko dituzte beren ezagutzak eta trebetasunak une bakoitzeko erronka eta eskakizunetara eta, bereziki, ahalduntze digitalera eta hizkuntzetan duten trebetasunen garapenera, eta hizkuntzen irakaskuntzara eta euskal kulturaren transmisiora, ikasleek prestakuntza egokia jaso ahal izan dezaten eta eremu horietan dituzten konpetentzia eta ahalmen akademikoak ahalik eta gehien garatu ditzaten.
Ikastetxeetako irakasleek beren konpetentzia profesionalak garatu behar dituzte, eta hezkuntza-testuingurura etengabe egokitu, prestakuntza jarraituko programen bidez, sareko lana eta jarduera eta esperientzia egokien trukean oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza sustatuz. Horrez gain, beren garapen profesionalaren eta bizialdi osoko ikaskuntzaren bultzatzaile ere izango dira irakasleak.
Prestakuntza jarraituko programen helburua da irakasleen ezagutzak, trebetasunak eta metodologia egokitzea zientzia eta didaktika espezifikoen bilakaerara.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ardura handiz zainduko du, bere erantzukizunen esparruan, irakasleek eskura izatea beren jarduera profesionalean behar dituzten baliabideak, ikasleen prestakuntzan eta garapenean emaitza onenak lortzeko baliabideak alegia. Horretarako, programa egonkor eta jarraitu batzuk garatuko dira. Programa horietan parte hartzea nahitaezkoa izan daiteke, eta irakasleen ardura da programa horietan parte hartzea eta baliabide horiek behar bezala aprobetxatzea.
Era berean, irakaskuntza-jarduera hobetzearren, ikerketa- eta berrikuntza-programak ere sustatu behar dira, batez ere elkarlanerako jardunbidean eta jarduera egokiak zabalduko dituzten eta ezagutza eta esperientzia arrakastatsuak partekatuko dituzten sare profesionalen sorreran proiektatzen direnak, eta halaber bultzatu behar dira ikaskuntza-komunitateak eta prestakuntza sustatuko duten beste egitura batzuk ere, bai eta autoebaluazioa zabaldu ere.
Nolanahi ere den, irakasleek etengabe egokitu beharko dituzte beren ezagutzak eta trebetasunak une bakoitzeko erronka eta eskakizunetara eta, bereziki, teknologia disruptiboen bilakaerara eta atzerriko hizkuntzetan duten trebetasunen garapenera, helburua izanik ikasleek prestakuntza egokia jaso ahal izan dezatela eta eremu horietan dituzten konpetentzia eta ahalmen akademikoak ahalik eta gehien garatu ditzatela.
Irakasleek, gainera, eskubidea izango dute lanbidesustapenerako, eta irakaslearen lanbide-garapenerako laguntzak eta prestakuntza jasotzeko. Horretarako, hasierako prestakuntza, indukzio-prozesuak eta etapa profesionalak bideratzeko balioko duen irakaskuntza-konpetentziaren gaitasuna esparrua definituko da.
Irakasleak une bakoitzeko erronketara etengabe egokitzeko prestakuntza jarraiturako beharrezkoak diren neurriak eta ekintzak bultzatzea helburu, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hitzarmenak egin ahal izango ditu unibertsitateekin, elkargo profesionalekin eta irakasleen konpetentzia profesionalak garatzeko prozesuetan kalitatea hobetzen lagunduko duten beste entitate publiko edo pribatu batzuekin.
Lege honen bidez bultzatzen den Euskal Hezkuntza Sistemaren eraldaketa-prozesuan, irakasleek funtsezko rola dute, berrikuntza pedagogikoak abian jartzen baitituzte. Berrikuntza horiek proposamen edo saiakuntza pilotuen ondorio dira, eta, haien eraginkortasuna modu enpirikoan egiaztatu ondoren, ikastetxe bakoitzean modu orokorrean ezarri ahal izango dira, hezkuntza-proiektuaren osagai baitira.
