Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko ekainaren 5ekoa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, gizarte ekonomian enpresa-lankidetza bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko ekainaren 5ekoa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, gizarte ekonomian enpresa-lankidetza bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 129
  • Hurrenkera-zk.: 3912
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/06/05
  • Argitaratze-data: 2009/07/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Gizarte-ekonomiako enpresen artean, batez ere txikienen artean, enpresa-lankidetzaren beharra eta erabilgarritasuna gero eta nabarmenagoa da; izan ere ekonomia-testuingurua gero eta konplexuagoa da, toki-mailatik gero eta aldenduago dagoelako.

Gizarte-ekonomiako enpresek gutxi erabili dute programa hau orain arte, eta horrek sustapen-jarduera osagarria egitera bultzatzen gaitu, bereziki sozietate-egituren beraien bitartez, enpresen arteko lankidetza-sareak abian jartzeko. Baina ez dago arazorik programari eusteko, gero eta beharrezkoagoa izango baita, globalizazio deitutakoak kooperatiba edo lan-sozietate txikienean ere, zuzenean zein zeharka, eragina izaten hasi ahala.

Horren ondorioz, ekitaldi honetan ere egongo dira ekitaldi ekonomiko desberdinetan gaineratuz joan diren ekintzak, eta horiei hainbat doikuntza tekniko erantsi zaizkie, diru-laguntzen helburua eta hartzaileak zein diren argitzeko.

Ildo horretan, eta aurreko aginduaren norabideari jarraiki, berezko garrantzia eman nahi izan zaio nazioarteko lankidetzari alor horren sentsibilizazio, bultzada eta sustapena bultzatzeko euskal gizarte-ekonomiaren ordezkari gorenen eta gizarte-ekonomiako nazioarteko mugimenduen artean, harreman horiek ezartzeko zein lankidetza efektiboa izan dadin beharrezko laguntza teknikorako diru-laguntza emanez.

Azken batean, helburua zera da; orain arte, arrazoia edozein dela ere, baliatu ez diren gizarte-ekonomiaren barruko negozio-aukera guztiak erraztea, lurralde eta ekonomia-sektore guztietan.

Era berean, eta agindu honetan diruz laguntzekoak diren gastuak zehazte aldera, jarduera finantzatuaren ondorioz onuradunek egiten dituzten kapitalerako ekarpenak aginduaren xede ez direla zehazten da; helburua zera da; lankidetza-gastu horiek bultzatu eta sustatzeko beharrezkoak diren azterlanak eta akordio horiek formalizatzearen ondorioz sortutako gastuak finantzatzea, baina ez, ordea, azterlanaren ondorioz akordio horiek eragiten dituzten kapitalerako ekarpenak.

Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzaren 2007-2009 hausnarketa estrategikoaren ondorioz, joan den urtean gizarte-ekonomiaren sustapena nazioarteko esparruan sartu zen, gizarte-ekonomiako enpresa taldeak sortzea helburu duten proiektuak egiteko laguntza ekonomikoarekin.

Horrez gain, arrazoi beragatik, lehen sektorean sustatu nahi da, bereziki, lankidetza; izan ere, sektore horretan, dituen ekonomia- eta gizarte-ezaugarri bereziengatik, kooperatiben finkotasuna eta garapena sozietateak integratzeko ahaleginen mende baitaude hein handi batean.

Halaber, arau argiagoak lortze aldera, zenbatekoa zehazteko irizpideak erraztu eta baremoak ezarri dira hitzarmenen edo lankidetza-egituren sorreren eta bat-egiteen kasuetarako zenbatekoak zehazteko prozeduretarako. Gainerako kasuetarako zenbateko finkoa zehaztu da.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009. urteko Aurrekontu Orokorrak Onartzen dituen abenduaren 29ko 19/2008 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez, 2009ko ekitaldian Gizarte Ekonomiako entitateek enpresa-lankidetzarako ekintzak burutu ditzaten eman ahal izango dituen laguntzak arautzea da agindu honen helburua.

Gizarte-ekonomiako erakundeek enpresa-lankidetzako ekintzak gauzatzetik eratorritako eta jarraian zerrendaturiko gastuek jasoko dituzte agindu honetan bilduriko laguntzak; kapitalerako ekarpenek, berriz, ezin izango dute inondik inora diru-laguntzarik jaso:

  1. Lankidetza-azterlanetatik eratorritako kanpoko aholkularitza-gastuak:

    1. Lankidetza-akordioak egiteko aukera eta bideragarritasunari buruzko azterlanak lantzea, honako hauei buruz: produktu berriak elkarrekin lantzea, produktuak egiteko materialak erosteko eta produktuak merkaturatzeko lankidetzarako bideak ezartzea, saldu osteko zerbitzuak bateratzea, teknologia elkarrekin erostea, finantzatzeko mekanismo bateratuak erabiltzea, eta zerbitzuak modu bateratuan kontratatzea.

    2. Gizarte-ekonomiako enpresen ordezkagarri diren enpresen artean enpresa bazkidetuentzako jarduera-esparru berriak lortzeko asmoz egindakoak.

  2. Akordioak egin eta gauzatzeko, eta enpresak edo enpresen arteko lankidetzarako egiturak sortzeko beharrezko kanpoko kontsultoretza-gastuak, bi kasu hauetako edozeinetan:

    1. Artikulu honetako a) idatz-zatian jasotako gaiei buruzkoak.

    2. Jada eratutako lankidetza-erakundeek beren artean egiten dituztenak, betiere erakunde berriaren helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badago.

      Kanpoko gastutzat jotzen dira, bakarrik, lege- eta/edo ekonomia-aholkularitzaren minutari dagozkionak, eratze-eskriturako notaritza-gastuak, eta Merkataritza Erregistrokoak, halakorik badago. Ez da diru-laguntzarik emango ez barne-gastuengatik ez eratze-eskrituraren eta horren inskripzioaren ondorengo beste gastu batzuengatik.

  3. Euskadiko kooperatiba eta lan-sozietateak ordezkatzen dituzten erakundeek eginiko laguntza teknikoaren eta prestakuntza-laguntzaren ondoriozko gastuak, hain zuzen ere bestelako mugimendu kooperatibo edo lan-sozietateekiko lankidetza-akordioak garatzearen ondorio direnak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin, tokiko gobernuekin eta atzerriko bestelako mugimendu kooperatiboekin edo lan-sozietateekin sinaturiko akordioetatik eratortzen direnak.

  4. Gizarte-ekonomiako erakundeak barnean hartzen dituen bat-egitearen ondoriozko kanpo-gastu garbiak, zurgapenaren ondoriozko bat-egitea barne, bat egiten duten erakundeen xedea betetzeko formularik egokiena denean, eta betiere emaitzazko enpresa gizarte-ekonomiako erakundea baldin bada; edo, halakoa ez izanda ere, gizarte-ekonomiako enpresa parte-hartzaileak dituenean (horiek gehiengoa osatzen dutelarik), eta betiere behar bezala egiaztatzen bada zein arrazoirengatik ez den gizarte-ekonomiako erakundea.

    Kanpoko gastutzat jotzen dira, bakarrik, lege- eta/edo ekonomia-aholkularitzaren minutari dagozkionak, bat-egiteko eskriturako notaritza-gastuak, eta Merkataritza Erregistrokoak, halakorik badago. Ez da diru-laguntzarik emango ez barne-gastuengatik ez bat-egiteko eskrituraren eta horren inskripzioaren ondorengo beste gastu batzuengatik.

  5. Jadanik eratuta dauden lankidetzako enpresa edo egituretan gizarte-ekonomiako sozietate bat sartzearen ondoriozko gastuak.

  6. Gizarte-ekonomiaren arloko nazioarteko ordezkaritza-erakundeetan parte hartzeagatik Euskadiko kooperatiben eta lan-sozietateen ordezkaritza-erakundeei eragindako gastuak.

  7. Laguntza teknikorako eta beharrezko prestakuntzarako gastuak nazioartean gizarte-ekonomiako enpresa taldeak sortzea helburu duten proiektuak egiteari dagokionez.

    Diru-laguntza jasotzeko baldintzetako bat da gai zehatz berari buruzko azterlanek, ekintzek edo egitasmoek administrazio honen laguntzak lehenago jaso ez izana.

  1. Agindu honetan jasotzen diren laguntzak, helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten honako erakunde hauek eskuratu ahal izango dituzte:

    2. artikuluko a), b), d) eta g) idatz-zatietan aurreikusten diren gastuetarako, jadanik eratuta dauden kooperatibak, lan-sozietateak, elkarte-erakundeak eta gizarte-ekonomiako enpresa-lankidetzarako egiturak.

    Azterlana aholkularitza-erakunde batekin lankidetzan egiten baldin bada, erakunde horrek agindu honen 4. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko ditu.

    1. Euskadiko kooperatibak eta lan-sozietateak ordezkatzen dituzten erakunde nagusiak, 2. artikuluko c) eta f) idatz-zatietan aurreikusitako gastuetarako.

    2. Eskabidea aurkeztu aurretik dagokien erregistroan erregistratuta dauden gizarte-ekonomiako enpresa-lankidetzarako enpresa edo egiturak, 2. artikuluko e) idatz-zatian aurreikusitako gastuetarako.

  2. Agindu honen 2. artikuluko b) eta d) idatz-zatietan aurreikusten diren gastuen kasuan, proiektuan parte hartzen duen gizarte-ekonomiako euskal erakunde bakoitzak jasoko duen diru-laguntza proiektu horretan duen partaidetza-proportzioaren araberakoa izango da.

Aurreko artikuluan aipatu diren aholkularitza-erakundeek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

  1. Helbidea edo lantokiren bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, enpresa-lankidetzarako sistemen ezarpenean eta horiei buruzko azterlanak gauzatzeko esperientzia egiaztatua dutenak.

  3. Lanaz arduratuko den aholkulariak, aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urtez egon dela egiaztatu beharko du.

  1. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gehienez ere kanpoko kostu garbien % 50 emango du 2. artikuluko a), e), f) eta g) idatz-zatien kasuan; 2. artikuluko b) idatz-zatiaren kasuan gehienez kanpoko kostu garbien % 50; 2. artikuluko d) idatz-zatiaren kasuan gehienez kostuen % 75, eta 2. artikuluko c) idatz-zatiaren kasuan kostuen % 100, honako muga hauekin:

    2.a) artikuluko gastuak: hamabi mila (12.000) euro, oro har, artikulu horretan 1. idatz-zatian aurreikusitako kasuetarako, eta hogeita lau mila (24.000) euro, artikulu bereko 2. idatz-zatian aurreikusitako kasuetarako.

    2.b), c) eta d) artikuluko gastuak: hogeita hamar mila (30.000) euro.

    2.e) artikuluko gastuak: sei mila (6.000) euro.

    2.f) eta 2.g) artikuluko gastuak: hamabi mila (12.000) euro.

    2. artikuluko b) eta d) idatz-zatietarako diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, honako irizpide eta baremo hauek erabiliko dira:

    1. Esku hartzen duten sozietateen neurria, bazkide kopuruaren arabera; neurri txikienekoek lehentasuna izango dute.

      Idatz-zati honetan aipatzen den gehienezko puntuazioa honela zehazten da:

      Esku hartzen duten sozietateen bazkide kopuruaren batez bestekoa 15 baino txikiagoa bada, 2 puntu.

      Esku hartzen duten sozietateen bazkide kopuruaren batez bestekoa 15 edo gehiagokoa bada, puntu 1.

      Egitasmoan bigarren graduko kooperatiba batek edo elkarte batek parte hartzen duenean, aurreko irizpidea ordeztuko du beste honako honek: aipatutako egitasmoak eragiten dituen pertsona fisikoen kopuruaren araberako batez bestekoa.

    2. Esku hartzen duten sozietateen kopurua, enpresa gehien parte hartzen duten kasuei lehentasuna emanez.

      Idatz-zati honetan aipatzen den gehienezko puntuazioa honela zehazten da:

      Esku hartzen duten sozietateak Gizarte Ekonomiako 2 enpresa baino gehiago badira, 2 puntu.

      Gainerako kasuetan, puntu 1.

    3. Proiektuaren iraupena, lehentasuna iraupen luzeena duten proiektuei emanez.

      Idatz-zati honetan aipatzen den gehienezko puntuazioa honela zehazten da:

      Proiektuaren iraupena mugagabea bada, 2 puntu.

      Proiektuaren iraupena mugatua bada, puntu 1.

      Aurreko baremoen arabera sei puntuko gehienezko puntuazioa lortzen bada, artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen den gehienezko zenbatekoko diru-laguntza lortuko da paragrafo honetan aipatzen diren gastuetarako, eta laguntza proportzionalki murriztuko da lortutako puntuazioaren arabera.

      Lankidetza-kasuetan, esku-hartzen duten entitateak nekazaritza-kooperatibak badira, kasu guztietan sei puntuko puntuazioa aplikatuko da.

      1. Onuradun bakoitzak agindu honen arabera lor ditzakeen diru-laguntzen muga orokorra hogeita hamar mila (30.000) euro izango da, 3.1.b) artikuluko erakundeentzat izan ezik, eta gainera, badago 2. artikuluko b) idatz-zatian aurreikusten den kasurako muga bat, Euskal Autonomia Erkidegoan helbide soziala dutenei egotzi dakizkiekeen lankidetza berrien egitura-kostuen % 50ak ezartzen duen kopuruaren muga, hain zuzen ere.

      2. Gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresei egozten zaizkien proiektuen kostuei ez zaie inolako diru-laguntzarik emango.

  1. Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak eman eta ordaintzeko ezinbesteko baldintza izango da erakunde onuradunek zergei lotutako betebeharrak, Ekonomia eta Ogasun Sailak xedatzen duenari jarraiki, baita Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ere, bete dituela egiaztatzea.

  2. Orobat, dekretu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zehatzaile oro, prozedura horiek oraindik bideratzen ari badira, behintzat.

  3. Dagokion zehapenak ezartzen duen aldian, zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean dauden (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne) erakundeak ezin izango dira aurkeztu agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara.

  1. Azaroaren 11ko Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duenak, bere 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, erakunde onuradunek diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

  2. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren laguntza jaso dutela esanbidez jasota utzi beharko da, baldin eta diru-laguntzaren gai izan diren jarduerak zabaldu, hedatu edo argitaratu behar badira, argitalpenaren azalean sail horren logotipoa gaineratuta.

  1. Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek edo erakunde publikoek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa izan, ezta agindu honetako 5.3 artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa baino handiagoa ere.

  2. Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 5.3 artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen badu, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

  1. Lankidetzarako ekintza partaide bat baino gehiagoren artean gauzatzen bada, horiek ordezkari bakar bat izendatuko dute. Ordezkari horrek eskabidea aurkeztuko du, administrazioarekin solaskide gisa jardungo du, proiektuaren garapenaren eta kudeaketaren erantzukizuna bere gain hartuz, agindu honen 7. artikuluan ezartzen diren erakunde onuradunen betebeharrak aparte utzi gabe.

  2. Diru-laguntzen eskabideak idazki normalizatuan egin beharko dira; idazki normalizatua eranskin gisa atxiki zaio agindu honi, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Lurralde Ordezkaritzetan eskuratu ahal izango da, edo Internet bidez deskargatu honako helbide honetan: www.juslan.ejgv.euskadi.net.

  3. Diru-laguntzetarako eskabideak, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) aurkeztuko dira, hala zuzenean nola Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako gainerako bideak erabiliz.

  4. Eskaerak aurkezteko epea 2009ko irailaren 15ean bukatuko da, egun hori barne.

  5. Erakunde onuradunek laguntza-eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela.

  6. Pertsona edo erakunde eskatzaileek laguntza jasotzeko eskabidea aurkeztu ahal izango dute horrekin batera aurkezten den dokumentazioarekin, haiek aukeratu duten EAEko hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso nahi dituzten erakundeek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

1. 2. artikuluko a), b), c), d), f) eta g) idatz-zatietan aurreikusitako gastuei dagokienez, eskatzaileak honako hauek aurkeztuko ditu:

  1. Izenpetutako eskabidea, honako hau adierazten duena:

    Ekintza mota: azterlana, akordioen formalizazioa, enpresa-lankidetzarako egiturak sortzea eta bat-egitea.

    Parte hartzen duten enpresak, horietako bakoitzaren bazkide kopurua eta forma juridikoa adieraziz.

    Kalkulatutako aurrekontua.

    Erakunde bakoitzak kostuetan duen partaidetza-ehunekoa.

  2. Proiektua edo, hala dagokionean, lankidetza-jarduera azaltzen duen memoria, bertan aldiak, iraupena, metodologia eta, bat-egitearen kasuan, bat egindako erakundeen xedea betetzeko lankidetza-formula horren egokitzapen onena adieraziz.

  3. Aholkularitza-enpresa baten partaidetzaren kasuan:

    Erakundearen datuak.

    Azterlana gauzatzerakoan lankidetzan jarduteko akordioa.

    Erantzukizun-deklarazioa, agindu honetako 4. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen direla adierazten duena.

    2. artikuluko e) idatz-zatian aurreikusitako gastuei dagokienez, eskatzaileak eskabide-orri normalizatua aurkeztuko du, sinatuko eskabidea barnean hartuko duena, honako hauek adierazita:

    Enpresaren datuak.

    Gizarte-ekonomiako egiturara sartu izanaren egiaztagiria.

    Kalkulatutako aurrekontua.

    1. Aurreko puntuetan ezarritako agiriez gain, eskatzaile guztiek, kasu guztietan, honako agiri hauek gaineratu beharko dituzte:

      1. Hirugarrenaren datuen alta, behar bezala beteta.

      2. Enpresa partaideen IFKren kopia.

      3. Erakunde partaideek zerga-betebeharrak beteta dauzkatela erakusteko, dagokion Foru Ogasunaren egiaztagiri gaurkotua aurkeztu behar da.

      4. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion erakundearen egiaztagiri gaurkotua, proiektuan parte hartzen duten erakunde guztiek erakunde horiekiko betebeharrak beteta dituztela erakusteko.

      5. Erakunde eskatzaileak erantzukizun-deklarazio bat egin behar du, bertan argitzeko proiektu berarentzat beste laguntzarik eskatu duen administrazio publiko honetatik, edo beste erakunde publikoetatik eta zein egoeratan dagoen (eskatuta, emanda edo izapidean).

      6. Erakunde eskatzaileak erantzukizun-deklarazio bat egin behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako eta izaera bereko diren laguntza edo diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz prozedura zehatzaileei buruz, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

      7. Entitate eskatzailearen erantzukizun-aitorpena, zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela adierazita; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako (otsailaren 18ko 4/2005) Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

      8. Lan-segurtasun eta osasunaren arloko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituela erakusten duen agiria, urtarrilaren 17ko 39/1997 Dekretuan, prebentzio-zerbitzuen arautegia onartzen duenean, ezarritakoaren arabera.

      9. Partaide guztien IFZren kopia.

      10. Eskabidea egin behar duen pertsonaren ahalordetzearen fotokopia.

Diru-laguntza eskaerak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena esanbidez eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

  1. Gizarte Ekonomiako Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

  2. Gizarte Ekonomiako zuzendariak esanbidez emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

    Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Gizarte Segurantza sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

  3. Agindu hau indarrean jartzen denetik sei hilabete igaro badira esanbidezko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe, eskabideak ezetsitzat jo ahalko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoari dagokionez, administrazioak esanbidez ebazteko duen betebeharra aparte utzi gabe.

  4. Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, dekretu honen babesean diru-laguntza zein erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein erakunderi emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

  1. Deialdi honen barruan emandako diru-laguntzen ordainketa honela egingo da:

    1. Diru-laguntzaren guztizkoaren % 50eko lehenengo ordainketa, diru-laguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

    2. Bigarren ordainketa, % 50, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.

  2. Diru-laguntzaren bigarren ordainketa gauzatu ahal izateko, Entitate onuradunek, jarduera amaitu eta ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan, eta beti ere 2010eko abenduaren 31 baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    1. Diruz lagundutako jarduera gauzatu dela egiaztatzen duen memoria eta jardueren benetako gastua egiaztatzen duten agiriak, jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak aurkeztuz.

    2. Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren egiaztagiriak, bigarren zatia ordaintzeko eskatzen denean erakunde horiekin dituzten betebeharrak beteta dauzkatela erakusteko.

  1. Agindu honen xedea betetzeko, hirurehun eta zortzi mila (308.000) euroko gehienezko kopurua erabiliko da, honela banatuta: ehun eta berrogeita hamalau mila (154.000) euroko ordainketa-kreditua 2009ko ekitaldirako eta ehun eta berrogeita hamalau mila (154.000) euroko konpromiso-kreditua 2010eko ekitaldirako. Zenbateko horiek eguneratu ahal izango dira aurrekontu-aldaketarik izanez gero, indarreko legeen arabera. Aldaketa horiek egon baleude, diru-laguntza emateko ebazpenaren aurretik izapidetuko dira, eta gertaera Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da argitara.

  2. Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek diru-laguntza jasoko dute. Agindu honetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako diru-laguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-atala gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hainbanaketa bakarra aplikatuz kalkulatutako diru-laguntzei.

Diru-laguntzaren helburua konplitutzat jota, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero, edo administrazio honek zein beste edozein administrazio publiko edo erakunde publikok emandako beste diru-laguntza batzuk lortuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.

Erakunde onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero, edo agindu honetan eta aplika daitezkeen arauetan, eta diru-laguntza ematearen aldeko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe utziz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: erakunde onuradunak ordaintzea falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala behar izanez gero, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaindutako unetik aurrera dagozkien legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala, bidezko beste ekintza batzuk baztertu gabe. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da erantzukizunen araubidea.

Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan, honako hau izango da laguntzak itzultzeko prozedura:

  1. Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

  2. Alegazioak jaso ondoren edota epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz amaiera emango zaio itzultze-prozedurari.

    Dirua itzultzeko prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

    Ebazpenean arauren bat bete gabe utzi dela joz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epean dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra deklaratuko da. Epe hori borondatezko aldiko epetzat joko da.

  3. Dirua borondatezko aldian itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, behartzeko bideari ekin diezaion, aplikatu beharreko araudian ezartzen denaren arabera.

Lehenengoa. Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta aginduaren aurka badago berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko aukera Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; bi hilabeteko epean izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

Bigarrena. Ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko ekainaren 5a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik