- AGINDUA, 2008ko urriaren 2koa, Kultura sailburuarena, Antzuolako (Gipuzkoa) Lapatza baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2008ko urriaren 2koa, Kultura sailburuarena, Antzuolako (Gipuzkoa) Lapatza baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 205
- Hurrenkera-zk.: 5918
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/10/02
- Argitaratze-data: 2008/10/27
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2008ko uztailaren 11ko Ebazpenaren bidez Antzuolako (Gipuzkoa) Lapatza baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2008ko abuztuaren 13ko EHAAn (153. zk.) argitaratua izan zen.
Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.
Hori guztia dela eta, aipaturiko legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau
Lehenengoa. Antzuolako (Gipuzkoa) Lapatza baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.
Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako sailkatutako ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea.
Laugarrena. Antzuolako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezala eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.
Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Antzuolako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Lurralde Antolamendu eta Sustapenerako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari agindu hau jakinaraztea.
Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Lehenengoa. Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.
Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 2a.
Kultura sailburua,
MIREN AZKARATE VILLAR.
Mugaketa
Mugaketaren deskribapena.
Bi eremu mugatzen dira; alde batetik eraikina bera, eta, bestetik, eraikin-ingurua. Horrenbestez, hauek dira mugaketa-eremuaren mugak:
Ipar-mendebaldean edo atzeko aldean, baserriaren ipar-mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, itxitura-horma nagusitik 35 metrora.
Hego-mendebaldean, baserriaren hego-mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, itxitura-horma nagusitik 35 metrora.
Hego-ekialdean, fatxada nagusian, baserriaren hego-ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, eraikinetik 35 metrora. Beraz, baserrira sartzeko bidearen zati bat ere sartzen da.
Eta, azkenik, ipar-ekialdean ipar-ekialdeko albo fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, baserriaren ipar-ekialdeko fatxadatik 30 metrora. Aipatu lerroa GI-632 oinarrizko errepide-sareko eremu publikora arte heltzen da.
Mugaketaren arrazoiak.
Aipatu mugaketa, Lapatza baserriaren inguruko ingurumen baloreak eta ikusizko baloreak babeste aldera proposatu da. Aipatu baserria, halaber, Antzuolako herrigunetik iparraldera dago. Katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta balioesteko, aipatu ingurua mugatu beharra dago. Horrela, baserriaren berezko izaerari eusteko, eraikinaren inguruko lursailak nahiz baserrirako sarbidea babestu behar dira. Hori dela-eta, eraikina ez ezik, haren ingurua ere sartzen da mugaketa honetan.
Deskribapena
Bi isurkiko teilatuko eraikina da. Goihabeak ipar-hego noranzkoa du, eta ekialderantz okertuta dago 30º. Hasiera batean familia bakarrekoa bazen ere, egun bi familia bizi dira bertan. Malda baten erdian dago, 250 eta 230 koten artean, 550.160,00-4.772.281,00 koordenatuetan. Oinplano laukizuzena du, 25 m zabal eta 17 m sakon dituena. Beheko solairua, lehenengo solairua eta ganbara dauzka. Itxitura-hormek harlandutako izkinak dituzte, estalitako harlanduzkoak dira eta zuriz margoturik daude.
Ipar-ekialdeko, edo atzeko aldeko fatxadaren beheko solairuan zazpi leiho eta ate bat daude; lehenengo solairuan, aldiz, leihoentzako lau bao daude; eta ganbaran, erdialdetik apur bat ezkerretara, beste bao bat dago goihabearen azpian. Fatxadaren eskuinaldean, eraikin nagusiari atxikitako eraikin txikia dago.
Hego-mendebaldera begira dagoen fatxadari, hots, eraikinaren ezkerraldeko etxaurreari dagokionean, leiho bakar bat du beheko solairuan; lehenengo solairuan, aldiz, bi isurkiko mantsarda txiki batek babestutako balkoia. Etxaurre horretatik mendebalderen dagoen aldean garaje bat dago, baserriari atxikia, beheko solairua eta bi isurkiko estalkia duena.
Hego-ekialdeko fatxadan, hots, eraikineko etxaurre nagusian, ataripea dago. Bertara sartzeko, puntu erdiko hiru arku apaldu eta berdinen azpitik igaro beharko dugu. Arkuek dobela forma dute, eta landutako hareharrizkoak dira. Arkuak sekzio karratuko habeen gainean bermaturik daude. Habeek inpostak dituzte goiko aldean eta landutako hareharriz eginda daude. Habe bat etxaurre nagusiaren erdian dago, eta bestea fatxadaren eskuinaldera. Arkuen alde bietara, etxaurreak zurezko leihoburudun leiho bana du. Bestetik, lursailaren beheranzko kokapen naturala dela-eta, fatxadaren ekialdeko eremua kota baxuago batean dago. Bertan, hain zuzen, upeltegirako sarrera aurkitzen da.
Hego-ekialdeko etxaurre horrek sei bao ditu lehenengo solairuan, guztiak zurezko buruekin. Aipatu baoetako hiru ertzetako leihoak dira eta beste hiru balkoi-ateak. Azken ate horiek arkuen gainean daude: alboetako arkuen gainean daudenek burdina forjatuzko karelak dituzte; erdiko arkuaren gainean dagoenak, aldiz, burdinazko balkoia du landutako harrizko hegada txiki baten gainean. Fatxadan, ganbaran eta goihabearekiko simetrikoki jarrita, beste bi bao daude erdiko bi arkuen ardatzaren gainean.
Ipar-ekialdera begira dagoen etxaurrean, eraikineko elementuak simetrikoki antolaturik daude. Beheko solairuan, upeltegia aireztatzeko hiru gezileiho daude; lehenengo solairuan, aldiz, hiru bao ditugu, modu erregularrean sakabanatuta eta harlanduzkoak. Hiru bao horietako bat balkoia da eta burdina forjatuzko karela du. Fatxadak aireztatzeko bost leihatila ditu teilatupean. Erdiko hiru leihoak lehenengo solairuko baoen ardatzekiko zentratuta daude.
Eraikinaren barneko egiturak zeharkako hiru horma-arte eta luzetarako beste bost ditu. Horiek guztiak pieza bakarreko habe zein karga-horma lodien gainean bermaturik daude. Ipar-ekialdeko lehenengo horma-artea baztertzen duen horma, gainera, suhesia da. Ipar-ekialderako sarbidea, beraz, eraikinaren beheko solairuan dago, eta harlanduzko markoa du. Habeek, solibek eta beso indargarriek zureriaren barne-egitura osatzen dute. Egitura horrek, bere aldetik, teilatuko zurajeari eusten dio. Teilatua, horrenbestez, kontragoihabez, gapirioz eta oholez osaturik dago. Egituran, oraindik orain, dolare gotikoaren zenbait zantzu ikus daitezke.
Sarrerako ate nagusitik baserria osatzen duten bi etxebizitzetara sar gaitezke.
Lapatza XVI. mendeko eraikina da. Baserriaren zurezko egitura, esaterako, garai hartakoa da. XVIII. mendean baserria berritu egin zuten. Horretarako, hiru arkudun ataripea barne hartzen duen aurreko horma-artea gehitu zitzaion jatorrizko bolumenari. Gorde eta transmititu beharreko balio morfologikoak, tipologikoak eta eraikitzaileak ditu eraikinak.


