Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2008ko abenduaren 10ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez, 2009. urterako laguntzatarako dei egiten zaie Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean Oinarrizko Ikerketako eta Bikaintasuneko Zentroen kategorian egiaztatuta dauden agenteei (BERC programa). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2008ko abenduaren 10ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez, 2009. urterako laguntzatarako dei egiten zaie Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean Oinarrizko Ikerketako eta Bikaintasuneko Zentroen kategorian egiaztatuta dauden agenteei (BERC programa).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 249
  • Hurrenkera-zk.: 7222
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/12/10
  • Argitaratze-data: 2008/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Herri Administrazioa

Testu legala

Agindu honek Euskadi ikerketetan Europako erreferentzia izatea lortzeko prozesuari lagundu nahi dio, egin beharreko jarduerak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 2010 Planean jasotako estrategiekin bateratuz. Izan ere, plan horretako ildo estrategikoen artean ezarri da Ikerketako Euskal Bikaintasun Zentroak (Basque Excellence Research Centre-BERC-) sortzeko eta garatzeko laguntzak ematea.

Euskal Herrirako interes zientifikoko esparruetan jakintza sortzeko egiturak dira Ikerketako Euskal Bikaintasun Zentroak. Zentrook berriak dira Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sisteman eta, gainera, ikerketa bikainak egiten dituzte. Euskal unibertsitate-sisteman eta Euskadin eginiko ikerketa zientifiko osoaren barruan punta-puntako izateko bokazioarekin sortu dira erakunde horiek eta jakintzaren Europako lotunearena egiteko, mundu osoko zentroekin konektatuta. Zentro horien helburua da Euskadi munduko ikerketa-sareetan kokatzea.

Laguntza-agindu honen helburua, azken batean, bikaintasuneko ikerketa zientifikoa sustatzea da, batetik, Euskadin ikerketa zientifikoaren maila eta kalitatea goratzeko, eta, bestetik, erreferentziazko ikertzaileak erakartzea funtsezkoak jotzen diren jakintza-arloetara, betiere profesional horiek bikaintasuna eta eginiko ikerketaren nazioartekotzea biltzeko. Horregatik, bada, Berrikuntzako Euskal Sistematik kanpoko ikertzaileak atzemateko eta erakartzeko Ikerbasque Fundazioa egiten ari den lanarekin harreman estua du ekimen horrek. Halaber, zentro horiek sortu eta abian jartzean, euskal unibertsitate-sisteman diharduten ikertzaileekin lankidetzan aritzeko mekanismoak ezarri beharko dituzte, euren ahalmen ikertzailea bultzatzeko.

Laguntza hauen helburua, beraz, ikerketako euskal bikaintasun-zentroak (Basque Excellence Research Centres -BERC-) garatzea da: finantzatu egingo dira, eta horretarako jarduera ez-ekonomikoaren eta horri lotutako helburuak aztertu eta ebaluatuko dira.

Horiek horrela eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan -Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoan- xedatutakoari jarraituz,

Hori guztia kontuan izanik, hau

Agindu honen xedea da 2009ko ekitaldirako laguntzetarako dei egitea, Euskal Herrian ikerketako bikaintasun-zentroak garatzeko, mundu mailako proiekzioa izan dezaten beren jakintza-arloetan.

  1. Agindu honen bidez deitzen diren laguntzak finantzatzeko, guztira, 27.000.000,00 euro erabiliko dira, modu honetan banatuta: 8.00.000,00 euro 2009rako; 6.000.000,00 euro 2010erako; 6.000.000,00 euro 2011rako eta 7.000.000,00 euro 2010rako, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrean berariaz ezarritako aurrekontu-kredituarekin bat etorriz.

  2. Eman beharreko laguntzen zenbateko osoak ezingo du gainditu arestian jasotako diru-kopurua edo hura eguneratzearen ondorioz sortutakoa. Eguneratze hori, hain zuzen, kreditu-loturari edo indarrean dagoen legedian aurreikusitako aurrekontu-aldaketari dagokion erregimenari jarraituz egingo da, eta betiere laguntzak ebatzi baino lehen. Halaber, halakorik gertatuz gero, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak ebazpen bat emango du horren berri emateko.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izango dituzte oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroek (finkatuek edo finkatze-fasean daudenek), betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean urriaren 1eko 221/2002 Dekretuan arautuan parte hartzen badute.

  2. Onuradunek baldintza hauek beteta izan beharko dituzte eskabideak aurkezten dituzten egunean:

    1. Oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentro moduan onartuta egotea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean.

    2. Ogasunarekiko nahiz Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatea.

    3. Zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duten legezko debekuetan sartuta ez egotea ere.

  1. Laguntza-deialdi honen bitartez, gehienez ere, erakunde onuradunen 2009, 2010, 2011 eta 2012. ekitaldietako jarduera ez-ekonomikoen kostu osoaren % 100 lagunduko da, jarduera horien helburuak betetzeko. Ildo horretan, jarduera ez-ekonomiko gisa ulertuko da Europako Batzordeak bere erkidegoaren eremuan xedatutakoa estatuek ikerketa, garapen eta berrikuntzarako ematen dituzten laguntzen inguruan (2006/C/323/01).

  2. Ez da jarduera ekonomikorik finantzatuko. Jarduera ekonomikotzat joko dira kontratupean industriaren alorrarekin aurrera eraman diren ikerketak eta ikerketa-azpiegiturak alokatzea eta bestelako jarduera ekonomikoak, baldin eta Europako Batzordearen arautegian -aurreko atalean aipatutakoan- jaso eta eskatzen diren baldintzei erantzuten ez badiete.

  1. Diru-laguntzak ez dira itzuli beharko eta urte anitzekoak izango dira eta ikerketa-zentroarekin sinatu beharreko hitzarmen baten bidez gauzatuko dira.

  2. Laguntzak banan-banan eta hurrenkera baten arabera esleituko dira, eskatze-espedientea betetzen denean.

  3. Ez da laguntza gehiagorik emango behin 2. artikuluan aipatzen den kreditua agortu eta gero. Halakorik gertatuz gero, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak ebazpen bat eman, eta EHAAn argitaratuko du horren berri emateko.

  4. Onuradun bakoitzari zenbateko diru-laguntza emango zaion zehazteko, eskabidea aztertu eta 7. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak aplikatuko dira. Onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntza zehazteko, balorazio-fasean lortutako balorazio-portzentajea aplikatuko zaio onartutako aurrekontu osoari.

  1. Arau honetan ezarritako laguntzetara biltzen diren entitate onuradunek beste laguntza batzuk ere jaso ahal izango dituzte, berdin izanik zein organok edo administraziok ematen dituen. Dena den, entitate onuradunak jasotako eta metatutako laguntzek, guztira, ezin dute jarduera ez-ekonomikoaren kostu osoaren % 100 gainditu. Ehuneko horretan sartuko da onuradunak hirugarren pertsonengatik jaso dezakeen laguntza eta diru-sarrera oro.

  2. Onuradunak jasoko dituen laguntzen guztizko zenbatekoa zein den jakitean eta Arau honetan ezarritakoaren arabera eskura ditzakeen laguntzak zehazte aldera, Europar Batasunean arlo horretan indarrean dauden arauak aplikatuko dira, eta, zehazki, Estatuek Ikertu, Garatu eta Berritzeko ematen dituzten Laguntzei buruz Europar Batasuneko esparruan xedatutakoa kontuan hartuko da.

  3. Jasotako diru-laguntzek aurreko idatz-zatian adierazitako muga gainditzen badute, Agindu honen harira emandako laguntzak dagokion zenbatekoaren arabera gutxituko dira, muga hori erdietsi arte.

  1. Aurkeztutako eskabideak ebaluatu eta eman beharreko diru-laguntza zehazteko, baloratu egingo da zer ikertuko duen zentroek. Horretarako kontuan izango dira irizpide orokor hauek:

    Bikaintasun zientifikoa eta ikerkuntzaren kalitatea. Alderdi hauek kontuan hartuta ebaluatuko da:

    Ikerkuntza-programa.

    Ikertzaile-taldea.

    Nazioarteko lankidetza.

    Ikertzaileen prestakuntza.

    Bikaintasunerako gobernua eta kudeaketa. Alderdi hauek kontuan hartuta ebaluatuko da:

    Egitura eta ekintza-plana.

    Parte hartzen duten erakundeen artean adostutako akordioak.

    Instalazioak eta ekipamenduak.

    Zentroaren etorkizuneko garapena.

    Zientziaren euskal sistema Ikerketaren Europako Espazioan integratzeko ekarpena. Alderdi hauek kontuan hartuta ebaluatuko da:

    Lankidetza Euskadiko sektore publiko eta pribatuekin.

    Ikerketako nazioarteko sareetan integratzea.

  2. Eskabideak ebaluatzeko, baremo hauek ezartzen dira: 70 puntu zientzia-bikaintasunerako eta ikerketaren kalitaterako, 15 puntu bikaintasunaren gobernu eta kudeaketarako eta 15 puntu zientziaren euskal sistema Ikerketaren Europar Espazioan integratzeko egiten diren ekarpenetarako.

  3. Eskabideak diruz laguntzeko, gutxienez 75 puntuko puntuazio orokorra lortu beharko dute eta zientzia-bikaintasuna eta ikerketaren kalitateko atalean, berriz, 55 puntukoa, gutxienez.

  4. Ikerbasque Fundazioak aztertu eta ebaluatuko ditu eskabideak, eta haien balioztapen zientifikoa eta teknikoa egin eta gero, hautaketa-batzordeari aurkeztuko dizkio.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzetara biltzeko eskabideak eta gainerako dokumentazio gehigarria bidaltzeko helbidea:

    Eusko Jaurlaritza.

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.

    Zientzia Politikarako Zuzendaritza.

    Donostia kalea 1.

    01010 Vitoria-Gasteiz.

    Bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutako beste edozein bide erabili ahal izango da horretarako.

  2. Eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

    1. Eskabide-orria; bertan, eskatzailearen datuak jasoko dira.

    2. Gauzatu beharreko ekintza-plana edo plan estrategikoa, xedapen honetako 8. artikuluko 5 idatz-zatien adierazitako zehaztapenekin bat.

    3. Eskatzailearen ordezkatze-ahalmenaren kopia.

    4. Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

    5. Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela ziurtatzen duen egiaztagiria.

    6. Zerga-betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duen egiaztagiria.

    7. Jarduera ez-ekonomikoak aurrera eramateko beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako edo haiengatik jasotako laguntzen adierazpena.

    8. Erakunde eskatzailearen aitorpena. Bertan adieraziko du ez duela zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere, sexu-arrazoiengatiko bazterkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko seigarren azken xedapenean xedatutakoaren arabera.

  3. Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabidea eta bestelako dokumentazioa aurkezteko epea, eta amaitu, berriz, 2009ko urriaren 31n amaituko da.

  4. Deialdiaren testua eta eskabide-orria lortzeko interneteko helbidea: «http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net».

  5. Edonola ere, eskabidea eta garatu beharreko ekintza-plana aurkeztu beharko dute ikerketa-zentroek. Plan horretan, honako alderdi hauek sartu beharko dira: egin beharreko ikerkuntza-lanaren plangintza; ikertzaile-taldeak; helburuak; emaitzen estimazioa; finantza-plana; azpiegituren eta ekipamenduaren deskribapena; ikertzaileak hautatzeko eta prestatzeko politika eta deskribapen osoa emateko beharrezkoak diren gainerako alderdi guztiak.

  6. Eskabideak behar bezala bete ez badira edo Agindu honetan eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ez bada, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesatuari akatsak zuzentzeko eta falta den dokumentazioa aurkezteko; halaber, eskatzaileari jakinaraziko zaio, gauzak horrela egiten ez baditu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela. Horretarako, Politika Zientifikoko zuzendariak ebazpena emango du (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 71.1 artikulua).

  7. Nolanahi ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak edo, behar izanez gero, Ikerbasque Fundazioak -Agindu honetan jasotako diru-laguntzak kudeatzean entitate laguntzaile moduan jardungo baitu- aurkeztutako eskabidea egokiro ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiri edo argibide osagarriak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eta aditzera emango die Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko dela agindu honetan berariaz aurreikusi gabe dagoen guztirako.

  1. Hautaketa-batzordeak, aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatu eta gero, Agindu honetan xedatutako diru-laguntzen esleipen-proposamenak egingo ditu.

  2. Honako hauek osatuko dute hautaketa-batzordea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikako zuzendariak (batzordeburua izango da), Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate zuzendariak eta Zientzia Politikako Zuzendaritzako teknikari bat. Azken horrek idazkari gisa jardungo du.

  3. Hautaketa-batzordea bilerak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko baliozkoa izan dadin, bertan batzordeburuak eta idazkariak egon beharko dute edo, horiek ez badaude, euren ordezkariak. Hautaketa-batzordearen funtzionamenduari buruz atal honetan aurreikusi ez denari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. tituluko II. kapitulua aplikatuko da modu osagarrian.

  1. Aurkeztutako eskabideak ebazteko proposamenak prestatuko ditu hautaketa-batzordeak eta organo eskumendunari bidaliko dizkio.

  2. Proposamena eskatutako diru-laguntza esleitzearen aldekoa bada, honako hauek zehaztuko ditu: zenbateko diru-laguntza dagokion eskatzaile bakoitzari, zein urtetan emango den diru-laguntza eta zein baldintza gehiago jotzen diren beharrezko onuradunarekin sinatu beharreko hitzarmena definitzeko.

  3. Kontrakoa bada, arrazoiak azaldu beharko dira.

  1. Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari dagokio eskatutako laguntza eman edo ukatzeko ebazpena ematea eta jakinaraztea. Eskabideko ebazpen bat emango da, eta haren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoaren arabera.

  2. Eskabidea aurkeztu eta sei hilabete igaro ostean, ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsitzat jo beharko du interesatuak.

  3. Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa -urtekoetan banatuta-, baldintzak, epeak eta exijitutako egiaztagiriak adieraziko ditu esleipen-ebazpenak.

  4. Eskatzaileei banan-banan emango zaie ebazpenaren berri. Dena dela, argitalpen-ondorioetarako, onuradunen eta esleitutako diru-laguntzen zenbatekoen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

  1. Laguntzak zatika ordainduko dira; honela:

    1. Diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta berehala ordainduko da 2009ko diru-laguntzaren % 80.

    2. 2009ko gainerako % 20 ordaintzeko, berriz, urte horretako jarduera ez-ekonomikoaren justifikazio-agiriak eta helburuen betetze-maila aurkeztu beharko dira.

    3. 2010eko diru-laguntzarako, aurreko idatz-zatian adierazitako 2. ordainketarekin batera, bigarren urteko diru-laguntzaren % 80 aurreratuko da; gainerako % 20, berriz, hurrengo ekitaldian ordainduko da, arestian adierazitako agiriak aurkeztu eta gero. 2011 eta 2012ko ekitaldietan ere berdin jokatuko da.

  2. Justifikazio-agiriek plan estrategikoaren bitartez helburuetan lortutako betetze-maila ez ezik honako agiri hauek ere jaso beharko ditu:

    1. Erakunde onuradunen finantzen egoeraren ikuskaritza-txostena.

    2. Auditore batek egindako ziurtagiria erakunde onuradunek burututako jarduera ez-ekonomikoaren zenbatekoari buruz.

    3. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak egindako ziurtagiri bat erakundeak ekitaldi horretan beste erakunde publiko edo pribatuetatik deialdiaren helburu bererako jasotako laguntza guztiei buruz.

      Justifikazio-agiriak 2010, 2011 eta 2012ko ekitaldietako lehenengo seihilabetean aurkeztu beharko dira.

  3. Diru-laguntzak ordaindu baino lehen, ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean, hitzarmen bat sinatu beharko da erakunde onuradunarekin, ebazpeneko baldintzekin bat etorrita. Hitzarmen horrek, gutxienez, alderdi hauek jaso beharko ditu:

    1. Garatu beharreko ikerketa-ildoak, zentroaren Plan Estrategikoan aurreikusitako helburuekin bat, eta horien betetze-maila ebaluatzeko irizpideak. Ildo horretatik, berariaz aipatu beharko dira kalitate-adierazleak eta helburuen araberako emaitzen ebaluazio-irizpideak.

    2. Indarraldia.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzak, horiek ordaintzeko epeak eta moduak eta beharrezko egiaztagiriak.

    4. Adostutako konpromisoak ez betetzeak izan ditzakeen ondorioak.

    5. Hitzarmena bere indarraldian zehar aldatzeko aukerari buruzko zehaztapenak, xedapenen aldaketei edo aurreikus daitezkeen antzeko aldaketei egokitze aldera.

    6. Indarraldia bukatu barik hitzarmena bestelako arrazoiagatik iraungitzeko arrazoia, eta kasu horretan, nola bukatu behar diren aurrera eramaten ari diren jarduerak.

    7. Hitzarmena suntsitzeko arrazoiak eta ondorioak.

    8. Kontrol-neurriak eta, behar izanez gero, jarraipen-batzorde mistoa ezartzea.

  4. Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak sinatuko ditu hitzarmenak.

  1. Entitate onuradunek eurek egin beharko dituzte zuzenean diruz lagundutako jarduera ez-ekonomikoak; gainera, honako hauetara behartuta daude:

    1. Diru-laguntza jarduera jakin batzuetarako esleitu bada, horiexetarako erabiltzea, nahiz eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jarduera horiek burutzerakoan sor litezkeen aldakuntzak onar ditzakeen, betiere aldaketa horiek guztiz justifikatu badira eta, agindu honetan ezarritako moduan, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren berariazko baimena lortu bada.

    2. Kostuen kontrolari eustea. Haren bidez, entitateak burutzen duen jarduera ekonomikoa eta ez-ekonomikoa bereiziko dira.

    3. Esleitutako diru-laguntzei buruz Politika Zientifikoko Zuzendaritzari laguntza eskaintzea egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiterakoan. Halaber, eskatzen zaien informazioa guztia eman beharko dute entitate onuradunek.

    4. Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez, hamar urteko epean.

    5. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak -diru-laguntzen gaineko fiskalizazio-egitekoak dituztenez- eskatzen dituzten agiri guztiak eman beharko dizkiete.

    6. Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatuetatik, helburu berbera edo antzeko bat burutzeko, diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu badira edo jaso, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari.

  1. Agindu honetan jasotako xedapenekin bat esleitutako diru-laguntzak kudeatze aldera, Ikerbasque Fundazioa izendatu da entitate laguntzaile, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Legeko 52. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezartzen duena eta haien kudeaketan parte hartzen duen entitate laguntzaileen betebeharrak, erreginena eta obligazioak zehazten dituena) ezarritako zehaztapenekin bat.

  2. Ikerbasque Fundazioak, entitate laguntzaile gisa, honako eginkizunak izango ditu:

    1. Eskaerak jasotzea.

    2. Egindako proposamenak aztertzea eta ebaluatzea.

    3. Entitate onuradunarekin sinatu beharreko hitzarmena proposatzea.

    4. Ordainketak proposatzea eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.

    5. Kontrol- eta jarraipen-prozesuak zehaztea eta ezartzea.

    6. Lortutako emaitzen azken ebaluazioa.

    7. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hala aginduta, programaren kudeaketa zuzenerako behar diren jardueretan parte hartzea.

