Euskadi.eus
  • ORDEN de 10 de octubre de 2008, del Consejero de Justicia, Empleo y Seguridad Social, por la que se aprueban los Estatutos del Colegio de Procuradores de Bizkaia - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

ORDEN de 10 de octubre de 2008, del Consejero de Justicia, Empleo y Seguridad Social, por la que se aprueban los Estatutos del Colegio de Procuradores de Bizkaia

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 234
  • Hurrenkera-zk.: 6778
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/10/10
  • Argitaratze-data: 2008/12/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ekonomia; Instituzional

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi barik, betiere.

Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Arautegiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua aipatu eskumenaren indarrez eman ziren. Legeko 33. artikuluan eta dekretuko 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.

Bizkaiko Prokuradoreen Elkargoaren estatutuak legearen araberakoak direla egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau

Bizkaiko Prokuradoreen Elkargoaren estatutuak onartzea, eta honako hau adieraztea: administrazio- edo lan-zuzenbidearen bidez araututako zerbitzu-harremanaren bitartez Administrazioari lotutako lan-harremanetako profesionalei ez zaie exijituko Elkargoan sartzea lanbidean jardun ahal izateko. Hala ere, lanbidean arlo pribatuan jardun nahi badute, beharrezkoa izango dute elkargokide egitea, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 30. artikuluan jasotakoaren arabera beharrezkoa baldin bada.

Bizkaiko Prokuradoreen Elkargoaren estatutuak agindu honen eranskinean argitaratzea.

Bizkaiko Prokuradoreen Elkargoaren estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba daitezen agintzea, erregistroa formalki osatzen den unean.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 10a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

BIZKAIKO AUZITEGIETAKO

PROKURADOREEN ELKARGOAREN

ESTATUTUAK

LEHENENGO TITULUA

Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa da, Legearen babesa duena, Estatuak onartua. Bere nortasun juridikoa eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoa du, eta barne funtzionamendu eta egitura demokratikoak ditu.

Hauek dira Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoaren eginkizunak:

  1. Prokuradore-arloa erabat ordezkatzea, eskumen-eremu horretan.

  2. Elkargoko prokuradoreen eskubideak eta lanbide-interesak defendatzea.

Prokuradore-arloaren jarduera lurralde-eremukoa izanik, Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoaren eskumen-eremua Bizkaiko Lurralde Historiko osoa da.

Euskara eta gaztelania Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoaren hizkuntza ofizialak dira, berdintasun-mailan, euskararen normalizazio-prozesua eta sustraitze soziala aintzat hartuta.

Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoak helbide honetan izango du egoitza: Mazarredo zumarkalea 5, 2. solairua, 01008, Bilbao.

Hauek dira Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoaren eginkizunak:

  1. Elkargoaren estatutuak landu, onartu eta aldatzea, bai eta Eusko Jaurlaritzan justizia-arloko eskumena duen sailera estatutuak bidaltzea ere, legediaren barruan daudela egiaztatu eta argitaratzeko; bidaltzea, orobat, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrera. Horrekin batera, barne araudia eta horien aldaketak eta arau deontologikoak garatzeko jarraibideak landu eta onartzea.

  2. Prokuradore guztiak eta lanbidea bera ordezkatu eta defendatzea Bizkaiko Lurralde Historikoan.

  3. Lanbidean sartzeko prozeduretan parte hartzea, legediak ezartzen duenaren arabera.

  4. Prokuradore-arloari eragiten dioten proiektu edo legegintza-ekimenei buruzko txostenak egitea, bere eskumen-eremuaren barruan, eta hala egiteko eskatzen zaionean; halaber, bere ekimenez, eta hala dagokionean, herri administrazioei zuzendutako txostenak, iradokizunak edo eskaerak, prokuradore-arloarekin lotutakoak, lantzea eta onartzea.

  5. Botere Judizialarekin elkarlanean aritzea, azterlanak, txostenak, estatistika-lanak eta bere helburuekin lotutako bestelako jarduerak eginez, eta Justizia Administrazioak eskuordetzen dizkion eginkizunak betetzea.

    Halaber, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailarekin lankidetzan jardutea, Justizia Administrazioaren modernizatzeari eta hobekuntza-programak eta planak garatzeari dagokionez.

  6. Ofiziozko txanda eta doako ordezkaritza-zerbitzua eratzea.

  7. Prokuradore arloko gaiei dagokienez, Herri Administrazioaren organo aholku-emaileetan, lanbide-arteko erakundeetan eta Gizarte Kontseiluetan parte hartzea eta ordezkaritza eramatea, betiere legedian ezarritakoaren arabera.

  8. Elkargoko organoen egintzen aurka aurkeztutako errekurtsoak izapidetzea, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

  9. Elkargoko prokuradoreekiko diziplina-ahalmena gauzatzea; salbuetsita geratuko dira Gobernu Batzordeko kideak, kargu horretan jarduten dutenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluaren menpe baitaude.

  10. Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen errolda eta prokuradoreei eragiten dieten zehapenen erregistroa eguneratzea.

  11. Prestakuntzako eta lan-hobekuntzako ikastaroak antolatzea eta, hala behar denean, Praktika Juridikoko Eskola bat mantentzea, bai eta lanbidean hastea errazteko bestelako jarduerak ere

  12. Elkargokideen artean sor daitezkeen lanbide-desadostasunak konpontzea, eta elkargokide artean edo elkargokideen eta euren bezeroen artean sor daitezkeen lanbide-gatazketan esku hartzea adiskidetze-, bitartekaritza- eta tartekaritza-organo gisa.

  1. Elkargokideek lanbide-jarduera zuzentasunez betetzen dutela egiaztatzea, lanbidearen deontologia, askatasuna, independentzia eta duintasuna eta norbanakoen eskubideekiko errespetua zainduz.

  2. Elkargokideen interesekoak diren jarduera eta zerbitzu komunak antolatzea eta sustatzea, honako arlo hauetan: lanbidea, prestakuntza, kultura, laguntza, aurreikuspena eta antzekoak, bai eta erantzukizun zibil profesionalaren nahitaezko asegurua ere. Jarduera horiek gauzatzeko, beharrezko itun eta hitzarmenak burutu ahal izango ditu Herri Administrazioekin eta dagozkien erakunde eta entitateekin.

  3. Lanbide-intrusismoa eta bidegabeko lehia edo lanbidean irregulartasunez jardutea eragozteko beharrezko diren neurriak hartzea, eta prokuradore-arloaren lanbidearen bateraezintasunak arautzen dituzten xedapenak eraginkorrak direla bermatzea

  4. Elkargokideei prokuradore-arloaren lanbidearen xedapen legalak eta estatutuetakoak betearaztea, bai eta elkargoko organoen eskumen-arloko ebazpenak eta erabakiak ere

  5. Elkargoaren aurrekontua onartzea, eta urteko kontuen likidazioa prestatu eta onartzea, eta elkargokideek Elkargoaren behar ekonomikoak betetzeko ordaindu beharreko diru-ekarpena zuzentasunez zehaztea.

  6. Elkargoaren ondarea administratzeko eta erabiltzeko eskumena baliatzea era guztietako erabilera- zein zergapetze-egintzetan.

  7. Oro har, Prozedura Zibilaren Legeak, bestelako prozedura-arauek eta gainerako legeek ematen dizkioten eginkizunez gain, Elkargoak prokuradore-arloaren interesen alde egitea izango du betebehar, prokuradore-lanbidearen jarduera legala eta egokia sustatuz, eta bezeroen eskubideak eta interesak errespetatzeko eta gauzatzeko oinarrizko helburua betez.

  8. Aurreko betebehar guztiak gauzatzeko beharrezko jotzen den beste edozein eginkizun.

  9. Prokuradore-arloaren lanbidea bere eskumen-eremuan antolatzea, legean aurreikusitako eran.

  10. Elkargoa barrutik ondo kudeatzea. Horretarako, honako hauek dira beharrezko: diziplina-erregimena, kontrol deontologikoa, Doako Justiziaren zerbitzua kudeatu eta kontrolatzea, eta elkargoko kuotak ordaintzen direla zaintzea. Eginkizun horiek gauzatzeko orduan, elkargokideen datuak Datu Pertsonalak Babesteko Legean ezarritakoarekin bat etorriz erabiliko dira.

  11. Prokuradoreen kontsulta eta prestakuntzarako baliagarria izatea.

  12. Laguntza aktiboa ematea, Justizia Administrazioak ondo funtziona dezan, bai eta haren sustapena eta hobekuntza lortzeko ere.

Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoak Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorraren bitartez izango ditu Estatuko Administrazio Orokorrarekiko harremanak, hala baitio Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen 2.3 artikuluak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin, ordea, Eusko Jaurlaritzan justizia eskumena duen sailaren bitartez izango du harremana, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 56.2 artikuluarekin bat etorriz.

  1. Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoak ohoretsu tratamendua izango du, eta bere dekanoak jaun tratamendua, eta biak biziartekoak izango dira.

  2. Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoko dekanoak eta elkargokideek, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluaren Osoko Bilkurako kide direnek, hegaltxodun togak eta euren karguaren domina eta plaka jantzi ahal izango dituzte jendaurreko agerraldietan eta ekitaldi ospetsuetan; Gobernu Batzordeko kideek ere domina eta plaka eraman ahal izango dituzte.

  3. Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoak intsigniak ematea ezarri du sari gisa (zilarrezkoa, urrezkoa eta urrezkoa diamanteekin); intsignia horiek Gobernu Batzordearen erabakiz emango dira Zuzenbideko profesionalak saritzeko, bai prokuradore-arloaren jardueran egindako lanagatik, bai jarduera horren eginkizunak eta eskumenak sustatzeagatik, betiere justiziaren administrazioari laguntzeko helburuarekin.

Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoaren beharrezko organoak hauek dira: Batzorde Orokorra, Gobernu Batzordea eta dekanoa, eskuordetzeak alde batera utzi gabe. Horrek ez du esan nahi, ordea, organo gehiago ezar ezin daitekeenik barne-erregimeneko arautegi batean.

BIGARREN TITULUA

ANTOLAKETA

  1. Batzorde Orokorra Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoaren osoko organo gorena da.

  2. Batzorde Orokorra ohikoa edo ezohikoa izan daiteke.

  3. Urtean ohiko bi Batzorde Orokor egingo dira ezinbestez; bata urteko lehen hiruhilekoan egingo da, eta bertan, balantzea edo aurreko ekitaldiko gastu eta diru-sarreren kontu orokorra aztertu eta bozkatuko da; bestea, ordea, azken hiruhilekoan egingo da, eta bertan, hurrengo urteko gastu eta diru-sarreren aurrekontua aurkeztu eta onartuko da.

  4. Ezohiko Batzorde Orokor izango dira urteko ohiko bi Batzorde Orokor ez direnak; edozein momentutan egingo dira eragin dituzten gaiak bakarrik aztertzeko; gai horiek aztergaien zerrendan zehazki aipatuko dira.

  5. Proposamenak ohiko Batzorde Orokorren aztergaien zerrendan aurkeztu beharko dira, Batzorde Orokorra egin baino bost egun baliodun lehenago, batzorde horrek aztertu eta horiei buruzko erabakia har dezan; proposamen horiek Elkargoan erroldatutako kideen bosten batek baino gehiagok aurkeztuak izan beharko dira eta «proposamenak» atalean aztertuko dira, «galderak eta eskaerak» azken atalaren aurretik.

Ohiko eta ezohiko Batzorde Orokorretara boto eta hitzarekin joateko eskubidea izango dute batzordearen eguna baino lehen elkargoko kide diren guztiek, baldin eta deialdiaren unean lanbidearen jardunean baja emateko edo jarduna uzteko gorabeherarik izan ez badute, estatutu hauetako 55. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Ohiko eta ezohiko Batzorde Orokorretako deialdia Gobernu Batzordearen erabakiz egingo da, eta elkargokide guztiei jakinaraziko zaie idazkariak izenpetutako idazki bidez eta dekanoaren oniritziarekin; bertan, batzordera egingo den lekua, eguna eta ordua, lehenengo eta bigarren deialdikoa, jasoko dira, bai eta aztergai-zerrenda ere.

  2. Ohiko Batzorde Orokorreko deialdia, gutxienez, hogeita hamar egun lehenago egingo da.

  3. Batzorde Orokorreko deialdia baliagarria izateko, erroldatutako elkargokideen heren batek baino gehiagok jaso beharko du deialdi horren jakinarazpen idatzia, batzordera egin baino bost egun lehenago, gutxienez.

  4. Ezohiko Batzorde Orokorrerako deialdia egiteko ahalmena honako hauek izango dute: dekanoak, Gobernu Batzordeak eta erroldatutako elkargokideen heren batek baino gehiagok.

  1. Batzorde Orokorretako lehendakaria dekanoa izango da, eta idazkari Gobernu Batzordeko idazkaria arituko da. Horiek ez daudenean, gaixorik daudenean, edo kargua uzten dutenean, estatutu hauen arabera ordezkatuko dira.

  2. Batzorde Orokorra lehenengo deialdian eratuko da, baldin eta elkargokideen ehuneko hirurogei baino gehiago bertan badaude; eta bigarren deialdian, bertaratutako elkargokideen kopurua edozein dela.

  1. Batzorde Orokorra baliotasunez osatu eta batzordea hasi ondoren, lehendakariak aztergai-zerrendako gaien eztabaidari ekingo dio; horretarako, bertaratutakoei hitza emango die eurek eskatutako ordenaren arabera eta puntu bat bukatutzat emango du hiru elkargokidek aldeko iritzia eta beste hiruk kontrakoa eman dutenean, salbu eta Gobernu Batzordeko kideak badira, ez baita txanda kontatzen horiek eztabaidan parte hartzean.

  2. Lehendakariak bakarrik eten ahal izango ditu hitza hartu dutenen azalpenak, horiei ohartarazteko. Eztabaida berean hiru aldiz ohartarazita izan direnei hitza kendu egingo zaie. Nolanahi ere, hitz egiteko txanda galdu dutenei hitza berriro eskatzeko aukera emango zaie, esandakoa zuzentzeko. Hitza emateko garaian, aztergai-zerrendako gaiek izango dute lehentasuna.

  3. Bertaratutako elkargokideen bosten bat baino gehiago ordezkatzen dutenek aldaketak edo zuzenketak egin ahal izango dituzte aztergaien eztabaidan; horrela, bozketa egin aurretik idazkariak puntuen, jatorrizko testuen edo zuzenketen erredakzio zehatza irakurriko du, horien gainean erabakiak hartzeko. Era berean, dekanoak edo Gobernu Batzordeko edozein kidek erdibideko zuzenketak aurkeztea izango dute, bai proposamenen artekoak, bai proposamenen eta aldaketaren artekoak.

  4. Puntuen gaineko zuzenketak aurkeztu badira, lehendabizi zuzenketak bozkatuko dira, eta onartzen badira, proposamenaren testua bertan behera geratuko da; zuzenketa guztiak onartzen ez badira, berriz, proposamenaren jatorrizko testua bozkatuko da. Zuzenketa guztiak ezesten badira, ekimenaren jatorrizko testua bozkatuko da.

  5. Orokorrean, bozketak eskua jasoz egingo dira, baina izenezko bozketa isilpekoa egingo da, bertaratutakoen bosten batek baino gehiagok hala eskatzen badute. Eta, nolanahi ere, hala izango da, Batzorde Orokorrean zentsura-mozio bat edo konfiantza-arazo bat eztabaidatzen denean ere.

  6. Erabakiak bertaratutakoen boto zuzenen gehiengo sinplez hartuko dira; hala ere, zenbait gaitan gehiengo osoa edo gehiengo kualifikatua eskatuko da, legedian edo estatutuetan ezarritakoaren arabera.

  7. Bozketan berdinketarik izanez gero, Batzorde Orokorreko lehendakariak erabakiko du; hala ere, gehiengo osoa edo gehiengo kualifikatua behar denean lehendakariaren botoak ez du erabakitzeko ahalmen hori izango.

  8. Jarduneko elkargokideen botoek jardunekoak ez direnen botoen balio bikoitza izango dute.

  9. Erabakiak gehiengo osoz hartzeko, beharrezko izango da, gutxienez, bertaratutakoen erdiek eta beste batek alde bozkatzea. Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira abstentzioak eta, isilpeko bozketen kasuan, boto zuriak eta baliogabeak.

    Erabakia gehiengo sinplez hartzeko, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan beharko dira, eta horretarako ez dira abstentzioak zenbatuko, ez eta, isilpeko bozketen kasuan, boto zuriak eta baliogabeak ere.

  10. Idazkariak erabakien akta egingo du; akta hori batzordearen bukaeran edo hurrengoaren hasieran irakurriko da; aktari oharren bat egin nahi dionak hitza hartzeko aukera izango du, aktaren zehaztasunaz aritzeko bakar-bakarrik; ondoren, onartzeko bozketa egingo da. Bestalde, aktak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 27. artikuluan aurreikusitako moduan egingo dira.

  1. Dekanoaren, Gobernu Batzordearen edo Batzordeko kideren baten zentsura-mozioa aurkezteko, ezohiko Batzorde Orokorra deitu beharko da, eta bertan gai hori baino ez da aztertuko.

  2. Zentsura-mozioa dekanoak aurkeztu beharko du, Gobernu Batzordearen adostasunaz, edo jarduneko elkargokideen heren batek baino gehiagok, dekanoari igorritako idazki baten bidez; bertan, mozioaren arrazoiak azaldu beharko dira.

  3. Zentsurako ezohiko Batzorde Orokorra hogeita hamar laneguneko epean egin beharko da, dekanoari eskaera egiten zaionetik edo Gobernu Batzordean onartzen denetik hasita. Zentsura-mozioak porrot eginez gero, momentu horretatik urtebeteko epea utzi beharko da hurrengoa aurkeztu arte.

  4. Ezohiko Batzorde Orokorra baliotasunez osatzeko, deialdi bakarrean, beharrezko izango da botoa emateko eskubidea duten erroldatutako elkargokideen ehuneko hirurogeia baino gehiago bertan egotea.

  5. Batzorde Orokorra ohiko arauak aplikatuta zuzenduko da, eta zentsura-mozioaren aldeko eta kontrako iritzia emateko orduan lehentasuna izango dute mozioa aurkeztu dutenek eta eragindakoek; gainera, bai batzuek, bai besteek ezin izango dute bete Batzordeko lehendakaritza, ezta idazkaritza ere, kargu horiek estatutuen arabera ordezkatu behar dituztenek beteko baitituzte, edo hala badagokio, bertaratu direnetatik antzinatasun handiena eta txikiena duten elkargokideek, hurrenez hurren.

  6. Zentsurako ezohiko Batzorde Orokorreko botoa izenduna, zuzena eta isilpekoa izango da, eta mozioak aurrera egiteko, bertaratutakoen bi herenen aldeko botoak beharko dira.

  7. Zentsura-mozioa onartzen bada, eragindakoek karguak utziko dituztela ulertuko da une horretatik. Gobernu-karguak behin-behingoz betetzen dituztenek hauteskundeak deitzen dituztenean, kontuan hartuko da zentsura-mozioaren galtzaileak ezin izango direla aurkeztu.

  1. Gobernu-organo gorena izanik, Batzorde Orokorrak beteko ditu estatutu hauek Elkargoari emandako ahalmen eta eskumen guztiak, legeek eta horien garapen-arauek lanbide-elkargoei ematen dizkietenen barruan badaude eta beste organo batzuen ardurapean ez badaude; horietaz gain, berez edo lege-ohartarazpenagatik eskuordetu ezin diren honako ahalmen eta eskumen hauek ere beteko ditu:

    1. Lanbidean jarduteko lurralde-eremuak mugatzea, Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorraren 13. artikuluaren arabera.

    2. Bere eskumenekoak izaki, baina Gobernu Batzordeak, urgentziaz edo ezinbestez, hartutako behin-behineko erabakiak aztertzea eta, hala badagokio, onartzea.

  2. Batzorde Orokorrak estatutu hauen, Estatutu Orokorraren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradore Arlokoaren aurka hartutako edozein erabaki baliogabea izango da; halakoak izango dira estatutuak aldatzen dituzten erabakiak ere, hori egiteko berariaz araututako erreforma-prozedura jarraitu ez bada.

1. ATALA

OSAERA ETA EGITEKOAK

  1. Gobernu Batzordea Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoaren kide anitzeko administrazio- eta zuzendaritza-organoa da.

  2. Gobernu Batzordeko kideak honako hauek izango dira:

    1. Dekanoa.

    2. Dekanordea.

    3. Idazkaria.

    4. Idazkariordea.

    5. Diruzaina.

    6. Lehenengo batzordekidea.

    7. Bigarren batzordekidea.

    8. Hirugarren batzordekidea.

    9. Laugarren batzordekidea.

  1. Gobernu Batzordeko kideen karguak doakoak eta ohorezkoak izango dira, bai eta hautagarriak ere.

  2. Karguak onartzea nahitaezkoa izango da; hala ere, karguez jabetzeari ezetz esatea edo uko egitea onartuko da, osasun-arazo larriak edo ezohiko arrazoiak argudiatzen badira eta Gobernu Batzordeak, edo behin-behingoz karguan daudenek, horiek onargarritzat jotzen badituzte. Osasun-arazoak argudiatzen direnean, kargua utzi behar zuen Gobernu Batzordeko kidearen aginte-aldia luzatu egingo da. Luzapen hori egokia ez denean edo karguaz ez jabetzeko ezohiko arrazoiak argudiatzen direnean, hautatutakoak kargua utziko du eta estatutu hauetan ezarritakoaren arabera ordezkatuko da.

  1. Gobernu Batzordeko karguek lau urteko iraupena izango dute, eta karguen erdiak berrituko dira lau urtean behin.

  2. Aginte-aldia bukatu aurretik Gobernu Batzordeko kide batzuek karguak uzten badituzte, eta horrela hutsik geratutakoak Gobernu Batzordeko bost kargu edo gehiago badira, batzordearen funtzioak behin-behingoz betetzen dituztenek hauteskundeak deituko dituzte, eta batzorde bat osatuko dute era honetan: batetik, dekano, idazkari, diruzain eta lehenengo batzordekidea, eta antzinatasun handiena duten jarduneko lau elkargokideak arituko dira eta, bestetik, dekanorde, idazkariorde eta bigarren batzordekide, jarduneko hiru elkargokide berrienak. Batzorde hori osatzetik salbuetsita egongo dira aparteko arrazoiak argudiatzen dituztenak, baldin eta batzordeak ontzat ematen baditu. Behin-behineko kargu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluak behin-behineko Gobernu Batzorde bat izendatu arte jardungo dute edo, hala gertatuz gero, aldarrikatutako hautetsiak karguez jabetu arte; behin-behineko organo horiek premiazko edo atzeraezinezko erabakiak baino ez dituzte hartuko. Goian aipatutako egoera hori gertatuz gero, elkargokide guztiek, nahitaez, horren berri eman behar diote Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari.

  3. Gobernu Batzordeko hiru kide edo gehiagok utziko balute beren kargua agintaldia amaitu aurretik, hauteskundeak deitu ahal izango dira gainerako kideen gehiengoak hala erabakita.

  4. Ezohiko eran hutsik geratutako karguak betetzeko aukeratutakoak lau urte bete arte arituko dira karguetan; behin lau urteak beteta, karguen erdiak aldatuko dira ohiko eran.

Gobernu Batzordearen eskumenak ondokoak dira:

  1. Elkargoaren edo lanbidearen intereseko gai zehatzak Batzorde Orokorraren irizpenean jartzea, Batzordeak erabakitzen duen eran.

  2. Elkargokide berriak onartzeari, baja emateari eta haien jubilazioari buruz erabakitzea. Larrialdi kasuan, dekanoak ebazpena hartu ahal izango du eskariari buruz. Gobernu Batzordeak berretsi beharko du ebazpena.

  3. Ardura guztiaz zaintzea, elkargokideek harreman egokiak izan ditzaten auzitegiekin, beste prokuradoreekin eta beren bezeroekin, eta, halaber, bermatzea, beren lana egitean, behar besteko arduraz eta lanbide-gaitasunez dihardutela.

  4. Behar diren ekintzak eta jarduerak aurrera eramatea, intrusismorik ez gertatzeko eta horren kontra egiteko, eta ez zaie prokuradore jarduten utziko, elkargokide izan nahiz ez, legez besteko baldintzetan prokuradore ari direnei. Berdin jokatu beharko da modu irregularrean prokuradore jarduten laguntzen duten pertsona natural edo juridikoekin.

  5. Sartzeko baldintzak eta betebeharrak aplikatzea eta ofiziozko txanden eta doako justiziaren funtzionamendua eta izendapena zehaztea, legean ezarritakoarekin bat etorriz.

  6. Batzorde Orokorrari elkargoan sartzeko kuoten zenbatekoa proposatzea, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseiluak zehaztutako muga duela, eta proposatzea, orobat, elkartekideek Elkargoaren kargei eta zerbitzuei eusteko ordaindu beharreko ohiko kuotak ere.

  7. Batzorde Orokorrari proposatzea bere elkargokideentzako ezohiko kuotak ezartzea.

  8. Ezarritako kuotak eta polizak biltzea, Elkargoaren, Autonomia Erkidegoko Elkargoen Kontseiluaren, eta hala badagokio, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorraren eta Espainiako Auzitegietako Prokuradoreen Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitatearen kargei eusteko direnak. Biltzea, orobat, elkargoen gainerako baliabide ekonomikoak, Estatutu Orokor honetan aurreikusitakoak. Edozein kontzeptu dela-eta, Elkargoak jaso beharreko diru-zenbatekoen kobrantza xedatzea, eta elkargokideei ezarritako isunak, bestelako diru-sarrerak eta gastu korporatiboak ordainaraztea.

  9. Hauteskundeetarako deia egitea, Gobernu Batzordeko karguak betetzeko; horretarako, bozketetarako beharrezko diren prestaketa-lanak egingo ditu, lege-arauen eta estatutuen arabera.

  10. Ohiko zein ezohiko Batzorde Orokorretako deialdiak egitea, bere ekimenez edo dekanoak edo elkargokideek eskatuta, Estatutu Orokor honen 99., 100. eta 103. artikuluetan ezarritako eran.

  11. Elkargokideen gain diziplina-ahalmenak gauzatzea, Estatutu Orokor hau, Autonomia Erkidegoko elkargoetako kontseiluen estatutuak eta elkargoen estatutuak beteaz. Behar izanez gero, espedientea hasaraziko du.

  12. Elkargoaren estatutuak eta barne-erregimeneko arautegiak idatzi edo aldatzea, eta Batzorde Orokorraren irizpenean jartzea, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrera bidali aurretik, behin betiko onarpena eman diezaieten.

  1. Elkargokideen ordezkaritzak edo batzordeak ezarri, eratu edo onestea, baldin eta beharrezkoak badira erregimen onaren edo elkargoaren helburuen alde egiteko, bere funtzionamendua arautuz, gaitasunak (hala badagokio, eskuordetuak) ezarriz eta elkargokideen artean ordezkaritzetako kideak eta batzordekideak izendatuz.

  2. Zaintzea, elkargokideek, beren laneko jardunean ari direla, begirunez, arduraz, zintzotasunez eta prokuradoreei eska dakizkiekeen gainerako ezaugarriak bilduz joka dezaten; orobat, elkargokideen arteko harmonia eta elkarlana sustatzea, lehia bidegaberik gerta ez dadin, legeak dioena betez.

  3. Elkargokideei eragiten dieten gaien gaineko informazioa ahalik eta lasterren ematea, bai korporatiboa, bai elkargokoa, bai lanbidekoa edo kulturala.

  4. Elkargokideak defendatzea lanbidean jarduten dutenean, edo horrekin lotutako zereginetan, egoki eta bidezko jotzen bada; horrez gain, elkargokide guzti-guztiei zor zaien begirunea gordetzen dela zainduko du Batzordeak.

  5. Denon interesak zaintzeko eta justizia-administrazio zuzen eta azkarraren alde egiteko egoki jotzen diren ekimen guztiak sustatzea Estatuko Gobernuan, autonomia-erkidegoetako gobernuetan, toki-gobernuetan, Autonomia Erkidegoko Elkargoen Kontseiluan eta Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrean.

  6. Elkargoari dagozkion eskubideak eta egintzak baliatzea, bereziki justizia-administrazioaren funtzionamendu zuzena oztopatzen dutenen aurka, bai eta lanbidearen jardueraren askatasuna eta independentzia eragozten dutenen aurka ere.

  7. Elkargoaren funtsak banatzea eta administratzea, haren interesen alde egokiena erabakiz, funts horien egoerari edo inbertsioari dagokionez, diruzainaren proposamenez; halaber, Batzorde Orokorrari erabakitakoaren berri eman beharko dio. Batzorde Orokorrak izango du ondasun higiezinak erostea, besterentzea edo zergapetzea onartzeko eskumena.

  8. Edozein elkartekideri dei egitea, informazio gehiago emateko. Elkartekideek kasu egingo diote deialdiari, pisuzko arrazoi bat tartean ez bada behintzat.

  9. Elkargoko langileen lanpostuak betetzeko lehiaketen oinarriak idaztea eta langile horiek kontratatzea, bai lanposturen bat hutsik geratu delako, bai lanpostu berriren bat sortu dutelako, korporazioaren beharren arabera.

  10. Elkargoaren sailen eta zerbitzuen jarduera zaindu, programatu eta kontrolatzea.

  11. Elkargoari elkargokideren bat dela-eta egindako erreklamazioak behar den moduan ebaztea.

  12. Agintari, korporazio eta erakunde ofizialekin elkargo bakoitzari dagozkion komunikazioa eta harremanak izatea, eta batez ere:

    1. Txostenak, irizpenak eta kontsultak ematea, bai eta Elkargoak eskatzen dituen gainerako agiriak ere.

    2. Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 272. artikuluan jasotzen den jakinarazpen-zerbitzua antolatzea, bai eta bateratutako beste edozein zerbitzu, legez elkargoari dagokiona.

    3. Doako Laguntza Juridikoaren 1/1996 Legeak elkargoei aitortzen dizkion funtzioak betetzea.

    4. Lege horrek araututako batzorde edo organoetako kideak Elkargoak izendatzea.

      1. Batzorde Orokorrean hartutako erabakiak betearaztea.

      1. Elkargoaren egoitzaren helbidea Bilbo barruan aldatzea.

      2. Eta legeetan, Estatutu Orokor honetan edo elkargo bakoitzeko partikularrek eta Autonomia Erkidegoko elkargoetako kontseiluetakoek ezarritako beste eskumen guztiak, bai eta dagozkien arautegiak ere.

        2. ATALA

        HAUTATZEA ETA KARGU-UZTEA

  1. Dekano-kargurako hautagaia izateko ezinbestekoa izango da hamar urtez jarraian lanbidean jardutea, etenik gabe, Bizkaiko jarduneko elkargokide gisa, deialdia egiten denean; Gobernu Batzordeko gainerako karguei dagokienez, nahikoa izango da bost urtez jarraian lanbidean jardutea, etenik gabe, Bizkaiko jarduneko elkargokide gisa.

  2. Ezin izango dira hautagai izango epai irmoaren bidez kargu publikoak betetzeko ezgaituta edo suspendituta daudenak, zigorrak irauten duen bitartean, ezta prokuradore elkargoren batek jarritako diziplina-zehapena jaso dutenak ere berriro gaituak izan arte.

  3. Elkargokideak deialdi berearen barruan hautatzekoak diren karguetatik bakar batera baino ezin izango dira aurkeztu.

  1. Hauteskundeak karguak berritzeko garaia iristen denean deituko dira, edo 19. artikuluan jasotako baldintzetan; Gobernu Batzordeak hartuko du erabaki hori, hauteskundeak egin baino hogeita hamar egun lehenago, gutxienez.

  2. Berritu beharreko karguetarako hauteskunde-zerrendak elkargoaren Idazkaritzan egongo dira hauteskundeak egin baino hogei egun lehenago, eta hauteskundeen eguna baino hamabost egun lehenago aldarrikatuak izango dira, hautagaiek estatutuetan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

    Hauteskunde-zerrenda bakarra aurkeztu bada, zerrenda hori inpugnatzeko epea bukaturik, aldarrikatu egingo da, hauteskunde-prozedura ireki beharrik gabe.

  3. Hautesleak izango dira hauteskunde-deialdia egiten denean Batzorde Orokorrera elkargokide gisa joatea daukaten guztiak, eta euren botoen balioa deialdian araututakoaren araberakoa izango da, jarduneko edo ez-jarduneko estatutua daukaten aintzat hartuta.

  1. Hauteskundeak deitzen direnean, Gobernu Batzordeak elkargokide guztiei honako hauek eskuratuko dizkie: aldarrikatutako hautagai-zerrendak, gutunazal ofizial bat, eta inprimatutako txartel bat, hauteskundeetan bete beharreko kargu guztiak jasotzen dituena.

  2. Hautesleren batek hauteskunde-egunean kanpoan egongo dela edo ez duela joaterik izango aurreikusten badu, postaz bozkatu ahal izango du era honetan: hamar egun lehenago, gutxienez, inprimatutako txartela gutunazal ofizialaren barruan helaraziko du biak Elkargoak eskuratuko dizkio-, gutunazal handiago baten barruan sartuta; bigarren gutunazal horretan, gainera, nortasun agiri nazionalaren fotokopia sartuko du, hautesleak berak izenpetua. Bestela, hauteslea nor den egiaztatzen duen beste agiriren batek balio dezake. Gutunazal hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako erregistro eta bulego publikoetan aurkeztu daiteke, aurkezten den eguneko data adierazita. Elkargoaren helbidera zuzenduko da, eta helbidearekin batera hau idatziko da: «Hauteskunde-mahaiarentzat». Elkargoak sarrera emango die horrelako guztiei eta, ireki gabe, Hauteskunde-mahaiari emango dizkio hauteskunde-egunean.

  3. Hauteskunde-egunean hauteskunde-mahaiak eratuko dira goizeko hamarretan, Elkargoaren egoitzan eta elkargoak barruti judizialetan dituen egoitza guztietan. Hauteskunde-mahaia antzinatasun handiena duen elkargokideak eta bi elkargokide berrienek eratuko dute barruti judizial bakoitzean gaituta daudenen artean, eta antzinatasun berdina izanez gero, zaharrenak eta bi gazteenek izango dute betebehar hori.

  4. Hauteskunde-mahaiak osatu ondoren, bozketa hasiko da, une horretan bertan dagoen boto-emaile bakoitzak lehendakariari gutunazal ofiziala emango dio, barruan inprimatutako txartela sartuta dagoela bi horiek Elkargoak eskuratu zizkien boto-emaileei deialdiarekin batera-, eta hautestontzian sartuko da, botoa gauzatzeko. Bozketa arratsaldeko ordu bietan amaituko da, salbu eta Elkargoaren egoitzan, han arratsaldeko seiak arte iraungo baitu. Botoa eraginkorra izateko, txartelean hautagaien izen guztiak edo batzuk adieraziko dira, aurkezten diren karguei lotuta. Mahai bakoitzeko botoak zenbatu behar dutenek elkargokideen erroldan idatziko dute nortzuek eman duten botoa eta, gainera, horretarako prestatutako zenbakizko zerrenda batzuetan inskribatuko dituzte. Behin bozketa-aldiak bukaturik, elkargoaren egoitzatik kanpo dauden mahaietatik egoitza horretako Mahaira eramango dira botoemale-zerrendak, eta gutunazal itxi batean, hautestontzietako gutunazal guztiak garraiatuko dira.

  5. Bozketa amaitu ondoren, elkargoaren egoitzan, mahaiko lehendakariak gutunazalak aterako ditu hautestontzitik eta barruti judizialen mahaietako botoak eta posta bidezkoak ere irekiko ditu. Jarraian, hautestontziko gutunazaletatik, beste barrutietatik heldutakoetatik eta posta bidez bidalitakoetan hamar egun lehenagoko data adierazita dutenetatik txartelak banan-banan ozenki irakurriko ditu, eta elkargokideek aztertzeko aukera izango dute, hala eskatzen badute. Posta bidez bidalitako gutunazaletako botoetatik epez kanpoko data batean aurkeztu direnak baliogabeak izango dira. Mahaian zenbaketa egin behar dutenek boto guztien kontaketa egin ondoren, lehendakariak kargu bakoitzean baliodun boto gehien lortu dituztenak hautetsitzat aldarrikatu ditu. Berdinketarik izanez gero elkargoan antzinatasun gehien duena aldarrikatuko da hautetsitzat, eta hala ere berdinketa badago, zaharrena izango da hautetsia.

  6. Hauteskunde-mahaiko idazkariak hauteskundeen emaitzen akta egingo du, eta elkargoko iragarki-taulan boto-emaileen zerrenda, hautagai bakoitzak lortutako boto-kopurua eta aldarrikatutako hautetsiak jarriko dira.

  7. Bozketak iraun bitartean aurkezten diren kexak edo erreklamazioak ez dira eztabaidatuko eta ez dute bozketa geldiaraziko; hala ere, boto-zenbaketa egiaztatu eta hautetsiak aldarrikatu aurretik, elkargoaren egoitzako Hauteskunde-mahaiak egoki irizten dien erreklamazioen azterketa egin eta erabakia hartuko du; erabaki hori aktan jasoko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Osoko Bilkuran errekurritu ahal izango da.

  8. Hemen jaso gabeko kasuetarako, Hauteskunde Eraentza Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak agindutakora joko da.

  1. Hautetsitzat aldarrikatutako hautagaiak karguez jabetuko dira Gobernu Batzordearen aurrean edo batzordearen eginkizunak behin-behingoz betetzen dituztenen aurrean, aldarrikapena egin eta hamabost eguneko epean; horretarako, karguak leialtasunez eta fideltasunez beteko dituztela eta Gobernu Batzordearen eztabaiden sekretua gordeko dutela zin egin edo aginduko dute; une horretan, ordura arte eginkizun horietan aritutakoek karguak utziko dituzte.

  2. Behin hautetsiak aldarrikatuta, Hauteskunde-mahaiaren azken ebazpenaren aurka, prozedura-gorabeherak edo emaitzak direla-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluan ezarritako errekurtsoek ez dute geldiaraziko hautetsiak karguez jabetzea, salbu eta ezohiko arrazoiengatik Batzorde Iraunkorrak hala erabakiko balu beren beregiko ebazpen bidez.

  3. Hautetsiak karguez jabetu direla egiaztatuta, Gobernu Batzordea eratu eta bost eguneko epean honako hauei emango zaie horren berri: Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salari, Bizkaiko Barruti Judizial bakoitzeko epaile dekanoei, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari. Horretaz gain, Gobernu Batzordearen osaera berria eta baldintza legalak bete direla jakinaraziko zaie.

  4. Aldarrikatutako hautagairen batek hautetsia izateko baldintzak betetzen ez dituela ohartuz gero, elkargoaren egoitzako Hauteskunde Mahaiak, eragindakoari entzun ondoren, eztabaidatu eta, behar izanez gero, kargu-jabetzea eragotziko du erabaki bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluan erabaki horren aurkako errekurtsoa jartzeko aukera utzita. Horrelakoetan, kargua utzi behar zuen kidearen aginte-aldia luzatuko da, eta hori posible ez bada, estatutu hauen arabera ordezkatuko da, kide batek kargua uzten duenean egiten den bezala.

Gobernu Batzordeko kideek honako arrazoi hauek direla medio utziko diote batzordekide izateari:

  1. Heriotza.

  2. Interesatuak berak uko egitea, eta Gobernu Batzordeak onartzea erabaki bidez.

  3. Kargua betetzeko estatutuetako baldintzak hasieratik ez betetzea edo bat-batean horiek galtzea, Batzordeak berak erabakita, interesatuari entzun eta bera hori aurrean egon gabe, eztabaidatu ondoren.

  4. Dagokion kargua betetzeko epealdia amaitzea.

  5. Gobernu Batzordearen bileretara jarraian hiru aldiz edo urtebeteko epean jarraian izan gabe bost aldiz ez joatea, batzordeak berak erabakia hartu ondoren.

  6. Ezohiko Batzorde Orokorrean zentsura-mozioa onartzea.

  7. Ezohiko Batzorde Orokorrean planteatzen den konfiantza-arazoa ez onartzea.

    3. ATALA

    FUNTZIONAMENDUA

  1. Gobernu Batzordeak aholku-batzordeak edo batzorde erabakitzaileak sortzea erabaki dezake, eta horiek aldi baterako edo behin betikoak izan daitezke.

  2. Aholku-batzordeek txostenak egingo dituzte, Gobernu Batzordera edo Batzorde Orokorretara bidaltzeko. Batzorde erabakitzaileak, ordea, funtzio eskuordetuak betetzen dituztenak dira eta ebazteko ahalmen osoa izango dute erabaki bidez; erabaki horietan Gobernu Batzordearen osoko bilkurak batzorde erabakitzaileak sortzeko hartu zuen erabakia aipatu beharko dute.

  3. Batzorde erabakitzaileetan Gobernu Batzordeko kideak baino ez dira egongo; aholku batzordeetan, aldiz, edozein elkargokide egon ahal izango da, baina lehendakaria Gobernu Batzordeko kidea izango da.

  4. Behin betiko aholku batzordeak eta batzorde erabakitzaileak, behin-behinekoz edo behin betiko, sortzeko erabakia Gobernu Batzordean hartuko da gehiengo osoz. Batzordeen funtzioak aldatzeko, batzordeak bertan behera uzteko edo deuseztatzeko eta zenbait kasutan funtzio erabakitzaileak bereganatzeko, ordea, gehiengo soila baino ez da behar.

  1. Gobernu Batzordeko kideek prestutasunez eta arduraz beteko dituzte euren funtzioak, lanbide-elkargoei eta prokuradore-arloaren jarduerari dagokien legediaren esparruan.

  2. Gobernu Batzordeko kideek eta aholku-batzordeen bileretan parte hartzen dutenek eztabaiden sekretua gordeko dute, eta ezin izango dute helburu partikularretarako erabili ez Gobernu Batzordearen informazio erreserbatua, ez eta karguari esker soilik eskuratutako informazioa ere.

  3. Gobernu Batzordeko kide bat interesduna baldin bada gai jakin batean, ezin izango da egon gai horri buruzko eztabaidetan eta bozketan, eta aktan jasoko da bilera-gelan ez dagoela edo irten egin dela eta eztabaidan eta bozketan parte hartu ez duela.Bestalde, abstenitzeko arrazoien artean onartuko dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoak.

  4. Gobernu Batzordeko kide guztiek nahitaez joan beharko dute deitutako bileretara; bidezko arrazoirik gabe ez agertzeak kargua uztea ekar dezake, edo zehapena jasotzea, dagokion diziplina-espedientearen bidez.

  1. Gobernu Batzordearen ohiko bilerak hilean behin egingo dira, eta ezohikoak dekanoak hala erabakitzen duenean, edo hiru kidek, gutxienez, hala egiteko eskatzen diotenean, aztergai-zerrendaren proposamena aurkeztuta.

  2. Deialdian gai-zerrenda, lekua, eguna eta bilera hasteko ordua adieraziko dira, idatziz egingo da eta idazkariak jakinaraziko du, bidali eta jaso dela adierazten duen edozein baliabide erabiliz. Behar izanez gero, deialdiarekin batera aztergai-zerrendako puntuei buruzko agiri zehatzak bidaliko dira.

  3. Ezin izango da aztergai-zerrendatik kanpoko gairik eztabaidatu, salbu eta dekanoak onartzen baditu edo Gobernu Batzordeko hiru kidek, gutxienez, hala egiteko eskatzen badiote.

  4. Deialdia gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago jakinaraziko da; presazko arrazoiak daudenean, berriz, premiak eskatzen duen aurrerapenarekin egingo da.

  5. Gobernu Batzordeko bilerak baliozkoak izango dira, baldin eta bere kide guztiak azaltzen badira, nahiz eta deialdia behar den eran egin ez.

  1. Gobernu Batzordeko lehendakaria dekanoa izango da edo, estatutu hauen arabera, bere ordezkoa, dekanoa ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo kargua utzi duenean.

  2. Gobernu Batzordea balio osoz eratzeko, gutxienez kideen gehiengoak bertan egon beharko du, beti ere horien artean dekanoa eta idazkaria baldin badaude, edo estatutuen arabera horiek ordezkatu behar dituztenak.

  1. Gobernu Batzordeak botoen gehiengo bakunez hartuko ditu erabakiak, salbu eta erabaki horiek elkargokideak sei hilabetetik gora lanbidearen jardueratik ezgaitzeko badira edo estatutu hauek edo legeek, gaiaren arabera, erabateko gehiengoa edo bestelako gehiengo kualifikatua behar izateko badira.

  2. Gobernu Batzordeko kide guztien botoek balio berdina izango dute; hala ere, berdinketa izanez gero, estatutu hauen arabera lehendakari-karguan dagoenaren botoak erabakiko du; nolanahi ere, gehiengo osoa edo gehiengo kualifikatua behar denean lehendakariaren botoak ez du erabakitzeko ahalmen hori izango.

  3. Gehiengoak zenbatzeko, Batzorde Orokorra egiteko ezarritako irizpideak aplikatuko dira Gobernu Batzordean ere.

  4. Oro har, bozketak eskua altxatuz egingo dira, baina botoa izenezkoa eta isilpekoa izango da Gobernu Batzordeko hiru kidek, gutxienez, hala eskatzen dutenean eta pertsonei buruzko bozketak direnean, hala nola, diziplinazko prozedurak hasi eta ebazteko erabakiak eta elkargokideak sei hilabetetik gora lanbidearen jardueratik ezgaitzekoak.

  5. Idazkariak erabakien akta egingo du; akta hori batzordearen bukaeran edo hurrengoaren hasieran irakurriko da; aktari oharren bat egin nahi dionak hitza hartzeko aukera izango du, baina oharrak aktaren zehaztasunaren gainean bakarrik egingo dira; ondoren, akta onartzeko bozketa egingo da. Bestalde, aktak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 27. artikuluan aurreikusitako moduan egingo dira.

    4. ATALA

    GOBERNU-KARGUAK

  1. Idazkariaren egitekoak hauek dira:

    1. Gobernu Batzordearen bileren aztergai-zerrenda prestatzea, dekanoaren jarraibideen arabera, bai eta Batzorde Orokorren bileren aztergai zerrenda ere, Gobernu Batzordeak onartutako jarraibideen arabera; bilera-deiak ere egingo ditu.

    2. Aktak idatzi eta baimentzea, onartzeko tramitera proposatzea eta akta-liburuaz arduratu eta elkargoaren agiriak zaintzea.

    3. Gobernu Batzordean eta Batzorde Orokorretan aholkularitza ematea, legearen defentsaren alde eginez, eta legezkotasun korporatiboari buruzko txostenak egitea, hala eskatzen zaionean.

    4. Bizkaiko prokuradoreen errolda eguneratzea, jarduneko eta ez-jarduneko elkargokideen zerrendak eginez; hala, elkargokide bakoitzaren fitxa egingo du, eta bertan azalduko dira erroldatutakoen banakako aurrekariak, helbide profesionala eta pribatua, telefono- eta fax-zenbakia, posta elektronikoko helbidea eta abar.

    5. Ofiziozko txanda eta doako ordezkaritza-zerbitzuaren hurrenkera antolatzea.

    6. Gobernu Batzordearen urteko jardueren memoria prestatzea, Batzorde Orokorrak onar dezan.

    7. Eskatzen zaizkion egiaztagiriak egitea eta baimentzea, eta Batzorde Orokorraren, Gobernu Batzordearen edo dekanoaren erabakiz igorri beharreko jakinarazpenak, aginduak eta zirkularrak bidaltzea.

    8. Elkargoko langile administratiboen arduradun-kargua betetzea.

    9. Oro har, elkargoko administrazio-organoen idazkariari dagozkion egiteko guztiak betetzea, bai eta honako hauek ere: aurreko egitekoei lotutakoak, betiere Idazkaritzaren funtzioak hobeto betetzeko beharrezko badira, eta, aurreko funtzioekin lotuta, elkargoko organoek agintzen dizkioten betebehar guztiak.

  2. Idazkaria kanpoan edo gaixorik badago edo kargua utzi badu, idazkariordeak ordezkatuko du funtzio guztietan, eta gainera, idazkariak agintzen dion eginbehar guztietan lagunduko dio.

  1. Diruzainaren egitekoak hauek dira:

    1. Aurrekontuen eta urteko kontuen proiektua prestatzea, ohiko Batzorde Orokorrean aurkezteko.

    2. Elkargoaren gastuei eta zerbitzuei aurre egiteko, elkargokideek ordaindu beharreko kuota arrunten eta aparteko derrameen ekarpenak zehazteko proposamenak lantzea.

    3. Sei hiletik behin gutxienez, Gobernu Batzordeari diru-sarreren eta gastuen berri ematea, bai eta aurrekontuen betetze-mailarena ere.

    4. Elkargoaren diru-bilketa eta kontabilitatea kontrolatzea eta, ez ordaintzeagatik baja emateko erabakia hartu aurretik, elkargokideei ordaintzeko eskaerak egitea proposatzea, bai eta kontabilitate-liburuez arduratzea.

    5. Kontu korronteak ireki eta ixtea, eta bankuko kontuetara dirua sartzea eta kontu horietatik dirua ateratzea, dekanoarekin batera.

    6. Elkargoaren ondasunen inbentarioaz arduratzea.

    7. Aurreko betebeharrekin lotutakoak edo elkargoko organoek agindutako guztiak.

  2. Kontu-auditore batek aztertuko ditu Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoko urteko diru-kontuak, diruzainak prestatutakoak, ohiko Batzordeak aztertu eta onartu ondoren, hala ezartzen baita tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 50.3. artikuluan.

Dekanoa kanpoan edo gaixorik badago edo kargua utzi badu, dekanordeak ordezkatuko du funtzio guztietan eta, gainera, dekanoak agintzen dizkion eginbehar guztietan lagunduko dio. Nolanahi ere, zenbait kasutan, dekanoak ordezkari eta bozeramaile ofizialen funtzioak Gobernu Batzordeko edozein kideren esku utzi ditzake.

Gobernu Batzordeko kide gisa betetzen duten egitekoaz gain eta batzorde horrek ezartzen dizkien betebeharrez aparte, lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren bokalek dekanoa ordezkatuko dute, zenbakiari dagokion hurrenkeran, dekanoa kanpoan edo gaixorik badago edo kargua utzi badu eta dekanordea ez badago; egoera berdinetan eta hurrenkera berdinaren arabera, diruzaina ordezkatuko dute, eta alderantzizko hurrenkeran, idazkaria, idazkariordea ez badago. Pertsona bakar batek ez ditu sekula bi kargu batera ordezkatuko.

Gobernu Batzordeko lehendakaria izateaz gain, dekanoa lagun bakarreko organoa da eta Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoaren lehendakariaren eta legezko ordezkariaren karguak ditu; hori dela-eta, errespetua eta begirunea jasotzen du, elkargokide guztiei aholkua eskaini eta denekin jokabide eredugarria baitauka.

Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoaren dekanoaren eginkizunak honako hauek dira:

  1. Elkargoaren ordezkaritza ofiziala betetzea harreman guztietan, botere publikoekin, erakundeekin, udalekin eta era guztietako pertsonekin, eta, zenbait kasutan, eginkizun hori Gobernu Batzordeko kideren baten esku uztea.

  2. Gobernu Batzordearen eta horren batzordeen deialdia egin eta lehendakari-kargua betetzea, bai eta organo horietako aztergai-zerrenda onartzea ere; gainera, Batzorde Orokorretako burua izango da, organo horren bilerak zuzendu, bertan behera utzi eta bukatutzat emango ditu, eta kalitateko botoa izango du. Horrekin batera, oro har administrazio-izaerako kide anitzeko organoetako lehendakariei dagozkien eginbeharrak beteko ditu.

  3. Gobernu Batzordearen eta bere batzordeen jarduera zuzendu eta koordinatzea, bertan hartutako erabakiak betearaztea eta elkargokideei aholku ematea eta euren jarduna behatzea eta zuzentzea, beti ere dekanoaren aginte-esparruaren barruan.

  4. Elkargoaren izenean jardutea edozein negozio edo ekintza juridiko egitean; nolanahi ere, ezin izango du kontraturik izenpetu edo betebeharrak bere gain hartu, Gobernu Batzordeak aurretik hala erabaki ez badu.

  5. Bizkaian, elkargoaren eta, oro har, lanbidearen bozeramailea izatea eta, zenbait kasutan, betebehar hori Gobernu Batzordeko kideren baten esku uztea.

  6. Elkargoaren gastuak eta inbertsioak baimentzea, horiei dagozkien ordainketak aginduz.

  7. Aktei eta ziurtagiriei oniritzia ematea.

  8. Oposizioetako eta lehiaketetako epaimahaiak osatzeko elkargokideak proposatzea.

  9. Prokuradoreak kanpoan daudela adierazten duten jakinarazpenak jasotzea eta horiek baimentzea araudiari jarraiki, jardunera itzultzen direla jasotzea, bat-batean gaixotzen diren prokuradoreen behin-behineko ordezkoak izendatzea eta hildako elkargokideen bulegoak ixteko eskatzea modu subsidiarioan, jaraunsleek egingo ez balute.

  10. Gobernu Batzordeak eta Batzorde Orokorrak bere esku utzitako eginbeharrak betetzea, premiak edo beharrak eraginda atzeratu ezin daitezkeen erabakiak hartzea eta, bereziki, organo eskudunei eskatzea ezgaitasun, bateraezintasun, debeku edo abstentzio-kausaren batean dauden elkargokideak lehenbailehen suspendituak izan daitezela lanbidearen jardueran, edo gai jakin baterako funtzioetan edo jurisdikzio- edo administrazio-organo jakinetan.

  11. Araudiek, estatutu hauek, Estatutu Orokorrak eta Euskadiko Prokuradore Arloarenak ezartzen dizkioten gainerako eginbeharrak betetzea eta, oro har, aurreko egitekoak hobeto betetzeko beharrezko direnak, beti ere elkargoaren beste organoen eskumenetan eragiten ez badute.

Dekanoak, Gobernu Kontseiluak eta Gobernu Kontseiluko kideek, alde batera utzirik dituzten erantzukizun penalak, zibilak, komunak eta lanbidekoak, edo zehapen-erregimenetik datozenak, beren kudeaketa-lanari buruz kontuak eman beharko dituzte elkargokideen aurrean, eta elkargokideek horren erantzukizuna eskatu ahal izango diete zentsura-mozioa aurkeztuz, estatutu hauen 15. artikuluan ezarritako zilegitasun eta baldintzekin.

Gobernu Batzordeak ezohiko Batzorde Orokorra deitu ahal izango du konfiantza-arazoa bakarrik planteatzeko bai bere programari buruz, bai kudeaketa-politikaren inguruko adierazpen jakin bati buruz. Batzorde Orokorrak balio osoz erabakitzen badu konfiantza ez ematea, kargu guztiak kargugabetuak izango direla ulertuko da, eta hauteskundeak deituko dira estatutu hauetako 19.3 artikuluan ezarritakoaren arabera; karguak utzi dituztenek ezin izango dute behin-behingoz gobernu-kargurik bete.

HIRUGARREN TITULUA

ARAUBIDE JURIDIKOA

1. ATALA

ARAUBIDE JURIDIKO OROKORRA

  1. Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoko organoen egintzak administrazio-zuzenbidearen menpe daude, baina izaera zibileko eta penaleko arazoak salbuetsita daude, hala ezartzen baita tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 48. artikuluan.

  2. Osagarri modura, Estatutu honetan aurreikusi gabekoetarako, 18/1997 EAEren Legea aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako legeak, 21/2004 Dekretua, Estatutu Orokorra eta Euskadiko Prokuradore Arloarena ere.

  3. Epeak Administrazio-legeetan aurreikusitakoaren arabera zenbatuko dira.

  1. Elkargo-organoek hartutako erabaki oro bete beharko da berehalakoan; erabakiak hartzen eta onartzen diren unean sartuko dira indarrean, erabakian bertan bestelakorik adierazten ez den artean.

  2. Hala ere, estatutuak onartu eta aldatzeko erabakiak ez dira indarrean sartuko erabaki horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu artean.

  3. Elkargokideen zereginak ezartzeko erabakiak, edo deontologia profesionala eragiten dutenak edo arau-hauste eta zigorren erregimenean eragina duten erabakiak ez dira eraginkorrak izango, argitaratu edo jakinarazi bitartean, kasu bakoitzean egokia dena; baldintza hori bete ezean, ezingo da diziplina-zigorrik ezarri. Argitaratzeko betebeharra betetzeko, nahikoa izango da Elkargoaren iragarki-oholean erakusgai jartzen bada.

  1. Korporazio-errekurtsorik aurkezteak ez du baliogabetzen hartutako erabakia, xedapen batek aurkakoa esaten ez duen bitartean. Gobernu Batzordearen edo Batzorde Orokorraren egintzen aurkako errekurtsoa aurkeztu denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak, betiere aldetako batek eskatuta eta txostengileari entzun ondoren, erabakia baliogabetzea erabaki ahal izango du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean ezarritakoaren arabera.

  1. Interesdunek Kontseiluko organoen erabakien eta izapide-ekintzen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango dute, erabaki edo izapide-ekintza horiek gaia zuzenean zein zeharka erabakitzen badute, edo prozedurarekin jarraitzeko aukera oztopatzen badute, edo defentsa-gabezia eragiten bada edo eskubide eta interesak kaltetzen badira; gainera, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal da, hala badagokio.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitakoaz gain, Batzar Orokorraren, Gobernu Batzordearen, batzordearen funtzioak behin-behingoz gauzatzen dituen organoaren, hauteskunde-prozedurako Mahaiaren, eta dekanoaren edo Gobernu Batzordeak eskuordetutako funtzioak betez erabakitze-batzordeen behin betiko erabakiak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu aurretik, gora-jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Osoko Bilkuraren aurrean.

  3. Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ondoren, Gobernu Batzordeak edo batzordearen funtzioak behin-behingoz gauzatzen dituen organoak, ofizioz aldatu ahal izango dituzte beren erabakiak, bai eta dekanoarenak edo Gobernu Batzordeak eskuordetutako funtzioak betez erabakitze-batzordeenak ere.

  4. Elkargo-organoen egintzen aurkako gora-jotzeko errekurtsoa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, egintzak argitaratu edo, hala badagokio, elkargokideei edo daragien pertsonei jakinarazten zaienetik hasita. Gobernu Batzordeari zuzendutako idazki baten bidez aurkeztu beharko da, eta honek aitzindariekin eta bidezko txostenarekin batera, hurrengo hamabost eguneko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluri igorri beharko dio. Kontseiluak, berariazko xedapenik ez badago, errekurtsoa aurkeztu eta hiru hilabeteko epean ebatzi beharko du. Epea iragan ondoren, ezetsitakotzat jo beharko da, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko ondorioetarako.

Batzorde Orokorrak hartzen dituen erabakiak legezkoak ez badira edo lanbideari berari kalte larriak ekartzen dizkionean edo elkargoak dituen helburu eta funtzioak gauzatzeko kaltegarriak direnean, Gobernu Batzordeak legitimatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluaren Osoko Bilkuraren aurrean gorako errekurtsoa aurkezteko. Errekurritutako akordio indargabetzeko eskatu ahal izango du.

Elkargoko organoen egintzen deuseztasun eta deuseztagarritasunaren arrazoiak indarrean dauden administrazio arauetan oro har aurreikusitakoak izango dira eta Gobernu Batzordeak ofizioz indargabetu eta berraztertu edo, hala badagokio, aldatu beharko ditu organoen eta eskuordetutakoen erabakiak eta, era berean, Batzorde Orokorraren erabakien aurka gorako errekurtsoa aurkeztu beharko du, akordioak erabat deusezak direnean.

2. ATALA

ANTOLAKUNTZA KORPORATIBOA

Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoa Auzitegietako Estatuko Prokuradoreen Kontseilu Orokorraren barruan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluaren barruan egongo da.

  1. Une horretako dekanoa, edo kargu-uztea gertatzen bada, dekanordea edo aldi batean haren lanak egin behar dituen elkargokidea izango da Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorraren Osoko Bilkurako aholkularia.

  2. Dekanoa Euskal Autonomia Erkidegoko dekano nagusia denean, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Nagusiko Batzorde Iraunkorreko kidea izango da.

  1. Une horretako dekanoa, edo kargu-uztea gertatzen bada, dekanordea edo aldi batean haren lanak egin behar dituen elkargokidea Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorraren Osoko Bilkurako berezko aholkularia izango da. Euskadiko dekano nagusia izango da, bi urtez; kargu hori txandaka beteko dute Araba eta Gipuzkoako prokuradoreen elkargoetako dekanoek ere.

  2. Gobernu Batzordeak hiru kide izendatuko ditu elkargoaren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluko aholkulari jarduteko, kargu hori duten bitartean, non Euskal Kontseiluak antolamenduan aldaketak egitea erabakitzen ez duen.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluko Estatutuetan zehaztutako moduez gain, Gobernu Batzordeak erabateko gehiengoz hala erabakitzen badu, Kontseiluko aholkulari izateari utziko zaio.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluko Osoko Bilkurak behin betiko edo behin behingoz sortzen dituen batzorde erabakitzaileetan une bakoitzean Gobernu Batzordeko kide diren Bizkaiko elkargokideak baino ez dira egongo.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluko Osoko Bilkurak sortzen dituen behin-betiko aholku-batzordeetan Bizkaiko elkargokideak baino ez dira arituko, baldin eta Gobernu Batzordeari jakinarazi ostean, honek eragozpenik jartzen ez badu.

  1. Dekanoa edo Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluko Osoko Bilkurak aholkulari izendatutako Gobernu Batzordeko kideak Osoko bilkuretara edo, hala gertatuz gero, Batzorde Iraunkorrera bertaratu ezin direnean, dekanoaren edo dagokion karguaren funtzioak betetzea dagokion pertsonak ordezkatuko ditu, estatutu hauen arabera. Osoko bilkuretan dekanoaren edo Gobernu Batzordeko kidearen ordez beste aholkulari batek jardun behar duenean, aholkulari horren ordezkapena estatutu honen arabera oro har ordezkatu behar duen Gobernu Batzordeko kideak egingo du. Nolanahi ere, egotzi zaien karguari dagozkion eskubide guztiak bereganatuko dituzte ordezkariek, boto-eskubidea barne.

1. ATALA

ELKARGOKIDETZEKO ARAUBIDEA

Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoan sartu beharko da aurretik nahitaez, Bizkaiko edozein epai-barrutitan prokuradore aritzeko.

  1. Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoan prokuradore moduan jarduteko honakoak bete beharko dira:

    1. Prokuradore-tituluaren jabe izatea.

    2. Batzorde Orokorrak elkargoan sartzeko finkatu duen kuota ordaintzea, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrak hartutako erabakiarekin bat etorriz.

    3. Ezgaitasun edo bateraezintasunagatik inolako auzitan ez egotea edo prokuradore-arloan aritzeko debekurik ez izatea, Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorrean adierazitakoen arabera.

    4. Prokuradore jarduteko gaigabetzen duen eta kondenagatik deuseztagarria ez den zigor-aurrekaririk ez izatea.

    5. Inolako prokuradore-elkargotan jarduneko prokuradore moduan sartuta ez dagoela berariaz eta idatziz aitortzea.

    6. Dauden zerga-betebeharrak eginda dituela kreditatzea lanbide-jardueran alta emateko.

    7. Lanbidean aritzeagatiko erantzukizun zibilaren ondoriozko arriskuetarako aseguru-kontratu bat izenpetuta izatea, baldin eta elkargoak berak zuzenean elkargokide guztientzat kontratatuta ez badauka, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrak ezarritako gutxieneko mugen barruan.

    8. Espainiako Auzitegietako Prokuradoreen Mutualitatean, Prima Finkoko Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitatean edo, aldizka, Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta ematea, Aseguru Pribatuen antolakuntza eta gainbegiraketari buruzko azaroaren 8ko 30/1995 Legearen Hamabosgarren Xedapen Gehigarrian eta horiekin bat datozen legeetan ezarritakoaren arabera.

    9. Konstituzioa zin egitea edo berari eta gainerako ordenamendu juridikoari men egiteko agindua ematea, jardungo den barruti judizialean mailarik handiena duen agintari judizialaren aurrean edo Gobernu Batzordearen aurrean.

    10. Erakunde publikoen aldeko berrehun eta berrogei euroko fidantza bat sortzea, prokuradoreak bere lanbideko jardunetan ari dela hartzen dituen obligazioen berme gisa; edo, Justizia Ministerioak horretarako baimena emanez gero, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrak ezarriko duen fidantza, handiagoa dena.

  2. Tituludunen berariazko prestakuntza bermatzeko xedez prokuradore jardun ahal izateko baldintza jakin batzuk legez arautzen badira, elkargoan sartzeko aurrekontuetan sartuko dira.

  3. Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargo Ofizialak ez du inoiz lurralde-barruti bakoitzean gaitutako elkargokideen kopurua mugatuko, ez eta elkargokide berriak onartzeko bidea itxiko ere. Horrek ez du esan nahi, hala ere, arrazoizko atzerapen bat gerta ezin daitekeenik, zin egiteko edo agindua emateko eta Gobernu Kontseiluak erabakitzen duen eran karguaz jabetzeko.

  1. Bizkaiko Auzitegietako prokuradoreak jardunekoak, ez-jardunekoak eta ohorezkoak izan daitezke.

  2. Elkargoan baliotasunez sartu eta lanbidean dihardutenak izango dira jarduneko prokuradoreak.

  3. Ez-jarduneko prokuradoreak honakoak izango dira: gaigabetua egon barik, hori ez den beste edozein arrazoirengatik lanbidean ez diharduena baina elkargoan jarraitzen duena edo beste elkargo batetik modu horretan sartu nahi duena.

  4. Ez-jarduneko prokuradore moduan alta eman edo baldintza horretara iragan ahal izango da, baldin eta aurretik prokuradore benetan aritu izana egiaztatzen badu edo agerikoa bada; baina, nolanahi ere, izenari izaera hori gehitu beharko zaio beti.

  5. Elkargokideen erroldan jarduneko eta ez-jarduneko zerrenda bananduak egongo dira eta horrela osatuko da. Gobernu Batzordeko Idazkaritzak zerrenda horien berri emango die Bizkaiko jurisdikzio-organo guztiei, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari eta Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrari, alta eta baja guztiekin.

  6. Ohorezko dekano edo prokuradorea Batzorde Orokorrak izendatutako pertsona izango da, Gobernu Batzordearen proposamenez, prokuradore-arloari edo Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoari egindako merezimendu edo zerbitzu nabarmenengatik. Ohorezko dekano edo prokuradoreak ezin izango du lanbidean jardun titulu horrengatik eta bere izenari beti erantsi beharko dio ohorezko aipamen hori. Ez-jarduneko elkargokidea izan daiteke eta ez ditu elkargo-gastuei aurre egiteko beharrezko ordainketak egin behar.

  1. Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoko kide izateko eskabidea idatziz aurkeztu beharko zaio dekanoari, eta horrekin batera prokuradore-titulu konpultsatua eta 50.1 artikuluan adierazitako eskakizunak egiaztatzeko beharrezko diren gainerako agiriak.

  2. Dekanoak egin behar den hurrengo Gobernu Batzorderako utziko ditu aurkeztutako eskabideak. Batzordeak, hala ere, erabaki hori geldiarazi ahal izango du, arrazoizko epe batez, zin egin edo hitza eman eta jabetu behar direnez, eskabide-egile kopuru handiagoa izan dadin. Nolanahi ere, estatutuetan eskatutako eskakizunak egiaztatzen direnean sartzeko nahitaezko erabakia hartu beharko da.

  3. Lanbidean aritzeari uko egiten bazaio edo prozedura jarraitzea galarazten duen edozein izapide-egiketa gertatzen bada, horien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baino ezin izango da aurkeztu, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluko Osoko Bilkurari zuzenduta.

1. 50.1.i) artikuluan eskatutako zina egin edo hitza eman ostean, edo ageriko egintza batean, epai-agintariaren aurrean aurrekoak egiten ez badira, jarduneko moduan sartutako eskatzaileak, arauz osatutako Gobernu Batzordearen aurrean jabetuko dira prokuradore-jardunaz. Horretarako, bi elkargokiderekin agertuko da lekukotasuna egiteko eta, une horretan, estatutu hauen kopia emango zaizkio eta zintzo betetzeko eskatuko zaio.

  1. Jabetu ondoren jarduneko prokuradoreak alta hartuko du elkargoan, zenbaki korrelatibo besterezin bat izendatuko zaio eta zenbaki hori prokuradore agertzen den edozein prozeduretako agirietan adierazi beharko da.

  2. Alta eman duten prokuradore guztiei, jarduneko zein ez-jardunekoei, Gobernu Batzordeko idazkariak sinatutako egiaztagiri bat emango zaie, lurralde-barruti jakin batean, Bizkaiko edozein jurisdikzio-organoaren aurrean jarduteko gaitasuna ematen diona, jasotako errolda-zerrendak direnak direla.

  1. Prokuradore-arloan jarduteko ezgaitasun, bateraezintasun eta debekuak eta baita parte ez hartzeko arrazoiak, Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorreko 11., 23., 24. eta 27. artikuluetan eta aplikagarriak diren estatu edo autonomia-mailako legeetan ezarritakoak izango dira.

  2. Ezgaitasun, bateraezintasun, debeku edo abstentzio-kausaren batean sartuta dagoen prokuradoreak Gobernu Batzordeari jakinarazi beharko dio hilabeteko epean, jarduneko prokuradore izateari uzteko, lanbidearen jardun iraunkorrari eragiten badio. Bestela ere, gai jakin batean ezgaitasun, debeku edo abstentzioak eragindako lanbide-jarduerak berehala utziz, edo jurisdikzio- edo administrazio-organo jakinen aurrean. Organo horiei, halaber, ordezkari izateari uzten diola jakinarazi beharko die.

  3. Lanbide-jarduna hasi ostean ezgaitasun, bateraezintasun, debeku edo abstentzio-arrazoiren bat gertatzen bada, gaia zuzentzen duen abokatuari eta ordezten duenari jakinarazi beharko die, agindu-teknikoa indargabetzeko eta prokuradore berria izendatzeko. Hala ere, bere funtzioetan jarraitu beharko du luzapenak, eskubide galerak edo ordezkatuarentzako kaltegarri den edozein arrazoi saihesteko.

  4. Gobernu Batzordeak edo, hala behar izanez gero, dekanoak, baja hartu beharra bete ez izanaren berri jasotzen badu, lanbide-jarduera horiei berehala uzteko eskatuko dio eta hamabost eguneko epea emango dio eskaera hori betetzeko edo eskubidez komeni zaiona alegatzeko. Epe hori iragan eta eskaera bete ez badu edo alegazioak aurkeztu ez baditu, Gobernu Batzordeak edo, hala behar izanez gero, dekanoak, funtzioetan jarduteari uztaraziko dio berehala, arrazoiak azaltzen dituen erabaki baten bidez, eta, aldi berean, Bizkaiko jurisdikzio-organo guztiei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari horren berri emango die. Horrek, nolanahi ere, ez du zigor-espedientearen hasiera galaraziko, hala behar izanez gero. Gobernu Batzorderi dagokio erabaki bidez jarduteari berriro ekiteko baimena ematea, elkargokideak bere egoera arautu duelako edo ustezko diziplina-espedientearen barruan horrela erabaki delako.

  1. Prokuradoreak honako kasuetan utziko dio jarduneko elkargokide izateari:

    1. Interesatuak nahi duenean eta elkargoari horrela jakinarazi dionean.

    2. Beste prokuradore elkargo batean jarduneko elkargokide moduan alta eman duenean.

    3. Estatutu hauetan ezarritako baldintzen erantzukizun zibileko asegurua ez izatea, elkargoak berak zuzenean elkargokide guztientzat kontratatuta ez daukanean.

    4. Ohiko eta ezohiko kuotak, isurpenak eta gainerako elkargo-zamak ordaindu ez dituenean.

    5. Elkargoko lurraldean lanbide-bulegoa itxi duenean, estatutuetako aurreikuspenen arabera.

    6. Zehatzeko prozeduran kautelaz bertan behera uzteko erabakia hartu denean.

  2. Prokuradoreak honako kasuetan utziko dio jarduneko elkargokide jarduteari:

    1. Heriotza.

    2. Erretiroa.

    3. Prokuradore-lanbideari aitortutako funtzioak betetzeko ezgaitasun fisikoa edo psikikoa.

    4. Bere bulegora bertaratu ez denean, baldin eta kontraesaneko espedientearen ondorioz bertatik aldentzeko hasierako edo luzatutako epea amaitu bada.

    5. Debeku edo bateraezintasuna ekar dezakeen egintza, Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorraren arabera.

    6. Epai irmoa, baldin eta zigor nagusia edo ordezkoa lanbidearen jarduna edo Justizia Administrazioaren edo herri administrazioren eremuko beste ezein lanbide bertan behera uztea edo horretarako gaigabetzea ekartzen badute.

    7. Lanbide-jardunerako ezgaitu edo bertan behera uzteko elkargo-zehapena, zehapen prozeduran erabakitakoa.

  3. Bajak emateko Gobernu Batzordeak hartutako erabakiak lehenbailehen adierazi beharko ditu idazkariak jarduneko elkargokideen zerrendan. Egintzak eragin duen prokuradoreak, nolanahi ere, lanbide-jardunari utziko dio baja gertatzen den unetik bertatik. Baja arrazoiak: borondatezko eskabidea aurkeztea, debeku edo bateraezintasunak eraginda, bulegoa itxi edo absentziaren ondoren berriz ere hastea, ezgaitzeko edo bertan behera uzteko epai edo elkargo ebazpenaren jakinarazpena jasotzea, 54.3 artikuluan aurreikusitakoari kalterik egin gabe. Ez-jarduneko prokuradore jubilatuen araubide iragankorra horretaz kanpo geratzen da.

  4. Elkargo-kuotak ordaindu ez izanagatik baja emateko, dekanoak ordaintzeko eskaera egin beharko du, diruzainaren proposamenez, behar bezala jasota geratzeko moduan. Hala ere, elkargokide izateari ekingo dio berriro baldin eta zordundutako diru-zenbatekoa eta Estatuko Aurrekontuen urteko Legean adierazten den atzerapenaren legezko tasako interesak eta, hala badagokio, jarri dioten zehapenaren diru-zenbatekoa ordaintzen baditu.

  5. Lanbide-jardunean edo elkargokide moduan baja hartuz gero, ez-jarduneko prokuradore moduan jarraitzeko eskatu ahal izango da.

  1. Borondatez baja hartu edo baja eragiten zuen arrazoia desagertu denean, jarduneko elkargokide sartu ahal izango da elkargoan.

  2. Jarduteko eskakizunak betetzen direla egiaztatu ostean baino ezin izango da berriz ere elkargoan sartu. Eskatzaileak elkargoan sartzeko indarrean dagoen kuotaren erdia baino ez du ordaindu behar.

    2. ATALA

    JOKABIDE KODEA

Debekatuta dago erabat Bizkaian elkargokidetutako prokuradorea bere jardueran aritzea baldin eta askatasun, independentzia edo dignitatea murrizten duen egoeran badago, lanbide-deontologiaren aurkako praktikaren bidez edo zalantzazko jarduera profesionalean, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Euskal Legearen 11.2 artikuluan esandakoaren arabera; lanbide-sekretua urratzeko arriskua dagoenean edo interes-gatazka agertzen denean. Horrelako egoerak sortuko direla susmatzeko arrazoiak daudenean ezin izango da onartu inolako lanbide enkargurik.

  1. Estatutu hauetan, Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorrean eta estatu- eta autonomia-mailako lege aplikagarrietan araututako eskakizun deontologikoak zorrozki betetzea da prokuradore-arloan ordezkari tekniko lez aritzen diren pertsonen eskubidea, ikuspegi pribatuan, eta, interes orokorreko funtzio soziala du, prokuradore-arloari dagozkion prozesu-formen legezkotasuna eta garbitasuna bermatzen baititu, ikuspegi publikotik.

  2. Arau deontologikoak eta estatutuetan ezarritako gainerako eginbeharrak urratzen dituzten jardueren aurka joateaz arduratuko da elkargoa, baldin eta horien berri jasotzen badu, eta, hala gertatuz gero, elkargokideak salatu beharko ditu, dagokion diziplina-erantzukizuna ezartzeko.

  1. Prokuradore-lanbidea araubide lehiakortasun libre eta leialari jarraituz gauzatzen da, legeek horretarako ezarritakoaren arabera.

  2. Elkargoak lehiaren aurkako edo bidegabeko lehiaren jarduerak eta tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak aipatzen dituen zalantzazko jarduerak jazartzeko ardura izango du, eta, horretarako, elkargokideak salatu beharko ditu, bidezko ekintza judizial edo erreklamazio edo administrazio-errekurtsoen bidez.

  3. Lehia libre eta leialean prokuradore-arloa baliatzeko araubidea bateragarria izango da beti lehen aipatutako lanbide deontologia betetze zorrotzarekin, hain zuzen ere erantzukizun penal, zibil eta administratiboak diziplina-erantzukizun korporatiboekin diren bezala.

  1. Lege formalean edo materialean babestutako prokuradore-arloko jarduera propioak kenduta, ondorengo kasuetan intrusismoa dagoela joko da Bizkaiko prokuradore lanbidearen jarduera esklusiboari dagokionez:

    1. Elkargoan jarduneko elkargokide moduan sartu ez direnean edo lanbide horretan jarduteko etenda edo gaigabetuta daudenean.

    2. Gaigabetuta, debeku-egoeran edo elkargoan lanbide horretan jarduteko eskatutako baldintzak galdu dituztelako, prokuradore funtzioak bete ezin dituztenean.

    3. Auzitegietako prokuradore izena erabiltzen dutenean baina, aldi berean, ez-jarduneko edo ohorezko izaera jasotzen ez dutenean.

    4. Jarduteko gaituta dauden lurralde-barrutian ez beste batean prokuradore dihardutenean.

    5. Lehen aipatutakoetako praktiketako edozein egiteko bulegoa edo sinadura uzten dutenean edo, beste edozein bide erabiliz, pertsona juridikoen bidez barne, horretarako bidea ematen dutenean.

  2. Elkargoak lanbide-intrusismoa saihestu eta jazarriko du, alde batetik, beharrezko ekintzak eginez; bestetik, dagokion diziplina-erantzukizuna garbituz eta, azkenik, lanbidearen berezko eginkizunak lurraldean aritzeko jarduneko prokuradoreek egiteko bideratutako beharrezko neurriak hartuz.

  1. Bizkaiko elkargokide egindako prokuradoreek eskubidea dute egiten duten jarduerari buruzko informazioa emateko eta beren jarduerari buruzko publizitatea egin ahal izango dute leialtasun eta egiatasun baldintzetan, errespetua zor diete pertsonei bai eta publizitateari, lehiakortasunaren defentsari eta lehiakortasun ezleialari buruzko legeei eta horien garapen arauei ere; eta, nolanahi ere, arau deontologikoei eutsiz.

  2. Honakoak izango dira arau deontologikoen aurkakoak:

    1. Lanbide-sekretupeko gertakari, datu edo egoerak artez edo zeharka jakitera ematea.

    2. Okerrera eramatea, prokuradoreei dagozkien funtzioak direla-eta.

    3. Prokuradorearen beraren edo bulegoko bezeroei edo bere bezeroen abokatuei prokuradore moduan esku hartu duen gaiei buruzko artezko edo zeharkako aipamenak egitea.

    4. Elkargoko armarria edo ikurra eta gainerako ezaugarriak eta nahasteko bidea edo, antzekoak direnez, elkartzeko bidea ematen dutenak baimenik gabe erabiltzea.

  3. Elkargokideek, diziplinazko behin behineko erantzukizuna saihesteko, irizpen ez loteslea eskatu ahal izango diote idatziz Gobernu Batzordeari, egin nahi dituzten zenbait publizitate ekintzak arau deontologikoekin bat datozen ala ez jakiteko.Aldez aurreko baimen-araubidea ez da inoiz ere aplikagarria izango.

  1. Bizkaiko prokuradore elkargokideak askatasun osoz eta irizpide-askatasunaz arituko da bere lanean, legeetan, Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorrean eta estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

  2. Elkargoak babesa emango dio prokuradoreari baldin eta bere egitekoak gauzatzerakoan eta bere eskubideez baliatzerakoan eta, batez ere, lanbide-sekretuaren euspenari dagokionez, presioak edo murriztapenak jasaten baditu. Horretarako, legezko berme eraginkor eta prozesu forma garbirako oztopoak kentzeko neurriak hartuko ditu, Botere Judizialaren gobernu-organoei eta organo judizial eta administratiboei horrelako egoeren berri ematea ere horien artean sartzen direla.

  3. Elkargokideak prozesu-agintari moduan dituen irizpide-askatasun eta -independentzia bateragarriak izango dira bere agintzen dionaren defentsan gaian esku hartzen duten gainerako profesionalek dituztenekin eta, berariaz, prozesuaren zuzendari tekniko moduan letratuari dagokion askatasun- eta independentzia-eskubidearekin.Prokuradorearen ustez letratuak prozedura jakin batean erabilitako hitzak eta bideak ausartegiak edo fede txarrekoak badira, prokuradoreari jakinaraziko dio, eta zuzentzen ez badira, ordezkaritzari uko egin ahal izango dio; edo, bestela ere, ordezkatuari kaltea ekartzen diola uste badu, ordezkaritzari eutsi egingo dio baina letratuak egindako idazkian agertzen den sinaduraren aurrean «ordezkaritzarako bakarrik» jarriko du.

  1. Bizkaian elkargokidetutako prokuradoreak eta bere lanbide-jardueran elkarlana egiten duten pertsonek bezeroaren eta prozesuan dauden beste alderdien gertakizunak eta inguruabarrak bai eta prozesu-ordezkaritzaren lanbidean jardutearen ondorioz bereganatutako edozein berri isilpean gordetzeko eskubidea eta eginbeharra daukate.

  2. Lanbide-sekretua eginbehar zorrotza da eta ez du denbora-mugarik, eta lanbide-eskubidea denez, ezin du inork behartu prokuradorea gertaera horiek, inguruabarrak eta berriak jakinaraztera, artez edo zeharka, judizioan edo judiziotik kanpo, horien edukiak zigor-adierazgarritasunik, ohorearen, intimitatearen edo alderdiaren beraren irudiaren gaineko eraginik ez badu ere.

  3. Ordezkatuek salatu ahal izango dute elkargoaren aurrean beren izenean diharduten prokuradoreek betebeharreko lanbide-sekretuari dagokionez gertatutako edozein arau-hauste eta, hala gertatuz gero, diziplina-prozedurari hasteko eskatu ahal izango dute eta bertan interesatu moduan esku hartu. Gainerako prokuradoreek salatu egin beharko dute horrelako arau-haustearen berri jasotzen dutenean.

  4. Elkargoak babesa emango dio lanbide-sekretuari eusteko eskubide eta betebeharra gauzatzeko arazoak dituen elkargokideari.

  1. Elkargokidetutako prokuradoreak bere ordezkatuarekin duen harremana elkarren arteko konfiantzan eta laguntza pertsonalean ditu oinarri, eta, ondorioz, hark ordezkatuaren interesak defenditu beharko ditu.

  2. Beraz, Bizkaiko Elkargoko kideek, interes-gatazka agertuz gero, ez dute lanbide-enkargurik onartuko eta batean badihardute utzi beharko dute. Interes-gatazkak honako hauetan agertuko dira:

    1. Ordezkatzen dituen interesak eta bere interesak kontrajartzen direnean, zentzu zorrotzean, zein pertsona fisiko edo juridikoen interesak, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

    2. Ordezkatzen duen talde bateko bezeroen artean -prozesu-jarrera bereko alderdiak direla- interes gatazka sortzen denean eta lanbide-sekretua, edo ordezkatze-jardueraren askatasuna edo independentzia arriskuan dagoenean. Egoera berean dagoen abokatu zuzendariak jakinarazpena bidaltzea nahikoa izango da sortutakotzat jotzeko. Aldendu beharrak, hasiera batean, bezero guztien ordezkotzari utzi beharra dakar; hala ere, gainerakoek baimena eman diezaiokete prokuradoreari batekin edo batzuekin jarraitzeko.

    3. Lanbide-enkargu berri batek aurreko bezeroaren aurkako jarduerak ekartzen dituenean, baldin eta aurreko ordezkotzan lortutako informazioak isilpean ez geratzeko arriskua badago, aurreko ordezkotzak berrian izan beharreko independentzia murrizten badu, edo lehenagotik ikasitakoak bezero berriari onura ekartzen badio.

    4. Bezero baten ordezkotza egitea baldin eta prokuradorea aldi berean kontrako alderdia bada beste prozedura batean eta bertan ere ordezkotza egiten badu, betiere interes gatazka sortzen duenean, prozedura bietan prozesu-eztabaidaren terminoek zerikusia dutenean edo ezagueraren erabilpen esplizitua edo inplizitua sor dezaketen jarduera paraleloak gertatzen direnean, baldin eta ezaguera hori beste bezero batengandik baino ezin izan bada lortu.

  3. Aurreko idatz-zatiaren betebeharra eta interes gatazkaren suposamenduak elkartutako prokuradore moduan aritzen diren elkargokideen multzoari aplikatuko zaio, profesional bat bera bailitzan, bai eta elkartutako bulegotik banandu direnei ere, banandu baino lehen bulegoko elkargokide baten bezero edo kontrako alderdia izan zirenei dagokienez.

  1. Bere ardurapean duen prozesu-ordezkaritza modu onean eta leialki betetzea da prokuradorearen funtsezko eginbeharra, alderdi pribatutik ikusita, eta Justizia Administrazioaren funtzioan jurisdikzio-organoekin elkarlana egitea, alderdi publikoari dagokionez, ordezkatzen dituenen interesen defentsan profesionaltasunez, arduraz eta tinkotasunez jokatuz.

  2. Bizkaian elkargokidetutako prokuradorearen lanbide-ardurak lege-, teknika-, deontologia- eta etika-arauei eutsi beharra suposatzen du eta, berariaz, honakoak:

    1. Prokuradorearen jokaera zintzoa, leiala eta egiazalea diharduen guztiekin, hau da, bezeroarekin, jurisdikzio- eta administrazio-organoekin, lankideekin eta Zuzenbideko gainerako profesionalekin, betiere prozesu-ordezkaritzari darizkion eginbeharrei dagokienez.

    2. Etengabeko heziketa teoriko eta praktikoa bere gain hartzen duela, bere ezagupenak arau-aldaketetara, jurisprudentziaren eboluziora eta doktrina zientifikora egokitzen dituela. Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Elkargoak edo Kontseiluak, horretarako, Herri Administrazioekin, Botere Judizialarekin eta gainerako lanbide elkargoekin batera, hala badagokio, beharrezko diren ikastaro, mintegi eta konferentziak antolatuko ditu.

    3. Lehenagotik hartuta daukan gai-kopuruagatik, lehen aipatutako betebeharrei eutsiz lan egin ezin duenean ez du ordezkaritzarik onartuko edo ez du jarraituko.

  3. Prozesu-legeak dioenez, prokuradoreak postulatu beharreko organoaren aurrean aurkezten duen lehenengo idazkiarekin batera ordezkaritza onartzen duenez, Bizkaiko elkargokideak bere funtzioa behar bezalako profesionaltasunez, jakituriaz eta arduraz beteko duela susmatzen da.

Bizkaiko jarduneko elkargokideek diharduten bulegoetara edo jurisdikzio-organoetako auzitegi-geletara, Jakinarazpen Sailetarako edo Zerbitzu Amankomunetara eta baita diharduten administrazio-organoetara ere joan beharra dute, egin behar zaizkien edonolako jakinarazte-egintza entzun eta sinatzeko, berehalakotasun eta bertaratze oinarria betez. Hala ere, hori ez da inolaz ere oztopoa izango estatutu hauetan onartutako lankidetza eta ordezkaritzak egiteko.

  1. Bizkaian elkargokidetutako prokuradorea librea da ordezkaritza onartu edo baztertzeko, ofizioko txanda edo doako ordezkaritza-zerbitzuaren arau propioak alde batera utzita.

    57. artikuluan azaldutako ordezkaritzaren utzi beharraz aparte, onartutako ordezkaritzari uko egiteko eskubidea dauka elkargokideak, baina betiere ukoaren eraginkortasunak ordezkatuari defentsa-eza edo kalte konponezina inolaz ere ekartzen ez badio.

  1. Hasieran onartutako enkargu batean ordezkaritzari uko egiten dion Bizkaiko elkargokideak prozeduraren abokatu zuzendariari eta ordezkatuari jakinarazi beharko die, prokuradore berri bat izendatzeko bai eta postulatzen duen jurisdikzio-organoari ere, Prozedura Zibileko Legearen 25.1.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, jakinarazpen horiek egin ostean prokuradore izendatu barik hamar egun iragan badira, dekanoari jakinarazi ostean erantzukizunetik libre geratuko da ordezkaritza utzi duena honakoak gertatuz gero: interes-gatazka, ezintasuna, debekua, bateraezintasuna edo ordezkaritzan jarraitzeari uztea.

  2. Ordezkatuak baliogabetu ahal izango du prokuradorearen agintea, edozein momentutan eta inolako baldintzarik gabe, adierazi barik ere, beste bat izendatuz, ofizioko txanda edo doako ordezkaritza-zerbitzuaren arau propioak alde batera utzita.

  3. Ukoa edo ordezkatuak baliogabetzea gertatuz gero, prokuradore berriak aurrekoari laneko muga-zergen eskubideak eta gastu osagarriak ordaindu zaizkiola bermatu beharko du eta, hala badagokio, ordainketa-kudeaketan laguntza emango du arretaz. Ordezkaritza egiten zuen aurreko prokuradoreak dauzkan agiri guztiak eta aurkeztutako idazki guztiak eskuratu beharko dizkio berriari eta ezin izango ditu erabili, inolaz ere, bezeroak zordundutako diru-kopuruak kobratzeko. Aurreko prokuradoreak, gainera, gaiaren egoerari buruzko informazio osoa eman beharko dio berriari bai eta berehala egin beharreko egintzei buruzkoa ere.

  1. Bizkaian elkargokidetutako prokuradoreak indarrean dagoen arantzelak zehazten dituen diru-kopuruak jasoko ditu lanbide-jarduerarengatik. Diru-sari horiek ordezkatuekin berariaz egindako hitzarmenaren bidez baino ezin izango dira gutxitu edo gehitu, ehuneko hamabiko portzentajean.

  2. Bizkaiko elkargokideek bezeroari jakinarazi beharko diote, artez edo gaiaren letratu zuzendariaren bidez, bere jardueragatik jaso beharreko lansariak, muga-zergen eskubideei dagozkienak eta gastu osagarrietarako beharrezkoak direnak bereiziz. Bezeroari diruz hornitzeko eskatu ahal izango diete, baldin eta jasotako diru-zenbatekoen eta bere interesean egindako ordainketen berri ematen badute.

  3. Gobernu Batzordeak arantzel-xedapenei jarraituz diru-kopuruak doitzeko eskatu ahal izango diete elkargokideei, bai eta eskubideen eta osagarrien fakturak agertzeko ere; eta, horretaz gain, diru-baltsa eta muga-zergen eskubideei buruz bezeroek aurkezten dituzten kexak izapidetu eta ebatziko ditu. Laudo bidez ebatzi ahal izango ditu baina, horretarako, alderdiak laudoaren menpe jarri beharko dira berariaz.

    3. ATALA

    JARDUERAREN ANTOLAKUNTZA

  1. Prokuradore Arloaren jarduera Bizkaian barruti judizial bakoitzak duen lurralde eremua oinarri hartuz antolatzen da eta, ondorioz, barruti judizial bat lurralde-eremu bakar batean baino ezin da egon. Hala ere, Bizkaiko barruti judizial bat baino gehiagoko eremuak zehazteko eginbidea Batzorde Orokorrari dagokio.

  2. Barruti judizial berriak sortuz gero edo daudenen lurralde-eremua aldatuz gero, Batzorde Orokorrak, Gobernu Batzordearen proposamenez, lurralde-eremu berriaren mugak zehaztuko ditu.

  3. Bizkaiko elkargokideek Bizkaiko Lurralde Historikoko lurralde eremuan baino ezin izango dute jardun. Hala eta guztiz ere, aspaldiko berrantolaketa judizialak eragindako barruti judizialetan ziharduten elkargokideek eskuratutako eskubideei araubide iragankorra aplikatuko zaie eta, gainera, aurreko idatz-zatian aurreikusitakoari jarraituz Batzorde Orokorrak beste bat erabaki dezakeela ahaztu barik.

  4. Lurralde-esparruan prokuradorea gaitzeak esparru horretan bertan dauden jurisdikzio-organo guztien aurrean jarduteko aukera baino ez du ematen.

Bizkaian elkargokidetutako prokuradoreek gaituta dauden lurralde-eremuan izan behar dute zabalik bulegoa.

  1. Bizkaian elkargokidetutako prokuradoreak ezin izango du lurralde-eremutik alde egin hamabost egun baino gehiago dekanoari jakinarazi barik. Hortik gora joanez gero, bere ordez arituko den edo diren elkargokideak adieraziko ditu eta ordezko horien adostasuna ere jasota utziko du.

  2. Hogeita hamar egunetik gora kanpoan egoteko, dekanoaren aurretiazko baimena beharko da. Dekanoak alde egin nahi duen prokuradorearen eskaera eta ordezkoen onarpena gauzatuko ditu batera. Kanpora joateko baimena eman ostean, dekanoak lurralde-eremuko gobernuko goreneko agintari judizialari jakinaraziko dio.

  3. Aldentzeko baimena gehienez sei hilabeteko eperako emango da, baina beste sei hilabeterako luzatu ahal izango da horretarako arrazoiak egonez gero.

  4. Alde egiteko baimendutako epea eta, hala gertatuz gero, luzapena amaitu ostean prokuradoreak bere lanbide-jardueran hasi beharko du berriro eta dekanoari jakinarazi beharko dio berehala eta dekanoak, bere aldetik, lurralde-eremuko gobernuko goreneko agintari judizialari jakinaraziko dio.

  5. Bere jardunean epe barruan hasten ez bada, prokuradoreak lanbide-jardunari uzten diola ulertuko da eta Gobernu Batzordeak, espedientea egin ostean, baja emango dio eta jarduneko elkargokidearen izaera galduko du.

  1. Bizkaian elkargokidetutako prokuradorearen lanbide-jardunean, hala badagokio, gaituta dagoen lurralde-eremu bereko beste jarduneko elkargokide batek ordezkatu dezake, ordezkoak eginbide eta jardueretara agertuz, idazki-sinadurak eginez edo dagokion lanbide-egintza burutuz, eta horretarako ordezko prokuradoreak ez du ahalduna izan behar ez eta ordezkatuaren ahalordetzean ordezkapena aurreikusita egon behar ere. Ordezkatuak, era berean, ez du ordezkapen-beharrik egiaztatu behar, beti ere bere aginte-kontratuaren arauei jarraituz.

  2. Bizkaiko elkargokidearen ordez, bere lurralde eremuko jurisdikzio-organoen entzunaldian berehalakotasun eta asistentzia pertsonalaren oinarria murriztu barik, egintzetarako gaitutako ofiziala aritu ahal izango da, Barne Araubidearen Araudian zehazten denaren arabera eta, hala gertatuz gero, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan aurreikusitakoaren ondorioz gerta daitekeen arau-garapenaren arabera.

  3. Ordezkoa izendatuta ez duen Bizkaiko jarduneko elkargokidearen bat bateko gaixotasuna gertatuz gero, dekanoak izendatuko du bitarteko ordezkoa lurralde-eremu horretako prokuradoreen artetik, ahalordearen emailea komeni zaiona erabaki arte, eta dagokien jurisdikzio-organoei jakinaraziko die.

  4. Gaitutako ofizialak eta prokuradoreari laguntza ematen dioten gainerako laguntzaileek bere ardurapean ordezkotza duen elkargokidearen erantzukizun zibil eta korporatiboaren menpe jokatuko dute.

  1. Prokuradoreek, profesional libre direnez, bakarka edo taldeka jardun dezakete, beren interes pertsonal eta profesionalei komeni zaienaren arabera, bateraezinak ez diren beste profesionalekin elkar banatutako bulegoan egiten denari jardun indibiduala iritziko zaio ondorio guztietarako.

  2. Prokuradoreek talde-bulegoak osa ditzakete beste batzuekin gure ordenamenduan aurreikusitako elkartzeko edozein modutan; baina, horretarako, prokuradore-arloari dagozkion funtzioak egiteko eta beren ondarea kudeatzeko baino ez da izango.

  1. Prokuradoreen talde-bulegoa bakar-bakarrik lurralde-barruti bereko prokuradore elkargokidetuek osa dezakete.

  2. Talde-bulegoak beharrezko agiriak egin beharko ditu, elkarte moduaren barruan daudenak edozein momentutan identifikatu ahal izateko. Elkargoari idatziz eskatu beharko zaio horretarako sortuko den Erregistro berezian inskribatzeko, eta bertan, osaera eta gertatzen diren altak eta bajak jasoko dira.

  3. Prokuradoreen elkartearen berri txartel, plaka eta menbreteen bidez jarriko da jendaurrean; hor, elkartekideen izen-deiturak azalduko dira.

  4. Prokuradoreen talde-bulegoen antolamendu eta funtzionamendu-araubideak honakoak errespetatu beharko ditu: bazkide bakoitzaren askatasun osoa bulegoko edozein bezero edo gai baietsi edo ezezteko, ardurapeko ordezkaritza egiteko askatasun eta independentzia osoa, bezero eta gai guztiekiko lanbide-sekretua mantendu beharra, bateraezintasun, debeku eta abstentzio-zioei buruz eta interes gatazkari buruz 54.5 eta 64.3 artikuluetan hurrenez hurren ezarritakoa.

    4. ATALA

    ELKARGO-ESKUBIDEAK ETA -EGINBEHARRAK

  1. Bizkaiko jarduneko elkargokideek estatutu hauetan, Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorrean, estatu eta autonomia mailako lege aplikagarrietan aurreikusitako eskubide eta eginbeharrak izango dituzte. Berenez hartu ahal izango dute parte edozein prozesutan baldin eta alderdi badira eta gaituta dauden lurralde-eremuan dagoen edozein jurisdikzio-organok badaramana.

  2. Elkargoari dagokionez, Bizkaiko jarduneko prokuradoreek honako eskubideak izango dituzte:

    1. Elkargoari babesa eskatu eta, hala gertatuz gero, lortzea baldin eta estatutu hauen jokabide-kodearen arabera bere lanbide-jardunean edo horren ondorioz, lanbide-betebeharrei ekiteko edo bere eskubideak baliatzeko bidea galarazi edo kaltetu egiten dela irizten badiote.

    2. Elkargoko gaietan esku hartzea, eskabideak, proposamenak eta iradokizunak eginez.

    3. Dekano eta Gobernu Batzordeko kide izateko hautesle eta hautagai izatea, beharrezko baldintzak biltzen badituzte.

    4. Ohiko eta ezohiko Batzorde Orokorretarako deialdia jasotzea eta bertako eztabaida eta bozketetan esku hartzea.

    5. Elkargoko ondasun eta zerbitzuen erabilera eta gozamenean esku hartzea.

    6. Elkargoak antolatzen dituen jarduerei eta, berariaz, trebakuntza iraunkorrari buruzko argibideak lortzea.

    7. Hasierazten zaizkion diziplina prozedurei buruzko informazioa, entzunaldia eta defentsa.

    8. Gauzatu nahi diren publizitate-egintza zehatzak deontologia-arauetara egokituta ote dauden dioen elkargo-irizpena lortzea, eskabidea egin ostean.

    9. Estatutu hauek eta Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorrak, elkargoko jarduneko kide direnez, aitortzen dizkieten gainerako eskubideak.

  1. Bizkaiko jarduneko elkargokideen betebeharrak estatutu hauetan, Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorrean, estatu eta autonomia lege aplikagarrietan eta bai elkargo-organoek beren funtzioan betetzerakoan erabakitzen dituztenak ere izango dira, eta arau horietan aurreikusitako diziplina-araubideari eutsi behar diote.

  2. Elkargoari dagokionez, Bizkaiko jarduneko prokuradoreek honako betebeharrak izango dituzte:

    1. Bulegoa dagokion lurralde-esparruan irekita izatea, jardunean aritzeko behar beste bitarteko tekniko dituztela.

    2. Funtzioak betetzerakoan prokuradorearen askatasuna, independentzia eta duintasunari daragien edozein egintza edo elkargoaren esku hartzea arrazoizkoa den beste edozein kasu elkargoaren aurrean salatzea; berariaz, lanbide-sekretuari ez eusteko arriskua dagoenean.

    3. Lanbide-intrusismoko egintzak eta salatua etenaldian, gaitasun gabetua, ezgaitua, bateraezintasun-egoeran, lanbidean jarduteko etengabeko debekuan dagoelako legez kanpo dagoenean elkargoaren aurrean salatzea bai eta lanbidearen jardun irregularrak ere, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 11.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

    4. Ohiko eta aparteko kuotak, finkoak eta aldagarriak, derramak eta elkargoko beste zamak ordainduta izatea, izaera edozein dela, horretarako ezarritako modu eta epeetan.

    5. Araubidea, banakakoa edo elkartua, eta gertatzen diren aldaketak elkargoari jakinaraztea.

    6. Elkargoko fitxari buruzko datuak eta, oro har, egoera profesionalaren gainean garrantzia duten datuak elkargoari garaiz jakinaraztea (hilabetetik gorako aldentzeak, gutxienezko epe bereko gaixotasun edo baliaezintasuna dagozkion gaietan aritzeko aukerarik ez duela).

    7. Elkargoari txostenak eta diziplina edo estatistika mailako azterlanak egiteko eskatutako datuak ematea. Datuak babesteko legeetan ezarritakoa salbu.

  1. Orokorrean, Bizkaiko ez-jarduneko elkargokideek elkargokide guztiei lanbide-jardunetik kanpo aitortzen zaizkion eskubide berberak izango dituzte, baina Batzorde Orokorretarako eta dekano eta Gobernu Batzordeko beste karguetarako duten botoak jarduneko prokuradoreen botoen erdia balio du.

  2. Prozesu batean alderdia den ez-jarduneko elkargokideak, baldin eta prozesua bere egoitzaren lurralde-eremuan gauzatzen bada, berez jokatu ahal izango du jurisdikzio-organoaren aurrean eta ez du beste prokuradore baten ordezkaritzarik behar. Era berean, bere ezkontidearen, antzeko afektibitate-harremana duen ezkontidearen eta bigarren mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaideen prozesu-ordezkaritza egin ahal izango du. Dekanoak, nolanahi ere, behin behingoz gaitu ahal izango du Gobernu Batzordeak erabakia hartu arte.

  3. Erretiroa hartu ostean baja hartzeagatik ez-jarduneko bihurtzen diren elkargokideek esku hartzen ari ziren amaitu gabeko gai guztietan ordezkaritza egiten jarraitzeko eskubidea izango dute zeuden eginbidea amaitu arte, beren esku jartzen diren behin betiko ebazpenaz kanpoko epai ebazpenen aurkako apelazioak barne. Hala ere, ezin izango dute ordezkaritza berririk hartu ez eta geroko jurisdikzio-mailetan jardun ere.

  1. Ez-jarduneko elkargokideak lanbidez aritu den gai guztiei buruzko lanbide-sekretuari eutsi beharko dio, ahalorde-emaileari berari zein gainerako prozesu-zatietan jakin duenari dagokionez. Horretaz gain, berariazko kuota ordaindu beharko du elkargoko zama arintzeko eta, azkenik, estatutu hauetan berariaz ezartzen diren gainerako guztiak egin beharko ditu.

  2. Bizkaiko ez-jarduneko elkargokideari, estatutu hauetan eta Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorrean ezarritako diziplina-araubidea aplikatuko zaio egiten dituen jarduerengatik.

Elkargokideek eta beren onuradunek ezarrita dagoen aurreikuspen-prestaziorako bai eta Batzorde Orokorrak ezar dezakeen prestaziorako eskubidea ere izango dute, baldin eta eskatutako eskakizunak betetzen badira. Etengabeko batzorde aholku-emaile batek aztertu beharko ditu indarrean dauden prestazioak eta, era berean, Gobernu Batzordeari proposamena egingo dio Barne Erregimeneko Araudiaren proiektuan sartzeko.

5. ATALA

DOAKO ORDEZKARITZA ETA OFIZIOZKO TXANDA

  1. Elkargoko doako ordezkaritzako zerbitzuak letratuen doako defentsari ezinbestean lotutako laguntza juridikorako eskubidearen ondoriozko prozesu-ordezkaritzak eskatutakoak baino ez ditu egingo, onuradunei kosturik ekartzen ez dietela. Aginpidea duen Justiziako Autonomia-Administrazioak, hala ere, ezarrita ditu kalte-ordainak.

  2. Doako ordezkaritzako zerbitzua Gobernu Batzordearen Idazkaritzan antolatuko da, modu egokian eta zerbitzua bera egiteko nahikoa dela, banatzeko bide objektibo eta zuzenaren bidez. Antolatzeko modua agerikoa izango da elkargokideentzat eta doako aholkularitza juridikoa eskatzen dutenentzat.

  3. Bi urtez etengabe jarduneko elkargokide izan direnentzat eta agintaldiak dirauen bitartean Gobernu Batzordeko kideentzat aukerakoa izango da doako ordezkaritzarako zerbitzuari atxikitzea, gaitutako prokuradoreen kopurua izendapenak modu egokian betetzeko bidea ematen duten lurralde-esparruetan.

  4. Gobernu Batzordeak doako ordezkaritzarako zerbitzuari atxikitako elkargokideen artean egindako izendapena onartu behar da nahitaez, estatutu hauen arabera debeku, abstentzio edo interes-gatazkagatik gai bakoitzean agertzen diren salbuespenak bakarrik egongo direla.

  5. Elkargo-izendapenaren arabera babestutakoari doako laguntzarako eskubidea aitortzen ez bazaio, diharduen prokuradoreak burututako jarduerei dagozkien eskubideak harengandik jasotzeko eskubidea izango du.

  1. Ofiziozko txanda batek bermatuko du legez ezinbestekoa den justiziagaiaren ordezkaritza teknikoa edo prozesu-arma berdintasunaren oinarri hartuz jurisdikzio-organoak bidezkotzat jotzen duena.

  2. Elkargoak, Gobernu Batzordeko Idazkaritzan ezarritako hurrenkeraren arabera, ofiziozko txandako prokuradorea izendatuko du; interesatuak eskatuta edo horrela ebazten duen epai-ebazpenez.

  3. Ofiziozko txandako izendapenak ez du lanbide-jardueragatiko ordaindu beharra kentzen babestutakoa doako laguntza juridikorako eskubidearen titularra ez denean ez eta babestutakoaren beraren eskariz sortutako gastuak ordaindu beharra ere diru-hornidura nahikoa egin ez denean.

  4. Bi urtez etengabe jarduneko elkargokide izan direnentzat eta agintaldiak dirauen bitartean Gobernu Batzordeko kideentzat aukerakoa izango da ofiziozko txandari atxikitzea, gaitutako prokuradoreen kopurua izendapenak modu egokian betetzeko bidea ematen duten lurralde-esparruetan.

  1. Estatutu honetan eta lanbideari aplikatzekoak diren gainerako arauetan aurreikusitako lanbide-eginbeharrak betetzen ez dituen Bizkaiko elkargokideak diziplinazko erantzukizuna izango du, dagozkion bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboa alde batera utzi barik.

  2. Estatutu hauetan araututako prozeduran emandako ebazpenaren indarrez baino ezin izango zaizkie jarri diziplina-zehapenak Bizkaiko prokuradoreei. Berariazko prozedura hasi beharko da horretarako. Epaileek eta Epaimahaiek ere diziplina-ahalmena dute, Botere Judizialaren Lege Organikoak dioenez.

  3. Diziplina-araubidea legezkotasun, atzera-eraginik ez, tipikotasun eta proportzionaltasun printzipioetan inspiratuta dago, eta estatutu hauetan aurreikusi ez direnetan tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea aplikatuko da eta, honen ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legea.

  1. Gobernu Batzordeari eta ez beste inori dagokio zehapen-espedienteak hasteko, kautelazko neurriak hartzeko eta prokuradore elkargokideek egindako arau-hausteak zigortzeko erabakiak hartzea eta ahalmen hori ezin dio inori eskuordetu.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluak ahalmen berbera izango du dekanori eta Gobernu Batzordeko gainerako kideei dagokienez. Hala ere, badago salbuespen bat, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorreko kideek beren funtzioak betetzerakoan egiten dituzten arau-hausteei dagokiena, kasu horretan kontseiluari berari baitagokio.

    2. ATALA

    ARAU-HAUSTEAK ETA ZIGORRAK

  1. Bizkaian elkargokidetutako prokuradoreen jardunean egin daitezkeen arau-hausteak oso larriak, larriak edo arinak izango dira.

  1. Arau-hauste oso larritzat joko dira honako hauek:

    1. Bizkaian lanean jardutea, prokuradorearen titulurik izan barik.

    2. Lanbide-sekretua urratzea.

    3. Lanean aritzea horretarako etenaldian dagoela edo horretarako gaitasuna galduta duela, edo ezgaitasun, bateraezintasun edo debeku arrazoiengatik.

    4. Prozedura batean bezeroari edo, hala gertatuz gero, kontrako alderdiari kalte egitea, babes ezagatik, eskubide-galera konponezinagatik, ohorea, intimitatea edo norberaren irudia urratzeagatik edo lanbide jarduera normalean jasan behar ez zukeen ekonomia arloko kalte larriagatik. Hona arrazoiak:

      1. Debekatutako interes gatazka.

      2. Ordezkaritza egiteari utzi ostean agiriak edo informazioak gordetzea.

      3. Bezeroak egindako diru-hornidurak berariaz zegozkien helburuetarako ez erabiltzea.

      4. Prokuradorerik ez duen kontrako alderdiarekin harremanak izatea.

      5. Jurisdikzio-organoetako entzunaldi-orduetan agertu behar baina berehala eta pertsonalki urtean hiru aldiz arazorik gabe agertu ez izana.

      6. Bezeroaren interesen aurkako edozein engainuzko egintza edo ez-egite.

    5. Lanbidean diharduela doluzko delituak egitea, zenbateraino parte hartu duen kontuan hartu barik.

    6. Estatutu hauetan eta Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrak onartutako publizitate-araudian informazio eta publizitateari dagokienez ezarritakoa urratze, kalte larria eragiten badie lanbide-jarduna eskatzen edo hitzartzen dutenei.

    7. Lanbide-intrusismoa, intrusismoa ezkutatzea edo prokuradore jarduteko ezaugarriak ez dituztenek edo jarduneko prokuradore elkargokidetuta ez daudenek prokuradoreentzat eta ez beste inorentzat gordetako jarduerak egiteko bidea ematea.

    8. Bi urteko epean gutxienez bi arau-hauste larri egitea, salbu eta arau-hauste arinak biltzearen ondoriozkoak.

  2. Arau-hauste larritzat honako hauek joko dira:

    1. Elkargokideak lanbide horretan Bizkaian jardutea gaituta dagoen lurralde-eremutik kanpo.

    2. Aurreko d) idatz-zatiak aipatutako lanbide-eginbeharrak ez betetzea, kaltea bertan zehaztutako motakoa ez denean baina bezeroari, kontrako alderdiari edo beste edonori kalteren bat ekartzen dionean.

    3. Lanbide-sekretuaren arloko zuhurtzia faltak, hau da, bezeroari kalterik ekartzen ez dioten urratzeak eta baita beste elkargokide batzuentzat edo prozeduran dauden abokatuentzat oztopo izan daitezkeen egite edo ez-egiteak, edo lanbide-sekretuan, edo irizpidearen askatasun eta independentzian edo jardunari zor zaion duintasunean eragina izan dezaketenak.

    4. Erruz edo lanbide-zabarkeriazko egiteak edo ez-egiteak, bezeroaren interesen aurkakoak direnean eta aurreko d) idatz-zatian adierazitakoen moduko kalteak sortzen direnean.

    5. Asegurua eta bidezko ordainketak eginda ez izatea, salbu eta elkargoak berak aseguru kolektiboa hitzartuta badauka. Horrek, nolanahi ere, jarduneko elkargokide izateari uzteko erabakia ekar dezake.

    6. Elkargoko lurralde-eremuan edo lurraldean bertan, beharrezko bitarteko teknikorik gabeko bulego bat irekita ez izatea, baldin eta elkargoak halaxe eskatu eta egin ez bada. Horrek, nolanahi ere, jarduneko elkargokide izateari uzteko erabakia ekar dezake.

    7. Estatutu hauetan ezarritako jakinarazpenak, elkargokideak Elkargoari egin beharrekoak, ez egitea.

    8. Prokuradore-arloan derrigorrez jarduteari uko egitea, baldin eta arrisku handiren bat baldin badago, edo hondamendi nahiz gizarte-mailako zoritxarren bat gertatzen bada, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean ezarritakoaren arabera.

    9. Prokuradoreak dituen eta bezeroarenak diren diruak bezeroari edo honen abokatuari emateko epea arrazoirik gabe luzatzea.

    1. Estatutu hauetako aurreikuspenen kontrako publizitate-egintzak, jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kaltea egiten bazaie.

    1. Lehia garbia hausten duten egintzak, legeen aurkakoak, baldin eta eskudun organoak hala deklaratzen baditu edo, hala gertatuz gero, eskudun organoak berak edo Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluak lehiakortasun ezleialari buruz ematen dituen jarraibideen aurkakoak.

    2. Elkargoko organoek beren eskumenen esparruan emandako estatutu-arauak edo ebazpenak ez betetzea baldin eta elkargoaren funtzionamendu normala oztopatzen badute.

    1. Eraso fisikoa edo beste prokuradore batzuen edo bere bezeroaren edo kontrako alderdiaren abokatuen duintasuna edo bere lanbide-jardunaren ondorioz tratatu beharreko pertsonena eta erakundeena larriki sumintzea.

    2. Eraso fisikoa edo prokuradore-arloko gobernu-organoen edo organoetako kideen duintasuna larriki sumintzea.

    3. Gobernu Batzordearen edo bere barruan edo Kontseiluaren barruan sortzen diren batzordeen bilkuretan egon diren elkargokideek erreserbatutako informazioa erabiltzea.

    4. Lanbide-intrusismoa eta lanbidearen arauz kanpoko jarduna errazten duten egintzak, aurreko idatz-zatian oso larritzat jo ezin daitezkeenak hain zuzen ere, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen arabera.

    5. Gobernu Batzordeak elkargokideei beren lanbide-jarduna edo diru-hornidura edo ordutegiak direla-eta bertaratzeko eskatu ostean ez bertaratzea, edo ez erantzutea edo beharrezko agiriak ez aurkeztea, horretarako arrazoirik ez dagoela.

    6. Aurreko idatz-zatian jasotakoak, baldin eta gertatutakoak eta gora beherak aztertu ostean arrazoiak badaude oso larritzat jotzea neurriz kanpokoko dela pentsatzeko.

    7. Bost arau-hauste arin, bata bestearen ondorengoak, bi urteko epean; hurrengo atalean jasota daude arau-hauste horiek.

  3. Arau-hauste arintzat honako hauek joko dira:

    1. Estatutu hauen 55.4 artikuluan finkatutako zamak ez kitatzea eta, horrek, gainera, jarduneko elkargokide izateari uzteko erabakia ekar dezakeela ahaztu barik.

    2. Aurreko idatz-zatian larritzat jotakoak baldin eta gertatutakoak eta gora beherak aztertu ostean arrazoiak badaude oso larritzat jotzea neurriz kanpokoko dela pentsatzeko.

    3. Bezeroen interesen aurkako erruzko egite edo ez-egiteak baldin eta bezeroei aurreko idatz-zatiaren c) hizkian aurreikusitako arau-hauste motako elementuak ez dituen edozein motako kaltea ekartzen badiete.

    4. Bezeroari kontuak ez ematea, hori egiteko eskatu zaionean, eta kontuak eman ez direnean edo arazorik azaldu ez denean.

    5. Gobernu Batzordeak errekerimendu pertsonalak egin edo bere barruan osatutako batzordeek eskatu ostean, ez agertzea, erantzunik ez ematea edo edozein elkargokidek eskatutako agiriak ez aurkeztea horretarako arrazoirik ez dagoela eta beti ere aurreko p) idatz zatian sartu ez badira.

    6. Estatutu hauetan ezarri baina larri edo oso larritzat jotzen ez diren gainerako eginbeharrak ez betetzea eta, era berean, elkargo-organoek bere ahalmenak erabiliz hartzen dituzten erabakiak ez betetzea.

  1. Arau-hauste oso larriei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

    1. Lanerako gaitasunik gabe uztea urtebete eta egun batetik hogei urtera bitartean.

    2. Hiru mila eta bat eta sei mila euro bitarteko isuna.

  2. Arau-hauste larriei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

    1. Lanerako gaitasunik gabe uztea gehienez ere urtebeterako.

    2. Hirurehun eta bat eta hiru mila euro bitarteko isuna.

  3. Arau-hauste arinei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

    1. Ohartarazpena.

    2. Hirurehun eurotik gora gabeko isuna.

  4. Ezarritako zigorrek Espainiako Prokuradore Elkargo guztien eremuan izango dituzte ondorioak eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari eta Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrari jakinaraziko zaie. Ezgaitasun-zigorrak dirauen bitartean prokuradoreak ezin izango du lanbidean aritu eta ezgaitasun horren berri Eusko Jaurlaritzan justiziaren arloan aginpidea duen sailari emango zaio.

  5. Arauhaustearen egileak arau-haustearen ondorioz diru-etekina lortu badu, isuna handiagoa izango da: etekin hori zenbatekoa izan den kalkulatu ondoren aurreko gehienezko kopuruekin alderatuko da, gutxienez etekina eta gehienez etekinaren bikoitza gehitu beharko zaio ordaindu beharreko isunari.

  6. Zehapenak kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuz zehaztuko dira.

  1. Diziplina-erantzukizuna iraungitzeko erak:

    1. Zehapena betetzea.

    2. Elkargokidearen heriotza.

    3. Arau-haustea preskribitzea.

    4. Zehapena preskribitzea.

    5. Birgaitzea.

  2. Elkargoan baja hartzeak ez du diziplina-erantzukizuna iraungiko eta hasierazitako prozedura amaitu arte jarraituko da. Hala eta guztiz ere, ezgaitzeko zehapen irmoa eten egingo da, elkargokideak baja hartzen duenetik eta jarraitu egingo da prokuradoreak elkargoan alta emateko eskatzen badu.

  1. Arau-hauste oso larriak hiru urtera preskribituko dira, larriak urte bira eta arinak urtebetera.

  2. Hutsegite oso larriengatik ezarritako zehapenek hiru urtera preskribituko dute, hutsegite larriengatik ezarritakoek bi urtera, eta hutsegite arinengatik ezarritakoek urtebetera. Hala ere, lanbide-jardunean ezgaitzeko zehapenak hiru urterako edo gehiagorako badira, preskripzio-epea zehapen-aldiaren parekoa izango da.

  3. Preskripzio epea arau-haustea egin zen egun beretik aurrera hasiko da kontatzen eta zehapenarena, aldiz, zehapena bera ezartzen duen ebazpenak irmotasuna hartzen duen egunaren biharamunetik.

  4. Zehapen-prozedura bat hasiz gero, eta interesatua horren jakitun egonda, preskripzioa eten egingo da. Zehapen-espedientea sei hilabete baino gehiago geldirik badago, eta horren errua ez bada arau-hauslearena, preskripzio epea berriz hasiko da. Betearazte-prozedura bat hasiz gero, interesatua horren jakitun egonda, preskripzioa eten egingo da, eta betearazte-prozedura sei hilabete baino gehiago geldirik badago, eta geldirik egotearen errua ez bada arau-hauslearena, berriro hasi beharko da epea zenbatzen.

  1. Lanbide-ezgaitasunaren zehapena jaso dutenek birgaitzeko eskatu ahal izango diote Gobernu Batzordeari.

  2. Ezgaituaren eskabide arrazoituaren bidez hasiko da prozedura, zehapen-aldiaren herena iraganda gutxienez. Nolanahi ere, Gobernu Batzordeak eskabideari dagozkion izapideak egiteko onartzen ez badu, arrazoiak emanez, hain zuzen ere zehapenaren zio diren gertaeren larritasunagatik eta bildu eta kontuan hartu ziren inguruabar eta larrigarriengatik, edo gizarte-eraginarengatik, interesatuak ezin izango du berriz eskatu zehapenaren bi herenak iragan arte.

  3. Eskaria izapidetzeko onarturik, Gobernu Batzordeak hilabeteko epea emango du, ezgaituak alegazioak aurkez ditzan. Gobernu Batzordeak hilabeteko epean ebatzi eta jakinarazpena emango du, alegazioetarako garaia bukatzen den egunetik zenbatuta. Aukerak honakoak dira:

    1. Ukatzea.

    2. Lanbide jardunerako birgaitze osoa.

    3. Bete beharreko gainerako epearen zati baterako birgaitzea.

      Birgaitzeko ebazpenak, hala ere, Gobernu Batzorderako hautagai izateko eskubidea ekar dezake, zehapenaren epe oso edo zati baterako.

  4. Birgaitzeko ebazpenen berri emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrari eta justiziaren arloan aginpidea duen Eusko Jaurlaritzako Sailari.

    3. ATALA

    ZEHAPEN-PROZEDURA

  1. Zehatzeko prozedurak honakoak bermatuko ditu: elkargokide guztien errugabetasun-presuntzioa, eragindako prokuradorearen entzunaldia eta bere defentsa, azken ebazpenean arrazoiak ematen direla eta organo instruktorea eta erabakitzailea bereizita daudela.

  2. Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoaren diziplina-espedienteak instruktoreak osatuko ditu eta berari dagokio, halaber, Gobernu Batzordeari bidezko proposamena egitea batzordeak ebatz dezan. Instruktoreak ez du organoaren eztabaidetan parte hartuko eta ez du erabakitzerakoan botoa emateko eskubiderik izango.

  3. Instruktoreak eta Gobernu Batzordeko kideak parte ez hartzeko edo beroiek errefusatzeko zioak, diziplinazko prozedurari dagokionez, dekanoak antzeman beharko ditu eta dekanoaren ebazpenaren aurka ez dago elkargo-errekurtsorik. Zioak Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan aurreikusitakoak dira. Instruktoreak zerrendaren hurrenkeraren arabera ordezkatuko dira.

  1. Diziplinazko prozedura ofizioz edo prokuradore edo interes legitimoa duen hirugarren batek aurkeztutako salaketa arrazoituaren bidez eskatuta has daiteke, gertaerak eta dauden froga-adierazgarriak ikusi ostean.

    Hala badagokio, hasieran egin beharreko froga-eginbideak gauzatuko dira eta egiten diren bitartean espedientearen katalogazioari eutsiko zaio, informazio moduan. Arrazoi-gabeko salaketak artxibatu egingo dira besterik barik.

  2. Diziplinazko prozedura hasteko erabakiak instruktorearen izendapena jasoko du, zerrenda itxi baten hurrenkeraren arabera. Bi txanda izango ditu, bat orokorra eta beste bat garrantzi nabarmeneko gaietakoa. Gobernu Batzordeak gauzatuko du zerrenda, ageriko sistema objektibo baten bidez, izendapenak aurretik zehaztuko dituena eta izendapenean zuhurtzia-antzarik duen edozer kentzen duena. Dekanoa ezin izango da inoiz instruktore aritu, Gobernu Batzordeko kideak eta gutxienez hamar urtez jarduneko elkargokide moduan aritu diren prokuradoreak baino ezin dira izan.

  3. Instruktorearen izendapena espedientatuari jakinaraziko zaio eta honek, jakinarazpena jaso eta hurrengo bost eguneko epearen barruan, errefusatzeko eskubidea erabili ahal izango du. Arrazoia adierazi beharko du, dena dela, eta, hala badagokio, frogabideak. Instruktoreen zerrendaren txandetan sartutako elkargokideek, enkargua onartu beharko dute nahitaez, errefusatzeko bidezko arrazoirik azaltzen ez bada behintzat.Parte ez hartzeko edo errefusatzeko arrazoiak onartzen badira, hasieran izendatutakoaren ordez zerrendan hurrengo dagoen eta parte ez hartzeko edo errefusatzeko arazorik ez duenak jasoko du izendapena.

  1. Informazio-espedientean atariko eginbideak onartzen badira, instruktoreak hamabost eguneko epea emango die espedientatuari eta salatzaileari, egonez gero, alegazioak egin ditzaten eta, hala badagokio, froga proposatzeko bere eskura ez badago. Froga, gehienez, hilabeteko epean egin beharko da, froga-proposamena jasotzen duen idazkia elkargoan sartzen denetik aurrera.

  2. Diziplinazko espedientea zuzenean edo, alegazioak egiteko hamabost eguneko epea edo, hala badagokio, froga egiteko epea amaitu baino lehen hasten bada, atariko eginbideetan informazio espediente moduan instruktoreak largespen-proposamen arrazoitua egingo dio Gobernu Batzordeari edo, bestela, kargu-orria egingo du.

  3. Kargu-orriak honako hauek zehaztu beharko ditu zehaztasun eta argitasunez eta behar bezala arrazoituta: legez kanpo iritzitako lanbide edo elkargo egintzak; izanez gero, frogaren balorazioa, tipifikazioa, jokabidea zein arau-hauste mota den eta, hala badagokio, bidezkoa den zehapena.

  4. Kargu-orria espedientatuari eta, egonez gero, salatzaileari jakinaraziko zaie, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik hasi eta hamabost eguneko epean deskarguen idazkia aurkez dezaten. Idazki horretan, halaber, beren defentsarako bidezko iritzitako froga proposatuko dute eta, jakinarazitakoa salatzailea izanez gero, egoki iritzitakoa azaldu eta froga proposatuko du.

  5. Zuzenbidean onargarriak diren defentsa- eta froga-bide oro erabili ahal izango dira, administrazio-legeetan eskatutako moduan, eta instruktoreak ebatziko du zein burutu proposatutakoen artean edo, bere kabuz, beharrezko edo komenigarri iritzitzako beste batzuen artean, bereziki gertaeren ondorioz beste batzuk kaltetuta gertatzen direnean. Instruktoreak zehaztuko du froga burutzeko epea, hamabost eguneko epe batez gutxienez eta gehienez hilabeteko epeaz.

  6. Espedientean honakoak jaso beharko dira: prozeduran pertsonatutako guztien auzialdiak eta idazkiak, jakinarazpenak egin eta jaso direla eta egin diren praktikak.

  7. Instrukziotik gertaerak legez kontrako zerbait penala, zibila edo administratiboa direla gertatzen denean, instruktoreak Gobernu Batzordeari jakinaraziko dio, bidezko iritzitako ekintzak burutzeko.

  1. Intruktoreak beharrezko iritzitako kautelazko neurriak proposatu ahal izango dizkio Gobernu Batzordeari, elkargoaren interes orokorra eta espedientea ondo amaitzen dela bermatzeko, lanbide-jarduneko etena barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 31. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  2. Lanbide-jarduna eteteko kautelazko neurria Auzitegietako Prokuradoreen Elkargo Orokorrari, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari eta justizia-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailari jakinaraziko zaie eta prokuradorearen beraren espedientean idatziko da, ez-jarduneko egoerara pasako dela berehala erabakitako epeaz. Epea ez da izango, inolaz ere, sei hilabetetik gorakoa eta lanbide-ezgaikuntzako zehapena ezarriz gero betetako epea kenduko zaio.

  1. Prozeduraren izapideak egin ostean, instruktoreak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Gobernu Batzordeari eta proposamenarekin batera espediente osoa eta karguen orrian zehaztutako berberak aurkeztuko dira

  2. Gobernu Batzordeak espedientea itzuli ahal izango dio instruktoreari, arrazoiak emanez, beharrezko iritzitako eginbide berriak gauza daitezen. Hala gertatuz gero, zehapen-proposamena arau-hauste larri edo oso larriagatik bada, Gobernu Batzordeak, instruktoreak egindako proposamena eta burutu diren eginbideak bidali ostean, hamabost eguneko epe berria emango dio espedientatuari bere eskubidearentzat bidezko iritzitako guztia azal dezan. Epea jakinarazpena egiten den egunaren biharamunean hasiko da.

  3. Instruktorea Gobernu Batzordeko kidea izanez gero, ezin izango du parte hartu diziplinazko prozedura amaitzen duen erabakiaren eztabaidetan eta bozketan. Sei hilabetetik gorako ezgaitzeko zehapena ezartzeko bi herenen gehiengoa ezinbestekoa izango da.

  4. Diziplina-prozeduraren azken ebazpenak arrazoiak azaldu beharko ditu eta osoa eta kongruentea izan beharko du eta hartzen den egunetik hasi eta hamar eguneko epean jakinarazi beharko da. Ebazpenean, halaber, aurkez daitezkeen errekurtsoak eta aurkezteko epeak azaldu beharko dira.

  5. Gobernu Batzordeak ezartzen dituen zehapenen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu baino lehen, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluaren aurrean. Era berean, betearazpena eteteko eskatu ahal izango da, estatutu hauen 40.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera; eta, hala gertatuz gero, txostengileari eta zehapena ezarri zuen Gobernu Batzordeari entzun beharko zaie.

  1. Elkargoak beren kabuz betearaziko ditu bere ebazpen zehatzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari aplika dakizkiokeen arauei jarraituz.

  2. Zehapenak betearazleak izango dira administrazio-bidea amaitzen duen erabakitik aurrera baina irmo bihurtzen direnean baino ez dira jakinaraziko.

  3. Ezgaitzeak indarra hartuko du zehapena ezarri duen elkargoaren erabakia irmoa denetik aurrera. Zehatua beste arrazoi edo arau-hauste batzuk direla medio ezgaitasun-egoeran badago, egoera hori amaitzen denetik aurrera kontatuko da zehapena eta horrela behin eta berriz.

  4. Elkargokideen espediente pertsonalean oharpenak ezeztatuko dira ondorengo epeak iragan direnean baldin eta diziplinazko erantzukizun berririk ez badago: sei hilabete ohartarazpen- eta isun-zehapenetan; hiru urte sei hilabetera arteko ezgaitasun-zehapenetan eta bost urte hortik gorako ezgaitasun-zehapenetan.

    LAUGARREN TITULUA

    EKONOMIA ERREGIMENA

Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoak ekonomia- eta finantza-autonomia dauka bere helburuak eta funtzioak betetzeko lanbide-elkargoei buruzko estatu eta autonomia mailako legeetan ezarritakoaren arabera.

  1. Honakoak dira Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoaren ohiko diru-sarreragatiko baliabide ekonomikoak:

    1. Elkargokideek kuota arrunta, finkoa eta aldagarri gisa egindako diru-ekarpenak, Gobernu Batzordeak ezar ditzakeen elkargo-isurpenak eta Batzorde Orokorrak onar ditzakeen aparteko kuotak.

    2. Prokuradoreek Bizkaian elkargokidetzeko egin beharreko kuota, elkargoan lehenengoz sartu edo berriro sartzeko.

    3. Elkargoko ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak sortzen dituzten errendimenduak, bai eta elkargoko kontuetan gordetako funtsen etekinak.

    4. Ziurtapenak luzatzeagatik Gobernu Batzordeak erabaki ditzakeen eskubideak.

    5. Gobernu Batzordeak edozein gairi buruz ematen dituen erabaki, txosten, ebazpen edo kontsulten ondorioz jaso daitezkeen kantitateak, bai eta bestelako zerbitzuak eskaintzeagatiko sarrerak ere, hala nola etengabeko prestakuntza.

    6. Gobernu Batzordeak jar ditzakeen diru-zehapenak.

  2. Honakoak dira Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoaren aparteko diru-sarragatiko baliabide ekonomikoak:

    1. Estatuak, Autonomia Erkidegoak, Bizkaiko Foru-Aldundiak eta gainerako erakunde publiko eta pribatuek emandako diru-laguntzak eta dohainak, baldin eta beren helburua diru-laguntzak eta dohainak emateko arauen menpean badago.

    2. Jaraunspen, legatu edo beste titulu bategatik elkargoaren ondarean sartzen diren ondasun eta eskubideak.

    3. Elkargoak edozein kontzeptugatik jasotzen dituen diru-zenbatekoak, indarrean dauden legeen arabera.

  3. Aurreko paragrafoko a) hizkiaren arabera elkargoari elkargo-kuota arruntagatik dagokion ekarpena honela osatuko da: lurralde historikoko epai-barrutiko gaikuntza bakoitzeko kuota finko bat ez-jarduneko elkargokideentzat eta beste bat jardunekoentzat, eta, jardunekoentzat gainera, kuota aldagarri bat.

    Derrama Gobernu Batzordean finkatuko da urtero, jarduneko elkargokide bakoitzarentzat atera daitekeen diru-kopuruan, hau da, elkargokideari egozten zaion defizitaren batez besteko diru-zenbatekoari elkargokideak kuota finko eta aldagarri gisa elkargoari egindako ordainketak kendu beharko zaizkio.

  4. Elkargoan ez-jarduneko elkargokide sartuta dagoen dekanoa edo prokuradoreak ez du elkargo-zamak kentzeko inolako ekarpenik egin behar.

  1. Elkargoaren dirusarrera eta gastuen aurrekontuaren indarraldia urte naturalarekin bat etorriko da.

  2. Gobernu Batzordeari dagokio aurrekontua osatzea, diruzainak proposatu ondoren eta urteko bigarren ohiko Batzorde Orokorrean eztabaidatu eta onartuko da aurrekontua.

  3. Urteko ohiko bigarren Batzorde Orokorrerako deialdiarekin batera, laburpen-taula bat aurkeztuko da. Hala ere, elkargokideek proiektu osoa aztertu ahal izango dute elkargoaren egoitzan, batzordea egin baino bost astegun lehenagoko epean.

  4. Urteko aurrekontua onartu arte luzatutakotzat joko da aurreko urtekoa, baina honako berezitazunekin:

    1. Luzapenak ez ditu eragingo kapituluak edo inbertsio-programak, aldez aurretik onartutako urte anitzeko konpromisoak salbuespen direlarik.

    2. Kontseiluko lan-itunpeko langileen lansariei dagokien diru-zenbatekoen gorakada kasu bakoitzean aplikatu beharreko hitzarmenaren araberakoa izango da.

      1. Aurrekontuaren egitura, kudeaketa eta likidazioa eta kontabilitate-sistema irabazi-asmorik gabeko erakundeei buruzko legerian xedatutakoari jarraituz burutuko dira.

  1. Gobernu Batzordeak, diruzainaren proposamenez, urteko abenduaren 31n itxitako ekitaldiari dagozkion sarreren eta gastuen balantze eta kontu orokorra azalduko ditu. Kontuak eztabaidatuko dira eta urteko ohiko lehenengo Batzorde Orokorrean onartuko dira.

  2. Gobernu Batzordeak kontu-auditore bat izendatuko du, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa azaroaren 21eko 18/1997 Lege Orokorraren 50.3 artikuluan xedatutakoa betez.

  3. Elkargokideek urteko kontuak aztertu ahal izango dituzte elkargoko egoitzan, kontuak onartu behar dituen urteko ohiko lehenengo Batzorde Orokorra egin baino bost astegun lehenagoko epean.

    100. artikulua. Ondarea eta kudeaketa.

  1. Gobernu Batzordeak administratuko du elkargoko ondarea, diruzainaren bidez, eta honek behar duen laguntza-teknikoa izango du horretarako.

  2. Ordainketak dekanoaren aginduz egingo dira eta horien exekuzioa diruzainari dagokio. Diruzainak, halaber, beharrezko kontaketaz arduratuko da.

  3. Ondasun higiezinak zergapetzeko edo besterentzeko Batzorde Orokorraren onespena lortu beharko da.

    BOSGARREN TITULUA

    ALDAKETA

    101. artikulua. Ekimena.

  1. Estatutu hauek aldatzeko ekimena Gobernu Batzordeari dagokio, botoen gehiengo absolutuz hartutako erabaki bidez edo jarduneko elkargokideen herenak idatziz hala eskatzen badu.

  2. Ekimen-akordioak testu artikulatu batean garatu behar dira: bertan zehaztuko dira proposatutako aldaketa edo aldaketak. Aldaketok xedapenak kentzea edo xedapen berriak sartzea ekar dezakete.

  3. Gobernu Batzordeko edozein kidek eskatu ahal du proposatutako erreformaren zati bat edo erreforma osorik bereizirik bozkatzea; horretarako, gehiengo absolutua lortu beharko da, aitzitik, ez da onartuko.

    102. artikulua. Prozedura.

  1. Ekimena adostu ondoren, Batzorde Orokorrak elkargokideei jakinaraziko die, jakinarazpena egin eta hilabeteko epean oharrak, alegazioak, zuzenketak edo egokitzat jotzen dituzten testuak aurkez ditzaten.

  2. Ezin da aurkeztu ekimenean barne hartu ez diren artikuluen edo aginduen aurkako emendakinik. Gobernu Batzordeak baztertu egingo ditu eta ez ditu eztabaidan kontuan hartuko aipatutako baldintza betetzen ez duten emendakin guztiak edo, nahiz eta formalki aipatutako baldintza bete, ekimenean aipatutako aginduetatik kanpoko aginduak eragiten badira. Erabaki horren aurka ezin izango da korporazio-errekurtsorik aurkeztu.

  3. Aurreko atalean aipatutako epea amaitu eta hurrengo hamar eguneko epean, ezohiko Batzorde Orokorrerako deialdia egingo du dekanoak, eta bilkura horretan eztabaidatuko da eta, hala badagokio, onartuko da, proposatutako aldaketa.

  4. Bozketaren prozedura ekimena artikulatu den hurrenkeraren arabera antolatuko da, estatutu hauen 14. artikuluko jarraibideen arabera.

  5. Aurreko paragrafoan aurreikusitako eztabaida eta bozketa amaitu ondoren, erreforma osorik bozkatuko da Batzorde Orokorrean, eta aldaketa gehiengo absolutuaren bidez baino ez da onartuko.

  6. Gehiengo absolutua lortu ezean, dekanoak hilabeteko epea zabalduko du negoziazioak egiteko, eta epe horretan proposatu beharko dira egokitzat jotzen diren aldaketak edo eragiketak. Epea amaitu ostean, aldaketa osoa, eta, hala gertatuz gero, negoziazioan adostutako aldaketak barne hartuta, berriro bozkatu da Batzorde Orokorrean, eta orduan ere gehiengo absolutua beharrezkoa izango da erreforma aurrera ateratzeko. Gehiengo absolutua lortzen ez bada, baliogabetuta geratuko da erreformarako proiektua. Hala ere, dekanoak eta Gobernu Batzordeko kideek aldaketaren alderdi desberdinak bereizirik botoa emateko eskatu ahal dute; horrela gertatuz gero, aldeko botoen gehiengo absolutua lortzen dutenak onartuko dira.

  7. Agindu honetan aurreikusi den prozedurari jarraituko zaio, nolanahi ere, estatutuaren zatiko aldaketak egiteko edo estatutu osoa aldatzeko.

  8. Aldaketa onartu ostean, justiziaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailari jakinaraziko zaio, tituludun lanbideen eta lanbide elkargo eta kontseiluen jardunari buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Lege Orokorraren 33.3 artikuluan zehaztutakoaren ondorioetarako. Jakinarazpenarekin batera honakoak igorriko dira: Batzorde Orokorreko bilkuraren akta eta prozedura bete izanaren egiaztagiria, gora beherak azalduta. Jakinaraziko zaie, orobat, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari.

    SEIGARREN TITULUA

    DESEGITEA ETA LIKIDATZEA

    103. artikulua. Desegitea.

    Bizkaiko Prokuradoreen Elkargoa desegiteko, Eusko Legebiltzarrak lege bat eman beharko du edo Biltzar Nagusiak horren erabakia hartu beharko du. Erabaki hori jarduneko elkargokideen erabateko gehiengoz hartu beharko da, bakar-bakarrik bidezkoa izango da prokuradoreek jurisdikzio-organoen aurrean duten jardunak derrigorrezkoa izateari uzten dioenean, prozesu-legeen arabera.

    104. artikulua. Likidazioa.

    Desegiteari buruzko Legea edo Batzar Nagusiak desegiteari buruz hartutako erabakia indarrean sartzeaz batera irekiko da likidazio-epea. Desegiteari buruzko Legeak, edo, hala badagokio, erabakiak bere ondarearen, eskubideen eta betebeharren likidazio-prozedura ezarriko du, eta, soberakinik egonez gero, horrekin zer egin behar den ezarriko du, Batzar Nagusiak erabakitzen duenaren arabera.

Lehenengoa. Arauen hurrenkera.

Bizkaiko Auzitegietako Prokuradoreen lanbidearen araubide juridikoa honela dago osatuta:

  1. Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Legeak, dagokien eremu funtzionaletan.

  2. Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorra, abenduaren 5eko 1281/2002 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa.

  3. Estatutu hauek.

  4. Agintze-kontratuan interpretazio-hutsezkoak ez diren erabilera juridikoak.

    Bigarrena. Egungo Gobernu Batzordea.

  1. Ezohiko Batzar Nagusiak estatutu hauetako azken xedapenetatik lehenaren 3. atalaren arabera onesteaz batera, egungo Gobernu Batzordeko kargu guztiak Zuzenbidearen arabera berretsita geratuko dira.

  2. Estatutu hauek indarrean sartu ondorengo lehenengo hauteskundeetan Gobernu Batzordea osatzen duten karguen erdia berritu behar denez, dekano, idazkariorde, diruzain, bigarren batzordekide eta hirugarren batzordekidearen karguak aukeratuko dira eta bi urte geroago egin beharrekoetan, ordea, dekanorde, idazkari, idazkari, lehenengo batzordekide eta laugarren batzordekidearenak.

    Hirugarrena. Instruktoreen izendapena.

    Estatutu hauek indarrean sartzen direnean abian dauden zehapen-espedienteak estatutuetan arautzen den prozedurari egokituko zaizkio eta estatutuak indarrean sartu ostean egiten den lehenengo Gobernu Batzordearen lehenengo ohiko bilkuran elkargoaren araubide juridikoak aipatzen duen zehapen-espedienteen instruktoreen zerrenda erabaki beharko da.

Lehenengoa. Estatutu hauek eztabaidatu eta onartzea.

  1. Behin Gobernu Kontseiluak Estatutuen proiektua prestatu eta onartuz gero, elkargokideen aurrean jarriko da, hilabetez, haren berri izan dezaten. Epe horretan, nahi beste alegazio eta zuzenketa aurkeztu ahal izango dituzte.

  2. Epe hori bukaturik, Gobernu Batzordeak eztabaidatuko du, eta, hala badagokio, hasierako onarpena emango dio, osoko azken bozketa batean.

  3. Aurreko atalaren arabera Gobernu Batzordeak hasieran onartutako testua eztabaidatu eta, hala badagokio, onartu beharko da, Batzorde Orokorrak berariaz egindako ezohiko deialdian; izapide horretan ezin izango zaio ez aldaketarik, ez zuzenketarik erantsi, onartzeko bozkatutako testuari.

  4. Ebazpen honen arabera Estatutuak onetsi ondoren, justizia arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari jakinaraziko zaizkio, legediaren barruan daudela egiaztatu eta argitaratzeko, hala baitio Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33.3 artikuluak. Horrekin batera, Batzorde Orokorra onesteko bilkuraren akta eta prozedura bete izanaren egiaztagiria bidaliko zaizkie. Estatutuak jakinaraziko zaizkie, orobat, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari.

    Bigarrena. Behin betiko onartzea.

  1. Behin betiko onarpena emateko, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Agindua eman beharko du. Horretarako, aurretiaz Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Orokorraren derrigorrezko txostena jaso behar du, eta dagoeneko egina badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluarena, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko da, hala baitio Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33.4 artikuluak.

  2. Estatutu hau organo eskudunak onartzeko, eta hala badagokio, legearen barruan daudela egiaztatzeko dituen eginkizunak gauzatzean eskatzen dituen aldaketak negoziatzeko edo onartzeko, dekanoari baimena ematen zaio nahi duen bezala ebazteko, eta ez da beharko barne-izapide gehiagorik onartzeko, eta horren berri Gobernu Batzordeari emango zaio.

    Hirugarrena. Garapena eta betearazpena.

    Baimena ematen zaio Gobernu Batzordeari Elkargoaren funtzionamendu egokia lortzeko estatutu hauek garatu edota betearazteko beharrezkoak diren xedapen edo jarraibideak emateko.

    Laugarrena. Indarrean jartzea.

    Estatutu hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko dira indarrean. Hala ere, lehenengo eta bigarren azken xedapenak proiektua hasiera batean onartu eta berehala sartuko dira indarrean.

    Bosgarrena. Ingargabetzea.

    Estatutu hauek indarrean sartzeak Batzordeak mila bederatziehun berrogeita hamabosteko urriaren zortzian onartutakoak indargabetzea ekarriko du, aldi-baterako indarrean baitzeuden Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorraren Xedapen Iragankor Bakarrean ezarritakoaren arabera, estatutu horren aurka ez zegoen guztian; eta, era horretan bete egiten da estatutuak agintzen duen egokitu beharra.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik