Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2008ko irailaren 7koa, Herrizaingo sailburuarena, 2005eko urriaren 4ko Agindua nahitaez betearazteko prozedura hasten duena. Agindu horretan deklaratu egin zen Laudioko ertzain-etxea eta suhiltzaileen parkea eraikitzeko lanen ezkutuko akatsengatiko erantzukizuna (KBN I12/7/2008 espedientea). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2008ko irailaren 7koa, Herrizaingo sailburuarena, 2005eko urriaren 4ko Agindua nahitaez betearazteko prozedura hasten duena. Agindu horretan deklaratu egin zen Laudioko ertzain-etxea eta suhiltzaileen parkea eraikitzeko lanen ezkutuko akatsengatiko erantzukizuna (KBN I12/7/2008 espedientea).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila; Kontratazio Batzorde Nagusia
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 244
  • Hurrenkera-zk.: 7079
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/09/07
  • Argitaratze-data: 2008/12/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Herrizaingo sailburuak 2005eko urriaren 4an Laudioko ertzain-etxea eta suhiltzaileen parkea eraikitzeko lanen ezkutuko akatsengatiko erantzukizuna deklaratu zuen.

Ebazpen horrek ezartzen zuenez, erantzukizundunek aurriaren ondoriozko kalteak konpondu behar zituzten, haien baliabideak erabiliz eta haiek iritzitako zuzendaritzapean; hala eta guztiz ere, eraikitzeko hartutako irtenbideari buruzko irizpena eman beharko zuten, egokitasunari begira, Labein Teknologia-Zentroak eta Administrazioko perituek, zehazki, Joseba Abaitua Mañarikua jaunak eta Javier Ibiricu Astrain jaunak. Aurria konpondu ezin bazen, horren baliokidea ordaindu beharko zen, kasu honetan 1.852.960,14 euro. Erantzukizundunek, gainera, 302.853,30 euroko diru-zenbatekoa ordaindu beharko zioten Administrazioari, izandako kalte eta galerengatik.

Sailburuaren 2008ko ekainaren 23ko Aginduaren bidez jakinarazi zitzaien aurriaren erantzukizundunei José M.ª Menchaca Araluce jaunari (proiektuaren egile eta lanen zuzendaria), Venancio Bilbao Barcena jaunari (aparejadorea) eta Necso Entrecanales y Cubiertas SAri (lanen kontratatzailea)- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak 2005eko urriaren 4ko Agindua nahitaez betearazteko prozedurari ekingo ziola jakinarazi zitzaien, baldin eta ohartarazpen-ebazpena jakinarazi eta 10 eguneko epean aurriaren kalteak konpontzen hasten ez baziren edo baliokidea betetzen ez bazen eta ordaintzen ez bazitzaion, aparte eta edozelan ere, Administrazioari 302.853,30 euro.

Miguel Angel Echavarri Martinez jaunak eta José M.ª Menchaca Araluce jaunak jardueretan jasotzen diren alegazioak egin dituzte, ohartarazpenari buruzkoak, baina konponketa lanak hasi barik edo, horren ezean, baliokidea bete eta Administrazioari dagokion kalte-ordaina egin barik.

Dena den, Labein Teknologia Zentroak, alde batetik, uko egin zion akordioa lortzeko izandako elkarrizketetan Jose M.ª Menchaca Araluce jaunak eraikitzeko proposatutako irtenbideari, eraikuntzaren arazoei irtenbiderik ematen ez zielako eta, beste aldetik, jo egin zuen Joseba Abaitua Mañaricua jaunak eta Javier Ibiricu Astrain jaunak ez zutela behar bezala definitzen.

Acciona Infraestructuras 2005eko urriaren 4ko Agindua betetzen hasi zen, baliokidea egiten, 2005eko urriaren 4ko Aginduan baltzu horri egotzitako erantzukizun-kuota sartuz.

Aurriaren kalteak ezin dira konpondu ez baitago eraikitzeko irtenbide onarturik eta behartutakoetako bat, Acciona Infraestructuras, bere erantzukizun-kuota ordaintzen hasi da; beraz, baliokidea egin behar da, gaur egun -Accionak ordaindutako zenbatekoak kenduta- 1.544.133,45 euro eta 252.377,75 euro, izandako kalte eta galerengatik.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 94. artikuluak dioenez, Administrazio-zuzenbideari lotutako herri-administrazioen egintzak berehala dira betearazi beharrekoak. Salbuespen dira 111. eta 138. artikuluetan jasotakoak, eta xedapenen batean aurkakorik esaten bada edo mailaz goragoko beste organo batek onartu edo baimena eman behar badu, orduan ere salbuespen izango da.

Lege horren 95. artikuluak dioenez, Herri-administrazioek, kasuan-kasuan eskumena duen organoaren bitartez, nahitaez betearaz ditzakete administrazio-egintzak, baina aldez aurretik ohartarazpena eginda. Salbuespen izango da, betearaztea legearen arabera eteten denean eta konstituzioak edo legeek auzitegien esku-hartzea eskatzen dutenean.

30/1992 Legearen 93. artikuluak dioenez, Herri-administrazioek, erabakiak betearazteko, ez dute herritarren eskubideak murrizten dituen ekintzarik hasiko, ekintza horren oinarri juridikoa den ebazpena eman gabe aldez aurretik.

Betearazteko egintzek administrazio-egintza guztiek bete behar dituzten eskakizun orokorrak bete behar dituzte.

30/1992 Legearen 96. artikuluak nahitaez betearazteko bideak azaltzen ditu.

Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko azaroaren 8ko 264/2005 Dekretua kontuan harturik.

Lehenengoa. 2005eko urriaren 4ko Agindua nahitaez betearazteko prozedura hastea. Agindu horren bidez deklaratu zen Laudioko ertzain-etxea eta suhiltzaileen parkea eraikitzeko lanen ezkutuko akatsengatiko erantzukizuna. Prozedura horren barruan honako erantzukizundunak daude: José M.ª Menchaca Araluce jauna (proiektuaren egile eta lanen zuzendaria), Venancio Bilbao Barcena jauna (lanen arkitekto teknikoa), lanak bete ez dituztelako.

Bigarrena. Kalteak ezin dira konpondu lehen esandako arrazoiengatik, beraz, baliokidea betetzeko eta diru-kopuruak ordainketa bermatzeko, ondarearen gaineko premiamendua onetsi behar da, nahitaezko betearazpena egiteko.

Hirugarrena. Jakinaraz bekie erabakia interesatuei eta ohartaraz bekie, halaber, izapide-ebazpen bat dela eta, ondorioz, ezin dela errekurtsorik aurkeztu. Hala eta guztiz ere, bidezko iritzitako alegazioak egin ahal izango dira eta baita aurkeztu ere egoki iritzitako agiriak edo elementuak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren arabera.

Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, hirugarren interesaturik egonez gero jakin dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko irailaren 7a.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 27a.

Ondare eta Kontratazio zuzendaria,

JAIME DOMÍNGUEZ-MACAYA LAURNAGA.