    8. Programa honen kudeaketari buruz Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduera guztietan parte-hartzea.

    9. Diru-laguntzen onuradunek aurkeztutako justifikazio-agiriak jaso eta gordetzea eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren, Ekonomia Kontrolerako Bulego eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea.

      15 artikulua. Baldintzak ez betetzea.

      1. Agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak ez baditu betetzen onuradunak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Legeko 53.1 artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak -Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituenak- ezarritako kasuetan, eta laguntzen esleipen-ebazpenean edo 12.3 artikuluan aipatutako hitzarmenean ezarritako baldintzak ez baditu betetzen onuradunak, organo eskumendunak, interesdunari audientzia emango zaion ez-betetze espedientea izan eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio ebazpena emango du eta, hala behar izanez gero, eskuratutako laguntzak eta horiei dagozkien legezko interesak itzultzeko obligazioa izango du, eta, halaber, bidezkoak diren gainerako egintzen eragina izan dezake. Kopuru horiek diru sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

      2. Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzari dagokio baldintzak ez betetzeagatik espedientea irekitzea eta ebaztea; zenbait kasutan, Ikerbasque Fundazioaren proposamenez ere egin daiteke.

  1. Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango dela aipatu beharko da, betiere, Arau honek ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.

  2. Orobat, eta onuradunak salbuespen gisa eta aldez aurretik eskabidea egin eta justifikatuz gero, aurrera eraman beharreko jarduerak egiteko epea luzatu ahal izango du laguntzak onartu zituen administrazio-organoak, baldin eta alegatu diren arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute.

  3. Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak aldaketak onar ditzake jardueretan, betiere aldez aldaketak egitea eskatu badu eta entitate onuradunak amaitu aurretik guztiz justifikatu baditu, eta ez baditu desitxuratzen bere izaera eta helburuak.

  1. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, inprimakian jasotako datu pertsonalak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan barneratuko dira.

  2. Eskabidea sinatu duten pertsona fisikoak ez diren hirugarren pertsonen datu pertsonalak fitxategi automatizatu horretan bertan jasoko dira eta, beraz, haiek halaxe jakinarazi behar diete datuak eskaera-inprimakian adierazi aurretik.

  3. Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak eta indarrean dagoen legeriak pertsona fisiko interesdunei aitortzen dizkien gainerakoak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan erabili ahal izango dira (Donostia-San Sebastián kalea, 1 - PK 01010 Vitoria-Gasteiz).

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomi eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009. urteko aurrekontu orokorretan.

Lehenengoa. Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Horretarako epea bi hilabetekoa izango da, iragarki hau argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango ditu ondorioak Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 10a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

BERC LAGUNTZAK 2009-2012. ESKABIDE-ORRIA

Andrea:

Sinatzaileak (*), (izena eta bi abizen)

NAN zk.

erakunde honen ordezkari gisa:

Eguneko Agindura biltzen da Agindu horren

bitartez, BERC Programaren diru-laguntzak arautzen dituzten laguntzak

deitzen dira EHAA zk. eguna

ESKATZEN DU:

BERC 2009-2012 laguntza bat eman diezaiotela, agiri honekin batera aurkeztutako datuekin bat.

Eta jasota gera dadin, adierazpen hau sinatzen dut _________(e)ko ______aren ____

Erakundearen legezko

ordezkariaren sinadura

  1. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, inprimakian jasotako datu pertsonalak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan jasoko dira.

  2. Eskabidea sinatu duten pertsona fisikoak ez diren hirugarren pertsonen datu pertsonalak fitxategi automatizatu horretan bertan jasoko dira eta, beraz, haiek halaxe jakinarazi behar diete datuak eskaera-inprimakian adierazi aurretik.

  3. Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak eta indarrean dagoen legeriak pertsona fisiko interesdunei aitortzen dizkien gainerakoak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan erabili ahal izango dira (Donostia-San Sebastián kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).

    UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILBURUORDE ANDREA

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik