- AGINDUA, 2008KO IRAILAREN 29KOA, NEKAZARITZA, ARRANTZA ETA ELIKADURA SAILBURUARENA, ITSASMENDIKOI PASAIAN ETA LANBIDE HEZIKETAKO ONDARROAKO ANTIGUAKO AMA ITSASKETA ETA ARRANTZA IKASTETXEAN ITSASOARI ETA ARRANTZARI BURUZKO IKASKETAK EGITEKO BEKEN DEIALDIA EGITEKOA. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2008KO IRAILAREN 29KOA, NEKAZARITZA, ARRANTZA ETA ELIKADURA SAILBURUARENA, ITSASMENDIKOI PASAIAN ETA LANBIDE HEZIKETAKO ONDARROAKO ANTIGUAKO AMA ITSASKETA ETA ARRANTZA IKASTETXEAN ITSASOARI ETA ARRANTZARI BURUZKO IKASKETAK EGITEKO BEKEN DEIALDIA EGITEKOA.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 200
- Hurrenkera-zk.: 5794
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/09/29
- Argitaratze-data: 2008/10/20
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak ondoko helburua du, besteak beste: arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileak prestatzeko politika egokia egitea. Hori dela-eta, eta arrantza sektorearen premia eta behar sozio-ekonomikoei erantzun nahian, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak uste du beharrezkoa dela, aurreko urteetan bezala, beketarako deialdia egitea itsasoko langileentzat eta, oro har, merkatuko premietara egokitutako prestakuntza (Europako egungo eskakizunarekin bat etorri eta arrantza-sektorearentzat onuragarriagoa dena) jaso nahi duten pertsona guztientzat.
Beketarako deialdi honen xedea helburu hori lortzea da, eta deialdi honen bidez aurreko ekitaldietan hasitako politikari eutsi nahi zaio. Horren harian, 2007ko ekitaldian Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 2007ko urriaren 16ko Agindua argitaratu zen, ItsasMendikoi Pasaian eta Ondarroako Antiguako Ama ikastetxean itsasoari eta arrantzari buruzko ikasketak egiteko beketarako deialdia egin zuena.
Euskal Autonomia Estatutuko 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidego honi emandako ahalmenez baliatuz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren egitura organikoa eta egitekoena finkatzen duen 290/2005 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko Sailburuordetzak proposatuta, ondokoa
Lehenengoa. Beketarako deialdia egitea, 2008-2009 ikasturtean itsasoari eta arrantzari buruzko ikasketak egiteko honako ikastetxeotan: ItsasMendikoi Pasaian eta Ondarroako Antiguako Ama Ikastetxean.
Bigarrena. Bekak honako gai hauetarako izan daitezke:
Ohiko bizilekutik kanpo bizitzeak eragindako gastuak.
Ikastetxerako joan-etorriek eragindako gastuak.
Mantenu-gastuak.
Ikasketa-materialetarako gastuak.
Hirugarrena. Bekak emateko, beka eskatu dutenek ateratako puntuazioari begiratuko zaio, eta horretarako izendaturiko Balioespen Batzordeak ezarriko du puntuazioa. Beka eskatu duen bakoitzari puntuak emateko, bestetik, jarraian adieraziko diren irizpideak hartuko dira oinarritzat:
Egin beharreko ikasketen maila:
A maila. Arrantzako kapitaina. Goi-mailako prestakuntza-zikloak. 8 puntu.
B maila. Erdi-mailako prestakuntza-zikloak. 6 puntu.
C maila. Kostaldeko patroi balioanitza. 2 puntu.
Ohiko bizilekuko herritik ikastetxera dagoen herrirako distantzia:
1. taldea. 50 kilometrotik gora: 16 puntu.
2. taldea. 30 kilometrotik gora, 50era arte: 8 puntu.
3. taldea. 10 kilometrotik gora, 30era arte: 4 puntu.
4. taldea. 5 kilometrotik 10era arte: 2 puntu.
Eskatzailearen inguruabar pertsonal eta familiarrak:
Ezkontideagatik (ezkontideak ez badu lanik egiten): 2 puntu.
Seme edo alaba bakoitzeko: 2 puntu.
Neba-arreba bakoitzeko (ezkongabe adingabeak badira edo lanik gabe badaude, eta ezkontide bakarrak lan egiten duen famili unitate batean bizi badira): puntu 1.
Aurreko urtean eskatzaileak edo bere familiak lortutako diru-sarrera gordinak, iturria edozein dela (eskatzailea, ekonomiari dagokionez, familiaren mendean badago):
0 eurotik 6.000 eurorainoko sarrerak. 8 puntu.
6.001 eurotik 12.000 eurorainoko sarrerak. 4 puntu.
12.001 eurotik 18.000 eurorainoko sarrerak. 2 puntu.
Laugarrena. Balioespen Batzordeak izango du beka eskatu dutenei puntuazioa emateko ardura. Puntuazio hori, dena den, aurreko artikuluan azaldu diren irizpideen araberako balorazioaren ondorio izango da.
Batzordeko kideak ondoko hauek izango dira:
Lehendakaria: ItsasMendikoi Pasaiako zuzendaria.
Idazkaria: ItsasMendikoi Pasaiako Irakasle Koordinatzailea.
Batzordekidea: ItsasMendikoi Pasaiako Kalitate-burua.
Aurrekoez gain, ikasketak Ondarroako Antiguako Ama Ikastetxean egin nahi dituztenek aurkeztutako eskariak balioesteko, eskola hartako idazkaria ere izango da Balioespen Batzordeko kide.
Bosgarrena. Aurkezturiko eskabideak aztertutakoan, baldintzak betetzen dituzten eskatzaileak aukeratuko ditu batzordeak, eta dagokien puntuazioa emango die; ondoren, ebazpen-proposamena igorriko dio Landa eta Itsasertzearen Garapeneko zuzendariari. Arrantza eta Akuikultura zuzendariak, jarraian, ebazpena emango du, eta agindu honetako deialdiko bekak esleituko ditu. Ebazpen horretan, onartutako hautagaien zerrenda jasoko da, eta garbi adieraziko da hautagai bakoitzaren puntuazioa eta esleitutako bekaren zenbatekoa. Hori guztia interesa duten pertsonei jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpena, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasi eta gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori igaroz gero, eskabideak ezetsitzat jo daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluak dioenaren ondorioetarako. Lege berak, hala ere, beren beregiko ebazpena eman beharra ezarri dio Administrazioari, jakina. Ebazpenak, beraz, ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko sailburuordeari hilabeteko epearen barruan.
Seigarrena. 1. 2008-2009 ikasturterako deitutako bekak finantzatzeko, 153.464 euro izango dira, gehienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarri den kredituaren arabera.
Puntu honetarako esleitutako guztizko zenbatekoa aldatu ahal izango da, eskatutako laguntza guztien kopurua kontuan hartuta, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko laguntzetarako beste programak egitearen ondorioz agortu gabe dauden aurrekontu-baliabideen arabera, betiere laguntzak ebatzi aurretik. Hala gertatuz gero, Nekazaritza eta Arrantza Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.
Agindu honetako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guzti-guztiek bekarako eskubidea izango dute, eta beken zenbatekoa 150,25 eurokoa izango da gutxienez, eta 2.404,05 eurokoa gehienez; nolanahi ere, beka bakoitzaren zenbatekoa eta bekadunari emandako puntuak zuzenki proportzionalak izango dira. Puntu bakoitzaren balioa honela aterako da: bekentzako jarritako guztizko kopurua -aurreko zenbakian esandakoa- zati bekadun guztiek agindu honen 3. artikuluan ezarritako irizpideen arabera ateratako puntu guztiak.
Zazpigarrena. Bekaren iraupena ikasturte batek dirauen bestekoa izango da.
Zortzigarrena. Beka eskatzeko inprimakia ikastetxeetan eskuratuko da, eta beka eskatu duenak ikasten diharduen ikastetxeko idazkaritzan aurkeztu behar du. Eskabideari ondoko hauek erantsiko zaizkio:
Pertsona eskatzailearen nortasun-agiriaren fotokopia.
Eskatzaileak administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duen ziurtagiria.
Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia. Familiako kideren batek aitorpen hori egiten ez badu, halakorik egin behar ez duelako, Foru Ogasunaren ziurtagiria aurkeztu behar da, aitorpenetik salbuetsita dagoela frogatzeko; jasotako bestelako kopuruak, alegia, lanaren ondoriozkoak, langabezi sorospena, pentsioa edo antzekoak nominen edo ordainagirien bidez frogatu behar dira.
Familia-bizikidetasunaren ziurtagiria.
Hirugarrenen alta inprimakia.
Bederatzigarrena. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Hamargarrena. Emandako laguntzaren ordainketa honela egingo da: beka guztiak, zenbatekoa edozein dela ere, bi zatitan ordainduko dira. Lehenengo zatia zenbateko osoaren % 35ekoa izango da, eta ikasturtearen lehenengo hiruhilekoa bukatzerakoan ordainduko da; bigarren zatia, berriz, zenbateko osoaren % 65ekoa izango da, eta ikasturtea bukatzerakoan ordainduko da; betiere ikasleak ikasturtea ongi aprobetxatu badu.
Hamaikagarrena. Bekarako eskabidea aurkeztean, beka-deialdia egin duen agindu honetan xedatutakoa onartzeko konpromiso formala hartuko du eskatzaileak. Bekadunak arau hauek hausten baditu, jasotako diru-kopuru osoa eta aplikatu beharreko legezko interesak itzuli behar izango ditu.
Bekadunak bidezko arrazoiren batengatik uko egiten badio bekari, beka dela-eta kobratutako eskubide ekonomikoen zati bat itzuli beharko da. Itzuli behar den kopurua kalkulatzeko, igaro gabe dagoen beka-aldia eta bekaren zenbatekoa hartuko dira kontuan.
Hamabigarrena. 1. Ikasleak bekarako eskubidea galduko du baldin eta asistentziari dagokionez huts egiten badu. Asistentzia honela neurtuko da:
Justifikatu gabeko hutsak ikaslearen ikasketa-ordutegiaren % 15etik gorakoak badira, ikasleari beka kenduko zaio, eta jaso dituen zenbatekoak itzuli beharko ditu.
Justifikaturiko hutsen kasuan, aurreko idatz-zatian deskribaturiko ondorio berberak izango dira huts-kopurua % 30etik gorakoa bada. Edonola ere, eskolara itzuli bezain laster justifikatu behar dira hutsak.
Ikastaroa errepikatzen duten ikasleek beka arruntaren % 50erainoko kopurua jaso ahal izango dute, aurreko urteko aprobetxamendu txarra ikastaroaz kanpoko arrazoi larriengatik izan dela behar bezala frogatuz gero. Arrazoi horiek agindu honen 4. artikuluan ezarritako batzordeak balioetsiko ditu.
Hamahirugarrena. Ikasketa-beka hau bateraezina da funts publikoen kontura helburu bererako ematen den beste edozein laguntzarekin; beraz, onuradunak, agindu honen bidez egiten den deialdiko bekarik jasoz gero, uko egin behar die gainontzeko laguntzei.
Hamalaugarrena. Bekaren onuradunak agindu honek ezarritako betebehar guztiak bete behar ditu. Hala egin ez duela jakiten bada, edo onuradunak aurkezturiko agirietan agertzen diren datuak zehatzak eta egiazkoak ez badira, aprobetxamendua eskasa bada eta/edo eskolara huts egiten badu, eta bekaren helburua edo laguntza emateko eskatzen diren gainontzeko baldintzetarik beste edozein betetzen ez badu (ikastetxeetako zuzendaritzek ziurtatu behar dituzte inguruabarrok), beka galduko du, eta artean jasotako ordainak eta aplikatzekoak diren legezko interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epearen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.
AMAIERAKO XEDAPENAK
Lehenengoa. Agindu honen aurka, administrazio-bidea amaitu baitu, interesaturik daudenek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari, hilabeteko epearen barruan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, besterik gabe, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko irailaren 29a.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,
GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.
Eskatzailearen izen-abizenak: ...................................
Eskatzailearen adina: ..........................................
Zein ikasketatarako egin nahi duzu matrikula? ...................
Ohiko helbidea: ............................... kalea, ...................... zk. ..................
herria: ................... Ohiko helbideko telefonoa: ......................................................
Ikaslearen helbidea, ikasturtean zehar:
............................................................ kalea, ................ zk. ........... herria: ..................................... Ikasturtean zehar erabiliko den bizilekuko telefonoa: .....................................
Famili egoera (adierazi X batez aukera zuzena zein den)
Ezkondua Ezkongabea Banandua Alarguna Seme-alaba kopurua
Famili unitateko kideak, eskatzailea barne:
Izen-abizenak Ahaidetasuna Adina Lan-jarduera / zein ikasketa egiten ari den Hileko sarrerak
Aurreko ikasturtean egindako ikasketak: ........................
Famili unitateak aurreko urtean jasotako sarrerak, guztira: ....
ZINPEKO AITORPENA: enpresak edo erakundea eskatzaileak ez duela diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dituen zehapen administratiborik edo penalik jaso, eta ez daukala horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Pasaian / Ondarroan, 2008ko ...........ren ...(e)an.
Eskatzailearen izenpea,
Iz.: .................................. jn. / and.
NAN:...........
Datu Pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak jakinarazten dizu inprimaki honen bidez eskuratutako zure datu pertsonalak datuak tratatzeko fitxategi automatizatu batean sartuko ditugula. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez balia zaitezke, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz, hura baita tratamenduaren arduraduna (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).


