Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2008KO IRAILAREN 30EKOA, KULTURA SAILBURUARENA, UKAN SARIAREN 2008KO DEIALDIA EGITEN DUENA. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2008KO IRAILAREN 30EKOA, KULTURA SAILBURUARENA, UKAN SARIAREN 2008KO DEIALDIA EGITEN DUENA.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 202
  • Hurrenkera-zk.: 5842
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/09/30
  • Argitaratze-data: 2008/10/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuan ezartzen denez, Kultura Sailaren zeregina da, besteak beste, hizkuntza-politika eta euskararen sustapena. Horren haritik, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuaren 16. artikuluak bere 2.b) puntuan honako zeregin hau jartzen dio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren baitako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari: euskarak edozein gizarte-arlotan duen erabileraz edo bizi duen egoeraz gizartea sentiberatzeko kanpainak edo neurriak garatzea eta koordinatzea.

Horren haritik, besteak beste, Kultura sailburuak Ukan Saria sortu eta arautu zuen 2007ko urriaren 31ko Aginduaren bidez (EHAA, azaroaren 20koa, 223. zk.). Aipatutako Sariaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskararen sustapenaren, zabalkundearen eta normalizazioaren alde aparteko lana burutu duten edo eta burutzen ari diren pertsona fisiko edo juridikoei bere eskerrona eta aitorpen publikoa eman nahi die.

Azaldutako horren ondorioz eta otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuak Kultura Sailari aitortutako eskumenak erabiliz, honako hau

Agindu honen xedea Ukan Sariaren 2008ko deialdia egitea da.

Ukan Sariak xede bakarra du: Euskararen sustapenaren, zabalkundearen eta normalizazioaren alde aparteko lana burutu duten edo/eta burutzen ari diren pertsona fisiko edo juridikoei jendaurreko aitorpena egitea eta, aldi berean, gizarteko gainerakoak lan horretan parte hartzera bultzatzeko bide izan daitezkeen merezimenduzko jardun horiek agerian jartzea.

  1. Ukan Saria oso-osoan ohorezkoa da, eta ez du administrazio edo ekonomia mailako eskubiderik sortuko.

  2. Ukan Sariaren jasotzaileak berariazko agiria jasoko du.

Euskararen sustapenaren, zabalkundearen eta normalizazioaren alde aparteko lana burutu duten edo eta burutzen ari diren pertsona fisiko edo juridikoak dira Ukan Sariaren hautagai.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskara Sustatzeko zuzendariari dagokio Ukan Sariaren kudeaketa-lanak egitea.

  1. Ukan Saria nori eman erabakitzeko epaimahai bat egongo da.

  2. Epaimahai horretako kideak honako hauek izango dira:

    1. Epaimahaiburua, Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

    2. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria.

    3. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.

    4. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Herri Administrazioetan Euskara Normalizatzeko zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.

    5. Kultura Saileko Zerbitzu zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.

    6. HABEko zuzendari nagusia edo, edo berak izendatutako ordezkoa.

    7. Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Dokumentazio- eta Informazio-arduraduna edo, bera ordezkatuz, zerbitzu horri atxikitako beste pertsona bat, hizpidez baina hautespiderik gabe, idazkari lanetan jardungo duena.

  3. Balorazio-batzordearen osaeraren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen Ebazpen baten bitartez.

  4. Epaimahaiko kideek abstenitu egin beharko dute eta errefusatu ahal izango dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

  1. Sarituaren hautaketa, hartarako izendatutako epaimahaiak eginkizun horretarako antolatutako lan-bileretan egindako botazio zuzenez burutuko da.

  2. Epaimahaiak gehiengo soilaz erabakiko du Ukan Saria nori eman, eta quoruma izateko epaimahaikide erdiek gehi batek egon beharko dute. Hainbanaketa gertatuz gero epaimahaiburuak erabakiko du kalitatezko botoz.

  3. Epaimahaiak beharrezkotzat jotzen badu, dei egin ahal izango dio egokitzat jotzen duenari informazio osagarria lortzeko.

  4. Hautaketa egin ostean, epaimahaiak aukeratutako pertsona fisiko edo juridikoaren izena eta epaia arrazoituko duen irizpena aurkeztuko dizkio Kultura sailburuari. Era berean, horrela iritziz gero, aipatutako irizpenaz gain, arrazoitutako nahi beste aipamen berezi aurkeztu ahal izango dizkio Kultura sailburuari.

Saridun nor gertatuko den jakiteko, epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

  1. Nork bere alorreko jardueretan luzaroan parte hartu izana.

  2. Euskararen normalizazioaren esparruan egindako lanaren garrantzia.

  3. Saritutako pertsona fisikoak edo juridikoak egindako jarduerak edo ibilbideak gizartean izan duen oihartzuna eta eragina.

  1. Epaimahaiaren proposamena ikusirik, Kultura sailburuak dagokion erabakia hartuko du.

  2. Erabakia hartu aurretik, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak saritzea proposatu den pertsona fisiko edo juridikoarengana joko du idatziz onespen eske eta, ondorioz, saritu nahi den pertsonak, saria onartzekotan, saria onartu egiten duela adieraziko dio esandako Zuzendaritzari, hartarako jasoko duen berariazko idazki baten bidez. Idazki berean, diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren baten edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten menpe ez dagoela eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela bide zigortuta ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko aitormena egin beharko du saritzea proposatzen den pertsonak.

  3. Erabakia agindu hau indarrean jarri eta 2008ko urtea bukatu aurretik emango da. Adierazitako epean Ebazpen zehatzik emango ez balitz, saririk ez dela emango ulertuko da.

  4. Aurrekoari kalterik egin gabe, erabaki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.

Ukan Saria ageriko ekitaldi batean emango da.

Saritutako pertsona fisikoa edo juridikoak jasotako sariaren aipamena egin ahal izango du Publizitatea egiteko ere erabil dezake aipamen hori.

Lehenengoa. Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

Bigarrena. Deialdi honetan aurreikusi gabeko guztiari dagokionez azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

Hirugarrena. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko irailaren 30a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik