- AGINDUA, 2009ko martxoaren 17koa, Kultura sailburuarena, Ajangizko Auzokoa baserria (Bizkaia) monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratzen duena, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2009ko martxoaren 17koa, Kultura sailburuarena, Ajangizko Auzokoa baserria (Bizkaia) monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratzen duena, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 77
- Hurrenkera-zk.: 2197
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/03/17
- Argitaratze-data: 2009/04/24
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.
Ajangizko Auzokoa baserriak (Bizkaia) kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultura-balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientearen hasiera eskatzea erabaki zuen 2007ko irailaren 19ko Ebazpenaren bidez (urriaren 19ko EHAA, 202. zk.).
Espediente horren administrazio-izapidean, lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3. artikuluetan eta horrekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea eta interesdunei entzuteko epea ireki zen.
Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Ramón Etxeandia Zabalak, Auzokoa baserriaren ondoko Ispizuaurrekoa baserrian egoitza duenak, alegazio-idazkia aurkeztu zuen.
Hona zertan datzan Ramón Etxeandia Zabalaren alegazioa:
Ez dago konforme ekialdeko muga moduan proposaturikoarekin, zeren horren barruan berak bizitoki duen Ispizuaurrekoa baserriaren atzealdeko karga-hormari itsatsita dagoen estalpea sartu baita.
Haren iritziz, bidezkoagoa litzateke auzoari zerbitzua ematen dion gurdibideko mendebaldeko horma hartzea ekialdeko mugatzat.
Mugaketaren hegoaldean txabola txiki bat utzi da kanpoan.
Kontuan hartu beharko litzateke bai lehen aipatutako estalpe hori eta bai erabilera publikoa duen gurdibidea ere. Horregatik, inguruneko errealitate fisikoa aintzat hartuta ekialdeko mugaketan aldaketa bat proposatzen du: mugaketa-eremutik kanpo uztea Ispizuaurrekoa baserriko estalpea. Izan ere, lur-zerrenda hori ez da beharrezkoa katalogatutako monumentuaren babesa eta balioztatzearen aldetik eta, gainera, egokitzapen horrek ezer gutxi aldatuko luke lur-azaleraren eremua.
Iradokizun moduan, auzoko iturri-askaren aipamena sartu beharko litzateke monumentuaren deskribapenean, zeren eta, nahiz eta definitutako babes-eremuaren barruan egon, ez baita haren aipamenik biltzen.
Alegazioen aurrean honako hau esan beharra dago:
Mugaketari dagokionez:
Argitara emandako I. eranskinean, monumentuaren babes berezia jasotzen duen mugaketa definitzen da. Horretarako, lursailen eta jabetzen araubidea kontuan hartu badira ere, erabakigarriena ingurunearen ezaugarri fisikoak dira: naturalak eta eraikuntzakoak.
Ezarritako mugaketaren helburua da oinarrizko esparru espaziala definitzea, non baimentzen diren erabilera- eta eraikuntza-lizentzietan aintzakotzat hartuko diren kultura-ondasunaren balioak.
Beraz, mugaketaren helburua ez da galaraztea oraingo gurdibideko pasabidea -definizioz auto eta gurdientzako libre egon behar baitu- ezta auzoaren jardun egokiak eskatzen duen beharrezko edozein zortasun oztopatzea ere. Mugaketaren helburua ez da, halaber, oraingo erabilera eta eraikinak galaraztea, horretarako deklarazio honen eremutik kanpoko debeku berariazkoak beharko bailirateke.
Hori dela eta, esan behar da ezen, balorazio kultural huts baten ikuspuntutik begiratuta, estalpea egur-biltegitzat erabiltzea bateragarria dela monumentuarekin eta haren nekazaritza-eitearekin, alde batera utzita bidezko osasun, segurtasun eta apaintasun baldintzak. Hala ere, eraikitako zatia eta kultura-ondasunarekiko hurbiltasunak aintzat hartuta, komeni da ebazpenean zehaztutako mugaketari eustea, Ispizuaurrekoa baserriko atzealdeko karga-horma alegia.
Ondasunarekiko hurbiltasun horregatik beragatik, komeni da gurdibidea ere mugaketaren barruan sartzea, zeren, hartara, bertako eraikuntza-elementuetan egiten diren esku hartzeetan -bai errodadura-geruzan egindakoak, bai ertzetan eta seinaleetan egindakoak- kontuan hartuko baitira babestutako baserriaren inguru-balioak.
Iturri-aska sartzeari dagokionez:
Monumentutik gertu iturri-aska bat egotea aipagarria da, inondik ere, funtzionaltasunaz gainera elementu horrek tokiari inguru-balio bat eransten diolako. Mugaketa-planoan, ordea, ez da agertzen, bertako eskalak ez baititu jasotzen halako eremu txikia duten elementuak. Dena den, proposatutako mugaketak bere barnean iturri-aska jasotzen duenez, horren gainean egiten diren esku-hartzeek babestutako kultura-ondasuna errespetatu beharko dute.
Horregatik guztiagatik, bidezkoa da zati batean baiestea monumentuaren mugaketaren barruan dagoen iturri-askari aipamen egitea proposatzen duen alegazioa. Horretarako, Mugaketari buruzko I. eranskinean aldatu egin behar da ekialdeko mugari buruzko erreferentzia, eta honakoa dioenean «() Azkenik, E-ra, monumentuaren aurrealde nagusia dagoen aldera, erantsitako biltegia hartzen duen ()», beste hau jarri behar da: «Azkenik, E-ra, monumentuaren aurrealde nagusia dagoen aldera, erantsitako biltegia eta iturri-aska hartzen dituen ()».
Edonola ere den, baimen-araubidea Foru Aldundiaren mende egongo da, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 23., 31. eta 32. artikuluetan dioenaren arabera.
Horregatik guztiagatik, aipaturiko Legearen 17. artikuluan ezarritakoari jarraiki, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamenez, hauxe
Lehenengoa. Ajangizko Auzokoa baserria (Bizkaia) Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean inskribatzea, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa.
Bigarrena. Ondasun honen deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskinean adierazitako eran.
Hirugarrena. Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Laugarrena. Higiezina babesteko eskaria egitea Ajangizko Udalari, udal hirigintza-planeamenduan sartuz.
Bosgarrena. Agindu honen berri ematea interesdunei, bai eta Ajangizko udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Garraio eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ere.
Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeari buruzko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Lehenengoa. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sortuko ditu ondorioak.
Bigarrena. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, aurretik bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 17a.
Kultura sailburua,
MIREN AZKARATE VILLAR.
Mugaketa
Mugaketaren deskribapena.
Mugaketak eraikina bera eta haren ingurunea hartzen ditu. Horrela, bada, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: San, nabarmenki lursail lau samar baten gainean, S fatxadatik 35 metrora lerro paralelo bat. Wean fatxadatik 15 bat metrora lerro paralelo bat, bertan kokatuta dagoen atzeko auzoko eraikinaren kokapenarekin bat etorriz. Nan, Nko fatxadatik 35 metrora dagoen muga-lerrora arteko lursaila. Azkenik, Ean, monumentuaren aurrealde nagusia dagoen aldean, erantsitako biltegia eta iturri-aska hartzen dituen eta haren aurrean dauden bi eraikinen atzealdeek (bata 25 metrora eta bestea 14 metrora) mugatzen duten lursaila.
Mugaketaren justifikazioa.
Proposatutako mugaketaren justifikazioa Ajangizko herrigunean kokatuta dagoen Auzokoa baserriaren inguruko ingurumen eta ikusmen balioak babestu beharra da. Ingurunearen mugaketak -beharrezkoa baita ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko- baserriaren inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidearen babesa dakar berekin, betiere, baserriaren bereizgarritasunak gordetzeko. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.
Deskribapena
Oinplano angeluzuzena (16 x 22,5 m) duen familia bakarreko baserria da, muino leun baten hegalean kokatua, eta bi solairu eta ganbara ditu. Estalkia hodi-teiladuna da eta bi isuriko zurezko egitura dauka, Wan mirubuztan errematea du, eta gailurra du Era begira dagoen fatxadarekin luzetara. Itxiturak harlangaitzezkoak ditu eta harlanduzko eskantzuak. Bao guztiak harlanduzko eskantzuz eginak dira.
Fatxada nagusiak, E, bost ardatz bertikal ditu. Fatxada horretara heltzen da sarbidea eta aurrean, argi zabaleko arku karpanela du, okertu samarra, pilastra sendoek mugatuta. Pilastra horiek eta arkuak fatxadaren hormatik zertxobait -40 cm- ateratzen den eraikuntza-elementua osatzen dute: atariperako sarrera dira.
Beheko solairuan, arkuaren albo banatan, fatxada nagusiak harriz eta burdina-hesiz egindako baoak ditu.
Lehen solairuan, aipatutako fatxada nagusiko ateratako eraikuntza-elementua oinarritzat hartuta, erdiko hiru ardatzetako baoak betetzen duen balkoi korritua dago. Haren alboetan bi balkoi txiki daude, oinarri molduratuaren gainean zertxobait irtenda: gainerako ardatzetako baoen irteerak dira. Hiru balkoiek burdinazko baranda dute, letoizko bolez apaindua.
Sra begira dagoen fatxada sei ardatz bertikaletan antolatuta dago, eta bertan, beheko solairuan, baserriko sukalderako ate bat, burdinazko barrotez babestutako bi bao eta gezileiho bat daude. Lehen solairuak zazpi bao ditu guztira: balkoi kareldun bat eta balkoi irten bat (biak burdinazko barandadunak), gezileiho bat, proportzio bertikaleko hiru leiho eta beste leiho txikiago bat. Fatxada horrek, ganbararen solairuan eta teilatu-hegalpean beste bi bao ditu.
Mendebaldeko fatxadan, atzekoan alegia, beheko solairuak lau gezileiho ditu, barrurako lapranduradunak.
N fatxadan, sei ardatzetan antolatuta, bao hauek daude: beheko solairuan, Wko ertzean kortara sartzeko ate handi bat, gezileiho bat eta barraz babestutako hiru leiho; lehen solairuan, ekialdean burdinazko barandadun balkoi kareldun bat, hiru leiho eta bi gezileiho; teilatu-hegalpean beste bi bao txiki.
Eraikinaren egungo egitura, eraikinarekin batera egin zen XIX. mendearen bigarren hamarkadan. Eraikinaren egitura honela eginda dago: perimetroan karga-hormak, barneko zeharkako karga-horma eta harroinen gaineko zutoin-ardatzak. Eraikinak dimentsio ezberdineko zeharkako 5 horma-arte ditu, eta luzetarako hiru horma-arte, erdikoa alboetakoak baino zabalagoa.
Etxebizitzako lehen solairuko forjatuak kanpoko eta barneko karga-hormak ditu euskarri, eta lehen solairurako eskailera erdiko ardatzean garatzen da, korta bereizten duen hormaren kontra ezarritako eskailera-atal bakarrean. Solairu horretatik teilatu-azpira, beste eskailera batetik hel daiteke. Eskailera horrek bi atal ditu eta zurezkoa da.
Teilatuak petralak, gapirioak, enlatatua eta teilak ditu; horrek guztiak perimetro-hormak eta zutabeak ditu euskarri.
Erabilerari dagokionez, eraikinaren bi herenek etxebizitza-erabilera dute: lehen solairuan gelak eta logelak daude, balkoi jarraitura irekitako egongela eta komun bat kortako simaurtegiaren gainean kokatua.
Beste herena atzeko korta eta lastategiari dagokio; eremu hori barneko zeharkako karga- eta suhesi-hormek banatzen dute etxebizitzatik. Horma horrek zenbait bao ditu abereentzako asketarako.
Auzokoa garai batean Ispizua-Auzokoa baserria zegoen orubean kokatutako baserri ederra da (XVII. mendetik datozkigu haren aipamenak). XIX. mendearen bigarren hamarkadan eraiki zen Bizkaiko eredu barrokoari jarraituz, eta eredu neoklasikoko arkudun ataripea du. Eraikinaren kalitatea eta haren dimentsio handiak direla tarteko, eta fatxada nagusia eta etxebizitza-funtzioa direla eta, eraikin horrek eredu berri bat ezarri zuen, baserri tradizionala eta landa-jauregitxoa batzen dituena.


