- AGINDUA, 2008KO IRAILAREN 30EKOA, KULTURA SAILBURUARENA, EUSKARAZKO HEDABIDEEI ZUZENDUTAKO UKAN BERRIKUNTZA SARIAREN 2008KO DEIALDIA EGITEN DUENA. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2008KO IRAILAREN 30EKOA, KULTURA SAILBURUARENA, EUSKARAZKO HEDABIDEEI ZUZENDUTAKO UKAN BERRIKUNTZA SARIAREN 2008KO DEIALDIA EGITEN DUENA.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 202
- Hurrenkera-zk.: 5843
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/09/30
- Argitaratze-data: 2008/10/22
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Informazio etak komunikazioak; Instituzional
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen 8/2005 Dekretuan, ekainaren 27koan, ezartzen denez, Kultura Sailaren zeregina da, besteak beste, hizkuntza-politika eta euskararen sustapena. Horren haritik, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuaren 16. artikuluak bere 2.b) puntuan honako zeregin hau jartzen dio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren baitako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari: euskarak edozein gizarte-arlotan duen erabileraz edo bizi duen egoeraz gizartea sentiberatzeko kanpainak edo neurriak garatzea eta koordinatzea.
Zenbait esparru jakinetan, hala nola informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, lan-munduan, administrazioan, corpus plangintzan eta euskalgintzan oro har egin eta egingo denari kalterik egin gabe, beharrezkoa ikusi du, aurreko urteetakoari jarraituz, euskarazko hedabideen normalkuntzari eta sendotzeari ekitea, hartarako diru-laguntzak emanaz: Hedabideak deialdia eta HEHOBA deialdia.
Aurreko horiek garrantzitsuak badira ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak urrats berria eman zuen 2007an, euskarazko hedabideen kontsumitzaileen apetak asetze aldera egindako kalitatezko ekarpenak saritzeko asmoz Ukan Berrikuntza Saria sortuz (EHAA, azaroaren 20koa, 223. zk.).
Hori guztia kontuan izanik, honako hauxe
Agindu honen xedea euskarazko hedabideei zuzendutako Ukan Berrikuntza Sariaren (Euskarazko hedabideen berrikuntzarako saria) 2008ko deialdia egitea da.
Ukan Berrikuntza Sariak xede bakarra du: kontsumitzaileen premiak eta beharrak ase eta, aldi berean, ekonomikoki bideragarria egite aldera berariazko ahalegina egin duen euskarazko hedabidea saritu eta dagokion jendaurreko aitorpena egitea.
Ukan Berrikuntza Saria bakarra da eta, hortaz, zatiezina.
Epaimahaiaren iritziz saria lortzeko nahiko meritu erakutsi duen hedabidearen jabe den pertsona juridiko pribatuak hamabi mila (12.000,00) euro gordin jasoko du. Era berean, berariazko agiria.
2008an Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatutako programen kontura diru-laguntzak ematea arautzen duen Aginduak, 2007ko abenduaren 19koak, bere III. kapituluan aurreikusitako hedabideak dira Ukan Berrikuntza Sariaren hautagai (EHAA, 2007ko abenduaren 28koa, 249. zk., gehigarria). Onuraduna, hortaz, saritzea erabaki den hedabidearen jabe den pertsona juridiko pribatua izango da.
Saria jasotzeko eskubidea galduko dute -eta, hala badagokio, jasotako diru-kopurua itzuli beharko dute- diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zigortutakoek, bai eta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.
Kultura Saileko Euskara Sustatzeko zuzendariari dagokio deialdi honen kudeaketa-lanak egitea.
Ukan Berrikuntza Saria nori eman erabakitzeko epaimahai bat eratuko da.
Epaimahai horretako kideak honako hauek izango dira:
Epaimahaiburua, Hizkuntza Politikarako sailburuordea.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria.
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia edo berak izendatutako ordezkoa.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusia edo berak izendatutako ordezkoa.
Arabako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusia edo berak izendatutako ordezkoa.
Eudeleko ordezkari bat, bere lehendakariak izendatutakoa.
Kultura Saileko prentsa-aholkularia.
Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Dokumentazio- eta Informazio-arduraduna. Honek hizpidez baina hautespiderik gabe idazkari lanetan jardungo du.
Epaimahaiaren osaeraren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen Ebazpen baten bitartez.
Epaimahaiko kideek abstenitu egin beharko dute eta errefusatu ahal izango dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
Sarituaren hautaketa epaimahaiak eginkizun horretarako antolatutako lan-bilera(k) eginez eta baloraziorako kontuan harturiko irizpideei jarraituz egingo da.
Bilera-deia idatziz egingo da. Bilera-idazkiak tokia, eguna eta ordua zehaztuko ditu. Ordua dela-eta, bi deialdi egingo da: lehenengoa jarritako orduan egingo da; bigarrena, berriz, lehenengoa egin eta ordu erdira. Lehenengoa egiten den unean epaimahaikide guztiak ez badira bertaratu, bigarren deialdia egingo da. Artez eta moldez eratutzat jotzeko, une horretan mahaikideen herenak egon beharko du bertan.
Epaimahaiak gehiengo soilaz erabakiko du Ukan Berrikuntza Saria nori eman, eta quoruma izateko epaimahaikide erdiek gehi batek egon beharko dute. Hainbanaketa gertatuz gero, epaimahaiburuak erabakiko du kalitatezko botoz.
Beharrezkotzat jotzen badu, epaimahaiak Agindu honen xedearen gainean adituak direnen aholkularitza jaso ahal izango du.
Aztertu beharrekoak aztertu eta hautaketa-irizpideak aplikatu ondoren, epaimahaiak saria nori eman proposatuko dio Kultura sailburuari. Proposamenak hartutako akordioa justifikatzen duten arrazoiak azalduko ditu, eta, era berean, saritutako hedabide horren jabe den pertsona juridiko pribatuaren ahaleginaren esanahiaz egiten duen balorazioa ere jasoko du.
Epaimahaiak proposamena ez egitea erabaki ahal izango du, epaimahaikide gehiengo soilaren ustez, saria jasotzea merezi duen hedabiderik ez badago.
Erabaki-proposamena hartzeko, epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan:
Euskal irakurleak, entzuleak edo ikusleak asetze aldera hedabidearen jabeek hedabide horren egokitzapenaren eta etengabeko berrikuntza eta hobekuntzaren inguruan erakutsitako ahalegina eta garatutako berariazko ekimenak.
Hedabideak irakurle, entzule edo ikusle berriak bereganatzeko eta, aldi berean, aurrekoei eusteko garatutako jarduerak.
Hedabidearen bideragarritasun ekonomikoa lortze aldera erakutsitako ahalegina eta garatutako berariazko ekimenak.
Epaimahaiaren proposamena ikusirik, Kultura sailburuak dagokion ebazpena hartuko du.
Ebazpena hartu aurretik, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak saritzea proposatu den hedabidearen sustatzaile den pertsona juridiko pribatuarengana joko du idatziz onespen eske eta, ondorioz, saritu nahi den pertsonak, saria onartzekotan, saria onartu egiten duela adieraziko dio esandako Zuzendaritzari, hartarako jasoko duen berariazko idazki baten bidez. Idazki berean, diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren baten edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten menpe ez dagoela eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela bide zigortuta ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko aitormena egin beharko du saritzea proposatzen den pertsonak.
Ebazpena Agindu hau indarrean jarri eta 2008ko urtea bukatu aurretik emango da. Adierazitako epean ebazpen zehatzik emango ez balitz, saririk ez dela emango ulertuko da.
Aurrekoari kalterik egin gabe, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.
Ukan Berrikuntza Saria berariaz antolatutako ekitaldi batean eman eta ordainduko da. Ekitaldi horretarako deia Kultura sailburuak egingo du.
Ukan Berrikuntza Sariaren onuradunak jasotako sariaren aipamena egin eta publizitate gisa erabili ahal izango du.
Lehenengoa. Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, euskaraz idatzitakoa hartuko da aintzat.
Bigarrena. Deialdi honetan aurreikusi gabeko guztiari dagokionez azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.
Hirugarrena. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko irailaren 30a.
Kultura sailburua,
MIREN AZKARATE VILLAR.


