Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko martxoaren 3koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskadiko Logopeden Elkargoaren estatutuak onartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko martxoaren 3koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskadiko Logopeden Elkargoaren estatutuak onartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 63
  • Hurrenkera-zk.: 1811
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/03/03
  • Argitaratze-data: 2009/04/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Instituzional; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi barik, betiere.

Azaroaren 10eko 4/2006 Legearen bitartez, Euskadiko Logopeden Elkargoa eratu zen. Lege horretan, kudeaketa-batzorde bati eskatzen zitzaion, besteak beste, elkargoaren estatutuak prestatzeko.

Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Arautegiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua aipatu eskumenaren indarrez eman ziren. Legeko 33. artikuluan eta dekretuko 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.

Euskadiko Logopeden Elkargoaren estatutuak legearen araberakoak direla egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau

Euskadiko Logopeden Elkargoaren estatutuak onartzea.

Euskadiko Logopeden Elkargoaren estatutuak agindu honen eranskinean argitaratzea.

Euskadiko Logopeden Elkargoaren estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba daitezela agintzea, erregistroa formalki osatzen den unean.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 3a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

EUSKADIKO LOGOPEDEN

ELKARGOAREN ESTATUTUAK

Euskadiko Logopeden Elkargoa zuzenbide publikoko korporazio bat da, Legeak babestua eta Estatuak zein Euskal Autonomia Erkidegoak onartua. Berezko nortasun juridiko independentea du, eta bere helburuak betetzeko erabateko gaitasuna dauka. Azaroaren 21eko 18/1997 Legeak, azaroaren 10eko 4/2006 Legeak (2006ko azaroaren 23ko EHAA, 224. zk.), estatutu hauek eta gerora landuko diren araudiek arautuko dute. Gainera, jarduteko autonomia eta erabateko gaitasuna dauka.

Euskadiko Logopeden Elkargoa izango du izen ofiziala.

Elkargoak Euskal Autonomia Erkidego osoan gauzatuko ditu bere funtzioak eta bertan izango du eskumena.

Elkargoak Donostian du behin-behineko egoitza (Prim kalea 35, 5. ezk.); alabaina, estatutu hauetako 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lurralde-eremua hedatu ahal izango du.

Egiten den lehenengo Batzar Orokorrean erabakiko da, bozketa bidez, elkargoaren behin betiko egoitza non izango den.

Gobernu Batzordeak hala erabakitzen badu, elkargoak ordezkaritzak eduki ahal izango ditu, bere helburuak hobeto bete eta bere funtzioak eraginkorragoak izan daitezen, egokitzat jotzen dituen lurralde edo probintzietan. Ordezkaritza horiek elkargoa ordezkatuko dute beren mugapean, dagokion unean zehaztuko diren gaitasun eta eskumenekin.

Euskadiko Logopeden Elkargo Ofizialaren helburua logopeden lanbidearen eta elkargokide diren profesionalen ordezkaritza eta defentsa bideratzea da, elkargoaren interes eta premia orokorrekin bat etorrita, betiere.

Honako hauek dira elkargoaren berezko eskumenak:

  1. Dagokion eremuaren barnean, legeek erabakitako ordezkaritza lana egitea bere helburuak betetzeko, eta, bereziki, lanbidea ordezkatu eta defendatzea erakunde, auzitegi, entitate eta partikular ororen aurrean, logopeden lanbidearen interes profesional eta helburuei eragiten dieten auzi eta arrazoietan parte hartuz.

  2. Etika profesionala, batetik, eta, bestetik, logopeden jardunaren arlo profesionalari dagokionean herritarren eskubide eta interesak errespetatzen direla zaintzea. Era berean, elkargokideek beren egitekoak eta betebeharrak betetzen dituztela bermatzea, eta baita horien eskubideak errespetatzen direla bermatzea ere.

  3. Lanbidea gauzatzeko modua arautzea, dagokion eremuan eta indarrean dagoen lege esparruaren barnean.

  4. Osasun erakundeekin lankidetzan jardutea, azterlanak eginez, irizpenak emanez, estatistikak eratuz eta bere helburuarekin lotura duten bestelako jarduera batzuk eginez, aipatutako erakundeek hala egiteko eskatzen badiote edo bien artean hala egitea hitzartzen badute.

  5. Lanbidearekin lotutako gaiei buruzko Kontsulta Batzordeetan parte hartzea, nola Administrazioak berak antolatutakoetan, hala bestelako erakundeek antolatutakoetan.

  6. Bere estatutuak, barne-erregimenerako araudia, garapenerako arauak eta funtzionamenduari buruzko era guztietako araudiak finkatzea, zuzentzea, onartzea eta aldatzea; betiere, legeak xedatutakoaren mugetatik atera gabe.

  7. Elkargokideentzako interesgarriak izan daitezkeen jarduerak eta zerbitzuak antolatzea eta sustatzea: jarduera profesionalak, kultura jarduerak, laguntzazkoak, aurreikuspenezkoak edo gisa horretako beste jarduera batzuk.

  8. Estatutu hauetako 39. artikuluan eta ondorengoetan zehaztutako moduan erabiltzea diziplina-ahalmena.

  9. Arrazoi profesionalak direla medio, elkargokideen artean edo elkargokideen eta hirugarrenen artean gerta daitezkeen arazoetan esku hartzea, aldez aurretik halaxe eskatuta, eta desadostasunak konpontzeari begira. Eta sortzen diren auzietan ebazpenak ematea.

  10. Elkargokideek hala eskatuta eta aldez aurretik erabakitako baldintzetan, profesionalen sariak eta ordainsariak kobratzeaz arduratzea. Ordainsariei edo jardun profesionalari buruzko kontuak eztabaidatzeko egiten diren prozesu judizialetan eta administrazio prozeduretan txostenak aurkeztea.

  11. Estatutuetan hala finkatuta badago, elkargokideek hala eskatzen badute edo dagokion legediak hala xedatzen badu, elkargokideen lan profesionalei oniritzia ematea. Oniritzia honako arlo hauei buruzkoa izango da: egileari eta beronen titulu, eskumen eta gaitasunari buruzkoa, eta baita lanaren forma eta edukiari buruzkoa ere. Oniritzi horrek ez du aintzat hartuko ez ordainsaririk, ezta kontratu baldintzarik ere; bi aldeen artean erabaki beharko dute hori.

  12. Aurrekontuak onartzea eta elkargokideen ekarpenak arautzea.

  1. Elkargokideen trebakuntzaren onerako eta lanbidea gauzatzearen onerako izango diren beste zeinahi funtzio gauzatzea.

  2. Indarrean dauden legediak eta araudiak (nola estatukoak, hala autonomiakoak) atxikitzen dizkioten gainerako funtzio guztiak egikaritzea.

  1. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren berezko funtzioak ere egikaritu ahal izango ditu elkargoak, baldin eta Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez halaxe xedatzen badu.

  2. Bide beretik, Euskadiko lurralde eremuko foru eta toki administrazioen funtzioak ere egikaritu ahal izango ditu, baldin eta dagokion administrazioan eskumena duten organoek, ebazpen, akordio edo hitzarmen bidez, halaxe xedatu, eta Aldizkari Ofizialean argitaratzen badute.

  3. Funtzio horiek egikaritzean, dagokion eskuordetze xedapen, hitzarmen edo akordioan aurreikusitako irismena eta modua hartuko dira aintzat.

Elkargoan sartzeko aukera izango dute titulu edo ziurtagiri hauek eduki, eta legez onartutako zeinahi erregimenetan lanbidea egikaritu nahi duten pertsona guztiek, betiere, egoitza profesional bakarra edo nagusia elkargo honen lurralde eremuaren barnean baldin badute:

Tituluak: Logopeden Elkargoa sortzeari buruzko azaroaren 10eko 4/2006 Legeak adierazitakoak.

Logopediako Unibertsitate Diploma.

Aurrekoaren pareko unibertsitate titulu ofiziala, eskumena duen Agintaritzak onartu edo homologatua.

  1. Elkargokideak jardunekoak, ez-jardunekoak eta ohorezkoak izan daitezke.

  2. Jarduneko elkargokide izango dira aurreko artikuluan aipatutako baldintzetan elkargoan sartzen direnak eta lanbidea era eraginkorrean egikaritzen dutenak.

  3. Ez-jarduneko elkargokide izango dira aurreko artikuluan aipatutako tituluren bat izanagatik lanbidean ez dihardutenak eta elkargoan sartzen direnak, betiere, estatutu hauetan xedatzen diren eskubide zein betebeharrak beren gain hartuta.

  4. Ohorezko elkargokide izango dira aurreko artikuluetan aipatutako baldintzak ez bilduagatik, izendapen hori merezi dutenak. Batzar Orokorraren erabakiz emango zaie izendapena, Gobernu Batzordeak hala proposatuta, eta lanbidearen mesedetan edo oro har osasun arloaren mesedetan egindako zerbitzu garrantzitsuak edo izandako merezimenduak aintzat hartuta.

1. 8. artikuluan aurreikusitako egoeran daudenek elkargokide izan nahi badute, elkargoan sartzeko eskaera aurkeztu beharko diote Gobernu Batzordeko lehendakariari.

Ezingo da elkargoko kideen kopurua mugatu, ezta elkargokide gehiago onartzeko bidea itxi ere, aldi baterako edo behin betiko.

  1. Aipatutako eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Jaiotza-egiaztagiria, edo eskatzailearen nortasuna eta adina egiaztatuko dituen beste zeinahi agiri.

      8. artikuluan aipatutako zeinahi titulu profesional, edo hala badagokio, ikasketa horiek bukatu dituela egiaztatzen duen ziurtagiri akademikoa, eta titulua jasotzeko eskubidea egiaztatzen duen ordainketaren ordainagiria.

    1. Sartzeko kuota ordaindu dela egiaztatzen duen ordainagiria.

    2. Era berean, legez xedatutako zerga baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da, ez-jardunekoak diren elkargokideen salbuespenarekin.

      Atzerrian emandako tituluak izanez gero, hemen ere onartuta daudela egiaztatu beharko da.

  2. Eskatzaileak beste lurralde eremu bateko elkargo batean ere izena emana badu edo aurretik izena emana izan badu, Euskadiko Logopeden Elkargoan sartzeko, nahikoa izango du beste elkargo horretan elkargokide gisa egindako aldiaren egiaztagiria aurkeztea.

Gobernu Batzordeak elkargoan sartzeari buruzko ebazpena emango du, espediente-instrukzioa onartu eta hogeita hamar eguneko epean, gehienez ere. Gainera, hartutako erabakia idatziz jakinarazi beharko dio interesdunari.

Elkargokideak onartzeko izapideak ahalik eta bizkorren egiteko beharrezko arauak finkatuko ditu elkargoak, bere barne-erregimenerako araudian.

Gobernu Batzordeak erabakiko du elkargoan sartzeko eskaria onartzea, baldin eta arestian aipatutako baldintzak betetzen badira, eta gaitasungabetze arrazoirik ez bada. Bestela, elkargoan sartzeko eskaria ez onartzea erabakitzen badu, halaxe jakinaraziko du, arrazoiak zehaztuta; era berean, aurreko artikuluko 2.c) atalean zehaztutako kuota berehala itzul diezaioten aginduko du. Aurkeztu beharreko agiriak direla-eta eskatzaileak baldintzak betetzen ez baditu, beste 10 egun emango zaizkio, arazoa konpontzeko.

Gobernu Batzordeak emandako ebazpenez gainera, estatutu hauetan xedatutako baldintzen erregimen berezira ere jo ahal izango da elkargoan sartzeko espedienteetan.

Aurretik xedatutakoa gorabehera, honako hauek ez dira inola ere elkargoan onartuko:

  1. Lanbidea egikaritzeko gaitasungabetze epai irmora kondenatutakoak, harik eta gaitasungabetze hori ezeztatzen den arte.

  2. Hutsegite larri edo oso larriagatik diziplina zehazpena jaso, eta zeinahi elkargo profesionaletan baja emandakoak, honako ondorio hauekin: elkargokide izateko eskubidea etetea, lanbidea egikaritzeko eskubidea etetea edo denbora jakin batean beste elkargo profesional batean izena emateko gaitasungabetzea. Hori guztia aipatutako hutsegitea ezeztatu arte.

  3. Beste zeinahi elkargo profesionaletan borondatezko baja eskatuagatik, elkargokide izateagatik ordaindu beharreko kuotak ordaintzeke utzi baditu.

  1. Elkargokideak saritu ahal izango dira, Gobernu Batzordeak edo elkargokide zein hirugarrenek proposatu, eta Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu. Jarraian zehazten diren urratsak egin, eta jarraian aipatzen diren sariak emango dira, eta sari horiek elkargokidearen espediente pertsonalean jaso beharko dira:

    1. Ohorezko elkargokidea izendatzea.

    2. Sariak edo bestelako zeinahi ohore emateko Herri Administrazioaren proposamenak.

      Ohorezko elkargokide baten izena proposatu ahal izango dute elkargoko erroldaren % 5 ordezkatzen duten elkargokideek, elkargoko Gobernu Batzordeak, Administrazioko zeinahi organok edo irabazi asmorik gabeko Fundazio edo Elkarteek.

      Gobernu Batzordeak, lehendakariaren bitartez, Batzar Orokorrari egingo dio proposamena, hala dagokionean; eta Batzar Orokorrak izango du ohorezko elkargokidea izendatzeko erabakia hartzeko eskumena.

  2. Era berean, ohorezko elkargokide izendatu ahal izango dira aurreko atalean aipatutako baldintzak ez beteagatik, Gobernu Batzordeak edo elkargokideen ehuneko berberak proposatu, eta Batzar Orokorrak halaxe erabakita, izendapen hori jasotzen dutenak. Betiere, aintzat hartuko dira lanbidearen mesedetan edo elkargoaren onurarako egindako zerbitzu garrantzitsuak edo merezimenduak.

Honako egoera hauetakoren bat gertatuz gero, utziko diote elkargoko kideek elkargokide izateari:

  1. Interesdunak berak hala nahi izatea.

  2. Kuotak behin eta berriro ez ordaintzea, elkargoak baliabide frogagarriren baten bidez aldez aurretik kuota ordaintzeko eskaria egin arren. Baliabide frogagarritzat hartuko dira, espresuki, ordaintzeko hilabeteko epea emanez bidalitako burofax edo telegrama bidezko jakinarazpenak, hartu izanaren adierazpenarekin.

  3. Lanbidean jarduteko baldintzak ez betetzea. Hala gertatuz gero, lanbidean jarduteko ezintasuna eragiten duen gertaera jazotzen den unean bertan izango da baja. Eta, betiere, 18/1997 Legearen 39. artikuluak dioena errespetatuta.

Elkargokideek honako eskubide hauek izango dituzte:

  1. Kudeaketa korporatiboan parte hartuko dute, eta, ondorioz, eskariak egiteko, bozkatzeko eta zuzendaritza postu eta karguetan jarduteko eskubidea izango dute.

  2. Elkargoak egiten dituen kudeaketa eta jarduera guztiei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea izango dute, urteroko Batzar Orokorrean.

  3. Lanbidea era egokian gauzatzeko beharrezkoak dituzten aholkularitza, laguntza eta babesa jasoko dute elkargoaren eskutik, eta, hala eskatzen badute, lanbidea egikaritzen ari direla inolako arrazoirik gabe tratu txarrak jaso dituztelako edo jazarriak izan direla-eta, aholkularitza edo babesa jasoko dute, nola elkargoaren eskutik, hala arlo juridikoan.

  4. Egokiak iritzitako kexa, eskari eta ekimenak aurkeztu ahal izango dituzte Gobernu Batzordearen aurrean; betiere, behar bezala arrazoituta, eta idatziz.

  5. Aldez aurretik idatziz hala eskatuta, elkargoaren egoitzan eta Gobernu Batzordeko kide bat aurrean dela, kontabilitate liburuak eta elkargoko Aktak aztertu ahal izango dituzte. Era berean, pertsonalki eragiten dieten hitzarmenen egiaztagiriak eskuratu ahal izango dituzte.

  6. Aldez aurretik eskatu, eta behar bezala arrazoituta, elkargoaren gela edo lokalak erabili ahal izango dituzte. Gobernu Batzordeak finkatuko ditu eskubide hau bermatuko duten arauak.

  7. Elkargoak hartutako erabakien berri jasotzeko eskubidea izango dute, aldian-aldian, baldin eta erabakiek pertsonalki eragiten badiete.

  8. Elkargoaren estatutuak eratzeko edo aldatzeko erabakiak Batzar Orokorrera eramateko eskubidea izango dute.

  9. Gobernu Batzordeak onartutako arauak eratu edo aldatzeari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea izango dute.

  10. Elkargoko dagokion Organoak emandako nortasun profesionala egiaztatzen duen dokumentuaz gainera, onartutako gainerako bereizgarriak erabiltzeko eskubidea izango dute.

Elkargokideek honako betebehar hauek dituzte:

  1. Estatutu hauetan xedatutakoa, batetik, eta, bestetik, Euskadiko Logopeden Elkargo Ofizialaren erabakiak betetzea eta betearaztea, eskubide osoz baliogabeak diren hitzarmen edo erabakiak izan ezik. Eskubide osoz baliogabeak diren hitzarmen edo erabakiak badira, idatziz azaldu beharko dizkiote elkargoari baliogabetasun horren arrazoiak.

  2. Elkargoko kuotak ordainduta izatea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan gertatu eta berak jakinda lanbidean bidegabe sartzeko gertatutako ekintza oro eta legez kanpoko egikaritzeak zein lanbide jardun egokiaren aurkako jarduerak Euskadiko Logopeden Elkargo Ofizialaren aurrean salatzea, idatziz.

  4. Elkargoari bere helbide aldaketa guztien berri ematea, eta, elkargoak eskatzen dion orotan, lanbide jardunarekin lotutako datu guztiak helaraztea.

  5. Elkargoak, Justizia Auzitegiak, partikularrek edo eskumena duen zeinahi erakundek hala eskatzen dionean, lanbidearekin lotutako kontuei buruz duen iritzia ematea edo txostena aurkeztea.

  6. Bere lan-eskaintza kalitatezkoa izan dadin zaintzea eta lanbidearen irudi onaren alde egitea, betiere, lanbidearen printzipio etikoak errespetatuz.

  7. Elkargoko karguren bat betetzeko hautatua izanez gero, onartzea eta leialtasunez lan egitea, hala ez egiteko bidezko arrazoiren bat izan ezean.

  8. Lanbidea egikaritzean izan ditzakeen erantzukizun zibileko arriskuak estaltzea, dagokion aseguruarekin.

Honako organo hauek zuzenduko dute elkargoa: Batzar Orokorrak, Gobernu Batzordeak eta gainerako batzordeek.

Batzar Orokorra da elkargoko organo gorena, eta elkargokide guztiek osatzen dute. Elkargokideek Batzarrean hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango dute, baldin eta eskubide korporatibo osoen jabe badira eta elkargoko kuota guztiak ordainduta baldin badituzte. Ohiko Batzar Orokorra urte naturalean behin egingo da, eta, hala badagokio, aurreko saioko akta onartu beharko dute elkargokideek; bertan onartu beharko dituzte, halaber, aurrekontuak, balantzeak eta eguneko gai-zerrendan ageri diren gainerako proposamen guztiak. Batzar Orokorrak barne-erregimenerako araudiak onartu beharko ditu, bestalde, Gobernu Batzordeak hala eskatuta.

Aurreko artikuluan aipatutako ohiko batzarraz gainera, Batzar Orokorrak ezohiko bilerak ere izan ditzake.

Honako kasu hauetan egingo da Ezohiko Batzar Orokorrerako deialdia:

  1. Elkargoko Gobernu Batzordeak hala eskatuta.

  2. Elkargokideen 100eko 20k edo jardunean ari direnen ehuneko hamarrek, gutxienez, idatziz eskaria eginda; eskari hori Gobernu Batzordeari bidali beharko diote, eta eskariaren zergatien berri eman beharko du, baita ezohiko batzarrerako gai-zerrenda edo gaiak ere.

    Egoera hori gertatuz gero, Gobernu Batzordeak Ezohiko Batzar Orokorrerako deia egin beharko du, eskaria aurkezten denetik 20 eguneko gehieneko epean, eta eskatzaileek eskarian adierazitako gai-zerrendari jarraitu beharko dio.

Gobernu Batzordeak egingo ditu Batzar Orokorretarako deialdiak, Ohiko nahiz Ezohiko Batzar Orokorrak izan. Deialdian adierazi beharko du non, noiz eta zer ordutan izango den bilera, lehenengo deialdian nahiz bigarrenean, eta bertan adierazi beharko du, halaber, eztabaidatu beharreko gaien zerrenda. Bilera egin baino hamar egun lehenago gutxienez egin beharko du deialdia, Euskadiko Logopeden Elkargo Ofizialaren ohiko hedapen-bideak erabilita. Era berean, elkargoaren egoitza ofizialeko iragarki taulan jarri beharko du, ikusgai.

Batzar Orokorrak, ohikoak nahiz ezohikoak izan, baliozkoak izango dira elkargokideen erdiak gehi bat biltzen badira, lehenengo deialdian; edo biltzen diren elkargokideak biltzen direla ere, bigarrenean. Bigarren deialdi hori lehenengo deialdia baino hogeita hamar minutu geroago izango da. Erabaki guztiak parte-hartzaileen gehiengoaren aldeko botoarekin hartuko dira.

Elkargoko lehendakaria eta idazkaria izango dira, hain zuzen, Batzar Orokorretako lehendakari eta idazkari ere.

Batzar Orokorretako lehendakariak hasi eta amaituko du saioa; berak egingo ditu moderatzaile lanak ere. Behar izanez gero, zeinahi elkargokideren esku utzi dezake funtzio hori.

Erabaki beharreko auzien bozketak eskua altxatuta egingo dira, elkargokideen % 20k edo lehendakariak berak isilpeko bozketa egiteko eskatzen dutenean izan ezik. Nolanahi ere, zuzenean elkargokideei eragiten dieten auzietako bozketak isilpekoak izango dira.

Batzar Orokorretan ezingo da eguneko gai-zerrendan agertzen ez diren auziei buruzko erabakirik hartu.

Gobernu Batzordea da elkargoko organo betearazlea eta elkargoa bera ordezkatzen duena. Batzar Orokorretan hartutako erabakiak egikaritzeaz eta kudeatzeaz arduratzen da; Batzorde hau arduratzen da, halaber, elkargoaren administrazioaz.

Osoko Bilkura batek eta Batzorde Iraunkor batek eratzen dute Gobernu Batzordea.

Osoko Bilkura, berriz, honako hauek osatzen dute: lehendakariak, lehendakariordeak, diruzainak, idazkariak eta hiru batzordekidek.

Lehendakaria eta idazkaria elkargoko lehendakaria eta idazkaria izango dira.

Elkargoko Batzorde Iraunkorra, berriz, honako hauek osatzen dute: lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak eta diruzainak.

Lehendakaria kanpoan edo gaixo badago, lehendakariordea jarriko da bere tokian. Lehendakariordea, idazkaria eta diruzaina, ordea, batzordekideek ordezkatuko dituzte, dagokien hurrenkeraren arabera.

Honako hauek dira Gobernu Batzordearen funtzioak:

Batzar Orokorrak hartutako erabakiak gauzatzea.

Elkargoa zuzentzea, kudeatzea eta administratzea, elkargokideen mesedetan.

Elkargoaren interesen ohiko kudeaketa egitea.

Elkargoaren funtzioak hobeto betetzeko premiazkoak diren zerbitzuak finkatzea eta antolatzea.

Elkargokideak onartzeko edo ez onartzeko erabakia hartzea.

Diziplina ahalmenak erabiltzea, eta, estatutu hauek diziplina erregimenari buruz diotenarekin bat, dagozkion zehapenak ezartzea.

Justizia Auzitegien eta Herri Administrazioaren aurrean elkargoa ordezkatzea.

Urteko aurrekontuak osatzea eta horien aurreproiektua onartzea. Era berean, aurreko urteko balantzea egitea, Batzar Orokorretan aurkeztu eta onartzeko.

Hauteskundeetarako deialdiak egitea.

Elkargoaren helburuak betetzeko egoki irizten zaien barne-erregimenerako araudiak osatzea.

Deontologia Batzorde egoki bat eta komenigarritzat jotzen diren lan-batzordeak izendatzea.

Elkargoaren funtsak biltzea eta antolatzea, elkargoaren kuota eta zerga bidezko sistema finkatuz.

Elkargoaren ekintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea, daukan eskumenaren arabera.

Oro har, legez edo estatutuetan Batzar Orokorrari esleitu ez zaizkion funtzio guztiak.

Gobernu Batzordearen Ohiko Osoko Bilkura hilean behin egingo da; nolanahi ere, auziak garrantzitsuak badira, maizago ere egin ahal izango dira.

Idazkaritzak egingo du Osoko Bilkurarako deialdia, Lehendakaritzak hala eskatuta. Bilera baino gutxienez hiru egun lehenago egin beharko du, idatziz, eta eguneko gai-zerrenda erantsita bidali beharko da. Ezingo da gai-zerrendan agertzen ez diren gaiei buruzko erabakirik hartu. Erabaki guztiak, gainera, parte-hartzaileen gehiengoaren aldeko botoarekin hartuko dira, Osoko Bilkura osatzen duten kide gehienak lehenengo deialdian bilduta. Bigarren deialdian hartutako erabakiak, aldiz, baliagarriak izango dira, zeinahi izanik ere parte-hartzaileen kopurua. Lehendakariak kalitatezko botoa izango du.

Era berean, Gobernu Batzordeko kideen ehuneko hogeik ere egin ahal izango dute deialdia.

Gobernu Batzordeak Batzorde Iraunkorrari eskuordetu diezazkioke, neurri batean, bere eskumenak; bereziki, funtzioak arinago bete ahal izateari begira.

Gobernu Batzordeko karguetan jardutearen truke ordainsariak jaso ahal izango dira, baldin eta Gobernu Batzordeak hala proposatu, eta hala erabakitzen badu, hurrengo Batzar Orokorrak erabakia berretsiz gero, betiere. Era berean, urteko aurrekontuetan dagokien sailetan esleitutako ordainsariak edo ordezkaritza gastuak jasoko dituzte, beren jardunaren truke.

Gobernu Batzordeko kide diren elkargokideek ezingo dute beren burua kontratatu Logopeden Elkargo Ofizialari zerbitzu profesionalak eskaintzeko; eta bereziki, ezingo dituzte eman elkargoak eskainitako trebakuntza ikastaroak, ez beren Kabinete edo Enpresako lankideen bitartez, eta ezta lankideek eurek ere.

  1. Adinez nagusi diren elkargokide guztiak izan daitezke Gobernu Batzordeko kide; honako hauek izan ezik:

    1. Kargu publikoetan jarduteko gaitasungabetze epai irmoa jaso duten elkargokideek.

    2. Hutsegite larri edo oso larriagatik diziplina zehapena jaso duten elkargokideek, zehapena oraindik ere indarrean bada.

Elkargokideen zuzeneko eta isilpeko bozketa bidez hautatuko dira Gobernu Batzordeko kideak. Elkargokide guztiek hauteskundeak egiten diren egoitzara joan beharko dute, botoa ematera; halere, posta ziurtatu bidez ere eman ahal izango da botoa.

  1. Hautagai-zerrendak elkargoan eratu behar dira; zerrenda horretan, hautaketa orokorrerako hautagai aurkezten diren elkargokide guztien izenek agertu behar dute, bakoitzari dagokion karguarekin batera.

  2. Hauteskundeetarako deialdia Gobernu Batzordeak egingo du, deialdian hauteskundeen eguna edo egunak adierazita; hauteskundeak ezingo dira egin hautagai-zerrendak ondoren aditzera emango den eran argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasi eta hogeita hamar egun naturaletik beherako epean. Deialdian, hauteskunde egunaz edo egunez gainera, datu hauek ere adierazi behar dira: hauteskundeen hasiera eta amaiera orduak eta Batzorderako aukeratu beharreko karguen zerrenda zenbakitua.

  3. Hautagai-zerrendak aurkeztu aurretik, elkargokideen errolda osatu beharko da. Errolda elkargoaren egoitzan edo egoitzetan erakutsiko dute jendaurrean, elkargokideek nahi duten kontsultak egin ditzaten, hamar egun naturaleko epean; epe horren barruan, erroldan hautemandako akatsak zuzentzeko erreklamazioak egin ahal izango ditu beharrezko irizten dion orok. Akatsak zuzentzeko bost laneguneko epea izango da, gehienez ere; eta, ondoren, behin betiko errolda aurkeztuko da, lehen azaldutako modu berean.

    Hautagai-zerrendak deialdia argitara eman eta zortzi egun naturaleko epearen barruan aurkeztu behar dira; epe hori igarotakoan, Gobernu Batzordeak hautagaien zerrenda eta hautagaiak bakoitza kargutarako aurkezten diren zehaztuko du, hurrengo hiru laneguneko epearen barruan.

    Hautagai bakoitzari erroldaren ale bat banatuko zaio, eta horixe izango da hauteskundeetarako errolda baliozko bakarra.

  4. Hautagai-zerrenda orokor bakarra edo kargu bakoitzerako hautagai bakarra egonez gero, beste izapiderik gabe izendatuko dira hautagai horiek, artikulu honen 18. atalean ezarritakoari jarraituz.

  5. Hauteskundeetarako deialdian zehaztutako egunean eta orduan Hauteskunde Mahaia eratuko da, elkargoaren egoitzan edo xede horretarako aukeratutako aretoan (hauteskundeak elkargoaren egoitza ez den beste areto batean egitekotan, deialdian aditzera eman beharko da hauteskundeak non egingo diren ere). Elkargokide bat izango da Mahaiaren lehendakari, eta bi ikuskatzaile izango ditu laguntzaile: Hauteskunde Mahaia eratzeko unean aretoan dauden elkargokide zaharrena eta gazteena, hain zuzen ere (gazteenak idazkari-lanak beteko ditu).

  6. Hautagaiek, bestalde, ikuskatzaile bana izendatu ahal izango dute elkargokideen artean, hauteskundeetako jardueretan beren ordezkari jardun dezan. Ordezkariaren izena Gobernu Batzordeari jakinarazi beharko diote, hauteskunde eguna baino bost egun natural lehenago, gutxienez.

  7. Hauteskunde mahaian bi hautestontzi jarriko dira: bata, botoa ematera hauteskunde aretora joaten diren elkargokideen botoak biltzeko; eta posta bidez igorritako botoak biltzeko, bestea.

  8. Hautestontziek itxita egon behar dute; zirrikitu bat besterik ez dute edukiko, botoak sartzeko.

  9. Hautestontzietan argi eta garbi adieraziko da ontzi bakoitzari arestian aipatutako bi xede horietatik zein dagokion, kanpotik argi eta garbi ikus dadin zer-nolako botoak biltzeko den.

  10. Hauteskunde Mahaia eratutakoan, lehendakariak hauteskundeen hasiera iragarriko du, deialdian zehaztutako orduan; deialdian adierazitako orduan amaituko da hautaketa, eta mahaiaren lehendakariak jakinaraziko du hori ere, dagokion orduan, zenbaketa hasi aurretik.

  11. Botoa emateko txartel guztiak zuriak eta neurri berekoak izango dira, eta hautatu beharreko karguen zerrenda izango dute alde batean inprimatuta.

  12. Hauteskundeak egiten diren egoitzan, elkargokide guztiek botoa emateko nahiko boto txartel jarri beharko dira.

  13. Botoa emateko eskubidea gauzatzera hauteskunde aretora bertara joaten diren elkargokideek elkargokide direla egiaztatu beharko dute Hauteskunde Mahaian. Mahaiko kideek elkargokidea erroldan agertzen dela egiaztatuko dute, ozen esango dituzte boto emailearen izen-abizenak, eta botoa ematera doala adieraziko dute, elkargokideak txartel tolestua dagokion hautestontzian sartzeko unean.

  14. Posta bidez botoa emateko boto-txartelek aurrez zehaztutako ezaugarri berberak izango dituzte; ezingo dira sinatu, karguen zerrenda izango dute alde batean inprimatuta, eta kargu bakoitzerako hautatu nahi duten hautagaiaren izena adierazi beharko dute boto emaileek. Boto txartela tolestuta sartu behar da gutun-azal zuri batean; gutun-azal hori itxi, eta beste gutun-azal zuri batean sartuko da, gero. Bigarren gutun-azal horretan «Hauteskundeak» hitza idatzi behar da aurrealdean, eta boto emailearen izen-abizenak eta sinadura, atzealdean.

  15. Posta bidezko botoak elkargoko idazkariari helarazi behar zaizkio. Haren ardurapean egongo dira gutun-azalak, hauteskundeak hasi arte; hauteskundeak hasitakoan, posta bidez jasotako boto guztiak Hauteskunde Mahaiari emango dizkio idazkariak, eta Mahaiko kideek xede horretarako ontzian sartuko dituzte. Hauteskunde Mahaiak bozketa amaitu bitartean jasotako boto guztiak onartuko ditu, ontziak ireki eta zenbaketa hasi artean jasotako guztiak. Arestian adierazitako baldintzak betetzen ez dituzten posta bidezko botoak baliogabetzat hartuko dira, betiere.

  16. Hauteskunde Mahaiak bozketaren amaiera iragartzen duenean, jendaurrean eta ekitaldi bakarrean zabalduko dira ontziak, honako ordena honetan: lehenik, posta bidezko botoen ontzia irekiko da; boto emaile bakoitza hauteskunde erroldan agertzen dela egiaztatu ahala, ontzian sartuko dira boto txartelen gutun-azalak. Ondoren, boto txartelen gutun-azalak irekiko dira, eta ozen izendatuko dira boto txartel bakoitzean hautatutako hautagaiak, zenbaketa egiteko.

  17. Baliogabetzat hartuko dira, lehen posta bidezko botoen atalean esandakoez gainera, sinatuta edo urratuta dauden botoak, hautaketaren eduki zehatzaz bestelako adierazpenen bat dutenak edo kargu bakoitzerako hautagai bat baino gehiago edo hauteskundeetan hautagai ez diren kideen izenak dituztenak. Hautagaien kopuruari dagokionez erabat bete gabe dauden boto txartelak ezingo dira baliogabetzat hartu, baldin eta baliozko botoa izateko baldintza guztiak betetzen badituzte.

  18. Zenbaketa amaitutakoan, kargu bakoitzerako boto gehien lortu dituzten hautagaien izenak esango dira, emandako botoen kopuru osoa adieraziko da, eta baita boto zurien eta baliogabeen kopurua ere. Ondoren, hautatutako hautagaiak izendatuko dira.

  19. Bete behar den kargu baterako edo gehiagotarako hautagairik ez badago, elkargoan antzinatasun handiena duten elkargokideek beteko dituzte hutsuneak. Irizpide horri berari jarraituko zaio boto kopuru bera lortu duten hautagaien arteko berdinketa hausteko.

  20. Hauteskunde prozesua amaitutakoan ontzietatik ateratako gutun-azalak eta txartelak suntsitu egingo dira, lehiakideen aurrean, irabazlea aldarrikatu ondoren; suntsitu gabe utzi behar dira, halere, balioa ukatu zaien botoak edo erreklamazioren bat eragin dutenak. Horiek aktari atxikiko zaizkio, eta aktarekin batera artxibatuko dira, Mahaiko kideek sinatuta.

  21. Hauteskundeak amaitutakoan, Mahaiko lehendakariak prozesuaren akta emango dio elkargoko idazkariari; idazkariak akta-liburuan erregistratu eta sartuko du, eta elkargoko iragarki oholean argitara emango du.

  22. Ondoren, hogeita hamar eguneko epearen barruan, hautagai hautetsiak beren karguez jabetuko dira. Hautetsiak Gobernu Batzordeko karguez jabetutakoan, idazkariak Gobernu Batzordeko kideen izendapenaren sinestamenduak banatuko ditu, Lehendakaritzaren oniritziarekin.

    Edonola ere, Gobernu Batzordea behartuta dago dagozkion karguak eta funtzioak betetzen jarraitzera, Gobernu Batzorde berriko kideek beren karguak hartu bitartean.

  1. Zuzendaritza karguetarako izendatutako kargudunek lau urteko agintaldia izango dute, eta erdi bana berrituko dira karguak, bi urtez behin; agintaldi bat bete eta hurrengorako behin besterik ezingo dituzte berriro hautatu, estatutu hauetako Lehenengo Xedapen Iragankorrak dioenaren kalterik gabe.

  2. Gobernu Batzordeko karguren bat edozein arrazoi dela medio hutsik geldituz gero, ez da behin-behineko izendapenik egingo, eta dagokion hauteskundeetarako deialdia egin ahal izango da, berehala; halere, kargudun horien agintaldia aurreko agintaldia amaitzeko gelditzen zen epea amaitu artekoa izango da, eta agintaldi hori ez da kontuan hartuko hurrenez hurren beste agintaldi baterako hautatua izateko eskubideari dagokionez.

Gobernu Batzordeko kideek honako arrazoi hauetako batengatik utziko dute beren kargua:

  1. Agintaldia amaitzea.

  2. Interesdunak karguari uko egitea.

  3. Hiru saiotara huts egitea, bidezko arrazoirik gabe.

    12. artikuluan aipatzen diren arrazoiak.

  1. Beren kontrako mozio zentsura bat aurrera ateratzea, ondoren zehazten den eran:

    Elkargokideen eskariz Ezohiko Batzar Orokorra elkartzeko bete beharreko baldintzak beteta, elkargokideek zentsura mozioak aurkeztu ahal izango dituzte, Gobernu Batzordeko kideen kontra nahiz Batzorde osoaren kontra. Horretarako, argi eta garbi adierazi behar dira zentsura mozioaren oinarrizko arrazoiak. Baldintza horiek betetzen badira, Gobernu Batzordea behartuta egongo da hilabeteko epearen barruan, gehienez ere, Ezohiko Batzar Orokorrerako deia egitera; bilera horretako gai-zerrendako puntu bakarra zentsura mozioa izango da.

    Zentsura-mozioa onartuz gero, mozioa jaso duten kideek eta, hala dagokionean, Gobernu Batzorde osoak eman beharko du dimisioa, eta kargu berriak hautatzeko deialdia egingo da, berehala.

    Edonola ere, zentsura-mozioak aurrera egin dezan, Batzar Orokorrean elkargokideen erdiek gehi batek parte hartu beharko dute.

Batzorde Iraunkorrak hilean behin egingo du bilera, gutxienez; hala ere, gaiek hala eskatzen dutela-eta, sarriago ere elkar daiteke.

Batzorde Iraunkorraren bileretarako deialdiak bilerak berak baino hogeita lau ordu lehenago egingo dira, idatziz, eta dagokien gai-zerrenda adierazita. Ezingo da hartu gai-zerrendan agertzen ez diren gaiei buruzko erabakirik. Akordioak parte-hartzaileen gehiengoaren aldeko botoarekin hartuko dira, eta lehendakariak kalitatezko botoa izango du.

Ohiko nahiz Ezohiko Batzar Orokorretarako gai-zerrenda Gobernu Batzordeak zehaztuko du; eta Osoko Bilkurarena eta Batzorde Iraunkorrarena, berriz, lehendakariak, hori guztia estatutu hauek diotenaren kalterik gabe.

Lehendakaria elkargoaren ordezkari gisa arituko da orotariko agintari eta erakundeen aurrean, eta lege, administrazio eta elkargo agindu, akordio eta xedapenak betetzea zainduko du, elkargoaren lurralde-eremuan.

Horrez gainera, honako funtzio hauek izango ditu:

  1. Ohiko nahiz Ezohiko Batzar Orokor guztien buru aritzea.

  2. Saioei hasiera ematea, saioak zuzentzea eta saioak amaitutzat ematea.

  3. Agintari, korporazio, erakunde administratibo eta partikularrentzako txostenak eta jakinarazpenak baimentzea.

  4. Bankuetan kontu korronteak irekitzeko, dirua sartzeko eta dirua ateratzeko txekeak baimentzea, eta, oro har, administrazio eta finantza arloko kudeaketa guztia baimentzea, diruzainarekin batera, betiere.

  5. Elkargoko idazkariak idatzitako egiaztagiriei onespena ematea.

  6. Ordainketa-aginduak eta kontu-liburuak onartzea, diruzainarekin batera.

  7. Orotariko kontratuak sinatzea.

  8. Premiazko arrazoien ondorioz hartu beharreko erabakiak hartzea, nahiz eta gaiarengatik berez Batzar Orokorraren edo Gobernu Batzordearen ardurapekoak izan; premiazko erabaki horiek, hala ere, dagokien organoak egiten duen lehenengo bileran berretsi beharko dira.

Lehendakariordeak lehendakariak ematen dizkion funtzio guztiak beteko ditu, eta lehendakariaren ordezko modura arituko da, hura kanpoan edo gaixo badago, parte hartzerik ez badu, ezetsita badago edo haren kargua bete gabe badago.

Hauek dira idazkariaren funtzioak:

  1. Elkargoaren ekitaldietarako deialdiak idaztea eta bideratzea, lehendakariak ematen dizkion jarraibideak betez eta behar adinako aurrerapenaz.

  2. Batzar Orokorren aktak idaztea, baita Gobernu Batzordearenak eta Batzorde Iraunkorrenak ere.

  3. Zerbitzu hobea eta ordenatuagoa eskaintzeko behar diren liburuak betetzea, baita Tituluen Erregistroa-Liburua ere.

  4. Elkargora iristen diren eskari eta jakinarazpen guztiak jasotzea eta lehendakariari horien berri ematea.

  5. Interesdunek eskatutako egiaztagiriak idaztea.

  6. Bulegoa antolatzea eta zuzentzea, ordutegiak Batzorde Iraunkorrarekin batera antolatuta.

  7. Langileen Buru izatea.

  8. Ekitaldiaren amaieran Urteko Txostena idaztea.

Diruzainaren funtzioak dira:

  1. Elkargoaren funtsak biltzea eta zaintzea.

  2. Lehendakariak emandako ordainketa aginduak betetzea.

  3. Hilero aurreko hilabeteko diru sarreren eta gastuen kontua gauzatzea, eta, oro har, amaitutako ekitaldi ekonomikoarena lantzea.

  4. Urteko aurrekontua idaztea, Gobernu Batzordeak Batzar Orokorrari aurkeztu eta Batzarrak onespena eman diezaion.

  5. Elkargoaren kontuetan dirua sartzea eta horietatik dirua ateratzea, lehendakariarekin edo, hala dagokionean, lehendakariordearekin batera.

  6. Elkargoaren ondasunen inbentarioa egitea; bera izango da ondasun horien administratzailea.

  7. Kontuak kontrolatzea eta kutxa egiaztatzea.

Edozein arrazoi dela-medio lehendakariordea, idazkaria edo diruzaina ez badaude, lehen, bigarren eta hirugarren batzordekideak izango dira haien ordezko, hurrenez hurren.

Batzar Orokorrak nahiz Gobernu Batzordeak ordezko batzordeak eratu ahal izango ditu, elkargoak egoki irizten dien gai zehatzetarako; batzorde horien funtzioak eta funtzionamendu erregimena dagokion batzordea sortzeko ekitaldian zehaztuko dira.

  1. Beren eginkizun profesionaletan eta elkargoaren estatutuek ezartzen dituztenetan huts egiten duten elkargokideei diziplina zehapena ezarri ahal izango zaie.

    Elkargokideen ekintzetan legez kanpoko jokabideren bat izan dela esateko arrazoizko aztarnak daudenean, dagokion botere judizialari jakinarazi beharko zaio gorabehera horren berri.

  2. Zuzenketa edo diziplina zehapen ekar dezaketen hutsegiteetan, hutsegite oso larriak, larriak eta arinak bereizten dira.

  1. Hutsegite arinak dira:

    1. Elkargoak ezartzen dituen betebeharrak ez betetzea, adibidez, elkargoaren eskariei ez erantzutea edo eskatutako txostenak ez aurkeztea.

    2. Estatutu hauetan ezarritako betebeharren edo debekuren bat urratzea, hutsegite larri edo oso larritzat hartuak ez direnean.

  2. Hutsegite larriak dira:

    1. Gainerako elkargokideekiko edo elkargoko organoekiko nahiz jarduera profesionalaren ondorioz harremana duen gainerako pertsona edo erakundeekiko begirunerik eza edo irain larria adierazten duten ekintzak, eta horien guztien kontrako eraso fisikoak.

    2. Lehia bidegabea.

    3. Lanbideari dagozkion betebeharrak ez betetzea, profesionalaren zerbitzua eskatu edo hitzartzen duenari kaltea badakarkio.

    4. Asegurua edukitzeko betebeharra ez betetzea.

    5. Elkargoaren edo haren organoen ohiko jarduera eragozten edo asaldatzen duten ekintzak.

    6. Dagokion moduan eskatutako prestazio profesionala emateko betebeharra ez betetzea, prestazio hori ezinezkoa dela egiaztatzen duen bidezko arrazoirik gabe.

    7. Kargudun hautatutako kideak kargu korporatiboetako jardunean leialtasunik gabe aritzea.

    8. Bi urteko epean lau hutsegite arin egitea.

  3. Hutsegite oso larriak dira:

    1. Betebehar profesionalak ez betetzea, profesionalaren zerbitzua eskatu edo hitzartzen duenari kalte larria badakarkio.

    2. Sekretu profesionala urratzea.

    3. Lanbidean jardutea, horretarako gaitasunez gabetuta egonik edo horretarako debekua jasota.

    4. Lanean iruzurrezko delituak egitea, edonolako partaidetza maila edukita ere.

    5. Gaixoak gaiztakeriaz eta nahita ez artatzea, profesionalaren zerbitzua eskatu edo hitzartzen duenari kalte larria badakarkio.

    6. Lanean mozkortuta edo drogen eraginpean aritzea, eskuarki.

    7. Bi urteko epean gutxienez bi hutsegite larri egitea.

Hauek dira aurreko artikuluetan zehaztutako hutsegiteetan aplika daitezkeen zigorrak:

  1. Hutsegite edo arau-hauste arinetan:

    1. Ahozko ohartarazpena.

    2. Idatzizko ohartarazpena.

  2. Hutsegite edo arau-hauste larrietan:

    1. Lanbidean jarduteko gaitasunaz gabetzea, ez urtebete baino gehiagorako, 18/1997 Legearen 16. artikuluak aurreikusten duenari jarraituz.

  3. Hutsegite edo arau-hauste larrietan:

    1. Lanbidean jarduteko gaitasunaz gabetzea, urtebete eta egun batetik hogei urterako eperako, 18/1997 Legearen 16. artikuluak aurreikusten duenari jarraituz.

    2. Elkargoko karguak kentzea eta elkargoan zuzendaritza kargurik izateko gaitasunaz gabetzea, lau urtetik gorako eta zortzi urteko gehieneko eperako.

  4. Zehapenak mailakatzeko, gertaeraren nondik norako objektiboak eta egilearen nondik norako subjektiboak kontuan hartuko dira, betiere, eta nondik norako horien arabera zehaztuko da erantzukizunaren larritasuna.

  5. Elkargokideei ezartzen zaizkien diziplina zehapenak iraungi egingo dira honako epe hauetan:

    1. Zehapena ezarri eta urtebetera, hutsegite arinen ondoriozko zehapenak.

    2. Zehapena ezarri eta bi urtera, hutsegite larrien ondoriozko zehapenak.

    3. Zehapena ezarri eta hiru urtera, hutsegite oso larrien ondoriozko zehapenak.

      Edonola ere, lanbidean jarduteko gaitasuna hiru urterako edo hortik gorako epe baterako kenduz gero, iraungitze epea ere zehapenaren epea adinakoa izango da.

  6. Zehapenak iraungitzeko epea zehapena dakarren ebazpena indarrean sartu eta hurrengo egunean hasiko da.

    Iraungitze epea eten egingo da, betearazte prozedura abiatuz gero, interesdunari horren berri emanda; eta epea berriro ere abian jarriko da, baldin eta hutsegileari egotzi ezin dakizkiokeen arrazoiak direla medio prozedura hori sei hilabetetik gora ez atzera ez aurrera egonez gero.

  7. Elkargokideei hutsegite oso larrien ondorioz ezarritako zehapenak Gobernu Batzordearen Osoko Bilkurak hartuko ditu, isilpeko bozketaz, eta bilerako parte-hartzaileen bi herenen onespena beharko dute.

Diziplina erregimenari jarraituz, ezingo zaie elkargokideei inolako zehapenik ezarri, aurrez espedientea ireki gabe eta interesduna entzun gabe.

Gobernu Batzordeak, ofizioz nahiz salaketa bidez, hutsegitea izan litekeen ekintzaren baten berri izanez gero, espedientea abiarazteko erabakia hartuko du. Espedientea honako urrats hauei jarraituz gauzatuko da:

  1. Gobernu Batzordeak zehapen espedientea abiatzea erabakitakoan, 18/1997 Legearen 19. artikuluak aurreikusten duenaren arabera gauzatuko da. Instruktore bat izendatuko da -lanbidean hiru urtetik gora daramatzan elkargokide bat- eta, hala dagokionean, idazkari bat ere bai.

    Instruktoreak izendapena jakinarazten den egunetik hiru laneguneko epea izango du funtzio hori ez betetzeko egoki irizten dion desenkusa edo arrazoiak Gobernu Batzordeari idatziz azaltzeko.

    Gobernu Batzordeak hamar eguneko epean emango du alegazio horiei buruzko ebazpena. Alegazioak aintzat hartzekoak direla irizten badio, beste instruktore bat izendatuko du, lehen azaldutako modu berean.

    Espedientea irekitzen zaion elkargokideak instruktorearen izendapena jakinarazten diotenetik hiru laneguneko epea izango du izendatutako kide hori errekusatzeko egoki irizten dien arrazoiak Gobernu Batzordeari azaltzeko. Arrazoi horiek Kode Zibilean epaileak eta magistratuak errekusatzeko aintzat hartzen diren berberak izango dira. Gobernu Batzordeak hamar eguneko epean emango du errekusatze eskariaren gaineko ebazpena, eta ezingo da ebazpen horren kontrako inolako errekurtsorik jarri.

  2. Instruktorearen izendapena behin betikoa denean, Gobernu Batzordeak haren eskura jarriko ditu bere jarduna gauzatzeko behar dituen eta egoki diren baliabideak.

    Instruktoreak hamar eguneko epea izango du gertaerak argitzeko eta zigorgarri izan daitezkeen erantzukizunak zehazteko egoki irizten dien froga eta jarduketa oro agintzeko.

  3. Gauzatutako jarduketak aztertutakoan, elkargokideari egozten zaizkion gertaerak azaltzeko salaketa-zerrenda bat osatuko da.

  4. Interesdunei salaketa-zerrendaren berri emango zaie, eta zortzi eguneko epea emango zaie horri erantzun eta beren defentsan komeni zaizkien frogak proposatzeko.

  5. Salaketa-zerrendari erantzundakoan edo horretarako epea amaitutakoan, eta, hala dagokionean, proposaturiko frogak gauzatutakoan, instruktoreak ebazpen-proposamena prestatuko du, eta interesdunei jakinaraziko die, egoki irizten dieten alegazioak egin ditzaten, hamar eta hamabost egun bitarteko epean.

  6. Ebazpen-proposamena, gauzatutako jarduketa guztiekin batera, Gobernu Batzordeari helaraziko zaio, hark ebazpena eman dezan. Batzordeak instruktoreak aldez aurretik prestatutako zehapen-proposamenaren gaineko eztabaida egin eta espedientea ireki zaion elkargokideak aurkeztutako alegazioak aztertuko ditu; eta, ondoren, ebazpen arrazoitua emango du, honako erabaki hauetakoren bat hartuta:

    1. Instruktoreak egindako zehapen-proposamena baztertzea eta jarduketak artxibatzea.

    2. Instruktoreak egindako zehapen-proposamena baztertzea eta beste zehapen bat ezartzea.

    3. Instruktoreak egindako zehapen-proposamena onartzea, osorik edo parte batean.

  1. Elkargoko organoen akordioak berehala betearaztekoak izango dira; hala behar denean, erabakiaren egiaztapena hartuko da oinarritzat.

    Diziplina-ebazpenen kontra berrezartze errekurtsoa ezarri ahal izango dute interesdunek, administrazioarekiko auzibidera jo aurretik. Errekurtsoa ezarri eta bi hilabeteko epean horri buruzko berariazko ebazpenik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat joko da, eta zabalik geldituko da bide jurisdikzionala.

  2. Errekurtsoa ezartzeak ez du etengo aurkaratutako ekintzaren betearazpena.

    Gobernu Batzordeak diziplina-ebazpenak behin-behinean eteteko erabakia hartu ahal izango du, Epaitegiek auziari buruzko ebazpena eman arte, interesdunak administrazioarekiko auzi-jurisdikzioan errekurtsoa jarriz gero.

Euskadiko Logopeden Elkargo Ofizialaren funtsek eta baliabideek jatorri hauek izan ditzakete:

  1. Batzar Orokorrak urtero elkargokide guztiei ezartzen dizkien nahitaezko ekarpen ohiko nahiz ezohikoak, elkargoan sartzeari edo jarraitzeari dagozkionak.

  2. Elkargoaren jardueraren beraren ondoriozko diru sarrerak edo mozkinak, eta Batzar edo Batzorde Orokorrak egiaztagiri, irizpen, onespen eta abarretarako finkatutako tasak.

  3. Elkargokideek edo hirugarrenek beren borondatez, Zuzenbideari jarraituz eta Gobernu Batzordearen onespenaz egindako emaitza, uzte eta ekarpenak.

  4. Administrazioak edo izaera publiko nahiz pribatuko erakundeek indarrean dagoen legedia betez emandako diru laguntzak edo orotariko laguntzak. Diru laguntza horien arauek finkatutako erabilera emango zaie.

  5. Bere ondasun higagarri nahiz higiezinen mozkinak.

  6. Estatutu hauetan aipatzen ez diren beste zerbitzu batzuk eskaintzetik eratorritako etekinak, elkargokideen eskutik jasoak, edo edozein zerbitzu edo hitzarmenengatik hirugarrenen eskutik jasoak.

  7. Oro har, elkargoak legez bere esku dituen ondasun, eskubide edo baliabidetatik eratorritako beste edozein mozkin, etekin edo sarrera.

Elkargokideen kuotak:

  1. Elkargoan sartzeko kuota bakarra da, eta Gobernu Batzordeak finkatzen du kuota horren zenbatekoa.

  2. Elkargokide guztiak behartuta daude hileko kuotak ordaintzera. Kuota horien ordainketa Jurisdikzio Zibilaren bidetik eskatu ahal izango da.

  3. Batzar Orokorraren eskumena izango da aparteko kuotak ezartzea; horiek ordaintzera ere behartuta daude elkargokide guztiak.

  4. Elkargokideen kuotak, arruntak nahiz apartekoak, Gobernu Batzordeak zehaztutako prozedurari jarraituz ordaindu beharko zaizkio elkargoari.

  5. Kuota arrunten zenbatekoa urtero-urtero aldatuko da, Kontsumorako Prezioen Indizeari dagokion ehunekoan. Edonola ere, Gobernu Batzordeak indize horrek adierazten duena baino igoera handiagoak ezarri ahal izango ditu.

Euskadiko Logopeden Elkargo Ofizialari kanpo ikuskaritza egingo dio, urtean behin, kontu ikuskatzaileen enpresa batek. Ikuskaritza horrek ekitaldiko alderdi ekonomiko guztiak aztertuko ditu, lege arautzailearen arabera Kontu Publikoen Euskal Auzitegiari dagokion ikuskatze eskumenari kalterik egin gabe.

  1. Elkargoan bi akta-liburu izango dira; liburu horietako batean Batzar Orokorraren aktak idatziko dira, eta, bestean, Gobernu Batzordearenak.

  2. Gobernu Batzordearen aktak batzordekide guztiek sinatu behar dituzte.

  3. Batzar Orokorraren aktak lehendakariaren, idazkariaren eta hiru ikuskatzaileren sinaduren bidez baimendu eta onartuko dira; ikuskatzaileak Batzar Orokorrean izendatuko dituzte, eta akta sinatuko dute, eta lehendakariarekin eta idazkariarekin batera aktak sinatuko dituzte.

Dagokien ekintzak gauzatzen diren egunetik hilabeteko epean, gehienez ere, Gobernu Batzordeak Euskadiko Profesionalen Elkargoen Erregistrora bidali behar ditu honako hauek, Erregistroan sartuta gera daitezen:

  1. Zuzendaritza organoen osaera, organoetako kideen identifikazioarekin.

  2. Elkargoko estatutuen eta elkargoaren izenaren aldaketak.

  3. Barne erregimeneko araudiak.

  4. Helbide, egoitza eta ordezkaritzak.

  5. Elkargoaren eratzeak, bategiteak, xurgatzeak, zatiketak eta desegiteak.

Elkargoaren estatutuak eta estatutuen aldaketak, lanbidea gauzatzeko antolamendu xedapenak eta ordainsari profesionalei buruzko arauak ez dira indarrean sartuko horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman artean.

Estatutu hauek 18/1997 Legearen 33.3.j) artikuluak aurreikusitakoaren arabera berritu ahal izango dira, estatutuak berritzeko eskaria egiteko eskumena duten elkargokideen gutxieneko quorum batek hala eskatuta (quoruma ez da izango elkargokideen ehuneko 25etik gorakoa).

Euskadiko Logopeden Elkargo Ofiziala honako arrazoi hauengatik desegin ahal izango da: elkargoaren xedeak bertan behera uztea, iraungitzea edo elkartzea. Elkargoa desegiteko, ordea, Batzar Orokorrak berariazko bilera egin beharko du; bilera horretan erregimenari buruzko auziak erabakiko dira, ondoren azaltzen denaren kalterik gabe.

Elkargoa deseginez gero, Gobernu Batzordea arituko da batzorde kitatzaile modura. Ordaintzeke dauden obligazioak ordaindu ondoren, soberako ondasunak zera erabili erabakitzeko proposamenak egingo dizkio Batzar Orokorrari; logopediarekin, osasunarekin eta gizarte interesarekin loturiko funtzioak betetzen dituen irabazi asmorik gabeko edozein erakunderi eman ahal izango zaizkio soberako ondasun horiek. Nolanahi ere, 18/1997 Legearen 31. artikuluan aurreikusitakoa beteko da.

Lehenengoa. Euskadiko Logopeden Elkargo Ofizialaren sorrerari dagokion 4/2006 Legearen 4. xedapen iragankorrari jarraituz (2006ko abenduaren 20ko EHAAn zuzendu zen xedapen hori), honako hauek sartu ahal izango dira elkargoan, estatutu hauek indarrean sartu eta hurrengo bi urteetan hala eskatuz gero: entzumen, fonazio eta hizkuntza nahasmenduen arloan gutxienez hiru urteko esperientzia duten profesionalek edo logopediaren edo entzumen, fonazio eta hizkuntza nahasmenduen arloan unibertsitate hedaduran, masterretan edo espezializazioan gutxienez 500 orduko formazioa jaso dutenek; guztiek ere ezinbestekoa izango dute honako titulu hauetakoren bat edukitzea:

  1. Hizkuntza eta entzumen nahasmenduetan espezializatutako irakasle titulua, hezkuntza gaietan eskumena duen ministerioak emana.

  2. Hizkuntza eta entzumen nahasmenduen espezializazioko diploma, hezkuntza gaietan eskumena duen ministerioak homologatua.

  3. Osasun edo hezkuntza zientzietako unibertsitate titulua, lizentzia edo diploma.

    Hiru urteko esperientzia profesional hori honela egiaztatu beharko da:

    Besteren kontura lan egiten duten profesionalek, Gizarte Segurantzak emandako Lan Bizitzaren egiaztagiriaren bidez.

    Norberaren kontura lan egiten duten profesionalek, autonomoetan alta emanda daudela egiaztatzen duen agiriaren bidez.

    Bigarrena. Salbuespen modura, Euskadiko Logopeden Elkargo Ofiziala sortzean Kudeaketa Batzordeak hautatutako karguen iraupena hemezortzi hilabetekoa izango da, hautaketatik aurrera zenbatzen hasita. Elkargoaren sorrera aldia eta profesionalek elkargoan izena emateko garaia amaitutakoan elkargoaren funtzionamendua helburua estatutu hauetan xedatutakoari egokitzeko denbora izan dezaten da neurri horren arrazoia.

    Hirugarrena. Indarrean sartzea.

    Estatutu hauek argitara ematen diren egunaren biharamunean sartuko dira indarrean.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik