- TRABAJADORES. AGINDUA, HONEN BIDEZ EAEKO ENPRESA ETA LANTOKIETAKO LANGILEENTZAKO ETA PREBENTZIO ORDEZKARIENTZAKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZARAKO DIRU-LAGUNTZEN ETA PRESTAKUNTZA-PLANAK SUSTATZEKO, INDARTZEKO, SUSPERTZEKO ETA KONTROLATZEKO JARDUERETARAKO 2008KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA EGITEN DA. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuTRABAJADORES. AGINDUA, HONEN BIDEZ EAEKO ENPRESA ETA LANTOKIETAKO LANGILEENTZAKO ETA PREBENTZIO ORDEZKARIENTZAKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZARAKO DIRU-LAGUNTZEN ETA PRESTAKUNTZA-PLANAK SUSTATZEKO, INDARTZEKO, SUSPERTZEKO ETA KONTROLATZEKO JARDUERETARAKO 2008KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA EGITEN DA.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 212
- Hurrenkera-zk.: 6136
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/11/04
- Argitaratze-data: 2008/11/05
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa; Ekonomia; Funtzio publikoa
Testu legala
1995eko irailaren 27an izenpetu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Langileen Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Hitzarmena. Hitzarmen horrek lanean ari diren langileen etengabeko prestakuntza jorratzen du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta langileei aplikatuko zaie.
Akordio horretako aurreikuspenak betetzeko, Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, lana duten langileen etengabeko prestakuntza osoaz arduratzea du helburu, etengabeko prestakuntza kudeatzen eta zuzentzen du, eta enpresa, langile eta ikastetxeen artean etengabeko lanbide heziketarako interesa eta jarduera horrek ahalik eta zabalkunde eta eraginkortasun handiena erdiesteko baldintzak sustatzeko erantzukizun orokorra du.
Bestalde, Lehendakariaren 8/2005 Dekretuak, ekainaren 27koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Sailak sortzen, kentzen eta aldatzen dituenak eta horien eginkizunak eta jarduera-eremuak zehazten dituenak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari ematen dizkio, besteak beste, bizitzan zehar kualifikazioak eskuratu edo handitzea dakarten eginkizun guztiak.
Halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 16ko 222/2001 Dekretuaren bidez sortu da Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetza. Sailburuordetza horri emaniko eginkizunen artean, aipaturiko 222/2001 Dekretuaren 16.1.i) artikuluak Hobetuz Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren jarduera sustatzeko eta Administrazio Publikoen ordezkaritza zuzentzeko eta koordinatzeko eginkizunak ezartzen ditu.
Etengabeko lanbide-heziketa funtsezkoa da bizitza osoan baitako prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezagutza oinarrian duen gizartera egokitzeko eta Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean langileen gaitasun profesionalari eusteko.
Lanean ari diren langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, etengabeko prestakuntza aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan lehentasunezko balio bat da eta, hori dela eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.
Testuinguru horretan, prestakuntza-ekintzen bitartez -Agindu honen bitartez arautzen da horien finantzaketa- prestakuntza-eskaintza zabala egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoko langileei. Halaber, enpresetan sustatu dituzten prestakuntza-planen edo, horiek ezean, prestakuntza-premiei erantzuteko landutako planen osagarri izatea bilatzen da.
Deialdi hau finantzatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretako funtsak eta Estatuko Enplegu Zerbitzukoak erabiliko d ira, aipatutako zerbitzuko zuzendaritza orokorrak hartutako ebazpena betez. Ebazpen horren bidez eskualdatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan 2008ko ekitaldian garatutako enplegurako lanbide-prestakuntzako ekimenetarako zuzendutako funtsak.
Adierazitako guztia kontuan hartuta, honakoa:
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko langileentzako etengabeko prestakuntza-planak garatzeko laguntzak arautzea; prestakuntza-plan horien bitartez langile horien gaitasuna eta kualifikazioa hobetu eta berriro kualifika daitezen lortu nahi da.
Agindu honen xedea da, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide arteko Akordioaren esparruan, Laneko Osasunaren eta Arriskuen Prebentzioarekin lotuta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako edo lantokietako Prebentzio Ordezkarien prestakuntza-ekintzak garatzeko laguntzak arautzea, bai eta bestelako arduradunen prestakuntza ere, esparruko araudian xedatutako prozesuen arabera.
Agindu honen I. eranskinean barne hartu dira Euskal Autonomia Erkidegoko langileentzako eskaintzen diren etengabeko prestakuntzako planak garatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak.
Azkenik, II. eranskinean barne hartu dira Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide arteko Akordioaren esparruan, Laneko Osasunaren eta Arriskuen Prebentzioarekin lotuta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako edo lantokietako Prebentzio Ordezkarien prestakuntza-ekintzak garatzeko laguntzen deialdiaren oinarriak, bai eta bestelako arduradunen prestakuntza ere, esparruko araudian xedatutako prozesuen arabera.
Agindu hau garatzeko bideratuko diren baliabide ekonomikoak 22.513.457,00 euro dira gehienez. Funtsa horiek Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren eskutan utziko dira, ordainketa bakar bat eginez; eta ordainketa hori Agindu hau argitaratu eta berehala egingo da.
Horrez gain, 4. atalean aipatutako funtsetatik 1.000.000,00 euroko kantitatea II. eranskinean aipatutako laguntzetara bideratuko da. II. eranskinean aipatutako laguntzetara aplika ezin den soberakinik egonez gero, laugarren oinarriko a) eta b) hizkietan barne hartutako prestakuntza-planen, prestakuntza-erakundeek eta sektoreko enpresa-erakundeek eta sindikatuek titularizatutakoen, kontusailak areagotzeko erabili ahal izango dira eta I. eranskineko laugarren oinarriko e) hizkian barne hartutako prestakuntza-planen kontusailak areagotzeko.
Aipatutako funtsen kontura finantzatuko dira Agindu honen babespean garatzen diren etengabeko prestakuntzako ekimenak, baldin eta horien finantzaketa Hobetuz-Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean eskatu bada, Aginduan zehaztutako baldintzak betetzen badira eta bertan barne hartutako baldintzak eta lehentasunak betetzen badira.
Aurreko atalean ezarritakoaren kalterik gabe, Agindu honetan arautzen diren funtsek finantzatuko dituzte HobetuzLangileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren egitura teknikoak kudeatzeko eta ebaluatzeko egin beharreko gastuak eta inbertsioak, behin Estatuko Administrazioak xede horrekin emandako kontusaila agortu ondoren defizitarioak direnak, baldin eta kontzeptu horren ondoriozko guztizko aplikazioak Euskadiko Autonomia Erkidegoak deialdi honetarako dituen aurrekontu orokorretatik jasotzen diren funtsen ehuneko 15 gainditzen ez badu.
Ondorio guztietarako, Agindu hau I. eta II. eranskinetan barne hartutako oinarrien arabera garatuko da.
2008ko deialdi honetarako eredu normalizatuak Hobetuzen web-orrian eskura daitezke (www.Hobetuz.com). Aipatu eskaerak paperean eta Hobetuzek deialdi honetarako eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko dira
Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliogarritzat.
Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa izendatzen da Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen kudeaketarako eta ordainketarako entitate laguntzaile, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluaren arabera.
Aipatutako 52. artikuluak dioenez, Agindu honetan aipatzen diren funtsak ematen dituen organoaren kontura eta izenean jardungo du Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Haatik, funts horiek ez dira, inola ere, Hobetuzen ondaretzat hartuko.
Agindu honetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak izango dira ondorengoak:
Etengabeko prestakuntzaren jarduerak egiteko funtsak amaierako onuradunen artean banatzea.
Dirulaguntzei esker prestakuntza-jarduerak egin direla egiaztatzen duten ziurtagiriak eskatzea, eta lau urtez gordetzea.
Jaso diren funtsak zertan aplikatu diren justifikatzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, 2009ko azaroaren 30a baino lehen, eta zerrenda izenduna ematea. Zerrenda horretan honako alderdiak jaso beharko dira: azken onuradunen izen-abizenak, emandako dirulaguntzak, egindako ordainketak, eta, oro har, funts horiekin egindako etengabeko prestakuntzako jardueren memoria orokorra osa dezaketen bestelako datu kuantitatiboak zein kualitatiboak.
Funtsen kudeaketa dela-eta, honako erakundeek egin ditzaketen egiaztatze-jarduerei men egitea: Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren bitartez; Herri kontuen Euskal Epaitegiak; eta Europako Gizarte Funtsak.
Deialdian aurreikusten den ez-betetze kasuren bat gertatuz gero, onuradunei dirulaguntzak itzul ditzaten eskatzea, deialdietan bertan ezarritako itzultze-prozedurari jarraituz.
Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek 2009ko irailaren 30erako aplikatu ez dituzten finantzazio-soberakinak eta Agindu honetan aurreikusten den dirua itzultzeko prozeduraren ondoriozko funtsak hurrengo ekitaldirako funtsetan gaineratuko ditu Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Dena den, aurretik Ogasun eta Herri Administrazio Sailari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari emango die horren berri.
Agindu honen laugarren artikuluko c) atalean aurreikusten diren ondorioetarako, Hobetuz Fundazioak ekitaldi bakoitzean egiten dituen likidazioak edozein direla ere, Agindu honetan aipatzen diren funts guztien amaierako likidazioa 2009. urtean egingo da. Hala, 2009ko ekitaldiko abenduaren 31 arte aplikatu gabeko finantzazio-soberakinik gertatuz gero, edo emandako dirulaguntzaren aplikazioa 2010eko ekainaren 30 baino lehen justifikatzen ez bada, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak soberakin horiek itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.
Deialdi hau aurrera ateratzeko kreditu egokia eta nahikoa eman beharko da. Xede horrekin, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak enplegurako prestakuntza-ekintzak garatzeko bideratzen dituen funtsen transferentzia egin beharko zaio EAEko Administrazio Orokorrari.
Lehenengoa. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, eta, horretarako, hilabeteko epea izango dute, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Sailean, eta horretarako ere bi hilabeteko epea izango dute, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Bigarrena. Honako Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 4a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
Agindu honen xedea da etengabeko prestakuntza-planak garatzeko laguntzak arautzea; prestakuntza-plan horien bitartez langile horien gaitasuna eta kualifikazioa hobetu eta berriro kualifika daitezen lortu nahi da.
Aipatu funtsen kontura finantzatu ahal izango dira, halaber, Agindu honen babespean Hobetuzen aurrean finantzatzeko aurkeztu diren ekimenak, betiere aipatu Aginduan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Etengabeko prestakuntza-ekintzen kasuan, ez dute finantzaketarik jasoko ondorengo ekintzek:
Enpresa bakar bateko lanpostuetara aplika daitekeen irakaskuntza eskaintzen duten eta beste enpresa batzuetan erabili ezin diren kualifikazioak eskaintzen dituzten prestakuntza-ekintzak.
Nagusiki prestakuntza-prozesu baten garapena (irakaskuntza-ikaskuntza) bilatzen ez duten ekintzak.
Agindu honetan barne hartzen diren laguntzak, ez dira bateragarriak izango prestakuntza-ekintza horiek berak egiteko onuradunek jaso ditzaketen beste mota bateko laguntzekin.
Laguntza horiek, lehia, publizitate eta objektibotasuneko printzipioak kontuan hartuta emango dira.
Bigarrena. Aplikazio-esparrua.
Lurralde-esparrua.
Deialdi honetan adierazitako laguntzak, ondoren adierazitako langileentzako banakako prestakuntza-ekintzak dituzte xedetzat:
EAEko Prestakuntza Erakundeak eta Unibertsitateak.
EAEn Langileen Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Hitzarmena sinatu duten Enpresa Erakundeak eta Sindikatuak.
Kooperatiba eta/edo Lan Sozietateen Konfederazioak eta Federazioak.
Langile Autonomoen Elkarteak.
Langile-esparrua.
EAEko langile guztiek parte har dezakete laguntzaren xede diren ekintzetan.
Era berean, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalek, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arretarekin erlazioan finantzatzen den prestakuntza-eskaintzan parte hartu ahal izango dute, betiere Eusko Jaurlaritzak mota honetako prestakuntza eskaintzeko baimendu dituen erakundeetan egiten badute.
Administrazio Publikoetan lan egiten duten langileek Deialdi honen laugarren oinarriko bigarren ataleko a) eta e) hizkietan aurreikusitako Sektore arteko Planetan parte hartu ahal izango dute, gehienez ere plan bakoitzaren parte-hartzaileen ehuneko 10eko proportzioan.
Finantzatutako plan bakoitzean prestakuntza hasten duten langileen artetik % 60, gutxienez, lanean dauden langileak izango dira; hortaz, langabezian dauden langileen parte-hartzeak ezingo du langileen guztizkoaren % 40 gainditu. Zentzu horretan, finantzatutako ekintzetan parte hartzen duten langabetuei eskatuko zaie Lanbiden izena emanda egotea eta dagokien Orientazio Zerbitzuek hautatutako prestakuntza-ekintzan parte hartzeko izena ematea aurretik.
Prestakuntza-entitate pribatuei ematen zaizkien laguntzak prestakuntza-premia bereziak dituzten edo lanbide-txertaketa edo birkualifikazioa lortzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako berariazko programak finantzatzeko erabiliko dira. Zentzu horretan, parte hartzen duten langileen % 70ek ondorengo talde batekoa izan beharko dute nahitaez: enpresa txiki eta ertainetako langileak, emakumeak, terrorismoaren biktimak, genero-indarkeriaren biktimak, 45 urtetik gorakoak, kualifikazio baxuko langileak eta pertsona minusbaliatuak, bai eta langabezian egon eta ondorengo ezaugarriak dituzten pertsonak ere: gazteak, iraupen luzeko langabetuak edo gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskua duten pertsonak.
Denbora-esparrua.
2008ko Deialdi honetan, 2008ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean hasi eta 2009ko ekainaren 30a baino lehen amaitzen diren prestakuntza-ekintzak finantzatu ahal izango dira.
Finantza-esparrua.
Agindu hau garatzeko bideratuko diren baliabide ekonomikoak 21.513.457,00 euro dira gehienez. Kantitate hori Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuko du, gehienez ere 3.152.018,55 euroko kopuruagatik. Kopuru hori lehentasunez bideratuko da 250 langile baino gutxiagoko enpresetako langileen prestakuntzara, langile autonomoen, emakumezkoen eta 45 urtetik gorako pertsonen prestakuntzara eta kualifikazio baxuko langileen eta pertsona minusbaliatuen prestakuntzara.
Ekimen horiek aplika dakizkiekeen funtsen baliabideen, eta Hobetuzek eskura jartzen dituenen mende geratuko da prestakuntza-ekimenen finantziazioa.
Deialdi honetako hamargarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera, Hobetuzen ustez gutxieneko dirulaguntza merezi duela egiaztatzen ez duen prestakuntza-ekimenik ez da finantzatuko.
Hirugarrena. Prestakuntza-ekimenak.
Deialdi honetan ezarritakoaren arabera, Deialdi honen lehenengo oinarrian adierazitako ezaugarriak dituzten prestakuntza-ekintzak barne hartzen dituzten Prestakuntza Planak aurkeztu ahal izango dira.
Laugarrena. Prestakuntza-planak.
Prestakuntza Plana esatean, esparru batean antzemandako behar jakin batzuei erantzuteko osatutako prestakuntza-ekintzen multzoa ulertu behar da, betiere kontuan hartuta, ekintzak zuzentzen diren taldearen tamainagatik, aurreikusitako prestakuntza-orduen bolumenagatik edo bestelako ezaugarri garrantzitsu batzuengatik, planaren xede den langile taldearen gaitasunak nabarmenki hobetzen direla.
Erantzun beharreko helburuen eta prestakuntzaren esparruaren edo izaeraren arabera, ondoren adierazi dira langileengana zuzendutako prestakuntza-plan desberdinak:
Sektore arteko prestakuntza-planak, langileentzako jarduera ekonomikoaren hainbat sektoretako zeharkako gaitasunen eta gaitasun horizontalen prestakuntza eskaintzen dutenak.
Sektoreko prestakuntza-planak, produkzio-sektore jakin bateko langileengana zuzendutakoak, aipatu sektorearen interes orokorreko prestakuntza-ekintzak garatzea eta sektore horretako prestakuntza-beharrei erantzutea bilatzen dutenak.
Produkzio-sektore berekoak izan gabe, kooperatiba, lan-sozietate eta ekonomia sozialeko enpresa eta entitate bi edo gehiagoko langileak eta bazkide-langileak barne hartzen dituzten prestakuntza-planak, betiere horien izaera juridikotik ondorioztatutako edo zeharkako izaera duten beharretatik ondorioztatutako prestakuntza-eskaerei erantzuten dietenak.
Langile autonomoentzako prestakuntza-planak, betiere garatzen duten jarduerarekin erlazionatutako gaitasunak hobetzea bilatzen badute. Sektore jakin baterako planak izango dira edo zeharkako izaera edo izaera horizontala dutenak izango dira.
EAEko Lanbide Kualifikazioan Euskal Katalogoarekin erlazionatutako prestakuntza-planak.
Bosgarrena. Prestakuntza-ekintzak.
Deialdi honen helburuetarako, parte-hartzaile guztientzat komunak diren helburu, eduki eta iraupen propioak dituen irakatsi eta ikasteko prozesua da prestakuntza-ekintza. Prestakuntza-ekintzen bitartez lanean ari diren langileen gaitasuna eta kualifikazioak hobetzea bilatzen da, bai eta horien lanbide-espezializazioa hobetzea ere. Zentzu horretan, ez da beharrezkoa izango langileek lan egiten duten enpresen esku hartzea.
Prestakuntza-ekintza bera ezin da eskatzaile batek aurkeztutako Plan batean edo gehiagotan edota onuradun berak eragiten dituen plan batean edo gehiagotan barne hartu.
Ez dira finantzatuko nagusiki prestakuntza-prozesu (irakaskuntza-ikaskuntza) bat garatzea bilatzen ez duten ekintzak.
Orokorrean, Planean barne hartutako banakako zein taldeko prestakuntza-ekintzek gutxienez 6 ordu eta gehienez 270 iraungo dute parte-hartzaile bakoitzarentzat. Hobetuzek muga hori gainditzeko baimena emango du, baldin eta premia hori arrazoituko duen justifikazioa aurkezten bada. Prestakuntzako jarduerek egunean gehienez 8 ordu iraungo dute.
Prestakuntza-ekintzak Deialdi honen barruan finantzatu ahal izateko, ondorengo modalitate hauetako batean eman behar dira: bertaratze bidezkoa, bertaratu gabea edo mistoa.
Bertaratze bidezko prestakuntzatzat jotzen da, ikasgela batean, irakasleek ikasle talde bati ezagutza berak eta aldi berean transmititzen dietenean, edozein motatako baliabide didaktiko erabilita.
Era berean, bertaratu gabeko prestakuntzatzat jotzen da parte-hartzaileak bere ikaskuntzaren erritmoak norberaren denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, denbora mugatu batean tutore/irakasleak izango ditu, bere zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.
Deialdi honen helburuetarako Hobetuzek, Baliabideetako Ikastetxeetan emandako prestakuntza, bertaratu gabeko prestakuntza balitz bezala ulertuko du. Baliabideetako Ikastetxe gisa ulertuko da, norberak erabil dezakeen ekipamendu didaktiko jakina duen instalazioa; parte-hartzailea bertara joaten da, hainbat euskarriren bidez prestakuntza eskuratzeko eta, bertan, bere zalantzak argitzeko tutoretza-motaren bat edukiko du.
Prestakuntza-ekintzen barne, osorik edo zati batean, bertaratu gabeko prestakuntza eskaintzen dutenean, prestakuntza hori, parte-hartzailearentzat ikaskuntza sistematizatuko prozesua suposatuko duten euskarri didaktikoen bidez egin beharko da. Euskarri horiek derrigorrez, tutoretza-laguntzarekin osatuko dira. Kasu horietan guztietan, materiala bidaltzeko prozedurak, bertaratutako edo bertaratu gabeko tutoretzak, jarraipen-kontrolak eta irakaskuntza programatuak eskainiko dituen frogak zehaztuko ditu eskatzaileak.
Bertaratu gabeko urrutiko prestakuntza-ekintzei dagokienez, onartu aurretik Hobetuzen sortuko den batzorde batek aztertu eta balioztatu beharko ditu.
Halaber, on line informazio eta komunikazioko teknologien laguntzarekin (teleprestakuntza) garatuko den ikaskuntza-prozesua erabiltzen duten bertaratu gabeko prestakuntza-ekintzek, prozesua eusten duten elementuak deskribatu beharko dituzte; horretarako, hezitzailearen eta parte-hartzailearen artean ezarritako tutoretza-sistema, eta ikaskuntza horren jarraipenaren sistema kudeatzailea behar dute. Hobetuzek, aipatutako prestakuntza mota gauzatzen dela egiaztatzeko, deialdi honetan finantzatzen diren ekintzak garatzeko erabiltzen diren plataformetara sartzeko sarbide-gakoak eskatuko ditu.
Baliabide finantzarioen optimizazioa bateragarri egiteko aukera emango duten eta langileen premia zehatzak betetzeko aukera emango duten eraginkortasun-irizpideak aplikatuz zehaztuko da prestakuntza-ekintza bakoitzean parte-hartzaileen kopurua. Hala ere, eraginkortasun-irizpideak aplikatuz zehaztuko da prestakuntza-ekintza bakoitzean izango den parte-hartzaileen kopurua.
Bertaratze bidezko prestakuntza-ekintzak taldean antola daitezke, gehienez ere 20 parte-hartzailek osatutako taldeak osatu ahal direlarik; taldeko 25 ikasle onartuko dira, salbuespen moduan, behar den bezala justifikatzen bada. Bertaratu gabekoen prestakuntza-ekintzetan, parte hartzen duten 80 ikasleko irakasle bat izan beharko da gutxienez. Ekintza mistoen kasuan, aipatu mugak errespetatuko dira, kasuan kasuko prestakuntza-modalitatearen arabera.
Seigarrena. Langileengana zuzendutako prestakuntza-planen titulartasuna.
Bete beharreko helburuen arabera edo aurkezten den prestakuntzaren izaeraren arabera, ondoren adierazitako entitateetako langileentzako prestakuntza-planak aurkeztu ahal izango dituzte ondorengo entitateek:
Deialdi honetako laugarren oinarriko bigarren ataleko a) eta b) hizkietan aurreikusitako sektore arteko eta sektoreko prestakuntza-planei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko prestakuntza-entitateek eta Unibertsitateek eta Lanbide Heziketari buruzko Lanbide arteko Akordioa sinatu duten Enpresa eta Sindikatu Elkarteek.
Prestakuntza-entitateei dagokienez, euren Estatutuen helburuen artean langileen prestakuntza barne hartu eduki beharko dute eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aitortuta edota Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailak aitortuta egon beharko dute, Laneko Prestakuntza eskaintzeko eta aitortuta dituzten prestakuntza-espezialitateetan edota esperientzia dutenetan prestakuntza eskaintzeko.
Atal honetan eskaerak aurkeztu ahal dituzte, halaber, lehen aipatutako administrazioek aitortu ez badituzte ere, prestakuntza-eskaintza berritzailea egiten duten entitateek (indartzen ari diren atalak, ekintza berritzaileak, eta abar), betiere mota honetako prestakuntza kudeatzeko langile egokiak eta esperientzia dutela ziurtatzen badute. Adierazitako guztia justifikatzeko, eskaerarekin batera memoria tekniko bat aurkeztuko da. Memoria horren balorazioa egingo da, eta, Hobetuzek ezarritako prozeduren arabera, aipatutako zentroak Deialdi honetan barne hartutako prestakuntza-planen titularrak izateko ziurtatu ala ez erabakiko da.
Era berean, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalengana zuzendutako prestakuntzari dagokionez, prestakuntza-erakunde titularrak Eusko Jaurlaritzak mota honetako prestakuntza eskaintzeko baimendu dituen erakundeak izango dira.
Sektoreko prestakuntza-planei dagokienez, kasuan kasuko sektoreko ordezkari diren Enpresa eta Sindikatu Elkarteek aurkeztu ahal izango dituzte planak.
Deialdi honen laugarren oinarriko bigarren ataleko c) hizkian aurreikusitako gizarte-ekonomiarekin erlazionatutako prestakuntza-planei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan ezarpen nahikoa duten kooperatiben konfederazioek eta federazioek edota lan-sozietateek.
Langile autonomoentzako prestakuntza-planei dagokienez deialdi honen laugarren oinarriko bigarren ataleko d) letran aurreikusitakoak-, sektore arteko izaera duten autonomoen elkarteek eta 20/2007 Legeak, uztailaren 11koak eta Lan Autonomoaren Estatutuari buruzkoak, bere 21.5 artikuluan barne hartutako erakundeek. Lehentasuna edukiko dute EAEn ezarpen handien duten autonomoen ordezkaritzek.
Laugarren oinarriko bigarren atalaren e) atalean aurreikusitako prestakuntza-planei dagokienez (EAEko Lanbide Kualifikazioen Euskal Katalogoarekin Sistemarekin erlazionatutakoak) Hezkuntza Sailak baimendutako prestakuntza-zentro publikoek eta pribatuek, 2008-2009 ekitaldian eskatutako modulu-katalogoko arlo, azpiarlo eta mailei dagozkien Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak eskaintzen dituztenek.
Zazpigarrena. Prestakuntza-planaren betekizunak.
Prestakuntza Plan guztiei dagozkien eta guztietan adierazi behar diren betekizunak dira ondorengoak:
Aurkeztutako Prestakuntza Plana egiteko arrazoien justifikazio zehatza.
Aurkeztutako prestakuntza-planaren ezarpen-eremua eta aurkeztutako prestakuntza-plana xede duen jarduera-esparruarekiko edo sektorearekiko egokitasuna.
Entitate eskatzaileak prestakuntza garatzeko gaitasuna duelako ziurtapena.
Prestakuntza Planari egotzitako helburuak eta edukiak.
Garatuko diren prestakuntza-ekintzak, espezialitatearen arabera multzokatuta eta lehentasunaren arabera antolatuta; gainera, xede horrekin landutako inprimaki eta aplikatiboetan adierazitako banakapena egingo da.
Prestakuntza-ekintzen kalkulatutako kostua, ekintza-motaren eta kostu-motaren arabera bereizita.
Prestakuntza-ekintzak gauzatzeko aurreikusitako egutegia.
Prestakuntza-entitateak, eta prestakuntza-ekintzak garatzeko lekua, instalazioak eta bitartekoak, seigarren oinarrian prestakuntza-ekintzen garapenarekin lotuta xedatu denaren arabera. Titularra prestakuntza-entitate bat edo unibertsitate bat bada, finantzatutako prestakuntza-ekintzak zentroko bertako langileek bakarrik emango dituzte eta xede horretarako erabakitako instalazioetan egingo dute. Salbuespenak onartuko dira, betiere behar den bezala justifikatzen badira eskaera-inprimakietan. Salbuespen horiek prestakuntza-ekintzaren espezifikotasunak eta berau eskaintzeko irakasle propioak beti ezin edukitzeak eragindako egoerak izango dira bakarrik.
Garapenaren arduradunak eta programatutako prestakuntza-ekintzen jarraipena egiteko modua, eta prestakuntza-programen ebaluazioan erabilgarri izango diren irizpideak eta metodologiak.
Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.
Prestakuntza Zentroen eta Unibertsitateen kasuan, entitate batek ezingo ditu bi Prestakuntza Plan eskatu deialdi honetan (bat katalogo modularrarekin erlazionatutako prestakuntzarako eta bestea aipatu katalogoan barne hartzen ez den prestakuntzarako. Azken hori sektorekoa edo sektore artekoa izango da).
Muga hori urratzen bada, urraketa egin duen eskatzaileak aurkeztutako prestakuntza-plan bat atzean utzi beharko du, Hobetuzekin gaia aztertu eta gero.
Zortzigarrena. Eskaeraren baldintzak.
Ondoren adierazi dira eskaera guztietan nahitaez jasoarazi beharko diren baldintzak. Salbuespena izango da aldez aurretik Hobetuzi aurkeztutako dokumentazioa:
Entitate eskatzailearen izena eta sozietatearen izena.
Orijinala, entitate eskatzailearen Lege Ordezkariak xede den entitatearen izenean jarduteko gaitasuna duela ziurtatzen duen agiriaren edo agirien kopia konpultsatua edo Hobetuzek konpultsatzeko kopia.
Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia eta entitate juridiko eskatzailearen izenean eta ordez jarduten duen pertsonaren nortasun-agiriaren kopia.
Behar den bezala legeztatutako estatutuen fotokopia.
Entitatea dagokion administrazio-erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.
Laguntzaren xedea den prestakuntza-plana, aurreko zazpigarren atalean adierazitako ezaugarriekin.
Eskatzaileak planaren kudeaketa egiteko gaitasun tekniko nahikoa duela justifikatzen duen memoria. Entitate eskatzaileak dituen baliabide teknikoak eta materialak adieraziko dira eta, hala badagokio, prestakuntza-planaren garapenean lagunduko duten entitateena. Era berean, entitateari aitortutako prestakuntza-espezialitateak edota entitateak esperientzia duen prestakuntza-espezialitateak adierazi beharko dira. Informazio hori guztia prestakuntza-entitateak ziurtatzeko diseinatzen diren berariazko inprimakietan aurkeztuko da.
Dirulaguntzen bikoiztasuna eta prestakuntza-ekintzetarako gain-finantziazioa saihestearren, titularrak zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du. Bertan jarduera horretarako bertarako beste herri-administrazio batek edo erakunde publiko zein pribatu batek emandako sarrera gehigarriak edo laguntzak jasotzen dituela aditzera eman beharko du.
Edozein Herri Administraziok prestakuntza-arloan emandako dirulaguntzak itzultzeko prozeduran murgilduta ez dagoela edo eskatu zitzaizkion zenbatekoak itzuli dituela adieraziko duen titularraren zinpeko aitorpena.
Ogasun, Gizarte Segurantza eta/edo Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeari guztia ordaindu izanaren ziurtagiri eguneratuak, aurkeztutako ekimenaren titularrari dagokionez.
Sexu diskriminazioa egiteagatik administrazio-zigorrik edo zigor penalik jaso ez dela ziurtatzen duen zinpeko aitorpena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa, aldatzen duena) 50. artikuluko 5. atalean xedatutakoaren arabera, laguntza edo dirulaguntzen deialdietara ez aurkezteko zigorrik jaso ez dela ziurtatzen duen zinpeko aitorpena.
Gizarte-ekonomiarekin eta langile autonomoekin erlazionatutako planei dagokienez edo ordezkaritza-entitateek aurkeztutako sektoreko planei dagokienez, titularrak aurkeztutako planak xede duen esparruan duen hedapena edo ezarpena ziurtatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Aurkeztutako eskaerari dagokion beste edozein dokumentazio.
Bederatzigarrena. Langile parte-hartzaileei dagozkien baldintzak.
Deialdi honetan deskribatutako langileek dagokien titularrari onartutako prestakuntza-planetako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko eskatu ahal diote; horretarako, deialdi honetarako eskaera-agiri gisa diseinatutako agiri normalizatua eta partaidetza-agiria (2C eranskina) erabil daitezke.
Eskaera-agiriaren eta partaidetza-agiriaren kopia bat parte-hartzaileari emango zaio. Jatorrizko agiria entitate titularrak gordeko du, Hobetuzek edo kontrola egiteko beste erakunde batek egiten dituzten egiaztapenetan aurkezteko.
Deialdi honen hamabosgarren oinarriko 2. atalean adierazitakoaren arabera, parte hartzeko eskaeretan/konpromisoetan adierazitako datuak Hobetuzi jakinarazi behar zaizkio ezarritako epeen barruan eta Hobetuzek xede horrekin utzitako baliabideak erabiliz.
Entitate eskatzaileak edo prestakuntza-ekintzak eskaintzeko ardura duen pertsonak aukeratuko ditu langile parte-hartzaileak, betiere hautapen-mekanismoen gardentasuna eta objektibotasuna ziurtatuz.
Parte-hartzailea prestakuntza-ekintzatik kanpo geratuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25etik gorako portzentajean bertaratzen ez bada.
Deialdi honen ezarpen-esparruaren barruan, langile batek ezingo du behin baino gehiagotan parte hartu prestakuntza-ekintza berean.
Hamargarrena. Baloratzeko irizpideak.
Aurkeztutako planen balorazio teknikoa egiteko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
Entitate eskatzailearen edo aurkeztutako planaren kudeaketa eta gauzatzea egiteko izendatutako entitatearen gaitasun ziurtatua. Atal honetan baloratuko dira:
Entitate titularrak edota langileak prestatzeko izendatutako entitateak aurretik duen esperientzia.
Entitateak finantzaketaren xede diren prestakuntza-espezialitateetan aurretik duen esperientzia.
Plana eta prestakuntza-espezialitate bakoitza garatzeko eta gauzatzeko bitarteko materialak eta pertsonalak, propioak edo besterenak.
Plana osatzen duten elementuen kalitatea eta koherentzia eta bakoitzaren prestakuntza-ekintzak: helburuak, edukiak, instalazioak, bitarteko didaktikoak eta aurreikusitako materiala.
Entitate titularrak eta plan bakoitzean barne hartzen den prestakuntza kudeatzeko izendatu den entitate titularrak ezarritako kalitate-sistema (jarraipen-mekanismoak, ikaskuntzaren ebaluazioa eta kontrola eta prestakuntza-ekintzen ziurtapena).
Justifikazio hori egiteko, eskaeraren memoria teknikoan eskatutako informazioaz gain, eskaerarekin batera informazio hori guztia barne hartzen duen dokumentazioa aurkez daiteke. Irizpide horrek 100 puntutik 40ko pisua edukiko du planaren guztizko balorazioa egiteko orduan. Seigarren oinarriko 1.a) atalean barne hartutako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak edo Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailak aitortu ez dituen prestakuntza-erakundeek aurkeztutako eskaeren kasuan, gaitasun teknikoa justifikatzeko memoriaren balorazioa egin ondoren 20 puntura iristen ez direnak ez dira finantzatuko.
Prestakuntza-eskaintza eta xede duen esparruaren edo sektorearen beharren arteko egokitasuna. Atal honetan baloratuko dira:
Aurkeztutako prestakuntza-ekintzek lan-merkatuak dituen prestakuntza-premiekin duten egokitasuna.
Behar hori justifikatzen duen azterketa-mota bat egotea.
Aurkeztutako ekintzek ekintzen xede diren langileentzako lehentasunezkoak direlako justifikazioa.
Horretarako, eskaerarekin batera adierazitako informazio guztia ematen duen dokumentazioa aurkeztuko da. Irizpide horrek 100 puntutik 40ko pisua edukiko du planaren guztizko balorazioa egiteko orduan.
Planaren diseinuan prozesu integral bat barne hartzea. Horren bitartez langileei orientazioa eta aholkularitza emango zaie prestakuntza-ekintzaren aurretik, bitartean eta ondoren. Era berean, bereganatutako gaitasunen ebaluazioa eta alderaketa egingo da. Horretarako, atal honetan adierazitako pertsonak eta berariazko zereginak zehaztu beharko dira.
Irizpide honek 20 puntuko pisua edukiko du.
Hobetuzek aurretik argitaratutako eta/edo kudeatutako deialdien gauzatze maila. Atal honetan planaren balorazioa 10 puntu areagotuko edo murriztuko da, betiere 100 puntu gainditu gabe.
Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten eskaerek ez dute finantzaketarik lortuko.
Hamaikagarrena. Laguntza zehaztea.
Prestakuntza-ekintza bakoitzari eman beharreko gehienezko laguntza kalkulatzeko, ekintzaren ordu kopuruaren eta ikasle kopuruaren eta moduluaren kopuruaren arteko biderketa egingo da.
Orokorrean, prestakuntza-planen finantziazioa, honako arau hauek aplikatuta zehaztuko da:
Deialdi honetan onartutako Prestakuntza Ekimen bakoitzak jasotzen duen finantzaketa, aipatu onartutako ekimenari dagokion aurrekontuaren gehienezko laguntza gisa ulertuko da.
Prestakuntza Plan bakoitzari eman beharreko gehienezko laguntza, honako arlo hauek kontuan hartuta kalkulatuko da:
Prestakuntza Plan bakoitzerako aurkeztutako aurrekontu finantzagarri osoa.
Prestakuntza Ekintza bakoitzerako Hobetuzek ezarritako modulu ekonomikoak aplikatu ondoren, prestakuntza-ekintza bakoitzari eslei dakizkiokeen zenbatekoen guztizko batura.
Egindako balorazio teknikoaren ondoren, planari esleitutako puntuak.
Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-jardueraren bolumena.
Hobetuzek ekimen mota bakoitza garatzeko erabil ditzakeen baliabide finantzarioak eta onartutako eskaeren guztizko bolumena. Beharrezkoa denean, esleitutako puntuazioaren proportzionala den hainbanatzea egingo da.
Edozein modutan, prestakuntza-plan bakoitzari gehienez emango zaion laguntza ondorengo irizpideen arabera erabakiko da:
Kudeaketa-gaitasun ziurtatua. Deialdi honen aurreko bi ekitaldietan langileentzako etengabeko prestakuntza planak kudeatu dituzten eskatzaileei dagokienez (Hobetuzek edo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak finantzatutako planak), esleituko zaien gehienezko laguntza erabakitzeko, eskatzaileak deialdi horietan lortutako dirulaguntzaren gauzatze-maila hartuko da kontuan. Aurreko bi deialdietan mota horretako planak kudeatu ez dituzten eskatzaileen kasuan, Deialdi honen seigarren oinarrian aurreikusitako prozedurari lotuta badaude planak, azken ebazpenean adieraziko da baimentzen den gehienezko ordu kopurua.
Laugarren oinarriko e) letran barne hartutako prestakuntza-planetara, deialdiaren guztizko aurrekontuaren % 33 bideratuko da.
Laugarren oinarriko a) eta b) letretan barne hartutako prestakuntza-planetara, prestakuntza-entitateen titulartasunekoetara, deialdiaren guztizko aurrekontuaren % 22 bideratuko da.
Laugarren oinarriko c) eta d) letretan barne hartutako prestakuntza-planetara 600.000 euroko berariazko kontusaila bideratuko da. Kantitate hori banatu egingo da, aipatu oinarriko 2. atalean adierazitako irizpideen arabera onartzen diren eskaeren artean.
Eskatutako laguntzaren bolumenak erabilgarri dagoen aurrekontua gainditzen badu, onartutako eskaeren artean hainbanatzea egin daiteke.
, c) edo d) letretan aurreikusitako kontusailen bat ez bada erabat agortzen, soberakinak aipatutako beste kontusailetan sartuko dira, eragindako kontusail bakoitzean eskatutako guztizko bolumenaren arabera.
Emango den laguntzak erabat edo zati batean konpentsatuko du onartutako prestakuntza-ekimena; edozein kasutan, ezingo da gainditu onartutako prestakuntza-ekintzen kostu finantzagarria (hamazazpigarren oinarria), edo, hala badagokio, eskatutako laguntza.
Hamabigarrena. Prozedurari hasiera ematea.
Eskaeren aurkezpena: Eskaerak, Hobetuzera zuzenduak, Fundazio honen Egoitzetan aurkeztuko dira:
Arabako Lurralde Egoitza, Dato 14-16, 3. oina, 01005, Vitória-Gasteiz;
Bizkaiko Lurralde Egoitza, Kale Nagusia 35, 6. oina, 48009, Bilbao;
Gipuzkoako Lurralde Egoitza, Manterola 4, 1.a, 20007, Donostia-San Sebastián.
Bestalde, 30/1992 Legeak, 1992ko azaroaren 26koak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea ezartzen duenak, bere 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan aurkez daitezke eskaerak.
Eskaera horiek paperean eta Hobetuzek deialdi honetarako eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko dira, eta eskaera horiei enpresaren legezko ordezkariak behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu beharko den dokumentazioa gaineratuko zaie; hain zuzen ere:
Entitate eskatzailearen datuak.
Eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren zerrenda.
Zinpeko aitorpena (eskaera-ereduko 4. eranskina).
Deialdi honen aurreko bi ekitaldietan langileentzako etengabeko prestakuntza planak kudeatu ez dituzten eskatzaileei dagokienez (Hobetuzek edo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak finantzatutako planak), memoria teknikoa. Bertan adieraziko dira: erakunde eskatzaileak prestakuntzaren esparruan duen esperientzia, baliabide materialak (instalazioak eta ekipamenduak) era irakasleak, aplikazio informatikoan eskatutako informazioaren arabera.
Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliogarritzat.
Prestakuntza-planak finantzatzeko eskaerak aurkezteko epea 2008ko azaroaren 24an amaitzen da.
Hamahirugarrena. Prozeduraren instrukzioa eta ebazpena.
Prestakuntza-ekintzetako eskaerak aurkeztuta, Hobetuzek, aurkeztutako informazioa baino informazio gehiago eskatu ahal izango du.
Eskatzaileak, eskaera jaso eta biharamunetik hasita, 10 eguneko epean erantzun beharko du. Erantzunik ematen ez bada, eskaera artxibatu edo atzera botako da, betiere eskaerak 30/1992 Legeak, 1992ko azaroaren 26koak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 70. eta 71. artikuluan adierazitako gutxieneko eskakizunak betetzen ez baditu.
Hobetuzek aurkeztutako eskaera bakoitza, osorik edo neurri batean, artxibatu, ukatu edo onartzeko beharrezko akordioak hartuko ditu, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari luzatuko dizkio proposamenak, kasuan kasuko ebazpenak emateko.
Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak dagokion ebazpena hartuko du eta EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ebazpen horren aurka gorako errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean eta, horretarako, hilabete bateko epea edukiko dute, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.
Aipatutako ebazpena pertsona eskatzaileei jakinaraziko die Hobetuzek, eskaerak aurkezteko epea itxi eta gehienez ere 4 hilabeteko epean. Jakinarazpenik egiten ez bada, eskaera onartu ez dela ulertuko da.
Era berean, onuradunei onartutako prestakuntza-ekintzak eta kostua, parte-hartzaileen kopurua, ordu kopurua eta finantzaketa jakinaraziko zaizkie.
Eskatzaileak 10 egun edukiko ditu ebazpena onartzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori amaitzean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko da eta artxibatu egingo da.
Hamalaugarrena. Laguntzak ordaintzea.
Emandako finantzazioaren ordainketa egingo da, laguntzaren onuradunek aurkeztu ondoren, eta Ogasunean eta Gizarte Segurantzan eta/edo dagokion Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen aurrean obligazioak bete izanaren ziurtagiri eguneratuen ordainketa bakoitza baino lehen:
Ordainketak, honako prozedura honen arabera egingo dira:
% 60ra bitarteko lehen ordainketa, ebazpena hartzeko unean.
Lehen ordainketa hau 180.303,64 euro baino gehiagokoa bada, ordainketa hori egin aurretik, titularrari erabakiarekin batera jakinaraziko zaizkion oharrak jarraituta, laguntzaren titular horrek dagokion banku-abala aurkeztu beharko du, edo prestakuntza-ekintza nahikoak egiteagatik dagoeneko eman diren gastuak justifikatuko dira, justifikatu gabeko gainerakoak 180.303,64 euro gainditu ez ditzan.
Bigarren ordainketa, behin betiko dirulaguntzaren gainerakoagatik, onartutako ekintza guztiak amaitzerakoan, justifikazio-memoria aurkeztu eta Hobetuzek azken likidazioa onartu bezain laster.
Aitortutako laguntza kasu guztietan osorik ordainduko zaio planaren titularrari.
Hamabosgarrena. Prestakuntza-plana gauzatzea.
Ematen den finantzaketa gehienezko kopurutzat ulertuko da eta onarpenaren ebazpen-hitzarmenean adierazitako prestakuntza-ekintzak garatzera bideratuko da.
Bere harrera eta zenbatekoa gauzatzeko, Deialdi honetan eta laguntza emateko dagokion erabakian aurreikusitakoaren arabera eskatzaileari dagozkion betebeharrak eta baldintzak bete beharko dira.
Deialdi honen bidez finantzatutako prestakuntza-planen barruko prestakuntza-ekintzek doan izan beharko dute bertan parte hartzen duten langileentzat.
Talde/ekintza bakoitza hasi aurretik, titularrak ondorengoa jakinaraziko dio Hobetuzi:
Hasi baino 7 egun lehenago, gutxienez, prestakuntza emango den lekuari, prestakuntza emango duen entitateari, eta taldearen/ekintzaren data eta ordutegiari buruzko datuak.
Era berean, gehienez ere prestakuntzaren bigarren egunean, prestakuntza-ekintzan parte hartzen duen pertsonak betetako eskaeraren/konpromisoaren datuak.
Zeregin horretarako, Hobetuzek www.hobetuz.com web-orrian aplikazio informatiko bat jarriko du titularren esku.
Hala, Hobetuzek datu guztiak euskarri informatikoan jasoko ditu, ondorio horietarako ematen diren argibideen arabera.
Erabilgarri dauden bi bitarteko informatiko horien bitartez islatzen den informazioak ez du aldaketarik onartuko, ekintza/multzo hori amaitu eta 30 eguneko epea igaro ondoren.
Bertan adierazitako informazioa emango du ontzat Hobetuzek prestakuntza-planaren memoria justifikatiboari dagokionez.
Prestakuntza-ekintza bati hasiera eman izana jakinarazi ezean eta/edo aurreko paragrafoan aipatutako epeetan dagokion parte-hartzaileen konpromisoak jakinarazi ezean, Planaren likidazioaren ondorioetarako «burutu gabetzat» joko da prestakuntza-ekintza hori.
Parte-hartzaile bakoitzari prestakuntza-ekintzan parte hartu izanaren ziurtagiria emango zaio. Hobetuzek ezarritako ereduari jarraitzen dion ziurtagiri hori deialdi honetarako diseinatu den aplikazio informatikoak inprimatuko du. Ziurtagiri horretan gutxienez prestakuntzaren edukiak, prestakuntza egin den egunak, jasotako prestakuntza-orduak, eta, hala badagokio, bertan emandako eta bertaratu gabe emandako orduak zehaztuko dira.
Lanbide Heziketako Euskal Modulu Katalogoari dagozkion prestakuntza-planetan eta ekintzetan, Deialdi honetako laugarren oinarriko 2- e) atalean aurreikusitakoetan, eta prestakuntza-kreditua gainditu duten ikasleei dagokienez, parte-hartzaileei emango zaien ziurtapena, Hobetuzek eska dezakeena, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarritako prozeduraren arabera luzatuko da. Aitzitik, zentroak bertaratu izanaren ziurtapena luzatuko du.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren parte hartzeko ziurtagiriak, parte-hartzaileei eman beharko zaizkie, eta, horretarako, parte hartu duten prestakuntza-ekintza amaitu eta bi hilabeteko epean.
Titularrak ziurtagiri horren kopia gordeko du, parte-hartzailearen «jaso izanarekin» batera.
Titularra erakunde sinatzaile bat, Gizarte Ekonomiako edo autonomoen taldeko ordezkaritza-entitate bat edo sektore jakin bateko ordezkaritza-erakunde bat denean, onuradunak deialdi honen kontura finantzatutako prestakuntza-ekintzen gauzatzea kontrata dezake, behin bakarrik, betiere azpikontratazioa merkatuko baldintza arrunten arabera egiten bada eta aurretik Hobetuzen baimena lortu bada, emakida-ebazpenean berariaz edo baimen-eskaera egin eta hurrengo hamabost egunetan emandako ebazpen bidez. Baimena eman dela ulertuko da, aipatu epea igarotzean Hobetuzek ez badu bestelakorik esaten.
Ez dira hirugarrenak azpikontratatuko, jardueraren kostua areagotuz, baldin eta jarduerari balio erantsirik gehitzen ez bazaio.
Edozein kasutan, onuraduna izango da laguntzen aplikazioaren arduradun zuzena eta nagusia eta bere zeregina izango da jarraipena eta kontrola egiteko erakundeek dagozkien funtzioak behar den bezala garatzen dituztela ziurtatzea.
Entitate onuradunak bitarteko propioak erabili beharko ditu finantzatutako prestakuntza-planaren programazioa eta koordinazioa egiteko eta, edozein kasutan, Hobetuzen aurrean berea izango da diruz lagundutako jarduera garatzeko erantzukizuna. Edozein modutan, entitate onuradunak eta entitate azpikontratatuak jarraipena eta kontrola egiteko funtzioak behar den bezala garatzen direla ziurtatu beharko dute.
Emakida-ebazpena jaso ondoren, eta denbora nahikoa utzita, laguntzaren onuradunak finantzatutako planean aldaketak egiteko eska dezake Hobetuzen aurrean, finantzatutako ekintzen edukia, forma eta/edo gauzatze-epeak eragiten badira. Idatziz aurkeztuko da aldaketa-eskera eta ondo arrazoituko da. Aldaketak baimenduko dira, baldin eta hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez badira; eta Hobetuzek berariaz emandako baimena jasotzean egingo dira.
Prestakuntza jasoko duten parte-hartzaileen kopurua eragiten duten aldaketak badira edo prestakuntza eskaintzeko modalitatea eragiten duten aldaketak badira, baimendu egingo dira, betiere lehentasunezko kredituak aldatzen ez badira eta hasierako eskaera kontuan hartua lortuko zen balorazio teknikoa gutxitzen ez bada.
Egindako aldaketa inoiz ez da onartuko, artikulu honen 1. atalaren aurka doan bitartean.
Hamaseigarrena. Modulu ekonomikoak.
Prestakuntza-planak finantzatzeko emandako dirulaguntzak likidatzeko aplika daitezkeen gehienezko modulu ekonomikoak (parte-hartzaile bakoitzarengatik eta prestakuntza-ekintza bakoitzarengatik kostua) ondoren adierazitakoak izango dira, betiere prestakuntzaren modalitatea eta maila kontuan hartuko direlarik:
Prestakuntza-
modalitatea Prestakuntza-maila
Oinarrizkoa Goi-mailako
Bertaratze bidezkoa 9 euro 13 euro
Urrutikoa 5,5 euro
Teleprestakuntza 7,5 euro
Mistoa Aurreko moduluak aplikatuko dira, prestakuntza-ekintzak dituen zuzeneko prestakuntza-orduen eta urrutiko edo teleprestakuntzako prestakuntza-orduen arabera
Zuzeneko modalitatearen kasuan, «Oinarrizko mailako» modulua zeharkako ikasgaien edo ikasgai generikoen prestakuntza denean aplikatuko da, hain zuzen oinarrizko gaitasunak eta kualifikazioak garatzeko gaitasuna eskaintzen denean.
«Goi-mailako» modulua, berriz, prestakuntza espezializazioa eskatzen duten ikasgaietan edota programazio edo zuzendaritzako gaitasunak garatzeko gaitasuna ematen denean aplikatuko da.
Bertaratze bidezko modalitatearen goi-mailako modulu ekonomikoa ehuneko 50era bitartean areagotu daiteke prestakuntza-ekintza jakin batzuen kasuan, betiere euren espezialitatea eta ezaugarri teknikoak kontuan hartuta finantzaketa handiagoa behar bada.
Aurreko paragrafoan barne hartutako ekintzen guztizko kostuak ezingo du gainditu Deialdi hau finantzatzera zuzendutako funtsen guztizkoaren ehuneko 5.
Deialdi honen barruan tarifaren salbuespenak lortzeko, atal honetan barne hartu nahi diren ekintzen espezifikotasuna zehatz adierazi beharko da eskaera egiteko unean. Ez da salbuespenik onartuko atal honetan, behin laguntzen ebazpena eman eta gero.
Hamazazpigarrena. Dirulaguntzaren justifikaziorako finantza/aukera daitezkeen kostuak eta egozte-irizpideak.
Honakoak izango dira finantza daitezkeen kostuak eta egozpen-irizpideak:
Prestakuntza-jardueraren kostu zuzenak:
Barruko eta kanpoko prestatzaileen ordainketak. Horien barruan sartzen dira: soldatak, gizarte-aseguruak, dietak eta joan-etorriak egiteko gastuak eta, eskuarki, prestakuntza-ekintzak prestatzeko, emateko, tutorizatzeko eta ebaluazio egiteko jarduerei egotzi ahal zaizkien kostuak.
Gastu horiek behar den bezala zehaztuta adierazi behar dira, kasuan kasuko jarduera bakoitzak hartutako orduak zehaztuz.
Ekipo didaktikoak eta plataforma teknologikoak amortizatzeko gastuak. Horiek kalkulatzeko, kontabilitate-arauetan onartutako amortizazio-irizpideak jarraituko dira. Era berean, ekipo didaktikoak eta plataforma teknologikoak alokatzeko gastuak barne hartuko dira, prestakuntza-plana garatu bitartean sortutako interesak barne.
Gastu horiek prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan behar den bezala zehaztuko dira eta ekipoei eta plataformei emandako erabilera indibidualaren arabera kalkulatuko dira; bestela, erabilera-orduak egotziko dira.
Bitarteko didaktikoen gastuak edota material didaktikoak eskuratzeko gastuak, bai eta planeko prestakuntza-ekintzak egiteko erabilitako bitartekoak ere, babes eta segurtasunerako materiala barne hartuta. Era berean, «teleprestakuntzari» dagokionez, prestatzaileen eta parte-hartzaileen artean erabilitako komunikabideei egotzi ahal zaizkien kostuak kontuan hartuko dira.
Gastu horiek prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan behar den bezala zehaztuko dira eta ekipoei eta plataformei emandako erabilera indibidualaren arabera kalkulatuko dira; bestela, erabilera-orduak egotziko dira.
Alokairu finantzarioaren gastuak, interesak kanpo, edo prestakuntza-planaren garapenean erabilitako gelak, tailerrak eta gainerako azaleren amortizazioa.
Gastu horiek prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan behar den bezala zehaztuko dira eta ekintzak irauten duen denboragatik egotziko dira.
Amortizazio-gastuak kalkulatzeko, oro har onartuta dauden kontabilitate-arauak jarraituko dira; gainera, Sozietateen gainerako Zerga arautzen duen Araudiak onartutako taulen araberako amortizazio-metodoa aplikatuko da.
Parte-hartzaileen istripu-asegurua.
Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.
Prestakuntza-ekintzen parte-hartzaileen garraio, mantenu eta ostatuaren gastuak, betiere lokomozio eta dieten gastuen PFEZ esparruko Foru Araudian ezarritako mugak errespetatuz.
Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.
Prestakuntza-ekintzak antolatzeko eta ezagutzera emateko publizitate-gastuak.
Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuak aurkeztu behar dira.
Prestakuntza-jarduerarekin erlazionatutako hainbat kostu:
kanpoko zein barruko laguntza-langileen kostuak eta plana kudeatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren kostu guztiak.
Hainbat kostu: argia, ura, berogailuak, mezularitza, posta, garbiketa, zaintza eta planaren gauzatzearekin erlazionatuta dauden eta lehen aipatu ez diren kostu gehiago.
Kostu horiek guztiak onuradunak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio, onartutako kontabilitateko arau eta printzipioetan adierazitako moduan eta, edozein kasutan, kostu horiek jarduera egin den aldikoak badira.
Kostu erlazionatuen baturak ezingo du gainditu prestakuntza-jardueraren kostuen ehuneko 20.
Hainbat kostu finantzagarri:
Prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioak eta kontrolak eragindako kostuak. Onuradunak prestakuntza-jarduera gauzatzeko eman zaion dirulaguntzaren % 1-5 artean bideratuko du xede horretarako.
Edozein kasutan, erlazionatutako kostuak, bai eta kostu zuzenak ere, kostu errealak izango dira, egin eta ordaindu diren eta fakturen edo pareko balioko kontabilitate-dokumentuen bitartez justifikatu diren kostuak alegia.
Hemezortzigarrena. Laguntzen justifikazioa eta likidazioa.
Diruz lagundutako Prestakuntza Plana osatzen duten prestakuntza-ekintzak garatzean sortutako kostuak justifikatu beharko ditu onuradunak. Horretarako, kostu finantzagarrien zerrenda eta Deialdi honetako hamazazpigarren oinarrian ezarritako egozte-irizpideak hartu beharko ditu kontuan.
Kostuak, zuzenbidean dokumentu frogatzaile baliagarrien edo fakturen bidez justifikatuko dira, beti, funtsen aplikazio zuzena ziurtatzeko behar den xehetasunarekin, eta horren inguruan Hobetuzek emango dituen eta justifikazio-memoriaren eskuliburuan zehaztuko diren arauekin bat etorrita.
Kanpoko erakunde bat kontratatzen bada, erakunde horiek luzatuko dituzten fakturek, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarriak bereizteko modua izan behar dute.
Laguntzen likidazioa, ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen eta egin dituzten eskola-ordu eraginkorren arabera egingo da, Deialdi honetan ezarritako eta onartutako modulu ekonomikoen arabera.
Prestakuntza gauzatu ondoren dirulaguntza zehaztean, bertaratze bidezko ekintzetan ikasle batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 75ean bertaratu bada. Era berean, bertaratu gabeko modalitatean eskaintzen diren prestakuntza-ekintzei dagokienez, ikasle batek ekintza amaitu duela ulertuko da, gutxienez dagozkion ikaskuntza-jarraipeneko aldiroko kontrolen ehuneko 75 egin badu.
Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren lehen laurdenean langile batek prestakuntza-ekintza uzten badu, beste langile bat sartu ahal izango da bere ordez. Ekintzak hasi ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, ekintza bakoitzarengatik desbideratzeak onartuko dira ziurtapenetan, hain zuzen ere, prestakuntza-ekintza hasi duten parte-hartzaileen kopuruaren % 15era bitartean.
Langabezian dauden langileen kasuan, lana aurkitu dutela eta ekintza uzten badute, prestakuntza-ekintza amaitu dutela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-jardueraren ehuneko 25 gutxienez eginda badute.
Dagokion azken likidazioa burutzeko, 2009ko irailaren 15a baino lehen onuradunak inprimaki normalizatuak bete, eta Hobetuzera igorri beharko ditu, horretarako ematen diren aginduak bete ondoren:
Egindako prestakuntza-ekintza bakoitzaren, eta bere garaian hasi zela jakinarazitako ekintzaren amaiera-ziurtagiria (burutzapena).
Plana amaitu dela ziurtatzen duen agiria. Bertan zehaztuko dira burututako prestakuntza-ekintza guztiak.
Deialdi honetako hamazazpigarren oinarrian ezarritako kostu finantzagarrien eta egozte-irizpideen arabera, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostuak gutxienez ziurtatuko dituen dokumentazioa.
Aurkeztutako burutzapen-ziurtagirietan zuzen betetako informazioa duten, eta Deialdi honetako hamazazpigarren oinarriko 2. atalean aipatzen den parte-hartzaileen zerrendan sartu diren parte-hartzaileek bakarrik hartuko dituzte kontuan.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, onuradunari jakinaraziko zaion azken likidazio-erabakia hartuko da.
Egindako likidazioa onuradunari aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, onuradunak dagokion kopurua itzuli beharko du, erabakia hartzen den datatik hasi eta 20 eguneko epean.
Behin betiko likidazioaren ondorengo 20 eguneko epean, Titularrak jatorrizko agiriak aurkezteko prest egon beharko du edo, hala badagokio, emandako laguntzaren ondorioetarako kontuan hartutako ordainketei dagozkien ordainagirien fotokopia konpultsatuak aurkezteko.
Dirulaguntzaren onuradunak dirulaguntzaren emakida oinarritzen duen jarduera garatzen dela ziurtatzen duten agiriak gorde behar ditu 4 urtez, bai eta jasotako funtsen erabileraren ziurtagiriak ere. Onuradunak aipatutako justifikazioa aurkezteko ezarritako aldia amaitzean hasiko da epe hori. EBko funtsekin kofinantzatutako ekintzak badira, EBko araudiak zentzu horretan xedatzen duena jarraituko da.
Epe hori amaitu baino lehen jarduera etetea erabakitzen duten entitateek edo euren jarduna bertan behera uzten duten entitateek, aipatu dokumentazioaren kopia bidali beharko dute Hobetuzera.
Hemeretzigarrena. Laguntza jasotzeko eskubidea eskuratzeko eta gordetzeko baldintzak.
Laguntza jasotzeko eskubidea eskuratu eta gordetzeko, onuradunak honako betebehar hauek bete beharko ditu:
Hobetuzek edo administrazio eskudunak eskatuta, Aurreko Deialdietan jasotako kopurua itzuli izana.
Laguntza jaso duen prestakuntza-jarduera deialdi honetako eta EAEko Etengabeko Prestakuntzako Lanbide arteko Akordioko oinarri, baldintza eta betekizun formal eta materialen arabera egitea. Kontzeptu horregatik esleitutako funtsak ezin izango dira berau ematera bultzatu duten helburuetarako ez diren gauzetan erabili.
Hobetuzen aurrean jarduera egin dela egiaztatzea, baita laguntza ematea edo gozatzea zehaztuko duten betebeharrak eta baldintzak bete direla ere. Horretarako, dagozkion elementu justifikatzaileak aurkeztuko dituzte, eta prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datuak eta dokumentuak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek amaitu ondoren; horrenbestez, ekintza egin dela, emandako finantziazioa erabili dela, eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela behar bezala egiaztatu ahal izango da.
Argitalpenetan edo onartutako ekintzen komunikazio- eta hedadura-bideetan egiaztatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko langileentzako etengabeko prestakuntzarako laguntzen Hobetuzen 2008ko Aginduaren esparruan, eta hala badagokio, Europako Gizarte Funtsarekin aldi berean finantzatuta, egindako ekintzak direla.
Deialdi honetako baldintzaren bat betetzen ez denean, eta Fundazioak eskatzen dionean, jasotako laguntzaren zati bat edo osorik itzultzea.
Prestakuntza-ekintzak, osorik edo neurri batean, hirugarren pertsona fisiko edo juridikoek kontratatzen badituzte, laguntzaren titularra edo onuraduna ez da goian adierazitako betebeharretatik salbuetsiko.
Hogeigarrena. Jarraipena eta kontrola.
Deialdi honetan finantzatutako prestakuntza-planak gauzatzeko entitate arduradunek eskaintzen den prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute. Xede horretarako, onuradunek gutxienez eman zaien dirulaguntzaren % 1-5 artean erabiliko dute, kasu bakoitzean ebaluazioarekin lotuta erabakitzen diren irizpideen eta oinarrizko adierazleen arabera. Ebaluazio- eta kontrol-jarduera horiek prestakuntza taldeen ehuneko 5ean egingo da gutxienez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Estatuko Administrazioarekin Deialdi honetara bideratutako funtsak direla eta hartutako betebeharrei kalterik egin gabe, laguntzen onuradunek nahitaez onartu behar dituzte Hobetuzek zuzenean edo berak izendatutako pertsona batek-, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko esku hartzeko organoek, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak eta eskumeneko Europako erakundeek egingo dituzten egiaztatze- eta kontrol-jarduerak. Horrez gain, behar izanez gero, horretaz arduratzen diren pertsona fisikoei, ikuskapena edo kontrola egin behar den lokal eta instalazioetara sartzen lagunduko zaie, baita parte-hartzaileekin, Langileen Ordezkaritza Legaleko kideekin eta elkarrizketatu beharko diren beste hainbat pertsonekin harremanak errazten ere.
Kontrol-jarduera hauek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honakoa bete beharko du:
Hobetuzek eskatuta, finantzatutako ekintzak edo bere bideragarritasuna burutzeari buruzko informazioa aurkeztea, eta eskatuko zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta igortzera; egingo zaizkion eskaerei erantzuteko 10 egun izango ditu. Zentzu horretan, onuradunak prestakuntza-kostua justifikatzen duen dokumentazioa eta kontabilizazioa eduki beharko ditu. Betiere, ezar daitekeen araudiak adierazten dituen baldintzak beteko dira eta, hala badagokio, EBko araudia, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketari dagokionez.
Hobetuzek finantzatutako prestakuntza-ekintza osoan edo zati batean eragingo duten beste hainbat erakunderen dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla Hobetuz berari jakinaraztea.
Zuzeneko ekintzetan, bertaratuen eguneroko parte bat egitea. Eguneroko parte hori, irakasleak eta parte-hartzaile guztiek sinatuko dutena, kontrol-jardueren eskura utziko da.
Bertaratu gabeko prestakuntza-ekintzen kasuan, bestalde, kontrol-jardueren esku utziko da parte-hartzaile bakoitzari egindako jarraipen-kontrolei dagokien dokumentazioa. Era berean, kontrola egiteko beharrezkoak diren informazioa eta bitartekoak eskainiko dira eta, dagokionean eta Hobetuzek eskatzen badu, gakoak emango dira, Hobetuzek diruz lagundutako prestakuntzari buruzko informaziorako sarbide telematikoa ahalbidetzeko.
Laguntzaren onuradunak gastuei buruzko nahikoa informazio izan beharko du, Egitura Funtsen kargura emandako laguntzen kudeaketa- eta kontrol-sistemei buruzko 2001. urteko Europako Batzordearen 438/2001 zenbakidun EE Araudian ezarritakoaren arabera jarraipen egokia bermatzeko.
Hobetuzek, Deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla baieztatzera, eta diruz lagundutako ekintzak burutzeko baldintza errealak egiaztatzera zuzendutako Kontu-ikuskapenen Urteko Plana ezarriko du.
Plan horren barne sartuko dira, ondoriozko estatistika-irizpideen, eta bereziki, egingo den arriskuen analisiaren arabera Hobetuzek aukeratuko dituen espedienteak.
Halaber, Ikuskapen Planaren barne sartuko dira, behar bezala identifikatutako pertsonek oinarritu eta izenpetutako salaketen ondoriozko jarduerak.
Hogeita batgarrena. Dirulaguntzak itzultzea.
Zenbait kasutan ezin izango da laguntzaren ordainketa eskatu eta, hala badagokio, onuradunek, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dituzte, eta berandutze-interesak eskatuko dira laguntza ordaintzen den unetik. Honakoak dira kasu horiek:
Laguntza eman zenerako helburua edo laguntza hori emateko agindutako baldintzak ez betetzea. Oro har, xedea bete ez dela ulertuko da, baldin eta aurkeztutako eta onartutako datuak kontuan hartuta, ez bada lortzen prestakuntza orduen eta prestakuntza jasotako ikasle kopuruaren biderketaren adierazlearen % 35.
Jarduera egitea, eta laguntza ematea eta laguntzaz gozatzea zehazten duten baldintzak eta betebeharrak justifikatzeko obligazioa ez betetzea.
Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.
Hobetuzek edo horretarako legitimazioa duten erakundeek egindako jarraipen- eta kontrol-jarduerak ukatzea edo oztopatzea.
Errealitatearekin bat ez datozen diruz lagundutako ekintzak burutzeko baldintzei buruzko datuak eskaintzea.
Agindu honetan zehaztutako beste edozein obligazio, baldintza edo betebehar errespetatu ez izatea.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren idatzi bidez emango zaio hasiera itzultze-prozedurari eta Hobetuzek jakinaraziko dio pertsona onuradunari. Bertan, bete ez dituen puntuak adieraziko zaizkio, eta hamabost eguneko epean alegazioak edo beharrezkoak iruditzen zaizkion dokumentazioak aurkez ditzan eskatuko zaio.
Epea amaituta, alegaziorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak atzera bota badira, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Prestakuntzako sailburuordeak hartuko du erabakia, eta dirua itzultzea eskatuko du. Erabaki horretan adierazitako epean itzuli beharko da laguntzaren zenbatekoa. Hala ere, Hobetuzek dagokion espedientea igorriko dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailari, eskaera-idatziarekin eta alegazioekin batera eta, hala badagokio, alegazio horiek gaitzesteko proposamenarekin batera, administrazio eskudunak zenbateko hori itzultzeko eskakizuna erabaki dezan.
Epea amaitutakoan dirua itzuli ez bada, administrazio eskudunak premiamendu bidez berreskuratzeko behar diren izapideak egingo ditu. Itzuli beharreko zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira.
Hogeita bigarrena. Datuen tratamendu automatizatua.
Abenduaren 13ko 15/1999 Legean, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko Legea, aurreikusitakoaren arabera, Deialdi honen barruan sartu diren prestakuntza-ekintzen partaidetzak berekin ekarriko ditu legean aipatzen diren baimenak.
Datuak babesteko gaian indarreko araudiaren mendean geratuko da deialdi honen barruan aurkeztutako eskaeretan jasotako informazioa.
Izaera pertsonaleko Datuak Babesteko Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera, laguntza-eskaera betetzean interesdunak datu horiek Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren fitxategi automatizatuetan sartzeko baimena ematen duela ulertuko da. Aipatu Legean aurreikusten diren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta alderatzeko eskubideak Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean gauzatu daitezke (Kale Nagusia 35-6.a, 48009, Bilbao).
EAEko ENPRESA EDO
LANTOKIETAKO PREBENTZIO ORDEZKARIEN PRESTAKUNTZA EKINTZAK
GARATZEKO DIRULAGUNTZEN
DEIALDIAREN OINARRIAK,
LANEKO OSASUN ETA ARRISKUEN PREBENTZIOAREN LANBIDE ARTEKO AKORDIOAREN ESPARRUAN,
ETA BESTELAKO ARDURADUNEN PRESTAKUNTZA, ESPARRUKO ARAUDIAK EZARRITAKO PROZESUEN ARABERA
Lehenengoa. Xedea.
Oinarri hauen xedea da EAEko enpresa edo lantokietako Prebentzio Ordezkariak, Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren Lanbide arteko Akordioaren esparruan trebatzera zuzentzen diren eta 2008ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasi eta 2009ko ekainaren 30a baino lehen amaitzen diren prestakuntza-ekintzen laguntzak arautzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta lantokietako prebentzioko ordezkarien prestakuntza, Laneko Osasun eta Prebentzioaren Lanbide arteko Akordioaren baitan Laneko Osasuna eta Arriskuen Prebentziorako esparruan.
Esparruko araudiko prozesuen ezarpenarekin erlazionatutako enpresa txikietako arduradunen prestakuntza.
Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntzaren sektoreko langileentzako laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza emateko finantzaketa («Etengabeko prestakuntzara ikasgela»), sektoreko azpikontratazioa arautzen duen legeak xedatutakoaren arabera.
Bigarrena. Prestakuntzaren orduak eta moduluak.
Prebentzio-ordezkarien trebakuntzari dagokionez, Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren esparruko Lanbide arteko Akordioaren 9. eta 11. artikuluen arabera aurkez daitezkeen prestakuntza-programa espezializatuei kalterik egin gabe, prestakuntza-ekintzak oinarrizko prestakuntzarekin erlazionatuta egongo dira, Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren esparruko Lanbide arteko Akordioan adierazitakoaren arabera, eta bi zati bereiziko dira. Lehenengoak 32 ordu hartuko ditu eta prestakuntza teknikoari buruzkoa izango da; eta, bigarrenak, 16 ordu edukiko ditu eta araudi-mailako prestakuntzari buruzkoa izango da. Bi modulutan antolatuko dira ekintza guztiak: lehenengoa, prestakuntza teknikoari buruzkoa, guztira 24 irakas-ordu edukiko dituena; eta, bigarrena, araudi-mailako prestakuntzari buruzkoa izango da eta 12 irakas-ordu hartuko ditu. Gainerako orduak aipatu moduluetara joateko lanpostua nahitaez uzteko ordutzat joko dira.
Osalanek ezarriko ditu eduki teknikoak eta araudi-mailakoak eta, edozein kasutan, Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren esparruko Lanbide arteko Akordioan ezarritakora lotuko dira.
Baliabide finantzarioen optimizazioa bateragarri egiteko aukera emango duten eta Deialdi honen xede diren premia zehatzak betetzeko aukera emango duten eraginkortasun-irizpideak aplikatuz zehaztuko da prestakuntza-ekintza bakoitzean parte-hartzaileen kopurua.
Prestakuntza teknikoa zein araudi-mailakoa moduluka eta taldeka finantzatuko dira eta, gutxienez, 15 partaide eduki beharko dituzte.
15 partaidera iristen ez diren kasuetan, ondorengo taularen araberako murrizketa jasango du ekintzaren finantzaketak:
15 edo gehiago % 100
14 % 98
13 % 96
12 % 94
11 % 92
10 % 90
9 % 85
8 % 80
7 % 70
6 % 60
Taldea
<6 partaide Ez dute dirulaguntzarik edukiko
Enpresa txikietako arduradunen trebakuntzari eta Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntzaren sektoreko langileentzako laneko arriskuen prebentzioari dagokienez, («Etengabeko prestakuntzarako ikasgela»), eta azpikontratazioa arautzen duen legeak xedatutakoaren arabera, aurkezten den proiektuan zehaztuko dira aipatu prestakuntzak dituen orduak eta moduluak. Zentzu horretan, behar den bezala zehaztuko dira proiektuaren faseak eta ondo bereiziko dira prestakuntza-elementuak ezarpen-elementuetatik.
Hirugarrena. Prestakuntza emango duten zentroak.
Prebentzio Ordezkarien trebakuntzari dagokionez, oinarrizko ikastaroari dagokion prestakuntza teknikoa Osalanekin lankidetza-hitzarmena sinatu duten hezkuntza-sistemako zentro aitortuek eta homologatuek edo Osalanen lehiaketa publikoaren bitartez kontratatu direnek emango dute. Era berean, aipatu ikastaroa emango dute horretarako ziurtatutako Gizarte Segurantzako Lan Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Mutuek, bai eta enpresetako Prebentzio Ordezkarien trebakuntzarako ziurtatutako prebentzio-zerbitzuek ere.
Oinarrizko ikastaroari dagokion araudi-mailako prestakuntza eta eskubide eta betekizunei buruzko prestakuntza Sindikatu Elkarteek emango dute, betiere Osalanekin lankidetza-hitzarmena sinatuta badute. Euren Prebentzio Ordezkarientzat bakarrik emango dute ikastaroa, Osalanek landutako prestakuntza-eskuliburuak jarraituz.
Oinarrizko Prestakuntza Plana ematen duten zentroek eta irakasleek Osalanek eta Hobetuzek egiten dituzten ikuskapenak eta ebaluazioak onartu beharko dituzte.
Osalanen Kontseilu Orokorraren eskumenekoak ez diren Sindikatu Elkarteek Osalanekin hitzartu dezakete euren ordezkarien prestakuntza, betiere aurretik dagokien lankidetza-hitzarmena sinatu beharko dutelarik. Afiliazio sindikalik ez duten ordezkariek aukeratzen duten Sindikatu Elkarteak emandako araudi-mailako prestakuntza jasotzeko eskubidea edukiko dute.
Oinarrizko prestakuntza teknikoa emateko homologatutako zentroak edo entitateak, afiliazio sindikalik ez duten Prebentzio Ordezkariei araudi-mailako trebakuntza emateko homologatu ahal dira. Aipatu Prebentzio Ordezkariek aukeratzen duten Sindikatu Elkarteak emandako araudi-mailako prestakuntza jasotzeko eskubidea edukiko dute.
Enpresa txikietako arduradunen trebakuntzari eta Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntzaren sektoreko langileentzako laneko arriskuen prebentzioari dagokienez, («Etengabeko prestakuntzarako ikasgela»), eta azpikontratazioa arautzen duen legeak xedatutakoaren arabera, aurkezten den proiektuan zehaztuko dira aipatu prestakuntzak dituen edukiak eta proiektu bakoitza eskainiko duen zentroa.
Laugarrena. Eskaerak aurkeztea.
Onuradunak.
Deialdi honen esparruan laguntzak eska ditzakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren Lanbide arteko Akordioan xedatutakoaren arabera, Prebentzio Ordezkarien oinarrizko Prestakuntza Planen kudeaketa egozten zaien organismoek.
Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak Hobetuzen edozein lurralde egoitzatan aurkez daitezke, 2008ko azaroaren 24a baino lehen. Eskaera horietan Hobetuzek deskribatutako irizpideen arabera balorazioa egiteko behar den informazioa barne hartuko da, bai eta garatuko diren prestakuntza-ekintzen kostuen aurrekontu zehatz bat ere.
Bosgarrena. Esleipen irizpideak.
Laguntzak lehiaketa bidez emango dira eta ondoren adierazitako irizpideak jarraituko dira:
Atxikipen sindikalaren arabera, finantzatutako prestakuntza eskuratzeko orduan diskriminaziorik egingo ez delako bermeak.
Prebentzio Ordezkari eta enpresa txikietako arduradun ugariri informazioa emateko bermeak, lurralde-banaketa orekatu baten arabera.
Emango den prestakuntzaren kalitatearen bermeak eta eskatzailearen eskura jar daitezkeen funtsen erabileraren eraginkortasuna.
Prestakuntza emango duten entitateak kontratatzeko prozesuan lehia eraginkorra egingo dela ziurtatzeko bermeak.
Irizpide horiek haztatu egingo dira, gehienez ere 100 puntura arte. Atzera botako dira 50 puntura iristen ez diren eskaerak.
Seigarrena. Finantza esparrua.
Ekimen horiek aplika dakizkiekeen funtsen baliabideen, eta Hobetuzek eskura jartzen dituenen mende geratuko da prestakuntza-ekimenen finantziazioa. Hala ere, gehienez ere 1.000.000 euroko kopurua bideratuko da. Kantitate hori Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuko du, gehienez ere 500.000 euroko kopuruagatik.
Prestakuntza-planak finantzatzeko emandako dirulaguntzak likidatzeko aplika daitezkeen gehienezko modulu ekonomikoak (parte-hartzaile bakoitzarengatik eta prestakuntza-ekintza bakoitzarengatik kostua) ondoren adierazitakoak izango dira, betiere prestakuntzaren modalitatea eta maila kontuan hartuko direlarik:
Prestakuntza-
modalitatea Prestakuntza-maila
Oinarrizkoa Goi-mailakoa
Bertaratze bidezkoa 9 euro 13 euro
Urrutikoa 5,5 euro
Teleprestakuntza 7,5 euro
Mistoa Aurreko moduluak aplikatuko dira, prestakuntza-ekintzak dituen zuzeneko prestakuntza-orduen eta urrutiko edo teleprestakuntzako prestakuntza-orduen arabera
Zuzeneko modalitatearen kasuan, «Oinarrizko mailako» modulua zeharkako ikasgaien edo ikasgai generikoen prestakuntza denean aplikatuko da, hain zuzen oinarrizko gaitasunak eta kualifikazioak garatzeko gaitasuna eskaintzen denean.
«Goi-mailako» modulua, berriz, prestakuntza espezializazioa eskatzen duten ikasgaietan edota programazio edo zuzendaritzako gaitasunak garatzeko gaitasuna ematen denean aplikatuko da.
Zazpigarrena. Laguntzak pilatzea.
Deialdi honetan barne hartzen diren laguntzak, ez dira bateragarriak izango deialdi berean finantzatzen diren bestelako ekintzen laguntzekin.
Zortzigarrena. Prozeduraren instrukzioa eta ebazpena.
Prestakuntza-ekintzetako eskaerak aurkeztuta, Hobetuzek, aurkeztutako informazioa baino informazio gehiago eskatu ahal izango du.
Eskatzaileak, eskaera jaso eta biharamunetik hasita, 10 eguneko epean erantzun beharko du. Erantzunik ematen ez bada, eskaera artxibatu edo atzera botako da, betiere eskaerak 30/1992 Legeak, 1992ko azaroaren 26koak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 70. eta 71. artikuluan adierazitako gutxieneko eskakizunak betetzen ez baditu.
Hobetuzek aurkeztutako eskaera bakoitza, osorik edo neurri batean, artxibatu, ukatu edo onartzeko beharrezko akordioak hartuko ditu, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari luzatuko dizkio proposamenak, kasuan kasuko ebazpenak emateko.
Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak dagokion ebazpena hartuko du eta EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ebazpen horren aurka gorako errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean eta, horretarako, hilabete bateko epea edukiko dute, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.
Aipatutako ebazpena pertsona eskatzaileei jakinaraziko die Hobetuzek, eskaerak aurkezteko epea itxi eta gehienez ere 4 hilabeteko epean. Jakinarazpenik egiten ez bada, eskaera onartu ez dela ulertuko da.
Era berean, onuradunei onartutako prestakuntza-ekintzak eta kostua, parte-hartzaileen kopurua, ordu kopurua eta finantzaketa jakinaraziko zaizkie.
Eskatzaileak 10 egun edukiko ditu ebazpena onartzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori amaitzean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko da eta artxibatu egingo da.
Bederatzigarrena. Laguntzak justifikatzea.
Diruz lagundutako Prestakuntza Plana osatzen duten prestakuntza-ekintzak garatzean sortutako kostuak justifikatu beharko ditu erakunde onuradunak, 2009ko irailaren 15a baino lehen.
Kostuak, zuzenbidean dokumentu frogatzaile baliagarrien edo fakturen bidez justifikatuko dira, beti, funtsen aplikazio zuzena ziurtatzeko behar den xehetasunarekin, eta horren inguruan Hobetuzek emango dituen eta justifikazio-memoriaren eskuliburuan zehaztuko diren arauekin bat etorrita.
Kanpoko erakunde bat kontratatzen bada, erakunde horiek luzatuko dituzten fakturek, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarriak bereizteko modua izan behar dute.
Hamargarrena. Ordainketa.
Ordainketak, honako prozedura honen arabera egingo dira:
% 60ra bitarteko lehen ordainketa, ebazpena hartzeko unean.
Lehen ordainketa hau 180.303,64 euro baino gehiagokoa bada, ordainketa hori egin aurretik, titularrari erabakiarekin batera jakinaraziko zaizkion oharrak jarraituta, laguntzaren titular horrek dagokion banku-abala aurkeztu beharko du, edo prestakuntza-ekintza nahikoak egiteagatik dagoeneko eman diren gastuak justifikatuko dira, justifikatu gabeko gainerakoak 180.303,64 euro gainditu ez ditzan.
Bigarren ordainketa, behin betiko dirulaguntzaren gainerakoagatik, onartutako ekintza guztiak amaitzerakoan, justifikazio-memoria aurkeztu eta Hobetuzek azken likidazioa onartu bezain laster.
Hamaikagarrena. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharra.
Zenbait kasutan ezin izango da laguntzaren ordainketa eskatu eta, hala badagokio, onuradunek, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dituzte, eta berandutze-interesak eskatuko dira laguntza ordaintzen den unetik. Honakoak dira kasu horiek:
Laguntza eman zenerako helburua edo laguntza hori emateko agindutako baldintzak ez betetzea. Oro har, xedea bete ez dela ulertuko da, baldin eta aurkeztutako eta onartutako datuak kontuan hartuta, ez bada lortzen prestakuntza orduen eta prestakuntza jasotako ikasle kopuruaren biderketaren adierazlearen % 35.
Jarduera egitea, eta laguntza ematea eta laguntzaz gozatzea zehazten duten baldintzak eta betebeharrak justifikatzeko obligazioa ez betetzea.
Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.
Hobetuzek edo horretarako legitimazioa duten erakundeek egindako jarraipen- eta kontrol-jarduerak ukatzea edo oztopatzea.
Errealitatearekin bat ez datozen diruz lagundutako ekintzak burutzeko baldintzei buruzko datuak eskaintzea.
Agindu honetan zehaztutako beste edozein obligazio, baldintza edo betebehar errespetatu ez izatea.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren idatzi bidez emango zaio hasiera itzultze-prozedurari eta Hobetuzek jakinaraziko dio pertsona onuradunari. Bertan, bete ez dituen puntuak adieraziko zaizkio, eta hamabost eguneko epean alegazioak edo beharrezkoak iruditzen zaizkion dokumentazioak aurkez ditzan eskatuko zaio.
Epea amaituta, alegaziorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak atzera bota badira, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Prestakuntzako sailburuordeak hartuko du erabakia, eta dirua itzultzea eskatuko du. Erabaki horretan adierazitako epean itzuli beharko da laguntzaren zenbatekoa. Hala ere, Hobetuzek dagokion espedientea igorriko dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailari, eskaera-idatziarekin eta alegazioekin batera eta, hala badagokio, alegazio horiek gaitzesteko proposamenarekin batera, administrazio eskudunak zenbateko hori itzultzeko eskakizuna erabaki dezan.
Epea amaitutakoan dirua itzuli ez bada, administrazio eskudunak premiamendu bidez berreskuratzeko behar diren izapideak egingo ditu. Itzuli beharreko zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira.
Hamabigarrena. Erakunde onuradunaren betebeharrak.
Laguntzen erakunde onuradunek nahitaez onartu behar dituzte Hobetuzek zuzenean edo berak izendatutako pertsona batek-, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko esku hartzeko organoek, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak eta eskumeneko Europako erakundeek egingo dituzten egiaztatze- eta kontrol-jarduerak. Horrez gain, behar izanez gero, horretaz arduratzen diren pertsona fisikoei, ikuskapena edo kontrola egin behar den lokal eta instalazioetara sartzen lagunduko zaie, baita parte-hartzaileekin, Langileen Ordezkaritza Legaleko kideekin eta elkarrizketatu beharko diren beste hainbat pertsonekin harremanak errazten ere.
Hamahirugarrena. Ordezko araudia.
eranskin honetan barne hartu ez diren alderdiei dagokienez, Agindu honetako I. eranskinean, Euskal Autonomia Erkidegoko langileengana zuzendutako etengabeko prestakuntzaren dirulaguntzen deialdiari buruzkoan, xedatutakoari jarraitu zaio.


