Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko otsailaren 19koa, Kultura sailburuarena, Laudioko (Araba) Goikoetxe baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko otsailaren 19koa, Kultura sailburuarena, Laudioko (Araba) Goikoetxe baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 63
  • Hurrenkera-zk.: 1831
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/02/19
  • Argitaratze-data: 2009/04/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretaz oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duen Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Laudioko (Araba) Goikoetxe baserriak aurkezten zuen balio kulturala ikusirik, eta indarrean dagoen legedia kontuan hartuz, baserri hori Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera ematea ebatzi zuen 2007ko abuztuaren 9ko ebazpen baten bitartez (2007ko irailaren 4ko EHAA, 170. zk.).

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Juan A. Báscones Urdampilletak, Guardian Llodio Uno SL merkataritza-sozietatearen izenean, alegazio-idazkia aurkeztu zuen.

Hona zertan datzan Guardian Llodio Uno SLren alegazioa:

  1. Espedientea, jatorriz, partikular batek Kultura Ondarearen Zentrora bidalitako eskutitzak eraginda hasi zen, bertan, aurrekari pertsonal batzuez gainera, onartu ezin diren adierazpen eta baieztapen zehaztugabe batzuk azaldu baitzituen.

  2. Baserriaren balorazio-txostenean higiezinaren oraingo egoerari buruzko xehetasun zehatzagoak falta dira. Esate baterako, ez da esaten egiturazko elementuetatik zein ehuneko ordeztu beharko litzatekeen, ezta ere zein proportzio dagoen konponketa edo eraberritzeen eta higiezinaren gaur egungo birjartze-balioaren artean.

  3. Mugatutako lurzoruaren geroko erabilerak enklabe bat sortuko du, «Caminos Viejos» bidean titularitate pribatuko lurzoruen arteko jarraitasunean. Lurzoru horiek gaur egun industria-erabilerako hiri-lurtzat sailkatuta daudenez, baserria berariazko antolamenduaren araubidetik kanpo dago. Hala ere, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Berrikusketaren Aurrerakinaren arabera, bizitegitarako hiritar ez-finkatutzat sailkatuko lirateke, 345 etxebizitza egiteko gai alegia. Horretaz gainera, bide berri bat aurreikusten da trenbidearen ondoan, eta planeatuta dago ibai ondoko oraingo bidea bihurtzea oinezkoen lehentasuneko kale edo ibai-pasealeku. Jarduketa hauek baldintzatuta egon daitezke, eta horregatik eskatzen da, edozein jarduketa egin aurretik, bai Berrikusketaren egileak bai Udala bera jakinaren gainean egon daitezen eta esku har dezaten.

    Alegazioen argitan, espedienteko txosten teknikoak bigarren alegazioko arrazoibideekin osatzea eskatzen da, bai eta hirugarren alegazioari jaramon eginez beharrezkoak diren neurri eta jarduketei ekin dakiela ere.

    Alegazioen aurrean esan beharra dago ezen, espedientearen jatorriaz bezainbatean, edozein herritarrek zilegi duela Administrazio Publikoen aurrean kultura ondarearen defentsan jardutea, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 3. artikuluko 2. paragrafoak ezarritakoari jarraiki.

    Higiezinaren oraingo egoerari buruzko xehetasun zehatzagoak behar direla eta egiturazko elementuetatik zein ordeztu, konpondu edo zaharberritu beharko litzatekeen zehaztea falta dela dioen alegazioaren aurrean, esan beharra dago balorazio-txostena nahikoa dela eta ez duela bere helburua iristeko xehetasun gehiagoren beharrik, alegia, txostenak higiezina kulturaren ikuspegitik baloratzea duelako xede bakarra. Beraz, ez da txostenaren helburua, eta ez dagokio espediente honi, higiezinaren egoera fisikoa edo egiturazkoa definitzea. Alde horretatik, txosten hau normalean egin ohi direnak baino zehatzagoa da.

    Bestalde, lurzoruaren geroko erabilerak direla eta, esan behar da baserria ez zegoela berariazko antolamenduaren araubidetik kanpo espedientea hasi zenean, Laudioko udalean eginiko kontsultan jakin ahal izan dugunez, eta, gainera, alegazio-egileak ere ez du aurkeztu bere arrazoibidea funtsatzen duen inongo dokumenturik. Dena den, gorabehera hori ez da munta handikoa, ezta erabakigarria ere higiezin baten kultura-babesari ekiteko edo ez. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Berrikusketaren Aurrerakinari dagokionez, dokumentu horrek ez du inolako arautze-indarrik, aurrerakin bat besterik ez baita. Laudioko etorkizuneko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak higiezinari eta haren inguruneari emandako babesa kontuan hartuta egokitu beharko da. Horrenbestez, geroko antolamendu hori baldintzatzen ari gara, bai, baina era positibo batean, kultura balioa duen baserri bat babesten ari garelako. Udala, bestalde, jakinaren gainean jartzen da baserria babestearekin lotutako jarduketa guztien berri emanez, Kultura Sailaren eskumen-esparruan dagokionez.

    Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Laudioko (Araba) Goikoetxe baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Laudioko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondorearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Laudioko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea.

Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau azkeneko aldiz argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 19a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

Mugapena

  1. Mugapen-eremua.

    Mugapenak eraikina bera hartzen du alde batetik, eta, bestetik, eraikinaren ingurua. Beraz, mugapen-eremua honako muga hauek zehazten dute: iparraldean, Nerbioi ibaiaren ezkerreko ur-bazterrak; hegoaldean, trenbidearen bazterrak; ekialdean eta mendebaldean, albo-fatxadei paraleloak izan eta horietatik 20 metrora dauden bi lerrok.

  2. Mugapenaren zergatia.

    Goikoetxe baserriaren ingurune hurbilaren ingurumen-balioei eta ikusizko balioei eusteko beharraren kariaz proposatu da mugapen hori. Ingurunearen mugapena beharrezkoa da ondasuna behar bezala babesteko eta berreskuratzeko. Horretarako, baserriaren ondoko espazioak, espazioagatik eta funtzionaltasunagatik horri lotuak, babestu behar dira, baserriaren berezko izaera mantentzeko eta baserria berreskuratzeko espazio bat egokitzeko. Era berean, baserriaren mugapena, alde batetik, erreferente garbi batzuek zehazten dute, hala nola, Nerbioi ibaiak eta trenbideak; eta, beste alde batetik, hiri-inguruneak zehazten du.

    Horregatik, mugapen honek ez du baserria bera bakarrik hartzen, aitzitik, horren ingurunea ere hartzen du.

Deskribapena

Goikoetxe Baserriak laukizuzen formako oina du, ia karratua. Zeramikazko teila arabiarrez egindako bi isurkiko estalkia du, gailurra luzetara jarria duena, Bide Zaharreta kalera begira dagoen fatxada nagusiarekiko perpendikularrean.

Harlangaitz-hormaz egina dago, errekarri proportzio handiarekin, eta zurezko bilbadurarekin (ekialdean, hegoaldean eta, batez ere, iparraldean). Horma-atalak teileriazko adreiluzkoak (lehen solairuan) eta buztinezko almaizezkoak dira (estalkipeko solairuan). Lehenengoetan, juntura horizontala nabarmentzen da, ilaren zabalera berekoa, kareorez egina. Bai eta habearen azpiko azken piezak diagonalean jarriak daudela ere.

Iparraldeko altxaeran, teilatu-hegal handia nabarmentzen da, eta horren hodietako batzuek (erdikoak eta horren eskuinaldera dagoenak) ertz alakatu zakarrak eta albo-koskadun tantakinak dituzte. Erdikoa eta horrengandik hurbilen dauden biak besoetan finkatuta daude, axiala hozka txikiz landua, zurezko ziriz ahokatua eta enara-juntura bakunaz.

Lau fatxadak aintzat hartuta, hori da era ordenatuenean osatua dagoena. Horizontalki, bi zatitan banatzen da: harlangaitz-horma zabaldun beheko solairua, eta lehen solairua eta frontoia, pixka bat atzera eramanak, bilbaduraz altxatuak eta inposta batek bananduak. Inposta hori ganbarako zoruaren euskarritzat balio duen habe horizontala ere bada. Alde garai horietan, horma-atala bistako hiru zutabe zabalek banatzen dute, zabalera berdintsuko hiru horma-arte nagusitan.

Beheko solairua harlangaitz-horma zabalez ixten da, eta sarrera nagusiaren bi aldeetan bi fatxada-bao txiki baino ez dira ikusten. Sarreran ate itsu bat dago, burdin-lanezko iltzez lotutako ohol bertikal zabalduna, eta kontraleiho asimetrikoa dauka altuera erdira.

Lehen solairuan, itxiturako hiru horma-atalek antzeko neurria dute. Karel-habeak bi zatitan banatzen du eskuineko horma-atala, ezkerretik eskuinera. Goiko zatia bost plementutan banatzen da, eta erdikoan leiho bat dago. Behekoa, ia karratuak diren lau zatitan banatzen da. Leiho baten leihoburuak zatitzen du erdiko horma-atala; bost zerrenda bertikaletako erdiko leihokoak, hain zuzen. Karga-habeak eta leiho-barrenak ezkerretik eskuinera eta hiru zatitan banatzen dute ezkerreko horma-atala; egitura perpendikularrean, berriz, horma-atala lau zatitan banatzen da. Bertan, aurrekoen antzekoak diren bi bao irekitzen dira. Egitura bi txarrantxa-besok osatzen dute lehen solairuan, bat ezkerreko muturrean, eta bestea erdiko horma-atalaren eskuineko aldean.

Frontoiko zarpiatu hondatuak egituraren zati bat estaltzen du. Halere, ikus daiteke horma-artea erdian kokatutako zutiko batek banatzen duela; zutikoa inpostan oinarritzen da, eta gailurrari eusten dio. Sortutako horma-atal bakoitza beste hiru zatitan banatzen da bertikalki. Horizontalki, erdiko zutoinaren alde banatan dauden bi leihotxo karratuen leihoburuaren luzakinak eta leiho-barrenak, leiho horien ondoan, horien neurri bereko bi horma-atal marrazten dituzte, eta horietako bakoitzaren erdian hiru adreiluz egindako triangelu-formako usategi bat dago. Horien gainetik, horma-atalaren zabalera osoa hartzen duten bi argi-zulo simetriko daude, triangelu forma dutenak. Ezkerreko horma-arteak erdiko frontal bat dauka, baina emokadurak ez du zurezko zutaberik bistan uzten. Horma-arte horretan, altuera erdira, beste leihotxo bat dago, lehen deskribatutakoen antzekoa. Bao guztiak kareztatutako frisoz azpatuta daude.

Hegoaldeko altxaera antzekoa da, baina konposaketa xumeagoa du. Bertan, harlangaitz-horma lehen solairuraino iristen da, eta frontoi atzera eramana mantentzen da, ganbaren zorutik bilbaduraz altxatua. Bertikalki, bistako hiru zutabe zabal eta nano bat daude. Zutiko horietako bik hiru horma-arte nagusiak zehazten dituzte. Erdikoak gailurreko habeari eusten dio. Estalkiko erdiko frontalak, alboko horma-arteetan bermatuak daudenak, ez dira zutoinetan bermatzen: ezkerreko zutoina frontalarekiko desplazatua dago, eta eskuinekoa falta da.

Sortutako horma-atal bakoitza erdiko bi edo hiru zutikok zatituta geratzen da, kokapen aleatorio batez. Eskuinekoa eta erdikoa ere, horizontalki, frontoiko bi leihotxo ertainen karga-habeak eta leiho-barrenak zatiturik gelditzen dira.

Baoak ez daude ardatz bertikalen inguruan jarriak. Beheko solairuan ukuilurako sarrera bat irekitzen da, egurrezko karga-habea duena. Lehen solairuan ate bat dago; bertara, baratzetik irteten den eskailera baten bidez iristen da. Horren ezkerretara, itxuraz gerora irekitako leiho bat dago. Eskuinetara, leiho itsu baten egurrezko markoa dago. Frontoian bi bao daude, bakoitza zutabearen alde banatan. Horien gainean, triangelu formako argi-zuloak daude, eta hiru adreiluz azpatutako zenbait usategi ia horma-atal guztietan.

Fatxada nagusikoaren antzeko teilatu-hegal batek estaltzen du frontoia, eta horren hodiek (ezkerreko biak salbu) ertz alakatu zakarrak dituzte, eta (erdikoa eta horren ezkerreko hurrengoa) beso lauetan bermatzen dira.

Ekialdeko altxaeran harlangaitz-horma estalkiraino igotzen da, baina ezkerreko lehen zatian bakarrik. Gainerako bi herenak atzera eramanak geratzen dira, eta etxebizitza-solairuaren karelaren altueratik bilbaduraz altxatuak. Bertikalki, bistako zenbait zutabe daude. Horizontalki, frontalak sortutako inposta bat dago fatxada nagusiko leihoen karga-habearen altueran. Egitura eskuineko muturrean kokatutako besoak txarrantxatzen du, ertzeko zutikoari hargunea egiten dionak. Nabarmena da zutabe hori kontu handiz egin zela. Izan ere, bertan ahokatzen zituzten, ere berean, iparraldeko eta ekialdeko fatxaden pieza diagonalak eta, bere iparraldeko aurpegian goraxeago, teilatu-hegalari eusten zion pieza, era xumean elkartuta eta enara-isats itxuran tartekatuz.

Baoak ez daude ardatz bertikalen inguruan jarriak. Beheko solairuko erdiko eta ezkerreko leihoak (leihoburua, leiho-zangoa eta harlanduxko alboak pieza batean dituztenak) eskuinerantz desplazatuak geratzen dira dagozkien lehenengo solairukoekiko (egurrezko markodunak), bata horma-atalean eta bestea bilbaduran, karga-habea frontala baino baxuxeago dutelarik. Teilatu-hegalak hegada txikiagoa du alde honetan.

Mendebaldeko altxaera harlanduzko hormaz egina dago erabat, eta horma-izaera du, ia horma itsua. Horma-atalaren erdi aldera, hormigoi armatuzko balkoia duen leiho bat dago, bai eta adreiluz eraikitako leiho bat ere (biak lehenengo solairuan, eta anilezko kareztatzez azpatuta). Horiekin batera, ukuiluko argi-zuloa dago (ukuiluaren ardatzarekiko ezkerrera desplazatuta pixka bat). Horiek dira bao bakarrak. Teilatu-hegala ekialdekoaren antzekoa da, daukan ebakia salbu, balkoitik eskuinerantz; bertatik zintzilikatzen da dagoen teilatu-hodi zati bakarra.

Barnealdea fatxadarekiko paraleloak diren hiru horma-arte berdinetan egituratzen da (erdikoak atari bat du beheko solairuaren mendebaldeko zati erdian), eta forjatuak fatxada horretan bermatzen dira; eta, luzetara, beste hiru horma-arte daude (erdikoa eta mendebaldekoa, ere berean, zatiturik) teilatuari eusteko. Beraz, zortzi zutiko daude solairu guztietan (petralen gurutzatze-puntuekin bat datozenak), eta bi gehiago, ertainak, ukuiluan.

Beheko solairuan, fatxadarekiko paraleloa den lehenengo herena hartzen duen ezkaratz zabala dago, errekarrizko zorua duena, luzetarako kaleak mugatzen dituzten listelekin. Horren eskuinetara hasten da bi ataleko eskailera; lehenengoa harrizko eskailera-maila handiz eraikia dago. Eskailera-buruan, harlangaitzezko horma lodiak dituen gelaxka baterako atea dago.

Aurrealdean, erdian, bi bao daude. Baoetako batek gela batera ematen du; gela horrek bigarren herenaren ekialdeko erdia hartzen du, eta bere altura guztiko egurrezko habe eta zutabeen arteko horma-atalak harrizkoak dira. Bestea ukuilurako sarrera da; horrek beste erdia hartzen du eta hirugarren horma-arte osoa, eta kanpoaldearekin zuzenean komunikatzen da, atzeko atetik.

Lehenengo solairuan, eskailera egongelara iristen da; egongela horretara ematen dute leiho nagusiak eta fatxada nagusiko leiho bikietako batek. Besteak aldameneko gela argiztatzen du. Gela horren eta egongelaren artean lehenengo horma-arte osoa betetzen dute, eskailerari dagokion espazio itxia salbu; eskailera hiru ataletan igotzen da, ganbararaino.

Gela nagusi horretan, geratzen den itxituran, hiru bao daude. Horietatik, bigarren gela batera, logela nagusi batera eta korridorera sartzen da. Komunak eta ondoko sukaldeak, korridorera ematen dutenak, osatzen dute bigarren horma-artearen eremua.

Neurriz antzekoak diren hiru eremutan banatzen da hirugarrena. Erdiko eremuak, korridorearen amaieran, banaketa-lanak egiten ditu, eta bi gelara ematen du alde bietan; gainera, atzeko eskaileratik jaitsita, baratzeko atera darama. Banaketa guztietan bistako egurrezko bilbadurak daude, bai eta igeltsuz luzitutako horma-atalak ere. Sabaiak eta zoruak xumeak dira, eta bistako gapirio artean jositako tronadura zabalak dituzte. Fatxadetako itxitura-materialak barnealdetik ikus daitezke, ez baitute estaldurarik.

Estalkipeko ganbara garbia da, eta luzetara erakusten ditu bi ate nagusiak eta beste bi txikiagoak. Guztien frontalek lotura diagonal bakunak dituzte zutiko bakoitzean. Horien arteko lotura ere xumea da, egurrez ahokatzen baita material bereko kabila edo ziriz. Txarrantxa-besoak habeari hargunea egiten diote falka xumez, edo ziri eta buruxkarekin edo, eskaileratik gertuen dagoenean, enara itxura xumez. Azken lotura hori gailurraren errematean ere badago.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik