Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2008KO IRAILAREN 30EKOA, KULTURA SAILBURUARENA, UKAN PUBLIZITATE SARIAREN 2008KO DEIALDIA EGITEN DUENA. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2008KO IRAILAREN 30EKOA, KULTURA SAILBURUARENA, UKAN PUBLIZITATE SARIAREN 2008KO DEIALDIA EGITEN DUENA.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 202
  • Hurrenkera-zk.: 5844
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/09/30
  • Argitaratze-data: 2008/10/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Informazio etak komunikazioak; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuan ezartzen denez, Kultura Sailaren zeregina da, besteak beste, hizkuntza-politika eta euskararen sustapena. Horren haritik, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuaren 16. artikuluak bere 2.b) puntuan honako zeregin hau jartzen dio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren baitako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari: euskarak edozein gizarte-arlotan duen erabileraz edo bizi duen egoeraz gizartea sentiberatzeko kanpainak edo neurriak garatzea eta koordinatzea.

Aurreko hori lortze aldera, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, bere egitekoen haritik, hainbat neurri hartu ditu eta, ondorioz, urratsak egin euskararen normalizazioaren bidetik. Horiei kalterik egin gabe, esparru jakin batean eragitea nahi du: publizitatearen esparruan hain zuzen ere.

Eragite-ahalegin horrek oinarri sendoa du: batetik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2005-2009 legealdirako onartutako egitasmoa; bestetik Euskararen Aholku Batzordeak (EAB) 2004an euskararen kalitateaz egindako gomendioa. Bietatik lehenari dagokionez, zera dio 9. jardunbide nagusiak: euskaraz landutako eta plazaratutako kalitatezko ekarpenak bikaintasunaren irizpideen arabera bultzatu eta babestuko direla. Hogeita hamahirugarren jardunbideak, bestalde, euskararen kalitatea bermatu eta gordetze aldera EABk markaturiko ildoak landuko direla azpimarratzen du. Euskararen kalitatea dela-eta, honako proposamen hau egin zuen, besteak beste, Euskararen Aholku Batzordeak: iragarle euskaldunak (eta batez ere erakundeak) ohartarazi ezinbesteko dela euskararen presentzia hasiera-hasieratik bermatzea publizitate-prozesuetan. Orobat ohartarazi publizitatearen zuzentasuna eta jatortasuna egokitasunaren zerbitzuan daudela beti, eta ez alderantziz.

Bi oinarri horiek gogoan izanik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, gerora publizitatearen esparruan har daitezkeen beste zenbait neurri landu eta hartzeari utzi gabe, Ukan Publizitate Saria sortu zuen 2007ko urriaren 31ko Aginduaren bidez (azaroaren 20ko EHAA, 223. zk.).

Hori guztia kontuan izanik, honako hau.

Agindu honen xedea Ukan Publizitate Sariaren 2008ko deialdia egitea da.

Ukan Publizitate Sariak honako xede hau du: produktu edo zerbitzu bat irrati, telebista, egunkari, aldizkari edo Internet bidez zabaltzeko asmoz ekoiztutako euskarazko publizitate-iragarki onena aintzat hartu eta saritzea. Hori egite aldera, iragarkiaren hizkuntza-erabilera baino ez da gogoan hartuko, hau da egokitasuna, zuzentasuna eta jatortasuna.

  1. 2008ko urtarrilaren 1ean hasi eta urte bukaera bitartean edozein hedabidetan pertsona juridiko pribatuek euren produktu edo zerbitzuak iragartzeko asmoz argitara edo zabaldutako publizitate-iragarkiak dira Ukan Publizitate Sariaren hautagai. Onuraduna, hortaz, saritzea erabaki den publizitate-iragarkiaren sustatzailea den pertsona juridiko pribatua izango da, ez ordea publizitate-iragarkia sortu edo zabalkundea egin duena.

  2. Saria jasotzeko eskubidea galduko dute -eta, hala badagokio, jasotako diru-kopurua itzuli beharko dute- diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zigortutakoek, bai eta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

  1. Ukan Publizitate Saria sei mila (6.000,00) euro gordinez hornituta dago.

  2. Saria bakarra da eta, hortaz, zatiezina.

  3. Nolanahi ere, Ukan Publizitate Sariak bi osagai daramatza itsatsirik: batetik, berariazko agiria; bestetik, hemezortzi mila (18.000,00) euro gordineko gehigarria, gehienez. Gehigarri hori, onuradunak saritutako iragarkiaren zabalkundeari berriro ekin diezaion izango da edo, nahi izanez gero, iragarki berria egin eta zabal dezan, saria hartu eta beranduenik ere, urte beteko epean, beti ere 11. artikuluan zehaztutako betebeharrei jarraituz.

Kultura Saileko Euskara Sustatzeko zuzendariari dagokio deialdi honen kudeaketa-lanak egitea.

  1. Ukan Publizitate Saria nori eman erabakitzeko epaimahai bat eratuko da.

  2. Epaimahai horretako kideak honako hauek izango dira:

    1. Epaimahaiburua, Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

    2. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria.

    3. Kultura Saileko Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.

    4. Kultura Saileko Zerbitzu zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.

    5. Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari atxikitako funtzionario bat, idazkari lanetan arituko dena. Iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez.

  3. Epaimahaiaren osaeraren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen Ebazpen baten bitartez.

  4. Epaimahaiko kideek abstenitu egin beharko dute eta errefusatu ahal izango dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

  5. Sarituaren hautaketa epaimahaiak eginkizun horretarako antolatutako lan-bilera(k) eginez eta baloraziorako kontuan harturiko irizpideei jarraituz egingo da.

  6. Bilera-deia idatziz egingo da. Bilera-idazkiak tokia, eguna eta ordua zehaztuko ditu. Ordua dela-eta, bi deialdi egingo da: lehenengoa jarritako orduan egingo da; bigarrena, berriz, lehenengoa egin eta ordu erdira. Lehenengoa egiten den unean epaimahaikide guztiak ez badira bertaratu, bigarren deialdia egingo da. Artez eta moldez eratutzat jotzeko, une horretan mahaikideen herenak egon beharko du bertan.

  7. Epaimahaiak gehiengo soilaz erabakiko du Ukan Publizitate Saria nori eman, eta quoruma izateko epaimahaikide erdiek gehi batek egon beharko dute. Hainbanaketa gertatuz gero, epaimahaiburuak erabakiko du kalitatezko botoz.

  8. Beharrezkotzat jotzen badu, epaimahaiak publizitatean adituak direnen aholkularitza jaso ahal izango du.

  9. Aztertu beharrekoak aztertu eta hautaketa-irizpideak aplikatu ondoren, epaimahaiak saria nori eman proposatuko dio Kultura sailburuari. Proposamenak hartutako akordioa justifikatzen duten arrazoiak azalduko ditu, eta, era berean, saritutako publizitate-iragarki horren jabe den enpresa-iragarlearen ahaleginaren esanahiaz egiten duen balorazioa ere jasoko du.

  10. Epaimahaiak proposamena ez egitea erabaki ahal izango du, epaimahaikide gehiengo soilaren ustez, saria jasotzea merezi duen hautagairik ez badago.

Erabaki-proposamena hartzeko, epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

  1. Egokitasuna.

  2. Zuzentasuna.

  3. Jatortasuna.

  1. Epaimahaiaren proposamena ikusirik, Kultura sailburuak dagokion erabakia hartuko du.

  2. Erabakia hartu aurretik, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak saritzea proposatu den publizitate-iragarkiaren sustatzaile den pertsona juridiko pribatuarengana joko du idatziz onespen eske eta, ondorioz, saritu nahi den pertsonak, saria onartzekotan, saria onartu egiten duela adieraziko dio esandako Zuzendaritzari, hartarako jasoko duen berariazko idazki baten bidez. Idazki berean, diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren baten edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten menpe ez dagoela eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela bide zigortuta ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko aitormena egin beharko du saritzea proposatzen den pertsonak.

  3. Erabakia agindu hau indarrean jarri eta bost hilabeteko epean emango da, gehienez. Adierazitako epean ebazpen zehatzik emango ez balitz, saririk ez dela emango ulertuko da.

  4. Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ukan Publizitate Saria ageriko ekitaldi batean emango da. Ekitaldi horretarako deia Kultura sailburuak egingo du.

  1. Emandako sariaren ordainketa, sei mila (6.000,00) eurori dagokiona, Ukan Publizitate Saria emateko berariaz antolatutako ekitaldian egingo da.

  2. Ukan publizitate sariari itsatsitako gainontzeko gehigarriaren ordainketa, gehienez ere, hemezortzi mila (18.000,00) eurori dagokiona, saritutako iragarkiaren zabalkundeari berriro ekin ostean edo, nahi izanez gero, iragarki berria egin eta zabaldu ostean egingo da. Hori dela-eta, edozein delarik ere aukeratutako bidea, gastuen faktura originalak aurkeztu behar dira justifikazio gisa. Faktura horien zenbatekoa hemezortzi mila (18.000,00) eurotik gorakoa bada, onuradunak kopuru hori bestekoa baino ez du hartuko. Aldiz, hemezortzi mila (18.000,00) eurotik beherakoa bada justifikatutakoa bestekoa.

  1. Saria onartzea.

  2. Sari banaketaren ekitaldian parte hartzea.

  3. Sariari itsatsitako gehigarria, gehienez ere, hemezortzi mila (18.000,00) euro gordinekoa alegia, iragarkiaren zabalkunderako edo iragarki berria egiteko erabiltzea. Zabalkundeari berriro ekitekotan, baldin eta inprimatutako iragarkia bada, iragarki hori, gutxienik, bi hedabidetan argitaratu beharko da. Ikus entzunezkoaren kasuan edozein hedabidetan zabaldu ahal izango da.

  4. Sariari itsatsitako gehigarria jaso ahal izateko egindako gastuaren zuriketa aurkeztea.

  5. Giza eskubideak eta bizikidetzaren gizalegezko balioak errespetatzea.

  6. Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio, egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

  7. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

Agindu honetan finkatutako edozein betebehar zein beste edozein xedapenetan jasota egonik deialdi honi ezargarri izan dakiokeena betetzen ez bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoari ekingo zaio eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari.

Ukan Publizitate Sariaren onuradunak jasotako sariaren aipamena egin eta publizitate gisa erabili ahal izango du.

Lehenengoa. Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, euskaraz idatzitakoa hartuko da aintzat.

Bigarrena. Agindu honetan aurreikusi gabeko guztiari dagokionez Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Hirugarrena. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko irailaren 30a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik