- AGINDUA, 2009ko martxoaren 20koa, Kultura sailburuarena, Arbiganoko (Erribera Goitia, Araba) Santa Isabel eliza, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2009ko martxoaren 20koa, Kultura sailburuarena, Arbiganoko (Erribera Goitia, Araba) Santa Isabel eliza, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 83
- Hurrenkera-zk.: 2389
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/03/20
- Argitaratze-data: 2009/05/06
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
2008ko abenduaren 12an, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpena eman zen. Ebazpen horren bidez, hasiera eman zitzaion Arbiganoko (Araba) Santa Isabel elizak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari. Ebazpen hau 2009ko otsailaren 17ko EHAAn argitaratu zen (33. zk.).
Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Legeak agintzen dituen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.
Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau
Lehenengoa. Arbiganoko (Araba) Santa Isabel eliza Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.
Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den bezala eta II. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea.
Laugarrena. Erribera Goitiko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea, Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.
Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Erribera Goitiko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria et Kirol eta Hirigintza eta Ingurumen Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari agindu hau jakinaraztea.
Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Lehenengoa. Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik izango ditu ondorioak.
Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau azken aldiz argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 20a.
Kultura sailburua,
MIREN AZKARATE VILLAR.
Mugatzea
Mugatzearen deskribapena.
Mugatutako eremuaren barne geratzen dira, bai eliza bera, bai haren ingurua. Beraz, eremuak honako muga hauek ditu: iparraldean, 30 m-ko lur-zerrenda, fatxadarekiko paraleloa dena; ekialdean, 30 m-ra dagoen lerroa, fatxadarekiko paraleloa dena; mendebaldean, 30 m-ra dagoen lerroa, fatxadarekiko paraleloa dena; hegoaldean, lerro bat, Arbiganorako bideak hego-ekialdetik mugatzen duena eta hego-mendebaldera jarraitzen duena mendebaldeko mugaraino, planoan ikus daitekeen bezala.
Mugatzearen justifikazioa.
Proposatutako mugatzearen arrazoia da Arbiganoko Santa Isabel elizaren inguruak duen balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren ikuspegitik eta baita ikusteko duen balioa dela eta. Ingurua mugatu behar da, ondarea babesteko eta balioesteko. Horretarako, elizaren inguruko eremua (lurra eta elizarako sarbidea) zaindu behar da, elizaren berezko izaera babestearren. Beraz, mugatzean ez da soilik eraikina kontuan hartuko, elizaren ingurua ere aintzat hartuko da. Hegoaldeko mugaren lerroa irregularra da, eraikinak baitaude han. Eraikin horiek errespetatu behar direla erabaki da; beraz, Arbiganora sartzeko bidea eta eraikin horiek osatutako lerroa jarri dira mugatzat.
Deskribapena
Gurutze latindarreko oinplanorik ez duen parrokia-eliza da. Burualdea estuagoa du, pinoian. Harlanduz, harlanduskaz eta luzitutako harlangaitzez egina dago. Elizaren bolumenak gurutze latindarreko oinplanoarekin bat egiten du iparraldean. Ipar-mendebaldean antzinako hilerria dago, horma batez inguratuta. Hegoaldean, berriz, bolumena prisma-formakoa da, sakristia eta elizpea gurutze-besoaren lerroraino iristen baitira. Hego-ekialdean prisma-formako kanpandorrea du. Kanpaien gaineko arkuak puntu-erdikoak dira, eta estalkia lau isurikoa. Hegoaldeko arkua hormatuta dago eta erlojua dago han. Dorrearen hego-ekialdea eta hego-mendebaldea horma-bular sendoz indartuta daude, pitzadurei eta ezegonkortasunari aurre egitearren.
Hegoaldetik du sarrera; puntu-erdiko elizate handia eta luneta-ganga zeharkatu behar dira elizara sartzeko. Sarrerak ateburu xumea du. Nabeak hiru atal eta burualdea ditu, azken hori luneta-gangaz egina. Beste hiru atalek ertz-ganga dute, lore handiekin. Kaperak kanoi-gangaz estalita daude. Epistola-kaperan, iparraldean, harlandua nabarmentzen da, nahiz eta luzituta egon; moldurazko sarrera-arkua eta inposta ditu. Nabearen muturrean koru altu bat dago, egurrezko karela duena. Sakristia txikia da, angeluzuzena, eta sabai soila du.


