- AGINDUA, 2009ko maiatzaren 20koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2009ko maiatzaren 20koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 137
- Hurrenkera-zk.: 4118
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/05/20
- Argitaratze-data: 2009/07/20
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Instituzional; Ekonomia
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi barik, betiere.
Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Arautegiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua aipatu eskumenaren indarrez eman ziren. Legeko 33. artikuluan eta dekretuko 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak eskumena duen Sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.
Artikulu horietan aurreikusitakoa betetzeko, Euskadiko Sendagileen Kontseiluak, Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak eta Osasun Sailak den lanbidea izanik, eskumena baitu derrigorrezkoak diren txostenak egin dituzte.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketa legearen araberakoa dela egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa onartzea.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketa agindu honen eranskin gisa argitara dadin agintzea.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egin den aldaketa Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba dadin agintzea, elkargoa formalki osatzen den unean.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko maiatzaren 20a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
ARABAKO SENDAGILEEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
Arabako Sendagileen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat da. Konstituzioak, Euskadiko Autonomia Estatutuak eta elkargo profesionalei buruz Estatuan eta Autonomia Erkidegoan dauden legeek babesten dute. Egitura demokratikoa, izaera ordezkatzailea eta nortasun juridiko propioa ditu. Eskumenen lurralde-eremua, bestalde, Arabako Lurralde Historikoa du.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren egoitza Gasteizen dago: Santiago hiribidea, 7, 1. solairua. Hala ere, egoitza lekuz aldatzea erabaki dezake Zuzendaritza Batzordeak.
Tradizioz erabili izan dituen logotipoa eta ezkutua izango ditu, bai eta beste batzuk ere, Zuzendaritza Batzordeak hala erabakiz gero.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren lehendakariak eta lehendakariordeak agintari izaera izango dute korporazioaren barruan eta izendatzen zaizkien egitekoetan aritzerakoan.
Tratamenduari dagokionez, Arabako Sendagileen Elkargo Ofiziala prestua izango da eta lehendakaria, txit prestua.
Arabako Lurralde Historikoan lanean dabiltzan Medikuntzako lizentziatu eta lanbide-sozietate guztiak hartzen ditu nahitaez Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak, indarrean dauden legeek horri buruz diotenaren arabera, baldin eta lanbide-helbide bakarra edo nagusia Araban badute.
Martxoaren 15eko 2/2007 Legean ezarritakoaren arabera, Elkargoan inskribatu behar dira lanbide-sozietateak, baldin eta merkataritzako erregistratzaileak Elkargoari jakinarazten badio Arabako Lurralde Historikoan egoitza soziala daukaten sozietate horien sorrera.
Lanbide-helbidea Arabako Lurralde Historikoan eduki gabe bertan lanean dabiltzan profesionalak eta lanbide-sozietateak ere hartzen ditu elkargoak. Horretarako, ordea, sendagileen beste elkargo bateko kide izan beharko dute eta hala adierazi beharko diote hari, aplikatzekoa den araudian jasota dagoenarekin bat. Hala ere, horiek guztiek ez dituzte edukiko elkargokide izateak berez ematen dituen eskubideak.
Lanbidean ari ez diren Medikuntzako lizentziatuek eta beste elkargo batzuetan izena emanda dauden profesional edo lanbide-sozietateek elkargokide egiteko eska dezakete, gura izanez gero.
Elkargoaren legezko ordezkaritza, bai judizioetan bai bestelakoetan, lehendakariari dagokio edo lehendakariaren legezko ordezkoari. Legitimitatea edukiko du prokuradoreei, letratuei edo edozein motatako mandatariei ahalmen orokorrak nahiz bereziak emateko, baldin eta Zuzendaritza Batzordeko Batzorde Iraunkorrak aurretik hala erabaki badu.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak erabateko gaitasun juridikoa eta jardutekoa du. Hortaz, edozein motatako ondasunak erosi kostubidez nahiz ordainik gabe, besterendu, zergapetu, eduki eta erreibindikatu ditzake; obligazioak har ditzake, edozein motatako eskubideen titular izan daiteke eta edozein ekintza judizial, erreklamazio edo errekurtso baliatu nahiz jasan dezake, edozein jurisdikziotan.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren funtsezko helburua sendagileen lanbidea ordezkatzea eta defendatzea da, bai eta elkargokideen interes profesionalak ordezkatu eta defendatzea ere, gizarteak dituen interes eta beharrekin bat etorrita.
Funtsezko egitekoa betetzeko, beren-beregi honako hauek dagozkio Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialari:
Sendagileen lanbidea antolatzea alor horretan Administrazioari dagokionari kalterik egin gabe, sendagileen lanbidearen ordezkaritza esklusiboa edukitzea eta lanbidea defendatzea.
Lanbidearen jarduna zaintzea eta elkargokideek printzipio etikoak eta deontologikoak betetzen dituztela zaintzea.
Elkargokideek ematen dituzten prestazio profesionalen kalitatea egokia izan dadila zaintzea. Horretarako, sendagileen meritu profesionalen egiaztapenak eguneratuta edukitzeko behar diren sistemak jarri ahalko ditu.
Ahalik eta baliabide gehien sustatzea elkargokideen maila zientifikoa, ekonomikoa eta soziala une oro hobetzeko.
Herri agintariekin lankidetzan aritzea, osasuna babesteko eskubidea lortzeko eta ahalik eta erregulazio eraginkor, zuzen eta orekatuena izateko, bai asistentzia sanitarioari dagokionez bai medikuntzaren jardunari dagokionez.
Herritarrei zerbitzua ematea sendagileen lanbidearen arloan.
Asistentzia sanitarioaren alorrean herritarrek egiten dituzten erreklamazioei erantzutea.
Administrazioaren, instituzioen, epaitegien, entitateen eta partikularren aurrean Arabako Lurralde Historikoko sendagileak, medikuntzako lanbide-sozietateak eta lanbidea bera ordezkatu eta defendatzeko ardura bere gain hartzea eta interes profesionalak ukitzen dituzten auzietan alderdi izateko legitimitatea izatea.
Lanbideko intrusismoarekin lotutako gaiak aztertu eta salatzea eta intrusismoa ekiditeari buruz legeek ezartzen dituzten ekintzez baliatzea, Administrazioak egin behar dituen ikuskaritza eta zehapen jarduerei kalterik egin gabe, betiere.
Sendagileen erroldaren eta lanbide-sozietate eta tituluen erregistroaren ardura izatea eta informazioa osoagoa izan dadin beharrezko jotzen diren datuak jasotzea, baita indarreko legeriak eskatzen dituenak ere; eta medikuntzaren jardunarekin zerikusia duten ikerketak, proiektuak eta proposamenak egiteko beharrezko jotzen diren estatistikak egitea.
Elkargoak ematen dituen zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak behar bezala errespetatzen direla zaintzea.
Lanbidearen eta elkargoaren arloetan diziplina-ahalmena erabiltzea elkargokideen ekintza batzuk zehatzeko, hala nola, bidegabeko lehia egitea, deontologia kodea urratzea eta profesionalak direla baliatuz pazienteekin gehiegikerian aritzea.
Osasunari buruz herri administrazioek esleitzen dizkioten egitekoak.
Osasunari buruzko politika eta asistentzia-planak prestatzen laguntzea, bai eta horiek burutzen ere, eta osasuna eta asistentzia sanitarioa sustatzearekin lotuta dauden gaietan edo alor hori ukitzen duten gaietan parte hartzea.
Elkargokide berriei lanbidean sartzen laguntzeko behar den informazioa prestatzen eta ikasketa-planak gertatzen lankidetzan aritzea unibertsitateekin eta irakaskuntzaren inguruko beste erakunde batzuekin.
Arazo judizialetan peritu legez parte hartzeko, auzitegiek prestakuntza eta esperientzia berezia duten elkargokideak eskatzen badituzte, elkargokide horien zerrenda ematea, edo agintari judizialak hala eskatuta, zeintzuk parte har dezaketen proposatzea.
Estatutuak eta Barne Araubideko Erregelamendua onartzea.
Eusko Jaurlaritzaren edo Gobernu Zentralaren arau-proiektuei buruz txosten nahitaezkoak egitea lanbidea ukitzen duten gaiak direnean.
Eskatzen zaizkion txosten eta irizpen medikoak egitea.
Entitate publiko eta pribatuekin lankidetza bultzatzeko harremanak edukitzea eta akordioak izenpetzea, lanbiderako mesedegarri denean.
36/1998 Legearen 10. artikuluaren arabera, lanbidea dela-eta elkargokideen artean gertatzen diren auzietan parte hartzea, arbitrajea egiteko Elkargoa izendatzen denean.
Lanbidearen onerako diren eta elkargoak dituen helburuak betetzeko lagungarri diren gainerako egitekoak, indarrean den legediaren barruan, betiere.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak Euskal Autonomia Erkidegoarekin izango dituen harremanak honela bideratu ditu:
Lanbidearen edukiei buruzko gaiei dagokienez, Osasunaren alorrean eskumenak dituen sailaren bidez eta
Lanbidearen, instituzioen eta korporazioen inguruko gai orokorrei dagokienez, profesionalen elkargoen alorrean eskumenak dituen sailaren bidez.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak Sendagileen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren bidez edo Euskadiko Sendagileen Kontseiluaren bitartez bideratuko ditu Administrazio Zentralarekiko harremanak.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofiziala Euskadiko Sendagileen Kontseiluaren bidez koordinatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko sendagileen gainerako elkargoekin; Estatuko sendagileen elkargoekin, berriz, Sendagileen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren bidez edo autonomia-kontseiluen bidez. Hori gorabehera, zuzeneko harremanak ere izan ditzake.
Hauek dira Arabako Sendagileen Elkargoaren gobernu-organoak:
Biltzar Nagusia.
Zuzendaritza Batzordea.
Lehendakaritza.
Biltzar Nagusia da elkargoa ordezkatzen duen organo gorena. Araban diharduten elkargokide guztiek osatuko dute. Hartzen dituen erabakiak lotesleak izango dira elkargokide guztientzat.
Hauek dira biltzar nagusiaren egitekoak:
Estatutuak eta, behar izanez gero, Barne Araubideko Erregelamendua onartzea eta aldatzea.
Elkargoaren aurrekontua onartzea. Horretarako, deialdi bi egingo dira: bata, uneko urtearen azken hilean, hurrengo urteko aurrekontuak onartzeko. Eta bestea, urteko lehenengo lauhilekoan, aurreko urteko abenduaren hogeita hamaikan itxitako aurrekontu-likidazioa onartzeko.
Elkargoaren ondarea nola dagoen jakitea.
Kuotak onartzea, bai eta jar daitezkeen murriztapenak edo hobariak ere.
Zuzendaritza Batzordearen edo horko edozein kideren kudeaketa onartzea edo gaitzestea.
Elkargorako ondasun higiezinak erosi, besterendu eta zergapetzea eta horiekiko erabiltze zein zergapetze egintza juridikoak egitea.
Elkargoan egindako merezimenduengatiko domina ematea onartzea.
Zuzendaritza Batzordeak iritzia emateko uzten dizkion gaiak.
Biltzar Nagusirako deialdia Zuzendaritza Batzordeak egingo du, berak erabakita edo elkargokideen ehuneko hogeiak gutxienez, idatziz eskatuta.
Biltzar Nagusi guztietan gai-zerrenda bat egongo da, Zuzendaritza Batzordeak prestatutakoa. Gai horretan dauden gaiak baino ez dira eztabaidatuko. Galde-eskaerak idatziz aurkeztu beharko dira, Elkargoaren Idazkaritza Orokorrean, berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez; ez dira ez eztabaidatuko ezta bozkatuko ere.
Deialdia Idazkaritza Orokorrak egingo du, idatziz, hamar egun baliodun lehenago, gutxienez. Gai-zerrenda jarriko da, eta horretaz gain, biltzarra, lehen deialdian zein bigarrenean, non, noiz eta zein ordutan egingo den adieraziko da; lehen eta bigarren deialdiaren artean hogeita hamar minutuko tartea utzi beharko da, gutxienez.
Biltzar Nagusia balioz eratzeko, beharrezkoa izango da lehenengo deialdian botoa emateko eskubidea duten elkargokideen erdia eta beste bat egotea; quorum hori lortzen ez bada, bigarren deialdian osatuko da, bertaratu diren elkargokideen kopurua edozein izanik ere.
Biltzar Nagusiaren erabakiak biltzarrera joaten diren elkargokideek emandako botoen gehiengo soilaz hartuko dira, ondorengo idatz-zatian beren-beregi adierazten diren kasuetan izan ezik. Ez da botoa eskuordetzerik izango.
Botoa emateko eskubidea duten elkargokideen erdia eta beste bateko quoruma beharko da kasu hauetarako: estatutuak onartzeko edo aldatzeko, higiezinak besterentzeko edo horiei karga bat jartzeko, elkargoa beste elkargo batekin bat egiteko, xurgatzeko, banatzeko edo desegiteko. Quorum hori lortzen ez bada, beste biltzar nagusi bat egingo da, lehenengo deialdiaren ondoko hogeita lau ordu baliodunen barruan; biltzar horretan erabakiak gehiengo soilaz hartu ahalko dira, ez baita quorum berezi baten beharrik egongo.
Biltzar Nagusiaren deialdian, bigarrena zein egunetan eta zein ordutan egingo den iragarriko da, lehenengo deialdirako behar den quoruma lortzen ez denean.
Elkargoa beste batekin bat egiteko, xurgatzeko, banatzeko edo desegiteko kasuen arabera, Eusko Jaurlaritzak dekretu baten bidez onartu beharko du.
Ezohiko Biltzarraren gaia gaitzespen-mozioa bada, aurreko paragrafoan ezarritako baldintza berak (deialdiari, asistentziari eta bozketari buruzkoak) eskatuko dira.
Idazkari nagusiak akta bat egingo du landutako gaiak eta hartutako erabakiak jasotzeko. Akta hori hurrengo biltzarrean aurkeztuko du, eta hortxe onartuko da, egoki iritziz gero.
Lehendakariak elkargoaren erakunde-ordezkaritza izango du edozein motatako agintari eta erakundeen aurrean, eta estatutuetan jasotako aginduak eta elkargoko gobernu-organoek hartutako erabakiak eta xedapenak betetzen diren zainduko du.
Bere eskumenen eremuan, egiteko hauek dagozkio:
Biltzar Nagusietan, ohikoetan zein ezohikoetan, mahaiburu izatea, bai eta joaten den beste edozein batzarretan ere; dena den, Zuzendaritza Batzordeko kide bati eskuordetu diezaioke mahaiburutza, kasu zehatz batzuetan.
Zuzendaritza Batzordea eta batzordeak deitzea.
Bilkurak ireki, zuzendu eta amaitzea.
Aktak onartu ondoren, sinatzea.
Bankuko kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzeko eta diruzenbatekoak ateratzeko taloiak edo txekeak egiteko baimena ematea, diruzain-idazkariordearekin batera.
Idazkari nagusiak egiten dituen egiaztagiriei oniritzia ematea.
Agintari, korporazio, elkargokide, partikular eta herritarrentzako jakinarazpenak eta txostenak baimentzea.
Sendagile bat Elkargoan sartuta dagoela justifikatzeko Zuzendaritza Batzordeak onartzen duen agiria baimentzea, sinadura-bidez.
Behar diren baimenak izanda, hirugarren batzuekin egiten dituen kontratuak, hitzarmenak eta bestelako erabakiak sinatzea, Elkargoa ordezkatuz.
Zuzendaritza Batzordeak, Euskadiko Sendagileen Kontseiluak edo, azken hori eratzeke badago, Kontseilu Nagusiak ardurapean uzten dion beste edozein.
Zuzendaritza Batzordea Osokoak eta Batzorde Iraunkor batek osatuko dute.
Hauek dira Osokoa osatuko dutenak:
Lehendakaria.
Lehendakariordea.
Idazkari nagusia.
Diruzaina idazkariordea
Lehenengo batzordekidea.
Bigarren batzordekidea.
Hirugarren batzordekidea.
Laugarren batzordekidea.
Zuzendaritzako karguen izendapen guztiak lau urtetarako izango dira. Berriz ere izendatu ahalko dira.
Hauek dira Zuzendaritza Batzordearen egitekoak:
Estatutuak onartzeko eta aldatzeko prozedura bultzatzea.
Biltzar Nagusiari dagozkion gaiak proposatzea.
Aurrekontuak prestatzea eta Elkargoaren kontabilitatearen ardura izatea.
Elkargokideekin diziplina-ahalmena erabiltzea.
Biltzar Nagusia deitzea.
Zuzendaritza Batzordeko karguak betetzeko hauteskundeetarako deia egitea.
Zuzendaritza Batzordeko karguak hutsik geratzen direnean, kideak behin-behinekoz izendatzea, 27. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Deontologia Batzordeko kideak izendatzea.
Goraipamenak eta sariak ematea.
Elkargokide egiteko eskabideen espedienteak ebaztea.
Zehapenak bertan behera uzteko baimena ematea.
Elkargoan sekzioak sortzea edo desegitea erabakitzea.
Egokitzat jotzen den batzordekidea sekzioetara atxikitzea.
Elkargoak hobeto funtziona dezan, egokitzat jotzen diren batzordeak eta lantaldeak sortzea erabakitzea eta horien kideak izendatzea.
Elkargoko karguetan aritzean sortzen diren ordezkaritza-gastuak eta konpentsazioa erregulatzea.
Hitzarmenak edo bestelako akordioak izenpetzeko baimena ematea, lanbidearen onerako direnean.
Lanbideko erantzukizun zibilaren aseguruan elkargokideek hitzartu behar dituzten gutxieneko estaldurak ezartzea.
Elkargoaren administrazio-lana antolatzea eta horretan dabiltzan giza-baliabideen zuzendaritzaren ardura hartzea; horretarako, egoki irizten diona izendatuko du.
Zuzendaritza Batzordeko Osokoa hilean behin batuko da, gutxienez; ezohiko bilerak, berriz, gutxienez kideen ehuneko hogeiak eskatzen duen guztietan edo inguruabarrak direla-eta Batzorde Iraunkorrak edo lehendakariak egoki irizten dioten guztietan.
Lehendakaritzak agindu ostean, Idazkaritza Orokorrak egingo du deia, zortzi egun natural lehenago gutxienez; berak finkatuko du gai-zerrenda.
Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek konfidentzialtasuna gorde beharko dute bileretan tratatutako gai guztiei dagokienez.
Lehendakariak ahalmena du premiazko egoeretan Osokoa deitzeko, inguruabarrak direla-eta komenigarria dela irizten badio. Deialdia edozein modutan jakinaraz daiteke, baina jakinarazpena igorri dela jasota utzi beharko da beti.
Erabakiak baliozkoak izateko, lehenengo deialdian beharrezkoa izango da Batzordearen Osokoa osatzen duten kideen gehiengoa egotea. Bigarren deialdian, baliozkoak izango dira gehiengo soilaz hartutako erabakiak, batzarrera joan direnen zenbatekoa edozein izanda ere. Berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren kalitatezko botoak erabakiko du.
Hauek izango dira Batzorde Iraunkorra osatuko dutenak:
Lehendakaria.
Lehendakariordea.
Idazkari nagusia.
Diruzaina idazkariordea
Hauek dira Batzorde Iraunkorraren eskumenak:
Lehendakariak prokuradoreei, letratuei edo beste mandatari batzuei ahal orokorrak zein bereziak ematea.
Elkargokide egiteko eskabideak ebaztea, baldin eta, funtsezko arrazoiak tarteko, Osokoak ebazten ez baditu.
Elkargokideen onerako diren elkargo-zerbitzuak antolatzea, eta, horretarako, beharrezko diren baldintza operatiboak eta ekonomikoak eta partaidetzakoak ezartzea.
Zuzendaritza Batzordearen Osokoak eskuordetzen dizkion gaiak ebaztea.
Biltzar Nagusiari edo Zuzendaritza Batzordearen Osokoari beren-beregi izendatu ez zaizkien eskumen guztiak.
Batzorde Iraunkorra hilean behin batuko da; hala ere, maizago batu ahalko da gaiak direla-eta beharrezkoa baldin bada edo kideetatik hiruk, idatziz, hala eskatzen badute.
Batzorde Iraunkorraren deialdiak eta funtzionamenduak Osokoak dituen formaltasun eta betekizun berberak izango dituzte.
Osokoaren edozein kideri Batzorde Iraunkorrean parte hartzeko deia egin ahal zaio, tratatu behar diren gaiak direla-eta kide hura egotea beharrezkoa dela irizten bazaio.
Hauek dira Zuzendaritza Batzordeko kideek karguak uzteko arrazoiak:
Kargu hori betetzeko aukeratu zirenean jarritako epea amaitzea.
Interesdunak uko egitea.
Heriotza.
Zazpigarren artikulua aurrera eramateko beharrezkoa den independentzia kolokan jartzen duen karguren baterako izendatua izatea publikoa izan ala ez izan.
Epai irmo baten bidez kargu publikoetarako ezgaituak izatea.
Diziplina-zehapen irmoa izatea, arau-hauspen larri edo oso larri bat egiteagatik.
Hautagarri izateko baldintzak 39. artikulua galtzea.
Biltzar Nagusiak gaitzespen-mozio bat onartzea.
Zuzendaritza Batzordera hiru aldiz segidan edo segidan izan gabe bost aldiz ez joatea urte batean.
Zuzendaritza Batzordearen Osokoaren kideen erdiak edo gehiagok karguak uzten badituzte edo uzteko agintzen bazaie, hutsik geratu diren karguak betetzeko hauteskundeak deituko dira. Hauteskundeak lau hileko epean egin beharko dira. Hautatutako karguen agintaldiaren iraupena ordezkatutakoek zuten bera izango da.
Hauteskunde-aldi horretan beste lanpostu batzuk hutsik geratzen badira eta hala geratzen direnak Zuzendaritza Batzordeko karguen erdiak edo gehiago badira, artikulu honen 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera jardungo da.
Hutsik geratzen direnak Zuzendaritza Batzordeko kideen erdiak baino gutxiago badira, Zuzendaritza Batzordeak beteko ditu karguak ordezkoak izendatuz. Horien agintaldia hurrengo hauteskundeetara artekoa izango da.
Lehendakaria lehendakariordeak ordezkatuko du eta idazkari nagusia diruzain-idazkariordeak. Lehendakaria ordezkatzeko beharrezkoa izango da Biltzar Nagusiak berrestea.
Edozein gorabehera tarteko, Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek karguak uzten badituzte, behin-behineko batzorde bat izendatuko du Euskadiko Sendagileen Kontseiluak edo, hori artean eratu barik badago, Kontseilu Nagusiak. Batzorde horrek hauteskundeetarako deia egingo du; gehienez ere, lau hileko epean egin beharko dira.
Lehendakariordeak lehendakariak ematen dizkion egitekoak burutuko ditu. Halaber, lehendakaria ordezkatuko du ez dagoenean, gaixorik dagoenean, hiltzen denean, abstenitu egiten denean edo errefusatu egiten dutenean. Lehendakaritza hutsik dagoenean, agintaldia amaitu arte horren ardura hartuko du, Biltzar Nagusiak berretsiz gero.
Estatutu hauen, indarreko xedapenen eta Lehendakaritzak ematen dizkion aginduen arabera dagozkion egitekoez gain, honako hauek izango ditu:
Lehendakariak edo Zuzendaritza Batzordeak ematen dizkion aginduei jarraituz, elkargoaren ekintza guztietarako ofizio-zitazioak idatzi eta bideratu beharko ditu, behar besteko aurrerapenaz.
Biltzar Nagusiko aktak eta Zuzendaritza Batzordeak egiten dituen bileretako aktak idatzi beharko ditu, bileretara joan diren kideak aipatuz. Horretaz gain, aktak dagokien liburuan kopiatzen direla arduratuko da, eta sinatu egingo ditu, lehendakariarekin batera.
Zerbitzua ahalik eta onena eta ordenatuena izateko behar den beste liburu prestatuko du. Nahitaezkoa izango da liburu bat egotea, elkargokideei ezartzen zaizkien zehapenak jasotzeko.
Elkargora iristen diren eskaera eta komunikazio guztiak jaso, eta horien berri lehendakariari eman beharko dio.
Sendagile bat elkargoan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria sinatu beharko du, lehendakariarekin batera.
Eskatzen diren egiaztagiriak egin beharko ditu, lehendakariaren oniritzia duela.
Urtero memoria bat egin beharko du urtean gertatutako gorabeherak jasotzeko; Biltzar Nagusia jakinaren gainean jarri beharko du.
Agintari, instituzio, korporazio, elkargokide eta herritarrentzako jakinarazpenak eta txostenak bidali beharko ditu, lehendakariaren baimena duela.
Elkargo-fede publikoa baliatzea.
Egiteko hauek dagozkio:
Elkargoaren funtsak batzea eta zaintzea.
Elkargoaren kontabilitatea legezko arauen eta estatutuetako arauen arabera eta behar besteko bermearekin burutu dadin, egin beharrekoa egitea.
Aurrekontuan onartu ondoren, elkargoan burutzen diren inbertsio eta gastu guztiak eta bankuko kontu-korronteak izenpetzea, lehendakariarekin batera; horretarako, taloiak eta ordaintzeko erabiltzen diren gainerako baliabideak erabiliko ditu funtsez baliatzeko.
Ekonomia-txostena, balantzea eta emaitzen kontua eta aurrekontu-kitapena aurreko urteko abenduaren hogeita hamaikan itxitakoak aurkeztea Zuzendaritza Batzordearen Osokoan eta Biltzar Nagusian.
Aurrekontuen proiektua idaztea urtero, eta gero Biltzar Nagusiari aurkeztea, Zuzendaritza Batzordearen Osokoak onartu ondoren.
Kontabilitatetik ateratzen diren balantzeak eta finantza-egoerak sinatzea.
Elkargoaren kontabilitatea kontrolatzea, aldizka.
Elkargoaren inbertsioak kontrolatzea eta gainbegiratzea; eta, aldizka, inbertsioak nola doazen eta emaitzak jakinaraztea Zuzendaritza Batzordeari.
Elkargoak hirugarren batzuekin izenpetutako kontratuen ekonomia-edukia kontrolatzea eta gainbegiratzea, eta Zuzendaritza Batzordeari horien berri ematea.
Idazkari nagusiari laguntzea, eta horren egitekoak bere gain hartzea ez dagoenean, gaixorik dagoenean, hiltzen denean, abstenitzen denean eta errefusatzen dutenean. Idazkaritza hutsik dagoenean, 27. artikuluan agindutakoari jarraitu beharko zaio.
Batzordekideek dagozkien egiteko zehatzak eta Zuzendaritza Batzordeak izendatzen dizkienak bete beharko dituzte.
Ondorio korporatibo eta profesionalei begira, hautapen bidezko karguei dagozkien betebeharrak konplitzea elkargo-eginbehartzat hartu behar da, Arabako Sendagileen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat denez gero.
Elkargoko kargu bat hautapen bidez izendatzen denean, izendapen horrek ahalmena ematen dio agintaldian karguaz libreki baliatzeko; ahalmen hauek izango ditu:
Elkargo-ordezkaritzari dagozkion gaiei buruz iritzia ematekoa, askatasunez.
Elkargoaren eskubideak eta interesak, bere karguaren ardurapean utzitakoak, defendatzeko behar diren ekintzak sustatzekoa.
Estatutuetako arauei jarraituz korporazioko gobernu-organoetako gainerako kideekin bilerak egitekoa, elkargoarentzat interesgarri diren gaien inguruan eztabaidatzeko, erabakiak hartzeko eta kudeatzeko.
Bere egitekoak askatasunez bete behar dituenez, horren kontrako usurpazio, abusu eta esku-sartze ororen aurka babestua izatekoa.
Elkargoko organo eskudunengandik informazioa, aholkuak eta lankidetza jasotzekoa, bere karguari dagozkion egitekoak burutzeko behar izanez gero.
Lanbideko jarduna eteteko aukera izatekoa, elkargo-ordezkaritzak horretara behartzen duenean.
Elkargoko egitekoak zintzo betetzeagatik, administrazio-zehapenik ez jasotzekoa edo jazarpenik ez izatekoa.
Kargu hautatuak Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialeko, Euskadiko Sendagileen Kontseiluko edo Sendagile Elkargoen Antolakundeko gobernu-organoek erregelamenduaren arabera deitutako bileretara joaten direnean, indarrean diren xedapenek kasu bakoitzerako aipatzen dituzten ondorioak izango dituzte.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak agintari eskudunei eskatuko die aukera eman diezaietela Zuzendaritza Batzordeko kideei edo elkargoaren edozein organoko kideei euren ekintza eta bileretara joateko.
Ordezkaritza duen karguak lanpostutik joateko beharraren berri eman beharko dio kasuan kasuko agintariari: deialdiaren testuaz justifikatu beharko du lanpostuan ez egotearen arrazoia, eta behar besteko aurrerapenaz iragarri beharko du.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialean Deontologia Batzorde bat eratu beharko da nahitaez: lehendakari batek eta lau batzordekidek osatuko dute; batzordekide bat idazkari izango da. Batzordeko kideak Zuzendaritza Batzordearen Osokoak izendatuko ditu, lau urtetarako. Batzorde horrek elkargoan dagoen edozein sendagileri aholkuak eskatu ahal dizkio, batzordean aztertzen ari den gaiaren inguruan.
Zuzendaritza Batzordeak Deontologia Batzordeko kideak kargutik ken ditzake, arrazoitutako ebazpen baten bidez, honelako kasuren bat gertatzen denean:
Gaixorik daudenean edo ageriko ezintasunen bat dutenean.
Elkargoak zehapen bat jartzen dienean, falta larri edo oso larri bategatik.
Epai irmo baten bidez prozedura judizial edo administratibo batean kondenatzen direnean.
Zuzendaritza Batzordeko kide izateko aukeratzen direnean.
Karguan behar den besteko arduraz ari ez direnean.
Deontologia Batzordearen egitekoak dira:
Zuzendaritza Batzordeari aholkuak ematea, medikuntzaren alorreko etika eta deontologiarekin zerikusia duten gaiei buruz. Gai horietan, deontologia-arauak urratu diren edo ez baloratuko du, eta nahitaez irizpen bat eman beharko du, Zuzendaritza Batzordeak horri buruzko erabakia hartu baino lehen.
Diziplina erako prozedura guztien berri eman beharko du, aurretiaz eta isilpean, eta egokitzat jotzen duen proposamena egingo du, estatutu hauetan jasotakoarekin bat etorriz.
Zuzendaritza Batzordearen osokoari aholkuak emango dizkio, bidegabeko lehiaren inguruko gaiei buruz.
Behar izanez gero, Deontologia Kode bat prestatuko du, elkargoaren lurralde-eremuan aplikatzeko. Kodearen proiektua Zuzendaritza Batzordeak onartuko du, eta horrek Biltzar Nagusira bidaliko du, behin betiko onar dezaten. Bien bitartean, Sendagileen Elkargoen Kontseilu Nagusiak edo Euskadiko Sendagileen Kontseiluak argitaratutako kodeak aginduko du.
Medikuntzaren alorreko etikari eta deontologiari buruzko prestakuntza emateko, gai hori irakasteko eta hedatzeko ekintzak sustatzea.
Batzordearen ordezkaria izango da lehendakari.
Deontologia Batzordeak behar beste batzar egingo ditu. Behar besteko aurrerapenaz, lehendakariak bileretan ukituko diren gaien berri emango die gainerako kideei.
Idazkariak hartzen diren erabakiei buruzko akta bat egingo du bilera guztietan, eta lehendakariarekin batera sinatuko du. Lehendakariak, bestalde, Elkargoaren Idazkaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio batzarrean erabakitakoa, gehienez ere, hamabost eguneko epean. Deontologia Batzordeko agiri guztiak Idazkaritza Nagusian gordeko dira, baina artxibo berezi batean. Deontologia Batzordearen erabakiak idazkari nagusiak igorriko ditu Elkargoaren Batzorde Iraunkorrera, eta behar izanez gero, Zuzendaritza Batzordera.
Deontologia Batzordean ukituko diren gaiak isilpekoak izango dira. Hori dela eta, batzordeko kideren batek gairen bat hedatuz gero, falta larritzat hartuko da.
Elkargoak ondo funtzionatzeko eta elkargoko interesen alde egiteko, egokitzat jotzen duen beste batzorde eta lantalde eratzea erabaki dezake Zuzendaritza Batzordearen Osokoak; horietan zenbat pertsona ariko diren, kasu bakoitzean dagoen beharrak esango du.
Elkargoko lehendakaria mahaiburu izango da batzorde guztietan. Eskumen hori Zuzendaritza Batzordeko edozein kideri eskualdatu diezaioke.
Batzordeek, aldizka, egiten dituzten lanen berri eman beharko diote Zuzendaritza Batzordeari.
Hautagai izateko, nahitaezkoa da pertsona fisikoa eta Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialeko elkargokidea izatea. Batzordekide izateko, beharrezkoa izango da gutxienez bi urtez elkargokide izatea; Batzorde Iraunkorreko kargu izateko, berriz, bost urte eskatuko dira.
Hautagaiak ordainduta eduki beharko ditu elkargoko kargak, estatutu hauetan jasotako salbuespenak gorabehera, eta ezingo du eduki debekurik edo legeen nahiz estatutuen araberako ezgaitasunik.
Zuzendaritza Batzorderako hautagai guztiak banaka edo taldean aurkez daitezke. Elkargokide guztiek bozkatuko dute, sufragio unibertsal, aske, zuzeneko eta isilpeko baten bidez.
Ez da hauteskunderik egin beharko hautagai-zerrenda bakarra aurkezten eta aldarrikatzen denean.
Zuzendaritza Batzordeko kideak aukeratzeko deialdia Osokoak egingo du: agintaldia amaitu baino hiru hilabete lehenago egin beharko du deia, eta behar bezala iragarriko du. Halaber, jakinaren gainean jarriko ditu Euskadiko Sendagileen Kontseilua eta Sendagileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia.
Deialdiaren argitalpenean honako hauek jaso beharko dira: hautatu behar diren karguak, hauteskunde-egutegia, hauteskundeak non eta zein egunetan egingo diren, hauteskunde-mahaiaren eratzea eta bozketa ireki eta ixteko ordutegia.
Hauteskundeetarako deia egiten den unetik aurrera, Zuzendaritza Batzordeko kargu guztiak jardunekoak izango dira harik eta batzorde berriko kideak karguaz jabetzen diren arte.
Hauteskundeak deitzen direnean, hauteskunde-batzorde bat eratu beharko da, zeinak hauteskunde-prozesua kontrolatzeko eta aurrera eramateko ardura izango duen. Batzorde hori lehendakari batek, lau batzordekidek eta idazkari batek osatuko dute. Hauteskunde-batzordeko kide guztien izendapenak deitutako hauteskunde-prozesua amaitu arte egongo dira indarrean.
Hauteskunde Batzordean Elkargoaren Deontologia Batzordeko lehendakaria izango da mahaiburu; idazkari, berriz, aipatu batzordeko idazkaria. Ados jarrita, biek aukeratuko dituzte Hauteskunde Batzordeko gainerako kideak eta ordezkoak. Lehendakaria edo idazkaria ez badago, gaixorik badago edo kargua hutsik badago, Deontologia Batzordeak bere kideen artean izendatuko ditu ordezkoak, ahal izanez gero.
Hauteskunde Batzordea balioz eratzeko, gutxienez hiru kidek joan beharko dute. Elkargoaren aholkularia batzarretan egongo da, hala eskatzen zaion guztietan; iritzia emango du, baina ez du botoa ematerik izango.
Hauteskunde Batzordeko kide bat ere ezingo da izan Zuzendaritza Batzorderako hautagai nahiz Zuzendaritza Batzordeko jarduneko kide, eta legeen edo estatutuen araberako debekurik ezingo du eduki.
Hauteskunde Batzordea izango da hauteskundeetako mahaiburu, eta hauteskunde-prozesua garbia eta demokratikoa eta tratu-berdintasunean, zuzentasunean eta begirunean oinarritutakoa izan dadin arduratuko da.
Jarduneko Zuzendaritza Batzordearen erantzukizuna izango da Hauteskunde Batzordea hauteskundeak burutzeko behar diren materialez eta giza baliabideez hornitzea.
Hauteskunde Batzordearen egitekoak izango dira:
Hauteskunde-prozesua zuzentzea eta gainbegiratzea, estatutu hauetan eta medikuntzaren alorreko Deontologia Kodean hauteskundeei buruz jasotako arauen arabera egin dadin; bereziki zainduko du hautagaien arteko errespetua.
Hauteskundeetara aurkeztu diren hautagaiek eskatzen diren betekizunak konplitzen dituztela eta horietako batek ere hautagai izateko ezintasunik ez duela egiaztatzea.
Aurkeztutako hautagai-zerrendak aldarrikatzea eta hauteskunde-arauetan eskatutako betekizunak konplitzen ez dituzten zerrendak edo hautagaiak baztertzea.
Boto-orrien eta kartazalen ereduak onartzea.
Botoa postaz emateko sistemak behar bezala funtzionatzen duela zaintzea; horren inguruan, indarrean diren arauak betez, jarraibideak eman ahal izango ditu, botoa postaz eman nahi duenak behar diren berme guztiak izan ditzan.
Hauteskundeetan funtzionamenduaren inguruan gertatzen den edozein akats edo urrapen berehala zuzentzea, eta prozesu horretan egon daitezkeen hutsuneak konpontzeko jarraibideak ematea.
Hauteskunde Mahaia behar bezala ari dela, bozketa behar bezala doala eta zuzenean eta postaz emandako botoak behar bezala zenbatzen direla zaintzea.
Hauteskundeetako emaitzak eta hautatu diren karguak aldarrikatzea, bozketa amaitzen denean.
Hauteskundeen inguruan hauteskunde garaian aurkezten diren kexak eta erreklamazioak ebaztea. Hauteskunde Batzordeak bi egun balioduneko epean ebatzi beharko ditu kexa eta erreklamazio horiek jartzen diren egunetik zenbatuta; salbuespen izango dira aparteko kasu batzuk, zeintzuk behar bezala justifikatu beharko diren, eta estatutu hauetan jasotako salbuespenak.
Hautagai-zerrendak Hauteskunde Batzordeari aurkeztu beharko zaizkio, deialdia iragartzen den egunetik hasi eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barruan. Zerrendak idazki baten bidez aurkeztu beharko dira, eta hor, postu bakoitzerako hautagaien izenak aipatu beharko dira, bai eta guztien sinadurak ere. Hautagai-zerrenda aurkezterakoan, ordezkari bat izendatuko da Hauteskunde Batzorderako.
Aurreko aldia amaitu eta hurrengo egunean, Hauteskunde Batzordeak hautagai guztiek hautagai izateko baldintzak betetzen dituztela eta aurkeztutako hautagai-zerrendak forma aldetik zuzenak direla egiaztatuko du. Berrogeita zortzi orduko epea emango die hautagaiei, akatsak zuzen ditzaten.
Hauteskunde Batzordeak, aurkeztu diren agiriak aztertu ondoren, hauteskundeetan lehiatuko diren hautagai-zerrendak aldarrikatuko ditu. Halaber, horren berri emango die aurkeztu diren hautagaiei eta elkargokideei.
Hautagairen batek hautagai izateko baldintzak betetzen ez dituelako hauteskunde batzordeak zerrendaren bat kanpoan uztea erabakitzen badu, kanporatu direnek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dute Euskadiko Sendagileen Kontseiluan edo, artean hori eratu gabe badago, Kontseilu Nagusian, estatutu hauen 102. artikuluan ezarritako moduan.
Errekurtsoa aurkeztuagatik, inpugnatutako egintzaren gauzatzea ez da etengo eta hauteskunde-prozesuak aurrera egingo du.
Hautagai-zerrendak onartu ondoren, ez da ezer aldatzerik izango, hautagairen bat hiltzen denean salbu.
Hauteskundeetarako deialdia argitaratzen den unean, hautesle-zentsua jarriko da elkargoaren iragarki-oholean, eta hamar egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko; erreklamazioak Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu, erreklamazioak aurkezteko epea amaitu, eta hurrengo bost egun baliodunen barruan. Erreklamazioa egin duten elkargokide guztiei jakinaraziko die ebazpena.
Hauteskundeak aldarrikatu aurreko hileko azken egunean itxiko da hautesle-zentsua. Agintaldia amaitu aurretik, hau da, lau urteko epea amaitu aurretik, hauteskundeetarako deia eginez gero, deialdia egiten den egunean indarrean den hautesle-zentsua erabiliko da.
Hautagai-zerrenda bakoitzak eskubidea izango du hautesle-zentsu behin betikoaren kopia bat edukitzeko, zeina Hauteskunde Batzordeak emango baitie. Hautagaiek, bestalde, datu pertsonalei buruz indarrean diren xedapenak errespetatu eta betetzeko hitza eman beharko dute.
Hautagai-zerrendak aldarrikatzen diren egunetik hasita, gutxienez hogei egun naturaleko epean eta gehienez hogeita hamar egun naturaleko epean egin beharko dira hauteskundeak.
Hauteskundeetan gainerako hautagaiak errespetu gabe tratatzea edo norbaiten izena galduaraztea debekatuta dago, bai eta Medikuntzaren alorreko Deontologia Kodean jasotako printzipioen aurka doan edozer egitea ere. Debeku hori urratuz gero, hautagaia kanporatu egingo da Hauteskunde Batzordearen erabaki batez, Aholkularitza Juridikoak txostena egin ondoren.
Hautagai-zerrendako kideen artean eztabaida publikoak egin daitezke.
Elkargoaren jurisdikzioak hartzen duen lurraldea hauteskunde-barruti bakarra izango da; elkargoak egoitza duen lekuan eratuko da mahaia.
Hala ere, Hauteskunde Batzordeak beste hauteskunde-egoitza batzuk jartzeko baimena eman dezake. Elkargokide guztiei aldez aurretik jakinarazi beharko die erabaki hori.
Lehendakariak, idazkariak eta Hauteskunde Batzordeko beste kide batek osatuko dute hauteskunde-mahaia, deialdian adieraziko den egunean eta orduan. Gainerako kideek ordezkatu ditzakete kide horiek.
Hautagai-zerrenda guztiek kontu-hartzaile bat izenda dezakete hauteskunde-egoitzan; lehenago, ordea, Hauteskunde Batzordeari eskatu beharko diote, eta horrek egiaztagutuna emango die. Kontu-hartzaileek elkargokide izan behar dute urtebete lehenago, gutxienez, eta 39.2 artikuluan jasotzen diren betekizunak konplitu beharko dituzte.
Deusezak izango dira onartutako hautagai-zerrendetan ez dauden pertsonen alde emandako botoak; deusezak izango dira, halaber, hautagaiaren izena eta kargua gabe beste esaldi batzuk dituzten kartazalak eta zuzenketak edo zirriborroak dituztenak.
Finkatutako orduan bozketa amaitu ondoren, botoak zenbatzeari ekingo zaio; zenbaketa amaitu ostean, emaitzak aldarrikatuko ditu Hauteskunde Batzordeko lehendakariak.
Idazkariak bozketari eta emaitzei buruzko akta bat egin beharko du, zeina kontu-hartzaileek eta Hauteskunde Batzordeko kideek sinatuko duten. Gero, Zuzendaritza Batzordeari jakinaraziko dio, boto gehien jaso duen zerrendako kideak izenda ditzan.
Zuzendaritza Batzordearen Osokoak esaten duen egunean jabetuko dira karguez, hogeita hamar egun naturaleko epean, gehienez ere.
Bozketaren emaitza Euskadiko Sendagileen Kontseiluari eta Espainiako Sendagileen Elkargo Ofizialen Kontseiluari jakinaraziko zaie.
Botoa eman daiteke norbera hauteskunde-mahaira joanez edo postaz bidaliz, estatutu hauetan jasotakoaren arabera. Botoa mahaira joanez ematen bada, ez da postaz bidaltzerik izango.
Botoa norberak eman beharrekoa da, ezin da inor eskuordetu; hauteskundeak egiten diren egunean eta hauteskunde-mahaian eman beharko da botoa; botoa eman aurretik, boto-emailearen nortasuna egiaztatu beharko da elkargokide-txartelaz, nortasun agiriaz, gidabaimenaz edo pasaporteaz.
Hautesleak bozkatu nahi duen hautagai-zerrendarako boto-papera hartu, eta kartazal batean sartuko du. Horretarako, hauteskunde-mahaian paper guztiak egongo dira: taldean aurkezten diren hautagai-zerrendena, bakarka doazen hautagaiena eta hautagairik gabekoena; kartazalak ere egongo dira.
Botoa postaz emateko, elkargokideak dagokion kartazalean sartuko du boto-papera. Gero beste kartazal batean sartuko du hori, idazki batekin batera; idazki horretan honako hauek jaso beharko dira: izena eta abizen biak, elkargokide-zenbakia eta sinadura, elkargokide-txartelaren fotokopia eta nortasun agiriaren, gidabaimenaren edo pasaportearen kopia.
Hori guztiori kartazal berezi baten sartuko da, «Hauteskundeak» izenekoan; posta ziurtatuz edo mezulari-enpresa baten bidez bidali beharko da, Hauteskunde Batzordeko lehendakariarentzat.
Hauteskunde Batzordeko lehendakariak zainduko ditu botoak, azken egunera arte. Botoa mahaira joanda emateko epea amaitzen denean, lehendakariak postaz bidali diren botoak ireki, eta dagokien hautestontzian sartuko ditu, zenbatu baino lehen.
Bozketa ixteko ordura arte posta-bidez edo mezulari-enpresa baten bidez elkargora iristen diren botoak izango dira baliozkoak. Aitzitik, gerora iristen direnak ireki gabe apurtuko dira.
Lanbide-sozietateen boto-eskubidea sozietatearen ordezkari formalak izango du; nolanahi ere, sozietateko bazkide profesionala izan behar du ordezkari horrek.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialean elkargokide egitea nahitaezkoa da Arabako Lurralde Historikoan medikuntzan jardun ahal izateko, hala agintzen baita indarrean dauden legeetan eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoaren azaroaren 25eko 18/1997 Legearen bigarren xedapen iragankorrean.
Horretarako, lanbidean aritzen dela joko da baldin eta edozein modalitatetan zerbitzu medikoak ematen badira, norbere kontura, inoren kontura edo lanbide-sozietate baten bidez.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialeko kide izateko, eskabidearekin batera jatorrizko titulu profesionala aurkeztu beharko da, edo tituluaren notario-lekukotza. Horrezaz gain, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea; indarrean egon beharko dute.
Jatorrizko sendagileen elkargoan hartutako bajaren egiaztagiria; aldi baterako edo betiko lanbidean aritzeko ezgaituta ez dagoela adierazi beharko da bertan.
Zinpeko adierazpena, elkargo batean lehen aldiz sartzen denean.
Banku-helbideratzea.
Karnet neurriko hiru argazki kolorezko.
Eskatzaileak adierazi beharko du lanbidean aritzeko asmoa duen, non ariko den eta zein modalitatetan ariko den; espezialista-titulu ofizialak edo egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
Zuzendaritza Batzordeak egokitzat jotzen duena erabakiko du inskribatzeko eskabidearen gainean, hilabeteko epean, gehienez ere. Agiri eta azalpen osagarriak eskatu ahalko dizkio eskatzaileari.
Medikuntza eta Kirurgiako Lizentziaturaren titulua jaso gabe duten mediku graduatu berriei elkargoratze iragankor bat eman ahalko die Zuzendaritza Batzordeak, baldin eta interesatuek titulua jasotzeko eskubideak ordainduta dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria, unibertsitateak egina, aurkezten badute; titulua ematen zaienean, ordea, elkargoan aurkeztu beharko dute, erregistratuta gera dadin.
Europar Batasuneko estatuetan modu egonkorrean bizi diren herritarrak elkargokide egiteko, bi legedi aplikatuko dira: Europar Batasuneko legedia eta elkargokidea zein herrialdetan dagoen, herrialde horretako barne-zuzenbidea, legedia hura garatzekoa. Beste herrialde batzuetako sendagileak elkargoratzeko, berriz, indarrean diren xedapenek agintzen dutena aplikatuko da.
Lanbide-sozietateek Estatutu hauen 105. artikuluan ezarritakoari jarraituko diote.
Elkargokide egiteko eskabidea kasu hauetan ukatuko da:
Elkargoan sartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agiriek zerbait falta dutenean eta datuak zuzentzeko epean akatsak zuzentzen edo osatzen ez direnean; halaber, elkargokide egiteko beharrezkoak diren agiriak eta datuak faltsutzen direnean edo aurkeztu diren agiriak benetakoak diren ala ez argi eta garbi ikusten ez denean.
Eskatzailea, eskabidea egiteko unean, lanbidean aritzeko ezgaituta dagoenean.
Desgaikuntza-aldia amaitzen denean edo elkargokide egiteko oztopoak desagertzen direnean, elkargoratzea berehala eta aitzakiarik gabe onartu beharko da.
50.3 artikuluan jasotako epean Zuzendaritza Batzordeak elkargoratze bat ukatzea erabakitzen badu, interesatuari jakinarazi beharko dio, ukatzeko erabakia hartu eta hurrengo hamabost egun balioduneko epean; ukatzeko arrazoiak eta erabaki horren aurka jar ditzakeen errekurtsoak jakinarazi beharko dizkio.
Ukatzeko erabakiaren jakinarazpena jaso eta hurrengo hogeita hamar egun balioduneko epean, interesatuak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dio Euskadiko Sendagileen Kontseiluari edo artean hori eratzeke badago, Kontseilu Nagusiari.
Errekurtsoa ezesten duen ebazpenaren aurka, interesatuak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan jarri ahalko du errekurtsoa.
Elkargoak, eskatzailea onartuz gero, nortasun-txartela emango dio; halaber, inskripzioaren berri emango die Euskadiko Sendagileen Kontseiluari eta Kontseilu Nagusiari.
Espediente bat irekiko da, elkargokidearen aurrekariak eta jarduera profesionala jasotzeko. Elkargokidea behartuta egongo da aurrekari horiek egunean izateko behar diren datuak une oro ematera.
Dagokion inskripzio-kuota ordaindu beharko du.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak ahalmena du elkargokide egiteko betebeharra egiaztatzeko eta eskatzeko, indarrean diren legeei jarraituz.
Elkargokide egiteko betebeharra badago eta konplitzen ez bada, Eusko Jaurlaritzan elkargo profesionalen alorrean eskumena duen Sailari jakinarazi beharko dio elkargoak, izendatuta duen diziplina-ahala erabil dezan. Elkargoak, bestalde, interesatua elkargoratu gabe dagoela argitara dezake prentsa profesionalean edo probintziakoan, nahiz eta elkargoaren interesak defendatzeko beste ekintza batzuk ere balia ditzakeen.
Elkargokide izateari utziko zaio honelakoetan:
Zuzendaritza Batzordean norberak hala eskatzen duenean.
Hiru kuota arrunt ordaintzen ez direnean.
Lanbidean jarduteko baldintzak betetzen ez direnean; kasu horretan, jarduna galarazten duen hori gertatzen den unean emango zaio baja.
Aurreko paragrafoaren bigarren puntuari dagokionez, interesatuari bide frogagarri baten bidez eskatuko zaio hogeita hamar egun balioduneko epearen barruan kuota ordain dezala eta, bidezko iritziz gero, alegazioak aurkez ditzala. Epe horretan interesatuak kuota ordaintzen ez badu edo ordaintzea bidezko ez dela justifikatzen ez badu, elkargokide-izaera kentzea erabaki dezake Zuzendaritza Batzordeak. Erabaki hori ere bide frogagarri baten bidez jakinaraziko zaio elkargokideari. Horren guztiorren berri dagokien agintariei eman beharko zaie.
Aurrekoa gorabehera, elkargokideak eskubideak berreskura ditzake zor duena eta elkargoratzeari dagokion zenbatekoa ordainduz.
Estatutu hauen ondorioetarako, elkargokideak honela sailkatuko dira:
Jardunekoak.
Ez jardunekoak.
Ohorezkoak.
Ohoragarriak.
Lanbide-sozietateak, baldin eta medikuntzaren lanbidean jardutea badute helburu.
Jardunekoak: edozein modalitatetan medikuntzan jarduten dutenak eta, lege edo erregelamendu batek eskatuta, Medikuntzako Lizentziaturaren titulua beharrezko duen lanpostu edo kargu batean daudenak dira.
Ez jardunekoak: lanbidean aritu gabe, Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialeko kide izan gura dutenak dira.
Ohorezko elkargokide izango dira 70 urte bete dituztenak, borondatezko erretiroa eskatzen dutenak eta lanbidea guztiz uzten dutenak, eta medikuntzan aritzea eragozten dien baliaezintasun edo ezintasun aitortua dutenak. Aipatutako kasuetan ohorezko elkargokide izateko, elkargoan gutxienez 20 urte eman dutela egiaztatu beharko dute, elkargoko kuotak ordainduta eduki beharko dituzte eta Zuzendaritza Batzordeak onartu beharko du. Zuzendaritza Batzordeak, bestalde, kategoria hori jendaurrean emango die, ekitaldi ospetsu batean.
Elkargokide ohoragarriak izango dira medikuntzaren lanbidearen alde lan handia, meritu handikoa, egin duten pertsonak edo instituzioak. Kategoria hau ohorezkoa izango da soilik, Zuzendaritza Batzordeak erabakitakoa.
Lanbide-sozietateek, elkargoko kide izateko, martxoaren 15eko 2/2007 Legearen babesean sortuak izan behar dute, eta Elkargoaren Lanbide Sozietateen Erregistroan sartuta egon behar dute. Elkargoko kide egin diren sozietate horiek estatutu hauetan banako elkargokideentzat ezartzen diren eskubide eta betebeharrak izango dituzte, aplikagarria zaien eta Biltzar Nagusiak hala xedatzen duen orotan.
Kuotak ordainduta dituzten elkargokideek eskubide hauek izango dituzte:
Korporazioko kudeaketa-lanetan parte hartzeko eskubidea; beraz, eskatzeko eskubideaz baliatzekoa eta gobernu-organoko kideak aukeratzeko eta kargu horietako hautagai izateko eskubidea, estatutu hauetan jasotako prozeduren eta betekizunen arabera. Lanbide-sozietateak euren bazkideetako baten bidez baliatuko dira eskubide horietaz; nahitaezkoa izango du bazkide horrek mediku elkargokidea izatea.
Elkargoak eta horko aholkularitza-zerbitzuek ordezkatuak eta babestuak izateko eskubidea, bai agintari, epaitegi eta entitate pribatu edo publikoetan erreklamazio arrazoituak aurkeztu behar dituztenean, bai lanbidean aritzearen ondorioz sortzen diren desadostasunetan. Elkargokide eskatzaileak ordaindu beharko ditu prozeduran sortzen diren gastu eta kostu juridikoak, Zuzendaritza Batzordeak bestelakorik erabakitzen duenean salbu.
Elkargokideak edo beren jaraunsleak «Patronato de Huérfanos Príncipe de Asturias» fundazioaren onuradunak izateko eskubidea, bai eta bihar-etzi sor daitezkeen fundazioetakoak ere. Lanbide-sozietateek, euren izaera dela-eta, ez dute eskubide hori izango, ezta eskubide horrek dakarren kargarik ere.
Lanbidean askatasun eta independentzia osoz jarduteko eskubidea; Legean, deontologia-arauetan eta estatutu hauetan jasotako mugak baino ez dituzte izango.
Korporazio-kargarik ez edukitzeko eskubidea, legeetan eta estatutu hauetan jasotakoez aparte eta Zuzendaritza Batzordeak balio osoz erabakitzen dituenaz aparte.
Elkargokideek betebehar hauek izango dituzte:
Estatutuetan agindutakoa bete beharko dute, bai eta elkargoaren gobernu-organoek hartutako erabakiak ere, inpugnatzeko aukera izango duten arren.
Elkargoko kuotak ordainduta eduki beharko dituzte.
Leialtasun osoz jokatu beharko dute elkargoarekin eta gainerako elkargokideekin; laneko jardunean norbaitek elkargokide bat iraintzen badu edo bidegabeki tratatzen badu, elkargoari jakinarazi beharko diote.
Elkargoari jakinarazi beharko dizkiote lanbidea dela-eta dituzten karguak eta kasuan kasuko tituluaz zein espezialitatetan aritzen diren, espedientean jasota uzteko.
Egoitza edo etxebizitza aldatuz gero eta kuotak ordaintzeko banku-helbideratzea aldatuz gero, jakinarazi egin beharko dute.
Elkargoak egiten dien errekerimendu oro bete beharko dute; bereziki, batzorde eta lantaldeei lagundu beharko diete, horietako partaide direnean.
Euskadiko Sendagileen Kontseiluari edo Sendagileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari egin beharreko erreklamazio edo eskabideak izapidetu beharko dituzte Elkargoaren bitartez, berak bideratuko baititu.
Kontseilu Nagusiak, Euskadiko Sendagileen Kontseiluak edo elkargoak berak paper ofizialean prestatzen dituen inprimakiak soilik, ez besterik, erabili beharko dituzte ziurtagiri medikoak egiteko.
Erantzukizun zibil profesionaleko aseguru bat kontratatu beharko dute, behar hainbateko zenbatekoa duena; kontuan hartu beharko dira elkargokidearen inguruabar partikularrak eta profesionalak, eta Zuzendaritza Batzordeak jarritako mugak, jarriz gero, errespetatu egin beharko dira beti.
Deontologia-kodean adierazitako debekuak, zeintzuk zorrotz betetzekoak baitira, eta aurreko artikuluetan ezarritakoak gorabehera, elkargokide guztiek debeku hauek dituzte:
Ezingo dute prozedura diagnostiko edo terapeutikoen eraginkortasun bermaturik eskaini, baldin eta prozedura horiek komunitate zientifiko medikoak onartu ez baditu.
Sendagile titulua eduki gabe lanbidean aritu nahi duen inor ezingo dute estali, ez eta horrelako jokabidea onartu ere.
Ezingo dute erabili errezetetan formula, zeinu edo lengoaia konbentzionalik; prestakin farmazeutikoen izenak dituzten errezetak ere ezingo dituzte erabili, ez eta etxe produktoreen tituluak edo iragartzeko balio duten beste adierazpen batzuk dituztenak ere.
Beste pertsona edo entitate batzuekin ados jartzerik ez dute izango, lanbidean zuzen aritzearen aurka doazen helburuak edo bidezko ez diren helburuak lortu ahal izateko.
Ezingo dute inor erabili bezeroak erakartzeko.
Sendagile direla baliatuz bezeroei drogak, sendabelarrak, produktu farmazeutikoak edo espezialitate propioak saltzea edo ematea debekatuta dute.
Ezingo dute beren izena utzi medikuntzaren inguruko enpresa, industria edo sendaketa-zentroetan zuzendari fakultatibo edo aholkulari moduan agertzeko, baldin eta aipatutako horiek zuzenean zuzentzen edo aholkatzen ez badituzte, edota Deontologia Kodearekin eta indarrean diren legeekin bat egiten ez badute.
Ezingo dute komisio moduan saririk edo onurarik jaso, zuzenean nahiz zeharka, bezeroei propaganda egiteagatik edo bezeroei produktu batzuk emateagatik, salbu eta horiek lanaren ondorioz jasotzen badira eta indarrean diren legeen arabera ematen badira. Berdin izango da nola jasotzen dituzten sari eta onura horiek, bai eta nork ematen dizkien ere: botiken edo sendaketa-baliabideen etxeek, bainuetxeek, ur mineral eta medizinalen sozietateek eta optikek, besteak beste.
Zientifikoki kontrolatu gabeko biderik ezingo dute erabili lanbideko jardunean, ez eta elementu diagnostiko eta terapeutikoak aplikatzen dituzten itxura egin ere.
Ez dute jarduera dikotomikorik egiterik izango.
Zein elkargotakok diren, elkargo horren lurraldean jardun beharko dute lanbidean, ez beste inon; salbuespen izango dira urgentzia-arrazoiak eta beste elkargo baten lurraldean lurralde horretako sendagile elkargokideekin egin beharreko ekintzak. Hori egiteko, ordea, elkargoari jakinarazi beharko diote.
Ezingo dute edozein motatako kontsulta publikoetako gaixoak kontsulta partikularrera bideratu, interesak tarteko.
Sendagileen Lizentziatura edo Doktore titulua edukita ere, Arabako Sendagileen Elkargoan alta eman ez zaien pertsonak ezingo dituzte eduki kontsultan.
Lanbidean aritzeko gaitasuna kentzen dieten ohiturak dituztenean edo osasun-alterazio bat dutenean, ezingo dute medikuntzan jardun.
Elkargokideen artean lanbideko gaien inguruan desadostasunak sortzen direnean, baldin eta hainbat probintzietako elkargokideak edo Zuzendaritza Batzordeetako kideak badira eta tarten daudenek hala erabakitzen badute, Zuzendaritza Batzordearen edo Euskadiko Sendagileen Kontseiluaren nahiz, artean hori osatu gabe badago, Kontseilu Nagusiaren jurisdikziopean utz daiteke auzia, gero ebazteko.
Arabako Sendagileen Elkargoak, Zuzendaritza Batzordeak proposatuta, dagokion espedientea egin ondoren, sariak eta goraipamenak eman ditzake: hainbat kategorietakoak izan daitezke, korporazioan edo lanbidean lortutako merezimenduen arabera, eta merezi duten pertsonei edo instituzioei emango zaizkie.
Kategoria hauek daude:
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren urrezko domina.
Elkargo-merezimenduaren domina.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren urrezko domina, elkargoaren sari gorena, ematea erabaki dezake Zuzendaritza Batzordeak, kultur eta gizarte arloetan edo lanbidean bereziki garrantzitsuak diren pertsona fisiko edo juridikoak saritzeko.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren alde lan handia, merezimendu handikoa, edo lanbidean lan eredugarria egin duten pertsona fisiko edo juridikoei emango zaie elkargo-merezimenduaren domina.
Zuzendaritza Batzordeak edo gutxienez elkargokideen % 20ak proposatu beharko du elkargo-merezimenduaren domina ematea.
Proposamena egin ostean, Zuzendaritza Batzordearen osokoak proposamena egingo dio Biltzar Nagusiari, horrek eztabaidatu eta, hala bada, onartu beharko du-eta.
Sari biei publikotasuna emango zaie, eta Elkargoak antolatzen duen ekitaldi ospetsuren batean emango dira.
Zuzendaritza Batzordeak proposatuta, Biltzar Nagusiak beste sari batzuk ezarri ahalko ditu arautu direnaz aparte. Hori gertatuta ere, estatutuak ez dira aldatu beharko.
Ematen diren sariak edo goraipamenak horretarako prestatutako liburu batean erregistratutako dira.
Biltzar Nagusiak, Zuzendaritza Batzordeak edo Elkargoko Lehendakaritzak emandako zorion-agurrak eta goraipamenak jaso beharko dira elkargokide bakoitzaren espedientean, edo lanbide-sozietate bakoitzari dagokion erregistroko orrian.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofiziala beregaina izango da ondasunak kudeatzen eta administratzen; lan hori Zuzendaritza Batzordearen osokoari utziko zaio, eta Biltzar Nagusiak onartu beharko du. Horrek ez du esan nahi, ordea, Euskadiko Sendagileen Kontseilua eta Kontseilu Nagusia finantzatzen lagundu behar ez duenik.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak sarreren eta gastuen aurrekontu-proiektua prestatuko du urtero, eta Biltzar Nagusiari aurkeztu beharko dio urte bakoitzeko azken hiruhilekoan, Biltzar Nagusiak baietsi edo ezetsi beharko baitu.
Aurrekontua ezetsiz gero, aurreko urteko aurrekontuak besterik gabe luzatuko dira.
Aurrekontuak onartu ondoren, sarrerak gutxitzeko edo gastuak handitzeko erabaki edo proposamen oro Zuzendaritza Batzordearen osokoak onartu beharko du, izapideak egiteko.
Inguruabar bereziak aintzat hartuta egoki iritziz gero, elkargokide-talde batzuei kuotak murriztea edo hobetzea proposatu diezaioke Zuzendaritza Batzordearen osokoak Biltzar Nagusiari.
Urte bakoitzeko lehen lauhilekoan, Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak aurreko urteko abenduaren hogeita hamaikan itxitako aurrekontu balantzea eta likidazioa aurkeztu beharko dizkio Biltzar Nagusiari, baietsi edo ezetsi ditzan. Hilabete lehenago, balantze hori eta izandako sarrerak eta gastuak justifikatzeko agiriak ogasun batzordeari utzi beharko zaizkio, Biltzarrak batzordea izendatuta izanez gero, bai eta hala eskatzen duen elkargokide orori ere.
Aurrekontua betetzen den ikusteko eta desbiderapenik baden ikusteko, segimendu eta kontrol lanak egingo dira urte barruan, etenik gabe. Zuzendaritza Batzordearen osokoak aztertu eta onartu beharko du, hiru hilabetero gutxienez; kanpoko ikuskaritza-zerbitzu batek ere ikuskatuko du, indarrean diren legezko xedapenen arabera.
Hauek izango dira Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren funtsak:
Sarrera-kuotak eta elkargokideen kuota arruntak eta bereziak.
Egiaztagiri, baimendutako zigilu eta inprimaki ofizialengatik jasotzen diren zenbatekoak eta prestazio, zerbitzu orokor, peritu-txosten eta abarrengatik finkatuta dauden edo finkatzen diren zenbatekoak.
Partikularrek, profesionalek edo instituzio publiko edo pribatuek ematen dituzten legatuak, dohaintzak, diru-laguntzak edo diru-ekarpenak.
Ondare-ondasunengatik sortutako errentak.
Eta oro har, Zuzendaritza Batzordearen ustez elkargoaren helburuak betetzeko eraginkor izan daitezkeelako, elkargoak erabakitzen dituen guztiak.
Banako elkargokideek eta lanbide-sozietateek sarrera-kuota bat ordaindu beharko dute elkargoan inskribatzen direnean. Kuota horren zenbatekoa Biltzar Nagusiak finkatuko du, Zuzendaritza Batzordeak proposatu ondoren.
Elkargokide diren sendagileek lanbidean aritu edo ez eta lanbide-sozietateek, Zuzendaritza Batzordeak proposatuta Biltzar Nagusiak finkatzen dituen kuotak ordaindu beharko dituzte.
Zuzendaritza Batzordeak, aparteko kasuetan, kuota bereziak onartzea proposa diezaioke Biltzar Nagusiari.
Kuotak onartu ondoren, une horretan kuotak ordaindu beharra duten elkargokide guztiek nahitaez ordaindu beharko dituzte.
Sarrera-kuotak, arruntak edo bereziak ordaintzen ez dituen elkargokideari kuotak ordaintzeko eskatuko zaio. Hori eskatzen zaion egunetik hiru hilabetera, artean ordaindu gabe baditu, zorraren % 20 erantsiko zaio.
Elkargokideei zorrak ordain ditzatela eskatzeko behar diren egintzez baliatzeko ahalmena du Zuzendaritza Batzordeak, auzibideko egintzak barne direla. Auzibidean erreklamazioa jarrita ere, elkargokideek zor dituzten kuotak ordaindu beharko dituzte.
Zuzendaritza Batzordearen osokoak ahalmena du kuotak ordaintzeko epeak luzatzeko baimena emateko eta berankortasun-egoerak erregularizatzeko hitzarmen partikularrak ezartzeko, kasu bakoitzean ezarriko diren baldintzen arabera.
Elkargokide berankorrak ez du elkargo-ziurtagiririk eskatzerik izango.
Elkargokide berankorrak ez du gobernu-organoetako edo batzordeetako kide izaterik izango.
Kuota guztiak sarrerakoak, arruntak edo bereziak Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak bilduko ditu, une bakoitzean egoki irizten dion bideaz. Kontseilu Nagusiaren finantzazioan parte hartzeari buruzko erabakiaren arabera dagokion ekarpena igorriko dio Elkargoak Kontseilu Nagusiari. Euskal Sendagileen Kontseiluaren finantzazioan ere, horrela jokatuko du.
Zerbitzuei eusteko beharrezko direnak izango dira Elkargoaren gastuak. Onartutako aurrekontuan jaso gabe dagoen gasturik ezingo da egin, justifikatutako kasuetan izan ezik. Bestalde, diruzaintzan erabilgarri dauden zenbatekoak kontuan hartuta, Zuzendaritza Batzordearen osokoak kreditu gehigarri bat gaitzea erabaki dezake.
Zuzendaritza Batzordearen Osokoari dagokio diru-konpentsazio hauen izaera eta zenbatekoak zehaztea: Zuzendaritza Batzordearenak, Deontologia Batzordearenak, Hauteskunde Batzordearenak, batzorde edo lantaldeenak nahiz edozein elkargokideenak, baldin eta Elkargoak zerbitzu batzuk izendatu badizkio. Kontuan hartuko dira dedikazio berezia, egin beharreko lanaren zer-nolakoak, iraupena eta gainerako inguruabarrak.
Zuzendaritza Batzordeak elkargokideren bati bere izenean lan zehatz bat egiteko eskatzen dionean, lan hori dela-eta sortzen diren gastuak elkargoak ordainduko ditu. Gastuak agiri-bidez egiaztatu beharko dira.
Bankuko kontuak: Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak bere jarduera hobetzeko beharrezko jotzen dituen beste banku-kontu izango ditu, eta ahal den guztietan, kontu horien bidez egingo ditu ordainketak, bai transferentzia bidez, bai txeke-bidez.
Zuzendaritza Batzordeak finkatuko ditu banku-kontu bakoitzeko sinadura baimenduak.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofiziala deseginez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargo Profesionalei buruzko Legearen 31.2 artikuluan agindutakoari jarraitu beharko zaio. Salbuespen izango dira, ordea, entitate publikoek helburu zehatz baterako emandako diru-laguntzak.
Banako elkargokideek eta Elkargoaren Erregistroan inskribatutako lanbide-sozietateek, diziplina-erantzukizuna izango dute aplika dakiekeen orotan estatutu hauetan ezarritako kasuak eta inguruabarrak gertatzen direnean.
Estatutu hauetan ezarritako diziplina-araubidea gorabehera, elkargokideek erantzukizun zibil eta penalak izango dituzte.
Diziplina-zehapena jartzeko, ezinbestekoa izango da aurretik espedientea instruitzea, eta horretarako, titulu honetan ezarritako prozedurari jarraitu beharko zaio, eta bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean eta lege hori garatzen duten arauetan zehapen-prozedurei buruz jasotako arauei.
Zehatzeko ahalmena Zuzendaritza Batzordeari dagokio. Hala ere, Zuzendaritza Batzordeko kideek egindako falten gaineko prozedura eta zehapenak Euskal Sendagileen Kontseiluaren eskumenekoak izango dira, eta hori artean eratu gabe badago, Kontseilu Nagusiaren eskumenekoak.
Zehapen-prozeduraren gaineko ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman beharko da, instruktoreari hala izendatu dela jakinarazten zaion egunetik hasita.
Epe hori, instruktoreak eskatuta eta kasuan kasuko inguruabarrek hala eskatzen badute, hiru hilabetez luza dezake ebazteko eskumena duen organoak. Luzapena interesatuari jakinaraziko zaio.
Diziplina-zehapenak eraginpean dagoenaren espedientean jaso beharko dira.
Diziplina-zehapenak eraginpean dagoenaren espedientean edo lanbide-sozietatearen erregistroko orrian jaso behar dira.
Diziplina hutsegiteen sailkapena: arinak, larriak eta oso larriak.
Hutsegite arinak dira:
Estatutuetako eta deontologia-kodeko arauak edo Zuzendaritza Batzordearen erabakiak betetzen arduragabekeriaz jokatzea, bere eskumenen barruan.
Lanbidearen alorrean egindako aldaketak, espediente pertsonalean jasota utzi behar baitira, ez jakinaraztea elkargoari.
Elkargoak eskatutako txostenen gaineko eskaera edo errekerimenduei ez erantzutea.
Egiaztapen edo informazio eskaera bati ez erantzutea, eta horren ondorioz, gaixoa arriskuan jartzea.
Hutsegite larriak dira:
Estatutuetako arauak edo Zuzendaritza Batzordeak edo Biltzar Nagusiak hartutako erabakiak ez betetzea, modu larrian, non eta beste maila bateko falta bat ez den.
57. artikuluan jasotako betebeharrak ez betetzea eta 58. artikuluan jarritako debekuak haustea, non eta beste maila bateko falta bat ez den.
Lanbideko egitekoak ez betetzea, eta horren ondorioz, zerbitzu profesionala eskatzen edo ituntzen dutenei kalte egitea.
Intrusismo kasuak edo arauz kontrako edozein egoera elkargoari jakinarazteko beharra ez betetzea.
Erantzukizun profesionala aseguratzeko betebeharra ez konplitzea.
Arrisku handiren bat baldin badago edo hondamendi nahiz gizarte-mailako zoritxarren bat gertatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak lanbidean jardutera behartzen duenean, agindutakoa ez betetzea, non eta agindutakoa betetzea eragozten dion arrazoi justifikaturik ez dagoen.
Lanbide bereko beste profesionalen, lanbidearen gobernu-organoen eta lanbidean jardutean harremanak dituzten pertsona edo erakundeen duintasuna larriki laidotzea, bai eta horietako edozein fisikoki erasotzea ere.
Bidegabeko lehia dakarten ekintzak.
Elkargoaren gobernu-organoen ohiko funtzionamendua eragozten edo aldarazten duten egintzak.
Sekretu profesionala larriki urratzea, norbere erruz edo zabarkeriaz.
Titulu profesionalen bat edo eskumenen bat adieraztea, dena delako hori eduki gabe.
Estupefazienteak mugatzeari eta toxikomanien tratamenduari buruzko arauak ez betetzea.
Egia esan gabe, txostenak eta egiaztagiriak egitea.
Deontologia-arauak urratuz gurata egindako egintzak eta omisioak, non eta falta oso larriak ez diren.
Urte biko epean falta arinak gutxienez bost aldiz berriz egitea.
Sendagile titulua eduki gabe Arabako Lurralde Historikoan lanbidean aritu nahi duen bat estaltzea edo hori egiten uztea.
Lanbide-sozietate bat sortzea, indarreko legeriak ezartzen dituen baldintzak bete gabe.
Hutsegite oso larriak dira:
Medikuntzako Lizentziatura eduki gabe lanbidean aritzea.
Egiteko profesionalak ez betetzea, eta, ondorioz, jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kaltea egitea.
Sekretu profesionala doloz urratzea.
Lanbidean aritzea, lanbidean jarduteko ezgaituta egonda edo ezgaitasun- edo debeku-kausaren bat izanda.
Lanbidean jardutean doluzko delituak egitea; ez da kontuan hartuko zenbateraino parte hartu duen.
Gaixoei, maltzurki edo asmo txarrez, jaramonik ez egitea.
Urte biko epean arau-hauste larri bi egitea, aurreko idatz-zatiko o) letran jasotako arau-hausteak salbu.
Lanbide-sozietate batean bazkide profesional gisa parte hartzea bateraezintasun- edo ezgaitasun-kausaren bat izanda.
Aurreko artikuluan aipatzen diren faltengatik, zehapen hauek jar daitezke:
Ohartarazpena.
000 eurora arteko isuna.
Lanbidean aritzeko aldi baterako ezgaitzea edo lanbide-sozietatearen jarduera etetea, hurrengo artikuluan ezartzen den moduan:
Falta arinak ohartarazpen-zehapen batez edo isun batez zuzenduko dira. Banako elkargokideei, gehienez, 300 euroko isuna ezarriko zaie, eta lanbide-sozietateei, gehienez, 600 eurokoa.
Falta larriak zuzentzeko, lanbidean jarduteko ezgaitu edo lanbide-sozietatearen jarduna etengo da, gehienez ere urtebetez. Edo bestela isuna ezarriko da: pertsona fisikoen kasuan, 301 eurotik 3.000 eurora arteko isuna; eta lanbide-sozietateen kasuan, 601 eurotik 30.000 eurora artekoa.
Falta oso larriak direnean ondoko zehapenak jarriko dira: lanbidean jarduteko ezgaitzea edo lanbide-sozietatearen jarduna etetea, gutxienez, urtebete eta egun batez, eta gehienez, hogei urtez. Edo bestela, isuna jarri ahalko da: banako elkargokideen kasuan, 3.001 eurotik 30.000 eurora artekoa; eta lanbide-sozietateen kasuan, 30.001 eurotik 60.000 eurora artekoa.
Arauhauste bategatik egileak diru-etekina atera badu, isuna handiagoa izango da: etekin hori zenbatekoa izan den kalkulatu ondoren aurreko gehienezko kopuruekin alderatuko da, gutxienez etekina eta gehienez etekinaren bikoitza gehitu beharko zaio ordaindu beharreko isunari.
Ezgaitze-zehapenak irauten duen bitartean ezingo da lanbidean jardun, ezta lanbide-sozietatearen jarduera burutu ere.
Alterazio organiko edo psikiko batengatik sendagileren bat lanbidean aritzeko gauza ez dela nabarmen ikusten bada, lanbidean aritzeko ezgaitu egingo da, Zuzendaritza Batzordearen Osokoak kontraesan-espediente bat instruitu ondoren. 92. artikuluan eta hurrengoetan araututako diziplina-espedienteko berme beraz instruituko da espedientea; horretaz gain, agindu horietan jasotako arauak aplikatuko dira, baldin eta analogiaz aplikatu ahal badira.
Zuzendaritza Batzordeak, dagozkion ondorioetarako, jarritako zehapenen berri eman beharko die administrazio eskudunei, Euskadiko Sendagileen Kontseiluari eta Kontseilu Nagusiari. Inguruabarrak kontuan hartuta komeni denean, elkargoko argitalpenetan ere iragarriko dira.
Ezgaitzea erabakitzen duen administrazio-egintza edo elkargo-erabakia irmoa denean izango da eraginkorra ezgaitzea; zehapena jarri zaiona beste kausa edo arau-hauste batzuengatik ezgaituta badago, jartzen zaion aldia aurreko aldia amaitzen den unean hasiko da betetzen, besterik gabe, eta horrela, hurrenez hurren.
Arau-hauste oso larriak hiru urtera preskribatuko dira, larriak urte bira eta arinak urtebetera.
Hala ere, lanbide-jardunean ezgaitzeko zehapenak hiru urterako edo gehiagorako badira, preskripzio-epea zehapen-aldiaren parekoa izango da.
Preskribatzeko epea arau-haustea egin zen egunetik aurrera hasiko da kontatzen.
Zehapen-prozedura bat hasiz gero, preskripzioa eten egingo da. Zehapen-espedientea sei hilabete baino gehiago geldirik badago eta horren errua arau-hauslearena ez bada, berriz hasiko da preskribatzeko epea.
Diziplina-erantzukizuna iraungi egingo da:
Inputatua hiltzen denean.
Zehapena betetzen denean.
Faltak preskribatzen direnean.
Zehapenak preskribatzen direnean.
Lanbide-sozietatea desegiten bada, sozietatearen diziplina-erantzukizuna iraungi egingo da; ez, ordea, sozietatearen kideena, desegindako sozietatearen erantzukizuna eurek hartuko baitute.
Elkargokidearen espedientean edo lanbide-sozietatearen erregistroko orrian jasotako zehapenen idatz-oharrak sei hilabeteren buruan preskribatuko dira, falta arina izan denean; bi urteren buruan, falta larria izan denean; eta lau urteren buruan, oso falta larria izan denean.
Elkargo-birgaikuntzarako epea zehapena beteta geratzen den egunaren hurrengoan hasiko da kontatzen.
Iraungipen-epeak igaro ostean, zehapena jarri zaienek birgaitzeko eska diezaiokete Zuzendaritza Batzordeari. Birgaitzeko, titulu honetan jarritako iraungipen-aldia igaro dela eta aldi horretan beste arau-hausterik egin ez dela egiaztatuko da, ez da beste izapiderik egingo.
Elkargokideek pertsona fisikoak edo lanbide-sozietateak izan ditzaketen diziplina-erantzukizunak eskatzeko Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak burutzen dituen egintzetan aplikatuko da datozen artikuluetan arautzen den prozedura.
Falta larriengatik edo oso larriengatik zehapenak jartzeko, ondorengo artikuluetan adierazten den moduan izapidetu beharko da espedientea. Falta arinengatik zehapenak jartzeko, hau baino ez da egin beharko: interesatuari entzun, zortzi egun balioduneko epean; hala ere, titulu honetan adierazitako izapideen bidez ere egin daiteke, hala erabakiz gero.
Zigor-bidez epaitu diren egintzak ezingo dira zehatu, baldin eta pertsona, egintza eta oinarria berberak badira.
Zigor prozedura bat egintza berberengatik edo beste batzuengatik izapidetzen ari denean, zehatzekoak direnak titulu honen arabera banatzea ezinezkoa bada, prozeduraren izapideak eten egingo dira. Diziplina-prozedurari berriro ekiteko unea atzeratu egingo da agintari judizialak ebazpen irmoa ematen duen arte.
Prozedura hasi ondoren, edozein unetan instruktoreak delitu edo falta penal bat izan daitekeen arau-hauste bat ikusten badu, espedientea hastea agindu zuen organoari jakinaraziko dio berehala, organo horrek Ministerio Fiskalari jakinaraztea edo ez erabaki dezan eta prozeduraren etenaldia ebatz dezan, agintari judizialak pronuntziamendu irmoa ematen duen arte.
Edozein kasutan, diziplina-espedientearen izapideei berriro heldu ondoren, ebazpen judizialean jasotzen diren egintzen gaineko iritzia jaso beharko du hartzen den ebazpenak.
Zuzendaritza Batzordeak diziplina-espediente bat hastea erabakitzen badu, organo berak, aurrezaintzako neurri legez, lanbidean aritzea eten diezaieke zigor-prozedura batean inputatuta edo prozesupean dauden elkargokideei, edo lanbide-sozietate bati bere jarduna eten diezaioke, baldin eta kideetako bat adierazitako egoeraren batean badago. Erabaki hori arrazoitutako ebazpen baten bidez hartu beharko da, interesatuari entzun ondoren. Ebazpena Zuzendaritza Batzordeko kideen bi herenak onartu beharko du.
Lanbidean aritzeko behin-behineko etena jartzea erabakitzen duen ebazpena jakinarazi egin beharko zaio eraginpean dagoen elkargokideari edo kasua izanez gero, elkargokide horren lanbide-sozietateari, ondoren datorren artikuluaren arabera. Ebazpen hori, bestalde, 101. artikuluan jasotakoari jarraituz errekurritu ahal izango da.
Erabakia arrazoitutako ebazpen baten bidez hartu beharko da, interesatuari entzun ondoren. Ebazpena Zuzendaritza Batzordeko kideen bi herenak onartu beharko du.
Prozesatzeak edo inputazioak irauten duen artean luza daiteke behibehineko etenaldia; aurreko artikuluan aurreikusitako prozedura-etenak, ordea, ez dio eragingo etenaldiarekin jarraitzeari.
Interesatuak edo bere ordezkariak jakinarazpena jaso duela eta eguna, nortasuna eta jakinarazitako egintzaren edukia ziurtatzen dituen bide bat erabiliz egin beharko dira jakinarazpenak.
Jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.
Elkargokideak zein helbide eman dion elkargoari, helbide horretan egingo dira jakinarazpenak; lekuz aldatu eta horren berri eman ez badu, bestalde, erantzukizuna izan dezake. Jakinarazpenaren unean interesatua present ez badago, etxean dagoen edonork har dezake jakinarazpenaren ardura, baldin eta nor izan den jasota geratzen bada.
Interesatuak edo etxean dagoenak jakinarazpenari uko egiten badio, espedientean jasota utzi beharko da, bai eta jakinarazpena egiteko saioa egin dela ere. Kasu horretan, jakinarazpena elkargoko iragarkien taulan hamabost eguneko epean argitaratuko da, eta horrela, jakinarazpena egiteko izapidea burututzat joko da.
Organo eskudunak ikusten badu jakinarazpena iragarkien taulan argitaratuz eskubide edo interes legitimoei kalte egiten zaiela, azalpen labur bat argitaratuko du, egintzaren edukia adierazteko eta dagokion epean interesatuek zein lekutan ager daitezkeen azaltzeko, egintzaren berri izan dezaten.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean jakinarazpenei buruz jasotakoa aplikatuko da, ordezko izaeraz.
Diziplina-prozedurak egiten zaizkien elkargokideek eskubide hauek izango dituzte:
Errugabetasun-presuntziorako eskubidea.
Egozten zaizkien egintzen berri, egintza horiek eragiten dituzten arau-hausteen berri eta ezartzen zaizkien zehapenen berri izateko eskubidea eta honako hauek jakitekoa: instruktore nor den, zehapena ezartzeko eskumena duen organoa zein den eta eskumen hori esleitzen duen araua zein den. Jakinarazpen horiek lanbide-sozietateari ere egingo zaizkio, baldin eta erruztatua sozietateko kideren bat bada.
Beren aurka bideratutako prozeduran deklaratzeari uko egiteko, alegazioak jartzeko eta ordenamendu juridikoak onartzen dituen defentsa-bideak erabiltzeko eskubidea.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean eta hori garatzen duten arauetan aitortutako gainerako eskubideak.
Zuzendaritza Batzordearen erabaki batez ekingo zaio prozedurari, bai berak hala erabakita, bai beste pertsona edo erakunde batzuk salatu nahiz jakinarazi ondoren.
Prozedura horri ekiteak diziplina-espediente bat irekitzea ekarriko du zuzenean, edo, hala badagokio, datorren artikuluan jasotako baldintzen arabera aurretiazko informazio-aldi bat irekitzea.
Aurreko zenbakian ezarritakoak salbuespen hau du: kasuan kasuko egintzak elkargoko zuzendaritza batzordearen kideren bat ukitzen badu, prozedurari ekiteak espedientea Euskadiko Sendagileen Kontseilura edo, artean hori eratu gabe badago, Kontseilu Nagusira igortzea ekarriko du soil-soilik. Kontseiluaren eskumena izango da, bestalde, diziplina-espedientea hastea, aurretiazko informazio-aldia instruitzea edo, besterik gabe, jarduerak artxibatzea.
Zuzendaritza Batzordeak aurretiazko informazio-aldi bat irekiz ekin diezaioke prozedurari, kasu jakin baten inguruabarrak zeintzuk izan diren jakiteko eta diziplina-espedientea irekitzea komeni den edo ez ikusteko. Informazio-aldi horri dagozkion egintzak bukatu ondoren, betiere informazio-aldia irekitzea erabaki zuen ebazpenaren egunetik hogeita hamar egun balioduneko epean, Zuzendaritza Batzordeak ebazpen bat emango du diziplina-espedientea irekitzeko, jarduketak artxibatzeko edo falta arintzat sailkatzeko eta dagokion zehapena ezartzeko.
Aurreko epigrafean adierazitako erabakiak tartean dagoen elkargokideari jakinaraziko zaizkio beti, baita bere lanbide-sozietateari ere.
Salatzaileari edo komunikaziogileari ere jakinaraziko zaizkio erabakiak, eta estatutu hauen arabera erabakiaren aurka egiteko eskubidea duela jakinaraziko zaio.
Diziplina-espedientea hasteari buruzko erabakian bertan izendatuko dira espedientearen instruktorea eta idazkaria, zeintzuk ezingo baitira zuzendaritza batzordeko kide izan. Diziplina-espedientearen instruktorea edo idazkaria, kargua onartu ondoren, honako kasu hauetan baino ezingo du ordeztu Zuzendaritza Batzordeak: izendatutakoa hilez gero, karguari uko eginez gero eta abstentzioari edo errefusatzeari buruz aldeko ebazpena hartuz gero.
Diziplina-espedientea hasi dela eta instruktorea eta idazkaria izendatuta daudela jakinaraziko zaio espedienteak ukitzen duen elkargokideari, bai eta kargu horietarako izendatuta daudenei ere. Inputatuari letratu batek lagundu diezaioke prozeduran.
Zuzendaritza Batzordearen eskumena baino ez da izango izendapen horietatik salbuestea onartzea, karguak onartu ondoren horiei uko egitea onartzea eta abstenitzeko eta errefusatzeko kausak balioestea.
Instruktorea eta idazkaria nortzuk diren jakiten duen unean baliatu daiteke interesatua errefusatzeko eskubideaz, zazpi egun balioduneko epean. Ustekabeko inguruabarrak tarteko direnean, prozedura izapidetzerakoan edozein unetan errefusatu ahalko da.
Instruktoreak eta idazkariak elkargokide izan beharko dute nahitaez.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan eta lege hori garatzeko arauetan jasotako arauak aplikatuko dira espedientearen instruktorea eta idazkaria errefusatu eta abstenitzeari buruzko gaietan.
Instruktoreak, idazkariaren fedepean, egintzak zehazteko eta egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen eginbideak burutzeko agindu dezake, bai eta zehapena jar dakiekeen erantzukizunak zehazteko eta argitzeko lagungarri izan daitezkeen probak egiteko ere. Aholkurik behar izanez gero, Elkargoaren Aholkularitza Juridikoak emango dio.
Instruktoreak, instruktore izendatu dela jakinarazten zaion egunetik hasi eta berrogeita bost egun naturaleko epean eta egindako jarduerak aztertu ondoren, kargu-orria egin eta jakinaraziko du.
Kargu-orriak zehatz-mehatz eta argi eta garbi idatzia beharko du izan; inputatuari zein egintza egozten zaion jaso beharko du, paragrafotan banatuta eta bakoitzari zenbaki bat jarrita; ustez zein arau-hauste egin den eta zein zehapen jar dakiokeen adierazi beharko du; eta azkenik, aplikatu daitezkeen manu juridikoak eta instruktorea eta zehapena jartzeko organo eskuduna nortzuk diren adierazi beharko ditu.
Kargu-orria inputatuari jakinaraziko zaio eta hamabost egun naturaleko epea emango zaio, luzaezina, kargu-orriari erantzun diezaion egokitzat jotzen dituen alegazioen bidez eta interesgarri iritzitako agiriak aurkeztuz.
Inputatuak, beharrezko irizten badio, zuzenbideak onartzen duen edozein frogabide egitea proposatu dezake kargu-orriari erantzuterakoan.
Instruktoreak hogeita hamar egun naturaleko epea izango du egokitzat jotzen dituen frogak egiteko; ofizioz beste froga batzuk egin ahal izango dira, eraginpekoek proposatu ez arren. Kargu-orriari erantzuten zaion egunetik edo erantzuteko epea erantzunik eman gabe iragaten denetik hasiko da frogak egiteko epea.
Instruktoreak ebazpen bat emango du arrazoitua beti, desegokitzat jotzen dituen frogak onartu eta burutzea ukatzeko. Prozedurarekin aurrera egiteko ezintasuna amaitzen denean errekurritu ahal izango da ebazpena, bai eta defentsa-gabezia gertatzen denean ere. Gainerako kasuetan, alegazioen bitartez aurkatu ahal izango du eraginpekoak; alegazio horiek kontuan hartuko dira bai prozedura amaitzen duen ebazpenean bai ebazpen horren aurka egintza horiek inpugnatzeko jartzen den errekurtsoan.
Instruktoreak berak egin beharreko probak burutzeko, leku, egun eta orduaren berri emango zaio inputatuari, parte hartzeko aukera izan dezan.
Probetara elkargoaren aholkulari juridikoa joan daiteke, instruktoreak hala eskatzen duenean.
Instruktoreak ebazpen-proposamen bat egingo eta jakinaraziko du, proba proposatzeko eta burutzeko aldia amaitu, eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan. Proposamen horretan, egintzak zehatz-mehatz finkatuko ditu, horien kalifikazio juridikoa egingo du bere ustez zein arau-hauste egin den edo egin diren zehazteko, eta, azkenik, inputatuari egotz dakiokeen erantzukizuna adieraziko du, bai eta zein zehapen ezar dakiokeen ere.
Ebazpen-proposamena inputatuari jakinaraziko zaio eta horrela, hamabost egun naturaleko epe luzaezinean, espedientea ikusi, eta bere buruaren alde egiteko egokitzat jotzen duen guztia alegatu ahalko dio instruktoreari.
Instruktoreak, inputatuari entzun ondoren edo epea alegaziorik egin gabe igarota, ebazpen-proposamena eta espediente osoa igorriko dizkio Zuzendaritza Batzordeari, epea amaitzen denetik bost egun naturaleko epean. Zuzendaritza Batzordeak beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen dituen eginbide osagarriak egiteko agindu diezaioke instruktoreari.
Beste eginbide batzuk burutzeko espedientea itzultzea erabakitzen badu, instruktoreak, egintzak burutu ondoren eta jarduketak berriz bidali aurretik, inputatuari entzunaldia emango dio, hamar eguneko epe luzaezinean inputatuak egokitzat jotzen duena alega dezan.
Espedientea ebatzi baino lehen, Zuzendaritza Batzordeak txosten bana egiteko eskatuko die Deontologia Batzordeari eta Aholkularitza Juridikorakoari.
Diziplina-prozedura amaitzen duen ebazpena gehienez ere berrogeita bost egun naturaleko epean erabaki beharko da, instruktoreak proposamena jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita. Ebazpenak arrazoitua beharko du izan, espedientean azaldutako gai guztiak ebatzi beharko ditu eta kargu-orria eta ebazpen-proposamena egiteko oinarri izan ziren egintzak baino ez ditu onartu beharko, nahiz eta balorazio juridikoa desberdina izan.
Erabakia eztabaidatu eta onartzerakoan ez dute parte hartzerik izango prozesua instruitzerakoan instruktore eta idazkari izan direnek.
Ebazpen-proposamenean sei hilabetetik gorako etenaldia edo 6.000 eurotik gorako isuna ezartzen duen zehapena badago, Zuzendaritza Batzordeak ezkutuko bozketa baten bidez hartu beharko du ebazpena eta kideen heren bik ados egon beharko du. Zuzendaritza batzordeko kide guztiek joateko beharra dutela ohartarazi beharko da bilkurarako deialdian.
Hartzen den ebazpena inputatuari eta bere lanbide-sozietateari jakinarazi beharko zaio. Ebazpenak, bestalde, bete egin beharko du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 89. artikuluan eta lege hori garatzen duten arauetan ezarritakoa; halaber, ebazpen horren aurka aurkez daitezkeen errekurtsoak adierazi beharko ditu, bai eta zein organotan administrazioko organoak zein judizialak eta zein epetan aurkeztu behar diren, nahiz eta interesatuek beste errekurtso batzuk ere jar ditzaketen, egoki iritziz gero.
100. artikulua. Errekurritu daitezkeen ekintzak.
Zuzendaritza Batzordearen ebazpen batzuen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, zehazki, ebazpen hauen kontra: auziperatuta edo erruztatuta dauden elkargokideei lanbidean aritzeko behin-behineko etenaldia ezartzeko diren ebazpenen aurka; hasitako jarduketak artxibatzeko edo diziplina-zehapenak jartzeko diren ebazpenen aurka; eta prozeduran hartzen den beste edozein erabakiren aurka, baldin eta, izapide bat egiteko egintza bat izanda ere, aurrera egiteko ezintasuna badakar edo defentsa-gabezia badakar. Errekurtso hori ebazten duen ebazpenak administrazio bidea amaitzen du, berehala bete beharrekoa izango da eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea egongo da.
Diziplina-espediente bat irekitzen duten erabakien aurka ez dago errekurtsorik jartzerik.
Egintzen salatzaileak eskubidea izango du hasitako jarduketak artxibatzea edo largestea edo zehapenak jartzea dakarten ebazpenak jakinaraz diezazkioten; horrek, ordea, ez dio ezelako eskubiderik emango espedientean.
101. artikulua. Baliabideen araubidea.
Ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera hilabeteko epea, luzaezina, emango da gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko; elkargoaren zuzendaritza batzordean edo errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoan aurkeztu beharko da. Zuzendaritza batzordeak hamar eguneko epean Euskadiko Sendagileen Kontseiluari, edo hori eratu gabe badago, Kontseilu Nagusiari igorri beharko dio, bai eta berak egindako txostena eta espedientearen kopia oso eta ordenatu bat ere.
Ezarritako epearen barruan diziplina-zehapenaren aurka administrazio-errekurtso bat jartzeak eten egingo du errekurritutako erabakiaren gauzatzea. Errekurtsoa ebatzi ondoren kenduko da etendura.
Hala ere, onartutako behin-behineko neurriak onartuz gero hartzen diren unean bertan gauza daitezke.
Lanbide-sozietateek legitimazioa izango dute euren kideetakoren bati eragiten dieten kasuetan errekurtsoak jartzeko, baldin eta kide horiek euren kabuz errekurtsorik jarri ez badute.
102. artikulua. Gora jotzeko errekurtsoa.
Biltzar Nagusiaren, Zuzendaritza Batzordearen eta Hauteskunde Batzordearen behin betiko erabakien aurka edo prozedurarekin aurrera egiteko ezintasuna dakarten edo defentsa-gabezia dakarten izapidezko ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Euskadiko Sendagileen Kontseiluan edo, artean hori eratu gabe badago, Kontseilu Nagusian. Errekurtsoa jartzeko hilabeteko epea emango da, erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatuta.
Erabakia eman duen organoan aurkeztu beharko da errekurtsoa, berak eroan beharko baitu, aurrekari eta txostenarekin batera, Euskadiko Sendagileen Kontseilura edo, artean hori eratu gabe badago, Kontseilu Nagusira. Hamar egun izango ditu horretarako, errekurtsoa aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatuta.
103. artikulua. Jurisdikzio-bidezko inpugnazioa.
Ekintza hauek administrazio-zuzenbideari lotuta geratzen direnean, korporazio-errekurtsoak agortu ondoren, zuzenean errekurritu ahalko dira administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.
104. artikulua- Egintzen eraginkortasuna eta etendura.
Elkargoko organoek agindutako ekintzak baliozkotzat jotzen dira, eta hartzen diren unetik izango dituzte ondorioak, non eta horietan besterik agintzen ez den edo horien eraginkortasuna jakinarazi nahiz argitaratzen diren arte atzeratu behar ez den. Errekurtsoa aurkeztuta ere, inpugnatutako ekintzaren gauzatzea ez da etengo. Salbuespen izango da diziplina-zehapen bat errekurritzen bada edo Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak hala erabakitzen badu, delako ekintza gauzatzean kalte larriak, konponbide zaila edo ezinezkoa dutenak, sortzen badira.
105. artikulua. Lanbide Sozietateen Erregistroa.
Lanbide Sozietateen Erregistroa sortu da Elkargoaren egoitzan; erregistro horretan sartuko dira martxoaren 15eko 2/2007 Legearen babesean sortutako sozietateak, Merkataritza Erregistratzaileak Elkargoari jakinarazten dizkionak, hain zuzen ere.
Ondoko datuak sartuko dira Erregistroan:
Sozietatearen izena eta helbidea.
Eraketa-eskritura publikoaren eta notarioaren identifikazio-oharra eta data; sozietatearen iraupena, epealdi zehatz baterako eratuz gero.
Sozietatearen helburu d(ir)en jarduera profesionala(k).
Elkargo profesionalen eta ez profesionalen datuak; elkargokide-zenbakia eta zein elkargo profesionaletakoa den.
Sozietatearen administrazio eta ordezkaritzaren ardura eman zaien pertsonen datuak, bazkide profesionalak diren ala ez adierazita.
Elkargoak hiru hilean behin bidaliko dio Justizia Ministerioari eta Autonomia Erkidegoko organo eskudunari Lanbide Sozietateen Erregistroan egindako inskripzioen zerrenda, horretarako sortuko den interneteko atarian horren berri eman ahal izateko.


