- AGINDUA, 2009ko apirilaren 22koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, baztertuta dauden edo horrela geratzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzeko Auzolan programa arautzen duen uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuan aurreikusitako laguntze - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2009ko apirilaren 22koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, baztertuta dauden edo horrela geratzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzeko Auzolan programa arautzen duen uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuan aurreikusitako laguntzetarako aurtengo deia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 87
- Hurrenkera-zk.: 2491
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/04/22
- Argitaratze-data: 2009/05/11
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gizarte Gaiak; Herri Administrazioa
Testu legala
Uztailaren 30eko 199/2002 Dekretua, baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzeko Auzolan programa arautzen duena, 2002ko irailaren 13ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 174. zenbakiko alean argitaratu zen, eta haren helburua Eusko Jaurlaritzak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez eman ditzakeen diru-laguntzak arautzea da, baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei gizarte-onurako enplegua eskaintzeko. Horretarako, prestakuntza-prozesua eta lana uztartzen dira, aldi baterako eta lanaldi partzialeko lan-kontratuen bidez.
Uztailaren 30eko 199/2002 Dekretua 2004ko abuztuaren 31ko 166/2004 Dekretuaren bidez aldatu zen, 2680/02 administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren gainean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak 2003ko urriaren 24an emandako epaiaren ondorioz. Orobat, diru-laguntzen kudeaketa malguagoa izan zedin, aldaketa horretan uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuan araututako laguntzak lortu nahi dituzten entitateek eskabidea baliabide telematikoen bidez ere aurkezteko aukera sartu zen. Aukera hori Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2004ko irailaren 13ko Aginduaren eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gizarteratze sailburuordearen 2004ko irailaren 14ko Ebazpenaren bidez garatu zen; izan ere, lehenengoak Auzolan programaren laguntzen eskabideetarako beharrezkoak diren agirien tramitazio telematikorako prozeduraren irizpide orokorrak ezarri zituen, eta, bigarrenak, berriz, Auzolan programaren laguntzen eskabideen eta kudeaketarako beharrezkoak diren agirien tramitazio telematikoa egiteko beharrezkoak diren baldintzak.
Uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuko 9.3 artikuluak ezartzen duenez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren aginduaren bidez aldizka argitaratuko da uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea, eta berori, gutxienez, hilabetekoa izango da aipatutako agindua indarrean jartzen denetik.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekonomia-ekitaldi bakoitzean, Euskal Autonomia Erkidegorako aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean, diru-laguntzak emateko arauak eguneratu nahiz berrikusiko dira, edo, behar izanez gero, arau berriak ezarriko dira, eta, indarraldirik zehaztu ez zitzaien diru-laguntzetarako deia egingo da.
Bestalde, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikuluan izandako aldaketa jasotzeko xedearekin aldaketa hori Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenak eragin du, debekatu egiten zaie deialdi honetan parte hartzea sexuarengatik egindako diskriminazioa dela-eta administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei, baita Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Legea dela-eta debeku horrekin zigortutakoei ere, dagokion zigorra indarrean dagoen bitartean. Horren ondorioz, laguntzen eskatzaileek aurkeztu behar dituzten agirien artean, debeku horren pean ez egotearen zinpeko aitorpena ere badago.
Horregatik guztiarengatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 29ko 19/2008 Legea onartuta dagoelarik, baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzeko Auzolan programa arautzen duen uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuko 9.3 artikuluan xedatutako gaikuntza erabiliz, honako hau
Agindu honen helburua 2009. urteko deialdia egitea da, baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzeko Auzolan programa arautzen duen uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuan (abuztuaren 31ko 166/2004 Dekretuak aldatu zuen) aurreikusitako laguntzetarako.
Hilabeteko epea egongo da, agindu hau indarrean jartzen denetik kontatzen hasita, baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzeko Auzolan programa arautzen duen uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak aurkezteko.
Dekretu honen helburua lortze aldera, 2009. urterako guztira 10.694.191,00 euro erabiliko dira, honela banatuta: 2009ko ekitaldirako 9.368.191,00 euroko ordainketa-kreditu bat, eta 2010eko ekitaldirako 1.326.000,00 euroko konpromiso-kreditu bat.
EGIF 2007-2013 Programa Operatiboaren esparruan, Europako Gizarte Funtsak zenbateko horien % 50 finantzatuko du.
Aipatutako laguntzak lortzeko eta emateko baldintzak lehen aipatutako uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuan eta agindu honetako xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitakoak izango dira.
Horrez gain, aipatutako laguntzak emateak Batzordearen 2006ko abenduaren 8ko 1828/2006 (EB) Erregelamenduko 7. artikuluko 2. idatz-zatiko d hizkian jasotzen den zerrenda publikoan sartzea onartzen dela esan nahi du.
Lehenengoa. Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoa betez lege horren bidez aldatu da azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikulua, ezin izango dute deialdi honetan parte hartu sexuarengatik egindako diskriminazioa dela-eta administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoek, ezta Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela-eta debeku horrekin zigortutakoek ere, dagokion zigorra indarrean dagoen bitartean.
Baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzeko Auzolan programa arautzen duen uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuko 9. artikuluaren arabera eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriei aurreko paragrafoan aipatutako baldintza betetzeari buruzko zinpeko aitorpena erantsi behar zaie.
Bigarrena. Hasierako prestakuntzari, laguntzako prestakuntzari, koordinatzaile-hezitzaileari eta gaitasunen balantzeari buruzko ataletan adierazitako gastuei dagokienez, onartzen den proiektu bakoitzarentzat 14.520,00 euro emango dira gehienez ere.
Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete interesdunek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko apirilaren 22a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


