- AGINDUA, 2008ko azaroaren 4koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek 2008 ekitaldian garatzen dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia egiten da - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2008ko azaroaren 4koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek 2008 ekitaldian garatzen dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia egiten da
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 212
- Hurrenkera-zk.: 6135
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/11/04
- Argitaratze-data: 2008/11/05
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa; Ekonomia; Funtzio publikoa
Testu legala
1995eko irailaren 27an izenpetu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa, lana duten langileen etengabeko prestakuntzaren ingurukoa, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei eta langileei aplikatzekoa.
Akordio horretako aurreikuspenak betetzeko, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen. Lana duten langileen etengabeko prestakuntza osoaz arduratzea du helburu, etengabeko prestakuntza kudeatzen eta zuzentzen du, eta enpresa, langile eta ikastetxeen artean etengabeko lanbide heziketarako interesa eta jarduera horrek ahalik eta zabalkunde eta eraginkortasun handiena erdiesteko baldintzak sustatzeko erantzukizun orokorra du.
Bestalde, Lehendakariaren 8/2005 Dekretuak, ekainaren 27koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio sailak sortzen, kentzen eta aldatzen dituenak eta horien eginkizunak eta jarduera-eremuak zehazten dituenak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari ematen dizkio, besteak beste, bizitzan zehar kualifikazioak eskuratu edo handitzea dakarten eginkizun guztiak.
Halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 16ko 222/2001 Dekretuaren bidez sortu da Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetza. Sailburuordetza horri emaniko eginkizunen artean, aipaturiko 222/2001 Dekretuaren 16.1.i) artikuluak Hobetuz Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren jarduera sustatzeko eta Administrazio Publikoen ordezkaritza zuzentzeko eta koordinatzeko eginkizunak ezartzen ditu.
Etengabeko lanbide-heziketa funtsezkoa da bizitza osoan baitako prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezagutza oinarrian duen gizartera egokitzeko eta Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean langileen gaitasun profesionalari eusteko.
Lanean ari diren langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, etengabeko prestakuntza aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan lehentasunezko balio bat da eta, hori dela eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.
Adierazitako guztia kontuan hartuta, honakoa
Agindu honen xedea da beren langileei zuzendutako prestakuntza-plana kudeatzeko gauza diren EAEko enpresek programatutako izaera estrategikoko etengabeko prestakuntzako ekintzak garatzeko laguntzak arautzea; izatez, prestakuntza-plan horren bitartez langile horien gaitasuna eta kualifikazioa hobetu nahi da, eta berriro kualifika daitezen lortu nahi da, enpresaren lehiakortasuna areagotzearren. Eta, xede horrekin, 2008rako deialdia egin da.
Zentzu horretan, ekintza estrategikoa esatean, enpresaren proiektuarekin zuzenean erlazionatuta dagoen ekintza ulertu behar da: enpresak berak egindako premien diagnostiko batean edo bestelako agiri batean lehentasunezkotzat jotzen diren ekintzak dira eta xede dituen langileak zehazten dira.
Agindu hau garatzeko bideratuko diren baliabide ekonomikoak 6.143.283,00 euro dira gehienez, agindu honen hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoari kalterik egin gabe. Funtsa horiek Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren (erakunde lankidea) esku utziko ditu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, ordainketa bakar bat eginez; eta ordainketa hori agindu hau argitaratu eta berehala egingo da.
Aipatutako funtsen kontura finantzatuko dira agindu honen babespean garatzen diren etengabeko prestakuntzako ekimenak, baldin eta horien finantzaketa Hobetuzen aurrean eskatu bada, Aginduan zehaztutako baldintzak betetzen badira eta bertan barne hartutako baldintzak eta lehentasunak betetzen badira.
Agindu honetan barne hartzen diren laguntzak, ez dira bateragarriak izango prestakuntza-ekintza horiek berak egiteko enpresek jaso ditzaketen beste mota bateko laguntzekin.
Nolanahi ere, elkarren osagarriak izango dira deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta etengabeko prestakuntzako estatuko ereduak baren hartzen dituen hobariak. Etengabeko prestakuntzako estatuko ereduak enpresek garatzen dituzten etengabeko prestakuntzako ekintzen finantziazioa arautzen du, enpresa horiek Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari hilero egiten dizkioten kotizazioetan hobariak izan ditzakeen mailegu baten bitartez.
Zentzu horretan, enpresa eskatzaileak Hobetuzen aurrean ziurtatu beharko du finantzatutako prestakuntza-ekintzek ez dutela Estatuko ereduko hobaririk jasotzen.
Laguntza horiek, lehia, publizitate eta objektibotasuneko printzipioak kontuan hartuta emango dira.
Lurralde-esparrua.
Agindu honetan adierazitako laguntzak EAEko lantegietarako sustatuko diren prestakuntza-ekintzetan izango dira aplikatzekoak.
Langile-esparrua.
Laguntza horien onuradunak enpresak eta enpresa-taldeak izango dira, agindu honetan jasotako baldintzak bete ondoren. Prestakuntza-ekintza horietan, soldatapeko EAEko langileek parte hartu ahal izango dute.
Enpresako lan-taldean barne hartuko dira, enpresa horrek soldatako langile gisa kontratatutako pertsonak. Kooperatiben kasuan, bazkide kooperatibistak ere hartuko dira kontuan enpresaren guztizko lan-taldea kalkulatzeko.
Bestalde, Hobetuz programaren laguntzen xede diren ekimenetan honako talde hauek hartu ahal izango dute parte:
Bertako estatutuek horrela adierazten duten Langile Autonomoen Araubide Berezietan (LAAB) kotizatuko duten lan elkartuko kooperatibetako langile bazkideek.
Enpresarekin zuzenean lotutako langileek, eta Legearen arabera, enpresa horrek soldatapeko langile gisa kontratatu ezin dituenean -Langile Autonomoen Araubide Nagusian kotizatzera behartuta daude (LAAB)(administratzaileak, senitartekoak)-.
REASS erregimenaren (Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezia) edo itsasoko langileen Erregimen Bereziaren barne dauden langileek.
Autonomoak.
Okupatuta ez egon arren, honako egoera hauetako batean daudenek:
Denbora zatizko langileek (finkoak etenak), lanean ari ez diren garaian.
Prestakuntza-garaian langabezian geratzen diren langileek.
Baimendutako espediente bidez aldi baterako enplegurik gabe geratzen diren garaian lan-erregulaziora atxikitzen diren langileek.
Salbuespena: internazionalizazio-prozesuetan murgilduta dauden enpresen kasuan, diruz lagundutako enpresarekin nolabaiteko lotura/lankidetza duten enpresetako langileek finantzatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta egoera hori behar den bezala justifikatzen badute.
Ez dira laguntzen onuradun izango Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa, aldatzen duenak) 50. artikuluko 5. paragrafoan adierazitako arrazoietan nahastutako enpresak.
Denbora-esparrua.
2008ko deialdi honetan, 2008ko urtarrilaren 1aren eta 2009ko ekainaren 30aren artean garatzen diren prestakuntza-ekintzak finantzatu ahal izango dira.
Finantza-esparrua.
Ekimen horiek agindu honen 1. artikuluan barne hartzen diren eta aplika dakizkiekeen funtsen baliabideen, eta Hobetuzek eskura jartzen dituenen mende geratuko da prestakuntza-ekimenen finantziazioa.
Agindu honetako 7. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, gutxieneko dirulaguntza merezi duela egiaztatzen ez duen prestakuntza-ekimenik ez da finantzatuko.
Agindu honen helburuetarako, prestakuntza-ekintza da parte-hartzaile guztientzat komunak diren helburu, eduki eta iraupen sistematikoko irakatsi eta ikasteko prozesua, enpresaren prestakuntza-proiektuan (Prestakuntza Plana) biltzen dena.
Helburu nagusi gisa prestakuntza-prozesu baten (irakaskuntza/ikaskuntza) garapena ez duten ekintzak ez dira finantzatuko; eta ez dira finantzatuko, era berean, enpresaren produkzio-prozesuarekin zuzenean erlazionatuta dauden gaitasunak eta kualifikazioak hobetzeko ekintzak.
Orokorrean, Planean barne hartutako banakako zein taldeko prestakuntza-ekintzek gutxienez 6 ordu eta gehienez 270 iraungo dute parte-hartzaile bakoitzarentzat. Hobetuzek muga hori gainditzeko baimena emango du, baldin eta premia hori arrazoituko duen justifikazioa aurkezten bada. Prestakuntzako jarduerek egunean gehienez 8 ordu iraungo dute.
Prestakuntza-ekintzak agindu honen bidez finantzatu ahal izateko, ondorengo modalitate hauetako batean eman behar dira: bertaratze bidezkoa, bertaratu gabea edo mistoa.
Bertaratze bidezko prestakuntzatzat jotzen da, ikasgela batean, irakasleek ikasle-talde bati ezagutza berak eta aldi berean transmititzen dietenean, edozein motatako baliabide didaktiko erabilita.
Era berean, bertaratu gabeko prestakuntzatzat jotzen da parte-hartzaileak bere ikaskuntzaren erritmoak norberaren denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, denbora mugatu batean tutore/irakasleak izango ditu, bere zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.
Agindu honen helburuetarako Baliabideetako Ikastetxeetan emandako prestakuntza, bertaratu gabeko prestakuntza balitz bezala ulertuko da. Baliabideetako Ikastetxe gisa ulertuko da, norberak erabil dezakeen ekipamendu didaktiko jakina duen instalazioa; parte-hartzailea bertara joaten da, hainbat euskarriren bidez prestakuntza eskuratzeko eta, bertan, bere zalantzak argitzeko tutoretza-motaren bat edukiko du.
Prestakuntza-ekintzen barne, osorik edo zati batean, bertaratu gabeko prestakuntza eskaintzen dutenean, prestakuntza hori, parte-hartzailearentzat ikaskuntza sistematizatuko prozesua suposatuko duten euskarri didaktikoen bidez egin beharko da. Euskarri horiek derrigorrez, tutoretza-laguntzarekin osatuko dira. Kasu horietan guztietan, materiala bidaltzeko prozedurak, bertaratutako edo bertaratu gabeko tutoretzak, jarraipen-kontrolak eta irakaskuntza programatuak eskainiko dituen frogak zehaztuko ditu eskatzaileak.
Bertaratu gabeko urrutiko prestakuntza-ekintzei dagokienez, onartu aurretik Hobetuzen sortuko den batzorde batek aztertu eta balioztatu beharko ditu.
Halaber, on line informazio eta komunikazioko teknologien laguntzarekin (teleprestakuntza) garatuko den ikaskuntza-prozesua erabiltzen duten bertaratu gabeko prestakuntza-ekintzek, prozesua eusten duten elementuak deskribatu beharko dituzte; horretarako, hezitzailearen eta parte-hartzailearen artean ezarritako tutoretza-sistema, eta ikaskuntza horren jarraipenaren sistema kudeatzailea behar dute.
Baliabide finantzarioen optimizazioa bateragarri egiteko aukera emango duten eta enpresen premia zehatzak betetzeko aukera emango duten eraginkortasun-irizpideak aplikatuz zehaztuko da prestakuntza-ekintza bakoitzean parte-hartzaileen kopurua. Hala ere, prestakuntza-ekintzetan, parte-hartzaileen kopurua enpresaren tamainaren eta ekintzaren berezitasunaren arabera zehaztuko da; eta dirulaguntza, oro har, parte-hartzaileen kopuruarekin proportzionala izango da, betiere parte-hartzaileak 10 baino gutxiago direnean.
Bertaratu gabekoen prestakuntza-ekintzetan, parte hartzen duten 70 ikasleko irakasle bat izan beharko da gutxienez.
Langile batek ezingo du 270 prestakuntza-ordu baino gehiago jaso. Salbuespena izango da artikulu honen 3. paragrafoan adierazitakoaren arabera, ordu kopurua muga hori gainditzeko baimendutako prestakuntza-ekintza bakar batean parte hartzen badu.
Prestakuntza-ekintzak, enpresak kontratatutako kanpoko agenteek (Kanpo P.) edo behar bezala gaitutako barneko agenteek (Barne P.) eman ahal izango dituzte.
Prestakuntza-ekintzak, osorik edo zati batean, barne-prestakuntza ematen dutenean, prestakuntza hori aldez aurretik diseinatu eta egituratu beharko da, parte-hartzaileari ikaskuntza-prozesu sistematizatua eskaintzeko moduan.
Agindu honen barruan, 2. artikuluan xedatutakoa betetzen duten eta 35 langile edo gehiagoko plantilla duten enpresek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Langile gutxiagoko enpresei dagokienez, aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna eta enpresa eskatzaileak berau aurrera eramateko duen gaitasuna aztertuko du Hobetuzek, eta ebazpen-proposamenean adieraziko du.
Enpresa bera izango da, kasu horietan, laguntzaren eskatzailea eta titularra.
Agindu honen helburuetarako, orokorrean lan-taldean 50 langile edo gehiago dituzten enpresa taldeek ere eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Enpresa Talde gisa honako kasu hauetakoren bat betetzen dutenak ulertuko dira:
Beren balantzeak bateratzen dituztenak.
Enpresa nagusi beraren filialez osatuta daudenak.
Zuzendaritza eraginkor komuna dutenak.
Kasu horretan, taldea osatzen duten enpresetako edozein izango da eskaeraren titularra.
Edozein kasutan ere, enpresa berak ezin izango du Deialdi honen barruan laguntza-eskaera bat baino gehiago aurkeztu.
Eskaera Hobetuzen web-orrian eskura daiteke (www.hobetuz.com) eta honakoak dira eskaeran nahitaez jasoarazi beharko diren baldintzak:
Enpresa eskatzailearen izena eta sozietatearen izena, IFK, Gizarte Segurantzako inskripzioaren zenbakia, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (EJSN), sektorearen Hitzarmen Kolektiboa, eta agindu hau argitaratu eta aurreko 12 hilabeteetako batez besteko langile kopurua. Dokumentazio guztia behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar da.
Enpresa Taldeko plan batean parte hartzen duten enpresa guztien eta bakoitzaren parte hartzeko konpromisoa, 2A eranskinaren bitartez. Planean parte-hartzea balioz hitzartzeko, goraxeago adierazitako eranskina sinatu dutenek, enpresa hirugarren batzuen aurrean ordezkatzeko behar besteko ahalmena dutela egiaztatu beharko dute.
Aurkeztutako proiektuari dagokionez, enpresako pertsona arduraduna.
Aurreko Deialdietan dokumentazio hori Hobetuzi eman ez bazaio, edo aurretik aurkeztuekiko aldaketak jasan baditu, aurkeztu beharrekoa:
Planaren enpresa Titularraren Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.
Entitate baten izenean eta ordezkari gisa jarduteko entitateko eskatzailearen legezko ordezkariaren gaitasuna egiaztatzen duen jatorrizko dokumentazioa, kopia konpultsatua, edo Hobetuzek konpultsatzeko kopia.
Prestakuntza-premiak hautemateko azterlana/analisia (egin bada), bertan adieraziko dira finantzaketa jaso dezakeen planean aurkeztutako prestakuntza-ekintzak.
Garatu beharreko prestakuntza-ekintzen deskribapena, lehentasunak behar bezala finkatuta (gauzatzeko lehentasuna). Horietako bakoitzean, izena, iraupena eta parte-hartzaileen kopurua adierazi beharko da, eta ondorio horretarako egindako inprimakietan zehazten den xehapena egingo da. Ildo horretan, honako alderdiak eman beharko dira aditzera:
Lanbide-kategoria edo lanbide-multzoen araberako kolektibo hartzaileak, lan-egoera eta Gizarte Segurantzarako afiliazio-erregimena.
Kalkulatzen den prestakuntza-ekintzen kostua.
Prestakuntza-ekintzetarako aurreikusten den egutegia eta hartu beharko diren lan-orduak.
Prestakuntza emango duten entitateak edo ikastetxeak, eta prestakuntza-ekintzak emateko aurreikusten diren lekua, instalazioak eta baliabideak.
Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.
Harremanetarako pertsona eta programatutako prestakuntza-ekintzen jarraipena egiteko modua, eta prestakuntza-programen ebaluazioan erabilgarri izango diren irizpideak eta metodologiak.
2007an enpresak edo enpresek lanbide-prestakuntzagatik ordaindutako kuotaren zenbatekoa, EAEn kokatutako lantokiei dagokienez.
Edozein herri-administraziok prestakuntza-arloan emandako dirulaguntzak itzultzeko prozeduran murgilduta ez dagoela edo eskatu zitzaizkion zenbatekoak itzuli dituela adieraziko duen titularraren zinpeko aitorpena. Dokumentazio guztia behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar da.
Sexu diskriminazioa egiteagatik administrazio-zigorrik edo zigor penalik jaso ez dela ziurtatzen duen zinpeko aitorpena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, aldatzen duena) 50. artikuluko 5. paragrafoan xedatutakoaren arabera, laguntza edo dirulaguntzen deialdietara ez aurkezteko zigorrik jaso ez dela ziurtatzen duen zinpeko aitorpena.
Beharrezkoa bada, legez edo hitzarmen kolektiboaren bidez dagokion inbertsioa prestakuntzan egin izana egiaztatuko duen ziurtagiria, eta justifikazio-dokumentuak. Dokumentazio guztia behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar da.
Enpresa parte-hartzaile bakoitzak lantokien zerrenda osatzea, eskaeran horretarako dagoen atalaren bidez; bertan, lantoki bakoitzari dagokionez, zein ekintzatan parte hartzea aurreikusten den, non dagoen, langile guztien kopurua, lantoki bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua, eta sindikatuen ordezkaririk ba ote dagoen adieraziko da.
Ogasun, Gizarte Segurantza eta/edo Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeari guztia ordaindu izanaren ziurtagiri eguneratuak, aurkeztutako ekimenaren titularrari dagokionez.
Birmoldatzeko prozesuetan barne hartzen diren enpresen kasuan, enplegua erregularizatzearen edo etetearen espedientearen kopia edo jarraitu den erregulazioari/eteteari buruzko Legearen/Dekretuaren kopia.
Agindu honetako laguntzak Estatuko ereduan aurreikusitakoekin osagarriak direla kontuan hartuta, eta prestakuntza-ekintzetarako gain-finantziazioa eta dirulaguntzen bikoiztasuna saihestearren, titularrak zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du. Bertan Estatuko ereduan barne hartutako hobari-sisteman prestakuntza-ekintza berak aurkeztuko ez dituela adieraziko du eta jarduera horretarako bertarako beste sarrera gehigarriak edo laguntzak jasotzen dituela aditzera eman beharko du, eta horien zenbatekoa adierazi beharko du. Horri dagokionez aldaketaren bat gertatzen bada, laguntzaren titularrak Hobetuzi eman beharko dio aldaketa horien berri prestakuntza-ekintzak egiten direnean, eta horiek behin betiko likidatzen diren arte. Dokumentazio guztia behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar da.
Langileen informazio edo kontsultarako dokumentua (3A eranskina, Hobetuzek eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko da), hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera behar bezala sinatuta eta zigilatuta.
Internazionalizazio-prozesuetan murgildutako enpresen kasuan, baldin eta finantzatutako ekintzetan planaren enpresa titularrarekin edonolako lotura duten enpresetako langileek parte hartuko badute, aipatutako lotura ziurtatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da.
Eskaera Hobetuzen aurkeztu aurretik, titularrak laguntzaren xede diren prestakuntza-ekintzak Langileen Ordezkaritza Legalari (LOL) azalduko dizkio. Horretarako, aurreko paragrafoaren arabera eskaerek bete beharreko 5., 6. eta 7. paragrafoen arabera aurkeztu beharreko eskaeraren kopia osoa emango dio, eta horrek 3A eranskina bete dezan eskatuko du.
Dokumentazioa jasotzen den egunetik hasita 15 eguneko epea edukiko du LOLak txostena luzatzeko. Aipatutako txostena (3C eranskina) LOLak bidaliko du enpresara eta Hobetuzera.
Ondorio horietarako, Langileen Ordezkaritza Legala (LOL), Planean parte hartzen duten lantegi guztiei dagokiena izango da. Enpresa-batzordeek edo pertsonaleko ordezkariek igorri beharko dituzte 3A eranskinak, betiere ehuneko 51tik gorako kopuruan.
Lantegiren batean edo guztietan, sindikatuen ordezkaririk ez dagoenaren adierazpena ziurtagiri gisa hartuko da ondorio guztietarako.
Prestakuntza-ekintzei ekin aurretik, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten langileen zerrenda bidali beharko zaio enpresako langileen ordezkari legalari.
Hiru hilean behin, bestalde, enpresek prestakuntza-planaren exekuzioari buruzko informazioa emango diete langileen ordezkariei.
Aurkeztutako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egiteko honako arlo hauek hartuko dira kontuan lehentasunez, I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera:
Aurkeztutako proiektuaren lehentasuneko irizpideak proposatutako prestakuntza-ekintzekin erlazioan, xede diren langileak eta aurkeztutako prestakuntza-ekintzen izaera.
Aurkeztutako prestakuntza-ekintzen kalitatea eta koherentzia, eta enpresaren proiektu estrategikoarekin duten lotura.
Zentzu horretan, garrantzi handikoak dira enpresaren prestakuntza-estrategia eta titularraren inplikazioa aurkezten duen proiektuan.
Hobetuzen finantzaketa izan den aurreko deialdietan izandako gauzatze- eta betetze-maila.
Orokorrean, eskaeren finantziazioa, honako arau hauek aplikatuta zehaztuko da:
Eman beharreko gehienezko laguntza, honako arlo hauek kontuan hartuta kalkulatuko da:
Egindako balorazio teknikoaren ondoren, proiektuari esleitutako puntuak, agindu honetako 7. artikuluan ezarritako irizpideen, agindu honen I. eranskinean garatu direnen, arabera.
Espezialitate bakoitzerako agindu honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoak aplikatu ondoren, prestakuntza-ekintza bakoitzari eslei dakizkiokeen zenbatekoen guztizko batura.
Proiektu bakoitzerako aurkeztutako aurrekontu finantzagarri osoa, agindu honen III. eranskinean barne hartutako kostuen arabera.
Enpresa eskatzaileak eta/edo parte-hartzaileek egin behar duten baterako kofinantziazio pribatua; eta
Enpresa onuradun bakoitzari dagozkion laguntzen azken doikuntza egiteko, kontuan hartuko dira Hobetuzek erabil ditzakeen baliabide finantzarioak eta onartutako eskaeren guztizko bolumena, eta ondoren adierazi da jarraituko den prozedura. Horrenbestez, Agindu hau garatzeko aurreikusitako aurrekontua agortu arte, honakoa jarraituko den prozedura:
Hobetuzek lehentasun-tarte desberdinen arabera multzokatuko ditu enpresak; xede horrekin, Agindu honen 7. artikuluan eta I. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatu ondoren lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.
Hobetuzek ezarriko ditu tarte bakoitzaren gutxieneko eta gehienezko mugak. Zenbatekoa kalkulatzeko, egindako eskaeren guztizko zenbatekoa eta erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak hartuko dira kontuan. Emango duten laguntzak osorik edo tarte batean, onartutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostu bakoitza konpentsatuko du. Laguntza ezingo da onartutako prestakuntza-ekintzen kostu finantzagarria baino handiagoa izan.
Enpresa eskatzaileak Estatuko Hobari Sistematik lortutako kreditua Hobetuzek hobetu ahal izango du, betiere agindu horren baitan finantzatzeko aurkeztu diren prestakuntza-ekintzek aurreko 1.5. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituztela ziurtatzen badu titularrak. Emaitzazko laguntzak ezin izango du gainditu enpresak eskaintzen duen etengabeko prestakuntzako ekintzen finantziazioari lotutako lanbide-heziketako kuotaren urteko kopurua 1,5 (enpresa handiak) eta 5 (enpresa txikiagoak) halakoa izango den gehieneko zenbatekoa, enpresa kooperatiboen kasuan izan ezik, baldin eta bertako bazkide-langileek Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen badute. Azken kasu horietan, enpresaren langile guztien kopurua eta 5 langile edo gehiago dituzten enpresa sortu berrietan langile bakoitzari oro har dagokion bataz besteko hobaria biderkatzearen emaitzazkoa izango da gehieneko laguntza (65 euro).
Azkenean, aplikatu beharreko Europar Batasunaren Araudian ezartzen diren laguntzen gehienezko intentsitateak eskatzaileak egindako ekintza-planetan izandako kostuei aplikatzearen ondoriozkoa izango da likidazioaren xede izango den laguntza (IV. eranskina).
Eskaerak: eskaera-eredu normalizatuak www.hobetuz.com web-orrian eskura daitezke, edo Hobetuzen lurralde-bulegoetan.
Eskaeren aurkezpena: eskaerak Fundazio honen Egoitzetan aurkeztuko dira:
Arabako Lurralde Egoitza, Dato 14-16, 3. oina, 01005 Vitoria-Gasteiz;
Bizkaiko Lurralde Egoitza, Kale Nagusia 35, 6. oina, 48009 Bilbao;
Gipuzkoako Lurralde Egoitza, Manterola 4, 1.a, 20007 Donostia-San Sebastián.
Bestalde, 30/1992 Legeak, 1992ko azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea ezartzen duenak, bere 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan aurkez daitezke eskaerak.
Eskaera horiek Hobetuzek agindu honetarako eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko dira, eta eskaera horiei enpresaren legezko ordezkariak behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu beharko den dokumentazioa gaineratuko zaie, aurretik aditzera eman den moduan.
Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliogarritzat.
Prestakuntza-planak finantzatzeko laguntzak aurkezteko epea 2008ko azaroaren 24an amaituko da.
Prestakuntza-ekintzetako eskaerak aurkeztuta, Hobetuzek, aurkeztutako informazioa baino informazio gehiago eskatu ahal izango du.
Pertsona interesdunari hamar eguneko epea utziko zaio falta diren agiriak aurkezteko edo osatzeko; horrela egiten ez badu, atzera botako da aurkeztutako eskaera, betiere 30/1992 Legeak, 1992ko azaroaren 26koak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea ezartzen duenak, bere 42. artikuluan ezartzen duen moduan, eskaera bertan behera uzteko ebazpena hartu ondoren.
Bestalde, eskabideari osotasunean eragiten duten baldintzei buruzko eskaerak direnean (5. artikuluan jasotakoak), espedientea artxibatuko da, ebazpena hartu ondoren.
Enpresa parte-hartzaile baten edo batzuen baldintzei buruzko, edo Planaren prestakuntza-ekintzei buruzko 5.f) artikuluan eskatutakotik kanpoko informazioaren eskaerak direnean, bertatik kanpo geratuko dira enpresa edo ekintza horiek, eta eskaeraren gainerako zatia izapidetuko da.
Hobetuzek aurkeztutako eskaera bakoitza, osorik edo neurri batean, artxibatu, ukatu edo onartzeko beharrezko akordioak hartuko ditu, eta Eusko Jaurlaritzari luzatuko dizkio proposamenak, kasuan kasuko ebazpenak emateko.
Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak dagokion ebazpena hartuko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Aipatutako ebazpena enpresa eskatzaileei jakinaraziko die Hobetuzek, eskaerak aurkezteko epea itxi eta gehienez ere 4 hilabeteko epean. Jakinarazpen honekin batera, enpresa bakoitzaren kasuan eranskin banakatuak emango dira eta bertan adieraziko dira onartutako zein atzera botatako ekintzak eta, hala badagokio, atzera botatzeko arrazoiak. Epe hori amaituta jakinarazpenik egin ez bada, aurkeztutako eskaera atzera bota dela ulertuko da.
Ebazpena aldekoa denean, honako alderdiak jakinaraziko zaizkio: onartutako prestakuntza-ekintzak garatu behar dituzten espezialitateak, onartutako diruz lagundu daitekeen kostua, talde eta parte-hartzaileen kopurua, ordu kopurua eta, enpresa-taldeen kasuan, ekintza horietan parte hartzeko onartutako enpresak eta prestakuntza-ekintzen finantzaketa. Era berean, aipatutako finantzaketa Estatuko Hobari Sistemak ekitaldirako erabilgarri duen kredituaren mende geratzen da eta agindu honen IV. eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko ditu, hala badagokio.
10 eguneko epea izango du eskatzaileak akordioa onartzeko, aipatutako akordioa jasotzen duen egunetik hasita. Pertsona interesdunek ebazpenaren aurkako gorako errekurtsoa aurkez dezakete Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, aipatutako ebazpena jaso eta hilabete bateko epean.
Emandako finantzazioaren ordainketa egingo da, laguntzaren onuradunek aurkeztu ondoren, eta Ogasunean eta Gizarte Segurantzan eta/edo dagokion Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen aurrean obligazioak bete izanaren ziurtagiri eguneratuen ordainketa bakoitza baino lehen, betiere aipatutako dokumentazioa eskaerarekin batera aurkeztu ez bada, edo urteko ekitaldia aldatu bada, edo eskaera aurkeztu denetik lortutako finantziazioaren ordainketa jaso bitartean sei hilabete baino gehiago igaro badira.
Ordainketak, honako prozedura honen arabera egingo dira:
% 60ra bitarteko lehen ordainketa, ebazpena hartzeko unean.
Lehen ordainketa hau 180.303,64 euro baino gehiagokoa bada, ordainketa hori egin aurretik, titularrari erabakiarekin batera jakinaraziko zaizkion oharrak jarraituta, laguntzaren titular horrek dagokion banku-abala aurkeztu beharko du, edo prestakuntza-ekintza nahikoak egiteagatik dagoeneko eman diren gastuak justifikatuko dira, justifikatu gabeko gainerakoak 180.303,64 euro gainditu ez ditzan.
Bigarren ordainketa, behin betiko dirulaguntzaren gainerakoagatik, onartutako ekintza guztiak amaitzerakoan, justifikazio-memoria aurkeztu eta Hobetuzek azken likidazioa onartu bezain laster.
Aitortutako laguntza kasu guztietan osorik ordainduko zaio laguntzaren enpresa onuradunari.
Emandako finantziazioa onarpen-erabakian adierazitako prestakuntza-ekintzak burutzeko erabiliko da.
Bere harrera eta zenbatekoa gauzatzeko, agindu honetan eta laguntza emateko dagokion erabakian aurreikusitakoaren arabera eskatzaileari dagozkion betebeharrak bete beharko dira.
Agindu honen bidez finantzatutako prestakuntza-ekintzek doan izan beharko dute bertan parte hartzen duten langileentzat.
Parte-hartzaile bakoitzari prestakuntza-ekintzan parte hartu izanaren ziurtagiria emango zaio. Hobetuzek ezarritako ereduari jarraitzen dion ziurtagiri hori deialdi honetarako diseinatu den aplikazio informatikoak inprimatuko du. Ziurtagiri horretan gutxienez prestakuntzaren edukiak, prestakuntza egin den egunak, jasotako prestakuntza-orduak, eta, hala badagokio, bertan emandako eta bertaratu gabe emandako orduak zehaztuko dira. Titularrak ziurtagiri horren kopia gordeko du, parte-hartzailearen «jaso izanarekin» batera.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren parte hartzeko ziurtagiriak, parte-hartzaileei eman beharko zaizkie, eta, horretarako, parte hartu duten prestakuntza-ekintza amaitu eta bi hilabeteko epea utziko da.
Onartutako ekintzei dagozkien multzoetako bakoitzari hasiera emateko unean, eta gehienez prestakuntzako bigarren egunean, titularrak honako datuak jakinarazi beharko dizkio Hobetuzi: prestakuntzak emateko lekuari buruzko datuak, prestakuntza emango duen entitatea, multzoa/ekintza egiteko eguna eta ordua, eta Hobetuzek kasu bakoitzean eskatzen dituen parte-hartzaileen datuak. Zeregin horretarako, Hobetuzen web-orrian www.hobetuz.com eskura egongo den tresna informatikoa jarriko du titularren esku, eta, hala, Hobetuzek datu guztiak euskarri informatikoan jasoko ditu, ondorio horietarako ematen diren argibideen arabera. Onartutako ekintzetako bakoitza amaitzen denean, titularrak aplikazio informatiko horren bitartez eman beharko die aditzera ikasleei prestakuntza-jarduera amaitu dela.
Aplikazio informatiko horren bitartez islatzen den informazioak ez du aldaketarik onartuko, ekintza/multzo hori amaitu eta 30 eguneko epea igaro ondoren.
Izan ere, Hobetuzek informazio hori joko du baliagarritzat emandako laguntza behin betiko likidatzeko.
Prestakuntza-ekintza bati hasiera eman izana jakinarazi ezean eta/edo aurreko paragrafoan aipatutako epeetan dagokion parte-hartzaileen zerrenda jakinarazi ezean, Planaren likidazioaren ondorioetarako «burutu gabetzat» joko da prestakuntza-ekintza hori.
Enpresa onuradunak, agindu honen kargura, behin bakarrik kontratatu ahal izango du prestakuntza-ekintza finantzatuak egitea. Debekatuta daude hornitzaileekin egin daitezkeen kontratuak, baldin eta ordaindu beharreko zenbatekoa azkenean lor daitekeen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehunekoetan adierazten bada.
Nolanahi ere, onuraduna laguntzen aplikazio zuzenaren arduraduna izango da, eta jarraipen-erakundeen eta kontrol-erakundeen zereginak behar bezala garatzen direla ziurtatu beharko du.
Laguntzaren titularrak, Hobetuzera igorritako idatziaren bidez eta garaiz, onartutako prestakuntza-ekintzak egitean, egin behar den edozein aldaketa jakinaraziko du, batez ere eskaintzen duen erakundearekin lotutakoak, edukian emandako aldaketa, edo prestakuntza-ekintzen ezaugarrietan emandakoak. Aldaketa hori, Hobetuzek espresuki eta idatzizko baimena jaso ondoren egin ahal izango da.
Baimen hori, aldaketa-eskaera Hobetuzen jaso eta 10 eguneko epean eman ezean, titularrak baimendutzat eman dezake aldaketa.
Egindako aldaketa inoiz ez da onartuko, artikulu honen 1. atalaren aurka doan bitartean.
Emakida-erabakian onartutako prestakuntza-ekintzak egitean justifikatu beharko ditu onuradunak egindako gastuak. Horretarako, dirulaguntzaren azken justifikaziorako finantza/aukera daitezkeen kostu onartuen zerrenda eta Agindu honetako III. eranskinean ezarritako egozte-irizpideak hartu beharko ditu kontuan, baita Prestakuntza Planean parte-hartzaileen pertsonal-kostuak ere -aldi bereko finantziazio pribatuaren helburuetarako-, 2001eko urtarrilaren 12ko Batzordearen 68/2001 Araudiaren (EE) 4.7. artikuluan zehaztutako moduan (urtarrilaren 13ko EBAO) (IV. eranskina).
Kostuak, zuzenbidean dokumentu frogatzaile baliagarrien edo fakturen bidez justifikatuko dira, beti, funtsen aplikazio zuzena ziurtatzeko behar den xehetasunarekin, eta horren inguruan emango diren eta justifikazio-memoriaren eskuliburuan zehaztuko diren arauekin bat etorrita.
Prestakuntzako hornitzaileek luzatuko dituzten fakturek, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarriak bereizteko modua izan behar dute.
Laguntzen likidazioa, ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen kopuruarekiko eta egin dituzten eskola-ordu eraginkorren kopuruarekiko proportzioan egingo da, prestakuntza-ekintza bakoitzerako ezarritako eta onartutako kostu/ordu/kurtsotan banatutako modulu ekonomikoen arabera.
Dagokion azken likidazioa burutzeko, 2009ko irailaren 15a baino lehen onuradunak inprimaki normalizatuak bete, eta Hobetuzera igorri beharko ditu, horretarako ematen diren aginduak bete ondoren:
Egindako prestakuntza-ekintza bakoitzaren, eta bere garaian hasi zela jakinarazitako ekintzaren amaiera-ziurtagiria (burutzapena).
Deialdi honetako III. eranskinean ezarritako kostu finantzagarrien eta egozte-irizpideen arabera, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostuak gutxienez ziurtatuko dituen dokumentazioa.
Deialdi honetan aurkeztu ez diren eta EAEko lantokietako langileei zuzendutako ekintzen ondorioz Estatuko sisteman egindako hobarien zinpeko aitorpena.
Prestakuntza Planaren likidazioa egiteko orduan, eta finantzatu den proiektuari esleitu ahal zaion dirulaguntza kalkulatzeko, Hobetuzek kontuan hartuko ditu Estatuko ereduaren arabera enpresa bakoitzari, EAEko langileei dagokienez, 2008an hobari gisa dagokion gehienezko zenbatekoa eta 2008 ekitaldian langileen etengabeko prestakuntzagatik enpresak hobari gisa jasotako zenbatekoa, eta, azkenean, plan bakoitzari esleitzen zaion azken dirulaguntzari Estatuko sisteman kontsumitu ez den kreditu kopurua kenduko zaio.
Aurkeztutako burutzapen-ziurtagirietan zuzen betetako informazioa duten, eta agindu honetako 12.3. artikuluan aipatzen den parte-hartzaileen zerrendan sartu diren parte-hartzaileek bakarrik hartuko dituzte kontuan.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak erabakitako azken likidazioaren ebazpena jakinaraziko dio Hobetuzek enpresa onuradunari.
Egindako likidazioa onuradunari aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, onuradunak dagokion kopurua itzuli beharko du, erabakia hartzen den datatik hasi eta 15 eguneko epean. Horrelako kasuetan agindu honen 16. artikuluan zehaztutako prozedura aplikatuko da.
Behin betiko likidazioaren ondorengo 15 eguneko epean, Titularrak jatorrizko agiriak aurkezteko prest egon beharko du edo, hala badagokio, emandako laguntzaren ondorioetarako kontuan hartutako ordainketei dagozkien ordainagirien fotokopiak aurkezteko.
Laguntza jasotzeko eskubidea eskuratu eta gordetzeko, onuradunak honako betebehar hauek bete beharko ditu:
Hobetuzek edo administrazio eskudunak eskatuta, Aurreko Deialdietan jasotako kopurua itzuli izana.
Baiezko erabakia jaso ondoren, Hobetuzi dirulaguntza eta dagokion burutzapen-konpromisoa onartua izan dela jakinaraztea.
Hobetuzi jakinaraztea, enpresa eskatzaileak edo enpresa partikularrek lege, hitzarmen kolektibo edo beste edozein arau-xedapenen ondorioz, euren enpresan prestakuntza egiteko baliabide ekonomikoak erabili behar dituzten. Kasu horretan, laguntza ezin izango da eskaini beharreko baliabide ekonomikoen murrizketa izan.
Agindu honen oinarri, baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, laguntza ematea oinarritzen duten prestakuntza-jarduerak egitea; kontzeptu horrengatik esleitutako funtsak ezin izango dira berau ematera bultzatu duten helburuetarako ez diren gauzetan erabili.
Hobetuzen aurrean jarduera egin dela egiaztatzea, baita laguntza ematea edo gozatzea zehaztuko duten betebeharrak eta baldintzak bete direla ere. Horretarako, dagozkion elementu justifikatzaileak aurkeztuko dituzte, eta prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datuak eta dokumentuak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek amaitu ondoren; horrenbestez, ekintza egin dela, emandako finantziazioa erabili dela, eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela behar bezala egiaztatu ahal izango da.
Argitalpenetan edo onartutako ekintzen komunikazio- eta hedadura-bideetan egiaztatzea, agindu honen esparruan egindako ekintzak direla.
Agindu honetako baldintzaren bat betetzen ez denean, eta Fundazioak eskatzen dionean, jasotako laguntzaren zati bat edo osorik itzultzea.
Prestakuntza-ekintzak, osorik edo neurri batean, hirugarren pertsona fisiko edo juridikoek kontratatzen badituzte, laguntzaren titularra edo onuraduna ez da goian adierazitako betebeharretatik salbuetsiko.
Laguntzen onuradunek honakoak onartu behar dituzte: Hobetuzek-zuzenean edo berak izendatutako pertsona batek egingo dituen egiaztatze- eta kontrol-jarduerak, Ogasun eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egingo dituenak. Horrez gain, behar izanez gero, horretaz arduratzen diren pertsona fisikoei, ikuskapena edo kontrola egin behar den lokal eta instalazioetara sartzen lagunduko zaie, baita parte-hartzaileekin, Langileen Ordezkaritza Legaleko (LOL) kideekin eta elkarrizketatu beharko diren beste hainbat pertsonekin harremanak errazten ere.
Kontrol-jarduera hauek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honakoa bete beharko du:
Hobetuzek eskatuta, finantzatutako ekintzak edo bere bideragarritasuna burutzeari buruzko informazioa aurkeztea, eta eskatuko zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta igortzera; egingo zaizkion eskaerei erantzuteko 10 egun izango ditu. Era berean, Estatuko ereduaren baitan hobaria emandako ekintzen kasuan bete beharko dira aipatutako baldintzak.
Hobetuzek finantzatutako prestakuntza-ekintza osoan edo zati batean eragingo duten beste hainbat erakunderen dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla Hobetuz berari jakinaraztea.
Laguntzaren onuradunak gastuei buruzko nahikoa informazio izan beharko du, Egitura Funtsen kargura emandako laguntzen kudeaketa- eta kontrol-sistemei buruzko 2001. urteko Europako Batzordearen 438/2001 zenbakidun EE Araudian ezarritakoaren arabera jarraipen egokia bermatzeko.
Hobetuzek, aginduan ezarritako baldintzak betetzen direla baieztatzera, eta diruz lagundutako ekintzak burutzeko baldintza errealak egiaztatzera zuzendutako Kontu-ikuskapenen Urteko Plana ezarriko du.
Plan horren barne sartuko dira, ondoriozko estatistika-irizpideen, eta bereziki, egingo den arriskuen analisiaren arabera Hobetuzek aukeratuko dituen espedienteak.
Halaber, Ikuskapen Planaren barne sartuko dira, behar bezala identifikatutako pertsonek oinarritu eta izenpetutako salaketen ondoriozko jarduerak.
Zenbait kasutan ezin izango da laguntzaren ordainketa eskatu eta, hala badagokio, onuradunek, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dituzte, eta berandutze-interesak eskatuko dira laguntza ordaintzen den unetik. Honakoak dira kasu horiek:
Laguntza eman zenerako helburua edo laguntza hori emateko agindutako baldintzak ez betetzea.
Jarduera egitea, eta laguntza ematea eta laguntzaz gozatzea zehazten duten baldintzak eta betebeharrak justifikatzeko obligazioa ez betetzea.
Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.
Hobetuzek edo horretarako legitimazioa duten erakundeek egindako jarraipen- eta kontrol-jarduerak ukatzea edo oztopatzea.
Errealitatearekin bat ez datozen diruz lagundutako ekintzak burutzeko baldintzei buruzko datuak eskaintzea.
Agindu honetan zehaztutako beste edozein obligazio, baldintza edo betebehar errespetatu ez izatea.
Hobetuzek, edo hala badagokio, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak laguntzaren onuradunari igorritako idatziarekin emango zaio hasiera itzultze-prozesuari. Bertan, bete ez dituen puntuak adieraziko zaizkio, eta hamabost eguneko epean alegazioak edo beharrezkoak iruditzen zaizkion dokumentazioak aurkez ditzala eskatuko zaio.
Epea amaituta, alegaziorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak atzera bota badira, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak hartuko du ebazpena, eta dirua itzultzea eskatuko du. Erabaki horretan adierazitako epean itzuli beharko da laguntzaren zenbatekoa. Hala ere, Hobetuzek dagokion espedientea igorriko dio Eusko Jaurlaritzari, eskaera-idatziarekin eta alegazioekin batera eta, hala badagokio, alegazio horiek gaitzesteko proposamenarekin batera, administrazio eskudunak zenbateko hori itzultzeko eskakizuna erabaki dezan.
Epea amaitutakoan dirua itzuli ez bada, administrazio eskudunak premiamendu bidez berreskuratzeko behar diren izapideak egingo ditu. Itzuli beharreko zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira.
Abenduaren 13ko 15/1999 Legean, Izaera Pertsonaleko Datuak Babestekoan, aurreikusitakoaren arabera, agindu honen barruan sartu diren prestakuntza-ekintzen partaidetzak berekin ekarriko ditu legean aipatzen diren baimenak.
Datuak babesteko gaian indarreko araudiaren mendean geratuko da Agindu honen barruan aurkeztutako eskaeretan jasotako informazioa.
Izaera pertsonaleko Datuak Babesteko Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera, laguntza-eskaera betetzean interesdunak datu horiek Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren fitxategi automatizatuetan sartzeko baimena ematen duela ulertuko da. Aipatu Legean aurreikusten diren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta alderatzeko eskubideak Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean gauzatu daitezke (Kale Nagusia 35 - 6.a, 48.009 Bilbao).
Lehenengoa. Entitate laguntzaile izendatzea.
Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa izendatzen da agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen kudeaketarako eta ordainketarako entitate laguntzaile, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluaren arabera.
Aipatutako 52. artikuluak dioenez, agindu honetan aipatzen diren funtsak ematen dituen organoaren kontura eta izenean jardungo du Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Haatik, funts horiek ez dira, inola ere, Hobetuzen ondaretzat hartuko.
Bigarrena. Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak.
Agindu honetan zehaztutakoez eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, Hobetuzen, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren, betebeharrak izango dira ondorengoak:
Etengabeko prestakuntzaren jarduerak egiteko funtsak amaierako onuradunen artean banatzea.
Dirulaguntzei esker prestakuntza-jarduerak egin direla egiaztatzen duten ziurtagiriak eskatzea, eta bost urtez gordetzea.
Jaso diren funtsak zertan aplikatu diren justifikatzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, 2009ko azaroaren 30a baino lehen, eta zerrenda izenduna ematea. Zerrenda horretan honako alderdiak jaso beharko dira: azken onuradunen izen-abizenak, emandako dirulaguntzak, egindako ordainketak, eta, oro har, funts horiekin egindako etengabeko prestakuntzako jardueren memoria orokorra osa dezaketen bestelako datu kuantitatiboak zein kualitatiboak.
Funtsen kudeaketa dela-eta, honako erakundeek egin ditzaketen egiaztatze-jarduerei men egitea: Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren bitartez; Herri kontuen Euskal Epaitegiak; eta Europako Gizarte Funtsak.
Deialdian aurreikusten den ez-betetze kasuren bat gertatuz gero, onuradunei dirulaguntzak itzul ditzaten eskatzea, deialdietan bertan ezarritako itzultze-prozedurari jarraituz, betiere kasuan kasu ematen diren ebazpenetan adierazitakoaren arabera.
Hirugarrena. Hobetuzen egitura teknikoaren finantzaketa.
Aurreko atalean ezarritakoari kalterik egin gabe, agindu honetan arautzen diren funtsek finantzatuko dituzte Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren egitura teknikoak kudeatzeko eta ebaluatzeko egin beharreko gastuak eta inbertsioak, baldin eta kontzeptu horren ondoriozko guztizko aplikazioak Fundazio horrek ekitaldi honetarako kudeatzen duen guztizko aurrekontuaren ehuneko 15 gainditzen ez badu. Aipatutako portzentajearen zenbatekoa deituta laguntzak emateko ebazpenean zehaztuko da.
Laugarrena. Dirulaguntzaren amaierako likidazioa.
Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek 2009ko irailaren 30erako aplikatu ez dituzten finantzazio-soberakinak eta Agindu honetan aurreikusten den dirua itzultzeko prozeduraren ondoriozko funtsak hurrengo ekitaldirako funtsetan gaineratuko ditu Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Dena den, aurretik Ogasun eta Herri Administrazio Sailari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari emango die horren berri.
Agindu honen bigarren xedapen gehigarriaren c) idatz-zatian aurreikusten diren ondorioetarako, Hobetuz Fundazioak ekitaldi bakoitzean egiten dituen likidazioak edozein direla ere, agindu honetan aipatzen diren funts guztien amaierako likidazioa 2009. urtean egingo da. Hala, 2009ko ekitaldiko abenduaren 31 arte aplikatu gabeko finantzazio-soberakinik gertatuz gero, edo emandako dirulaguntzaren aplikazioa 2010eko ekainaren 30 baino lehen justifikatu ez bada, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak soberakin horiek itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.
Bosgarrena. Agindu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, agindua argitaratu aurretik prestakuntza-ekintzak hasi edo amaitu dituzten eskatzaileei ez zaie eskatuko data dela eta bete ezin den baldintzarik betetzeko.
Aipatutako kasu guztietan, 2007ko azaroaren 13ko Agindurako (azaroaren 19ko EHAA) ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira. Aipatutako aginduaren bitartez deitzen dira EAEko enpresek 2007an egiten dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoen finantzaketarako dirulaguntzak.
Seigarrena. Europako Batasunaren definizioaren arabera, enpresa txiki eta ertaintzat (ETE) hartuko da 250 pertsona baino gutxiago enplegatzen dituen enpresa, urteko negozio-bolumena 50 milioitik gorakoa ez duena edo zeinaren balantze orokorrak 43 milioi euro gainditzen ez dituen, eta bere kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiago beste enpresa batena ez dela, edo ETEen definizioari erantzuten ez dioten beste zenbait enpresena batera.
Lehenengoa. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, eta, horretarako, hilabeteko epea izango dute, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Sailean, eta horretarako ere bi hilabeteko epea izango dute, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Bigarrena. Honako Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 4a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
Lehentasun Orokorreko Irizpideak:
Batez ere, honako ezaugarri hauetakoren bat izango duten prestakuntza-ekintzak hartuko dira kontuan:
Prestakuntza ekintzen jatorriari dagokionez:
Ekintzen edukiaren izaera estrategikoa, beharren azterketaren bat duten enpresetarako.
Lanegunaren murrizketako prozesuen, eta kontratuen birmoldaketa edo aldi baterako etendurako prozesuen ondorioz sortutakoak eta bereziki prozesu horiek kaltetutako langileei zuzenduta daudenak.
Euskararen erabilera lan-munduan normalizatzeko helburua duten Planetatik edo beste edozein ekintza-motatik ondorioztatutako Prestakuntza Ekimenak.
Zer langile motari daude zuzenduta:
Enpresa txiki eta ertainetako langileen lehiakortasuna eta enplegu-aukera areagotzera daude zuzenduak. Zentzu horretan, lehentasuna emango zaie EAEko enpresa txikiek eta ertainek aurkezten dituzten prestakuntza-planei eta, bereziki, enpresa txikiek aurkezten dituztenei.
Ekimenen beren jatorriari dagokionez:
Metodologia, eduki edo beste edozein ezaugarrirengatik Etengabeko Prestakuntzarako berritzaileak izan daitezkeen ekimenak.
Agindu honen barruan ez da izaera orokorreko eta zeharkako prestakuntza-ekintzen finantziazioa lehentasunezkotzat jotzen; salbuespena izango da behar den bezala justifikatuta egotea eta enpresaren jarduerarekin zuzenean lotuta egotea.
Inprimakietan betetzen den informazioa edozein izanik, aurkeztutako ekintzen lehentasuneko tratamendurako aukera izateko, ekimenaren titularrak beharrezkotzat jotzen den dokumentazio gehigarri guztia aurkeztu beharko du laguntza-eskaerarekin batera.
Prestakuntza-ekintzei lehentasuna eman zieten baldintzak ekimena egiten den bitartean asko aldatzen badira, lehentasunagatik jasotako finantziazio gehigarria osorik edo zati batean aztertu egingo da.
Atal honetan jasotako irizpideek, balorazio osoan 100 puntutatik 35eko pisua izango dute.
Kalitate eta koherentziako irizpideak:
Aurkeztutako prestakuntza-ekintzen kalitatea eta koherentzia baloratzeko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:
Enpresaren prestakuntza-estrategia:
Premiak hautemateko azterlan eta analisi bat edukitzea, enpresak berak egindakoa; bertan deskribatuko dira proposatutako prestakuntza-ekintzak.
Ekintza horiek enpresaren proiektuarekin erlazionatutako prestakuntza-plan batean barne hartzea; planaren xede izango dira: inbertsio estrategiko berriak, ekipamendu berriak, sistema berrien ezarpena, merkatu berriak irekitzea, enpleguen balioaniztasuna, eta abar.
Enpresan egindako hausnarketa-prozesua; horren ondoren erabakiko da prestakuntza-ekintzen lehentasuna.
Lehen aipatu den azterlanean barne hartutako ekintzen deskribapena eta kokapena.
Ekintza bakoitzarekin bete nahi diren helburuak.
Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
Aurkeztutako ekintzen koherentzia orokorra.
Titularrak aurkeztutako proiektuaren gainean duen inplikazioa.
Aurkeztutako proiektua kudeatzeko enpresa eskatzaileak bideratutako baliabide propioak.
Langileak ekintzen diseinuan nahastea.
Hornitzaileak modu eraginkorrean aukeratzea eta kudeatzea.
Atal honetan jasotako irizpideek balorazio osoan 100 puntutatik 65eko pisua izango dute. Paragrafo honetan gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten eskaerak ez dira finantzatuko.
Aurreko burutzapen-maila eta betetze-maila:
Balorazio teknikoan, aurreko deialdietan eskatzaileak egiaztatutako eta Hobetuzek argitaratutako eta/edo kudeatutako burutzapen-maila eta betetze-maila hartuko dira kontuan, eta arrazoi horiengatik lortutako puntu guztietatik, balorazio teknikoko 10 puntura arte gehitu edo kendu ahal izango dira.
Bertaratutakoen prestakuntza-ekintzak.
Agindu honetan finantzatzeko aurkeztutako prestakuntza-ekintzen balorazio ekonomikoa, Hobetuzek agindu honetarako Hobetuzek onartutako kostu/ordu/kurtso moduluak aplikatuz burutuko da, jarraian adierazi den taularen arabera.
Arloaren izena Kod. Kostua/ordua/parte-hartzailea
Kanpo Prest. Kostua/ordua/parte-hartzailea
Artisautza eta Arte Aplikatuak AAP 12 4,20
Nekazaritza eta Abeltzaintzako Jarduerak ACA 13 4,20
Administrazioa ADM 13 4,20
Gorputz eta Kirol Ekintzak AFD 12 4,20
Itsasoko eta Arrantzako Jarduerak AMP 12 4,20
Arte Grafikoak ARG 12 4,20
Merkataritza, Kontsumoa eta Garraioa CCT 12 4,20
Komunikazioa, Irudia eta Soinua CIS 12 4,20
Elektrizitatea, Elektronika eta Telekomunikazioak EET 13 4,20
Eraikuntza eta Obra Zibilak EOC 13 4,20
Kalitatea EST1 9 4,20
Erabiltzaile Mailako Informatika EST2 9 4,20
Helbidea EST3 13 4,20
Giza Baliabideak EST4 12 4,20
Ingurumena EST5 12 4,20
Laneko Segurtasuna eta Osasuna EST6 9 4,20
Fabrikazio Mekanikoa FAM 12 4,20
Prestakuntza eta Hezkuntza FOE 12 4,20
Ostalaritza eta Turismoa HOT 12 4,20
Hizkuntzak IDI 9 4,20
Elikagaien Industriak INA 12 4,20
Informatika Teknikoa INF 12 4,20
Zurgintza eta Altzarigintza MAM 12 4,20
Produkzio Zerbitzua eta Mantenimendua MSP 12 4,20
Kimika QUI 12 4,20
Osasuna SAN 12 4,20
Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Aisia SCO 12 4,20
Zerbitzuak eta Irudi Pertsonala SIP 12 4,20
Ehungintza, Jantzigintza, Larrugintza TCP 12 4,20
Ibilgailuak VEA 12 4,20
Bertaratu gabekoen prestakuntza-ekintzak.
Oro har, 7,5 euro/ordu/parte-hartzaileko izango da moduluaren balioa bertaratu gabeko prestakuntza bada, baldin eta ikaskuntza-prozesua informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz garatzen bada (teleprestakuntza).
Urrutiko prestakuntza konbentzionala bada, 5,5 euro/ordu/parte-hartzaileko izango da moduluaren balioa.
Prestakuntza-ekintza mistoak.
Prestakuntza mota honen zati bat bertaratuz egingo da eta bestea bertaratu gabe. Bertatik bertarako zatiko prestakuntza-denboraren ordu/parte-hartzaile kostua, eranskin honetako 1. paragrafoan deskribatutakoaren arabera lortuko da. Bertaratu gabe egingo den zatiko prestakuntza-denboraren ordu/ parte-hartzaile kostua, eranskin honetako 2. paragrafoan deskribatutakoaren arabera lortuko da. Ekintzaren kostu osoa, bi kostu partzialen batura izango da.
Honakoak izango dira Hobetuzek finantza/aukera ditzakeen kostuak:
Prestakuntza-ekintzak ematera zuzendutako enpresatik kanpoko zerbitzuen kontratazioari dagozkion kostua. Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuak aurkeztu behar dira.
Barruko prestatzaileen kostua.
Material suntsikorraren kostua, babesteko eta segurtasuneko materiala barne hartuta. Halaber, «teleprestakuntzaren» kasuan, prestatzaile eta parte-hartzaileen artean erabilitako komunikabideei egotzi dakizkiekeen kostuak, ekintzaren kostu osoaren ehuneko 10 arte gehienez. Gastu horiek, prestakuntza-ekintza bidez behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira, eta parte-hartzaileen kopurura egokituko dira.
Material didaktikoen kostua. Gastu horiek, prestakuntza-ekintza bidez behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira, eta parte-hartzaileen kopurura egokituko dira.
Prestakuntza jasotzen ari diren langileen asegurua. Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.
Amortizazioak, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzi dakizkiokeen proportzioa, eta prestakuntza-ekintzen garapenari egotz dakizkiokeen instalazio eta ekipamenduen alokairuak.
Kudeaketa-kostua (prestakuntza-ekintzak abian jartzea eta garatzea) gehienez kostu finantzagarrien % 10 izango da. Kostu hori finantzatutako proiektuari behin baino ez zaio egotziko, osotasunean.
Ohiz kanpoko eta/edo estrategiako industria-inbertsio berrietatik, eta teknologia edo prozesu produktibo berritzaileetan langileen kualifikazioa suposatuko dutenetatik ondorioztatuko diren prestakuntza-ekintzetan; prestakuntza-ekintza horiek EAEtik kanpo egin beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza-eskaintza gabeziaren ondorioz, langile horien bidaia eta/edo egonaldiak eragindako zeharkako kostuak hartu ahal izango dira kontuan.
Batzordearen 1998/2006 Araudian (2006-12-28 EBAO) definitutako «minimis» arauaren barne gera daitezkeen kopuru txikiko dirulaguntzen kasuetan izan ezik, deialdi honetan finantzatuko diren Prestakuntza Planak, prestakuntzarako laguntzei buruzko EE Itunaren 87. eta 88. artikuluen aplikazioari buruzko Batzordearen 68/2001 Araudian ezarritakori egokituko zaizkio (2001-01-13ko EBAO).
Horregatik, azkenean kitatuko den laguntza, aukeratutako eta justifikatutako kostu erreal guztiari, 68/2001 Araudian definitutako gehieneko intentsitateak eta EAEren lurralde-esparruan aplika daitezkeenak aplikatzearen ondorioz emango da. Eskatzaileek prestakuntzaren esparruan inbertsio-ahalegina egiten dela egiaztatu beharko dute, eta ahalegin horrek gutxienez, ondoren erakutsiko den taulan adierazten diren ehunekoak (Planaren kostu osoaren gainean) emango ditu.
PRESTAKUNTZA MOTA
Pr. orokorra Berariazko pr.
ETEen proiektuen inberts. % 25 % 60
ETEenak ez diren pro. inberts. % 45 % 70
Ehuneko horiek aplikatuko dituzten guztizko kostu aukeragarriak kalkulatzeko, parte-hartzaileen kostu pertsonalak sartuko dira Prestakuntza Planean, 68/2001 Araudiaren 4.7 artikuluan ezarritako moduan.
68/2001 Araudiko 2. artikuluarekin bat etorriaz, honakoa kontsideratzen da «prestakuntza orokorra»: enpresa onuraduneko langilearen egungo edo etorkizuneko lanpostuari aplikatzekoa izatez gain, ematen dituen kualifikazioak beste enpresa edo beste lan-esparru batera transferitzekoa dena. Bestalde, «prestakuntza zehatz» gisa ulertuko da enpresa onuraduneko langileak gaur egun edo etorkizunean betetzen duen lanpostuan zuzenean aplika daitekeen irakaskuntza teorikoa eta praktikoa barne hartzen duena, eta transferitu daitezkeena, edo oso era murriztuan beste enpresa edo lan-esparruei kualifikazioak eskaintzen dizkiena.
Hobetuzen finantziazioa ez zaie beste laguntza publikoei gehituko diruz lagundu daitezkeen ekintza berak ordaintzeko, baldin eta metaketa horrek 68/2001 Araudian ezarritako muga gainditzen badu.


