- AGINDUA, 2009ko urtarrilaren 8koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez dei egiten da 2009-2010 ikasturtean Musikenen, Goi Mailako Musika Ikastegi Baimenduan, musikako goi-mailako ikasketetara sartzeko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2009ko urtarrilaren 8koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez dei egiten da 2009-2010 ikasturtean Musikenen, Goi Mailako Musika Ikastegi Baimenduan, musikako goi-mailako ikasketetara sartzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 22
- Hurrenkera-zk.: 514
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/01/08
- Argitaratze-data: 2009/02/02
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, (maiatzaren 4ko BOE, 106. zk.) 54.2 artikuluan ezartzen du musikako goi mailako ikasketak egin ahal izateko, beste hainbat betebehar akademikoez gain, beharrezkoa dela sarrera-proba gainditzea, eta proba horretan izangaiak erakutsi beharko duela ikasketak probetxuz egiteko beharrezkoak diren ezagupen eta gaitasun profesionalak dituela.
Goi Mailako Ikasketa Artistikoei dagokienez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa oraindik garatu ez denez, sarrera-proben egitura 617/1995 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren bitartez ezarriko da, bat baitator 2/2006 Lege Organikoaren hamaikagarren xedapen iragankorrarekin.
Sarrera-probak gaindituta 2009-2010 ikasturtean aukeratu daitezkeen espezialitateak esplizituki aipatzen dira araudi honetan, eta apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuaren (ekainaren 6ko BOE, 134. zenbakia) 3. artikuluan zehaztutako espezialitateen zerrenda ofizialeko zati dira.
Xedea.
Agindu honen xedea da 2009-2010 ikasturtean goi-mailako musika-ikasketetan aritzeko sarrera-probak deitzea, 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa Hezkuntzari buruzkoaren 54.2 artikuluan aurreikusten denez.
Espezialitateak.
Musikenen 2009-2010ean eskueran dauden espezialitateak hauek dira:
Akordeoia
Harpa
Kantua
Klarinetea
Konposizioa
Kontrabaxua
Abesbatzako zuzendaritza
Orkestrako zuzendaritza
Fagota
Zeharkako flauta
Gitarra
Herriko eta tradizio-musikako musika-tresnak (txistua)
Jazza (baxu elektrikoa, bateria, kantua, kontrabaxua, gitarra, pianoa, saxofoia, tronboia eta tronpeta)
Oboea
Organoa
Musika Lengoaia eta Hezkuntzaren Pedagogia
Perkusioa
Pianoa
Saxofoia
Tronboia
Tronpa
Tronpeta
Tuba
Biola
Biolina
Biolontxeloa
Betekizun akademikoak.
Musikako goi-mailako ikasketak egin ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 54.2. artikuluaren arabera:
Batxiler-titulua izatea edo Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako sarbide-proba gaindituta izatea.
Berariazko sarbide-proba bat gainditzea. Proba horretan, ikasketak probetxuz egiteko beharrezkoak diren lanbide-jakintzak eta lanbide-trebetasunak dituela frogatuko du ikasleak.
Musikako lanbide-titulua izatea ere kontuan hartuko da probaren azken kalifikazioan, 2/2006 Lege Organikoaren 54.2 artikuluan ezartzen denez. 1577/2006 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezartzen denez, sarrera-probako azken notaren % 30 izango da izangaiaren lanbide-ikasketen espedienteko batez besteko nota, beti ere berariazko proba gainditzen badu.
Era berean, 2/2006 Lege Organikoaren 69.5. artikuluaren arabera, hemeretzi urtetik gorakoek goi-mailako arte-irakaskuntzak zuzenean egiteko aukera izango dute 3.1. artikuluko a) idatz-zatian jasotako baldintzak bete barik. Dena den, proba bat gainditu beharko dute, egiaztatzeko Batxilergoaren helburuetan lortutako heldutasuna eta irakaskuntzak probetxuz egiteko beharrezkoak diren jakintzak, trebetasunak eta gaitasunak.
Probaren ondorioak eta baliozkotasuna.
Goi-mailako musika-ikasketetan aritzeko sarrera-proba gainditzeak proba-deialdiko ikasturtean matrikulatzeko ahalmena besterik ez du ematen, alegia, 2009-2010 ikasturterako. Horrenbestez, proba gaindituta plaza lortu ezean, goi-mailako ikasketa hauetan aritzeko interesa badute, izangaiek proba osorik errepikatu behar dute hurrengo deialdietan.
Probak.
Musikeneko goi-mailako musika-ikasketetan aritzeko sarrera-probak 2009ko ekainaren 22a eta uztailaren 3a bitartean egingo dira zentroan bertan. Helbidea hau da:
Miramar Jauregia
Mirakontxa pasealekua, 48
20007 Donostia-San Sebastián
Musikeneko iragarki-taulan eta bere web-gune ofizialean (www.musikene.net) gutxienez astebete lehenago argitaratuko da zein egunetan eta ordutan egingo diren probaren era askotako atalak eta bestelako informazio adierazgarria.
Sarrera-probak baino lehenago egingo da 19 urtetik gorakoei Hezkuntzari buruzko maiatzaren 2/2006 Lege Organikoaren 69.5 artikuluak ezartzen dien berariazko proba, hain zuzen ere ekainaren 15ean.
Epaimahaiak:
Sarrera-proba ebaluatzeko, epaimahai bakar bat eratuko da espezialitateko. Gutxienez ere hiru kideko kopuru bakoiti batek osatuko du epaimahaia. Kideak dagokion espezialitatekoak izango dira; edo, bestela, antzeko espezialitateetakoak.
Sarrera-proba zuzen baloratzeko, ariketen espezialitateko irakasleen aholkularitza izan dezake epaimahaiak, hala egoki baderitzo.
Musikeneko organo eskudunek izendatuko dituzte epaimahaiko kideak.
Sarrera-proben egitura eta edukia.
617/1995 Errege Dekretuaren 8. artikuluak deskribatzen du sarrera-probaren oinarrizko egitura.
Sarrera-proben egitura eta edukiei buruzko gainontzeko informazio guztia www.musikene.net web gunean argitaratuko da.
Izena emateko eskabidea:
Izena emateko eskabidea 2009ko martxoaren 16tik maiatzaren 19ra bitartean aurkeztu ahal izango da Musikeneko egoitzan, edo posta ziurtatu bidez, edo arestian aipatutako web gunearen bidez, bertako «sartzeko probak» aukera erabiliz.
Eskaera egitean, izangaiek idatzita adieraziko dituzte aukeratutako espezialitateak, eta hiru gehienez.
Behar bezala betetako eskaerarekin batera, izangaiek dokumentu hauek eman behar dituzte: NANaren edo indarreko pasaportearen fotokopia eta deialdi honen 9. artikuluan adierazitako inskripzio-eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.
Posta ziurtatu bidez egindako inskripzioak eta web gune bidezko inskripzioen dokumentu erantsiak helbide honetara bidaliko dira:
Musikene. Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegia
Sarrera-probak: 2009-2010 ikasturtea
Miramar Jauregia, Mirakontxa pasealekua 48
20007 Donostia-San Sebastián
Gipuzkoa.
Inskripzioa ez da burututzat joko harik eta lehenago aipatutako dokumentu guztiak Musikenera iristen diren arte.
Ez da onartuko posta-zerbitzuetan 2009ko maiatzaren 19a eta gero sartutako eskaera edo dokumentuak, ezta web-gunetik data horren ondoren bidalitako inskripzioak ere.
Inskripzio-prezioa.
Musikenek 80 euroko prezioa ezarri du 2009-2010 ikasturtean eskaintzen den espezialitate bakoitzeko sarrera-proben deialdiko inskripziorako. Zenbateko hori ordainduz gero, bakar-bakarrik izango da eskubidea dagokion sarrera-proban parte hartzeko, eta ez ditu jasoko izangaiak izan ditzakeen gastuak, hau da, musikari laguntzaileek parte hartzeak ekarri ditzakeen gastuak.
Ondoren zehaztutako kontu korrontean ordaindu behar da eta ordezkagiria Musikenera bidali beharko da, gainerako dokumentuekin batera, aurreko idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Musikeneren banku-datuak:
Bankua: Kutxa
Helbidea: Garibay, 15; 20004 Donostia-San Sebastián
Erakundea: 2101 Bulegoa: 0381 DC/Kontu zenbakia: 070011084423
IBAN kodea: ES43 2101 0381 0700 1108 4423
SWIFT-BIC kodea: CGGKES22
Izangai batek hainbat espezialitate aukeratzen baditu, aipatutako eskubideak ordaindu behar ditu espezialitateko.
Probaren kalifikazioa.
Sarrera-proba arruntari zero eta hamar arteko puntuazioa emango zaio, eta atal bakoitzean lortutako kalifikazioen batez besteko haztatua izango da. Batez besteko haztatu horretan atal bakoitzak duen pisu handiagoa edo txikiagoa espezialitateko ezaugarriekin duten erlazio handiagoaren baitan izango da.
19 urtetik gorakoentzako Batxilergoko ariketari dagokionez, hori kalifikatzeko ere zero eta hamar arteko puntuazioa emango da. Baztergarria izango da, eta beharrezkoa izango da 5 puntu edo gehiago lortzea sarrera-proban parte hartu ahal izateko.
Sarrera-proba gainditzeko, puntuazio orokorra bost edo handiagoa izan behar da. Epaimahaiek Musikeneko iragarki-taulan argitaratutako dituzte sarrera-proben emaitzak, kalifikazio orokorrak eta atal bakoitzekoak. Behin betiko emaitzak aktetan adieraziko dira.
1/1990 Lege Organikoaren arabera, Musikako Lanbide Tituluaren jabe izanez gero, dagokion egiaztatzeko dokumentua ere aurkeztu beharko da. Bertan, berariazko batez besteko nota azaldu beharko da, sarrera-probaren azken notan sartu ahal izango da, beti ere berariazko proba gainditzen bada. Dokumentazio hori ekainaren 15a eta 19a bitartean aurkeztu beharko da.
2618/1966 Dekretuaren arabera, Musika-irakasle tituluaren jabe izanez gero, tituluaren fotokopia konpultsatua eta ziurtagiri akademiko bat aurkeztu beharko dira. Dokumentazio hori ekainaren 15a eta 19a bitartean aurkeztu beharko da. Kasu horretan, batez besteko nota kalkulatzeko, baremo hau hartuko da kontuan:
Matrikula/Ohore-Saria (10)
Ohorezko Aipamena (9,5)
Bikain (9)
Oso Ondo (8)
Nahikoa (6)
Erreklamazioak.
Izangaiek proben kalifikazioei buruzko erreklamazio idatziak aurkeztu ahal izango dituzte emaitzak argitaratu eta ondorengo bost egun baliodunetan; gehienez ere, aurkezteko epea amaitu ondorengo hamar egunetan ebatzi eta iragarki-taulan jarriko dira.
Epaimahaiaren ebazpenaren kontra, izangaiek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Hezkuntza sailburuordeari, betiere ebazpena argitaratu osteko egunetik hilabeteko epean.
Musikenen sartzea.
Sarrera-probak gainditu eta espezialitate bakoitzean eskainitako plazetarako aukeratutako ikasleek, matrikula egin ahal izango dute Musikenen uztailaren bigarren hamabostaldian, horretarako ezartzen diren egunetan.
Matrikula burutzeko unean, izangaiek ziurtatu behar dute probak egiteko datan deialdi honetako 3. artikuluan kasu bakoitzerako exijitutako betekizunak bazituztela, eta dokumentazio hau eman behar dute:
Batxilergoa gainditu dutela adierazitako izangaiek: batxiler-tituluaren kopia konpultsatua edo eskatu izanaren ordezkagiria.
25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu dutela aitortu dutenek: kalifikazio-txartelaren kopia konpultsatua.
Hori ziurtatzen ez bada, zerrendako hurrengo izangaiak beteko du plaza.
Bete gabeko plazarik geratzen bada, Musikenek plaza horiek esleitu ahal izango dizkie sarrera-probak beste goi-mailako musika-kontserbatorio edo zentro batean gainditu dituzten beste ikasle batzuei. Ikasle horiek onarpen-eskaerak 2009ko uztailaren 20tik 25era bitartean aurkez ditzakete Musikeneko idazkaritzan. Eskaerak zentroko organo eskumendunak ebatziko ditu. Musikenek proba bat burutu dezake izangaiek eskatutako espezialitatea behar bezala egiteko gaitasun eta trebetasun espezifikoak dituzten erabakitzeko. Horrelakoetan, proba horren eguna, tokia eta edukia, proba baino 15 egun lehenago gutxienez jakinaraziko zaizkie izangaiei.
Espedienteen lekualdaketak.
Ikasketak Espainiako Estatuko beste kontserbatorio edo goi-mailako musika zentro batean hasi dituzten ikasleek espezialitate bera Musikenen egin nahi badute, 2009ko uztailaren 20tik 25era bitartean onarpen-eskaera aurkeztu behar dute Musikeneko idazkaritzan.
Eskaera horiek Musikeneren organo eskumendunak ebatziko ditu, betiere irizpide hauek gogoan hartuta:
Lehenengo ikasturtea erabat gaindituta edukitzea edo 35 kreditu.
1999ko ekainaren 25eko Aginduko ikasketa-planaren hamalaugarren idatz-zatian deskribatutako araudian ezarritako deialdiak agortuta ez izatea, ikasketa plan horretako irakasgai nagusiekin ordaina duten materietan.
Eskaera horiek onar daitezke soilik 2009-2010 ikasturterako sarrera-probak gainditu dituzten ikasleei esleipenak egin ondoren plaza hutsik geratuz gero. 12.4 artikuluan zehaztutako prozedura berari lotuz, Musikenek ebaluazio-proba bat egin dezake.
Ikasleek, onartuak izan ondoren espedientea Musikenera lekualdatzeko eskatuko dute jatorriko zentroan, dagokion onarpen-gutunarekin.
Agindu honetan ezartzen ez de guztirako Goi-mailako Musika-ikasketetako curriculuma ezartzen duen 1999ko ekainaren 25eko Agindua ere aplikatuko da (1999ko uztailaren 3ko BOE, 158. zenbakia).
Lehenengoa. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari baimena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko behar besteko xedapenak eman ditzan.
Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko urtarrilaren 8a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.