Irakasleen lidergoa irakasten duten esparru, arlo edo irakasgaiaren ezagutza adituan datza, bai eta erabiltzen dituzten trebetasun didaktiko eta metodologiko koherenteen ezagutzan ere. Horretarako, beharrezkoa denean, gidari, orientatzaile edo estimulatzaile gisa jardungo dute, ikaskuntza partekatua edo ikaskuntza autonomoa baliatuz. Halaber, talde-lana edo elkarlana sustatuko dute, bai eta proiektukako lanei edo ikasleen garapen pertsonalean laguntzen duen eta haien ezagutza eta trebetasunak hobetzen dituen eta autoestimua bultzatzen duen irakaskuntzako eta ikaskuntzako beste edozein modalitate ere, betiere jakintzaren aurkikuntza eta indartzea oinarri hartuta, izatea eta elkarrekin bizitzea modu hoberenean sendotzeko xedez.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak beharrezkoak diren neurriak sustatu behar ditu, eta behar diren komunikazio-kanpainak egingo ditu, beren zereginean irakasleenganako eta hezkuntza-komunitateko gainerako eragileekiko errespetua bermatzeko. Horretarako, behar diren neurriak hartuko ditu irakasleen baldintzak hobetzeko eta haien eginkizunak babesteko, beraien lanean eta egoera pertsonalean edo familiarrean eragina izan dezaketen esku-sartze bidegabeak, presio edo mehatxuetatik.
Hezkuntza Administrazioak, halaber, ikastetxe publikoetako irakasleei dagokienez, beharrezko diren neurriak hartuko ditu haien lanbide-jardunaren ondoriozko gertakari eta gorabeheretan behar bezalako babesa eta laguntza juridikoa eta erantzukizun zibilaren estaldura bermatzeko.
Ikastetxeetako irakaskuntza-eginkizunak hezkuntza-arretako zenbait profesionalen nahitaezko laguntza izango du. Profesional horiek titulazio, kualifikazio eta profil profesional egokiak izan behar dituzte, ikastetxe bakoitzaren premien arabera ikasleentzako hezkuntza-arreta osatzeko eta ikastetxearen hezkuntza-proiektua garatzen laguntzeko. Laguntzako langile horiek ikastetxeko irakaskuntza-proposamenen arabera eta zuzendaritzak zehazten dituen irizpideekin bat eginik koordinatuko dira eta hala esku hartuko dute, hezkuntza-proiektu bakoitzak ezartzen duen esparruan, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak bere titularraren bidez ezartzen duen erregelamendu-garapenaren barruan.
Laguntzako langile horiek irakaskuntza-proposamenekin bat etorriz klaustroarekin koordinatuko dira eta talde profesionaletan esku hartuko dute, ikastetxeko zuzendaritzak zehazten dituen irizpideen arabera eta hezkuntza-proiektu bakoitzak ezartzen duenaren esparruan, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak titularraren bidez ezartzen duen erregelamendu-garapenaren barruan.
Ikastetxeek autonomia bermatua dute pedagogia- eta antolamendu-eremuetan eta prozeduren, giza baliabideen eta baliabide teknologiko eta materialen kudeaketan, bai eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioan ere, indarreko legediaren barruan, hori guztiori lege honetan eta berau garatzen duten erregelamendu-arauetan aitortutako baldintzetan.
Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeen autonomia baliatuz, haien gobernu-organoek helburu gehigarri batzuk finkatuko dituzte, ikastetxea antolatuko dute, helburuak betetzeko beharrezkoak diren baliabideak zehaztuko dituzte eta hezkuntza-proiektua definituko dute, bai eta proiektua gauzatzeko modua ere, eta haren jarraipena egingo dute. Hezkuntza-proiektuak kudeaketa-proiektua hartu ahal izango du barruan, programa-kontratuan jasotako baldintzetan, halakorik badago. Halakorik ezean, ikastetxeak biak onartu beharko ditu.
Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetan, hezkuntza-proiektua eta, hala badagokio, kudeaketa-proiektua ebaluatu egingo dira, lege honetan eta berau garatzen duten erregelamendu-arauetan adierazitako baldintzetan.
Ikastetxeen autonomia beti bideratzen da elkarbizitza, ekitatea, inklusioa eta hezkuntza-zerbitzuen prestazioaren bikaintasuna bermatzera; bai eta ikasleen nortasuna erabat garatzera ere, hezkuntza-konpetentziak bereganatzearen eta baliatzearen bitartez eta jakintzaren, egiten jakitearen, gaitasunak zabaltzearen eta ikasteko jarrera sustatzearen bitartez, aldi berean oreka emozionala, autoestimua eta ahaleginaren kultura ere bultzatuz.
Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetan, hezkuntza-proiektu bakoitzak programa-kontratuen esparruan sustatzen dituen ebaluazioan eta hezkuntza-berrikuntzako praktiketan datza autonomia pedagogikoa eta antolamendurako eta kudeaketarako autonomia, eta kontuak ematea izango du ixteko bide.
Antolakuntzari eta funtzionamenduari dagokienez, koordinazio-, efikazia-, efizientzia- eta gardentasun-printzipioei jarraituz arautuko dira ikastetxeak, eta ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea bermatzen diete, hezkuntza-proiektua eta hezkuntzaren helburu orokorrak aplikatuz, kasuan kasuko programa-kontratuan aurreikusitako baldintzetan, halakorik badago.
Halaber, ikastetxeek antolaketa-berrikuntza, egituren etengabeko eraldaketa eta egokitzapena eta langileen etengabeko gaikuntza sustatuko dituzte, bai eta prozedura, izapide eta irakaskuntza-metodologien digitalizazioa eta sinplifikazioa ere, lege honetan jasotako baldintzetan.
Ikastetxeen autonomia, funtsean, tresna hauen bidez babesten da:
Hezkuntza-proiektua. Besteak beste, curriculum-zehaztapenak jasoko ditu, eta hizkuntza-proiektua ere proiektu horretan sartuko da.
Kudeaketa-proiektua.
Ikastetxearen antolakuntza- eta funtzionamendu-araudia.
Halaber, ikastetxe bakoitzak kudeaketa-plan bat onartuko du urtero, programa-kontratuarekin bat datorrena, halakorik badago. Plan horretan, adierazle batzuk ezarriko dira, eta denbora-tarte horretan egin den kudeaketaren emaitza ere ebaluatuko da, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak egindako plan estrategikoaren arabera. Programa-kontratua, halakorik badago, jarraibide horietara egokitu beharko da hitzartutako aldietan.
Ikastetxeek hezkuntza-proiektu bat izan beharko dute, eta proiektuak berariaz errespetatuko ditu lege honetan ezarritako printzipio, balio eta arauak eta, zehazki, ekitatea eta aukera-berdintasuna, kohesioa eta diskriminaziorik eza, bai eta bikaintasuna ere.
Hezkuntza-proiektuak, halaber, jarduteko lehentasunak jasoko ditu; Hezkuntza Administrazioak ezarritako curriculumak zehaztuko ditu; herritartasun aktiboan, garapen jasangarrian eta klima-aldaketaren aurkako borrokan oinarritutako hezkuntza, eta emakume eta gizonen berdintasunean oinarritutako hezkuntza hezkidetzailea gauzatzera bideratutako ikaskuntza konpetentziala bultzatuko eta garatuko du, arreta berezia jarriz heziketa afektibo-sexualean eta haurren aurkako indarkeriaren, jazarpenaren eta ziberjazarpenaren prebentzioan, bai eta bakearen eta giza eskubideen kulturan ere. Era berean, teknologiaren integrazio pedagogikoak eta eraldaketa digitalak dakartzaten aldaketak jasotzen dituen hezkuntza bat jasoko du.
Hezkuntza-proiektuak, ikastetxearen autonomia babesten eta eraginkor bilakatzen duten gainerako tresnekin batera, ikastetxearen identitatea jasoko du; faktore bereizgarri eta ikastetxearen idiosinkrasia propioaren adierazpide den aldetik, haren helburuak adieraziko ditu, eta xedea izango du ikasleek kasu bakoitzean eskatzen diren oinarrizko konpetentziak lortzea eta ikastetxe bakoitzean eskaintzen diren hezkuntza eta ikaskuntza ahalik eta gehien aprobetxatzea.
Hezkuntza-proiektua lege honen erregelamendu-garapenean ezarritakoaren arabera idatzi beharko da, eta osagai hauek izan beharko ditu, gutxienez:
Ikastetxeko zuzendaritzak eskola-komunitateko sektoreekin adostasunean bere gain hartzen duen hezkuntza-aukera, zeinak identifikatuta izango baititu ikastetxeko jardueren bitartez erdietsi nahi diren misioa, ikuspegia, balioak eta oinarrizko helburuak.
Hezkuntza-proiektuaren izaera integratzailea jorratzeko, honako printzipio hauek txertatzea: kohesioa, aniztasuna, elkarbizitza, balioetan oinarritutako hezkuntza-integrazioa eta bikaintasuna eta ekitatearen sustapena.
Adin-tarteen eta zikloen arabera ikasleen ahalduntze digitala bermatzeko estrategia bat, digitalizatzea erabakitzen den ikaskuntza-irakaskuntza prozesu horietan bitarteko teknologikoak pedagogikoki nola txertatuko diren zehaztuz.
Euskal hezkuntza-zerbitzu publikoa eskaintzen duten ikastetxeetan, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritza-taldeari dagokio autonomia pedagogikoa bultzatzea eta haren buru izatea. Hala dagokion kasuetan, autonomia pedagogikoaren sustapena ikastetxe bakoitzeko pertsona edo entitate titularrarekin partekatuko da, eta ikastetxeko zuzendaritzari egokituko zaio haren lidergoa.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hezkuntza-proiektua egiteko behar duten laguntza emango die funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeei, eta sustatuko du, era berean, ikasle-talde berari segidako etapak ematen dizkioten ikastetxeen hezkuntza-proiektuak koordinatzea eta elkar osatzea.
Ikastetxe publikoen zuzendaritza-proiektuak hezkuntza-proiektuarekin guztiz bat etorri beharko du; nolanahi ere, proiektu horietan egokitzapen batzuk ere proposatu ahal izango dira, hezkuntza-, antolaketa- edo kudeaketa-berrikuntzako praktika puntual batzuk sartzeko, bai eta parte-hartzearen eremuan ere, eta halaber zuzendaritza-proiektuak ingurune soziokomunitario eta instituzionalarekin dituen harremanen alorrean.
Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeen hezkuntza-proiektuak hezkuntza-komunitateko sektoreen arteko lankidetza eta ikastetxearen eta bere gizarte-ingurunearen arteko harremana bultzatzen lagunduko du, bereziki tokiko eremuan udaleko hezkuntza-kontseiluen bitartez, hala badagokio, partaidetza-organoak diren aldetik, lege honetan jasotako komunitate-proiektuak artikulatuz eta erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.
Ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-proiektuek elikadura osasungarri eta jasangarriaren balioak integratuko dituzte, jarduera fisikoa sustatzearekin batera. Eskola-jantokiak hezkuntza-proiektuaren parte izango dira, materialak eta gai komunak modu partekatuan landuz. Jantokiko langileek elikadurarekin eta ohitura osasungarriekin lotutako hezkuntza-proiektuen zati bat garatuko dute.
Autonomia da, bere adierazpen guztiak aintzat hartuta, ikastetxeen kalitatearen oinarri.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxeen kalitatea bultzatzeko beharrezkoak diren programak eta ekintzak sustatuko ditu erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan, eta, besteak beste, honako eremu hauetara zuzendu ahal izango da: hizkuntza-proiektuak, hezkuntza-berrikuntzako proiektuak, ikastetxeen kudeaketa eraginkor eta berritzailea, eskola-elkarbizitzako eta inklusioko ereduak edo digitalizazio-proiektuak.
Hezkuntza-kalitateko ekintzak berariazko plan batzuetan sartuko dira. Ikastetxeak edo, hala badagokio, hezkuntza-ikuskaritzak edo hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ebaluatuko ditu plan horiek, eta haiei buruz kontuak eman.
Ikastetxeek autonomia pedagogikoa dute, ezarritako curriculum-esparrutik abiatuta, eta horrek aukera emango die helburuak, oinarrizko konpetentziak, edukiak, metodologiak eta ebaluazio-irizpideak zehazteko, curriculum-zehaztapenetan definitzen direnak.
Ikastetxeek ikasleen tutoretzen ezaugarri espezifikoak zehaztuko dituzte, bai eta hezkuntza-proiektuan, programa-kontratuetan halakorik badago edo helburuak edo erantzukizunak onartzeko egiten den beste edozein dokumentutan beren gain hartzen dituzten hezkuntza-proiektu eta -konpromisoen ezaugarriak ere.
Ikastetxeek familien, legezko tutoreen eta ikastetxeen arteko hezkuntza-konpromiso batzuk sustatuko dituzte. Konpromiso horietan, ikasleen errendimendu akademikoa hobetzeko ekintzak, programak edo jarduerak garatzeko konpromisoa hartuko dute familiek, irakasleek eta ikasleek.
Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeek eskaintzen dituzten aukera pedagogikoak ikasleen premiei erantzutera bideratu behar dira, oinarrizko konpetentziak eta bakoitzaren ahalmenen araberako hezkuntza-aprobetxamendurik handiena eta ahalduntze digitala lortzeko, bai eta pentsamendu kritikoa eta etorkizuneko gizartean erraz txertatzeko trebetasun bigunak eskuratzeko ere. Hezkuntza-proiektua etengabe egokituko da, gizarte-eraldaketei eta testuinguru-aldaketei aurre egiteko.
Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetan, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzari dagokio autonomia pedagogikoa bultzatzea eta haren buru izatea. Hala ere, funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxe pribatuetan, autonomia pedagogikoaren sustapena ikastetxe horretako pertsona edo entitate titularrarekin partekatuko da, eta ikastetxeko zuzendaritzari egokituko zaio lidergoa.
100. artikulua. Ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatuen antolaketa-autonomiaren eremua.
Ikastetxeek beren egitura, plangintza-tresna eta prozeduren bidez gauzatzen dute antolaketa-autonomia, bai eta antolakuntza- eta funtzionamendu-araudian duen konfigurazioaren bidez ere, eta onartutako ikastetxearen kudeaketa-proiektuaren bidez eta antolakunde horietan jarduten duten zuzendaritzaren, profesionalen eta langileen kudeaketaren bitartez.
Titulartasun publikoko ikastetxeetan, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzari dagokio, gobernu-organoen eskumenen arabera, antolaketaren gidaritza era partekatuan gauzatzea, eta ikastetxearen egitura eta funtzionamendua hobetzeko neurri batzuk bultzatzea eta hartzea, aplikagarriak diren erregelamendu-xedapenen eta hezkuntza-proiektuaren beraren esparruan, eta, halakorik badago, programa-kontratuarenean, bat etorrita hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak egindako plan estrategikoan jasotako helburuekin.
Titulartasun publikoko ikastetxeen antolamendu-autonomiak ez du eragozten, lege honetan eta beronen erregelamendu bidezko garapenean ezarritakoaren arabera, berariazko antolamendu-egitura batzuen esku uztea zenbait kudeaketa-prozedura edo -izapideren konfigurazioa eta ebazpena, baldin eta egitura horiek, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak sortuak, kudeaketa-zerbitzu komun edo izaera tekniko-administratibo edo finantzarioko zerbitzuak ematen badizkiote aurrez lurralde- edo funtzio-ikuspegitik definitutako ikastetxe publikoen multzo bati.
Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxe pribatuetan, irakasleen klaustroari entzun ondoren, ikastetxe bakoitzaren titulartasuna duenari dagokio ikastetxearen antolaketa-egiturari buruzko erabakiak hartzea, eta eskola-kontseiluaren eskumena da antolakuntza- eta funtzionamendu-arauak onartzea, ikastetxearen titularraren proposamenez, lege honetan eta berau garatzen duten erregelamendu-arauetan aurreikusitako baldintzetan. Nolanahi ere, ikastetxeko zuzendaritzari dagokio antolakuntzaren buru izatea, aurretik azaldutakoaren esparruan eta lege honetan eta berau garatzen duten erregelamendu-arauetan ezarritakoaren esparruan.
101. artikulua. Ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatuen kudeaketa-autonomia.
Ikastetxearen kudeaketa-proiektuak kudeaketa ekonomikoaren ildoak garatuko ditu, ikastetxearen autonomiatik abiatuta, ikastetxearen hezkuntza-plana garatzeko zuzkidura ekonomikoak eta materialak esleitzeko. Esparru horretan, ikastetxearen urteko kudeaketa-planak ikastetxearen aurrekontu propioa izango du bere zehaztapenen artean. Aurrekontu horretan, ikastetxearen funtzionamendu-gastuak jasoko dira, bai eta erregelamendu bidez zehaztutako ekipamendu- eta inbertsio-gastuak ere, eta gastu horiei aurre egiteko baliabideak.
Ikastetxe publikoen kudeaketa-autonomiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eremuan aplikatzekoa den ordenamendu juridiko orokorrean eta hura garatzen duten arauetan ezarritako esparruaren barruan, honako hauek biltzen ditu:
Irakasleen, hezkuntza-arretako langileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen kudeaketa.
Ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa printzipio hauetara egokituko da: finantza-kudeaketa egokia, efikazia, ekonomia, aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna, osotasuna, eta kutxa edo aurrekontu bakarra. Kudeaketa ekonomikoak diru-sarreren eta gastuen aurreikuspenean berdindutako hasierako aurrekontuaren printzipioa bete behar du, bai eta kontuak ematearen printzipioa ere.
Ondasunak eta zerbitzuak eskuratzea eta kontratatzea, aplikagarria den legediari eta horretarako berariaz emandako erregelamendu-arauei jarraituz eta jasangarritasunaren, efizientziaren, lehia askearen, osotasunaren eta gardentasunaren printzipioekin bat etorriz.
Ikastetxearen baliabide ekonomikoen banaketa eta erabilera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoan aplikagarriak diren aurrekontu-legediarekin eta kontabilitate-arauekin bat etorrita, alde batera utzita ikastetxeak administratzen dituen aurrekontu-baliabideen edo ondasunen edozein doako erabilera, erregelamenduz aurreikusitako salbuespenak salbuespen.
Ikastetxearen erabilera sozialari buruz eta udalerriko komunitate- eta elkarte-bizitzan txertatzeari buruz erabakitzeko gaitasuna, ikastetxeko eskola-kontseiluak onartzen dituen jarraibideetatik abiatuta, halakorik badago, eta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezartzen duenaren arabera edo, azaldutakoarekin bat etorriz, udaleko hezkuntza-kontseiluak erabaki ditzakeen jarraibideen arabera.
Baliabide ekonomiko eta material gehigarriak lortzea edo onartzea, hala badagokio, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak adierazitako baldintzetan.
Prozedurak eta izapideak digitalizatzea, bai eta prozesu horiek automatizatzea eta familientzako eta ikasleentzako administrazio-kargak sinplifikatzea eta murriztea ere, arreta berezia jarriz ikastetxean baliabide teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiltzean, lege honetako printzipio, balio eta helburuek definitzen duten erara.
Gardentasunaren, parte-hartzearen eta kontuak ematearen printzipioak gidatutako kudeaketa egitea.
Hezkuntza-proiektuaren ondorioz sortzen diren eta ikastetxearen zuzendaritza-proiektuan zehaztutako premien arabera, ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendariak ikastetxeetako organo gorenari entzun ondoren eta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezarritako mekanismoei esker, sail horri proposatuko dio zein irakasle-lanpostutarako den beharrezkoa irakaskuntzako titulazioari eta lanbide-gaikuntzari dagozkien baldintza gehigarriak betetzea. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxeko zuzendaritzak egindako proposamenak aztertu ondoren, ikastetxeko langileen plantilla finkatuko du.
Ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzak eskumena du irakasleen, laguntzaileen eta, hala badagokio, administrazioko eta zerbitzuetako langileen ebaluazio-prozesuak bultzatzeko, eta, gainera, langile horiek kudeatzearekin lotutako ahalmen guztiak egikaritzen ditu. Nolanahi ere, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezartzen dituen prozedura eta irizpideen barruan sartuko dira ebaluazioaren arloko eskumenak, betiere bermatuz gardentasuna, informazio-eskubideak eta ebaluatutako langileei entzutea.
Ikastetxe publikoetan, hauek dira kudeatu beharreko diru-funtsak: ikastetxeetako jardueraren gastuei aurre egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eginiko diru-esleipenak, eta prezio publikoen bidez kargatutako zerbitzuen prestazioen truke eta erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan jasotzen diren diru-kopuruak.
Ikastetxe publikoei dagokienez, prezio publikoen bidez kargatutako zerbitzuak emateagatik lortutako baliabideen kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esparruan aplikatzekoak diren arau orokorretara egokituko da, eta Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian likidatuko da eta aurrekontu publikoan sartuko da.
Lege honen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren babesean sor litezkeen ikastetxeen kudeaketan laguntzeko lurralde-unitaterik ez badago edo xedapen horren arabera sor litekeen horrelako bestelako laguntza-egiturarik ezean, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak kudeaketa ekonomikoa egikaritzeko aholkuak emango dizkie ikastetxe publikoetako zuzendaritzei.
Ikastetxe publikoetan kudeaketaren erantzukizun gorena autonomiaz gauzatzen duen organo eskuduna bertako zuzendaritza da.
Nolanahi ere, itunpeko ikastetxeen kudeaketa haien titularren eta antolakunde horietako zuzendarien eskumena da beti, salbu eta lege honek edo lege hau garatzen duen erregelamenduzko araudiak funts publikoak kudeatzen dituztela kontuan hartuta ezartzen dituen alderdietan.
102. artikulua. Itundu gabeko ikastetxe pribatuen antolaketa- eta kudeaketa-autonomia.
Ikastetxe pribatuek pedagogia- eta antolaketa-autonomia dute, eta horren muga bakarra dira lege honek eta ikastetxe mota horietarako indarrean dagoen esparru juridikoak ezartzen dituztenak.
Ikastetxe pribatuek, betiere, ematen dituzten ikasketen curriculuma garatu eta zehaztu behar dute, lege honetan eta berau garatzen duten arau-xedapenetan ezarritakoaren arabera.
Ikastetxe pribatuetako titularrek bermatu behar dute ikastetxeak zuzen baliatzen duela bere autonomia era honetako ikastetxeak baimentzeko araubideari lotutako lege-esparruaren barruan.
Ikastetxe pribatuetako titularrek Hezkuntza Administrazioaren esku jarri behar dute ematen dituzten ikasketen curriculuma zehazteko aukera.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Euskal Hezkuntza Sistema kudeatzeko eta ikastetxeei laguntzeko egiturak indartzea eta arrazionalizatzea.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak sistema berezi eta aldi baterako batzuk ezarri ahal izango ditu, saileko buruak emandako erregelamenduzko araudi bidez, irakasleen eta laguntzako langileen lanpostuak betetzeko, bai eta zuzendaritza publikoa indartzeko egituretako lanpostuak betetzeko ere (zuzendari laguntzaileak edo gerentziak), ikastetxe jakin batzuen antolaketaren berezko ezaugarriak kontuan hartuta.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren proposamenez, misio, proiektu edo programetarako iraupen jakin bateko antolaketa-egiturak sortu ahal izango dira, sailaren ohiko egituren eta sailaren lurralde-egituren arteko sinergiak eskatuko dituen zeharkako ekintza helburu. Proiektu-egitura horiei aldi baterako langileak esleitu ahal izango zaizkie, bai zerbitzu-eginkizunetan, bai eginkizunak behin-behinean esleituz edo langileak birbanatuz, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan.
Era berean, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren proposamenez, kasuan kasuko saileko buruaren erregelamendu bidezko garapenaren bidez zehazten denaren arabera, kudeaketa balioaniztuneko antolaketa-egitura batzuk ezarri ahal izango dira, zerbitzuak emateko eremu geografiko espezifiko bateko ikastetxe jakin batzuei edo izaera aldetik edo ematen dituzten ikasketen aldetik antzekotasunak dituztenei. Administrazio-zerbitzu komun horiek eremu hauetan eskaini ahal izango dira:
Idazkaritza-zerbitzuak.
Ekonomia- eta finantza-zerbitzuak.
Zerbitzu teknologiko batzuk kudeaketan, irakaskuntzan edo ikaskuntzan erabiltzeko.
Administrazio-zerbitzuak, bereziki ikasleak onartzeko, kontratazio publikoa egiteko eta giza baliabideak kudeatzeko zerbitzuak.
Datuak babesteko, gardentasunerako eta kontuak emateko zerbitzuak.
Ikastetxeetako zuzendaritzei laguntza teknikoa emateko zerbitzuak.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ikastetxeak sare publikoan sartzea.
Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak, bere plangintzako oinarrizko beharren arabera eta legeari jarraituz, ikastetxe pribatu batzuk titulartasun publikoko sarean sartzeko araubidea garatuko du, ikastetxe horien adostasuna jaso ondoren.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Eskola-segregazioaren aurkako ituna.
Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak elkarrizketa aktiboko prozesu bat abiaraziko du hezkuntza-komunitatearekin, eskola-segregazioaren aurkako itun bat lortzeko.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ikastetxe publikoen autonomía.
tituluan ezarritakoari kalterik egin gabe, lege hau indarrean sartu eta gehienez ere bi urteko epean, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxe publikoen autonomia arautu behar duen esparrua aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Esparru erkide eleaniztuna.
tituluan ezarritakoari kalterik egin gabe, lege hau indarrean sartu eta gehienez ere bi urteko epean, Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren proposamenez, sistema eleaniztunaren esparru komunaren ezaugarriak onartuko ditu, ikastetxe bakoitzaren hizkuntza-proiektua egiteko erreferentzia gisa. Hizkuntza-proiektu hori, betiere, euskararen inguruan artikulatua eta bi hizkuntza ofizialetan eta gutxienez atzerriko hizkuntza batean egituratuta egongo da.
Esparru erkide horrek printzipio hauei erantzun beharko die:
Ikuspegi eleaniztuna: curriculuma osatzen duten hizkuntza guztiak ikasi egin beharko dira, eta ezagutza sortzeko eta transmititzeko tresna izan beharko dute.
Malgutasuna eta moldagarritasuna: hezkuntza-sistema osoan komunak diren hizkuntza-alderdietatik abiatuta, esparruak ahalbidetu behar du ikastetxeek hura egokitu ahal izatea beren autonomia gauzatzean, kontuan hartuta testuinguru soziolinguistikoa, familien erabaki informatuak eta ikastetxean hartutako hezkuntza- eta pedagogia-akordioak.
Inklusibotasuna eta eraginkortasuna: esparruak ikasleen ezaugarrietara egokitutako hainbat ibilbide garatzea ahalbidetu behar du, halako eran non ez den inola ere baldintzatuko gaitasunen garapenean arrakasta izatea eta hizkuntza-helburuak lortzeko hainbat estrategia eta metodologia erabiltzea ahalbidetuko duen.
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Euskadiko Eskola Kontseilua.
Lege hau indarrean sartu eta gehienez ere bi urteko epean, Eusko Jaurlaritzak dagokion legegintza-ekinbidea aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Eskola Kontseiluaren araubidea eraberritzeko. Ekinbide horretan, egiturazko diseinu berri batekin batera, egokiak diren neurri iragankorrak ere aurreikusiko dira.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua.
Eusko Jaurlaritzak Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua eratzea ahalbidetuko duen araudia onartuko du, lege hau indarrean jarri eta gehienez ere urtebeteko epean.
Indargabetuta geratzen dira lege honetan ezarritakoaren aurka doazen lege eta erregelamenduzko xedapen guztiak, eta berariaz, 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Legearen arauzko garapena.
Ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari, bere eskumenen esparruan, lege hau garatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan, bai eta arau-testu honetan jasotako aurreikuspenak erabat aplikatzea bermatuko duten beharrezko diren neurriak ere har ditzan.
Aurreko apartatuan ezarritako ahalmenek ez dituzte eragotziko hezkuntzaren arloko eskumena duen saileko buruak zenbait gai jakin arautzeko lege honen arabera duen erregelamenduzko araugintzarako gaikuntza berariazkoak. Gai horiek gaur egun araututa badaude, lege hau indarrean sartu ondoren aldatu edo indargabetu ahal izango dira, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren erregelamenduzko araudiaren bidez.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabetera jarriko da indarrean.
Hala ere, azken xedapen honen hirugarren apartatuan aurreikusten den erregelamendu bidezko garapena eragotzi gabe, Euskal Eskola Publikoari buruzko 1993ko otsailaren 19ko 1/1993 Legea garatzeko emandako araugintza-xedapenak eta lege hau indarrean sartu aurretik onartutako eta argitaratutako gainerako xedapenak, Euskal Autonomia Erkidegoak hezkuntzaren arloan duen eskumen osoa baliatuz onartutakoak, erabat aplikagarriak izango dira lege honek ezarritakoaren aurka ez doazen alderdi guztietan. Nolanahi ere, lege honetan ezarritako printzipio eta helburuetatik abiatuta interpretatuko da erregelamenduzko xedapen horien norainokoa.
Eusko Jaurlaritzak edo hezkuntzaren arloko eskumena duen saileko buruak gai jakin bat garatzeko araugintza-eskumena nork duen lege hau indarrean jartzen denetik gehienez ere bi urteko epean onartu beharko dituzte arau-testu hau garatzeko aurreikusten diren erregelamenduzko arau-xedapenak.
Aurreko apartatuan ezarritako ondorioetarako eta apartatu horretan ezarritako gehienezko epeak betetzearren, xedapen orokorrak urgentziaz egiteko prozedura erabili ahal izango da, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legean ezarritakoarekin bat etorrita.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 28a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.