- PIN. IKASTETXEETARAKO LAGUNTZEN DEIALDIA EGITEN DUENA GABONETA HAUR PARKEAN JARDUERA ARTISTIKOAK EGITEKO. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuPIN. IKASTETXEETARAKO LAGUNTZEN DEIALDIA EGITEN DUENA GABONETA HAUR PARKEAN JARDUERA ARTISTIKOAK EGITEKO.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 213
- Hurrenkera-zk.: 6165
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/10/21
- Argitaratze-data: 2008/11/06
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Urtero bezala, 2008-2009ko Gabonetan ere Gabonetako Haur Parkearen beste edizio bat izango da Bilbon. Gabonetako Haur Parkea hainbat sailen partaidetzaz antolatuko da, besteak beste, ohi bezala, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren partaidetzaz. Izan ere, Sail honek hasiera-hasieratik hartu zuen bere gain parkean parte-hartze eraginkorra bultzatzeko ardura eta, horretarako, Gabonetako Haur Parkean jardueraren bat egiten zuten ikastetxe pribatuei eta publikoei diru-laguntzak ematekoa.
Horregatik, ekitaldi honi dagokion deialdia egin da, ondoko arauak kontuan hartuta: Euskal Autonomia Erkidegoko 2008ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren 15/2007 Legea; diru-laguntzei buruzko indarreko legeria, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolamendu-arauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren VI. tituluan jasotakoa; eta, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 54.2 eta 57. artikuluak.
Horiek horrela,
Deialdi honen helburua da diru-laguntzak edo dotazio ekonomikoak ematea, Haur Hezkuntzako eta/edo Lehen Hezkuntzako haurrek Gabonetako Haur Parkean jarduera artistikoak egiteko (antzerkia, koruak, txotxongiloak, bertsolaritza, dantza, e.a.). Parke hori Bilbao Exhibition Centre-ren instalazioetan egingo da Erakustazokan jarriko da, 2008ko abenduaren 13tik 2009ko urtarrilaren 5era bitartean, 10:30etik 19:30era (abenduaren 15, 16, 17, 18, 24, 31 eta urtarrilaren 5 egunen ordutegia 10:30etik 17:00etara izango da), abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a itxita.
Ikastetxeek sustaturiko eskolaz kanpoko ekintzen erakusgarri izango dira arte-jarduera horiek.
Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da, eta, gehienez ere, 16.250 euro jarriko dira xede horretarako.
Zenbateko hori aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen kopuru osoa aintzat hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk egitean sortu den eta ahitu gabe dagoen aurrekontuaren arabera, eta horren ebazpena eman aurretik. Inguruabar hori argitara emango da, Sailburuaren Kabineteko zuzendariaren ebazpenaren bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoan dauden Haur Hezkuntzako eta/edo Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek eskatu ahal izango dute diru-laguntzarik edo dotazio ekonomikorik Agindu honen kargura.
Ezingo dira laguntza deialdi honetara aurkeztu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuaren 50. artikuluko 5. paragrafoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean daudenak.
Eskaerak eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eskaeran argi adieraziko dira honako alderdi hauek: egingo den jarduera-mota, jardueraren iraupena, jardueran parte hartuko duten ikasleen kopurua eta jarduera egiteko eskatzen den eguna, baita eskaera egiten duen ikastetxea identifikatzeko datuak ere.
Eskatzaileek emandako era guztietako datuak benetakoak diren egiaztatzeko eskubidea du Administrazioak. Halaber, Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzak eskatzen diren datuak edo agiriak argitzeko eskatu ahal izango die eskatzaileei.
Eskaerak aurkezteko epea 2008ko azaroaren 14an bukatuko da.
Eskaerak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz), bai zuzenean, bai ziurtatutako postaren bidez, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38. artikuluan aurreikusitako beste edozein prozeduraren bidez.
Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzak eskaeran akatsa edo zehaztasunik eza antzematen badu, eskatzaileari jakinarazi, eta hamar eguneko epea emango dio akatsa zuzentzeko. Epea agortu eta akatsa zuzendu ezik, bere eskaera bertan behera utzi duela joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Aurkeztutako eskaerak baloratu egingo dituen batzordeak honako kide hauek izango ditu:
Sailburuaren Kabineteko zuzendaria, eta
Kabinete horretako bi teknikari.
Diru-laguntzaren zenbatekoa 300 euro izango da.
Aurkeztutako proiektuen artean hautaketa egingo duen Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat aukera egiteko:
Garatuko den proiektua edo jardueraren kalitatea eta interesa: guztira emango den puntuaziotik % 30, gehienez.
Proposatutako jardueraren originaltasuna: % 10, gehienez.
Proposatutako jardueraren iraupena (ezin izango du 10 minutu baino gutxiago iraun, ezta 30 minutu baino askoz gehiago ere): % 5, gehienez.
Ikastetxe eskatzailean dauden unibertsitateaz kanpoko beken onuradunak: % 25, gehienez.
Eskaera egiten duen ikastetxetik jarduera egingo den lekura (Bilbao Exhibition Centre) dagoen distantzia: % 20, gehienez.
Jarduera egiteko eguna eta ordua finkatzeko malgutasuna (edo beste lehiatzailerik ez egotea): % 10, gehienez.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu berarekin beste edozein erakunde publiko edo pribatuk eman ahal izango dituen beste batzuekin.
Aurkeztutako eskaerak eta agiriak ikusita, 6. artikuluan aipatutako batzordeak, 7. artikuluan ezarritako irizpideak kontuan izanda, proposamenak bidaliko dizkio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari. Sailburuaren Aginduz ebatziko da deialdia, eta ebazpena EHAAn argitaratuko da, hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Interesdunek, aipatu Aginduaren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, hilabeteko epean, deialdiaren ebazpena aipatu buletinean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, dagokion salan, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Lehen paragrafoan adierazitako epea igaro, eta deialdi hau ebazteko Agindua argitaratu ez bada, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute beren eskaera, Administrazioak ebazteko duen betebeharrari kalterik egin gabe.
Agindu honen bidez erregulatutako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxe pribatuek betebehar hauek izango dituzte:
Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, onartutzat emango da baldin eta, diru-laguntzaren jakinarazpena jaso denetik hamabost eguneko epean, ikastetxe onuradunek diru-laguntza horri berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote.
Onuradunak deialdi honetan jasotako diru-laguntzen informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, bi erakunde horiek diru-laguntzak kontrolatzeko beren lana bete dezaten.
Onuradun bakoitzari ordainketa bakarrean emango zaio dagokion diru-laguntzaren edo dotazio ekonomikoaren zenbatekoa, deialdi hau ebaztean eta jarduera egin ondoren. Sailak azken hori egiaztatu beharko du.
Diru-laguntza emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, itzuli egin beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, batetik, jasotako kantitateak, eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute lehen aipatutako azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.
Lehenengoa. Agindu honen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, dagokion salan, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 21a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
GABONETAKO HAUR PARKEA
(Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskola-taldeentzat bakarrik)
Ikastetxea: ........................................................................ Ikastetxearen kodea:
Helbidea:
Herria: Lurraldea: .................................................................................
Telefonoa: .................................... Posta elektronikoa:
Ekitaldiak:
Ikasle kopurua: Maila: ............................................. Hizkuntza: .............................................
Jarduera mota (antzerkia, korua,):
Iraupena: Kanta-kopurua: ......................................................
Arduraduna:
Ekitaldiaren eguna(k):
Eskabide guztiak jaso ondoren, telefonoz jarriko gara harremanetan ekitaldiak onartu zaizkien ikastetxeekin, zenbait puntu lotzeko (ekitaldiaren titulua, tresneriaren beharra, e.a.). Ikastetxe bakoitzak ESKAERA BAKARRA aurkeztu ahal izango du.
Sarrerak dohainik:
Ikasle kopurua:
(Ez sartu ekitaldian parte hartuko dutenak)
Sailak ezin du bermatu eskatutako sarrera guztiak emango dituela, sarrera-kopurua mugatua da eta.
IKASTETXE BAKOITZAK ESKAERA-ORRI BAKARRA BIDALI BEHAR DU, 2008KO AZAROAREN 14A BAINO LEHENAGO
......................(e)n, 2008ko .................aren ....
Ikastetxeko zuzendaria
Informazio gehiago:
Tel. 945 01 84 00 Fax: 945 01 81 98
Posta elektronikoa: huisppd2@ej-gv.es


