- PAT. ORDEN QUE CONVOCA AYUDAS PARA LA SOLICITUD DE PATENTES. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuPAT. ORDEN QUE CONVOCA AYUDAS PARA LA SOLICITUD DE PATENTES.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 219
- Hurrenkera-zk.: 6365
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/10/28
- Argitaratze-data: 2008/11/14
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Industria; Herri Administrazioa
Testu legala
Ikerketara bideratuko finantzaketa-jardueren eraginkortasuna neurtu ostean, ikusi da unibertsitateak zein Teknologi zentroak eta EAEko enpresak berak euren ikerketen ondorioz sortutako jakintza babesteari eta merkaturatzeari dagokionez herabe direla, eta handiagoa dela aldizkari espezializatuak argitaratzeko duten joera.
Jakintza babesteko mekanismoak martxan ipintzeko zailtasun nagusienetariko baten jatorria ikerketaren emaitzen patentagarritasunari buruz egon daitekeen ezagutza-eza da.
Ondorioz, ikerketa-proiektuen bidez erdietsitako ikerketen emaitzen balioztapena Zientzia eta Teknologiarako Euskal Sareko Agenteen eremuan sustatzea beharretsi da, patente-eskabideak industria-jabetzaren erregistroan aurkeztuz. Kontuan izango da patenteak berez ez duela baliorik, patentatutako ondarea merkaturatzen ez bada.
Deialdi honen bidez ikerketen emaitzak babestu nahi dira, horretarako erregistro-prozeduraren hasierako jardueretako bi (patentagarritasunaren ebaluazioa eta patente-eskabidearen idazketa egokia) diruz lagunduko dira, eta produktuaren salmenten eta baimen-emateen bidez, babesaren ondorioen jarraipena burutuko da.
Industria-jabetza kudeatzea konplexua dela ikusirik, jakintzaren sorkuntzan parte hartu dutela egiazta dezaketen pertsona fisiko eta juridiko ororen eskubideak errespetatzen dituztela bermatu beharko dute onuradunek, honek jabetza-eskubideak sortuko dituelarik. Bestalde, jakintza berria dela ziurtatzeko, eskaera dela-eta jasotako informazioa erabiltzean konfidentzialtasuna bermatuko du deialdiaren erakunde kudeatzaileak.
Euskal Autonomia Erkidegoko zientzi eta teknologi sistema sendotu egiten da deialdi honen bidez; izan ere, deialdi honek jakintza babesteari eta merkatuan baloratzeari lagundu egiten dio, baita erakunde ezberdinetako taldeen arteko koordinazioari ere, eta, halaber, enpresekin lankidetzan teknologi berritzailea garatzera, baliabide materialak indartzera eta ikerketa-taldeen antolaketa eta funtzionamendura bideratuak dauden beste deialdiekin koordinatuta eratzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, desegin eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen Lehendakariaren uztailaren 15eko 8/2005 Dekretuan (2005eko ekainaren 28ko EHAA) ezarritakoa kontuan izan da.
1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) ezarritakoa kontuan izan da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra arautu zen, eta, era berean, diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezarri ziren. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.
Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargura egiteko den gastu espedientearen aurreratutako tramitazioa araupetzen duen Ekonomia eta Herriogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, honako hau
Patenteetako eta Marketako Espainiako Bulegoaren (Oficina Española de Patentes y Marcas, OEPM), Patenteetako Europako Bulegoaren (European Patent Office, EPO) eta Patenteen Lankidetzarako Hitzarmenaren (Patent Cooperation Treaty, PCT) aurrean patente-eskabideak aurkezteko laguntzak deitzea.
Honako modalitate hauek kontsideratzen dira:
1 Modalitatea: Patenteetako eta Marketako Espainiako Bulegoan (OEPM) aurkeztutako patente nazionalak.
2 Modalitatea: (OEPM) Patenteetako eta Marketako Espainiako Bulegoan eta (EPO) Patenteetako Europako Bulegoan aurkeztutako nazioarteko patenteak (PCT eskabideak), betiere aldez aurretiko PCT patente egokia izapidetu bada.
3 Modalitatea: Bulego nazionaletan Espainiakoan izan ezik aurkeztutako patenteak, betiere aldez aurretik PCT eskabidea egin bada.
Eskaerarik ezingo da onartu izapideak egiteko, baldin eta ezagutza zientifiko-teknikoa modu batera edo bestera zabaldua izan bada, edo patentearen eskaera bulegoren batean erregistratu bada. Patente-eskabidean adierazitako ezagutzan berritasunik izatea baldintza da, deialdi honetan eskabide bat finantzatzeko.
Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzetarako zenbatekoa 128.544 eurokoa izango da 2009ko ekitaldirako, eta EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarrita dagoen aurrekontu-sailetik hartuko da.
Artikulu honetan esleitutako zenbateko osoa aldatu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gerta litezkeen aurrekontuen arabera eta laguntza horiek ebatzi aurretik. Horren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da.
Ondokoak izan daitezke deialdi honetan emango diren laguntzen onuradun:
Agenteen kategoria hauen kide diren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituen urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluarekin bat:
Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak.
Euskal Herriko Unibertsitateetako zentroak, departamentuak, atalak, institutuak edo bestelako ikerketa-unitateak.
Lankidetzazko ikerketa zentroak.
Teknologia-zentroak.
Garapeneko eta Teknologia Transferentziako Nazioarteko Zentroak.
Sektoreetako ikerketa-zentroak.
Betiere, eskaera egiten duen ikertzaile nagusia dagoen erakundea izango da erakunde onuraduna, baldin eta juridikotasunik badu.
Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galdua izanik zehapen administratibo edo panalen bat dutenek edo hartarako ezgaitzen dituen legezko galarazpenik dutenek ezin izango dute lehiatu. Galarazpen horien artean dira: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenen xedapenean ezarritakoaren arabera, sexua dela-eta egindako diskriminazioaren ondoriozkoak.
Patentearen asmatzaile legez, patentatu beharreko jakintza sortzeko beren parte-hartzea beharrezkoa izan dela egiazta dezakeen pertsona oro agertu beharko da, erakunde onuradunaren partaide izan zein ez izan.
Asmatzaileak ez badira erakunde onuradun bereko kide edo haietako bat erakunde ez-onuradunen baten kide bada, eskaera bakarra egingo da, erakunde onuradunetariko batek erakunde eskatzaile gisa jardungo duelarik, eta gainerakoek eskabidearekiko adostasuna adieraziko dute. Taldearen ikertzaile arduradunak erakunde eskatzaileko kide izan eta eskabidean ikertzaile nagusi gisa agertu beharko du.
Jabe bakoitzarentzat ezarritako jabetza-portzentajeak egiaztatu beharko dira. Patentatu nahi diren ikerketen emaitzen jabetza arautzen duen agiriren bat dagoenean, eskabidearen agiriarekin batera horren kopia bat aurkeztu beharko da.
Modalitate bakoitzean zehaztutakoarekin bat etorriaz, izapidetze-kostuen % 50 finantzatuko da deialdi honetan.
1 Modalitatea: Patente-eskabidea idazteko kostuen % 50 finantzatuko da eta bai OEPMren aurrean egin beharreko izapidetzeari doazkion agente gastuak ere, betiere 1.500 euroko mugarekin.
2 Modalitatea: Eskabidea idazteko kostuen % 50 finantzatuko da (1 modalitatearen bidetik finantzatu ez badira) eta bai agentzia egokiaren aurrean egin beharreko izapidetzeari doazkion agente gastuak ere Patente europarrari dagokionez, itzulpen kostuak sartu ahal izango dira. Modalitate honentzat 2.500 euroko guztizko muda aurreikusten da.
3 Modalitatea: Itzulpen-kostuen % 50 finantzatuko da, hizkuntzako 400 euroko mugarekin eta 3.000 euroko guztizko mugarekin.
Deialdiaren laguntza deialdi honetako erakunde onuradunei dagozkien kostuen arabera ezarriko da. Patentearen jabekideak badira, deialdi honetako onuradunak ez direnak, itundutako jabetza-portzentajeen arabera kalkulatuko dira kostuak.
Eskabideak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2009ko irailaren 15ean amaituko. Aipatu eskabideak hona bidali beharko dira:
Eusko Jaurlaritza
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
Zientzia Politikarako Zuzendaritza
Erreferentzia: Ikerketa-proiektuak.
Donostia kalea 1
01010 Vitoria-Gasteiz
Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat baliatuz ere bidal daitezke.
Eskaera ikertzaile nagusiak egin behar du, eta erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritzia izan behar du.
Jabekidetzakoak diren patenteei dagokienez, erakunde interesdunek eskabide bakarra aurkeztu beharko dute, eta eskabidearen ordezkari-koordinatzaile izaera erakunde onuradun eskatzaileak hartu beharko du bere gain, garapenaren erantzule izan eta administrazioarekiko elkarrizketa eta harremanetarako. Erakunde eskatzaileak aurkeztuko duen eskabidean berariaz agertu beharko da zirkunstantzia hori, berak eta gainerako erakunde jabekide onuradunek izenpetuta, eta taldeko ikertzaile nagusiaren sinadurarekin.
Eskabideari erantsitako agiriek I. eranskinean ageri den edukia izango dute eta paper-formatuan eta formatu elektronikoan, CD euskarrian, aurkeztu beharko dira.
Eskabideak aurkezteko, interesdunek inprimaki eredu bat izango dute eskuragarri interneteko helbide honetan: «http://www.hezkuntza.net».
Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, galdetegian agertzen diren izaera pertsonaleko datuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren izaera pertsonaleko datuen fitxategi automatizatuan txertatuko dira.
Aurka egin, sartu, zuzendu edo ezabatzeko eskubideak eta indarreko legeek pertsona fisiko interesdunei aitortzen dizkieten gainerakoak, Hezkuntza eta Ikerketa Sailburuordetzaren aurrean gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea, Ikerketa Proiektuen Zerbitzuaren bidez.
Eskabideek eskatutako informazio guztia jasotzen ez badute, eta/edo aurreko ataletan adierazitako agiri guztiak eransten ez bazaizkie, interesdunari hori jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko agiriak aurkezteko. Gainera, horrela egiten ez badu eskaera ezetsi egingo dela jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 42. artikuluari jarraiki emandako ebazpenaren ondoren.
8,1. Ebaluazio Batzordea.
Eskabideak, jaso ahala, Ebaluazio Batzordeak aztertuko ditu. Batzorde horretako kideak Zientzia Politikarako zuzendaria (bera izango da lehendakaria), Unibertsitate zuzendaria eta Ikerketa-proiektuen zerbitzuburua izango dira.
Ebaluazioa egin baino lehen kudeaketa-organoak txosten teknologiko bat eskatuko dio Patenteetako eta Marketako Espainiako Bulegoari (OEPM), zeinak berrikuntza, asmatzeko gaitasuna eta patentearen industri balioa kontzeptuak oinarri hartuz bere adituek egindako txostena emango baitu.
Ebaluazio prozesuaren barruan, egoki iritziz gero, proiektuetan aldaketak sartzea iradoki diezaieke Ebaluazio Batzordeak eskatzaileei, proiektu horiek hobeto egokitu dakizkien programaren helburuei.
Eskaerak ebaluatzeko irizpideak.
Eskatutako diru-laguntzen gaineko ebazpen-proposamena egiteko, Ebaluazio Batzordeak aplikatuko diren ondoko irizpideak izango ditu kontuan eskaeren ebaluazioan eta aukeraketan:
Irizpideak Puntuak
Teknologiaren berritasun-gradua. 25
Patentearen asmagarritasuna. 25
Balio industriala. 25
Ustiapen- eta merkaturatze-planaren
bideragarritasuna 15
Onuradunen jabetzako beste patente
batzuen errendimendu ekonomikoa 10
Guztira 100
Berritasuna baldintza izango da, izan ere, teknologia berriaz ez bada ez baita posible patenterik egitea.
Ebaluazio Batzordeak OEPMren txosten teknologikoaren emaitza aztertu eta, aurkeztutako asmakuntzen berritasuna eta patentagarritasuna zehaztuko ditu, horretarako, aplikatu beharreko irizpideekin bat, dagokien puntuazioa esleituko du. Puntuazioa 65 puntu baino gehiagokoa bada, patentagarritasuna positiboa dela iritziko da eta deialdian aitortutako bulegoren batean aurkeztu beharreko patente-eskabidearen idazketa finantzatzea onartuko da (1. artikulua).
Ikerketa-proiektuen zerbitzuburua eskabidea aurkezten duen ikertzaile nagusiarekin bilduko da, ebaluazioaren emaitzak eta OEPMko aztertzaileen txosten teknologikoa erakutsiko dizkio eta, hala baleude, alde patentagarriak zehaztuko dira.
Patentagarritasuna positiboa gertatzen ez denean, laguntzak ez emateko ebazpena oztopatu gabe, eskaera egiten duen ikertzaile nagusiari agiriak emango zaizkio, aztertu ostean bere ikerketen emaitzak berrikusi edo, hala behar bada, ikerketen norabidea birbideratu ahal izan dezan.
Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari helaraziko dio proposamena eta honek esleituko ditu: eskabide bakoitzeko patentearen idazketan diruz lagun daitezkeen kostuei doakien diru-laguntza, betiere deialdiaren 4. artikuluan ezarritako mugen barnean; eta hori ebazpen indibidual eta arrazoituaren bidez gauzatuko da, zeina interesdunei banan-banan jakinaraziko baitzaie. Esleipena eskabidea jasotzen den hurrenkeraren arabera egingo da horretarako bideratua dagoen aurrekontu-kreditua ahitu arte eta zirkunstantzia hau EHAAn jakinaraziko da. Diru-laguntzen esleipen- eta likidazio-prozesua amaitzen denean, erakunde onuradunen zerrenda EHAAn argitaratuko da, denek ikus dezaten.
Ebazpena emateko epea sei hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezten direnetik aurrera. Eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epean ez bada ebazpenik ematen edo jakinarazten, eskabideak isilbidez ezetsitzat jo ahal izango dira.
EHAAn argitaratuko den jakinarazpen-ebazpenean honako erreferentziak jaso beharko dira:
Eskabidearen kodea.
Patenteak erregistratzeko bulego egokiak emandako eskabide-zenbakia.
Erakunde onuraduna/k.
Ikertzaile nagusiaren izena.
Emandako zenbatekoa.
Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean.
Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantzatzaile batzuek eman ditzaketenekin. Finantzaketa osagarri oro aitortu beharko zaio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Gainfinantzaketarik atzemanez gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketari kopuru hori murriztuko zaio.
Erakunde onuradunak, diru-laguntza jasotzeko aldeko ebazpena hartu eta gero patentearen eskabidea idatzi beharko du, OEPMren eta berak hautatutako agente adituaren txosten teknologikoaren laguntzarekin. Ondoren, patentearen eskabidea aurkeztu beharko du dagokion patenteen bulegoan.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eskabidearen kopia bidali beharko zaio, bulego jasotzailearen sarrera-erregistroarekin behar bezala zigilatua, patentearen laburpena eta izapidetze-, idazketa- eta itzulpen-kostuen faktura originala/k erantsita eta bai tasak ordaindu izana justifikatzeko agiria ere. Horretarako ebazpena jasotzen duenetik aurrera bi hileko epea izango du. Deialdia kudeatzen duen bulegoak zigilatu ostean, onuradunari itzuliko zaizkio justifikazio-agiri originalak.
Kudeaketa organoak, aurkeztutako agiriak ikusi ostean, laguntzaren zenbateko erreala zehaztuko du, eta bidezkoa den likidazioa egingo du.
Diru-laguntzaren zenbatekoa likidazio-ebazpen indibiduala jakinarazi ostean emango zaio erakunde onuradunari.
Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitatea ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak beteta dituela frogatu beharko du, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraiki (1992ko uztailaren 8ko EHAA, 131. zk.).
Urteko txostena: patentea aurkeztu eta hurrengo hiru urteetan, urte amaieran, patentearekin burutu duen kudeaketari buruzko urteko txostena aurkeztu beharko dio eskabidea aurkezten duen ikertzaile nagusiak Zientzia Politikarako Zuzendaritzari: beste herrialdeetarako zabalkundea, baimenen salmenta, patentea ustiatzetik eskuratutako baliabide ekonomikoak eta esku hartu duten enpresak.
Diru-laguntzaren jarraipenari dagozkion agiriak, erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin igorri beharko dira.
Artikulu honetan aipatu txostenen edukien deskripzioa eskuragarri egongo da interneteko helbide honetan: http://www.hezkuntza.net.
Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, beharrezkoa den likidazio-ebazpena emango du Zientzia Politikarako Zuzendaritzak eta horren bidez berregokitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.
Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik, esleitu den diru-zenbatekoa aldatu edo indargabetu behar bada, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak ebazpen indibidual bidez jakinaraziko du.
Diru-laguntza ematea ahalbidetu zuten baldintzetako bat betetzen ez dela egiaztatuz gero, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat eta horri jarraiki, Euskal Autonomia erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaio jasotako diru-zenbatekoa eta horri dagozkion legezko interesak. Diru-laguntza osorik edo partzialki itzultzeko arrazoiak ondokoak dira:
Patente-eskaera bererako beste iturri batzuetatiko finantzaketa pilatzea, edo finantzaketa eskatzeko beste erakunde, entitate edo zentro publiko zein pribatu bati eskaria aurkeztea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aldez aurretik jakinarazi gabe eta hark onetsi gabe.
Deialdi honetako oinarrien ez-betetze larria (osorik edo zati batean).
Datuak ezkutatzea, aldatzea edo eskaera manipulatzea, kasua larria denean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2009. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.
Lehenengoa. Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu honi, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzietako organo jurisdikzionalari, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat.
Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 28a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
Eskabideari honakoak erantsiko zaizkio:
Erakunde onuradun jabe bakoitzaren legezko ordezkariak izenpetutako eskabidea, bertan jabetza-portzentajeak zehaztuko direlarik.
Patentea aurkezteko aurreikusitako gastuen aurrekontua.
Erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren deklarazioa, non honakoak ziurtatzen diren: patentearen helburu den ezagutzaz ez dela egin inolako zabalkunderik, ez dela erregistratu inongo patente-bulegotan eskabide egin den egunera arte, eta ez dela erregistratuko deialdiaren Ebazpena eman baino lehen.
Asmatzaileen zerrenda eta patentearen eskabidea baimentzen duen bakoitzaren izenpea, bertan zein erakundetakoak diren zehaztuko delarik.
Patentearen xedeari buruzko memoria, eta bertan zehaztuko dira: artearen egoera, patentearen deskripzioa eta dauden produktu/prozesu alternatiboekiko ezberdintasunen eta abantailen gaineko azalpenak.
Patentearen jatorriari, norainokoari eta ondorioei buruzko txostena.
Patentearentzat aurreikusitako ustiaketa-plana.
Ikertzaile nagusi eskatzailearen curriculum vitaea.
Parte-hartzaile bakoitzaren NANaren fotokopia eta erakunde onuradun jabe bakoitzaren IFZren fotokopia.
Erantzukizunezko deklarazioa, non eskabidea egin duen pertsonak edo erakundeak honako egiaztatzen duen: laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galdua izanik zehapen administratibo edo panalen bat ez izatea, edo hartarako ezgaitzen dituen legezko galarazpenik ez izatea. Galarazpen horien artean dira: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenen xedapenean ezarritakoaren arabera, sexua dela-eta egindako diskriminazioaren ondoriozkoak.
Zerga-betebeharren eta gizarte segurantzarekiko betebeharren berri badutela egiaztatzen duten agiriak.
Jasotako edo eskatutako laguntzei buruzko aitorpena.
Lortutako errendimendu ekonomikoaren gaineko deklarazioa erakunde onuradunak egina, eta, halaber, bere jabetzako patenteen gainekoa.
Jabetza-portzentajeari eta patenteen kostuen eta etekinei dagokienez, patentearen jabeen adostasuna jasotzen duen agiri originala aurkeztea, betiere jabeak bat baino gehiagoko patente-eskabideak badira.
Proposamena hautaketa irizpideekin bat etorriz zuzen ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.


