Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko urtarrilaren 16koa, Kultura sailburuarena, Eako (Bizkaia) Eguzki Jaia Etxea, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko urtarrilaren 16koa, Kultura sailburuarena, Eako (Bizkaia) Eguzki Jaia Etxea, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 44
  • Hurrenkera-zk.: 1206
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/01/16
  • Argitaratze-data: 2009/03/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duen Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2007ko maiatzaren 18an, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpena eman zen. Ebazpen honen bidez, Eako (Bizkaia) Eguzki Jaia Etxea, aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2007ko ekainaren 13ko 113. zenbakia duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Álvaro Uribarri González jaunak alegazio-idazkia aurkeztu zuen.

Hona zertan datzan Álvaro Uribarri González jaunaren alegazioa:

  1. Mugaketa ez da bidezkoa, etxea eta haren lursailetik harantzago doalako, eta horrek Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 2. artikulua urratzen du, zeinak monumentu baten kategorizazioa soilik higiezin bat banaka hartuta kontsideratzen baitu. Halaber, ingurumena eta paisaia ustez babestu beharrak espedientearen eskumena eta irismena gainditzen ditu, arras, eta gainera, ez ditu ingurumen- eta paisaia-balioak jorratzen, 7/1990 Legearen 2 artikuluko 1. puntutik ondorioztatzen denez.

  2. Atalaia baserriak eta haren lursailak ez dute batere interesik kultura aldetik; Eguzki Jaia etxearen ondare-balioa alderdi morfologiko eta tipologikoetan datza. Hortaz, Atalaia baserria eta haren lursaila babes-eremuan sartzeak ez du ezer aportatzen, eta berdin-berdin utz litezke kanpoan.

  3. Ez da guztiz egia jabetza bien arteko lurrean banaketa fisikorik ez dagoenik.

  4. Eragindako ondasunei buruzko ezin baztertuzko azterketa juridiko-urbanistikoa eta juridiko-erregistrala falta zaio txostenari. Modu erabat diskrezionalean eta ausazkoan erabaki da mugaketa, kultura aldetik baino gehiago topografia edo orografia aldetik esanguratsuak diren halako maila-kota batzuetan oinarrituta.

    Eremuaren mugaketa aldatzea proposatzen du: Eguzki Jaia etxea bera baino ez hartzea, eta ez ingurumaria.

    Alegazioen aurrean esan behar dugu ezen, lehenengo arrazoibideari dagokionez -alegia mugaketa ez dela bidezkoa, etxea eta haren lursailetik harantzago doalako dioen arrazoibideari dagokionez-, ez dugula uste horrek 7/1990 Legea urratzen duenik, monumentu bat babesteko behar den ingurunearen mugaketa 7/1990 Legeak berak jasotzen duen kontzeptua baita, eta ez du zertan bat etorri babestutako eraikinarekin berarekin edo haren lursailarekin. Izan ere, sarritan gertatzen da monumentu baten babes-eremuaren mugaketak jabetza edo lursail bat baino gehiago barne hartzea. Babes-eremua ez da oinarritzen denboran alda daitezkeen eta beste izaera bat duten lursail edo jabetzen banaketa soil batean, ez da haren arabera zedarritzen. Monumentuaren beharrezko babesak eta balioztatzeak, bestalde, haren ingurunearen ingurumen-balioa ere zaintzea eskatzen dute, monumentua taxuz ulertzeko eta antzemateko ezinbesteko elementua den aldetik. Helburua ez da halako paisaia jakin bat babestea, baizik eta monumentua zaintzea bere kultura-balioari datxekion ingurumarian txertatua.

Bestalde, jabetza bien arteko lurrean banaketa fisikorik ez dagoenik ez dela egia dioen arrazoibideari dagokionez, ikusi ahal izan dugu Eguzki Jaia eta Atalaia baserriaren artean lerro kasik antzemaezin bat baino ez dagoela, banaketatzat hartu ezin dena. Edozein modutan ere, ez da garrantzitsua, eta mugaketa gehiago funtsatzen da Eguzki Jaia etxearen aurreko asentamendu eta lursailean eta monumentu-izaerari zor zaion koherentzian.

Txostenari eragindako ondasunei buruzko ezin baztertuzko azterketa juridiko-urbanistikoa eta juridiko-erregistrala falta zaiola dioen arrazoibideari dagokionez, esan behar da azterketa txiki bat egin zela, baina benetan garrantzitsua eta ezinbestekoa dena Eguzki Jaia etxearen kultura-interesa baloratzea eta aztertzea da. Mugaketa, bestalde, ez da ausazkoa -maila-kota jakin batekin bat dator, alegia, honako muga hauek dituen kotarekin: sarrerako ataka, sarbide ondoko etxola eta begiratoki zaharra- bai eta asentamenduarekin eta eraikinaren ingurunearekin.

Babes-eremuak eraikina bera baino ez hartzeak ukatu egingo luke babes-eremuaren beraren zentzua eta arrazoia, eta hori monumentua babesteko eta balioztatzeko helburuen aurka joango litzateke.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Eako (Bizkaia) Eguzki Jaia Etxea Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Eako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Eako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Garraio eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau azkenez argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko urtarrilaren 16a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

Mugaketa

  1. Mugaketa-eremua.

    Bi eremu mugatzen dira; alde batetik, eraikina bera, eta, bestetik, inguruan duena.

    Horrenbestez, hauek dira mugaketa-eremuaren mugak: Iparralde, ekialde eta mendebaldean, higiezina inguratzen duen 140 metroko kotaren nibel-kurba. Kota-kurba horrek bere baitan hartzen ditu begiratoki-jesarlekua, ipar-mugaketaren ondoan, eta Eguzki Jaia ondoan dagoen eraikuntza, hego-ekialdeko eremuan. Hegoaldean, finkarako sarbidetik, ate-hesi batek eta sarrera ondoko antzinako etxola bertikalak adierazten dutenak, 140 metroko kotarekin bat egin arte.

  2. Mugaketaren arrazoiak.

    Proposatu dugun mugaketa proposatzeak badu arrazoirik; eraikinaren ingurumen-balioak, balio estetikoak eta ikusizkoak zaintzeko beharra, landa-eremuan eta lorategiz inguratua, koherentea eraikuntzarekin; eta, bestalde, higiezinaren inguruan dauden elementuak zaintzeko beharra, ingurumen-balioari eusteko oso baliagarriak baitira. Mugaketak, halaber, badu beste arrazoi bat ere: higiezina mendi-muino baten gainean dagoenez, ingurua gailentzen duela, egoera horri eustea. Beharrezkotzat jotzen dugun mugaketa, ondasuna behar bezala babesteko eta balioa emateko, kurba topografikoarekin bat egiten duen lerro naturala da, eta hobeto egokitzen zaio eraikinak berak duen kokalekuari, gaur egungo jabego-mugaketari baino.

Deskripzioa

Eraikina Ea udalerriko Urtza auzoan dago. Higiezina Ea udalerriaren muturrean dago, gune naturalak dituen landa-eremuan, Bizkaiko golkoaren ondoan. Etxea ia erabat laua den lursailaren erdi samarrean kokatuta dago, goragune batean eta lorategi batek inguratzen duela. Hegoaldera ematen duen fatxadan, magnolia bat, hagin bat, bi gereziondo eta limoiondoak daude. Lursailak behera egiten du ekialderantz, eta handik itsasoa ikusten da inolako trabarik gabe; eta iparralderantz eta mendebalderantz lurzorua ez da hain berdina. Lorategiaren iparraldeko aldean, fabrika-behatoki bat dago, erdi eliptiko formako jesarlekua. Etxerako sarbidean, hegoaldean, egurrezko itxitura bat dago, finkarako sarrera-atea dena, eta etxola bertikal berezi bat ere bai, triangelu formako apaingarriak dituena. Estiloari dagokionez, bai ate-hesia, bai etxola bat datoz eraikin nagusiaren diseinuarekin. Higiezin bat dago etxearen jatorrizko lursailaren hegoaldeko eremuan, baina lurzoruan ez dago zatiketa fisikorik adierazten duen markarik.

Eguzki Jaiak erdisotoa, bi altuera eta azpiestalkia ditu. Oinplano irregularrekoa da, eta estalkiari dagokionez, oso inklinatuta dauden eta teila lauak dituzten faldoi ugariz estalita dago; forma bertikalak nagusitzen dira, gorputz askokoak eta gainaldean pinoiak dituztela. Eraikinaren bereizgarritzat hartzen da goiko zati guztiari eman dioten tratamendua, eta, batez ere, pinoiak.

Sarbideko hegoaldeko fatxada simetrikoki banatuta dago, eta hiru gorputzek osatzen dute. Alboetako gorputzek, goiko aldeetan, pinoi zabalak dituzte, leiho bertikal batek txapitulatuta; erdiko gorputzaren gainaldean, berriz, sarrera-arkupe txiki bat. Gorputzek bao-ardatz bertikal bana dute. Sarrerako arkupea fatxadaren erdian dago, eta horma lerromakur batek sarrerako atea zehazten du. Arkupeak azulejoak eta burdina-hesiak dituzten baoak ditu. Ekialdeko fatxada asimetrikoa da eta hiru gorputz desberdinek osatzen dute. Erdikoa, beste bien aldean, aurreratuago dago, eta goiko aldean aurreko pinoien antzeko bat du. Eskuin aldeko gorputzaren gainaldean, txapitula gisa jarritako beste pinoi bat dago. Fatxada horrek bao gehiago ditu, ordenan jarrita, eta solairu nagusiaren altueran terraza handi bat du, erdisotoaren estalkitzat egiten duena; arku beheratu baten bidez sartzen da bertara. Iparraldeko fatxadan, ipar-ekialdeko izkina nabarmendu egiten da; bi zati ditu eta hiru pinoi; horietatik erdikoa txapitula edo ganbara txiki bat da. Jatorrizko terraza luzatu egin dute, eranskin bat jarrita. Mendebaldeko fatxada da sinpleena; simetrikoa da eta hiru gorputz ditu; balkoirik ez duen fatxada bakarra da. Erdiko gorputza fatxada baino aurreratuago dago, eta goiko aldean leihorik gabeko pinoi bat du; komunak hor daudela nabarmen geratzen da eta leiho oso finak ditu alboetan. Fatxadetan bao bertikalak daude, kolore gorriko egurrezko kontraleiho veneziarrak dituztela, eta paramentu hondoratuak ere bai, bao itxura emateko. Hormigoizko balkoiak daude, jatorrizko diseinuak ez zituenak. Eraikinaren oinarria, erdisotoa, goiko moldura duen zokalo bat da, lau banda horizontal hondoratutako junturekin eta behe-oinarri laua du.

Eraikinaren goiko zatiari hasiera emateko troxa horizontal bat du, eraikina osorik inguratzen du, erlaitza mugatzen duela eta triangelu-formako pinoien oinarri dela. Troxak, erdian, irudi geometrikoak ditu bata bestearen ondoan, kuxin-modura errepikatzen direla; angeluak ebakita ditu eta zirkuluerdiekin apainduta. Beheko aldea banda laua da eta goiko aldean moldurak ditu, angeluzuzenak, eta fatxadan barrena banatzen dira. Eraikinaren angeluak nabarmendu egiten dira, ez dira berdin landu, eta erliebeari dagokionez -troxatik kanpo ere bai, beheko aldean-, zirkulu zentrukide-multzo bat, oin karratu baten gainean. Pinoien horma-atalak estaltzeko, erliebezko irudi geometrikoak erabili dira, bata bestearen atzean modu erregularrean jarrita, eta kokalekuaren arabera tamaina desberdina dutela. Beheko aldean, erliebe bertikalak ditu elkarren ondoan, izkinak ebakita eta biribilduta dituzten forma angeluzuzenak dira; ondoren, erliebe txikiagoak ditu, karratuak errepikatzen direla, bi zirkulu zentrokide dituen oktogono batekin. Azkenik, gorri koloreko marra baten ondoren, estalkiaren hegalaren gorputza ageri da: gapirioak ditu besoak bailira, eta egurrezko oholen bidez lotuta daude.

Eraikinaren barruko aldeari dagokionez, egur landuko egitura-motakoa da eta karga-hormak harlangaitzezkoak ditu. Banaketa, berriz, horma-artetan bana daiteke, eskematikoki; mendebaldeko horma-arteak solairu guztietako komunak eta beheko solairuan dagoen sukaldea ditu; ekialdeko horma-arteak gelak eta eraikinaren zona garrantzitsuenak -egongelak eta kapera-; eta erdiko horma-arteak eskailera eta logelak. Lehenengo altuera solairu garrantzitsuena da, egongelak dituena; goiko solairuan, berriz, logelak daude. Estalkiazpian kapera bat dago, nerbio faltsuekin apainduta, eta aitorlekutzat erabiltzeko ate bat dago. Erdisotoko solairuan zenbait zerbitzu-gela daude, eta oraindik ere sukalderako sarbide zuzena du, eskailera txiki bat. Bestalde, etxeko egurrezko eskailera nagusia sarrerako aterpearen ondoren, tarte zuzen batean hasten da; eskaileraren albo bat egurrarekin itxita dago, eta beste aldea libre geratzen da. Barandaren azpiko aldeak forma kubikoa du, eta eskailerari hasiera ematen dion pilonoa lurrari lotuta dado, lehen eskailera-maila kanpoan uzten duela. Eskaileraren itxitura panelekin apainduta dago, paralelo jarrita, eta beste modu batera bada ere, eskaileraren arrapalaren beheko aldeko igeltsuan ere nabari daiteke. Barrualdeko egur-lanak hutsune karratu eta forma geometrikokoak dira, ingurua goxatzen dutela. Baoen leihozangoak egurrezkoak dira, leihoen barruko aldeari lekua egiteko. Burdina-lana ere interesgarria da, irudi geometrikoak eta forma kurbatuak ikus daitezke etxe guztian. Hau da, barrualdea eta eraikin-mota bera bat datoz.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik